Nafarroa

Fantikorena etxea, iraganaren gordailu

Fantikorena etxea, iraganaren gordailu

Kattalin Barber

Hainbat hilarri dira Artetako Fantikorena etxeak gordetzen dituen pieza zaharrenak. Erdi Arokoak dira gehienak. Etxe nabarra da Fantikorena, beheko solairutik azkeneraino. Nafarroako Erresuma izan zenaren gordailu da: 10.000 pieza baino gehiago daude gordeta, antzinako bizimoduaren erakusle. Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak bildu ditu urte hauetan guztietan arbasoen piezak, eta museo bihurtu du bere tailerra izan zena. Aurten, 30 urte bete ditu Artetako Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoak, eta ospakizunak dituzte asteon.

"Nire aitak beti esaten du piezak biltzen hasi zela gure arbasoak tontoak ez zirela frogatzeko". Elur Ulibarrenaren hitzak dira, eskultorearen alaba eta, egun, museoaz arduratzen dena. 40 urte baino gehiago daramatza eskultoreak pieza etnografikoak biltzen, eta horren emaitza XII. eta XX. mende arteko 10.000 objektu baino gehiago dira. "Herriko bizitza desbalorizatu zen, eta garai horretan hirian bizitzea zen onena. Aurrerapena hori zen", azaldu du alabak.

Testuinguru horretan hasi zen Ulibarrena materiala biltzen: "Berak zeharo baloratzen du hain desprestigiatuta zegoen bizimodua". Elur Ulibarrenak argi du, gainera, horrelako piezak egiteko azkarra izateaz gain teknika ere oso ongi menperatu behar zela. Hamaika gremiok dute txokoa Artetan, lurrari lotutako lanbideak guztiak: artzaintza, abeltzaintza, hargintza, burdinola, aroztegia, ferratzaileak...

Beheko solairuan pieza zaharrenak daude, eta lastategian, berriz, XX. mende hasierako piezak, berrienak. "Betirako piezak egiten zituzten, iraunkorrak". 1972. urtean erosi zuen Fantikorena etxea Ulibarrenak, eta 1986. urtean museo bihurtu arte, bere tailerra izan zen. Bitxikeria bat kontatu du haren alabak: "Erosi baino lehen hiru jabe zituen etxeak, jarauntsi zuenak jokoan galdu zuelako".

Artetakoa ireki baino lehen, Berriobeitin beste museo bat izan zuen Ulibarrenak. Nafarroako Erresuma zenaren piezak bildu ditu sortzaileak. "Eta mugak gainditu zituen. Bordeleko piezak ditugu hemen, adibidez. Batik bat, Pirinioetako kulturako piezak interesatzen zitzaizkion".

Besteak beste, Joxe Ulibarrenak harria, zura, buztina eta burdina erabiltzen zituen eskulturak egiteko. Beti pertsonak edota pertsonaiak zizelkatu izan ditu bere obran. "Urtez urte bildu dituen piezak, ordea, objektuak dira. Pertsona horiek erabili behar zituzten erremintak", azaldu du Ulibarrenak. Museoak pertsona horiei falta edo kendu zizkieten objektuak gordetzen ditu. "Nik uste dut museoa bera bere obra bat dela, instalazio artistikoa".

Nafarroako Pedro Mariskala maite zuen eskultoreak. Eta izen hori jarri zion museoa kudeatzen duen familia fundazioari. "Hein batean, aita mariskala sentitzen da". Museoak eskultorearen obra konpentsatzen du, edota alderantziz: "Balantza orekatua osatzen dute".

Diru laguntzarik gabe

1987. urtean, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuen fundazioak, eta lortu zuen Nafarroako museoen sarean sartzea. Ordutegi finko bat, bisita gidatuak eta erakusketak antolatzen zituen Artetako museo etnografikoak. 2009an, berriz, krisia dela eta, murrizketek erabat jo zuten Arteta. "Sarea osatzen genuen 33 museoetatik, 11 museo geratu ziren. Bitxiki, Nafarroako museo etnografiko guztiak kanpoan gelditu ginen", azaldu du Ulibarrenak. Ordutik ez dute aurrekonturik, eta egiten dutena museoa maite dutelako egiten dute. Uda garaian, asteartetik igandera irekita edukitzen dute museoa, eta neguan, berriz, asteburuetan. Norbaitek beste egun batean bisitatu nahi badu, ematen dituzte hitzorduak deituz gero. 3.000 pertsona inguruk bisitatzen dute Arteta urtean, eta eskola asko joaten dira ikustera.

Orain dela bi urte arte eskultorea Fantikorena etxean bizi zen, baina adinak orain ez dio uzten. "Dena den, aitak egunero eskatzen du Artetara joatea".

Iritzia: Ohiko prentsa agerraldi batean

Saioa Alkaiza
Hiru mikrofono daude mahai gainean. Horien aurrean, hitza zeinek hartuko duen argi uzten duen karteltxoa. Atondutako mahaiaren parean, aulkiak, ilaran, banan-banan, ongi bereizita. Agertoki ezin txukunagoa, egunkarietako tituluak konkista...

Badute poltsa bat bete bizitza

Badute poltsa bat bete bizitza

Edurne Elizondo
Ez da amaiera, bizitzaren bertze etapa bat baizik, eta gogoz egin behar diogu aurre". Edorta Berriozabalenak dira hitzak. Gaixotasunei buruz hitz egiteak amorratzen duela aitortu du, baina ez du ezkutatzen ebakuntza baten ondorioz bere ...

Hautsak harrotu ditu

Hautsak harrotu ditu

Kattalin Barber

Ez dute beilatokia herri barruan nahi. Hori da Etxarri Aranazko hainbat bizilagunen eskakizuna, herriko kale nagusian ezarri nahi duten beilatokiaren aurka. "Ez gure kalean, ez beste inon, beilatokia herritik kanpo egotea eskatzen dugu", azaldu dute beilatokiaren aurkako taldeko kideek. Haien kezka eta gaitzespena adierazi dute. Sinadurak biltzen ere hasi dira.

Ez da lehen aldia Nafarroan beilatoki bat jartzeak herritarren gaitzespena jasotzen duena. 2014. urtean, Berako beilatokiaren aurka sinatu zuten 800 pertsonak, eta Iruñeko Txantrea auzoan eta Uharten ere gaiak hautsak harrotu ditu uda honetan.

"Nafarroako Arartekoak beilatokiak etxebizitzen beheko solairuetan debekatzea iradoki, eta beste kokapen bat bilatzea gomendatzen du", azaldu du Etxarri Aranazko beilatokiaren aurkako taldeak. Hori dela eta, udalari bilera eskatu diote gaiaz mintzatzeko, eta, bide batez, hildakoen inguruko osasun udal ordenantza bat eskatzeko: "Beilatoki eta tanatorioak herritik kanpo egitea arautzea nahi dugu".

Izarralore SL enpresak beilatokia eraikitzeko eskakizuna egin zuen, eta Etxarri Aranazko Udalak baimena eman zion, legearen barnean dagoelako. Herriko bizilagunek beldurra dute ea beilatokia ez den tanatorio bihurtuko: "Baimen berezia beharko luke tanatorioa izateko, baina ez dugu oso argi ez duten beilatokia tanatorio moduan erabiliko". Tanatorioetan tanatopraxia —hilotzen hondatze prozesua gelditzeko tekniken multzoa— egiten da; beilatokia, berriz, hil beila egiteko aretoa da, eta ez dago inolako kontakturik hildakoarekin.

Beilatokiaren aurkako bizilagunek uste dute beilatokia etxe azpian izateak eguneroko bizitza baldintzatzen duela: "Auzolaguna ataritik ateratzen den bakoitzean, hildakoaren senide eta lagunekin topo egiten du, eta aldiro behartuta dago horren saminarekin bizitzera". Gainera, taldeak adierazi du Etxarri Aranazko beilatokiak legea betetzen duen arren, "traba egin eta gehiengoaren bizikidetza hondatzen" badu, administrazioak hori aintzat hartu behar duela. "Legez jokatzea ez da administrazioaren betebehar bakarra", adierazi dute.

Kale Nagusiko 2. zenbakiko, Eraga etorbideko 1. zenbakiko eta Artola kaleko 2. eta 4. zenbakietako bizilagun gehienek bat egin dute beilatokiaren aurkako taldean. Inguruko herriekin ere harremanetan jarri dira haien iritzia jakiteko, eta sinadura bilketa martxan jarri dute herriko taberna zein dendetan. "Beilatokia erabiliko dute inguruko herriek ere, eta haien iritzia zein den jakitea garrantzitsua da".

Hildakoaren senide eta lagunek giro lasaia eta barea behar dutela eta herriko kale nagusia ez dela horretarako batere egokia salatu dute bizilagunek. "Trafiko gehien duen kalea da, aparkaleku gutxi ditu, eta ez dago leku irekirik lasai egoteko eta hitz egiteko ere".

Beran ere, aurka

2014an Berako Iturlandeta auzoan beilatokia jarri behar zutela eta, ezinegona agertu zuten auzoko eta herriko hainbat bizilagunek. 800 sinadura bildu zituzten udal ordenantza aldatzeko eta beilatokia "toki egokian" jartzeko eskatuz. Marisol Taberna zen orduan Berako alkatea, eta, hark zioenez, ez zuten ordenantza aldatu, beilatokia egiteko eskaria egin zenean indarrean zegoen ordenantzak beilatokia jartzea baimentzen zuelako. Hortaz, ordenantzaren aldaketak ez lioke eraginen aldez aurretik onartuta zegoen lizentziari. Beilatokiko lanak hasterakoan, zenbait istilu izan ziren. Egun, beilatokia egina dago, baina ez da erabiltzen. Aurretik zegoen beilatokia erabiltzen dute herritarrek eta ingurukoek.

Bera eta Etxarri Aranazko beilatokien aurkako taldeak ez dira kasu bakanak. Uda honetan bertan, Uharten eta Iruñeko Txantrea auzoan elkarretaratzeak izan dira egin nahi dituzten beilatokien aurka. Sinadurak biltzen aritu dira Uharteko bizilagunak ere, eta udalari eskatu diote udal ordenantza alda dezala, halako eraikuntzak ez baimentzeko. Eguneroko bizitza normal egitea oztopatzen dutela eta bizilagunei kalte egiten dietela diote Txantrea eta Uharteko bizilagunek. Uharteko Udala enpresarekin negoziatzen ari da beilatokia lekuz aldatzeko. Udalak ere uste du Alde Zaharra ez dela toki "egokiena", eta dauden aukeren artean Uharteko beste tokiren batean jartzea begi onez ikusten du.

Iruñeko Donibane eta Ermitagaña auzoetan tanatorio bana dago, gaur egun; Iratxek Donibanen duenak ere auzoko bizilagunen protesta piztu zuen, egin zutenean. Egun, inguruko bizilagunen etxebizitzen artean, normal-normal funtzionatzen du.

Iritzia: Mola eta Sanjurjo, Sanjurjo eta Mola

Lur Albizu Etxetxipia

Aste batzuk pasatu dira abuztu amaieran Iruñeko Udalak berria eman zuenetik: Mola eta Sanjurjo kolpisten gorpuzkiak, beste sei pertsonarekin batera, Erorien Monumentuko hobitik aterako ditu, azaroaren 16an. Estatu kolpearen buruzagi, diseinatzaile... izanak, biak hegazkin istripuetan hilak.

Sinbolismo handia duen pausoa iruditzen zait, justiziazkoa izateaz aparte. Nola egon daitezke laurogei urteren ondoren oraindik hantxe, eraikintzar horretan lurperaturik? Nola da posible oraindik Memoria Historikoaren Legea toki askotan ez betetzea? Legea ez al dago, haien ahotan, betetzeko?

Erabakiak hautsak harrotu ditu. Normala izan beharko lukeen eginbeharra probokazio bihurtu da. Politikaren erdigunera ekarri du gaia erabakiak eta, erabakiak ez ezik, horren ondorioz (ala ez?) nafar faxismoak egin dituen erakustaldiak: alkateari mehatxu margoketak (Asirón, atrévete con los vivos), taberna, elkarte, gaztetxe, muralei erasoak, German Rodriguezen plakari erasoa, Iruñeko fusilatuen plakari erasoa... gehienetan adierazpen nagusia Espainiako (Una, grande, libre) bandera izateak ere zer pentsatua ematen du, edo eman beharko lioke bati baino gehiagori, nire iritziz.

Hautsak harrotu ditu, bai, eta irudipena dut ez ote gauden beste batzuk oso isilik, gehiegi, agian. 1936an estatu kolpearen harira hil zituzten milaka lagunei omenaldiak egiten ari zaizkie egunez egun Nafarroako hainbat eta hainbat txokotan. Gobernua ere han izaten da, eta antolatzen ditu omenaldiak (duela aste pare bat, maisu-maistrei eskainia). Hala ere, beste apunte bat gehituko nuke nik: ez dakit aski ari garen ospatzen; Mola eta Sanjurjoren gorpuzkiak aterako zituztela jakin genuenean, nork ospatu zuen? Eta nor atera da kalera? Nor nabarmendu da? Ezinbestekoa iruditzen zait halako erabakiak hartzen direnean, halako pausoak ematen direnean, kalean ere poz eta giro hori islatu beharko litzatekeela. Eta azaroaren 16an (joan zaitezte agendetan tokia egiten; asteazkena da) bertan askok egon beharko genukeela Askatasunaren Plazan udalaren pausoa ospatzen.

"Batzuek, 40 urteren ondoren, gerra irabazi nahi dute", esan zuen joan den astean Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Ez dugu gerrarik irabazi nahi, memoria nahi dugu, egia, aitortza, justizia. Berandu da, baina bi kolpistaren eta beste sei pertsonaren hilobi sakratuak ez ukitzea ezin da onartu. Ez dugu gerrarik irabazi nahi, ministro jauna; ez dugu gerrarik irabazi nahi, batez ere, errealitate batengatik: hemen ez zen gerrarik egon; kolpe bat egon zen, eta milaka izan ziren biktimak. Mespretxu gutxiago, memoria gehiago.

Abel Azkonaren erakusketa, Askatasunaren plaza/Serapio Esparza plazaren izenaren inguruko polemika, gorpuzkiak ateratzea... nahikoa gerra ematen ari da Erorien Monumentua eta haren ingurua. Azken galdera: zer eginen dugu/egin beharko genuke auzolotsa besterik ematen ez duen monumentuarekin? Zergatik ez ospatu, beste egun batean, hemendik hilabete/urte batzuetara, eraikinaren eraistea?

Bonbak bakearen egunerako

Bonbak bakearen egunerako

Edurne Elizondo
Ez dira isildu. Iraganeko eztanden oihartzunak bat egin du egunotan Bardea zulatzen ari diren bonben hotsarekin. 1951. urtetik dago martxan Erriberako tiro eremua, baina lehergailuen burrunba ez da izan Erriberan geroztik entzun den bak...

Dantzan jarri dute Lizarra

Dantzan jarri dute Lizarra

Kattalin Barber
Bost urte ditu Sara Zugastik; 68, berriz, Ander Irisarrik. Larraiza dantza taldeko dantzari gazteena da lehendabizikoa, eta dantzari ohi zaharrenetarikoa, berriz, bigarrena. Bihar, elkarrekin aterako dira biak, eguerdian, Lizarrako entz...

Zortzi mendetako Nafarroari so

Zortzi mendetako Nafarroari so

Kattalin Barber

Martxan da Nafar Estatuaren Historia izenburuko 11. ikastaroa; abendura arte, VIII. mendean Nafarroako Erresumaren egituraketa zein zen azaldu, eta konkistara arteko mugarri historikoak jorratuko ditu. 2012an hasi zen Euskokultur Fundazioa, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, Nafarroako estatuaren historiari buruzko ikastaroa antolatzen. Euskaraz, asteazkenero ariko dira historiari buruz Arrotxapean dagoen Euskokultur mintegian, 19:00etatik 20:30era. Asteartero, berriz, gaztelerazko saioak izanen dira. Erdarazko ikastaroetan Aitor Pescador izanen da irakasle, eta euskarazkoetan, berriz, Bixente Serrano.

Serrano historialariak azaldu du "maila apalean eta era ulergarrian" antolatutako ikastaroa dela: "Ez da historian aditua izan behar hona etortzeko. Izan ere, ikastaroa ez da Nafarroako historian aditu direnentzat, baizik eta interesa duen edonorentzat". Nafar Estatuaren Historia, VIII.-XVI. mendeak da izenburua, eta abenduaren 14ra bitartean eginen dute.

Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte, Nafarroako historia ardatz hartuko du Euskokultur Fundazioak eta UEUk antolaturiko ikastaroak. Hamabi saiotan antolatu dute, eta Nafarroako Erresumaren sorrera, bilakaera eta konkistaren zioak ezagutzeko modu bat izan nahi du. Mende horietako gertaerak azaltzeko eta sakontzeko aukera eman nahi die parte hartzaileei.

Antolatzaileek espero dute azkeneko saioak piztuko duela eztabaida gehien. Nafarroako konkista eztabaidan izena du, hain zuzen ere. "Historiaren garapen kronologikoa 11 saiokoa da, baina beste bat egin dugu konkistaren gaia eztabaidatzeko. Zeintzuk izan ziren ikusmoldeak, eta konkista baten ustezko onurak eztabaidatuko ditugu", azaldu du Serranok.

Nafarroako Erreinuaren konkistaren 500. urteurrena izan zen 2012an, eta urte horretan erabaki zuten ikastaroa egitea. Hiru antolatu zituzten, zehazki: "Esan dezakegu modan jarri zela konkistaren gaia. Sozialki nolabaiteko boom-a izan zen, jendeari sortu zitzaion jakin-mina, eta bide horretan antolatu genuen hau", jakinarazi du Xabier Lozano ikastaroaren arduradunak. Lau urte geroago, interesa dago, eta gustura prestatzen dute ikastaroa Arrotxapeko egoitzan.

Datuak eman ditu Lozanok: urte hauetan guztietan 350 pertsonak parte hartu dute ikastaroan. "Horrez gain, saio osagarriak eta doako hitzaldiak antolatu izan ditugu, eta 150 pertsona inguruk parte hartu dute horietan", erantsi du. Asteazkenean zortzi lagunek hasi zuten ikastaroa euskaraz, eta gaztelaniaz, berriz, 11 pertsonak. Izena ematen duten gehienak Nafarroakoak direla esan du Lozanok, baina urteren batean Gipuzkoatik etorritakoak ere izan dituztela gaineratu du: "Askok, gainera, materiala eskatzen digute. Bibliografia zabala daukagu, bai eta ikus-entzunezkoak ere".

Gazte gutxi

Heldu den abenduaren 14ra arte iraunen du ikastaroak. Eguberrietatik bueltan, hala ere, Euskal Herria XVI-XX. mendeetan ikastaroa hasiko dute, aurrekoari segida emanez. Azkeneko lau mendeak ditu ardatz horrek: "Interes gutxiago du. Askok pentsatzen dute mende horietan Nafarroa desagertuta zegoela, ez zela ezer gertatu. Baina kontu eta fenomeno oso interesgarriak daude. Adibidez, nola moldatu zuten diskurtsoa Nafarroan erresuma gisa mantentzeko", argitu du Serranok. Haren ustez, Nafarroako gizarteak gero eta ezagutza handiagoa du historiari buruz. "Dena den, nabarristak ez direnen artean gertatzen ari da hori. Ideologiengatik oso baldintzatuta jarraitzen du gaiak".

Ikastaroa ahoz aho zabaldu dela dio Lozanok, eta izena eman dutenek "izugarri kontent" daudela ziurtatu dute. "Gustatuko litzaigukeen baino gazte gutxiago etortzen dira; 30 urte baino gehiagokoak etortzen dira, eta horietako asko, erretiratuak".

Saioz saio, abendura bitarte honako gai hauek jorratuko dituzte: Urte ilunak (778-900), Iruñeko Erreinuaren lehen zabalpena (905-1000), Baskoniako bertze lurraldeak 1000. urtera arte, Antso III.a Nagusia eta haren oinordekoak (1004-1076), Iruñeko Erreinutik Nafarroako Erreinura (1076-1194), 1194-1212: Nafar Estatuaren krisia, Txikiagoturiko Nafarroa (1200-1400), Berreskuratzeke leudekeen lurraldeak (1200-1400), XV. mendeko konbultsioak, Nafarroako Estatua eta Europa (1494-1512), Urte erabakigarriak (1512-1530) eta Nafarroako konkista eztabaidan.