gaiak

G7koen asmoen aurka bat eginda

G7koen asmoen aurka bat eginda

Edurne Elizondo

Hiriz hiri antolatzeko ordua da oraingoa. Eta Iruñean egin dute jada: jendaurrean aurkeztu dute G7koen aurka sortutako taldea. Euskal Herrian osatutako plataformaren adar gisa jarri da martxan talde berria, Iruñeko herritarrak, elkarteak eta eragileak aktibatzeko asmoz.

Lan horrekin hasteko, hain zuzen, bilerara deitu du Iruñeko taldeak. Hilaren 16an eginen dute, 18:30ean hasita, Zabaldi elkartasunaren etxearen egoitzan. Asmoa argia da: "Iruñean gailurraren aurkako erresistentzia eraikitzea".

G7koen gailurra, zehazki, datorren abuztuaren 24tik 26ra eginen dute, Miarritzen (Lapurdi). G7ko estatuburuen goi bileraren aurka egiteko sortu da, hain justu, G7 Ez plataforma nazionala, munduko herrialderik aberatsenen politikak salatzeko, eta, aldi berean, Euskal Herriko egoera agerian uzteko.

Hamaika pertsonak, elkartek, sindikatuk, alderdik eta eragilek egin dute bat Nafarroako hiriburuan sortutako taldean, asmo berarekin. Datorren astearteko bileran hasiko dira egin beharreko urratsak zehazten. Helburua izanen da G7koen "politika hiltzaileen" aurrean "beste mundu bat eraikitzeko" beharra aldarrikatzea.

"Jada eraikitzen ari gara beste mundu hori", erran dute Iruñeko plataformako kideek. Justizia sozialaren, elkartasunaren eta berdintasunaren aldeko lana nabarmendu dute, hain zuzen ere, eta G7ko estatuek "guztiz kontrako balioak" ordezkatzen dituztela gaineratu.

Aliantzak

G7koen aurkako herritarrek argi dute erakunde horretako estatuen bideak orain arteko bere politiken ondorioak sakontzea baino ezin duela ekarri. "Desberdintasunek gora eginen dute; klimaren aldaketaren arazoa larriago bilakatuko da, eta gerra inperialistek aurrera jarraituko dute". Egungo "sistema kapitalista globalizatua" jo dute Iruñeko taldeko kideek heteropatriarkatuaren eta kapitalaren arteko aliantzari eusten dion zutabetzat.

Sistema horrek eragiten dituen zapalkuntzen inguruko lana egin nahi du G7 Ez plataformak, abuztura bitarte. Estatuburuen goi bilerak Miarritzeko eta inguruko herritarren egunerokoan izanen duen eragina ere salatu dute Iruñeko taldeko kideek, eta nabarmendu dute, goi bilerak iraun bitartean, "askatasun publikoak erabat mugatuko" dituztela. Bertzeak bertze, manifestazio eskubideari eraginen dio G7koen bileraren inguruan ezarriko dituzten kontrol neurriek.

Bilerak "egiazkoa setioa" ekarriko duela erantsi dute taldeko kideek, eta horren aurka lan egitera deitu dituzte herritarrak. Iruñean bezala gainerako hiriburuetan sortutako taldeak nor bere kabuz ariko dira, baina, betiere, G7 Ez plataformak zehaztutako bidean.

Berotegi efektuaren aurkako billabesak

Berotegi efektuaren aurkako billabesak

Edurne Elizondo

Iruñeko billabesen bederatzigarren linea elektrikoa izanen da, aurrerantzean. Iruñerriko Mankomunitateak hilabete honen bukaeran berrituko du zerbitzua, mankomunitateko presidente Aritz Aiesak ezagutarazi duenez. Egun zehatza erabakitzeke dagoela erantsi du.

Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du Iruñerriko Mankomunitateak proiektu hori garatu ahal izateko. Bi erakundeok akordioa sinatu zuten, iazko udan, %100 elektriko diren sei autobus erosteko, eta ibilgailuok kargatzeko azpiegitura jartzeko bederatzigarren linea hasten eta bukatzen den geltokietan. Tren geltokia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa lotzen ditu linea horrek, zehazki.

Iruñerriko Mankomunitateak erregai fosilen kontsumoa murriztea hartu du helburu, eta hori lortzeko jarriko du martxan bederatzigarren linea elektriko bilakatzeko proiektua. Berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak behera egin dezan lortu nahi du mankomunitateak, "mugikortasun iraunkorrago baten aldeko" apustuaren bidez.

Asmo hori txalotu du Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, hain zuzen ere, eta Clima programaren bidez, babesa eman dio. Ez da Espainiako Gobernuaren aitorpena jaso duen proiektu bakarra, gainera; zehazki, Iruñerriko Mankomunitateak garatutako hiru proiektu nabarmendu ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, berotegi efektuaren aurka egiteko ematen duten aukeragatik.

Bederatzigarren linea berritzeko egitasmoa da bat; bigarrenak eskertu nahi izan du Iruñerriko Mankomunitateak ibilgailu hibridoak erabiltzeko egindako ahalegina. Ibilgailu zaharren ordez hibridoak erosteko ahalegin horren ondorioz, hain zuzen ere, kontsumoak eta gasen isuriak %25 inguru egin dute behera billabesetan. Egun, 143 autobus ditu mankomunitateak, eta haietako 33k dute motor hibridoa (diesel eta elektrikoa).

Hirugarren proiektuak nabarmendu nahi izan du, oro har, autobus elektrikoen kopurua handituz joateko mankomunitateak agertutako konpromisoa. Autobusak aldatzerakoan elektrikoen alde eginen du erakunde horrek. Iruñerriko Mankomunitateak 2011. urtean egin zituen lehendabiziko probak autobus elektrikoekin. 2015. urtean beste ibilgailu elektriko bat erosi zuen mankomunitateak, bigarrena, zerbitzua eskaintzeko eta funtzionamenduari buruzko datuak jasotzeko asmoz. Bederatzigarren lineako autobus guztiak elektriko izatea da hurrengo urratsa.

4.000 tona CO2 gutxiago

Espainiako Trantsizio Ekologikorako Clima programaren bidez, Espainiako Gobernuak 40.000 euroko diru saila emango dio Iruñerriko Mankomunitateari. Programak uste du billabesen zerbitzuan autobus hibridoak eta elektrikoak erabiltzeko urratsak ekarriko duela 4.000 CO2 tona gutxiago isurtzea.

132 proiektu jaso ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, denera, Clima programaren barruan. Hiru dira Iruñerriko Mankomunitatearenak. Erakunde horretako presidente Aritz Aiesa egon da Madrilen, proiektu horiek garatzeko akordioa sinatzen. Mankomunitateak egin du bertze berrikuntzarik billabesen zerbitzuan; berrikuntza teknologikoaren esparruan zehaztutako planaren arabera, hain zuzen ere, hemezortzigarren lineako autobusetan wifi zerbitzua bada jada. Linea hori aukeratu dute bide luzea egiten duelako; Zizur Nagusia eta Sarriguren lotzen ditu, zehazki. Bederatzigarren linean ere wifi jartzeko asmoa du mankomunitateak, ibilgailuak berritzen dituztenean.

Zerbitzua hobetzeko neurriak hartzea da Iruñerriko Mankomunitatearen helburua. 2018. urte bukaeran, ordura arteko bidaiarien kopuruari buruzko datuak ezagutarazi zituen erakunde horrek. Goranzkoa da joera, hain zuzen ere, datuek agerian utzi dutenez. Iaz, hain zuzen ere, 38,3 milioi bidaia egin zituzten Iruñerriko herritarrek eskualdeko billabesetan. %5,5 egin du gora kopuruak, zehazki.

Estereotipoak hautsi eta eredu bilakatzeko

Estereotipoak hautsi eta eredu bilakatzeko

Edurne Elizondo

Latina eta grekoa ikasi nituen institutuan. Planetarioan lanean hasi nintzenean, beldurrez etorri nintzen. Fernando Jauregi astrofisikariak harrera egin zidanean, jakinaren gainean ote zen galdetu nion. Zer jakin behar zuen galdetu zidan Jauregik, erantzun gisa. Latina eta grekoa ikasi nituela aitortu nion!".

Pasadizo hori kontatu du Miren Karmele Gomez Garmendiak, planetarioan Emakumeak zientzian izenburupean egindako solasaldian. Iruñeko Udalak antolatu du, Zientziaren Arloko Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna dela eta. Komunikazioan lizentziaduna da Gomez Garmendia, eta planetarioan Izarren Eskolako arduraduna da. "Dibulgatzaileak behar ditu zientziak", azaldu du, eta zeregin horretan gustura ari da. Onartu du institutuan "gaindiezina" iruditzen zitzaiola zientzien eta letren arteko muga. "Letretakoa bazinen, ezin zenituen zientziak gustuko izan".

Jauregiren eskutik, zientziaren sekretuak ezagutzen hasi da Gomez Garmendia planetarioan, eta nabarmendu du esparru horrek harrapatu duela, argi eta garbi. Ines Castiella Imazek eta Ana Monreal Vidalek ere ez dute damurik zientziaren alde egindako hautuaz. Industria ingeniariak dira biak, baina bide ezberdina egin dute zientzien munduan.

"Ez nuen industria ingeniaritza ikasi bereziki gustuko nuelako", onartu du Castiella Imazek. Zientzietako ikasgaietan ona zelako egin zuen hautua, eta kontent da hartutako erabakiarekin. Energia berriztagarrien arloan ari da orain lanean. Kezka agertu du azken urteotan emakumeen presentziak behera egin duelako zientzietako ikasketetan. "Konponbide magikorik ez dut, baina uste dut garaia dela auzi horri buruz gogoeta egiteko".

Mahai gainean jarri ditu estereotipoek duten indarra eta emakumeentzat eredu diren andre zientzialarien falta. Bat egin du Gomez Garmendiak ere. "Ikerketek erakusten dute emakume gazteek uste dutela ez direla onak zientzietan". Zientzietako ikasgaietan lortzen dituzten notek, ordea, kontrakoa diote.

Egungo sistema patriarkalak zaintza lanekin lotzen du emakumea, eta zientzien arloan ari direnen jarduerak ere erakusten du rol horrek duen indarra. "Zientzietan ari diren emakume gehienek osasun ikasketak edo natur zientziekin lotutakoak hautatzen dituzte". Hau da, emakumeek, batez ere, mediku, erizain, biologo edo ingurumen zientzialari izateko ikasten dute, zientzien bidea aukeratzen dutenean.

Ana Monreal Vidalek, hain zuzen ere, txikitan mediku izan nahi zuela gogoratu du planetarioan egindako solasaldian. Hasieran, zalantzan jarri ditu emakumea zientzien esparrutik urruntzen duten estereotipoak, eta bere bidea eta esperientzia jarri ditu adibide: "Haurra nintzenean, futbolean aritzen nintzen, eta inoiz ez nuen panpinarik izan. Nik mediku izan nahi nuen, baina gurasoek ez zuten gustuko hautu hori, eta gogorregia izanen zela erraten zidaten behin eta berriz".

Ingeniariak, gauzak egiteko

Azkenean, medikuntzaren bidea bazter uztea erabaki zuen Monreal Vidalek. "Hainbat medikurekin mintzatu nintzen, eta ez zidaten batere ikuspuntu baikorra eman etorkizunari buruz". Haren etxean baziren industria ingeniariak, eta bide horretan aurrera egitea erabaki zuen.

Ez da damutu. Monreal Vidalek, halere, argi utzi du beretzat gakoetako bat izan dela ulertzea sormenaren eta zientziaren arteko aldea ez dela hain handia. "Zientziak aukera ematen digu batzuek pentsatu edo irudikatu dutena egiteko; errealitate bilakatzeko. Sendagileak behar ditugu, baita haiek erabiltzen dituzten X izpien gailuak ere. Eta horiek egiteko behar ditugu ingeniariak".

Gaur egun, iAR izeneko enpresan ari da Monreal Vidal. Berak sortu zuen, bertze hainbat kiderekin batera. Egun, hogei pertsonak baino gehiagok osatzen dute lantaldea, eta batez ere errealitate areagotuaren esparruan egiten dute lan. "Emakumeak langileen %40 gara, baina ardura postu gehienak gure esku daude", azaldu du ingeniariak.

Halere, Monreal Vidalek onartu du egungo gizarteak ez duela emakumeen parte hartzea sustatzen oraindik ere. Hau da, estereotipoek onartu nahi duen baino indar handiagoa dutela erran du zientzialariak solasaldiaren bukaeran.

Adibide bat aipatu du iritzi hori azaltzeko: "Asmakizun bat kontatu zidaten behin; aita eta semea elkarrekin zirela, istripu bat izan zutela, eta aita hil egin zela. Semea larri eraman zuten ospitalera, eta medikuntzako eminentzia bati deitu zioten ebakuntza egiteko. Baina erran zuen ezin zuela, larri zegoena semea zuelako. Ez zitzaidan bururatu ama izan zitekeela", azaldu du Monreal Vidalek. Aita ere izan zitekeen, bertze estereotipo batzuek ekartzen baitute ama eta aita irudikatzea gurasoak aipatzen direnean.

Zientzien inguruan ere, bertze auzi bat jarri nahi izan du mahai gainean Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak; Zientziaren Arloko Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna: "Ez dezagun betikotu zientziaren ikuspegi positibista eta merkantilista; ez dezagun bilakatu ikusgarri soilik laborategian ari den emakume zientzialaria; giza eta gizarte zientziak ere badira zientzia", zabaldu du, sare sozialen bidez.

Andre helduak antolatu dira

Andre helduak antolatu dira

Ane Eslava

Generoa eta adina. Bi faktore horiek direla-eta bi aldiz zapalduak eta baztertuak direla salatu dute Euskal Herriko emakume pentsiodunek. Bizitza osoa lanean eman ostean, azken arora heltzerakoan ikusten dute egindako lanak ez duela baliorik, eta horrek pobreziara eramaten dituela haietako asko. "Bidegabekeria" hori salatzeko eta egoera aldatzeko neurriak eskatzeko sortu dute Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen plataforma. "Kalera eta agenda politikoen erdigunera" eraman nahi dituzte aldarrikapenak. Nafarroako taldea aurkeztu berri dute.

Azkenaldian indar handia hartu dute pentsiodunen mobilizazioek, eta haien aldarrikapenak eztabaida publikoaren erdigunera heldu dira. Onekako kideek esan dutenez, bat egiten dute mugimendu horren aldarrikapenekin; baina, emakumezko gisa, "arazo eta premia bereiziak" dituzte.

Hori dela eta, iaz, ikusi zuten "beharrezkoa" zela beren artean antolatzea, emakume eta pentsiodun gisa dituzten beharrei "bidezko erantzuna" eman ahal izateko, eta beren ahotsaren jabe izateko: "Guk geuk izan nahi dugulako bozeramaile gizartearen eta instituzioen aurrean". Urrian egin zuten urratsa: Oneka taldea aurkeztu zuten, Donostian, eta han izan ziren Nafarroako hainbat lagun ere. Baina, Ana Sarobe kideak azaldu duen moduan, autonomia erkidego bakoitzeko administrazioak funtzionamendu bat duenez, tokian-tokian antolatzea erabaki zuten. Hala, astelehenean erregistratu zuten ofizialki Nafarroako taldea.

Zaintza lana

Oneka taldearen eskaera nagusietako bat da "zaintza lanak balioestea", Sarobek adierazi duenez. Haren hitzetan, gizarteak ez ditu aintzat hartzen emakume askok bizitzan egiten dituzten lanak, eta horrek eragiten du haien pentsioak gizonezkoenak baino "askoz ere txikiagoak" izatea. "Gutako askok bizitza osoa eman dugu lanean, gure inguruko pertsonen bizitzak zaintzen; baina gizarteak ez du hori ikusten, ez du onartzen". Gaineratu du andre asko "eskubiderik gabe" heltzen direla zahartzarora, kobratu gabeko eta kotizatu gabeko lanak egin izanaren ondorioz.

Pentsioen arrakala desagerrarazteko, Onekako kideek eskatu dute Babes eta Gizarte Segurantzako sistema kudeatu eta bideratuko duen organo bat sortzeko. Organo horren bitartez, haien eskaerei erantzuteko formulak bilatuko dituzte. Pentsiodunen mugimendu orokorrak eskatzen duen moduan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa nahi dute. Izan ere, Nafarroako emakume pentsiodunen %79k kopuru hori baino gutxiago jasotzen dute, eta emakumeen gutxieneko pentsioa gizonena baino %45 txikiagoa da. Era berean, neurri sozial eta politikoak eskatu dituzte "autonomia" eta "indarkeriarik gabeko zahartzaroa" izateko.

Pentsioen datuak atalka aztertuz gero, ikus daiteke Nafarroako emakume pentsiodunen %29k 150 eta 600 euro arteko pentsioa jasotzen dutela; gizonezkoen %10ek baino ez dute diru hori kobratzen. Haatik, diru gehien jasotzen dutenen artean —2.000 euro baino gehiagoko pentsioa—, askoz gizon gehiago daude: %21 dira, eta emakumezkoak, berriz, %4. Bestalde, gizonek ez bezala, andre askok alargun pentsioa jasotzen dute, eta, Onekako kideak gogorarazi duenez, askok, ezta hori ere: "Pobreziak emakume aurpegia du, eta miseriak, berriz, emakume helduarena".

Ezaugarri bereziak dituztelako beren borroka propioa egitea erabaki duten arren, Onekako kideek ziurtatu dute pentsiodunen gainontzeko plataformekin elkarlanean ariko direla. Horretaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenak bere egin dituzte, eta prest azaldu dira emakumeen arteko aliantzak sortzeko, batik bat Martxoaren 8ko grebari begira. "Grebak erdigunean jarriko du gure aldarrikapen nagusia, zaintza lanen balioa; beraz, babestu egingo dugu". Emakume pentsiodunek greba egunean parte hartzearen garrantzia nabarmendu du: "Hala, egiten dugun guztia azaleratuko da".

Historiaz betetako hiri bat mugakoa

Historiaz betetako hiri bat mugakoa

Ane Eslava

Historia handiko hiri bat da Viana. Gotorleku gisa sortu zuten, Nafarroako Erresuma defendatzeko, eta, kokaleku estrategiko batean dagoela-eta, gertakari askoren lekuko izan da. "Ondorioz, ondare handiko hiri bat da egun" ,adierazi du Jose Luis Etxeberriak, Vianako Udalaren Turismo eta Kultura Saileko kideak. Hiriaren fundazioaren 800. urtemuga ospatuko dute aurten.

Antso VII.a Azkarra erregeak fundatu zuen Viana, 1219an. Hiriaren historia, halere, lehenagokoa da. Eremu hartan, 50 aztarnategi inguru aurkitu dituzte, eta, haiek erakusten dutenez, gizakiak bertan egon izanaren lehenbiziko aztarnak Behe Paleolitokoak dira.

"Mugako hiri bat izateak bereizi du Viana beste hirietatik", adierazi du Etxeberriak. Hain zuzen, gotorleku bat eraikitzeko helburuz berreraiki zuten hiribildua 1519. urtean, Nafarroako Erresumaren muga indartu nahirik Gaztelako Erresumako handiena zen hiriaren aldean: Logroño. Inguruko herrixketako biztanleak bildu zituzten Vianan, eta gaztelu bat eta harresi bat eraiki zituzten.

Era berean, Iruñea eta Logroño artean egoteagatik, etengabeko merkataritza trukeen gune izan zen hasieratik. Gainera, Donejakue bidea moldatu egin zuten, hiri berritik pasa zedin. "Ondorioz, Viana garai hartako bide kultural, ekonomiko eta politiko nagusietako bat izan zen".

Vianako Printzea titulua

1423an, hiribilduaren garrantzia zela eta, Karlos III.a Nobleak Vianako Printzea titulua sortu zuen, hainbat eskubide ematen ziena haren oinordekoei. 1515ean, baina, Nafarroako konkistaren ondorioz, Gaztelako koroari helarazi zioten titulua, eta, egun, Leonor Borboikoarena da.

Gaztelako Erresumak Nafarroakoa konkistatu zuenean, 1512an, Viana ere horren menpe geratu zen. 11 urteren ostean, ordea, Karlos I.ak Nafarroako Erresuman sartu zuen berriz ere.

XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan, hiriak loraldi bat izan zuen. "Nekazaritzaren gorakadaren eta batailen barealdiaren ondorioz, herritarrak hobeto bizitzen hasi ziren", azaldu du Etxeberriak. XIX. mendea, aldiz, ilunagoa izan zen, gatazkak piztu zirelako berriz: Karlistaldien testuinguruan, Vianak Lizarrako karlisten eta Logroñoko liberalen oldarraldiak jasan zituen.

XX. mende hasiera ere gogorra izan zen hiriarentzat, filoxera izurrite baten, 36ko Gerraren eta nekazarien exodoaren ondorioz. Hala ere, XX. mendearen erdialdetik aurrera, lehengoratuz joan zen. "Egun, hiria osasuntsu dago; berpizten ari da". Aurten, atzera begiratzeko eta gogoratzeko garaia dute vianarrek. "Herritarrak harro daude beren hiriaren ondareaz. Argi dute zaindu eta gogoratu behar dutela".

Atea muga bat denekoa

Atea muga bat denekoa

Edurne Elizondo

Iruñeko Txantrea auzoan du etxebizitza Erkuden Txokarrok. Lau solairuko eraikin batean, hirugarrenekoa du berea. Baina ezin da han bizi, igogailurik ez dutelako. Aulki gurpilduna behar du Txokarrok mugitzeko; igogailurik gabe, ondorioz, etxeko atea muga bilakatzen zaio. Laguntzarik gabe, ezin da nahi duenean sartu edo atera.

"Alokairuan hartu behar izan dut bertze etxebizitza bat; dibortziatuta nago, bi haur ditut, eta 820 euroko pentsioa. Gurasoen laguntza behar dut alokairua ordaintzeko. Ezin dugu onartu etxebizitza guretzat espetxe bilakatzea; ezin gara egon bizilagunen borondatearen menpe, igogailua eduki ahal izateko", salatu du Txokarrok.

Karrikara atera da protesta egitera, Nafarroako Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioko kideekin batera. "Ez da erraza jendaurrean agertzeko urratsa egitea", onartu du. Are zailagotzat jo du, halere, pertsona anitzen egunerokoa. "Aulkia erabiltzen hasi baino lehen, arrastaka jaisten nintzen; igotzeko, laguntza behar nuen", nabarmendu du.

"Gure egoera bidegabea da, eta bada garaia administrazioak esku hartzeko. Hitzak ez dira nahikoa; ekintzak nahi ditugu", erran du. Txokarrok bere aulkia eskaini die talde politikoetako ordezkariei, haren bidez mugitu beharrak ezartzen dituen mugak eta zailtasunak ezagutzeko. "Hogeita lau orduz utziko diet; nahikoa izanen da denbora hori gure errealitateaz jabetzeko".

Txokarrok etxea duen eraikineko bizilagunek erabaki dute igogailua jartzea. Lanak noiz eginen dituzten zain da. Nafarroan, etxebizitza eraikinen %17k ez dute igogailurik; eta eraikinen erdietan, berriz, ezin da karrikatik zuzenean atarira sartu, eskailerak daudelako. Gainera, eraikin gehienetan %90etan atezain automatikoa altuegi dago, eta aulki gurpilduna behar dutenek ezin dute jo. "Ateak ere hagitz astunak izaten dira, eta horrek atarian sartzeko eta handik ateratzeko lana anitz zailtzen du", erantsi du Nafarroako Cocemfeko presidente Manuel Arellanok.

Bozketa, kostuaren arabera

Legea da gainditu beharreko lehenengo muga, Cocemfeko kideek salatu dutenez. Izan ere, legez jasota dago irispideak bermatzeko beharra, eta, ondorioz, elbarritasuna dutenak bizi diren etxebizitzetan derrigorrez egin behar dira beharrezkoak diren obrak edo egokitzapenak.

Legeak, halere, bere baitan du tranpa. Horixe salatu du Arellanok: "Legeak zehazten baitu bozketa egin beharko dela, baldin eta jabe bakoitzari dagokion derrama partearen kostua hamabi kuotak baino handiagoa bada". Arellanok nabarmendu nahi izan du argi duela familia anitzentzat ezin ordain dezaketen gastua izan daitekeela igogailua jartzea. Ardura, hain zuzen ere, "denen irisgarritasuna bermatu" beharko lukeen gizartearena dela erran du; administrazioak erraztu eta lagundu beharko lukeela, alegia, eraikinetan egin beharreko lanak egitea.

Igogailua ez izatea, halere, ez da arazo bakarra. Cocemfen bat egiten duten elkarteen artean badira, bertzeak bertze, sentikortasun kimiko anizkuna duten pertsonek osatutakoak. Gaitz hori dutenentzat, adibidez, garbitzeko erabiltzen diren ohiko produktuak kaltegarriak izan daitezke. "Ez da pertsona horien egoera kontuan hartzen denentzako diren espazioak garbitzeko produktuak aukeratzerakoan". Kasu horretan ere, produktu horiek ezartzen ahal dute gaitza dutenek gainditu ezin dezaketen muga.

Cocemfeko kideek argi dute batzuen alde hartutako neurriek, finean, "gizarte osoari" egiten diotela mesede. "Une batean edo bertzean denok behar ditugu irispideak erraztuko eta bermatuko dizkiguten neurriak", erran du Arellanok.

Esku hartzeko eskatu die administrazio guztiei. Batetik, etxebizitzak inoren espetxe izan ez daitezen; eta, bertzetik, egin beharreko lanak egin ahal izateko ardura bizilagunen bizkar ez uzteko. "Gastuari aurre egiteko aukerarik ez izateak ezin du muga izan nork bere etxebizitza baliatu ahal izateko", berretsi du Cocemfeko presidenteak.

Bat egin du Txokarrok. Etxebizitza bat du, eta erabili nahi du. Mugarik gabe; inoren menpe egon gabe.

Andreen ezagutza

Andreen ezagutza

Edurne Elizondo

Adituek argi dute klima aldaketak modu ezberdin batean eragiten diela gizonei eta emakumeei. Hori kontuan hartuta, Nafarroan iaz sortutako klima aldaketaren aurkako emakumeen sareak aldarrikatu du andreen ezagutzak duen garrantzia. Nafarroako Gobernuak ere urrats hori egin nahi izan du, ezagutza horren garrantzia aitortu, eta bi eguneko topaketa antolatu du, emakumeak klima aldaketaren esparruan egiten ari diren lana ikusgarri bilakatzeko eta lan horri balioa emateko. Astelehen eta asteartean eginen dute, Nafarroako Parlamentuan eta Baluarte auditoriumean.

"Klima aldaketak agerian uzten du ezin dugula aurrera jarraitu orain arteko bizitzeko moduarekin; ezin diogu eutsi ez arlo ekonomikoan, ez arlo sozialean, ezta ingurumenaren arloan ere", erran du Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek, topaketaren aurkezpenean. Garapen sozioekonomikorako eredua "aldatu" behar dela erantsi du, eta esparru horretan "funtsezkoa" dela emakumeek egin dezaketen lana.

Aipatzekoa da hainbat talde ekologistak horixe bera eskatu diotela gobernuari, garapen sozioekonomikorako eredua alda dezala, alegia, eta bazter utz ditzala, ondorioz, AHTaren aldeko apustuaren gisakoak. Iazko ekainean, 2011n egindako Nafarroa bizirik nahi dugu manifestuari segida eman zion Sustrai Erakuntza fundazioak, eta harekin bat egin zuten hogei elkarte ekologista eta sindikatuk baino gehiagok.

Nafarroako Gobernuak bi zatitan antolatu du astelehen eta asteartean eginen duen topaketa. Batetik, asteleheneko saioak izaera instituzionala izanen du. Nafarroako Parlamentuan eginen dute, eta lan batzorde gisa egituratuko dute. 18:00etan hasiko da saioa, parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezen hitzaldiarekin. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioko ordezkari batek ere parte hartuko du.

Lehen saio hori antolatu dute erakunde publikoetan ari diren emakumeentzat. "Asmoa da erkidegoetako parlamentari, kontseilari, alkate, zinegotzi, senatari eta abarren artean adierazpen bat osatzea Emakumeak Klimaren Alde Aktibaturik. Nafarroa 2018 izenburupean".

Asteartean, Baluarten

Astearteko saioa Baluarte auditoriumean eginen dute, eta Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek zabalduko du topaketa. Astearteko saioan parte hartuko duten emakume adituek klima aldaketarekin lotutako hamaika esparru jorratuko dituzte.

Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publiko eta Ingurumen zuzendari Maria Neirak, adibidez, airearen kalitatea jorratuko du; haren ondotik, Cristina Gallachek hartuko du hitza. Nazio Batuen Erakundean eta Europako Batasuneko Kontseiluan aritu da, bertzeak bertze.

Eguneko lehen lan saioan gizarte mugimenduen eta ezagutzaren inguruan ariko dira parte hartuko duten hizlariak: Uxua Lopez, Cristina Monge eta Asun Ruiz. Lopez Telekomunikazio ingeniaria da, eta aditua energia berriztagarrien esparruan. Monge soziologia irakaslea da Zaragozako Unibertsitatean, eta Ekologia eta Garapena fundazioko kide. Ruiz, berriz, SEO BirdLife elkarteko burua da.

Eguerdiko bigarren lan saioan, politikaren ikuspuntutik ariko dira parte hartzaileak: Elena Cebrian (Valentziako Generalitatea), Isabel Elizalde (Nafarroako Gobernua), Miren Larrion (Gasteizko Udala), Elena Lete (Bergarako Udala), Patricia Perales (Iruñeko Udala) eta Olga Risueño (Tuterako Udala).

Elizalde kontseilariak eginen du topaketa amaitzeko hitzaldia. Baluarteko saioak amaitu eta gero, halere, azken ekinaldi bat izanen dute parte hartzaileek agendan: Emausko Trapuketarien lana ezagutu ahal izanen dute; zehazki, Hemen Konpon izeneko tailerrera eginen dute bisita, Berriozarren. Bizikletak eta bertzelakoak konpontzeko tailerra da; berrerabiltzea eta birziklatzea da asmo nagusia.

Nafarroako Gobernuak argi utzi du topaketa zabalik dagoela interesa duen pertsona ororentzat, baina argi utzi du bereziki interesgarria izan daitekeela politikaren eta gizarte mugimenduen arloetan ari diren emakumeentzat. Kontua da emakumeak klima aldaketaren arloan egiten ari diren lana ezagutzea, eta eztabaida eta gogoeta bultzatzea, emakumeen ezagutza mahai gainean jartzeko.

“Identitatea boterea baita”

“Identitatea boterea baita”

Edurne Elizondo

Duela 22 urte sinatu zituzten, Guatemalan, 36 urteko gatazka armatua amaitzeko bake akordioak. Testu haietan jaso zituzten, bertzeak bertze, herri indigenen identitateari eta eskubideei buruzko aldarrikapenak. "Baina ez dira gauzatu. Gure eskubideak hutsaren hurrengoa dira. Giza eskubideen urratzea eguneroko kontua da. Laugarrenez, Guatemalari berea kentzeko aro batean gara".

Guatemalako Mam Emakume Indigenen Elkarte Integraleko kide Eliza Orozco Perezenak dira hitzak. Iruñean erran ditu. Euskal Herrira etorri da, Mugarik Gabe elkartearen eskutik, bere herriko egoeraren berri emateko. GITE elkarteko kideen liburutegian izan zen joan den astean, eta, atzo, berriz, Zabaldin hartu zuen hitza. Orozco Perezek, batez ere, identitatea aldarrikatu nahi izan du, hori delako, haren ustez, aurrera egiteko giltza. "Identitatea boterea baita; nazio bat gara, maia-mam nazioa; bi milioi pertsonak osatutako nazioa da gurea; gure hizkuntza, gure janzteko modua, mundua ulertzeko gure modua ditugu, eta hori guztia da gure lurraldea", berretsi du.

Duela 500 urtekoa izan zen Guatemala bere ondasunez gabetzeko lehen aroa. "1821eko ustezko independentziak ekarri zuen bigarrena", azaldu du Orozco Perezek. Hirugarrenak 36 urteko gerra izan zuen protagonista; eta laugarrena da oraingoa. "Bake akordioen ondoko hogei urteotakoa".

Egun, Guatemalako eta bertze hainbat herritako lurrak garbitu nahi dituzten enpresa transnazionalen interesak dira nagusi. Gobernuek haiei egiten diete mesede. "Duela 500 urte kolonizatu gintuzten, eta kolonizatuta jarraitzen dugu; geure burua deskolonizatu behar dugu, lehenik eta behin".

Enpresa horiei aurre egin die Orozco Perezek, halako urratsak egiten dituztenak enpresa horien jomugan direla jakin arren. Lurraren defentsarekin konpromiso irmoa erakutsi duten ekintzaile anitz hil dituzte, meatzaritzarekin edo energia hidroelektrikoarekin lotutako proiektuen aurka egiteagatik.

Orozco Perezen herrian ere badakite zer den gisa horretako egitasmo baten aurka egitea. Zentral hidroelektrikoa eraiki nahi izan zuten han. Proiektuak berekin ekarri behar zuen herria hornitzen duten lau iturriak pribatizatzea, baina, herritarrek aurka egin, eta geldiaraztea lortu zuten.

Taldeak, kolektiboak duen indarra nabarmendu du Orozco Perezek. "Denon artean, atzera begiratzeko ahalegina egin behar dugu, ikusteko eta ikasteko nondik gatozen, ikusteko eta ikasteko nor garen. Horrela erabaki ahal izanen dugu nora joan nahi dugun, nor izan nahi dugun". Amona ekarri du gogora Guatemalako indigenak, eta haren eskutik atzera begiratu izanak ekarri dion aberastasuna jarri du mahai gainean. "Amonaren herentzia jaso dugu, eta eman digun baliorik garrantzitsuena erresistentziarena da; erabateko erresistentziarena", erran du, harrotasunez.

Egile eskubide kolektiboa

Erresistentzia, identitateari eutsi ahal izateko. Gaur egungo indigenek ere erronka hori dute esku artean. Beren jantzien inguruko adibidea aipatu du Orozco Perezek: "Gure jantzien diseinuak lapurtzen dizkigute enpresa handiek, gure herritik kanpo eramateko. Eta gai dira diseinu horiek jatorrizkotzat saltzeko. Jantzi horien diseinuen gainean, ordea, gure egile eskubide kolektiboa dago. Ni jantzi hau irakurtzeko gai naiz. Ez da jantzi soil bat. Nik irakurtzen ahal dut; hemen dago nire identitatea", erran du Guatemalako elkarteko kideak, soinean duen jantzia ukituz.

Kanpotik egiten dizkieten erasoei egin behar diete aurre maia-mam nazioko kideek; eta Guatemala barruan mamitzen direnei ere bai. "Herri indigenak bazter utzi ditu sistemak; boterearen asmoa da gu desagerraraztea". Asmo horiek hezkuntzan dute isla, bertzeak bertze. "Arlo horretan, indigenok ez gara existitzen".

Egoera horrek berekin ekarri du desorekek gora egitea. "Gero eta handiagoa da herriko aberastasuna beren esku dutenen eta deus ez dutenen arteko aldea". Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunek ere gora baino ez dute egin, Orozco Perezek nabarmendu duenez. Emakumeen aurkako indarkeria "hagitz arazo larria" dela azaldu du. Zehazki, sexu indarkerien auzia jarri du mahai gainean.

Orozco Perezek ez du zalantzarik emakumeek ahalduntzeko beharra dutela egungo egoerari aurre egin ahal izateko. Emakumeen boteretzea, hain zuzen, herri indigenen ahalduntzeko prozesuarekin lotuta ulertzen du Guatemalako ordezkariak. "Geure burua sendotu behar dugu, borrokaren bidean".

Indigenen aurkako politikek "barrutik hustu" dituztela salatu du Orozco Perezek. "Horregatik erraten dut, behin eta berriz, indigena izatea zer den ikasi behar dugula, atzera begiratuz, gure arbasoen herentzia gure eginez; bizipenak behar ditugu, barrua berriz ere betetzeko", gaineratu du. Orozco Perezek argi du nor den: maia-mam nazioko kidea.

Zaindutako fruitua ardo bihurtzeko

Zaindutako fruitua ardo bihurtzeko

Edurne Elizondo
Prozesua burutzeko prest dira nekazari nafarrak: urte osoan zaindutako fruitua jaso eta ardo bilakatzeko prest, alegia. "Bidea ez da erraza izan", halere. Horixe nabarmendu zuen Erriberriko alkate Andoni Lakarrak igandean, herri horreta...

Komandoak hartu du lurra

Komandoak hartu du lurra

Edurne Elizondo

Bertze asalto bat egin du Borraja Komandoak; bertze lur puska bat hartu du beretzat; oraingoan, Beriainen. Bederatzigarrena izan da, eta, aurrekoek bezala, helburu garbia izan du: "Utzitako sail bat edertzea eta erabilgarri bilakatzea": Beriaingo bizilagunentzat baratze ekologikoa jarri du martxan Borraja komandantearen lantaldeak.

Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Produkzioaren Kontseiluak sortutako ekinaldia da Borraja Komandoa; nekazaritza ekologikoa bultzatzea du xede, hain zuzen ere. "Umorea erabili nahi izan dugu, nekazaritza ekologikoaren alde egiteko. Herritarrengana iristeko modu atsegin eta eraginkorra izan daitekeela uste dugu", azaldu du kontseiluko komunikazio arduradun Daniel Campanerok.

Osasun etxearen ondoko lur sail bat hartu du Borraja Komandoak, zehazki, Beriainen, herriko udalaren baimenarekin. Han egin dute bat nekazaritza ekologikoaren aldeko kontseiluko kideek, bai eta herriko hainbat bizilagunek ere. Haurrak dira gehienak, eta "ilusioz" ekin diote lanari. Aitzurrak eskuan hartu, eta hasi dira aurretik prestatutako lurraren gainean pinuen azala botatzen. Baratzeak hartuko duen espazioa zehaztu dute azal horiekin. Lan hori amaituta, hasi dira denak lurrean zuloak egiten, eta borrajak, porruak, letxugak eta bertzelakoak landatzen. Ureztatu eta gero, prest dute baratzea. Orain, zaintzea izanen da kontua.

"Guk baratzea jartzen dugu martxan; herritarren ardura da gero zaintzea eta hari eustea, nahi badute", azaldu du Campanerok. Borraja komandantearen lantaldea iaz jarri zen abian. Beriainera ailegatu baino lehen, Nafarroako bertze zortzi herritan egon dira komandoko kideak. "Utzitako espazio publikoak aukeratzen ditugu; herriotako udaletako arduradunekin hitz egiten dugu, eta ekinaldia antolatzen dugu".

Herriotako hainbatetan "espazio bizi" bilakatu dira Borraja Komandoak sortutako baratzeak. "Herritarrek zaintzea erabaki dute, eta, hainbat herritan, adibidez, lortutako produktuak erabiltzen dituzte toki horietako gizarte taldeak laguntzeko".

Cintruenigon eta Tuteran, adibidez, herritarren "konpromisoa" handia izan dela nabarmendu du Campanerok. "Herriko hainbat elkartek hartu dute baratzea zaintzeko ardura, eta produktua banatzen ari dira beharra dutenen artean. Ekinaldia, beraz, bere helburu soziala betetzen ari da", nabarmendu du.

Beriainera ailegatu baino lehen, Cintruenigon eta Iruñean izan zen Borraja Komandoa. Ekinaldiaren sustatzaileek herritarrak beren kabuz aritzera deitu dituzte, halere. "Utzitako espazioak baratze bilakatzea da kontua, bizia ematea". Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustuarekin batera, bertako produktuaren aldekoa ere bada Borraja Komandoko kideen lehentasuna. "Finean, xedea da nork berea ekoiztea; bertako produktu ekologikoa sustatzea".

Nekazaritza ekologikoak "etorkizun handia" duela uste du Daniel Campanerok. Nafarroan, halere, "bultzada sendoagoa" behar duela erran du. Hala eta guztiz ere, datuek erakusten dute "gora egiten" ari dela. "Hemen, eta mundu osoan. Nafarroan, iaz, nekazaritza ekologikoak %20 inguru egin zuen gora; produkzioak egin du gora, bai eta ekologikoaren aldeko apustua egiten duten nekazarien kopuruak ere".

Herritarren parte hartzea

Beriainen bizi da Cristina Garin, eta produktu ekologikoen alde egin du, zalantzarik gabe. Erriberriko ekinaldian ezagutu zuen Borraja Komandoa, eta herrian berehala bat egin du komandantearekin baratzea martxan jartzeko. "Gurasoek baratze ekologikoa dute Lizarran; badakit zer den".

Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua "ezinbertzekoa" dela uste du Garinek. "Batetik, osasunagatik, hainbertze pestizida dituzten produktuak ez kontsumitzeko; bertzetik, ingurumenarengatik; ama lurra erabat suntsitua dugu. Zaintzeko garaia dugu jada".

Garinekin batera, Beriaingo bertze hainbat herritar izan ziren Erriberriko ekinaldian. "Hemengo baratzea zainduko dutela zalantzarik ez dugu", erran du Campanerok. Horixe berretsi du Garinek ere. "Baratzea lantzeko ohitura handia dugu herrian", nabarmendu du.

Lana bukatuta, bere manifestua Beriaingo herritarren esku utzi du Borraja komandanteak: "Lur puska hau hartu dugu edertzeko eta erabilgarri bilakatzeko. Zaindu ezazue, eta jaso haren fruituak heltzen direnean; mundu hobe eta ekologiko baten alde, bat egin ezazue Borraja Komandoarekin".