Gizartea

Behar direnak baino gutxiago

Behar direnak baino gutxiago

Edurne Elizondo

Nafarroako suhiltzaileek Cordovillan dute parke nagusia. Gutxienez 11 langilek egon behar dute han, egunean, baina kopuru hori ez da beti betetzen. "Gaur, adibidez, hamar baino ez gaude", azaldu zuen Jesus Reyk, duela astebete. Egoera "kaotikoa" da, suhiltzaile horren hitzetan. Ez bakarrik gutxi direlako, laster are gutxiago izanen direlako baizik. "49 urte ditut, eta gazteenetakoa naiz". Reyren kezkarekin egin dute bat suhiltzaile gehienek. Joan den astean karrikara atera ziren, protesta egitera. "Arazo larriak ditugu; larrienetakoa da suhiltzaile falta; zerbitzua bera dago kolokan", nabarmendu du langile batzordeko presidente eta LAB sindikatuko ordezkari Iñigo Balbasek.

Azkoiengo parkean aritzen da Balbas. 21 suhiltzailek egiten dute lan han, eta egunean, gutxienez, hiruk egon behar dute. Mintxo Astiz eta Igor Soto, berriz, Mugairikoan aritzen dira. 27 suhiltzaile ditu egoitza horrek, eta lauk egon behar dute, egunean, gutxienez. Cordovillako parke nagusian egin dute bat hirurek, beren ustez zerbitzuak egun dituen arazoak mahai gainean jartzeko asmoz. Han bezala, beren parkeetan ere gutxieneko suhiltzaile kopurua anitzetan ez dela betetzen salatu dute. "Egoera oso, oso larria da", berretsi du Balbasek.

Suhiltzaileen egunerokoa zailtzen duten kontuak utzi nahi izan dituzte agerian langile batzordeko buruak, Astizek eta Sotok. Batetik, suhiltzaile kopuruari buruz, zerbitzu egokia eskaintzeko gutxienekoa ez dutela betetzen erran dute: 340 langile dira, egun, eta 388koa da gutxieneko kopurua. "Adostutako kopuru bat da hori, ez da guk emana; eta, edozein kasutan, gutxienekoa litzateke, ez, ordea, egokiena", azaldu du Balbasek. Bertzetik, egun lanean direnen adinaren batez bestekoa 47 urte baino gehiagokoa dela erantsi du suhiltzaileak. Egoera horrek hainbat ondorio izanen ditu datozen urteotan, Balbasek gaineratu duenez; izan ere, 55 urterekin uzten diote suhiltzaileek ohiko lanak egiteari, eta bestelako lanetan hasten dira. Datuak jarri ditu LABeko kideak mahai gainean: "Legegintzaldia amaitzen denerako 100 suhiltzailek utzi izanen diote ohiko lana egiteari, denera, eta 45 baino ez dira sartu izanen lan taldean".

Desoreka nabarmena eta kezkagarria dela salatu du Balbasek. Adinagatik utziko dituzte 100 suhiltzaile horiek ohiko lanak; lan taldean sartuko diren 45 horiek dira, berriz, egun formakuntza prozesuan murgilduta dauden 30 suhiltzaileak, batetik, eta datorren urterako gobernuak aterako dituen hamabortz postuak beteko dituztenak, bertzetik.

Lanpostu horiei buruz, Mintxo Astizek zehaztu du oposizioak datorren urtean egiteak ez duela erran nahi lanpostuak lortuko dituzten suhiltzaileak berehala hasiko direnik lanean. "Bi urte inguruko epea behar izaten da azterketak egiten direnetik lanean hasten zarenera arte", argitu du.

Hirugarren auzi bat jarri dute suhiltzaileek mahai gainean: herrialdeko larrialdi zerbitzu guztiak koordinatzeko egitura bat falta dela utzi dute agerian. Nafarroako Larrialdi Agentzia sortu zuen UPNk, agintean zenean, baina bertan behera utzi zuen egungo gobernuak. "UPNren dinamika izan zen bere jendea sartzea erakunde horretan; guk ez genuen horrekin bat egin, baina argi dugu kudeaketa oso bat behar dugula", erran du Balbasek. Gobernuak berak koordinaziorako egitura bat behar zela onartu zuen, eta agentzia desegin eta gero bertze bat osatuko zuela hitz eman zuen. Baina, oraingoz, ez du egin.

"Desilusionatuta"

Egungo egoerak UPNren gobernuen garaian du jatorria, suhiltzaileek nabarmendu dutenez. Batez ere, azken legegintzaldiaren ondoriotzat jo dituzte egungo arazoak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak babesten duten egungo gobernuak iaz hartu zuen agintea. "Aldaketaren gobernuak aurretik sortutako errealitate hori jaso zuen; argi genuen gauzak ezin zirela egun batetik bestera aldatu", azaldu du Balbasek. Egun, baina, gobernuak huts egin diela sentitzen dute suhiltzaileek. "Guk argi esan genion gobernuari zerbitzuari eusteko prest ginela, baldin eta konpromiso sendo bat hartzen bazuen langile kopuruari dagokionez; baina ez du halakorik egin". Datorren urtean sortuko diren hamabortz lanpostuak ez direla "inondik inora nahiko" berretsi dute, eta salatu dute, gainera, negoziatzeko inolako borondaterik ez duela izan Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuak.

Egungo egoerak egunerokoan baditu ondorioak, jada. Horixe nabarmendu dute suhiltzaileek. Batetik, langileon segurtasunari berari eragiten dio. "Europako protokoloek zehazten dute gutxienez lau suhiltzailek osatutako taldeak behar direla", azaldu du Mintxo Astizek. Bi sartzen badira suak hartutako etxe batean, adibidez, kanpoan gutxienez bertze bik egon behar dutela zehazten du protokolo horrek. "Kanpoan pertsona bakarra badago, nekez lagundu ahal izanen ditu barrura sartu direnak, laguntza behar izanez gero". Protokolo hori ez dela beti betetzen azaldu dute.

Bertzetik, egoerak zerbitzuari berari eragiten diola erantsi dute suhiltzaileek. "Auto istripu larri bat gertatzen bada, adibidez, jada ez dugu gaitasunik behar diren suhiltzaile guztiak bidaltzeko". Gizarteari mezu hori helarazi nahi diotela zehaztu du Sotok. "Ez gara gure lan baldintzei buruz ari; herritarrek jaso beharreko zerbitzu bati eutsi ahal izateko atera gara karrikara".

Egoeraren adierazgarri, hilaren 1ean Iruñeko Zapateria karrikan gertatu zen sutea jarri du adibide Sotok. 78 urteko emakume bat zendu zen, su horren ondorioz. Trinitarios parkeko lau suhiltzaile izan ziren etxebizitzara ailegatzen lehenak. "Parke horretan, gutxienez, sei suhiltzailek egon behar dute, baina lau bertzerik ez zeuden". Halakoetan laguntzea ere bada Cordovillako parke nagusiko suhiltzaileen lana; Zapateria karrikara lehen suhiltzaileak baino 20 minutu beranduago ailegatu ziren. "Halako egoeretan, lehendabiziko 20 minutuak dira garrantzitsuenak; denbora tarte horretan ongi jokatuz gero, egoerak hobera egin dezake. Baina laguntza tarte hori pasata ailegatzen bada, okerrera eginen du".

Mintxo Astizek bertze hainbat adibide jarri ditu mahai gainean: iazko abenduan Igantziko eta Arantzako suteetan gertatutakoa. "Arantzakoa, adibidez, abenduaren 25ean izan zen; lan egin behar ez zuten hogei suhiltzaile baino gehiago altxatu ziren mahaitik, lanera joateko". Tafallako joan den abuztuko sutean ere antzekoa gertatu zela erantsi du Balbasek; beren kabuz 50 suhiltzaile inguru agertu zirela lanera.

Sute horretan larrialdi zerbitzuen koordinaziorako egitura baten falta agerian gelditu zela gaineratu du langile batzordeko buruak. "Hartutako erabakiek, finean, ondorioak dituzte. Tafallara joateko, lehendabizi nire parkera eta gero SOS Nafarroara deitu behar izan nuen. Gauzak ongi antolatzeko egitura bat falta zen". Zerbitzuaren ardura gobernuarena dela nabarmendu du Balbasek. "Ez da nahikoa 388 suhiltzaile behar direla onartzea; hori lortzeko neurriak eta konpromisoak behar dira". Hitzak baino, ekintzak nahi dituzte.

Estigmaren aurka, kalera

Estigmaren aurka, kalera

Edurne Elizondo
Eskolan jazarpena pairatu nuen. Baina hori guztia atzean gelditu da. Indartsuagoa naiz orain". Jose Manuel Orterenak dira hitzak. 39 urte ditu, eta buruko gaitza du. Hitza hartu zuen astelehenean, jendaurrean, Sarasate pasealekuan egin...

Gizarteratzeko eskubidea

Gizarteratzeko eskubidea

Edurne Elizondo
Karrikan giltza bat aurkitu, eta nire etxekoa zela imajinatzen nuen. Nire burua engainatzen nuen, min handia sentitzen nuelako; nire bizitzak egiten zidan min; bakardadeak egiten zidan min". Ion Molinuevorenak dira hitzak. 57 urte ditu,...

Meskita dela ere ukatzeraino

Meskita dela ere ukatzeraino

Edurne Elizondo

Elizak memoria ezabatu nahi izan du; historia itxuraldatu; Kordobako meskita katedral huts bilakatu du; izaera katolikoa nabarmendu du, meskita badela ere ukatzeraino". Miguel Santiago haserre da. Kordobakoa da (Andaluzia, Espainia), eta argi du hiriko meskita-katedrala hiritar guztiena dela. "Inorena ez eta denona". 2006. urtetik, baina, Elizaren esku dago. 30 euroren truke, eraikin hori Elizaren izenean jarri zuen orduko apezpiku Juan Jose Asenjok. 2010ean, Sevillako apezpiku izendatu zuten Asenjo, eta, urte berean, Giralda eta hiriko katedrala ere Elizaren ondare bilakatu zituen.

Azken urteotan, Kordobako meskita-katedrala herritarrei itzultzeko plataforman aritu da Santiago lanean. Ez da bakarra. Nafarroan, eta hemendik at, hamaika talde badira, Elizak bereganatutako ondarea berreskuratzeko lan horretan murgilduta. Topaketa eginen dute asteburuan, Iruñean; esperientziak trukatzea, elkarri laguntzea eta batzea da jardunaldien asmoa, eta Nafarroako plataformako kideek antolatu dute.

"Funtsezkoa da indarrak batzea eta elkarrekin aritzea; denok egin behar dugu bat Elizak berea ez dena itzul dezan". Kordobako meskita-katedralaren aldeko plataformako bozeramailea da Santiago, eta aitortu du ez dela hagitz baikorra meskitaren etorkizunari buruz. Azken egunotako berri batek "kolpea" eman diola azaldu du, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak baimendu baitu eraikin horretako Laranjondoen patioan bigarren ate bat zabaltzea, Aste Santuko prozesioak barrura sartu ahal izateko. "Unescok berak hori baimentzea hagitz gogorra da; jota nago".

Santiagoren sentimendu bera dute Kordobako eta Andaluziako herritar anitzek. Meskita beren ondarearen zatitzat dute, eta ezin dute onartu Elizak bereganatu izana. 2006. urtean gertatu zen immatrikulazioa, baina 2009. urtera arte ez zen horren berri zabaldu hirian. Jakin bezain pronto, protestak hasi zituzten unibertsitatearen eta kazetaritzaren inguruko hamaika pertsonak, bai eta herritar soil anitzek ere. "Manifestua plazaratu genuen, hiru punturekin: meskitari izena aldatzea eskatu genuen, batetik; bigarrenik, jabetzak publikoa izan behar zuela nabarmendu genuen; eta hirugarrenik, kudeaketa partekatzea galdegin genuen. 400.000 sinadura jaso genituen hiru puntu horien alde", erran du plataformako kideak.

Meskita-katedrala bere egin bezain pronto, izena aldatu zion Elizak eraikinari. Katedral huts bilakatu zuen. "Turistei banatzen dieten informazioan ere eraikinaren izaera katolikoa nabarmentzen dute. Historia bera itxuraldatu nahi dute", berretsi du. Horretan atzera egin behar izan du Elizak, plataformak egindako presioaren ondorioz. Orain, berriz ere, meskita-katedrala da Kordobakoa. "Meskita izaera ukatuz, gure iragan arabiar-andaluziarra ezabatu nahi izan dute denon memoriatik".

Ontzat jo du Santiagok Kordobakoa meskita-katedral gisa izendatu izana, berriz ere; beldur da, hala ere, aldaketa horrek bertzelako urratsik ez egitea justifikatzeko balioko ote duen. "Hasierako izendapena berreskuratu izana ongi dago, baina ez da nahikoa. Eraikin publikoa dela onartu behar du Elizak, eta kudeaketa partekatu".

Elizaren jarrera gogor salatu du Santiagok, baina administrazioak ere meskita-katedralaren egungo egoeran ardura baduela nabarmendu du. "Erakunde publikoek ez dute deus egin eraikina herritarrei itzultzeko". Ate guztiak jo dituzte plataformako kideek: arartekoarena, Andaluziako eta Espainiako parlamentuetakoak, bai eta Europakoarena ere. Baina ez dute, oraingoz, deus lortu.

Kudeaketaren esparruan administrazioak esku hartzeko aukera izan duela eta baduela erantsi du Santiagok, legeak halaxe jasotzen duelako: "Eskumen hori bazter utzi dute beti erakunde publikoek, ordea, Elizaren alde". Bozeramaileak gaineratu du meskita-katedrala liturgiarako ere erabiltzen duela Elizak. "Ez dugu erran nahi erabilera hori bertan behera utzi behar denik, baina argi dugu Elizak ezin duela hori baliatu kudeaketa osoa bere esku hartzeko".

Izan ere, meskita-katedralarekin lotutako jardueren %90 baino gehiago turismoaren ingurukoak dira, plataformako bozeramaileak nabarmendu duenez. Eta jarduera horren atzean, gainera, dirutza mugitzen da. "Elizak kudeatzen du jarduera hori; Elizak saltzen ditu eraikina bisitatzeko txartelak. Urtean 12-13 milioi euro jasotzen ditu, eta ez du inolako zergarik ordaintzen. Kordobako apezpikutzarentzat meskita da diru iturri nagusietako bat". Eraikinean obrak egin behar izan direnean, berriz, administrazioak jarri du dirua.

Udalaren txostena

Elizaren aurkako borroka ez dela erraza argi du Miguel Santiagok. Onartu du baikor izateko arrazoi anitz ez duela. Aurrera jarraitzeko heldulekuak baditu, hala ere, nabarmendu duenez. Horietako bat da Kordobako Udalak berak joan den martxoan egindako txostena: "Idazkariak egin zuen, eta agerian utzi zuen Elizak ezin zuela eraikina bereganatu, meskita-katedralaren dimentsioak momentu jakin baten testuinguru historikoa gainditzen duelako".

Udalak bertzelako urratsak eginen dituela espero du orain Santiagok. Izan ere, alkateak zerbitzu juridikoari eskatu dio txostena egin dezala. Noiz aurkeztuko duten zain dira plataformako kideak, baina laster izanen dela uste dute. "Gure eskaerak ontzat jotzen baditu, udalak batzorde tekniko-juridikoa osa dezala eskatuko dugu, epaitegian salaketa aurkeztu ahal izateko". Aurrera egin nahi dute, "meskita itzuli arte".

Badute poltsa bat bete bizitza

Badute poltsa bat bete bizitza

Edurne Elizondo
Ez da amaiera, bizitzaren bertze etapa bat baizik, eta gogoz egin behar diogu aurre". Edorta Berriozabalenak dira hitzak. Gaixotasunei buruz hitz egiteak amorratzen duela aitortu du, baina ez du ezkutatzen ebakuntza baten ondorioz bere ...

Hautsak harrotu ditu

Hautsak harrotu ditu

Kattalin Barber

Ez dute beilatokia herri barruan nahi. Hori da Etxarri Aranazko hainbat bizilagunen eskakizuna, herriko kale nagusian ezarri nahi duten beilatokiaren aurka. "Ez gure kalean, ez beste inon, beilatokia herritik kanpo egotea eskatzen dugu", azaldu dute beilatokiaren aurkako taldeko kideek. Haien kezka eta gaitzespena adierazi dute. Sinadurak biltzen ere hasi dira.

Ez da lehen aldia Nafarroan beilatoki bat jartzeak herritarren gaitzespena jasotzen duena. 2014. urtean, Berako beilatokiaren aurka sinatu zuten 800 pertsonak, eta Iruñeko Txantrea auzoan eta Uharten ere gaiak hautsak harrotu ditu uda honetan.

"Nafarroako Arartekoak beilatokiak etxebizitzen beheko solairuetan debekatzea iradoki, eta beste kokapen bat bilatzea gomendatzen du", azaldu du Etxarri Aranazko beilatokiaren aurkako taldeak. Hori dela eta, udalari bilera eskatu diote gaiaz mintzatzeko, eta, bide batez, hildakoen inguruko osasun udal ordenantza bat eskatzeko: "Beilatoki eta tanatorioak herritik kanpo egitea arautzea nahi dugu".

Izarralore SL enpresak beilatokia eraikitzeko eskakizuna egin zuen, eta Etxarri Aranazko Udalak baimena eman zion, legearen barnean dagoelako. Herriko bizilagunek beldurra dute ea beilatokia ez den tanatorio bihurtuko: "Baimen berezia beharko luke tanatorioa izateko, baina ez dugu oso argi ez duten beilatokia tanatorio moduan erabiliko". Tanatorioetan tanatopraxia —hilotzen hondatze prozesua gelditzeko tekniken multzoa— egiten da; beilatokia, berriz, hil beila egiteko aretoa da, eta ez dago inolako kontakturik hildakoarekin.

Beilatokiaren aurkako bizilagunek uste dute beilatokia etxe azpian izateak eguneroko bizitza baldintzatzen duela: "Auzolaguna ataritik ateratzen den bakoitzean, hildakoaren senide eta lagunekin topo egiten du, eta aldiro behartuta dago horren saminarekin bizitzera". Gainera, taldeak adierazi du Etxarri Aranazko beilatokiak legea betetzen duen arren, "traba egin eta gehiengoaren bizikidetza hondatzen" badu, administrazioak hori aintzat hartu behar duela. "Legez jokatzea ez da administrazioaren betebehar bakarra", adierazi dute.

Kale Nagusiko 2. zenbakiko, Eraga etorbideko 1. zenbakiko eta Artola kaleko 2. eta 4. zenbakietako bizilagun gehienek bat egin dute beilatokiaren aurkako taldean. Inguruko herriekin ere harremanetan jarri dira haien iritzia jakiteko, eta sinadura bilketa martxan jarri dute herriko taberna zein dendetan. "Beilatokia erabiliko dute inguruko herriek ere, eta haien iritzia zein den jakitea garrantzitsua da".

Hildakoaren senide eta lagunek giro lasaia eta barea behar dutela eta herriko kale nagusia ez dela horretarako batere egokia salatu dute bizilagunek. "Trafiko gehien duen kalea da, aparkaleku gutxi ditu, eta ez dago leku irekirik lasai egoteko eta hitz egiteko ere".

Beran ere, aurka

2014an Berako Iturlandeta auzoan beilatokia jarri behar zutela eta, ezinegona agertu zuten auzoko eta herriko hainbat bizilagunek. 800 sinadura bildu zituzten udal ordenantza aldatzeko eta beilatokia "toki egokian" jartzeko eskatuz. Marisol Taberna zen orduan Berako alkatea, eta, hark zioenez, ez zuten ordenantza aldatu, beilatokia egiteko eskaria egin zenean indarrean zegoen ordenantzak beilatokia jartzea baimentzen zuelako. Hortaz, ordenantzaren aldaketak ez lioke eraginen aldez aurretik onartuta zegoen lizentziari. Beilatokiko lanak hasterakoan, zenbait istilu izan ziren. Egun, beilatokia egina dago, baina ez da erabiltzen. Aurretik zegoen beilatokia erabiltzen dute herritarrek eta ingurukoek.

Bera eta Etxarri Aranazko beilatokien aurkako taldeak ez dira kasu bakanak. Uda honetan bertan, Uharten eta Iruñeko Txantrea auzoan elkarretaratzeak izan dira egin nahi dituzten beilatokien aurka. Sinadurak biltzen aritu dira Uharteko bizilagunak ere, eta udalari eskatu diote udal ordenantza alda dezala, halako eraikuntzak ez baimentzeko. Eguneroko bizitza normal egitea oztopatzen dutela eta bizilagunei kalte egiten dietela diote Txantrea eta Uharteko bizilagunek. Uharteko Udala enpresarekin negoziatzen ari da beilatokia lekuz aldatzeko. Udalak ere uste du Alde Zaharra ez dela toki "egokiena", eta dauden aukeren artean Uharteko beste tokiren batean jartzea begi onez ikusten du.

Iruñeko Donibane eta Ermitagaña auzoetan tanatorio bana dago, gaur egun; Iratxek Donibanen duenak ere auzoko bizilagunen protesta piztu zuen, egin zutenean. Egun, inguruko bizilagunen etxebizitzen artean, normal-normal funtzionatzen du.

Bonbak bakearen egunerako

Bonbak bakearen egunerako

Edurne Elizondo
Ez dira isildu. Iraganeko eztanden oihartzunak bat egin du egunotan Bardea zulatzen ari diren bonben hotsarekin. 1951. urtetik dago martxan Erriberako tiro eremua, baina lehergailuen burrunba ez da izan Erriberan geroztik entzun den bak...