Nafarroa

Peoia altxatu da

Peoia altxatu da

Edurne Elizondo

Prekaritateak hartu du lanaren mundua. Errealitate gero eta gordinagoa da, gainera, gora baino ez baitu egin, krisia piztu zenetik. Datu batek ematen du egoeraren neurria: Nafarroan, 2015. urtean sinatutako lan kontratuetatik %95 izan ziren behin-behinekoak, eta haietatik %43, berriz, astebete baino gutxiagokoak.

Errealitate hori aldaezina dela ez dute onartu nahi gazteek, ordea. Ez denek, behintzat, eta, horregatik, Langileon Autodefentsa Sarea sortu du gazte mugimenduak, Iruñerrian. Langabeziak eta lan baldintza kaskarrek gogor jo dituzte gazteak, eta egoera horri aurre egiteko ordua dela nabarmendu dute, ondorioz. Aski dela erran dute. "Norbanakoen arazoei erantzun kolektiboa eman nahi diegu; erasoei aurre egiteko behar duten indarra eman langileei". Gazteei, bai eta gazte ez direnei ere. Peoia altxatu da, eta bertze peoiak altxarazi nahi ditu, gainera.

Dani Lacalle eta Ibai Miranda dira sarean lanean ari diren gazteetako bi. Auzoz auzo eta herriz herri sortu nahi dituzte taldeak, merkatuaren gehiegikeriak sufritzen dituzten langileei babesa emateko. Apirilean hasi ziren gazteak proiektua mamitzen, eta inguruko eta urrutiko esperientziak baliatu dituzte sareari forma emateko. Konturatu dira prekaritatea ez dela bakarrik gazteen egunerokoa, batetik, eta, horregatik, argi utzi dute sareak langile guztiak hartu nahi dituela bere barnean. Bertzetik, nabarmendu dute sindikatuen eragin esparrutik at gelditzen diren egoerei egin nahi dietela so. "Ez da gure asmoa sindikatuekin lehiatzea; kontua da sindikatuak ez direla esparru guztietara ailegatzen, eta horietan eragin nahi dugu guk, enpresa handietatik kanpoko errealitateetan, alegia", azaldu du Lacallek.

Gazteen mugimenduaren eta lan esparruaren arteko harremanari buruzko gogoetak ekarri du Langileon Autodefentsa Sarea. "Konturatu ginen gazteon ikuspuntua falta zela arlo horretan; gazteon artean ere klase kontzientzia falta dela ohartu ginen, gainera. Hamaika gizarte mugimendutan ari gara, baina lanaren esparrua borroka horretatik at uzten dugu, arlo horretan zer borrokatu ez bagenu bezala. Militanteak gara, baina ez enpresan". Eta egoera hori irauli nahi dute gazteek.

Maiatzaren Lehenaren harira egin zuten lehendabiziko urratsa, hain zuzen ere. Sindikatuak izaten ohi dira egun horretako protestetako protagonista nagusi, baina aurten bere ekarpena egin nahi izan du gazte mugimenduak ere. Apirilaren 30ean karrikara atera ziren gazteak, ondorioz; manifestazioa egin, eta mahai gainean jarri zuten lanaren esparruko aldarrikapenei segida emateko beharra.

Lehen urrats horrek ekarri zituen bertze hainbat. Gogoeta prozesu sakonago bat egin zuten udako Gazte Boterea Eraiki izenburuko jardunaldietan, adibidez, eta Iruñeko sanferminetan, berriz, lan esplotazioaren aurkako kanpaina jarri zuten abian. Urrats horiek guztiek ekarri dute orain martxan jarri duten Langileon Autodefentsa Sarea. "Sanferminetako lan esplotazioak agerian utzitako baldintza kaskarrak ez baitira bakarrik bestetan gertatzen". Aurreko asteburuan ere izan zuten gogoeta sakontzeko aukera, Euskal Herriko gazte mugimenduen autogestio topaketak egin baitzituzten Barañainen, eta parte hartu zuten sareko kideek.

Elkarlana oinarri

Iruñerriko bertze hainbat gizarte eragilerekin eta zenbait sindikatutako ordezkariekin bilerak egin dituzte Langileon Autodefentsa Sareko kideek jada. "Harrera ezin hobea egin digute denek", nabarmendu du Mirandak. LAB, CGT eta CNT sindikatuetako kideekin egon dira, oraingoz. ELArekin ere bilera egiteko zain dira. Bertzalde, hipotekek kalte egindakoen plataformetako kideekin egon dira, bai eta SOS Arrazakeria taldeko arduradunekin ere, bertzeak bertze.

Izan ere, auzoetan eta herrietan, bertze gizarte taldeekin elkarlanean ulertzen dute beren eginbeharrekoa Langileon Autodefentsa Sarearen bultzatzaileek. Gehiago erran dute: "Ez dugu uste gureak kolektibo berri bat izan behar duenik; uste dugu bertze elkarte eta taldeetako kideek bat egiteko espazio bat eskaintzen ahal duela gure sareak; sinergia horiek bultzatzea dela gure lana".

Asmoa da antolatzeko eta protesta egiteko zailtasunak dituen langileari baliabideak ematea, eta, batez ere, "babes soziala" eskaintzea. Hipotekek kalte egindako plataformen lana jarri du Mirandak adibide. "Auzoko plataforma auzo horretan aritzen da, baina baita bertzeetan ere. Elkarri babesa ematea da kontua", nabarmendu du.

Bertze hainbat proiekturi egin diote so Langileon Autodefentsa Sareko kideek, beren egitasmoari azala eta mamia emateko. Bertzeak bertze, Bartzelonan sortutako auzo sindikatuei. Bartzelonako Una Posicio izenburuko aldizkarian azaldu dute sindikatu horien bultzatzaileek beren asmoa zein den: "Langile anitz bakartuta daude, eta egoera hori aldatzeko ordua da; mugimendu politiko eta sozialetatik behar dena egin behar dugu lan esparruko borrokak auzoen eta herrien esparrura itzultzeko; auzo eta herrietan aurkituko baitute lan baldintza prekarioak eta behin-behineko lanpostuak dituzten langileek behar duten babes soziala. Lan esparruan beldurra bazter utzi ahal izateko oinarriak ezarri behar ditugu".

Ameriketako Estatu Batuetan sortutako elkartasun sareak ere aipatu dituzte Lacallek eta Mirandak. Seattle hirian garatu dira horietako hainbat, adibidez. Pertsonen arteko babes sareak sortu dituzte hiri horretan, lanaren esparruko edo etxebizitzen arloko bidegabekeriei elkarrekin aurre egin ahal izateko.

"Beldurra"

AEBetako elkartasun sareek eta Bartzelonako auzo sindikatuek zabaldutako mezuekin bat egin dute Langileon Autodefentsa Sareko kideek. Beldurraren auzia nabarmendu dute Lacallek eta Mirandak ere, adibidez. "Gurpil zoro baten gisakoa da errealitatea. Baldintza kaskarrenak dituzten langileentzat bereziki zaila da antolatzea; eta langileak antolatzen ez badira, are okerragoak izaten ohi dira haien lan baldintzak, are zailagoa beren egoera; babes gutxiago izaten dute langile horiek. Argi dugu egoera hori irauli behar dela, eta hori da sarearen helburua", azaldu du Lacallek.

Horretarako, taldeen arteko sarea sortuz, hain zuzen ere, "presioa egitea" da gazteen xedea. "Auzi batek bide judiziala egin dezakeela uste badugu, sindikatuetara bideratuko dugu, guk baino gaitasun handiagoa baitute arlo horretan. Ez da hori gure lan arloa; gure zeregina da presio soziala egitea, lan baldintza kaskarrak jendaurrean salatzeko eta langileak bakarrik ez uzteko". Martxan oraintxe jarri dira, baina sareko kideak hasi dira deiak jasotzen. Webgunea ere martxan dute, Langileautodefentsa.net helbidean.

Langile guztien alde egin nahi dute, baina gazte mugimendutik sortu den ekinaldia da sarea, eta, ondorioz, gazteei eragin nahi die, bereziki. Azken urteotan gazteon artean nolabaiteko "ezkortasun giroa" zabaldu dela uste dute Lacallek eta Mirandak. "Gazteok onartu dugu lanaren esparruan dugun egoera prekarioa. Ez da horren aurka egiteko beharrik sumatzen, eta ez da borrokarako esparrutzat hartzen", nabarmendu du Lacallek; kezka agertu du egoera horri buruz. "Gazteek uste dute gazte garaiari dagokion egoera bat dela egungoa, izanen dutela gero bizitza osorako lanpostu bat, baina ez da egia; ez dugu bizitza osorako lanposturik izanen, eta prekaritatea lanaren esparru guztietan gertatzen da. Ez da bakarrik gazteon kontu".

Lanari buruzko ikuspuntu hori aldatzea erabat beharrezkotzat jo dute Langileon Autodefentsa Sareko kideek. "Gazteontzat larria baita lanak prekario izan behar duela onartzea eta laneko arlo hori gure gizarte borroketatik bereiztea", berretsi du Mirandak.

Lan baldintza prekario horiek hamaika aurpegi dituzte. "Beltzean kobratzen dira ordu anitz; ordu gutxirako kontratuak egiten dira; sinatutakoa baino gehiago lan egiten da, aparteko ordu horiek kobratu gabe; kontraturik gabe lan egiten da...". Zerrenda luzea dela nabarmendu dute Mirandak eta Lacallek. Hala eta guztiz ere, egoera horiek salatzeko eta hutsean uzteko lan egiteko prest dira.

Lan horrekin, gainera, klase kontzientzia piztu nahi dute gazteen artean. "Konturatu behar dute egungo egoera lan munduaren ezaugarri nagusi bilakatu dela, eta horren aurka egin behar dugula. Ezin dugu gertatzen dena onartu".

Sareko kideek onartu dute, halere, gazteek baino zailtasun handiagoak dituztela, anitzetan, adin bateko langileek. "Guk, finean, gurasoen babesa dugu; argi dago seme-alabak dituen 50 urte baino gehiagoko langilearentzat zailagoa dela lan baldintzen kontra protesta egitea".

Protestarik gabe, ordea, egungo errealitatea betikotzeko arriskuak gora egiten du. "Gizarte mugimenduetako ekintzaile izateak eragina izan dezake lanaren arloan; ondorioak are larriagoak izan daitezke lanaren arlo horretan ari bazara. Horregatik da hain garrantzitsua presioa egiteko taldeak eta sareak sortzea, hain zuzen ere", nabarmendu du Lacallek.

Iruñerriko beharginentzat "tresna eraginkorra" izan nahi du Langileon Autodefentsa Sareak, finean. Eguberrietarako bertze kanpaina bat prest dute jada, Enpresak gonbidatu, baina zuk ordaindu lelopean, enpresek antolatzen dituzten afarien harira. "Ezin dugu ahaztu gure nagusia ez dela gure laguna; nagusia gure lanaz baliatzen da".

Jostailuak, ume eske

Jostailuak, ume eske

Kattalin Barber

Gabonetako ohiko erosketez harago, Iruñean badago aukera bestelako kontsumo eredu baten aldeko apustuan oinarritutako opariak egiteko, egunotan. Emausko Trapuketariek milaka jostailu biziberritzen dituzte, ume bakar bat ere jostailurik gabe gera ez dadin. Atzo zabaldu zuten azoka, eta urtarrilaren 5era arte egonen da zabalik Arrotxapeko Arga ibaia kalean duten Triki Traku dendan.

"Jostailuak berrerabiltzea, aurreztea eta beste aukera bat ematea ez ezik, ingurumena babestea eta arduraz kontsumitzea ere bada gure asmoa", adierazi du Pili Ioldik, erakundeko komunikazio taldeko kideak.

Urtero, Emausko Trapuketarien bilketa zerbitzuek Nafarroa osoko etxeetan eta garbiguneetan milaka tona biltzen dituzte, eta, horien artean, jostailuak dira asko. "Onenak eta deigarrienak" aukeratzen dituzte Eguberrietako azokarako. Bilketa egin ondoren, berrerabil daitezkeen jostailuak sailkatzen dituzte, eta, beharrezkoa bada, garbitu eta konpondu egiten dituzte. "Behin bilduta, bereizita, konponduta eta txukunduta daudelarik, prest ditugu saltzeko", azaldu du.

Mota guztietako eta adin guztietarako jostailuak jasotzen dituzte dendan: panpinak, puzzleak, ibilgailuak, peluxeak, haurrentzako liburuak, mozorroak, jostailu bildumak, Lego-ak, Playmobil-ak eta abar. "Lego-ak, adibidez, pisura saltzen ditugu, eta oso ongi saltzen dira". Jostailuak opari katalogoetan dauden bezala aurkezten saiatzen dira, poltsetan sartzen, eta ahalik eta hobekien aurkezten. Jostailuak hezigarriak eta oraingoak direla azpimarratu du Ioldik.

Laugarren urtea da Emausko Trapuketariek azoka antolatzen dutena, eta harrera ona duela dio erakundeko kideak. Izan ere, garai honetan joan den urteko jostailuak alde batera uzten dituzte askok, berriei tokia egiteko asmoz. Hainbat datu aipatu ditu Ioldik: hamar jostailutik bederatzi zabortegira joaten dira, eta hiri hondakin guztien artean %6 jostailuak dira. "Ehunekoa murriztu behar dugu. Jostailuak berriro erabilita lortuko dugu guztion artean hondakinen putzu beltzera ez bidaltzea".

Emausko Trapuketariek ez dute datu zehatzik, baina haien guneetara egunero iristen den jostailu kopurua handia dela argi du Ioldik. Gehienak, gainera, Gabonen atarian jasotzen dituzte, "jostailu berriei tokia egiteko armairuak husten dituztenean etxeetan". Gabonak amaitu eta gero, berriro ere dozenaka jostailu jasotzen dituzte. Espainiako Jostailu Ekoizleen elkarteak adierazi duenez, jostailuen %75 garai honetan erosten dira. "Garestiagoak diren garaian, hain zuzen ere", nabarmendu du Ioldik.

Dena den, jasotzen dituzten jostailu guztiak ezin dituzte berreskuratu ezta berrerabili ere. Egoera txarrean daudelako edota konpondu ezin direlako baztertzen dituzte. Gainerakoak, ongi funtzionatzen dutela ziurtatu, garbitu eta moldatu ondoren, dendako apaletan txukun-txukun ipintzen dituzte.

Horixe da, beraz, azokaren xedea: beste aukera bat eman nahi diete jostailuei, eta, aldi berean, herritarrak animatu bertan bigarren eskuko jostailuak erostera. "Diru gutxiren truke, mundu guztiaren eskura jartzea". Edonola ere, oraindik ere jendeari bigarren eskuko jostailuak erostea kosta egiten zaiola jakinarazi du Ioldik. Aurreiritziek indarrean jarraitzen dute. "Erosi behar dugula, hori da Eguberrietan zabaltzen den mezu nagusia. Etengabeko bonbardaketa da, eta jostailu berriak nahi ditu jendeak", adierazi du Emausko kideak. Hala ere, ilarak izaten dira urtero, irekitzen duten lehen egunean.

Jostailuak hondakin

Dirua aurrezteaz eta jostailuei bigarren bizitza emateaz gain, jostailuak berrerabiltzeko arrazoi asko daude. "Ikaragarria da jostailuak egiteko zenbat baliabide natural behar den: ura, petrolioa, metala, zura... Denboraldi batean erabiltzen dira, eta gero horietako asko hondakin bihurtzen dira. Jostailuak berreskuratzea eta berrerabiltzea beharrezkoa da", dio Ioldik.

Ingurumenari nabarmen kalte egiten diote jostailuek, zabortegira botatzen direnean eta, batez ere, erretzen badira. "Errausketak edota zabortegian pilatzeak eragiten duten kutsadura gutxitu egiten dugu". Adibidez, kadmioa, merkurioa edota beruna duten jostailuak kaltegarriak dira, eta, tratamendu egokia jasotzen ez badute, lurra eta ura kutsatzen ahal dituzte. Hamaika ondorio izan ditzake horrek.

Horregatik, hain zuzen ere, baliabide naturalak ez agortzearen alde lan egiten dute Emausko Trapuketariek, eta birziklatzea da haien helburua.

Aldi berean, gizarte lana egiten dute. Garai batean bazterketa sufritu duten pertsonei duintasunez bizitzeko aukera ematen die erakundeak. "Jostailu hauek erosiz gero, bideragarria egiten dugu gure proiektua; 220 laguni bizimodu bat eskaintzen die proiektu horrek".

Horrez gain, azokaren bidez kontsumo ereduen inguruan hausnarketa eragin nahi du erakundeak. "Bereziki, Eguberrietan ditugun kontsumo ohituren inguruan eta seme-alabei irakasten dizkiegun balioen inguruan".

Jostailu baten bizitzari buruzko gogoeta jarri du adibide Ioldik, behar lukeen baino laburragoa izaten ohi delako; izan ere, umeek asko dituzte, eta aspertu bezain pronto berri bat nahi izaten dute, gainera. Bizitza luzeagoa eman nahi diete Emausko Trapuketariek jostailuei: "Umeek ez lukete garai hau iragarkietako ereduen arabera bizi beharko. Ingurumenarekiko errespetua bultzatu behar dugu, gizarte bidezkoago bat izateko bidean".

Ondarea, klik batean

Ondarea, klik batean

Asier Garcia Uribarri

Teknologia berrien erabilera, inguruaren ezagutza eta ele aniztasuna. Hiru ezaugarri horiek bildu ditu Nafarroako Ikastolen Elkartearen azken proiektuak: Gure ondarea QR-tuz. Nafarroako ikastoletako ikasleek euren eskualdeetako 75 gune esanguratsu aukeratu eta deskribatu dituzte. Hala nola, elizak, jauregiak edota natur guneak. Deskribapen horiek guztiak, ahoz eta idatzizkoak, datu base batean sartu dituzte. Informazioa jaso daiteke tokian-tokian jarri dituzten QR kodeak erabiliz.

Duela urte eta erdi, ikastolen 50. urtemuga ospatzeko hainbat ekinaldi antolatu zituen ikastolen elkarteak, eta orduan sortu zen proiektu berriaren ideia. "Gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren alde egiten dugu, eta ildo horretan ikastola guztiak batuko zituen proiektu bat garatu nahi genuen", azaldu du Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak.

Horrelako hainbat proiektu martxan dituzte Nafarroako ikastolek. Lizarran, adibidez, Nondik dator ura? proiektua lantzen ari direla nabarmendu du Reparazek. "Ikasleak ibaien iturburuetara joaten dira, eta gure etxeetara heldu arte urak egiten duen bide guztia aztertzen dute. Horrelako proiektuak ikastola guztietan daude. Baina guztiek parte hartuko zuten bat nahi genuen".

Ekinaldia Nafarroako ikastoletako Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleek egin dute. Ikastalde bakoitzak bere eskualdeko sei elementu aukeratu ditu, besteak beste, Arbizuko dorrea, Arbaiungo arroila, Tuterako Uharte markesen jauregi barrokoa eta Iruñeko Frantziako ataria. Gero talde bakoitzari buruzko informazioa bildu eta deskribapenak osatu dituzte. Euskara da prozesuaren oinarria, baina testuak beste hainbat hizkuntzatara ere itzuli dituzte. "Testuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jaso ditugu. Halere, ikastetxe batzuetan aukera bazegoen, eta beste hizkuntzatan ere jarri ditugu: frantsesez eta alemanez".

Dagoeneko QR kodeak jarrita daude behar duten guneetan, eta edonor hurbildu daiteke informazioa jasotzera. Erabiltzeko modua oso erraza da. Sakelako telefonora QR kodeak irakurtzeko aplikazioa jaitsi egin behar da aurretik. "Oso erraz eskuratzen da, eta doakoa da". Behin aplikazioarekin, sakelakoa QR kodera hurbildu, eta informazioa ahoz edo idatziz jaso nahi duen galdetuko diote erabiltzaileari. Hautua egin eta gero, erabiltzaileak informazioa jasoko du telefonoan.

Elkarlana oinarri

Ikasleek egindako lana hiru edo lau astean bukatu dutela azaldu du Reparazek. Informazioa bilatu eta deskribapenak egiteko nahiko ongi moldatu dira ikasleak. Prozesuko parterik zailena ahozko testuak grabatzea izan da. "Ezin da edonola irakurri: astiro, beharrezko geldialdiekin... edozein entzulek ulertzeko moduan. Horrek nahiko lan ekarri du".

Testuak osatzeko eta grabatzeko hainbat astez lan egin behar izan badute ere, zeregin burokratikoak izan dira proiektua gehien luzatu dutenak. Izan ere, erregistratutako eraikin asko pribatuak dira, eta horien jabeen baimena behar izan dute QR kodeak bertan jartzeko. "Elizetan kodeak jartzeko Artzapezpikutzaren baimena behar izan dugu, eta beste zenbait kasutan, eraikinetako jabeena. Baina denen jarrera oso positiboa izan da. Gogo onez hartu dute gure ekinaldia".

Proiektuak Vianako Printzipea erakundearen babesa ere izan du hasieratik. "Erabateko prestasuna izan dute gurekin bat egiteko. Testu guztiak gainbegiratu dituzte. Azken finean, toki publikoetan egongo den informazioa da. Onartu egin digute proiektu honekin instituzio publikoek zuten hutsune bat bete dugula".

Reparazek adierazi du horrelako proiektuek ikasleengan motibazio berezia sortzen dutela. "Ikasleek ikusten dutenean ikasten duten edozer gauza baliagarria dela eta ikastolatik kanpo oihartzuna duela motibatu egiten dira. Are gehiago, euren lanaren hartzaileak helduak badira".

Behin lanak bukatuta, orain proiektua gizarteratzea baino ez zaie geratzen. Horregatik, ikastoletako eta hezkuntzako aldizkari espezializatuetan berria zabalduko dute. Gainera, tokian tokiko turismo bulegoetan eskuragai jarriko dituzte triptikoak informazio guztiarekin.

Lehen pausoa 75 gune erregistratzea izan da. Baina Reparazek ez du baztertzen datozen urteetan proiektua garatzen jarraitzea. "Nafarroan gune asko geratzen dira erregistratzeko; beraz, lana badugu aurretik". Ikasleek hainbat gaitasun landu dituzte proiektu bakar batean, eta gizarteak, gainera, Nafarroako ondarea eskuragai du, orain, klik bakar batean.

Iritzia: Zuk etxeko langilea daukazu?

Saioa Alkaiza

Zer jan du? Zenbat aldiz dutxatu da? Zeinekin hitz egin du telefonoz?". Etxeko langileak kontratatzen dituztenetako batzuek kontrolatzen dituzten alderdietako zenbait dira horiek: emakumeen elikadura, higienea zein harremanak jopuntuan jartzen dituzten galderak. Sorgin eta Anitzak kolektiboko Liz Quintanak azaldu zuen, Emakumeen Mundu Martxak indarkeriaren aurpegi anitz azaleratzeko egindako jardunaldietan: "Haien bizi sexuala, afektiboa, soziala... kontrolatzen dute. Nagusiek dena galarazten diete".

"Esklabotzatik gertu" daude etxeko langileak, eskubideak bermatuta ez daudelako. Hori izan zen behin eta berriz errepikatu zen ideietako bat.

Demagun, etxe barruko esparruan galdetu beharrean, fabrika batean galdetu dietela langileei zenbat aldiz garbitu dituzten hortzak edota norekin izan dituzten sexu harremanak: grebak leudeke, eta hotsandiko lerroburuak egunkarietan. Baina gai honetan, berriz, ez da halakorik gertatzen.

Larriak dira datuak, feminizatutako sektorea da etxeko langileena: %95 dira emakumeak, hain zuzen ere; horietatik asko migratzaileak eta paperik gabekoak dira, gainera. Zenbatekoari dagokionez, Nafarroan, soldatapeko 9.000 etxeko langile inguru daudela uste dute adituek. Kopuruak, baina, dantza zehaztugabea baino ez dira. Gizarte Segurantzan izena emanda ere, langabezia saririk ez dago, ez dute kotizatzen beharko luketen guztia, hitzarmen kolektiborik ez da, eta, gaixo agiria eskatuta ere, berandu has daitezke legokiekeena jasotzen —bederatzigarren egunetik hasi beharko lukete ordainsaria kobratzen, eta hori legearen arabera—.

Ertzek, gainera, are ertz gehiago dituzte. Bazterrak bazterrik ez du faltan: egoiliar aritzen direnak, alegia, etxeetan daudenak ia 24 orduz 7 egunez. "Batzuetan, kobratu egiten diete etxean lo egiteagatik, eta nagusiek behartzen dituzte haienean bizitzera! Lanaldia ez dago arauturik, ez gaueko ordutegia, ez intimitaterako eskubidea...". Zorrotz mintzatu da Quintana: "Familia batzuek etxeko langileak uzten dizkiete elkarri, sukaldeko irabiagailua balira bezala!".

"Behin baino gehiagotan, lapurretaren aitzakia erabiltzen dute nagusiek, eta, hala, kaleratuz gero, etxeko langileek ezin dute deus exijitu". Legearen aurrean zeinek izanen du irabazteko aukera handiagoa, kontraturik ez duen etxeko langile emakume (agian migratzaile) batek ala etxeko nagusiek? Bada, atera kontuak.

Orain, Gabonetako alde iluna. Zuk gozatzen duzu, haiek lan egiten dute izenburupean, etxeko langileen inguruko jardunaldiak antolatu ditu La Rebelde Nafarroako Etxeko Langileen Eragileak.

Bihar bertan, larunbatarekin, Etxeko lana, XXI. mendeko esklabotza hitzaldia izanen da Katakraken, hiru kolektiboren eskutik. Eta 22an, kalera ateratzeko deia egin dute: elkarretaratzea eginen dute. Guk mugitzen dugu mundua leloa izanen du pankartak.

Eta zuk etxeko lanak egiten dizkizun inor ba al daukazu? Soldatapean?

Hasieratik nahi dute euskara

Hasieratik nahi dute euskara

Asier Garcia Uribarri

San Frantzisko eskolako matrikulazio datuek argi hitz egiten dute: aurten, 3 urteko gelan 29 haur daude D ereduan, eta bederatzi A eta G ereduetan", azaldu du Zaloa Basabe Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformako kideak. Iaz Iruñeko Udalak bi haur eskola gehiagotan jarri zuen eredu euskalduna. Hala ere, aldaketa horrek ez zuen bete haur eskoletako euskara eskaria, udalak berak egindako ikerketaren arabera. Alde Zaharreko haur eskola Nafarroako Gobernuaren esku dago, Iruñeko beste lau bezala, eta guztietan dago eredu erdalduna. Euskarazko ereduaren alde sinadurak biltzen ari dira, eta heldu den asteartean jende katea egingo dute; Alde Zaharreko haur eskola eta parlamentua elkartuko dituzte.

"Haur eskolarena auzo aldarrikapen historikoa da", adierazi du Basabek. Urteetan, haur eskoletako gurasoek eraman dute aurrera aldarrikapena, baina horrela zaila zen luzera begirako plangintzak egitea. "Gurasook denbora gutxi pasatzen dugu haur eskolan; beraz, zaila da guk geure kabuz aritzea. Horregatik, 2011n plataforma sortu genuen guraso, euskalgintza eta auzoko eragileen artean".

Ordutik, hainbat mobilizazio eta kanpaina egin dituzte, baita unean uneko gobernuko arduradunekin bilerak ere. Baina salatu dute UPNren erantzuna beti izan zela "oso itxia". Hala ere, gobernu aldaketarekin beste ahalegin bat egitea erabaki zuten. Ekainean Hezkuntza Departamentuaren lan saio batean parte hartu zuten, eta han lantalde bat sortzea erabaki zuten. Horren ostean, elkartu ziren haur eskolen arlo teknikoan lan egiten duten beharginekin eta Txema Mauleon Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburuarekin. Azken bilera gobernua babesten duten lau taldeekin izan zuten.

Plataformako kideek bileren balorazio gazi-gozoa egin dute. "Behin eta berriz baietz esaten digute. Gure eskaria arrazoizkoa dela esaten dute, baina gero ez dituzte beharrezkoak diren neurriak hartzen", dio Basabek. Plataforma ahalegin berezia egiten ari da heldu den urtean haur eskola euskalduna izan ahal izateko, baina horrek erabakiak data zehatzetan hartzea eskatzen du. "Matrikulazio kanpaina otsailean hasiko da; beraz, askoz jota, urtarrilean hartu beharko lukete erabakia. Oraindik garaiz gaude, baina denbora aurrera doa", ohartarazi du Garikoitz Torregrosa euskalgintzako kideak.

Torregrosak garrantzitsutzat jo du erabakia aurten hartzea, datozen urteetan zailagoa izan daitekeelakoan. "Hurrengo urtean hauteskunde zikloa gertuago egongo da, eta horrelako erabakiak hartzea zailagoa izango da. Hala ere, ez litzateke ezinezkoa izango".

Datu kontrajarriak

Txema Mauleon Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburua da, eta departamentu horrek kudeatzen ditu Nafarroako Gobernuaren esku dauden haur eskolak. "Anakronismoa da; antolaketa hau haur eskolak familia kontziliaziorako baliabidetzat hartzen zirenekoa da. Aldatzen saiatzen ari gara, baina burokrazia oso konplexua da", azaldu du Mauleonek. Haren arabera, datu kontrajarriak dituzte haur eskoletako eskariari dagokionez. Iaz, Iruñeko Udalak haur eskoletako hizkuntza ereduari buruzko galdeketa egin zuen aurrematrikula kanpainarekin bat. Galdeketen emaitzek adierazi zuten gurasoen %37,7k euskarazko eredua nahi zutela. Udalak iaz egindako aldaketekin, soilik eskariaren %27 betetzea lortu zuen.

Hala ere, Mauleonek adierazi du Nafarroako Gobernuak bestelako datuak dituela. "Matrikulako datuek esaten digute itxaron zerrenda luzeagoa dagoela ingelesa eta gaztelania eta gaztelaniako haur eskoletan euskarazkoetan baino". Hori dela eta, Gizarte Eskubideetako Departamentuak azterketa berri bat egingo du udalarekin elkarlanean, benetako eskaria zein den jakiteko. "Azterketa berri horretan lokalizazio faktorea kontuan hartuko dugu. Jendeari galdetu nahi diogu: zure auzoan eredu guztiak izango bazenitu, zein aukeratuko zenuke?". Azterketa hori aurrematrikula garaiaren aurretik hasiko dute, eta aurrematrikulako datuak ere kontuan hartuko dituzte. Emaitzak uda aurretik izango lituzkete.

Plataformako kideek nabarmendu dute Alde Zaharreko haur eskolan eredu euskalduna jarriko balute, udalak iaz egindako azterketan ateratako eskari datuak beteko lituzketela. Hala ere, gogoratu dute eskaria betetzea gutxiengo bat dela. "Eskaria bete behar da, baina ezin gara horretara mugatu. Nafar guztiek dute eskubidea euskara ikasteko. Eredu erdaldunek herritarrei ukatu egiten diete Nafarroako hizkuntza ofizialetako bat jakitea, eta etorkizunean lan eta harremanetarako aukerak", salatu du Torregrosak.

Kezkaz bizi dute euskalgintzako eta plataformako kideek gobernuak euskararekiko duen jarrera. "Badirudi gobernua beldur dela. Oposizioak euskara jomugan du. Guk ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu, euskararen eremuan pausoak eman behar baitituzte nafarren eskubideak direlako", azaldu du Torregrosak.

Hala ere, oposizioak euskararen gaiarekin gogor jokatzen badu ere, Torregrosak gogoratu du Nafarroan badagoela euskararen aldeko gehiengo bat. "Nafarroan badago gehiengo bat euskararen alde, eta gobernuak haren babesa izango du. Zarata sor daiteke, baina horrek gutxi irauten du. Gu lanean ari gara, eta horretan jarraituko dugu".

Datak estuak dira, eta Nafarroako Gobernuan, berriz, zalantzak ugari. Baina Alde Zaharrean argi dute: hasieratik ikasi nahi dute euskaraz.

Kontuak eskatu dizkiote gobernuari

Kontuak eskatu dizkiote gobernuari

Edurne Elizondo

Informazioa nahi dute Pedro Zigaren oinordekoek (Iruñea, 1867-1949); informazioa, zehazki, Zigak 1949. urtean, bere testamentuaren bidez, orduko Nafarroako Diputazioaren esku utzi zuen ondarearen egoerari buruz. Zigak 1898an erosi zuen Bertizko jaurerria; nafarrei eman nahi izan zien, eta, haien izenean, diputazioak jaso zuen, hil eta gero. Hainbat baldintza zehaztu zituen ondarea ematerakoan, halere, eta baldintza horiek zein neurritan betetzen ari diren jakin nahi dute Zigaren ondorengoek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren erregistroan instantzia aurkeztu dute, administrazioak jaurerria hartu zuenetik egin diren urrats guztien inguruko zehaztasunak jasotzeko asmoz.

Ehizaren ingurukoek sortu dute azken urteotan zalaparta, batez ere. 1984. urtetik, natur parkea da Bertizko jaurerriko lursaila, eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren esku dago kudeaketa. Isabel Elizalde kontseilaria, da, ondorioz, Bertizko parkeko patronatuko egungo presidentea.

Bere testamentuan Zigak zehaztu zuen ehiza debekatuta egonen zela espazio horretan. Nafarroako Gobernuak, halere, arkuak eta geziak baliatuz basurdeak, orkatzak eta oreinak ehizatzeko baimena eman zuen, 2010. urtean. Orduko gobernuko hainbat kidek ere parte hartu zuten baimen horrek ekarri zituen ehizaldietan. Gurelur talde ekologistak auzitara jo zuen. Fiskalak 2013ko bere idatzian onartu zuen ehizaldiek Nafarroako hainbat lege urratu zituztela; zehazki, faunaren eta haren habitatari buruzkoa, eta arrantza eta ehizari buruzkoa. Hala eta guztiz ere, salaketak ez zuen aurrera egin.

Elizaren esku

Zigak ez zuen seme-alabarik, eta haren ilobak bilakatu ziren haren oinordeko. Zigaren iloben ondorengoetako hainbat dira, orain, gobernura jo dutenak zehaztapen bila. Ehizaren auziak kezka eragin zien, eta ez zuten berri ontzat jo kontua hutsean gelditu izana. Bertze hainbat arlotan ere Zigaren borondatea bazter gelditu dela uste dute, gainera. Bertizen zegoen Zigaren liburutegiarekin, hainbat altzarirekin edo Elizaren esku ziren hainbat lursailarekin gertatu dena argitu nahi dute haren oinordekoek, bertzeak bertze.

Zigak bere testamentuan zehaztu zuen Bertizko jauregiaren erabilera Elizaren esku geldituko zela, baina, betiere, baliabiderik ez zuten apaizentzako egoitza gisa baliatzeko, erretiroa hartzeko orduan. Izan zitezkeen toki arazoei aurre egin nahi izan zien Zigak, gainera, eta apaizen esku utzi zituen Oronozko bertze 29 lursail ere. Bertizko eraikina erabiltzeko zuen eskubidea Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuen Artzapezpikutzak, 1982. urtean. Saldu egin zion, zehazki.

Pedro Zigaren oinordekoek informazioa nahi dute 1982ko akordio horrek izan dituen ondorioei buruz, bertzeak bertze. Oro har, 1949. urtetik Zigaren ondarearen inguruan hartutako erabakien berri jaso nahi dute. Instantzia jaso eta gero, hiru hilabeteko epea du Nafarroako Gobernuak, orain, erantzuteko.

Iritzia: Zuei

Lur Albizu Etxetxipia

Sorpresarako gaitasuna galdurik genuela uste nuen; aspalditik, gainera. Gauza asko, gehiegi bizi izan ditugulako, ikusi izan ditugulako, entzun izan ditugulako, norbaitek kontatu izan dizkigulako. Errealitateak fikzioa gainditzen duela esateak, nire iritziz, esanahi berezia hartzen du Euskal Herrian: debekuak, ilegalizazioak, komunikabide-itxierak, isunak, identifikazioak, kontrolak, kriminalizazioa, atxiloketak, tortura…

Zerrendarekin jarrai genezake luzaroan, orrialde hau osorik bete arte. Baina badakizue zeri buruz ari naizen; guztiei egokitu zaigu, era batera edo bestera, gertuagotik edo urrunetik, horrelako zerbait bizi behar izatea. Eta Nafarroan, bereziki, horrek guztiak bere berezitasun propioak ere badituela esanen nuke, navarrísimoek bere berezitasunak dituzten bezala. Errepresioa ere diferentea izan baita hemen.

Baina duela aste batzuk harritu egin ginen (nintzen?). Beste behin. Aspalditik ez bezala. Beharbada inuxenteegiak gara batzuetan? Ahaztu egiten zaigu estatuek gerran jarraitzen dutela? Ahantzi egiten zaigu Nafarroak estatu-afera izaten jarraitzen duela?

Atxilotu zituztela jakin nuenean harritu egin nintzen. Muntaia polizial-politiko-mediatikoaren beste kapitulu bat gehiago. Berriz ere. Berriz ere gazte batzuk atxilotuak, kriminalizatuak, komunikabideetan haien bizitza, haien izenak. Epai mediatikoa. Zirkuaren beste kapitulu bat gehiago.

Eta kartzelara joanen zirela jakin nuenean ezin izan nien malkoei eutsi. Sabeleko korapiloak egun batzuetan iraun zuen. Sinestezina iruditzen zitzaidan. Askotan erabili izan dut surrealista hitza. Surrealista. Baina nola deitu horri surrealismo, zazpi gazte espetxean baldin badaude? Ba al da hori baino egoera injustuagorik, gordinagorik, errealagorik? Errealistagorik, egiazkoagorik? Irudikatzen ahal ditugu zazpi gazte altsasuarrak, gazte izateagatik, altsasuar izateagatik, kartzelan, haien etxeetatik ehunka kilometrora?

Gertatutakoaren dimentsioa oso argi bizi izan dugu azkeneko asteetan. Herri oso bat batuta, gertatutakoa ezin sinetsi. Inguruan ere bizi izan ditut egoera kuriosoak, nik behintzat: jendearen interesa, gertatutakoa bidegabekeria hutsa dela ikusten duen jende anitza, kezka, manifestaziora joateko zalantzarik izan ez duen jendea (horrelakoetan ikustea zaila dena)… Duela bi larunbateko irudia(k), dudarik gabe. Asko esaten du egun hartakoak. Oihu herritar isila, eta hain ozena, Altsasu guztiz kolapsatu zuena.

Ezin da bizikidetzaz hitz egin desmilitarizazioaren auzia mahai gainean jarri gabe. Zaila da bizikidetzaz hitz egitea zazpi gazte kartzelan daudenean. Nekeza egiten da kontrol eta poliziaz jositako toki batean bizikidetzaz mintzatzea. Herri oso bat kriminalizatu dute, errealitatea ezkutatzeko, eta eztabaidak isiltzeko. Bai gehiengo baten nahiari muzin egiteko ere. Zein garesti ateratzen den Euskal Herrian, Nafarroan, gazte izatea.

Mila kilometrora; bihotzetik gertu, alegia. Etxean izan arte jarraituko dugu lanean. Maite zaitugu. Maite zaituztegu.

Isiltasunaren pareta botatzeko

Isiltasunaren pareta botatzeko

Edurne Elizondo
Hitz egiten ez badugu, existitzen den errealitate bat bazter utzi bertzerik ez dugu egiten. Lortzen badugu suizidioaren auziari normaltasunez eta lasaitasunez eustea, aurre egiten badiogu osasun arazo larri baten gisa, sufritzen ari dir...