“Hau paisaia baten istorioa da”

“Hau paisaia baten istorioa da”

Asier Gogortza artista beratarrak ‘Hariztia’ izenburuko liburua argitaratu du. Harizti bat sortzeko 2020. urtean hasitako proiektuaren berri eman du lan horretan. Urruña eta Bera arteko mugan harizti bat landatu du, «paisaia eraldatzeko».

Edurne Elizondo

Ezkurrak haritz bilakatu dira, eta haritzak, orain, harizti bihurtzeko bidean dira. Urruña (Lapurdi) eta Bera arteko mugan dira zuhaitzak, Erentzuko magalean. “Nire laborategia da”, erran du Asier Gogortza argazkilari eta artistak (Bera, 1976), noizbait baso izan nahi duten arbola horiek osatutako borobilari buruz.

Gogortzaren eskuak sortutako paisaia bat da —izan nahi du— Erentzuko hariztia. “Paisaia eraldatu nahi dut”, zehaztu du. Denbora behar dute Gogortzak landatutako zuhaitzek hazten segitzeko, baina eman dute jada lehen fruitua: Hariztia izenburuko liburua ondu du argazkilariak, bere proiektuaren berri eman eta zabaltzeko.

Liburuaren berrehun ale egin ditu beratarrak, eta denak dira artisau batek eskuz sortzen duen pieza baten gisakoak. Azaleko marrazkiak, adibidez, eskuz egin ditu Marga Matxiarenak, ale guztietan. Gainerako lanak —ideia, argazkiak, testuak eta liburuaren diseinua— Gogortzarenak dira.

“Intuizioaren bidetik”

“Inprobisazio baten istorioa da hau”, kontatu du argazkilariak, liburuari buruz. Eta oroitu du Erentzuko basoa sortzeko lehendabiziko urratsak ere “intuizioaren bidetik”, egin zituela. Gogortza 2019ko udazkenean hasi zen Bera eta Urruña arteko bideetan aurkitzen zituen ezkurrak jasotzen. Etxeko baratzean landatu zituen, eta, ezkurrekin batera, asmo bat hasi zen ernetzen argazkilariaren barruan: harizti baten bidez paisaia bat sortzea, alegia.

“Ezkur bat hartu eta landatzen baduzu, arbola bat duzu; ehun hartzen badituzu, hor baduzu paisaia bat”, aipatu zuen Gogortzak, duela urtebete, BERRIA egunkarian. Eta Gogortzak, hain zuzen, paisaia bat nahi zuen. Paisaia bat eraldatu. Eta Erentzuko magalean garatu duena, finean, “paisaia baten istorioa da”.

Paisaiaren arrastoa nabarmena da Gogortzaren lan guztietan. Denbora luzez egin du gogoeta auzi horri buruz, eta orain garbi du pasaiari so egiten dionak “nahi duena” ikusten duela. “Liburu famatu bat irakurri eta gero Baztanera joaten diren turistek, adibidez, badakite zer ikusi nahi duten, eta ez dute buruan duten irudi horretatik kanpo

Asier Gogortzaren ‘Hariztia’ liburuaren azala

dagoen bertze deus ikusiko”.

Kontrako prozesua

Bere proiektuaren bidez, hain zuzen ere, Gogortzak kontrako prozesua egin nahi izan du: “Buruan dudan paisaia sortu”.

Gogortzaren paisaiaren istorioan, noski, argazkigintzak badu toki nabarmen bat. 2020ko konfinamenduan hasi ziren ernetzen udazkenean jasotako haren ezkurrak, eta BERRIAn irakurtzen zituen izenekin lotu zituen. Arbolei izen bat eman eta gero, izen hori agertzen zen BERRIAko orriarekin estali zituen Gogortzak landareen potoak, eta argazki bat egin zien.

Haritzei egindako argazki horiek jaso ditu Asier Gogortzak, orain, Hariztia liburuan; ez hori bakarrik. Proiektua garatzeko urratsak kontatu ditu, eta prozesu horretan bizi eta ikasitakoak ere azaldu ditu, hitzez eta irudiz.

Berako eta Urruñako udalen babesa izan du bere hariztia sortzeko, bi herrion arteko muga erdian hartzen duen borobil bat osatu baitu landatutako haritzekin, Urruñako eta Berako herri lurretan. Borobilaren forma hautatu du batzar leku baten itxura eman nahi izan diolako hariztiari.

Hariztia bezala, bizia da argazkilariaren proiektua, eta aitortu du ez dakiela zer bidetatik eramanen duten hurrengo urratsek. “Neguko hotzak hilko ditu zuhaitzak, akaso; edo sute batek hartuko ditu”. Oraingoz, behorrek egin diote mehatxu Gogortzaren hariztiari. “Hamabost arbola inguru jan zituzten, eta berriz landatu behar izan genituen!”, kontatu du.

Ziurgabetasun hori bada proiektuaren parte, eta beratarrak ez du bazter utzi nahi. “Egun, zaila da planak egitea; ez dakigu hemendik bi edo hamar urtera zer gertatuko den”. Ezkurrak biltzen hasi zenetik, erabaki batek bertze bat hartzera eraman du, eta urrats batek eman dio hurrengoaren bidea.

Liburua ontzeko asmoa, hain zuzen, orain arteko lana biltzeko eta erakusteko gogoak eragin dio argazkilariari. Erakusketa bat osatzeko aukera ere aztertu zuen, baina liburua euskarri iraunkorragoa iruditu zitzaion. Iraunen duen zerbait eman nahi zuen artistak.

Liburuak hariztia sortzeko orain arteko urratsen istorioa jaso du, baina ez hori bakarrik: Gogortzak zuhaitzek botatako lehendabiziko hostoak oparitu nahi izan dizkie lana erosiko dutenei, eta etxean lehortutako haritz puska horiek jaso ditu orrien artean. Berrehun aleak zenbatuta daude, eta, egilearen opariari esker, denak dira bereziak eta bakarrak. “Gurasoek dute lehendabizikoa”, erran du.

Ingelesez ere bai

Euskaraz eta ingelesez eman du liburua: “Frantsesaren eta gaztelaniaren gainetik salto egin nahi nuen. Gaur egun, hemen euskara ez dakienak izan du astia ikasteko. Euskaraz sortu behar dugu, konplexurik gabe”. Ingelesa “kanpora” begira baliatu du. “Toki jakin batzuetara bidaltzeko liburua”.

Lehendabizikoa da, baina, akaso, ez da azkena izanen. Bilduma bat osatzeko asmoa du argazkilariak, hariztiak aurrera egin ahala proiektuaren berri zabaltzen segitzeko. “Baina ez dago bakarrik nire esku; ikusiko dugu”. Landatutako haritzei so egien die Asier Gogortzak maiz; bere paisaiaren istorioa ez da bukatu.

Argazkia: Asier Gogortza.