Edurne Elizondo
Gatazkak bi hilabete iraun du, baina enpresak, azkenean, zor zigun guztia ordaindu digu". Baztan tabernako zerbitzari ohi Auritz Velezenak dira hitzak. Iruñeko Alde Zaharreko enpresa horretako langileak eta jabe beren esku dagoen Sotiko Aitonakoak elkarrekin aritu dira beren eskubideak defendatzen. Sanferminak amaituta, nomina jaso zutenean, konturatu ziren sinatutakoaren eta hitzarmenaren arabera baino anitzez ere diru gutxiago jaso zutela. "Gure artean hitz egin, eta konturatu ginen arazoa ez zela batena, langile guztiona baizik". Antolatzea erabaki zuten, zor zietena exijitzeko. Ez hori bakarrik: "Guri gertatutakoa bertze inori ez gertatzeko, argi genuen salaketa hutsa ez zela nahikoa; ikusgarri bilakatu behar genuen gure egoera, eta salaketa soziala egin", azaldu du Velezek.
Urrats hori egiteko jo zuten Langileon Autodefentsa Sareko kideengana, eta kolektibo horrekin bat egitea erabaki dute, gainera, beren auzia konpondu eta gero. Egoera berean diren bertze langileentzat behar duten babes sareko parte izan nahi dute: antolatu direnak bidean laguntzeko; eta bakarrik direnei eskutik heltzeko.
Langileak boteretzeko tresna izan nahi du Langileon Autodefentsa Sareak. "Gure leloak laburbiltzen du zein den sarearen xede nagusia: bakarrik ezin duzu, baina zure jendearekin bai; elkarrekin ahal dugu", erran du Langileon Autodefentsa Sareko kide Natalia Nilo Ferrarik. Sistemak bultzatzen duen indibidualismoaren kontrakarrean, kolektiboaren indarra nabarmendu nahi izan dute, hain zuzen.
Tresna praktikoa
2016ko maiatzean egin zuen sareak lehen urratsa, eta, hasieratik, argi utzi zituen bere ildo nagusiak: prekaritateari aurre egin nahi zioten, eta sindikatuen eragin esparrutik at gelditzen ziren egoerei so egin nahi zieten. Ildo horien bidez, hain zuzen, erantzun kolektiboa eman nahi zieten norbanakoen arazoei, eta, aldi berean, erasoei aurre egiteko behar zuten indarra eman nahi zieten langileei.
Geroztik, hain zuzen ere, langile anitzek jo dute sareko kideengana babes eta laguntza bila. Proiektua martxan jarri zutenean, sarea aurkezteko hitzaldiak egin zituzten, batez ere. Fase hori amaitu eta gero, hala ere, lanerako tresna praktiko bat izan nahi duela eta badela erakutsi du Langileon Autodefentsa Sareak: orain arte, parte hartu duen auzi edo lan gatazka guztietan lortu du langileen aldeko konponbide bat.
Baztan eta Sotiko Aitona tabernetakoa izan da sareak lagundu duen azken kasua. Horretan eta bertze hirutan salaketa soziala egiteko pausoa eman dute, aurreko neurriek huts egin eta gero. "Lehendabiziko urratsa da enpresako jabeari gutun bat bidaltzea langileen aldarrikapenekin; horri erantzuteko epe bat zehazten dugu, eta, erantzunik jasotzen ez badugu, mobilizazioak hasten ditugu", azaldu du Langileon Autodefentsa Sareko kide Ander Gorraizek.
"Gure kasuan, nagusiak gure kontrako jarrera erakutsi zuen hasieratik", erran du Baztan tabernan aritu zen Auritz Velezek. "Ez zuen sareko kideokin hitz egin nahi izan", berretsi du Natalia Nilo Ferrarik. "Gure egoera salatzeko kartelak jartzen genituen, eta atzetik etortzen zen kentzera. Gatazka lehertu eta gero kontratatu zuen langile bat ere bidali zuen hirian ziren kartelak kentzera", gogoratu dute langileek.
Ez zuten amore eman. Elkarretaratzeak egin zituzten tabernen aurrean. Eta, azkenean, lortu zuten zor zietena. "Azken protestan berrehun pertsona inguruk egin zuten bat", azaldu du Nilo Ferrarik. Eskertu du jasotako elkartasuna eta sarearekin bat egin dutenen ahalegina; baina ohartarazi du elkartasun hori salbuespena dela araua bainoago. "Bertzela, gurearen gisako tresna bat ez genuke beharko".
Kasu anitzetan, bidalitako gutuna nahikoa izan da langileen egoera konpontzeko. "Zenbait kasutan, gutunik ere ez dugu bidali behar izan; langile migratzaile batek, adibidez, guregana jo zuen kitatze saria jaso behar zuelako, eta zegokion baino gutxiago emanen zioten beldur zelako. Sareko bi kide joan ginen langilearekin agiriak jasotzera. Prest zituen nagusiak paperak, baina, gu han ikusi eta gero, bulegoan sartu, eta bertze paper batzuk atera zituen azkenean, langileak sina zitzan. Nahikoa izan zen langilea bakarrik ez agertzea zegokiona jasotzeko", erran du Gorraizek.
Langile anitzentzat, halere, ez da erraza sareko kideengana jotzea. Lan esparruan dagoen prekaritateak baldintzatzen du nork bere eskubideak defendatzeko urratsa egiteko aukera. "Noski, ez da gauza bera Iruñean jaiotakoa izatea, edo bertze herri batetik ailegatu izana; ez da gauza bera gizona edo emakumea izatea, edo umeren baten ardura izatea edo ez", erran du Nilo Ferrarik.
Egoera bere osotasunean
Langile migratzaile batentzat, adibidez, zaila izan daiteke gatazka egoera batean behar duen babes sarea lortzea, lagunak eta familia urrun dituelako. Langileon Autodefentsarako Sareko kideek bete nahi dute hutsune hori, hain zuzen ere. Nabarmendu dute, gainera, funtsezkoa dela egoera bere osotasunean aztertzea eta ulertzea, lanak harreman zuzena duelako bertze hamaika arlorekin.
"Lan baldintza kaskarrak dituenak, adibidez, zailtasun handiak izan ditzake hipoteka, alokairua edo argia ordaintzeko; baina lan baldintza egokiak dituen pertsona baten egoerak ere egin dezake txarrera, alokairuaren prezioa igotzen badiote, adibidez. Hori gertatzen ari da. Oinarrizko beharrei erantzuteko gai zena, ondorioz, egoera zaurgarri batean gelditzen da", salatu du Nilo Ferrarik.
"Guk ez ditugu langileak ordezkatu nahi; ez dugu haien izenean hitz egin nahi; gure asmoa da langileei dagokien boterea itzultzea, beren eskubideak defenda ditzaten", nabarmendu dute Langileon Autodefentsa sareko kideek. Lanean hasi zirenetik, ostalaritzaren esparruko gatazken berri jaso dute, batez ere. "Jendeak pentsatzen du multinazionalek edo enpresa handiek zapaltzen dituztela langileak; baina Iruñeko Alde Zaharreko negozio txikietan ere urratzen dira langileen eskubideak. Taberna bateko jabea eta taberna horretan lan egiten duen langilea ez daude botere posizio berean", zehaztu du Nilo Ferrarik.
Langileen ondoan eta langileak babesten egon nahi dute sareko kideek. "Haiek dira beren borroka prozesuko subjektu nagusia; haiek hartzen dituzte hartu beharreko erabaki guztiak". Bidean lagun dira sareko kideak; baina ez hori bakarrik: "Aldarrikapen batean jasotzeko zailak diren egoera anitz gertatzen dira lan gatazka batean; langileei zaintzarako espazio seguru eta goxo bat eskaini nahi diegu. Elkar zaintzeko lan hori ezinbertzekoa iruditzen zaigu", erran du Nilo Ferrarik.
Elkar zaintzea, eta elkarri laguntzea. Hasieratik, hipotekek kalte egindakoen plataformak izan dituzte erreferente Langileon Autodefentsa Sareko kideek, eta 2016tik, hain zuzen, elkarlanean aritu dira. Astearteak Eguzkipean taldearen babesa ere jaso dute, eta elkarrekin aritzeko dinamikak sortu dituzte.
Maiatzaren Lehenean, adibidez, kanpaina egin zuten Langileon Autodefentsa Sareak, Nafarroako Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak eta Astearteak Eguzkipean kolektiboak, langileen eskubideen alde. Ez da bakarra izan. "Ostalaritzaren esparruan aurkitu dugun egoerari so egin, eta sanferminetan arlo horretan gertatzen diren gehiegikeriak salatzeko kanpainak egin izan ditugu", azaldu du Ander Gorraizek. "Hasieran ematen zuen sanferminak ezin zirela ukitu, baina, orain, sindikatuak ere ohartu dira egoera salatzeko beharraz".
Langileon Autodefentsa Sareko kideek berretsi dute ez direla sindikatu bat, eta ez dituztela sindikatuak ordezkatu nahi. Bertze bide baten alde egin dute apustu, kolektiboaren indarrak, elkar zaintzeak eta elkar babesteak duen garrantzia nabarmentzeko. "Salaketa soziala inportantea da bidegabekeriak ikusgarri bilakatzeko", erran dute. "Bakarrik ezin duzu, baina zure jendearekin bai; elkarrekin ahal dugu", berretsi du Nilo Ferrarik.