Nafarroa

Iritzia: Egitekoen zerrenda

Asier Azpilikueta
Duela urtebete, aldaketa politikoaren Nafarroako Gobernua martxan jarri zelarik, batzuok erraten hasi ginen lau urte hauetan ahalik eta gauza gehien aldatu behar zirela, ahalik eta bizkorren, gutxienez lau urtean bertze Nafarroa batea...

Aurrea hartu diete sanferminei

Aurrea hartu diete sanferminei

Edurne Elizondo

Tradizioak eta berrikuntzak eskutik helduta egin dute aurrera Udako Euskal Unibertsitatearen historian. 1973. urtean egin zituzten udako ikastaroak, lehendabiziko aldiz, Donibane Lohizunen (Lapurdi). 1977an ailegatu ziren Iruñera. Eta, geroztik, ez dute Nafarroako hiriburua utzi. Urtetik urtera egokitzen joan dira, halere; garaian garaiko beharretara eta testuingurura moldatzen. Aurten, aurrenekoz, aurrea hartuko diete sanferminei: hilaren 27an, 28an eta 29an eginen dituzte Iruñeko ikastaroak, hiriko Alde Zaharreko Kondestablearen jauregian.

"Aldaketak ulertu behar ditugu ikastaroen eboluzioaren barruan". Horixe nabarmendu du Irati Iziarrek, UEUko udako ikastaroen arduradunak (Oñati, 1975). Eboluzio horrek azaltzen du 1977ko ikastaroen eta oraingoen arteko aldea. "1977. urtean euskaraz ikasteko aukera ia bakarra ziren UEUko ikastaroak; oasi baten modukoak ziren euskaldunentzat", gogoratu du Iziarrek. Egoera aldatu da. Euskarak bere tokia hartu du unibertsitatean ere, nahiz eta herrialdez herrialde ezberdintasunak nabarmenak izan. Formakuntzaren esparruan izan diren aldaketak mahai gainean jarri ditu Iziarrek ere. "Oraingo eskaintza ordukoa baino askoz ere zabalagoa da; etengabeko formakuntzara ohitu gara, eta hamaika motatako ikastaroak ditugu eskura, hamaika erakundek antolatuta".

1977an Larraona ikastetxean aurkitu zuen UEUk udako ikastaroak egiteko behar zuen aterpea. Hasierako garai hartan, bi astez garatzen zituzten ikastaroak, eta ehunka ikaslek parte hartzen zuten. Euskal Herri osoko jendea etortzen zen Iruñera. "Oporrak hartzen zituzten ikastaroak egin ahal izateko!". Larraonan zituzten ikasteko gelak, bai eta lo egitekoak ere. "Garai hartan helduentzat behar genuen barnetegia ziren UEUko ikastaroak", erran du Iziarrek.

Horrek giro berezia sortzen zuela dio. Eta jende anitz giro horrekin oroitzen dela, oraindik ere. "Ez dut uste, ordea, egungo ikastaroei orduko giro hori eskatzea errealista denik; egia da hasierako garai hartan euskaldunen arteko sarea sortzeko balio zutela ikastaroek, baina horretan ere egin dugu aurrera, eta badaude bestelako aukerak eta foroak".

Aldaketak

Aldaketek lortu dute UEUko udako ikastaroei eutsi ahal izatea. Horixe argi eta garbi du Itziarrek. Horregatik erabaki dute aurten, adibidez, ikastaroak ekainean egitea, lehen aldiz. "Azken urteotan sumatu dugu Iruñeko matrikulen kopuruak behera egin duela; uste dugu data izan daitekeela arrazoia". Uztailean, sanferminen ondotik egiten ohi zituen UEUk Iruñeko ikastaroak; hasieran, bi astez. Egoitza aldatu zuten gero, eta Iturrama auzotik Alde Zaharrera mugitu ziren, Iruñeko Hizkuntza Eskolaren egoitzara. Aste bakarreko bilakatu zituzten ikastaroak. Azken urteotan, berriz, Jaso ikastola izan da UEUren udako egoitza. "Eskuzabaltasun osoz jokatu dute ikastolako kideek gurekin".

Erakunde publikoen jarrerari buruz ezin du gauza bera erran Iziarrek. Azken hamalau urteotan izan da bera udako ikastaroen arduradun. "Euskalgintzako gainerako taldeek izan dituzten oztopo berak izan ditugu guk ere". Azpiegiturak eskatutakoan jasotako ezetzak nabarmendu ditu, adibidez, eta Iruñeko Udalak eta UEUk zuten hitzarmena desagertu izana. Udaletxean duela urtebete gertatu zen aldaketak izan du eragina, eta eskertu du Iziarrek. "Beste jarrera bat dute oraingo arduradunek. Iaz, hain zuzen ere, Iruñeko Udalak harrera egin zion UEUri; hogei urte ziren horrelakorik gertatzen ez zela".

Nafarroan gertatu den aldaketa politikoa jorratuko dute aurtengo ikastaroetan, hain zuzen ere. Eugenio Arraizari buruz jardunaldia eginen dute, halaber. UEUko kide eta bazkide zen Arraiza, eta iazko abuztuan zendu zen. "Bazkide sutsua izan zen, eta omenaldia egin nahi izan diogu; ezohiko omenaldi bat, halere. Euskalgintzak egindako bidea jorratzeko baliatuko dugu jardunaldia", azaldu du Iziarrek.

Ikastaro horien eta gainerakoen bitartez, euskal komunitate zientifikoari aurrera egiten lagundu nahi dio UEUk. Unibertsitatea osatzen duten profesionalen, bazkideen, boluntarioen eta ikasleen "ilusioa" eta "gogoa" nabarmendu ditu Iziarrek. "Hori da gure altxorra". Historia saileko kide gisa hasi zuen ikastaroen arduradunak bere bidea UEUren barruan. Saileko zuzendari izendatu zuten gero, eta ikastaroen buru da orain. Lana badu, bai eta egiteko gogoa ere.

“Benetako eskola izan zen niretzat”

“Benetako eskola izan zen niretzat”

E. Elizondo

Erraz egiten du denboran atzera Martin Orbek (Errigoiti, Bizkaia, 1934). Fresko ditu gogoan UEUren eskutik Iruñean bizi izandakoak. 1976an bat egin zuen Orbek Udako Euskal Unibertsitatearekin, eta urte hartan hartu zuen erakundearen ardura bere gain. UEUko bigarren idazkari nagusia izan zen, Manex Goienetxeren ondotik. 1977an egin zituzten udako ikastaroak Nafarroako hiriburuan lehendabiziko aldiz. Iparraldean ezagutu zuen Orbek erakundea, Zamorako (Espainia) apaiz kartzelan preso egon eta gero mugaz bertzaldera ihes egin baitzuen. Gogor apaiz taldeko kide izan zen Orbe. 1969tik 1972ra egon zen espetxean.

Ipar Euskal Herrian hasi ziren UEU mamitzen. Nolakoa izan zen prozesu hura?

UEUren aurrekari gisa aipatu behar dira Baionan egin zituzten hiru euskal asteak, 1970etik 1972ra. Hirugarren astean, 1972koan, Carlos Santamariak bota zuen ideia, mahai gainean jarri zuen Katalunian bezala udako euskal unibertsitate bat sortzeko asmoa. Eta aurrera egin zuen. Ni orduan itzalpean nintzen, kartzelan.

1973an egin zituen UEUk udako ikastaroak lehen aldiz. Iparraldean zinen zu ordurako.

Bai. Iparraldean nintzen, eta ezagutu nahi izan nuen sortzen ari zen unibertsitate hori. Lehendabiziko bi urteetan Donibane Lohizunen egin zituzten ikastaroak, eta hurrengo bietan Uztaritzen. Han egin nuen nik bat UEUrekin, laugarren edizioan.

Bat egin, eta ardura hartu. Ez zenuen ardura hartzeko beldurrik?

Manex Goienetxe izan zen lehen idazkari nagusia. Laguntzaile talde bat bazuen ondoan; harekin aritu ziren Jean Haritxelar, Piarres Xarriton, Joseba Intxausti eta Jose Luis Lizundia, besteak beste. 1976ko edizioan Goienetxek esan zuen ezin zuela UEUko buru izaten jarraitu, eta ni aukeratu ninduten. Beldurtua nintzen, bai, ardura nire gain hartu nuenean. Lagunduko zidatela esan zidaten, eta lanean hastea erabaki nuen.

Zuk egindako urrats nagusietako bat izan zen ikastaroak Iparraldetik Iruñera ekartzea. Nola hartu zenuten erabakia?

Kosta egin zitzaigun erabakia hartzea, zalantzak bagenituelako. Zenbaitek proposatu zuten ikastaroak bi egoitzatan egitea, Iparraldean eta Hegoaldean. Azkenean, Iruñera joatea erabaki genuen. Batetik, ikusi genuen Iparraldeko ikastaroetan parte hartzaile gehienak Hegoaldekoak zirela; bestetik, UEUrentzat biltzen zen diru apurra ere gehienbat Hegoaldean batzen zen. Eta Euskal Herriaren batasunaren ikuspuntutik ere interesgarria iruditu zitzaigun ikastaroak Iruñean egitea.

1977an egin zenituzten udako ikastaroak Iruñean lehendabiziko aldiz. Erraza izan zen baimenak lortzea?

Asko lagundu zigun Javier Urmenetak, Jose Maria Satrustegiren bitartez. Gogoan dut Rodolfo Martin Villa Espainiako ministroari gutuna bidali geniola. Erantzun zigun ez zela bere ardura, eta hitz egingo zuela Hezkuntza Ministerioko arduradunekin. Ekain aldera ailegatu zitzaizkigun baimenak. Uste baino oztopo gutxiago jarri ziguten. Ez dakit Urmenetak isilean zer-nolako lana egingo zuen.

Larraona bilakatu zen UEUren udako ikastaroen egoitza, ia 25 urtez. Zer oroitzapen duzu zuk hasierako garai horri buruz?

Ni idazkari nagusi izan nintzen 1983ra arte, eta urte horietan guztietan han egon ginen. Eta oroitzapenak ezin hobeak dira. Euskal Herri osoko jendeak bat egiten zuen. Lana ondo eginda joaten ginen gu, gainera. Giro polita sortzen zen. Intxaustik esaten zuen lortu genuela halako lotura bat ahalegin akademikoaren eta ahalegin ludikoaren artean. Benetan hunkituta gelditu nintzen lortutakoarekin. Benetako eskola izan zen niretzat.

UEU Iruñera etorri zenean ikastaroen egitura ere aldatu egin zenuten.

Bai. Ordura arte hitzaldiak egiten genituen. Eta parte hartzaile guztiak joaten ziren hitzaldi guztietara. Iruñean hasi ginen ikastaroak sailka antolatzen. Bakoitzak bere interesen arabera aukeratzen zuen zer ikastaro egin. Saio osagarriak ere egiten genituen. Mus txapelketak eta futbol txapelketak ere antolatzen zituzten. Jende gaztea aritzen zen, eta sortzen zen giro ederra. Giroa ere euskaldundu genuen.

Larraonan bertan, giroa erdalduna zen oro har, ezta?

Bai. Baina guk asmatu genuen egoera horri buelta ematen. Egoitzan sartu, eta Recepción idatzia zuen kartel handi bat zegoen. Guk Harrera gela ere idatzi genuen. Gogoan dut, halaber, Olariagak aurreko eguneko ekitaldien laburpena egiten zuela, egunero, bere marrazkien bidez, eta korridorean zintzilikatzen zituen.

1983an utzi zenuen idazkaritza nagusia. Zergatik?

Esan nuen nekatuta nengoelako utzi nahi nuela, baina ez zen egia.

Zergatik utzi zenuen ba?

Uste nuelako idazkari nagusiak izan behar zuela lotura estuagoa unibertsitatearekin. Gero egitura aldatu zen, zuzendaritza taldea osatu zen, eta nik han jarraitu nuen hainbat urtez.

Anitz aldatu da geroztik UEU?

Asko, bai. Nire sasoian UEU zen auto txiki bat, eta nik banuen halakoak gidatzeko baimena. Egun, UEU trailer bat da. Ezingo nuke gidatu! Halere, uste dut garrantzitsua dela esatea UEUtik pasatu direla euskal kulturan izen bat izan duten guztiak. Harro sentitzen naiz.

Historia ekinez idazten ari dira

Historia ekinez idazten ari dira

Asier Garcia Uribarri

Mugimendu bereko belaunaldi ezberdinak, eta mugimendu bera ulertzeko modu ezberdinak. Guztiek bat egin dute Iruñeko Alde Zaharreko Zabaldi gunean. Ekainaren 28ko plataformak Aniztasuna ospatuz! jardunaldiak antolatu ditu sexu askapenerako nazioarteko egunaren harira. Jardunaldietako lehen ekinbidean Nafarroako LGTBIQ mugimenduaren historia aztertu dute, 1970eko hamarkadatik gaur egunera arte. Zortzi hizlarik parte hartu dute, bakoitza kolektibo bateko kide gisa.

Ekainaren 28ko plataformaren izenean, Raul Lopezek gidatu du mahai ingurua. Lehen hizlariari hitza eman aurretik, Javier Cenoz izan zena gogoratu du, hura izan baitzen Nafarroako sexu askapenerako mugimenduko aitzindarietako bat 1970eko hamarkadan. "Cenozek sortu zuen CHN Nafarroako homosexualen batzordea, 1976an".

"Garai hartan, sexu askapenerako bi kolektibo baino ez zeuden Espainiako Estatuan: CHN eta FAGC Kataluniako Gay Askapenerako Frontea". Lopezek nabarmendu du oso garai gogorrak zirela sexu askapenerako mugimenduko kideentzat. "Jipoiak eta torturak jasateaz gain, Usurbilgo psikiatrikoan giltzapetu zuten Cenoz".

Zailtasunen gainetik, bidea egin zuen Nafarroako Homosexualen Kolektiboak, eta 1982an Ekainaren 28ko lehen manifestazioa egin zuten Iruñean. "Iruñean 600 lagun elkartu ziren, eta oso manifestazio morbosoa izan zen. Jende mordoa bildu zen ikustera, katolikoak asko".

Lehen pauso horien ostean, belaunaldi berri batek hartu zuen LGTB borroka garatzeko ardura. Anjel Leranozek sortu zuen Nafarroako EHGAM, beste kide batzuekin batera, 1980ko hamarkada bukaeran. Oso militantzia aktibista izan zutela gogoratu du. "Manifestazio eta kanpaina ugari egin genituen: erasoen aurkakoak, guneak askatzekoak, apostasiaren alde edota intsumisioan ikuspuntu homosexuala txertatzekoak". Leranozek azaldu du 1980ko hamarkada bukaeran herri mugimendu indartsua zegoela Iruñerrian, eta harreman handia zutela guztiekin. Horrez gain, azaldu du EHGAMen emakumeren bat bazegoen ere militantzia oso maskulinoa zela.

Aktibismotik arretara

LGTB mugimenduaren hasiera oso aktibista izan zen, besteak beste, gai hori erabat isilarazia zegoelako. Baina 1990eko hamarkada bukaeran EHGAMen eta Lumatzan ibilitako hainbat pertsonak pauso bat harago joatea erabaki zuten.

Militante talde batek Europan barna egin zuen bidaia, tokian tokiko sexu askapenerako mugimenduak ezagutzeko. Handik ekarri zuten Elkarri Laguntzeko taldeen ideia, eta Kattalingorri sortu zuten 2000. urtean.

Kattalingorrik hamabost urtez LGTB pertsonei arreta eskaini die, arratsaldero irekitzen zuten bulegoaren bitartez. Horrez gain, sozializaziorako guneak sortu zituzten. "Behar genituen homosexualek bat egiteko espazioak gaueko girotik kanpo. Horrela hasi ginen irteerak eta hainbat ekintza antolatzen", azaldu du Oskar Sada Kattalingorriko kideak.

Kattalingorri LGTB mugimenduaren bateragune ere izan zela azpimarratu du Sadak. "Kattalingorri gerora Ekainaren 28ko plataforma izango zenaren hazia izan zen". Urteetako lanaren ostean, iaz itxi egin zuten Aldapa kalean zuten lokala. Orain, proiektua birpentsatzen ari dira. Hala ere, espero dute instituzio publikoetan emandako aldaketa politikoak LGTB pertsonentzako arreta bulego publiko bat sortu ahal izatea.

Denek nabarmendu dute Kattalingorrik egindako lana. Hala ere, 2007an neska talde batek 1990eko hamarkadan egondako Lumatza kolektiboa berpiztea erabaki zuen. Kaleko kolektibo politiko eta autonomo gisa definitzen dira, eta lesbianismoa heteroaraua apurtzeko bide gisa aldarrikatu dute. Herri mugimenduarekin elkarlana sustatu dute, bereziki kolektibo feminista eta LGTBekin. "Feminismoa bollerizatu eta LGTB mugimendua feminizatu nahi ditugu", aldarrikatu du Susana Cañete Lumatzako kideak. Berak uste du Euskal Herriko mugimendu feministak azken urteetan mezu transfeminista garatu badu lesbianek egindako ekarpenagatik garatu duela.

Transexualen ahotsa Nora Gomez eta Luis Grandek jarri zuten. Gomez Ilota-Ledo Nafarroako transexual, lagun eta senideen elkarteko kidea da. Transexualek paperetan eskubideak baldin badituzte ere, horiek betearazteko sortu zuten elkartea 2000n. Euren jardun nagusiak dira sentsibilizazio kanpainak eta legedia garatzeko alderdi politikoekin izandako harremanak. Mugarri gisa definitu ditu Gomezek 2005ean egindako transexualitatearen inguruko jardunaldi zientifikoak. "Pauso garrantzitsu bat izan ziren transexualitatea despatologizatzeko".

Grande Chrysallis adingabeko transexualen familien elkarteko kidea da. Talde hori hiru-lau familiak sortu zuten 2013an, Madrilen, eta euren helburua adingabeak eta familiak laguntzea zen. "Hasieran bereziki, bakartasun handia sentitzen duzu, ez duzulako beste kasurik ezagutzen". Egun, 300-400 familia inguruk osatzen dute Chrysallis, eta iazko martxoaren 8an Euskal Herriko delegazioa ireki zuten. Orduan bi familia baino ez ziren, baina egun hamasei dira. Indarra hartu duten honetan, aktibismora ere jotzea erabaki dute. "Kontzeptu berriak sortu behar ditugu. Ez daude okerreko gorputzak, zakila duten neskak eta bulba duten mutikoak baizik".

Azken urteetan bi kolektibo gazte sortu dira Nafarroan: Lugatibe eta Zikuta. Lehenak "trans, maritxu, bollo eta misto" gisa definitzen du bere burua, eta 2013an sortu zen. Kattalingorrin ez zuten euren burua ikusten, eta talde autonomoa eratzea erabaki zuten. Joseba Verdugo bertako kidea da, eta, haren arabera, egungo LGTB mugimendua ezkontza eskubidearen ondorengo garaian bizi da, eta euren aldarrikapenetan behera egin du. Horrez gain, kapitalismo arrosa mugimendua asimilatzen ari dela uste du. Lugatibek, Ekainaren 28ko eta LGTBIQ koordinakundeetan parte hartzeaz gain, mobilizazio handietan mezu propioa zabaldu du.

Zikuta da mahai inguruan parte hartu zuten taldeetatik berriena. Lumatzatik ateratako neska talde batek sortu du aurten, lan egiteko modu ezberdinak behar zituztelako. Egun, gogoeta fasean daude, baina argi dute pertsonen arteko harremanetan zein gizartearen eraldaketan lan egingo dutela. LGTB kolektiboaren aurkako erasoen aurrean ere erantzuteko beharra nabarmendu dute. Euren burua "bollera, feminista eta transfeministatzat" dute. "Bollerismoa ez dugu esentziazko kategoriatzat hartzen, heteroaraua apurtzeko jarrera politiko gisa baizik", azaldu du Luna Martikorena Zikutako kideak.

Aurkezpenaren ostean, publikoak hitza hartu du. Agerian geratu dira mugimendua ulertzeko modu ezberdinak. Helduek begi onez ikusten dute instituzioekin elkarlana garatzea, eta azken 30 urteetan egindako aurrerapausoak nabarmendu dituzte. Gazteenek, ordea, egoeraren azterketa "positiboegia" egitearen arriskuak nabarmendu, eta egindako lana aitortu badute ere, egiteko bide luzea dagoela adierazi dute.

Eztabaida giro onean garatu da, eta Zabaldi ixteko orduak derrigorrezko amaiera eman dio mahai inguruari. Eztabaidak mugimendua bizirik dagoela erakutsi du, eta ekinez haren historia egunero idazten ari dela.

Iritzia: Zerua erre nahi izan duten suak

Izaskun Etxeberria Zufiaurre
Naturaren lege zaharrari ihardetsiz urak, landareek eta suak, erritu bihurturik, babesa eta purifikazioa eskaini digute enegarren aldiz. Guk ere, munduko bazter askotan bezala, Naturari erantzun eta gau ona opa diogu Ilargi...

Ozonoak gora, eta kalitateak behera

Ozonoak gora, eta kalitateak behera

Edurne Elizondo

Ez du ikasgaia gainditu. Nafarroak huts egin du airearen kalitateari buruzko azterketan, bertze behin ere. Horixe nabarmendu du Ekologistak Martxan erakundeak. Txostena egin du, eta ondorio nagusi bat jarri du mahai gainean: nafar guztiek aire kutsatua arnastu zutela iaz. Herrialde osoan gainditu zituen kutsadurak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio gisa zehaztutako mugak. Erriberan, gainera, legeak ezarritakoak gainditu egin zituen ozono troposferikoak. "Arazoa larria da, eta bada garaia Nafarroako Gobernuak neurriak hartzeko", erran du Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Nabaskuesek. Ozonoak gora eta kalitateak behera egin duelako.

Ez bakarrik ozonoak. OMEk mugatzat ezarritako kopuruak gainditu zituzten iaz nitrogeno dioxidoak, sufre dioxidoak eta partikula esekiek. Iruñerriko industria, trafikoa eta Castejongo zentral termikoak jo ditu Ekologistak Martxan taldeak kutsatzaile horien iturritzat. Ozono troposferikoa bigarren mailako kutsatzaile bat da, kutsatzaile aitzindariek eragiten dutena; zehazki, nitrogeno oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek, bat egiten dutenean. Udan agertzen da ozono troposferikoa, batez ere, aitzindari horiei tenperatu handiak eta eguzki erradiazioak eragiten dietenean.

Airearen kutsadurak gizakien osasunari eragiten dio, zuzenean. Munduan, hiru milioi pertsona hiltzen dira urtean, kutsaduraren ondorioz. "Espainian 25.000 pertsona hiltzen dira urtean airearen kalitatearen ondorioz; osasunaren esparruan, gainera, gastuak eragiten ditu kutsadurak: 32.000 milioi euro urtean, Espainian", azaldu du Nabaskuesek.

Airearen kalitatearena ez da oraingo arazoa Nafarroan. Ekologistak Martxan taldeko kideak azken hamar urteotan aritu dira, gutxienez, egoera salatzen. Batez ere, Erriberan, han eskualdearen orografiak larriago bilakatzen baitu kutsaduraren arazoa. "Kutsatzaileak bertan gelditzen baitira". Tuterako Udaleko agintariek ere bat egin dute ekologisten kezkarekin. Adierazpen instituzionala onartu berri dute Nafarroako Gobernuari eskatzeko airearen kalitatea hobetzeko plana martxan jar dezala lehenbailehen.

Nafarroako Gobernuak ez dio erantzun Tuterako Udalari, oraindik ere. Asmoa dute herriko agintariek gobernuko arduradunekin bilera eskatzeko, auzia jorratzeko. Ekologistak Martxan taldeak eskaera bera egin zion gobernuari, eta erakunde horrek jaso du erantzuna. "Ezezkoa eman digute", azaldu du Nabaskuesek.

Nafarroako Gobernuak, hain zuzen ere, mezu bat nabarmendu du ekologistek egindako txostena zabaldu eta gero: "Legeak ezarritako mugak betetzen dira herrialdean, ozono troposferikoaren kasuan eta Erriberan izan ezik".

Javier Verak erran ditu azken hitz horiek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen eta Klimaren Aldaketaren Zerbitzuko teknikaria da. Onartu du legeak agintzen duela airearen kalitatea hobetzeko planak egin behar direla kutsatzaileek legez ezarritako mugak gainditzen dituztenean. Nafarroako Gobernuak planik ez du egin, ordea. "Ez dugu esku hartzeko tarterik; ezin gara eraginkor izan, Erriberari eragiten dioten kutsatzaileak Nafarroatik at sortzen ahal direlako". Hori dela eta, gobernuak Espainiako Ingurumen Ministerioari "plan orokor bat" osa dezala eskatu diola azaldu du Verak.

Nabaskuesek ez du erantzun hori ontzat eman. Ezta Olga Risueñok ere. Tuterako Udaleko Ingurumen zinegotzia da Risueño, eta uste du gobernua bere ardura "bazter" uzten ari dela. "Espainiako Gobernuak plan bat osatu arte zain egon behar badugu, ez diogu inoiz helduko arazoari", erran du zinegotziak. Nafarroako Gobernuak zerbait egin behar duela eta zerbait egin dezakeela berretsi du Risueñok, eta bat egin du Nabaskuesek ere.

Castejongo zentralak

"Eredu aldaketa behar dugu". Horixe nabarmendu du Nabaskuesek, eta kutsaduraren arazoa egungo garapen ereduarekin lotu du, argi eta garbi. Castejongo zentral termikoen auzia jarri du mahai gainean Ekologistak Martxan taldeko kideak. Azpiegitura horiei buruz, hain zuzen ere, Erriberako ozono troposferikoarekin ez dutela zerikusirik azaldu du Javier Verak. "Azken urteotan ia geldirik egon dira, eta ozonoaren arazoa ez da desagertu". Hori egia dela onartu du Nabaskuesek. Argi du zentralak ez direla ozonoa eragiten duen kutsadura iturri bakarra. "Denak eragiten du, halere; zentralek ere bai". Iruñeko industrian sortzen den kutsadura, trafikoarena, eta Zaragozaren eta Logroñoren (Espainia) gisako hiriek eragiten dutena pairatzen dute Erriberan, Nabaskuesek gaineratu duenez.

Iritzi horrekin bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek. Castejongo zentralen kontrako plataforman aritu da urte luzez. Argi du azpiegitura horiek martxan jarri izanak "burbuila energetikoarekin" duela lotura. "Gobernuak dio Erriberako ozonoa ez dutela Castejongo zentralek eragiten; ahaztu egiten zaigu aipatzea Errioxan [Espainia] badirela beste bi; ez da zabaltzen, halaber, Castejongo zentralak ireki zituztenetik nabarmen egin duela gora Nafarroan nitrogeno oxidoen kopuruak".

Nabaskuesek eta Risueñok bezala, ikuspuntu orokor baten beharra nabarmendu du Lorentek ere. Kutsatzaileak alde batetik bertzera mugitzen direlako eta hemengoek eta hangoek han eta hemen eragiten dutelako. Horrek ez du erran nahi, ordea, Nafarroak neurriak hartzeko modurik ez duenik. Horixe nabarmendu dute hirurek.

Batetik, informazioaren auzia aipatu dute. Alde horretatik, "kutsatzaileen eta kutsatzaile horien iturrien inguruko azterketa sakona" eskatu du Tuterako Udaleko zinegotziak. "Jakin beharko genuke zer motatako industriak ditugun, eta zer motatako kutsatzaileak eragiten dituzten; aztertu beharko dira klima, orografia eta kutsaduraren arazoari eragiten ahal dioten gainerako elementu guztiak", erran du Risueñok.

Datuak jasotzeko estazioek duten garrantzia aipatu du, bertzalde, Nabaskuesek. Lorentek gogoratu du garai batean Castejongo zentralen inguruko airea aztertzeko zeuden bi estazioak "hondatu" egin zituztela. Egun, Nafarroa osoan airearen kalitatea kontrolatzeko bederatzi estazio daude: hiru daude Iruñean, eta bana Lesakan, Altsasun, Erriberrin, Zangozan eta Funesen. "Tuteran ere badago bat", erantsi du Verak.

Baieztapen hori ez dela zehatza erantzun du Nabaskuesek, ordea. "Bai, udalerri barruko eremu batean dago, baina hirigunetik kanpo, landa eremu batean". Hori dela eta, hain zuzen ere, Ekologistak Martxan taldeak, bai eta Tuterako Udalak ere, Tuterako erdigunean bertze estazio bat jar dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

Estazioek jasotzen duten informazioaren berri zabaltzeko galdegin diote gobernuari, gainera. Nafarroako Gobernuak webgunea du airearen kalitatearen berri emateko: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Calidad+del+aire/. "Estazioek orduro jasotzen dituzte datuak, eta datu base batera igortzen dute informazioa. Webgunean herritarren esku jartzen dugu informazio hori", azaldu du Javier Vera gobernuko Ingurumen Departamentuko kideak. Nabaskuesek argi du hori ere ez dela nahikoa. "Informazio kanpaina eraginkorragoak behar ditugu, herritarrak ohartarazteko mugak gainditzen direnean".

Autoa "etsai"

Garapen ereduari buelta ematen hasteko bidean urratsak proposatu dituzte ekologistek. "Argi dago etsai nagusietako bat autoa dela", erran du Ekologistak Martxan taldeko kideak. Alde horretatik, hirietan bizikletaren erabilera bultzatzeko neurriak eskatu ditu. Bat egin du Risueñok. "Ausardiaz jokatzeko ordua da", erran du.

Erregai fosilak atzean utzi eta energia berriztagarrien aldeko apustua jarri dute ekologistek, laburbilduz, mahai gainean. Nabaskuesek zalantza du, ordea, gobernuak bide horretan urratsak eginen ote dituen. "Volkswagenek hemen duen indarra kontuan hartuta, zail ikusten dut", erran du, ezkor.

Lorentek ere gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera: "Aurreko gobernuaren energia eredu bera du oraingoak ere; industria ekoizpenerako eta garapenerako eredu bera", salatu du. "Aurreko gobernua baino arriskutsuagoa da oraingoa, aldaketaren inguruko irudia saltzen duelako, baina aldaketa hori ez da gertatu".

Bakterioak txorrotan

E. Elizondo

Airearen kalitatea txarra, eta txorrotako urean bakterioak. Cintruenigon esku hartu zuen joan den astean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, txorrotako urean bakterio koliformeak antzeman eta gero. Zehaztutako protokoloa martxan jarri zuten, eta ostiralean, hilaren 10ean, konpondutzat jo zuen arazoa Nafarroako Gobernuak.

Herritarrek hainbat egunez ezin izan zuten txorrotako ura edan. Bakterio koliformeak ohiko azterketa batean aurkitu zituzten. Tarteka uraren laginak hartzen dituzte, analisiak egiteko. Maiatzaren 31koan, teknikariak ohartu ziren legeak ezarritako mugak gainditzen zituela bakterio koliformeen kopuruak: 100 mililitroko 201 baino gehiago. Kopuru horrek "osasun arriskua" ekartzen zuela ikusita, txorrotako ura edatea debekatu zuen Nafarroako Gobernuak.

Hilaren 9an, lagin berriak hartzera joan ziren osasun publikoaren institutuko arduradunak herrira. Gainera, Cintruenigoko Udaleko agintariekin batera, ur hornidurarako sarea eta biltegia aztertu zituzten, kutsaduraren iturburua non zen zehaztu ahal izateko. Bi puntutan antzeman zituzten bakterioak sarean, bai eta ur biltegiaren irteeran ere. Ura garbitzeko neurriak hartu eta gero, analisiak egin zituzten berriz ere hainbat tokitan hartutako laginekin. Duela astebete jaso zituen gobernuak emaitzak, eta ontzat jo zituen. Ondorioz, txorrotako ura edateko baimena eman zuen, berriz ere.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Maria Jose Perez Jarautak nabarmendu du herriko ura garbitzeko sistemak huts egin duela. Ondorioz, neurriak har ditzala eskatu dio Cintruenigoko Udalari.

Tuterakoa "txarrenetakoa"

Bakterioek eragin dute Cintruenigoko arazoa. Txorrotako uraren kalitatea arazo bat da, hala ere, Erriberako bertze hainbat herritan ere. Horixe salatu du Uraren Kultura Berria fundazioak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Erakunde horretako kide Fito Jimenezek nabarmendu du Tuterako txorrotako ura dela Nafarroako "txarrenetakoa". "Edateko ona da, eta legeak ezarritako baldintzak betetzen ditu, baina herrialdeko txarrenetakoa da".

Egoera "larria" dela azaldu du Jimenezek: "Hainbat analisitan minbizia eragiten duten herbizidak antzeman dituzte; eta horiek ez dituzte araztegiek desagerrarazten".

Arazoak ez dio bakarrik Tuterari eragiten; Ebroko ura kontsumitzen duten bertze hainbat herriri ere bai. "Ebroko eta ibai horren ubideetako ura kontsumitzen dute Tuterak, Fontellasek, Castejonek, Cabanillasek, Fustiñanak eta Funesek, eta guztietan dute arazo bera; herri horiek dira, hain zuzen ere, botilako ur gehien kontsumitzen dutenak", azaldu dute Uraren Kultura Berria fundazioko kideek.

Uraren kalitate txarra nabarmenagoa da udako hilabeteetan, Jimenezen hitzetan. Fundazioak hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean arazoari aurre egin ahal izateko. Eraginkorrena litzateke, erakunde horren aburuz, Queiles ibaiko eta El Ferial urtegiko ura erabiltzea udan, eta, neguan, berriz, Ebrokoa. Hala erantsi du Jimenezek: "Ona litzateke, gainera, uraren kudeaketarako sistemak bateratzea, Erribera osorako mankomunitate baten bidez, adibidez".

Herri ekinbideak, lehiaketa publikora

Herri ekinbideak, lehiaketa publikora

Asier Garcia Uribarri

Gaztetxetik gaztetxera. Lelo hori erabili dute Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideek Compañia kaleko eraikinetik Caparrosoko txaletera doazela ospatzeko. Hau da, udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker gune egonkor bat izango dutela ospatzeko. Hala ere, leku aldaketa ez da behin betikoa. Joxe Abaurrea Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotziak adierazi duenez, heldu den ikasturtean lehiaketa publikora deituko dute eraikinaren kudeaketa emateko. "Espazio hori gazteentzat izango da. Hori kontuan hartuta, edonor aurkeztu daiteke".

Berri horrek "ezustean" hartu ditu Oihana Idoate eta Marc Fernandez gaztetxeko kideak. Fernandez udalarekin bilera egin duten gaztetxeko kideetako bat da. Haren arabera, lehiaketaren gaia "gainetik aipatu" baino ez du egin udalak, eta prozesu osoan izandako jarrera salatu du: "Udalak beti hartu ditu erabakiak bere kabuz. Leku aldaketa onartu genuenean, berehala publikatu zuten prentsan nolakoa izango zen akordioa eta udal teknikariak egongo zirela bertan. Prentsaurreko bat egin behar izan genuen hori gezurtatzeko. Espazioaren inguruko akordioa lortu genuelako, ez erabilerari buruzkoa". Oraindik ez dute batzarrean lehiaketaren inguruan hitz egin, baina Idoatek eta Fernandezek ez dute begi onez ikusten. "Ezin dira herri ekinbideak lehiaketa publikora atera. UPNk Jai Gunearekin egiten zuen gauza bera da".

Gazteek abenduan okupatu zuten Compañia kaleko eraikina, eta, ordutik, udalarekin eginiko negoziazioek luze jo dute. "Luzeak eta nekagarriak izan dira negoziazioak. Udalarekin akordioa onartu genuenean, esan ziguten astebetean lokal berria izango genuela. Baina, azkenean, hilabeteak izan dira", azaldu du Fernandezek. Idoateren arabera, negoziazioek barne mailan ere asko eragin diete. "Eztabaidak etengabe errepikatu behar genituen, egoera aldatzen zelako. Horrek asko erretzen du jendea, bereziki negoziazioetan aritu direnak".

Gazteek adierazi dute bizitako negoziazio prozesuak baieztatu egin dituela euren hasierako tesiak. "Gure helburua udalarekin hitzarmena egin eta espazio bat lortzea zen. Okupazioa presio neurri bat baino ez da izan, espero genituen traba legal eta burokratikoak saihesteko". Euren arabera, legeriak interes batzuei erantzuten die, eta uste dute herri mugimendua ezin dela horren zain egon. "Legeriari so baldin bagaude, blokeatuko gaituzte. Guk lokala behar genuen, eta biderik zuzenena hartu genuen. Ez genuen beste leku batzuetan bezala urteak zain egon nahi".

Idoatek eta Fernandezek azaldu dutenez, gaztetxeak hiru funtzio nagusi bete ditu. Alde batetik, auzoko gazteentzako erreferente berri bat dela diote, "taberna eta etxabetatik harago". Bestetik, auzoko herri mugimendua batzeko aukerak sortu ditu. "Kolektibo bakoitza bere lokalean zegoen, besteak beste, feministak Txoko Feministan, internazionalistak Zabaldin eta auzo elkartekoak Auzoenean. Gaztetxeak errealitate horiek batzeko balio izan du". Azkenik, gaztetxea sorkuntzarako toki gisa ere definitu dute. "Dinamika, borroka eta iniziatiba ugari sortu dira gaztetxean: besteak beste, euskara eskolak, talde feminista, bertso eskola, gimnasioa eta antzerki taldea".

Auzoarekin harremana

Alde Zaharra aberatsa da herri mugimenduetan, eta, gaztetxeak sei hilabeteko ibilbidea baino ez badu ere, bere tokia hartu du. AZ ekinbidea auzoko herri mugimendua batzeko ekinaldia da. Toni Iragik bertan parte hartzen du, eta gaztetxearen jarduna begi onez ikusten du. "Euskal Jai desagertu zenetik, behar bat zegoen auzo honetan, eta gaztetxe berria hori betetzeko sortu da". Gaztetxeak AZ ekinbidearekin bat egin du, sortzen ari diren auzo eredu berrian gazte ikuspegia txertatuz.

Gaztetxeko kideek adierazi dute ez dutela arazo berezirik izan auzokideekin. "Zarata izan da auzokideen beldurretako bat. Alde Zaharra oso masifikatua baitago. Horregatik, neurri zehatzak hartu ditugu: besteak beste, kontzertuak 21:00etan eta pintxo-poteak 22:30ean bukatu ditugu".

Sei hilabeteko ibilbidea du gaztetxeak. Bidean negoziazio luzeak eta hamaika ekinbide sortu dituzte. Orain, lokal berrian proiektuan sakontzen jarraituko dute. Arazo burokratikoek jarraituko badute ere, bihar gaztetxe berria zabalduko dute.

Eraberritzeko erronka

Eraberritzeko erronka

Asier Garcia Uribarri
Nola zabaldu museoa ohiko publikotik harago? Hori ari dira planteatzen Nafarroako Museoan, haren 60. urtemugan. "Ulertzen dut museoak erakunde estatiko gisa ikustea jendeak. Ondarea babesteko betebeharra duten gune kulturalak bait...