Nafarroa

203

2008-2011 bitartean izan diren ablazio kasuak Nafarroan. Iñigo Alli Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilariaren arabera, 2008 eta 2011 artean 203 ablazio kasu izan ziren. Ablazioaren aurkako protokoloa martxan jarriko du Nafarroako Gobernuak.

‘Anuus horribilis’

Yolanda Barcinak ziurrenik hasperenka amaituko du 2013a. Ingalaterrako erregina parafraseatuz, anuus horribilis izan da UPNrentzat. Urtarrilean inor gutxik susmatuko zuen gobernua erortzear izango zela. Hala ere, Barcinak jakin du aurkarien kolpeen erauntsiari eusten, eta, Gorenaren erabakiak lagun, zutik jarraitzeko balio izan dio.

A. Alvaro Miranda

Presidenteorde ohiak inputatu gisa deklaratu zuen apirilaren 16an. "Beti lan egin dut zintzo, nire lurraren alde". Epailearen aurrean esan zuen legeak zioenaren aurka ez zegokiola gobernuari Nafarroako Kutxako kontuak kontrolatzea. Epaileari legea nola interpretatu aholkatzen ere ausartu zen. Auziaren artxiboak Iruñerriko Mankomunitateko goi kargudunaren lasaitasunera itzularazi du.

B. Benito epailea

Utzi dioten tokiraino heldu da Maria Paz Benito epaile instruktorea. Pertsona esanguratsuen aurka jo izanaren ondorioz, presio handiak jaso zituen, baina bereari eutsi zion, eta instrukzio zorrotza egin zuen. Ikerketari esker jakin zen CANeko Batzorde Iraunkorreko kideek zenbat kobratu zuten, araudietatik at nola antolatu zuten organoa, akta batzuk manipulatu zituztela eta bileretan ezer ez egiteagatik dirua kobratzen zutela. Auzia artxibatu behar izan zuen, baina agintarien moral falta argi geratu zen.

C. Catalan, Alberto

Bere unea zen UPNren buruzagitzara iristeko. CAN auzian ez zegoen zipriztinduta. Operazioa prest zegoen: balizko garaipen batek PSNrekin berriz akordioa egiteko aukera ematen zion. Porrot egin zuen. Diario de Navarra-k lagunduta, Barcinak irabazi zion.

D. Dietak

Urteko hitza da. Aurten jakin da zenbat diru kobratzen zuten UPNko eta PSNko politikari esanguratsuek juridikoki aholkuak ematea beste funtziorik ez zuen organo batean biltzeagatik. Aurten jakin da Miguel Sanzek 62.817 euro garbi irabazi zituela, Yolanda Barcinak 43.236 euro eta Roberto Jimenezek 34.340 euro. Aurten jakin da egunean bi eta hiru aldiz biltzen zirela eta egun bakarrean 5.600 euro kobratzen zituztela. Aurten jakin da ez zutela ezer egiten bileretan. Aurten ez du inork dimititu.

E. Enrique Goñi

Otsailaren 19an, parlamentuan agerraldi luzea egin zuen, eta aurrezki kutxako buruzagi guztien erantzukizuna saihestu zuen, berea barne. Autokritika bakarra egin zuen: ez zuela behar beste defenditu kutxa, kanpoko kritiken aurrean. Haren esanetan, aurreikusi ezin zitekeen finantza tsunamiaren ondorioz amaitu zuen CANek Caixabanken eskuetan. Parlamentarien galdera ugari erantzun gabe utzi zituen, eta agerian geratu zen horrelako agerraldiek aurpegia zuritzeko baino ez dutela balio.

F. Fundazioa

Egun, CANen, Nafarroako erabakigune bakarra fundazioa da. Caixabanketik iritsitako irabaziak kudeatzen ditu, gizarte ekintzara bideratzeko. Gobernuak izendatutako batzorde batek bere estatutuak jorratu zituen ekainean, gobernu onaren printzipioen arabera. Beranduegi.

G. Gorena

Dieten auzia gainetik kendu zuen Auzitegi Gorenak uztailean. Etikoki gaitzesgarriak izan zitezkeen jarrerak antzeman arren, eroskeria desegokirik ez zegoela ebatzi zuen. Barcina inputatu eta Nafarroan sute politikoa eragin baino, nahiago izan zuen eskuak garbitu eta auzia artxibatu.

H. Helegiteak

UPNk nahierara ulertzen du autogobernua. Parlamentuko gehiengoak onartutako foru legeen aurka Espainiako Gobernuak 11 helegite jarri ditu honezkero Auzitegi Konstituzionalean. Helegiteok eta Espainiako Gobernuak ezarritako oinarrizko legediek Nafarroako foraltasuna mehatxatu arren, gobernuak beste aldera begiratu du. Abertzaleen mamua astindu du.

I Isidro Faine

Nafarroako Kutxako buruzagi berria, Isidro Faine Caixabankeko presidentea, Nafarroan izan zen urriaren 15ean, eta, agidanez, Barcinari eskua bota nahi izan zion. "Nafarroara natorrenean paradisura natorrela sentitzen dut". Faineren esanetan, nafarrak ezin dira bizi-kalitateaz kexatu eta, Espainiako lurraldeen aldean, egoera "hobean" daude.

J. Javier Taberna

Urteak joan, urteak etorri, Javier Tabernak Merkataritza Ganberako zuzendari nagusi gisa segitzen du. 1991tik botere ekonomikoaren hariak mugitu eta Enrique Goñi aurrezki kutxara sartzeko rol erabakigarria jorratu zuen pertsonalitate horrek iaz saria eman zion bere lagun min Antonio Catalani. Urrian "egonkortasun politikoa" exijitu zien alderdiei, azken 22 urteetako egonkortasun bera. Azken finean, Tabernak betiko Nafarroa nahi du. Lagunartekoa.

K. Kontuz

UPNko agintarien aurtengo amesgaizto bihurtu da Kontuz elkartea. Haren salaketak abiarazi zuen auzi judiziala, eta euren ikerketek aurrezki kutxako hainbat inbertsio ilun azalerazi dituzte: dietak, eraikuntza enpresaburuei erositako zoruak, Tenaria, Oexia, AC Hoteles... Mehatxu eta presio ugari jaso arren, gizarteko sektore zabal baten babesa jaso du.

L. Lourdes Goikoetxea

Zor publikoak nabarmen egin du gora, eta zerga bilketan BEZ zergaren bilakaerak zuloa eragin du. Altxorrean zuloak izaki, Goikoetxea kexu azaldu da Mirandarengandik jasotako ondareagatik eta oposizioak behin eta berriz azalpenak eskatu dizkiolako. Bai astuna demokrazia!

M. Maia, Enrique

Inputatua egon zenean, burumakur, bere errugabetasuna aldarrikatu zuen, eta kontzientzia "lasai" zuela adierazi. Batzorde Iraunkorreko bileretan "lan egin" zuela zioen. Txupinazoan ikurrin erraldoi hura jartzea egotzitako pertsonak atxilotzean, erruduntzat jo zituen, eta "iruindarrei irain egitea" egotzi zien. Epaitzeko, bi neurgailu ditu Maiak: estua berekiko, zabala besteekiko.

N. 'Navarra'

Gobernua zenbat eta ahulago egon, mamu ugari azalerazi ditu UPNk: arlo publikoan ezker abertzaleak D eredua politizatzeko arriskua; sanferminetan ikurrinak herritarrei irain egitea; tarta bidezko terrorismoa; marrazki bizidunak euskaraz ikusteko ilegalitatea... Navarra inguratuta dago, mehatxupean.

O. Oesia Network

Kontuz-ek aurten salatu du afera. 2009 eta 2010 artean, Cajasolek eta Nafarroako Kutxak galerak zituzten bi inbertsio partekatu zituzten: Guascor eta Oesia Network. CANek Oesiaren %19 erosi zuen 44 milioi euroren truke —urtebete lehenago %10 erosi zuen 22,4 milioiren truke—. Hiru urtetan Oesiak 57 milioi euroko galera eragin zion CANi.

P. PSN

Gobernua ahul eta gutxiengoan egonagatik, PSNk ez du aurrerapausorik eman. Azken finean, Alfredo Perez Rubalcabak martxoan argi utzi zuen hauteskundeak ez zirela aurreratu behar, eta aholku hura zintzo bete du, nahiz eta Barcinari bozak aurreratzeko behin eta berriz exijitu. Eskizofrenia horrek arrazoi bakarra du. Laugarren edo bosgarren indar izateko beldur da.

R. Ricardo Marti Fluxa

Kontuz-eko ikerketa taldeak aurten kaleratutako El Banquete liburuan argi geratzen da Espainiako segurtasun idazkari ohiak funtsezko rola izan zuela CANen gainbeheran. Ez da Nafarroara etorri azalpenak ematera. Madrilen dago, higiezin sektorearen lobby-ko eledun gisa.

S. Sanz, Miguel

Tragoxka garratza irentsi behar izan zuen inputatu gisa deklaratzean, auzia artxibatu zenean. UPNren norabiderik ezaz kezkatuta, hauteskundeetan bakarrik joateko komenigarritasunaz aholkatu zion Barcinari. Sanzek gaztatxoaren teoria errepikatu nahi du.

T. Tartak

Urteko metafora. Ezer ez egiteagatik dieta oparo eta ilegalak kobratu zituzten politikariak, presidentea barne, onik atera dira epaitegietatik. Frantzian Barcinari merenge tartak jaurti zizkioten ekintzaileei, berriz, bi urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak.

V. Vialogos

Kontuz-en beste ikerketa bat. Nafarroako Kutxaren proiektu hartako zuzendari izan zen Enrique de Mulder. Lau urtez, Vialogosek 2,6 milioi euro ordaindu zizkion bere emaztearen enpresari. Ez du inongo azalpenik eman.

Y. Yolanda Barcina

Ozta-ozta salbatu du urtea. Lehenik, UPNko Kongresua boto gutxigatik irabazi zuen. Gero, EH Bilduk aurkeztutako zentsura mozioa gainditu zuen, PSNren abstentzioak lagunduta. Azkenik, Gorena etorri zen erreskatera, eta inputazioa saihestu zuen. Alderdi barruko kritikak ez ditu gainditu. Estrategiarik ez duela diotenei erantzun die: abertzaleenganako beldurra da bere taktika bakarra botereari eusteko.

Z. Zentsura mozioa

EH Bilduk zentsura mozioa aurkeztu zuen, eta Juan Carlos Longas izan zen hautagaia. Helburua zen mozioa aurrera atera eta lehenbailehen hauteskundeetara deitzea. Besteek kritikatu arren, erretratu fidela islatu zuen bozketak. PSNren abstentzioa Barcinaren aldeko boto bihurtu zen.

Zor publikoa.

Espainiako Bankuaren arabera, Nafarroaren ekainera arteko zor publikoa 3.230 milioi eurokoa da. Urte oparoetan gobernuak dirua jarri du azpiegitura handietan, eta orain zorrak eta defizitak kezkatzen du. Iraganean erakutsi gabeko zorroztasuna aldarrik...

Irati irratiaren bazkide kopurua.

Azken zenbaketen arabera, egun Irati irratiak 176 bazkide ditu. Hala ere, aurten ahalegin berezia egin dute bazkide berriak egiteko. Izan ere, aurten, 68 bazkide berri erdietsi dituzte. Horiei esker, aurrera jarraitzen du Irati irratiak.

789

Nafarroako familien Gabonetako batez besteko gastua. Iratxe kontsumitzaileen elkarteak esan du Nafarroako familiek batez beste 789 euro gastatuko dituztela Gabonetako erosketetan. Elkartearen arabera, 789 euro horietatik 202 jakietan gastatuko dituzte.

%34,8

Nafarroan egiten diren epaiketen artean, azkarrak izan direnen ehunekoa. Nafarroan urtarriletik irailera 4.334 administrazio eta zigor epaiketa egin dira. Horietatik 1.512 epaiketa azkarrak, epaiketa guztien %34,8. Orain 10 urte legeztatu zituzten epaiketa azkarrak.

Pirinioetako lagunen bilgune

Hogei urte igaro dira Irati irratiaren ibilbidea hasi zenetik. Egun arte egin duten bidea ez da batere erraza izan. Mota askotariko arazoak izan dituzte: ekonomikoak, teknikoak... Hala ere, arazo, oztopo eta muga guztiak gainditu eta Aezkoa, Erroibar, Luzaide eta Agoitzen entzuteko parada dago. Zazpi urtez isilik egon zen arren, bihar, Garraldan 20. urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu dute, orografiak banatzen duenak irratiak batzen duela ospatzeko.

"Egun on, Auñamendi", hala hasten du irratsaioa Arkaitz Almortza Irati irratiko esatariak astelehenetik ostiralera. Berez urnietarra izan arren, Irati irratiko esatari izateko erronkari uko ezin egin, eta ia urtebete darama Aezkoa aldean. "Niretzat erronka izugarria izan da hona etortzea, baina oso pozik nago", adierazi du Almortzak. Irati irratia irrati xumea dela dio, eta egia da.

Aezkoako Batzorde Nagusiak Ariben duen egoitzako gela batean dago Irati irratia. Leihotik begiratu, eta joan den astean errepide bazterrak elurtuta ikus zitezkeen. Luxu handirik gabeko irratia da. Hala ere, egunero bi ordu eta erdiko irratsaioa egiteko oinarrizkoa badute. "Denetariko lanak egiten ditut, teknikariarenak, kazetariarenak...", azaldu du Almortzak irri artean. Hala ere, nabari da iaioa dela irratiko mahaiko kontrolak gora eta behera mugitzen.

"Pirinioetako eskualdeetako informazioa lantzen dugu, informazio lokala, eta entzuleei iritzia emateko aukera ere eskaintzen diegu", jakinarazi du esatariak. Dena den, askotan jendeari deitzea kosta egiten zaiola gaineratu du. "Nik ez dakit zergatik den, baina jendeari irratian parte hartzea kosta egiten zaio", azaldu du atsekabetuta. Dena den, parte hartzea sustatzen jarraitzea da gorriz azpimarratutako irratiaren helburuetako bat.

Atzera begira jarrita, urrun gelditu dira irratia abian jartzeko 1990eko hamarkadako lehen urteetan, Aezkoa inguruan irrati bat sortzeko emandako pausoak. Nafarroako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia sortu berria zen, eta diru laguntzak ematen hasi zen lekuan lekuko irratiak sortzeko. Irati sortu aurretik, Aezkoan bazen beste irrati txiki bat, egoitza Garraldan zuena. Espainiako Kultura Ministerioak bultzatutako programa bati esker sortu zen irrati hura. Helburua Aezkoa inguruko herrien arteko kohesioa eta harremana sustatzea ziren, baina ideiak ez zuen ez aurrera eta ez atzera egin, eta proiektua bertan behera gelditu zen.

Ondorioz, helburu horiek erdietsi gabe gelditu ziren. Herri eta eskualdeetako irrati txikien loraldiaren garaia zen, eta Aezkoa inguruan irrati baten beharra bete gabe zegoen. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bati esker, ibarreko hainbat lagunek Irati irratia sortu zuten, harreman sozialak bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Hasieran, Irati irratia udal irratia bazen ere, kudeaketarako lantaldea sortzea erabaki zuten, eta horren bitartez sortu zen Irati elkartea.

Pauso horien ostean, 1993ko urtarrilaren 20an emititu zen Irati irratiaren lehen saioa. Ederki oroitzen da garai horietaz Karmele Galarza. Euskararekin eta hainbat herri mugimendurekin konprometitutako emakumea da, eta zenbait urtez irratiko esataria era izan zen. Baina osasun arazoak direla medio, zeregina utzi egin behar izan zuen. "Izugarri gustatzen zait irratia, bertako informazioa lantzen duelako; eta halako komunikabideak behar-beharrezkoak dira", azaldu du. Nostalgia apur bat nabari zaio irratiaz hitz egitean. Hala ere, oso harreman estua du oraindik ere.

Irratiaren ibilbidea 1993ko urtarrilean hasi zen arren, zailtasunez betetako ibilbidea izan duela ondo baino hobeto daki Galarzak. "1993an hasi ginen irratian, baina 2009. urtera arte ez genuen lizentziarik lortu", dio. Egoera horrek hainbat zailtasun eragin zituen, tartean teknikoak. Hain justu, arazo tekniko horien eraginez, emititzeari utzi behar izan zioten 2002an. "Pentsatzen genuen azkar batean konponduko genituela arazo teknikoak, baina ia zazpi urtean irratia isilduta egon zen".

Berriz guztia martxan jartzea izugarri kostatu zitzaien Irati elkartekoei. Irratiko atea ireki eta guztia abiaraztea lan nekeza izan zen, batez ere Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erabat desagertu ostean. "Izugarrizko ahalegina egin genuen, eta lortu genuen Irati irratia abiaraztea", adierazi du Galarzak. Dena den, emititzeko lizentziak ordu arte izandako segurtasunik eza erabat desagerrarazi zuen.

Aldaketen garaia

Irratia asko aldatu dela dio Galarzak. Tristura apur bat antzematen zaio, igarotako garaien nostalgia dela eta. Almortzak argi dio aurrerapen teknologikoek izugarri erraztu eta arindu dutela irratigintza. Hala ere, sarritan oinarrizkoarekin, elektrizitatearekin arazoak izaten dituzte. "Gezurra dirudi, baina askotan elektrizitatea joan egiten da zuzenean ari garela", azaldu du Almortzak.

Dena den, aurrerapen teknologien olatuak hartzen jakin izan dute Irati irratiko kideek. Izan ere, 2011n Berria bekari esker, Aitziber Villalba Irati irratiko esatari ohiak hedabidearen webgunea garatu ahal izateko diru laguntza erdietsi zuen. Horri esker, egun Egun on, Auñamendi! saioa Internetez entzuteko aukera dago. Horrez gain, sakelakotik ere entzun daiteke Uhin Bank aplikazioaren bitartez.

Baina, ziurrenik, Aezkoan egoitza duen irratian aldaketarik handiena publizitateak eragin du. Aurten hasi dira iragarkiak saioekin tartekatzen, eta modu horretara proiektua finantzatzeko beste diru iturri bat erdietsi dute. "Aurten lehenengoz publizitatea izatea lortu dugu, eta hori aurrerapen garrantzitsua da", aitortu du Almortzak. Aurrerantzean ere publizitatea mantendu eta indartu nahi dute epe motzean lantzeko eremu gisa.

Hala ere, zailtasunak zailtasun, bihar jai giroan irratiaren hogeigarren urteurrena ospatuko dute. Irati irratiaren eguna izango da bihar. Goizean goizetik izango dira ekitaldi, kontzertu eta tailerrak. Bazkaria 14:30ean izango da, eta arratserako, pilota txapelketa eta pintxo poteoa izango da. Gauean kontzertuak antolatu dituzte.

Pirinioetako abeltzainek egin ohi duten bezala, auzolanean prestatu dute Irati irratiaren eguna. "Ni afarirako ogitartekoak egiteaz arduratuko naiz", dio pozik Galarzak. Izan ere, hedabidearen sustatzaileak elkarlanean aritzera ohituta daude. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitu nahi dute, orain arte bezala, Aezkoa ingurukoak informatuz.

AUTOBUS GELTOKIRIK EZ

Atarrabiako Martiket auzokoak haserre daude billabesako 4H linea duela zenbait hilabetetatik bertatik pasatzen ez delako. Udaberri aurreko ibilbidea egiteko eskatu dute auzokideek.

“Zapatak arnasa hartu, malgua izan eta iraun egin behar du”

Goizero, gosaldu ostean, 08:00etan sartzen da Xabier Iturriotz (Legorreta, Gipuzkoa, 1962) Imotzeko Erason duen tailerrean. Etxe ondoan du tailerra, bioeraikuntza oinarri hartuta eraikia, eta bertan ditu lan tresna guztiak. Karmele Del Rio bazkideak eta Jaione Goñik larru puskak mozten dituzte, eta Iturriotzek zapatak egiten ditu. Del Riok eta Goñik Iruñeko Arrotxapea auzoan duten Zapatari denda eramaten dute. Baina azoketan ere asko ibiltzen dira, Madrilen, Katalunian eta Euskal Herrian gehienbat. "Bezeroari zapata ia etxeraino eraman behar zaio", esan du Iturriotzek. Hark argi du nolakoa izan behar duen zapata on batek. "Zapatak arnasa hartu, malgua izan eta iraun egin behar du". Iturriotzek, Del Riok eta Goñik egiten dute zapata ekoizteko prozesu osoa. Horrela, produktu berezia sortu eta gastuak gutxitu egiten dituzte.

Iturriotzen aitak, Legorretako paper fabrikan lan egiteaz gain, herrikoen zapatak konpontzen zituen. Aitaren tailerrean hasi zen Iturriotz zapatak konpontzen, asteburuetan diru apur bat izateko. Garaia heldutakoan, Gasteizera joan zen ikastera. Bertan, Irakasle eta Euskal Filologia ikasketak hasi zituen, baina ez zuen ez bata ez bestea bukatu. Ikasketetan zorte handirik izan ez zuenez, bizimodua aurrera ateratzeko Gasteizen bertan zapatak konpontzeko denda jarri zuen. Gero, bertako zapatagile bat erretiratu zenean, zapatak egiteko makineria saldu zion Iturriotzi. Zapatak egiten ere irakatsi zion, eta denda ireki zuen Errementari kalean: Zapatari.

Gasteizen txokoa egin bazuen ere, Iturriotz Iruñera joan zen 1993. urtean, emaztea bertakoa duelako. Iruñean, Karmele Del Riorekin batera sozietate bat egin zuen. Antsoleaga kalean, zapata denda jarri zuten. Del Riok larru puskak moztu, eta Iturriotzek zapatak bukatzen zituen. Gasteizen zegoenean, larru puskak eginak erosten zituen. Antsoleaga kaleko dendan, zapatak saltzeaz gain, konpondu ere egiten zituzten; gaur egun, ordea, ez. "Bertan zortzi bat urte eman genituen, baina lokala pixka bat txikia geratu zen, eta Arrotxapea auzoko Tomas de Burgi kalera joan ginen". Arrotxapean dute denda, gaur egun, Iturriotzek eta Del Riok. Baina zapata tailerra Erason dute. "Emazteak eta biok lursaila erosi genuen Erason, eta hara bizitzera joan ginen. Poliki-poliki, herrian bizi eta lan egiteko hautua egin dut", azaldu du Iturriotzek. Del Riok eta Jaione Goñik, larrua moztu, eta zatiak josten dituzte. Iturriotzek, berriz, zati horiek jaso, eta Erasora eramaten ditu. Larru zatiak moldean muntatzen ditu, kurrika batzuen laguntzaz. Muntatzean, zapatak josi eta itsatsi egiten ditu. Ondoren, prentsan jarri eta, bukatzeko, zapatak lizatu eta txukuntzen ditu.

Hiru produktu egiten dituzte: sandaliak, zapatak eta botak. Denda egunero irekitzen dute, goizez. Ostegun eta ostiraletan, arratsaldez ere irekia izaten dute Arrotxapeko denda. Baina mugitu beharra dute zapatak saltzeko. "Dendara ez da jende asko etortzen, horregatik joaten gara artisautza eta ganadu ferietara: Abadiñora sanblasetan, Donostiara San Tomas egunean, Urretxura santaluzitan eta Irurtzunera ganadu azoketara", azaldu du Iturriotzek. Euskal Herritik kanpo ere joaten dira. "Duela gutxi Madrilen egon gara, Biocultura ferian, eta datorren astean Kataluniara joango gara". Urtean sei aldiz joaten da Kataluniara Iturriotz, hango ferietara saltzera. "Oso gustura joaten naiz Kataluniara. Baditugu leku finko batzuk: Lleida, La Seu d'Urgell, Sant Boi de Llobregat, Molins de Rei eta Bartzelona. Euskaldunekin giro oso ona dute". Hala ere, bidaiatzea da bere lanetik gutxien gustatzen zaiona. "Gogorra da kargatu, deskargatu, muntatu, desmuntatu, eta abar. Kilometro piloa egin eta etxetik kanpo ematen diren egunak. Baina saltzeko hori egin behar da", dio Iturriotzek. Erason bertan ere saltzen dute, herriko jendeari batik bat. Baina noizbait azokaren batean hurbildutako norbait etxeraino etorri zaio egindako enkargu baten bila. "Behin, Gernikan egon ginen urriko azken astelehenean. Azpeitiko batek, botak ikusi, eta hurrengo egunean Erasora etorri zen erostera. Emaztearentzako ere enkargatu zituen beste batzuk. Iruñea baino hurbilago dute askok Eraso".

Krisia nabaritu dute Iturriotzek eta Del Riok. "Jendeari gehiago kostatzen zaio erostea. Pixka bat gehiago mugitu behar izan dugu, eta prezioak mantendu ditugu. Baina lortu dugu hiru soldata ateratzea", azaldu du Iturriotzek. Euren produktua, gainera, irauteko egina dago, ez da urte batetik bestera apurtzen. Horrek asko pozten du Iturriotz, zapata onak eta iraunkorrak egiteak.

Etorkizunean, zapatak egiten jarraituko du Iturriotzek. Baina badu beste proiekturen bat ere buruan: Larruaren Txokoa. Erason bertan egiten ari da borda bat eta hiru etxola, bioeraikuntza oinarri hartuta. "Larruaren Txokoa da proiektu bat eskoletako umeak etortzeko, haraneko lanbide tradizionalak eta larrua nola lantzen den ikasteko, baina hori datorren urtean izango da".

Tokiko administrazioa, arriskuan

Tokiko adminitrazioaren lege berriaren onartzea ia-ia oharkabean gertatu dela ematen du. Eztabaida izan zen Kongresuan, hainbat komunikabidetan ere agertu da, baina gure karriketan deus guti sumatu dugu horri buruz.

PPren asmoa aitzinera atera zen, Euskal Herriko bi alderdiren babesarekin: UPN eta EAJ. Bi alderdi horiek PPrekin adostasuna lortu zuten, euren hitzetan, euskal erakundeen berezitasunak aintzat hartzea lortu omen zutelako. Erakunde horiek Iruñeko gobernua eta Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako aldundiak dira. Aldiz, tokiko erakundeak, udalak eta kontzejuak, galbidean edo murrizteko arriskuan jartzen ditu Hego Euskal Herriko eremu osoan, Estatuaren peko lurralde guzian bezala. Iruñeko eta Gasteizko gobernuek ziurtatzen dute euskal erakundeen berezitasunak babestea lortu dutela eta, beraz, Madrilgo legearen eragina mugatua dagoela. Baina bertze arlo batzuetan gertatzen ari dena ikusirik, zalantzan jartzekoa da ziurtapen hori.

Mintzo den horrek ez daki behar adina lege berri hontaz eta izan ditzakeen ondorioez, herritar gehienon moduan, pentsatzen dut. Baina datu batzuk adituta, tokiko erakundeen aurka izutzeko moduko eraldaketa izanen dela jakiteko adina badugu. 5.000 biztanletik beheitiko udalerrietan, ordezkaritza-sistema erabat alda daiteke, alkate eta zinegotzien kopuruak nabarmen gutituz, edo erakunde horiek desagerraraziz, adibidez, kontzejuak Araban eta Nafarroan. 20.000 biztanletik beheitiko eremuetan, oinarrizko zerbitzu publikoak bateratu (zentralizatu) eginen lirateke, mankomunitateetan, horiek zuzenean aldundien edo gobernu autonomikoaren esku geldi daitezkeelarik, eta, noski, pribatizatzeko arriskuan.

Ordezkaritza sistemari eta zerbitzuen kudeaketari buruz dakiguna hori da; aldiz, ez dakigu sistema aldatze horretan non geldituko diren herriek dituzten ondasunak, bereziki, lur komunalak.

Madriletik, aspaldi ohi duten moduan, gure herriak eta eskualdeak zuzenago kontrolatzeko asmoa darabilte, azken finean, herritarrengandik hurbilen diren erakundeen eskumenak murriztuz, botere osoa Estatuak zuzenean edo estatutik hurbilen diren erakundeetan zentralizatuz, horien esku metatuz.

Kanpotik eta, gehienetan, zuzenean Madriletik datorren eraso berri hau herritarrontzat aukera izan daitekeela ulertzen dut; aukera, bai, gure herrien antolakuntza aztertu, herritarrok behar eta nahi duguna hausnartu, eta hori lortzeko moduak asmatzeko aukera ezin hobea. Madriletik datozen astinduek iratzarrarazi ohi gaituzte, mugiarazten, eta, beraz, eraso berri bakoitza aukera da erabateko aldaketak mahai gainean jartzeko. Erronka hori hartuko al dugu?