Baztanen sei mediku daude, eta biri eskatzen zaie elebidunak izatea. Erizainak, berriz, zortzi dira, eta bik baino ez dute bete behar hizkuntza eskakizuna. Bi administrariei dagokienez, batek izan behar du euskalduna. Pediatrak, ordea, ez du euskalduna izan behar. Urtarril bukaeran, Baztango euskalgintzak eta Baztango Udalak martxan jarri zuten Mediku eskualduna nahi dut kanpaina. Horren helburua da herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko legez aitorturik duten eskubidea bermatzea. Bailara osoan esku orriak banatzeaz gain, Irurita eta Elizondoko osasun etxeetan mediku euskaldunen aldeko eskariak biltzeko kutxak jarri zituzten lau astez, eta 65 eskaera bildu dituzte.
Martxoaren 21ean, kanpainaren lehen zatiaren balorazioa egin zuten bailarako euskalgintzak eta udalak. Eskaera kopuru handia jaso dutela esan zuten, eta horrek herritarren hizkuntza eta osasun eskubideetan gabezia handia dagoela adierazten duela. “Herritarrak hautatu hizkuntzan komunikatu ezin izatea osasun zerbitzuari zuzen-zuzenean eragiten dion kontua da. Hizkuntza eskubideen urraketak osasun zerbitzu ona jasotzeko eskubidea ere urratzen du”, adierazi zuen Maitane Maritorenak, Baztango Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak.
Jasotako eskariei buruz, Maritorenak esan zuen familia medikua eta pediatra ez ezik ginekologia zerbitzua eta osasun zerbitzu oro euskaraz izateko eskariak jaso dituztela. Hori kontuan izanda, Maritorenak Baztango herritarrak eskariak era formalean egitera animatu ditu, “osasun etxean aurkeztuz eta han behar bezala zigilatuz”.
Jon Abril Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeko kideak oroitarazi zuen 18/1986 Euskararen Foru Legearen arabera Baztan “eremu euskaldunean” dagoela. “Herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie. Legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubide horiek, ordea, gobernuak berak ez ditu errespetatzen”. Ondorioz, Nafarroako egoera “oso kezkagarritzat” jo zuen; izan ere, Uemako kide diren hamalau udalerrietako bakar batek ere ez du bitartekorik osasun zerbitzua oso-osorik euskaraz emateko. Abrilek bereziki larritzat jo du pediatren egoera; izan ere, Uemako herrietan zazpi pediatrak lan egiten dute, eta lauk ez dakite euskaraz: “Haurren ia %100 euskaldunak diren eremuan, pediatren %71k ez dute ezagutzen haurrek egunero darabilten hizkuntza”.
Garbiñe Elizegi Baztango alkateak udalak kanpainarekin duen konpromisoa berretsi zuen. Helburu hori betetzeko, Elizegik hau adierazi zuen: “Baztango Udalak Elizondoko Oinarrizko Osasun arloko zuzendaritzari elkarlanean aritzeko proposamena egin dio, eta erantzunaren zain gaude”. Bukatzeko, alkateak jakitera eman zuen Nafarroako Gobernura eta Parlamentura joko duela Mediku eskualduna nahi dut kanpaina egiten ari diren beste udalekin batera. “Herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatzeko”.