Asteko Gaiak

Errotu da emakumeen memoria

Errotu da emakumeen memoria

Edurne Elizondo

Harritik sortu zen hazia; hazitik lorea; eta lore horiekin, orain, baratzea osatu dute: emakumeen memoriaren baratzea. Haziak, baratzea eta memoria uztartu dituen proiektuak Arantzan hartu du lurra. Igandean inauguratu zuten, Bortzirietako dozenaka herritarren babesarekin. Harritik hazia antzezlana du abiapuntu, halere, duela urtebete Beran estreinatu zutena. Berako Euskara Batzordeak bultzatuta, herriko eta inguruko bertze hainbat herritarrek obra bat prestatu zuten, euskaraz, memoria historikoa lantzeko. Zehazki, historiak isilarazitako emakumeei eman nahi izan zieten hitza eta oholtza. Antzezlanaren bost emanaldi egin eta gero, segida eman nahi izan diote proiektuari, eta egileek, emakumeen memoria lantzen jarraitzeko, baratzea sortu dute, Arantzan.

Baratze fisiko eta birtuala da. Jaione Andonegik egin du fisikoaren diseinua, Arantzako Udalak utzitako lur sail batean. Sortzen ari den iratzearen formari egin dio so, eta kiribila osatu du lurrean. Baratzearen erdian iturria jarri du, emakumeen ahotsaren ikur. Maddi Irazoki artistak egina da, berriz, baratzearen ondoko paretan ageri den irudia, lorez, haziz eta adarrez osatutako murala.

Baratzea sortzeko ideia Esther Carrizorena izan da. Ramon Albisturrekin batera zuzendu zuen Carrizok Harritik hazia. Obra prestatzeko prozesuan jada konturatu zen istorioa ezin zela oholtza gaineko emanaldiekin amaitu. "Emanaldiak bukatutakoan, haziak banatu genizkien ikusleei; orduan ez genuen hagitz argi hazi haiekin zer eginen genuen, baina bagenekien zerbait eginen genuela. Bizia eman nahi izan diogu proiektuari, eta horrela sortu da baratzea egiteko asmoa", azaldu du, baratzea jendaurrean aurkeztu eta gero.

Igandeko inaugurazioan "hunkitu" egin zela aitortu du Carrizok. "Antzezlanean aritu ginen guztiok ukitu egin gaitu egindako lanak; zerbait eragin digu, eta horren ondorio da memoria lantzen jarraitzeko dugun gogoa". Baratzea sortu eta gero, proiektuak eginen dituen hurrengo urratsak pentsatzen hasi da jada. "Ikasleekin landu nahiko nuke gaia; bai eta zaharrekin ere, bertzeak bertze", erran du antzerkigileak.

Besta giroan egin zuten igandeko inaugurazioa; musika eta dantza artean landatu zituzten herritarrek eramandako lore eta landareak. Ekitaldia, halere, Arantzako plazan hasi zen, Ekhiñe Zapiain Arlegik bota zituen bertsoekin: "Antzerkiana pasa ta gero / ez itzaltzeko argia / zelai eder bat eginen dugu / loratu dadin egia / hazietatik behingoz sortzeko / gurea den historia".

Kalejiran baratzera

Bertsoek baratzera ailegatzeko kalejirari eman zioten hasiera. Parte hartzaileen artean zen Mikel Taberna idazlea; harena da Harritik hazia obrako testua. "Baratzearen proiektua zoragarria da, helburu baitu emakumeen historia biltzea; gizonen historiaren berri badugu, baina emakumeena ez da aipatu izan. Antzezlana egitea eta erakustea zoragarria izan zen, eta orain badu segida, emakumeen lanari esker".

Herriko karriketan barrena, kantuan eta dantzan egin zuten aurrera baratzearen sortzaileek. Atondutako lur sailean, elementuak bilakatu ziren protagonista, ura, haizea, lurra eta sua irudikatzen zituzten emakumeen antzezpenarekin. Arantzako alkate Mentxu Peñak hartu zuen hitza, eta elkarlanean aritzera deitu zituen Bortzirietako udalak eta herritarrak, "baratzeko lurrak emankor bilakatzeko".

Arantzako Udalak utzi du baratzea egiteko saila, baina Bortzirietako udal guztiek lagundu dute proiektua. Aurrerantzean, Arantzako udal langileek izanen dute zaintzeko ardura, baina lan horretan ere inguruko herriak ondoan izan nahi ditu Peñak. "Kontent" zegoen igandean, baratzearen ideia "ederra" iruditu zaiolako. "Auzolanean egin dugu; eguraldiak ez du lagundu, eta hamabost egun eskasean egin dugu; bultzatzaileek argi zuten zer egin nahi zuten, eta lortu dute".

Arantzan bat egin zuten emakumeetako anitz landarea eskuetan ailegatu ziren herrira; eta landarearekin batera eraman zuten baratzeko iturriaren ondoan prestatutako zuloz betetako enbor puska batean gordeta utzi zuten paper puska. Emakumeen historia eta emakumeen ahotsa jaso zuten paper puska horiek. Koro Irazokik bi utzi zituen Arantzan. Zugarramurdikoa da, baina Bera du bizitoki. Paper pusketetako batean, XVII. mendeko sorgin ehizaren ondorioz Bortzirietan hildako emakumeen zerrenda jaso zuen; hamabost inguru ziren. Bertzean, berriz, amatxiri eta haren belaunaldiko emakumeei egin nahi izan zien omenaldia: "Nire amatxi ama gabe gelditu zen 7 urte zituenean; ezkondu zen 21 urterekin, eta Zugarramurdiko baserri batera joan zen. Hamazazpi haurdunaldi izan zituen, eta hemezortzi haur. Lau umetan hil zitzaizkion, eta bertze bat Ameriketan. Zahartzaroan, lasai bizi behar zuenean, bere seme gazteena preso hartu zuten, eta hamaika bidaia egin behar izan zituen hari bisita egiteko. 90 urterekin hil zen, jendaurrean kexa bat edo malko bat agertu gabe".

Irazoki "hunkituta" zegoen, igandean, baratzean. "Ekinaldi eder eta eredugarria iruditzen zait; historikoa. Orain, zaintzea da kontua". Zaintzea, espazio bizia izan dadin. Horixe da asmoa, Maddi Irazokik nabarmendu duenez. Harritik hazia antzezlanean aritu zirenetako bat da, eta erabat murgildu da baratzea sortzeko proiektuan ere. Obra prestatzeko prozesuan parte hartzaileek "elkar elikatu" zutela erran zuen artistak, eta baratzea martxan jartzeko bidean ere elkarri emandakoa nabarmendu du. Elkarri, bai eta, baratzearen bidez, eskualdeko emakumeen memoriari eman nahi diotena ere.

Memoria birtuala

Espazio fisikoaz harago, mundu birtualean ere izanen du presentzia Bortzirietako emakumeen memoriaren baratzeak: batetik, http://oroimena.bera.eus/emakumearen-oroimen-baratzea/ helbidean, eta, bertzetik, Emakumearen oroimen baratzea izenarekin zabaldu duten Facebook orrian.

Igandean jasotako testigantzak eta istorioak digitalizatuko dituzte, eta gehiago jasotzen segitu nahi dute. "Emakumeen memoria osatu nahi dugu, denon artean; emakumeen istorioak ezagutu nahi ditugu, eta betiko gorde", erran du Irazokik. Orain arte ezkutuan egon diren hitzak dantzan jarri nahi dituzte Bortzirietako oraingo emakumeek.

Irazoki "harrituta" dago iaz oholtza gainean erakutsi zuten antzezlanarekin hasitako proiektuak egin duen bidearekin. "Bertze dimentsio bat hartu du proiektuak, orain, baratzearekin". Baratzea zaintzeko beharra berretsi, eta emakumeen historian eta istorioetan zaintzak duen tokia nabarmendu nahi izan du artistak.

Dantzan egin zuen Irazokik igandeko kalejira. Irribarreak hartu zion aurpegia, baratzea jendez beteta ikusi zuenean. Herritarren harrera eskertu du, eta erantsi du espero duela Bortzirietako biztanleek proiektuarekin bat egiten jarraitzea. Anitzek beren landareak utzi dituzte Arantzako baratzean; beren inguruko emakumeen berri jasotzen duten paper puskak ere bai. Badute zer zaindu, eta badute zerekin elikatu. "Horrela borobiltzen da dena; baratzea zaintzen dugu, elika gaitzan", erran du Irazokik.

Arantzako pilotalekuaren ondoan dago emakumeen memoriaren erdigune izan nahi duen baratzea. Iturriko uraren hotsa da isiltzen ez den bakarra. Haren bidez, Bortzirietako emakumeen memoriak hartu du hitza, erroak egin eta gero.

Indarberritzeko oporrak

Indarberritzeko oporrak

Edurne Elizondo
Zer ikara!". Liubomira Alievak ez du kazetariarekin hitz egin nahi. "Oso lotsatia da", azaldu du Leitzako bere etxean hartu duen Mari Carmen Arregik. Ukrainakoa da Alieva, eta 8 urte ditu. Laster beteko ditu 9 urte, hilaren 28an. 6 urte...

Absentziak presentzia bilakatzeko omenaldia

Absentziak presentzia bilakatzeko omenaldia

Edurne Elizondo

Nagore Laffageren absentziak ekarri du Iruñeko Gazteluko plazan, asteon, Andreak eta Astelehen Lilek egin dioten omenaldia. Bi ordu eta erdiko ekinaldian, halere, Irungo 20 urteko erizainaren presentzia izan da nagusi. "Denak gara Nagore", errepikatu dute, behin eta berriz, parte hartzaileek; batez ere, Jose Diego Yllanesek hil zuenean Laffagek zuen adin bertsua duten emakume gazteek. Haren ama Asun Casasolari so erran dituzte hitz horiek. Eta amak besarkadaz bete ditu. "Urduri nago, beti jartzen naizelako urduri; baina omenaldiok, niretzat, terapia baten modukoak dira; izugarri eskertzen ditut, eskertzen dut jendearekin egotea", erran du Casasolak.

Hunkituta eman eta jaso ditu babesa agertu nahi izan diotenen besarkadak. "Hamar urtez etorri naiz omenaldira, eta inoiz ez naiz musu ematera ausartu. Gaur eman nahiko nizuke", erran dio gizon batek Casasolari; Laffageren amak eskertu du keinua, eta eman dizkio bi musu eta besarkada estua. Malkoak isuri ditu Casasolak, baina irribarreak ere hartu dio aurpegia, behin baino gehiagotan. Hitzak, musika eta dantza nahastuz, omenaldi hunkigarri bezain alaia egin baitiote Nagore Laffageri.

Hamar urte joan dira Jose Diego Yllanesek erizain gaztea hil zuenetik. 2008ko sanferminetan, Laffagek ezetz erran zion Opus Deiren Unibertsitate Klinikako psikiatrari, eta gizonak hil egin zuen. Hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, 2009. urtean. Baldintzapean aske da, halere, joan den martxotik. "Izugarria da", erran du Laffageren amak, tristuraz.

Emakume guztien omenez

Laffagek urtero jaso du iruindarren omenaldia, eta, hamargarren urteurrena gogoratzeko, ehunka herritarrek bat egin dute Gazteluko plazan. Laffage gogoratuz, indarkeria matxistak jotako emakume guztiak omendu nahi izan dituzte. Herritarrekin batera, ekinaldian izan dira Nafarroako Gobernuko, Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko eta Irungo udaletako ordezkariak.

Datu gordin eta latzak mahai gainean jarrita hasi dute Andrea eta Astelehen Lilak elkarteetako kideek omenaldia: "2018. urtea hasi zenetik, 45 feminizidio gertatu dira estatuan; 2017. urtean, 99 izan ziren. 16 urte edo gehiago dituzten emakumeen %12,5ek sufritu dute sexu indarkeria edo indarkeria fisikoa; sei orduan behin emakume bat bortxatzen dute, eta kontuan hartu behar dugu bortxaketen %80 ez direla salatzen". Errealitate hori iraultzeko grina utzi dute agerian antolatzaileek; omenaldi gehiago egin behar ez izateko gogo benetakoa.

Helburu horrekin bat egin du Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere, hitza hartu duenean. Hala aitortu du: "Ekinaldi polita, baina, aldi berean, gogorra eta zaila da gaurkoa [astelehenekoa]". Kontseilariak argi du Laffageren hilketa "mugarri" izan dela indarkeria matxistak herritarren aldetik jaso duen erantzunean. "Gizarteak eta erakundeok bat egin behar dugu, gure indarrak batu, indar horren bultzada areagotzeko".

Ollo ez da bakarra izan Casasolaren ondoan. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteetako kideekin batera izan da Helena Taberna zinemagile altsasuarra ere. Nagore izenburuko dokumentala egin zuen Laffageren hilketari buruz. Familiaren ondoan egon nahi izan du hamargarren urteurrenean. "Laffageren hilketak lehen lerroan jarri zuen, duela hamar urte, emakumeon aurkako indarkeriaren auzia. Garrantzitsua da hemen egotea eta gogoratzea. Ez gaude duela hamar urteko egoera berean; egin dugu aurrera, eta ospatu behar dugu. Herriak hartu du indarra erasoen aurka". Laffage omendu eta gogoratu behar dela berretsi du, eta bere filmaren bidez, hain zuzen, hori egin nahi izan duela nabarmendu du: "Memoria".

Tabernaren filma erakutsi du Asun Casasolak Nafarroako hamaika ikastetxetan, hain zuzen. "Ezin duzue imajinatu niretzat zeinen garrantzitsua den hori", erran du, plazan, zinemagilearen aurrean. Herritarren berotasuna beti sumatu duela nabarmendu eta eskertu du. "Hor ikusten dut zuen alkatea; hasieratik izan da nire ondoan", erran du Casasolak, Joseba Asironi so —jendearen artean dago—. "Ongi ospatu bestak; disfrutatu, errespetatuz. Ez dezatela bertze inor hil; ez dezatela emakume gehiago bortxa. Baina, zerbait gertatzen bada, sinetsi biktimari; atera karrikara; ondoan ez bazaituztegu hondoratzen baikara", bukatu du.

Hitzen tokia hartu du musikak; Etxaniz taldeak, Sabicas etxeko Jolis Muñozek, El Camarotek, Maite Menek eta Aurora Beltranek bete dute oholtza, bertzeak bertze. Aurreskua dantzatu dute Laffageren eta haren familiaren omenez; olerkiak irakurri dizkiote erizain gazteari, eta Towanda Rebels ekinaldiko kideek eta Cristina Fallaras kazetariak "nahikoa" dela erran dute, ozen. Indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten alde egin dute. Erasorik gabekoa. Feminismoaren alde. Nagore Laffageren absentziak ekarri ditu Iruñera; haren presentzia gogoratu dute.

“Indarkeriaren aurka egin beharreko lanaren eredu bilakatu da Iruñea”

“Indarkeriaren aurka egin beharreko lanaren eredu bilakatu da Iruñea”

E. Elizondo

Urduri dela aitortu du Cristina Fallaras kazetariak (Zaragoza, Espainia, 1968), Nagore Laffageren omenezko ekinaldian hitza hartu baino lehen. Haren amaren aurrean, Laffage gogoratzen dutenengan beti bizirik izanen dela nabarmendu nahi izan du.

Zer duzu gogoan Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuen egunari buruz?

Berria zabaldu zenean, gauzak ez zeuden batere argi. Hasieran, ez zen hilketa aipatzen. Ez gara konturatzen, baina hamar urteotan gauzak anitz aldatu dira. Hilketari buruz orduan hedabideetan zabaldu zenari buruz, gogoan dut nahasmena zela nagusi. Emakume bat hilik zela aipatzen zuten, ez zuten erraten gizon batek hil zuela, ustez bazen ere. Nahasmen hori dut gogoan, batez ere.

Sanferminetan gertatzen diren eraso matxistak ez dira oraingo kontu. Orain, ordea, gehiago salatzen dira, eta karrikan egiten dute haien kontra. Kanpotik, zer iritzi duzu Iruñean azken urteotan gertatu denari buruz?

Azken urteotan, Iruñeko sanferminak eredu bilakatu dira, besta giroan gertatzen den indarkeria matxistaren aurka egin beharreko lanaren eredu. Zalantzarik gabe, udalaren eta gizartearen jarrera mugarri izan da. Protokoloak zehaztu dira, eta, ondorioz, eraso bat gertatu denean, emakumeak argi izan du nora jo. Ez dira Poliziaren protokoloak, gainera. Gizarteari eta udalari lotutako protokoloak dira, hau da, ordezkatzen gaituztenei lotutakoak, eta hori hagitz garrantzitsua da.

Erasoak ez dira bakarrik bestetan gertatzen, halere.

Erasoak gertatzen dira ez bizi dugun sistemaren ondorioz, baizik eta sistema bera direlako eraso horiek. Sistema patriarkal batean bizi gara, eta sistema hori indarkeriaren gainean dago eraikia; oinarria da gizonak duela agintea bere esku. Ondorioz, sufritzen dugun indarkeria hori guztia sistema beraren oinarria da.

Besten esparruan, Iruñetik kanpo sanferminetara ez etortzeko mezua zabaldu dute hainbat taldek eta emakumek; bertakoek besta espazioetan egoteko beharra nabarmendu dute, ordea. Zer uste duzu zuk?

Bi jarrera horiek bateragarriak direla uste dut nik. Ulertzen dut hemengoek nabarmentzea egiten ari diren ahalegina, eta karrikan jarraitu nahi izatea; ulertzen dut, halaber, kanpoko emakumeek etorri nahi ez izatea Nagore Laffage hil zuten edo 2016ko taldeko bortxaketa gertatu zen tokira. Urtero gertatzen dira erasoak, eta ulergarria iruditzen zait emakume anitzek bestan parte hartu nahi ez izatea. Ez dut uste, halere, etorri nahi ez duten horiek sanferminen aurka egin nahi dutenik, bereziki. Uste dut gisako bertze bestetan gertatzen diren erasoak ere salatu nahi dituztela.

2016ko erasoa ez du bortxaketatzat jo justiziak. Zigorgabetasun sentsazioa areagotu da?

Justizia patriarkala da, eta ez dut justizia mota hori laster amaitzeko esperantza handirik. Nagore Laffageren heriotza ere ez zuten hilketatzat jo. Horren eta 2016ko erasoaren gisako kasu argien aurrean justiziarik ez badugu lortzen, ezin dut esperantza handirik izan. Bortxaketaren auziko sententzia irakurri nuenean, ezin nuen sinetsi horrelakorik erabaki izana.

Emakumeak karrikara atera dira justizia patriarkala salatzera; ez duzu hori aurrerapausotzat?

Bai, ari gara justizia patriarkala agerian uzten. Baina justizia patriarkalak ba al du kezka horrekin? Gizartearen zati hagitz handia du bere alde. Bost axola dio, beraz. Agerian gelditzen ari da, halaber, herritarren zati handi bat prest dagoela biktima berriz ere biktima bilakatzeko, eta prest dagoela gure kontra egiteko indarkeria salatzeagatik, errua gure gain jarrita.

Emakumeen erantzun sendoa ere eragin dute azken garaiko erasoek.

Egia da, erantzuna zabala eta sendoa izan da. Uste dut hainbat faktorek bat egin dutela hori gertatzeko. Mugimendu horren atzean ongi prestatutako emakumeak daude. Urte luzez eutsi dugu, eta, azkenean, karrikara atera dugu egoerak eragindako amorrua. Ezin genuen orain arte bezala jarraitu.

Martxoaren 8ko grebak lagundu du mugimendua astintzen?

Bai. Eta uste dut sare sozialen rola ezinbertzekoa izan dela. Ohiko hedabideetan gure kontakizuna egiteko aukera izan ez dugun emakumeok sare sozialak baliatu ditugu saretzeko eta gure mezuak zabaltzeko. Horrek ekarri du, nire ustez, azkenaldiko astintze hori.

Zer ardura dute hedabideek?

Isilarazi gaituzte. Minaren oinarrian daude hedabideak. Indarkeriari buruzko komunikaziorik gabe ezin diogu aurre egin. Eta isilarazi gaituzte, orain arte.

Memoriak har ditzala paretak

Memoriak har ditzala paretak

Edurne Elizondo
Ez dugu historia aldatzeko inongo asmorik. Memoriari eragin nahi diogu, espazioak demokratizatzeko". Horixe nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko buru Alvaro Baraibarrek, ikur fra...

Tokiz kanpoko lur eta memoriak ostenduta

Tokiz kanpoko lur eta memoriak ostenduta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Amonak neba bat izan zuenik ere ez zekien Maru Mangadok, baina haren gorpuzkiekin egin du topo. Iruindarra da Mangado, eta Gernikara bidaia egin du asteon. Bitxia da bisitaren zioa: Gernikako hilerrian 1936ko gerran hilak "omentzeko" frankistek eraikitako kripta zabaldu eta haren osaba handiaren arrastoak jasotzea. Valentin Romeo Segues zuen izena, eta Mendabian (Nafarroa) jaio zen, 1916an. 20 urte zituen 1936ko uztailean armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zenean. Preso hartu, eta faxistekin borrokatzera behartu zuten Romeo. Desagertuta egon da ordutik.

Dokumentu, izen zerrenda eta aztarna ororen atzetik ibili ondoren, Gernikako kripta izan du azken geltokia Mangadok. Asteazkenean joan zen osaba zaharraren gorpuzkinak handik ateratzera, baina, azken ezustekoarekin egin du topo: hobia irekitzean bi pertsonaren gorpuzkinak azaldu dira zulo berean. DNA probak egiteko laginak hartu, eta emaitzak esku artean izan bezain pronto itzuliko da Mangado Gernikara berriz, Romeoren gorpuzkinak sorterrira eramatera.

1936ko gatazkak eta ondorengo diktadurak ezarritako isiltasun kate luzearen beste begi bat da Romeorena. Milaka kasuren arteko beste bat. 1936ko gatazkaren ondorioz, lurrak irentsi zituen 250 biztanletik bat, eta desagertutako ala hildako sendiaren mina irentsita igaro dute belaunaldi ugarik bizitza, harik eta hirugarren belaunaldia isiltasuna hautsi eta iraganarekiko hariak josten hasi den arte.

Isiltasunean arakatzen

Espero gabe, kasualitatez aurkitu zuen Mangadok amonaren neba, 1936ko gatazkarekin zerikusia zuen ikerketa bat egiten ari zela. "Nafarroako Lerin herriko errepresaliatuei buruzko informazioa biltzen ari nintzen, bertakoa baitut familia, eta herriko hainbati buruzko informazioa jaso nahi nuen. Bada, Juanjo Casanovak Iruñeko presondegian preso egon zirenekin osatutako zerrenda aurkitu nuen blog batean, eta aitaren aldeko amonaren abizenak ikusi nituen presoen izen-abizenen zerrendan: Romeo Segues".

Harriduraz begiratu zion izenari, ez baitzuen sekula Valentin izeneko senitartekorik ezagutu. "Oso arraroa egin zitzaidan, eta aitarengana jo nuen berehala. Esan zidan ezagun egiten zitzaiola gerran gazte hil zen osaba bati buruz zerbait entzun izana etxean". Besterik ez zion argitu aitak.

Angelita Mangado Romeorengana jo zuen ondoren, Valentin zenaren ilobarengana. "Nire izebarengana jo nuen. Oso nagusia da, baina izena aipatu nionean berehala hasi zen hizketan. Esan zidan baietz, bazekiela nor zen Valentin Romeo Segues. Gogoan duela bera txikia zela amak eta amonak janari poltsa prestatu eta Iruñeko espetxera eramaten ziotela, harik eta bidaietako batean Romeo bertatik atera zutela azaldu zuten arte". Hunkituta aritu zitzaion izeba. "Nagusia da, eta buruz ez dabil oso fin. Istorio honekin joan nintzaionean, negar besterik ez zuen egiten".

Bizkaiko frontera eraman zutela esan zioten sendiari. "Besterik ez zuten jakin". Azaldu duenez, bere aitonak ere egin zuen Romeo bilatzeko saiakera. "Aitonak kamioi bat zuen, eta, gatazka hasi zenean, konfiskatu eta faxistak laguntzera behartu zuten, gidari lanetan. Aukera izan zuenean, Bilbora joan zen, koinatuaren bila, baina esan zioten gerra frontean hil zela".

Sendiko kideek emandako informaziotik abiatuta hasi zen Romeoren aztarnen atzetik. "Artxibategietara jo nuen, ahalik eta datu gehien biltzeko asmoz". Horrela jakin zuen 1936ko altxamendu militarra gertatu eta egun gutxira atxilotu zutela amonaren neba, eta 1936ko uztailaren 22an Iruñeko presoen zerrendan ere azaltzen dela 1937ko urtarrilaren 27ra bitarte.

Bizkaiko frontera eraman zuten handik, Amerika 23 Erregimentuarekin borrokatzera. "1937ko maiatzaren 10ekoa da berari buruz dudan azken aztarna. Egun horretan, Bizkargiko borroketako batean hil zela jakin dut, 21 urte betetzear zituela. Romeoren aitari ordaintzen zioten pentsioagatik jakin dut noiz hil zen: Espainiako Estatuko 1940ko Aldizkari Ofizialeko argitalpenen bidez jaso dut informazioa".

Bizkargin hildakoak non hobiratu zituzten ikertzea izan zen hurrengo urratsa, eta Gernikako hilerrian aurkitu zuen osaba handiaren izena, kostata. "Gernikan, Valentin Romeo izenez agertu beharrean, Valentin Romero gisa azaltzen da, eta bilaketa lanak zaildu ditu horrek".

Ez den lekuan

Gernikako Erorien Monumentuan hilobiratuta dauden dozenaka herritarren artean dago Romeo duela 80 urtetik, "Espainiako aberriaren alde" eroritakoen artean. Areago, Iruñeko Erorien Monumentuko "erorien" izen-abizenen zerrendan ere aurkitu du Mangadok osaba zaharra. Ez zegokion toki batean egon da galduta, 1936ko gatazka piztu, faxistek atxilotu, preso hartu eta behartuta eraman baitzuten frontera ondoren, beren bandoaren alde borrokatzera. Preso hartu zuten berberek egin zuten beren martiri.

Ezagutzen ez zuen senide baten aztarnak berreskuratuko ditu Mangadok DNA frogen emaitzak jaso eta berehala, eta esaten du antzeko beste horrenbeste kasu egon daitezkeela Euskal Herrian. Osaba zaharraren hilobian aurkitu duten beste gorpuzkinaren kasua izan liteke.

Esku hutsik egin du asteon Bizkaitik Nafarroara bidaia. Datozen hilabeteetan itzuliko da, osaba zaharra jaso eta, behingoagatik, Mendabian lur emateko.

Kontuak eskatu ditu auzitegiak

Kontuak eskatu ditu auzitegiak

Edurne Elizondo
Uda beltza izan zen 2003. urtekoa Nafarroan. Zazpi herri galdu zituen herrialdeak, makinek suntsituta. Duela hamabost urteko ekainean, Itoitz bota zuten behera. Ez da hori nafarrak zutik jarri dituen urtegi bakarra, halere; Esakoa handi...

Denon esku egon behar duelako

Denon esku egon behar duelako

Edurne Elizondo

Kultura inklusiboaren aldeko sarea da Kataluniako Apropa, eta Sonia Gainza kideak eman du helburu horrekin lotutako gako nagusietako bat: "Gutxi batzuen aldeko neurriek, finean, denei egiten ahal diete mesede". Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteak antolatutako jardunaldian aritu da Gainza, Iruñean. Irisgarritasunaz eta kultura inklusiboaz gogoeta egin nahi izan dute herrialdeko kultura kudeatzaileek, bide horretan urratsak egiteko asmoz.

Ez da Kunarena esparru horretan zabaldutako ate bakarra, gainera: Nafarroako Parlamentuak onartu berri du Irisgarritasun Unibertsalerako Foru Legea, eta Nafarroako Gobernuko Kultura departamentua, berriz, kultura eskubideena prestatzen ari da. Herritar ororenak dira eskubide horiek, ustez, baina, egun, oraindik ere, badira hainbat kolektibo kulturaren esparrutik at uzten dituzten mugak eta oztopoak.

Aipatzekoa da, adibidez, Iruñeko Gaiarre antzokian berriki egin dituztela igogailua jartzeko eta antzokiko sarrera egokitzeko lanak, irisgarritasuna errazteko asmoz. Obrak egiteko gastua 300.000 eurorena izan da, eta, ordaintzeko, "mezenasgo kanpaina bat" jarri dute abian; finantzaketa kolektiboa, alegia. Parlamentuak onartu berri duen Irisgarritasun Unibertsalerako Foru Legeari buruz, hain zuzen ere, "baliabidez" horni dezatela eskatu du Cerminek, bertze deus baino lehen. Ezintasunen bat dutenen erakunde ordezkarien batzordea da Cermin.

Kultur espazioetara eta jardueretara iristeko oraindik ere indarrean diren mugen eta oztopoen kontra lan egiteko asmoz antolatu du Kunak Iruñeko jardunaldia. Gaur egun bazter gelditzen diren talde eta kolektiboei egin nahi izan diete so: ezintasunen bat dutenak edo baztertzeko arriskuan direnak. Batetik, kolektibo horietako kideek kultura garatzeko espazioetara iristeko eta sartzeko dituzten zailtasunak jorratu dituzte; bertzetik, berriz, kultura produktuak sortzeko, zuzentzeko edo kudeatzeko aurkitu ohi dituztenak.

Sonia Gainzak irisgarritasunari egin dio so, batez ere, bere hitzaldian. Kultura denen esku jartzeko bideak bilatzea da Apropa sarearen lana, hain zuzen ere. Berretsi du hasieran errandakoa, gutxi batzuen alde hartutako neurriek denei egiten ahal dietela mesede, alegia. Eta adibide argi bat jarri du mahai gainean: "Antzoki batera sartzeko arrapalak aulki gurpilduna dutenei egiten die mesede, beti. Momentu zehatz batean mugitzeko zailtasunak dituenak ere eskertuko du, eta, denok joko dugu ontzat, berriz, zahartzen garenean".

Denen neurrikoa

Kultura garatzeko espazioa kudeatzen duenak kontuan hartu behar du anitza dela kultura kontsumitzen dutenen soslaia. Espazio horrek, ondorioz, denen neurrikoa izan behar du. "Anitzetan, argibide gutxi batzurekin lor dezakegu hori", azaldu du Gainzak. Bertze adibide bat ekarri du: "Autistentzat garrantzitsua da, adibidez, espazioa ezagutzea. Lagungarria da, adibidez, espazioaren webgunean jartzea informazioa azaltzeko nola heldu, sarrerak non erosi eta abar. Argazkiak jar daitezke prozesua errazteko. Tokia ezagutzen ez duen orok eskertuko du hori, gainera".

Irisgarritasuna, halere, ez dago bakarrik espazio fisikoarekin lotuta. "Bazterketa arriskuan direnekin ere egiten dugu lan, adibidez. Haientzat prezio bereziak eskatzen ditugu". Ez hori bakarrik. "Ohiko saio batera joaterik ez dutenentzat, adibidez, entseguak zabal ditzakegu; edo saio bereziak egin haiekin. Komunikazioarekin, espazio fisikoarekin, prezioarekin, inguruarekin, edukiarekin eta profesionalen jarrerarekin lotutako mugak bazter uzteko lan egitea da kontua".

Edukiaren berri emanen duten eskuorri irakurterrazak sortzea; atsedenaldiak egiteko aukera emanen duten saioak antolatzea; zaharrekin edo ezintasun jakin bat duten pertsonekin saio bereziak prestatzea, giro lasai batean... Gisa horretako proposamenak egin ditu Apropak, eta lan ildo horiek lantzen ari dira jada Kataluniako hamaika kultura espaziotan.

Asmo horiek jasotzen ditu bere baitan Apropak sareko antzokiei eta gainerako espazioei eskatzen dien konpromisoak: tokien %2 gordetzea gizarte erakundeentzat, hiru euroko prezioan. Gainzak gisako konpromisoak hartzera deitu ditu Nafarroako kultura espazioak ere.

Ohiko zurruntasunetik aldentzea eta begirada aldatzea da lehen urratsa. Madrilen, Una Mirada Diferente izeneko jaialdiak hori egitea hartu du helburu, hain zuzen ere. Espainiako Arte Dramatikoen Zentroko kide Ines Enciso da arduradunetako bat, eta kultura inklusiboaren alde egin du Kunak antolatutako jardunaldian.

Encisok funtsezkotzat jo du, lehenik eta behin, argi uztea gizarteak "rol erabakigarri bat" duela kultura inklusiboa garatuko duten politikak ahalbidetzeko orduan. "Baztertutako kolektibo anitz daude, eta ezintasunen bat dutenena ikusezina da; estigmaren zama du gainean. Kulturak izan behar du bizi garen gizartearen isla, eta, egun, ez dugu hori lortu". Ez da gizartearen isla, bere aktore anitz oholtzatik kanpo gelditzen direlako.

Encisok nabarmendu du ezberdintasuna "balio erantsi bat" dela artearen arloan, eta argi du Una Mirada Diferente jaialdian parte hartzen duten konpainia inklusiboek horixe erakusten dutela, beren lanak sortzen eta aurkezten dituzten bakoitzean. Encisok ezintasunen bat dutenekin garatutako bertze proiektu batean parte hartu du, Campeones filman, alegia. Javier Fesser zuzendariak aurten aurkeztutako lana da. Lan horretako aktore da Jesus Vidal, eta bat egin du Encisorekin. "Arteak anitz irabazten du ezberdina den hori bere egiten duenean; aukera bat da".

Ezintasun fisiko bat du Vidalek: ikusmen arazo larriak. "Campeones filman, halere, ezberdintasun intelektuala duen pertsona baten rola bete dut, nire itsutasunetik". Filologia ikasi zuen Vidalek, baina antzerkiaren arloak laster harrapatu zuen; aktore gisa, bai eta idazle gisa ere. "Artearen bidez, errealitatean parte hartu, eta aldatu egiten dut. Beti harritu nau ohartzeak zein neurritan alda daitekeen bertzeek gutaz duten iritzia, betaurreko lodiak eramaten ditugulako, edo ezaugarri fisiko jakin batzuk ditugulako".

Antzerkiaren esparruan trebatu dela nabarmendu du Vidalek. Ines Encisok ere "funtsezkotzat" jo du lan amateurraren eta profesionalaren arteko bereizketa argi uztea. Arrisku batez ohartarazi nahi izan du, halaber: ghetto bat sortzekoa, alegia. "Helburu hartu behar dugu aniztasuna oinarri dituzten jaialdiak antolatzea? Nire ustez, gaur egun gogoeta zehatz hori eginen duten ikuskizunak eta espazioak sortzea garrantzitsua da. Baina helburutzat hartu behar dugu lan egitea halako toki eta produktu propioak izateko behar hori desagertzeko".

Esperientziak

Bertze hainbat sortzailek parte hartu dute Kunak antolatutako jardunaldian. Haietako bat da Mikel Belaskoain. Arazo neurologikoak dituzten hainbat pertsonaren inguruan garatu du Personas izenburuko bere proiektua. Artistak berak behin-behineko paralisia eragin zion gaitz bat izan zuen. Esperientzia hori oinarri hartuta osatu du bere arte lana. Ezintasunaren marra malgua dela ikasi du bere proiektuaren bidez, batetik. "Denok egon gaitezke gaur alde batean, eta bihar, berriz, bertzean". Bertzetik, emozioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du. "Emozioa aldarrikatu nahi dut artearen esparruan". Aulki gurpilduna behar duen pertsona bat, amnesia duen bertze bat, eta alboko esklerosi amiotrofikoak jota den hirugarren bat dira, bertzeak bertze, Belaskoainen Personas proiektuko parte.

Arte plastikoen arloan ari da Alicia Otaegi ere, eta Nafarroako Gobernuak sustatutako Landarte programaren bidez, Otsagabiko zahar etxeko erabiltzaileekin egin du lan. Parte hartzeko izan duten borondatea eta gogoa nabarmendu ditu artistak.

Zaharren kolektiboarekin lan egin nahi izan du Ados Teatroa konpainiak ere, aurten giza eskubideen arloan garatzen ari den El baile de los años proiektuan. Giza eskubideak oholtzara izenburuko programa du konpainia horrek 2016tik, eta aurtengo lanerako zaharrekin aritzea erabaki du, "bazter gelditzeko arriskua duen kolektiboa" badelako, Jose Antonio Vitoria konpainiako arduradunaren hitzetan.

Migratzaileekin eta langabeekin ere egin dute lan Ados Teatroa konpainiako kideek. Aurtengo proiekturako Becky Siegel dantzari eta koreografoa dute lagun. Siegelek badaki ezintasunen bat dutenekin lan egitea zer den, Konmocion Danza konpainiaren bidez jorratu baitu esparru hori. Koreografoak argi du: "Artea gizartearen aurretik dago, arteak ederki ikasi baitu aniztasuna aberastasuna dela, ezberdintasunetik aukera berriak sor daitezkeela".

Esklerosi anitza zuten pertsonekin hasi zen dantza lantzen Siegel. Bere esperientzia abiapuntu hartuta, argi utzi nahi izan du inklusioa hitz konplexua dela, eta, batez ere, kultura inklusiboa lortzeko formula magikorik ez dagoela. Adibide bat aipatu du: "Neska bat etorri zen niregana; aulki gurpilduna behar zuen. Dantza egin nahi zuen, eta eskola bat bilatzen lagundu nion. Aurkitu genuen. Lehen egunean pozik egon zen; bigarrenean bertze ikasleek ez zioten jaramonik egiten; hirugarrenean okerrera baino ez zuen egin egoerak. Kontua ez da bakarrik aritzeko espazioak aurkitzea; espazio horretan aritzeko giro egokia behar dugu ere".

Giro positibo hori bilatzen dute Atena Fundazioko kideek, hain zuzen. Ezintasun intelektuala dutenek artea erabiltzen dute, han, garatzeko. Artea sortu eta erakusten dute. Bide luzea bada, oraindik ere, egiteko. Kunak urrats bat egin nahi izan du aurrera.