Iritzia

Iritzia: Urrezko domina liburuzain bati

Jimeno Juriori Nafarroako Urrezko Domina eman zioten joan den abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, Euskararen Egunean. Ezin data aproposagorik. Pozgarria benetan pertsona hori aukeratu izana, egin zuen ikerketa lan guztiak egin eta gero aski ongi merezitakoa baitzuen errekonozimendua, hil eta hamahiru urtera eman badiote ere…

Baina, dudatan nago harritzekoa ote den edo ez, liburuzaina ere izandakoaren bizitzaren partea ez baita aipatzen. Historialari, etnografo, ikertzaile… eta liburuzain. Zerrenda osatzen duen ogibide garrantzitsua eta zuzenean egiten zuenarekin lotua, baina berari buruz ari direnean gehienetan atzendua...

"1970. urtetik aitzin…" irakurri dut dominaren harira egindako zenbait artikulutan, eta pentsatu, orain aipatuko dute urte hartatik aurrera liburuzain lanetan ibili zela. Baina ez, ezta ere. Data hortan erreparatzen da, preseski hortan, baina ez San Pedroko liburutegiko zuzendari izendatu zutela errateko, Iruñeko lehen auzo liburutegia ireki zela aipatzeko (datu horrek berak daukan garrantziarekin, Jimeno Jurio buru egon edo ez) baizik, eta urte hartatik aitzin bere lan garrantzitsuenak egin zituela errateko. Eta nik pentsatu: eta zergatik ez da aipatzen liburutegien munduan ere aitzindari izan zela? San Pedroko liburutegia ireki eta lehenengo egunetan izandako jende jarioa zela-eta sarrera 14 urtetik goitikoei mugatu behar izan zitzaiela? Hala ere, bera horrekin ados ez eta haurrentzako gela bat irekitzea proposatu zuela, irakurketa ttikitatik sustatzea garrantzizkoa zela uste zuelako? Hau da, bildu zuen informazio hori guztia biltzeaz gain, denon eskura jartzea garrantzizkoa zela pentsatzen zuela erratea, eta denon eskura liburutegian baino inon hobe egonen zela pentsatzen zuela. Ikertu eta informazioa zabaldu, txanpon beraren bi aldeak direla, alegia. Bata ikerlariak egina, bertzea, liburuzainak. Bietan, bera. Horrela pentsatzen zuen hark, horrela egin zuen. Eta horrela mantentzen da gaur egun, Jimeno Jurio deituriko San Pedroko liburutegian haren lan guztiak biltzen dituen tokiko funtsean.

Hortaz, harritzekoa dela diot lan horiek guziak aipatu eta goraipatzen direnean, eta berak nahi izan zuen bezala denon eskura non aurkitu daitezkeen ez aipatzea. Nafarroako Liburutegian ere, Nafarroako ondarea izanik, haren lan gehiena bilduta dago, eta, Urrezko Domina dela-eta, interes gune berezi bat egin da oraindik ere eskuragarriago paratuz eta, bide batez, Jimeno Juriok liburuzain lanak nola egiten zituen erakusketa baten bitartez erakutsiz.

Baina hori dena ez omen da interesgarria edo, bederen, mediatikoa. Toki guttitan ikusi dut nik, edo, agertu bada, albiste nagusiaren aldameneko artikulu ttiki batean izan da, informazio gehigarri gisa, osatzeko edo.

Arrazoia izanen zuen Tomás Yerrok, azaroan Nafarroako Liburuzainen Elkarteak antolatutako Jardunaldi Profesionaletan, liburuzainaren ofizioa ez dela aski baloratzen edo ikusarazten zioenean. Hedabideetan ez zela apenas agertzen zioen hark, eta nik erantzun ez nengoela guztiz ados, nire izena eta nire ogibidea hilabetero ateratzen zirela BERRIAN, adibidez. Baina ni ez naiz inor, eta norbait baden Jimeno Juriori ez bazaio liburuzain hitza hasieratik lotzen, zer pentsatu ematen du…

Iritzia: Film bat, eta ohera?

Nora joango gara asteburu honetan? Zer egingo dugu?". Ostiralero Whatsappeko talde jakin batean errepikatzen dugun galdera da. Lagunen erantzuna gero eta etsigarriagoa da: "Ni, pijama jantzi, eta ohera joango naiz". A ze plana! Baina larunbata da, 21:00ak, eta sutondoan bero nagoela pijama janztea erabaki dut. Larunbat gaueko film txar bat ikusi, eta ohera noa.

"Ez dugu deus egiten, ez gara ateratzen". Horrelakoak ere irakurtzen ditut talde berean. Eta nik ere jartzen ditut halakoak. Baina zeinena da errua? Gauzak antolatzen dira, elkartzeko gogoa dugu; beraz, zergatik ez dugu egiten? Galderari erantzuna emateko, gure taldearen hainbat ezaugarri jakitea komeni da. Aezkoa ibarreko lagun talde bat gara, herri txiki batean gaztetatik elkartzen den taldea. Eta nongoak garen aipatzeak garrantzia du, horrek eragiten duelako dugun egoera, nire ustez.

Pirinioetan ez dago bizitzarik. Hilzorian dago. Pirinioetan ez dago bizitzeko aukerarik, ez dago gazteentzako erraztasunik. Hoberena Iruñera joatea da. Bertan bada lana, bizitza soziala egiteko aukera, badira zinema aretoak, milaka jatetxe, marka ezberdinetako dendak, liburutegi asko, kiroldegiak... Bai, horrela pentsatzen dugu. Zulo beltz batean bizi garela errepikatzen diogu geure buruari behin eta berriz. Egoera horrelakoa dela sinisten dugun arte. Nahi gabe askotan.

Baina ez da egia. Besteak beste, utzikeria instituzionalak eragin duen mitoa da. Pirinioetan bada bizitza, badira bizitzeko baliabideak, eta bada lanetik kanpo bizitzaren alderdi soziala garatzeko aukera ere. Egun hainbestetan errepikatzen den hitza da gakoa: ahalduntzea. Pirinioetako herritarrengandik sortu beharreko gauza da, ez baitira kanpotik etorriko gure egoera konpontzera. Guk erabaki beharko genuke nolako Pirinioak nahi ditugun, nolako garapen ekonomikoa nahi dugun. Gure zonaldean, esaterako, turismoa bultzatu izan da nagusiki, baina herritar guztiak ez dira horri esker bizi. Zein beste sektore bultzatu behar dugu? Nola?

Eremuaren garapenerako bestelako estrategia bat beharko genuke, eta hori sortzeko herritarren parte hartzea sustatu. Herritarrek osatzen baditugu Pirinioak. Indarrak batuz goragoko erakundeetan eragiteko aukera izanen dugu, urrunago iristeko aukera. Eta herritarren parte hartzetik sortutako estrategia batek, gainera, babes sozial zabala izango luke herrian.

Ahal dugun lasterren egin beharreko lana da, baina, nire ustez. Egoera ez baita batere ona. Behin eta berriz entzuten dugu Pirinioak jendez husten ari direla, eta hori egia da. Baina gauzak alda daitezke, egoerari buelta emateko saioa egin beharko genuke. Eta ez badugu asmatzen, beste zerbait probatu.

Baina oinarritik abiatu beharko genuke aldaketa. Gure pentsamenduetatik. Gure ingurura begiratu, eta urte hauetan guztietan Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko herritar askok sortu dituzten ekimenak aztertu. Horietatik ikasi. Argi dago bidea ez dela erraza izango. Baina nahi badugu, posible egingo dugu.

Aiba, Whatsappen mezu bat: "Zer egingo dugu asteburu honetan?".

Iritzia: Ez gara hain bestelakoak

Beren buruan, ondasun edo eskubideetan ekintza edo egoera baten ondorio kaltegarriak jasaten dituzten pertsonak dira biktimak. Nire familia, beraz, biktima da. Estatuaren biktima. Hala ere, kostatzen zait nire familia biktima gisa ikustea, neure burua...

iritzia: Nire bizilaguna

Bost eguneko oporraldia izan zuen nire bizilagunak duela hamabi urte. Espainia hegoaldera joan zen, autobusez, eta primerako egunak igaro zituen senideen etxean. Geroztik, baina, ez du besterik izan. Seme-alabak haren lehengusuak ezagutzera eraman zit...

Iritzia: Bidea gozatzeko dagoela diotenean

Gaur ortzirala. 48 ordu eta… Txisssspun! Txupinazorik ez, baina ospakizunaren hasieran egonen gara Baztanen, urte eta erdi lanean aritu ta gero behin eguna iritsita. Eta hau poza! Baina zutabe hau idazten ari naizen honetan, ez dakit zerk pozten nauen gehien: Oinez eguna izateak, Baztanen ospatzeak edo preseski egun hau behin iritsita jada gure "lana" bukatuko dela jakiteak.

Eta ez da gutiagorako ere... Ez naiz ni izan lanez lepo egon den hamarnaka horietarikoa, baina antolakuntza barnetik nola doan ikusi ahal izan dut, batzordeetako batean boluntario gisa parte hartu dudalako. Eta hortxe hitz gakoa: boluntarioak. Baztanen jende anitzek eskaini dio azken urte eta erdi hau era boluntarioan Oinez-i, egunero inurrien modura lan eta lan. Eta anitz izan gara lan horrek guztiak merezi ote duen pentsatu dugunak, helburuekin ados gaudenak baina bidea gozatzeko ere badela pentsatzen dugunak.

Badaude dudetan paratzen ez diren aferak, noski: euskararen alde egitea merezi du, Nafarroa Oinez bat ospatzea merezi du. Baina Oinez egunaz gain egiten diren bertze hamaika jarduera, ekitaldi, ateraldi, aldizkari, bideo, kontzertu, publizitate... Eta horiek ekartzen duten lan karga guztiak merezi du? Erantzun positiboa dute, dudarik ez, eta urrian Nafarroa Oinez eguna iritsiko dela gogorarazten digute urte guztian, baina zeren truke? Hori da galdera.

Jakin badakigu Oinez baten antolakuntzan gehien inplikatzen diren pertsonak, haurrez gain, andereño, maisu, ikasle ohi eta gurasoak direla, eta nik ikusi dudanarengatik, gogoz inplikatu ere. Baina ikusi dut baita bere familia bizitzari, egunerokotasunak dakarren lanari, etxetik kanpoko bakoitzaren betebeharrei nola urte eta erdiz Oinez-i eskainitako ordu guztiak ere sartu behar izan dituzten. Egunero-egunero, urte eta erdiz. Harritu nau nola hainbertze jende gai izan den hori dena emateko. Eta horrela daude, erreta. Eguna noiz pasako orduak kontatzen... Ilusioz egon beharko genukeenean, ezta?

Eta ez gaizki ulertu; ilusioa daukagu, nola ez! Duela 33 urte Baztanen ez genuela Nafarroa Oinez bat ospatzen. Urte anitz dira gure ikastola Nafarroan dauden gainontzeko ikastolekin elkarlanean dabilela; urte anitz, bertze herrietako ikastolen besta ospatzen dugula; urte anitz, urria ailegatuta beti harat eta honat ibiltzen daramatzagunak. Eta gaurgero zuek denak gurera etortzeko gogoz ginen!

Baina nik, bertze anitzek bezala, Oinez-en prestaketaren eredu hau ikastola komunitatearentzat onuragarria ote den galdetu diot neure buruari, eta ondokoekin anitzetan solastatu ere bai. Helburuak zeintzuk diren argi dut, ados nago, baina formak? Hausnarketa sakon baten beharra ikusten dut nik; fite iritsiko den hausnarketa, espero.

Baina bueno, penak kanpora! Bidea gozatu ezean, goza dezagun eguna! Erran bezala, lan handia egin dugu, ikastolak behar zaituzte, eta dena prest daukagu! Igandean zuen zain egonen gara! Gora Nafarroa Oinez! Gora Baztan Ikastola! Hamabortz, ama bat!

Iritzia: «Aske izan arte»

Irailaren 10ean hil zen. Hil zuten, erail. Bizitza lapurtu zioten, haurdun zegoela. El Salvadorren zebilen lanean, borrokan, FMLNko kideekin batera. Medikuntza ikasketak amaitu berri zituen, eta Gares txikitik itsasoa zeharkatzea erabaki zuen, utopiaren bidean zeuden beste batzuekin ere lan egiteko. Internazionalismoak eraman zuen haraino. Ezagutu zutenengan mirespena ikusten da hari buruz galderak egiten dizkiegunean.

1990ean hil zuten Begoña Garcia Arandigoien, Alba. Herri mugimenduak bizirik gorde du haren memoria herrian, Garesen. Udalak ere alaba kutun izendatu zuen, eta zubi berriaren azpian ditu berari eskainitako plaza, plaka eta murala. Haren omenez egin izan dira, halaber, Cómo no quererte, Alba! liburua eta La lluita a la motxilla dokumentala.

Bortizki bortxatu, torturatu eta hil zutenean batzuk jaio gabe geunden oraindik. Harritzen nau nolako lotura sortu dugun berarekiko, Alba zenarekiko. Pentsatzen dut geure ideia propioa garatzen joan garela, eta norberak Begoñaren irudi desberdina dugula. Ezin da ukatu herriaren oroimenean segituko duela urte luzez.

Hogeita bost urte bete ziren duela bi aste, eta omenaldia egin genion bere plazan. Emozioz betetako uneak izan ziren, eta bertan, Emakumeen Mundu Martxako ereitea egin genuen. Haren ondoan. Landatu genuen zuhaitza Begoñarekin haziko da. Izan ere, lurraren zati bat hura erail zuten tokitik bertatik ekarri zen.

Oroimenak egiten gaitu, memoria kolektiboak. Ezinbestekoa da geure genealogiak ezagutzea, nondik gatozen, zertarako egiten dugun egiten duguna, nora joan nahi dugun. Begoñak lagundu digu, pixka bat bada ere, bidea argitzen. Lagundu digu, eredu delako orain ere. Beste asko diren moduan. Begoñak beste mundu batekin egiten zuen amets, beste askok egiten dugun moduan.

Emakumea zen. Iruditzen zait bizirik egonen balitz geure arteko sareak fintzen, lotzen ibiliko zela. Uste dut hura ere feminismoaren harietan kiribildurik ibiliko zela. Astelehenean, irailaren 28an, Euskal Herrira etorriko den Emakumeen Mundu Martxaren antolaketan parte hartzen ibiliko litzateke, seguru nago. Bere herrian ibiliko zen egun hartan, batetik bestera.

Tafallatik joanen da martxaren karabana Garesera, astelehen eguerdian, 13:30ean. Eta ongietorria, nola ez, Begoñaren plazan eginen diogu, non bestela? Ezin da toki hoberik izan geure aldarrikapenak ozen entzun daitezen. Burujabetzaren bila goaz, eta askatasuna dugu helburu, guztiak libre izan arte. Elkartasuna eta internazionalismoa ardatz hartuta, martxan jarraituko dugu. Guregatik, eta baita zuregatik ere, Alba. Baita zuengatik guztiengatik ere.

Iritzia: “Euskaldun zintzoak”

Duela gutxi, lankide batekin hizketan ari nintzela, ergelkeria bat erran nuen. Tira, ezagutzen nauzuenok badakizue ergelkeria anitz erraten dudala minuturo eta, beraz, hori ez dela albiste. Baina adierazi nahi dut ergelkeria bat erran nuela eta berehalaxe ohartu nintzela haren izaera ergelaz.

Toki bateko zuzendariaz ari ginen hizketan eta solaskideak aipatu zuen nola bere langileak ez zeuden harekin batere gustura. Eta, hara non, zuzendariaren zintzotasuna agerian uzteko-edo, nik zera bota nuen: "Baina euskalduna da, ez?".

Badakit anai-arreba bizkaitar zein gipuzkoarrei Marteko kontua irudituko zaiela hauxe, baina orain arte, nire xalotasunean, pentsatu izan dut Nafarroa Garaiko euskaldun zapaldu guztiak pertsona onak eta zintzoak zirela. Gutarrak. Edo nitarrak, nahi baduzue. Hala, Nafarroan euskalduna izatea mundua ikusteko modu jakin batekin lotu izan dut beti. Baziren salbuespenak, noski; nik zer dakit, Begoña Sanzberro UPNkoa, adibidez; baina araua nahiko orokorra zela uste nuen.

Baina, horretan ere aldaketa gertatu da. Euskalerria irratiaren kolaboratzaileen erdiak erakundeetako boterea hartu duen honetan, Nafarroako Gobernua goi kargudun euskaldunez betetzen hasi da. Jakina, horrek berebiziko bulkada emanen dio zu eta biok orain partekatzen ari garen hizkuntza honen prestigioari. Baina bertze edozein esparrutako erabaki politikoei dagokienez, goi kargudun horiek euskal hiztunak izateak ez digu haiei buruzko batere pistarik ematen.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria bera, Parlamentukoa, hainbat kontseilari, hainbat zuzendari nagusi, hainbat kabinete buru, hainbat atalburu… Nor-nori-nork primeran jokatzeko gai dira —akaso, Nor-nork sistemarekin arazo handiagoa izanen dute—. Eta hala ere, ziur naiz nire gustukoak ez diren erabaki asko hartuko dituztela, edota nire gustukoak direnak hala-hola hartuko dituztela.

Alde batetik, arraroa egiten zaigu zuzenean edo zeharka ezagutzen dugun jendea munta handiko erabakiak hartzen ikustea. Baina, bertze aldetik, atsegina da FMko 91.4an entzun izan ditugunak orain botereguneen bozgorailuetatik entzutea. Horixe baita aldaketa. Eta hizkuntzaren normalizazioa.

Bustiko naiz. Geroa Bai eta EAJ gauza bera ez direla mantra moduan errepikatu duten horietakoa nauzue, jakin baitakit Uxue Barkosek gidatzen duen koalizioan badirela beren buruak ezkertiartzat dituzten pertsonak. Baina Geroa Bai gobernatzen hasi da eta, zoritxarrez, EAJren pentsamolde eta jokabide zenbait erakutsi ditu dagoeneko —bertzeak bertze, sozialistengana hurbiltzeko gogo etengabea eta EH Bildurekin elkarlanean ez aritzea—.

Euskaldunek Neguko Jauregia hartu dutelarik, ulertu dugu euskaldunak Nafarroan ez direla homogeneoak eta, areago, aurkakoak ere izan daitezkeela. Baina hetereogeneotasun horretan, benetan gauza tristea litzateke Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko lehiak aldaketaren gobernua ataka estuan jartzea. Nahiz eta euskaraz egin.

Iritzia: Urriak 11

Donibaneko azken jaiak". Halaxe erantzun zidan Miren Zabaleta presoaren senide batek Donibaneko bestetan erraldoi eta haur artean topatu eta familiakoaz galdetu niolarik.

Donibaneko azken jaiak. Azken sanferminak. Sanferminen osteko azken oporraldia. Leitzeko azken pestak. Azken sanfermin txikiak. Horiek guztiak kartzelan pasatu beharko ditu oraindik ere Zabaletak urriaren 11 ailegatu arte.

Urriaren 11n askatuko baitute Miren Zabaleta. Eta harekin batera aterako dira Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto. Aldiz, Bateragune auziko kartzelatu sonatuena, Arnaldo Otegi, 2016ko apirilean kaleratuko dute. Eta askatasun pertsonala berreskuratzen azkena Rafa Diez izanen da, 2017ko abuztu arte-edo egon beharko baitu espetxean.

Guri geuri gertatzen zaigu. Emakume bat hiltzen duenari, haur bat bortxatzen duenari, ustelkerietan aberastu denari… ezartzen dioten kartzela zigorra beti irudituko zaigu txikia, urte gutxikoa. Baina kartzela zapaldu duen inork kontatzen ahal dio, entzun nahi duenari, izugarrizko aldea dagoela 6 urteko kartzela zigorraren eta 7 urteko kartzela zigorraren artean; 365 egun baino anitzez handiagoko aldea bai, bederen.

Eta zer erranik ez kartzelan bidegabekeriak sartu baldin bazaitu.

Bidegabekeria erraldoi batek eraman baitzituen Bateraguneko bortzak espetxera -bertze makina bat euskal preso politikoren gisara, bide batez erranda-. Zorionez, nik baino izen gehiago duten askok eta askok salatu dute mundu osoan —Free Otegi, free them all-ren gisako kanpainen bidez— Bateragunekoak jasaten ari diren injustizia. Zoritxarrez, Espainiako estatuak entzungor egin die injustizia zuzentzeko eskaerei, eta, bere ankerkerian tematurik, kartzela zigor osoa betearaziko die bortzei.

Mendekua. Espainiako estatuak euskal preso politikoekiko darabilen jokabidea azaltzeko tenorean, mendeku gosea aipatu ohi da anitzetan. Bateragunekoen kasuan, baina, zer edo zer gehiago ere badago. Gerrazaletasuna dei genezakeen, akaso. Zein izen eman, bertzenaz, bakearen alde benetako lan eraginkorra egin duten bortz politikari hainbertze denboraz kartzelan izateari? Bada, horixe, gerrazaletasuna.

Eta, honaino ailegatuta, konturatu naiz hagitz hitz itsusiek bete dutela nire testutxo hau: kartzela, bidegabekeria, zigorra, ankerkeria, mendekua, gerrazaletasuna… Ziur naiz azken urteetan halako hitzek gogor jo izan dutela espetxe barnekoen zein kanpokoen buruetan. Baina ez zen nire asmoa kolpe horietan indar gehiago jartzea, kontrakoa baizik: ahal den heinean, elkartasun aletxo bat ekarriz, kolpe horiek arintzea.

Onerako zein txarrerako, denborak ez du etenik. Eta, oraingoan onerako, denbora geldiezin horrek tunelaren bukaera gerturatu die Bateraguneko bortzei eta haien familiei. Gibelean utziz Donibaneko azken jaiak, azken sanferminak, sanferminen osteko azken oporraldia, Leitzeko azken pestak, eta azken sanfermin txikiak. Hortxe baituzue, begien bistan, urriaren 11.

Iritzia: Usainaren memoria

Jaiotzeko momentutik bertatik bortz zentzumen eskuratzen ditugu: ikusmena, usaimena, ukimena, entzumena eta dastamena. Bizitza eta mundua hautemateko ezinbertzeko tresnak. Ez beti, noski. Zoritxarrez, nahi baino kasu gehiagotan horietakoren bat ez dabil behar bezala, edo ez digu nahi adina gaitasun ematen errealitatea den moduan geureganatzeko. Edo, bertzerik gabe, zuk modu batean hauteman dezakezu aurrean daukazuna, eta nik bertze batean.

Urrutiago joan gabe, hor dago soineko famatu haren adibidea. Askok zuria eta urre kolorekoa ikusten zuten, eta bertze askok, berriz, beltza eta urdina. Edo niri gustatzen zaidan ardoa nire ondokoari agian ez zaio gustatuko. Edo zure belarriak rockarekin dantzan jartzen diren moduan, nireek mina senti dezakete. Mila aukera daude. Zenbat buru hainbat aburu! Ongi dio esamoldeak.

Gainera, askotan ahantzi egiten dugu uneren batean gure bizitzaren zati izan den hori. Izan ezagutu berri dugun pertsona baten aurpegia, izan atzo jan genuen bisiguaren zaporea, edota gure atzeko kamioiak jotako bozinaren hotsa. Baina atzo gauean ohartu nintzen badagoela hain erraz ahazten ez dugun zerbait. Usaina. Momentu batek, txoko batek, xaboi batek… duen usaina.

Momentuan ez gara ohartzen, edo, bizitzak hainbertze usain dituenez, zuzenean ez dugu horretan erreparorik jartzen. Ohitu egiten gara. Egia da usain batzuk nabarmenagoak direla. Adibide bat jartzearren, nork ez du pentsatu noizbait ondoko etxean bazkari goxoren bat prestatzen ari direla guk oraindik tripa huts- hutsa dugun momentuan? Usain hori barruraino sartzen zaigu, eta norbaitekin baldin bagaude, erran ere erraten dugu: "Kontxo! Hor patata tortilla prestatzen ari dira". Gauza bera lagunen batek zure ingurukoren baten xaboi bera erabiltzen duenean: "Garnier erabiltzen duzu? Nire arrebak ere usain hori du ilean".

Baina atzo gauean ahaztuta neukala uste nuen usain bat berreskuratu nuen. Lanetik etxera itzuli eta nire gelan sartu nintzenean, usain berri bat sentitu nuen; bueno, ez zen berria. Baina nire etxean bai. Antza, amak gelako girotzailea aldatu zuen, eta ohartu gabe sekulako oroitzapenak ekarri zizkidan gogora. Dirurik batere gastatu gabe izugarrizko bidaia egin nuen. Zazpi urte egin nituen atzera, eta itsaso oso bat zeharkatu. 2008ko udan hilabete oso bat Kanadako Hamilton hirian pasatu nuen, eta han gauero-gauero ohean sartzean lurrin bera usaintzen nuen. Azkenean ohitu egin nintzen arte. Ohitu eta ahaztu. Atzo gauera arte.

Polita izan zen sentsazioa. Nostalgia pixka bat ere izan nuen garai zaharrak gogoratzean, baina polita izan zen. Eta, egia esateko, txundituta gelditu nintzen usaimenaren indarrarekin. Harrigarria da erabat ahaztuta neukan zerbaitek edo, bueno, ia existitu zenik ere ez nekien usain batek nola mugiarazi zidan gorputz osoa berriz usaindu nuenean. Une batez neure burua ingelesarekin ezin moldatuz irudikatu nuen. Egun osoa burua nekatzen ibili ondotik, gelan sartu eta neure buruarekin nola hasten nintzen euskaraz hitz egiten, nolabaiteko ihesbide moduan. Han, auskalo zenbat kilometrotara, duela 2.500 egun, ia ezagutzen ez nuen familia batekin… Eta guztia nire amak gelako usaina berritzea erabaki zuelako. Luze idatz nezake nire amak oharkabean lortzen dituen emaitza harrigarrien inguruan, baina oraingoz eskerrak ematearekin konformatuko naiz; jaiotzean eman zenidan usaimenari esker hain sentsazio itzelak oparitzeagatik. Eta gainontzekook, disfrutatu udaberriaz, eta usaindu bizitza! Ederra da eta!

Iritzia: Aritmetika ezinezkoa (2015)

Barkatuko didazue, irakurle estimatuok, baina duela lau urte berripaper honetantxe idatzi nuen artikulu baten egitura kalkatuko dut jarraian. Ordu hartan izkiriatu nuen ergelkeria are ergelagoa, eta beraz (ustez) interesgarriagoa, baita lau urte geroago. Hortaz, irudika maiatzaren 25a dela.

UPN (19), PSN (8), EH Bildu (8), GeBai (7), PP (3), Ezkerra (3), Podemos (1), Ciudadanos (1). Bada jendea Senda Viva basamortuko zoologikoa gustuko duena; eta Los Arcosko zirkuitu apenas bisitatua; eta Reyno Arena ireki gabea; eta loturarik gabeko AHTa; eta osasun etxea baztertu duen Fiteroko kuartela; eta eraikuntza enpresak neurriz kanpo aberasten dituzten autobiak eta Nafarroako Ubidea; eta Noaingo aireportu ezertarako handitua; eta Agoizko Udalaren zulo hondo gabea… Eta jende horrek guztiak UPNri eman dio botoa berriz, lotsa gabe. Hasiera batean etxean gelditu behar zuten, baina azken asteetan Esparza ikusi dute Nafarroak Nafarroa izateari uzteko nahi duten nafar ukatzaileei oihukatzen, errieta egiten, eta adoretu egin dira. Eta tropelka joan dira hauteslekuetara. Eta inertziaz, beraiekin batera eraman dituzte triste samar zebiltzan PSNko boto-emaileak.

Podemos (18), EH Bildu (11), UPN (8), PSN (5), GeBai (4), Ezkerra (2), PP (1), UpyD (1). Navarrometro inkesta fantastikoak iazko azaroan eman zituen emaitza zinez sinesgarriak errepikatu dituzte nafarrek txintxo-txintxo. Zaila zirudien, baina Laura Perezen lan taldearen koherentziak, argitasunak, lasaitasunak eta zehaztasunak nafar asko eta asko konbentzitu ditu. Eta aldaketaren zirimolak lagunduta, ezker abertzalea eta bertze batzuk biltzen dituen koalizioak abertzaletasunaren hegemoniari txukun eustea lortu du. Eta horren guztiaren usaina zutenez, UPNko boto-emaile fidelenak ere etxean gelditu dira, lotsatuta.

UPN (15), EH Bildu (9), Podemos (7), GeBai (7), PSN (5), PP (3), Ciudadanos (2), Ezkerra (2). Kostatu zaie, ederki kostatu ere. Baina, azkenean, botoa ematera joan diren nafar guztiek lotu dute akordioa boto banaketak parra egin dezan, eta beraz erregimenaren aldeko alderdiek 25 eserleku lor ditzaten eta erregimenarekin zerikusirik ez dutenek, bertze 25. Barreak ziurtatu nahi izan dituzte horrela. Eta bigarren itzuli bat. Edo nork daki, akaso hirugarren bat ere bai.

GeBai (13), UPN (12), Podemos (7), EH Bildu (6), PSN (6), PP (3), Ezkerra (2), Ciudadanos (1). Inkestek hobekien baloratu ohi duten politikaria, Uxue Barkosek, azkenean erdietsi du balorazio on hori boto uholde bilakatzea. Nafarroan eskela gehien saltzen dituzten egunkarien zerrendan bigarren sailkatua dagoen berripaperak eginiko lanak eman du fruiturik, eta Geroa Baik lasai asko eratu ahal izanen du aldaketarako gobernua, barnean PSN sartuta.

PP (17), PSN (15), Podemos (7), Ciudadanos (6), Ezkerra (2), UPN (1), EH Bildu (1), GeBai (1). Tele5 eta La Sexta telebistetako larunbat gauetako eztabaidek izan dute ondoriorik: Nafarroak Nafarroa izateari utzi dio.

OHARRA: Goiko zenbaki segida horiek guztiek ez dute batere oinarri zientifikorik (egunkarietan argitaratzen dituzten inkesta anitzen gisara, bide batez erranda).