Hezkuntza

Iritzia: Hemen, gure ondoan

Iritzia: Hemen, gure ondoan

Naiara Elola
Bada mutiko bat, 8 edo 9 urte ingurukoa. Herri txiki batean bizi da. Berez herriarena den etxe txiki eta zahar batean bizi da, zehazki. Negu euritsu eta hotzak besteenean baino lehenago hasten dira etxe horretan, eta luzeagoak ere izaten ...

Hezitzaileak, berriz estualdian

Hezitzaileak, berriz estualdian

Uxue Rey Gorraiz

Behingoz aditu ditzaten atera dira berriz kalera protesta egitera. 0-3 zikloko hezitzaileek jasaten duten diskriminazioari kontra egiteko borrokan jarraitzen dute Nafarroako 0-3 Plataformako kideek. Urteak dira lan baldintza hobeak eskatzen ari direla, eta orain pandemiak nabarmen kaskartu du hezitzaileen egoera. Itxialdiak normaltasunez lan egitea galarazi dien honetan, kontratua eten diete askori, eta apenas duten etorriko denari buruzko informaziorik. Etorkizunari so, ziurgabetasuna da nagusi, epe motzean zein luzean. Plataformako kideek eskatu dute langileak berehalakoan itzul daitezela lanera. "Kinka larrian" daudela salatu dute.

"0-3 zikloa oso zaurgarria izan da beti, eta, zaurgarritasun hori areagotu egin da orain, pandemia garaian", azaldu du Steilas sindikatuko Diana Bruñok. Krisialdia iritsi aurretik ere asko ziren, plataformako kideen esanetan, zikloan hobetu beharrekoak. Batik bat, soldatak igotzea eta lan baldintzak hobetzea aldarrikatzen dute aspaldi hezitzaileek, baita ratioak jaistea ere. Salatu dute, gainera, haur eskolak kudeatzeko eredu desberdinak izateak kalte nabarmena egin diela, beste behin, profesional batzuei.

Hiru urte arteko haurrentzako zikloa ez dago Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barrenean, eta, hortaz, udalen esku dago haur eskola bakoitzaren kudeaketa. Udal batzuek modu zuzenean egiten dute lan hori, baina askok enpresa pribatuen bitartez kontratatzen dituzte hezitzaileak. Udal haur-eskola gehienek funtzionatzen dute horrela (zehazki, %92k), plataformako kideen arabera. Hain justu, plataformak salatu du kudeaketan enpresa batek parte hartzen duen kasu horietako askotan kontratuak eten egin zaizkiela hezitzaileei, eta kexu dira hori ikusita.

Plataformak eskatu du martxoaren 25eko Errege Dekretuak jasotzen duena betetzeko. Izan ere, dekretu horren arabera, ezin da aldi baterako enplegu erregulaziorik egin Administrazio Publikoarentzat lan egiten duten enpresetan, baina hezitzaileek salatu dute baldintza hori ez dela bete, hori baita askok egun bizi duten egoera.

Azaldu dute "premiazkoa" dela langileak "berehalakoan" lanera itzultzea. "Ikasturtea ixteko eta datorrena antolatzeko garaia da orain", esan du, kezkatuta, LAB sindikatuko Amaia Urzelaik. Haren esanetan, "ezinegona" da nagusi hezitzaileen artean.

Itzuli beharra argudiatzeko asmoz, plataformako kideek zerrenda bat osatu dute, erakuste aldera egiteko asko dituztela haurrak eskoletara itzuliko ez badira ere. "Memoria idaztea, familiak agurtzea, materialak itzultzea, telefono bidezko arreta ematea, matrikulazioa antolatzea… Lan handia dago orain", zehaztu du Bruñok. Gainera, orain ekin behar liokete, haien esanetan, abuztuan hastekoa den ikasturtearen antolaketari; esaterako, koronabirusaren eraginez aintzat hartu beharko diren protokoloak prestatzeari.

"Baztertuta gaude"

"Krisialdi honek agerian utzi du inoiz baino beharrezkoagoa dela udal haur-eskolak kudeaketa eredu bakarraren menpe egotea, eta argitu du kudeaketa horrek zuzenekoa izan behar duela", adierazi du Bruñok. Hezitzaileek maiz kritikatu dute handiak direla 0-3 eta 3-6 zikloen artean dauden desberdintasunak, "biak borondatezkoak izan arren". Horregatik, plataformaren eskakizun nagusia da Hezkuntza Departamentuak osorik har dezala 0-6 zikloaren gaineko kudeaketa, finean bi adin-tarteetan baldintza beretan aritu daitezen. Hala balitz, egungo egoera oso bestelakoa litzateke, Bruñoren iritziz. "Hezkuntza Departamentuak esan izan balu ziklo hau premiazko zerbitzua dela, 3-6 zikloarekin esan duen bezala, udalek beste modu batean jokatu izanen lukete, eta hezitzaileak etxetik lanean arituko ziren behintzat".

Errealitatea oso bestelakoa da, ordea, LABeko Urzelaik erantsi duenez: "Dena airean dago, eta, kasu batzuetan, langileek ez dakite abuztuan lanera itzuliko diren ere". Zalantzaz beteak daude, eta erantzun premian dira, ezinbestean.

Hain zuzen ere, erantzun eta irtenbide bila, 0-3 Plataformak hainbat erakunderi helarazi dizkie bere aldarrikapenak, Hezkuntza Departamentuari berari, kasurako, udal haur-eskolak hark kudeatu beharko lituzkeela sinetsita daudenez gero. Bestalde, eta udalez gain, alderdi politikoekin ere saiatu dira harremanetan jartzen.

Oraingoz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa da plataformari modu zuzenean erantzun dion bakarra. Helarazitako gutunean, federazioak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak erabaki duela udal haur-eskolak aurtengo ikasturtean berriz ez irekitzea, eta gaineratu du toki-entitateek, hau da, udalek, "ahalmen txikia" dutela horren gainean bestelakorik egiteko. Era berean, azaldu dute hezitzaileen lanari dagokionez ere Nafarroako Gobernuak zehaztutakoa errespetatu behar dutela, eta, haur eskoletarako matrikula eta aurrematrikula abian den honetan, prozedurak egoki funtzionatzeko behar adina langile ari direla lanean dagoeneko.

Dena dela, Udal eta Kontzejuen Federazioa prest agertu da 0-3 Plataformako kideekin bilera bat egiteko, plataformakoen aldarrikapenak "xehetasun handiagoz" zein diren jakiteko.

Plataformari ongi iruditu zaio federazioa hitz egiteko prest agertu izana, baina kideek argitu dute ez dutela askorik espero. "Oso errealistak gara. 0-3 zikloa azkeneko postuan dago Hezkuntza Departamentuaren lehentasunen zerrendan", esan du Bruñok. Bestalde, gaineratu du udalak "lanez gainezka" daudela orain, eta ez dela erraza gaiari heldu ahal izatea. Kideek adierazi dute, ordea, aldarrikapenei eutsiko dietela, "langileen eta haurren eskubideengatik".

Euskaraz hasteko bidea

Euskaraz hasteko bidea

Uxue Rey Gorraiz

Ez dakit tokirik izango duen; asko aldatu da kontua". Saioa Anzizu txantrearrarenak dira hitzak, eta bost hilabeteko alabaz ari da. Izan ere, Anzizuk Txantreako Izartegi haur eskolan matrikulatu nahi du alaba, euskaraz, baina badaki zaila izanen dela hori lortzea, Iruñeko Udalak erdira murriztu baitu euskarazko eskaintza duten haur eskolen kopurua datorren ikasturterako: titiko haurrentzako eta ibiltarientzako tokiek 136 izateari utzi, eta 61 izango dira.

Iruñean familia asko eta asko daude Anzizurenaren egoera berean, eta, horiek horrela, udalaren asmoaren berri izan zutenetik, borrokan ari dira egoera horri irtenbidea emateko: herri haur-eskola bat sortzeko prozesua jarri dute martxan, behin-behineko konponbide gisa.

Iruñeko Udalean agintea laukoak izan zuen garaian, euskarazko eskaintza zabaldu egin zen, eta, Iruñean dauden hamasei haur eskoletatik, lauk zuten euskarazko eredua: Printzearen Harresi, Donibane, Goiz Eder eta Izartegi haur eskolek.

Aldiz, Navarra Sumak eskaintza murriztuko duela iragarri zuen urte hasieran, eta, ondorioz, zerrenda horretako eskoletatik bitan baizik ez da euskarazko eskaintzarik egonen haur txikienentzat. Are gehiago, horietako batean, Goiz Eder haur eskolan, eskaintzaren erdia bakarrik izanen da euskaraz, eta, beraz, Txantreako Izartegi izanen da haur eskola euskaldun bakarra Iruñe osoan.

Udalak euskarazko lekuei dagokienez egindako murrizketari kontra egiteko sortu zen HE Gurasoak Iruñea elkartea. Saioa Anzizu elkarteko kide da, eta egoeraren larritasuna salatu du. "Eskubidea dugu euskaraz bizitzeko eta ikasteko. Gure nahia hori baldin bada, bermatu dezatela haurrek tokia izanen dutela".

Gurasoek zenbait bilera izan dituzte udaleko zein Nafarroako Gobernuko alderdi politikoekin, eta, horietan, murrizketa dakarren epaia oraindik ez aplikatzeko eskatu diote Navarra Sumari. Izan ere, talde politikoak azaldu du berriki haur eskolen hizkuntza ereduari buruz egindako inkestako datuak erabiliko dituela eskaintza egokitzeko, baina ez aurten, hurrengoan baizik, 2021-2022 ikasturtean. Datu horien arabera, gurasoen %36k nahi du euskara duen ereduren bat, baina, Navarra Sumaren murrizketaren ondotik, %14raino jaitsiko da eskaintza aurten.

Eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka dute askok ahotan. Eskaria zenbatekoa den definitzen duten irizpideak, ordea, zalantzan jarri beharrekoak dira HE Gurasoak elkarteko kideen ustez. Zehazki, iruditzen zaie udalaren azken galdeketa ez dela "zintzoki" egin. "Jendeak dagoen eskaintzari erreparatuta egingo lukeena erantzun zuen, eta, noski, beste faktore batzuek ere baldintzatzen dute gurasoen hautua", esan du Anzizuk.

Haren ustez, hurbiltasuna da gurasoek beren seme-alabak nora joatea nahi duten erabakitzeko garaian gehien baloratzen duten gauzetako bat, eta gogoratu du euskarazko eredua eskainiko duten bi haur eskolak Iruñeko iparraldean daudela, "etxetik urrunegi", askorentzat.

Herri haur-eskola

Kudeaketa jarduera eta izen emate gehienen antzera, pandemiak atzeratu egin du Iruñeko haur eskola publikoetan aurrematrikulazioa egiteko prozesua ere, eta udalak joan den astean iragarri ditu data berriak: maiatzaren 25etik aurrera eman ahalko da izena, telematikoki.

HE Gurasoak elkarteko kideak erlojuaren kontra ari dira lanean arazoari aurre egiteko. Sare sozialen bidez, mezu bat bidali diete egoera berean daudenei: haurrak haur eskola euskaldunetara eramateko interesa duten Iruñeko familiak elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu dute, hegurasoak.harrera@gmail.com helbidera idatziz. Bi helburu nagusi erdietsi nahi ditu deialdiak: batetik, "benetako eskaria zein den erakutsiko duen argudio sendo bat" izatea, eta, bestetik, sortu nahi duten alternatibarako kontuak egiten laguntzea.

Herri haur-eskola bat sortu nahi dute, izan ere, HE Gurasoak elkarteko kideek. Kooperatiba baten bidez abiarazi nahi dute proiektua, hain zuzen, datorren abuztuan bertan martxan jartzeko. Lokalak begiratzen ari dira orain, baita finantza bideak argitu nahian ere, proiektua "jasangarria" izan dadin.

Dena dela, Anzizuk argitu du "trantsiziozko" irtenbidea dela proposatu dutena, eta helburua beti izanen dela sare publikora bueltatzea. "Ez dugu eskola pribatu bat sortu nahi gure kabuz; orain dugun aukera bakarra delako egingo dugu hau", berretsi du Anzizuk.

Tarifa publikoak ezarri nahi dituzte, eta, ahal dela, murrizketaren ondorioz lana galdu duten hezitzaile horiekin atera aurrera proiektua.

Aita eta zuzendari

Garikoitz Torregrosa da HE Gurasoak elkarteko kideetako beste bat. Kasu berezia da Torregrosarena: bere alaba haur eskolan dago jadanik, euskarazko ereduan. Dioenez, murrizketak beste pertsona askori edo etorkizunean agian berari kalte egiten ahal dielako ari da borrokan, baina baita esparru profesionalean eragiten diolako ere.

Izan ere, Arrosadia auzoan den Printzearen Harresi haur eskolako zuzendaria da Torregrosa, eta Iruñeko Udalak iragarritako murrizketak bete-betean zigortu du zentro hori: titiko haurrentzako eta ibiltarientzako euskarazko leku guztiak desagertu eginen dira, Navarra Sumaren erabakiaren eraginez, hain zuzen ere. "Lau edo bost pertsonak beren lanpostua galduko dute, murgiltze eredua apurtu egingo da, eta euskarak espazio bat galduko du", azaldu du.

Torregrosaren iritziz, "mendeku gogoa" dago Navarra Sumaren erabakiaren atzean. "Hala erabaki dutenek badakite denboran 30 urte atzera egitea bezalakoa dela hau, eta sobran dakite hori ez dela posible, asko aldatu dela euskararekiko jarrera, hobera".

Torregrosaren ustez, "jokaldi baten parte" da berriki egindako murrizketa. "Sekulako kolpea eman dute orain, ondoren murrizketa zertxobait arindu eta ongi gelditzeko gizartearen aurrean", azaldu du.

Bestalde, HE Gurasoak elkarteko kidea ez dago ados haur eskoletan euskarak duen tokia soilik eskariari erreparatuta ezarri beharrarekin. "Kontua ez da eskaintzak eskariari erantzun behar diola: argi utzi behar dugu hau eskubide kontua dela", nabarmendu du.

Gogora ekarri du, gainera, udaleko arduradunek "inori galdetu gabe" handitu zutela ingelesezko eskaintza, adibidez, eta, ondorioz, kasu horretan ez zirela egon "derrigortuta eskaria bazegoela erakustera".

Euskarazko haur eskola publikoen aldeko borrokan ahalik eta bidelagun gehien bildu nahi dituzte HE Gurasoak elkarteko kideek. Lanean segitzeko gogo faltarik ez dutela diote, eta argi dute zein den helburua: "Euskara eskubidea guztiontzat!".

Euskaldunena ere izan dadin

Euskaldunena ere izan dadin

Edurne Elizondo

Hutsaren hurrengoa. Horixe da euskarak duen tokia, Enaitz Ibabek NUPen aukeratutako graduan. Lehen mailan, hamar ikasgaitik bederatzi ikasi ahal izan zituen euskaraz, baina egoera erabat aldatu zen bigarren mailatik aurrera: hamar ikasgaitik bi bakarrik ziren euskaraz. Hirugarren maila egiten ari da orain Ibabe, eta ikasgai bakar bat ere ez du euskaraz. "EHUn ez dago Nekazaritza Ingeniaritza, horregatik etorri nintzen Iruñera ikastera; ez nuen pentsatu ere egin NUPen gradu osoa euskaraz egiteko aukera izango ez nuenik". Ibabe Oñatikoa da (Gipuzkoa), eta ezustekoa hartu zuen Iruñera ailegatu bezain pronto. "Euskara, NUPen, hirugarren mailako hizkuntza bat da. Unibertsitateak indar handiagoa egiten du ingelesa bultzatzeko euskara bultzatzeko baino".

Ibaberekin bat egin du Libe Renteriak ere. Zornotzakoa da (Bizkaia), eta Bioteknologia graduko lehen maila egiten ari da, Iruñeko Arrosadiko campusean. NUPek oraingo ikasturtean lehendabiziko aldiz eskainitako gradu berrietako bat da hori, eta hasieran ikasgai bakar bat ere ez dago euskaraz. "Gradu berria denez, NUPek esan du lau urte pasatuta ikusiko duela arrakasta ote duen, ikasgairen bat euskaraz jartzeko aukera aztertzeko". Egoera berean dira Psikologiako eta Medikuntzako graduetako ikasleak ere, bertzeak bertze.

Erizaintzako ikasketak ez dira berriak NUPen, baina euskarak lehen bezain toki txikia izaten jarraitzen du Osasun Fakultatean ere. Lehendabiziko mailan ari da Irati Juaristi mutrikuarra. "Lehen seihilekoan ditugun hirurak dira gradu osoko euskarazko ikasgai bakarrak", salatu du.

NUPeko Euskara Taldeko kide dira Ibabe eta Renteria; Juaristi, berriz, NUPeko Osasun Fakultateko Euskara Taldekoa. Elkarlanean aritzen dira denak, baina nor bere esparru fisikoan, Osasun Fakultatea Nafarroako Ospitale Gunean baita; hau da, Arrosadiko campusetik at.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen alde ari diren ikasleok mahai gainean jarri nahi izan dute hizkuntzaren auzia egunotan, eta horretarako, batetik, manifestaziora deitu dute apirilaren 2rako; bertzetik, Osasun Fakultatean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko sinadura biltze bat egin dute. Finean, NUPeko agintariei argi utzi diete beren hizkuntza eskubideen alde lanean segitzeko prest direla. Are gehiago orain, unibertsitatea eta Nafarroako Gobernua datozen lau urteotarako aurrekontua negoziatzen ari direnean. Euskara bultzatzeko baliabideak ere aurrekontu horren menpe izanen dira.

Orain artekoari segida

Egungo errektore Ramon Gonzalok 2019ko ekainean hartu zuen kargua. Alfonso Karlosena errektore zenean, Ikerketako errektoreorde izan zen Gonzalo, eta hauteskundeak irabazi aurretik ere argi utzi zuen azken urteotako lanari "segida" ematea zela bere asmoa. Abenduan, BERRIA-n egindako elkarrizketa batean, asmo horiek pixka bat zehaztu zituen errektoreak: "Orain, gure eskaintza akademikoaren %21 inguru egiten da euskaraz. Urrun gaude oraindik Euskal Herriko Unibertsitatearen kopuruetatik, jakina, baina gure helburua da ehuneko hori handitzea urtetik urtera; pixkana, euskarak unibertsitatean duen pisua handitzea".

"Euskarak duen pisua handitzea". Zehaztasun maila hori ez dute ontzat jo NUPeko Euskara Taldeko kideek. Nabarmendu dute Karlosenaren agintaldian NUPek ez zuela borondaterik izan euskarari bultzada emateko, eta Gonzalok ere, oraingoz, ez duela ezer egin. "Hauteskunde garaiko marketina besterik ez digu eskaini", erran du Ibabek.

Hitzekin nekatu dira ikasle euskaldunak, eta ekintzak nahi dituzte, euskararen alde. "Karlosenaren agintaldian, unibertsitatea ez zen gai izan Euskara Planean jasotako oinarrizko helburu guztiak betetzeko ere", gogoratu dute ikasleek. Plan horren arabera, NUPek, denera, 1.299 ikasgai eskaintzen ditu euskaraz. Irakasletzako graduan baino ez dago, ordea, ikasketa guztiak hizkuntza horretan egiteko aukera. NUPen, ikasleen ia %31k badakite edo ulertzen dute euskara.

Gradu bakarra euskaraz, eta meritua, gainera, ez da NUPeko agintariena. 2017ko elkarrizketa batean, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko orduko zuzendari Garbiñe Petriatik orriotan gogoratu zuen NUP bera sortu aurretik ezarri zituztela Irakasletza ikasketak euskaraz. Unibertsitate publikoak 33 urte egin ditu, eta, denbora horretan, beraz, gradu bakar bat ere ez du ezarri euskaraz: "Eskaintza hasierako bera da; euskarazko ikasgaiak jarri dituzte han eta hemen, baina gradu batean euskaraz, adibidez, bost ikasgai egin ahal izatea ez da deus", nabarmendu du Libe Renteriak.

Arazoa da, NUPeko Euskara Taldeko kideen ustez, euskara ez dela lehentasuna unibertsitate publikoko arduradunentzat, eta ez dutela borondaterik hizkuntzari benetako bultzada emateko. Hainbat adibide jarri dituzte mahai gainean: Ibabek aipatu du, batetik, Historiako gradu berrian bazirela hainbat irakasle euskaraz aritzeko prest; euskaraz ikasi nahi zuten ikasleak ere baziren; baina NUPek ez du urratsik egin Historian euskarazko ikasgairik jartzeko.

Bertzetik, Irati Juaristik salatu du NUPek orain arte ez duela erakutsi inolako asmorik euskaraz ikasi nahi duten ikasleen inguruko datu zehatzak jasotzeko. "Unibertsitateak ez du benetako eskaria ezagutzeko urratsik egiten; guk egin behar izan dugu, ondorioz".

Joan den astean Osasun Fakultatean egindako sinadura biltzeaz ari da Juaristi. Euskara Taldeko kideek mahai bat jarri zuten eraikinaren sarreran. 150 sinadura jaso dituzte, denera. Juaristik argi du euskaraz ikasi nahi duten euskaldun guztiek ez dutela sinatu; halere, nabarmendu du Erizaintzan, denera, 400 ikasle inguru direla, eta "ontzat" jo du 150 sinadura jaso izana. "Horietatik 130ek esan dute euskaraz ikasi nahiko luketela, ez bakarrik euskararen aldeko jarrera dutela".

Erizaintzan aspaldikoa da euskarazko ikasketen aldeko aldarria, ikasleen erdiak baitira euskaldunak. Eta ikasleen eskubidea ez da jokoan dagoen bakarra, Juaristik erran duenez. "Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko herritarren eskubidea ere badago jokoan", nabarmendu du.

Juaristik onartu du hasieran gogorra egin zaiola, adibidez, gelan aurkezpenak gaztelaniaz egin behar izatea. "Euskaraz pentsatu, eta itzuli egin behar nuen esan nahi nuena". Euskara du bere hizkuntza, eta osasun zerbitzuetako erabiltzaile euskaldunak ere euskaraz artatzea du helburu.

Xede hori lortzeko egin dituzte egunotako ekinaldiak. Ibabek eta Renteriak ere argi dute lanean jarraitzeko beharra badutela. Euskararen inguruko plan estrategiko berria dago mahai gainean, bertzeak bertze. "Esan digute errektoreak nahi omen duela Euskara Taldeak prozesuan parte hartzea", azaldu dute. Oraindik ez dute NUPeko agintarien deia jaso, halere. Zain diren bitartean, euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzen jarraituko dute. Apirilaren 2ko manifestazioan izanen dute hori egiteko aukera. Protestarekin bat egitera deitu ditu ikasle guztiak Juaristik. NUP euskaldunena ere izan dadin.

Aldarriak, karrikara

Aldarriak, karrikara

E. Elizondo

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko aukera izanen da NUPeko apirilaren 2ko manifestazioa baino lehen: bihar, 17:00etan, Golem zinema aretoetatik hasita, manifestazioa eginen dute Iruñean, hiriburuko haur eskoletako eta Mendigorriko gurasoek antolatuta. NUPeko Euskara Taldeak babesa eman dio protestari.

Azken asteotan gertatu denak eragin du gurasoon haserrea. Batetik, Iruñeko Udalak iragarri du murriztu egingo duela hiriburuko haur eskoletako eskaintza. Orain lau zentro dira euskaraz aritzen direnak, Joseba Asiron alkate zenean ordura arteko eskaintza bikoiztu eta gero. 2022-2023 ikasturterako, Enrique Maia alkateak haur eskola bakarra utzi nahi du euskara hutsean, Txantreako Izartegi, alegia; Arrotxapeko Goiz Eder eskolan, berriz, eskaintzaren erdia izanen da euskarazkoa, baina bertze erdia gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin.

Mendigorrian, hiru urteko haurren matrikula egiteko kanpainan jazotakoak piztu du eztabaida; izan ere, guraso talde batek herrian D eredua ezartzea eskatu du, baina Hezkuntza Departamentuak ez du aintzat hartu eskaera hori. "Ez omen da nahikoa, aukera argiak izan arren", gurasoek salatu dutenez. Zehazki, sei haurrek eman zuten izena euskaraz ikasteko, baina Nafarroako Gobernuak erran du gutxieneko kopurua zortzikoa dela, lerroa zabaltzea ukatzeko.

"Erakundeen lana"

Iruñeko eta Mendigorriko gurasoak jendaurrean agertu dira beren egoera salatu eta herritarrak biharko protestara deitzeko. "Barkaezina da erakunde publikoek nafar guztiei euskarazko irakaskuntza ez bermatzea; haien lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea, herritarrei gehiago jakiteko aukera eskaintzea", nabarmendu dute.

Gurasoon izenean aritu dira Iruñeko Itziar Zabalza eta Mendigorriko Josu Goñi. Biek argi utzi nahi izan dute gurasoak ez direla prest beren eskubideetan "atzera" egiteko. Iruñeko haur eskoletako gurasoen ordezkariak gogoratu du arazoak Antsoaingo haur eta familiei ere eragiten diela. Izan ere, herri horretan ez da euskarazko eskaintzarik, eta hautu horren aldeko gurasoek Iruñera jo behar izaten dute beti: "Hemendik aurrera zailagoa izanen dute hori egitea", erran du Zabalzak, Navarra Sumak bere asmoak gauzatzen baditu toki gutxiago izanen delako euskaraz hiriburuko haur eskoletan. Hori salatzeko eginen dute biharko protesta.

Zientzia hobea behar baita

Zientzia hobea behar baita

Edurne Elizondo

Gizarte osoari egiten diolako mesede: horregatik aldarrikatu dute, Iruñeko Planetarioan egindako jardunaldian, emakumeek zientzian egon behar dutela. Erakunde horrek antolatu du saioa, Nafarroako Gobernuarekin batera. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Berrikuntzako zuzendari nagusi Agurtzane Martinez izan da parte hartu duten hizlarietako bat, hain zuzen, eta nabarmendu du, 2018tik, Zientziaren eta Teknologiaren Foru Legeak ere behartzen dituela erakundeak emakumeak zientziaren bidean jartzeko estrategiak bultzatzera. Martinezek ez du zalantzarik: "Gizarteak ezin du emakumeen talentua bazter utzi".

Planetarioan bat egin duten gainerako hizlariek mezu bera nabarmendu dute: emakumerik gabe ez dela zientzia onik, alegia. Hankamotz gelditzen baita emakumeen ikuspuntuak kontuan hartzen ez dituen zientzia; bai eta emakumeentzat ari ez den zientzia ere.

Adibide bat aipatu du Gurutze Perezek, NUPeko Emakumea eta Zientzia Katedrako zuzendariak: " 1,75 garai diren eta 70 kilo pisatzen duten panpinekin egin izan dituzte autoetako segurtasun uhalak probatzeko saioak; ondorioz, istripuetan emakumeak larriago zauritzen ohi dira".

Emakume eta Neskato Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11, 2015. urtetik. Aitzakia hori baliatu dute Iruñeko Planetarioko jardunaldia egiteko. Gisa horretako ekinaldiak eta arreta emakumeengan jartzeko egun bat behar direla uste dute parte hartu duten profesionalek. "Zoritxarrez, lan handia dugu egiteko, oraindik ere. Datuak etsigarriak dira".

Horixe erran du Agurtzane Martinezek. Eta mahai gainean jarri ditu datu horietako hainbat: neskatoen %7k baino ez dute uste zientzialari izan daitezkeela; Nafarroan, nesken %9-12 ari dira zientzia eta teknologia batxilergoan; Nafarroako Unibertsitate Publikoan, batez bertze, ikasleen %20 dira ingeniaritzetan ari diren emakumeak.

Azken datu hori zehaztu du Perezek: "Informatikan, %10 ere ez dira, eta antzekoa da egoera telekomunikazioetan eta mekanikan. Ingeniaritza biomedikoan, berriz, ikasleen %70 dira emakumeak. Joera aldatzen da zaintzarekin lotzen delako ingeniaritza hori".

Emakumeen parte hartze eskasa islatzen duten zenbaki hutsez harago doa egungo egoerak behar duen aldaketa; hori uste du ADItech fundazioko proiektuen kudeatzaile Maruxa Aranak. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu bat da ADItech, eta NUPeko Arrosadiko campusean du egoitza. Aranak nabarmendu du Nazio Batuen Erakundea urratsak egiten ari dela zientzia giza eskubidetzat jotzeko bidean, eta artikuluetako batean jaso duela ezinbertzekoa dela emakumeak zientziara batzea, eta, aldi berean, zientzia emakumeentzat egitea. "Zientziak emakumeon berezitasunak kontuan hartu behar dituela erran du NBEk; hori gertatzen da zientziarentzat gizaki estandarra gizona delako, oraindik ere". Medikuntzaren arloan egoera hori agerian uzten duten adibide anitz badirela erantsi du Gurutze Perezek: "Ikerketa bat egin dute 700 gaixotasunaren inguruan, eta haietako 699tan emakumeek diagnostiko berantiarra jasotzen dute. Osteoporosiaren kasua da salbuespena".

Gazteenekin lanean

Karmele Gomezen lanaren helburua da emakumeek utz diezaiotela zientzian salbuespena izateari. Planetarioa du lantoki, baina ez da zientzialari. Horixe argitu nahi izan du, lehenik eta behin, eta kontatu du planetarioan hasi zenean "lotsatu" egiten zutela Publizitateko bere ikasketek.

Laster utzi zituen lotsa eta beldurrak bazter, eta zientziaz gozatzen hasi zen. "Ematen zuen letretakoa izanda ezin zitzaidala zientzia gustatu. Nerabeak garenean zer ikasi hautatu behar dugu, eta ematen du arlo bat aukeratzeak bertzea bazter uzten duela, halabeharrez. Baina ez da egia", nabarmendu du.

STEM Planeta izeneko programako koordinatzailea da Gomez planetarioan. Haur eta gaztetxoekin aritzen da, zientziarako zaletasuna pizteko asmoz. Saioan aritu diren gainerako profesionalek bezala, Gomezek ere argi du lan handia dagoela egiteko oraindik ere. "Antolatzen ditugun tailerretan izena ematen dutenen artean mutikoak dira nagusi".

Urratsez urrats egin behar da aurrera, Gomezen hitzetan. Gakoetako bat da, haren ustez, egungo haurrentzat erreferente izan daitezkeen emakume zientzialarien berri ematea. Horretan ari da Maria Beunza, hain zuzen. Enpresa ikasketak egin zituen, baina bertze bat du lan arloa: Innovactoras izeneko ekinaldiaren bultzatzaile da. Zientziaren esparruko emakumeen berri emateko bi liburu argitaratu dituzte jada, eta aurten sari bat emanen dute. Lana badela argi du Beunzak ere. Horregatik ari da; ari dira.

“Duintasuna” 0-3 zikloarentzat

“Duintasuna” 0-3 zikloarentzat

Edurne Elizondo

Osteguna. Herrialdeko hezitzaileek zita dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Protesta egin nahi dute protesta zaratatsua aspaldikoa duten arazo batentzako konponbidea eskatzeko, behingoz. Aldarrikapena ere ez dute oraingoa. Nafarroako 0-3 Plataforma 2001. urtean sortu zen, eta, hainbat urtez geldirik egon eta gero, indarrez biziberritu dute. Kideek "nahikoa" dutela erran dute, eta "duintasuna" eskatu dute 0-3 zikloarentzat.

Haur eskolen oinarrizko arazoa argi eta garbi azaldu dute plataformako hezitzaileek: 0-3koa hezkuntza zikloa izan arren, ez dagoela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barruan. Gobernuak laguntzen du, baina kudeaketa udalen esku dago. Horrek ondorio nagusi bat du: udalok kudeaketa eredu ezberdinak erabiltzen dituztela, eta, ondorioz, lan bera egiteagatik baldintza ezberdinak dituzte haur eskoletan ari diren profesionalek.

Plataformako kideek lan baldintza eta soldata kaskarrak salatu dituzte. Ez da hori, halere, aipatu duten arazo bakarra. Nagusietako bat da ratioena: gela bakoitzeko haur gehiegi dago, eta hezitzaileek, ondorioz, ezin dute "kalitatezko hezkuntza" bermatu. Plataformak bi auzi horiei eman die lehentasuna, haien inguruko adostasuna erabatekoa delako kideen artean: "Ratioak jaitsi behar dira, eta lan baldintzak hobetu".

Iaz hasi ziren Nafarroako 0-3 Plataformako kideak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzeak egiten; atzokoa izan zuten orain arteko azkena. Hezitzaileekin batera, gurasoek eta sindikatuek ere bat egin dute karrikan, haur eskoletan zer gertatzen den salatzeko. Bertze urrats bat egitea erabaki dute orain, hain zuzen, eta, hilaren 20tik aurrera, eskualdeka ere eginen dituzte mobilizazioak.

Aitortzarik eza

Aditu guztiak ados dira, eta hiru urtera arteko etapa "funtsezkotzat" jotzen dute haurren garapenerako. Hezkuntza Departamentuak ere bat egin du ideia horrekin, eta etapa horrek duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen 2007. urtean hartutako erabakiarekin: hezkuntza ziklotzat jo zuen 0-3koa urte hartan.

Aitortza, baina, erdizkakoa baino ez zen izan. Horixe uste dute haur eskoletan lanean ari diren hezitzaileek. "Hezkuntza ziklo bat gara, eta gobernuak dekretu bidez onartu du hori. Hezkuntza Departamentuak kudeatu beharko luke, gainerako zikloak bezala, baina ez dute hori egiten. Zerbitzu publiko bat pribatizatzen ari dira, merkeago ateratzen delako".

Arbizuko haur eskolako zuzendari Eider Garderenak dira hitzak. "Mingarritzat" jo du haur eskoletan gertatzen ari dena, eta salatu du ziklo horretako profesionalen lana "gutxiesten" ari direla: "Adin tarterik garrantzitsuena da, eta baliabide ekonomiko gutxien jasotzen duen zikloa, aldi berean. Hezitzaileok bokazioz ari gara lanean; sinisten dugu egiten dugun lanean, baina militantzia ez da nahikoa; babesa behar dugu".

Nafarroako 0-3 Plataforma sortu zenean, haur eskolek "izaera asistentziala" zutela gogoratu du Gardek; hain zuzen ere, Gizarte Ongizaterako Departamentuaren menpe ziren. Errealitate hori aldatzeko sortu zuten plataforma, 2001ean, eta 2007ko dekretuarekin lortu zuten. Aldaketa horrek, baina, ez zuen eman profesionalek eskatzen zuten aitortza osoa.

Arazo nagusietako bat izan da, hasieratik, Nafarroako Gobernuak udalen gain utzitako ardura. "Garai batean, Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen zuen eskolak eraikitzeko lanen finantzaketa, baina laguntza hori ere moztu zuen; kontua da eraikina egiten lagundu arren kudeaketa hasieratik utzi duela udalen esku, eta horrek ezberdintasunak sortu ditu profesionalen artean", azaldu du Gardek.

Izan ere, hiru kudeaketa modu erabiltzen dituzte herrialdeko udalek: zuzena, enpresa publiko baten bidezkoa edo enpresa pribatu baten bidezkoa. "Udalen %92k ez dute haur eskola zuzenean kudeatzen", erran du Steilas sindikatuko Diana Bruñok. Plataformako kide da sindikatu hori, eta, hezitzaileek bezala, "haserrea" adierazi du gobernuak ez duelako borondaterik auziari eusteko.

"Gobernuarentzat, ez da lehentasuna. Eztabaidatzen ari diren aurrekontuetan agerian gelditu da hori: hitzarmena duten eskoletarako 169 milioi euroren saila dago; 0-3 publikorako, berriz, hamar milioi eurorena", erran du Bruñok. Gobernuaren "utzikeriaren" adibide gisa, adierazi du herrialdeko zazpi haur eskola oraindik ere Gizarte Eskubideen Departamentuaren menpe direla.

Plataformako kideek hamaika bilera egin dute Nafarroako Gobernuko agintariekin urteotan guztietan. "Baina ez dugu deus lortu". Aurreko legegintzaldiko lauko gobernuarekin "esperantza" bazutela onartu du Bruñok, baina horrek ere ez zion arazoari heldu, Steilaseko eta plataformako kideak nabarmendu duenez. "Dirua aitzakia da. Hezkuntzak beti esan digu gauza bera, edozer erabaki hartu aurretik analisi ekonomikoa egin behar zela. Aurreko legegintzaldian ere partzuergo baten bidezko kudeaketa aztertzen aritu zirela esan ziguten, baina ez dituzte datuak argitara atera".

Eskolen egunerokoa

Nafarroako 0-3 Plataformako kideek ratioak eta lan baldintzak bilakatu dituzte beren aldarrikapen nagusi. Bada bertzerik, halere, eta herriz herriko egoerak ere berezi bilakatzen du haur eskola bakoitzeko egunerokoa. "Egoera jasangaitza da", erran du, tristuraz eta amorruz, Arbizuko eskolako zuzendari Eider Gardek. 63 haur dituzte, eta, jantokiko laguntzailea eta garbitzaileak kontuan hartuta, hamabi langileko taldea osatzen dute. "Gela guztietan gehienezko ratioak ditugu", azaldu du.

Gauza bera gertatzen da Baztango haur eskolan; Elizondon du egoitza. Zentroan zazpi langile daude, eta gela bakoitzeko gehienezko haur kopurua dute. Horrek erran nahi du Europako Batzordeak egokitzat jo dituen kopuruak bikoiztu dituztela. Europak 1-4 umeko ratioa zehazten du hezitzaile bakoitzeko 0-1 urteko gelan; 1-6koa, 1-2 urteko gelan; eta 1-8koa, azkenik, 2-3 urteko gelan. Errealitatea da 0-1 urteko zortzi haur artatu behar dituela hezitzaile bakar batek, 1-2 urteko hamabi, eta 2-3 urteko hamasei. "Politikariekin aspertu gara; solastatu eta solastatu, eta ez dute deus egiten. Behar duguna da, batez ere, haur gutiago gela bakoitzeko, kalitatezko hezkuntza bat bermatzeko", erran du Elizondoko eskolako hezitzaile Maider Bereauk.

Lan baldintzak ere jarri ditu mahai gainean. "Azken hamar urteotan ez digute soldata eguneratu, eta antzinatasuna ez dugu kobratzen. 1.200 euroko 11 sari ditugu", salatu du Bereauk. "Zauden eskolaren arabera, soldata bat edo beste jasotzen duzu", erantsi du Arbizuko Eider Gardek. Oinarria estatuko hitzarmenaren araberako 920 euroko saria dela erran du.

"Ratioa jaitsi, soldatak igo". Horrela laburbildu du plataformak bere eskaera nagusia. Baina bada gehiago: doakotasuna, aitortza, kalitatea. Duintasuna.

Euskararen aurkako azken-aurreko erasoa

Euskararen aurkako azken-aurreko erasoa

E. Elizondo

Iruñeko Udaletxe plaza bete zuten herritarrek larunbatean, Iruñeko Udalak euskararen aurka hartutako azken erabakia salatzeko: Navarra Sumak baieztatu egin du duela hainbat aste errandakoa, eta haur eskola euskaldunen eskaintza murriztuko du; ondorioz, 2022-2023 ikasturterako bakarra izanen da euskara hutsean. "Euskaldunen aurkako eraso larria da", salatu zuen euskalgintzak, karrikan.

Navarra Sumak maiatzeko hauteskundeak egin eta gero hartu zuen agintea Iruñeko Udalean, eta, geroztik, hainbat izan dira euskararen aurka hartu dituen neurriak: euskararen ordenantza aldatu, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia zentsuratu, eta euskarazko hedabideak publizitaterik gabe utzi, bertzeak bertze. Haur eskolen aurkakoa azken-aurreko erasoa izan ote den beldur dira euskalgintzako kideak.

Hain zuzen ere, haur eskola euskaldunen aldeko aldarria aspaldikoa da Iruñean. Eskariak aurreko legegintzaldian egin zuen gora, Joseba Asiron (EH Bildu) alkate zenean; bikoiztu egin zen, zehazki, euskarazko haur eskola kopurua hiriburuan: lehen bi ziren, eta lau jarri zituzten. Denera, halere, hamasei haur eskola daude Iruñean. Hamasei horietako 11 udalarenak dira, eta bertze bostak, berriz, Nafarroako Gobernuarenak.

Orain arte, beraz, Arrotxapeko eta Txantreako bi haur eskoletan, Donibanekoan eta Printzearen Harresiko zentroan izan da euskaraz ikasteko aukera. Azken bi horietan, baina, egoera "progresiboki" aldatuko dela erran du Enrique Maia Iruñeko alkateak: hiru urtez pasatuko dituzte Donibaneko eta Printzearen Harresia eskolak euskarazko eskaintzatik gaztelania hutsekora; ondorioz, 2022-2023 ikasturterako, ez litzateke euskarazko hezkuntzarik egonen hiriburuko bi haur eskola horietan.

Arrotxapeko Goiz Eder eta Txantreako Izartegi eskoletan baino ez da euskarazko eskaintzarik izanen. Udalak aurreko legegintzaldian egindako bidean atzera egin du Maiak, beraz; hagitz atzera, Izartegi izanen baita euskara hutseko eskola bakarra, Navarra Sumak egin nahi duen aldaketa gauzatzen denean. Goiz Eder eskolan, berriz, eskaintzaren erdia izanen da euskarazkoa, baina bertze erdia gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin.

Eskubidea

Euskalgintzak argi du eskaintza hori ez dela nahikoa, eta horregatik deitu zuen larunbateko elkarretaratzera. Haur eskoletako gurasoek eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek ere egin zuten bat deialdiarekin. Ehunka lagunek egin zuten protesta, euskaraz bizitzeko asmoa dutela aldarrikatzeko: "Gure eskubidea delako, bai, baina eleaniztasunera salto egiteko elebitasunak eskaintzen dituen abantailengatik ere bai. Euskaldunok Iruñean ikusezin, hutsaren hurrengo nahi gaitu UPNk".