Nafarroa

Aterpe bila udarako

Aterpe bila udarako

Kattalin Barber
Nafarroan igaroko dute uda 98 haur sahararrek, Oporrak Bakean izeneko programari esker. Horietatik 18k, ordea, oraindik ez dute harrera familiarik, eta ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteak dei berezia egin du familiak bilatzeko, ...

Iritzia: Ultzamaldeko tranbia

Tania Arriaga Azkarate

Euskotrenekin Hendaiatik Bilbora joan behar izan genuen aurrekoan. Igande goizean hamar eurora ailegatzen ez zen txartela erosi ondoren, satorra hartu eta hiru ordu eta berrogei minutuan Bilbon ginen. Bidean, Euskal Herriko kostaldeko ia txoko guztiak pasatzen ikusi genituen: ibilbideak 56 geldialdi ditu.

Kalkulatzen dut Hendaian 40 bat lagun igo ginela, eta inongo oinarri zientifikorik gabe botako dut haien artean hamar bat espainol, hamabost bat frantses, zortzi lapurtar eta Hegoaldeko beste zortzi bat lagun geundela (baita bi turista zeharrargi eta galdu ere, baina azalaren gardentasuna dela-eta zenbatzean desagertu ziren). Berehala, trenaren populazioaren ehunekoak aldatuz joan ziren; batetik, Errenteria eta Pasaia artean, hamaiketakoa hor nonbait janen zuten nerabe kuadrilla polita sartu zelako, eta, bestetik, 70 urte inguruko emakume bakarti franko igo baitziren. Kantauriko perlan gelditu ziren Donostiara iritsi eta gurekin haraino etorritako gehienak.

Trenez aldatu, eta ibilbidearen bigarren parteari ekin genion. Amaratik aurrera, bagoietako bidaiarien profila dibertsifikatu zen: bertako zein kanpoko turistak; gaztetxoen futbol taldeak; ondoko herrira gurasoekin bazkaltzera zihoazen familia gazteak; gaupasero menderaezinak; apez bat; pentsiodunak; autorik gabeko Senegalgo mantero langileak; Errumaniako burdin biltzaileak gurditxoa eta guzti; bermut zale klasikoak ere ikusi genituen, alkoholemia kontrolei irri eginez.

Sinistuko ez duzuen arren, triki-traka etengabearen eraginez, beste behin, trantze mistiko batean sartu eta ikuspen dohatsua agertu zitzaidan trenaren leihatilan. Hara non! Panoramikoan, Basaburua, Imotz, Ultzama, Odieta eta Atezko mapa ikusi nuen. Zientzia fikziozko film batean egonen banintz bezala, irudia handitu eta herrietara hurbildu nintzen, eskuarekin mugimendu azkar bat eginez. Han ziren, ikusgai, NA-411 eta NA-4130 errepideak, zirkulua osatu eta bailara hauetako herriak elkartzen. Errepide ondoan, tranbia txiki txukun bat zegoen. Eskuarekin irudia zabaltzeko agindu eta indar elektrikoari esker mugitzen zen trentxoarengana hurbildu nintzen. Makinistaren atean, hizki larriz, Cincinnati irakur zitekeen, ziurrenik hiri horren oparia delako, pentsatu nuen. Auzako egurrezko geltokian, berriz, Nekazalguneak lotzeko garraio egitasmoa idatzita zegoen. Tom Cruisek Minority Report-en egiten zuen bezala, eskuen keinua errepikatu eta tranbiaren barnean nengoen. Gazte talde bat ondoko herrira zihoan, beste gaztetxo batzuekin, etxeko lanak egitera; adineko bi lagun ere ikusi nituen, Auzako ile-apaindegian hitzordua hartua zutelako; Iruñerriko bi ezagun agurtu nituen eta bikote bati entzun nion, zeinen gustura bazkaldu behar zuten autoaren ardurarik gabe. Euskotreneko ahots grabatuak ikuspen dohatsutik atera ninduen, "hurrengo geltokia, Zazpi Kaleak" aditzera eman zuenean.

Ultzamako trenbidea ametsa da, oso eztabaidagarria; azken buruan, ia lau orduko bidaian ongi pasatzeko jolas jarduera niretzat, baina, gure herri zoragarrietan duintasunez bizitzen segitu ahal izateko, gisa horretako ariketa asko egin beharko ditugu. Imajinazioaren biraderari eragin beharko diogu etorkizuna gure herrien beharretara egokitzeko, eta, bai ala bai, ondarearen kudeaketa ekuazioaren aldagaia izanen da.

Genitalen mutilazioaren osteko loraldia

Genitalen mutilazioaren osteko loraldia

Sara Muerza

Ginean jaio zen Ounoul Bah (1974), eta herrialde hartan tradiziotzat daukate emakumeei genitalak moztea. Han, bai eta Afrikako, Ekialde Hurbileko eta Asiako beste 28 herrialdetan ere. Mundu osoan 200 milioi neska eta emakumeri erauzi dizkiete genitalak. Bahk ere ezin izan zion ohitura horri ihes egin. Bere galderei erantzunak bilatzen luze egon zen, Nafarroako Munduko Medikuen formakuntzan jasotako informazioa topatu zuen arte. "Nik ez nekien zer motatako mutilazioak zeuden. Ez nuen ezagutzen gaixotasun eta ondorio asko hortik zetozela. Izena jarri ezin diezun gauza batzuk gertatzen zaizkizu emakume izanda, eta formakuntzarekin dena erlazionatzen duzu", azaldu du. Farmata Wattek (Dakar, Senegal, 1983) onartu du ez zekiela noraino iristen ziren egiten diren mozketak formakuntzara joan zen arte. "Afrikan ez ditugu irudiak ikusten. Badakigu egiten dela, baina inoiz ez digute esaten zer ondorio txar dituen, soilik positiboak. Gainera, ez da horretaz hitz egiten, tabu bat da. Formakuntzak hausnartzera bultzatzen zaitu. Asko lagundu digu".

Bah eta Watt bitartekariak dira orain, Munduko Medikuek sustatutako programaren barruan. Helburua da emakumeen genitalen mutilazioari aurrea hartzea. Proiektu horren bidez, 5.844 pertsona trebatu dituzte 2008. urtetik, gehienak emakumeak. Programaren ardatz nagusiak bi dira: mutilazioa pairatzeko arriskuan dauden neskak babestea, eta sufritu duten emakumeak laguntzea. Erroldatuta dauden 293 neska arriskuan egon daitezkeela zenbatetsi du erakundeak.

Formakuntzaren bidez, parte hartzaileek gaiarekiko zuten iritzia aldatzen dute, sentsibilizatzen dira, eta hurbileko pertsonei helarazten diete ezagutza. "Efektu biderkatzailea dauka, gu geu eta formazioa jaso dutenak pentsamoldea aldatzen hasten direlako. Aldaketa gugandik hasten da, eta, gero, familiara eta komunitatera zabaltzen dugu", erran du Fatima Djarra Sani (Bissau, Ginea, 1968) proiektuaren sustatzaile, bitartekari eta ekintzaileak.

Bestetik, tailerretara joaten den pertsona jabetzen da emakumeen mutilazio genitalak (EMG) osasun fisikoari, psikologikoari eta sexualari eragiten diola. Auziaren larritasuna erakusteko bideoak eta argazkiak erabiltzen dituzte, bagina artifizialekin mutilazio mota ezberdinak azaltzen dituzte, eta mutilazioa sufritu duten emakumeek gertatu zitzaienaren lekukotasuna ematen dute. "Gai tabu bat da, inork ez du horretaz hitz egin nahi, baina emakume batek hitz egiten duenean, pertsonak hausnarketa egiten du", baieztatu du Djarrak.

Helburu asko, beteta

2008. urtean sortu zen Munduko Medikuen proiektua Nafarroan, eta arduradunek azaldu dute orain dela hamar urte zehaztutako helburu asko lortu dituztela. "Lehen ezin genuen mutilazioari buruz hitz egin, ezta komunitate afrikarrarengana hurbildu ere. Egun, gaia ezagutzen duten emakume zein gizon afrikarrek konpromisoa hartzen dute ablazioaren aurka", baietsi du Djarrak. Proiektua Cintruenigora eta Tuterara zabaldu dute berriki.

2013an ebazpen bat onartu zuen Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari baliabideak eskatzeko emakumeen genitalen mutilazioaren prebentzio proiektu bat garatzeko. "Behar bat zegoela ikusi genuen. Katalunian eta Aragoin protokolo batekin lan egiten zuten, eta oso ondo funtzionatzen zuen arriskuan zeuden neskak antzemateko eta mutilazioa pairatu duten emakumeak artatzeko", adierazi du Djarrak. Munduko Medikuek egindako ahaleginak saria jaso zuen urte horretan: Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurrean Jardun eta Prebentzio Protokoloa onartu zen. Aurten hasi dira aurrekontuko diru sail bat jasotzen.

Instituzioetan erdietsitako lorpenak harago doaz. 2015ean lortu zuten Nafarroako Gobernuak onartzea ablazioa indarkeria matxista dela, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko legean. Horretaz gain, Nafarroako Munduko Medikuek eremu ezberdinetako profesionalak trebatu dituzte, hala nola osasun, gizarte lan eta hezkuntza alorretakoak; haiekin koordinatzen dira kalte hartutako neska eta emakumeak artatzeko. "Oso garrantzitsua da hori, hemengo profesionalek ez baitute ezagutzen ablazioaren jatorria, edo atzean dagoen errealitate soziokulturala; ez dakite nola heldu gaiari", nabarmendu du Djarrak.

Azaldu dute hainbat emakumek lotsa sentitu dutela ginekologoarengana joan direnean, "arreta gune" izan direla sentitu dutelako. "Existitzen diren ablazioen berri eman behar diegu profesionalei eta azaldu nola jokatu behar den mutilazioa sufritu duen emakume batekin. Bere onespenik gabe mutilatu dute eta berari lagundu behar zaio, eutsi, ondo tratatu eta artatu", nabarmendu du Djamila Maigak (Mali, 1986), proiektuko bitartekariak.

Munduko Medikuek, hain zuzen, proiektuko emakumeen babesarekin batera, azterketa ginekologikoak eskaintzen ditu, bai eta laguntza psikologikoa ere, psikologo boluntario batekin. "Bitartekari eta emakume afrikar gisa, enpatia sentitzen dugu, gauza bera bizi izan dugulako", kontatu du Djarrak. Bitartekariak lagunduta emakumeek haien gorputza, sexualitatea eta jasan ahal izan dituzten ondorioak ezagutzen dituzte tailerretan.

Neska gazteentzat etorkizun ezberdin bat eraikitzeko nahia dago ablazioari aurre egiteko osatutako protokoloaren atzean, eta, horretarako, ziurtagiri bat sortu dute haren barnean: pediatraren eta familiaren arteko konpromisoa ziurtatzen duen agiria da. Familiak sinatzen du, jatorrizko herrialdera bidaia bat egiteko asmoa duenean, hitzemanez neskatila ez dutela mutilatuko.

Djarrak azaldu du pertsona anitz beraien herrialdeetara joateko beldur direla, uste dutelako hango familiak neska mutilatuko duela. Horregatik, ziurtagiria eramaten dute haien hizkuntzara itzulita, familiak ikus eta jakin dezan ablazioa debekatuta dagoela, eta kartzela zigorra ekartzen ahal duela hemengo familiarentzat.

Bestalde, erakundea harremanetan dago osasun etxeekin, ablazioaren biktima izan daitekeen neskatila bat jaiotzen denean horren berri jasotzeko. "Familiekin zuzeneko prebentzioa egiteko deitzen gaituzte, eta gero, haiekin joaten gara pediatrarengana. Ziurtagiria sinatzen dute eta gurekin harremanetan daude konfiantza eskaintzen diegulako, sostengu bat izan dezaten", esan du Djarrak.

Alexandre Serge Ondoa (Kamerun, 1979) bereziki hunkitu zen Djarrak ablazioaz hitz egin zion egunean. Garapen lankidetzan boluntario gisa aritzeko sartu zen lehendabizikoz Munduko Medikuen egoitzara, baina Djarrarekin izandako solasaldia arrazoi nahiko izan zuen planak aldatzeko. "Ikusi nuen parte hartu eta zerbait egin nezakeela. Fatimak esan zidan gizonak sentsibilizatzeko premia zegoela, eta ni bezalako pertsona bat behar zutela, gauzak azaltzeko", gogoratu du.

Horrela, gizon afrikarrek osatutako talde bat sortu zuten, eta Sergek formakuntza lana egiten du taldeko kideen artean. "Konturatu naiz gauzak nolakoak diren azaldu behar dela; gure kulturaren parte dela pentsatzen hazten gara. Baina Fatima ezagutu eta bere borroka ikusi eta gero, ablazioa emakumeen aurkako indarkeria dela konturatu, eta jabetu nintzen auziaren larritasunaz", azaldu du.

Manadou Telly Diallok (Ginea, 1991) uste zuen mutilazioa erlijioaren parte zela, eta lagungarria. Zabaldutako ustea da ablazioa erlijioarekin lotutako auzi bat dela; erlijio handi guztiak baino zaharragoa da, ordea, eta ez da erlijio testu bakar batean ere jaso. "Pertsonek sortutako kultura baten parte da, ohitura bilakatu dena", zehaztu du. Formakuntzak "begiak ireki" zizkion, eta ablazioaren aurka ari da orain lanean. "Ezagutzen dudan jendeari ematen diot informazioa bere ideiak alda ditzan, eta informazioa besteei zabaltzeko; hori da kontua, batzuengana eta besteengana ailegatzea gertatzen ari denari buruzko informazioa", nabarmendu du.

Tabuez hitz egin

Ablazioaz hitz egitea ez zen batere erraza izan Munduko Medikuen programako arduradunentzat. Iruñean bizi zen komunitate afrikarra zuten aurka eta gaur egun ere haren zati batek jarraitzen du egiten duten lana onartu gabe. "Ezin diegu errua bota pentsatzeko modu hori izateagatik, jaso duten hezkuntzak eta bizipenek eragin dutelako gisa horretako ideiak izatea. Gu haien tokian jartzen gara, guk ere horrela pentsatzen genuelako garai batean. Gauzak beste modu batera ikusten laguntzen ahal diegu, guk egin dugun bezala; halere, argi esan behar da zaila dela horrela pentsatzen duen pertsona batengana iristea", azaldu du Djarrak.

Hala eta guztiz ere, komunitatearen zati handi batek begi onez ikusten du proiektua. Hori nabarmendu dute Munduko Medikuekin lanean ari diren bitartekariek. "Iruñean ongi etorriak gara. Fatima hasi zenean askoz zailagoa zen: zuk atera behar zenuen, eta jendea bilatu. Orain, jendea guregana etortzen da erakundera. Gurekin trebatu den pertsona baten bidez iristen dira guztiak", nabarmendu du Wattek.

Maigak beregan aurkitu zuen zailtasunik handiena. "Beti kontatu izan digute erlijioarekin lotutako kontu bat dela mutilazioa, edo emakumeari on egiten diola; honat etorri, eta norbaitek esaten dizu alderantziz gertatzen dela, emakumearentzat kaltegarria dela. Zure buruari galdetzen diozu: 'Egia izango ote da edo engainatu naute?' Zure kontra borrokatzen duzu lehenengo, eta gero, hurbileko jendearekin".

Uste du bidean topatu dituzten zailtasunak ez direla desagertu, oraindik ere, baina umorez hartzen saiatzen da. "Barruraino sartu gara, orain ezin dugu atzera egin. Jartzen dizkiguten etiketak beti egongo dira hor. Gure helburua guk nahi dugun tokira iristea da. Ez zaizkigu batere inporta zailtasunak, gainditu ahal direlako".

Munduko Medikuekin lanean hasi eta gero, 2010. urtean jaio zen Afrikako Lorea, emakume afrikarrek osatutako elkartea, hain zuzen ere. Bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat dute proiektu eta jarduera ezberdinak kudeatzeko, horien artean, ablazioarekin lotutakoak. Elkarteak, gainera, bere ekinaldi propioak sustatzen ditu. "Emakumeak eta gizonak berdintasunean heztea da gure helburua, baita gure seme-alabak ere: neskak eta mutilak berdinak dira", esan du Wattek.

Fatima Djarrak gaineratu du emakume afrikarra ikusgai bilakatu nahi dutela gizartean, hedabideek erakusten ohi duten irudiarekin alderatuta oso bestelakoa den errealitatea agerian uzteko asmoz. "Emakumeen ahalduntzea sustatu nahi dugu", erantsi du.

Munduko Medikuekin egiten duten lana ere bide berean dela nabarmendu du: gizon eta emakumeak elkarlanean arituz, neska eta emakumeen bizitza kaltetzen eta mugatzen duena alda daitekeela argi utzi nahi dute. "Proiektua aurkitu eta lagundu ninduten pertsonak ezagutu izan ez banitu, toki berean jarraituko nuke", amaitu du.

Artea, memoriaren gordailu

Artea, memoriaren gordailu

Edurne Elizondo

Zinema memoriaren espazio nagusia da". Helena Taberna zinemagileak erran ditu hitzok, Katakraken, liburu denda horrek eta 78ko Sanferminak Gogoan plataformak antolatutako ekinaldian. Artea eta memoria izan ditu hizpide, Enrique Villarreal El Drogas musikariarekin eta Alberto San Juan aktore eta antzerki zuzendariarekin egindako mahai inguruan. Memoriaren gordailutzat hartu dituzte hirurek artearen bideak: gordetzen duten hori zabaltzea asmo nagusi duten gordailutzat, alegia.

Ezagutzea da gakoa, hiru artistek nabarmendu dutenez. Iraganaren berri jasotzea, iragana aztertzea eta arakatzea, artearen bidez, gogoeta eta pentsamendu kritikoa bultzatzeko asmoz. Villarrealek onartu du "ezjakintasunak" eraman zuela bera memoriaren esparruan murgiltzera; prozesu horren ondorioz sortu zen Barricadarekin argitaratu zuen La tierra está sorda diskoa, 1936ko gerrari buruz.

"Lan hori sortzeko prozesuan neurri berean erabili nituen malkoak eta amorrua", onartu du musikariak. Abestien helburua zein den argi du: "Izan daitezela suteak sortzeko txinpartak, entzuten dituztenen artean".

Lehenagokoa da 1978ko uztailaren 8ko gertaeren inguruan idatzi zuen Sua abestia. Egun hartan hil zuen Poliziak German Rodriguez, tiroz, Iruñean. "Gau hura karrikan eman nuen nik; aurreko egunetan ere sumatzen zen kalean zerbait gertatuko zela", gogoratu du Villarrealek.

Orduko giroa egungoarekin lotu du musikariak: "Nik ez dut politikoki zuzena izan nahi, ustezko ezkerrak behin eta berriz erraten duen bezala; ni indarkeriaren alde nago, autodefentsarako tresna gisa, argi baitut estatuak modu sistematiko eta sendo batean erabili duela beti indarkeria".

Errealitateari so egiteko beharra nabarmendu du, eta asmo horrekin bat egin du Aberto San Juan aktore eta antzerki zuzendariak ere. Memoriaren arloan horrela hasi zela gogoratu du: "Bizi naizen tokiko errealitatea ezagutzeko nahiak eraman nau iragana arakatzera". Prozesu hori 2008ko krisiak eztanda egin zuenean hasi zuen San Juanek. "Egun batetik bertzera hutsean gelditu zen ordura arte saldu ziguten ustezko garapenaren ideia; ez zen benetakoa, baina gizarteak benetakoa zela uste zuen. Zergatik? Finean, hedabide nagusiak botereak kolonizatuta daude, eta gertatzen denaz jabetzeko, ondorioz, ahalegin bat egin behar duzu".

San Juanek egin du, eta gertatzen den horren berri emateko eta horren inguruko gogoeta bultzatzeko, antzerkiaren alde egin du. Madrilen, El Teatro del Barrio izenburuko proiektuko kide da; kontsumo kooperatiba bat da. "Sortzen dugun kontsumorako gaia, kasu honetan, ideiak dira, informazioa". Monarkiari, GALi eta ustelkeriari buruzko lanak egin dituzte, bertzeak bertze.

San Juanek hiritarren alde egin du: "Hiritarren komunitate bat da, nire ustez, bere kide guztiek behar dituzten baliabide materialak bermatzen dituena, eta kide horiei eragiten dieten erabakietan parte hartzeko aukera ematen diena". Gatazka hor sortzen da, San Juanen ustez: "Alde batean daude erabakitzeko eskubidea beren esku gorde nahi dutenak, eta, bertzean, berriz, denoi eragiten diguten kontuetan denok parte hartu behar dugula uste dugunok".

Erabakitzeko, noski, ezagutzea "funtsezkotzat" jo du aktoreak. Are gehiago erran du: "Errealitatea ezagutu nahi ez izateak ekartzen du pertsonak beren ideiengatik espetxeratzen dituztenak laguntzea". "Ezagutu behar dugu", berretsi du San Juanek: "Ezagutu, gauzak aldatu ahal izateko".

Gerra eta Eliza

"Zinema da zure sorterriko memoriaren argazki sorta; ez da kasualitatea nire lehendabiziko lana 1936ko gerrari eta Elizari buruz egin izana", erran du Helena Tabernak. Altsasu 1936 izenburukoa izan zen aurreneko lan hori. Filmarekin batera, dokumentala egin zuen zinemagileak. "Herriko zahar etxean izan nintzen elkarrizketak egiten; han, faxistak eta haien indarkeria sufritu zutenak elkarrekin ziren. Gogoan dut emakume batek erran zidala: 'Horrek moztu zidan ilea'".

Film ertaina zen Altsasu 1936. Tabernak jaso zuen, halere, film luze bilakatzeko proposamena. "Ezin izan genuen egin, ordea; proposamena jaso eta gero, TVEk Elizaren baimena ote zuen galdetu zuten orduan gobernuan ziren sozialistek. Ez zuen aurrera egin", gogoratu du. "Eskandaluzkoa da ahanzturaren antolatzaileek behin eta berriz erratea 1936ko gerrari buruzko film anitz egiten direla. Gutxi ditugu!", gaineratu du.

"Memoriaren espazio nagusia da zinema, eta badu sendatzeko gaitasuna", berretsi du zinemagileak. Argi utzi nahi izan du "arduraz eta erantzukizunez" egiten diola aurre memoria film bilakatzeko lanari. "Garrantzitsua da film on bat egitea, zabaldu nahi duen diskurtsoa hagitz garrantzitsua delako". Tabernak erantsi du "konfiantza" duela ikus-entzulearengan. "Hark osatu behar du filmak aurkezten duen kontakizuna; hori da garrantzitsuena. Filma amaitu eta gero ere gogoeta egiten segitu behar du".

Bat egin dute Villarrealek eta San Juanek, eta artea kontsumitzen duenak "zentzu kritikoa" izan beha duela nabarmendu dute. Zentzu kritikoa egungo errealitatetik iragana aztertu eta etorkizuna eraikitzeko. Horretan ari dira hirurak, artea eta memoria lagun.

Zazpi ahots paperera

Zazpi ahots paperera

Ane Eslava

Zazpi dira; emakumeak, Nafarroako erdialdekoak, eta hainbat belaunalditakoak. Marina Aoizek, Oihane Anduezak, Blanca Eslabak, Pilar Alcoleak, Isabel Hualdek, Leire Olkotzek eta Tasus Burgetek sormen poetikoa eta naturarekiko gertutasuna partekatzen dituzte. Hainbat proiektutan elkarlanean aritu dira, eta oraingoan, haien olerkiak biltzen dituen liburu bat kaleratu dute: En voz alta. Nosotras, poetas de la Zona Media. Hilaren 12an Iruñeko Kondestablearen jauregian aurkeztuko dute.

Egitasmoak 2016ko udan du jatorria. Isabel Hualdek Reconstrucciones poesia liburua publikatu zuen, Iruñeko beste bost idazleren partaidetzarekin. Lanak harrera ona izan zuen, eta Hualderi egokia iruditu zitzaion antzeko proiektu bat sortzea, Nafarroako erdialdeko emakumeen ahotsak ezagutzera emateko. "Poesiari lotutako hainbat esperientziatatik ezagutzen nituen emakumeei proposamena egin nien, eta guztiak parte hartzeko prest agertu ziren", azaldu du. Urte eta erdiko lanaren ostean, liburua argitara eraman dute.

Zazpi pasartetan banatuta dago, idazle bakoitzeko bat; eta 55 olerkik eta egileen biografia laburrek osatzen dute. Testuetan hainbat gai errepikatzen dira: bakardadea eta maitasuna; pobrezia eta arazo sozialak; bidaiak; hiriak eta paisaiak; genero berdintasuna... Idazleek, oro har, bertso librean idatzi dute, eta bertso laburrak eta luzeak tartekatu dituzte.

Hitzaurrearen egilea Consuelo Allue NUPeko irakaslea da, eta lana "errealista, aldarrikatzailea, filosofiko-existentzialista, ez zikina, ez estetizista eta positibo" gisa definitu du. "Poeta guztiek bat egiten dute bi ezaugarritan: literatura dute bidaide, eta bizitzarekiko jarrera baikorra dute".

Liburuaren ilustrazioak Asun Eslaba marrazkilariak egin ditu. Azaldu duenez, Irunberriko inguruan egiten dituen ibilaldiak izan ohi dira haren inspirazio iturri nagusia. "Mendian ikusten ditudan landareek, zomorroek, harrietako marrazkiek... barne bidaia batera eramaten naute; ondoren, marrazki bakoitzean, pentsamendu horiek birsortzen ditut". Oraingoan ere, pasealdi horietako hausnarketak eraman ditu paperera.

Liburu osoa gaztelaniaz idatzita egon arren, Iñaki Bastarrikak hiru olerki euskaratu ditu: Alcolearen Un día de regalo, Eslabaren Anorexia eta Aoizen Palabra Viva. Ez dute erabaki lan osoaren itzulpena egingo duten, oraindik aurkezpen prozesuan murgildurik baitaude; baina ez dute aukera baztertzen. Dagoeneko egileen herri guztietan aurkeztu dute liburua: Tafallan, Ledean, Irunberrin eta Oibarren. Amaitzeko, hilaren 12an Iruñeko Kondestablearen jauregira eramango dute. Ledeako eta Irunberriko aurkezpenak bereziak izan ziren, martxoaren 8an egin zituztelako; Emakumeen Egunean. Errezitaletan, liburuaren egileez gain, herri horietako emakumeek parte hartu zuten. Historiak ahazturiko emakumeak aipatu zituzten, eta berdintasunaren aldeko aldarrikapen anitz egin zituzten.

Orain arte jasotako erantzuna ikusita, haien helburua lortu dutela uste dute egileek. "Egindako lana gure herrietako bizilagunei helarazi nahi genien, eta aurkezpen guztiak arrakastatsuak izan dira; hortaz, nahi genuen tokira heldu gara", adierazi du Anduezak. Liburu hau haien lanari zabalkundea emateko baliagarria izan dela gaineratu du Alcoleak. Horrez gain, egileen arteko elkarlana "oso aberasgarria" izan dela eta lanari "indarra eta irmotasuna" eman diola esan du. "Ni oso babestuta eta eskertuta sentitu naiz".

Ostegun poetikoak

Liburuaren egileek partekatzen dituzten espazioen artean dago Irunberriko Ostegun poetikoak saioa. 2013an, Hualdek, hainbat kiderekin batera, Conlalunaporsombrero taldea sortu zuen, Irunberriko inguruan poesia zabaltzeko xedez. Eskualdeko olerkariak poesia emanaldiak egiten hasi ziren, hilean behin, Saira tabernan. Poeta bat elkarrizketatu ondoren, haren olerkiak errezitatzen zituzten, zuzeneko musikaz lagunduta.

Ondoren, 2015ean, Eslabak hartu zuen Hualderen lekukoa, eta saioa zabaltzea erabaki zuen, herriko jendearen partaidetza bultzatzeko. Denborarekin, ekimenak indarra hartu du eta herrian finkatu da. Gainera, hainbat sail gehitu dituzte: publikoaren irakurketak, margolanen erakusketak, musika emanaldiak eta Carlos Zozaia bizilagunak gidatzen duen poesia musikatua. Jendearen erantzuna oso positiboa izan dela azpimarratu du Eslabak: "Poztasun handia jaso dugu". Aurrera begira, egitasmoa garatzen eta ekintza berriak sortzen jarraituko dute, poesiarenganako grina zabaltzen jarraitzeko.

Iritzia: Euskarafobia

Jon Barberena

Mingarria zait gurasoengandik jaso nuen hizkuntzaren kontra nola solastatzen diren aditzea. Maitemindu berrien gisa, hasi dira alderdi politikoen arteko txolinkeriak nabarmentzen gurean. Hasmentan altxapeka eta agerian dagoeneko, gero eta hurbilago dauden hauteskundeetarat eskutik hartuta joan daitezen. Horren adibide, PSNko Maria Txibitek berriki emandako gosari informatibo batean errandakoa. UPNren argudio berberak erabili zituen alderdiaren oinarri "sozialista" defendatzeko. To! Gosarirat gonbidatua zen Javier Esparzari keinu ttipi bat egin eta euskal abertzaletasunaren kontra gogorki solastatu zen, haien izaera nafarra eta espainiarra defendatuz. Ongi iduritzen zait bere proiektua plazaratzea eta defendatzea. Baina Pedro Sanchez ondoan zuela, argudioen besta horretan… atx! belarrietan adina samin, bihotzean sentitu nuen. Hitz batek belarriak eta bihotza zulatu zizkidan: "Euskara… Euskara… Euskara".

Euskara hitza behin eta berriz erabili zuen gazteleraz ari zen mingainak. Bere idurikoz, Euskara Nafarroan gainbaloratua omen dago, eta euskalduna ez dena lanpostu publikoetatik kanpo gelditzen hasia omen da gobernu berri honekin. Argudio beretsua erabili zuen UPNko Iñaki Iriartek ere, idatzi batean: "Euskara ikasi dutenek ezin dute hezkuntzan,lanbide publikoan edo diru publikoaren banaketan lehentasunik izan".

Ez dakit nola biziraunen duen gure hizkuntza ttipi honek leku publikoetan tokirik ez badu, edo etxerat irratiaren edo telebistaren bidez sartzerik ez baldin badu. Oroitarazi nahi dizuet, murrizketak aitzakia hartuta, sosik gabe utzi zenituztela euskaraz mintzo diren komunikabideak eta haietako bat, Euskalerria irratia, urte luzez lizentziarik gabe. Berriki artio, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kredituen %20 egin zitekeela bakarrik euskaraz. Ia ingelesaren pareko proportzioan; kredituen %18 eskaintzen baitzuen ingelesez NUPek.

Igual-iguala pasatzen da oraindik ere administrazio publikoan; gazteleraz gure beharrak asetzeko ez dugu inongo problemarik izaten, baina euskaraz aritzeko ezintasuna agerikoa da egunerokotasunean. Paper administratibo bat betetzerakoan, medikuarenerat joaterakoan… Ezin gara euskaraz aritu eta beraz, ezin gara normaltasunez euskaraz bizi. Iduritzen zait, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtu nahian zabiltzatela. Etxeko hizkuntza edo menditarren hizkuntza bihurtu nahian, edo makurragoa dena oraindik, folklore hila bihurtu nahian. Kristalezko kutxa batean izandakoaren azken aztarnak sartu eta museo batean zokoratu nahian. Gorroto duzuena, maita dezakezue? Nola idurikatzen duzue zuena ere badela diozuen euskararen etorkizuna, kalean eta administrazio publikoan lekua ukatuz? Harrigarria bezain mingarria zait nola zabiltzaten azken aldian euskararen kontrako argudioetan tematuak zuen identitatea defendatzeko.

Guk ez dugu deus inposatu nahi; euskaraz bizi nahi dugu, bertzerik ez. Beraz, ez zaitezte arrangura eta saiatu zuen asmoa bertze argudio batzuekin defendatzen. Zuen mingainetan ez ezik, zuen xilkorat begira egoten diren begi gorrituetan gorrotoa nabarmentzen da. Kezkatzeko moduko gorrotoa. Ana Beltranen sindromea hedatzen ari ote da? Espero dut ezetz.

Asmoek errealitatea dute zain

Asmoek errealitatea dute zain

Edurne Elizondo

Oinarrizko eskubide bat da, eta hori onartuko duen lege bat prestatzen ari gara". Horrelaxe hasi zuen Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako presidenteorde Miguel Laparrak etxebizitzari buruz antolatutako jardunaldia, duela astebete. Diagnostikoa egin du gobernuak, etxebizitza plana osatzeko, 2018-2028rako. Diagnostiko horren berri eman zuen gobernuak joan den asteko jardunaldian.

Laparrak hartu zuen hitza lehendabizikoz, eta entzuleen txanda izan zen azkena. Haien artean, Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kide Jesus Hernandez mintzatu zen: "Jardunaldia jasi denetik joan diren bi orduotan, hamabost familia etxegabetu dituzte. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarenak dira datuak, eta bota baino lehen joan direnak ez ditu zenbatu", salatu zuen.

Hernandezek txalotu zuen etxebizitza, legez, oinarrizko eskubide gisa onartzeko asmoa, baina egun dauden premiak jarri nahi izan zituen mahai gainean. Asmoek, anitzetan, errealitatea dutelako zain. Premiak eta beharrak nabarmendu nahi izan zituen Begoña Alfarok ere. Hernandez bezala, Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kide da, bai eta abokatua ere, etxebizitzaren esparruan aditua. Alfarok Nafarroako 2013ko etxebizitzari buruzko legea ekarri zuen gogora, jardunaldian hutsik diren etxebizitzen gaia jorratzeko egindako mahai inguruan. Araudi horrek aukera ematen dio gobernuari, hain zuzen ere, bi urtez hutsik izan diren etxebizitzen jabetza kentzeko enpresei.

Orain arte, ordea, ezin izan du lege hori baliatu, Espainiako Gobernuak haren aurkako helegitea aurkeztu zuelako. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako Gobernuaren alde egin berri du, eta sententzia batean jaso du gobernuak baduela, bertzeak bertze, bankuen etxebizitza hutsak bere esku hartzeko eskubidea, herritarrek erabil ditzaten. "Sententzia berri ona da, baina ezin dugu ahaztu bost urte galdu ditugula, eta bost urte horietan herritar anitzek galdu dutela etxebizitza", nabarmendu zuen Alfarok. Erantsi zuen, gainera, duela bost urte baino etxebizitza gutxiago dagoela, egun, bankuen esku.

Etxebizitza partekatu

Premiei erantzuteko beharra berretsi zuen Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako Angel Larreak, etxebizitzari buruzko jardunaldian hitza hartu zuenean. Urgentziazko egoera bat jarri zuen mahai gainean: etxebizitza berean pilatuta bizi diren familiena, alegia. Halakoak izaten dira etxegabetutakoen azken aterpe, anitzetan. Etxebizitza bertze hainbat familiarekin partekatu behar dute.

Premia. Beharrak. Urgentziazko egoerak. Horien berri eman nahi izan zuten gizarte eragileek etxebizitzari buruzko jardunaldian. Gobernuak, berriz, datuak jarri zituen mahai gainean, diagnostikoaren bitartez. Datu horien bidez, halere, etxebizitza eskubideari buruzko politikak zehaztea eta bultzatzea "helburu" dutela nabarmendu zuten Etxebizitza Zerbitzuko arduradunek.

Etxebizitzari buruzko diagnostikoak agerian utzi dituen datuen artean nabarmentzekoa da alokairuaren aldeko hautuak gora egin duela. Diagnostikoak agerian utzi du, halaber, populazioa zahartzen ari dela, eta, aldatzen, berriz, familia multzoen tipologia: gero eta gehiago dira pertsona bakarrek edo guraso bakarreko familiek osatutakoak. 2016. urtean, familia multzo batek betetako 254.300 etxebizitza zeuden Nafarroan. "Datuen arabera, 280.000-284.000 bitartekoa izan daiteke kopurua, 2028rako", azaldu zuen Ikei etxeko kide Antonio Corralek, gobernuak antolatutako jardunaldian. Etxe horrek egin du diagnostikoa. Ondorioz, datozen hamar urteotarako, Nafarroak 1.650-2.490 etxebizitza beharko ditu, urtean, beharrei erantzun ahal izateko.

Ikeik egindako diagnostikoak jaso duenez, 24.500 etxebizitza huts inguru daude Nafarroan. 2016koa da datua, etxebizitzari buruzko inkestak emana. Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zerbitzuko zuzendari Javier Etaiok uste du benetako kopurua txikiagoa dela, halere. "13.000 ingurukoa", azaldu zuen joan den astean egindako ekinaldian.

Etxebizitza behar dutenen inguruko datuak ere jarri ditu diagnostikoak mahai gainean: herrialdeko egungo familia multzoen %6k etxebizitza aldatzeko beharra dutela, adibidez; 15.400 dira, denera. Gainera, 18 eta 44 urte bitarteko bertze 15.900 herritarrek behar dute beren lehendabiziko etxebizitza. Diagnostikoak agerian utzi du, halaber, 21.300 familia multzok zaharberritu behar dutela etxea, eta bertze 67.000k, berriz, beren etxebizitza dagoen eraikina.

Babestutako etxebizitza eskatu dutenen inguruan, denera ia 6.700 direla jaso du diagnostikoak, eta gehienek, gainera, alokairuaren alde egin dutela: 5.400 baino gehiagok, hain zuzen ere. Babestutako etxebizitza eskatu dutenek "gaitasun ekonomiko hagitz baxua" dutela nabarmendu dute datuek. Baldintzarik txarrenak, gainera, emakumeek sufritzen ohi dituzte.

Gobernuak antolatutako jardunaldian, hain zuzen ere, Etxebizitza Zerbitzuak eskatutako diagnostikoan genero ikuspegiaren "falta" sumatu zuela nabarmendu zuen Maite Arrondok. Etxebizitzaren esparruan ari da lanean Arrondo, Bartzelonan. "Soldatetan dagoen aldea, alargunen pentsio urriak, populazioaren zahartzea... datuek erakusten dute emakumeek zailtasun gehiago dituztela. Generoak badu garrantzia. Etxebizitza da mugimendu feministaren erronka nagusietako bat, eta Nafarroako Gobernuak ez luke auziari heltzeko aukera galdu behar prestatzen ari den planean", erran zuen.

Arrazoizko prezioa

Jasotako kritikak eskertu zituen Etaiok. Etxebizitzari buruzko diagnostikoa aurkeztu eta gero, datozen hamar urteotarako plana prestatzea da hurrengo urratsa, azaldu zuenez. Oraingoz, plan horrek izanen dituen ardatz nagusien berri eman zuen Etxebizitza zuzendari nagusiak. Batetik, agerian utzi zituen etxebizitza arrazoizko prezio batean eskuratzeko zailtasunak. "Horrek ekartzen du gazteentzat zaila izatea gurasoen etxetik alde egitea, eta familiek beren diru iturrien kopuru hagitz handia bideratzea etxebizitza ordaintzeko", zehaztu zuen Etaiok. Arlo horretan eragin nahi dute planaren bidez, bertzeak bertze.

Bertzetik, nabarmendu zuen Nafarroako egungo etxebizitzen parkean badela zer hobetu. "Ez dugu kopuru nahikoa, eta etxebizitza anitzetan irisgarritasuna da arazoa. Igogailurik ez dutelako, adibidez. Energiaren kontsumoaren ikuspegitik, halaber, etxebizitza anitz moldatzeko beharra dago, energia aurrezterakoan eraginkorrak izateko".

Helburua, beraz, etxebizitza irisgarriak lortzea litzateke, eta arrazoizko prezio batean. Nafarroako Gobernuak, gainera, alokairu sozialaren aldeko apustua berretsi zuen joan den asteko jardunaldian.

Horretarako, bertzeak bertze, etxebizitza hutsen erregistroa egin nahi du Nafarroako Gobernuak. Aitortu du, halere, lan hori ez dela erraza. "Badakigu denbora behar dela halako erregistro bat osatzeko, baina ez dugu. Arazoa larria da", erran zuen Begoña Alfaro abokatuak, jardunaldian, eta baliabideak eskatu zizkion gobernuari, etxebizitzaren esparruko politiken alde.

"Etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko neurriak hartu behar ditu gobernuak", berretsi zuen Alfarok. Horixe jo zuen gako nagusitzat, eta abokatuaren iritziarekin bat egin zuen Burlatako Etxebizitza zinegotzi Lourdes Lozada Aguilerak ere. Eskertu eta txalotu zuen gobernuaren ekinaldia, eta ontzat jo zuen etxebizitzari buruzko eztabaida bultzatzeko jardunaldia antolatu izana.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak enpresek etxebizitza hutsak eskuratzeko ematen dion aukera balia dezala eskatu zion zinegotziak gobernuari, batetik. "Etxebizitza hutsak erabili behar ditugu; hori da lehentasuna". Bertzetik, Burlatako egoeraz, agerian utzi zuen Iruñerriko herri horretan ere "etxebizitzak behar" dituztela. Alokairu sozialaren alde egin zuen, eta gobernuaren laguntza eskatu zuen bide horretan urratsak egiteko.

Badu lana Nafarroako Gobernuak. Eskubide bat baitu bermatzeko. Teilatupean.

Heriotzako orduan ere bada zer erabaki

Heriotzako orduan ere bada zer erabaki

Edurne Elizondo
Etxean. Herritar gehienek hor hil nahi dute. Errealitatea, ordea, bertzelakoa da, datuek erakusten dutenez: erdiek baino gehiagok ospitalean ematen dute azken hatsa. Datu horien atzean dauden egoerak aztertu nahi ditu Nafarroako Gobernu...

Hariztiak lotzen ditu herriak

Hariztiak lotzen ditu herriak

Kattalin Barber
Bertako basoetan galdu eta toki miresgarriak aurkitzeko parada eskaintzen du Irati Aritzak. Orotz-Beteluk, Garraldak, Garaioak eta Aribek beren basoen eta ibaien berri zabaltzeko prestatu duten ibilbide sarea da. Elkarlanean aritu dira ...

Iritzia: Terrorismo sistematikoa

Lohizune Amatria
Oraindik ere, askotan irakurri eta entzuten dugu terrorismoari gorazarre adiera komunikabideetan; eta, oraindik ere, askotan erabiltzen dute gure herria eta herritarrak kondenatzeko. Asteotan jaso dugu azken adibideetako bat. Eta honek...