1997an sortu zuten elkartea; hiriburuko Alde Zaharreko Xabier kalean du egoitza. 120 bazkide ditu. Amaren Alabak taldearen saioa antolatu dute biharko, Iruñeko Kondestablearen jauregian
Aisialdia
Artzibarko loreen memoria gordetzeko
Kattalin Barber Lakabekoa da, eta ibarreko ondarea biltzeko proiektu bat jarri du abian: Artzibarko herbarioa osatzen ari da. Loreak artelan bilakatu ditu, gainera; Artiumen erakutsi ditu, Maddi Barber eta Marina Lameiroren 'Paraiso' lanaren osagarri.
Adinaren ajeak
Agerikoa da iruindarrek hiriko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsari dioten maitasuna. XIX. mendekoak dira panpinak; zutik dira geroztik, eta, tente jarrai dezaten, azterketa sakona egin die udalak.
Batzar Nagusiaren oniritzia falta du Bardeako turismo plan berriak
Abenduan argitaratu zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ordaintzeko aukera jaso dute planean. Ekologistek alegazioak aurkeztu dituzte, eta kontserbaziorako neurriak eskatu
Mendiak gordetako ondarea ezagutzeko
Gorostik aplikazio batean jaso ditu Miguel Ezkurdiak herrialdeko megalitoen inguruan zenbait urtez bildutako datuak. Natur zientzia elkarteko kideek helburu dute informazioa herritarren esku jartzea, erraz balia dezaten.
Neguak badu bere jaialdia
Santas Pascuas elkarteak bosgarrenez antolatu du Eguberrietako musika ziklo zabala, 'Santas Pascuas' deitua: abenduaren 25etik urtarrilaren 9ra izanen da; Iruñean eta Tuteran eginen dituzte kontzertuak.
Istripu batean zer egin ikasteko aholkuak
Suhiltzaileen Erreskate Teknikorako Taldeak triptiko bat prestatu eta banatu du, ezbehar bat duten mendizaleei oinarrizko jarraibideak azaltzeko. Nabarmendu dute arriskuak gora egin duela, gero eta jende gehiago dabilelako mendian.
Zabaldu dute Iruñerriko Mintzakide egitasmoan izena emateko epea
Uxue Rey Gorraiz
Bueltan da Iruñerriko Mintzakide egitasmoa. Bueltan da euskara praktikatzeko, euskara gozatzeko eta, azken batean, euskara bizitzeko aukerak zabaltzea helburu duen programa. Berriz ere, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak bilduko ditu egitasmoak, astean behin, eta ordubeteko hitzorduetan. Pandemia dela eta, bi eredu eskainiko dituzte aurten: aurrez aurrekoa eta Internet bidezkoa. Antolatzaileen esanetan, edozein aukera hautatuta ere, euskararen ibilbidean urratsak egitea da inportanteena.
1993an lotu zitzaion bideari Mintzakide. Bagera Donostiako euskara elkarteak sortu zuen proiektua. Urteek aurrera egin ahala, Euskal Herri osora zabaldu da, eta, zehazki, hamabosgarren aldia izanen du Iruñerrian. Iragan den urtean —hau da, hamalaugarrenean—, mila lagun inguruk hartu zuten parte.
Euskaraz "eroso eta gustura" aritzeko inguruak sortzeko abiarazi zuten Mintzakide. Haren sustatzaileak ohartu ziren euskal hiztunek bazutela horren premia, eta iruditu zitzaien ez zegoela hori asetzeko tresna egokirik; "hutsune bat" zegoen, alegia. Hala azaldu du Edurne Arrizibita Mintzakide egitasmoko langileak: "Oraindik ere, askok izaten dute ezintasuna beren egunerokoan euskara praktikatzeko". Dioenez, premia hori bereziki nabarmena izaten da euskara hezkuntza formalean ikasten dutenenetzat, baina argitu du "euskaldun osoentzat ere" biziki mesedegarria dela egitasmoa. Askotan, haren iritziz, euskarak apenas izaten baitu tarterik aisialdian.
Lasaiago, ausartago
Parte hartzaileek beren beldurrak uxatzea eta lotsak alboratzea erdietsi nahi du Mintzakidek, Arrizibitaren esanetan. "Hanka sartzeko beldurra izaten dute askok, eta, horregatik, batzuk ez dira ausartzen jendearen aurrean euskaraz aritzen. Horri kontra egin nahi diogu. Azken batean, hau ez da eskola bat, lasai aritzeko aukera bat baizik".
Mintzakide programako saioetan ez dago ikaslerik eta irakaslerik, ez eta testuliburu eta arbela aurrean aritu beharrik ere. Izatez, taldeak berak erabakitzen du zertan aritu asteroko hitzorduetan, lehentasunen eta zaletasunen arabera. Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea da parte hartzeko baldintza bakarra.
Aurten, pandemiak behartuta, taldeak txikiagoak izanen dira: bospasei lagunekoak. Betiere, arduradunek bermatu eginen dute talde guztietan egon daitezela bidelariak eta bidelagunak: euskara praktikatu eta gehiago erabili nahi duten pertsonak eta egunerokoan euskaraz aritzeko ohitura dutenak. Bi profilak batzea da haien asmoa, elkarrekin aritzeko.
Bidelaria da Ruben Gutierrez Lakuntza, orain dela hiruzpalau urtetik. Euskaltegian ikasi zuen euskara, baina gerora ohartu zen "ezinbestekoa" zitzaiola euskaraz gehiago aritzea, hizkuntzan gehiago murgiltzea. Kontatu du programak "are erakargarriago" egiten duela hizkuntzan sakontzeko prozesua, eta gaineratu du Mintzakideren funtzionatzeko erak jende anitzi laguntzen diola euskaraz "ausartago" aritzen. Batik bat, argitu du bidelaguna ez dela ikusten irakasle modura, eta zuzentzailea baino gehiago "laguntzen duen pertsona" dela, izenak adierazi gisan.
Udako etenaldiaren ondotik, zabalik da egitasmoan izen emateko epea. Internet bidez egin daiteke, Irunerrikomintzakide.eus atarian, baita webgunean adierazitako hainbat leku fisikotan ere. Aurten, arduradunek gazteak eta bidelagun gisa aritu daitezkeen pertsonak animatu nahi dituzte bereziki, profil horien beharra izaten baita nabariena azkenaldian.