Asteko Gaiak

Musika egiteko pasioa

Musika egiteko pasioa

Edurne Elizondo

Gogoan dut, behin, oholtza gainera igo, eta pentsatu nuela: hau da benetan maite dudana, hau da beti egin nahi dudana; oholtza gainera igotzen jarraitu nahi dut, eta gauzei beren kasa gertatzen utzi". Maite Beaumont mezzosoprano iruindarra da mintzatu dena. Adi entzun ditu lagunaren hitzak Sabina Puertolas Tafallako sopranoak, eta buruarekin keinu bat eginez baieztatu ditu. Gehiago erantsi nahi izan du: "Maite duguna egiten dugulako sortzen da magia oholtza gainean. Musika egiten dugu, sortzen dugu, eta hor magia bada".

Iruñean eta Tuteran egin dute bat Beaumontek eta Puertolasek. Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritu dira hiriburuko Baluarte auditoriumean eta Tuterako Gaztanbide antzokian, Manuel Hernandez-Silvaren zuzendaritzapean. Pergolessiren Stabat Mater obra eskaini dute abeslariek.

"Bi kantariok elkarrekin entzun nituen lehendabiziko aldiak erabat hunkitu ninduen; beti gogoratuko dut orduko sentsazio zoragarria", erran du Hernandez-Silvak, Beaumonti eta Puertolasi buruz. Bien arteko harremana estua da oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere.

"Pablo Sarasate kontserbatorioan ezagutu genuen elkar. Oroitzen zara garai hartaz? Nire ahizpak ere han ikasten zuen", galdetu dio Beaumontek Puertolasi. Gogoan ditu ordukoak, bai, Tafallakoak. Ikasketak amaituta, halere, nork bere bidea egin zuen, eta Euskal Herritik kanpo egin zuten topo, berriz ere. "Bruselan", gogoratu dute.

Iruñean kantu eta biolin ikasketak amaituta, Alemaniara joan zen Maite Beaumont, trebatzen jarraitzeko. Hanburgoko Musikhochschulen aritu zen, zehazki, Hanna Schwarzekin. Hanburgoko Opera Studioko kide bilakatu zen, eta, gerora, Ensemblekoa. Puertolasek, berriz, Iruñetik Italiarako bidea egin zuen: Sienako Accademia Chigianan ikasi zuen, bai eta Bussetoko Accademia Verdianan ere. Hamaika kontzertu eta operatan parte hartu dute bi abeslari nafarrek, eta hainbat disko grabatu dituzte.

Nafarroatik kanpo aurkitu dituzte biek operaren munduan bide bat egiten hasteko lehen aukerak, baina estimatzen dute anitz Iruñeko kontserbatorioan jasotako heziketa. Sorterrian maite eta estimatzen dituztela sentitzen dute. "Tafalla herri txiki bat da, baina kultur jarduera guztietan parte hartzen nuen nik, eta beti eskertuko ditut abesteko izan nituen aukera horiek guztiak", erran du Puertolasek.

"Maila handiko musika heziketa jasotzeko aukera bada Iruñean; hutsunea mundu profesionalera jauzia egiteko orduan sumatzen da, ikasketen eta lanaren esparruen arteko zubirik ez baitago", azaldu du Beaumontek. Horregatik erabaki zuen Alemaniara joatea. "Lehendabiziko rolak lortzeko, sasoi iraunkor bat dagoen toki batera joan behar duzu. Oholtza gainean egoten ikasi behar duzu, pixkanaka", erran du. Ados da Puertolas ere. "Ikasketak amaituta, garrantzitsuena da esperientzia lortzea, eta hemen ez dago azpiegitura egokirik. Dagoen tokira joan behar duzu, trebatzeko, ikasten jarraitzeko", erran du.

Heldutasunean

1996. urtean, Julian Gaiarre kantu txapelketako hirugarren saria irabazi zuen Puertolasek. Ordutik egindako urratsek moldatu eta aldatu dute sopranoa. "Nire burua, nire gorputza, nire ahotsa aldatu dira". Beaumontek ere heldutasunak emandakoa nabarmendu du, eta eskertu du esperientziak ekarritako segurtasuna. "Ikasten duzu zuretzat zer den onena; zer-nolako rolek egiten dizuten mesede eta zeintzuk ez".

Abeslariek, batez ere, abesten jarraitzeko izan duten aukera eskertu dute. Beaumont: "Nik ez nuen uste, duela hogei urte, musika nire lanbide bilakatu ahal izanen nuenik". Puertolasek ere ez. Horregatik, helburuak zehaztea ez du gustuko Tafallako sopranoak. "Inportanteena bidea da; urrats bakoitzarekin gozatzea". Egiten dutena gustuko izatea ezinbertzekoa da operaren esparruan aurrera egiteko. Hori argi dute sopranoak eta mezzosopranoak; eta ongi dakite, halaber, gustuko duten hori egitea ez dela nahikoa. "Lan egin behar duzu; aukerak bilatu behar dituzu; eta zortea ere alde izan behar duzu. Lehia handiko esparrua da gurea", erran du Beaumontek.

Oholtzaren atzean gertatzen direnei buruz jendeak gutxi dakiela azaldu du mezzosopranoak, baina oholtzaren atzean hartzen dira erabaki nagusiak, hain zuzen ere. "Produktu bilakatzen gara, neurri batean; abeslari bakoitzak baditu bere ahotsa, bere nortasuna, hobeki egokitzen zaizkion rolak, oholtzan mugitzeko bere modua, eta hori guztia hartzen du zuzendariak kontuan zu edo bertze bat kontratatzea erabakitzen duenean".

Agentzien lana aipatu du Sabina Puertolasek. "Haien zeregina da sortutako produktua saltzea". Nabarmendu du, halaber, opera baten atzean talde lan handia dagoela, eta denen lanak eragiten diola bertzeei. "Bertzeen lana ere kontuan izan behar duzu zurea egitean". Ezinbertzeko bertze ezaugarri bat badela nabarmendu du Puertolasek: "Malgutasuna. Malgutasunez jokatu behar duzu mundu honetan aurrera egin ahal izateko, zuzendarien lan egiteko moduetara, oholtzetara, bertze abeslarien eretara egokitzeko".

Maite Beaumontekin lan egitea erraza da Puertolasentzat. Hori baino gehiago: "Kolpean maitemindu nintzen bere lan egiteko moduarekin, bere ahotsarekin. Babesa sentitzen dut elkarrekin abesten dugunean". Agerikoa da bi abeslarien arteko konplizitatea; agerikoa da musikarekiko duten grina eta pasioa. Eta agerikoa, batez ere, oholtza gainean dena emateko duten ardura. "Zure onena ematera atera behar duzu beti oholtza gainera. Sabinarekin erraza da. Ongi ulertzen dugu elkar, eta gure ahotsek bat egiten dute", erantsi du Beaumontek.

Jendez betetako espazioa da antzoki bat. Opera bat estreinatu ondoko besta giroa nabarmendu du Puertolasek. Baina makillajea kendu eta hoteleko gelara itzultzearekin batera, bakardadeak harrapatzen du artista. "Momentu hori zaila da; arrakasta lortu edo porrot egin, bakarrik zaudenean, jakin behar duzu zure burua eta zure emozioak kudeatzen; bertzela, zureak egin du".

Lagunarekin bat egin du Iruñeko mezzosopranoak ere. "Zu zeu zara zure kritikaririk zorrotzena. Zuk inork baino hobeki dakizu noiz eman duzun onena". Gerta daiteke onena emanda ere nahi edo espero bezainbertze txalo ez jasotzea. Baina horrek ez du Beaumont gehiegi kezkatzen. "Nire buruarekin ongi eta lasai sentitzea da kontua; hori lortuta, gainerakoek bost axola", erran du, irmo.

Etxetik urrun

Maite Beaumontek Iruñean du etxebizitza; Sabina Puertolasek, berriz, Madrilen. Etxetik kanpo ematen dute denbora anitz, halere. "Gure lanbideak hori du, hemendik harat ibili behar dugula. Gauza anitz utzi behar ditugu bazter", erran dute. Merezi duela zalantzarik ez dute, halere. Baina zenbaitetan etxekoengandik urruntzea zailagoa dela onartu dute biek.

Alaba bat du Beaumontek, eta seme bat, berriz, Puertolasek. "Haiekin egoteko dugun denbora guztia aprobetxatzen dugu". Amatasuna eta lanbidea uztartzea ez da beti erraza, bi abeslariek onartu dutenez. Baina ez dute uste haientzat bertze edozein lanbidetan ari den emakume batentzat baino zailagoa denik.

Egutegiari so egon behar dute beti, halere. "Harat eta honat". Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritzeko, astebeteko oporraldia eman diote Beaumonti, Madrilen. Verdiren Falstaff lana aurkezteko ari da lanean. Ostegunean eta ostiralean Iruñean, eta larunbatean Tuteran abestu eta gero, igandean itzuli zen mezzosopranoa Madrilera.

Sabina Puertolasek ere Madrilen du hurrengo lana: Doña Francisquita ari da prestatzen. Handik Oviedora joanen da, eta, gero, berriz, Txilera. Atseden hartzeko ia denborarik ez dute. Baina kontent dira. "Maite duguna egiten", berretsi dute. Operara hurbildu nahi dute jendea. "Oraingoa jada ez da diven garaia", erran dute.

Hasieran errandakoa berretsi dute Puertolasek eta Beaumontek, halere. Maite dutena egiten dutelako beren ahotsek magia sortzen dutela oholtza gainean, alegia. Musika egiten dutela abesten dutenean. Eta elkarrekin abestea biziki maite dutela. Agerikoa da elkar ongi ezagutzen dutela; elkar errespetatzen dutela. Oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere, artista direla. "Divak? emakume arruntak gara", barre egin dute.

Komunitate bat eraikitzeko bidea

Komunitate bat eraikitzeko bidea

Edurne Elizondo

Azken txanpako "urduritasuna"; baina, batez ere, "ilusioa eta emozioa". Sentsazio horiek nabarmendu dituzte Garesen egoitza duen Izarbeibarko euskaltegiko arduradun Ane Azkonak eta Korrikaren hasiera ekitaldiko koordinatzaile Ion Zirizak. Apirilaren 4an, 17:00etan, herri horretatik abiatuko da 21. Korrika; apirilaren 14ra bitarte, 2.000 kilometro baino gehiagoko bidea eginen du lasterketak, Gasteizera ailegatu arte. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu Korrikak helburu. Garesen, euskararen aldeko sarea osatzeko baliatu nahi dute aukera, gainera. Komunitatea eraiki nahi dute, hizkuntza ardatz hartuta.

Egun bateko besta baino anitzez ere gehiago izanen delako Korrikari hasiera ematea, Garesko euskaltzaleentzat. Hori argi du Azkonak. Herrikoa da, herriko D ereduko ikastetxe publikoan ikasitakoa. Onartu du, halere, unibertsitateko ikasketak egitera Logroñora joan zenean bilakatu zela militante. "Euskaraz zekiten kideekin euskaraz hitz egiten hasi nintzen han; herrian, eskolako hizkuntza zen euskara niretzat, eta handik kanpo ez nuen erabiltzen. Logroñon, hangoek ez zuten ulertzen gure artean gure hizkuntzan hitz egin nahi izatea. Ontzat jotzen zuten ama hizkuntza ingelesa zuten bi pertsona hizkuntza horretan aritzea, baina ez guk euskaraz hitz egitea".

Kontrako jarrera horrek eragin zion Azkonari AEKra hurbildu zuen klika, hain zuzen ere. Ikasketak amaituta, Mintzakiden lana eskaini zioten, eta AEKn irakasle izateko prestatu eta gero, euskaltegian eskolak ematen hasi zen. Orain, euskaltegiko arduraduna da. Garesen du egoitza, baina eskualdeko eta inguruko bertze hamaika herritako jendea ari da zentro horretan euskara ikasten. 50 ikasle inguru ditu egun, eta sei langile.

Euskaltegiko kideek duela bi urte jakin zuten aurtengo Korrika herritik abiatuko zela. "Poza hartu genuen berria jakin genuenean; aldi berean, argi genuen ardura handia izanen zela", gogoratu du Azkonak. Herritarren artean zurrumurrua zabaltzen hasi zen, eta iazko ekainean baieztatu ahal izan zuten Gares izanen dela Korrika abiatzeko herria.

Aurreko hogei aldietan hamabost herrik hartu dute Korrikaren hasiera. "Ohore hori izanen du gure herriak ere", erantsi du Ion Zirizak. Barañaingoa da, baina Garesen bizi da egun. Duela zortzi hilabete ailegatu zen herrira, baina herriko parte sentitzen da jada. Korrika hasteko besta antolatzeko lanetan murgildu da buru-belarri, eta herrikoa balitz bezala ari da Korrikaren ingurukoez gozatzen. Lan handia du esku artean, eta onartu du "kezka eta bertigoa" sentitu dituela. Baina euskararen aldeko grinak eragindako ilusioa nagusitu da. Kontent da herritarrek parte hartzeko erakutsi duten borondatearekin, eta zalantzarik ez du Korrika Garestik abiatzeak "epe luzerako arrastoa" utziko duela.

Eremu mistoan

Euskaldun berria da Ziriza. 18 urte zituenean hasi zen ikasten, eta lotsarik gabe erabiltzen zuela gogoratu du, gramatika menderatzen ez zuenean ere. "Militantziagatik erabaki nuen ikastea", nabarmendu du. "Euskaraz bizi nahi dut, eskubide hori dudalako". Garesen hori lortu duela erran du. "Badakit nora jo euskaraz bizitzeko. Eta euskaraz ez dakienak ere ahalegina egiten du; belarria prest dute".

Azkonak nabarmendu du azken urteotan hobera egin duela euskararen egoerak herrian. Argi du, halere, urrats anitz badela, oraindik ere, egiteko. Gares eremu mistoan dago, 1986. urteko euskararen legeak ezarritako zonifikazioaren arabera. 1980ko hamarkadaren hasieratik bada D ereduko ikastetxea, eta horrek herriko giroa euskalduntzeko prozesua anitz lagundu duela azaldu du euskaltegiko arduradunak.

"Haurrak D eredura joaten hasi zirenean, gurasoek ez zekiten euskaraz, baina seme-alabak laguntzeko asmoz, ikasten hasi ziren", kontatu du Azkonak. Orain, D ereduan ikasitako haur horiek bilakatu dira guraso, eta seme-alabekin euskaraz egiteko gai dira.

3.000 biztanle inguruko herria da Gares. Herritarrek elkar ezagutzen dute. Euskaldunen eta euskaltzaleen arteko sarea sendotzeko beharra badela uste du Azkonak, halere. "Duela bost urte hasi nintzen euskaltegian lanean, eta han konturatu naiz ez dakigula benetan Garesen zenbatek hitz egiten duten euskaraz, edo zenbat diren ulertzeko gai", nabarmendu du.

Horregatik jarri du mahai gainean saretzeko eta komunitatea eraikitzeko beharra. "Hizkuntzaren auzia lantzeko talde bat behar dugu, euskararen alde lan egiteko; Euskararen Eguna antolatzeaz gain, harago joko duen sarea behar dugu, gogoeta bultzatzeko, euskara lantzeko".

Euskaraldiarekin sare hori ehuntzeko urratsak egin zituztela uste du Azkonak, egitasmo horrek balio izan zuela euskaldunek elkarren berri zehatzagoa izateko. Eta bultzada horri segida eman nahi diote Korrikaren bidez.

Lege berri bat eskatzeko

Apirilaren 4an, berrehun boluntario inguruk eginen dute lan Garesen, Korrikari behar den bezalako hasiera emateko. "Jende anitz etorri da guregana laguntzeko prest", azaldu du Zirizak. Azken txanpako kontuak lotzen aritzea egokituko zaio egunotan. Ostegunean bestaz gozatzeko "aukera gutxi" izanen duela argi du, baina herritarrentzat ari dela badaki, eta horrek betetzen du. Euskararen alde ari delako.

Euskararen alde egin nahi duelako, hain zuzen, etsita agertu da azken lau urteotan Nafarroako Gobernua urrats gehiago egiteko gai izan ez delako. "Pausoak eman dira, baina ez da nahikoa". Bat egin du Azkonak. "Behar duguna da zonifikazioa bertan behera uztea", erantsi du, irmo.

Korrikaren hasierak ederki islatuko ditu zonifikazio horren ondorioak. "Garestik atera, eta hurrengo herria Mañeru izanen da Korrikaren bidean. Herri hori eremu ez-euskaldunean dago. Han bizi den nire lehengusuak eta nik ez ditugu hizkuntza eskubide berak", salatu du Azkonak.

Egoera mingarria zaie Azkonari eta Zirizari. Mañeruko herritarrentzat Korrika "esperientzia polita" izanen dela nabarmendu dute, herritarrak ahalegindu baitira eremu mistoan sartzen, baina ez dute lortu. "Euskaraz ikasteko Garesera etorri behar dute hango haurrek; bidaia egiteko laguntzarik ez dute, ordea", azaldu du Zirizak. Euskaldun guztien hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatuko dituen legea eskatu dute antolatzaileek. Hori lortzeko bidea hasiko dute apirilaren 4an. Azkonak argi du: "Kolosala izanen da".

“Ematen du erakundeak konplexuek jota ari direla euskararen gaian”

“Ematen du erakundeak konplexuek jota ari direla euskararen gaian”

E. Elizondo

Beteta da Asier Biurrunen agenda egunotan. Azken txanpan sartu dira 21. Korrika prestatzeko lanak, eta lanez gainezka da ekinaldiko Nafarroako koordinatzailea. Erakundeei eskatu die klik egiteko, eta urratsak egiteko beldurrik ez izateko.

Nafarroan hasiko da Korrika. Berezia izanen da zuentzat?

Bai. Hemen hasteak ematen digu halako poz berezia. Korrika iristea beti da pozgarria, baina hemendik hastea ohore bat da. Orain arte bakarrik beste hamabost herrik izan duten ohorea da, gainera. Hori gauza handia da.

Lan gehiago ere bada, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Garesen jende asko ari da lanean. Herrialde osoan ari gara. Baina oso gustura egiten den lana da. Ez dakigu eguraldia lagun izanen dugun edo ez, baina ziur naiz apirilaren 4an, 17:00etan, emozio handia izanen dela Garesen, eta ikusiko ditugula malkoak, halako ekitaldi bat oso polita delako.

Nafarroan hasteak ematen dio indar berezia ofizialtasunaren aldeko aldarriari?

Esanahi berezia du Nafarroan hasteak, bai. Ezin dugu ahaztu hemen zonifikazioak indarrean jarraitzen duela. Garesen abiatuko da Korrika, eta horko herritarrek ez dituzte eremu euskaldunekoek dituzten hizkuntza eskubideak. Korrika da zonifikazioa bertan behera uzten duen ekinaldi bat. Garesen hasiko dugu bidea, eta euskaraz eginen dugu, herrialde osoan. Zonifikazioak ezarritako mugen gainetik.

Gobernua, azken lau urteotan, ez da gai izan muga horiek bertan behera uzteko. Zer deritzozu?

Hankamotz gelditu dela egindako lana. Legegintzaldia amaituko da laster, eta, Korrikaren bidez, hain zuzen, kolpe bat eman nahi dugu mahai gainean lekukoarekin, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko. Gares eremu mistoan dago, baina horrek ez ditu hangoen eskubide guztiak bermatzen. Urratsak egiten jarraitu behar dugu, euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan. Horretarako, erakundeek eta horietan diren alderdiek klik egin behar dute. Benetako urratsak egin behar dituzte, hizkuntza eskubideak inori ez ukatzeko. Nafarroan, egun, legeak euskara erabiltzea ukatzen die herritar askori.

Herritarrek erakundeek baino errazago egiten dute euskararen aldeko klika?

Ematen du erakundeek halako beldurra badutela. Herritarrek errazago egiten dute klik. Alderdiek beste toki batera begiratzen dute. Ematen du mundu guztia utzi nahi dutela kontent, baina argi dago euskaldunak ez daudela pozik. Konplexuek jota jokatzen dutela ematen du. Beste gai batzuekin ez daude euskararekin dauden arazoak, gainera. Euskaldunok hizkuntza eskubideak baditugu, lege batek arautu behar ditu, denak berdintasunean artatzeko. Baina ez dute horrelakorik egiten, euskararen arloan. Alderdiek azaldu beharko lukete zergatik ez duten egiten.

Zonifikazioa bertan behera uzteko aukera argi bat galdu dela uste duzu?

Ez dut gustuko esatea aukera bat galdu dugula, baina egia da ez dugula egoera aprobetxatu aurrera egiteko. Aldaketaren gobernuak agintea hartu zuenean, itxaropeba bagenuen; haize berria sumatuko genuela uste genuen. Egin dira urratsak, baina ez dira nahikoak. Egia da hainbat herrik lortu dutela eremu mistora sartzea, baina zergatik ez dugu jauzia egin denak eremu euskaldunean sartzeko? Edo zonifikazioa bertan behera uzteko, behingoz? Legegintzaldia joan da, eta ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den.

Korrikaren hasierak ederki islatuko du zonifkazioaren eragina, eremu mistotik ez-euskaldunera pasatuko baitira korrikalariak, kilometro gutxi eginda.

Bai. Garesen hasteak ere emanen digu aukera errealitatea ezagutzeko. Hori da gure egunerokoa. Hori da alderdiek ikusten ez dutena, eta legeak errespetatzen ez duena.

Garesen hasi, baina Nafarroa osoan eginen du bidea Korrikak. Dena prest?

Azken txanpan gara, azken ordukoak lotzen, dena prest izateko. Korrikak aspaldi zapaldu ez dituen euskualdeak bisitatuko ditu aurten; asteburuan jende asko izanen dela ziur gara, apirilaren 6an pasatuko baita Korrika Iruñetik. Jendea gogoz dela uste dut. Nik hori nabarmendu nahi dut, jendeak baduela gogo handia parte hartzeko, lekukoa hartzeko. Eskualde askotatik ari gara deiak jasotzen, eta harrituta gara toki askotan jaso dugun erantzun onarekin. Polita dator Korrika, eta uste dugu aukera emanen duela presio pixka bat egiteko, hurrengo legegintzaldian gerta ez dadin oraingoan gertatu dena.

Eskubide guztiak hiritar guztientzat

Eskubide guztiak hiritar guztientzat

Edurne Elizondo

Senegalen jaiotako nafarra da Farmata Watt. Afrikako Lorea elkarteko kidea da, eta, orain, Munduko Medikuak erakundeko langilea. 2004. urtean ailegatu zen herrialdera. Duela gutxira arte, alokatutako gela batean bizi izan da, partekatutako etxebizitza batean. Orain, lanpostu berriari esker, bakarrik bizi da. "Lagun baten bidez lortu dut etxea alokatzea; agentzien bidez saiatu naizenean, trabak bertzerik ez dizkidate jarri. Jaso ditudan begiradak izan dira okerrena; nire egoeraren berri jaso aurretik ere erran izan didate niretzat ez zegoela deus. Afrikarra naizelako; beltza naizelako. Ezin dugu horrelakorik onartu".

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako eguna izan zen atzokoa, eta, bihar, zapalkuntza horren aurka protesta egiteko, manifestaziora deitu dute SOS Arrazakeria, Paperak Denontzat eta Afrikako Lorea erakundeek, bertze hainbat eragileren babesarekin. 12:00etan hasiko da, Iruñeko Gazteluko plazan.

Han izanen da Watt, argi baitu karrikara atera behar dutela bidezkoa ez dena aldatzeko. Sistemak bere erroan du arrazakeria, senegaldarraren hitzetan, eta egoera hori irauli ahal izateko, zapalkuntza hori sufritzen dutenek egon behar dute borrokaren "lehen lerroan". "Ongi da bertze herritarren eta elkarteen laguntza eta babesa jasotzea, baina guk gidatu behar dugu prozesu hau. Karrikan egon behar dugu", erantsi du.

Orainak kezka sortzen dio Watti. "Egoerak okerrera egin duela uste dut. Lehen lasai ibiltzen nintzen karrikan; orain ez; orain, beldurrez". Eskuin muturraren eta talde faxisten gorakadak eragin dio beldur hori. Watten kezkarik nagusiena, halere, etorkizunari buruz duena da: haurrek hezurmamitzen duten etorkizuna, alegia.

Kezka hori azaltzeko, Munduko Medikuak taldearen eskutik zuzendutako tailer batean gertatutakoa jarri du adibide. Haurrekin egotea egokitu zitzaion Watti. Adingabeak marrazten hasi ziren, eta haietako bik Ez naiz pobrea leloa idatzi zuten egindako marrazkietan. "Harrituta gelditu nintzen, eta esaldi hori zergatik idatzi zuten galdetu nien. Erantzun zidaten eskolan barre egiten zietela, pobreak direla erraten zietela, eta sorterrira itzuli behar zutela oihukatzen zietela; lur jota gelditu nintzen. Etxean entzundakoa errepikatzen zuten haur horiek".

"Anitz kezkatzen nau gure umeak triste eta sufritzen ikusteak; nola sentituko dira harro afrikar izateaz, eskolan kontinente horri buruz entzuten duten guztiak lotura badu pobreziarekin eta gosearekin? Ez dute beltz izan nahi. Eta horrek biziki mintzen nau. Eskolek irakatsi beharko lukete Afrikan benetan gertatzen dena, gure herriek sufritzen duten espoliazioa; haurrei erreferente afrikarrak eskaini behar dizkiete", erran du, irmo.

Atzerritarren legea

Egungo sistema arrazista dela zalantzarik ez du Farmata Wattek, eta afrikarren historia, errealitatea eta erreferenteak ezkutatzea sistema horren ondoriotzat jo du. Gehiago ere badira. Arrazakeria instituzionalak aurpegi anitz dituela erantsi du, eta denen aurka egin behar dela lan. Atzerritarren legearen kontra, hasteko. "Tranpa hutsa" da, Watten hitzetan.

Bat egin du SOS Arrazakeria erakundeko kide Beatriz Villahizanek. Arrazakeria instituzionalaren ondorio jo du lege hori. Erakunde horrek "sistemak bere egituran" duen arrazakeria salatu nahi du, aurtengo protestaren bidez, hain zuzen ere.

"Atzerritarren legea maltzurra da; sekulako gehiegikeriak onartzen ditu. Lege horrek merkatu globalaren interesei baino ez die mesede egiten. Langileria bitan banatzen du; batetik beren eskubideak murriztuta dituzten langileak daude; bertzetik, eskubide horiek lortzeko aukerarik ere ez dutenak. Sistemak bi kategoriak behar ditu eutsi ahal izateko", erran du Villahizanek.

Nafarroan ere arazo anitz bada, oraindik ere, konpontzeko, SOS Arrazakeriako kidearen hitzetan. "Migratzaileak hartzeko benetako planik gabe jarraitzen dugu; herritarren elkartasun sareak ari dira administrazioaren rola betetzen. Administrazioak, gainera, joera du migrazio eskubidea mugatzeko; denei ez die aitortzen. Gobernu batek bere administraziopean bizi diren herritarren eskubideak bermatu behar ditu", azaldu du. Ez da hori gertatzen, ordea. "Paperik ez baduzu, sistemak bazterrean uzten zaitu. Zure kabuz egin behar duzu aurrera, eta lortzen baduzu, orduan hartzen zaitu administrazioak bere besapean", erantsi du SOS Arrazakeriako kideak.

Adibide bat jarri du, egoera hori azaltzeko: Osasunbidean gertatu dena. Iazko apirilean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Nafarroako osasun legea. Arau horren helburua zen herritar ororen arreta bermatzea. Legea hutsean gelditu eta gero, dekretu bat onartu zuen gobernuak, zerbitzua bermatzen jarraitzeko. "Horrelako aldaketek nahasketa eragiten dute, eta horrek ekarri du hainbat pertsonak zegokien arreta jaso ez izana".

Azken garaiko joerek ez diote baikor izateko aukerarik uzten Villahizani. "Eskuin muturreko alderdien eta taldeen gorakadak kezkatzen nau, batez ere, migrazioaren auzia botoak eskuratzeko tresna bilakatu dutelako".

Legeari egin nahi izan dio so, berriz ere; atzerritarren legeari. "Bada garaia berrikusteko indarrean dauden arauek zer baimentzen duten". Beatriz Villahizanek nabarmendu du egun indarrean dagoen legeak ekarri dituela CIE izeneko atzerritarrentzako zentro itxiak.

Nafarroan gisa horretako zentrorik ez da. "Herrialdetik Madrilgo Alucheko zentrora eramaten dituzte migratzaileak", azaldu du Villahizanek. Zentro hori eta gisako guztiak ixteko eskatzeko plataforma sortu dute Madrilen, eta talde horretako kide Jose Arizak hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30ean, Zabaldin.

"Duela lauzpabost urte jarri ginen martxan, atzerritarrentzako zentro itxiak existitzeak berez urratzen dituelako giza eskubideak", erran du Arizak. Aluchekoa 2005. urtean zabaldu zuten. 60 pertsonarentzako tokia zuen hasieran; orain, berriz, 280rentzat. 2017an, ia 9.000 pertsona hartu zituzten Espainako Gobernuaren pean diren zazpi zentro itxietan, eta pertsona horien %65,5 kanporatu zituzten.

2011ra arte, gizarte eragileek debekatua zuten sarrera zentro itxi horietan. "Orain sartzen gara. Salatzeko, eta laguntzeko", erantsi du Arizak. "Itxi arte".

Zergatik, zertarako eta zenbat

Zergatik, zertarako eta zenbat

Edurne Elizondo

Martxan da. Drogen eta bertzelako menpekotasunen prebentziorako III. plana onartu du Nafarroako Gobernuak, 2023ra bitarteko eperako. 2019. urterako, zehazki, 1,4 milioi euroren aurrekontua prest du Osasun Departamentuak. Funtsean, bigarren planari segida ematen dio onartu berri duten testuak, baina baditu hainbat kontu berri: batetik, jokoaren eta substantziarik gabeko menpekotasunen auzia jaso du planak; bertzetik, gazteen ingurunean eragiteko neurriak hartzeko beharra aipatzen du.

Hegoak elkarteak txalotu egin du gobernuak "egoera berrietara" egokitzeko egindako ahalegina, hain zuzen ere. Substantziarik gabeko menpekotasuna jorratzeko urratsa eskertu du, bereziki, eta ontzat jo du hala egin izana talde horretako kide Leire Blasquizek. Ez hori bakarrik. "Elkarlan sareak sortzeko asmoa ere bada, eta hori ona izanen da. Substantziak jarri dira denbora luzez erdigunean; baina aztertu behar dugu gazteek zergatik, zertarako eta zenbat kontsumitzen duten".

Esparru horretan lanean ari direnen esperientzia baliatzea da kontua. Hegoak da gazteekin harreman zuzena duten elkarte horietako bat; Gizakia Helburu fundazioa da bertze bat. Erakunde horretako Suspertu programako kide Garikoitz Mendigutxiak planak inguruneari ematen dion garrantzia nabarmendu du, bereziki. "Ingurunean eragitea da kontsumoari eta menpekotasunari aurrea hartzeko modurik eraginkorrena", erran du. Azaldu du ingurunean eragitea zer den, adibide sinple baten bidez. "Tabakoaren legeak horixe egin du; erretzeko espazioak murriztu ditu, eta horrek ekarri du kontsumoak behera egitea".

Badira, halere, ingurunean eragiteko bertzelako moduak. Europako hainbat herritan hemen baino urrats gehiago egin dituzte, eta horietako bat jarri du Mendigutxiak mahai gainean: Islandia. "Herri horretako agintariek etxeko eta etxetik kanpoko lanak uztartzeko neurriak onartu zituzten, gurasoek haurrekin egoteko denbora gehiago izan zezaten; aisialdirako espazioak ere atondu zituzten, bertzelako alternatibak martxan jartzeko, eta nerabeen etxera itzultzeko ordua adostu zuten. Kontsumoak nabarmen egin du behera herri horretan", kontatu du Suspertu programako arduradunak.

Nerabeekin egin daitekeen lana da aldaketa bat gertatzeko giltzarri, Mendigutxiaren hitzetan. Gobernuak onartutako planak, halere, gazteen eta helduen artean dauden joerak ere nabarmendu nahi izan ditu, eta kezkagarritzat jo du, bertzeak bertze, gazte eta helduon "alkohol kontsumo intentsiboa". Alkohola da, hain zuzen ere, gehien kontsumitzen den droga. "Gazteek gehien kontsumitzen dituzten substantziak dira helduek gehien kontsumitzen dituztenak ere", azaldu du plana jaso duen testuak.

Alkoholarekin batera, tabakoa dago lehen postuetan. Hirugarrena kalamua litzateke, Mendigutxiak azaldu duenez. Nafarroako Gobernuak kalamuaren kontsumoari buruzko kanpaina egin du, eta Iruñeko hamaika txokotan ikus daitezke jada substantzia horrek gizakion burmuinari eragiten diotela ohartarazteko prestatutako kartelak.

Osasun Departamentuak hainbat datu jarri ditu mahai gainean: gazteen %30ek erretzen dute tabakoa; gazteen %85ek edan dute alkohola noizbait, eta adingabeen %80k edan dute, adinez nagusi izan aurretik. Alkohola edaten hasteko batez bertzeko adina, hain zuzen, 14,7 urte da.

Kalamuaren kasuan, 14 eta 64 urte bitarteko herritarren %40k probatu dute; kopurua %39 da, 14 eta 18 urteko gazteen artean. Inkestak azken hilabetean kontsumitu ote duten galdetu dienean gazteoi, %19k erran dute baietz, 18 eta 29 urtekoen artean; %22k, berriz, 14 eta 18 bitartekoen artean.

Lehentasunak ezarri

Kezkagarriena alkoholaren kontsumoa "normalizatzeko" prozesua izan dela uste du Suspertuko Garikoitz Mendigutxiak. Kontsumoa errazten duten elementu anitz badela erantsi du, eta arlo horretan ere beharrezkoa dela aldaketak gertatzea. "Nerabeei esaten diegu ez edateko; baina nerabe horiek beren gurasoak ikusten dituzte edaten. Alkoholaren, tabakoaren edo jokoaren arloan, adibidez, enpresek botere handia dute, eta horrek ere badu eragina". Kalamuaren kontsumoa ere, neurri batean, "normalizatu" egin dela nabarmendu du gobernuak, abian jarri duen kanpainaren harira.

Mendigutxiak argi du "lehentasunak ezartzeko garaia" dela. "Nerabeei esaten diegu ez kontsumitzeko, baina, aldi berean, helduak kontsumitzen ikusten dituzte. Kate hori apurtu behar dugu benetako prebentzio lan bat egiteko, nerabeoi bertzelako ereduak emanez". Adibide bat aipatu du Suspertuko arduradunak: "Amsterdamera joaten bazara, tren geltokitik atera, eta bizikleta pila ikusiko dituzu; zuk ere bizikleta hartuko duzu hiritik mugitzeko, hiriak berak erakusten dizulako hori egin behar duzula. Kontsumoaren esparruan gauza bera gertatzen da. Bestelako ereduak erakutsi behar ditugu", erantsi du Mendigutxiak.

Hegoak erakundeko kideek pertsonen prozesuak jarri nahi dituzte erdigunean. Hori da egin beharreko lanaren funtsa, haien ustez. Horregatik, gobernuak onartu berri duen planak "autonomiaren begirada sartzeko" egin duen urratsa nabarmendu du Leire Blasquizek. "Orain arte, substantziak egon dira erdigunean, batez ere; gure lana da pertsonen prozesuak aztertzea, ordea. Nork bere erabakiak hartzen ditu, eta erabaki horiek hartzeko autonomia izan behar da, pertsona horren osasunaren inguruko lan intentsiboa eginez".

Kontsumitzen duenak arduraz kontsumi dezala hartu dute Hegoak elkarteko kideek helburutzat. "Gure asmoa da lan egitea jakiteko kontsumitzen duen pertsona horrek zergatik, zertarako, zer, noiz eta zenbat kontsumitzen duen; kontsumo mota guztiak ez dira berdinak, ezta arriskuak ere", azaldu du Blasquizek. Hausnarketa hori menpekotasunen inguruko planetan jasotzea hagitz garrantzitsua dela uste dute Hegoak elkarteko kideek, hain zuzen ere. "Alkoholarekin gertatu da, adibidez, kontsumoa normalizatu egin dela, eta horrek ekarri du dituen arriskuak hain garbi ez ikustea".

Arduraz egindako kontsumoak eta gehiegizkoak ez dutela arrisku bera ekartzen erantsi du Blasquizek. "Ez da berdin egunero kontsumitzea, edo ospakizun batean egitea, jakinda zeintzuk diren norberaren mugak".

Mendigutxiak uste du nerabeek kontsumitzen dutela bertzeek ere egiten dutelako. "Gehiegi pentsatu gabe; ez dago hausnartutako erabaki bat atzean". Hegoak elkarteko kideek, ordea, bertzelako errealitate bat ezagutu dute artatzen dituzten gazteen bidez. "Guk ikusten dugu gazteek erabaki arduratsuak hartzen dituztela, eta beren osasunarekin kezka badutela. Informazioa jasotzen dute, eta gogoeta egiten dute, kontsumitzea edo ez kontsumitzea erabakitzeko", azaldu du Blasquizek.

Soslai bat osatzea zaila dela uste du Hegoak elkarteko kideak, eta erabaki horien atzean era askotako irizpideak badaudela. Taldeak duela hogeita bost urte hasi zuen bere bidea, eta urteotan guztietan arduraz kontsumitzeko interesak gazteen artean gora egin duela argi du Leire Blasquizek. "Ikusi dugu, halaber, erakunde publikoen inplikazioak ere gora egin duela, eta polita da haien eta elkarteon artean sortu den elkarlana".

Zabala da jorratu beharreko esparrua. Gobernuak onartutako planak ere nabarmendu du anitz direla kontsumoaren atzean dauden faktoreak, bertzeak bertze, substantzia bera, kontsumitzen duenaren testuingurua, inguru hurbila, bai eta testuinguru sozioekonomikoa ere. Pertsonen osasuna jarri nahi du planak erdigunean, eta, horretarako, drogen arriskuez ohartaraztea hartu du xede. Alkoholaren gisako drogen normalizazio prozesuak ere jarri nahi ditu zalantzan.

Zutik jarraitzen dute emakumeek

Zutik jarraitzen dute emakumeek

Edurne Elizondo

Martxoaren 8a. Emakumeen greba. Euskal Herriko mugimendu feministak planto egitera deitu ditu andreak, aurten, bigarrenez. "Heteropatriarkatu kapitalistari planto!". Nafarroan zutik dira emakumeak. Zutik jarraitzen dute. Grebarako eta borrokarako prest.

Herriz herri antolatu dituzte protestak, gaurko, herrialdeko talde feministek eta grebarako propio sortutako batzordeek. Iruñean, egunarekin batera hasi dituzte mobilizazioak, gauerdian manifestazio batek zeharkatu baititu Alde Zaharreko karrikak, gaua emakumeena ere badela aldarrikatzeko.

Ekitaldi nagusiak, halere, 08:30ean hasiko dira. Piketeak eginen dituzte grebalariek Nabarrerian, emakumeak plantora deitzeko. 12:00etan elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, Gazteluko plazan. Bazkaria eginen dute 14:30ean, eta, 19:00etan, berriz, eguneko manifestazio nagusia abiatuko da, Golem zinema aretoen paretik.

Bost ardatz ditu aurtengo greba feministak: ikasketak, enplegua, kontsumoa, pentsioak eta zaintza. Arlo horietan guztietan, berdintasunaren eta justiziaren aldarria zabaldu nahi du gaurko protestak, heteropatriarkatu kapitalistaren zapalkuntzaren aurka. Bizitza jarri nahi izan dute emakumeek erdigunean.

Adin eta arlo ezberdinetako hainbat andrek hartu dute hitza orriotan, greba egiteko beren arrazoien berri emateko. Gogoa eta helburuak partekatzen dituzte, baina ezberdina da batzuen eta bertzeen abiapuntua eta testuingurua.

ANA SAROBE

Oneka elkarteko pentsioduna

"Emakumeok etxean egiten dugun lana agerian utzi behar dugu"

Etxetik kanpo lan egiten zuen Ana Sarobek, iaz, mugimendu feministak lehendabizikoz grebara deitu zuenean. Planto egin zuen. Abenduan hartu zuen erretiroa. Pentsioduna da orain, eta Oneka taldearekin egin du bat. Euskal Herriko emakume pentsiodunek sortutako elkartea da, eta babestu dute gaurko greba. Sarobek ere greba eginen du, berriz ere. Ez du hutsik egin nahi. "Greba egin beharra dago. Emakumeok etxean egiten dugun lana agerian utzi behar dugu. Ezkutuko lana da, zaintza lana, baina mahai gainean jartzeko ordua da".

"Gizon asko oso eroso bizi izan da orain arte. Guk egin dugu dena etxean. Baina argi izan behar dute ez direla gure gainetik", erran du Sarobek. Etxeko giroa ekarri du gogora, eta "berdintasunezkoa" zela nabarmendu du. Orain, gazte anitzen jarrera ikusirik, "harrituta" gelditzen dela onartu du. "Lan handia bada, oraindik ere, egiteko; bai eta emakume gazteen artean ere".

Beren burua feminismoaren aliatutzat jotzen dituzten gizonen inguruan ere gogoeta egin nahi izan du Sarobek. "Badira greba egin nahi duten gizonak. Eta ez dute ulertzen greba emakumeona dela. Ez zaie buruan sartzen haiek ere greba egiten badute ez dela agerian geldituko guk egun horretan egiten ez duguna". Egiteko lan handia badela berretsi du Oneka elkarteko kideak.

CARIDAD JEREZ

Nafarroako Etxeko Langileen Elkartekoa

"Langileak gara, eta dagozkigun eskubideak nahi ditugu"

Aspaldi hasi zen Caridad Jerez gaurko grebarako prestaketak egiten. Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko burua da. Langileok existitzen ez direlako erabaki zuen Jerezek elkartea sortzea: "Langile izaera ere ukatu egiten digu egungo sistemak". Etxean eta etxetik kanpo emakume langilea delako eginen du Jerezek greba, gaur. "Amantal more bat erosi dugu hainbat lagunok. Hori jantzita aterako gara karrikara. Atzera egiteko inolako asmorik ez dugula argi utziko dugu".

Etxeko langile anitzek gaur greba egiteko aukera ez dutela izanen erran du Caridad Jerezek. Horixe salatu du. Etxeko langile anitzentzat greba egiteak berekin ekarriko zuelako enplegua galtzea. Errealitate hori aldatu nahi dute elkarteko kideek, hain zuzen ere. "Langileak gara, eta dagozkigun eskubideak nahi ditugu". Etxetik kanpo, bai eta etxean ere. Esparru guztietan, berdintasunaren aldeko aldarria bere egin du Jerezek. "Nik 61 urte ditut; nire belaunaldiko emakumeon patua izan dira erratza eta seme-alabak. Bada garaia gauzak aldatzeko", bukatu du.

FATIMA DJARRA

Afrikako Lorea elkarteko kidea

"Migratzaile anitzek ezin izanen dute greba egin, lana galduko luketelako"

Munduko Medikuak elkartean aritzen da Fatima Djarra. Ginea Bissautik etorri zen Nafarroara, eta, herrialdean, Afrikako bertze hamaika emakumerekin batera, Afrikako Lorea izeneko elkartea jarri zuen martxan. Greba eginen du gaur. "Greba, emakumeon eskubideen alde".

Elkarteko bertze emakumeak izanen ditu Djarrak greban lagun. Erran du, halere, emakume migratzaile anitzek ez dutela gaur karrikara ateratzeko aukera izanen. "Ezin izanen dute greba egin, plantoarekin bat eginez gero lana galduko luketelako. Baldintza kaskarretan ari dira, eta beren eskubideak zapaltzen dituzte", salatu du. Erantsi du greba egiteko aukera izanen ez duten horiek ere ordezkatuko dituztela gaur protesta egitera aterako diren gainerako emakumeek.

Iazko Martxoaren 8ko grebak mahai gainean jarri zuen auzi hori, hain zuzen ere. Egun nagusi den feminismoak zein neurritan ordezkatzen ote dituen talde nagusi horretatik at gelditzen diren emakumeak, alegia. Urratsak egin direla azaldu du Djarrak. "Iaz ez genuen sentitu gure aldarrikapenak ordezkatzen zituztela protestek; aurten bai; guregana etorri dira bertze talde feministetako kideak. Izan dugu aukera iritziak partekatzeko, eta aurrera egin dugu. Ez dago lehen eta bigarren mailako emakumerik".

MIKELE GRANDE

Uharteko ikaslea

"Sistemak emakumeok zapaltzen gaitu; lan egin nahi dut hori aldatzeko"

"Greba? Noski eginen dudala!". Zalantzarako tarterik ez du utzi Mikele Grande ikasle uhartearrak. Barañaingo Alaitz institutuan ari da batxilergo artistikoa egiten. Zentroko talde feministako kidea ere bada. Eta gaur, ikastetxeko kideekin batera, Iruñeko karriketan izanen da, feminismoaren alde.

Iaz ere greba egin zuen Grandek. "Emakumeok zapaltzen gaitu egungo sistemak; horren kontzientzia badut, eta errealitate hori aldatzeko egin nahi dut lan. Oso garrantzitsua da greba egitea, borrokatzea emakumeon alde".

Etxean beti izan du berdintasunaren aldeko giroa. Hori ikasi du. "Beti azaldu didate argi emakumeok zer-nolako zapalkuntza jasaten dugu; eta irakatsi didate hori ez dela bidezkoa".

Barañaingo institutuko talde feministarekin bat egiteak ikasten jarraitzeko aukera eman diola erantsi du, eta eskertu du. "Taldean sartu nintzenean konturatu nintzen informazioa behar nuela, behar nuela trebatu. Hor ikasi dut feminismoa zer den, eta kontent naiz".

LOLA ESLABA

Irunberriko gaztea

"Guk emakume aske izan nahi dugu gure herrietan"

Hiriburuko protestak izanen dira gaurko nagusiak; hau da, jende gehien erakarriko dutenak, hiriburuan eta inguruko herrietan bizi baita populazioaren gehiengoa. Nafarroako herrietan ere entzunen da aldarri feminista, hala ere.

Irunberrin eginen du greba Lola Eslabak. Protesta prestatzeko lanetan aritu da, bertze emakume anitzekin batera. "Feminismoaren inguruan antolatuta ez dauden emakume batzuk ere aritu dira lanean", azaldu du.

Herri baten testuinguruan egin du feminismoari eta emakumeen aurkako zapalkuntzari buruzko gogoeta: "Herrietan handiagoak izan dira gure askatasunaren aurkako erasoak; zaintza lanak emakumeoi egokitu zaizkigu, eta zerbitzu publikoak kendu dizkigute. Zaila da emakume izanda herrietan bizitzea".

Asmo eta nahi hori du Eslabak, halere. Bai eta bertze emakume anitzek ere. "Kapitalismoak, baina, landa eremuko baliabideak hustu eta hirietara bultzatzen gaitu. Guk emakume aske izan nahi dugu gure herrietan", nabarmendu du.

Emakumeon aldarriak Iruñera eramanen dituzte Irunberriko gazteek, arratsaldeko manifestazioarekin bat eginez. Emakumeak saretzeko beharraren garrantzia nabarmendu du Eslabak.

ESMERALDA AMADOR

Gaz Kalo ijitoen elkarteen federaziokoa

"Emakume ijitoak gara, eta horrek zailtasun gehiago ekartzen digu"

Lizarran bizi da Esmeralda Amador. Gaur, herriko protestetan parte hartuko du. "Greba eginen dut, bai. Gaz Kaloko langile guztiok eginen dugu". Amadorrek azaldu du iaz ez zuela egin, baina aurten sentitu duela berdintasunaren aldeko urratsa egiteko eta plantoarekin bat egiteko beharra. "Azken urte hau aldaketa urtea izan da emakume ijitoentzat. Greba eginez erakutsi nahi dugu guk ere berdintasunaren alde egin nahi dugula lan".

Gaz Kalo federazioko berdintasun saileko arduraduna da Amador, eta Lizarrako Udaleko Berdintasun Batzordeko kide ere bai. Argi du emakumeen aurkako zapalkuntzaren kontrako borroka ez dela egun batetik bertzera irabaziko. Baina egunez egun urratsak egiteko beharra azaldu du. Are gehiago emakume ijitoen artean. "Gu bertze emakume anitz baino atzerago gaude, oraindik ere. Emakumeak gara, emakume eta ijito, eta horrek zailtasun gehiago ekartzen digu; zailtasunak, bertzeak bertze, etxebizitza edo enplegua lortzeko".

Estereotipoen aurkako borrokarekin lotu du gaurko greba feminista Esmeralda Amadorrek, gainera. "Ijitoen inguruko aurreiritziak apurtzeko ere egin behar dugu lan. Berdintasunaren alde ari garela erran nahi dugu ozen, eta askotarikoak garela", gaineratu du.

Nafarroako Hitzako emakumeok, grebara

Nafarroako Hitzako emakumeok, grebara

Aurten ere, Berria Taldeko Emakumeen Batzarrak erabaki du bat egitea Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitutako emakumeen grebarekin: kazetari, diseinatzaile, zuzentzaile, harrerako arduradun, publizista, banatzaile, komertzial eta sustapen, kudeaketa eta administrazioko langileok egun osoko lanuztea egingo dugu. Iaz bezala, hedabideetako langileok ere arrazoi ugari ditugu greba egiteko. Batetik, sektorearen prekarizazioak langileon eguneroko lanean, osasunean...

Zentsura ezartzeko tandema

Zentsura ezartzeko tandema

Edurne Elizondo

Boterea bere esku duenean, aurretik egindako urratsak hutsean uzten ditu; oposizioan denean, berriz, bertzeen politikak oztopatzea da bere helburu bakarra". Horixe erran du Jose Luis Garciak, Nafarroan eskuinak sexu heziketaren inguruan izan duen "estrategiari" buruz. Gai hori landu du Sexo, poder, religión y política (Sexua, boterea, erlijioa eta politika) izenburuko bere azken liburuan. Sexologoa da, eta 35 urtez egin du lan sexu heziketaren esparruan, Nafarroan.

Bertzeen politikak oztopatzeko eskuinaren estrategiak, bertzeak bertze, polemikaren bidetik egin du aurrera. Horren adibide argia da azken garaian gertatu den Skolae hezkidetza programaren aurkako kanpaina. Skolaeren inguruko eztabaidak eztanda egin aurretik bukatu zuen Garciak bere liburua, baina azken hamarkadetan sexu heziketaren inguruan piztutako bertze hainbat gatazkaren testuinguru berean kokatu du egileak oraingoa ere.

Gatazkak sortzeko bide horretan, eskuinak Eliza izan du beti lagun. "Zentsura ezartzeko tandem boteretsua osatu dute politikak eta erlijioak", salatu du Garciak. Kontua da sexu heziketa jomugan izan duen zentsurarako estrategia horrek ondorioak badituela: "Polemikak jendea izutu egiten du; sexuaren inguruko gaiak natural jorratzeko prozesuak hutsean utzi nahi izan dituzte polemika horiek, eta ekarri dute haur eta gazteak sexu heziketarik gabe gelditzea. Hori drama bat da".

Salamancatik (Espainia) etorri zen Garcia Nafarroara, psikologia eta sexologia ikasketak amaitu eta gero. 1980ko hamarkadaren hasieran etorri zen, COFES zentroak martxan jarri zirenean, alegia. Proiektu horrek ekarri zuen herrialdera, hain zuzen ere. "1981. urtean hasi ginen lanean. Proiektua ezagutu bezain pronto erabaki nuen parte hartu nahi nuela. Etorri, oposizioetara aurkeztu, eta lanpostua lortu nuen", gogoratu du sexologoak. Bost urtez izan zen COFES zentroen zuzendari, eta Iturramakoan aritu da, duela hiru urte erretiroa hartu zuen arte.

Familia plangintzarako eta sexu heziketarako ziren COFES zentroak. 1978. urtean Iruñeko Txantrea auzoan Andraize jarri zuten martxan, zentro horien aitzindari. Euskal Herrian izan zen aitzindari, bai eta hemendik kanpo ere, garai horretan gisako aurreneko zerbitzu publikoa izan baitzen. Auzokideen eta emakumeen elkarteek bultzatu zuten, garaiko Iruñeko Udalaren babesarekin.

Andraizek irekitako bidean urratsak eginez jarri zituen Nafarroako Gobernuak COFES zentroak martxan, gero. 1981ean, Nafarroako Parlamentuak berak onartu zuen sexu heziketa eta familia plangintza eskaini behar zitzaiola gizarteari, eta administrazioak hartu behar zuela zerbitzu horiek emateko ardura. Apustu horrek Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako Zentroen sarea ekarri zuen, 1985etik aurrera. Sare horrekin bat egin zuen Andraizek ere, 1989. urtean.

"Sexu heziketaren esparruan erreferente bilakatu ziren COFES zentroak. Ehunka hitzaldi, tailer eta ikastaro egin genituen. Denentzako zentroak ziren", gogoratu du Jose Luis Garciak. Lortutakoa nabarmendu, aitortu eta txalotu du sexologoak. Izan ere, kontuan hartu behar da Andraize martxan jarri zenean, adibidez 1978ko azaroan, despenalizatu berri zutela antisorgailuen erabilera, tronpen loturak eta basektomiak egiteko erabateko askatasunik ez zegoela, oraindik ere, eta homosexualitatea delitua zela.

COFES zentroak giro horretan sortu ziren. Abortuaren inguruko eztabaida ere pil-pilean zegoen garai horretan Nafarroan. 1987an, Andraizeko hiru ginekologoren aurkako epaiketa abiatu zuten, hain zuzen. "Lankide nituen, lagun. Sekulakoa izan zen paraitu zutena", erran du Garciak. 1990eko epaiak, errugabetzat jo zituen Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa. Udalak Iruñeko Zapia eman zien, iaz.

"Eskuinak, saria emateko egun horretan ere, eztabaida piztu nahi izan zuen". Elkarretaratzea egin zuten Udaletxe plazan, herriko etxean saria emateko ekinaldia egiten zuten bitartean. "Eskuinak eta Elizak, halere, borroka hori galdu dute. Gizarteak ezin du atzera egin. Abortuaren aurkako mezuak mahai gainean jarri dituzte, berriz ere, baina argi dut mugimendu feministak ez duela atzerapausorik onartuko".

Borrokari eusteko beharra dagoela argi du sexologoak, halere. Lortutakoak galtzea zer den ederki daki. Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan COFES zentroen bidez aurrera egindako urratsak hutsean utzi zituen UPNk kolpe batean, agintea bere esku hartu zuenean.

1997an, Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako Zentroak bilakatu ziren Emakumeen Arretarako Zentro. "Bat-batean, sistemak ardura guztia emakumeen esku utzi zuen, eta gizonezkoen parte hartzea eta arreta desagerrarazi zituen zentroetatik". Sexu heziketaren esparruan aitzindari izandako COFES etxeak, ondorioz, sexu heziketarik gabe gelditu ziren.

Zakil baten marrazkia

UPNren gobernuak COFES zentroen egitura eta espiritua moldatu aurretik ere, hamaika oztopori egin behar izan zioten aurre sexu heziketaren arloko profesionalek. Horien inguruko kontakizunak eta gogoetak jaso ditu Jose Luis Garciak bere azken liburuan.

"Ez duzu Etxarriko zakila gogoan?", galdetu du sexologoak. 1982koak ekarri ditu gogora. Eskolako bi irakasleren eta ikuskatzailearen aurkako txosten bana zabaldu zuen Nafarroako Gobernuko orduko Hezkuntza kontseilari Javier Markotegik, haur batek egindako marrazkiaren harira. Marrazkian bi irakasleak agertzen ziren, elkarri besarkada ematen. Bikotea ziren. "Haurrak gizonaren zakila tente marraztu zuen". Xehetasun horrek eragin zituen departamentuaren txostenak. Espainiako Hezkuntza Ministerioak ere esku hartu zuen auzian, eta 1982ko martxoaren 23an, ondorioz, greba egin zuten Hezkuntzan, irakasleei elkartasuna adierazteko. "Izugarria izan zen".

Maria Teresa Graciaren izena ere memorian fresko du Garciak. 1984. urtean, sexu heziketari buruzko jardunaldiak egin zituzten Iruñean, lehen aldiz. GITEk eta Andraizek antolatu zituzten. "Egun batean, Maria Teresa Gracia Coalicion Popular taldeko zinegotzia sartu zen, bertze hainbat pertsonarekin, oihuka eta mehatxuka; ez zuten jardunaldian izena eman; boikotatzeko asmo hutsarekin etorri ziren".

Zinegotziaren eta gainerakoen bisita ez zen izan boikot horren ondorio bakarra. "Iruñeko Udalak bazuen jardunaldietan landutako materiala argitaratzeko konpromisoa, baina ez zuen hitza bete".

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere aritu izan da Jose Luis Garcia lanean. Erakunde horren hastapenetan, sexu heziketari eta sexologiari buruzko ikasgaia jarri zuten martxan, NUPen, eta Garciak hartu zuen bere esku haren ardura. "Berrehun ikasle nituen". Baina egitasmo hori ere hutsean utzi zuten. "Zerbitzuko burua Opus Deikoa zen, eta aitzakia bat baliatuz, ikasgaia kendu zuen". Ikasleek eman zioten erantzuna, halere, erabaki horri: "1996an, Zurekin ligatu nahi dut izenburuko tailerra egin zuten", gogoratu du Garciak, harro.

"Herriz herri egin genituen gisa horretako tailerrak, sexu heziketa bultzatzeko. Zarrakaztelun, adibidez, udalak antolatu zuen sexu heziketaren eta droga eta alkohol kontsumoaren inguruko programa zabal bat, inguruko gazteentzat. La Olivako monasterioan egin behar genuen, baina hasi baino egun bat lehenago ezezkoa eman ziguten. Azkenean, taberna batean egin genuen".

Garciak argi du haur eta gazteekin sexuaz garbi hitz egin behar dela, "etxean eta eskolan", eta hasieratik. "Egun, pornografiara jotzen dute gazteek, eta horrek biziki kezkatzen nau. Haurrek etxean ikasi behar dute errespetuzko eta berdintasunezko harreman bat zer den".

Sexu heziketaren helburua da, Garciaren hitzetan, "nahi duenak sexuaz modu osasuntsu batean gozatzea, arduraz". Egungo gobernuak UPNk desegindakoa lehengoratzeko egindako ahaleginak nabarmendu ditu, baina ez du uste betean asmatu duenik. "Lehen COFES zentroak ziren horietatik kanpo utzi dute sexu heziketa, eta hori ez da egokia". Sexu heziketari duen garrantzia aitortzeko eskatu du.

Arazoa erdigunean jartzeko

Arazoa erdigunean jartzeko

Edurne Elizondo

Indarkeria matxistaren aurkako eguna da azaroaren 25ekoa, eta data horrek eragin zuen, neurri handi batean, Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren sorrera, duela bi hamarkada. 1998. urtean jarri zuten martxan herrialdeko hainbat emakume abokatuk, talde feministak, sindikatuk eta bertze hainbat eragilek. "Zerbait egiteko beharra genuen", gogoratu dute plataformako kideek, beren hogei urteko bideari buruz aurkeztu duten dokumentalean. Ahotsa.info hedabide digitalak egin du, eta https://youtu.be/ pQMhXNYjyBA helbidean ikus daiteke.

"Hogei urteko bide hori nabarmendu, eta lanean aritu direnei aitorpena egin nahi izan diegu", erran du plataformako kide Diana Bruño Artazkozek, dokumentalaren helburuaz. Duela urte eta erdi egin zuen bat Bruño Artazkozek taldearekin. Plataforman hasieratik direnen lekukoa hartzeko prest dira emakume gazteak. Iratxe Alvarez Reoyok duela ia hamar urte ezagutu zuen taldea, eta geroztik aritu da lanean.

Zerbait egiteko beharra berretsi dute bi taldekideok. Arazoa erdigunean jartzekoa, alegia. Indarkeria matxista estaltzen eta zuritzen zuen arlo pribatutik atera, eta esparru publikoan eta eragile politiko eta sozial guztien agendetan jartzea zen, eta da, helburua. "Kolperik latzenak, bai eta sotilenak ere, guztiak salatu eta borrokatu nahi ditugu; indarkeria sexistaren aurpegi oro", nabarmendu du Bruño Artazkozek.

1998. urtean sortu zuten plataforma, legez. Urtebete lehenago, 1997ko abenduan, Granadako (Espainia) Ana Orantes hil zuen senar ohiak. Gasolinaz busti, eta su eman zion gizonak emakumeari. Hamahiru egun lehenago, telebista kate batean salatu zituen Orantesek gizonak urte luzez emandako tratu txarrak.

"Hilketa hori inflexio puntu bat izan zen; indarkeria matxista agerian utzi zuen, modurik gordinenean. Nafarroan tratu txarrak jasaten zituzten emakumeekin lan egiten zuten hainbat abokatuk erabaki zuten bat egitea", gogoratu du Alvarez Reoyok. Handik urte gutxira, 2002. urteko apirilean, Alicia Aristregi labankadaz hil zuen haren senarrak, Atarrabian. Indarkeria matxistaren kolpe horrek ere ekarri zuen herrialdean jada mugitzen ari ziren emakumeen konpromisoak gora egitea. Ozen zabaldu zuten gizartean indarkeriaren aurkako beren mezua, eta urratsak egiteko beharra berretsi zuten. Nahikoa zela adierazi zuten, argi eta garbi.

Teresa Zabalegi gogoan

1998. urtean martxan jarri ziren abokatuen artean zegoen Teresa Zabalegi. Plataformako bozeramaile izan zen urte luzez, eta gainerako taldekideentzako erreferentzia dudagabea. Zabalegi iazko maiatzean zendu zen, 62 urte zituela. Dokumentalaren bidez, plataforman egin zuen lana nabarmendu nahi izan dute borrokan kide izan zutenek.

"Baliabiderik gabe, legea papera baino ez da", erran zuen Zabalegik, BERRIA egunkarian, 2014. urteko azaroan. Gobernua genero indarkeriaren aurkako lege berria prestatzen ari zen orduan, eta 2002ko araudiaren hutsak zuzentzeko, dirua eskatu zuten plataformako emakumeek. Eskaera horrek ongi islatzen du taldeko kideen lanaren espiritua zein den: "Hitzetatik ekintzetara egin behar dugu jauzia; legeek balio dute bakarrik betetzen badira", erran du Alvarez Reoyok.

Erakundeak izan dira Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak bere lana garatzeko hautatutako esparruetako bat. Taldearen hastapenean bat egin zuten emakume abokatuen parte hartzeak izan zuen eragina horretan, beharrezkotzat ikusi baitzuten indarkeria matxistari aurre egiteko lege onak eta eraginkorrak prestatzea. "2002. urteko testua plataformak proposatu zuen; gero, legea onartzeko prozesuan, edukiz hustu zuten. Plataformak, halere, beti izan du argi erakundeak interpelatu behar zituela", azaldu du Alvarez Reoyok.

Erakunde publikoei beren ardura eta erantzukizuna gogoratu nahi izan die plataformak. Indarkeria matxistari aurre egiteko jarrera hartzera behartu nahi izan ditu. Baina horrek ez du erran nahi karrikako lana bazter utzi duenik. "Kalean ere egin dugu borroka, hor ere egon behar dugula eta lan esparru garrantzitsua dela argi dugulako", erran dute plataformako kideek.

Lanean jarraitzeko beharra badela ederki dakite Bruño Artazkozek eta Alvarez Reoyok. Baina erakundeetan eta karriketan azken hogei urteotan egindako bideak emaitzarik eman duela ere zalantzarik ez dute. "Arazoa gizarteratu dugu", nabarmendu dute, batetik. Lan horren adibide aipatu dute Gora Iruñea plataformarekin batera sanferminetan gertatzen diren sexu erasoen aurka egindakoa. "Protokoloa prestatu genuen, eraso horiei aurre egiteko". Bertzetik, erakundeetan ere plataformaren eta gainerako talde feministen lanak aldaketak eragin dituela erantsi dute. "Herri mugimendua ailegatzen da ailegatzen denera, baina mugak ditu, eta ezinbestekoa da erakundeetan ere lan egitea. Erakundeak inplikatzea ezinbestekoa izan da; ez dut argi gure diskurtsoa berenganatu ote duten, baina arazo bat dagoela onartu dute", azaldu du Alvarez Reoyok.

Grebarako prest

Erakundeei presioa egiteko beharrezko espazioa da karrika. Eta horregatik kalean egon nahi izan du beti plataformak. Orain ere behar dela argi du Bruño Artazkozek. "Legeak behar ditugu, baina ez dira nahikoak. Legeak jasotakoa betetzeko dagoen aurrekontu urriak agerian utzi du bide luzea dugula, oraindik ere, egiteko", gaineratu du.

Bidea luzea delako, hain zuzen ere, Martxoaren 8rako, bigarrenez, grebara deitu du mugimendu feministak. Plataformak ere babestu du ekinaldia. Alvarez Reoyo eta Bruño Artazkoz lanean aritu dira, azken hilabeteotan, greba prestatzeko prozesuan. "Gogoz gaude", erran dute.

Iazko protestak izandako arrakasta nabarmendu dute plataformako bi kideek. "Hainbat eragilerentzat oso greba erraza izan zen; martxoaren 9an denak ginen feminista, baina urtebete joan da eta hemen aldaketarik ez da egon", zehaztu du, halere, Alvarez Reoyok.

"Aurten zehatzago eta zuzenago izan nahi dugu", berretsi du Bruño Artazkozek. Beharrezkotzat jo du gogoeta esparru guztietara zabaltzea: gizartera, erakundeen esparrura, bai eta norberaren etxera ere. Berdintasunaren aldeko eta zapalkuntzaren aurkako aldarria mahai gainean dela argi dute plataformako kideek; borrokan ez dagoela atzera egiterik.

Hilabete falta da Martxoaren 8ko grebarako, eta egun horretan karrikan egonen dira plataformako kideak. Indarkeria matxistari aurre egiteko prest dira. "Edozein emakumeren aurkako erasoa gure aurkako erasotzat hartu behar dugu, eta denen aurka borrokatu", nabarmendu dute. Gizarteak plataformaren beharrik ez izatea dute xede. Bitartean, lanean jarraituko dute.