Nafarroa

Lokatz arteko urratsak

Lokatz arteko urratsak

Oasi txiki bat ikusten hasi da Nafarroako euskalgintza azkenaldiko basamortu beltzean. Helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko entitate juridikoak izango dira onuradunak kasu honetan, Euskarabideak 131.867 euroko diru saila jarriko baitu 2015eko urritik abendura egingo diren ikastaroetarako. Pozik hartu dute berria Kontseiluak, AEK-k eta IKAk, baina datorren urteko aurrekontuen zirriborroak hareaz bete du berriz ere oasia. "Euskararen egoera benetan hobetuko duen diru sailik ez dugu ikusten. Gainera, Euskararen Legea aldatu ezean, emango diren pauso gehienak lokatz arteko urratsak izango dira". Halaxe baieztatu du Xabi Gartzia Nafarroako AEK-ko arduradunak.

2012ko urritik hutsaren hurrena izan da euskaltegiek eta gau eskolek jasotako diru laguntza, aurrekontuetan 245.000 euroko diru saila onartu arren. Hori dela eta, ikasleek matrikuletan bere gain hartu behar izan dute gobernuak egin ez duen ahalegina. Ikasleek 2 euro ordaintzen badute orduko, gobernuak ematen zuenarekin pertsona eta orduko 0,5 euro lortzen zen; ikasleek ordaintzen dutenaren laurdena. "Horrek ez dauka izenik". Irakasleen soldata eta lan baldintzak ere kaskartzen joan dira.

Gobernu berriarekin amets berriak sortu ziren berehala. Akordio programatikoan bertan estrategikotzat hartzen da helduak euskalduntzen eta alfabetatzen dituen sektorea, eta jasota dago presazko kontua dela diru sail bat zehaztea. Azkenean, iritsi da lehenengo berria. Ia 132.000 euro izango dituzte urteko azken hiruhilekorako. "Berri ona da; behingoagatik norbait gutaz gogoratu da, baina ezin gara hemen gelditu. Urtarriletik aurrera Euskarabidearekin bildu eta plangintza bat osatzea da gure lehentasuna", ohartarazi du Gartziak.

Iritzi berekoa da Sagrario Aleman, IKAko arduraduna. "Euskararekiko zorra hor dago, baina ez da zor ekonomikoa bakarrik. Uste dugu administrazioari ahalegin berezia egitea tokatzen zaiola, ez baitu ezertarako balio sektore estrategikoa garela esateak, gero ez bada ezer egiten. Hitzarmen iraunkorrak lortu nahiko genituzke". Foru gobernuak hasi berri duen bideari argi-ilunak ikusten dizkio Nafarroako euskalgintzak, ordea. Hiru zutabe aipatu ditu Iñaki Lasa Kontseiluko kideak: corpus juridikoa, baliabideak eta plangintza.

Euskararen Legea dago lehendabiziko zakuan: "Jakin badakigu lege hori berez badela baztertzailea, eta hori aldatu gabe dekretu bidezko erreformak beti izango dira hanka motzak, Euskararen Legeak oinarria eskaintzen baitio gainerako arkitektura juridikoari". Hortik aurrekontuetara jauzi egin du Lasak. "Lehendabiziko zutabea etsigarria bada, bigarrena are etsigarriagoa da. Aldaketaren gobernu honek beste hizkuntza politika bat egin nahi duela dio, baina aurrekontuen egitura eta diru sailak errepikatzen dira. Zenbakiak ere ez dira beste munduko ezer. UPNk sina zitzakeen aurrekontu hauek".

Are gehiago, krisi garai bete-betean, UPNk 394.000 euro jarri zituen arlo horretarako. "2016an aldaketaren gobernuak 300.000 euro esleitzen ditu, duela bost urte baino 100.000 gutxiago. Hori onartezina eta iraingarria da", salatu du Lasak. Halaber, ohartarazi du lehen aurrekontu osoaren %0,07 izaten zela euskalgintzarako, eta gobernu berriak %0,1 egingo duela. Hizkuntzaren normalizaziorako zifra egokia %2an kokatzen du Kontseiluak. "Euskalgintzak pairatu behar duen prekaritatea ezin izango da gainditu aurrekontu hauekin".

Alemanek eta Gartziak ere beldurrez begiratzen diote aurrekontuaren zirriborroari. IKAko arduradunak uste du hasteko diru sail hori onar daitekeela, baina hurrengo urteetan igotzen joatea ezinbestekoa dela. "Nafar guztiek euskara dohainik ikasteko eskubidea dute, baina hori erdiestetik urrunegi gaude. Gainera, ezin dira nafar batzuk baztertu bizi diren tokiagatik, eta hori lortzen du oraingo Euskararen Legeak". Gartziak segitu du: "Aldaketa dakartela diote, baina aurrekontuak ikusi ditugunean ohartu gara aurreko gobernuaren antzekoak direla. Aldaketa aurrekontuetan ere nabaritu behar da, eta oraindik ez dugu hori ikusi".

Diru gabe, plangintzarik ez

Kontseiluko kideak hirugarren zutabearekin lotu ditu diru sailak. Lasak gogorarazi duenez, Nafarroan ez da sekula politika planifikaturik egin administrazioa —Osasunbidea, Foruzaingoa eta abar— euskalduntzeko, eta 2016ko aurrekontuetan ere ez da "zentimorik ere aurreikusten" sail horietarako. "Akordio programatikoan dago zirkuituak eraikiko dituztela, baina ez dago diru sailik aurreikusita zirkuitu horientzat. Argi esan behar dugu hau ez dela aldaketa euskararentzat. Diru horiekin ezin da plangintzarik abiatu; ikusiko dugu zer gertatzen den euskaltegiekin".

Lasaren aburuz, berriz, "txalogarria" da gobernuak lehenbailehen zerbait emateko egin duen ahalegina, baina abendutik aurrerakoa ilun ikusten du. "Ez dakit ez ote dugun geure burua berriz kalean ikusten. UPNk Euskararen Legea ez aldatzeagatik eta aurrekontu eskasak aurkezteagatik protestatzera ateratzen ginen. Oraingo administrazioak bide beretik jarraituz gero, ez gara etxean ezer egin gabe geratuko".

Gartziak jakinarazi du Euskarabidearekin harremana lortzeak itxaropena sortu diela, azken urteetan modu erabat paraleloan lan egin baitute. Alemanek ere argiren bat ikusten du tunelean, baina uste du zuhurtziaz jokatu behar dela. "Badirudi beraiek ere badakitela diru hori gutxi dela, baina espero dugu norabide egokian aurrera egitea, epe luzerako plangintza bat eginez. Gobernu aldaketagatik bakarrik ez da gure herria euskaldunduko, eta guk ere lanean jarraitu behar dugu, euskara irakasten, erabiltzen eta ikasten. Gure egitekoak berdin segitzen du".

Ikusezina dena ikusgarri bihurtuz

Ikusezina dena ikusgarri bihurtuz

Autismoa buruko gaixotasun bat da, eta hori duten umeek ez dute ezer sentitzen. Beti bakartuta daude gainera". Okerrak. Uste faltsuak. Gisa horretako erantzunak eman dituzte Nafarroako zenbait ikaslek autismoaz zer zekiten galdetuta. Sindrome ikusezina da, fisikoki ez da nabaritzen, eta horrek mota askotako arazoak sor ditzake. "Helduentzat ulertzeko zaila bada, are zailagoa gaztetxoentzat", jakinarazi du Paula Rodriguez Nafarroako Autismo Elkarteko zuzendariak. Horri erantzuteko lehen urratsa egin dute, Nafarroako bi ikastetxetan sentsibilizazio saioak egin baitituzte ikasleekin.

Normalean, sindromea duen pertsonak berak erabakiko du nor gertura daitekeen laguntzera, nor gustatzen zaion eta nor ez. Baina badaude bere hurbiltasuna erdiesteko moduak: "Eskuetatik goxo heldu, eta haurraren begien parera jaitsi behar dugu, irribarre eginez. Konplizitatea lortu, eta hor gaudela erakutsi behar diegu. Gero, eskua luzatu eta berari gustatzen zaionera jolastu beharko dugu hasieran, bertzela ez baitzaio interesatuko". Pazientzia izatea da gakoa. "Gogorra izan daiteke, baina nahi bada, ahalko da azkenean; ez da hain zaila", gaineratu du Rodriguezek.

Errutinaren garrantzia

AEBetan egindako ikerketa baten arabera, 68 jaioberritik batek autismoa du: "Hori izugarria da", ohartarazi du elkarteko zuzendariak. "Mota asko daude, eta bakoitzaren egoerara egokitzen jakin behar dugu". Ezaugarri batzuetan bat egiten dute, ordea: ez dute begietara begiratzen, ez dituzte txantxak eta bigarren zentzuak ulertzen, eta oso zurrunak dira eguneroko errutinarekin. Zerbait aldatzekotan, aurre hartzen saiatu behar da: "Egunero amonaren etxera joaten bagara, aurretik azaldu beharko diogu gaur zergatik ez garen joanen, berak barneratu dezan". Hori guztia ikusarazten saiatu dira Alesbesko El Castellar ikastetxean eta Iruñeko Iñaki Otxoa de Oltza institutuan.

Dinamika batekin hasi ohi dute saioa maila altuenetan. Boluntario bat gelatik kanpora atera, eta bitartean Rodriguezek gainerakoekin hitz egiten du. Zuzendariak hitz zehatz batzuk erraterakoan, ikasle guztiek oihuka, txaloka edo mugitzen hasi behar dute. Jakina, kanpoan zegoenak ez du zergatia ulertzen. "Neska bat asko larritu zen, eta gelditzeko eskatu zigun, ia oihuka. Hori da, hain zuzen, autismoa dutenei gertatzen zaiena. Ez dituzte egoera batzuk ulertzen, eta horregatik zapuzten dira, edo arraro jokatzen dute. Baina beti egonen da arrazoiren bat".

Horren ondoren, Hugo, un amigo con Asperger bideoa ikusten dute. Protagonistak sindrome neurologiko bat dauka, eta errutina bat mantentzen du ikasgelan. Hugo, baina, ez dago bakarrik; lagun bat dauka ondoan, behar duen bakoitzean laguntzeko prest. "Hori ikusarazi nahi izan diegu ikasleei, garrantzitsua baita autismoa duen bati laguntzea". Bideoaren amaieran, Hugok sentiarazi diena azaldu behar dute ikasleek, eta, pixkanaka, autismoaren ezaugarriak atera behar dituzte denen artean. Ohartzerako, saioaren hasieran zeuden aurreiritziak desagertzen dira.

Irakasleen jarrera ere funtsezkoa da. "Jolastokian inklusioa lantzeko proiektu bat abiarazi dugu. Joan den astean, esaterako, formazio saio bat egin genuen irakasle batzuekin, eta oso ongi atera zen". Rodriguezen arabera, inklusioa egunerokoan nabaritu behar da, baina urritasuna ere bai. "Ikusezina dena ikusteko moduak bilatu behar dira".

Azkenik, zuzendariak piktogramak ekarri ditu gogora, autismoa duten pertsonentzat ezinbesteko pilare baitira. Denetarako erabiltzen dituzte: jolasteko, komunikatzeko, zenbatzeko... Gizarte osoa irudien bidez irudikatu beharko litzatekeela uste du Rodriguezek. "Beti exijitzen diegu gure ohituretara eta beharretara egokitzeko, baina gu gara egokitu behar dugunak".

Iritzia: Film bat, eta ohera?

Nora joango gara asteburu honetan? Zer egingo dugu?". Ostiralero Whatsappeko talde jakin batean errepikatzen dugun galdera da. Lagunen erantzuna gero eta etsigarriagoa da: "Ni, pijama jantzi, eta ohera joango naiz". A ze plana! Baina larunbata da, 21:00ak, eta sutondoan bero nagoela pijama janztea erabaki dut. Larunbat gaueko film txar bat ikusi, eta ohera noa.

"Ez dugu deus egiten, ez gara ateratzen". Horrelakoak ere irakurtzen ditut talde berean. Eta nik ere jartzen ditut halakoak. Baina zeinena da errua? Gauzak antolatzen dira, elkartzeko gogoa dugu; beraz, zergatik ez dugu egiten? Galderari erantzuna emateko, gure taldearen hainbat ezaugarri jakitea komeni da. Aezkoa ibarreko lagun talde bat gara, herri txiki batean gaztetatik elkartzen den taldea. Eta nongoak garen aipatzeak garrantzia du, horrek eragiten duelako dugun egoera, nire ustez.

Pirinioetan ez dago bizitzarik. Hilzorian dago. Pirinioetan ez dago bizitzeko aukerarik, ez dago gazteentzako erraztasunik. Hoberena Iruñera joatea da. Bertan bada lana, bizitza soziala egiteko aukera, badira zinema aretoak, milaka jatetxe, marka ezberdinetako dendak, liburutegi asko, kiroldegiak... Bai, horrela pentsatzen dugu. Zulo beltz batean bizi garela errepikatzen diogu geure buruari behin eta berriz. Egoera horrelakoa dela sinisten dugun arte. Nahi gabe askotan.

Baina ez da egia. Besteak beste, utzikeria instituzionalak eragin duen mitoa da. Pirinioetan bada bizitza, badira bizitzeko baliabideak, eta bada lanetik kanpo bizitzaren alderdi soziala garatzeko aukera ere. Egun hainbestetan errepikatzen den hitza da gakoa: ahalduntzea. Pirinioetako herritarrengandik sortu beharreko gauza da, ez baitira kanpotik etorriko gure egoera konpontzera. Guk erabaki beharko genuke nolako Pirinioak nahi ditugun, nolako garapen ekonomikoa nahi dugun. Gure zonaldean, esaterako, turismoa bultzatu izan da nagusiki, baina herritar guztiak ez dira horri esker bizi. Zein beste sektore bultzatu behar dugu? Nola?

Eremuaren garapenerako bestelako estrategia bat beharko genuke, eta hori sortzeko herritarren parte hartzea sustatu. Herritarrek osatzen baditugu Pirinioak. Indarrak batuz goragoko erakundeetan eragiteko aukera izanen dugu, urrunago iristeko aukera. Eta herritarren parte hartzetik sortutako estrategia batek, gainera, babes sozial zabala izango luke herrian.

Ahal dugun lasterren egin beharreko lana da, baina, nire ustez. Egoera ez baita batere ona. Behin eta berriz entzuten dugu Pirinioak jendez husten ari direla, eta hori egia da. Baina gauzak alda daitezke, egoerari buelta emateko saioa egin beharko genuke. Eta ez badugu asmatzen, beste zerbait probatu.

Baina oinarritik abiatu beharko genuke aldaketa. Gure pentsamenduetatik. Gure ingurura begiratu, eta urte hauetan guztietan Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko herritar askok sortu dituzten ekimenak aztertu. Horietatik ikasi. Argi dago bidea ez dela erraza izango. Baina nahi badugu, posible egingo dugu.

Aiba, Whatsappen mezu bat: "Zer egingo dugu asteburu honetan?".

Abel Azkona: «Arteak kritikoa, soziala eta politikoa izan behar du; zirikatu behar du»

Abel Azkona: «Arteak kritikoa, soziala eta politikoa izan behar du; zirikatu behar du»

Ion Orzaiz / BERRIA Euria ari du Serapio Esparza plazan. Dozena bat pertsona daude erorien monumentuaren aitzinean, zain, aretoa noiz irekiko. Aitzinean, lau udaltzain, eraikina zaintzen. 18:00etan, aretoa zabaldu dute, eta Abel Azkonaren (Madril, 1988) Desenterrados erakusketara sartu dira bisitariak. Gazte batek areto osoa zeharkatu du pauso luzeak emanez, artelanei jaramonik egin gabe, eta belauniko...

Bidasoa doluz isuri zenekoa

Bidasoa doluz isuri zenekoa

Jaione Maiak 13 urte zituen Mikel Zabalza hil zutenean. Haren hilketa salatzeko egin zuen greba, lehendabiziko aldiz. Berako ikastolan zen orduan. Garaiko Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko zortzigarren mailan. Maiak eta haren gelakideek lau lerro xumetan jaso zuten egin behar zuten protestaren berri: "Denon artean greba bat egitea erabaki dugu. Zergatik? Mikel Zabalzaren desagertzeagatik. Gure protesta bat da. Egun bateko greba bat. 12:30ean hasi, eta ikastola bukatu arte". Herriko eskola publikoan ere gelak hustea erabaki zuten ikasleek.

Zerbait hautsi egin zen duela 30 urte, 1985eko azaroaren 26ko goizaldean, Donostian Guardia Zibilak Mikel Zabalzari ETAko kide izatea egotzi eta atxilotu zuenean. Familiari ez zioten deus erran, eta, biharamunean, desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan.

Familiak inoiz ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Orbaizetako gaztearen herrikideek ere ez. Zabalzaren hilketak bereziki ukitu eta hunkitu zuen herri hori, baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak. Euskal Herri osoan salatu zuten herritarrek gertatu zena. Euskal Herri osoa jo zuen Zabalzaren heriotzak.

Bera ere bai. Bidasoa ibaiari lotutako herria da hori, eta han aurkitu zuten Zabalzaren gorpu hila. Doluz isuri zen ibaia egun haietan. "Nik xehetasunak ez ditut gogoan, baina oroitzen naiz sekulakoa izan zela Zabalzaren hilketa guretzat. Kolpe handia izan zen gure herrian, gure etxeetatik hain hurbil, hain gertaera gogorra jazo izana. Inork ez zuen sinisten Guardia Zibilaren bertsio ofizialak erraten zuena. Herrian mundu guztiak argi zuen haiek hil zutela", erran du Jaione Maiak.

Orbaizetakoa zuen amatxi bat Maiak, eta horrek are gogorrago bilakatu zituen duela 30 urteko momentu haiek. Handik ailegatzen zitzaizkien senideen berriak. Mikel Zabalzarekin batera, izan zirela bertze hainbat atxilotu. Guardia Zibilak Manuel Bizkai lehengusuarekin, Idoia Aierbe neska-lagunarekin eta Ion Arretxerekin batera atzeman zuen Zabalza, Donostian. Orbaizetan, gainera, Mikelen bi anaia atxilotu zituzten, Patxi eta Aitor Zabalza.

Patxi eta Aitor Zabalza Iruñera eraman zituzten. Senideak Guardia Zibilaren egoitzara joan ziren haien bila. Egun berean aske utzi zituzten. Mikel Zabalzarekin harremanetan ezin jarri, hura ere atxilotuta izanen zela pentsatu zuten senideek. Eta Intxaurrondoko kuartelera joan ziren haren anaiak eta ama. Semearen eta anaiaren bila. "Semea galdu baduzu, joan zaitez objektu galduen bulegora". Hori bertzerik ez zioten erran, han, Mikel Zabalzaren amari. Eta gero, haren heriotzaren inguruko bertsio ofiziala. Gero, jada 30 urte iraun duen bide malkartsua, egiaren eta justiziaren bila.

Alkatea, berririk gabe

Beratarrek ongi ezagutzen dute bertsio ofizial horren arabera Zabalzak ihes egin zuen tokia. Eta denek bat egin zuten, duela 30 urte. "Ezinezkoa zen handik salto egin izana". Are gutxiago, eskuburdinak jarrita, Guardia Zibilak erran bezala. Hori zen Beran, ahoz aho, egun haietan zabaltzen zen mezu nagusia.

1985. urtean Berako alkate zen Jaime Elgorriaga. Hedabideen eskutik izan zuen Zabalzaren desagertzearen berri. "Lanean ari nintzen, eta RNEtik deia jaso nuen", gogoratu du. Korrika egitera joaten zen maiz Elgorriaga Endarlatsa aldera. "Ezinezkoa zen bertsio ofizialak erraten zuena gertatu izana", erran du hark ere, argi eta garbi. Dena dela, inork ez zion eman, duela 30 urte, bertsio ofizial haren berri zuzenik. Horixe nabarmendu du Berako alkate ohiak. "Inork ez zidan inolako azalpen ofizialik eman; ez Guardia Zibilak, ez bertze inolako agintarik ere".

Bera inguruko bazterrak guardia zibilez bete ziren egun haietan; Endarlatsa ondokoak, batez ere. Polizien jarrerak erakusten zuen, hala ere, bazekitela deus ez zutela aurkituko. Horixe salatu du Iosu Goia beratarrak: "Guardia zibil anitz egon ziren herrian egun haietan, baina ez ziren aritu, bertze hainbat alditan bezala, bazter guztiak miatzen. Gezurretan ari baitziren".

Itsasoko Gurutze Gorriko urpekariak aritu ziren Mikel Zabalzaren bila, Bidasoan. Egun haietan hainbat beratarrekin izandako solasaldietan, argi utzi zuten Orbaizetako gaztea ez zela han. "Eta gero, bat-batean, Guardia Zibilak aurkitu egin zuen. Inork ezin zuen hori sinetsi", gaineratu du Goiak.

Bertsio ofizialak herritarren artean eragin zuen harridura du gogoan Rosa Mari Errandoneak ere, batez ere. Guardia Zibilak zabaldu nahi izan zuen bertsioak ez zuela ez hankarik, ez bururik. 68 urte ditu Errandoneak, eta orduko tristura ekarri du gogora. "Tamalgarria izan zen gertatu zena; kolpe gogorra".

Bittori Telletxeak ere antzeko hitzak erabili ditu duela 30 urte sentitu zituenak gogora ekartzeko. "Zabalza desagertzeak denak larritu gintuen; hilik zela baieztatu zuteneko izua dut gogoan".

Hainbat egunez aritu ziren Mikel Zabalzaren bila, Endarlatsan. Bertsio ofizialari buruzko zalantzek gora egin zuten Guardia Zibilaren Sindikatu Klandestinoak ez bilatzeko erran zuenean, Mikel Zabalza hilik zela. Joan den urtarrilean, Nafarroako Parlamentuan hartu zuten hitza Orbaizetako gaztearen senideek, lehenengo aldiz, Ezkerrak indarkeria polizialaren biktimei buruz aurkeztutako lege proposamenaren harira. Martxoan onartu egin zuten. Agerraldi hura egin baino lehen, BERRIAn kontatu zuen Mikel Zabalzaren arreba Lourdes Zabalzak nebaren inguruko informazio horiek zer-nolako sentimenduak eragin zizkieten: "Gurekin jolasten ibili dira".

Epaitegietan ere babesik ez du jaso Zabalzaren familiak. Auzibideak bi zati izan ditu. Hasierakoan, ontzat jo zuten bertsio ofiziala. Gero, 1995ean, Peroteren paperak atera eta gero, berriz ireki egin zuten. Eta berriz ere itxi. Juan Alberto Perote CESID zerbitzu sekretuetako buruaren paperetan agertu zen Guardia Zibileko kapitain batek bertsio ofiziala guztiz ezeztatu zuela, eta onartu zuela torturapean hil zutela Zabalza.

Eta, hala eta guztiz ere, deus ez. Egiaren eta justiziaren zain jarraitzen du familiak. Hamahiru urte zituen Jaione Maiak Mikel Zabalza hil zutenean. 43 ditu orain. Eta orduko etsipenak hartu du, berriz ere. "Ez da justiziarik. Ez da argitu, ez dutelako argitu nahi, ez zaielako interesatzen. 30 urte joan dira, eta ulertzen zaila da, oraindik ere, egia jakin ez izana".

Justizia eskatu du Iosu Goiak ere. Eta Mikel Zabalzarena estatu krimena izan zela nabarmendu du. "Lotsagarria da egin zutena; eta lotsagarria da auzia oraindik ere argitu ez izana".

"Mutil jatorra zen, langilea, oso maitatua ezagutzen zuten denentzat", erran zuen Lourdes Zabalzak urtarrilean anaiari buruz. Haren heriotzak doluz jantzi zuen Bidasoa, duela 30 urte.

Iritzia: Ez gara hain bestelakoak

Beren buruan, ondasun edo eskubideetan ekintza edo egoera baten ondorio kaltegarriak jasaten dituzten pertsonak dira biktimak. Nire familia, beraz, biktima da. Estatuaren biktima. Hala ere, kostatzen zait nire familia biktima gisa ikustea, neure burua...

Kepa Fernandez de Larrinoa: “Nora goaz? ‘Homo sapiens’-aren geroa ez dago batere argi”

Kepa Fernandez de Larrinoa: “Nora goaz? ‘Homo sapiens’-aren geroa ez dago batere argi”

Cómo hablar de evolución a los niños. Izen hori jarri dio bere azken liburuari Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak (Bilbo, 1958). Izenburuak ongi islatzen du liburuaren asmo didaktikoa. Baina badu kontzientzia pizteko asmoa ere. Izan ere, dioenez, gizakia "pikutara" ari da bidaltzen Lurra, munduaren eta espeziearen beraren "etorkizuna kolokan" jartzeraino.

Argitu beharra dago: ez da umeentzako liburua, helduentzakoa baizik.

Bai, Nerea argitaletxeak badu halako lerro bat, azaltzen duena umeei nola erakutsi hau edo bestea. Niri, antropologoa naizen aldetik, giza eboluzioari buruz zerbait idaztea proposatu zidaten, perspektiba eta formatu horretan. Eskatu zidatenean ume txikiak nituen, eta, beraz, haiek gogoan edukita erabaki nuen idaztea. Beraz, helduentzako liburua da, helduek eskoletan edo etxean giza eboluzioari buruzko gaiak azaldu ditzaten.

Umeei zaila egiten zaie gaia ulertzea?

Bai. Kontua da gauza hauek beti ari direla aldatzen. Zeozer badakigu giza eboluzioari buruz, baina, aztarna berrien arabera, teoria berriak agertzen dira beti. Oso aldakorrak dira teoria horiek, oso espekulatiboak, eta, beraz, etengabe aldatuz doa kontua, ez dago gauza finkorik. Kontuan hartu behar da eboluzioak, pentsamendu edo teoria gisa, 100 edo 150 urte baino ez dituela. Gauza berria da: industrializazioaren eraginez agertu zen Europan kontzientzia hori. Badu oztopo kognitibo handi bat ere, batez ere hemen, Mendebaldean: uste dugu jainkoak sortutako pertsonak garela, eta eboluzioak horri buelta ematen dio. Aztarnen harira ere, tirabirak izaten dira adituen artean, baina noizean behin adosten da hau edo bestea, eta halakoetan adostutako teoria horiek aurrera egiten dute.

Zein izaten da akats handiena umeei eboluzioaz hitz egitean?

Uste dut transmisioaren problemarik handiena dela espezie gisa nora goazen planteatzea. Liburua galdera horretan pentsatuz egin nuen: nora goaz? Homo sapiens-aren geroa ez dago batere argi. Eboluzioak erakusten du klima aldaketa handiak izan direla, eta gure bilakaera neurri handi batean sistema ekologiko ezberdinetan suertatu dela, eta sistema ekologiko horiek tankeratu dira klima aldaketa horien arabera. Gaur egun, klima aldaketa batean gaude, datuek hala diote. Gu, bestalde, Homo sapiens-ak, Homo espeziearen azkenak gara, dirauen bakarra. Pentsatzen jartzen baldin bagara beste Homo espezie batzuk zer egin duten, konturatzen gara guk bakarrik 40.000 edo 50.000 urte dauzkagula, eta Homo neanderthalensis-ak, esate baterako, 200.000 edo 300.000 urte izan zituen. Gu huskeria gara horren aldean, eta huskeria handiagoa beste espezie askoren ondoan. Kontua da noraino ari garen Lurra planetako sistema hau hausten, zikintzen, aldarazten eta gure habia deuseztatzen. Eta, beraz, kontua da desagertuko ote garen edo aitzina segitzeko behar ote dugun beste espazio bat lortu. Hor ikusten dut nik liburuaren funtsa. Gurasoek, eta guk gizarte gisa, lehenbizi pentsatu behar dugu nora daramagun mundu hau, historian oinarrituta, kontziente izan gaitezen gure mundua eta gure etorkizuna kolokan jartzen ari garela.

Liburuak badu, beraz, kontzientzian eragiteko asmoa.

Bai, ez dago berez horrela esanda, baina liburua irakurrita horrela agertzen da, bai.

Zein da bidea halako gai bat umeen intereseko bihurtzeko?

Liburuak, atzealdean, unitate didaktikoak ditu. Hor badira Youtubeko bideoak, dokumentaletako puskak, baita Burgosko Giza Eboluzioaren Museoaren unitateak eta ariketak, eta Espainiako Hezkuntza Ministerioarenak. Horien berri ematen da, helbide elektronikoak proposatuz. Beraz, eduki horiek bisualki hobeto barneratzen dira. Baina nik ez dut nahi izan liburua entretenigarria izatea. Ikuskizunaren gizartean bizi gara, eta gauzak erakusteko teknika behar izaten da. Museo batean teknikaren bidez ikusten ditugu gauzak. Baina museotik ateratzerakoan teknologiaren magiarekin geratzen gara, horrek harritzen gaitu. Nik ez nuen hori egin nahi. Uste dut badagoela eduki bat, eta edukia jakinarazi behar dela modu atsegin batez, eta gozatuz, baina entretenimendu hutsean erori gabe. Entretenimenduak bidea behar du izan, helburua bainoago. Nik edukiari eman diot garrantzia. Gero, hori hobeto ikusteko eta kontatzeko materialak daude.

200 bat galdera-erantzunekin osatu duzu liburua. Umeen galderak dira, ala norenak?

Ez dut uste umeek halako galderarik egiten dutenik; agian, gurasoek ere ez. Nik galderen bitartez liburuaren egitura markatu nahi izan dut. Galdera horien erantzunek osatzen dute testua. Nik jakinarazi nahi izan dut giza eboluzioa zori kontu bat dela, kasualitatea. Normalean, hemen Mendebaldean, kausa-efektu harremanean pentsatzen dugu. Baina atzera begira jarrita baino ez dugu logika hori erabiltzen, aurrera begira ez dago hori egiterik, etorriko denaren inguruan erantzunak ugari direlako. Historia orainalditik iraganera begira jarritako ordena bat da, baina ordena hori bat edo bestea izan daiteke. Hautaketa bat egiten dugu gauzak azaltzeko. Baina hori da guk inposatzen dugun ordena; berez, historia ez dator ordenatuta.

Zergatik da inportantea umeek giza eboluzioa ezagutzea?

Gu izakiak gara, animaliak, pentsatzen dugu bai, baina biologikoak gara, besteak bezalaxe. Besteek ere kognizioa daukate, eta pentsatzen dute, baina modu ezberdinean, gure pentsamendua askozaz garatuagoa dago eta. Horrek eragina du ingurumenarekiko harremanean. Oro har, Homo-a abilagoa da ingurumenarekin harremanetan jartzeko, informazioa modu konplexuagoan jaso eta filtratzen duelako. Baina ez gaude naturatik kanpo. Mendebaldean, normalean, geure burua naturatik kanpo jartzen dugu natura bera kontrolatzeko. Gure pentsamenduaren arabera, gu nagusi gara, beste izakien eta naturaren gainetik gaude, eta kontrolatzen ditugu. Hori Mendebaldeko gauza bat da, eta industrializazio prozesuaren ondorioa da. Artikora edo Amazoniara bagoaz, natura oso indartsua den tokietan, hango gizakiak beste modu bateko jarrera eta harremana du naturarekin, bai sinbolikoa eta bai fisikoa. Beraz, nik uste dut horretara itzuli behar dugula. Lehen aipatu dugu noraino ekartzen ari garen planeta pikutara. Hori saihesteko, berriro behar dugu naturarekin hartu-eman hori, eta kontuan hartu behar dugu naturaren parte garela. Hori transmititu behar diegu gure seme alabei. Eta hori da, neurri handi batean, liburuaren atzean dagoen helburua. Alde horretatik, uste dut garrantzitsua dela hori eskolan eta familietan txertatzea.

Mila egun baino gehiago

Mila egun baino gehiago

Sumatzen da haien aurpegietan etsipen apur bat. Nekea ere bai. Aurrera jarraitzeko asmoa, hala ere, sendoa da haiengan. Horixe nabarmendu dute. "Ez dugu amore emanen". Duela hiru urte hasi zen lan gatazkaren erdian dira urritasunen bat dutenentzako zentroetako langileak Nafarroan. 800, denera. Haietako gehienak, %91, emakumeak dira.

2012ko azaroan osatu zuten sindikatuek lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia, eta oraindik ez dute urrats bat ere egitea lortu. "Mila egun baino gehiago egin ditugu jada borrokan", erran du Andres Cenicerok, Lizarrako Oncineda zentroko langile eta CCOO sindikatuko ordezkariak. Iazko ekainetik, greba mugagabean dira.

"Lan baldintza duinak nahi ditugu". Halaxe laburbildu du egoera Anabel Diazek, sindikatu bereko kide eta Iruñeko Valle del Roncal zentroko langileak. Azken bost urteotan soldata izoztua izan dute urritasunen bat dutenak artatzen dituzten zentroetako beharginek; hitzarmenean jasotako hainbat neurri bertan behera utzi ditu enpresak, gainera. "Antzinatasunagatik sari bat jaso behar genuen 2013an, adibidez, baina ez pagatzea erabaki zuten". Auzitara jo zuten langileek, ondorioz, eta enpresak ordaindu behar izan zuen. Datorren urtarrilean gauza bera egin beharko duten beldur dira. Izan ere, antzinatasunagatik jaso beharreko hurrengo saria ere ez duela ordainduko iragarri du enpresak.

Nafarroan dauden zentro gehienak publikoak dira, baina kudeaketa esku pribatuetan da. Adacen Fundazioa da Mutiloako burmuinean kalte hartutakoentzako zentroko arduraduna. Itundua du zerbitzua gobernuarekin. Aspace Fundazioak bi zentro kudeatzen ditu. Eta gainerakoak, berriz, SarQuavitae enpresaren esku dira. "Ia sektore guztia kontrolatzen du enpresa horrek; %80 baino gehiago", erran du Diazek.

Langileak, erdian

Kudeaketa pribatua da, baina SarQuavitaek jasotzen duen dirua publikoa da. "Nafarroako aurreko gobernuak, ordea, ez zuen diru hori gastatzeko moduari buruz inolako kontrolik egin", salatu du ELAko Josetxo Mandadok. Sindikatu horretako arlo soziosanitarioaren arduraduna da Nafarroan. ELA eta CCOO sindikatuekin batera, UGT eta LAB ere badaude negoziaziorako mahaian.

Enpresaren jardueraren gaineko kontrolik eza da, Mandadoren hitzetan, langileak erdian harrapatu dituen gatazkaren gako nagusia. Horixe sentitzen dute langileek, hain zuzen. Erdian direla. "Enpresaren eta administrazioaren artean gaude; hitzak bertzerik ez dugu jaso, ordea, gero betetzen ez diren aginduak", erran du Infanta Elena zentroko langile Rosa Leonek. Lankide du han Blanca Hermoso de Mendoza. Biek argi utzi dute gatazkak izan duela eragina haien egunerokoan. "Iaztik gaude greban, eta ez dakigu hau noiz amaituko den. Tentsioa sortzen da lantokian; langileen arteko giroan sumatzen da egoeraren eragina", azaldu du Hermoso de Mendozak.

Ez da harritzekoa. Mila egun baino gehiago iraun du lan gatazkak jada, eta, iazko ekainetik, greban dira langileak. Haien eskaerak kontuan hartu arte ez dutela etsiko argi utzi dute sindikatuek. Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "neurriz kanpokoak" direla salatu dute. "Ia %100ekoak; hainbat zentrotan protesta hasi aurretik zegoen langile kopuruak gora egin du grebarekin", erran du Mandadok.

"Gure esku dagoen guztia egiten dugu zentroetako erabiltzaileek lan gatazkaren ondorioak suma ez ditzaten". Horixe nabarmendu du Anabel Diazek. "Lan baldintzek guregan dute eragina; baina dena ematen dugu zentroetan diren pertsonen alde". Mandadok onartu du zenbaitetan grebak sortu duela familien artean kexaren bat. "Ulergarria da haserretzea; ulertzen dugu, eta haiek ere gure egoera ulertzea espero dugu. Badakigu hala dela. Familia anitzek eman digute babesa", erantsi du ELA sindikatuko kideak.

Grebak ukitzen dituen zentroetan 670 pertsona inguru artatzen dituzte. "Era askotako urritasunak dituzten pertsonak dira. Gehienek menpekotasun handia dute", azaldu du Andres Cenicerok. Horregatik, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuari ahalegin berezia eskatu dio egoerari konponbidea eman ahal izateko, ahalik eta azkarren.

Oraingoz, hala ere, ez dute Nafarroako Gobernuko agintarien eskutik espero zuten babesa jaso. "Oposizioan zirenean gurekin bat egin zuten; arrazoia gure alde zela erran zuten, behin eta berriz; orain, ordea, agintea haien esku dagoenean, ez dute deus egiten". Horixe salatu du Anabel Diazek, eta agerian utzi du, oraindik ere, ez dutela lortu gizarte gaietarako lehendakariorde Miguel Laparrarekin bilera egitea. "Hainbat aldiz eskatu, baina ez dugu lortu", azaldu du Mandadok. Erantsi du gobernua babesten duten taldeek akordio programatikoan jaso zutela langileon gatazkari konponbidea emateko konpromisoa.

"Etsita gaude jaso dugun erantzunarekin", aitortu du Diazek. Bilerak egin dituzte Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako buru Ines Francesekin, baina bilera horiek ez direla konpromiso eta urrats zehatzetan gauzatu gaineratu du. "Hitzak baino gehiago, ekintzak behar ditugu guk".

Ekintzak, babesa eta kontrola. Horixe eskatu du CCOO sindikatuko kideak. Bat egin du ELAko Josetxo Mandadok. "Ezin dugu onartu enpresak orain arte izan duen botereari eustea. Egun, nahi duenean erabaki dezake kontratuko neurriren bat ez betetzea. Eta gobernuak ez dio konturik eskatu, orain arte".

Egoera hori aldatu nahi dute sindikatuek, eta negoziazioa martxan jarri hori lortzelo. "Gobernuak har dezala diru publikoaren ardura, eta kontrola dezala nola gastatzen den. Egun, langileoi kentzen digun zatitik lortzen du enpresak bere etekina. Guri lana bertzerik ez zaigu gelditzen. Lan karga ikaragarria". Hori nabarmendu du Diazek. Nekatuta dago. Atseden hartu nahi du. Mila egun baino gehiagoko gatazkari amaiera eman. Lanean "duintasunez" jarraitzeko.

Iritzia: Egun bat baino gehiago

Azken aldian askotan pentsatu izan dut zenbat daukagun deseraikitzeko. Zenbat lan egin dugun, egiten ari garen eta zenbat geratzen zaigun aurretik. Bidea gogorra da, baina egoerak ez du besterik eskatzen: egunik egun dugu eraildako emakumeen berri. Ez dira istripuz hiltzen, ez dira istripuak. Heteropatriarkatuak eta haren atzapar luzeek erailtzen dituzte. Atzaparrek ongi ikasi dute ikasgaia. Ongi irakatsi diete eta ongi sinetsi dute haien propietate eta meneko direla emakumeak.

Indarkeriaren azken kate-maila da, agerikoak diren indarkerien artean agerikoena, bortitzena, atzera bueltarik gabekoa. Adjektiboak jartzea zaila da, norberak erabil ditzala egoki deritzen hitzak. Heriotza aurkitzen dute urtean emakume askok eta askok. Euskal Herrian bertan, oker ez banago, hiru izan dira aurten erailak izan direnak. Memorian iltzaturik daramatzagu beste hainbat eta hainbat.

Sistemak berak, hala ere, baditu beste hamaika aurpegi; hilketez, agerikoak diren erasoez, bestelako desberdintasunez eta abarrez gain, bada beste patriarkatu sotil eta sofistikatuago bat, identifikatzen zailagoa dena eta ongi mozorrotzen dena. Eguneroko harremanetan ezkutaturik dago eta gizartean indar handia du. Ezin da ukatu erasoak egunez egun jasan behar izaten ditugula eta, askotan, ez dugula jakiten horiei nola aurre egin. Mikromatxismoak asko dira, forma eta eduki desberdina dute eta ostentzeko baliabideak ez dituzte faltan.

Eta, zer eginen dugu hau guztia deseraikitzeko? Nola askatu kateak? Zer egin beharko genuke zabortegia husten hasteko? Noiz izanen da indarkeria hau lehentasun? Ez al da indarkeria politiko?

Hasteko, indarkeriaren maila eta aurpegi guztiak ezagutu eta identifikatzen jakin dezagun beharrezkoa iruditzen zait; erasoak azalarazi eta horien aurka egitea. Horretarako ezinbesteko tresna zait autodefentsa feminista. Izan ere, emakumeon ahalduntzerako pausurik gabe ez dugu ezer egiterik.

Hasiak gara jadanik azaroaren 25erako kanpainen eta mobilizazioen berri izaten, pixkanaka. Eta etorriko dira instituzioak, entzunen ditugu haien hitzak, udalen mozioak, deklarazioak. Etorriko dira gaitzespen-adierazpenak. Eta, azaroaren 26an, zer? Hitzak azkenean hori dira, hitz. Zutabe hau ere tinta beltz multzo bat besterik ez da. Nik argi daukat. Zerbaitek salbatuko bagaitu, lagunduko bagaitu, barruak husten utziko badigu, ulertuko bagaitu, elkarren arteko loturak sendotuko baditu, indartsu egiten bagaitu… izen bakarra dauka horrek: feminismo.

Zabortegia garbitzeko bide luze horretan, nola ez gogoratu ahaleginean gelditu direnak, bizitza kendu dietenak, bidaide izan ditugunak, bihotzean daramatzagunak. Azaroaren 25ak ezin du egun soilean geratu. Egin dezagun haiengatik eta guregatik.