Nafarroa

Koldo Leoz: “Parte hartzea garrantzitsua da, herritarrek udalean agindu behar dutelako”

Koldo Leoz: “Parte hartzea garrantzitsua da, herritarrek udalean agindu behar dutelako”

A.G.U.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeek Nafarroako mapa politikoa zeharo irauli zuten. Udal askotan aldaketaren alderdiak deiturikoek gobernu akordioak egin dituzte. Lizarran urteetan UPNk eta PSNk boterea partekatu ostean, boteretik kanpo geratu dira EH Bilduk, Geroa Baik eta Orain Lizarrak koalizio gobernua osatu dutelako. Lehen hilabete hauetan hiria biziberritzeko lan handia egiten ari direla azaldu du Koldo Leoz alkateak (Iruñea, 1979), Lizarra "nahiko geldi" aurkitu dutelako.

Nolakoak izan dira gobernuko lehen hilabete hauek?

Errazak eta zailak aldi berean. Errazak udaleko langileek asko lagundu gaituztelako, eta gobernu taldean gauden hiru taldeen artean elkarlana eta adostasuna nahiko handia delako. Hala ere, zailak ere izan dira, hiria nahiko geldi aurkitu dugulako. Lan piloa dago egiteko. Guztia martxan jartzeko, bilera mordoa egiten ari gara. Horregatik esaten dut lehen hilabeteak errazak eta zailak izan direla.

Zergatik diozu hiria geldo aurkitu duzuela?

Azken urteetan, ez dira gauzak berritu. Krisi garaian, errazera jo zuen aurreko udal gobernuak, besteak beste, zerbitzuak kendu, gaixoaldiak langileen artean bete zituzten, eta ez zuten jarduera ekonomikoetarako plan berezirik garatu. Egoera horrekin, hiriak ezin du aurrera egin.

Zer egiten ari zarete egoera hori aldatzeko?

Hilabeteak pasatu ditugu egoera aztertzen, eta orain plangintza bat egiten ari gara aurrera begira. Ez ditugu gauzak orain egin nahi jendeak zerbait egiten ari garela ikus dezan. Gauzak ongi egin nahi ditugu, egoeraren azterketa sakonak eginez eta plangintza adostuak sortuz. Noski, hori guztia aurrera eramateko dirua behar da, eta, orain, ez gaude egoera onenean. Horregatik, irudimena ere lantzen ari gara. Asko mugitu gara Lizarraren izena ahal bezain beste tokitan egon dadin. Bereziki, Nafarroako Gobernuarekin egin ditugu bilera piloa.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Lehenik eta behin nahi dugu herritar guztiek aseta izatea euren oinarrizko beharrak. Halaber, sustatu nahi ditugu industria, turismoa eta merkataritza. Konturatu gara ia ez zegoela harremanik udalaren eta merkatari eta enpresari elkarteen artean. Hori aldatu nahi dugu. Publikoaren eta pribatuaren arteko harremanak garatu nahi ditugu jarduera ekonomikoak pizteko. Potentzial handia duen hiria da Lizarra. Adibidez, duela gutxi Fiturren egon ginen, eta ideia asko jaso genituen.

Nola ari zarete sustatzen herritarren parte hartzea?

Aipatutako adibidearekin argi ikusten da udalak ez zuela harreman onik herriko elkarteekin. Aurreko legealdian lortu genuen parte hartze batzordea sortzea, baina ez zen bat ere garatu. Legealdi honetan, ordea, martxan jarri dugu. Lelo eta irudi bereziak sortu ditugu. Baita ekinbide zehatzak aurrera eraman ere. Hala nola euskararen kontseilua eta jai batzordea. Jai batzordean, herriko jai eta kultur eragile guztiak bildu ditugu. Parte hartzea garrantzitsua da, herritarrek udalean agindu behar dutelako.

Boterera heldu zinetenetik, polemika berezirik izan duzue?

Aurpegiratu diguten gauza bakarra da alkateak ez duela elizkizunetan parte hartzen. Uste dut lana ondo egiten ari garela. Ez dugu hausnartu gabeko urratsik egiten.

Euskarak badu hitza Lizarran

Euskarak badu hitza Lizarran

Asier Garcia Uribarri
Hilaren 13an, larunbatarekin, hamazortzi lagun bildu ziren Lizarrako kultur etxean. Gehienak elkarren ezagunak, baina sekula ez ziren guztiak mahai beraren inguruan bildu. Euskararen kontseiluaren lehen bilera zen. Bi urte dira Li...

Iritzia: Korapiloak

Lur Albizu Etxetxipia

Korapilo bat. Horrelako zerbait hasi zitzaidan sortzen eta garatzen sabelean. Hazten joan da azkeneko asteotan.

Izanen da agian Erregimenarekin ez zegoela korapilorik, elkar ezagutzen genuela eta haiek ere nolakoak ziren ederki genekiela; neurria, pixka bat bada ere, hartua geniela. Baina oraingoan korapiloari bueltak eta bueltak ematen jarraitu dut, lortu dudan bakarra hark eztarriraino salto egitea izan da. Mutu geratu naiz, eta lehengo oihuak ito egin zaizkit hor bertan. Bai, shock egoeran utzi gaitu guztiak. Baina ezin gara askoz gehiago horrela egon.

Zein erraza den progrea eta ezkertiarra izatea, aldaketaren aldekoa. Justizia soziala, berdintasuna, gardentasuna, umiltasuna bezalako hitzekin ahoa betetzea. Oso erraza da pribilegioak ukitzen dizkizuten arte. Hori izaten da zaila. Ezkertiarra izatea, guztiok aurrera egitea ahalbidetzeko; ezkertiarra izatea, zuk zeuk dituzun pribilegio batzuei uko egin eta pauso bat atzerantz emateko. Hitzak asko izan daitezke, baina ekintzek dute hemen pisua. Ekintzek dituzte ondorioak.

Horrela izan ditugu euskaldun eta euskaltzaleentzat korapiloa, kolpea, zaplaztekoa izan diren bi berri (behintzat): Lan Eskaintza Publikotik euskarazko ehun eta hogei lanpostu kentzea (azkar esaten da, e?) eta zerrenda bakarra ez egotea (guztiok jakina baita edozein hizkuntza jakitea meritua dela, hizkuntza hori euskara ez baldin bada, noski), batetik. Podemos Pamplonak (zu zara, Oscar Fresán? Norbait gehiago al dago zurekin? Zenbat zarete? Zein dira zuen lagunak? Oscar, zer egiten zenuen aurreko asteko udaletxe plazako elkarretaratzean?) bi haur eskola euskaraz ezartzearen aurka egindako adierazpen lotsagarri eta ezjakinak, bestetik.

Korapiloa estututa. Bi aferak benetan lotsagarriak eta etsitzekoak.

Luzaroan Erregimenaren lagun-min izan diren sindikatuak jo eta fuego lanean, ehun eta hogei lanpostu pikutara bidaltzeko. Ehun eta hogei lanpostu. CCOO, UGT, AFAPNA: ehun eta hogei lanpostu bota dituzue atzera. Ehun eta hogei pertsona (ez dira zenbakiak). Baina zuek ohituta zaudete. Zorionak. Eta azkenean, hilabeteak atzera eta aurrera ibili eta gero, dena betiko puntura, UPNrenak diruditen oposizioak (Mendoza jauna, aipamen berezia merezi duzu gaurkoan).

Orain arteko egoera bidegabea hobetzen saiatzeko erabakia, bi haur eskola gehiago euskaraz Iruñean. Banatuago. Eskaria oraindik bete gabe, baina bidean. Zorionak udalari, korapiloari arnasa pixka bat emateagatik. Korrontea kontra dugu, baina gatazkan egoteak ere bere alde onak izanen ditu, ala? Zerbait mugitzen den seinale, pribilegiodunak mugitu behar diren seinale. Aurrera goaz.

Korapiloa estutzen jarraitzen duzuenei, bidean harriak —eta harritzarrak- jartzen dituzuenei, zuen pribilegioak betikotzen jarraitu nahi duzuenei, faborez, umiltasun pixka bat. Gure hizkuntza ez da museo bateko pieza. Ez da arkeologia (batzuek badakite aztarnak ongi ezabatzen), ez da hizkuntza hila. Ez da polita, ez itsusia ere. Erabiltzen den hizkuntza da. Erabiltzen dena, ez eskaparateetako apaingarria. Bizirik dago. Euskarak badu eskubidea aurrera jarraitzeko. Eta jarraituko du, kosta ahala kosta. Zuekin ala zuek gabe. Herritar asko dituzue pausoa noiz emanen duzuen, zain.

Isildutako galderak, nahitako ahanztura

Isildutako galderak, nahitako ahanztura

Edurne Elizondo

Badira 80 urtez existitu ez diren errealitateak. Inork ez dituelako kontatu. Inork ez dituelako kontatu nahi izan. Bideko Mitxingorria memoriaren aldeko herrien koordinakundeko kide Javier Aiapek (Kaseda, 1955) urtarrilean ezagutu zuen horietako bat. "Gizon baten deia jaso genuen. Ez zigun izena erran nahi izan. Ez zigun erran non bizi den. Deus ez. Hil aurretik, 1936an Esan ikusi zuena kontatu nahi zuela; bertzerik ez". 8 urteko mutiko bat zen gizon hura, duela 80 urte. Esako errepide zaharreko bigarren tunelaren ondoan zegoela, kamioi bat agertu zitzaion bidera. "Igo egin zuten. Hamar gizon eta emakume bat ikusi zituen, denak eskuak lotuta. Banaka jaitsi, eta buruan tiro eginez hil egin zituzten, haren aurrean". Hiltzaileetako batek 8 urteko mutikoari erran zion herriko alkatearengana joateko, gertatu zenaren berri ematera. "Jacara joan behar zutela erran zioten, eta handik bueltan, sarraskirik ez zutela ikusi nahi han".

Esako mutikoak ezin izan du ahaztu. Baina, 80 urtean, inori ez dio kontatu, orain arte, 8 urteko ume bat zenean zer ikusi zuen. Zer bizi izan zuen herri ondoko zelai hartan. "Oraindik bada ahanzturatik zer atera". Hori uste du Aiapek. Badela zer ikertu, zer galdetu, zer salatu. Eta hori egin du Fernando Mikelarena historialariak (Bera, 1962) Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores izenburuko liburuan (Pamiela, 2015).

500 orri baino gehiagoko lana da. Mardula eta gogorra. "Liburu hau kolpe moral, politiko eta etiko handia da Nafarroako gizartearentzat", nabarmendu zuen Mikelarena historialariak, aurkezpenean. Goitik behera irakurri du Aiapek. "Gisako bat behar dugu herri bakoitzean", erran du. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide Orreaga Oskotzek (Iruñea, 1964), berriz, Mikelarenaren ausardia nabarmendu du. "Liburu ausarta da". Jakin-min handiz irakurri duela kontatu du Oskotzek. Liburuak ez dielako biktimei erreparatzen; biktima horien hiltzaile izan ziren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei baizik. "Agerian uzten du zenbaterainokoa izan zen gertatua; zenbaterainokoa izan den zigorgabetasuna".

Isidoro Egia Olaetxearen biloba da Orreaga Oskotz; aitatxi zuena eta haren hiru anaiak hil zizkioten, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz. "Aitatxia eta haren anaia Bautista Zizurren dira lurperatuak, bertze bi pertsonarekin batera. Beti jakin izan dugu; gorpuak lur azpitik ateratzeko bidean gara, azkenean".

Iazko maiatzean, Nafarroako Parlamentuan hartu zuen hitza Oskotzek. "Hemen ez da inoiz kontatu zenbaterainokoa izan zen egin zutena; bizilagun batzuek bertze hainbat atera zituzten beren etxeetatik, eta erabateko zigorgabetasunez, hil egin zituzten. Inori ez zaio horren inguruko erantzukizunik eskatu", erran zuen egun hartan.

Hitz horiei eutsi die. Eta Mikelarenaren liburua irakurri eta gero, lehendik uste zuena berretsi baino ez du egin. "Nola da posible norbaitek Nafarroan gertatu zenaren berri ez izatea?". Hori ezinezkoa dela argi du Oskotzek. "Ez dira gauza bera ez jakitea eta jakin nahi ez izatea", nabarmendu du. Mikelarenaren liburuak galderak egiteko balioko duela espero du Oskotzek. Nork bere etxean aurreko belaunaldiek egin zutenari buruz galdetzeko bidea zabalduko duela.

Mikelarenak 1936ko altxamendu militarraren ondotik batere errukirik izan ez zutenei egin die so bere liburuan. Garbiketa politikoa egin zutenei. Eta hainbat ardura mota bereizi ditu: "Lehen mailan dira agintari militarrak". Erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu ditu bigarrenean, eta, hirugarrenean, berriz, "bertzeak hiltzeko prest" zirenak. Heriotza eskuadroiak osatu zituztela azaldu du historialariak; Iruñeko Aguila eta Tuterako Escuadra Negra, adibidez. Baina bada arduradun gehiago, Mikelarenaren hitzetan: "Laguntzaile anonimo haiek guztiak". Altxamenduaren ondotik, Oskotzek erran bezala, bizilagunaren aurka egiteko prest agertu ziren haiek.

Hamaika artxibotan aritu da arakatzen Mikelarena azken liburua osatzeko. Lan horri buruz, memoria historikoaren esparruan idatzi direnen artean "argiena" dela erran du Arcadio Ibañezek (Miranda Arga, 1937), gertatu zenari buruzko kontakizuna bere gordinean agertzen duelako egileak. "Sumatu dut hasi garela beldurra galtzen. Urte luzez egon naiz ni neu hitz egin gabe. Eta bada hitz egiteko garaia", onartu du.

Izen bereko aita hil zioten Ibañezi, 1936ko altxamenduan. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kide da. Aspaldi hasi zen bera lanean, gorpuekin batera betiko lurperatu nahi izan duten memoriaren alde. "1978. urtean, Jose Maria Jimeno Juriorekin joan nintzen espetxeko artxibora. Sartzen utzi ziguten. Gogoan dut Jimeno Juriok erabateko jakin-minez egiten ziela so paperei; nik etsita hartu nituen. Hamaika pertsonaren berri ematen zuten, baina han sartu eta handik atera zituztela bertzerik ez zuen jartzen".

Haren aita Zaragozako kartzelara eraman zuten. "Atxilotu eta handik bi egunera ama joan zen haren bila, baina ez zen jada aitaren arrastorik. Ez dugu bertze deus jakin inoiz". Artxiboetan ez zituen aurkitu Ibañezek bilatzen zituen erantzunak. Herrian ere ez. Ezta etxean ere, anitzetan. "Hainbat senidek ere nahiago izan dute 1936an gertatu zenaz ez mintzatu; iragana bakean utzi behar dela diote". Ez da iritzi berekoa Ibañez. 1978. urtean, fusilatuen gorpuak lur azpitik ateratzeko lehen urratsak egiten hasi zirenean, horren alde lanean aritu zen jada.

"Programatutako ahanztura da hemen duguna". Horixe nabarmendu du Carlos Martinezek (Sartaguda, 1950). Bideko Mitxingorria koordinakundeko kide da, bai eta hainbat fusilaturen senide ere. "Amak inoiz ezin izan zuen ahaztu nebei egin zietena". Etxetik atera eta fusilatu zituzten. 1936an gertatutakoei buruz, baina, sukaldeetan mintzatzen zirela azaldu du Martinezek. "Ez jendaurrean". Eta horrek ekarri du memoriaren soka moztea. "Nik etxean ikusi dut; nire anaiek ez zuten gertatu zenaren berri; gertatu zen hori isilpean gorde nahi izan delako".

Jakin nahi izatea

"Kontua ez da ez dakigula; jakin nahi ez dugula baizik". Berretsi egin du Oskotzek aurretik errandakoa, Martinezi erantzuteko. Duela bi urte gertatutakoa gogora ekarri du hori azaltzeko: "Lagun batekin joan nintzen Iruñeko Alde Zaharrera, hainbat gauza erostera; laguna konturatu zen hainbat dendatan ez nuela sartu nahi. Zergatik ez nuen nahi galdetu zidan, eta beti egin baina hitzez aurretik inoiz azaldu ez nuena kontatu nion: denda batekoak hil zuelako aitatxi; bertze batekoak jendea nola fusilatzen zuten ikustera joaten zirelako... Jendeak ez du ahaztu. Ezin da ahaztu gertatu zena. Ezin dugu erran ez dakigula".

Jasotakoa bere baitan zuen Oskotzek. Memoria. Eta bere seme-alabei eman die. "Zuk egin duzu ahalegin hori, eta zure seme-alabek jaso dute zure memoria, baina gazte anitzek ez dakite deus", erran dio Martinezek Oskotzi. Hainbat ikastetxetan ibili zen Martinez bera, Sartagudan fusilatuen omenez egindako memoriaren parkearen inaugurazioaren harira, eta hori sumatu zuela nabarmendu du: "Jakin-minez entzun zituzten errateko genituenak; interes handiz; baina ez zekiten hemen zer gertatu zen".

Herrietan biktimak eta biktimarioak gelditu ziren. Elkarrekin. Eta horrek erabateko isiltasuna ekarri zuen. Horixe nabarmendu du Aiapek. "Gure herrian 52 hil zituzten; zenbat zaurituko zituzten?, zenbat torturatu?, zenbat jendek parte hartu zuen hori egiteko? Zenbaitetan, herri osoak esku hartzen zuen errepresioan". Gehiago erran du Ibañezek: "Ezker eta eskuin, biktima eta biktimario, denak egon gara elkarrekin herrietan. Familien baitan mozala jarri diogu elkarri, familia berean biktimak eta biktimarioak izan ditugulako".

Bat egin du Mikelarenak, eta onartu du liburuan jasotako erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileen zerrenda, segur aski, motz gelditzen dela. Lan horrek egin duen ahalegina eskertu dute, halere, senideek. Martinezek karlistei buruz jasotako informazioa nabarmendu du. "Nafarroako Karlisten Gerra Batzorde Nagusiari buruz, adibidez, hamaika datu eman ditu; argi dago eskura dauden agiriak ez direla batzorde horri buruz egon beharko luketen guztiak, baina ez dut uste inork gordeko zituenik".

Ez da horrekin ados historialaria. Eta eman du bere arrazoia: "Hainbertze krimen egin zituztenez, hainbertze jendek parte hartu zuenez, gauzak nola amaituko ziren jakin gabe, ziur naiz baten batek informazio hura gordeko zuela, babes gisa". Bilatzen jarraitzeko prest da Mikelarena, baina argi du asmo horrek ez diola batere mesederik egiten bere lan akademikoari. Historian doktore da, eta Zaragozako Unibertsitatean irakasle. Sin piedad liburuari buruzko artikulua argitaratu nahi izan du aldizkari espezializatu batean, baina atzera bota diote. Ezezko horren giltza gaiak duela argi du Mikelarenak.

"Hamaika artxibotan ikertu eta gero egindako lana da hau; sekulakoa; Nafarroako etxe, ikastetxe eta liburutegi guztietan egon beharko luke, baina ez da hala izanen". Horixe uste du Aiapek, eta zuzen dela onartu du Mikelarenak. Gaia da gakoa, berriz ere. Historialaria argi eta garbi mintzatu da: "Nafarroan, oraindik ere, ez da egin zuten garbiketa politikoari buruzko eztabaida publikorik egin". Bat egin du Martinezek. "Ez dago eztabaida sozialik; memorian ari garenok ez dugu hori lortu, eta trantsizioak bere memoria edo, hobeki erranda, bere ahanztura inposatu zuen. Iraganeko kontua dela dioen mezua nagusitu da; baina hau giza eskubideen inguruko auzia da".

Sarraski itzel baten ondorio

Ahanztura horren aurka egin nahi izan du Mikelarenak bere liburuarekin, hain zuzen ere. Eztabaida piztu; zalantzarik gabe nabarmendu du egungo Nafarroa nekez uler daitekeela 1936an gertatu zena kontuan hartu gabe. "Egungo Nafarroa sarraski itzel baten ondorio da; hori kontuan hartzen ez badugu, nekez ulertuko ditugu frankismoaren urteak, trantsizioa edo egun dugun gizartea. SOE eta UGT erabat deuseztatu zituzten; suntsitu zuten, guztiz, ezkerreko errepublikazaletasuna. Hori ulertzen ez badugu, egungo Nafarroa politiko, sozial, ekonomikoa hortik datorrela, ez dugu deus ulertuko".

Bere egin du bilatzeko lana

Bere egin du bilatzeko lana

E. Elizondo
Lan handikoak izan dira azken hilabateak, Nafarroan, Aranzadiko kideentzat. Abenduan, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz fusilatutako zazpi pertsonaren gorpuak aurkitu zituzten, Iberon. Urtarrilaren 31n, berriz, Ezkabako gotorlekuko es...

Nerea Perez Ibarrola: “Harreman espazioak sortu, eta zeudenak bere egin zituzten langileek”

Nerea Perez Ibarrola: “Harreman espazioak sortu, eta zeudenak bere egin zituzten langileek”

Edurne Elizondo

Hamaika greba eta protesta egin zituzten Iruñeko langileek 1970eko hamarkadan. Borrokaren orduko eztanda ulertzeko, atzera egin du Nerea Perez Ibarrola historialariak (Iruñea, 1984), eta 1956tik 1976ra bitarteko epean gertatu ziren aldaketak aztertu ditu bere tesian.

Trantsizioa aztertzeko asmoa zenuen, baina denboran atzerago egin duzu, azkenean. Zergatik?

1956-1976 denbora tarteko langileriari buruzko lana egiten hasi nintzen, doktoretza ikastaro baten harira. Trantsizioari buruzko tesia egiteko baliatzea zen asmoa, baina konturatu nintzen tesi baterako mamia bazela hor ere. Jakin nahi nuen 1970eko hamarkadako langile mugimendua nola sortu zen. Atzera egiten hasi nintzen, gertatu ziren prozesuak aztertzeko.

Frankismoan gertatutako prozesuak izan ziren.

Hala da. Ikertzen hasi, eta ikusi nuen 1951n eta 1956an bi greba orokor egin zituztela Iruñean. Txantrea ere, langileen auzo den hori, orduan hasi ziren eraikitzen. 1950eko hamarkadan langileria bazela ohartu nintzen. Fabrikak gero eta garrantzitsuagoak ziren Iruñean garai horretan. Gerora industrializazioaren motore izanen ziren lantegiak hamarkada horretan hasi ziren sortzen.

Zer-nolako urratsak egin ziren 1950eko hamarkadan?

Orduan hasi zen langile identitatea sortzen. Frankismoak aurretik zegoen mugimendua erabat suntsitu zuen, eta errepresioaren bidetik jo zuen. Ez zegoen greba egiteko eskubiderik, eta langileak erregimenaren erakundeen barruan gelditu ziren. Langileak haien langile identitatea garatzeko esparrurik gabe gelditu ziren. Baina gai izan ziren, baziren hainbat esparru horretarako erabiltzeko, eta berriak sortzeko.

Zeintzuk izan ziren esparru horiek?

Langile auzoak, adibidez. Iruñerrian sortutakoak aztertu ditut. Auzo horietan harremanetarako espazioak sortu zituzten langileek, eta lehendik zeudenak bere egin zituzten. Peñak, adibidez. Elkarrekin egoteko eta harremanak egiteko espazioak ziren. Parrokiek ere bete zuten rol hori auzoetan. Sareak osatu zituzten, eta auzo elkarteak sortuz antolatzen hasi ziren. Garrantzitsuak izan ziren langileen identitate hori sortzeko, halaber, Elizaren inguruko hainbat esparru.

Lagundu zuen Elizak?

Estatuan oso garrantzitsua izan zen langile mugimendu berri baten artikulazioan. Elizak bere esparru guztiei eutsi ahal izan zien. Egitura hori bazuen. Hierarkiak bat egiten zuen erregimenarekin, baina oinarrian bestelakoa zen egoera. Aldaketa izan zen, Vatikanoko II. Kontzilioarekin lotuta, batez ere. Aldaketa ez zen, oro har, Elizan gertatu, baina bai hainbat sektoretan. Auzoetako apaizak, adibidez, oso eragile garrantzitsuak izan ziren; herriarekin eta langileekin egin zuten bat. Elizarekin lotutako hainbat erakundek oso ongi funtzionatu zuten langileentzako esparru gisa. Errealitatea aldatzeko konpromisoa hartu zuten, eta konpromiso horrek eraman zituen militantziara. Ez da harritzekoa lantegietan sortutako lehen langile batzordeetako kideak erakunde horietako partaide izatea.

Diktaduraren testuinguruan, zer erantzun jaso zuten?

Gatazkak sortu ziren. 1956ko grebari, adibidez, errepresioarekin erantzun zion erregimenak; hamaika atxiloketarekin. Elizaren inguruko erakunde horien eta hierarkiaren arteko talkak ere izan ziren. Diktadurak berak, hala ere, ez zuen espero esparru horietatik halako mugimendua sortzea, nire ustez.

Aurrera egin zuen, ordea.

Bai. 1956tik 1958ra hamaika greba izan ziren estatuan, eta 1958an hitzarmen kolektiboari buruzko legea onartu zuten. Horrek, bere muga guztiekin, aukera eman zien langileei elkartzeko, lan baldintzei buruz hitz egiteko. Balio izan zuen aukerak sortzeko. Zirkuitu bat sortu zen, eta esparru ezberdinetan, auzoetan, lantegietan, Elizaren inguruko erakundeetan eta abarretan, esperientziak eta ideiak trukatu zituzten. Magma bat sortu zen, eta langileak hasi ziren errealitateari buruzko gogoeta egiten, eta aldatzen saiatzen. Nafarroa, frankismoaren testuinguruan, probintzia garaileen artean zegoen, eta 1970eko hamarkadan, halere, herrialderik gatazkatsuenetako bat izan zen, langile borroka oso errotuta zeukaten herrialdeen atzetik. Atzean dago gizartearen aldaketa, 1950eko hamarkadan mamitzen hasi zen aldaketa hura. Deus ez da hutsetik sortzen, baina 1950eko hamarkadan mamitzen hasi zena langile mugimendu berri bat izan zen.

1964. urtean industrializazio plana bultzatu zuen Nafarroako Diputazioak; zer ekarri zuen?

1960ko hamarkada horretan aurreko hamarkadan sortutako mugimendua sendotuz joan zen. Errealitate sozial berriak sortu ziren. Planak ekarri zuen diru laguntzak eta erraztasunak ematea industriak ezartzeko. Ikusten da Nafarroako industrializazioa bideratu zutela industria astunera, metalgintzara eta automobilgintzara. Sortzen den langileriak badu lotura, noski, industria mota horrekin. Fabrika handietako langileak dira nagusi. Asko izanda, errazagoa da mobilizazioak egitea, eta, aldi berean, gizartearen elkartasuna piztea. Hain handiak ez ziren lantegien rola ez dugu gutxietsi behar, halere.

Zeintzuk, adibidez?

Ona papergintza fabrika, adibidez. 1956ko greba hasi zuen Calzados Lopez lantegia ere bai. Bi horietan emakumeak ziren nagusi.

Zein izan zen emakumeen parte hartzea?

Kontuan izan behar dugu Iruñeko langile mugimendua egon dela, batez ere, Potasas, Super Ser, Imenasa eta orduko Authi enpresetan. Langileak, nagusiki, gizonak ziren. Baina enpresa horietako bulegoetan emakumeak baziren, eta haiek ere osatu zituzten batzordeak. Parte hartu zuten.

1950eko urteetan mamitzen hasi zen mugimenduak 1970eko hamarkadan egin zuen eztanda; erregimenaren kontrolari nola egin zion ihes?

Frankismoak, hasieran, ongi zekien nor zen nor; zer langile zegoen UGT sindikatuan, adibidez. Baina 1950eko hamarkadan belaunaldi aldaketa bat gertatu zen. Langile militante berriek ez zuten aurrekoen beldur bera. Beldurra bazuten, baina ez deus egin gabe gelditzeko adina beldurrik. Erregimenak, gainera, ez zituen hain ongi kontrolatzen. Elizaren inguruko erakundeetan eta sindikatu bertikaletan ere ari zirenez, esparru horiek haien alde erabiltzeko, erregimenaren kontrol horri ihes egin zioten. Norbait atxilotzen zutenean, bazen atzetik beste norbait ardura hartzeko prest. Denborak aurrera egin ahala, langileen aurkako errepresioak haienganako elkartasuna ere piztu zuen.

1970eko hamarkada hartan, zeintzuk izan ziren gatazka nagusiak?

Motor Ibericako langileei elkartasuna adierazteko greba orokorra egin zuten 1973an. Giltzarri izan zen. 1974ko udazkena ere beroa izan zen; greba asko egin zituzten. 1975ean, berriz, Potasaseko langileek egin zuten itxialdia. Langileriak bat egin zuen.

Zer gelditu da mugimendu hartatik?

Iragana miresteko joera dugu, eta ez da bidezkoa. Baina ikasi behar dugu harremanak egiteko eta sareak osatzeko garaian garaiko aukerak identifikatzen. Frankismoaren garaian gai izan baziren hori egiteko, zergatik ez dugu gaur eginen?

Ahaldundu, sistemaren eta estigmaren kontra

Ahaldundu, sistemaren eta estigmaren kontra

Edurne Elizondo

Hau idazten dudan bitartean, pentsatzen ari naiz pertsona ezezaguna naizela, eta, hala ere, liburu hau egiteak ondorioak izanen dituela niretzat; haietako zenbait ez dira atseginak izanen. Badakit neure larruan sentituko dudala buruko gaitzak eragiten duen arbuioa. Ez dut inoiz ezkutatu; ez dut inoiz ukatu; baina ez dut kartelik soinean eraman lau haizeetara zabaltzeko nahasmendu bipolarra dudala. Agian orain hori ari naiz egiten; mahaian kolpea jotzen, neure burua ezagutzeko. Agian egiten ari naizena da saiakera bat erokeriaren bat dudala uste dutenek, zehazki zer den jakin gabe, zerbait ikas dezaten auziari buruz".

Sergio Saldañak idatzitakoak dira aurreko hitzak, eta Tengo trastorno bipolar (Nahasmendu bipolarra dut) liburuan jaso zituen, 2013. urtean. Bere esperientzia kontatu nahi izan zuen iruindarrak; bere gordinean, baina umorea baliatuz. Apaingarririk gabe, baina eritasunari dramatismoa kenduz. Buruko gaitzen inguruko estigmari aurre egitea izan du beti helburu; eta, horrekin batera, eritasun mentala dutenenganako paternalismoa bazter uzteko beharra nabarmendu du. "Psikiatrak ezin du gaitza duenaren larruan jarri", erran zuen, liburuaren aurkezpenaren harira. Horregatik, erabakiak hartzeko eta huts egiteko aukera ere aldarrikatu du.

Hitz horiek ederki islatzen dute Mejorana elkarteak egin nahi duen lana, Saldañak aipatutako bide beretik egin nahi baitute aurrera taldeko kideek. Ahaldundu nahi dute; erabaki. Buruko gaitza dutenek osatzen dute Mejorana, eta gisa horretako elkarte bakarra da Nafarroan. 2007tik dago martxan. Orain arte, aisialdiaren esparruan aritu da, batez ere; joan den urrian egindako jardunaldietan, ordea, bertze urrats bat egin zuen aurrera elkarteak, eta orain zehaztu nahi duten norabidean jarri ziren kideak: gaixo izateari utzi, eta subjektu aktibo bihurtu nahi dute; subjektu politiko; euren buruaren jabe izan nahi dute; boteretu, bizi duten prozesuaren gainean kontrol gehiago eduki ahal izateko.

Ez da lan erraza. Ederki dakite Mejoranako kide Eddyk, Josebak eta Maiderrek. Ederki dakite buruko gaitzen inguruan dagoen estigma; eta autoestigma ere ongi ezagutzen dute; nork bere buruari jartzen dizkion mugak. "Ez da erraza armairutik ateratzeko urratsa egitea". Ahalduntzeko, baina, funtsezkotzat dute. Eta horregatik jarri dira kameraren aurrean. "2016ko lelo bilakatu behar dugu jabetzearen aldekoa; norbera izan ahal izatea da kontua, lanera joateko bertze norbait izateko beharra sentitu gabe".

Maiderrek erran ditu hitz horiek. Onartu du urduritu egin duela elkarrizketan parte hartzeak. Baina argi du Mejoranak hasitako bidea egin beharrekoa dela. Eta lagundu nahi du. Zenbaitetan gogorra izan arren. 14 urterekin hasi zen buruko osasun arazoak izaten. 34 ditu orain. Nerabezaroan anorexiak jo zuen Maider. "Min egiten dit ordukoa gogoratzeak", aitortu du. 34 kiloko emakumea zen 14 urterekin. "Familiak hilik nintzela uste izan zuen". Hiru hilabete egin zituen ospitalean. "Lagun bakar bat etorri zen bisita egitera", gogoratu du, tristuraz. "Jendeak beldur handia dio buruko gaitzari".

Botikak eta sokak

Familiari eta senarrari esker aurrera egin duela nabarmendu du Maiderrek. Psikopedagogoa da, eta urriko jardunaldien ondotik bat egin zuen Mejoranarekin. Ordura arte, Eddy bakarrik aritu zen, hainbat urtez, elkarteko ikastaroak eta gainerakoak antolatzen. Hura da Mejoranako presidentea. 45 urte ditu, eta 18rekin erran zioten eskizofrenia zuela. "Ongi nago; duela hamar urte izan nuen azken krisia".

Azken krisi horren aurretik, hogei aldiz ospitaleratu zuten Eddy. Azkena ekarri du gogora, buruko gaitza dutenak artatzeko egungo sistemaren hainbat gako agerian uzten dituelako, haren hitzetan. Batetik, botikak aipatu ditu; bertzetik, hasieratik ospitaleko gohatzera lotu izana. "Egunak eman nituen lotan; eta ernatzerakoan, lotua nintzela konturatu nintzen". Ospitaletik zentro batera eraman zuten, eta han egon zen zortzi hilabete luzez.

"Bortxa handiko sistema da; zu ez zara zeure buruaren jabe. Zure izenean bertze norbaitek hartzen ditu erabakiak", salatu du Josebak. 24 urte ditu, eta Gizarte Lana ikasten ari da NUPen; Espainiako Gobernuaren beka jaso du, eta haren eskutik ari da proiektu bat egiten buruko gaitza dutenek ahalduntzeko duten behar horren ildotik: "Oinarria da ongi prestatzea; jendeak jakin behar du zer eskubide duen, eta eskubide horiek erabiltzeko zer egin behar duen". Buruko osasun zentroetan garatu nahi du proiektua, egungo arreta sistema aldatzeko urratsak egin ahal izateko.

Proiektu horren bidez bat egin du Josebak Mejoranarekin. Buruko osasunerako arreta sistema duela lauzpabost urte ezagutu zuen. "Denbora horretan, 20-30 profesional ezagutu ditut; aldaketak etengabekoak dira sisteman". Ez du zehaztu nahi izan zer arazo duen, baina argi du bere gaitzari buruzko prozesuan protagonista izan nahi duela. Eddyk mahai gainean jarri dituen gaiei heldu die, eta bat egin du harekin. "Egungo tratamendu ia bakarra botiken bidezkoa da; hori da nagusi; pilulak ematen dizkigute, zer hartzen ari garen azaldu gabe; zehaztu gabe hartzen dugun horrek zer-nolako ondorioak izan ditzakeen".

Hori gertatzen da, Josebaren hitzetan, egungo arreta sisteman harremana ez delako batere orekatua erabiltzailearen eta profesionalaren artean. "Psikiatrak du boterea". Harreman simetrikoagoa eskatu du Mejoranako kideak, eta, batez ere, alde bikoa. "Erabakiak hartzeko gaitasuna izan behar dugu".

Egoera horrek lotura du buruko osasunari buruz nagusi den ikuspuntuarekin. Horixe nabarmendu du Josebak. "Profesionalek ere onartu dute jatorri anitzeko gaitzak direla buruko osasunari eragiten diotenak; hala ere, biologia bertzerik ez dute kontuan hartzen". Hori, batetik. Bertzetik, Josebak gogoratu du Ameriketako Psikiatria Elkarteak osatzen duela buruko gaitzen zerrenda; hau da, buruko gaitza zer den eta zer ez den erabakitzen du erakunde horrek. "Homosexualitatea eritasun mentala zen lehen; transexualitatea ere halakotzat dute, oraindik ere".

Buruko osasunaren ingurukoak egungo gizartearen eta sistemaren barruan ulertu behar direla uste du. "Anorexiaren eta patriarkatuaren arteko lotura agerikoa da, adibidez; generoarekin du harremana. Egungo gizartea gaixo dago, eta gu gaixotzen gaitu. Nork ez du antsietatea sentitu gizarteak ezartzen digun erritmo azkar horretan?".

Gutxik. Datuek agerian uzten dute errealitatea: lau nafarretik batek badu edo izanen du buruko gaitzen bat. 2012-2016rako Nafarroako Buruko Osasun Planak, adibidez, populazioaren %17 du jomugan. Egoera horretan, Mejoranako kideek argi dute gaitzari aurrea hartzeko lanak izan beharko lukeela lehentasuna. "Baina ez dugu hori egiten; sistemak ez dizkio tresnak ematen herritarrari buruko osasunari buruzkoak kudeatzeko".

Josebak argi du, adibidez, osasun etxe bakoitzean egon beharko lukeela buruko osasunerako zerbitzu bat. Eta bertze hainbat herritan jada erabiltzen ari diren bertzelako tratamenduen alde egin du, batez ere. Andaluzian (Espainia), adibidez, elkarri laguntzeko taldeak jarri dituzte martxan. "Buruko gaitza dutenek elkarri laguntzen diote". Laguntzailearen figura sustatu dute, halaber, bertze hainbat tokitan: "Buruko gaitza duen eta jada ahalduntzeko bere prozesua egin duen pertsonak bertzeak laguntzen ahal ditu", azaldu du Josebak. Gisa horretako esperientziek ospitaleratu beharreko aukera ere bazter uzten ahal dutela erantsi du Mejoranako kideak. "Badira hainbat lan esparru ildo horretan; krisia dutenak, adibidez, naturarekin bat egiteko tokietara eramatea. Antza, luzera onuragarriagoak dira halako metodoak".

Bide horietan aurrera egiteko prestatu nahi dute Mejoranako kideek. Granadako (Andaluzia) elkarte batekin harremanetan dira jada formakuntza hori lantzeko. "Elkarteko bi kide harat joanen dira, lehendabizi; Granadatik etorriko dira gero, honat", azaldu du Eddyk. "Lan hori guztia terapia ere bada guretzat", erran du Josebak. Ikasteko gogoz da Maider. "Hiztegitik ezabatu behar dugu 'ezin dut' esaldia. Baliabideak ditugula erakusteko aukera ederra dugu".

“Gu laguntzeko prest gaude, baina eurak dira adituak beren esperientzietan”

E. Elizondo

Errehabilitazio psikosozialerako zentroa da Iruñeko Arga izenekoa. Han ez dago psikiatrarik, ezta erizainik ere. Buruko osasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak artatzen dituzte hango psikologo, gizarte langile, hezitzaile eta abarrek, helburu nagusi batekin: "Haiek izan daitezela haien bizitzaren kudeatzaile". Hala erran du zentroko gizarte langile Monica Ortigosak (Iruñea, 1982).

Nafarroako Gobernuarekin itundutako zerbitzua eskaintzen duzue. Noiztik eta non?

Gure zentroak 2005. urtetik daude martxan, Iruñean, Sarrigurenen, Lizarran eta Tuteran. Denak dira errehabilitazio psikosozialerako zentroak, eta Sarrigurengoa, gainera, bizitoki dute hainbat erabiltzailek.

Zu Arga zentroan ari zara. Zer lan egiten duzue, eta zenbat pertsonarekin?

Bi programa ditugu. Batean, 30 pertsonak parte hartzen dute. Eguneko zentro gisa hartzen dute gurea; gure lana da laguntza ematea haien egunerokoari aurre egiteko; bertzean, errehabilitaziorako programan, bertze 35 pertsona ditugu. Bakoitzak dituen beharretara zuzendutako programa da.

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak dira zentrora joaten diren guztiak. Buruko gaitzek duten estigmak zama handia du, oraindik ere?

Bai. Guk ez diegu honat etortzen direnei inolako etiketarik jartzen; buruko osasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak dira guretzat; bertzerik ez. Etiketek ez dute laguntzen gizartean dagoen estigmari aurre egiten; eta oraindik bada. Zailtasun horiek dituztenek ere beren burua estigmatizatzen dute, neurri batean. Eta horri aurre egin behar diogu.

Nola?

Gure zentroan saiatzen gara estigmari modu transbertsalean aurre egiten, gure programa guztietan txertatzen. Programa ofizialez gain, bertzelakoak ere garatzen ditugu. Asmoa da zentrora etortzen diren pertsonak auzoko egunerokoan murgiltzea; parte hartzea. Hori da gakoa; tresnak ematen dizkiegu zentroko jarduera bera, egin nahi dutena kudeatzeko, nolabait; haien iritzia emateko, eta hitza hartzeko.

Horrek bat egiten du Mejorana elkarteko kideek eskatzen dutenarekin, ezta?

Hala da. Eskaintzen dugun arreta sisteman aldaketa behar da. Gure helburuak izan behar du artatzen ditugun pertsonek dituzten zailtasunak arintzea; haiek dituzten bizi proiektuak babestu eta lagundu behar ditugu; haiek zehaztu behar dute zein helburu lortu nahi duten. Haien arduren jabe izan behar dute, eta, aldi berean, haien bizitzaren kontrolak haien esku egon behar du.

Ahalduntzea da kontua?

Hori da. Sistemak gehiago entzun beharko luke haien iritzia; gehiago erabakitzeko aukera izan beharko lukete.

Zaila da aldaketa horren alde urratsak egitea?

Bai. Ez da erraza. Aspaldikoa da oraindik indarrean dugun funtzionatzeko modua; arreta eredu paternalista bat da. Profesionalei dagokie sistema horretan rol aktiboa; eta erabiltzaileei, berriz, pasiboa. Hainbat psikiatrak uste dute egun duten egoera arriskuan jar dezakeela aldaketa horrek, eta ez dute haren alde egiten. Zaila da, baina egiten ari gara urratsak.

Mejorana elkartea bera da horren adibide?

Bai, zalantzarik gabe. Hasieran aisialdiaren esparrura begirako taldea zen, baina ahalduntzearen garrantziaz jabetu dira, eta bultzada berria eman diote elkarteari. Guk bultzada berri horri eman nahi diogu babesa, hain zuzen ere. Laguntzeko eta babesteko prest gaude, baina haiek dira kudeatzaile, haiek dira protagonista. Finean, guk teoria eman dezakegu, baina berak dira beren esperientzietan benetako adituak. Haien ekintzen bidez ari dira estigmaren aurka lanean. Egiten duten lanak, gainera, on egiten die. Rol garrantzitsua dutela konturatzen dira.

Kapitalismoaren kontrakoa ere bada

Kapitalismoaren kontrakoa ere bada

Edurne Elizondo

Hiru urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen, animalien askapenaren alde lan egiteagatik. Zigor erdia kartzelan eman zuen; eta bertze erdia, berriz, estatuak zaindutako etxe batean. Baldintza zorrotzak ezarri zizkioten: ezin zen egon animalien aldeko mugimenduarekin lotura zuen inorekin, ezin zuen Interneten idatzi, ezin zuen bere auziari buruz inorekin hitz egin. "SHAC kanpainako ekintzaileon kontrako legeak egin zituzten, propio". Nicole Vosper galesak (1988) 16 urterekin egin zuen bat kanpaina horrekin (Stop Huntingdon Animal Cruelty); 21 zituenean sartu zuten espetxean, eta, orain, 28rekin, animalien alde jarraitzen du lanean. Nafarroan egon da, Iruñeko Ekintza Antiespezista taldeko kideen eskutik, SHAC kanpainan ongi eta gaizki egindakoei buruz hitz egiten. Argi erran du: "Gure borroka politikoa da; kapitalismoaren eta estatuaren aurkako borroka ere bada; ezin dugu ahaztu estatuak beti babestuko duela animaliak zapaltzen dituen industria".

Erresuma Batuan sortu zuten SHAC kanpaina, baina nazioartera zabaldu zen, laster. Hamaika herritan egin zuten harekin bat, animalien askapenaren aldeko mugimenduarentzat ikur bilakatzea lortu arte. Telebista kate batean 1997. urtean erakutsi zuten dokumental bat izan zen haren oinarria: Huntingdon Life Sciences (HLS) laborategietan gertatzen zena agerian utzi zuen lan horrek. Animaliekin saioak egiten zituen Europako laborategirik handiena zen, garai hartan; munduko hirugarrena. Hura ixteko asmoz sortu zen SHAC kanpaina, 1999an.

"Ez zen sinadurak biltzeko kanpaina bat izan, sabotaje ekonomikoa izan zuen helburu: laborategiak, haren hornitzaileak, bezeroak eta gainerakoak izan ziren kanpainaren jomugan", gogoratu du Vosperrek. Lan hori egiteko hamaika tresna erabili zituztela nabarmendu du, hori izan baitzen HLS laborategien aurkako kanpainaren ezaugarri nagusietako bat. "Gutunak idatzi eta faxak bidali genituen; manifestazioak antolatu eta hamaika protesta egin genituen karrikan". Urte bakar batean, adibidez, 800 manifestazio egin zituzten. Ez hori bakarrik. Langileen etxeen aurrean ere egin zituzten elkarretaratzeak. "Laborategiekin zer ikustekorik zuten guztiei erraten genien ezin zutela jarraitu han egiten zutena babesten". HLS enpresarekin lan egiten zuten guztiak agerian uztea zen helburua. Kanpaina Ameriketako Estatu Batuetara zabaldu zenean, HLSren aurkako ekintzaileek bitan okupatu zituzten New Yorkeko burtsaren bulegoak.

Kanpainak parte hartze zabala izan zuen. Laborategien porrot ekonomikoa lortu nahi zuten ekintzekin batera, Animaliak Askatzeko Fronteak ere (ALF) bereak egin zituen. "HLS enpresarentzat aritzen ziren hamaika laborategitan sartu ziren, eta animalia anitz askatu zituzten".

Hamaika motatako ekintzak, eta hamaika tokitan eta herritan. Urratsez urrats egin zuen gora kanpainaren dimentsioak, eta lortu zuen animaliak erabiltzen zituen industria ezustean harrapatzea. Ondorioak nabarmenak izan ziren. "Gobernuak lau aldiz eman behar izan zion dirua HLS enpresari, porrot egin ez zezan", azaldu du Vosperrek. Hamaika hornitzaile galdu zituzten laborategiek; aseguru etxeak ere haiekin zuen kontratua eten zuen, eta inork ez zien berria egin nahi izan. "Kanpainak eragin handia izan zuen". Galera ekonomikoak ere nabarmenak izan ziren: "Zazpi milioi libera galdu zituen HLSk 2008an, Erresuma Batuan".

Errepresioaren bidetik

Arazo ekonomikoei aurre egiteko gobernua izan zuen lagun HLS etxeak. Polizia ere bai, animalien aldeko ekintzaileen aurka egiteko, Vosperrek argi utzi duenez. Are gehiago, propio laborategien aurkako manifestazioak eta protestak debekatzeko legeak egin zituztela salatu du. "Laborategi baten aurkako manifestazio batean parte hartzeagatik bost urteko espetxe zigorra jasotzen ahal zenuen. SHAC kanpaina haientzat arrisku bat zela konturatu ziren". Brian Cass auziko polizien arduradunetako batek onartu zuen "industria guztientzako mehatxua" zela SHAC kanpaina. Hor erabilitako taktikak ekonomiaren bertze hainbat sektoreren aurka ere baliatuko ote zituzten beldur ziren.

Mehatxu horri aurre egiteko, errepresioaren bidetik jo zuen estatuak. Horixe nabarmendu du Vosperrek. "2007. urtean, 700 polizia erabili zituen operazio baten ondorioz, 32 pertsona atxilotu zituzten". Bertze zazpi atzeman zituzten 2009an, eta sei, berriz, 2010ean. Lau eta 11 urte bitarteko zigorrak jaso zituzten, xantaia-konspirazioagatik.

Lehenago jarri zen martxan SHAC kanpainako ekintzaileen aurkako errepresioa, AEBetan. 2004. urtean, zazpi pertsona atxilotu zituzten. Haietako sei zigortu eta sartu zituzten espetxean.

Nicole Vosper 2011ko martxoan eraman zuten kartzelara, hemeretzi hilabetez sententziaren zain egon eta gero: hiru urte eta bost hilabeteko zigorra ezarri zioten. Kartzela barrukoak ekarri ditu gogora. "Drogak, indarkeria, matxismoa". Eta agerian utzi du, batez ere, elkartasunik eza. "Poliziak ongi egin zuen bere lana; jendea beldurtu zen, eta, horren ondorioz, inork ez zuen nahi espetxean ginenokin lotzea".

Poliziak ekintzaileen artean "nolabaiteko hierarkia" ezarri zuen. "Eta hierarkia horren arabera, taldeetako buru zirenen aurka egin zuen, espetxean sartzeko". Horregatik, elkartasun sare sendo batekin batera, haiek egindakoaren gisako kanpainetan "deszentralizazioa ere" beharrezkotzat jo du Vosperrek. "Tokian tokiko taldeek duten garrantzia ezin dugu ahaztu".

SHAC kanpainak hamarkada bat iraun zuen; eta, neurri batean, ez da oraindik amaitu: "Herbehereetako bi ekintzaile, Sven eta Natasha, Erresuma Batura noiz eraman zain dira, epaiketa egiteko; hamalau urteko espetxe zigorra jaso dezakete". Elkartasuna eskatu du Vosperrek haientzat; elkartasuna, etorriko diren erasoei aurre egiteko ere. "Errepresioak berriz joko baitu animalien aldeko mugimendua. Prestatu behar dugu, zaindu".