Nafarroa

Musika bidaia liburutegian

Musika bidaia liburutegian

Ainhoa Larretxea

Goizeko bederatzi eta erdiak dira. Zizur Nagusiko institutuko liburutegian 30 aulki daude, U forma osatuz. Parean, aulki bat eta gitarra bat. Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleak zalaparta batean sartu dira gelara. Liburutegian egonagatik, ordea, gaur ez dute libururik ekarri. Belarriak prest ekarri dituzte euskal musikaren munduan murgiltzeko. Segituan entzun da atearen zarata, eta Jon Basaguren sartu da; Izaki Gardenak taldeko abeslaria eta Euskadi Irratiko Arratsean saioaren gidaria.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako Musikariak Ikastetxeetan programaren barruan izan zen Basaguren Zizur Nagusiko Bigarren Hezkuntzako Institutuan aitzineko ostiralean. Musikaren bitartez euskara eta euskal kultura sustatzea du helburu zikloak. Horretarako, urrian hasi eta abenduaren 23ra bitartean, 23 musikarik emanaldiak egingo dituzte Nafarroako 37 ikastetxetan. Programa urriaren 26an hasi bazen ere, Zizur Nagusikoa Basagurenek egindako lehen saioa izan zen. Iruñeko Jaso ikastolan bertze bi eginen ditu, datorren abenduaren 4an. Basagurenez gain, bertzeak bertze, Gorka Urbizu, Zuriñe Hidalgo eta Petti abeslariek ere hartuko dute parte aipatu programan.

Gelara sartu orduko ezagutu du Basaguren lehen ilaran eserita dagoen ikasleetako batek. Bertze anitzek ezagutzen ez zutenez, ordea, bere buruaren aurkezpen labur bat egin du saioa hasi aitzinetik. Adi-adi, begira ditu ikasle guztiak, eta hasierako une horiek aprobetxatu ditu saioaren nondik norakoak azaltzeko: "Ni orain musika egiten ari naiz, Euskal Herrian eta euskaraz. Beti ez da horrela izan, ordea. Saioa hasteko, euskarazko musika nondik datorren eta noiz hasi zen kontatuko dizuet".

Saioak, kontzertu izateaz harago, euskal kulturaren inguruan jakintza zabaltzeko gune ere izango dira, eta, horregatik, euskal musikaren historiaren inguruko azalpen labur batzuk egingo dituzte sortzaileek, programaren eskutik.

Ordenagailua piztu, eta, ipuin bat balitz bezala, euskal musikaren historia kontatzen hasi da Basaguren. Ez Dok Amairu taldean hasi du ibilia. Taldea zer zen eta zer egin zuen kontatu ondotik, Mikel Laboaren Txoriak Txori kantaren zati bat abesten hasi da. Ikasle batzuk berarekin abestera ere animatu dira, eta denak batean kantatu dituzte Joxean Artzek sortutako hitzak. Euskal kantagintza klasikotik berbena taldeetara eta frankismo garaiko diktadurara egin du jauzi kontakizunak: "Hego Euskal Herriko probintziak diktadura baten menpe zeuden. eta horrek euskal musika zein kanpokoa baztertzen zituen. Jendea Ipar Euskal Herrira joaten zen diskoen bila, eta autoan ekartzen zituzten, gordeta".

"Frankismoa hil zenean, musika ere aldatu zen, eta egun Euskal Rock Erradikala izena ematen zaien taldeak sortu ziren. Horiek musika gogorra eta hitz zuzenak egiten zituzten, baina, tamalez, ia denek gazteleraz egiten zituzten", kontatu die abeslariak. Kortatu, Barricada eta La Polla Records taldeak aipatu ditu; gazteek buruarekin baiezkoa egin dute, ezagutzen dituzten seinale.

"Euskal Rock Erradikala 1990ean bukatu zen, eta bertze estilo bat etorri zen: heavy metala", kontatu du Basagurenek. "Su Ta Gar" aipatu du lehen ilaran eserita dagoen mutil batek. "Bai, hori da. Su Ta Gar izan zen heavya euskaraz egin zuen lehen taldea" erantzun du Basagurenek. "1990eko urteetan bertze musika estilo batzuk egiten hasi ziren; tartean, Berri Txarrak. Ezagutzen duzue?". "Bai", erantzun dute ia denek, aho batez. Hamarkada horretan, hala ere, bertze musika estilo bat nabarmendu zela erran die Basagurenek: "Triki pop-a, trikitia bateria, gitarra, baxu eta panderoarekin nahastuta"

Euskal historiaren ipuina iritsi da amaierara, gaur egunera. "Era guztietako musika dago euskaraz: rapa, trapa, ska... Denetarik dago. Zuek zer entzuten duzue?", galdetu die abeslariak. "Zartako, Su Ta Gar, Huntza, Gatibu". Talde andana aipatu dituzte ikasleek. Gaur egungo musikara helduta, amaitutzat eman du saioaren lehen zatia. Ibilbide pertsonalaz solastatu aitzinetik, ordea, azken gauza erakutsi die musikariak: Badok.eus webgunea.

Izaki Gardenak

Euskarazko musika ibilbidearen maparen ondotik etorri da Izaki Gardenak taldearen ibilbideaz solastatzeko ordua. Gitarra hartu, eta idatzitako lehen kanta jo du, Sagarroia. Jo aitzinetik, kantaren azalpen txiki bat eman du, gitarra eskuetan duela: "Joseba Sarrionandiaren poema bat da oinarria. Kontatzen du nola batzuetan arantzak kanpora izan beharrean barrura izaten ditugun. Nola batzuetan gu garen geure buruaren etsairik handiena". Denak isildu dira, eta Basagurenen gitarra eta ahotsa bakarrik aditu dira liburutegian. Ikasleak adi-adi dira.

Txalo zaparradarekin erantzun diote ikasleek, eta hasierako lotsak alde batera utzita etorri dira gazteen lehenengo galderak: "Nola sortu zenuen taldea?", "Zergatik izen hori?". Bat bertzearen gibeletik egin dituzte galderak, eta Basagurenek goxo erantzun die guzti-guztiei. Gazteak bereziki interesatu dira abestien sorkuntza prozesuaz. Hitzak idazteko orduan ideiak edozein lekutatik etortzen zaizkiola kontatu du: filmetatik, poema batetik, jendearekin solastatu ondotik. Horregatik beti "adi" ibiltzen dela kontatu die.

Lehen galdera sortaren ondotik, berriro ere gitarra hartu, eta Aurri gara diskoko Hibernazioa abestia jo die. Gogoz jo diote txalo gazteek. Abestia gitarraz jo ondotik, bideoklipa ere jarri du, abesti bera talde osoak jota nola entzuten den alderatzeko. Taldeak ia bi urtez egindako etenaz mintzatu zaie gero, eta baita Dena oskol izeneko azken diskoaren grabaketaz ere. Diskoari izena ematen dion abestia ere jo du, primizian.

Gitarrarekin kantatzeaz gain, bertze sorpresa bat ere eman die sortzaileak: Izaki Gardenak taldeak atera duen azken diskoaren itsasgarriak ekarri ditu. Gazte bakoitzari itsasgarri bat eman, eta ondoko lagunarenarekin elkartzeko eskatu die. Gazteak berehala konturatu dira itsasgarriak elkartuta alde guztietan bat egiten duela irudiak: "Ze polita", esan du txundituta erdian eseritako ikasleetako batek. "Nola egin duzue hau?", galdetu dio bertze batek. Saioa bukatu artean, itsasgarriekin jolasean aritu dira anitz, itsasgarri bat baino gehiago elkartuta denek nola bat egiten duten deskubritu nahian.

Galdera eta erantzun artean, uste baino azkarrago pasatu da denbora. Ikasleekin batera gelan den irakasleak bortz minutu gelditzen zaizkiola adierazi dio Basagureni, eta saioa bukatu aitzinetik azken aldiz hartu du gitarra. Oraingoan, ordea, aitzinekoetan ez bezala, gazteak ere gonbidatu ditu berarekin batera kantatzera: "Nik esaten dudana errepikatu buruarekin keinua egiten dudanean. Ados?". Baiezkoa erantzun diote ikasle denek batera, eta kanta hasi orduko errepikapen guztietan lagundu dute Basagurenen ahotsa.

Hasieran lotsati eta isilak ziren ikasleek gitarraren doinuak kantatuz amaitu dute saioa. Azken kantarekin bat, txalo zaparrada luzea eskaini diote Basagureni. Argazki bat atera dute denek batera, eta oihu eta txantxa artean alde egin dute gazte ia denek. Bakar batzuk gelan gelditu dira banatutako itsasgarriak noiz sinatuko zain.

Saioa bukatuta, pozik da Basaguren: "Ongi funtzionatu du; uste dut interesgarria izan dela. Abestera ere animatu dira, eta, beraz, oso pozik nago". Saioan egondako gazteak ere pozik dira entzundakoarekin: "Oso ongi pasatu dugu, Jonek oso ongi abesten du, eta interesgarria izan da".

Hiru aste falta dira Musikariak Ikastetxean zikloa bukatzeko, baina egitasmoa jada ari da bere fruituak ematen. Zizur Nagusiko institutuko ikasleek euskal musikaren inguruan ezagutza sakonagoa dute hitzaldiaren ondotik. Batek baino gehiagok seguru luzaroan oroituko duela institutuan zela Jon Basagurenek bisita musikatua egin zuenean.

Paperak dirua behar du lagun

Paperak dirua behar du lagun

Edurne Elizondo

Borondate eta konpromiso politikoa behar da, lehenik eta behin, indarkeria matxistari aurre egiteko. Baina hori ere ez da nahikoa. "Konpromisoek, egia bilakatu ahal izateko, aurrekontua behar dute". Horixe erran du Elena Saura ekonomialari feministak, Iruñean. Zehazkiago, nabarmendu duenez, lege bilakatutako neurriak benetan eraginkor izan daitezen, "ezinbertzekoak" dira neurri horiek bete ahal izateko diru sailak. Paperak dirua behar duela lagun, alegia. Indarkeria Sexistaren Aurkako Nafarroako Plataformak antolatutako bilkura sozialean mintzatu da Saura, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan.

Saurak, zehazki, Nafarroan indarkeria matxistari aurre egiteko indarrean dauden legeetan jasotako konpromisoak aztertu ditu, eta, aldi berean, konpromiso horiek bete ahal izateko Nafarroako Gobernuak 2019rako prestatu duen aurrekontu nagusien proiektuan jasotako diru sailak jorratu ditu. Ondorio nagusia da baliabide gehiago behar direla indarkeria matxistaren aurka lan egiteko.

Indarkeria matxista sufritzen duten emakumeekin lan egiten duten profesionalek baieztatu dute behar hori benetakoa dela. Egun jada baliabideak urriak direla, alegia. Bilkura sozialean parte hartu dute Olga Aroz gizarte langileak eta Izaskun Esparza gizarte hezitzaileak. Azaldu dute indarkeria jasan duten emakumeak artatzeko hiru baliabide nagusi daudela herrialdean: larrialdietarako zentroa, harrera etxea eta egoitza etxea. "Baliabide guztiak daude azpikontratatuta, eta ez dira nahikoa", salatu dute.

Saurak argi du kanpora ateratzeak kalte egiten diela zerbitzuei. Bat egin du Arozekin eta Esparzarekin, eta azpikontratazioaren bidea ez du, inondik inora, egokitzat jo.

Hori aipatu du arazo orokor gisa. Aurrekontu proiektuak zehaztutako sailei so eginez, berriz, arloz arloko egoera jarri du mahai gainean ekonomialari feministak. Hezkuntzaren esparruan, Saurak nabarmendu du departamentuaren aurrekontuaren %0,05 bertzerik ez dela hezkidetzarako eta genero berdintasunerako. Nafarroan indarkeria matxistaren aurkako legeak jasotzen ditu konpromiso zehatzak hezkuntzaren alorrean, bertzeak bertze irakasleen formakuntzarako, curriculumak egokitzeko, indarkeria matxistak jotako haurrak eskolaratzeko eta sentsibilizazio kanpainak egiteko.

Saurak gogoratu du Nafarroan 10.000 irakasle baino gehiago daudela lanean unibertsitatetik kanpoko hezkuntzaren esparruan, eta, denera, 106.800 ikasle baino gehiago artatzen dituztela. "Departamentuaren aurrekontuaren %0,05ak, beraz, ekartzen du eskujokoak egin behar izatea konpromisoak bete ahal izateko", erran du Saurak.

Formakuntza, kolokan

Osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloak ere jorratu ditu ekonomialari feministak. Legean jasoa dago indarkeria matxista antzemateko estrategiak martxan jartzea, bai eta indarkeria sufritzen duten emakumeak artatzeko planak egitea, profesionalak trebatzea eta protokoloak prestatzea ere. "Legeak arreta osoa bermatzen du, eta horrek ekartzen du emakumeen osasun fisiko eta mentala zaintzea, bai eta emakumeon beharrak kontuan hartzea ere ekonomiaren, etxebizitzaren eta enpleguaren arloetan", erran du Saurak.

Ekonomialariak mahai gainean jarri ditu Osasun Departamentuak zehaztutako diru sailak: formakuntzarako, 370.000 euro jasotzen ditu aurrekontuen proiektuak. "Ez dago zehaztuta, halere, formakuntza hori benetan izanen ote den indarkeria sexista guztien biktimak identifikatzeko eta artatzeko eduki espezializatuen ingurukoa", azaldu du Saurak.

Gizarte Eskubideen Departamentuaren esku gelditzen den esparruan ere bada zer hobetu, ekonomialariaren hitzetan. "Legeak dio osatu arte duela emakumeak arreta soziala jasotzeko eskubidea. Aipatzen da gutxieneko neurriak jarriko direla martxan indarkeria matxistari aurrea hartzeko eta aurre egiteko, eta jasoa dago, halaber, formakuntza garatzeko programazioa eginen dela". Helburu edo konpromiso horien inguruan inolako zehaztasunik ez du aurkitu Saurak aurrekontu proiektuan. "Aipamen zehatzik ez dago Gizarte Eskubideen Departamentuaren aurrekontuan". Saurak erantsi du Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sailak baietz, jasotzen duela emakumeei harrera egiteko baliabideen kudeaketa (608.680 euro) eta bertze hainbat laguntza (143.000 euro). "Gizarte zerbitzuetako profesionalentzako formakuntza espezializaturako dirurik ez dago, ordea", salatu du.

Segurtasunaren eta laguntza juridikoaren arloa ere aztertu du Saurak. Arlo horietan ere Nafarroako legeak jasotzen du formakuntza bermatzeko konpromisoa. "Aurrekontuetan Foruzaingoaren ikastaroak aipatzen dira, baina ez, zehazki, indarkeria matxistaren ingurukorik. Diru saila 5.000 eurorena da. Genero indarkeriaren aurkako segurtasun zerbitzuen inguruko aipamen zehatza bada, bertzalde, baina kopurua hamar eurorena baino ez da". Pleno sozialean parte hartu duten bertze hainbat profesionalek gogoratu dute, gainera, salaketa jartzeko ere zailtasunak badirela Foruzaingoan, indarkeria matxistari aurre egiteko talde bereziak dituen baliabideak "urriak" direlako.

Justiziaren esparruan ere kopuruak ez dira hagitz handiak, Saurak agerian utzi duenez: departamentuak 375.000 euroren saila du indarkeria matxistaren auzirako. "Bere aurrekontuaren %0,01".

Parlamentuan beren bidea egin behar dute 2019rako prestatutako aurrekontuek, behin betiko onartu baino lehen. Gobernua osatzen duten taldeei "gogoeta" egiteko eskatu die Saurak. "Aurrekonturik gabe, konpromisoak asmo bilakatzen dira". Eta asmoak ez dira nahikoa.

Milaka kurriloren bidaldi zaratatsua

Milaka kurriloren bidaldi zaratatsua

Edurne Elizondo

Kur, kur, kur". Lehendabizi entzun, eta gero ikusi. Kurriloen kantuak ez du parekorik, eta aditu orduko zerura bideratzen ditu denen begiradak. Negua ekartzen dute hegaztiok, hotza hasten denean hartzen baitute Europa iparraldeko herrietatik hegoalderako bidea. Nafarroatik igarotzen dira haietako anitz bidaldi horretan. Jada 120.000 inguru pasatu dira herrialdeko zeru gainetik. Denek ez dute aurrera eginen, eta hemen geldituko dira. Figarol herri ingurua dute gustuko, hango arroz soroetan zer jan izaten baitute neguan.

"2016an, Figarolen, 6.000 kurrilo baziren neguan; gero eta gehiago gelditzen dira herrialdean", erran du Jesus Mari Lekuona biologoak. Nafarroan, Lekuona da kurriloen errolda egiteko lanen koordinatzailea. Berez, herritar orok parte hartzen ahal du zeregin horretan. "Gogoa da behar den gauza bakarra", azaldu du Lekuonak. Zeruari behatzeko, kurriloak zenbatzeko eta datuak jasotzeko gogoa, alegia.

Jasotako datu horiek guztiak aztertzen ditu biologoak gero; hau da, batek hemen eta bertzeak han ikusitako kurrilo taldeen inguruko informazioa hartu, eta errepika daitezkeenak bazter uzten ditu, datu ahalik eta zehatzenak eduki ahal izateko. "Batek Iruñean ikusi badu kurrilo talde bat, eta handik hogei minutura bertze batek Tafallan ematen badu antzeko bertze talde baten berri, ziurrenik hegazti multzo berari behatzen ari dira", azaldu du.

30.000 egun bakar batean

Irailaren erdialdean hasi ziren kurriloak herrialdetik pasatzen. Hegazti gehienak, halere, urrian eta azaroan igarotzen dira Nafarroa gainetik. Hilaren 4an, adibidez, Aurizko Lindus tontorrean zeruari so ziren Lindus 2 proiektuko ornitologoek 26.700 kurrilo zenbatu zituzten, gutxienez. "Bertze egun batean 30.000 pasatu ziren", erran du Lekuonak. 240-260.000 kurrilok pasatzen dute negua, denera, Iberiar penintsulan; gehienek Andaluzian, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan. "Nafarroatik 120.000 pasatzea, beraz, ez da datu txarra".

Udaberrian kontrako bidea eginen dute kurriloek. Hegaztion migrazioei buruz gero eta datu gehiago dituzte adituek, teknologiak haien bideari jarraitzeko gero eta aukera gehiago ematen duelako. Jatorria ezagutzeko aukera ere bada. "Hemen izan ditugu Norvegia, Alemania, Lituania, Letonia eta Poloniatik etorritako kurriloak", erran du Lekuonak.

Hegaztion bideari so eginez, adituek jakin dute uste baino ordu gehiago pasatzen ahal dituztela hegan. "Jakin dugu zortzi eta bederatzi ordu eman ditzaketela zeruan; eta 80-100 kilometro mugitzen dira, orduan", erran du biologoak, kurriloen ingurukoek liluratuta. "Kur, kur, kur". Zeruari egin dio so.

Iritzia: Euskara ez da bozkatzen

Saioa Alkaiza
Nahi al duzu zure auzokoaren seme-alabek euskaraz ikasteko eskubidea izatea? Nahi al duzu beheko ostatukoak administrazioarengana euskaraz jotzeko eskubidea izatea?". Bada, 361 pertsonak bozkatu dute ezetz, ez zaiela ongi iruditzen ez ha...

Kirola euskalduntzeko ariketa

Kirola euskalduntzeko ariketa

Edurne Elizondo

Proposamenak eta esperientziak badira, eta horiei egin behar diegu so". Horixe erran du Maite Indak, Emun taldeko aholkulariak, Nafarroako Gobernuak Ultzamako Larraintzarren egindako Euskara eta kirola izenburuko jardunaldian. Kirolaren esparruan euskararen erabilera bermatzeko eta sustatzeko proposamenei eta esperientziei buruz aritu da. Lana egiteko badela nabarmendu du, baina badela, halaber, nondik ikasi.

Indak euskarari eta kirolari buruzko ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu, Ultzaman. Euskarabideak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatuta egin dute ikerketa hori. Zehazki, eremu euskalduneko eta eremu mistoko egoera ezagutu nahi izan dute. Horretarako, galdetegia bidali dute bi eremuotako udal eta kirol elkarteetara, eta, gainera, hiru eztabaida saio egin dituzte, Donezteben, Irurtzunen eta Iruñean. Indak argi utzi nahi izan du ikerketaren bidez aztertutako bi eremuetan dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutu nahi izan dituztela. "Errealitatera hurbiltzeko lehendabiziko urratsa izan da, baina jasotako galdetegi kopuruak ez du aukera ematen emaitzak orokortzeko", zehaztu du. 123 galdetegi bidali, eta 68 jaso dituzte bueltan, erantzunekin, hain zuzen ere.

Ikerketak egungo egoeraren zertzelada nagusiak ezagutzeko parada ematen duela erantsi du Indak, halere. Dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutzekoa, alegia. Datuek agerian utzi duten irudiari buruz, Indak azaldu du "bi errealitate ezberdin" azaleratu dituela ikerketak; bat da eremu euskaldunekoa, eta bertzea mistokoa.

Oro har, euskararen erabilera eta aintzat hartzeko ahalegina handiagoa da eremu euskaldunean mistoan baino. Eremu euskaldunean, gainera, euskararen presentzia are nabarmenagoa da udaletatik edo mankomunitateetatik bultzatutako kirol jardueretan.

Ikerketak agerian utzi du, halaber, adin tarteak aurrera egin ahala, behera egiten duela euskarazko kirol eskaintzak. Jaitsiera are nabarmenagoa da eremu mistoan. "Hainbat faktorek eragiten dute egoera hori. Batetik, euskaldunen dentsitateak, eta, bertzetik, kirol esparruan gora egin ahala eskakizun gehiago badela betetzeko; profesionalizatuz doa jarduera, eta, horren ondorioz, zailagoa izaten da arduradun euskalduna izatea".

Federazioetan, hutsunea

Herri askotan gertatzen dena jarri du horren adibide Maite Indak. "Entrenatzaile lanetan boluntario ari den pertsona euskaldunak izan dezake haurrek osatutako talde bat; ez du titulurik, ordea, eta, kirol eskakizunak zorrozten direnean, titulua izatea nagusitzen da hizkuntzaren ezagutzaren gainetik".

Ikerketaren barruan egindako eztabaidetan parte hartzaileek nabarmendu duten hutsune nagusietako bat da kirol federazioen eragina. Euskararen erabilera urria da erakunde horietan, eta, horren ondorioz, udalek edo kirol elkarteek antolatutako kirol jarduerak erdalduntzen dituzte. "Hor hutsune nabarmen bat dago; gobernutik ez da inolako lanik egin esparru horretan, orain arte. Azken urtean hasi dira ahalegin bat egiten, federazioei, besteak beste, itzulpen zerbitzua eskaintzen, baina lan handia bada, oraindik ere, egiteko", azaldu du Maite Indak.

Euskara eta Kirola izenburupean egindako jardunaldia ere bada Nafarroako Gobernuak azken urteotan egindako urratsen adibide. Bigarrenez egin dute aurten. Balio izan du jada martxan diren jarduerak eta proiektuak ezagutzeko, bertzeak bertze, Indak nabarmendu duenez.

Emun taldeko aholkulariak nabarmendu du, batetik, Sakanako Mankomunitateak egiten duen lana. "Programa oso bat garatu dute; sekulako lana egiten ari dira, eta merezi du nabarmentzea". Kirol jarduera batean izena eman dutenen %70 euskaldunak badira, gutxienez, kirol jarduera hori euskara hutsean eskaintzen dute, adibidez. Baztanen egiten duten lana ere aipatu du Indak.

Eremu euskalduneko lana jarri du mahai gainean, bereziki, baina argi utzi du eremu mistoan ere badirela esperientzia interesgarriak. "Garesen, adibidez, Tortotxiki Fundazioa ari da euskara sustatzen kirol jardueretan; Lizarran, berriz, Brinka izeneko programa jarri du udalak martxan, herriko lau ikastetxeetan, kirol jardueretan euskaraz aritzeko".

Gisa horretako esperientziak partekatzeko beharra nabarmendu du Indak. Azaldu du kirolaren esparruan ari diren udalek eta elkarteek ere eskatu dutela elkarlanean aritzeko espazio bat. "Gauzak egiten ari dira han eta hemen, baina ez dute elkarren berri, eta hori aldatzeko nahi dituzte halako espazio komunak". Prestakuntzaren arloan urratsak eskatu dituztela gaineratu du, eta baliabideak ere galdegin dizkiotela Nafarroako Gobernuari. Ikerketaren bidez, lehen urratsa egin du Euskarabideak. "Bidean jarraitzea da orain kontua".

Bide segurua nahi dute

Bide segurua nahi dute

Edurne Elizondo

Ez dago biderik oinezkoentzat; ez dago deus". Horixe salatu du Orkoiengo bizilagun Cristina Indabereak, herriko auzokideen batzarreko ordezkariak. Karrikara atera dira azken asteotan, herria eta Iruñea lotuko dituen pasabide seguru bat exijitzeko. Eskaera hori ez da oraingoa. Azken hamar urteotan egin dute horren alde Orkoiengo Udaletik, hain zuzen ere. "Herri txikia gara, eta bizilagunok kalean mobilizatzea erabaki dugu, indar handiagoa egiteko", erran du Indabereak.

Presio horrek emana du bere emaitza jada. Joan den ostegunean jakin zuten Orkoiengo bizilagunek Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko diru saila zehaztu zuela 2019. urterako aurrekontu nagusien proiektuan, pasabide hori egin ahal izateko. "Urrats positiboa da, baina ez da nahikoa, ordea; kalean jarraituko dugu bizilagunok lanean", azaldu zuen Indabereak, horren berri izan eta gero. Laukoak saila handitzea erabaki du asteon, hain zuzen ere, eta bertze 350.000 euro zehaztu ditu lan hori egiteko. "Kontent" agertu da Indaberea, baina ohartarazi du "adi" jarraituko dutela, lanak "ahalik eta azkarren" has ditzaten. "Obra eslei dezatela, behintzat, hauteskundeen aurretik, proiektua ez gelditzeko", eskatu du.

Mahai gainean bada Orkoien eta Iruñe arteko PA-30 errepidea arriskurik gabe zeharkatu ahal izateko proiektu bat. Errepide horren gainetik pasabidea egitea da asmo zehatza. Aurrekontua 500.000 eurorena da. Nafarroako Gobernuak du obra hori egiteko eskumena eta ardura.

Orkoiengo bizilagunak gogoratu du, azken urteotan, herritarrek jarri izan dituztela mahai gainean bertzelako konponbideak —pasabidea egiteko obra baino merkeagoak, gainera—, baina atzera bota dituztela. "Parlamentuan izan ginen behin, eta argi esan genuen semaforo bat jartzea ere ontzat joko genukeela, baina alderdiek esan ziguten hori ezin zela egin. Arrazoia zen semaforo batek industrialderako sarbidea mantsotuko lukeela", azaldu du Indabereak. Orkoiengo bizilagunak argi du herritarren segurtasunak izan beharko lukeela lehentasuna.

Bakartuta

Egun, ez semafororik, ezta zebra biderik ere: errepidea segurtasunez gurutzatzeko ez dago deus. "Oinezkoek arriskurik gabe pasatu ahal izateko ez dago biderik", salatu du bizilagunak. Eta ez dira gutxi errepidea egunero gurutzatzen duten herritarrak. Orkoiengo D ereduko ikasleek, adibidez, Sanduzelain egin berri duten institutuan jarraitzen dituzte ikasketak. "Oinez, bide motza dute, baina ez da segurua. Busez edo autoz egin behar dute, ondorioz". Gaztelaniaz aritzen diren ikasleak ere Sanduzelai eta Donibane arteko Pio Baroja institutuan aritzen dira, eta haiek ere behar dute pasabide seguru bat.

Indabereak nabarmendu du eskualdean lotura segururik gabe gelditu den herri bakarra dela Orkoien. "Herri inguruko lur sailetan industrialdeak egin dituzte azken hamarkadetan; hiriburuarekin lotzeko zeuden bideak desagertuz joan dira". Herria bakartuta gelditu arte.

Horren ondorioz, oinez mugitzen diren herritarrek oinezkoentzako pasabiderik ez duen errepidea gurutzatu behar dute. "Jende asko joaten da Sanduzelaira erosketak egitera; oinez hamar minutu eskasera dago. Jende gaztea ere, udan batez ere, oinez mugitzen da Sanduzelaitik eta Iruñeko beste auzoetatik. Zirkulazio handiko errepidea da, eta premiazkoa da pasabide seguru bat izatea", erran du.

Indabereak erantsi du garraio publikoak ere ez dituela Orkoiengo bizilagunen beharrak behar bezala asetzen. "Ordu erdi oro pasatzen dira busak. Gehiago behar ditugu".

Urte hasieran erabaki zuten Orkoiengo bizilagunek ordura arte udalak esparru instituzionalean egindako eskaera karrikara eramatea. Martxoan egin zituzten lehendabiziko mobilizazioak, eta azken asteotan ere hamaika protesta antolatu dute. Lortu dute nahi zutena.

Indabereak gogoratu du herriko udala prest dela 100.000 euro jartzeko pasabidea eraikitzeko. Asteon jakin dutenez, gainera, Iruñeko Udalak ere agertu du diru sail bat bideratzeko asmoa. Indabereak argi du herritarrentzat pasabidea ezinbertzekoa dela, eta badutela errepidea segurtasunez gurutzatzeko eskubidea.

Laukoak zehaztutako diru saila, orain, nahikoa litzateke proiektua martxan jartzeko. Herritarrek, hala ere, oraindik ez dute erabaki mobilizazioak bertan behera utzi edo ez. "Ez dugu dena lortutzat eman nahi; uste dugu presioa egiten jarraitu beharko dugula, behar dugun pasabidea ahalik eta azkarren eduki ahal izateko".

Iritzia: Hartu kontrola

Lur Albizu Etxetxipia

Jakin-mina daukat, ez dakit nola aterako den. Duela hilabete batzuk entzun genuen lehen aldiz Euskaraldia hitza. Euskararen aldia. 11 eguneko ekimena, euskarak hartuko dituen 11 egun, euskararentzat gorde ditugunak. Ahobiziek eta belarriprestek. Ahobiziak omen ziren 11 egun horietan ahal zuten aukera guztietan euskaraz ariko zirenak, lehen hitza euskaraz eginen zutenak… Belarriprestak omen ziren euskaraz ulertzeko gai zirenak, baina dena euskaraz egitearen hori urrunago zutenak. Jarri horri beste 11 ñabardura, nahi baduzue.

Eta agendan apuntatu genuen: azaroak 23. Abenduak 3. Euskaraldia.

Galderak hasi zitzaizkidan buruan bueltaka. Nola eginen dut? Ahobizi izanen naiz, izan nahi dut, izan behar dut, hautatu dut. Nola eginen dut esaten dena benetan praktikara eramateko? Ausartuko naiz? Aitortuko dut zein zaila egiten zaidan lehenengo hitza ziurtasunik gabe euskaraz egitea? Nola babestuko dut neure burua erantzun txar posible horietatik? Gaizki erantzunen dit inork? Nork? Ausartuko naiz?

Eta batzuetan, abestien letrei gehiegi erreparatzen ez badiegu ere, erantzun batzuk topatzen ahalegindu nintzen:

Hartu kontrola: har dezagun behingoz erabakia geure bizitzen gain kontrola hartzeko. Bai, euskaraz eginen dut, ahalduntze ariketa erraldoia izanen da niretzat; batzuetan asko kostatuko zait, ohiturak aldatzeko lehenengo pausuak emanen ditut.

Aukeratu rola: ahobizi. Beste aukerarik al nuen? Ardura aldetik ere, batzuetan hautuak aldez aurretik eginak daudela eta egon behar direla iruditzen zait.

Esadazu nola: nola, nola… ahal dugun moduan eginen dugu. Energiaz, batzuetan besteetan baina gogo biziagoz. Lotsaz, beldurrez, urduri, pozik, emozionatuta, deskubrimendu berriak eginez, sorpresa txikiak edukiz… neure burua behartuz, indartuz. Jolastuz. Ondokoak bultzatuz.

Egin dezagun froga: egin dezagun proba, ikus dezagun zer egin oztopoekin, eror gaitezen (gorantz eta beherantz). Egin dezagun proba hau, proba erraldoi hau, ariketa kolektibo izugarri hau. Lehen aldia da, lehen aldien berezitasun guztiekin. Beharbada, ez gara guztiz seguru egonen… baina har dezagun gaia, eta jarrai dezagun lanean. Euskara ez baita 11 eguneko hizkuntza. Euskaraz, euskararekin, euskaratik mintzatu, sortu, jolastu, lan egin, ikasi, maitatu eta amets egin nahi dugu; beharra dugu. Berreuskalduntzerako ezinbestekoak gara ahobiziok, belarriprestak eta oraindik harrapatu ez ditugunak ere bai. Saltoa ematea dagokigu; ez dago amildegirik.

Ardurak eta erantzukizunak bana ditzagun: hiztun, euskaldun gisa ditugun moduan, hizkuntza-eskubideak berma daitezen, aitor daitezen egiteke dauden pausoak gogora ditzagun. Abenduaren 4an ere euskaraz jarraitu behar dugulako, baina herritarron behar eta eskubideen zerrendan honek ere egon behar duelako. 2019an Euskaraldia errepikatzen badugu, euskara ofiziala izanen da Nafarroan?

Berriz ere milaka ero lan kolektiboan, mila txokotan, herria egiten eta herria euskaratik eraikitzen. Eskerrak erotuta gauden.

Bardean ere prestatzen da gerra

Bardean ere prestatzen da gerra

Edurne Elizondo

Soka luze batek lotzen ditu Bardea eta gerra sufritzen duten herrietan jaurtitzen dituzten bonbak; Erriberako azpiegituran eta gisakoetan probatzen baitituzte gero herri horietan lehertzen diren gailuak. Soka luze horrek berak lotzen ditu, gainera, Bardea eta sorterritik alde egiten duten milioika migratzaileak; bonbak atzean uzteko, edo iparraldeko herriek hegoaldekoetan eragindako espoliazioak bultzatuta egiten baitute ihes.

Soka hori mozteko beharraz hitz egiteko mahai ingurua egin du Bardea Libre plataformak, Iruñean. Igandean, gainera, manifestazioara deitu du, Tuteran. 12:00etan hasiko da protesta, Erriberako hiriburuko Foruen plazan. Bonbak eta Nafarroa lotzen dituen tiro eremuko soka behin betiko moztu nahi du Bardea Libre plataformak. "Ez hemen, ez inon ez dugulako gerrak prestatzeko azpiegiturarik nahi", nabarmendu du Iñigo Jurado plataformako kideak.

1951. urtetik dago martxan Bardeako tiro eremua. Azpiegitura horri eusteko azken kontratua, hogei urterako, 2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. Datorren abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berrituko da, bertze hamar urtez. Aldaketa bakarra Bardeako Komunitatean bat egiten duten erakundeek jasoko duten ordainaren kopurua izanen da: bikoiztu eginen da. "2008. urtetik, zazpi milioi euro jaso dute erakundeok, urtean; hemendik aurrera, berriz, bikoiztu eginen da kopuru hori, eta hamalau izanen dira", azaldu du Andoni Romeok, Alternatiba Antimilitaristako ordezkariak.

Bardeako Komunitatean hemeretzi udalerri daude, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrak, eta Olivako monasterioa; denera, 22 erakunde, alegia. Bakoitzak 108.000 euro inguru jaso ditu, urtean, azken urteotan, Bardea Libre plataformako kideek agerian utzi dutenez. Bardeako Komunitateak berak ere jasotzen du zati bat.

Diru hori ez du ongi kudeatu erakunde horrek, ordea, Kontuen Ganberak txosten batean salatu duenez. Bardeako Komunitatearen gastuak ikertu ditu Kontuen Ganberak, eta ondorioa da Bardeako Komunitateko kideek dirua "xahutu" egin dutela. 2006tik 2012ra, adibidez, Egipto, Argentina, Senegal eta Costa Ricara egin zituzten bidaiak Bardeako ordezkariek. Egiptora 34 pertsona joan ziren, eta 64.000 euro gastatu zituzten. Senegalera, berriz, 29, eta 72.000 euroren gastua izan zuen bidaiak.

2001eko aukera galdua

Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiari egin dio so Bardea Libre plataformak, erakunde hori delako tiro eremua alokatzeko kontratua sinatzen duena. Julian Isla da egungo presidentea; aurretik, eta, urte luzez, Jose Antonio Gaiarre izan zen kargu horretan. "Pribatuan, bai eta jendaurrean ere, Gaiarrek onartu zuen tiro eremuaren aurkako mugimenduak mesede egiten ziela, horrek ekartzen zuelako ordain gisa jasotako diru kopuruak gora egitea", erran du Romeok.

Alternatiba Antimilitaristako kidea duela hogei urte baino gehiago hasi zen Bardeako tiro eremuaren aurka lanean. 2001. urtean, borroka hori irabaztekotan izan zirela gogoratu du. "Urte horretan berritu behar zuten kontratua; lauzpabost urte lehenago hasi ginen gaia jorratzen. Bardea Armagabetua izeneko plataforma sortu genuen, eta herri mobilizazioa lantzen aritu ginen". Romeok uste du huts egin zutela ez zirelako gai izan borroka erakundeen esparrura eramateko. "Ez genuen asmatu udalekin lan egiten; berandu hasi ginen gaia haiekin jorratzen". Azkenean, 2001ean, zazpi urterako sinatu zuten kontratua Espainiako Gobernuak eta Bardeako Komunitateak, orduko 600 milioi pezetaren truke.

Martxan jarraitu du urteotan guztietan Bardeako tiro eremuak. "Egunero ari dira ariketak egiten, Bardeako Komunitatearen webgunean edo hedabideetan jarduera horren berri ematen ez badute ere", zehaztu du Iñigo Juradok. Bardeakoaren gisako tiro eremu bateko jarduerak ondorio zehatzak ditu, eta horiek jarri dituzte mahai gainean Fernando Armendarizek eta Beatriz Villahizanek. Giza eskubideen auzian aditua da Armendariz, eta argi eta garbi erran du: "Bardean eta gisako azpiegituretan benetako gerra prestatzen da. Giza eskubideen urraketen %60 armen bidez egiten dituzte, eta armak tiro eremuetan probatzen dituzte. Gaur egungo gerretan herritarrak militarren jomugan dira".

Siria eta Yemen aipatu ditu gerrek ekartzen duten suntsiketaren adibide gisa. "Sirian, herritarren erdiak egin dute ihes herrialdetik kanpo; Yemenen, berriz, 6.000 herritar hil dituzte jada, eta 50.000 zauritu. Herrialde barruan toki batetik bertzera mugitu behar izan dute hiru milioi pertsonak". Espainiako Gobernuaren ardura nabarmendu du: "2015ean, Espainiak 400 doitasun bonba inguru saldu zizkion Saudi Arabiari; armak bidaltzen jarraitu du geroztik: 2015etik 2017ra saldutako armen truke 932 milioi euro jaso ditu".

Bonbak "ongi hiltzeko" probatzen dituzte tiro eremuetan. Horixe nabarmendu du Armendarizek, eta, horregatik, hain zuzen ere, igandean "Tuterako karrikak betetzera" deitu ditu herritarrak. "Jendeak sorterritik egin behar du ihes, armen negozioak aurrera egin dezan", bukatu du.

SOS Arrazakeria erakundeko ordezkari Beatriz Villahizanek ihes egiten duten horiei egin die so bere solasaldian. Bonben ondorioz edo bertze edozein kausa dela-eta ihes egiten dutenei, hain zuzen ere. "Migratzaileen eta errefuxiatuen arteko bereizketa maltzurra da. Gakoa da Europak ez duela nahi bere gain hartu jendea bere sorterritik aterarazten duten arrazoien ardura". Migrazioen inguruko "begirada zabala" eskatu du, ondorioz, Villahizanek, eta gogoratu du herritar orok baduela migratzeko eta nahi duen tokian bizitzeko eskubidea. "Eskubide horrek balio zuen europarrok mugitzen ginenean, baina, orain, gurera etortzen direnean bertze hainbat herritatik, hutsean uzten dugu". SOS Arrazakeria taldeko kideak erantsi du gerrak ez direla bakarrik hegoaldeko hemisferioko herrialdeetan gertatzen: "Europa, nahi ez duen migrazioaren aurka ari da gerra egiten".

Nahi ez duena. Horixe da bertze gakoetako bat, Villahizanen erranetan. "Egungo garapen eredua ez da iraunkorra, eta badu baliabideen espoliazioari eusteko beharra; behar du mugituko den langileria, zaurgarria, arautu gabekoa. Horrek ekarri du hegoaldeko herrien independentzia prozesuak baldintza zehatzetan garatzea; prozesu horiek ez dira amaitu, eta hegoaldeko herriak kanpo zorren bidez lotu dituzte iparraldekoek. Ustez, iparraldeko herriek askatasuna eta demokrazia badute. Errealitatea bertzelakoa da: egungo ordenari eusteko, gatazkak eragiten dituzte, bertze herrietan egiten dituzten esku hartzeak justifikatzeko, eta herriok ustiatzen jarraitzeko".

Dena aldatzeko lanean

Europako mugak "espazio militar" bilakatu dituztela salatu du Villahizanek, eta gainditzen dituztenentzat ere, egunerokoa ez dela erraza. "Nazioarteko babesa emateko hamaika oztopo daude; babes hori eskatzen duen pertsonak erakutsi behar du babes hori behar duela. Nafarroan, babesa eskatzeko lehendabiziko elkarrizketa lortzeko itxaron zerrenda bada; hamahiru hilabetez egon behar dute zain". Hori guztia aldatzeko beharra nabarmendu du Villahizanek.

Eta hori guztia aldatu nahi dutelako ari dira Bardeako tiro eremuaren aurka lanean Bardea Libre plataformako kideak. Iñigo Juradok onartu du iaz sortu zirenean zehaztutako helburuetan ez dituztela nahi zituzten urrats guztiak egin, oraindik ere, baina lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Herri kontsultena da oraindik bete gabe duten helburuetako bat. "Argi dugu herritarrei eman behar diegula erabakitzeko aukera". Juradok azaldu du Nafarroako Gobernuan eta hainbat udaletan 2015eko hauteskundeen ondotik sortutako aldaketa giroak bultzatu zuela plataformaren sorrera. Lan egin nahi dute borroka "Nafarroa osora" zabaltzeko, eta auzia erakundeen agendetan jartzeko. Ari dira.

Sistemari eusteko indarkeria

Sistemari eusteko indarkeria

Edurne Elizondo

Desberdinkerian oinarritutako sistema orok behar du indarkeria dosi bat eutsi ahal izateko; zenbat eta aurrerago egin emakumeen eskubideek, orduan eta indarkeria handiagoa dago, bere burua defendatzen duelako sistemak". Horixe nabarmendu du Sare erakundeko buru Julia Munarrizek, elkarte horrek Creacion Positivarekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera egindako Indarkeria Matxistei eta GIBari Buruzko Jardunaldian. Laugarrenez antolatu dute, eta indarkeria instituzionalaren gaia jarri dute mahai gainean.

Blanca Fernandez Viguera soziologo eta ekintzaile feministak aurretik errandakoak dira Munarrizek bere solasaldiaren hasieran erabilitako hitz horiek; haien bidez, dagokion testuinguruan jarri nahi izan du indarkeria instituzionalaren gaia. Gehiago erran du: "Sistema patriarkalak indarrean jarraitzen du; jada ez du bertze garai bateko forma autoritarioa, baina paperean jasotako eskubideak ez dira gauzatzen. Patriarkatuak eta kapitalismoak, gainera, elkarri egiten diote mesede. Feminismoa behar dugu, denontzat gizarte bizigarriago bat lortzeko".

Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidente Esther Erizek parte hartu du NUPen egindako jardunaldian. Iaz, sexu indarkerien auziari buruz antolatutakoan aritzera deitu zuten, baina ezezkoa eman zuen. 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren inguruko epaiketa egin zuten, hain justu, garai hartan.

Egiturazko arazo bat

Iaz eta aurtengo jardunaldian aritu diren bertze adituetako bat da Montse Pineda. Iazkoan, hain zuzen ere, Iruñeko talde bortxaketaren epaiketari egin zion so, argi baitzuen Pinedak epaileen lana zein den: "Epaileen eta hedabideen erantzuna behar zuena izaten ari da: sistema patriarkalari eusten ari dira. Beren funtzioa betetzen ari dira", erran zuen.

Ideia hori da Munarrizek nabarmendutakoa, eta Pinedak ere eutsi egin dio aurtengo bere solasaldian: "Indarkeria instituzionalaz ari garenean, sistemaren egituran bertan dagoen indarkeriaz ari gara. Sistemak berezkoa du indarkeria hori. Sistema heteropatriarkalaz ari garenean, erakundeez ari gara, baina gero kosta egiten zaigu instituzio horiek ikustea eta identifikatzea", erran du Pinedak.

Instituzio horietako batetik aritu da Esther Erize NUPeko jardunaldian, Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidentea baita. Bere solasaldian legeak jasotako eskubideez eta laguntzez mintzatu da. Zehazki, gorroto delituari buruzko artikuluak aztertu ditu Erizek, eta agerian utzi du figura hori gaur egun ez direla erabiltzen ari sortu zuten kasuetarako. "Hainbat kolektibo kaltebera babesteko sortu zen, baina egiten den interpretazioa hagitz zabala da, eta, ondorioz, egun, sare sozialetan txisteak egiten dituztenen edo rap abeslarien aurka baliatzen dute", nabarmendu du auzitegiko kideak.

Erizek argi du gorroto delitutzat jo daitekeela indarkeria matxista, eta uste du figura hori indarkeria matxistari aurre egiteko dauden lege zehatzekin batera erabili beharko litzatekeela, jardunaldian agerian utzi duenez.

Pinedaren aburuz, ordea, "motz" gelditu da Esther Erizek NUPeko ekinaldian egindako analisia. Ikuspuntu kritikoagoa erakutsi du Creacion Positiva taldeko kideak erakundeen lanarekiko. Jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu dute Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek, hain zuzen. Haien babesa eskertu du Pinedak; ez, ordea, ekinaldia hasteko hitzaldian parte hartu eta gero alde egin izana.

Legeak bete

Osasun Departamentuko kide Lazaro Elizaldek hartu du hitza jardunaldian gobernuaren izenean, eta nabarmendu du, batetik, 2017ko bukaeran erakunde arteko akordioa sinatu zutela, indarkeria matxistari aurre egiteko asmoz; eta, bertzetik, gobernuak ikerketa egin duela azken hilabeteotan eta laster mahai gainean jarriko dituztela emaitzak. Asmoa da osasun zerbitzuetatik indarkeria mota sotilak antzeman ahal izateko tresnak garatzea. Elizaldek erantsi du koordinazioa sustatzeko asmoz ekintza protokoloa prestatzen ari direla.

"Erakundeek protokoloak eta planak egiten dituzte legeak ez betetzeko. Duten helburua benetan beteko duten politika publikoak egiten badituzu, ez duzu planen edo protokoloen beharrik", erantzun du Pinedak. "Egiten dituzten politikak koherentziaz betearaztea da gakoa; horrela sortuko dira koordinazio sare eraginkorrak", erantsi du. Iruñean, hain zuzen ere, udalak antolatuta, indarkeria sexistei buruzko biltzarra egin zuten urrian, eta arlo juridikoan nabarmendutako arazoetako bat izan da koordinaziorik ezarena, indarkeria matxistaren auzian.

Legeak betetzeko eskatu du Pinedak. Eta, horrekin batera, legeak bete ahal izateko baliabideak. Errealitateak erakusten du ahalegin anitz paperean baino ez direla gelditzen, Pinedak salatu duenez. GIBa duten pertsonak artatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana jarri du adibide gisa; jasotzen dituzten diru laguntzen kopuruari egin dio so, zehazki: "Estatu osoan dauden gobernuz kanpoko erakundeek, denera, 1,4 milioi euro baino ez dute jasotzen; zenbatekoa da kopurua Nafarroan?", galdetu du. Sareko Julia Munarrizek erantzun dio: "300.000 eurora ez da ailegatzen".