Asteko Gaiak

San Fermin Txikiak: talkak ahazteko festa

San Fermin Txikiak: talkak ahazteko festa

Urteroko zitari eutsiz, festarako prest dira Iruñeko Alde Zaharreko karrikak. Gaur goizean egingo du eztanda San Fermin Txikiko jaiei hasiera emateko suziriak. Eguerdian hasi eta igandera arte iraungo du ospakizunak. 150 ekitalditik gora izanen dira, guztira.

Aurtengo festak, gainera, bereziak izanen dira. Urteetako borrokaren ostean, baretu dira, oraingoz, Alde Zaharreko Jai Batzordearen eta Iruñeko Udalaren arteko ika-mikak. UPNk ez bezala, auzokideen programari babesa eman dio udalbatza berriak, eta azken urteetan aurrenekoz, baimena izango du aurten Redin inguruko jai eremuak. "Bazen garaia", dio, telefonoaren bestaldean, Leticia Molina jai batzordeko kideak, pozez. Ez zuten beste erabakirik espero. Eta ez bakarrik udalean izandako aldaketagatik; bide judizialak ere arrazoia eman die auzokideei: "Bere garaian udala salatu genuen, esaten zutelako guk ez genuela barra jartzerik, ez omen ginelako jaien antolatzaile. Epaiketa egin zen, eta otsailean esan ziguten irabazia genuela". Udal berriak, ordea, epaia betetzeaz harago "ahalegin handia" egin duela uste du Molinak, eta pozik mintzo da harremanen osasuna dela eta.

Orain, udalarekin ez ezik, bizilagunekin harreman ona bermatzea da jai batzordearen helburua. Jai bereziki parte hartzaileak dira San Fermin Txikikoak, auzoaren bizitzan ongi errotuak. Alde horretatik, ez luke arazorik egon behar. Baina tabernak irekitzeko lizentzien kopuru neurrigabeak —eta hortik eratorritako zaratak— arazoa sortu dute Alde Zaharreko bizilagunen artean. Gauzak horrela, jai jardueretako batzuek eragin dezaketen kaltea apaltzeko neurriak hartu ditu jai batzordeak. Izan ere, Molinak dioenez, jendea "kokoteraino" dago zaratarekin, eta ez dute nahi jaiekin "edalontziek gainezka egitea". Edonola, arduraz baina lasai mintzo da jai batzordeko kidea: "Jaiak jaiak dira, eta zarataren kontra daudenek ere nahi dituzte jaiak. Gu saiatuko gara ahalik eta kalte gutxien sortzen".

Jai batzordearen eta auzokideen hiru hilabeteko lanak gaurtik aurrera ekarriko ditu fruituak Alde Zaharreko kaleetara. Ekainean hasi ziren biltzen, "lehenik eta behin dantzaldiak kontratatzeko", eta ordutik astero elkartu dira, kolektibo zein bizilagunak, festak prestatzeko. Jai guneko txanda guztiak betetzeko "arazoak" izan dituztela aitortu du Molinak, "hainbeste urteetan halako gunerik ez egotea nabaritu delako". Baina txandak bideratzeko helbide elektroniko bat jarri dutela ere dio, eta jendeak "ongi hartu" duela.

Beste behin ere, eta eguraldiak laguntzen badu behintzat, milaka pertsona elkartuko dira asteburuan Nabarreriako inguruetan, jaiaz gozatzeko. Antolatzaileek, aurten ere, umeak izan dituzte gogoan, eta haientzako jarduera asko antolatu dituzte. Finean, Molinak dioenez, "urtean zehar eta sanferminetan ez dute aukera handirik izaten", eta, horregatik, "kontuan hartu" dituzte jaien egitaraua ontzeko unean. Haiei eskainitako ekitaldiekin batera, dozenaka jarduera gehiago antolatu dituzte. Herri bazkariek eta musika emankizunek kaleak zipriztinduko dituzte. Aurten, gainera, auzoko gazte mugimenduak duela hogei urte abiatutako eta azken urteetan desagertutako striptease herrikoia berreskuratuko du, ostiralean. Alde Zaharreko musika taldeen lehiaketa ere izango da, ostegunean. Ekitaldi berriak izango dira —jauziak, kasurako, igandean—, eta baita urteetan errepikatu direnak ere, adinekoen krosa, adibidez.

Jai bereziak

San Fermin Txikikoak festa "bereziak" dira Leticia Molina eta Alde Zaharreko Jai Batzordearentzat. Bereziak, "jende askok parte hartzen duelako; ez bakarrik gauzak ikusten, baizik eta baita prestakuntzan ere". Horregatik, trabak traba "jendeak hasieratik defendatu dituen" festak direla uste du Molinak. Urteroko egutegian gorriz markatutako egunak dira Alde Zaharreko zein Iruñeko gainerako biztanleentzat ere: "Jendeak betidanik sentitu izan ditu bere jaiak balira bezala, eta betidanik sentitu izan da kristoren jarrera jaiekiko. Jai hauetan ez du diruak agintzen. Azkeneko urteetan hori ikusi izan da: nahiz eta barrarik ezin jarri eta nahiz eta dirurik ez atera, aurrera jarraitu dugu jaiekin".

Festak festa izateko, ordea, denen arteko errespetua bermatu beharra dago. Eta, horretarako, batetik, jaien testuinguruan ugaritzen diren sexu erasoak bukatu nahi ditu jai batzordeak. Horretarako, komunikazio kanpaina bat egin dute, eta eraso sexisten aurka jarraitu beharreko protokoloa landu dute taberna eta peñetako arduradunekin. Horiek guztiek "oso jarrera ona" erakutsi dute, Molinak dioenez. Gainera, emakumeentzako autodefentsa ikastaroak ere landu dituzte, jaien aurreko asteetan.

Errespetua da Molinak gehienetan darabilen hitza. Festetan ongi pasatzeko eta parte hartzeko deia egiten die herritarrei, baina denen eskubideak aintzat hartuta; festazaleena, baina baita lo egin nahi dutenena ere.

Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua»

Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua»

Euskararen aldeko aldarria presente izango da San Fermin Txikiko jaietan. Laugarren urtez, Euskaraz bizi nahi dut lelodun lasterketaren lekuko izango dira Alde Zaharreko kaleak, bihar goizean. Euskalgintzako taldeek abiatutako lasterketa da; prestatzeko, ordea, Imanol Lapeña (Iruñea, 1963) Hiru Herri atletismo taldeko kidearengana jo zuten orain lau urte. Iñaki Mendiorozekin batera, lasterketaren prestaketarako logistikaz arduratzen da urtero Lapeña.

Dioenez, lasterketaren aurreko egunetan izaten dute lan gehien. Finean, "ongi eraman behar dira gauza guztiak, egunean, dena ongi atera dadin". Besteak beste, lasterketarako beharrezkoa den materiala lortzeaz arduratzen da, bai eta ibilbidea markatzeaz ere, adibidez. Eskarmentua du horretan, Iruñerriko bestelako kros eta lasterketen antolaketan ere ibilia baita.

"Zerbait berezia egin nahi zelako" sortu zen 2012an euskararen aldeko lasterketa bat egiteko ideia. "Zerbait berezia, kirolarekin harremana izango zuena". Izan ere, Lapeñak dioenez, "euskara eta kirola lotzea izan zen helburua lasterketa formatuan. Ez lehiatzeko, baizik eta parte hartzeko, eta, hala, egun eta festa polita sortzeko". Data aukeratzerakoan, San Fermin Txikiko festekin batera egitea erabaki zuten, "jai giroan antolatzeko". Eta bistan da asmatu zutela, "jendearen erantzuna eta sortutako giroa oso polita izaten delako", Lapeñaren hitzetan.

Euskararen aldeko aldarrikapenerako kirola aukeratu izana ez da kasualitatea, Hiru Herri taldeko kidearen ustez. Are gehiago, kirolean, eta bereziki atletismoan, euskararen erabilerako potentzial handia dagoela uste du: "Kirolarena beste mundu bat da. Agian orain arte ez gara ohartu mundu horretan euskara erabiltzeko zenbat aukera dauden. Iruñean asko dira atletismo taldeak, eta horietan dabiltzan asko dira euskaldunak". Horretaz gain, lasterketaren moduko formatuak jendea erakartzeko izan dezakeen gaitasunaz mintzo da Lapeña: "Jendea erakartzeko aukera polita da. Jendea mugitzeko gauza erraza da korrika egitea".

Errezetak emaitza onak eman ditu orain arte. Aurretik egindako

hiru lasterketetan "oso giro polita" sortu izan da, Lapeñaren hitzetan. Partaideen kopurua ere "poliki-poliki" gora doa, "bai helduen eta bai umeen lasterketetan ere". Eta orain arte behintzat, eguraldiak lagundu izan du, eta "hori oso garrantzitsua da".

Guztira, 300 bat lagunek parte hartu ohi dute lasterketan. Ez da kopuru makala. Are gehiago, Euskaraz bizi nahi dut leloarekin Euskal Herriko beste hainbat herri eta hirietan egiten diren antzeko lasterketen artean, "jendetsuena" omen da Iruñekoa. Orain hiru urte, egun bakarrean egin ziren lasterketa horiek guztiak, 30 bat herritan. Orain, ordea, "hilabeteko epea" ematen zaie antolatzaileei, "herri bakoitzak hilabete horretan nahi duen data aukeratu dezan".

Denetariko korrikalariak

Aniztuna izan ohi da euskararen aldeko Iruñeko lasterketan parte hartu ohi dutenen profila. Batetik, Lapeñak dioenez, "atleta onak izaten dira, Iruñerri ingurukoak, famosoak batzuk". Horietako askok "entrenamendu modura" hartzen dute lasterketa. Antolatzaileak dioenez, Iruñerriko klub gehienetako —Lagunak, Ardoi, Pamplona Atletico, Ederki, Hiru Herri, Beste Iruñea, Berriozar...— kideak izaten dira lasterketan. Bestalde, krosa "oso herrikoia" dela dio Lapeñak, eta "edonork" parte har dezakeela. Aniztasun horrek egiten du lasterka "polita".

Orain arteko erantzunari eustea izango da, aurten ere, antolatzaileen helburua. Horretarako ondu dute bost kilometro inguruko ibilbidea. San Frantzisko plazatik abiatuko da, 10:30ean. Eslava, Kale Nagusia, Udaletxe plaza eta Santo Domingoko aldapa igaroko ditu, Arrotxapea zapaldu aurretik. Curtidoresko zubitik ibaia zeharkatu eta ertzetik ibiliko da, Vergel zubira iritsi arte. Arantzadira eginen du salto handik, eta inguru horretan buelta eman ostean Zumalakarregiko atetik igoko da berriro Alde Zaharrera. Karmen, Navarreria, Mercaderes, Txapitela, Gazteluko plaza eta San Nicolas kaleak igaroko ditu orduan, eta San Migel kaletik iritsiko da berriro San Frantzisko plazara, han bukatzeko. 09:00etan jarriko dituzte izena emateko mahaiak. Puntual izateko eskatzen die Lapeñak korrikalariei.

Helduen lasterketaren ostean izango da haurrena, San Frantzisko plaza inguruko kaleetan. Aurten hiru talde osatuko dituzte antolatzaileek, adinaren arabera. Txikienek, 6 urtera arte, gurasoen eskuei helduta eginen dute lasterketa. 7 eta 9 urte bitartekoek haien lasterketa egiteko aukera izango dute, eta hortik gorakoei helduen lasterketan parte hartzeko aukera emango zaie, hala nahi badute. Dena bukatuta, zozketa eginen dute parte hartzaileen artean. Euskara eta kirola lotzeko aukera, bihar, edonoren eskura.

Aterpea atontzeko lanean

Aterpea atontzeko lanean

Hutsik dagoen gela bat daukat etxean, bertan aterpea ematen ahal diet behar dutenei"; "etxean tokirik ez, baina ekarpen ekonomiko txiki bat egin dezaket nik"; "badakit arabiera pixka bat; ez dakit baliagarria suertatuko zaizuen". Siriako gerraren ondorioz errefuxiatuen krisiak eztanda egin zuenetik, etengabeak dira gobernuz kanpoko erakundeek jasotzen dituzten elkartasun mezuak eta telefono deiak. Emateko asko ez, baina bihotza bete ilusio duen jendea da, hein handi batean, bere burua eskaini duena. Gainera, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala errefuxiatuak hartzeko prest agertu zirenetik, gora egin du eskaintzen kopuruak, GKEen aurreikuspenak gainditzeraino. "Nafar gizartearen erantzuna hunkigarria izan da", laburbildu du Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareko presidenteorde Eduardo Jimenez iruindarrak.

Gobernuak eta udalak hartutako erabakia positiboa izan dela adierazi dute elkarte eta eragile sozialetako arduradunek, baina ohartarazi dute lehen pausoa besterik ez dela, eta segur aski, bidea luzea eta malkartsua izanen dela. "Bai Nafarroako Gobernuak bai Iruñeko Udalak aurrera urrats bat egin dute errefuxiatuen auzian, eta hori pozgarria da guretzat. Errefuxiatuekiko diskurtsoa moldatzen lagundu dute, eta hein batean, Espainiako Gobernuaren jarrera aldatzeko lagungarri izan dira", esan du Jimenezek. "Errefuxiatuen kuotak ezartzen dituen eztabaida lotsagarri horren erdian, elementu positiboa izan da nafar instituzioen jarrera. Pertsonak salerosgaien gisara tratatuak dira Europako estatuen artean, eta hori ikusirik, Nafarroako erakunde publikoek hartutako erabakiak balio izan du 'aski da' esateko". Iritzi horrekin bat egin du Patricia Ruiz Munduko Medikuak erakundeko ordezkariak ere: "Estatuaren diskurtsoa eraisteko balio izan du, frogatu baita laguntza ematea eta hiriak babesleku bihurtzea ez dela utopikoa, erabat egingarria baizik".

Administrazioaren jarrera txalotu arren, ordea, SOS Arrazakeria taldeko ordezkari Beatriz Villahizanek gogorarazi du harrera egitasmo horietako asko "beranduegi" heldu direla, eta borondateaz gainera, neurri konkretuak beharko direla afera konpontzeko. "Erantzun espontaneoak, asmo onekoak izan arren, ez dira nahiko krisiari aurre egiteko; beharrezkoak izanen dira ongi egituratutako egitasmoak, irtenbidea iraunkorra izan dadin".

Gobernuarekin elkarlanean

Irailaren 2an, Iruñea hiri babesleku bihurtzeko asmoa agertu zuen udalak, eta hurrengo egunean, antzeko erabakia plazaratu zuen Nafarroako Gobernuak ere, herrialdeak "200 bat errefuxiatu" hartzeko gai izanen dela adierazita. Handik egun gutxira egin zituzten lehen bilerak gobernuz kanpoko erakundeekin. "Lehen kontaktuak egiteko balio izan zuten bilera horiek", dio Ruizek.

Nafarroako Gobernuak, gainera, lan saioa baliatu zuen Espainiako Atzerri Ministeriotik jasotako informazio guztia erakunde sozialei helarazteko. "Madrilek emandako informazioa oso eskasa zen, eta agerian gelditu zen Europako estatuek ez dutela neurria eman, erreakzio gaitasun urria izan dutela, eta mantsoegi ari direla erabakiak hartzen. Hala ere, lehen urratsak egin genituen bilera hartan. Besteak beste, zerbitzu guztiak Nafarroako Gobernuan zentralizatzea erabaki genuen".

Bilera horietan argi gelditu zen, gainera, Madrilen erabakiek baldintzatuko dituztela harrera planaren nondik norakoak, eta horrek, gainera, prozesu osoa luza dezakeela. "Airean dago dena oraindik: zein izanen da etorriko diren pertsonen egoera juridiko-administratiboa? Paperak emanen dizkiete? Errefuxiatu izaera aitortuko diete?", galdetu du Jimenezek. Haren irudiko, galdera horiei erantzuna eman arte, gutxieneko koordinazio lana besterik ezinen dute egin eragile sozialek: "Oso goiz da oraindik aurreikuspenak egiteko. Ez dakigu [errefuxiatuak] zenbat diren, nortzuk diren, noiz etorriko diren, luzerako etorriko diren ala ez, zeintzuk diren haien beharrizanak... Kontingentzia plana orain diseinatuko bagenu, gerta liteke gero ezertarako balio ez izatea, ez legokeelako migratzaileen beharretara egokitua".

Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeria erakundeetako arduradunen esanetan, berriz, kontzientziazio lan handia egin daiteke, Madrilen erabakien zain egon gabe. "Gauza asko egin ditzakegu: kalera atera, egoera salatu, sentsibilizazio kanpainak egin, informazioa eman... Ezinbestekoa da jarrera hori, Europak eta Espainiak aplikatzen dituzten migrazio politikak aldatuko baditugu", adierazi du Ruizek.

Haren ildo beretik, salaketaren eta kontzientziazioaren beharra ere azpimarratu du Villahizanek: "Gizartearen erantzuna gauza ederra da, baina hori bideratu beharra dago; instituzioak behartu egin behar ditugu, dagokien lana egin dezaten". Izan ere, SOS Arrazakeria taldeko eledunaren esanetan, erakunde publiko guztiek izan beharko lukete migratzaileei babesa emateko plan bat. "Euren betebeharra da. Nazioarteko arauak eta legediak sinatu dira zentzu horretan, baina egungo errealitatea oso bestelakoa da: pertsonen eskubideak mutilatzen dituen atzerritartasun lege bortitza daukagu, muga zurrunak, Frontex... Gaur egun, herritar askorentzat Europara etortzeko legezko biderik ez da existitzen. Eta jendeak ezagutu behar du errealitate latz hori".

Beharrak eta baliabideak

Europako gobernuek etorkinen kuotaz eztabaidatzen duten bitartean, Nafarroako administrazioa hasia da lanean, eskura dituen baliabideak zerrendatzen. Hala, migratzaileei babesa eskaini nahi dieten herritarrek telefono bakar bat izanen dute aurrerantzean —012—, laguntzaileen zerrendan izena emateko. "Oinarri-oinarrizkoena bizitokiak bilatzea da, bizimodu duina bermatuko duten azpiegiturak behar direlako. Eta horrekin batera, elikadura, osasuna eta bertako hizkuntzen ezagutza ere bermatu behar dira. Adingabeen kasuan, gainera, hezkuntza eskubidea ere kontuan izan behar da, eta, beraz, hezkuntza sisteman txertatu behar dira", azaldu du Eduardo Jimenezek.

Hori guztia migratzaileen eskura jartzea, ordea, administrazioen ardura dela berretsi du Ruizek. "Pertsonei eskubideak aitortzea eta bermatzea gobernuen lana da; ez dezagun hori ahaztu. Zergak ordaintzen ditugu, hain zuzen, gobernuek euren betebeharrak egin ditzaten, eta horietako bat da, hain zuzen, errefuxiatuei laguntza ematea".

Horregatik guztiarengatik, GKEetako ordezkariek hainbat aholku eman nahi dizkiete lagundu nahi duten herritarrei. "Jendeak jakin behar du larrialdi egoera ez dagoela hemen, Hungarian, Libanon edo Turkian baizik. Herritarrek laguntza eman nahi badute, akaso eraginkorragoa izanen da lurralde horietan lanean diren erakundeak diruz laguntzea", azaldu du Jimenezek. "Horrekin ez dut esan nahi jendearen elkartasuna eskertzen ez dugunik. Aitzitik, hunkigarria iruditzen zait, gutxien duen jendea baita laguntzeko prest agertu ohi dena. Baina beharra, gaur egun, ez dago Iruñean, errefuxiatuen kanpalekuetan baizik".

Horrez gainera, pazientzia izateko eskatu diete boluntarioei. Ruizen irudiko, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta beste zenbait erakunde prestatzen ari diren harrera prozesua ez da batere erraza eta, seguruenik, asko luzatuko da: "Gogoan izan behar dugu hona datozen errefuxiatuak ez datozela bizpahiru asterako. Asko eta asko hemen geldituko dira hainbat urtez. Hori da, behintzat, ohikoena. Beraz, etxebizitza eskaintzen duenak jakin behar du epe luzerako izanen dela. Integrazio prozesu bat da, azken finean".

Azken eskaera bat egin die Villahizanek herritarrei, baina batez ere, erakunde publikoei: "Errefuxiatuen dramaren ondorioz, ez dezatela ahaztu beste hainbat pertsonak ere premia larriak dituztela, eta denon laguntza behar dutela. Sailkapen arriskutsua egiten hasiak dira batzuk, Siriako errefuxiatuen eta gainontzeko migratzaileen artean. Ezin ditugu lehen eta bigarren mailako pertsonak sortu, denek baitituzte eskubide berberak".

Pedro Zabalza: «Askorako ematen dute sanferminek, topikoetatik at»

Pedro Zabalza: «Askorako ematen dute sanferminek, topikoetatik at»

Sanferminetako edozein egunen antzera, Iruñeko erraldoien konpartsako kideak ateratzeko zain daude ehunka lagun. Txarli, ordea, erraldoiak gordetzen dituzten gelan giltzapetu da, eta ez du inor sartzen uzten. Urduritasuna nagusi da, inork ez baitaki zergatik ez diren erraldoiak ateratzen. Hortik abiatuta osatu du Pedro Zabalzak (Iruñea, 1970) Gigante lana, eta Gaiarre antzokiak sanferminei buruzko antzezlanen inguruan antolatutako lehiaketan irabazle izan da. Atzo aurkeztu zuten Iruñeko antzokian, arrakasta handiz. Erraldoien konpartsako kideen parte hartzea izan da berezitasun nagusia.

Nola erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?

Antzerki kritikaria izan naiz Diario de Noticias egunkarian, urte dezentetan. Pasio handiz bizi izan dut antzerkia. Aldi berean, asko gustatzen zait idaztea, eta, denetarik idatzi izan badut ere, azkenaldian geroz eta gustukoagoa dut antzerkia idaztea. Hori dela-eta hartu izan dut parte Gaiarre antzokiaren lehiaketan. Uste dut aurtengoa hirugarren parte hartzea izan dela, eta, oraingoan, saria eman didate.

Istorio bitxia jaso du zure lanak.

Askotan pentsatu izan dut nola egin sanferminekin lotutako zerbait. Gainera, proposamen ezberdinak egitea gustatzen zait. Sanferminek gai askotarako aukera ematen dute, eta, gainera, topikoetatik at egon daitezke. Alegia, ez du zertan zezenketa arratsalde bati buruzko lan bat izan. Pentsamendu horietan ari nintzela, ez dakit nola, Dog Day Afternoon filmarekin oroitu nintzen. Zapuztutako banku lapurreta baten istorioa kontatzen du filmak, eta lapurren eta kanpoan dagoen polizia baten arteko negoziazioa da ardatza. Iruditu zitzaidan ideia ona zela hori sanferminekin nahastea, eta erraldoien mundura jotzea horretarako. Alegia, planteatzea zer gertatuko litzatekeen norbait erraldoiekin giltzapetuko balitz, inori sartzen utzi gabe, eta, argumentuaren aitzakia horretatik abiatuz, istorio bat kontatzea.

Oso sanferminzalea al zara?

Uste dut zahartzen hasia naizela, baina bai, oso sanferminzalea izan naiz. Nik uste dut denei pasatzen zaiguna pasatu zaidala niri ere. Alegia, txikitan egunez bizi ditugu sanferminak, gurasoen eskutik goazelako. Urteetan aurrera egin ahala, gaueko bizitzan murgiltzen gara. Eta, gerora, berriro hasten gara egunez bizitzen. Hiri honetako edozein pertsonaren eboluzio arrunta da nirea ere.

Jatorrizko antzezlana aldatu da entseguak egin ahala. Erraldoien konpartsaren parte hartzea gakoa izan da.

Obraren argumentua, muina, bere hartan gorde da. Gauza bakarra egin dugu: erraldoien konpartsako jendearen istorioz betetako kontakizuna gehitu. Eta hori egiteko, mekanismo xume bat erabili dugu, oso berritzailea ere ez dena: antzerkia egin dugu antzerkiaren barruan. Hau da, errepresentazio bat dago antzezlanaren barruan, eta, hor, konpartsako kideak aktoreak dira, baina aldi berean baita pertsonaiak ere. Protagonista nagusiarena da salbuespen bakarra, pertsonaia da beti. Baina errepresentazio hori egitea oso mesedegarria izan zait, istorioak baduelako errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa bat. Protagonistak arazoak ditu zer den erreala eta zer fikzioa bereizteko, eta, horretarako, lagungarria izan da hasierako testua biltzen duen antzezlan bat sortzearen ideia lagungarria.

Zer eman dio obrari konpartsako kideen parte hartzeak?

Erabat ezberdina litzateke aktore profesionalekin egin izan bagenu. Ziurrenik, aurretik aipatu dudan hori guztia, errepresentazioarena alegia, ez litzateke existituko, ez lukeelako zentzurik. Jatorrizko testua bete-betean errespetatu izango genuke, eta oraingoa bezain emaitza ona izango genuke, baina ezberdinak lirateke. Horregatik uste dut taularatzea dela azkeneko produktua: testua abiapuntua da, eta, hortik aurrera, jendearen ekarpenekin aberastuz joaten da; agian, norberak ikusi edo pentsatu gabeko gauzak ikusten dituztelako besteek.

Nolakoa izan da esperientziarik gabeko aktoreekin lan egitea?

Egia esanda, liluratuta nago haiekin, ikaragarrizko inplikazioa erakutsi dutelako. Arriskuak hartzeak ez ditu beldurtzen; are gehiago, gustatzen zaie.

Zer modutan kasu egin diozu antzezlanaren prestaketari?

Antzerkiaren zale porrokatua naiz ni, prozesu osoarena. Ez naiz aktorea, eta ez dut antzezlana zuzentzeko behar besteko gaitasunik, eta egiten saiatzen naizen bakarra idaztea da, xumeki. Baina antzerkia bere osotasunean gustatzen zaidanez, ikasteko aukera gisara hartu dut hau. Alde horretatik, prozesu osoan parte hartzea gustatzen zait, ikasteaz gain, balio didalako azken emaitza nik kontatu nahi izan dudanaren isla dela ikusteko.

Zer sentitzen da norberak buruan izandako istorio bat taularatua ikustean?

Urduritasunez bizi izan dut prozesua, baina baita ilusioz ere. Halere, ez da lehen aldia izan. 2009an, modu nahiko antzekoan, eta Gaiarre antzokiaren ekoizpenarekin, nik idatzitako antzezlan bat egin genuen, Virtual izenekoa. Ez du zerikusi handirik oraingoarekin. Tira, ongi pentsatuta, badu zerikusia (barreak). Hikikomori baten istorioa zen. Japonian bizirik duten presio soziala jasan ezinik beren logelan giltzapetzen diren nerabeak izendatzeko kontzeptua da hikikomori. Beren logelan bizi dira, eta bideo jokoetan aritzen. Beraz, ez du lotura zuzenik Gigante lanarekin, baina, zentzu batean, bi lanetako pertsonaiei antzeko gauzak gertatzen zaizkie. Eta bietan dago itxialdi baten istorioa, baita errealitatea onartzeko zailtasuna ere. Paralelismoa badago, nahiz eta ez naizen haren bila ibili.

Joseba Asiron: «Ez dugu anekdotikoak izateko asmorik; aldaketa iraunkorra nahi dugu»

Joseba Asiron: «Ez dugu anekdotikoak izateko asmorik; aldaketa iraunkorra nahi dugu»

Ion Orzaiz / Nafarroako Hitza Zabalik dira, parez pare, Iruñeko udaletxeko ateak. Batasunaren Pribilegioaren karira antolatutako egitarauaren barruan, udaletxea barrutik ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte, eta bisitari asko dabiltza harat eta honat, hiriburuko agintearen barrenak hurbiletik ezagutu nahian. Ospakizunaz harago, baina, udala herritarrei zabaldu beharra dagoela uste du Joseba Asiron alkateak (Iruñea, 1962). Horregatik, ekainean...

Lizentzia bat, hamaika istorio

Lizentzia bat, hamaika istorio

Azaroa zen. 1987ko azaroa. Hilabete eskas batzuk lehenago, Gabriel Urralburu Nafarroako presidentetzara heldu zen, hauteskundeak irabazita; TMEO aldizkari satirikoa argitaratzen hasi ziren Iruñean; eta zinema aretoetan Wody Allenen Radio Days estreinatu zuten. 1987ko azaroa zen, eta irrati txiki batek lehen emisioak egin zituen Iruñeko Donibane auzoko Irrintzi dorretik. Zuzenean eta euskara hutsean. Euskalerria Irratia izena eman zioten proiektuari. Ordutik —eta Allenen filmean bezalaxe—, irratia ez da hedabide hutsa izan. Ehunka lagunen bizitzak lotu ditu, irratiarekiko grina eta euskarazko informazioa ardatz hartuta.

Hala ere, ia hiru hamarkada behar izan dira irrati txiki horren egoera administratiboa legeztatzeko eta herritarrek aspaldi emandako baimena ofizial bihurtzeko. Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 28an eman zion emititzeko lizentzia, eta, horrekin batera, hasiera eman zion fase berri bati. Oro har, 28 urte eman ditu Euskalerria Irratiak legetik at. 10.156 egun.

Baimen ofizialak irratiko arduradunei aukera emanen die, beste hedabide guztien antzera, diru laguntzen deialdietara aurkeztu, publizitate instituzionala kontratatu eta, oro har, langileen lan baldintzak hobetzeko. Ez dirudi, ordea, irratiaren nortasuna galduko denik. Izan ere, irratiko langile, bazkide eta lagunek nabarmendu dute hiru hamarkada hauetan lantaldea bainoago "komunitatea" edo "familia" osatu dutela.

Ehunka dira, izan, urte hauetan guztietan Euskalerria Irratiaren mikrofonoen aurretik igaro diren pertsonak. Kazetariak, musikariak, teknikariak... Baina baita abokatuak, arkitektoak, medikuak, laborariak edota etxeko langileak ere. Kolaboratzaileen sare itzela sortu du euskarazko hedabideak, musu truk; lizentziarik eza esfortzuarekin eta bizipozarekin ordezkatu duten boluntarioak dira guztiak ala guztiak. Emititzeko baimen ofizialik ezean, irratiari benetako zilegitasuna eman diotenak.

Zerrenda amaigabe horretatik, seirekin hitz egin du Nafarroako Hitza-k, uhinetako komunitatea osatzen dutenen testigantzak ere ezagutzeko.

MIKEL TABERNA

Idazlea

"Irratia sortu zenetik, sentitu dut ez nintzela arrotza ziutate honetan"

Memoria ariketa egin du Mikel Taberna idazleak, baina ez du gogoan noiz hasi zen, zehazki, Euskalerria Irratiko kolaboratzaile gisa. Badaki irratiaren sorreratik beretik ibili dela proiektuaren inguruan, eta estreinako emanaldira ere gonbidatu zutela, egitasmo jaio berriaren inguruan iritzia eman zezan.

Tabernak uste du urte horietako egoera, egungoarekin alderatuta, okerragoa zela. "Zaila da imajinatzen nola geunden Iruñerrian 1988an euskaraz bizi nahi genuenok. Euskaldunok ofizialki ez ginen existitzen. Elkarren berri izateko apenas genuen baliabiderik, tresnarik, antolamendurik". Eta horixe ekarri zien irratiak: "Iruñerriko euskaldungoa harremanetan jarriko zuen zerbait, euskaldunoi informazioa euskaraz emanen ziguna, bai, baina, batez ere, hemengo euskaldun batek egiten edo pentsatzen zuena zabaltzeko eta gainerako lagunekin partekatzeko manera bat".

Entzule eta kolaboratzaile askok nabarmendu duten ezaugarria da hori. Komunitate baten parte direla sentiarazi die irratiak. "Topikoa bada ere, irratia sortu zenetik, sentitu dut banuela lagun bat, banituela kide batzuk ziutate honetan, ez nintzela hain arrotza, ni bezalako bertze batzuk bazirela, euskara maite eta euskaraz bizi nahi zutenak".

Tabernaren irudiko, lantaldeak "arrunt ongi" eraman du emisoa urte hauetan guztietan eta kalitate handiko saioak egin dituzte, "behar baino baliabide gutiagorekin".

Egoera berrian proiektua zabaltzeari eta sendotzeari ekin beharko lioketela dio. "Garai berri baten hasieran gaude, eta txoraturik kontent, irratiak amore eman gabe hainbertze urtez eutsi diolakoz eta gaindiezina iduri zuen injustizia gainditu delakoz. Baina, ospakizunarekin batera, pentsatu beharko dugu ezin garela patxada lasaian gelditu eta denok jakin beharko dugula nola jokatu hedabideen garai aldakor honetan, iraultza teknologikoaren aroan, euskarazko produktu on bat (oraingoa bezain ona edo hobea) egiten segitzeko".

Tabernak ez du uste, baina, Nafarroako Gobernuaren lizentziak irratiaren izaera aldatu edota bazkideek orain arte agertutako atxikimendua ahulduko duenik: "Gure etxekoak irratiko elkarteko bazkide gara ez dakit noiztik, hasieratik segur aski, eta halaxe izaten segituko dugu, baita lizentzia lortu ondotik ere, horrek ez duelakoz bermatzen berez iraupena eta proiektuaren parte izaten jarraitu nahi dugulakoz".

KORO LOPEZ DE SABANDO

Euskaltzalea

"Lizentziarena entzutean, Eugenio eta Ibon etorri zitzaizkidan gogora"

Nafarroan, euskarak lagunik badu, Koro Lopez de Sabando da handienetako bat. Etxarri Aranatzen sortua, Lizarrako ikastolaren sorreran parte hartu zuen 24 urterekin, eta, handik zenbait urtera, Iruñera mugitu zen, senarra eta semeekin batera. Orduantxe izan zuen Euskalerria Irratiaren berri, Andres Iñigori esker. "Hizkuntza eskolan, ingelesa ikasten hasi nintzen, eta bera zen zuzendaria; esan zidan bazela irrati euskaldun bat martxan jartzeko proiektua, eta buru belarri murgildu nintzen zeregin horretan".

Ordutik, askotariko zereginak izan ditu irratian, proiektua bizirik mantentzea baitzen lehentasuna. "Goiatxo Elizagarai lagunak eta biok geure burua eskaini genuen, edozertarako: bulegoa garbitzeko, kartelak paratzeko, bazkariak antolatzeko... Piszinara jauzi egin genuen, urik ote zegoen begiratu gabe. Eta merezi izan zuen. Bazkideak izan gara lehen egunetik, eta aurrerantzean ere izango gara".

Irratiarekiko konpromiso horrexegatik, berebiziko poza hartu zuen lizentzia eman zietela jakin zuenean. "Irratia piztuta izaten dut beti, eta, une horretantxe, Euskadi Irratiko albistegia ematen ari ziren. Eli Eraso ari zen albiste bat ematen, eta, bat-batean, moztu, eta lizentziarena esan zuen. Hori bai poza! Telefonoa hartu, eta irratira hots egin nuen, langileak zoriontzeko". Lopez de Sabandoren ustez, baina, albisteak badu puntu garratz bat: Eugenio Arraiza eta Ibon Gaztanbide irratiko kideek ezinen dutela garaipena ospatu, berriki zendu baitira biak ala biak. "Lizentziarena entzutean, Eugenio eta Ibonekin gogoratu nintzen. Haiek ere izugarrizko poza hartuko zuketen, eta pena da une hau gurekin batera bizi ez izana".

JOSETXO AZKONA

Idazlea

"Irrati txiki batean ibiliak garenok badakigu zer den musu truk lan egitea"

Tabernak eta Lopez de Sabandok bezalaxe, Josetxo Azkonak ere harreman estua izan du Euskalerria Irratiarekin hasieratik beretik. "Data zehatzek dantzan egiten didate, baina gogoan dut Larraona ikastetxean egin zela proiektuaren aurkezpen publikoa, eta han nengoen ni ere. Hor entzun nuen, lehenbizikoz, irratiaren filosofia eta helburuak zeintzuk izanen ziren. Gerora, lantalde bat sortu zen programazioa zehazten hasteko, eta horretan ere parte hartu nuen".

Azkonak bazuen eskarmentua irratigintzaren esparruan —Radio Paraiso katean ibilia zen—, eta Euskalerria Irratiaren lehen saio horietan parte hartu zuen, kolaboratzaile gisa. "Erronka jarri nion neure buruari, urtero-urtero kolaborazio bat egiteko, eta, orain arte, ez dut hutsik egin". Askotariko gaiak jorratu ditu urte hauetan guztietan, denboraldi bakoitzean aldatzen baitu bere tartearen formatua: "Literatura jorratu dut, iritzia... Denboraldi batean, taxilariaren papera egiten nuen, eta nire taxira igotzen ziren pertsonaiak asmatzen nituen". Batzuetan kolaborazio horiek lan handia eman izan diotela aitortzen du Azkonak, baina gustura egiten ditu. "Irrati txiki batean ibiliak garenok badakigu zer den musu truk lan egitea. Irrati piratetan, ordaindu ere egiten genuen gure saioa egin ahal izateko! Niretzat, irratian kolaboratzeko konpromisoa hartzea gauza serioa da; kontratu baten antzekoa".

JON ZELESTINO

Musikaria

"Produktu itzela egiten dute, irrati handiago askorena baino hobea"

Euskalerria Irratia emititzen hasi zenean, egungo kolaboratzaile asko ez ziren jaioak oraindik. Jon Zelestino bost urteko mutikoa zen Irrintzi dorreko lehen emisioak Iruñerriko irrati-aparatuetara iritsi zirenean. "Euskalerria Irratiari lotutako lehen oroitzapena eskola garaikoa da. Hegoalde ikastolako OHOko 4. mailan nengoen, eta gure ikasgela osoak Xingulu Mangulu haurrentzako saioan parte hartu zuen". Irratiarekiko zaletasuna, ordea, geroago piztu zitzaion. "Institutuko ikasleak tertulia batera eraman gintuzten, eta gogoan dut Ibon [Gaztanbide] teknikariarekin musikaz hizketan hasi nintzela".

Duela hamar bat urte hasi zen kolaboratzaile lanetan, 60ko eta 70eko hamarkadetako musika beltzari buruzko tarte bat egiten, eta musika saio propioa aurkeztu zuen hiru urtez. Hark bezalaxe, hainbat lagunek ere aukera izan dute euren lanbideari edota zaletasunei lotutako kolaborazioak egiteko. Oro har, irratiak orain arte "produktu itzela" egin duela dio Zelestinok. "Gaiak sakontasunez lantzen dituzte, alor bakoitzeko aditu euskaldunak bilatzen dituzte, eta denbora ematen diete gauzak behar bezala azaltzeko. Luxu bat da. Handiagoak diren eta baliabide gehiago dituzten irrati askorena baino hobea da programazioa".

EDURNE ARRIZIBITA

Kazetaria, Behatokiko kidea

"Komunitatea da irratiak duen aberastasuna; hori ezin da galdu"

Beste gauza askoren artean, kazetari bikainen harrobia ere izan da Euskalerria Irratia. Gaur egun Euskadi Irratian, Euskal Telebistan edota BERRIAn diharduten profesional askorentzat, aireratze pista ezin hobea izan zen Irrintzi dorrea. Horietako bat izan zen Edurne Arrizibita, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko langilea eta Karrikiri elkarteko kidea. "1994. edo 1995. urtea izanen zen. Unibertsitatean nenbilen, eta kazetaritza praktikak Euskalerria Irratian egin nituen. Albistegietan aritu nintzen batez ere, eta baita Xingulu Mangulu haurrentzako saioan ere. Niretzat, sekulako esperientzia izan zen, profesionalki, pertsonalki eta euskaldun bezala aberastu ninduelako", azaldu du Arrizibitak.

Urte hauetan kazetaritzaren mundua zeharo aldatu dela dio Arrizibitak, baina Euskalerria Irratiak eutsi egin dio hastapenetako espirituari. "Hori da, hain zuzen, irrati honen ezaugarrietako bat, eta hala beharko luke izan etorkizunean ere. Legez kanpo egon den urteotan, komunitate sendo bat eratu da irratiaren inguruan, baina irauteko sarea zena indargune bihurtu da. Aberastasun. Dozenaka ahots igaro dira Euskalerria Irratiaren mikrofonoen aurretik. Hori ezin da galdu".

URKO ARISTI

Kazetaria, Tokikomeko presidentea

"Oasi bat da Euskalerria Irratia, etxean bezala sentitzeko toki bat"

Ibilbide profesionala Euskalerria Irratian abiatu zuen beste kazetarietako bat da Urko Aristi. Egun Tokikom elkarteko presidente denak irratiko bekadun gisa eman zituen lehen urratsak, duela 20 urte, Zokobetailu saioan. "Ni herritik nentorren, Arribetik, eta Opuseko Unibertsitatean ez nuen topatzen giro euskaldunik. Bat-batean, Euskalerria Irratia deskubritu nuen, eta oasi bat aurkitzea bezalakoa izan zen niretzat. Etxean bezala sentitzea".

Gainera, Aristik sumatu du irratiaren izaera hurbil hori indartu egin dela 1998an Nafarroako Gobernuak emititzeko baimena bidegabeki ukatu zienetik gaurdaino. "Nahi zuenaren kontrako efektua lortu du UPNk urte hauetan guztietan. Bidegabekeria horrek indar handiagoa eman dio irratiari, jende asko hurbildu baita proiektura. Militanteago bihurtu gara. Seguruenik, egoera bestelakoa izan balitz, entzule eta lagun izanen ginateke, bai, baina UPNren kontrako jarrera hori 20 urtez nekatu gabe kolaboratzeko akuilua izan da".

Hala ere, lizentziaren ukapenaz gaindi, irratiaren eta lantaldearen merituak ere goraipatu behar direla azpimarratzen du Tokikomeko buruak: "Bost edo sei lagunen artean halako programazio txukuna osatzea izugarria da, eta horrek ere piztu egiten du jendearen ilusioa. Militantziaren gainetik, irrati profesionala izan da beti, eta horri esker lortu dute halako babes handia".

Irakurlea eta egilea, gertuago

Irakurlea eta egilea, gertuago

Ateak ireki berri ditu Nafarroako Komikiaren Azokak, seigarren urtez jarraian. Joan den larunbatean abiatu zen, eta irailaren 27ra arte izanen da zabalik. Hilabetez, komikiaren inguruko erakusketak, tailerrak eta bestelako jarduerak eskainiko ditu, Iruñeko hiru egoitzatan: Ziudadelako Armen Aretoan, Civicanen eta Corte Ingles saltokiko areto batean. Hainbat erakunde eta enpresaren laguntzarekin antolatu du jaialdia Tiza elkarteak.

Komikiaren sustapenerako elkarte horretako kide eta azokaren antolatzailea da Patxi Anton. Seigarren urtez ekin dio bere elkarteak jaialdiaren prestaketari, eta aitortu du orain sei urte ez zutela aurreikusten ahal azokak gaur egun duen harrera. "Ez genuen uste publikoaren aldetik halako erantzunik izango zenik". Izan ere, azoka "Nafarroako urteroko kultur programan egonkortutako ekitaldia" dela uste du Antonek. Azken urteetan Espainiako Estatuko hedabide nagusietan oihartzuna izan dutela dio, eta, oro har, "geroz eta zabalpen" handiagoa izaten duela jaialdiak. Eta are gehiago hazteko gogoa beti izaten dela aitortu badu ere, pozik mintzo da orain arteko ibilbideaz.

Egonkortze eta hazkunde hori ez da ezerezetik etorri. Badira, Antonen ustez, Nafarroako Komikiaren Azoka inguruko bestelako jaialdietatik bereizten duten elementuak. "Ez nuke esango berean bakarra denik, baina baditu beste azoketatik ezberdintzen duten ezaugarriak", dio antolatzaileak.

Denetan nagusia, ez duela ohiko azoken salerosketa helbururik. Nafarroako Komikiaren Azokan, sektoreko gainerako gehientsuenetan ez bezala, ez dira izaten argitaletxeek jarritako salmenta postuak. Horren ordez, "autorearengan" jartzen dute arreta, marrazkilariarengan, betiere, "hiru hanka nagusietan oinarrituz: umore grafikoa, ilustrazioa eta komikia". Hala, egilearen eta irakurlearen arteko "konexioa" bilatu nahi izaten dute antolatzaileek, antolatutako jardueren bitartez. Antonek dioenez, "konexio hori ez da sortzen bakarrik erakusketen edota liburu sinaduren bitartez, baizik eta tailerren eta bestelako jardueren bitartez".

Helburu horri eutsi eta aurreko urteetako joera mantenduta, umore grafikoaren, komikiaren eta ilustrazioaren izen handien bisitak programatu dituzte azokaren kolaboratzaileek. Besteak beste, Gallego eta Rey zinta egile ezagunak, Bernardo Bergara, Aitor Saraiba eta Mikel Urmeneta izanen dira Iruñean. Horiek guztiek ikusleekin harremana izateko aukera izango dute, horretarako prestatutako jardueren bidez. Horiez gain, Fermin Muguruza musikaria eta Harkaitz Cano idazlea ere izango dira hiriburuan, Black is Beltza proiektua aurkezten. Hain zuzen ere, egitasmo horri buruzkoa da aurtengo azokak antolatutako 11 erakusketetako bat.

Erakusketak eta beste

Marrazkilarien lana erakusgai jarri du beste behin jaialdiak, ikusleengana hurbiltzeko. Ziudadelako Armen Aretoak hamar erakusketa jaso ditu, eta beste bat Corte Ingleseko espazioak. Gallego eta Rey marrazkilari ezagunena da aurten antolatutakoen artean esanguratsuenetakoa. Prentsako umore grafikoaren arloan egindako lana erakutsi dute erakusketan, lehen zirriborroetatik hasi eta argitaratutako zintetaraino. Bide beretik doa Bernardo Bergara marrazkilari iruindarraren erakusketa ere. Umoregileak hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratutako lanen sorkuntza prozesua erakutsi du.

Fermin Muguruza, Harkaitz Cano eta Jorge Aldereteren Black is Beltza da, esan bezala, aurtengo beste erakusketa azpimagarrienetako bat. Izen bereko nobela grafikoaren ingurukoa da erakusketa, eta Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsak 1965ean New Yorkera egindako bidaia du abiapuntutzat. Orduko hartan, AEBetan zegoen arraza bazterkeriaren ondorioz, Iruñeko bi erraldoi beltzek ez zuten gainerakoekin batera desfilatzerik izan. Erakusketaz aparte, mahai ingurua ere izango da irailaren 10ean. Bertan, Muguruza eta Canoz gain, 60ko hamarkadan erraldoien konpartsakoa izandako kide batek parte hartuko du.

Leire Salaberria marrazkilari gipuzkoarrak, bestalde, Pamiela argitaletxearekin argitaratutako Hiltzaileak liburuko irudiak erakutsiko ditu. Misterioaren eta umorearen arteko tonuan egindako lan horrek Etxepare saria eman zion iaz Salaberriari.

Ricardo Cavolo, Mikel Urmeneta eta Belatz, Raul Cimas, Aitor Saraiba eta Laura Santolaya dira aurtengo azokak aurkeztuko dituen beste artistetako batzuk. Autoreak ikusleengana hurbiltzeko asmoari helduz, ekitaldi ezberdinak jasoko ditu jaialdiak. Cavolok, adibidez, mural bat egingo du irailaren 4an, zuzeneko musikaz lagunduta. Saraibak tailer bat eskainiko du irailaren 12an, interesa duen ororentzat, joan den asteburuan Paula Bonetek egindako bideari jarraituz. Urmenetak eta Belatzek, azokak irauten duen hilabetean, aurten hildako Javier Krahe musikariaren omenezko murala osatuko dute hainbat kolaboratzailek bidalitako marrazkiekin. Antonek aurreratu duenez, Alex de La Iglesia zinemagilea da lan horretan parte hartu dutenetako bat.

Bestalde, Belatzek tailer bat egin du Osasunbideko Adimen Osasuneko Errehabilitaziorako Zerbitzuko gaixoekin, eta horren emaitza ikusgai izango da beste erakusketa batean, eta esperientziari buruzko hitzaldia ere izango da, hilaren 17an. Gainera, umeentzako tailerrak ere izango dira, besteak beste.

Antonek adierazi duenez, diziplina artistiko ezberdinak uztartzea da Nafarroako Komikiaren Azokaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat. Horren haritik, zinema eta komikia uztartuko dituen ziklo bat antolatu dute, Komikia eta Zinema, lurralde hibridoa izenarekin. Lau film eskainiko dituzte zikloaren barruan, asteazkenetan, Civicanen.

Tiza elkartearen helburu bera du azokak ere, komikia sustatzea. Eta helburu horri erantzuteko antolatu dute, beste behin ere, egitarau oparoa. Publiko orokorra komikira, ilustraziora eta umore grafikora hurbildu nahi dute horrela. Eta horretarako garai egokia dela uste du Antonek, gainera. Dioenez, "sare sozialek umore grafikoa jendearengana eramatea lortu dute", eta "ilustrazioa urrezko aroan dago". Aro goxo horri eustea bilatuko du, beraz, Nafarroako Komikiaren Azokak ere.

Barcina bere bakardadean

Barcina bere bakardadean

Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialak dozenaka lerroburu eskaintzen dizkie lehendakari, kontseilari eta kargudun berriei: kargu hartzeak, izendapenak, bilerak... Uholde informatibo horren erdian, ordea, bada orain arte presidente izan dena aipatzen duen albiste bat ere, letra xehez, norbaitek deskuiduan idatzi balu bezala: "Yolanda Barcinaren erretratua jarri dute Nafarroako Jauregiko Presidenteen Aretoan".

Duela gutxira arte, Barcinaren ateraldi eta argazki ezdeusenak ere anplifikatzen zituzten aldeko nahiz kontrako hedabideek. Bere atikoko egongela bezain ongi ezagutzen zituen presidenteak Madrilgo telebista kate gehienak, eta tertuliaz tertulia ibiltzen zen, irribarretsu, bere burua abertzaleen kontrako borrokalari sutsu edo biktima gisa aurkezten —komenentziaren arabera—. Oharkabean igaro ditu, baina, bere agintaldiko azken hilabeteak. Desagerturik egon da. Polarizaziorik handiena, gorrotorik nahiz atxikimendurik sutsuenak eragin dituen presidentea atzeko atetik atera da politikaren agertokitik, eta haren oinordekoek ere ahaleginak eta bi egin dituzte Barcina markak utzi dien orbana garbitzeko.

Izan ere, UPN izan zen Barcinaren jauzi-ohola, baina baita haren hilobi politikoa ere. Alderdiko agintari askoren pazientziak gainezka egin du, presidente ohiaren agintekeriaren, aliantzak egiteko ezgaitasunaren eta alkate gisa lortutako kapital politikoa xahutu izanaren ondorioz.

Duela urtebete gelditu zen agerian Barcinaren eta UPNko zenbait sektoreren arteko ezinikusia: 2014ko abuztuaren 29an, Cadreitan, presidenteak iragarri zuen maiatzeko hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztuko zuela. Bi hilabeteren ostean, ordea, bere hitza jan zuen, alderdi barruko liskarrek behartuta. "Arrazoi pertsonalak" argudiatuta, hautagaitza erretiratu zuen. Jose Javier Esparza izan zen, azkenik, alderdi erregionalistak izendatutako presidentegaia.

Esparzaren zerrendako bigarren lerroan aurkezteko imintzioa ere egin zuen Barcinak, baina horretarako aukerarik ere ez zioten eman UPNko agintari berriek. "Proiektu berritzaile bat lideratzeko izendatu ninduten. Berritze hori ezin badut gauzatu, ez naiz presidentegai izanen", esan zuen hautagaiak, Barcinaren asmoen berri izan zuen momentuan. Ultimatum horren aurrean amore eman behar izan zuen Barcinak. "Alderdia da inportanteena. Ez dut inongo arazorik neure burua erditik kentzeko eta unibertsitatera itzultzeko", esan zuen martxoaren 15ean, kazetarien aurrean etsipena disimulatu ezinik. Ordutik, aginte makila Uxue Barkosen esku utzi zuen egunera arte, apenas azaldu den berripaper eta hedabideetan. Nafarroako Jauregian zintzilikatu berri duten erretratuak dirudi Barcinaren agintaldiaren arrasto material bakarra. Haren itzala, ordea, dirudiena baino askoz luzeagoa da.

Alderdiko txartela, presaka

UPNren ikurra izatera ailegatu zen arren, Barcinak independente gisa eman zituen bere lehen pausoak politikan. "Gai batzuetan eskuinekoa naiz, eta besteetan, berriz, ezkerrerago lerratzen naiz. Zentroko pertsonatzat dut neure burua", azaldu zuen 1996an, Nafarroako berripaper bati eginiko elkarrizketan. Hilabete bat lehenago osatu zuen Miguel Sanzek bere lehen gobernua, eta bederatzi kontseilari izendatu zituen. Horien artean, rara avis bat zen Barcina: emakume bakarra, UPN-n afiliaturik ez zegoen bakarra.

Soslai akademiko eta profesional markatua bilatzen ei zuen Miguel Sanzek zenbait postutarako, eta Barcinaren curriculumak bat egiten zuen horrekin: EHUko Farmazia Fakultateko errektoreorde eta NUPeko Elikadura Arloko katedraduna zen. Ezezagun bat politikaren esparruan. Agian horrexegatik, politikoki bigarren mailakotzat jo zitekeen Ingurumen Departamentua egokitu zitzaion.

Kontseilari berriak trebezia politiko itzela erakutsi zuen hedabideak bere intereserako erabiltzen eta kudeatzaile onaren irudia zabaltzen. Barcina hasiberria zen politikan, baina politikari bizkorraren ezaugarriak antzematen zitzaizkion. Onerako eta txarrerako. Ingurumen Departamentuko goi kargudun askok, adibidez, dimisioa eman zuten 1996tik 1999ra, Barcinaren nagusikeria salatu ostean.

Kritika horiek, ordea, huskeriak ziren Miguel Sanzentzat, presidenteak Barcina babestu baitzuen Iruñeko alkatetzarako bidean. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen UPNren barruan, alderdikide askok ez baitzuten ulertzen zergatik eman zioten halako bultzada afiliatua ez zegoen bati. Sua itzali nahian, korrika eta presaka afiliatu zen Barcina. Tramitea beteta, zabalik zuen bidea Iruñeko alkate izateko.

Alderdi barruan, gero eta botere gehiago pilatu zuen Barcinak 1999tik aurrera. Konfiantzazko peoiak soilik paratu zituen ardura postuetan. Urte gutxiren buruan, alderdiko aktibo politiko garrantzitsuena bilakatu zen. Baina alderdi barruko disidentzia deuseztatuta, kanpoko arerioak ugaritu egin zitzaizkion.

Iruñeko Udalean hamabi urte eman zituen Barcinak, eta, denbora horretan, herri mugimenduko talde eta eragile guztiak bere kontra batzea lortu zuen. Gazteen erakundeak, irakasleak, merkatari txikiak, auzoetako jai batzordeak... Horien guztien kontra gogor jo zuen alkateak. Barcinak debekatu zituen, adibidez, sanferminetako barraka politikoak eta auzoetako Olentzeroren desfileak; Euskal Jai gaztetxea eraistea agindu zuen; Gazteluko plazako parkinga sustatu zuen —horretarako lur azpiko ondare baliotsua suntsituta—; eta, ororen gainetik, multinazional handien mesedetan lan egin zuen, mozkin handien truke. Barcinari zor zaio, adibidez, hiriaren bihotzean Corte Inglesek zortzi solairuko eraikina jarri izana eta, horren ondorioz, Nafarroako Liburutegi Nagusia eta kontserbatorioa aldirietara mugitu izana.

Garai hartakoa da, bestalde, haren agintaldiko orban ilunenetako bat. Izan ere, Iruñeko alkatea zen heinean, Nafarroako Kutxako kontrol batzordeko burua izan zen hamar urtez, eta, horri esker, dieta oparoak kobratu zituen, ordu erdiko bileretan parte hartzeagatik.

CAN auziak, baina, 2011ko azken hilabeteetan egin zuen eztanda, eta, ordura arte, kudeatzaile bikainaren mitoa bizirik mantendu ahal izan zuen Barcinak. Bere ibilbide politikoaren gorenean zegoen, adibidez, 2009an UPNko presidente hautatu zutenean; edota 2011ko hauteskundeetan presidentegai izan zenean. Dena alde zuen garai hartan, eta nekez irudika zezakeen gainera zetorkion guztia. Ustelkeria auzietan zipriztinduta —presidente karguari esker ez zuen epailearen aurrean deklaratu behar izan—, PSN gobernu koaliziotik botata eta murrizketen kontrako protestek itota, dekadentzia betean esan dio agur Barcinak hogei urteko ibilbide politikoari.

Iritzia: “Gorrotatuena”

Consummatum est. Joan da, joan da Yolanda. Barcina bota dugu —aski esatea ez baldin bada—. Orain, denbora hartu eta atzera begiratzeko tenorea dugu, Yolanda Barcinaren agintaldia nolakoa izan den aztertzeko, baina baita geure buruaz eta geure jarrerez pixka bat hausnartzeko ere. Aurrera jarraitu baino lehen, barkamena eskatu nahi dut testu hau irakurtzen ari zareten guztiok, ni bezala, Barcinaren aurkakoak izan bazinete bezala aritzeagatik.

Yolanda Barcina Iruñeko alkate moduan eta, gero, Nafarroako lehendakari moduan izan da gure artean, nik gogoan ditudanetatik, amorru eta are gorroto gehien eragin duen politikaria. Gizarte erdibitu baten muturrerizazioak, UPNko gobernuek aurrera eramandako politika atzerakoiak —aurrerapen sozial urriak eta nolabaiteko normalizaziorako egindako urratsak auzian ez ezik deuseztatzen zutenak— eta oposizioaren desesperazioa, bere burua eta elkarren artean antolatzeko tenorean... elementu horiek guztiak izan daitezke, Yolanda Barcinak publikoki ordezkatzen zituen heinean, berarengan fokalizatutako herraren eragileak.

Baina bada, nire ustez, beste bat, geure buruari aitortu behar dioguna: Yolanda Barcina emakumezkoa izateak gogorragoak egin ditu erasoak. Oraindik bizi gaituen gizarte matxistak, ohartuki edo gabe, begiz jotzen du boterea duen edozein emakume. Ez da hemengo gauza; ikus Margaret Tatcher, Cristina Kitchner, Esperanza Aguirre. Desadostasun politikoa, horrela, erraz bilakatzen ahal da boterea duen emakumearen —edozein emakumeren— berezko gaiztakeriaren eta apeten ondorio. Aurretik eta atzetik, Barcinaren politika berdina —zentzu askotan berrikuntza gutxi ekarri baitio UPNri, aliantzen estrategia norabiderik gabekoan ez bada; ez dio ezer erakatsi behar izan— defendatu duten gizonezkoak —gizonak ez baitira emakumeak bezain maltzurrak, Paradisuko sugeak badakienez— tontotzat hartuak eta barregarri utziak izan dira: hala Miguel Sanz, nola Jose Javier Esparza, Roberto Jiménez ahantzi gabe. Denok erori gara, modu batean edo bestean, Barcina horrela tratatzeko modu matxista horretan. Ni neu orrialde hauetan askotan aritu naiz Barcinaren janzkeraz, jaka gorriekiko bere atxikimenduaz.

Barcinak eragin duen herraren beste motibo batek ere ez gaitu onegi uzten. Askotan gogoratu zaio Burgoseko jatorria. Bizkaitartzat jotzeko argudioak bazeuden ere. Arrazismoa gabe —nire kasuan behintzat—, hau UPNren deribaren sintoma baten kontrako erreakzioa izan delakoan nago: UPN biziki PPtu da azken urteetan. Hiru belaunaldi edo izan ditu: Iruñerriko jendeak sortu eta zuzendu du urteetan (Aizpun, Alli…), abertzaleen kontrakoak baina euskal errodunak (Itun Ekonomikoa negoziatzera Madrilera txapela jarrita zihoazenak); gero, Sanzekin eta, Erriberako jendeak kontrola hartu zuen, euskal kontuekin harreman arrotzagoa zutenak; azkenik, Barcinarekin eta, Madrilgo irizpideekin zuzendu dute alderdia. Ikusi besterik ez dago foraltasunaren zer kudeaketa egin den.

Iritzia: “Hegan egin du, lurra ukitu gabe”

Noiz, zer unetan uzten dio agintari batek errealitatea ukitzeari? Noiz egiten da eten hori? Ez dakit Barcinaren kasuan noiz utzi zion oinak lurrean izateari. 2009ko irailean UPNren kongresuak alderdiko buruzagi izateko hautatu zuenean, Miguel Sanzek aholku txarra eman zion: "Hegan egin goraino, zure aginduetara nago". Arazoa horixe zen: goraino hegan egin duela behera begiratu gabe.

Yolanda Barcinaren ibilbide politikoa gertutik jarraitu duen kazetari batek pista bat eman zidan orain dela gutxi: "Hasieran, gauzak nola diren esaten dieten laguntzailez inguratzen dira, baina, enbarazu egiten dietenean, gainetik kentzen dituzte".

Beharbada azkarregi igo zen. 1996ko irailean Miguel Sanzek bere gobernua osatu zuenean, bigarren mailako kontseilari ezezaguna zen Barcina. Ingurumen kontseilari egin zutenean, txartelik gabeko teknikari apolitiko bat zen. Halaxe definitzen zuen bere burua. Camille hartzaren gorabeheren harira marrazkilari batek egindako irudi satirikoek ospea eman zioten, ordea, eta bat-bateko gorakada mediatiko haren ondorioz, Sanzek Iruñeko zerrendaburu izateko proposatu zuen. Zalaparta handia sortu zen UPNren barnean, eta korrika eta presaka afiliatu zen. Apolitikoa jada politikari zen. Oportunismoa da haren beste ezaugarria. Interesen arabera mugitu da politikan.

Bizitza boomerang bat da maiz, ordea. Iruñeko alkate gisa, ezer egin gabe, Nafarroako Kutxaren kontrol batzordeko presidente izendatu zuten 2000n. Erraztasun handiz, dieta oparoak jaso zituen 11 urtez. Poltsikoak bero-bero zituen bitartean, ahaztu egin zen zertarako zegoen han: ez zuen deus egin kutxaren jarduera kontrolatzeko. CANen gauzak aldrebestu zirenean, ordea, beste behin oportunismoz jokatu zuen. Dietak kentzearen meritua hari zor omen zitzaion, eta ez kazetariei edo herritarren presioari. CANen, gainera, "lege aginduz" egon zen, behartuta. Behingoagatik, gezur haiek ez zioten balio izan, eta politikoki oso garesti atera zaizkio CANeko dieta haiek.

Lehendakari gisa, ez du erraza izan. Batetik, Miguel Sanzek hipoteka ugari utzi zizkion finantza publikoetan. Bestetik, Roberto Jimenez presidenteorde izanda, edonori jarriko litzaizkioke kirioak dantzan, baina hura gainetik kenduta ez zuen irtenbide egokiena hartu. Bere gobernua sostengatzen duen bazkide nagusirik (PSN) gabe geratu zen, eta, bide batez, Sanzen ondare politiko garrantzitsuena (gaztatxoa-ren teoria) urtu zuen. Gertukoenen inguruan gogortuta, aliaturik ez du bilatu. Alderantziz, arerioak handitu zaizkio. Etxekoek ere ez zuten parean nahi. Higadura horren adierazle, Jose Javier Esparzak ere ez zuen bere zerrendan sartu nahi. Agurrean, ordea, Barcinak ez zuen autokritikarik egin. Dena besteen errua zen. Apika, ingurukoen laudorioek hondoratu dute Barcina.