Gizartea

Nerea Perez Ibarrola: “Harreman espazioak sortu, eta zeudenak bere egin zituzten langileek”

Nerea Perez Ibarrola: “Harreman espazioak sortu, eta zeudenak bere egin zituzten langileek”

Edurne Elizondo

Hamaika greba eta protesta egin zituzten Iruñeko langileek 1970eko hamarkadan. Borrokaren orduko eztanda ulertzeko, atzera egin du Nerea Perez Ibarrola historialariak (Iruñea, 1984), eta 1956tik 1976ra bitarteko epean gertatu ziren aldaketak aztertu ditu bere tesian.

Trantsizioa aztertzeko asmoa zenuen, baina denboran atzerago egin duzu, azkenean. Zergatik?

1956-1976 denbora tarteko langileriari buruzko lana egiten hasi nintzen, doktoretza ikastaro baten harira. Trantsizioari buruzko tesia egiteko baliatzea zen asmoa, baina konturatu nintzen tesi baterako mamia bazela hor ere. Jakin nahi nuen 1970eko hamarkadako langile mugimendua nola sortu zen. Atzera egiten hasi nintzen, gertatu ziren prozesuak aztertzeko.

Frankismoan gertatutako prozesuak izan ziren.

Hala da. Ikertzen hasi, eta ikusi nuen 1951n eta 1956an bi greba orokor egin zituztela Iruñean. Txantrea ere, langileen auzo den hori, orduan hasi ziren eraikitzen. 1950eko hamarkadan langileria bazela ohartu nintzen. Fabrikak gero eta garrantzitsuagoak ziren Iruñean garai horretan. Gerora industrializazioaren motore izanen ziren lantegiak hamarkada horretan hasi ziren sortzen.

Zer-nolako urratsak egin ziren 1950eko hamarkadan?

Orduan hasi zen langile identitatea sortzen. Frankismoak aurretik zegoen mugimendua erabat suntsitu zuen, eta errepresioaren bidetik jo zuen. Ez zegoen greba egiteko eskubiderik, eta langileak erregimenaren erakundeen barruan gelditu ziren. Langileak haien langile identitatea garatzeko esparrurik gabe gelditu ziren. Baina gai izan ziren, baziren hainbat esparru horretarako erabiltzeko, eta berriak sortzeko.

Zeintzuk izan ziren esparru horiek?

Langile auzoak, adibidez. Iruñerrian sortutakoak aztertu ditut. Auzo horietan harremanetarako espazioak sortu zituzten langileek, eta lehendik zeudenak bere egin zituzten. Peñak, adibidez. Elkarrekin egoteko eta harremanak egiteko espazioak ziren. Parrokiek ere bete zuten rol hori auzoetan. Sareak osatu zituzten, eta auzo elkarteak sortuz antolatzen hasi ziren. Garrantzitsuak izan ziren langileen identitate hori sortzeko, halaber, Elizaren inguruko hainbat esparru.

Lagundu zuen Elizak?

Estatuan oso garrantzitsua izan zen langile mugimendu berri baten artikulazioan. Elizak bere esparru guztiei eutsi ahal izan zien. Egitura hori bazuen. Hierarkiak bat egiten zuen erregimenarekin, baina oinarrian bestelakoa zen egoera. Aldaketa izan zen, Vatikanoko II. Kontzilioarekin lotuta, batez ere. Aldaketa ez zen, oro har, Elizan gertatu, baina bai hainbat sektoretan. Auzoetako apaizak, adibidez, oso eragile garrantzitsuak izan ziren; herriarekin eta langileekin egin zuten bat. Elizarekin lotutako hainbat erakundek oso ongi funtzionatu zuten langileentzako esparru gisa. Errealitatea aldatzeko konpromisoa hartu zuten, eta konpromiso horrek eraman zituen militantziara. Ez da harritzekoa lantegietan sortutako lehen langile batzordeetako kideak erakunde horietako partaide izatea.

Diktaduraren testuinguruan, zer erantzun jaso zuten?

Gatazkak sortu ziren. 1956ko grebari, adibidez, errepresioarekin erantzun zion erregimenak; hamaika atxiloketarekin. Elizaren inguruko erakunde horien eta hierarkiaren arteko talkak ere izan ziren. Diktadurak berak, hala ere, ez zuen espero esparru horietatik halako mugimendua sortzea, nire ustez.

Aurrera egin zuen, ordea.

Bai. 1956tik 1958ra hamaika greba izan ziren estatuan, eta 1958an hitzarmen kolektiboari buruzko legea onartu zuten. Horrek, bere muga guztiekin, aukera eman zien langileei elkartzeko, lan baldintzei buruz hitz egiteko. Balio izan zuen aukerak sortzeko. Zirkuitu bat sortu zen, eta esparru ezberdinetan, auzoetan, lantegietan, Elizaren inguruko erakundeetan eta abarretan, esperientziak eta ideiak trukatu zituzten. Magma bat sortu zen, eta langileak hasi ziren errealitateari buruzko gogoeta egiten, eta aldatzen saiatzen. Nafarroa, frankismoaren testuinguruan, probintzia garaileen artean zegoen, eta 1970eko hamarkadan, halere, herrialderik gatazkatsuenetako bat izan zen, langile borroka oso errotuta zeukaten herrialdeen atzetik. Atzean dago gizartearen aldaketa, 1950eko hamarkadan mamitzen hasi zen aldaketa hura. Deus ez da hutsetik sortzen, baina 1950eko hamarkadan mamitzen hasi zena langile mugimendu berri bat izan zen.

1964. urtean industrializazio plana bultzatu zuen Nafarroako Diputazioak; zer ekarri zuen?

1960ko hamarkada horretan aurreko hamarkadan sortutako mugimendua sendotuz joan zen. Errealitate sozial berriak sortu ziren. Planak ekarri zuen diru laguntzak eta erraztasunak ematea industriak ezartzeko. Ikusten da Nafarroako industrializazioa bideratu zutela industria astunera, metalgintzara eta automobilgintzara. Sortzen den langileriak badu lotura, noski, industria mota horrekin. Fabrika handietako langileak dira nagusi. Asko izanda, errazagoa da mobilizazioak egitea, eta, aldi berean, gizartearen elkartasuna piztea. Hain handiak ez ziren lantegien rola ez dugu gutxietsi behar, halere.

Zeintzuk, adibidez?

Ona papergintza fabrika, adibidez. 1956ko greba hasi zuen Calzados Lopez lantegia ere bai. Bi horietan emakumeak ziren nagusi.

Zein izan zen emakumeen parte hartzea?

Kontuan izan behar dugu Iruñeko langile mugimendua egon dela, batez ere, Potasas, Super Ser, Imenasa eta orduko Authi enpresetan. Langileak, nagusiki, gizonak ziren. Baina enpresa horietako bulegoetan emakumeak baziren, eta haiek ere osatu zituzten batzordeak. Parte hartu zuten.

1950eko urteetan mamitzen hasi zen mugimenduak 1970eko hamarkadan egin zuen eztanda; erregimenaren kontrolari nola egin zion ihes?

Frankismoak, hasieran, ongi zekien nor zen nor; zer langile zegoen UGT sindikatuan, adibidez. Baina 1950eko hamarkadan belaunaldi aldaketa bat gertatu zen. Langile militante berriek ez zuten aurrekoen beldur bera. Beldurra bazuten, baina ez deus egin gabe gelditzeko adina beldurrik. Erregimenak, gainera, ez zituen hain ongi kontrolatzen. Elizaren inguruko erakundeetan eta sindikatu bertikaletan ere ari zirenez, esparru horiek haien alde erabiltzeko, erregimenaren kontrol horri ihes egin zioten. Norbait atxilotzen zutenean, bazen atzetik beste norbait ardura hartzeko prest. Denborak aurrera egin ahala, langileen aurkako errepresioak haienganako elkartasuna ere piztu zuen.

1970eko hamarkada hartan, zeintzuk izan ziren gatazka nagusiak?

Motor Ibericako langileei elkartasuna adierazteko greba orokorra egin zuten 1973an. Giltzarri izan zen. 1974ko udazkena ere beroa izan zen; greba asko egin zituzten. 1975ean, berriz, Potasaseko langileek egin zuten itxialdia. Langileriak bat egin zuen.

Zer gelditu da mugimendu hartatik?

Iragana miresteko joera dugu, eta ez da bidezkoa. Baina ikasi behar dugu harremanak egiteko eta sareak osatzeko garaian garaiko aukerak identifikatzen. Frankismoaren garaian gai izan baziren hori egiteko, zergatik ez dugu gaur eginen?

Ahaldundu, sistemaren eta estigmaren kontra

Ahaldundu, sistemaren eta estigmaren kontra

Edurne Elizondo

Hau idazten dudan bitartean, pentsatzen ari naiz pertsona ezezaguna naizela, eta, hala ere, liburu hau egiteak ondorioak izanen dituela niretzat; haietako zenbait ez dira atseginak izanen. Badakit neure larruan sentituko dudala buruko gaitzak eragiten duen arbuioa. Ez dut inoiz ezkutatu; ez dut inoiz ukatu; baina ez dut kartelik soinean eraman lau haizeetara zabaltzeko nahasmendu bipolarra dudala. Agian orain hori ari naiz egiten; mahaian kolpea jotzen, neure burua ezagutzeko. Agian egiten ari naizena da saiakera bat erokeriaren bat dudala uste dutenek, zehazki zer den jakin gabe, zerbait ikas dezaten auziari buruz".

Sergio Saldañak idatzitakoak dira aurreko hitzak, eta Tengo trastorno bipolar (Nahasmendu bipolarra dut) liburuan jaso zituen, 2013. urtean. Bere esperientzia kontatu nahi izan zuen iruindarrak; bere gordinean, baina umorea baliatuz. Apaingarririk gabe, baina eritasunari dramatismoa kenduz. Buruko gaitzen inguruko estigmari aurre egitea izan du beti helburu; eta, horrekin batera, eritasun mentala dutenenganako paternalismoa bazter uzteko beharra nabarmendu du. "Psikiatrak ezin du gaitza duenaren larruan jarri", erran zuen, liburuaren aurkezpenaren harira. Horregatik, erabakiak hartzeko eta huts egiteko aukera ere aldarrikatu du.

Hitz horiek ederki islatzen dute Mejorana elkarteak egin nahi duen lana, Saldañak aipatutako bide beretik egin nahi baitute aurrera taldeko kideek. Ahaldundu nahi dute; erabaki. Buruko gaitza dutenek osatzen dute Mejorana, eta gisa horretako elkarte bakarra da Nafarroan. 2007tik dago martxan. Orain arte, aisialdiaren esparruan aritu da, batez ere; joan den urrian egindako jardunaldietan, ordea, bertze urrats bat egin zuen aurrera elkarteak, eta orain zehaztu nahi duten norabidean jarri ziren kideak: gaixo izateari utzi, eta subjektu aktibo bihurtu nahi dute; subjektu politiko; euren buruaren jabe izan nahi dute; boteretu, bizi duten prozesuaren gainean kontrol gehiago eduki ahal izateko.

Ez da lan erraza. Ederki dakite Mejoranako kide Eddyk, Josebak eta Maiderrek. Ederki dakite buruko gaitzen inguruan dagoen estigma; eta autoestigma ere ongi ezagutzen dute; nork bere buruari jartzen dizkion mugak. "Ez da erraza armairutik ateratzeko urratsa egitea". Ahalduntzeko, baina, funtsezkotzat dute. Eta horregatik jarri dira kameraren aurrean. "2016ko lelo bilakatu behar dugu jabetzearen aldekoa; norbera izan ahal izatea da kontua, lanera joateko bertze norbait izateko beharra sentitu gabe".

Maiderrek erran ditu hitz horiek. Onartu du urduritu egin duela elkarrizketan parte hartzeak. Baina argi du Mejoranak hasitako bidea egin beharrekoa dela. Eta lagundu nahi du. Zenbaitetan gogorra izan arren. 14 urterekin hasi zen buruko osasun arazoak izaten. 34 ditu orain. Nerabezaroan anorexiak jo zuen Maider. "Min egiten dit ordukoa gogoratzeak", aitortu du. 34 kiloko emakumea zen 14 urterekin. "Familiak hilik nintzela uste izan zuen". Hiru hilabete egin zituen ospitalean. "Lagun bakar bat etorri zen bisita egitera", gogoratu du, tristuraz. "Jendeak beldur handia dio buruko gaitzari".

Botikak eta sokak

Familiari eta senarrari esker aurrera egin duela nabarmendu du Maiderrek. Psikopedagogoa da, eta urriko jardunaldien ondotik bat egin zuen Mejoranarekin. Ordura arte, Eddy bakarrik aritu zen, hainbat urtez, elkarteko ikastaroak eta gainerakoak antolatzen. Hura da Mejoranako presidentea. 45 urte ditu, eta 18rekin erran zioten eskizofrenia zuela. "Ongi nago; duela hamar urte izan nuen azken krisia".

Azken krisi horren aurretik, hogei aldiz ospitaleratu zuten Eddy. Azkena ekarri du gogora, buruko gaitza dutenak artatzeko egungo sistemaren hainbat gako agerian uzten dituelako, haren hitzetan. Batetik, botikak aipatu ditu; bertzetik, hasieratik ospitaleko gohatzera lotu izana. "Egunak eman nituen lotan; eta ernatzerakoan, lotua nintzela konturatu nintzen". Ospitaletik zentro batera eraman zuten, eta han egon zen zortzi hilabete luzez.

"Bortxa handiko sistema da; zu ez zara zeure buruaren jabe. Zure izenean bertze norbaitek hartzen ditu erabakiak", salatu du Josebak. 24 urte ditu, eta Gizarte Lana ikasten ari da NUPen; Espainiako Gobernuaren beka jaso du, eta haren eskutik ari da proiektu bat egiten buruko gaitza dutenek ahalduntzeko duten behar horren ildotik: "Oinarria da ongi prestatzea; jendeak jakin behar du zer eskubide duen, eta eskubide horiek erabiltzeko zer egin behar duen". Buruko osasun zentroetan garatu nahi du proiektua, egungo arreta sistema aldatzeko urratsak egin ahal izateko.

Proiektu horren bidez bat egin du Josebak Mejoranarekin. Buruko osasunerako arreta sistema duela lauzpabost urte ezagutu zuen. "Denbora horretan, 20-30 profesional ezagutu ditut; aldaketak etengabekoak dira sisteman". Ez du zehaztu nahi izan zer arazo duen, baina argi du bere gaitzari buruzko prozesuan protagonista izan nahi duela. Eddyk mahai gainean jarri dituen gaiei heldu die, eta bat egin du harekin. "Egungo tratamendu ia bakarra botiken bidezkoa da; hori da nagusi; pilulak ematen dizkigute, zer hartzen ari garen azaldu gabe; zehaztu gabe hartzen dugun horrek zer-nolako ondorioak izan ditzakeen".

Hori gertatzen da, Josebaren hitzetan, egungo arreta sisteman harremana ez delako batere orekatua erabiltzailearen eta profesionalaren artean. "Psikiatrak du boterea". Harreman simetrikoagoa eskatu du Mejoranako kideak, eta, batez ere, alde bikoa. "Erabakiak hartzeko gaitasuna izan behar dugu".

Egoera horrek lotura du buruko osasunari buruz nagusi den ikuspuntuarekin. Horixe nabarmendu du Josebak. "Profesionalek ere onartu dute jatorri anitzeko gaitzak direla buruko osasunari eragiten diotenak; hala ere, biologia bertzerik ez dute kontuan hartzen". Hori, batetik. Bertzetik, Josebak gogoratu du Ameriketako Psikiatria Elkarteak osatzen duela buruko gaitzen zerrenda; hau da, buruko gaitza zer den eta zer ez den erabakitzen du erakunde horrek. "Homosexualitatea eritasun mentala zen lehen; transexualitatea ere halakotzat dute, oraindik ere".

Buruko osasunaren ingurukoak egungo gizartearen eta sistemaren barruan ulertu behar direla uste du. "Anorexiaren eta patriarkatuaren arteko lotura agerikoa da, adibidez; generoarekin du harremana. Egungo gizartea gaixo dago, eta gu gaixotzen gaitu. Nork ez du antsietatea sentitu gizarteak ezartzen digun erritmo azkar horretan?".

Gutxik. Datuek agerian uzten dute errealitatea: lau nafarretik batek badu edo izanen du buruko gaitzen bat. 2012-2016rako Nafarroako Buruko Osasun Planak, adibidez, populazioaren %17 du jomugan. Egoera horretan, Mejoranako kideek argi dute gaitzari aurrea hartzeko lanak izan beharko lukeela lehentasuna. "Baina ez dugu hori egiten; sistemak ez dizkio tresnak ematen herritarrari buruko osasunari buruzkoak kudeatzeko".

Josebak argi du, adibidez, osasun etxe bakoitzean egon beharko lukeela buruko osasunerako zerbitzu bat. Eta bertze hainbat herritan jada erabiltzen ari diren bertzelako tratamenduen alde egin du, batez ere. Andaluzian (Espainia), adibidez, elkarri laguntzeko taldeak jarri dituzte martxan. "Buruko gaitza dutenek elkarri laguntzen diote". Laguntzailearen figura sustatu dute, halaber, bertze hainbat tokitan: "Buruko gaitza duen eta jada ahalduntzeko bere prozesua egin duen pertsonak bertzeak laguntzen ahal ditu", azaldu du Josebak. Gisa horretako esperientziek ospitaleratu beharreko aukera ere bazter uzten ahal dutela erantsi du Mejoranako kideak. "Badira hainbat lan esparru ildo horretan; krisia dutenak, adibidez, naturarekin bat egiteko tokietara eramatea. Antza, luzera onuragarriagoak dira halako metodoak".

Bide horietan aurrera egiteko prestatu nahi dute Mejoranako kideek. Granadako (Andaluzia) elkarte batekin harremanetan dira jada formakuntza hori lantzeko. "Elkarteko bi kide harat joanen dira, lehendabizi; Granadatik etorriko dira gero, honat", azaldu du Eddyk. "Lan hori guztia terapia ere bada guretzat", erran du Josebak. Ikasteko gogoz da Maider. "Hiztegitik ezabatu behar dugu 'ezin dut' esaldia. Baliabideak ditugula erakusteko aukera ederra dugu".

“Gu laguntzeko prest gaude, baina eurak dira adituak beren esperientzietan”

E. Elizondo

Errehabilitazio psikosozialerako zentroa da Iruñeko Arga izenekoa. Han ez dago psikiatrarik, ezta erizainik ere. Buruko osasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak artatzen dituzte hango psikologo, gizarte langile, hezitzaile eta abarrek, helburu nagusi batekin: "Haiek izan daitezela haien bizitzaren kudeatzaile". Hala erran du zentroko gizarte langile Monica Ortigosak (Iruñea, 1982).

Nafarroako Gobernuarekin itundutako zerbitzua eskaintzen duzue. Noiztik eta non?

Gure zentroak 2005. urtetik daude martxan, Iruñean, Sarrigurenen, Lizarran eta Tuteran. Denak dira errehabilitazio psikosozialerako zentroak, eta Sarrigurengoa, gainera, bizitoki dute hainbat erabiltzailek.

Zu Arga zentroan ari zara. Zer lan egiten duzue, eta zenbat pertsonarekin?

Bi programa ditugu. Batean, 30 pertsonak parte hartzen dute. Eguneko zentro gisa hartzen dute gurea; gure lana da laguntza ematea haien egunerokoari aurre egiteko; bertzean, errehabilitaziorako programan, bertze 35 pertsona ditugu. Bakoitzak dituen beharretara zuzendutako programa da.

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak dira zentrora joaten diren guztiak. Buruko gaitzek duten estigmak zama handia du, oraindik ere?

Bai. Guk ez diegu honat etortzen direnei inolako etiketarik jartzen; buruko osasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak dira guretzat; bertzerik ez. Etiketek ez dute laguntzen gizartean dagoen estigmari aurre egiten; eta oraindik bada. Zailtasun horiek dituztenek ere beren burua estigmatizatzen dute, neurri batean. Eta horri aurre egin behar diogu.

Nola?

Gure zentroan saiatzen gara estigmari modu transbertsalean aurre egiten, gure programa guztietan txertatzen. Programa ofizialez gain, bertzelakoak ere garatzen ditugu. Asmoa da zentrora etortzen diren pertsonak auzoko egunerokoan murgiltzea; parte hartzea. Hori da gakoa; tresnak ematen dizkiegu zentroko jarduera bera, egin nahi dutena kudeatzeko, nolabait; haien iritzia emateko, eta hitza hartzeko.

Horrek bat egiten du Mejorana elkarteko kideek eskatzen dutenarekin, ezta?

Hala da. Eskaintzen dugun arreta sisteman aldaketa behar da. Gure helburuak izan behar du artatzen ditugun pertsonek dituzten zailtasunak arintzea; haiek dituzten bizi proiektuak babestu eta lagundu behar ditugu; haiek zehaztu behar dute zein helburu lortu nahi duten. Haien arduren jabe izan behar dute, eta, aldi berean, haien bizitzaren kontrolak haien esku egon behar du.

Ahalduntzea da kontua?

Hori da. Sistemak gehiago entzun beharko luke haien iritzia; gehiago erabakitzeko aukera izan beharko lukete.

Zaila da aldaketa horren alde urratsak egitea?

Bai. Ez da erraza. Aspaldikoa da oraindik indarrean dugun funtzionatzeko modua; arreta eredu paternalista bat da. Profesionalei dagokie sistema horretan rol aktiboa; eta erabiltzaileei, berriz, pasiboa. Hainbat psikiatrak uste dute egun duten egoera arriskuan jar dezakeela aldaketa horrek, eta ez dute haren alde egiten. Zaila da, baina egiten ari gara urratsak.

Mejorana elkartea bera da horren adibide?

Bai, zalantzarik gabe. Hasieran aisialdiaren esparrura begirako taldea zen, baina ahalduntzearen garrantziaz jabetu dira, eta bultzada berria eman diote elkarteari. Guk bultzada berri horri eman nahi diogu babesa, hain zuzen ere. Laguntzeko eta babesteko prest gaude, baina haiek dira kudeatzaile, haiek dira protagonista. Finean, guk teoria eman dezakegu, baina berak dira beren esperientzietan benetako adituak. Haien ekintzen bidez ari dira estigmaren aurka lanean. Egiten duten lanak, gainera, on egiten die. Rol garrantzitsua dutela konturatzen dira.

Kapitalismoaren kontrakoa ere bada

Kapitalismoaren kontrakoa ere bada

Edurne Elizondo

Hiru urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen, animalien askapenaren alde lan egiteagatik. Zigor erdia kartzelan eman zuen; eta bertze erdia, berriz, estatuak zaindutako etxe batean. Baldintza zorrotzak ezarri zizkioten: ezin zen egon animalien aldeko mugimenduarekin lotura zuen inorekin, ezin zuen Interneten idatzi, ezin zuen bere auziari buruz inorekin hitz egin. "SHAC kanpainako ekintzaileon kontrako legeak egin zituzten, propio". Nicole Vosper galesak (1988) 16 urterekin egin zuen bat kanpaina horrekin (Stop Huntingdon Animal Cruelty); 21 zituenean sartu zuten espetxean, eta, orain, 28rekin, animalien alde jarraitzen du lanean. Nafarroan egon da, Iruñeko Ekintza Antiespezista taldeko kideen eskutik, SHAC kanpainan ongi eta gaizki egindakoei buruz hitz egiten. Argi erran du: "Gure borroka politikoa da; kapitalismoaren eta estatuaren aurkako borroka ere bada; ezin dugu ahaztu estatuak beti babestuko duela animaliak zapaltzen dituen industria".

Erresuma Batuan sortu zuten SHAC kanpaina, baina nazioartera zabaldu zen, laster. Hamaika herritan egin zuten harekin bat, animalien askapenaren aldeko mugimenduarentzat ikur bilakatzea lortu arte. Telebista kate batean 1997. urtean erakutsi zuten dokumental bat izan zen haren oinarria: Huntingdon Life Sciences (HLS) laborategietan gertatzen zena agerian utzi zuen lan horrek. Animaliekin saioak egiten zituen Europako laborategirik handiena zen, garai hartan; munduko hirugarrena. Hura ixteko asmoz sortu zen SHAC kanpaina, 1999an.

"Ez zen sinadurak biltzeko kanpaina bat izan, sabotaje ekonomikoa izan zuen helburu: laborategiak, haren hornitzaileak, bezeroak eta gainerakoak izan ziren kanpainaren jomugan", gogoratu du Vosperrek. Lan hori egiteko hamaika tresna erabili zituztela nabarmendu du, hori izan baitzen HLS laborategien aurkako kanpainaren ezaugarri nagusietako bat. "Gutunak idatzi eta faxak bidali genituen; manifestazioak antolatu eta hamaika protesta egin genituen karrikan". Urte bakar batean, adibidez, 800 manifestazio egin zituzten. Ez hori bakarrik. Langileen etxeen aurrean ere egin zituzten elkarretaratzeak. "Laborategiekin zer ikustekorik zuten guztiei erraten genien ezin zutela jarraitu han egiten zutena babesten". HLS enpresarekin lan egiten zuten guztiak agerian uztea zen helburua. Kanpaina Ameriketako Estatu Batuetara zabaldu zenean, HLSren aurkako ekintzaileek bitan okupatu zituzten New Yorkeko burtsaren bulegoak.

Kanpainak parte hartze zabala izan zuen. Laborategien porrot ekonomikoa lortu nahi zuten ekintzekin batera, Animaliak Askatzeko Fronteak ere (ALF) bereak egin zituen. "HLS enpresarentzat aritzen ziren hamaika laborategitan sartu ziren, eta animalia anitz askatu zituzten".

Hamaika motatako ekintzak, eta hamaika tokitan eta herritan. Urratsez urrats egin zuen gora kanpainaren dimentsioak, eta lortu zuen animaliak erabiltzen zituen industria ezustean harrapatzea. Ondorioak nabarmenak izan ziren. "Gobernuak lau aldiz eman behar izan zion dirua HLS enpresari, porrot egin ez zezan", azaldu du Vosperrek. Hamaika hornitzaile galdu zituzten laborategiek; aseguru etxeak ere haiekin zuen kontratua eten zuen, eta inork ez zien berria egin nahi izan. "Kanpainak eragin handia izan zuen". Galera ekonomikoak ere nabarmenak izan ziren: "Zazpi milioi libera galdu zituen HLSk 2008an, Erresuma Batuan".

Errepresioaren bidetik

Arazo ekonomikoei aurre egiteko gobernua izan zuen lagun HLS etxeak. Polizia ere bai, animalien aldeko ekintzaileen aurka egiteko, Vosperrek argi utzi duenez. Are gehiago, propio laborategien aurkako manifestazioak eta protestak debekatzeko legeak egin zituztela salatu du. "Laborategi baten aurkako manifestazio batean parte hartzeagatik bost urteko espetxe zigorra jasotzen ahal zenuen. SHAC kanpaina haientzat arrisku bat zela konturatu ziren". Brian Cass auziko polizien arduradunetako batek onartu zuen "industria guztientzako mehatxua" zela SHAC kanpaina. Hor erabilitako taktikak ekonomiaren bertze hainbat sektoreren aurka ere baliatuko ote zituzten beldur ziren.

Mehatxu horri aurre egiteko, errepresioaren bidetik jo zuen estatuak. Horixe nabarmendu du Vosperrek. "2007. urtean, 700 polizia erabili zituen operazio baten ondorioz, 32 pertsona atxilotu zituzten". Bertze zazpi atzeman zituzten 2009an, eta sei, berriz, 2010ean. Lau eta 11 urte bitarteko zigorrak jaso zituzten, xantaia-konspirazioagatik.

Lehenago jarri zen martxan SHAC kanpainako ekintzaileen aurkako errepresioa, AEBetan. 2004. urtean, zazpi pertsona atxilotu zituzten. Haietako sei zigortu eta sartu zituzten espetxean.

Nicole Vosper 2011ko martxoan eraman zuten kartzelara, hemeretzi hilabetez sententziaren zain egon eta gero: hiru urte eta bost hilabeteko zigorra ezarri zioten. Kartzela barrukoak ekarri ditu gogora. "Drogak, indarkeria, matxismoa". Eta agerian utzi du, batez ere, elkartasunik eza. "Poliziak ongi egin zuen bere lana; jendea beldurtu zen, eta, horren ondorioz, inork ez zuen nahi espetxean ginenokin lotzea".

Poliziak ekintzaileen artean "nolabaiteko hierarkia" ezarri zuen. "Eta hierarkia horren arabera, taldeetako buru zirenen aurka egin zuen, espetxean sartzeko". Horregatik, elkartasun sare sendo batekin batera, haiek egindakoaren gisako kanpainetan "deszentralizazioa ere" beharrezkotzat jo du Vosperrek. "Tokian tokiko taldeek duten garrantzia ezin dugu ahaztu".

SHAC kanpainak hamarkada bat iraun zuen; eta, neurri batean, ez da oraindik amaitu: "Herbehereetako bi ekintzaile, Sven eta Natasha, Erresuma Batura noiz eraman zain dira, epaiketa egiteko; hamalau urteko espetxe zigorra jaso dezakete". Elkartasuna eskatu du Vosperrek haientzat; elkartasuna, etorriko diren erasoei aurre egiteko ere. "Errepresioak berriz joko baitu animalien aldeko mugimendua. Prestatu behar dugu, zaindu".

Hitza nahi dute baztandarrek

Hitza nahi dute baztandarrek

Edurne Elizondo

Ez daitezela modu desegokian erabil udalerriz gaindikoak ez diren proiektuetan". Horixe jaso zuten Nafarroako Gobernua babesten duten lau taldeek —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra— akordio programatikoan, udalerriz gaindiko eragina duten planei buruz (UGEP).

UPNren aurreko gobernuek udalerriz gaindiko plantzat jotako hainbat proiektuk orduko oposizioko taldeen kezka eta kexa eragin zituzten. Donapeakoak sortu zuen zalapartarik handiena. Lanbide Heziketako zentroaren lurrak erosi nahi izan zituen Nafarroako Unibertsitateak, hiru laborategi eraikitzeko. UGEP gisa tramitatu zuen gobernuak; erabaki horrek "Iruñeko Udalaren subiranotasunaren aurka" egiten zuela salatu zuen, orduan, Geroa Baik.

Iritzi bera du Baztango alkate eta Baztango Batzar Nagusiko presidente Joseba Otondok, Aroztegiko oraingo proiektuari buruz: "Bertako erakundeen gainetik, Lekarozko herriaren gainetik eta baztandarren gainetik erabaki du Nafarroako Gobernuak egitasmo horrekin aurrera jarraitzea". Geroa Baik hartu du oraingoan erabakia, udalerri bakar bati eragiten dion egitasmo bati buruz.

Etsita agertu dira Aroztegia... eta gero zer? plataformako kideak erabaki horrekin, eta bete beharreko galdeketa egiteko eskatu dute, baztandarrek hitza hartzeko aukera izan dezaten. Premiazkotzat jo dute hori. Lekarozen, 2009. urtean egin zuten galdeketa, eta herritarren gehiengoak erran zion ezetz Aroztegiko egitasmoari. Baztango gainerako herritarrek ere hartu beharko lukete hitza, plataformako kideen ustez.

Lekarozen luxuzko 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi ditu Aroztegia Jauregia SM enpresak. Hau da, egun 320 biztanle inguru dituen herri batean, 700 pertsonarentzako urbanizazioa egin nahi dute. "Kalitatezko turismoa erakarri nahi omen dute; oraingoa ez al da ba kalitatezkoa?, dirudunena bakarrik al da?", galdetu du plataformako kide Agurtzane Orbegozok. Otondok gogoratu du Baztanen 860 etxebizitza huts badirela.

Aroztegiko proiektuaren tamainak ondorio nagusi bat izanen luke Baztanen, haren hitzetan. "16. herria litzateke urbaninazio berria". Bat egin du Orbegozok. "Horrek erabat aldatuko luke herriko egunerokoa", erantsi du. Ingurumenean, zerbitzuetan eta abarretan izanen luke eragina. "Eta testuinguru sozial berri bat ekarriko luke", erran du, argi eta garbi, Baztango Batzar Nagusiko presidenteak. "Gure etorkizuna erabat baldintzatuko duen proiektu bat ezarri nahi dute, baztandarrek deus erabaki gabe", salatu du Otondok, gogor.

Gakoa: modua

Hori da gakoa, orain, Baztango alkatearentzat. Gauzak egiteko modua. Joan den abenduaren 30ean erabaki zuen gobernuak Aroztegiko udalerriz gaindiko eragina duen planarekin aurrera jarraitzea. UGEPa, berez, UPNren aurreko gobernuak onartu zuen, maiatzeko hauteskundeak baino hainbat egun lehenago. Gobernuan aldaketa gauzatu eta gero, Nafarroako agintari berriei prozesu hori bertan behera uzteko eskatu zieten Lekarozko herriak eta Baztango Batzar Nagusiak. Irailaren amaieran egin zuten eskaera hori; hamabost eguneko edo hilabeteko epean espero zuten erantzuna, baina abendura arte ez zuten jaso. Gobernuak, urteko azken bileran, UGEParekin aurrera jarraitzea erabaki zuen.

"Erabaki teknikotzat" jo zuten gobernuko kideek. Baina Otondo ez da, inondik inora, ados. "Nafarroako Gobernuak 2008. urtean hartutakoa izan zen erabaki teknikoa; oraingoa, ez". Orduan, 2008an, Aroztegiko proiektuaren sustatzaileek udalerriz gaindiko plan gisa tramitatzeko eskatu zioten UPNren gobernuari, lehen aldiz. Baina ezezkoa jaso zuten. "Geroztik, hamaika erabaki politiko hartu dituzte auzi horren inguruan", salatu du Otondok.

Epaileek ere bitan eman diote ezezko biribila proiektuari. Ezezko hori bazter uzteko, hain zuzen, hasierako proiektuan hainbat aldaketa egin zituzten Aroztegia Jauregia SM enpresako kideek. Eta moldatutako proiektu horrek lehenengoak ezin izan zuena lortu zuen: UGEP gisa tramitatzea.

"Alimaleko iruzurra da proiektu hau udalerriz gaindiko eragina duen plantzat aurkeztea. Uste genuen aldaketaren gobernua bagenuela, erreala zela, eta bazter utziko zituela inposizioak; ez genuen uste aldaketaren gobernu honek etorkizuna kenduko zigula", erran du Otondok. "Baztan landa eremu bizia da; sozialki kohesionatua dago, eta justizia sozialaren bidean egin nahi ditu urratsak; ez genuen uste aldaketaren gobernu batek hori egiten utziko ez zigunik".

Otondok krisia eragin duen ereduaren ikur jo ditu Aroztegikoaren gisako proiektuak. Ez da halako egitasmo batek lotua duen garapen eredua Orbegozok nahi duena ere. Geroa Bairekin batera Nafarroako Gobernua babesten duten gainerako taldeek ere ez dute ontzat jo proiektu hori. Gobernuak abenduan aurrera jarraitzeko hartutako erabakiaren aurrean, ordea, ez dute eman Aroztegia... eta gero zer? plataformako kideek espero zuten erantzuna. Horixe utzi du agerian Agurtzane Orbegozok. "Epela baino, hotza izan da erakutsi duten jarrera". Hala eta guztiz ere, gobernua babesten duten talde guztiekin egin nahi dituzte bilerak, datozen egunotan, galdeketa antolatzeko bidean urratsak egiteko.

Gobernua babesten duten taldeen artean Geroa Bai da proiektuaren alde agertu den bakarra. Horrek tentsioak eragin ditu taldeen artean. Baztango Udalean ere, agerian gelditu dira taldeek dituzten iritzi ezberdinak. "Gutxiengo gobernua dugu", azaldu du EH Bilduko Otondok. Koalizio horretako zinegotziak eta Ezkerrakoak dira Aroztegiko proiektuaren eta UGEParen aurka; Auzolanean taldekoak, Geroa Baikoak eta UPNkoak, berriz, alde.

Bertze hainbat kasu

"Aldaketa da herritarrek erabakitzea". Horixe nabarmendu du Otondok. Sustrai Erakuntza Fundazioko ordezkari Martin Zelaiak ere bat egin du: "Bertako biztanleek erabaki behar dute; proiektuak udalerri bakar bati eragiten dio, eta ezin da UGEP baten bidez egin".

Ez dela kasu bakarra gogoratu du Zelaiak. Aurreko gobernuek udalerriz gaindiko eragina duten plantzat jo dituzten bertze hainbat proiektu jarri ditu mahai gainean. "Udalerri bakar bati eragiten zioten horietako hainbatek ere, tartean Olatzagutiko Portland lantegiko proiektuak eta Castejongo zentral termikoena".

Etxabakoitzen tren geltoki berria eta urbanizazio bat egiteko proiektua ere nabarmendu du Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak. 2010ean onartu zuten, eta, geroztik, "hamaika irregulartasun" izan dira, Sustrai Erakuntzak salatu izan duenez. "Aurreko gobernuek onartutako proiektua da, abiadura handiko trenarekin lotuta, baina ematen du oraingo gobernuak ez duela bazter utzi nahi. Ez dute argi hitz egin, baina Manu Aierdi presidenteordeak esan du geltokiak Etxabakoitzen behar duela". Gelditzeko eskatu du Zelaiak.

Baratze bat, elkargune gisa

Baratze bat, elkargune gisa

Ander Perez

Baratze bat hiriaren bihotzean. Ametsa dirudi, baina errealitatea izateko bidean da: Iruñeko Udalak hiri baratzea sortzeko espazio bat utziko die Alde Zaharreko bizilagunei. Aurreratu dutenez, Pellejerias zokoa izeneko plazatxoa atonduko du, eta Piparrika herritar taldearen esku utzi, baratzea egin dezan. Espazioan oinarrizko konponketa lanak egiten dihardute orain udal langileek, eta, ongi bidean, udaberrian jarriko da martxan ortua.

Piparrika herritar taldea orain dela bi urte hasi zen baratze komunitario baten aldeko aldarrikapena zabaltzen. Eta orain, helburua lortuta, "zoriontsu" agertu da Andrea Rozo taldeko kidea. Azaldu duenez, 2014an abiatu zuen taldeak bere jarduna, "Alde Zaharrean erabili gabeko espazio asko" zeudela ikusita. Egoera horretan, "kudeaketa komunala" izango zuen baratzea sortzea otu zitzaien, eta orduko udalari egin zioten proposamena. Bide luzea izan da ordutik aurrerakoa: "Ez genuen espazioa okupatu nahi, eta dena burokratikoki egin nahi genuen. Eta horrek denbora asko eskatzen du".

Dioenez, "ateak jotzen" hasi ziren, baina ate horiek ez ziren irekitzen. "Leku batetik bestera bidaltzen gintuzten, eta zaila zitzaigun norengana jo behar genuen jakitea". Azkenean, UPNren udal gobernuarekin biltzea lortu zuten, iaz. Eta ezezkorik jaso ez zuten arren, ez aurrera ez atzera geratu zen egitasmoa: "Arazo asko jartzen zituzten. Badirudi beldurra zaiola pertsonek espazio publikoak kudeatzeari".

EH Bilduk gidatutako udal berriaren eskutik heldu da orain egitasmoaren aldeko erabakia. 1.500 metro koadroko espazio bat utziko du udalak herritarren esku, Kondestablearen jauregiaren atzealdean, Jarauta kalearen eta Santa Ana plazaren artean dagoen Pellejerias zokoan. Orain arte, horma batek itxita egon da espazioa, luzaroan.

Baratzearen bidez, auzokideen arteko harremanak eta elkartasun balioak sustatu nahi ditu Piparrikak: "Bizi garen garaian, zaintza eta elkartasun gabezia handia dago gizartean. Jendeak ez du bere burua zaintzen, ez eta komunitateko beste pertsonak, eta are gutxiago atzerrian jatorria dutenak. Hiri baratze batek harremanak susta ditzake, erabat altruista den proiektu baten bitartez". Izan ere, "elkartzeko, ahalduntzeko eta ikasteko" balio dezake baratzeak Rozoren ustez, "modu sortzaile eta dibertigarri baten bidez".

Piparrikak berak hartuko du proiektuaren ardura, baina Rozok argi utzi nahi izan du "edozeinentzat irekitako" egitasmoa dela. Azaldu duenez, "norberak nahi duena eta ahal duena eman diezaioke proiektuari". Hain zuzen ere, herritarren kudeaketan datza proiektuaren berezitasuna: "Beste baratze batzuk partzelaka banatzen dira, eta pertsona bakoitzari berea ematen zaio. Alde Zaharreko hiri baratzea, ordea, komunitate osoak kudeatua da, denona izango da lur saila, jendearena. Auzotik sortutako proiektua da, auzoarentzat". Alde Zaharreko bizilagunek topaketak egin zituzten joan den urrian, eta han "zilegitasuna" eman zioten ortuaren proiektuari.

Parte hartzeko gonbita, hain justu, auzo osoari egin dio Piparrika taldeak, baina, batez ere, hiru kolektibo ditu Rozok buruan. "Alde Zaharrean adineko pertsona asko bakarrik bizi dira, eta baratzea beste auzokide batzuekin egoteko elkargunea izan daiteke". Gainera, auzoko ikastetxe eta umeentzat leku aproposa izan daitekeela uste du Rozok, "ingurumenarekin bestelako modu batean izan dezaten harremana". Eta langabezian dauden bizilagunak ere gogoan hartu ditu Piparrika taldeko kideak: "Denbora pasa dezakete baratzean, eta jakinduria transmititu". Oro har, "laborategi sozial" bilakatu nahi dute egitasmoa.

Goiz da baratzeak zer emango duen jakiteko, oraindik ez baita lursaila atondu, ez eta produkturik erein. Baina ortuak emandako produktuak Alde Zaharreko jantoki sozialen eta beharra duten pertsonen esku uzteko asmoa du Piparrika taldeak. "Badakigu ez dugula Alde Zahar osoa elikatuko, baina beharra duen jendearengana iritsi nahiko genuke". Eta, Rozok dioenez, arlo horretan egin beharko dute lana, "indibidualismoak" ezabatzeko: "Baratzera joan naiteke lanera, baina ez dut trukean letxuga bat eramango etxera, egongo baitira nik baino gehiago behar dutenak".

Gainera, ekoizpen ekologikoa bultzatuko du ortuak, eta genero ikuspegia zainduko du, emakumeen parte hartzea sustatuz.

Lehenago, Arantzadin

Eraikin artean eta hiriaren erdigunean sortutako lehen baratzea izanagatik, Iruñean badira adibideak baratzeen kudeaketa kolektiboari dagokionez. 2012ko udan, Arantzadi Auzolanean taldeak elkarlanean landu zuen baratze bat Iruñeko gune horretan, orduko udalaren hirigintza planei aurre egiteko. Parke bat eta baratzeen inguruko interpretazio zentro bat eraikitzeko, ordura arte han zeuden ortu asko suntsitu zituen UPNk zuzendutako udal taldeak. Protestetan hainbat pertsona atxilotu zituen Poliziak.

Orain, udalak baratzeari lekua uzteko hartutako erabakia salatu du UPNk, "udal espazio bat nahieran banatzeagatik".

Argia itzali eta pobrezia piztu du langabeziak

Argia itzali eta pobrezia piztu du langabeziak

Lana galdu nuenean hasi zen gainbehera". Jose Luis Galindorenak dira hitzak. Bilbotarra da, baina aspalditik du Nafarroa bizitoki. Burlatan eman zituen urte anitz, abenduan etxegabetu zuten arte. Bitan moztu zioten argindarra, etxetik bota baino lehen. Ezin zituen fakturak ordaindu. Nafarroako Gobernuaren etxebizitza batean bizi da orain, Iruñean, alokairu sozialarekin. Gizarteratzeko Errenta jasotzen du, bai eta haren osagarria ere; denera, 600 euro inguru. Lanak ditu gastu guztiei aurre egiteko, hala ere. Dibortziatuta dago, eta bi alaba ditu. Berogailua luxu bilakatu da harentzat, eta bi aldiz pentsatzen du gela bateko edo bertzeko argia piztu aurretik. Pobrezia energetikoak betean jo du. "Etxean zortzi watteko bonbillak ditugu".

Galindorena bertze milaka herritarren eguneroko bera da; langabeziak amildegiaren ertzean jarri dituen bertze milaka herritarren errealitate bera. Ingurumen Zientzien Elkarteak txosten bat egin du, eta nabarmendu du Nafarroan 96.000 pertsonak pairatzen dutela pobrezia energetikoa: herrialdeko familien %19k soldataren %10 baino gehiago gastatzen dute energiari lotutako fakturetan; hau da, pobrezia energetikoa sufritzen dute.

Bertze anitz, gainera, estatistiketatik at gelditzen direla nabarmendu du Astearteak Eguzkitan plataformako kide Israel Gonzalezek; kopurua handiagoa dela, beraz: "Argindarraren edo gasaren faktura ordaintzeko arazoak izanen dituztela jakinda, halabeharrez kontsumoa erabat murriztea erabakitzen dutenak dira".

Horiek ere pobrezia energetikoak jo dituenen multzoan daude. Pobreziak harrapatu dituenen taldean. "Pobrezia baita arazoa", Nafarroako Gurutze Gorriko Conchi Igeak erran duenez. Energiarekin lotutakoa pobreziak dituen mila aurpegietako bat bertzerik ez da.

Nafarren %14,5 daude bazterketa arriskuan, Gurutze Gorriko datuen arabera; 30.000 pertsona daude pobrezia larrian. Ia 3.600 familia eta 4.000 ume artatzen ditu erakunde horrek Nafarroan. Igeak aurpegia jarri die pobreziak jo dituenen bi multzo nagusiei: "Adin bateko langabeena da bat; haurrak bakarrik zaintzen dituzten emakumeena, bertzea". Lanpostu prekarioek, gainera, "langile pobreen" multzoa ekarri dutela erantsi du.

Hitzarmena Iberdrolarekin

Bi astez argindarrik gabe egon da Galindo, Nafarroako Gobernuak Buztintxurin alokatutako etxebizitzan. Administrazioa da etxe horren jabe, baina argindarraren gisako zerbitzuak ez daude haren izenean. Ondorioz, alokatzen duenak ordaindu behar du zerbitzua jasotzen hasteko kuota.

Nafarroako Gobernuak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu zuten duela astebete, eta hainbat neurri adostu zituzten, pobrezia energetikoari aurre egiteko. Ez zuten hitz egin gobernuaren etxebizitza zehatz bat alokatzen duten pertsona guztiek zerbitzua jasotzen hasteko kuota hori ordaindu beharraz. Urte batean hiru pertsonak alokatzen badute etxe hori, hirurek ordaindu beharko dute kuota.

"Hitzarmena urrats bat da, baina ez da konponbidea, inondik inora", erran du Gonzalezek. Ontzat jo du inor argindarrik gabe ez uzteko protokoloa sinatu izana, baina hori lortzeko gobernuak hartu dituen konpromisoekin ez da ados agertu. "Finean, Nafarroako Gobernuak ordainduko dio Iberdrolari bezeroek ordaintzen ez diotena; hau da, nafar guztiok ordainduko dugu. Iberdrolak uko egin beharko lioke bere irabazien zati bati; oinarrizko zerbitzu baten bermatzaile da enpresa hori, eta, ondorioz, zeregin sozial bat badu".

Ez du halakorik egin konpainiak; oraingoz ez, behintzat. "Benetako bonu sozialak" ere eskatu dizkio Gonzalezek Iberdrolari, horren inguruko konpromisorik ez baitu jaso joan den ostiralean sinatutako hitzarmenak. Ildo horretan, Iruñerriko Mankomunitateak dituenak jarri ditu adibide Iruñeko Aranzadiko zinegotzi Armando Cuencak. "Fakturaren %90 ere ordaintzen dute bonu horiek". Ez da berdin gertatzen Iberdrolak dituenekin, ordea, ez dutelako ordaindu beharreko kopuru osoa kontuan hartzen, bakarrik kontsumoari dagokiona baizik.

Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren saileko ordezkari da Cuenca. Pobrezia energetikoarekin kezka berezia du, eta Astearteak Eguzkitan plataformak mahai gainean jarritako eskaerak eta egoerak hartu ditu bere lanaren abiapuntu. "Gizarte mugimenduek erraten dutena entzuten dugu; haiek markatu behar dute bidea".

Premiazkotzat jo du inori argindarra ez mozteko neurriak hartzea, baina, Gonzalezek bezala, harago joateko beharra nabarmendu du. Argindarra moztea debekatzeko aukera jarri du mahai gainean, adibidez, eta informazio zehatza eskatu du, gainera, pobrezia energetikoari buruz. Argindarraren mozketen inguruko datuak, hain zuzen ere, Iberdrolak bertzerik ez ditu. "Ez dakigu zer gertatzen ari den". Pobrezia energetikoa pairatzen dutenen inguruko datu zehatzagoak behar direla uste du, gainera, laguntzak propio arazo horri aurre egiteko bideratu ahal izateko.

Presioaren bidea ez du bazter utzi nahi Cuencak. Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailak bi hitzarmen ditu Iberdrolarekin, eta horiek negoziatzeko ematen dioten tartea aprobetxatzeko prest agertu da zinegotzia. "Gauza bera egin beharko luke alkatetzak; bai eta Nafarroako Gobernuak ere. Tarte hori ez da hagitz handi izanen, segur aski, baina gure esku dagoena egin beharko genuke".

Erakunde publikoek bertzelako politikak ezartzeko indarra egin beharko luketela uste du Gonzalezek ere. Cuencak eman dio lehen erantzuna: Iruñeko Udala aztertzen ari da argindar merkaturatzaile publikoa sortzeko aukera. Irizpide etikoak ezarri nahi dituzte energiaren esparruan.