Nafarroa

EuskAHALdun

Ahaldundu. Ahalduntze. Ahaldun. Hitz potoloa, egia esan. Potoloa, eta zergatik ez, arraroa. Hitz hori lehendabizikoz entzun nuenean, pare bat aldiz azaldu behar izan zidaten haren esanahia. Kontzeptuak oinarria feminismoan zuela kontatu zidaten.

Eta gero, bizitzan ahalduntzeak zer-nolako garrantzia duen ikasi egin dut, pixkanaka. Egoera bati aurre egiteko eta buelta emateko tresna garrantzitsuenetakoa dugu ahalduntzea, nire ustez. Edozein momentutan gerta dakiguke, edozein unetan ahalduntzen gara, berdin dio zein den hori bultzatzen duen arrazoia.

Hainbat zapalkuntza izaten dugu gutako askok eta askok. Ez naiz ni salbuespena izanen, eta genero, klase eta nazio zapalkuntzari erantzuteko modurik onena iruditzen zait. Ahalduntzea. Ahaldun izatea egunez egun nahi dudan eta irudikatzen dugun Euskal Herri hori eraikitzeko. Eguneroko borroka iruditzen zait ahalduntzearen lana, barruan duguna atera eta bizitzari aurre egiteko beste ikuspuntu bat. Indarrak ateratzekoa, gu nor garen eta zer nahi dugun jakitekoa. Kolektibizatzeko modua ere iruditzen zait. Elkarri eskua eman, helburuak konpartitu eta horren alde apustu egiteko era. Joan den uztailaren 4an, eraso sexisten aurkako manifestazioan, ahalduntzea zer den sentitzeko aukera izan genuela iruditzen zait niri, buruberokien azpian gure haserrea kolektiboki adieraztekoa, eta gure amorrua elkarrekin erakustekoa.

Egunerokoan, eta, are gehiago, gure Nafarroa foral eta espainiar honetan, euskaldun izatea zaila da. Zaila da dendara sartu eta "aupa", "kaixo", "agur" esateaz gain hurrengo hitzak euskaraz egitea. Zaila da betidanik gurekin eskolan, institutuan egon denari euskaraz egitea. Ohiturak apurtzea. Zaila da euskara eremu informalean erabiltzea. Pixkanaka agertuz joan diren segurtasun falta horiei guziei aurre egiteko.

Ahalduntzea ez da egun batetik bestera egiteko zerbait. Barrutik indar handia ateratzea eskatzen du, baina edozein keinu txiki izaten ahal da ahalduntzeko lehenengo pausoa, edo ahalduntzea bera.

Hori da aurtengo Korrikaren gaia, leloa: euskAHALdun. Euskara dugulako, eta euskara izaten ahal dugulako, erabiltzen ahal dugulako, eskubidea dugulako. Eskubidea dugu euskaraz jaiotzeko, ikasteko, medikuarengana joateko, kirola egiteko, lan egiteko, lagunekin egoteko… Euskaraz barre egin, jolastu, oheratu, mozkortu, erotu, gozatu nahi dut. Eta inork baimena eman baino lehenago, hori egitera goaz. Inork erakutsi gabe, euskahaldun guziak euskaraz bizitzera goaz. Euskaraz biziko gara, euskaldunon komunitateak ahal du. Ahal dugu, eta horretara goaz. Izarbeibartik pasako da gaur bertan Korrika. Eztarria urratuko dugu euskararen alde, korrikan, dantzan eta festan ere, euskaraz bizi nahi dudalako. Euskaraz bizi nahi dugulako, Nafarroa osoan, harresiak eta hormak botako ditugu, ahalduntzera goaz, euskahaldun izatera.

Korrika, bigarrenez

Agoitzetik Lizarrarako bideen zeharkaldian da Korrika, azken txanpan dagoeneko, helmugara iritsi aurretik: igandean helduko da Bilbora, 2.161 kilometro egin ostean. Bien bitartean, ordea, asteazkenetik bihar arte berea ematen ari da euskararen aldeko manifestaziorik handiena, Nafarroan.

Nafarroan baita bigarrenez. Iluntzean pasatu zen Arabatik Vianara, eta atzo Erribera zeharkatu zuen. Nafarroako Pirinioetako errepideetan, elur artean igaro du azken gaua, Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako eskualdeetan. Gaur goizean iritsiko da Agoitzera, eta handik hartuko du Lizarralderako bidea; iluntzean espero da Egaren hiriburuan. Goizaldean, Etxauritik pasatu eta Sakanatik aterako da Arabarantz, aurtengoz behin betikoz agur esanda Nafarroari.

Igandean zabaldu eta irakurriko dute, berriz, hamar egunez eskutik eskura pasatu den lekukoak gordetako mezua, Bilboko Areatzan. Amaiera jarriko zaio hala, jai giroan, euskararen aldeko lasterketari.

Joan den ostegunean abiatu zen Korrika, Urepelen (Nafarroa Beherea), eta hurrengo egunean bertan sartu zen Nafarroa Garaian, Dantxarinetik, eta Baztan eta Ultzama zeharkatu ostean heldu zen Iruñerrira. 19:00ak aldera heldu zen hiriburuko eskualdera, eta milaka pertsonak hartu zuten lasterketa bertako auzo eta herrietan.

Iruñeko erdigunean batu zen jende gehien, eta udalak Nekeetako Ama Birjinaren prozesioa zela-eta ibilbidea aldatzean sortutako traben gainetik, milaka pertsonaz lagunduta bete zuen Korrikak ibilbidea. Eguraldia kaxkarra izanagatik, erantzun bikaina eman zion hiriburuak, beste urte batez.

Euskahaldunen ahala

Urtero bezala, bi helburu nagusi izan ditu Korrikak: batetik, euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea, milaka pertsona bere inguruan mobilizatuz; bestetik, AEKren jarduna bermatuko duen finantzabidea bilatzea, gau eskolen eta euskaltegien lanarekin jarraitu ahal izateko.

Helburu horrek indar berezia hartu du azken urteetan, diru laguntzetan izandako beherakada dela eta. Nafarroan, kasurako, hiru urte dira IKA eta AEK-ko euskaltegiek Nafarroako Gobernuaren partetik euro bakarra jasotzen ez dutela.

Gaur egungo ‘Erpurutxo’-ren istorioa

Baliabiderik ez duten gurasoek, etsita, ume txiki bat basoan utzi zuten. Hark, ordea, anai-arreba eta senide guztiak salbatu zituen, bere adimena erabilita. Ezaguna da Erpurutxo-ren istorioa; baina istorio hori bera gaur egungo garaietara moldatuta au...

“Barcenas pertsonaia gisa hain da surrealista, ez dirudi benetakoa”

Lengoaia juridikoa idorra eta katramilatua da. Ez dirudi material egokiena denik, horren gainean film bat eraikitzeko. David Ilundain zuzendariarentzat, ordea (Iruñea, 1975), Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Pablo Ruz epailearen aurrean eginiko adierazpenek "berebiziko indarra" daukate. Ikusleak pantailari itsatsita mantentzeko adina. Maiatzean errodatuko dute B: La película sobre los papeles de Bárcenas (B: Barcenasen paperei buruzko filma), irailean estreinatzeko asmoz.

Nola otu zitzaizun Barcenas auziari buruzko filma egitea?

Pelikula, berez, Jordi Casanovasen eta Alberto San Juanen Ruz-Barcenas antzezlanean oinarritua dago. Madrilgo Lavapies auzoko antzokian estreinatu zuen Teatro del Barrio taldeak, eta zenbait lagunekin joan nintzen. Aitortu behar dut beldurrez joan nintzela, taula gainean esaten zen guztia epaiketa baten transkripzioa besterik ez zelako. Eta txundituta atera nintzen: tentsioa, beldurra, egia eta gezurraren arteko jokoa... Aretotik ateratzean, burura zetorkidan gauza bakarra zen "joño, latza!". Eta material horrekin proiektu handiagoa egin behar nuela erabaki nuen, mezua jende gehiagori helarazteko: pelikula bat.

Gidoian agertzen diren elkarrizketa guztiak Ruz epaileak Barcenasi egindako galdeketatik hartuak daude, baina zuena ez da dokumental bat...

Ez, baina errealitatea da. Askok pentsatuko dute burutik jota gaudela halako proiektu bati heltzeagatik, baina nire helburua da antzezlana ikustean sentitu nituen emozioak pantailaratzea: amorrua, tentsioa, barregura... Istorioa surrealistegia dela pentsatuko du batek baino gehiagok. Barcenas bera, pertsonaia gisa, hain da surrealista, ez du benetakoa ematen. Eta egia hutsa da. Hori da, hain zuzen, ikusleak eserlekura iltzatuta mantenduko dituena: ikusten ari direna benetan gertatu zela jakitea.

Baina hedabideek ia egunero hitz egin dute Barcenas auziaz. Zer eskaintzen ahal du filmak?

Batetik, ikuspegi orokorrago bat. Hedabideak, gehienetan, azken minutuko albisteetan gelditzen dira, eta, alde horretatik, Barcenasi egindako galdeketa ikustea oso argigarria da: eman zituen datuak, ustelkeria kasuan nahasita dauden politikariak, Barcenasen beraren harropuzkeria... Bestalde, ez da gauza bera gertakari baten berri izatea edo gertakari hori bera zuzenean ikustea. Zeure begiekin ikusten duzunean, gertakari hori ez da maila intelektualean gelditzen, emozioak eragiten dizkizu. Esperientzia emozionala da.

Horretarako, aktoreen lana funtsezkoa izanen da, testua sinesgarri egin behar baitute.

Bai, eta aktore bikainak ditugu rol nagusietan: Pedro Casablanc Barcenasen rolean, eta Manolo Solo, Ruz epailearena egiten. Antzezlanean, bi horiek daude bakarrik, baina filmean, taldeko aktore ugari izanen ditugu bigarren lerroan: abokatuak, poliziak, fiskala... Izan ere, gure helburu nagusienetako bat egiazkotasun sentsazioa zaintzea da. Estetikoki ere, dokumentalaren estilo hiperrealistara hurbildu nahi dugu. Planteamendua hau da: zer gerta zitekeen, epaiketaren egunean kamerak aretoan sartzeko baimena eman izan baligute?

Gaurkotasun politikoan oinarritutako filmak ez dira ohikoak euskal zinemagintzan. Zeintzuk izan dira zuen erreferenteak?

Epaiketetan oinarritutako pelikulei dagokienez, gure eredu nagusia 12 Angry Men da [Sidney Lumet, 1957]. Horrez gainera, Joaquim Jorda zinemagile kataluniarraren De nens filmak ere paralelismo argiak izan ditzake gure proiektuarekin. Tematikoki, ez dute zer ikustekorik batak bestearekin, baina sistema judizialaren deskribapena egiten da bi pelikuletan, eta errealitateari lotuta daude biak ala biak.

Filmaketa ez da oraindik hasi, finantzaketaren zain zaudetelako. Gutun-azalik, behintzat, ez zenuten jasoko...

Ez, ez! Finantzaketa kolektibo bidezko proiektua da gurea. Horrek esan nahi du filma auzolan handi baten gisara finantzatuko dugula: edonork jar dezake dirua [10 eurotik gorako ekarpenak onartzen dira], eta egindako ekarpenaren araberako saria jasoko dute parte hartzaileek. Mezenas guztiek izanen dute, besteak beste, pelikula estreinatu aurretik ikusteko aukera: Internetez, DVDan edo zine aretoetan eginiko emanaldi berezietan.

Eta ez al da pixka bat arriskutsua finantzaketa sistema hori?

Proiektu honen atzean gaudenak sinetsita gaude jendearen interesa piztuko duela. Ruz-Barcenas antzezlana taularatzen den aldiro, bete egiten dira aretoak, eta bertsio zinematografikoak ere halako ikusmina eragin dezakeela uste dut. Argi dago hau ez dela milioika euro irabazten dituen film handi horietako bat, baina bai jende dezente erakartzeko gaitasuna duen lan duina. Finantzaketa bide tradizionaletan, ordea (ekoizleak, telebistak...), zaila da gurea bezalako proiektu bat saltzea, eta horregatik behar dugu finantzaketa kolektiboa, martxan jartzeko.

Miren Peñaren heriotza salatzeko elkarretaratzeak

Etxe Kaleratzeek Kalte egindakoen Plataformak eta LABek hainbat elkarretaratze eta protesta ekintza antolatu dituzte aste honetan, Miren Peña antsoaindarraren heriotza salatzeko. Laboral Kutxaren bulegoen aitzinean egin dituzte elkarretaratzeak, eta biharko, manifestazioa antolatu dute: Iruñeko Gurutzeko plazatik aterako da, 17:00etan. Faurecia enpresak Orkoienen zuen lantegian lan egiten zuen Peñak, 2013an kaleratu zuten arte. Langabezia saria amaitzear zuen, eta hipoteka mailegua zuen Laboral Kutxan. Zorraren ordaintzeko baldintzak berriz negoziatzeari uko egin zion finantza entitateak. Bere buruaz beste egin zuen antsoaindarrak iragan den igandean.

“Ikastolen izaera kooperatiboa defendituko dut beti”

Oin bat Lizarran, bestea Iruñean. Halaxe dabil Josu Reparaz egunotan (Arbizu, 1965), galtzak bete lan. Iragan astean hautatu zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari, baina ikasturtea amaitu arte, jardunean izanen da azken 16 urteotan zuzendu duen Lizarra ikastolan ere.

Ikastola bat zuzendu duzu orain arte. Hemendik aurrera, 15 ikastola koordinatzen dituen erakundea kudeatuko duzu. Prest ikusten duzu zeure burua?

Erabakia hartzea ez zitzaidan batere erraza egin, Lizarra ikastolan oso gustura nagoelako; baina behin erabakia hartuta eta ikastola guztien babesa izanda, kargu berri hau arduraz, baikortasunez eta ilusioz hartuko dut. Nire bizitza profesionalean erronka berri bat da. Lankideen profesionaltasunak eta parte hartzeak indar handia ematen didate. Dena den, iraila bitarteko hilabete hauek eromena izango dira.

Alde handia dago Lizarran zenuen karguaren eta oraingoaren artean?

Bigarren mailako kooperatiba da NIE; beraz, ikastola bakoitzaren autokudeaketa oinarrizko kontua da. Nire ahalegina lidergo predagogikoa, administrazioaren eraginkortasuna, lantaldeen kohesioa eta ikastolen modernizazioa bultzatzea izango da.

Nola baloratuko zenuke zure aurrekoaren, Pello Mariñelarenaren ibilbidea?

Urte hauetan, ikastolek hobekuntza garrantzitsuak izan dituzte, horietako asko NIEtik bultzatu diren proiektuei eta lortu diren diru laguntzei esker. Horretan, Pellok zerikusi handia izan du. Ikastolak handitu egin dira, eta kokatuta dauden gizarteetan erreferente bilakatu dira alderdi pedagogiko, linguistiko eta sozialean.

Zeintzuk izanen dira zure erronka nagusiak hemendik aurrera?

Batetik, harreman instituzionaletara hurbilduko nau nire jardun berriak; baina, oro har, ikastolen gardentasunaren eta koordinazioaren hobekuntza izanen da nire xede nagusia. Ikastolak bizitzarako eskolak izan daitezen ahaleginean jardungo dut, horrek esan nahi duen berrikuntza pedagogiko eta metodologikoarekin. Irakaskuntza euskaldun eleanizkuna bermatzen duen proiektuan sakontzen segitzeko ahaleginak ere toki garrantzitsua izango du; euskararen erabilera eskola eremutik harago zabaltzeko konpromisoarekin. Azkenik, NIEtik bultzatuko ditudan proiektuek ikasleak izango ditu ardatz, eta horien bakarkako pentsamendua eta zentzu kritikoa garatzea.

Otsailean, Euskararen Legearen erreforma onartu zen Parlamentuan. Zer deritzozu?

Erreforma honek biztanleen eskubideen berdintasuna bermatzen duen heinean, egokia da. Aldaketa positiboa da hezkuntza sistemarentzat, eta, bereziki, euskarazko irakaskuntzarentzat. Euskararen normalizazio prozesuan urrats bat gehiago da, baina oraindik urrats asko falta dira, eremu ez-euskalduneko ikasleek ere euskaraz bizi ahal izateko eskubidea bermatua izan dezaten. Ikastolak izango dira eremu horretan murgiltze linguistikoa eskaintzen segituko duten ikastetxe bakarrak eta hori oso faktore garrantzitsua da benetako euskalduntzea lortu nahi badugu.

UPNk lege erreformaren kontra erabili izan dituen argudioetako bat da "eremu ez-euskalduneko ikastolei" kalte eginen diela. Ados al zaude horrekin?

Ez dut uste ikastolek jasan dezaketen balizko kaltea denik UPNren benetako arrazoia lege aldaketaren kontra egiteko. Ez dakigu erreformak zer-nolako eragina izango duen matrikulazioan, dakiguna da eremu erdalduneko ikastolek 44 urte daramatzatela euskarazko eta kalitatezko irakaskuntza sustatzen, langileen lanari eta familia askoren ahaleginari esker. Ez dira urte asko pasatu ikastola hauek itunpeko izan zirenetik, baina horrek ez du arindu hauen zorra. Ikastolak aitzindari izan dira euskararen hezkuntza eleanizkunetan, metodologia berritzaileen ezarpenean eta gurasoen partaidetza zuzenean. Ez dut uste Euskararen Legea aldatzeak hori guztia bertan behera utziko duenik.

Beste arazo eta polemika batzuei ere aurre egin beharko diezu. Besteak beste, LOMCE legea, edota UPNk euskarazko testuliburuen kontra abiaturiko sorgin ehiza. Zer egin dezake NIEk halako esku-sartzeen aurrean?

Ez naiz nekatuko gure hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen, jakinda oso emaitza onak eman dituela. Ikastetxe pribatu eta publikoen arteko eztabaida antzu horretan, ikastolen izaera kooperatiboa defendatuko dut, Ikastolak herritik jaio direlako eta herriarentzat egiten dutelako lan, auzolanaren balio erantsiarekin. Historikoki, ikastolek sortu dituzten testuliburuek eta bestelako baliabideek Europako hainbat aintzatespen eta sari jaso arren, debekatuak izan dira hemen; baina guk material propioen diseinuari eutsiko diogu. LOMCEren ezarpenari dagokionez, berriz, aldaketarik gogorrenetako bat ezar litezkeen kanpoko probak eta amaiera azterketak dira. Legeak dioenaren arabera ezartzen badira, eman beharreko edukiak eta metodologia baldintzatuko dituztelako.

Aurtengo Nafarroa Oinez lehenbizikoa izanen da zuretzat, NIEko zuzendari gisa. Nola daramazue prestaketa lana?

Oraindik ez naiz Nafarroa Oinez-en antolaketa orokorrean murgildu. Azken urte hauetan bezala, Artea Oinez erakusketaren antolaketan ari naiz, eta esan dezaket erakusketa bikaina izango dela aurtengoa. Baztan: barrutik eta kanpora izenburupean, euskal artearen tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu. Bestalde, Erronka —euskara ardatz hartuta, gazteei aisialdi osasuntsua eskaintzeko eta partaidetza aktiboa sustatzeko egitasmoa— indarra hartzen ari da, iazko eskarmentuaren ondoren. Oinez Basoa ere indartsu dago Baztanen, haraneko biztanle bakoitzeko zuhaitz bat landatzeko asmoa baitugu. 8.000 zuhaitz landatuko dira guztira.

Sona, boleroa eta guajiroa, Zentralen

Sona, boleroa eta guajiroa, Zentralen

Kubatik Euskal Herrira etorri, eta kontzertu sorta bat egiten dabil egunotan Ray Fernandez musikagilea. Iruñean egingo du azkeneko emanaldia, igandean. Karibeko son, bolero eta guajiro doinuen bitartez, amodioari eta desamodioari kantatuko dio Fernandezek. Baina hitz umoretsuz apaindutako kronika soziala ere izango da Tres tanguistas y un perro izeneko emanaldian. 22:00etan arituko da, Zentral aretoan. Sarrera sei euroan eros daiteke. Paris 365 jantokia diruz laguntzeko bideratuko dute dirua.

“Herriak ematen digun hori itzultzeko modua da Korrika kulturala”

Badira hainbat urte Korrikaren inguruan kultur jarduerak antolatzen dituela AEK-k, lasterketaren aurreko hilabeteetan. Aurten ere izan da Korrika Kulturala, eta, besteak beste, Erkuden Aristu (Iruñea, 1978 ) izan da antolakuntzan lanean.

Zein da Korrika Kulturalaren helburua?

AEKri egokia iruditu zitzaion herriak bere parte hartzearen bitartez ematen duen horretatik jasotzen dena nolabait itzultzea. Herriak ematen duen hori itzultzeko modua da Korrika Kulturala. Euskal kultura sustatzea da xedea, hainbat arlotako sorkuntza lanak jendaurrean aurkeztuz.

Zer ekintza antolatu dituzue?

Iruñerrian, hauek izan ditugu: Burlatan Fausto antzezlana aurkeztu genuen. Iruñean, Zentral Kafe Antzokian, Gosariak ikuskizuna, eta Nafarroako Antzerki Eskolan Bertsolaritzaren sekretuak saioa plazaratu genuen. Bertso bira ere egin dugu bertso eskoletako kideekin batera.

Zer moduko harrera izan duzue?

Denetarikoa. Bertsolaritzaren sekretuak eta Gosariak saioek harrera ona izan dute. Bestalde, auzo eta herrietako Korrika batzordeek ere antolatu dituzte gauzak, bertso afariak edo bakarrizketak, kasurako. Horretaz gain, Irrintzi euskaltegian formatu txikiko saio bat egin genuen, kristoren arrakasta izan zuena: ikasleak norabait joan beharrean sortzaileak joan ziren euskaltegira. Hamar minutuko bakarrizketa bat, ipuin kontalari bat eta mago bat izan genituen, eta ikasleak txandaka pasatu ziren euren aurretik.

Biluztasuna publikoaren alde

Abel Azkonak, artista nafarrak, hezkuntza publikoarekiko konpromiso pertsonala argi utzi zuen joan den martxoaren 3an Iruñeko karriketan egindako performanceren bitartez.

Abelek berak ere honelako ekintza egitearen ondorioz nolako tratua izanen zuen ez zuen jakinen, seguruenik, eta bere gain hartu zuen aldarrikapenaren arriskua. Abelek emandako azalpenen arabera, bortitz eta zakar tratatu zuten udaltzainek. Aldarrikapenaren errepresioa ohiko kontua da gure herrian, eta hizpide azken bolada honetan, muturreko eskuinak legeak ezartzen dituen zigorrak gogortu nahi dituen honetan, Isilarazteko Legearen bitartez, nahiz tokian tokiko udal ordenantzen bitartez.

Abel Azkonari elkartasun osoa agertu nahi dio Steilas-ek, hezkuntza publikoarekin erakutsi duen konpromisoagatik, publikotasunaren garrantzia nabarmentzeagatik. Ez da bere interes pertsonalengatik eginiko ekintza, hausnarketarako deia da, bai eta ikasketa artistikoek bizi duten egoera tamalgarriaren salaketa ere. Sare publikoan goi mailako diseinu ikasketak egiteko biluzturiko oihuaz baliatu da.

Hezkuntza Departamentuak gaiari behar bezala heldu behar lioke, are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroa dela, Kantabriarekin batera, hezkuntza publikoan honelako goi mailako ikasketak eskaintzen ez dituen erkidego bakarra. Egoera honen atzean ikasketen pribatizazioa dagoela jakitea guztiz lotsagarria da, baina berau UPN eta PPren hezkuntza politikaren ikurra da. Alfonbra gorria eskaintza pribatuari, kontzertinak publikoari.

Iruñeko Arte Eskola Publikoan goi mailako ikasketak egiteko hamar urte luzeko aldarrikapenaren aurrean gaude, baina administrazioak ez entzunarena egin du behin eta berriro. Orain, hauteskunde atarian gauden honetan, Correllan eskainiko direla eman dute aditzera, kontuan hartu gabe berri honek ez dituela asetzen ikasleen beharrak (gehiena Iruñerrikoa da). Beste behin ere UPNren agintekeriaren aurren gaude, bere feudoan, Corellan bertan eta inguruan, botoak mantentzearren. Iruñeko Arte Eskolako ikasleek euren protesta departamentura eraman dute, eta sare publikoan ikasteko aldarrikapena nabarmendu dute, bai eta Abel Azkonarekiko elkartasuna ere. Polizia Foralak aterarazi ditu. Berriro errepresioa.

Arazoaren jatorrira joan behar dugu, eta dei publikoa egin nahi diogu maiatzeko hauteskundeen ondorioz gobernuaren ardura hartuko duen alderdiari benetako lana egin dezan ikasketa artistikoen alde, LOMCEk ikasketa hauek iraintzen ditu, eta orobat, sare publiko osoa sendotzeren alde. UPNren utzikeria begi bistakoa da; erakutsi duen kudeaketa txarra asaldagarria.

Biluztasuna genero artistiko dela gogorarazi digu Abelek; artean biluztasunak erakutsi du obra egin den garaiarekin zerikusia duela, estetikaren estandar sozialekin, garaiaren moralitatearekin. Biluztasuna zilegi da museoaren lau pareten artean erakusten denean, baina karrikan denean erreprimitzen da. Ez da onartzen gorputza erabiltzea protestak gauzatzeko, gorputzean bertan grabatzea geure aldarrikapenak. Kultura judu kristauan "jatorrizko bekatuaren" sinboloa da biluztasuna, baina gure ikuspuntutik berau ez da bekatu iturri, ez baita zuzena eta zilegi den jokabidetik aldentzen; aitzitik, Abel Azkona lurrean ikusteak, biluzik, udaltzainez inguraturik, zirrara sorrarazten digu. Irudi hauek bestelakorik dakarkigute burura, hots, ez gaituztela kalean ikusi nahi gure eskubideen defentsan. Kalea denona eta denontzat den uste sendoa dugulako, gure kaleetan agertzen segituko dugu, biluzik edo jantzirik, espazioak okupatuz, oihu eginez.