Gizartea

Arrosadia, kalez kale

Arrosadia, kalez kale

Kattalin Barber

Genero rolen arabera, pertsonek hiria eta ingurua modu desberdinetan baliatzen dituzte. Hiri batean askotariko beharrak daude, baina ez dira talde guztien beharrizanak kontuan hartzen herri eta hirien diseinua egitean. Errealitate horri aurre egin nahi dio Iruñeko Urbanas kolektiboak, eta genero ikuspegia hirigintzan txertatzea ezinbestekotzat jo du. Hori agerian uzteko, Jane's walk izeneko ibilaldiak antolatu dituzte Iruñeko Arrosadian, "auzoa beste modu batera begiratzeko".

Hirigintza genero ikuspegitik lantzen dute Urbanas kolektiboko kideek, 1999tik. Joan den larunbatean, Jane Jacobs arkitekto, pentsalari eta hirigile soziala inspirazio hartuta, bi ibilaldi egin zituzten; eta bihar beste bi eginen dituzte. Kalez kale ibiliko dira paseoan, Jacobsen esentziari jarraikiz: hiria guztientzat izan dadin hiriaren sorkuntzan guztiek parte hartu behar dutela dioen ideia. Jane's walk ibilbideak ez dira berriak. Urtero, maiatzaren 5ean, ekinaldiak eta ibilaldiak egiten dira mundu osoan haren omenez, kalea topagune eta elkarbizitzarako esparru gisa aldarrikatzeko. "Gure helburua da auzoa modu desberdin batean ikustea, elkarbizitza oztopatzen duten xehetasun txikiak zalantzan jarriz, eta herritarrak sentsibilizatuz", azaldu dute kolektiboko kideek.

Joan den larunbatean bi ibilaldi egin zituzten, eta bihar berriro eskainiko dituzte: 11:00etan eta 17:00etan, Arrosadiko Alfredo Floristan plazatik abiatuta. "Emakumeek eta gizonek egiten dituzten jardueren arabera erabiltzen ditugu gure auzoak. Egun, emakumeen %70ek egiten dituzte etxeko lanak eta zaintza lanak. Hortaz, beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea hirigintzan. Herritik eta herritarrentzat proposatzen ditugu auzoak. Garrantzitsua da herritarren arteko lotura eta harreman komunitarioak izatea auzoetan, eta kale eta plazen erabileren gainean pentsatzea. Hiri eta auzoen diseinua ez da neutroa".

Datuak eman ditu Urbanas kolektiboak: 15.221 pertsona bizi dira Arrosadian. Eraikinen %43k ez dute igogailurik, eta etxebizitzen %61 ez dira irisgarriak. Zaharrak dira, gainera, eraikin gehienak: 50 urte baino gehiago dituzte etxebizitzen %73k. "Aniztasun handia dago Arrosadian, eta, era berean, konplexua da auzoa. Espazio publikoak daude, baina ez dute elkarbizitza sustatzen. Gehien harritu gaituena irisgarritasunaren arazoa da", azaldu dute.

Hain zuzen ere, Arrosadia biziberritzeko oinarri izan nahi duen plana garatzen ari da orain Iruñeko Udala, eta hori baliatuz erabaki dute Jane's walk ekinaldiaren lehen ibilbidea han egitea. "Ekarpenak eta proposamenak udalaren planean islatzea da asmoa, aberasgarriagoa izan dadin".

Auzoko kideen babesa

Ibilaldia aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa egin zaie Arrosadian bertan bizi direnen ekarpenak jasotzea. "Iruñeko auzo dinamikoenetarikoa da. Aberasgarritasun kultural handia dago, eta auzoaren alde egiten duten elkarte eta kolektibo asko". Horien guztien laguntza jaso dute Urbanas kolektiboko kideek ibilaldia garatzeko. Gune inklusiboak, bidegurutzeak, plazak, espazio irisgarriak eta ez irisgarriak kontuan hartu dituzte, besteak beste. Denera, hamabi geldialdiko bi orduko ibilbidea antolatu dute. Helburua hausnartzea eta iraganaren inguruan eztabaidatzea da, eta, era berean, auzoaren oraina eta etorkizuna ezagutzea, eta baita bere biztanleen kezkak jasotzea ere. Hirigintza sozialagoa aldarrikatu nahi dute.

Adierazgarria da auzoan zenbat merkataritza lokal huts dauden: Urbanas kolektiboko kideek adierazi dutenez, erabili gabe daude erdiak baino gehiago. Etxabeak, aldiz, ugaritu dira azken urteotan. 2007. urtean bihurtu zuten auzoko Isaac Albeniz oinezkoentzako kale. Auzokideek Arrosadiko Karlos III. etorbidea deitzen diote karrika horri. Arrosadikoak, halere, merkataritza du faltan.

Gelbentzu zinema izan zenaren eraikinaren paretik igaro da ibilaldia. 1963an ireki zuten, eta 1981ean, berriz, itxi. 2000. urtean antzoki bat hartzeko eraberritu zuten, baina hiru urte baino ez zuen iraun. "Zergatik ez da kultur arteko azoka bat egiten hemen?", bota du paseatzaile batek. Proposamenak ez dira falta bizilagunen artean, eta pozik agertu dira Urbanas kolektiboko kideak: "Joan den larunbateko ibilaldiek harrera ezin hobea izan zuten. Adin desberdinetako 50 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Ekarpen ugari jaso genituen geldialdi bakoitzean, eta bihar ere hala izatea espero dugu", azaldu dute.

Argi dute Urbanas kolektiboko kideek hirigintza plangintzetan ez direla emakumeak kontuan hartzen. Hori dela eta, beharrezkoak ikusten dituzte hirigintza prozesu parte hartzaile lotesleak, eta, era berean, herritarren sentsibilizazioa, genero ikuspegia zabaltzeko. "Adibidez, Genero Eraginaren Txostena egin behar da Madrilgo plangintza guztietan, eta oso interesgarria da. Hirigintzako profesional gehienek ez dute ikuspegi hau ezagutzen".

Auzo bat bizigarria izan dadin biztanle guztientzat pentsatu behar dutela gogorarazi dute Urbanas kolektiboko kideek. Jane Jacobs urbanistaren ideia garrantzitsu bat dute oinarri: kalea berreskuratu behar da ez bakarrik ibiltzeko espazio gisa, baizik eta eguneroko mugikortasunerako ere bai, era guztietako erabilerak eta pertsonak jaso eta nahasi ahal izateko.

Bidaia delako inportanteena

Bidaia delako inportanteena

I. Tubia - E. Elizondo

Ulises ekarri du gogora Ramon Contrerasek. Eta, hark bezala, bidaiaren garrantzia nabarmendu du. Nonbaitera ailegatzea baino inportanteagoa dela helmugara iristeko bidea, alegia. Horregatik, jakin arren epaileek ez dutela onartu Iruñeko Udalak frankismoaren krimenen aurka aurkeztutako kereila, "gizartearen kontzientzia pizteko eta herritarrak mobilizatzeko" tresna baliagarria izan daitekeela nabarmendu du. Badaki zertaz ari den, memoria historikoaren esparruan lanean ari den Bideko Mitxingorria taldeko kidea baita. "Oinarri soziala lortu behar dugu memoria horren alde, eta inpunitatearen aurka", erran du elkarteak antolatutako mahai inguruan.

Iruñean egin dute ekinaldia, "Frankismoaren inpunitatea zulatzeko" asmoarekin aurkeztutako kereilen inguruan. Bihar, hain zuzen ere, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako hiriburuan, udalak aurkeztutakoa ez onartzeko erabakiaren aurka. 13:00etan eginen dute protesta, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean.

Iruñeko Udalak zehaztu du helegitea aurkeztuko duela epaileen ebazpenaren kontra. Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere "tamalgarritzat" du epaileek kereila onartu ez izana. Erabaki horrek "biktimek egia ezagutzeko" duten eskubidea bermatzeko bidea oztopatzen duela salatu du kontseilariak.

Iruñea izan zen frankismoaren krimenen aurkako kereila aurkeztu zuen lehendabiziko hiria. Ekinaldi horren oinarrian herri mugimenduen, erakundeen eta unibertsitatearen arteko elkarlana dagoela nabarmendu du Fernando Mendiola historialariak. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, bai eta Memoriaren Autobusa elkarteko kidea ere, bertzeak bertze. Udalak, hain zuzen ere, NUPeko adituengana jo zuen kereila aurkezteko ikerketa egiteko laguntza bila. Hiriko agintariek agerian utzi dute, hala ere, gizarte mugimenduetatik auziari eman zaion bultzada "funtsezkoa"izan dela haientzat. "Memoriaren esparruan ari diren taldeen eskutik jaso dugu bidean urratsak egiten jarraitzeko lekukoa", azaldu du Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko zinegotziak, Bideko Mitxingorriak antolatutako mahai inguruan.

Testigantzak

Herritarren, udalaren eta adituen arteko elkarlanaren bertze adibide bat da 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero izan zen errepresioari buruzko testigantzak jasotzeko bulegoa martxan jartzeko ekinaldia. Herritar anitzek egin dute bulego horretara joateko urratsa, beren senideek edo haiek sufritutakoaren berri ematera. "Iruñeko Udalak kereila aurkeztu zuenean, epaitegi batean onar zitezkeen ehun elkarrizketa baino gehiago bagenituen grabatuta", azaldu du Mendiolak. Zehaztu du 1970eko eta 1980ko hamarkadetan errepresioa jasan zuten hainbat pertsonak ere jo zutela udalaren bulegora. "Interesgarria izan da horren berri ere jasotzea", erantsi du.

Hitz egiteko urratsa egitea ez da erraza izan herritar anitzentzat. Izan ere, urte luzez isiltasuna izan da nagusi frankismoaren garaiko errepresioaren inguruan. Memoria lantzeko taldeek lan handia egin dute esparru horretan ere. "Kereila bat aurkezteko testigantzak jaso behar dira, agiriak erakutsi, lekukoak... Jendea konbentzitu behar dugu urratsa egin dezaten, eta prozesuan lagundu behar ditugu, une oro", azaldu du Contrerasek.

Eta prozesua ez da erraza; ez da atsegina. Izan ere, agerian gelditzen ari da justiziaren jarrera zein den. Horixe nabarmendu du Contrerasek: "Gertatu zena ukatzen ari dira". Horregatik, helburu nagusitzat jo du egun dagoen inpunitatearen aurka lan egitea. Udalek edo herritarrek aurkeztutako kereilek epaitegietan bide motza egiten badute ere, karrikan, eta herritarren artean, gertatu zenaren bozgorailu izan behar dutela argi du Bideko Mitxingorria elkarteko kideak.

Iruñeko Udalak ez du amore eman nahi, eta "ahalik eta urrutien" ailegatu nahi duela argi utzi du Joxe Abaurrea zinegotziak. "Aurrera egin nahi dugu bidean, eta Europara ailegatu, giza eskubideen epaitegira", nabarmendu du.

Iruñeko Udalak aurkeztutako kereilarekin bat egin zuten hainbat herritarrek, Abaurreak gogoratu duenez, eta haien bidez ere auziak urratsak egiten jarraitzeko aukera badela erantsi du zinegotziak. "Udala aldatuko balitz, eta prozesuarekin ez jarraitzea erabakiko balu ere, kereilak aurrera segitzeko aukera izanen luke", zehaztu du. Inpunitatearen harresia zulatzea da helburua.

Pareta baten kontra

Pareta baten kontra

Edurne Elizondo
Gehiago espero zuten. Baina pareta baten kontra egin duten sentsazioa dute. Bidea ia hasi bezain pronto amaitu dutela. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasteko dauden aukerak uste baino urriagoak direla konturatu dira. NUP, ...

“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”

“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”

E. Elizondo

Euskalgintzak euskararen plan gidaria moldatzeko eskatu die Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta gobernuari. NUPek hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik (Arbizu, 1962).

Zaharrak berri NUPen?

Bai; zaharrak berri irakaskuntzan. Gure plataformak jorratu du haur eskolen gaia Iruñerrian, eta orain bat egin dugu, berriz ere, NUPen dagoen egoera salatzeko. Agerian gelditzen da zailtasunak badirela. Hamar urte joan dira azken plana egin zenetik, eta berriak zerbait ekarriko zuen esperantza bazen. Baina eskas gelditzen da.

Alfonso Karlosena errektorearen eskutik egoerak hobera eginen zuela espero zenuten?

Bai. Plana eginen zutela iragartzea egokitzat jo genuen. Gertatu dena da ezagutu eta gero konturatu garela gabeziak badituela. Larriena da ez duela gradu oso bat euskaraz eskaintzeko apusturik egiten. NUPek 30 urte bete ditu; bi gradu baino ez ditu eskaintzen euskaraz, baina horiek ez dira unibertsitate horrek sortutakoak, lehenagotik baitzeuden. Beraz, 30 urtean ez dute euskarazko graduen aldeko urratsik egin. Bagenuen esperantza orain, baina zapuztu egin da. Hori da gabezia nagusia.

Karlosenak erran du ez dutela gradurik euskaraz eskaintzeko asmorik, bideragarria ez delako. Zer deritzozu?

Bideragarria ez da izanen horren aldeko apustua egiten ez duten bitartean. Planaren sarreran aipatzen da unibertsitatea estrategikoa dela euskararentzat nahi dugun paradigma berriaren eraikuntzan. Baina helburu zehatzen arloan aipatzen du unibertsitateari ez dagokiola helburu estrategiko berriak zehaztea. 30 urtean jendartea aldatu da; duela hainbat urte, sei ikasletik bat bazen euskalduna; gaur egun, hirutik bat bada.

Bideragarritasuna aipatzen du Karlosenak. Eskubideen diskurtsorik ez da NUPen?

Eskubideak ez dira aipatzen. Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren arabera, ordea, Nafarroako Gobernuak ditu hezkuntzaren arloko eskumenak, eta hari dagokio, beraz, itun horretan jasotakoak betearaztea. Eta jasota dago hizkuntza unibertsitatean ezartzeko konpromisoa. Espainiako Gobernuak bat egin zuen eta berretsi zuen itun hori. Beraz, bete beharko luke eskumena duenak.

Gobernuak ere huts egin du NUPen?

Irakaskuntza publikoaz ari gara. Unibertsitatea aparteko erakunde bat dela badakit, baina gobernuak ezartzen eta arautzen ditu han eskaintzen diren zerbitzuak. Baliabide publikoak dira.

Salatu duzue planarekin ez dutela behar den diagnostikoa egin, helbururik ez dutela ezarri.

Hala da. Ez dago helbururik, ezta eperik ere. Plana irakurrita, ematen du euskararen tokia sinbolikoa dela NUPen. Bat-batekotasuna sumatzen da. Ematen du euskarazko eskaintza dela egun dauden baliabideen araberakoa. Harago joateko asmorik ez da.

Erizaintzako ikasketen adibidea nabarmendu duzue; ikasleen erdiak euskaldunak dira, baina ez dute euskaraz ikasteko aukera.

Hala da. Kontuan hartu behar dugu erizainak herritarrak artatzen ariko direla gero. Profesional euskaldunik ez dagoela esaten dugu. Sare publikoan bada profesional horiek prestatzeko aukera, baina ez dugu baliatzen.

Plana moldatzeko eskatu diozue NUPi. Bilerarik egin duzue?

Eskatu zen, plana osatzen ari zirenean. Ez zen egin. Plana abuztuan aurkeztu zuten. Abenduan aurkeztuko dugu NUPen euskara bultzatzeko dinamika. Lanean jarraitu behar dugu.

Hazten jarraitzeko arnasa

Hazten jarraitzeko arnasa

Kattalin Barber

Batzuek lantoki dute Jazar; beste batzuek, berriz, aisialdirako toki. Guztiak sortzaileak dira, eta guztiak proiektu kolektibo baten kide dira. Sorkuntza eta kultura zentro autogestionatua da Jazar, eta Iruñeko Etxabakoitz auzoan dago, garai batean Jaso ikastolak hartzen zuen eraikinean. Gaur, Jazarrek ateak zabalduko ditu, bazkide berriak erakartzeko, eta proiektua bizilagunen artean ezagutzera emateko.

Orain dela lau urte jarri zen martxan Jazar. Espazio horretan bat egin zuen sortzaile talde batek, eta han jarraitzen du, etxea alokatuta. Itxaso Iturrioz Jazar espazioko kidea da: "Gutxika-gutxika nabaritu dugu hasieratik egon garen bazkideon energiak behera egin duela, eta horrelako proiektu batek bizirik eusteko beharrezkoa du aire berria izatea, biziberritzea". Horregatik, bazkide berrien bila ari dira.

70 bazkide inguru daude egun Jazar zentro autogestionatuan, askotariko proiektuetan. Besteak beste, inprimatze eta brikolaje tailerra, argazkilaritza plato eta laborategia, informatika gela, arte eszenikoetarako espazioa eta ehungintzarako tailerra biltzen ditu eraikinak.

Lana eta aisialdia

Dozenaka sortzailek bat egiten dute han. Iturrioz, beste bi kiderekin batera, Orekari arkitektura estudioan aritzen da. Jazar da haien lantokia: "Gu egunero etortzen gara hona lanera, baina Jazar erabiltzeko hamaika modu daude". Iruñeko espazio autogestionatuak eman zien elkarrekin lan egiteko aukera Orekariko kideei. Beraiek bezala, hainbat informatikari, txalapartari eta diseinatzaile grafikok dute Jazar lantoki. Beste askok, ordea, aisialdirako eta zaletasunetarako erabiltzen dute Etxabakoizko sormen espazioa. "Sortzaileak gara hemen gaudenak, eta egiten duguna partekatzeko nahia dugu; proiektu kolektiboen zale sutsuak gara, gainera", esan du Iturriozek.

Finean, kulturarekin eta sormenarekin dute lotura han elkartu diren guztiek: margolariak, arkitektoak, musikariak, altzari zaharberritzaileak, zinemagintzan arituak, diseinatzaileak, dantzariak, antzerkilariak eta abar.

"Proiektua martxan jarri genuenetik aritu gara barrura begira, Jazar ongi kudeatzen ikasi behar izan dugulako, eta, nolabait, esan daiteke ez dugula gure jarduera garatu kanpora begira". Gogoan ditu Iturriozek sormen espazioaren lehendabiziko urteak. "Hasiberriak ginen, eta egin beharrekoaz gauza asko ez genekien, proiektu sozialetan eta kolektibotan esperientzia izan arren. Oso zaila izan da, eta, era berean, oso polita. Gauza askorekin egin ditugu saiakerak, eta funtzionatu ez duena aldatu dugu. Orain, jendeak gurekin bat egitea nahi dugu".

Ez da bide erraza izan, baina era autogestionatuan oinarritutako egitasmoek funtzionatzen dutela erakusten ari dira. "Izan ditugun arazo eta oztopo guztiekin, aurrera egin du Jazarrek; hemen gaude, eta ez da gutxi", nabarmendu du.

Hainbat jarduera egiten dituzte Jazarren. Astero, kontakt eskolak, zeramika tailer irekia, txalaparta ikastaroa eta aireko yoga eskaintzen dute zentroan. Joan den asteburuan, adibidez, Kokoro catering begano eta ekologikoak udazkeneko sukaldaritzari buruzko tailer bat egin zuen. Hitzaldiak, zine foroak, kontzertuak eta azokak ere antolatu izan dituzte.

Pumpk autoedizio topaketa, halaber, urteroko hitzordua da Jazar espazioko kideentzat: sortzaile eta editore txikien arteko topagunea. "Aipatu beharrekoa da gutxitan ikusten dugula Jazar bezalako erabateko proiektu autogestionatua. Normalean, erakundeen laguntzak izaten dituzte, baina ez da hori gure kasua". Erakundeen esku hartzerik gabe, autogestioa eta batzarrean hartutako erabakiak dituzte oinarri Jazar espazioan.

Kuotak eta lan taldeak

Urte hauetan guztietan Jazarrek bere txokoa egin du Iruñean, eta ezaguna da hainbat girotan. "Ezaguna da, baina ez dakit erabat ireki den. Ez dakit jendea libreki hona etortzen den edo badakiten bazkide egin daitezkeela eta haien proiektua hemen gara dezaketela", dio Iturriozek. Izan ere, edonori eta edozein proiekturi ongietorria eman nahi diote.

Bazkide guztiek erabili ahal dituzten espazio komunak daude egoitzan, baina badago, halaber, txoko propio bat alokatu eta proiektua han garatzeko aukera. Erabiltzaile bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilero, eta, horri lotuta, betebehar batzuk ditu. Lantalde batean parte hartu behar du, adibidez. Egun, komunikazio, administrazio, mantentze eta garbiketa lantaldeak daude. "Erabaki guztiak astero egiten dugun batzarrean hartzen ditugu, baina edozein proiektu jasotzeko prest gara. Proiektua aurrera eramateko Jazarrek ez du oztoporik jarriko, baina proposatzen duenak izan behar du bultzatzailea".

Sormena eta autogestioa dira Jazarreko kideen oinarria. Proiektuarekin bat egin nahi duten pertsona gehiagoren bila ari dira espazioko kideak. Indarberritu nahi dute, zabaldu, garatzen jarraitu ahal izateko. Bidean urratsak egiten segitu ahal izateko. Gaur izanen dute nahi dutenek Jazar barrutik eta gertutik ezagutzeko aukera.

Ordaintzen ez jarraitzeko

Ordaintzen ez jarraitzeko

Edurne Elizondo

Negozio biribila. Horixe dago Elizak egindako immatrikulazioen atzean, Ondarearen Defentsarako Plataformak salatu duenez. "Gobernuak ordaindu, eta Elizak jaso" egiten duelako. Iruñeko katedralaren adibidea jarri du elkarteak mahai gainean, eta, salatzeko, elkarretaratzea eginen du bihar, 12:00etan, eraikin horren aurrean.

Nafarroan, 1998tik 2007ra, ia 1.100 eraikin erregistratu ditu Elizak bere izenean. 2007. urteko urtarrilaren 23an immatrikulatu zuen Iruñeko katedrala. Iruñeko Artzapezpikutzak 25 euro ordaindu zituen eraikinaren truke, urte hartan. Azken urteotan, ordea, Nafarroako Gobernuak hartu du katedralean egin behar izan dituzten obren ardura, eta zazpi milioi euro ordaindu ditu, plataformak salatu duenez. Iaztik, adibidez, katedraleko klaustroa ari dira berritzen.

"Negozioak" badu bertze atalik, gainera, eraikin horretan sartzeko sarrera kobratzen baitu Elizak. "Ez genuke ordaindu behar, ordea, nahikoa pagatu dugulako jada: ez dugu ahaztu behar gobernuarena denon dirua dela", erran du plataformako presidente Carlos Armendarizek.

Plataformak gogoratu du, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuak ebazpena onartu zuela iaz, Elizak beretzat hartutako eraikinen inguruan. Onartutako testuak dio parlamentuak gobernuari eskatzen diola azter dezala Elizak immatrikulatutako ondarea zaintzeko eta kontserbatzeko bere politika; helburua da lanak ordaintzeko kontuan hartzea lanek eragindako herrien interesak eta ondarearen segurtasuna.

Sanzoilo, hondatuta

Tuterako katedralean ere "diru publiko anitz" gastatu dela azaldu du Armendarizek. Bitartean, ordea, Elizak bere esku hartu ez dituen bertze hamaika eraikin "galtzeko zorian" direla salatu du plataformako kideak. Casedako Sanzoilo baseliza jarri du adibide. "Eraikin ederra da, baina galtzeko arriskuan dago. Herriarena da eliza".

Uxueko baselizaren kasua bertzelakoa da. "Eraikina konpontzeko lanak gobernuak ordaindu ditu; giltza, ordea, Elizaren esku dago". Egoera hori salatu du Armendarizek: "Ezin dugu onartu lanak gobernuak ordaintzea, eta Elizak kudeatzea eraikin horiek nork eta nola bisitatzen dituen. Haiek dute giltza, eta, nahi ez badute, gu ezin gara han sartu", nabarmendu du Ondarearen Defentsarako Plataformako presidenteak.

Gaizki ikusten dutenen tokian

Gaizki ikusten dutenen tokian

Edurne Elizondo

Tonu grisak nabarmendu. Horixe egin nahi du Nafarroako Erretina Elkarteak, Iruñeko Planetarioan jarri duen erakusketaren bidez. Begirada hurbilak izenburupean, ikusmen urria dutenen egunerokoa nolakoa den erakutsi nahi du: mundua, haiek ikusten duten bezala. "Gizartearentzat ongi ikusten dutenak eta itsu direnak baino ez dira existitzen; tartean, ordea, hamaika tonu gris bada: gaizki ikusten dutenen egunerokoa. Horiek, ordea, ezezagun dira gainerakoentzat, ikusezin", azaldu du Nafarroako Erretina Elkarteko buru Jose Mari Casadok (Iruñea, 1954).

Begietatik sartzen den erakusketa prestatu du elkarteak, irudiz osatua, ikusmen urria dutenei buruz hitz egiteko. Ikusmen arazoak dituztenen begiradaren araberako argazkiak dira, hain zuzen ere. Alboko ikusmena galdu du, adibidez, erretinosi pigmentarioa duenak, eta aurrean duena bertzerik ez du ikusten: mundua, zirkulu baten barruan balego bezala. Gero eta txikiagoa da, gainera, biribil hori, eta, zenbait kasutan, erabat ixten da. Degenerazio makularra duenari, berriz, kontrakoa gertatzen zaio: erdiko ikusmena galtzen du, eta alboetan dena baino ez du ikusten. Bi begirada horiek eta bertze hainbat ikusmen arazok sortutakoak jaso ditu planetarioko erakusketak, herritarrak gaizki ikusten dutenen errealitatean murgiltzeko. Haien tokian paratzeko. Hilaren 18ra arte egonen da zabalik.

Munduan, 285 milioi pertsonak badute ikusmenarekin lotutako ezintasuna, OME Osasunaren Mundu Erakundeko datuen arabera. Haietatik 39 milioi itsu dira, eta gainerakoek, berriz, ikusmen urria dute. Nafarroan, bertako Erretina Elkarteak artatzen ditu ikusmen urria duten pertsonak. 580 bazkide inguru ditu gaur egun; hamabi baino ez ziren 1994. urtean, bidea hasi zutenean.

Hasieratik da elkarteko kide Casado. Erretinosi pigmentarioa du. 32 urte zituenean jaso zuen diagnostikoa. "Ordura arte, ongi ikusten nuela uste nuen. Nuen gaixotasunaren berri eman zidatenean, itsu geldituko nintzela erran zidaten medikuek, bat-batean. Ikasi beharko lukete gisa horretako berriak hobeki ematen". Urtetik urtera egin du behera Casadoren ikusmenak, eta, 2000. urtetik, itsu da. "2007. urtera arte argia ikusteko gai nintzen, baina horrek ez zuen deustarako balio. Argiaz jabetzeko gai izanda ere, itsu nintzen jada".

Oztopoak eta ahaleginak

Ana Atxa ere bada Nafarroako Erretina Elkarteko kide (Antzin, 1955). Glaukoma du, bai eta kataratak eta makulako lesioak ere. Casado bezala, ongi ikusten zuela pentsatuz hazi zen. "Halere, beti sentitu dut ingurukoek ez zutela nire egoera ulertzen. Ikasi dut, eta irakasle gisa lan egin dut, baina hori guztia lortu dut ahalegin handia egin dudalako. Ingurukoak, ordea, ez dira beti horretaz jabetu", azaldu du Atxak.

27 urte zituenean, begietako tentsioak gora egin zion Atxari. Orduan jaso zuen diagnostikoa. "Glaukoma gaiztoa nuela erran zidaten". Ebakuntza egin zioten Bartzelonan. "Kongresu bat antolatu zuten nire ebakuntzarekin, ez baitzen ohiko kasua", gogoratu du Atxak. Duela bederatzi urte, haren egoerak okerrera egin zuen. "Kataratak nituela erran zidaten, eta ebakuntza egin beharko zidatela, berriz ere. Glaukoma izanda, ez zen batere erraza". Gaur egun, %10eko ikusmena baino ez du. "Ezkerreko begiarekin, argiaren arabera, %20 ikus dezaket hainbatetan".

Ikusmen urriak lana uztera behartu zuen Atxa. Irakaslea zen. "Haur txikiekin lan egin dut beti; ofizioa afizio izan dut beti. Baina ezin nuen lanean jarraitu. Glaukomaren ondorioz, krisiak banituen. Egiten nuen ahalegina gehiegizkoa zen nire gorputzarentzat. Gotika egiten amaitzen nuen eguna, zenbaitetan, egiten nuen ahaleginaren ondorioz. Utzi behar izan nuen".

Irakasle izan zen Casado ere. Zientziak irakasten zituen. Erretinosi pigmentarioa zuela erran ziotenean, ordea, esparrua aldatzea erabaki zuen. "Prestatu nintzen ikusmen arazoak dituzten haurrak artatzeko taldeko kide izateko". Bai eta lortu ere. 2000. urtera arte aritu zen ikusmen arazoak dituzten haurrekin lan egiten duten irakasleak laguntzen.

Atxa eta Casado gai izan dira beren ikusmen arazoek ezarritako mugetara egokitzeko. "Gauzak bertze modu batera egitea da gakoa", erran du Casadok. Makila erabiltzen du hirian mugitzeko. Nabarmendu du, halere, itsu gelditu aurretik bere burua prestatzen hasi zela: "Baliagarri gertatzen zitzaizkidan teknikak erabili nituen. Ordena, adibidez, funtsezkoa da niretzat. Zerbait ikusteko gai nintzenean, halaber, hirian gehien egiten nituen ibilbideak ongi ikasten saiatu nintzen. Prestatzea da kontua".

Beti ez da erraza, halere. Horixe nabarmendu du Atxak. "Hiriak ez dituzte egiten ikusmen arazoak ditugunontzat; hamaika oztopo badira", salatu du. "Jendea ez da konturatzen gure egoeraz, gure ezintasuna ez baita agerikoa, anitzetan. Nire ezintasunaren berri ematen duen txartela badut nik, baina ez dut zertan erakutsi. Denak kontuan hartuko gaituen gizartea nahi dut nik, denak kontuan hartuko gaituen hiri bat", nabarmendu du.

Taberna batera, postetxera edo udalak antolatutako kultur jarduera batera joateak zer ekartzen dion agerian utzi du Atxak. "Hitzaldi batera joan nintzen aurrekoan. Hizlariak ingelesezko hainbat bideo erakutsi zituen. Azpidatziak bazituzten, baina nik ezin nituen ikusi. Erraz konpon daiteke arazo hori bertzeek irakurri behar dutena nik entzuteko aukera badut".

Billabesak eta semaforoak aipatu ditu, bertzalde, Casadok. Zerbitzu horietan entzun daitezkeen seinaleen bidezko abisuak aktibatzeko gailuak badituzte Nafarroako Erretina Elkarteko kideek. "Ez behar bezainbertze", azaldu du Casadok. Billabesetan, gainera, arazoak badirela gaineratu du. "Ustez, autobusen %70-80tan daude seinale akustikoak; praktikan, %20tan baino ez".

"Erraz konpon daitezkeen arazoak dira horiek", nabarmendu du Atxak. Karrikan, halaber, eskaileretako mailak nabarmentzeko kolore ezberdinak erabiltzea hagitz baliagarria izan daitekeela azaldu du. "Eraikinetan, berriz, argiaren intentsitatea kontrolatzeko sistemek anitz laguntzen ahal dute".

Erretina elkartea saiatzen da ikusmen urria dutenentzat aisialdirako aukerak eskaintzen. Igandean, adibidez, Gaiarre antzokian emanen dute Test antzerki lana, Luis Merlo aktorearekin. Antzezpen egokitua izanen da. "Entzungailu baten bidez jasotzen ditugu obra jarraitu ahal izateko argibideak", azaldu du Casadok.

Bertzelako hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu elkarteak. Batetik, babes eremu izan nahi du ikusmen urria dutenentzat. Psikologoen laguntza jaso dezakete bazkideek, banakako saioen bidez; talde lana ere egiten dute, gainera, elkarri laguntzeko. Casadok zehaztu du elkarteko kide izateko mugarik ez dela. Hasieran, erretinosi pigmentarioa zutenentzat sortu zuten, 1994an informazio gutxi zegoelako gaixotasun horren inguruan. Elkarteak egindako lanari esker, hain zuzen, egun bada diziplina anitzeko talde bat Nafarroako Ospitale Gunean. "Anitz egin dugu aurrera ikerketan; erretinosi pigmentarioaren erantzule diren 200 gene baino gehiago identifikatu dituzte jada". 2007tik, ikusmen urria eragiten duten bertzelako gaixotasunak dituztenak hartzen ditu elkarteak.

Ikusmen arazoei aurrea hartzeko lana ere garrantzitsua da Nafarroako Erretina Elkartearentzat. Azterketak egin behar direla nabarmendu dute. Sintomei adi egon. Ikusmen urria dutenak ez baztertzeko exijitu dute. "Aktibo izan nahi dugu; gizarteko parte. Gure neurriko hiriak nahi ditugu". Mundua ikusteko hamaika modu baitago.

Berdintasuna, arbeletara

Berdintasuna, arbeletara

Kattalin Barber

Norbanakoaren jarrera kritikoa da matxismoari eta indarkeria guztiei aurre egiteko erremintarik onena". Equilatera elkarteko kideenak dira hitzak. Sexu aniztasunarekin, berdintasunarekin eta generoarekin lotura duten biolentzia guztiak lantzen dituzte ikastetxeetan. Ikasleen jarrera eta gaitasun kritikoa garatzea hartu dute helburu, hain zuzen ere. Zangozako Sierra de Leyre eta Iruñeko Eunate institutuetako DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ia 500 gazte ari dira jasotzen berdintasunaren eta aniztasun afektibo-sexualaren inguruan Equilaterak prestatutako programa, euskaraz eta gaztelaniaz.

Luna Martinikorena eta Alicia Pano genero adituek ematen dute zortzi orduko ikastaroa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zati bat diruz lagunduta. Generoa, genero estereotipoak, edertasun kanonak, heteronormatibitatea eta arauz besteko gorputzak, indarkeria eta mikromatxismoak dituzte hizpide.

"Hiru oinarri ditu gure programak: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea, ikasgeletan aniztasun afektibo-sexuala lantzea, eta eskola jazarpenarekin eta generoarekin lotura duten biolentzia guztien prebentzioa lantzea", azaldu du Martinikorenak. Dinamika gehienak parte hartzaileak dira, eta ikasgeletan gogoeta eta eztabaida interesgarriak sortzen direla adierazi dute Martinikorenak eta Panok. "Adibidez, dinamika batean ikasleei eskatzen diegu haien ametsezko gizona edo emakumea margotzea. Bertan ateratzen dira barneratuak ditugun estereotipo guztiak eta edertasun kanon nagusiak. Bitxia da, gela guztietan margotzen dutena oso antzekoa baita; estereotipoak indarrean dira. Matxismoa eta sexismoa errotuak ditugu, eta zaila da sustraietara joatea".

Identitatearen ikuspuntutik lantzen dituzte kontzeptuak Martinikorenak eta Panok. "Giza sexualitateari buruz ari garenean, mutur batetik bestera dauden kolore guztiak lantzen ditugu, hau da, dagoen aniztasun osoa: queer identitateak, genero ez-bitarrak eta intersexualitatea barne", azaldu du Panok. Modu horretan, sexualitatearen mapa erraldoia osatzea lortzen dute, eta aukera guztiak mahai gainean direla ikusten dute ikasleek. "Mapa infinitua da, amaigabea. Ikasleak asko harritzen dira dinamika horrekin", argitu dute hezitzaileek.

Ikasleen interesa

Ikasleen artean, oro har, programak harrera ona duela jakinarazi du Martinikorenak. Irailaren amaieran hasi ziren saioekin, eta hil honen bukaeran amaituko dituzte saio guztiak. "Oro har, ikasleek interesa agertu dute, baina konturatu gara nolabaiteko erresistentzia erakusten dutela hainbat kontzeptu lantzerakoan, halere". Hiri eta landa eremuen artean aldea badagoela ere konturatu dira hezitzaileak, baina gehienetan kontzeptuak ezagutzen dituztela dio Martinikorenak. "Mugimendu feministak eta LGTBIQ+ mugimenduak mahai gainean jarri dituzten kontzeptuak ez dira arrotzak ikasleentzat. Transexualitatea badakite zer den, baina neska zakildunak edo mutil aludunak izatea normaltzat hartzen duten edo ez... Hori beste kontu bat da".

Ordubeteko zortzi saioren bidez, ikasgeletan "konfiantzazko giroa" sortzen da ikasle eta hezitzaileen artean. Horrek ekarri du hainbat ikasle Martinikorena eta Panorengana hurbiltzea laguntza eske. "Eskola jazarpena eta bazterketa kasuak, biolentzia, identitatearekin arazoak... Aniztasun sexuala badago ikasgeletan, eta landu beharreko gaia da", esan du Panok. Irakasleek formakuntza behar dutela uste dute Equilaterako kideek, gaia behar bezala jorratzeko ikasgelan. "Guk, ahal dugun neurrian, erremintak ematen dizkiegu ikasleei estrategiak garatzeko". Eskolak eta familiek duten ardura ere mahai gainean jarri dute Equilaterako kideek.

Zaila da, hala ere, egun batetik bestera erroa aldatzea; ikasleek lantzen duten guztiaren inguruan "oinarria" hartzea dute xede. "Oso zaila da neurtzea zenbateraino barneratzen dituzten lantzen ditugun ideiak, baina garrantzitsuena da hazi moduko bat landatu dugula; gero norberari dagokio garatzea".

Hil honen amaieran amaituko dituzte Martinikorenak eta Panok aniztasun afektibo-sexualaren, berdintasunaren eta generoaren inguruko tailerrak. Pozik jarraituko lukete. Badakitelako ezinbestekoa dela oinarri duten ikuspegia eskoletan lantzea, eta planteamendu integrala egitea.

Bestelako tren bat nahiago dute

Bestelako tren bat nahiago dute

Iker Tubia

Trenaren alde daude, baina ez dute edonolako trenik nahi. Ez behinik behin orain arte diseinatu den abiadura handiko tren hori. Hala, ezetz esateari utzi, eta baiezkoarekin aterako dira kalera bihar, Iruñean, tren soziala aldarrikatzera. 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Gaztelu plazatik. Trenaren Aldeko Ekinbideak deitu du protestara, eta hainbat sindikatu, herri eragile eta alderdi politiko batu zaizkio.

Ekinbideak herritarren parte hartzearen beharra azpimarratu du, eta, bide horretan, kanpaina bat abiatu du, galdera zuzen batekin: "Nolako trena nahi duzu?". Interneten jarritako bideoen bitartez, hainbat lagunek duten iritzia jaso dute. Herritarren artean ezinegona badago Espainiako Sustapen Ministerioak AHTaren nafar korridorea eraikitzeko lanen kudeaketa bere gain hartzeko asmoa agertu duenetik.

Marivi Erdozainek ez du begi onez ikusten abiadura handiko trena. 70 urte ditu, erretiraturik dago, eta Sasoia taldeko kidea da. "Ez dut abiadura handiko trenik nahi, tren dezentea baizik, oraingo Altaria bezalakoa. Baina, noski, salgaiak ere eramanen dituena", esan du. Kezka agertu du, AHTa erabiltzeko zailtasunak izanen lituzkeelakoan baitago. "AHT hori soilik bidaiarientzat da, eta, gainera, aparteko bidaiarientzat. Erretiratua izanda, seguruenik, nik ezinen nuke bidaia ordaindu", zehaztu du. Erdozainek ez du trena askorik erabiltzen. Azkenengoz, joan den urtean, Gironara (Herrialde Katalanak) joateko. Ez zuen abiadura handirik behar: "Egia esan, dagoena zoragarria dela uste dut".

Mari Carmen Izkok ere bestelako tren bat nahiago du. 44 urte ditu, eta Osasunbidean egiten du lan. Bere esku balego, argi du zer-nolako trena diseinatuko lukeen: "Nik nahiko nuke prezio baxuagoa duen tren bat, toki guztietara doana". Izan ere, Madrilera joan-etorria egiten duen trena oso garestia dela uste du, eta, horrelakoetan, autobusa hartzea errazagoa dela, merkeagoa baita. Madrilera ez ezik, beste toki batzuetara ere ailegatu beharko litzateke trena, haren aburuz. Gaur-gaurkoz, abiadura handiaren beharrik ez du ikusten Izkok: "Gaur egun, gure trenek abiadura nahikoa daukate; uste dut ez dugula gehiagorik behar".

Manifestazioa iragartzeko bideoetako batean ikus liteke Xabier Maeztu solasean. 32 urte ditu, eta sukaldaria da. Argi du berak gertutasunezko trena nahiko lukeela. Izan ere, urte osoan askoz bidaia gehiago egiten ditu gertu diren lekuetara 400 kilometrotara daudenetara baino. "Niretzat gakoa hori da, gertukoa bultzatzea". Eta, hain zuzen ere, horren aurkakoa da AHTak ekarriko duena, haren aburuz: "Argi daukat abiadura handiko tren hau, edo orain prestazio handiko tren deitzen duten hau, ez dela beharrezkoa. Tren honek egingo duena da hurbildu oso urrun dauden tokiak, eta oso hurbil dauden tokiak urrundu".

Bestelako interesak

Baina arazoa ez da soilik txartelen prezioa edo nondik norakoa den. Maeztuk beste afera bat ere aipatu du: "Ematen du obsesio bat dela, eta hasten zara pentsatzen horren atzean ez ote dauden beste interes batzuk, ez direnak gehiengoarenak". Maeztuk dioenez, nahi baino gutxiago erabiltzen du trena. Hain zuzen ere, horregatik nahiko luke bestelako tren eredu bat. Zaragozara joateko hartzen du, baina gogorarazi du Bilbo edo Donostiara joateko trenik ez dela Iruñetik. Berari, gainera, erosoago zaio trena autobusa baino, bizikletan ibili ohi baita, eta bizikleta hobeki sartzen da trenean autobusean baino.

Trenaren Aldeko Ekinbideak salatu duenez, AHTa dagoeneko abian da, Alesbestik Erriberrira bitarteko lurren nahitaezko desjabetza abiatu duelako Espainiako Sustapen Ministerioak. Horren aurrean, eztabaida publikoa sustatzea eta alternatibak aztertzea eskatu dute. "Europar zabalerako hirugarren erraila jarrita, Castejon-Altsasu trenbidea bikoiztuko litzateke, eta txikizioa eta gastua gutxituko litzateke". Bihar, herritarrek hartuko dute ahotsa, zer-nolako trena nahi duten esateko.

Ikur bizia bezain sendoa

Ikur bizia bezain sendoa

Edurne Elizondo

Helburu nagusia da bilgune bat sortzea nazioarteko elkartasuna lantzen duten talde aurrerakoi laikoentzat, bakoitzak egiten duena kontatzeko, eta guztion artean eztabaidatzeko, elkar aberasteko". Sabino Cuadrarenak dira hitzok, eta 1997ko abuztuaren 29an jaso zituen Egunkaria-ko Nafarkaria gehigarriak. Komite Internazionalistetako kide zen Cuadra orduan, eta internazionalismoaren esparruan lanean ari ziren taldeentzako helburu zuen bilguneak izena bazuen jada: Zabaldi. Han zer lan egin nahi zuten erantsi zuen: "Elkartasun arduratsua egin nahi dugu, egoeraz jabetzen dena eta paternalismorik ez duena. Egiazko informazioaren bidez zabaldu nahi dugu beste herrien kulturaren, balioen eta egoeraren berri".

Elkartasunaren etxeak hogei urte bete ditu Iruñeko Alde Zaharrean. Hasierako asmoei eutsi, baina garaian garaiko beharretara egokitzen ahalegindu da. Auzoko ikur eta erreferente bizi bezain sendo bilakatu du egindako bideak. Internazionalismoarekin batera, feminismoa, migrazioa eta garapen ereduari buruzko kezka eta gogoeta ere izan ditu ardatz bide horrek. Urratsak egiten jarraitu nahi du Zabaldik, egungo egoera eta lan egiteko moduetara egokituz, internazionalismoak dituen erronka berriei buruzko gogoeta bultzatuz.

Gogoan ditu Cuadrak hasierako urratsak; egoitza aurkitu aurreko urtebete luzeko lana; ideia bat bertzerik ez zena errealitate bihurtzeko prozesua. "Konpromisoa hartzeko prest ziren taldeak zehaztu, eraikina prestatu eta martxan jarri ginen, azkenean".

Cuadrak Presen Zubia izan zuen hasieratik bidelagun. Emakume Internazionalistak taldetik egin zuen Zubiak bat proiektuarekin. Alde Zaharrean egoteak zuen garrantzia nabarmendu du, eta, batez ere, egoitza erosteak izan zuena. "Eraikina gurea izateak finkotasuna emanen zigula argi genuen; aurrera begirako proiektu bat garatu nahi genuen". Nabarreria karrikako 25. zenbakiko 230 metro koadroko etxea orduko 25 milioi pezetan erosi zuten. "35 pertsonak osatutako talde batek jarri zuen zatirik handiena, hamar urterako mailegu pertsonalen bidez. Bazkide kanpaina abiatu genuen berehala, gainera, eta talde bakoitzak ere kopuru bat ordaintzen zuen, urtean".

Hasiera hartan zazpi taldek egin zuten bat Zabaldi martxan jartzeko. Egun, Emakume Internazionalistak, Mugarik Gabe, Sos Arrazakeria eta ANARASD taldeek osatzen dute elkartasunaren etxeko batzorde egonkorra. "Hogei urteotan joan-etorri asko izan dira", azaldu du Zubiak. Zabaldiren martxan bertze elkarte, talde eta pertsona anitzek parte hartu dutela gaineratu du. Eta parte hartzen segitzen dutela. Elkarteak zabalik izan dituelako beti bere ateak. Zubiak aldarrikatu nahi izan du, bereziki, "debekuen eta alderdien ilegalizazioen garaian" elkartasunaren etxeak egindako lana. "Zabaldik, praktikan, aurre egin zion alderdien aurkako debeku horri". Elkarteek biltzeko hainbertze zailtasun zituzten garai hartan Zabaldik babesa eman zien. "Hamaika prentsaurreko egiten zituzten, egunean", gogoratu du Ani Moralesek.

2001etik 2005era Zabaldiko koordinatzaile izan zen Morales. Lehenago egin zuen bat proiektuarekin, halere. "1997an etorri nintzen Nafarroara, eta hurrengo urtean iritsi nintzen Zabaldira". Internazionalismoaren esparruko bere militantzia eta euskararen aldeko lana uztartu nahi izan zituen elkartasunaren etxean. "Euskara taldea jarri genuen martxan, hizkuntzaren inguruan lan transbertsala egiteko asmoz". Euskara talderik jada ez da Zabaldin, eta kideek onartu dute hizkuntzaren normalizazioarena lortu gabeko helburu bat dela, oraindik ere.

Hasierako euskara taldeko kide izan zen Bea Beorlegi ere. Nafarroan sortutako talde zapatistatik egin zuen bat Zabaldirekin. Nabarreria karrikako etxeko "eferbeszentzia" nabarmendu du, batez ere. "Toki bizia izan da hau beti". Zabaldi osatzen duten taldeen arteko elkarlanak beti bilatu du nork bere nortasunari eustea. "Asmoa ez da izan nork bere bidea egiteari uztea; kontua izan da beti denon artean bestelako gauzak egitea, indarrak batzea", gogoratu du Cuadrak. Taldeen arteko hartu-eman horietan, ezberdinen arteko adostasuna bilatzea izan dute helburu Zabaldiko kideek. "Ez da beti erraza izan, baina aurrera egin dugu", erantsi du Beorlegik. Arrakastaren sekretua zein izan den argi du: "Eztabaida asko izan ditugu, baina beti saiatu gara arazoei besta giro batean aurre egiten. Esaten ohi den bezala, ezin banaiz dantzatu, ez da nire iraultza".

Auzotik, auzoan

Alde Zaharreko egunerokoan erabat murgildu da Zabaldi hogei urteotan. Bestetan, inauterietan, auzoko egunean parte hartu dute elkartasunaren etxeko kideek; auzoko bizilagunek ere egin dute bat Zabaldik antolatutako jarduerekin, eta protestetan eta mobilizazioetan, elkarren ondoan izan dira denak karrikan.

Nabarreria karrikako egoitzaren barruan, forma ezberdinak hartu ditu Zabaldiren proiektuak hogei urteotan. Hasieran, egun bulego nagusi dutena bidezko merkataritzako denda izan zen. "Ez zuen aurrera egin, eta itxi zuten. Bidezko merkataritza bultzatzeko elkarteak kudeatzen zuen", gogoratu du Cuadrak. Espazio horretan Eguzki Bideoak proiektuko kideak egon ziren urte luzez, gero. Aukera profitatu zuten Zabaldiko kideek Zinema txiroa izenburuko zikloa garatzeko. "Egun Kalaska izena duen espazioan tetegi bat egon zen Zabaldi martxan jarri genuenean. SOS Arrazakeriak kudeatzen zuen. Hura itxi eta gero, Kalaska bilakatu zen eremu hori", azaldu du Moralesek.

Bera izan zen Kalaska espazio horretako lehen arduraduna. Gero, Teresa Sarrigurenek hartu zuen lekukoa. "Kalaska 2004. urte inguruan jarri zen martxan, eta nik 2007an egin nuen bat proiektuarekin. Zabaldin, halere, ia hasieratik izan nintzen, modu batera edo bertzera parte hartzen", gogoratu du.

Kalaska bide propioa egiten hasi zen. "Zinemarekin batera, erakusketak antolatzen genituen hilabetero, eta kontzertuak eta bertzelakoak ere egiten genituen. Asmoa zen Zabaldiren ardatz diren lan esparruak bertze modu batera garatzea eta azaltzea. Hitzaldiez harago, jendea erakartzeko bertzelako moduak jorratzea", nabarmendu du Sarrigurenek. Haren ondotik Sofia Antonek hartu zuen Kalaska espazioa kudeatzen zuen taldeko ardura.

Duela bost urte ailegatu zen Anton Nafarroara, eta handik sei hilabetera egin zuen bat Zabaldirekin. Elkartasunaren etxean jarraitzen du. "Jada ez dago Kalaska kudeatzeko talde zehatz bat, baina jarraitzen dugu gauzak egiten. Jendeak ezagutzen gaitu, eta zuzenean jotzen dute guregana, anitzetan".

Antonekin batera, Zabaldiko egungo koordinatzaile Eunate Romero ere bada azken urteotan proiektuarekin bat egin duen gazte taldeko kide. Romero Mexikon izan zen iaz, Zabaldik antolatutako brigadetan. "Azken bi urteotan egin ditugu brigadak, Mexikon eta Grezian. Jende gazteari internazionalismoaren berri emateko modurik onena dira, eta anitz ikasteko aukera paregabea", azaldu du Antonek.

Mexikoko esperientzia ontzat jo du Eunatek. Nabarmendu du, hala ere, "erreferente feminista bat" delako egin zuela bat Zabaldirekin. Hamaika talde feministaren bilgune izan da elkartasunaren etxea, eta han mamitu dira abortuaren eta indarkeria matxistaren aurkako hamaika kanpaina bertzeak bertze.

Feminismoaren bidetik egin du bat Zabaldiko kideak internazionalismoarekin, eta bertze gazte anitzek ere bide bera egin dutela azaldu du. Hori izan dela belaunaldi berriek elkartasunaren etxean sartzeko atea. Urratsak egiten jarraitzeko beharra nabarmendu dute kideek. "Hogei urte bete eta gero, aurrera begira jarraitu nahi dugu. Gazteak kontzientziatu nahi ditugu, haiei azaldu zeinen garrantzitsua den bertze herrialdeekin elkartasun harremanak lantzea; harreman politikoak eta komunitarioak", azaldu du Romerok.

Elkartasuna eraikitzen jarraitu nahi dute Zabaldiko kideek. Feminismotik. "Hemengoekin eta hangoekin erresistentziak partekatzen jarraitu nahi dugu", erran du Beorlegik. Karrikara begira da Zabaldi; irekiak ditu ateak; irekia dokumentazio zentroa; eta irekiak bere gainerako espazioak. Auzotik, mundura.