Gizartea

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Edurne Elizondo

Ez du zentzurik; Leitza 17 kilometrora dugu, eta Iruñea, berriz, 35era". Horixe nabarmendu du Lekunberriko Ibarberri ikastetxeko guraso elkarteko presidente ohi Arkaitz Goikoetxeak. Leitza hurbilago duten arren, DBHko hirugarren eta laugarren mailak ikasteko erreferentziazko institutu Iruñeko Biurdana dute Ibarberriko eskolako ikasleek. Egoera hori aldatu nahi dute orain gurasoek, eta Leitzako Amazabal institutua bilakatu beren erreferentziazko zentro.

Legea alde dutela azaldu du Goikoetxeak. Izan ere, ikastetxeak eta eskola barrutiak antolatzeko foru dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak 1995. urtean, eta, agiri horren arabera, Leitzako institutua zen Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko egoitza. Bertzeak bertze, ikasleak inguru hurbilenean eskolatzearen alde egiten zuen dekretuak. Kontua da, Hezkuntza Departamentuko irizpideak aldatu gabe, 1996an erabaki hori bertan beherea utzi, eta Iruñeko Biurdana jarri zuela gobernuak Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko institutu gisa.

"Ez du inolako zentzurik", berretsi du Goikoetxeak. Datuek ederki islatzen dute Lekunberriko gurasoen borondatea zein den, haren ustez. Azken lau urteotako matrikulazioei so eginez gero, hautua Leitzaren aldekoa dela argi gelditzen da: Iruñeko Biurdanara bost ikasle joan dira, eta Amazabalera, berriz, 73. "Gaur-gaurkoz, gure ibarreko bi ikasle daude Biurdanan, eta Leitzan, berriz, 40 inguru. Sare publikoaren aldeko familien %95ek Leitzara bidaltzen dituzte seme-alabak", azaldu du Goikoetxeak.

Ikasleak Lekunberritik Iruñera edo Leitzara mugitzeko garraioaren auziari buruz ere bada zer erran, Goikoetxeak nabarmendu duenez. Lekunberri eta Larraungo ikasleek, Irurtzungo Udalak eta Nafarroako Gobernuak aspalditik zuten hitzarmena baliatu izan dute Iruñera joateko. Urte luzez, gobernuak hartu du bere gain zerbitzu horren defizita. Kontua da hitzarmenak berak 12.000 euroko muga zehazten zuela gobernuak ordaindu beharreko defizitarentzat. Ondorioz, azken urteotan, udalek gehiago pagatu behar izan dute, batez ere Irurtzungoak. "Egoera horrek ekarri du Irurtzungo Udalak hitzarmena bertan behera uztea", azaldu du Goikoetxeak.

Bertze hitzarmenak

Horrek ez du erran nahi, hala ere, ikasleak garraiorik gabe gelditu direnik. Lekunberriko eta Larraungo udalek bertze hitzarmen bat egin dute. Nafarroako Gobernuak ordaintzen du derrigorrezko hezkuntzan ari direnen garraioa, eta bertzeek, berriz, udalen arteko akordioa baliatzen dute. Leitzara joateko ere hitzarmena badute Lekunberriko eta Larraungo udalek. Auzi hori garrantzitsua dela uste du Goikoetxeak, Lekunberriko Udalak behin baino gehiagotan erran izan duelako erreferentziazko zentroa aldatuz gero, garraiorik gabe geldituko zirela.

"Hori ez da egia, eta agerian gelditu da. Esaten zuten erreferentzia zentroa aldatuta, Irurtzunek eta Nafarroako Gobernuak zuten hitzarmenetik kanpo geldituko ginela eta, ondorioz, Iruñerako garraiorik gabe. Orain, hitzarmena desegin egin da, baina bi udalek beste hitzarmen bat egin dute elkarren artean ikasleak garraiatzeko. Argudio hori erabili izan dute familiak beldurtzeko, baina egoerak erakutsi du gezurretan ari zirela", azaldu du.

Garraioa bermatzeko zerbitzuek duten kostua kontuan hartzekoa dela argi du Goikoetxeak, hala ere. Orain, hain zuzen ere, Larraungo eta Leitzako udalek 46.000 euro ordaintzen dute ikasleak Leitzara eramateko; bertze 35.000, berriz, Iruñera joateko. "Erreferentziazko zentroa aldatuko balute, Leitzara joateko garraioaren ardura Nafarroako Gobernuaren esku egonen litzateke; 46.000 euroren gastua desagertuko litzateke; Iruñekoari eusteko borondatea badute udalek". Institutu batean eta bertzean izena ematen duten ikasleen kopuruak aldaketa behar dela agerian uzten duela argi du Goikoetxeak.

Aldaketa horren alde egin du Larraungo udalak ere; ez, ordea, Lekunberrikoak. Galdeketa bat antolatu zuten Lekunberrin 2014an. "Udalak manipulatu egin zuen galdeketa, eta errolda ere bai. Harrigarriena da herritarren %60k baino gehiagok Iruñearen alde egin izana erreferentzia zentro gisa, eta urte horretan inork ez matrikulatzea seme-alabak Biurdanan!".

Auziak ibarreko mugak zeharkatu ditu azken urteotan, eta Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak eta Arartekoak bat egin dute Lekunberriko gurasoek egindako eskaerarekin. Parlamentuan 2014an izan ziren. Gaur egungo gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin ere egin dute bilera. "Egoera hau konpontzeko ordua da", berretsi du Goikoetxeak. "Hezkuntza Departamentuaren jokabidea ez da bidezkoa izan orain arte, eta espero dugu oraingo gobernuak beste jokabide bat erakutsiko duela". Errealitatean gertatzen dena onartzea nahi dute.

Hautsak harrotu dira

Hautsak harrotu dira

Kattalin Barber
Lizarraldeko herri txiki bat da Azketa. Ondoan ditu Iguzkitza, Labeaga eta Urbiola. Iguzkitzaibarko herriak dira laurak, eta laurak batu dira Aridos Reciclados de Navarra Arena enpresak eskualdean egin nahi duen lohien tratamendurako pl...

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Edurne Elizondo

Antonio Aragon izan zen, Nafarroako presidente ohi Gabriel Urralbururekin batera, Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egiteko proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat. 1991ko irailean, Ebroko Ur Konfederazioko presidente izendatu zuten Nafarroako Gobernuko Herrilan kontseilari izan zena. Kargu berritik, ubidearen bigarren fasea "neurrigabea" zela aitortu zuen Aragonek; "neurriz kanpoko" inbertsioak eskatzen zituela. "Nafarroako gobernuek, bideragarria ez dela jakin arren, bigarren fase horren erabilera demagogikoa egin dute 1991tik; okerrena da, ubidearen aitzakiarekin, 30 urte daramatela Erriberan uraren arazoa konpontzeko zain".

Urbizi Uraren Kultura Berria fundazioko kide Fito Jimenezenak dira hitzak eta salaketa. Erakunde horrek txosten bat egin du ubidearen bigarren fasea bazter uzteko alternatibak aztertzeko; lehen fasea egina dago, eta lehen fase hori zabaltzeko lanak ere amaitutzat jo dituzte jada; horko lurrek ubideko ura har dezaten prestatzeko obrak amaitzea falta da. Bigarrena egiteko beharrik ez dagoela uste dute Urbiziko kideek, ordea, eta aitzinera ihes egiteko arriskuaz ohartarazi dute. Izan ere, krisi ekonomikoak baztertu egin du, azken urteotan, bigarren fase hori, baina mahai gainean jarri du berriz Uxue Barkos buru duen egungo gobernuak. Bazter utzi du aire zabaleko ubide bat sustatzeko aukera, eta lurpeko hoditeria baten bidez egitekoa hobetsi du; baina proiektua mapan jarri du, berriz ere.

Fito Jimenezek Charo Brinquis Urbiziko kide eta aditua izan du lagun bigarren fasea bazter uzteko alternatibei buruzko txostena osatzeko prozesuan; Brinquisek Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren errentagarritasunik eza utzi zuen agerian, jada, 2012an egindako lanean. Asteon, Jimenezek eta Brinquisek prestatutako agiria defendatu du jendaurrean erakunde bereko teknikari Julen Mendigurenek. Attac elkarteak Nafarroako ubideari buruz antolatutako mahai inguruan parte hartu du, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberorekin, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecarekin eta Intia (Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak) enpresa publikoko teknikari Idoia Ederrarekin batera. Nork bere ikuspuntutik heldu dio ubidearen auziari.

Intiaren txostena

Bigarren faseari buruzko eztabaida mahai gainean jarri zuen gobernuak 2015eko abenduan. Prozesu bat iragarri zuen orduan, parte hartzea sustatzeko, eta alternatibak lantzeko. Prozesu horren barruan, hain zuzen ere, txosten bat egin du Intiak. Erriberako nekazarien artean inkesta egin dute enpresako kideek, Ederrak azaldu duenez. Bigarren faseko hasierako proiektuak hartuko lukeen eremuaz harago jo dute, eta, denera, ureztatzaileen 53 komunitatetako kideekin egon dira. Intiako kideen helburua da lurrak ureztatzeko dagoen beharra identifikatzea, behar horri erantzun ahal izateko. "Dauden proposamen guztiak aurkeztu nahi dizkiegu, haiek erabaki dezaten", erran du Intiako teknikariak.

Txosten horretan, lau proposamen jaso ditu Intiak. Lehena litzateke egungo egoerari eustea. Bigarrenak 15.000 hektarea ureztatu ahal izateko aukera jartzen du mahai gainean, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du ubidearen bigarren fasea. Hirugarren proposamenak Val urtegiko ura baliatzea aipatzen du, haren bidez 5.000 hektarea ureztatzeko. Hektarea kopuru bera ukituko luke azken proposamenak: Lodosako ubidea baliatuko luke, eta ureztatze sistemak hobetzeko beharra jartzen du mahai gainean, gainera. Datozen hilabeteotan, proposamen horiek guztiak aurkeztuko dizkiete Intiako kideek nekazariei, eta ureztatzaileen komunitateetan bozketak egin beharko dituzte, bat edo bertze aukeratzeko.

Urbizik ontzat jo du Intiak egindako lana, eta, batez ere, nekazariei parte hartzeko aukera eman izana. Mendiguren kritiko agertu da, ordea, Nafarroako Gobernuarekin. Izan ere, 2015ean iragarritako eztabaida prozesua amaitu baino lehen egin du administrazioak bigarren fasearen alde. "Hainbat proposamen aurkeztu, baina bat hobetsi du jada: ubidea Pitillastik Ablitasera eramateko asmoari eutsi dio gobernuak". Bigarren fasearen aldeko apustuak "Canasaren tunelean aurrera egitea" ekartzen duela salatu du.

Canasa Espainiako eta Nafarroako gobernuek osatutako enpresa publikoa da; haren ardura da ubidea egitea. Urbiziko kideen hitzetan, enpresa horren "finantza krisia" estaltzea da, neurri handi batean, bigarren fasearen helburua. "2014. urtean, 8,6 milioi euroren galerak izan zituen, eta 10,5 milioi eurorenak, berriz, 2015. urtean", aipatu izan du Charo Brinquisek. Haren hitzetan, galera horien atzean dago uste baino diru gutxiago jaso duela ekoizpen hidroelektrikoagatik, uraren kontsumoa ere uste baino txikiagoa izan dela, eta proiektuaren plangintza ekonomikoa, gainera, ez dutela ongi egin. "4-5 milioi euroren gastuak ditu Canasak urtean, mantentze eta ustiatze lanengatik, baina hori ez da inongo paperetan ageri", erantsi du Brinquisek.

Intiak egindako txostena ontzat jo du Mendigurenek, baina ez, ordea, Nilsa enpresa publikoak osatutakoa. Intiak ureztatzeko beharrak aztertu ditu; Nilsak, berriz, hornidurarakoak. Etxeetara, zerbitzuetara eta industrietara ailegatzen den urari buruzkoak dira Nilsaren ardurak, hain zuzen ere. Mendigurenek salatu du Nilsak bigarren fasearen alde egin duela bere txostenean, eta zalantzan jarri ditu lan horretan jasotako ur beharrak.

Iruñerriko Mankomunitatearekin alderatu ditu Mendigurenek datu horiek. "2015ean, etxeetan, zerbitzuetan eta industrian 30 hektometro kubo kontsumitu ziren Iruñerrian; 360.000 biztanle ditu. Erriberan 90.000 dira, eta 18,5 hektometro kuboko beharrak jarri ditu Nilsak mahai gainean". Fito Jimenezek ere zalantzan jarri ditu kopuru horiek, eta uste du ez dutela justifikaziorik. "Iruñerriko kontsumoa halako bi dute Erriberan; kontrolatu gabeko uraren kopurua ere izugarri handia da; urak ihes egiten duela erran nahi du horrek, bertzeak bertze. Beti gertatu da datuak puztu direla ubidea justifikatzeko", erantsi du Urbiziko kideak.

Garai batean, adibidez, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen Itoizko urtegia eta ubidea egin behar zirela Iruñerriak txorrotako ura behar zuelako. Errealitatea da Iruñerriak gutxitan kontsumitu duela Itoizko ura. "1,1 milioi euro ordaintzen ditu Iruñerriko Mankomunitateak, urtean, erabiltzen ez duen uragatik", salatu du Mendigurenek. Hau da, kopuru finkoa da hori, ura kontsumitu edo ez ordaindu behar dena. Egoera hori aldatu nahi du mankomunitateak berak, eta, antza, aurten kopuru horren erdia ordaintzeko akordioa egin du.

Datuen inguruko kezkak agerian utzi ditu Urbizik, baina ez du ukatu Erriberan arazo bat dagoela uraren kalitatearekin, eta konpondu beharra dagoela aitortu du. Zalantzan jarri du, ordea, bigarren fasea gauzatzea aukerarik onena ote den hori egiteko, eta alternatiba gisa aipatu ditu El Ferial urtegia eta Queilesko iturriak.

Nekazaritza eredua

Gobernuak, oraingoz, ubidearen bigarren fasearen alde egin du horniduraren esparruan dauden arazoak konpontzeko eta lurrak ureztatzeko sistema gisa. Aurreko gobernuek mahai gainean jarritako datuak ez lirateke beteko, hala ere. Bigarren faseak 21.500 hektarea ingururi eraginen ziela erran izan da urte luzez; oraingo gobernuak uste du 15.000 hektarea inguru ureztatzeko gaitasuna duela ubideak, eta, kopuru horretatik abiatuta, 9.000-10.000 hektarea inguruko azalera proposatu du. Lur azpitik obra %40 merkeago izanen litzatekeela erantsi du.

Datuez eta kopuruez harago, nekazaritzari buruzko ikuspuntu zabalago bati eusteko beharra nabarmendu du, hala ere, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberok. Urtegiaren eta ubidearen aurka agertu da sindikatu hori hasieratik, eta halako azpiegiturek ekartzen dituzten kalteak berretsi ditu Iberok, berriz ere. Batetik, salatu du ubideari lotutako ereduak bazter uzten dituela nekazari txikiak, eta monolaborantzako lurrak hedatzen dituela. Ubidea nekazarientzat uste zuten baino garestiagoa dela ere salatu du, eta gobernuak proiektua "saldu" egin duela, "zentzuzko plangintza" egin gabe.

Bertzetik, Iberok agerian utzi du ubideak erabat baldintzatzen duela Ingurumeneko, Landa Garapeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurrekontua. "Bertzelako laguntzetarako dirurik ez da; aurrekontua 76,7 milioi da, eta 21 zuzenean doaz ubidearentzat".

Kexa horrekin bat egin du Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecak; bertze hainbat departamentuk ere gastuaren zati bat hartu beharko luketela uste du; Canasak ureztatzaileei kobratzen dienarekin ere baditu desadostasunak. "Argi dut erabiltzaileok ordaindu behar dugula azpiegituraren zati bat; baina obra guztia egin gabe, orain lanean ari garenok ari gara azpiegitura osoa ordaintzen". Eta ez du bidezkotzat jo. Ubidearen alde egin du, hala ere, argi eta garbi. Eta nekazari gehienen artean ere jarrera azpiegitura horren aldekoa dela uste du. "Lehen fasean, lurren %12 baino ez dira gelditu proiektutik at".

Bertze datu bat, Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak eragindako guztien artean. Azpiegitura horien benetako dimentsioari neurria hartzea, hala ere, ez da erraza. Lehen fasea egina da. Bigarrena, oraingoz, mahai gainean. Harekin batera, batzuen kezkak, eta bertzeen itxaropenak. Behar ote den da gakoa.

Ogirik nahi ez duenari, taloa

Ogirik nahi ez duenari, taloa

Edurne Elizondo

Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozeramaile Alberto Friasek ez du ezkutatu gertatu denak "harritu" egin duela. "Harritu, bai eta haserretu ere", argi utzi duenez. "Inoizko jokalekurik okerrena dugu aurrez aurre", nabarmendu du Friasek. Azken asteotan hainbat udaletan jasotako mezuak eragin du egoera hori: Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak ezagutarazi die martxan jarri duela Ezkio-Itsaso eta Orkoien arteko 220 kilowatteko linea berrindartzeko proiektua. Ingurumenean izanen lukeen eragina aztertzeko prozesua abiarazi du jada. Proiektu horrek, hala ere, ez du ekarri aurretik mahai gainean zegoena bazter uztea. "Indarrean jarraitzen du Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artean 400 kilowatteko linea egiteko asmoak", salatu du Friasek. Ogirik nahi ez duenari, beraz, taloa eman nahi dio Espainiako Sare Elektrikoak.

Hemeretzi herritan jaso dute Espainiako Ingurumen Ministerioaren gutuna; haietako hamahiru dira Nafarroakoak. Orkoiengo azpiestazioak bi linea ditu: Altsasu-Orkoien 1 da lehena, eta Altsasu-Orkoien 2, bigarrena. Azken horrek Sakanako herriak zeharkatzen ditu, eta Etzegaratetik ailegatzen da Ezkio-Itsasora. "Hori da berrindartu nahi dutena", azaldu du Friasek. Hori egiteko, zazpi kilometroko azaleran dauden zuhaitzak moztu nahi dituzte, bertzeak bertze. "Haritzak eta pagoak dira hor dauden gehienak", zehaztu du Friasek.

Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak erantsi du linea berrindartzeko erabilitako argudioek agerian uzten dutela Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko 400 kilowatteko linea berria ez dela beharrezkoa. "Egungo linea berrindartzeko asmoa saltzeko, aipatu dute hori egiteak ekartzen ahal duela bertze linea berririk ez egitea; onartzen ari dira linea berririk ez dela behar", azaldu du Friasek.

Espainiako Sare Elektrikoak, ordea, ez du bertze linea hori egiteko proiektua bazter utzi. Inondik inora. "Aurrera jarraitzen dute", salatu du Friasek. "Argi dago ingurumenean kalte gutxiago eraginen lukeela jada eginda dagoen linea bat berrindartzeak, bertze berri bat egiteak baino; baina hemen biak egin nahi dituzte, eta hori ezin dugu inolaz ere onartu", berretsi du proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Espainiako Gobernuak 2011. urtean jarri zuen martxan 400 kilowatteko linea berri hori egiteko proiektuak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko azterketa egiteko prozesua. Behin betiko bidea erabaki eta gero, 2013. urteko udan alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Espainiako Gobernuak; Nafarroatik eta Gipuzkoatik, hain zuzen ere, 13.000 baino gehiago aurkeztu zituzten. Alegazio horiek ez dute erantzunik jaso, oraindik ere. "Proiektua geldirik dago, baina ez dute bertan behera utzi", ohartarazi dute plataformako kideek. Ingurumenean eta herritarren osasunean eraginen lituzkeen kalteak nabarmendu ditu Friasek.

Bozeramaileak berretsi du goi tentsioko linea berri horren helburua ere ez dela bertako herriak hornitzea. "Azpiestaziorik ez dute eginen; helburua da argindarra Frantziara eramatea", azaldu du. Hori bera salatu dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, behin baino gehiagotan. "Kontsumitzen dugunaren bikoitza ekoizteko gai gara; gisa horretako proiektuen atzean negozioa baino ez dago", erran du fundazioko kide Martin Zelaiak. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artekoa, gainera, ez da proiektu bakarra. Sustrai Erakuntzak mahai gainean jarri du, azken hilabeteotan, Europak bertze linea bat bultzatu nahi duela Iruñerritik Landetara, Pirinioak zeharkatuz.

Gobernua, isilik

Espainiako Ingurumen Ministeriotik jasotako mezuari erantzuten hasi dira udalak. "Alegazioak aurkeztuko ditugu". Alberto Friasek onartu du, hala ere, proiektu berriak "ezustean" harrapatu dituela herri anitz, eta zenbaitetan, segur aski, erantzuteko epez kanpo izanen direla. Amore emateko asmorik ez dute, hala ere.

Plataformak, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak duen ardura jarri du mahai gainean. Bozeramaileak erran du jakin badakitela Espainiako Sare Elektrikoko arduradunek bilerak egin dituztela Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin. "Ez dute hitzik ere erran, ordea", salatu du Friasek.

Gogoratu du, gainera, plataformak iazko maiatzean eskatu ziola bilera Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdiri. "Ez dio erantzunik eman gure eskaerari". Ondorioz, Nafarroako presidente Uxue Barkosi zuzendu diote, orain, bilera egiteko eskaera. Gobernuko arduradunen "isiltasuna" ez du batere ontzat jo Friasek, eta gogoratu du egungo gobernua babesten duten taldeen arteko akordio programatikoan jaso zela goi tentsioko linearen auzia.

Akordio horretan aipatu zuten, hain zuzen ere, azterketa bat eginen zutela goi tentsioko beste linea bat beharrezkoa ote zen edo ez zehaztu ahal izateko. Proiektuak kalte egindako herrietako biztanleen iritzia kontuan izanen zutela jaso zuen agiriak, gainera. "Baina ez dute gurekin hitz egin nahi", salatu du Friasek. Eta kezkagarritzat jo du egungo egoera. Plataforman ez daude prest ogia eta taloa jasotzeko.

Hegan egin nahi du

Hegan egin nahi du

Kattalin Barber

Gaur egun Arrosadia dena garai batean Mochuelo auzoa izan zen. Gutxi idatzi da Mochuelori buruz, baina, diotenez, bizilagunek ez zuten gustuko auzoaren izen hori, eta Iruñeko Udalari aldatzeko eskatu zioten, 1937. urtean. Orain, Arrosadia Bizirik batzarrak auzoaren izen zaharra zena eta, aldi berean, auzoko ikurra dena omendu nahi izan du, eta La Motxuela aldizkaria kaleratu berri du. Auzoko lehen aldizkaria da, auzoak egina auzoko kideentzat. Mozoloak hegan egin nahi du, eta hasi da hegalak astintzen.

"Auzoko ahots guztiak bildu nahi ditugu", esan dute Oihana Loreak, Alberto Uriartek eta Xabier Sardak. Hirurak dira Arrosadia Bizirik batzarreko kideak, eta auzo bizi baten alde ari dira orain dela hiru urtetik hona. Auzoan jazotakoa "ikuspegi positibo" batean ikusarazi nahi dute, eta horren ariketa praktikoa da La Motxuela.

Aniztasun handiko auzoa da Arrosadia, baina urteetan "baztertuta eta utzita" dagoen sentsazioa izan dute auzokide askok. "Batzarra sortzera bultzatu gintuen helburu berari eusten diogu oraindik: auzoa piztu, eraldatu eta koloreztatu nahi dugu, hemengo bizilagunok hobeki bizi gaitezen", azaldu du Sardak. Auzoko hainbat kolektibo eta bizilagunek osatzen dute Arrosadia Bizirik. Besteak beste, Arrosadiko Eguna antolatzen du urtero batzarrak.

Orain dela urte batzuk hainbat komunikabidek auzoari buruz argitaratu zituzten "albiste negatiboei" eta horiek izan zuten eraginari aurre egin nahi zioten batzarraren bidez. "Drogak, etxabeak... Bazirudien dena txarra zela Arrosadian. Horri buelta eman nahi izan genion batzarra sortuta", bat egin dute hirurek. Ekin eta lortu. Egun, auzoaren irudia bestelakoa dela argi dute auzokideek.

"Orain badago saltsa", adierazi du Loreak, eta hainbat adibide jarri ditu mahai gainean: joan den urteko maiatzean ospatu zen auzoan Arrosadia nola? izenburuko jaialdia, adibidez, eta, ekainean, berriz, Artisten Auzoak hartu zituen Arrosadiko kaleak, lau egunez. Ekinaldi horiekin guztiekin auzoa indartzen ari dela uste dute.

Ildo beretik mintzatu da Uriarte. Aspalditik zuten aldizkaria sortzeko ideia, baina unerik egokiena orain izan dela uste du: "Arrosadiko eta Santa Maria La Realeko auzokideei beren nahiak eta kezkak askatasunez adierazteko aukera eman nahi dien hedabide bat da gurea". Interesa duen edonork aukera du La Motxuelan idazteko.

Mila aleko argitaraldia izan du, eta Arrosadia Bizirik elkartearen asmoa da urtean lau aldizkari egitea. Auzoko liburutegian, osasun etxean eta hainbat saltoki eta tabernatan eskuragai dago jaio berri den aldizkaria. Auzokideen erantzuna ona izaten ari dela diote hirurek, eta interesa agertu dutela: "Ikusmina sortu du".

Gainera, hainbatek adierazi dute bertan parte hartzeko nahia, eta dagoeneko lanean ari dira bigarren zenbakia argitaratzeko: "Malguak gara, eta aldizkaria moldatuko da edukira, ez alderantziz", azaldu du Loreak. Besteak beste, bigarren eskuko arropari buruzko erreportaje bat, auzoan sortu berri den denbora bankuaren egitasmoaren inguruko informazioa eta Arrosadian tailerra duten bi artistari eginiko elkarrizketa jasotzen ditu aldizkariak lehendabiziko zenbakian.

Lehen zenbakiko artikulu gehienak gazteleraz diren arren, euskara beti presente egonen dela adierazi dute sustatzaileek. "Editoriala ele bitan da, eta asmoa da bakoitzak bere hizkuntzan idaztea. Adibidez, Errumaniako norbaitek errumanieraz idatz dezake. Aniztasuna da gure arma", nabarmendu du Loreak. Aldarrikatu egin nahi dute auzoko aberastasun kulturala, argi baitute hori dela auzolagunak batzeko bidea.

Arrosadiko bilgune

Printzearen Harresi haur eskola zaharra da egun auzoko bilgune. Han egiten dute bat Arrosadia Bizirik batzarrak, Yoar elkarteak, jai batzordeak, Munduko Medikuek, Madre Coraje elkarteak eta erraldoien konpartsak, esaterako. "Yoar gazte elkartearen urteetako eskakizuna izan da, eta orain dela hiru bat urte utzi zigun udalak", azaldu du Sardak.

Oraindik bukatuta ez dauden arren, udalak obrak egin ditu, eta egoitza beharretara egokitzen ari da, auzoko talde guztiek beren jardueretako lekua izan dezaten, hain zuzen ere.

Bizi-bizirik dago Arrosadia, eta La Motxuela aldizkariak auzokide guztiekin hegan egin nahi du, guztiak "ongi etorriak" direlako. "Gure jarduna ezagutarazi nahi dugu, eta, aldi berean, elkarlanean auzoa eraiki", berretsi du Uriartek. Horretarako, aldizkaria jarri dute bitartekari lana egiteko tresna gisa, eta bidean jende gehiago batzea da asmoa. Izan ere, aniztasuna da auzoaren sor-marka, eta, mozoloa, berriz, ikurra.

Autoen hiria ez da oinezkoena

Autoen hiria ez da oinezkoena

Edurne Elizondo

Estatistikek islatzen dituzten datu hutsez harago, bat-bateko heriotzak eragindako samina dago, beti, auto harrapatze baten atzean. Iruñean gora egin du gisako gertaeren inguruko kezkak, hilaren 11n auto batek 76 urteko emakume bat zebra-bide batean harrapatu eta gero; bertan hil zuen. Orduko 50 kilometroko abiadura muga, eta hainbat semaforo eta zebra-bide ditu errepide horrek; abiadura kontrolatzeko radarra ere bai. Hala eta guztiz ere, gertatzen diren istripuak kontuan hartuta, bide hori da hiriko arriskutsuenetako bat.

2013tik 2016ra zazpi pertsona hil dira Iruñean, autoek harrapatuta. "Oro har, istripuek behera egin zuten 2008tik 2015era, krisiak gogorren jo zuenean, alegia, denbora tarte horretan autoen erabilerak ere behera egin zuelako", azaldu du Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotzi Armando Cuencak. "Autoen erabilerak pixka bat gora egin orduko, ordea, gora egin du istripuen kopuruak ere". Neurri eraginkorrak martxan jartzeko ordua dela uste du zinegotziak, eta orain arte udaletxeko pasabideetan errandakoa mahai gainean jarri du, herritarrek Aranzadiko kideen proposamenaren berri izan dezaten: "Iruñea orduko 30 kilometroko abiadura muga duen hiri bilakatu nahi dugu".

Proposamen horren bidez garbia da Cuencaren taldeak ezarri nahi duen politikaren norabidea: autoak egun duen nagusitasuna bazter utziko duen hiri eredu bat nahi du. Oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emanen diena. "Hiri eredua baitago harrapatzeen atzean", nabarmendu du zinegotziak.

Autoek harrapatuta hildako herritarren adinari egin dio so Cuencak, halaber; izan ere, 2013tik 2016ra hildako zazpi pertsonetako bostek 70 urte baino gehiago zituzten; denbora tarte horretan 85 pertsona larri zauritu ziren istripuen ondorioz, eta haietako 43 ziren 70 urte baino gehiagokoak. "Iruñea ez da hiri egokia zaharrak oinez ibiltzeko", laburbildu du zinegotziak. Kontuan hartuta populazioa gero eta zaharragoa dela, eredua "lehenbailehen" aldatzen hasteko beharra berretsi du. Iruñeko biztanleen %22k dituzte 65 urte baino gehiago, jada.

Presioa, karrikan

"Gipuzkoako etorbidean gertatu dena ez da istripu puntual bat; hiri eredua da arazoa", bat egin du Cuencarekin Aitor Txarterinak, 8-80 Iruñea plataformako kideak. Elkarretaratzea egin zuten talde horretako kideek, joan den astean, istripua jazo zen toki berean. "Harrapatze bat gertatzen den bakoitzean aterako gara kalera; askotan, ezkutuan gelditzen dira halakoak. Hiriak segurua izan behar du 8 eta 80 urte bitarteko herritarrentzat, eta, gaur-gaurkoz, hori ez da gertatzen".

"Presioa" egin nahi du 8-80 Iruñea plataformak, hain zuzen ere, autoaren nagusitasunari aurre egiteko. Iruñeko Udala "norabide onean" dela uste du Txarterinak, baina erantsi du aldaketak ez direla gertatzen ari nahi bezain azkar eta nahi bezain sakon. Oposizioko taldeen jarrera ere kritikatu du, autoaren nagusitasuna nabarmentzen duen sistema aldatzeko saioei trabak jartzen dizkietelako.

Cuencak ere argi du lanean hasteko ordua dela. Berandu baino lehen hasi behar dutela neurriak martxan jartzen egungo sistema aldatzeko. "Badakigu herritar guztiak ez direla kontent izanen Iruñean orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzen badugu, baina neurri hori ezartzea merezi du, segurtasunaren alde", defendatu du Cuencak. Erantsi du, gainera, Iruñea zeharkatzeko batez besteko abiadura, gaur egun, orduko 15 kilometrokoa baino ez dela.

"Auto batek norbait harrapatzen badu orduko 64 kilometroko abiaduran, hiltzeko arriskua %85ekoa da; orduko 30 kilometroan, berriz, %5ekoa", azaldu du Iruñeko Udaleko zinegotziak. Cuencak argi du helburuak izan behar duela inor ez hiltzea auto batek harrapatuta.

Galiziako Pontevedra hiria jarri du eredu. Han, orduko 30 kilometroko abiadura muga dute. Hiriko erdiguneko karrikak oinezkoentzako egokitu dituzte, eta bizikletari eta garraio publikoari ere eman diete lehentasuna. "Emaitzak hor daude; azken bost urteotan ez da inor hil harrapatzeen ondorioz", nabarmendu du Cuencak.

Administrazioak hirian gertatzen diren istripuen ardura bere gain hartu behar duela argi du zinegotziak: "Helburutzat hartu behar dugu hildako bakar bat ere ez izatea administrazioaren utzikeriagatik. Hori nahi dut nik Iruñean".

Administrazioak erantzukizunaren bere zatiaren ardura bere egin behar duela argi du Aritz Romeok ere. Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzia da. Aitortu du "oso berri txarra" izan dela Gipuzkoako etorbidean gertatutako harrapatzea. "Hasi gara errepide hori aztertzen, berriz ere halakorik gerta ez dadin", azaldu du.

Neurri batean bat egin du Romeok Cuencarekin. "Iruñeko abiadura mantsotzea beharrezkoa da", nabarmendu du zinegotziak. Ez du hain argi, ordea, hori lortzeko bidea Nafarroako hiriburua orduko 30 kilometroko hiri bilakatzea dela. "Horretara jo behar dugu, baina batez besteko abiadura muga gisa. Kalez kale aztertu behar dugu hiria, kalez kale neurririk egokienak ezarri ahal izateko; zenbaitetan inportantea da zirkulazio arina izatea".

Agerian gelditu dira Aranzadiko eta EH Bilduko kideen iritzien artean dauden aldeak. Cuencak neurri orokor gisa hiri osoan ezarri nahi duena Romeok hainbat kaletan baino ez du egokitzat jotzen. Ermitagaña karrika jarri du Cuencak desadostasun horren adibide. "Udaltzaingoak uste du 50eko abiadura mugari eutsi behar zaiola hor, Nafarroa etorbideko zirkulazioa arintzeko balio duelako. Autoari ematen dio lehentasuna erabaki horrek, berriz ere".

Asmo guztietan ez dute bat egin, baina Romeok onartu du egoera hori aldatu beharra dagoela. Autoari egun duen protagonismoa kendu behar zaiola. Bere sailak hori lortzeko esku artean dituen proiektuak nabarmendu ditu zinegotziak. "Navas de Tolosa kalea autobusentzako bide bilakatuko dugu", azaldu du. Horrekin batera, egun errepide batek moztuta dauden Taconera eta Basotxo berriz ere elkartzea da udalaren asmoa. "Autoak hortik kanpo geldituko dira". Proiektu horren bidez, helburu nagusia da Jose Alonso karrikako zirkulazio arazoak konpontzea. "Bide bakarreko kalea da, eta, egun, 10.500 auto pasatzen dira handik; xedea da kopuru hori 3.000ra jaistea". Armada etorbidea erabili beharko dute autoek.

Hiriko errepide nagusiak dira, hain zuzen ere, oinezkoentzako arriskutsuenak. Horixe nabarmendu du Cuencak. "Zaragozako, Sanduzelaiko, Gipuzkoako etorbideak, bai eta Pio XII.arena ere". Halakoetan eta, oro har, hiri guztian gidatzeko dauden moduak "aztertzeko beharra" jarri du mahai gainean 8-80 Iruñea plataformako Aitor Txarterinak. Gogoratu du garai batean hiritik kanpo gelditzen ziren bide zabalak Iruñe barruan direla egun, eta horrek are arriskutsuago bilakatzen dituela oinezkoentzat.

Neurriak eskatu ditu plataformak, eta neurriak behar direla onartu dute udaleko arduradunek. Badute lanean hasteko tresna: 50.000 euroko diru saila ekarri duen bide segurtasunerako plana. Iruñea mantsotzea da helburua; berandu baino lehen.

Udaberriak jo du Erronkari

Udaberriak jo du Erronkari

Edurne Elizondo

Etnografiak eta landareen biologiak bat egin dute Erronkarin, eta elkarlan horren emaitza da Erronkari ibaxako gida etnobotanikoa izenburuko lana. Euskaraz eta gaztelaniaz plazaratu berri du Lamiñarra argitaletxeak. 400 orrialde baino gehiagoko liburua da, eta, 211 fitxaren bidez, 300 landareren baino gehiagoren berri jasotzen du. Udaberriak bertze inon baino lehenago jo du Erronkariko bazterretan.

300 landare horiek ez dira, inondik inora, Erronkarin dauden guztiak. "Lagin txiki bat besterik ez da", gidaren egileek nabarmendu dutenez. Gisako lehendabiziko gida da, ordea, eta bide bat zabaltzen duelako badu balio erantsi bat, hain zuzen ere, Pascualek eta Ordunak argi utzi dutenez. Liburuaren bitartez, paisaiaren eta Erronkariko biztanleen arteko harremana jorratu dute. "Paisaiaren eta kulturaren arteko harremana, alegia", Ordunak zehaztu duenez.

Etnografoa da Orduna, eta 1998an hasi zen Erronkarin lanean. Lanbideak eman zion Erronkariko herrietako bizilagunek paisaiarekin duten loturaren berri, hain zuzen ere. Orain arte landutako gaiez harago jo nahi zuen, eta horregatik jarri zen harremanetan Virginia Pascualekin. "Gizakiek naturan utzitakoa eta, alderantziz, naturak gizakiengan utzitako hori aztertzeko". Landareen biologian doktore da Pascual. Malagakoa da (Espainia), eta Lamiñarrak plazaratutako liburuarekin izan du Erronkari aurrenekoz ezagutzeko aukera. "Oro har, etnobotanikako lan gutxi egin dira hemen. Hego Ameriketan ari dira esparru hori lantzen, batez ere".

Erronkariko landareak aztertzeko, hango herrietan gora eta behera aritu dira Orduna eta Pascual. Batetik, Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute, Erronkariko lurren %60 inguru babestutako eremua baita. "Gobernuak hasieratik bat egin du gure lanarekin, Erronkariko biodibertsitatea ezagutzeko lagungarria baita; ezer gutxi jorratu denez gaia, guk lortutako datuak Ingurumen Departamentuarentzat ere badira baliagarriak", azaldu du Pascualek.

Bertzetik, herritarren parte hartzea nabarmendu dute gidaren egileek. Izan ere, herriz herri, Erronkariko biztanleen ahotik jaso dute landare baten eta bertzearen inguruko informazioa. "Landareen izenak eta landare horiek zertarako erabiltzen zituzten azaldu digute, bertzeak bertze", erantsi du Ordunak.

Jakintza tradizionala

Egileek bat egin dute: "Garrantzitsua da herriotako biztanleen ezagutza ez galtzea". Eta liburua zabaltzeko, hain zuzen ere, erronkariarren eta lurraren arteko lotura agerian uzten duen kopla jaso dute: "Ardantzak/ emoitan dei ardaua/ eta alorrak garia,/ atzeek fruitua eta,/ kartxiriak kaparrona".

Pascualek eta Ordunak gogoratu dute Nazio Batuek 1992. urtean dibertsitate biologikoari buruz egin zuten hitzarmenean jaso zutela landareei eta beren erabilerari buruzko jakintza tradizionala balio handikoa zela biodibertsitate horri eusteko, hain zuzen. Erronkariko landareen inguruan osatu berri duten gida etnobotanikoa da jakintza horren adibide. Egileek gaztelaniaz eta euskaraz eman dituzte landare horien izenak, eta herriz herri erabili izan dituztenak ere jaso dituzte, kasu anitzetan, Erronkariko euskaraz.

Izen horien eta landareen marrazkiekin eta argazkiekin batera, herriz herri zituzten erabileren berri jaso dute egileek. Basaporruari, adibidez, auxporru erraten zioten erronkarieraz. Hau da, frantses porrua. Mendian jasotzen zuten, eta jateko erabiltzen zuten. Astigarra, berriz, zuhaixka gogorra zenez, eskailerak egiteko baliatzen zuten, batez ere. Lapabelarra, bertze landare anitz bezala, zauri txikiak sendatzeko erabiltzen ohi zuten. Burgin, halere, lore zurixkako landare igokari bati erraten diote lapa. Hormetan gora gogoz egiten du landare horrek.

Burgin, hain zuzen, liburuaren lehendabiziko aurkezpena egin dute egileek jada. Herriz herri aurkezteko asmoa badute, hala ere, "jasotakoa itzultzeko", Ordunaren hitzetan. Berretsi du haiek egindako gida Erronkariko landareak ezagutzeko lehen urratsa baino ez dela, eta beren lanak ekarriko dituela bertze anitz.

Gurpil zorotik atera nahian

Gurpil zorotik atera nahian

Kattalin Barber
Nafarroako Gobernuaren babespeko etxebizitzak kudeatzen dituen fundazioa da Xilema. Adingabeekin eta bazterketa egoeran dauden pertsonekin lan egiten dute, batez ere. Asteon protesta egin dute langileek, enpresak "lan baldintza onargait...

Kartzela espetxearen barruan

Kartzela espetxearen barruan

Edurne Elizondo

Euskal Herriko Bilgune Feministak elkartasuna espetxeko atariraino eramanez ospatu du bere 15. urteurrena. Martxa egin zuten 300 inguru emakumek, asteburuan, Valladolideko (Espainia) kartzelan preso direnei babesa helarazteko. Han izan ziren Bullerak taldeko kideak ere. "Sekulakoa izan zen; bozgorailu handiak genituen, eta presoek aukera izan zuten ekitaldi osoa entzuteko". Elkartasuna, ziegaraino.

Bullerak taldeak ere kartzela izanen du hizpide datorren astean, Emakumeak, bollerak, transak eta espetxea izenburuko jardunaldietan, hain zuzen ere. Hilaren 23tik 25era eginen dituzte, Iruñeko Txoko Feministan. Valladoliden bezala, preso guztiak eta espetxe sistema bera jarri nahi dituzte antolatzaileek eztabaidaren erdigunean.

"Euskal gatazkaren harira, askotan hitz egin da preso politikoei buruz, eta azkenaldian, gainera, emakume presoen inguruko hainbat jardunaldi ere egin dituzte. Konturatu ginen, ordea, irakurketa horietatik kanpo gelditzen zirela heteroarauaren barnean ez diren bestelako subjektuak, bollerak eta transexualak", azaldu dute Bullerak taldeko kideek. Horregatik, oraindik ere ezkutuan gelditzen den errealitate ikusezin hori azaleratzen saiatuko dira jardunaldien bidez. Espetxea barrutik ezagutu dutenek eta erakunde hori aztertu dutenek hartuko dute hitza.

Kartzelako hormen bi aldeetatik antzekoa da erakunde horren inguruan egiten den hausnarketa orokorra: espetxeak heteropatriarkatuaren parte direla, eta, ondorioz, emakumeentzat zigor bikoitza ekartzen dutela; emakume izateagatik, bai eta emakume lesbiana edo transexuala izateagatik ere. "Genero erakunde bat da kartzela; sistema erabat androzentrikoa", nabarmendu izan du Maria Ruiz Torrado antropologo eta ikertzaile feministak. Esparru horretan, emakumeak aldi berean "biktimizatu eta kriminalizatu" egiten ditu espetxeak, aditu horren hitzetan: "Estigmatizazio berezia gertatzen da; espetxean direnak, nolabait esanda, anti-emakumeak dira, han nagusitzen den ikuspegi hegemonikotik begiratuta".

Horri buruz zer erran badu Amaiak. Nahiago du bere izena ez eman. Barrutik ezagutu du kartzela, eta sufritu du zigor moral horren zama. "Espetxean direnak, finean, emakume estereotipo bati lotutako ezaugarriak ez dituzten andreak dira; arau sozialak hautsi dituztenak. Horrek zigor berezia ekartzen du", azaldu du. Bekatu da, finean, arau horien kontra egitea, delitua bainoago.

Amaiak eskertu egin du Bullerak taldeak kartzelari buruzko jardunaldiak antolatu izana, haren ustez espetxeko hormen artean gertatzen dena zabaltzeko aukera ematen dutelako gisa horretako ekinaldiek. Argi eta garbi erran du: "Pertsona guztien berezko espazioa askatasuna da; gure izaeraren kontra egiten du, beraz, espetxeak. Emakumeontzat izaten dira, gainera, kartzela barruko baldintzarik gogorrenak".

Espaziorik kaskarrenak eta txikienak izaten ohi dira emakume presoentzat. "Finean, espetxea gizonezkoentzat diseinatuta eta pentsatuta dago", berretsi du Ruiz Torradok. Kartzelako hormek ezkutatzen duten horri buruz, baina, ezer gutxi dakite pareten bertze aldean bizi direnek. Jardunaldiak prestatzeko, espetxea ezagutu dutenekin mintzatu dira Bullerak taldeko kideak, eta haien ahotik entzun dituzte errealitate horren berri ematen duten pasadizoak. "Preso egondako emakume batek azaldu zigun espetxean protesta egiten hasi zirela kartzelako gizonei patioko espazioa txikitu nahi zietelako; bat egin zuten haiekin erabaki horren aurka. Funtzionario baten ahotik jakin zuten, ordea, gizonena baino anitzez ere txikiagoa zela emakumeena".

Ondoan gertatzen zenaren berri ez zuten espetxe horretako emakumeek. Herritarrek ere ez dute ezagutzen. "Garai batean, hirietako erdigunean ziren kartzelak, baina hirietatik kanpora ateratzea da oraingo joera. Iruñekoa da horren adibide. Espetxera ailegatzeko autobusik ere ez dago", erran dute Bullerak taldekoek.

Bakardadea eta bazterketa

Kartzelak, bazterrean, eta bazterketa espetxeko hormen artean ere. Amaia preso politikoa izan zen, eta bere uste politiko eta sozialak indartu baino ez zituen egin espetxe barruan, nabarmendu duenez. Kanpoan elkartasun eta babes sare zabala izateak anitz lagundu ziola aitortu du. Bertzelakoa da, ordea, preso diren bertze emakume anitzen eguneroko errealitatea. "Preso sozialen artean, bereziki emakumeen artean, bakardadea eta bazterketa dira eguneroko kontu", azaldu du. Ateratzen direnean ere aurrera egin ahal izateko gutxieneko baldintzak falta dituztela nabarmendu du preso ohiak.

Preso sozialen eta politikoen lekukotasunak jaso ditu Ines Herrero ikasketa feministetako eta genero ikasketetako adituak. Esparru jakin bati egin dio so, hala ere: emakume presoen arteko harreman sexuafektibo eta desira lesbikoaren inguruko gogoetari, hain zuzen ere. Herrerok aitortu du "ezjakintasunetik" abiatu zuela bere lana. "Ez nuen espetxeetan gertatzen zenaren berri. Bollera naiz, eta lotu nahi nuen desiraren auzia espetxe barruko emakumeen erresistentziarako estrategiekin; galdera anitz nituen, eta argitu nahian osatu nuen nire lana", azaldu du adituak.

Desira bere zentzurik zabalenean aztertu du Herrerok, eta emakumeekin egindako elkarrizketen bidez baieztatu du desira hori presente dagoela espetxean. "Mugarri bat da, gainera, emakume horientzat". Preso diren emakumeek ez dute deus kontrolatzen kartzela barruan. "Desira, beraz, erresistentziarako tresna bilakatzen da; emakumeek erabakitzen dute beren gorputzekin zer egin nahi duten". Emakumeen arteko harreman sexuafektiboez harago, laztan batek, patioan korrika egiteak, gutun bat idazteak, norekin egon edo norekin ez erabakitzeak, halako urratsek ematen diete bidea espetxe barruko giro arrotzean aurrera egiteko.

Lesbianek espetxean estigmaren zama gainean dutela azaldu du Herrerok. "Ezkutuan aritzen dira anitzetan". Azaldu du, halaber, emakumeek hartutako espazio batean sistema patriarkalaren jokabideak errepikatzen direla, neurri batean, gizonen rola betetzen duten emakumeen bidez. "Inguru arrotz batean aurrera egiteko estrategia bat da". Adituak erantsi du preso sozialen kasuan izaten direla bakarrik sentitzen diren emakumeak; inolako babesik ez dutenak, gainera, edo babes hori galdu dutenak. "Preso politikoen artean bada taldea osatzeko joera; elkarri babesa ematekoa. Zigorraren zama, hala ere, handiagoa izaten da haientzat, eta preso sozialekin bat egiten ere ez diete uzten funtzionarioek, zenbaitetan. Kanpoan, baina, babes zabala jasotzen dute".

Denboran atzera egin du Raquel Osborne soziologoak bere lanetako anitzetan, eta preso politikoen eta sozialen arteko bertzelako harreman bat deskubritu du, frankismoaren garaiko espetxeetan. "Politikoek ez zuten sozialekin bat egiten; sozialen artean anitz ziren prostituzioan aritzeagatik espetxeratutakoak. Haien arteko aldea nabarmentzen zuten preso politikoek; nolabaiteko garbitasunari eutsi nahi zioten", azaldu du Osbornek. Harriduraz hartu ditu egungo hainbat historialarik orduko kartzelen inguruan egindako azterketak, eta historialari horiek ere frankismoaren garaiko preso politikoen garbitasuna defendatzen dutela azaldu du. "Eztabaidak izan ditut haiekin; erran izan didate beren presoak zikintzen ditudala nire diskurtsoarekin", erantsi du Osbornek.

Frankismoaren garaiko espetxeak aztertzerakoan emakume presoen artean gertatzen ziren harreman sexuafektiboak jorratu ditu Osbornek, hain zuzen ere. Borondatezko eta bortxazko harremanak jarri ditu mahai gainean. "Garai batean, mojak izaten ziren presoen zaindari, eta badira mojen eta presoen arteko harremanen lekukotasunak. Noski, kasu horretan harremana ez da berdintasunezkoa; presoak, finean, giro arrotz eta bortitz batean bizi ziren, eta ahul ziren sistemaren aurrean".

Anitzez ere arrotzagoa eta bortitzagoa zen espetxea emakume transexualentzat. Bizi zuten errealitatearen gordintasuna nabarmendu du Osbornek. "Arau heterosexistaren eta heteropatriarkalaren aurka egiten zuten emakumeok; sistemak gizonezkoen espetxeetara bidaltzen zituen, 2000. urtean legea aldatu zuten arte".

Frankismoaren garaia ikertu du soziologoak, eta 1970eko hamarkadaz geroztik gaur arteko errealitatea jorratzeko dokumental bat prestatzen ari da orain, bertze hainbat aditurekin batera.

Abolizionismoa

Gogoetarako hamaika gai ematen ditu espetxe sistemak. Kartzelen eta zigor prozesuen labirintoan emakumeek betetzen duten tokiari buruzkoa jarri izan du mahai gainean Paz Frances Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile eta Salhaketako kideak. "Emakumea desoreka egoeran dago esparru horretan. Zentzuzkoena da feminismoetatik gogoeta orokor eta sakona egitea zigor prozesuei eta espetxeari buruz".

Francesek argi du zigor boterea botere patriarkala dela. "Zigor esparrutik ematen den erantzunean beti agertzen dira boterea, patriarkatua eta zigorra, hain zuzen ere". Ondorioz, Salhaketako kideak nabarmendu du gatazkak konpontzeko, boterearen erabilera bazter utzi, eta bertzelako alternatibak mamitzen hasteko ordua dela. "Argi dago proiektu abolizionistak ez duela lerro zehatzik, oraindik ere, baina oinarri sendoak ditu, eraiki ahal izateko".

Espetxea ezagutu eta gero, Amaiak ere bere egin du gatazkak konpontzeko bertzelako alternatibak lantzeko beharra. "Uste dut Euskal Herrian gai garela bazterketarik gabeko tresnak garatzeko arazoei eta delinkuentziari aurre egiteko".

Egungo espetxe eta zigor sistematik abiatuta, hala ere, gogoeta bat jarri du preso ohiak mahai gainean, indarkeria matxistari buruz: "Gaur-gaurkoz uste dut feminizidio gisa har ditzakegun erasoen erantzuleentzat espetxea dela dugun alternatiba bakarra; kartzeletan, hala ere, gora egin du gisa horretako presoen kopuruak, eta espetxe askotan jada ez dira beste presoen artean gutxiengo bat. Horrek ekartzen du kartzelak arrisku eremu bilakatzea, eta kontuan izan behar dugu gizon horiek gizartera itzuliko direla. Feminista gisa, eta zigor sistema zalantzan jartzen duen pertsona gisa, uste dut erronka dela indarkeria matxistari nola aurre eginen diogun pentsatzea; espetxearekin erantzuteko tentazioa aztertu beharko genuke".

Azterketarako eta gogoetarako aukera emanen dute datorren asteko jardunaldiek. Hori da helburua. Abiapuntua argia da: "Espetxea, sistema gisa, munstro patriarkal bat da", nabarmendu dute Bullerak taldekoek. Zuzenean egin nahi diote so. Barrutik eta kanpotik ezagutu dutenei hitza eman. Ezkutuan dena azaleratzeko. Oraindik ikusezina dena eztabaidaren erdigunean jartzeko.