Gizartea

Jorge Nieto (NUPeko errektoregaia): “Unibertsitateari buruz lege propioa egitea da gako bat”

Jorge Nieto (NUPeko errektoregaia): “Unibertsitateari buruz lege propioa egitea da gako bat”

Edurne Elizondo / BERRIA Bere bulegoa bilakatu du kanpainaren gune. «Ni bakarrik nago, ez dut talderik atzean; nirekin hitz egin nahi duenak, zabalik du nire atea», erran du Jorge Nietok, Ekonomia Zientzietan doktore eta NUPeko errektore izateko hautagaiak. Bikaintasuna bihurtu du bere mezu eta helburu galiziarrak. Talentua ekarri nahi du Nafarroara. Azken egunean aurkeztu zenuen...

“Iraultza txikien” asanblada

“Iraultza txikien” asanblada

Nafarroako kultur politika ofizialaren zein kultur mugimenduaren erronken inguruan hausnartu, eta balizko aldaketa batek kultur panoramari ekarriko lizkiokeen aukerak aztertzea. Helburu horrekin, mahai ingurua antolatu zuten Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak joan den asteartean, Iruñeko Katakrak kultur gunean. Aldaketarako aukera ardatz hartuta hiru hedabide horiek antolatu dituzten hiru solasaldietan bigarrena izan zen Kultura: eduki eta edukiontziak izenekoa. Eta, eztabaidarako, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorea, Oskar Estanga bertsolari eta musikaria eta Leire Urbeltz artista plastiko, ilustratzaile eta Nafarroako Arte Gaztearen azken topaketen irabazlea batu zituzten mahaiaren bueltan. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak egin zituen gidari lanak, eta, hasi eta berehala, anekdota bat jarri zuen mahai gainean: parez pare daude agintean dagoen gobernuko eta oposizioko kideak, Nafarroako Parlamentuko kultura batzordean. Kultur bonuaren xehetasunak azaldu ditu kargudunak, eta bonu horrentzako diru sailaz kexu oposiziokoa, gutxiegi delakoan. Halako batean bota dio arduradunak oposiziokoari: "Dena den, zergatik kexatzen zara hainbeste, gero ez bazara kultur ekitaldietara joaten?". Eta erantzun dio besteak: "Kultur jarduera askotara joaten naiz ni, eta zu ez zaitut bertan ikusten".

Adibidea baliatu zuen Astizek, gonbidatuei galdetzeko politikariekin topo egin ote duten kultur jardueretan. Umorez erantzun zuen Estangak, baietz, bertsolari izateak ekarri diola "mota bateko politikariekin" batzea. Eta umorez erantsi zuen "beste motakoak" ezagutuko lituzkeela jota kantaria balitz. Urbeltzek ere aitortu zuen politikariekin topo egin izana, eta azaldu zuen berea obra "atsegina" delako joan izan direla beragana. Berari sarri aitortutakoa ere bota zuen, eta bildutakoen barre algarak piztu: "Ze ona zure lana; besteak ez ditut ulertzen".

Kontuak kontu, ondorio bat zekarren Astizen anekdotak, nabarmenen: askotarikoak dira kultur ereduak, kulturaren kontzepzioa eta hedadura zabaltzeko aukerak beste. Gobernuko kargudunak badu berea, oposizioko kideak beste bat, eta horrela. Astizen amuari helduta, Soto izan zen UPNren kultur eredua kritikatzen lehena: "Nik pentsatzen dudan kultur eredutik oso urrun dago gaurko eredua". Eta salatu zuen eraikia dagoen ondare materiala zaintzeko erabiltzen dela inbertsioetan gehiena, sortzeko erabili beharrean. Hala, Nafarroan "benetako kultur politikarik ez" dagoela adierazi zuen, eta esandakoa azaldu: "Ez da bakarrik kultura prozesu gisa ez dela ulertzen, baizik eta helburu ere ez dela. Baliabide ekonomiko hutsa da". Eta bide horretatik segika ondorioztatu zuen: "Inbertsioak egiten dira kulturan, baina ekarriko dituzten etekinen araberakoak".

Planoa zabaldu eta kulturaren beraren esanahia argitu nahi izan zuen Estangak. Azaldu zuenez, txikitan egin zion galdera bera amari: "Zer da kultura?" Eta erantzunen faltan, berak arakatu du esanahian, "ondorio nagusi" batera iritsi arte: "Jendeak bere beharretatik harago egiten duena da kultura, gure bizitzetan gure izaera landu eta garatzeko egiten dugun oro". Horren haritik, "herri bakoitzak bere berezko kultura" duela nabarmendu zuen, baina, azaldu zuenez, "gobernu bakoitzak kultura hori komeni zaion lekura bultzatzen du". Eta, kasu honetan, Nafarroan kultura "sistema bat mantentzeko" bitartekoa dela salatu zuen, "kontsumoaren eta itxuraren" sistema, hain zuzen ere.

Aitorpen falta

Bide horretatik, herritarrak "kontsumitzaile" eta "izaki pasibo" bihurtu izana kritikatu zuen Estangak. Kultur sortzailearen estatusa gutxi batzuentzat erreserbatu izana, nolabait. Adibide batekin azaldu zuen: "Dantzari izateko, edo ez dakit zenbat klase hartzen dituzu, edo ez zara dantzaria".

Kultur sortzailearen aitorpen faltarekin du horrek zerikusia, Urbeltzen ustez. Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetako saria jaso berri du hark, "eta pozik" badago ere, aitorpen falta sumatzen du. Nafarroako Hitza-ri eman zion elkarrizketan ere nabarmendu zuen bere kezka: "Tristea da sariak izatea gure baliabide bakarra". Eta astearteko mahai inguruan ere azaleratu zuen ezinegon bera: "Ez dut beste inor baino garrantzitsuago izan nahi. Ile-apaintzailea edo iturgina bezala, nire ofizioa aitortua izan dadin baino ez dut eskatzen".

Era berean, kulturak gainerako arloak —"ekonomia, osasuna edo hezkuntza"— eraldatzeko izan dezakeen balioa nabarmendu zuen Urbeltzek. Eta, bide horretan, artearen heziketaren garrantzia nabarmendu zuen, "bizitzari aurre egiteko beste modu baten" gisara aurkeztuz.

Gaur-gaurkoz, ordea, "elitista" eta "klientelismoan oinarritua" da UPNk eskaintzen duen kultur eredua, Sotoren ustez. Adierazi zuenez, askoz handiagoa da kultura sariei eskainitako dirua, bekei, alegia, sorkuntzari eskainitakoa baino. Alde horretatik, beka sistemaren "tranpa" gaitzetsi zuen Urbeltzek, beka jasotzen duenak dirua aurreratu behar izaten duelako kultur proiektua aurrera ateratzeko.

Esperantzarako zirrikituak

Salbuespenik gabe, UPN agintean dagoenetik martxan jarritako kultur politika kritikatu zuten solasaldiko hiru gonbidatuek. Baina poztasunerako eta esperantzarako arrazoiak ere aipatu zituzten. Batetik, modu kolektiboan, askotariko proiektuak martxan jartzeko elkartzen ari direlako sortzaileak. Jazar eta Katakrak egitasmoak dira horren adibide. "Gure herrietan, zain bagaude, argi dago betirako zain gera gaitezkeela", Estangak adierazi zuenez. Horregatik, "elkartuz gero ametsak errealak" direla azpimarratu zuen, eta "utopia" erreal bihurtzeko apustua egitearen alde agertu zen. Bere burua jarri zuen prozesu horren adibidetzat: "Gaztea nintzenean Gaintzako baserrian gitarra jotzen hasten nintzenean ez nuen pentsatuko, adibidez, gaur goizean gitarra horren aitzakian kantuan arituko nintzakeenik Iparraldeko haurrekin". Izan ere, azaldu zuenez, "ameslaritzat" hartu ohi da artea bizimodu egin nahi izaten duena. Eta, hala, muga horiek apurtzeko deia egin zuen.

Urbeltzen ustez, indibidualismorako joerak badu lotura horrekin: "Merituak behar izaten ditugu", eta horrek elkarrekin lehiatzera eraman ohi ditu sortzaileak, haren ustetan. Lehiaketek, kasurako, "ez dute laguntzen sortzaileen elkar ezagutzan". Baina, halere, taldeak sortzen ari dira haren ustez, "badagoelako kolektibizaziorako joera".

Hori dela eta, baikorra da Soto ere. Orain arte esan bezala, "alderdi negatibo bat" badagoela onartuta ere, "badago beste alderdi bat, behar beste baloratzen ez duguna, eta miragarria dena". Izan ere, "herri honetako kultur adierazpideak ikaragarriak dira". Eta, utopiaren ideiari tiraka, mahai ingurua bera erabili zuen Katakraki erreferentzia egiteko: "Hau bera bada utopia bat. Duela hamar urte esan izan baligute Iruñeko erdigunean horrelako espazio bat edukiko genukeela, ez genuke sinistuko".

Badago zer aldatua, beraz, baina baita aldaketarako aukerak eta eragileak ere. Eta maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek ekar dezaketen panorama berriak indar handiagoz bultza dezake aldaketa hori. Urte luzez eraikitako eredua egun batetik bestera aldatzea, ordea, ez da gauza erraza. Sotoren ustez, "zaila izango da kultura birpentsatzea, eta iraultza txiki bat egin beharko dugu horretarako".

Iraultza horretarako elementu batzuk, behintzat, mahai gainean dira jada. Batetik, "kartografia" baten beharra azpimarratu zuen Sotok berak, "Nafarroako kultur eskaintza Iruñean zentralizatu izanari aurre egiteko", eta, era berean, herrialdeko eragile kulturalak identifikatu eta harremanetan jartzeko. "Bestalde, aniztunak garela jakinda, bertako kulturaren birbalorizazioa ezinbestekoa da"; hala uste du Txalapartako editoreak: "Behetik gorakoa, eta kultura zentzu zabal eta parte hartzailean ulertua".

Bide berean, kultur prozesuen "instituzionalizazioaren" alde egin zuen Txalapartako editoreak, eta esparrukako elkarrizketen beharra azpimarratu zuen. Urbeltzek, bestalde, aldaketak "aniztasunaren alde egin" beharko lukeela nabarmendu zuen, eta kultur eremutik hezkuntza esparruan eragitea jarri zuen lehentasuntzat. Estangak, azkenik, urrunago eraman zuen aldaketaren beharra, eta balio sistema eraldatzearen aldeko mezua zabaldu zuen, kultura prozesuak ere alda daitezen. Alde horretatik, "gobernu jator batek" urrats berriak egiten lagunduko lukeela adierazi zuen. Eta Sotok erantzun zion: "Edo hori, edo, bestela, gobernu hori behartzeko gaitasuna izan".

Ahanzturaren kontrako artea

Ahanzturaren kontrako artea

Soinu berezia egiten du euriak plastiko beltzen kontra erortzean. Tap-tap-tap. Hori da Iruñeko Rodezno kondearen plazan entzun daitekeen hots bakarra, bertaratutako dozenaka lagunek isil-isilik begiratzen baitiote artistari, hark lur beltza esku artean hartu eta harlauza bustien gainean etzanda dauden boluntarioei botatzen dien bitartean. Hogeita hamar bat dira. Oinutsik. Begiak itxita. Mutu. Euritea zakartuz doa pixkanaka. Ekitaldia hasi eta berehala, dena dago blaituta: arropa, aurpegiak, harriak, oin biluziak... Honezkero, hozten hasiak dira hilotzak.

"Euria iragarria zegoen, eta zenbait lagunek galdetu didate ea bertan behera utziko dugun performance-a. Ezta pentsatu ere. Elurra edo kazkabarra botako balu ere, hementxe izanen ginateke berdin-berdin, hau beharrezkoa delako. Beharrezkoa da memoria historikoa aldarrikatzea". Hunkituta hitz egin zuen Abel Azkona artista iruindarrak (Madril, 1988) iragan den ostiralean, bere azken ekintza artistikoa egin ostean. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko hainbat kide sinbolikoki lurperatu zituen, 1936ko altxamendu faxistan eta gerraostean eraildakoak gogora ekartzeko. Enterrados (Lurperatuak) izenburua eman dio lanari.

Azkona bera izan zen performance-aren prozesu osoa gidatu zuena: parte hartzaile guztiak bere tokian kokatzen, zapatak nahiz galtzerdiak kentzen eta boluntario bakoitzaren gainean lurra botatzen ibili zen ordu erdiz. Hala ere, garrantzia kendu nahi izan zion bere egitekoari: "Gaurko protagonista ez naiz ni, fusilatuen senideak baizik. Tolosatik (Okzitania) edo Zaragozatik (Espainia) Iruñera etorri diren horiek guztiak elkarrizketatu beharko zenituzkete", esan zien bertaratutako kazetariei. "Benetan hunkigarria da 80, 85 edota 90 urteko gizon-emakumeak hemen ikustea. Euren gorputzak eman dituzte artea eta memoria uztartzen dituen proiektu honetarako, eta hori txalogarria da".

Boluntario horietako bat izan zen Arcadio Ibañez San Juan, Miranda Argako bizilaguna. Haren baratzetik ateratakoa zen performancean erabilitako lur guztia. Bost senide hil zizkioten Ibañezi 36ko gerraren ondorengo urteetan: aita eta lau osaba-izeba. Haien gorpuak desagerturik daude oraindik, baina Deikaztelu inguruan egon litezkeela uste du. "Zantzuak baditugu, baina gorpuak lurretik ateratzeak dirutza balio du, eta inork ez digu zentimo bakar bat ere eman". Azkonaren ekintza artistikoak "atsekabea" eragin ziola esan zuen. "Lur jota nago, bizipen mingarri asko gogoratu ditudalako bat-batean, eta halako oroitzapenak ez dizkiot inori opa".

Faxismoaren monumentua

Azkonarentzat, ezinbestekoa zen norbanakoen oroitzapen horiek guztiak Iruñeko Erorien Monumentuaren aurrean biltzea, "herri honetan dena baita tabu". Artista iruindarrarentzat, Rodezno kondearen plaza "memoriarik ezaren hiriburua" da. "Nik arte ikasketak egin nituen gaztetan, eta Erorien Monumentua ez da artea. Diktadoreei gorazarre egiten dien eraikin faxista bat besterik ez da. Horrexegatik, plaza hau faxismoaren biktimen senideekin betetzea itzela da, historiari buelta ematea da".

Francoren alde borrokatu zirenak omentzeko eraiki zuten Erorien Monumentua, eta ikur frankista ugari biltzen ditu eraikinak oraindik ere. Ikurren legea betetzeko asmoz, gehienak estali zituen UPNren gobernuak, baina ez zituen ezabatu. Horrez gainera, Mola eta Sanjurjo jeneral kolpisten hilobiak daude monumentuaren sotoan, eta haien omenezko meza egiten da urtero, uztailaren 18ko altxamenduaren urteurrenean. "Historia beltz hori ere azaleratu egin behar dugu", azpimarratu zuen Azkonak iragan ostiralean. "Azpijoko honek jarraipena izanen du etorkizunean ere, Espainia memoria historikoa errespetatzen hasten den arte. Pertsona hauek guztiek erantzunak behar dituzte, euren senideak lurperatu ahal izateko, harrotasun osoz, eta, batez ere, orain arte jaso ez duten errespetuarekin".

Azkonaren esanetan, Enterrados egitasmoa hainbat hiritara eramanen dute. "Madrilen, esate baterako, erakusketa eginen dugula berretsi digute, baina munduko hainbat herrialdetara ere zabaldu nahi dugu proiektua". Iruñeko performancean ateratako argazkiekin eta bideoekin osatuko dute erakusketa hori.

Azkona ibilbide luzeko artista da. Kutsu autobiografikoa duten performance ikusgarriek osatzen dute bere obraren ardatz nagusia, baina azkenaldian, salaketa, gizarte arazoak eta politika uztartzen dituzten lanek lortu dute oihartzunik handiena.

Aldaketa politikoaren alde, hizkuntza politika aldatzeko

  Nafarroako Gobernuak orain arte euskararekiko izan duen jarreraz, hizkuntza politika berri batek izan beharko lituzkeen ezaugarriez eta etorkizuneko erronkez solastu dira Kontseiluko, AEK-ko eta IKAko ordezkariak Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean antolaturiko mahai inguruan. Iñaki Lasa, Helios Del Santo eta Nekane Otamendi izan dira hizlariak.Gobernu aldaketaren alde agertu dira, UPNren agintaldiak euskalgintzari egindako...

Euskalgintzako eragileen mahaingurua izanen da bihar Katakrak liburudendan

Euskalgintzako eragileen mahaingurua izanen da bihar Katakrak liburudendan

Nafarroako Gobernuak orain arte euskararekiko izan duen jarreraz, hizkuntza politika berri batek izan beharko lituzkeen ezaugarriez eta etorkizuneko erronkez solastatuko dira bihar Kontseiluko Iñaki Lasa, AEK-ko Helios del Santo eta IKAko Nekane Otamendi, Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean antolaturiko mahai inguruan. Katakrak liburu dendan izanen da, 19:00etatik aurrera. BERRIAren webgunean streaming bidez ikusten...

Salaketa jarri diete Maia alkateari eta Perez artzapezpikuari, Iruñean ikur frankistak mantentzeagatik

Salaketa jarri diete Maia alkateari eta Perez artzapezpikuari, Iruñean ikur frankistak mantentzeagatik

Eduardo Ranz abokatuak atzo jarri zien salaketa bana Iruñeko alkate Enrique Mayari eta Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzain Francisco Perezi. Iruñean sinbologia frankista mantentzeagatik jarri die salaketa Ranzek eta eskaera bat ere egin du: kendu ditzatela frankismoa goratzen duten monumentu eta irudi guztiak. Gehiago irakurri Iturriak: Berria.eus Euskalerriairratia.eus

Nafarroako Hitza puntueus da

Nafarroako Hitza puntueus da

Jon Ordoñez Argia, sinplea eta irakurterraza”. Hala azaldu zien atzo Ion Orzaiz Nafarroako Hitza-ko zuzendariak webgune berriak zer izan nahi duen eta nolakoa izango den aurkezpenean. Zaldiko Maldiko elkartean egin zuten aurkezpena Orzaizek eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Patxi Zabaleta Aralarreko parlamentaria, Mikel Bujanda eta Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratikoak eta Garbiñe Petriati...

Aldaketa ardatz, ‘Hitza’-ren eta Euskalerria irratiaren solasaldi zikloan

Aldaketa ardatz, ‘Hitza’-ren eta Euskalerria irratiaren solasaldi zikloan

Badator aldaketa. Azken urteetan, nafar gizarteak askotan entzun du esaldi hori, ordezkari politiko batzuen zein besteen ahotan. Gehienetan, gainera, aldaketa hitzak eragindako ilusioak etsipenari eta amorruari bide eman dio. Oraingo honetan, ordea, haize berriaren freskotasuna inoiz baino nabarmenagoa da, eta ez dio soilik politikari edo alor instituzionalari eragiten. Egoera politiko eta ekonomiko nahasiaren erdian, itxaropen...

Ehun urte harresirik gabe

Ehun urte harresirik gabe

Iker Tubia / BERRIA Iruñea aspalditik dago harresiez inguraturik. Gaztelarrek konkistatu aurretik, eta hiru burguek bat egin aurretik ere izan zituen paretak inguruan. Baina, zalantzarik gabe, hiria ito zuen harresia XVI. mendean eraiki zuten, konkistaren ondoren. Harresiak hiria kanpoko mehatxuetatik babesteko, harresiak hirian erregeak zuen subiranotasunari eusteko, eta harresiak hiriburuaren hazkundea saihesteko. Horregatik, Iruñea itota...

Hainbat auzotara zabalduko dute edukiontzi marroia

IRUÑEA. Iruñerriko Mankomunitateak abian jarri du bosgarren edukiontzia ezartzeko 3. fasea. Maiatzean, Buztintxurira, Sanduzelaira, Arrotxapeara, Arantzadira, Artikara eta Berrobeitira zabalduko dute zerbitzua; ekainean, berriz, Txantreara, Magdalenara eta Antsoainera. 1.511 edukiontzi jarriko dituzte.