Edurne Elizondo
Makilak eta alabek lagunduta, baina betiko begirada bihurriarekin. Halaxe sartu da Patxi Buldain artista Uharteko Arte Garaikideko Zentroan. Lepo bete dute herritarrek egoitzako areto nagusia. Zentroak berak eta udalak omenaldia prestatu diote, eta inork ez du huts egin nahi izan. “Anitz zor” diotelako, batek baino gehiagok ekitaldian errepikatu duenez. Margolari eta eskultore handia ez ezik, eskualdeko artisten maisu ere izan da Buldain, urte luzez. Arteari astindua eman dio Uharteko bere txokotik.
Iruñean jaio zen Patxi Buldain, 1927. urtean. Hiriburuko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zuen bere bidea, baina Pirinioak zeharkatu zituen 20 urte zituenean, eta 1970. urtera arte ez zen Nafarroara itzuli. 1947an, soldaduz jantzita gurutzatu zuen Buldainek muga. “Soldaduska egiten ari nintzen. Makiak harrapatzera bidali ninduten, eta haiekin ihes egitea erabaki nuen”.
Halaxe kontatu zuen Buldainek duela hamar urte, Parisera eraman zuen bidaiaren hasiera. Han, abangoardia ezagutu zuen, eta, batez ere, teknikak ikasi eta menperatu zituen. “Parisen, arte eskolan egon nintzen. Mundu horrekin harremana izatea sekulakoa izan zen niretzat”.
1970. urtean itzuli zen Buldain. Uharte bilakatu zuen bizitoki, eta herrian bizi da oraindik ere. “Aspaldi ez dut margotzen, ezin dut jada”. Ikusmena eta entzumena ez ditu fin Buldainek, baina umorerik ez du galdu. Oraindik ere barre egiten dute haren begiek eta ezpainek, hitz egiten duen bakoitzean.
“Gustuko dut kontent dagoen jendez inguratuta egotea”, erran du Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egin dioten omenaldia amaitu bezain pronto. Txaloak, besarkadak eta uhartearren esker ona jaso ditu, erruz.
Esker on horri liburu forma eman dio Pili Rubio Carmonak. Buldaini egindako omenaldia baliatu du aurkezteko. Lienzos libertarios izenburupean, artistaren ibilbideari egin dio so Rubio Carmonak. Artistaren sortzaile izaera nabarmendu du, bereziki: arte eta artista sortzaile, gazteak zirikatu eta artera hurbildu baititu Buldainek, urte luzez, bere estudiotik.
Rubio Carmonak ere estudioan eta eskolak hartzen ezagutu zuen Buldain. “Baina ez nintzen trebea. Urtebete eta erdi egon nintzen Patxiren margo eta eskultura tailerrean, eta amore eman nuen azkenean”. Idazleak nabarmendu du Buldain ez zela “ohiko” irakasle bat: “Ikasleon barruan bilatzen zuen bakoitzak artearen bidez emateko zuena”.
“Errespetu handia” dio Rubio Carmonak Buldaini, eta, horregatik, gogoz murgildu zen artistaren biografia idazteko proiektuan. “Patxiri komentatu nion lehen aldian, erran zidan bere bizitza ez zela bertze inorena baino garrantzitsuagoa. Pertsonen pentsamoldea aldatu zuten esperientziak eta gertakariak bizi izan zituela gogoratu, eta horren berri emateak jende askori on egiten ahal ziola erantzun nion, eta lanean hasteko prest zela erran zidan”, gogoratu du Rubio Carmonak.
Belaunaldien arteko zubi
Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arduradun Nerea de Diegok “biziki” eskertu du idazleak bere lana argitaratu izana. “Buldainen bideak merezi du halako liburu bat”. Artistaren obra ez ezik, artearen esparruan sareak osatzeko erakutsi duen gaitasuna ere nabarmendu du De Diegok. “Artea zabaltzeko eta artisten lana bultzatzeko lan hagitz garrantzitsua egin du”.
Belaunaldien arteko “zubi” izan dela erantsi du De Diegok, eta lan horrek ekarri duela artista anitzen arteko elkarlana herrian. 2005. urtetik 2012. urtera bitarte, hain zuzen ere, tresna berezia izan zuen Buldainek zubi lan hori garatzeko: haren izena hartu zuen fundazioa. Bere etxea bertze artistentzako erakusleiho bilakatu nahi izan zuen Buldainek, proiektu horren bidez. Baliabide nahikorik ez zutelako utzi behar izan zuen bertan behera.
Buldaini egindako omenaldia bilakatu da orain artisten arteko lanaren adierazgarri: Uharteko arte zentroak Cantamañanas kolektiboko kideen esku utzi du Buldainek bere ikasleekin herriko hormetako batean egindako irudia interpretatzeko ardura. 1980ko hamarkadakoa da Buldainek eta haren ikasleek San Juan plazan margotu zuten lana. Oraingo beren sortzeko moduen ukitua eman diote Cantamañanas kolektiboko kideek obra horri zentroan, lana jasotzeko propio prestatutako oihal handian. Eta lan hori guztia Buldainen begiradapean egin dute artista gazteek.
Gustukoa du margolariak giro hori. Berezkoa baitu. Artea izan du beti ongarri. Eta, artearen bidez, gizakia bera. “Arteak egiten du pertsona”, erran izan du Patxi Buldainek. Eta gizakiari egin dio so artistak bere obren bidez. Gizakiari eta askatasunari. Gizakiak aske izateko duen beharrari eta eskubideari.
Irudiak: Iñigo Uriz / Foku