Nafarroa

Gizarteak ikusi nahi ez duena

Gizarteak ikusi nahi ez duena

Edurne Elizondo

Gero eta urrunago; eta herritar gehienen egunerokotik at: inork ez ikusteko tokietan egoten dira espetxeak. Santa Luzia dermioko gainean da Iruñeko espetxea. 2012an mugitu zuten harat ordura arte hiri barruan egondako eraikina. 307 preso hartzen ditu orain: 277 gizon eta 30 emakume, Espainiako Gobernuaren 2019ko abenduko datuen arabera.

Kartzela handi eta berria dute presook, baina "desastre hutsa" da, Salhaketako kideek agerian utzi dutenez. Elkarretaratze bat egin dute Iruñean, Espainiako estatuan preso sozialek hasi duten txandakako gose grebarekin bat egin eta presoei elkartasuna adierazteko. Hiriburuko kartzelan ez da inor greba egiten ari, oraingoz, "baina bada zer salatu", Iruñeko protestan bat egin dutenek agerian utzi dutenez. Urtarriletik, adibidez, medikurik gabe dira.

Preso sozialek antolatzeko egin dituzten lehendabiziko urratsak ez dira oraingoak. Duela bi urte, Salhaketak antolatutako saioan, Copel: una historia de rebeldía y dignidad (Copel: errebeldia eta duintasun istorio bat) izenburuko dokumentala aurkeztu zuten Iruñean. 1976ko abenduan sortu zuten Copel; sufritzen zuten errepresioari eta kartzelako baldintza gogor eta bidegabeei aurre egiteko altxatzea eta borroka egitea erabaki zuten preso sozialek osatzen zuten. "Gure garaian baino okerrago daude espetxeak orain", erran zuten Copeleko kide izandako Fernando Alcatraz eta Daniel Ponte preso ohiek, Iruñeko emanaldi hartan.

Ordurako, martxan zen jada azken urteotan gora egin duen espetxe barruko mugimendua. "Dozenaka presok osatutako talde bat bada, gure bidetik aurrera egiteko urratsak egiten saiatzen ari dena", azaldu zuten Alcatrazek eta Pontek, Iruñean. Preso sozialak lehenago jarri ziren martxan, hain zuzen: "Beren eskubideak aldarrikatzeko lehenengo proposamena 2015ean egin zuten", gogoratu du Salhaketako June San Millanek, presoen borrokaren berri emateko antolatutako hitzaldian.

Otsailean, hiru txanda

Idazten zituzten gutunen bidez hasi ziren antolatzen preso sozialak, beren oinarrizko eskubideen alde. Lan horren ondorioz, 2018an egin zuten txandakako gose greba, lehen aldiz; bigarren kanpaina bat antolatu zuten 2019an: maiatzean eta ekainean lehenbizi, eta irailetik aurrera gero. Hil honen lehen bi asteetan, Erasmo San Pablo Tejedorrek (Alacant, Herrialde Katalanak) eta Mohamed Achrafek (Pontevedra, Galizia) egin dute gose greba. Atzo, berriz, Vicente Jose Fernandez Belenek (Zaragoza, Espainia) hasi zuen bere txanda, hilaren 29ra bitarte.

Salhaketako kideek uste dute Copelen inguruko dokumentalak balio izan duela "kontzientziak astintzeko". Batez ere, espetxeko hormen kanpoko aldean diren herritarrenak. Halere,onartu dute gizarteari oro har ez zaiola interesatzen zer gertatzen den kartzeletan. Errealitate hori da aldatu nahi dutena, hain zuzen, espetxe barruan presoek beren eskubideen alde hasi duten borrokari bozgorailu bat eskainiz.

Iruñean ere, Salhaketan ari direnek presoen ondoan egiten dute lan. Azken hilabeteotan, batez ere osasun arreta jarri nahi izan dute fokupean, esparru horretan "hobetzeko anitz" badelako. "Egoerak hobera egin dezan behar da, lehenik eta behin, espetxeko osasun eskumenak Nafarroako Gobernuaren esku uztea", azaldu dute.

2003koa da espetxeko osasun eskumenak erkidegoen esku utzi nahi zituen Espainiako Kongresuko legea, baina orain arte Kataluniak eta EAEk baino ez dituzte beren gain hartu eskumen horiek.

Salhaketak harago joan nahi du, eta 2017an jada Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuen Nafarroako Foru Erkidegoak bere gain hartzea espetxe eskumenak, bultzada baten beharra izenburuko txostena. Osasunaren arloan egoera "larria" da. Iruñeko espetxeari hiru mediku dagozkio, baina bakar bat ere ez da aritu azken asteotan, batek erretiroa hartu eta bere tokia ez delako bete, eta bertze biek gaixo-agiria hartu dutelako eta ordezkorik ez dietelako jarri.

Gaur egun, presoek jasotzen duten osasun arreta Espainiako Espetxe Erakundeen esku dago; borrokan diren preso sozialen eta Salhaketaren gisako babes elkarteen asmoa da osasun zerbitzuek hartzea ardura hori beren gain. "Iruñeko espetxearen kasuan, Nafarroako Gobernuaren langileak izan daitezela kartzelako medikuak eta erizainak, alegia".

"Okerrera"

Osasun arretarekin lotutakoa ez da Iruñeko espetxean preso diren pertsonek duten arazo bakarra, eta Salhaketa ere ez da egoera hori salatu eta mahai gainean jarri nahi izan duen erakunde bakarra. 2017an, Iruñeko kartzelako presoekin lan egiten duten Juantxo Castiella psikologo klinikoak eta Sare elkarteko arduradun Julia Munarrizek zurian beltz jarri zituzten espetxe barruan aldatu beharrekoak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian.

Sarek GIBaren eta hiesaren inguruko lana egiten du, eta 1992. urtetik ari da Iruñeko espetxeko presoekin. Kartzela berrian, "gauza on bakarra" ziegak direla uste du Munarrizek. "Gainerako guztiak ez du inolako zentzurik. Espetxe politikek okerrera egin dute azken 25 urteotan; eskumenak izateak ere ez du arazoa konponduko, segurtasunaren esparruan esku hartzen ez bada: hau da, preso batek espezialistarengana joan behar badu, garaiz jakin behar du, familiak jakin dezan. Segurtasunari ematen zaio lehentasuna, gizatasunaren gainetik".

Castiellak droga eta alkohol menpekotasuna duten presoekin egiten du lan espetxean. Ez da lan erraza, hasteko, eraikin handia izan arren ez dituelako azpiegitura egokiak. "Profesionalok presoak artatzeko bulegorik ez dago moduluetan; egitura ez da batere egokia. Presoak anitzez ere bakartuago daude, eta ikastaroak eta tailerrak egiteko zailtasunak ere handiak dira. Modulu anitz bada, baina baliabideak eskasak dira, ordea".

Droga eta alkohol menpekotasuna dutenentzako programan 110 pertsona artatu zituzten 2011. urtean. Hori izan zen Iruñeko espetxe zaharrean egindako azkena. 2016an, berriz, jada kartzela berrian, 148 artatu zituzten.

Castiellak Nafarroako Parlamentuan azaldutako datuen arabera, lapurretekin eta osasun publikoaren kontrako delituekin lotutako auziengatik daude preso Iruñeko espetxean diren gehienak. "Hurrengo delitu nagusiak lirateke genero indarkeriarekin eta bideko segurtasunarekin lotutakoak. Azken garaiko joera da hori".

Menpekotasunen programak artatutako presoen %90ek ez dute batxilergoa bukatu, eta lanik edo gizarte laguntzarik ez zuten espetxean sartu zituztenean. Zigorra beteta ateratzen direnean ere, babes sarerik ezak anitz zailtzen die aurrera egin ahal izatea.

Zuzendariarekin bilera

"Nire helburua da presoen egoera hobetzea". Horixe erran du Nafarroako Gobernuko Justizia zuzendari nagusi Rafael Sainz de Rozasek, hil honetan, Iruñeko espetxeko zuzendari Enrique Sotorekin bilera egin eta gero. Sainz de Rozasek argi du hori lortzeko "funtsezkoa" dela Nafarroak espetxe arloko eskumenak bere gain hartzea. Ez du gehiago zehaztu medikurik ezak sortutako egoerari konponbide bat emateko gobernuak zertan lagun dezakeen, adibidez.

Espetxea eta hiria lotzeko garraio arazoei aurre egiteko taxi zerbitzua jarri zuten Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak, 2018an, baina Salhaketako kideek nabarmendu dute egindako urratsa ez dela "nahikoa ". Emakumeen egoerak ere konpondu gabe jarraitzen duela erantsi dute: "Errespetu moduluan daude; ustez borondatezkoa da modulu horietan egotea, baina, Iruñean, sakabanaketa da alternatiba bakarra".

Espetxeak behar ditu alternatibak. Hori argi dute Salhaketako kideek. "Hezkuntza jarri behar dugu erdigunean, eta gatazkak konpontzeko bertzelako bideak bultzatu; bitartekaritzaren eta gisakoen alde egin behar dugu, espetxea bezalako zigor sistema bat bultzatu ordez". Sare elkarteko Julia Munarrizek argi erran zuen 2017an parlamentuan egindako agerraldian: "Espetxeak bakarrik dira sistemari traba egiten diotenentzat". Beren protestarekin, presoek egin dute orain gizartea astintzeko urratsa.

Bide gogorra, urrats irmoak

Bide gogorra, urrats irmoak

Edurne Elizondo

Hemen gaude. Bidea hasi genuenean, nekez pentsatzen ahal genuen gaurkoaren gisako jardunaldi bat eginen genukeela; gauza handia da guretzat". Mezu hori nabarmendu zuten Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkarteko kideek, duela astebete, Iruñean egindako saioan. Zentro erlijiosoak eta pederastia izenburupean, egun osoko jardunaldi bat prestatu zuten, auziari hainbat arlotatik heltzeko eta, batez ere, argi uzteko hasi duten bidean ez dutela atzera eginen. Hamarkada luzez barneratutako isiltasuna hautsi dute, eta ez dute inolako asmorik berriz isilik gelditzeko.

"Egun intentsoa izan da". Elkarteko kide anitzek errepikatu zuten esaldi hori, joan den ostiraleko azken mahai ingurua amaitu eta gero. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera antolatu zuten jardunaldia, eta, lehen zatian, hain zuzen, unibertsitatearen esparruko hainbat adituk hartu zuten hitza, Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilari Eduardo Santosek saioa zabaltzeko hitzaldia egin eta gero. Arratsaldez, Nafarroako hainbat ikastetxe erlijiosotan sexu abusuak sufritu dituztenen bozgorailu izan diren kazetariek egin zuten lehen mahai ingurua; eta azkenekoan, abusu horiek sufritu eta salatu dituztenek hartu zuten hitza. Azkena, eta gogorrena. Elkarteko kideek babesa eman zioten elkarri, une oro; hitzak ateratzen ez zitzaizkienean ere, lortu zuten beren mezua mahai gainean jartzea. "Ez dadila berriz gertatu; ez diezaiotela bertze inori egin".

Nafarroan, azken hilabeteotan egin du eztanda herrialdeko hainbat ikastetxe erlijiosotan gertatutako sexu abusuen auziak. Jose Luisek irrati kate batean egindako salaketa izan zen abiapuntua, dena martxan jarri zuen urratsa, duela orain urtebete. Egun hartan, Jose Luisek jendaurrean eman zuen bere buruaz bertze egin zuen anaiak utzitako gutunaren berri. Garesko Erreparaziokoetan izan ziren biak, eta biek sufritu zituzten sexu abusuak. Inoiz ez zioten elkarri deus erran, ordea. Jose Luisen anaiak bere gutunaren bidez apurtu zuen ordura arteko isiltasuna. Eta idatzitako hitzen bidez, bidea markatu zion Jose Luisi: "Gutunarekin zer egin jakinen nuela idatzi zidan. Argi ikusi nuen kontatu behar nuela, salatu".

Abusuen arrastoa

Jose Luisen ondotik, apaizen sexu abusuak sufritutako bertze hainbatek egin zuten salatzeko eta kontatzeko urratsa. Haietako bat izan zen Jesus Zudaire, elkarteko presidentea. Jose Luisi besotik heldu zion ostiraleko saioan, lagunak behera egin zuen bakoitzean. Hitza hartu zuenean, baina, ustez hotza zen hizkera bat erabili zuen. Berrogeita hamar urtez isilpean gordetakoa azaldu zuen: Lizarrako El Puy ikastetxean sufritutako abusuak. "Gaizki nago; amorruak hartzen nau, baina ezin dut negarrik egin. Ezin dut negarrik egin. Hori da sufritutako abusuek utzi didaten arrastoa. Duela hemezortzi urte gelditu nintzen alargun... Ezta malko bat ere".

Koldori kosta egin zitzaion ostiralean malkoei eustea. Aretoan bat egin zuten herritarren aurrean agertu zen, baina ezin izan zuen sufritutako abusuen berri eman. "Badakit hitz egiten badut berriz ere erabat jota geldituko naizela; ezin dut".

Mikel eta Patxi dira elkarteko bertze bi kide. Entzuleen artean eseri ziren ostiralean, eta handik hartu zuten hitza. Jose Luisek egindako urratsak bertze anitzi eman die sufritutako abusuak salatzeko indarra. Ez dute bide erraza izan, elkarteak Eliza izan baitu aurrean, martxan jarri zenetik. Ez da abusuak sufritu dituztenen ondoan agertu. Jose Luisek ostiralean gogoratu zuen bilera bat egin zuela Iruñeko artzapezpiku Francisco Perezekin, anaiaren gutuna irakurri eta gero, eta abusuak salatu baino lehen. "Gutuna gordeko zuela erran zidan; proba desagerrarazi bertzerik ez zuen nahi".

Elkarteko kideek ostiraleko jardunaldian parte hartzera deitu zuten Iruñeko artzapezpikua. Francisco Perezek uko egin zion eskaerari, ordea. "Artzapezpikutzak gure salaketen berri jaso zuenean egin zuen lehendabiziko gauza zera izan zen, ukatzea abusuak egin zituzten zentro horien ardurarik", nabarmendu zuen Marcos Leiunek.

Espainiako Estatuko Elizako agintarien jarrera ere salatu zuten Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkarteko kideek, Iruñean egindako saioan. Nabarmendu zuten aita santuak agindutakoaren kontrako bidea egiten ari direla, hain zuzen ere. Horren adibide aipatu zuten Iruñeko Artzapezpikutzak hartutako azken erabakia: batzorde bat osatu du, adingabeak eta egoera zaurgarrian diren pertsonak babesteko. "Aita santuak zehazki eskatu du apaizen sexu abusuak sufritu dituztenei so egiteko; baina hemen ez dute hori egin. Abusuak sufritu dituztenak artatzeko batzorde bat osatu dute, ikastetxe erlijiosoak aipatu gabe ere", salatu zuen Leiunek.

"Etsigarritzat" jo zuten Elizak orain arte bete duen rola. Nabarmendu zuten elkarteak "urrats anitz" egin dituela, halere, eta "ontzat" eman zuten orain arte egindako bidea. Joan den asteko jardunaldia izan da elkarteak antolatutako azken ekinaldia, baina aurretik lortu du auzia Nafarroako Parlamentura eramatea. Han azaldu dituzte zentro erlijiosoetako ikasle ohiek hainbat urtez sufritutako sexu abusuak. Parlamentuak erabaki du, hain zuzen ere, ikerketa batzordea jarriko duela martxan. Elkarteko kideek "kontent" hartu dute urrats hori. Bide gogorra dute aurrean, baina irmo ari dira urratsak egiten.

Zientzia hobea behar baita

Zientzia hobea behar baita

Edurne Elizondo

Gizarte osoari egiten diolako mesede: horregatik aldarrikatu dute, Iruñeko Planetarioan egindako jardunaldian, emakumeek zientzian egon behar dutela. Erakunde horrek antolatu du saioa, Nafarroako Gobernuarekin batera. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Berrikuntzako zuzendari nagusi Agurtzane Martinez izan da parte hartu duten hizlarietako bat, hain zuzen, eta nabarmendu du, 2018tik, Zientziaren eta Teknologiaren Foru Legeak ere behartzen dituela erakundeak emakumeak zientziaren bidean jartzeko estrategiak bultzatzera. Martinezek ez du zalantzarik: "Gizarteak ezin du emakumeen talentua bazter utzi".

Planetarioan bat egin duten gainerako hizlariek mezu bera nabarmendu dute: emakumerik gabe ez dela zientzia onik, alegia. Hankamotz gelditzen baita emakumeen ikuspuntuak kontuan hartzen ez dituen zientzia; bai eta emakumeentzat ari ez den zientzia ere.

Adibide bat aipatu du Gurutze Perezek, NUPeko Emakumea eta Zientzia Katedrako zuzendariak: " 1,75 garai diren eta 70 kilo pisatzen duten panpinekin egin izan dituzte autoetako segurtasun uhalak probatzeko saioak; ondorioz, istripuetan emakumeak larriago zauritzen ohi dira".

Emakume eta Neskato Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11, 2015. urtetik. Aitzakia hori baliatu dute Iruñeko Planetarioko jardunaldia egiteko. Gisa horretako ekinaldiak eta arreta emakumeengan jartzeko egun bat behar direla uste dute parte hartu duten profesionalek. "Zoritxarrez, lan handia dugu egiteko, oraindik ere. Datuak etsigarriak dira".

Horixe erran du Agurtzane Martinezek. Eta mahai gainean jarri ditu datu horietako hainbat: neskatoen %7k baino ez dute uste zientzialari izan daitezkeela; Nafarroan, nesken %9-12 ari dira zientzia eta teknologia batxilergoan; Nafarroako Unibertsitate Publikoan, batez bertze, ikasleen %20 dira ingeniaritzetan ari diren emakumeak.

Azken datu hori zehaztu du Perezek: "Informatikan, %10 ere ez dira, eta antzekoa da egoera telekomunikazioetan eta mekanikan. Ingeniaritza biomedikoan, berriz, ikasleen %70 dira emakumeak. Joera aldatzen da zaintzarekin lotzen delako ingeniaritza hori".

Emakumeen parte hartze eskasa islatzen duten zenbaki hutsez harago doa egungo egoerak behar duen aldaketa; hori uste du ADItech fundazioko proiektuen kudeatzaile Maruxa Aranak. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu bat da ADItech, eta NUPeko Arrosadiko campusean du egoitza. Aranak nabarmendu du Nazio Batuen Erakundea urratsak egiten ari dela zientzia giza eskubidetzat jotzeko bidean, eta artikuluetako batean jaso duela ezinbertzekoa dela emakumeak zientziara batzea, eta, aldi berean, zientzia emakumeentzat egitea. "Zientziak emakumeon berezitasunak kontuan hartu behar dituela erran du NBEk; hori gertatzen da zientziarentzat gizaki estandarra gizona delako, oraindik ere". Medikuntzaren arloan egoera hori agerian uzten duten adibide anitz badirela erantsi du Gurutze Perezek: "Ikerketa bat egin dute 700 gaixotasunaren inguruan, eta haietako 699tan emakumeek diagnostiko berantiarra jasotzen dute. Osteoporosiaren kasua da salbuespena".

Gazteenekin lanean

Karmele Gomezen lanaren helburua da emakumeek utz diezaiotela zientzian salbuespena izateari. Planetarioa du lantoki, baina ez da zientzialari. Horixe argitu nahi izan du, lehenik eta behin, eta kontatu du planetarioan hasi zenean "lotsatu" egiten zutela Publizitateko bere ikasketek.

Laster utzi zituen lotsa eta beldurrak bazter, eta zientziaz gozatzen hasi zen. "Ematen zuen letretakoa izanda ezin zitzaidala zientzia gustatu. Nerabeak garenean zer ikasi hautatu behar dugu, eta ematen du arlo bat aukeratzeak bertzea bazter uzten duela, halabeharrez. Baina ez da egia", nabarmendu du.

STEM Planeta izeneko programako koordinatzailea da Gomez planetarioan. Haur eta gaztetxoekin aritzen da, zientziarako zaletasuna pizteko asmoz. Saioan aritu diren gainerako profesionalek bezala, Gomezek ere argi du lan handia dagoela egiteko oraindik ere. "Antolatzen ditugun tailerretan izena ematen dutenen artean mutikoak dira nagusi".

Urratsez urrats egin behar da aurrera, Gomezen hitzetan. Gakoetako bat da, haren ustez, egungo haurrentzat erreferente izan daitezkeen emakume zientzialarien berri ematea. Horretan ari da Maria Beunza, hain zuzen. Enpresa ikasketak egin zituen, baina bertze bat du lan arloa: Innovactoras izeneko ekinaldiaren bultzatzaile da. Zientziaren esparruko emakumeen berri emateko bi liburu argitaratu dituzte jada, eta aurten sari bat emanen dute. Lana badela argi du Beunzak ere. Horregatik ari da; ari dira.

Iritzia: Haurrentzako zenbakiak

Iritzia: Haurrentzako zenbakiak

Naiara Elola
Zaila. Sarritan oso zaila izaten da familia eta lana uztartzea. Hil bukaerarako sosa iritsiko bada, lana egitea ezinbestekoa da, nahi edo nahi ez. Harreman sareaz gain, kontziliazioa gauzatzerakoan haur eskolak zerbitzu zinez eraginkorra d...

Ongi zahartzeko erronkak

Ongi zahartzeko erronkak

Edurne Elizondo

Zaharrek nahi dute eragiten jarraitu; eta erabakitzen, ahal duten neurrian. Horregatik egin du jardunaldi bat Zaharrak Krisiaren Aurrean plataformak, Iruñean. Zaharrek mahai gainean jarri dituzte beren kezkak eta proposamenak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Francesekin egindako saioan. Autonomiari eusteko estrategiak eskatu dituzte, eta mendekotasuna kudeatzeko baliabideak.

Francesek sistema egokitzeko beharra onartu du, lehenik eta behin, eta helburu nagusitzat jo du zerbitzuak pertsonen beharretara moldatu ahal izatea. Helburu hori betetzea ez dela erraza argi du Francesek. Hau da, gauza bat dela pertsona erdigunean jarri eta bere beharren araberako arreta malgutasunez eskaini nahi izatea, eta bertze bat hori egin ahal izateko baliabideak eta aukerak eskura izatea.

"Dirua anitzetan da deus ez egiteko aitzakia; diru hori non jarri da kontua, ordea, lehentasunak ezartzea". Mezu hori nabarmendu du Kondestablearen jauregian egindako jardunaldian parte hartu duen zahar batek baino gehiagok, hain zuzen. Espainiako Kongresuak 2006. urtean onartutako Mendekotasun Legea jarri dute plataformako kideek, zehazki, mahai gainean. "Gizarte ongizatearen estatuko laugarren oinarritzat jo zuten onartu zutenean, baina 2008ko krisiak jo eta gero, erabat desitxuratu arte hustu dute edukiz", nabarmendu dute saioko antolatzaileek.

Mendekotasun Legea jorratu dute jardunaldian, eta datu argigarri batzuk aipatuz hasi du Ines Francesek bere solasaldia: Nafarroan, administrazioak ezarritako irizpideen arabera, mendekotasuna duten ia 16.000 pertsona daude. Kopuruak gora egin du, 2015. urtetik mendekotasun moderatua dutenak ere kontuan hartzen dituztelako. "Aurretik, ez zuten prestazioak jasotzeko eskubiderik", zehaztu du Francesek. Mendekotasuna dutenen %80k dituzte 65 urte baino gehiago. Legeak, beraz, zuzenean eragiten die.

Malgutasunak duen garrantzia berretsi du Ines Francesek, eta mendekotasuna dutenak artatzeko sistema osoa baldintzatzen duen auzi bat jarri du mahai gainean: "Laguntzak banatzen dira mendekotasun mailaren arabera; ez, ordea, mendekotasuna duen pertsonaren benetako beharren arabera. Bi pertsonak mendekotasun maila bera izan dezakete, baina hagitz behar ezberdinak", azaldu du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako arduradunak. "Egoera horrek disfuntzioak sortzen ditu zerbitzuak arautzeko orduan", erantsi du.

Mendekotasun handia duten bi pertsona jarri ditu Francesek adibide: etxean bakarrik baina ondoan duen familiak babestuta bizi daiteke bat, eta, bertzea, berriz, zahar etxe batean.

Hitzartutako 2.100 toki

Zahar etxeak aipatu ditu Francesek, eta zahar etxeak aipatu dituzte jardunaldiarekin bat egin duten zaharrek ere. Entzule baten galdera jaso du Francesek: "Ez al da hobe Nafarroako Gobernuak zahar etxeak eraikitzeko erabiltzea bere dirua, enpresa pribatuekin hitzarmenak egiteko bainoago?". Eta ezetz erantzun du Francesek: "80-120 toki dituen zahar etxe baten egoitza eraikitzeko zortzi milioi euroren inbertsioa behar dugu; diru horrekin toki anitz lor ditzakegu zahar etxe pribatuekin hitzarmenak sinatuz". Gaur egun, Nafarroako Gobernuak 2.100 toki ditu hitzartuta zentro pribatuetan, eta bertze 241 toki ditu egoitza publikoetan. 3.000 inguru behar ditu, halere.

Zahar etxera joateko unea ahalik eta gehiena atzeratzea ere hartu du xede Francesek, eta zaharrek bat egin dute. Gehienek argi utzi dute etxean gelditu nahi dutela. Horretarako, zahartze aktiborako estrategiek duten garrantzia jarri du Francesek mahai gainean. Zaharrak etxean artatzeko sistemak betetzen duen rola ere aipatu du. Udalen esku dago zerbitzu horren kudeaketa, baina Francesek argi du tokiko entitate horiekin lan egitea premiazkoa dela zerbitzua berrantolatzeko, udalen arteko ekitateari eusteko, eta malgutasuna bultzatzeko. "Zerbitzua beharrezkoa da arratsaldez eta asteburuetan ere, baina, gaur egun, hori egitea ez da bideragarria. Behar den malgutasuna lortzeko bideak pentsatu behar ditugu", erran du.

Zaharrak Krisiaren Aurrean plataformako kideek ere eskatu diote malgutasuna sistemari, pertsonen beharretara egokitzeko asmoa egia bilaka dadin. Baliabideak eskatu dituzte, zaharren zaintza lehentasun bilaka dezatela, eta herritar guztiak artatzeko moduak martxan jar ditzatela. Ildo horretan, zahar etxeetan eta eguneko zentroetan hitzartutako toki gehiago eskatu dituzte, eta erabiltzaileek ordaindu beharrekoa errentaren arabera zehaztea. Zaharrak artatzen dituzten profesionalen lan baldintzekin ere badute kezka plataformako taldeek, eta lan hitzarmen duinak eskatu dituzte. Bertzelako bideak jorratzeko beharra badela ere argi dute, eta bertzelako etxebizitza ereduen inguruko gogoeta eskatu dute, bertzeak bertze.

Ikerketa martxan

Bertzelako bide horien inguruko gogoeta eta lanketa egiteko beharrezkoa da testuinguruaren berri jasotzea. Horretan ari dira Nafarroako Gurutze Gorria eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa, hain zuzen, zahar anitzen errealitate bilakatu den esparru zehatz batean: bakardadearena, alegia. Martxan jarri dute "aitzindaria" den ikerketa bat, 65 urte baino gehiago dituzten eta bakarrik bizi diren pertsonen artean, inkesta baten eta elkarrizketen bidez bakardadea nola bizi duten jakiteko.

Herrialdean, 64 urte baino gehiagoko 24.000 pertsona inguru bizi dira bakarrik, Nafarroako Estatistika Institutuko datuen arabera. Pertsona horiengana ailegatu nahi dute NUPeko ikertzaileek. Lucia Martinez Virto soziologia irakaslea da ikerlarion zuzendari. Gizarte langilea ere bada, eta zuzenean aritu da zaharrekin, denbora luzez.

Martinez Virtok argi utzi nahi izan du bakarrik bizitzeak ez duela erran nahi pertsona batek bakardadea sentitzea. "Zahar etxe batean jendeak inguratuta bizi dena ere sentitzen ahal da bakarrik", zehaztu du. NUPeko kideek helburu hartu dute 370 inkesta egitea. Lanean hasi dira jada.

Martinez Virtok argi du sistemak zaharren ongizatea hartu behar duela helburu bere politikak zehazterakoan. Hori lortzeko, baina, baliabide publikoak ez direla nahikoak ere garbi du. "Ez dira, eta ez dira izanen". Administrazioarekin batera, orain arte bigarren mailako rol bat izan duten bertze aktore batzuek "indar handiagoa" hartu beharko luketela uste du ikerlariak. Hitz bakar baten bidez azaldu du zein izan beharko lukeen bideak: "Komunitatea".

Martinez Virtok nabarmendu du gizarteko belaunaldi ezberdinen arteko hitzarmen bat behar dela zaintza lanei eutsi ahal izateko. "Sareak osatzeko gai izan behar dugu, zaintza prozesu horretan parte har dezaten komunitateak, familiek eta zerbitzu publikoek. Belaunaldi artekoa eta departamentu artekoa behar du izan hitzarmenak, osasunaren arloa eta arlo soziala elkar elikatzen baitira".

Adibide bat aipatu du Martinez Virtok komunitateak duen garrantzia eta bete beharko lukeen rol nabarmenagoa azaltzeko: Iruñeko Donibane auzoko zaharren aldeko hitzarmena, hain zuzen. "Hitzarmen hori hagitz garrantzitsua da; gisa horretako sareak bultzatzen ahalegindu beharko genuke".

2018. urtean sinatu zuten Donibaneko akordio hori. Auzoko osasun etxeak bultzatu zuen, eta eragile anitzek egin dute bat, zahartze osasungarri baten aldeko konpromisoa hartuz. Sinatzaileen artean dira, bertzeak bertze, zaharren elkarteak, bizilagunen elkarteak, botikak, kirol elkarteak eta auzoko denden elkartea. Komunitatea eragile aktibo bilakatu dute, zaharren egunerokoan duintasunaren eta kalitatearen aldeko konpromisoa bultzatuz. "Adibide bat dira".

Etorkizuna erein nahi duten haziak

Etorkizuna erein nahi duten haziak

Uxue Rey Gorraiz

Mendiko botak oinetan eta aitzurra eskuan, ehunka lagun bildu ziren joan den larunbatean, Ezkaba mendian gora egin eta bertan ezkurrak ereiteko. Landaretza askorik gabeko guneak basoberritzeko deialdi bat egin zuen Basoberri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzaz. Hirurehun boluntario inguru aritu ziren lanean, eta hiru mila ezkur baino gehiago erein zituzten denen artean, gerora haritzak eta arteak haz daitezen.

Hala, Basoberri elkarteko kideek beren aletxoa jarri dute Nafarroan, Espainiako estatuan abian den egitasmoan; ezkurrak ereiteko La gran bellotada ibérica (Ezkurkada iberiar handia) izeneko erronkari heldu diote, hain zuzen. Anbizio handiko helburuak ezarri dira bertatik: epe luzera, estatuan 25 milioi ezkur ereitea dute xede. Oraingoz, hiru milioira iritsi dira. Presarik ez da oraindik hori erdiesteko, baina ari dira pixkanaka: Nafarroan, Faltzesen eta Orba ibarrean ere egin dituzte halako ateraldiak, Ezkabako ereinaldiaren aurretik.

Mikel Baztan Basoberri elkarteko kidea da, eta koordinazio lanetan aritzen da horrelako ekintzak antolatzeko: bai ezkurrak ereiteko, baita aurretik haziak biltzera joateko ere. Joan den larunbateko ekinaldiaren gisakoek helburu anitz dituzte, bere esanetan: "Gure ekosistemak berritzeko balio du, iraungo dutela ziurtatzeko".

Ezkurrak ereinda, hariztiak eta artadiak sortu nahi izan dituzte Ezkaban, horiek baitira, adituek diotenez, eremura hobekien moldatuko direnak. "Inguruan dagoen landaretza nolakoa zen aztertzen dugu lehenbizi, arrotzak diren espezieak ekartzeak ez lukeelako inolako zentzurik", azaldu du Mikel Baztanek.

Ezkurretik datozen espezieak "oso esker onekoak" direla aipatu du, gainera, ereindakoan ez baitute lan handirik behar. "Pazientzia eskatzen du, motel hazten baitira, baina merezi dute erabat", esan du.

Urteak beharko dira emaitzaz gozatu ahal izateko, baina harizti eta artadi mardulen gerizpeak izanen dira orduan nagusi orain soildurik dauden Ezkaba mendiko gune horietan. Hala ere, Basoberri elkarteak mehatxuei ere erreparatu die ereitea antolatzeko garaian. Izan ere, baliteke ekosistema horretan bizi diren animaliek jatea ezkur horiek, eta neurriak hartu dituzte bermatzeko hori gertatuta ere arbolak haziko direla: zulo bakoitzeko, hiru ezkur sartu dituzte.

Dena dela, Baztanek argitu du ekosistemak "arbolak baino askoz gehiago" direla, eta zuhaixken eta soroen garrantzia nabarmendu du. "Mosaikoak eratzen saiatzen gara, nolabait, denak direlako inportanteak. Laharrak ere landatzen ditugu, eta elorriak, orkideak…", gehitu du. Izan ere, bioaniztasuna bultzatzea eta babestea da Basoberri elkartearen helburuetako bat.

Hiru urte dira elkartea eratu zela. Ez zen ezerezetik sortu, ordea; izatez, Ezkaba mendian bertan egindako beste jarduera batetik jaio zen taldea ofizialki sortzeko erabakia. "Ezkurrak ereiteko deialdia egin genuen hartan ere, eta ehun bat lagun bildu ginen. Hain harrera ona zuela ikusita, proiektu gehiago aurrera eramateko aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen". Garai hartan, Mikel Baztan Iruñeko Udalarentzat ari zen lanean. Taldea sortu denetik, hainbat eta hainbat ateraldi antolatu dituzte Nafarroan, eta sare sozialak baliatuta animatzen dute jendea parte hartzera. "Denbora honetan, elkartea osatu aurretik bakarka edo talde txikitan aritzen zen jende asko ezagutu dugu, eta bat egin dugu, helburu bera genuela ikusirik". Sare bat osatu dute, eta, jarduera bakoitzean parte hartzen dutenen kopurua oso finkoa ez bada ere, eragitea lortzen dute beren xumean.

Datorrenari aurrea

Tamalez, dagoeneko ez dago erlojuari aurrea hartu beharrik klima aldaketak zer eragin izango dituen jakiteko. Inguruko mendietan eta basoetan antzematen hasiak dira lehen ondorioak bederen; batez besteko tenperaturak gora egin izanak, oraindik gutxi izanagatik ere, zabaltzen laguntzen die landareen plaga eta gaixotasunei. Halaxe azaldu du Baztanek: "Pinu beldarrak, esaterako, edonon daude orain. Lehenago ez ziren eremu altuetara iristen". Horrelakoak, gainera, datorrenaren lehen zantzuak baino ez dira, haren ustean.

Ikerlariek argitaratutako aurreikuspenak "benetan beldurgarriak" direla dio, eta zeharo itxuralda daitezkeela Nafarroako basoak. "Kontuak hala jarraitzen badu, pagadiak desagertzeko zorian egon daitezke hemendik hogei edo hogeita hamar urtera, eta gauza bera gertatuko zaie hariztiei, edota mendi altuetako landaretza osoari ere".

Ondorio lazgarri horiek saihesteko lanean jardun beharra nabarmendu du Baztanek. Horretarako, nork bere eguneroko ohiturei erreparatu beharko die, baina Basoberri elkarteak antolatutako jarduerek ere ekarpen handia egiten dute helburu hori erdiesteko bidean. "Haziak ereinda, karbonoa xurgatuko duten landare gehiago edukitzea lortuko dugu". Berotegi efektua murriztuko da horrela, eta klima aldaketa geldiaraziko. Hori da, behintzat, helburu nagusia.

Lagun eta talde

Lagun eta talde

Edurne Elizondo

Etapa berri bat hasteak dakarren ilusioa eta urduritasuna; hurrengo urratsa egiteko gogoa; oholtzara igo eta dena emateko grina. Sentsazio horiek guztiak dira nagusi Skabidean taldeko kideengan egunotan: Izaera izeneko disko berria aurkeztuko dute hilaren 22an, Atarrabiako Totem aretoan. Musika egiten duen lagun talde bat dira, funtsean, berriz jotzen hasteko irrikan.

Skabidean berritu bat igoko da oholtza gainera 22tik aurrera, taldea desegiteko zorian egon eta gero, indarberrituta heldu baita. 2019. urtea funtsezkoa izan da taldeko musikarientzat. Skabidean & The Blackbirds izeneko proiektua sortu zuten kideek, izandako beheraldiari aurre egiteko, hiru emakume abeslari batuz taldera. Esperientzia ezin hobea izan da denentzat, eta kide berriak bere egin ditu Skabideanek, jatorrizko izenari eutsiz.

Skabidean, beraz, 11 kidek osatzen dute orain, eta iaz egindako lanak biziberrituta ekin diote oraingo etapa berriari. "2019. urtea zoragarria izan da. Berrogei kontzertu inguru egin ditugu, eta oso urte polita izan da. Txikitatik guretzat amets izandako oholtzetara igotzea lortu dugu, gainera", azaldu du Niko Leonardok.

Hatortxu Rock jaialdikoa izan da Skabideaneko kideek bereziki gozatu duten oholtza horietako bat. "15 urte genituenean, jaialdira entzule gisa joaten ginen, eta hor jotzeko aukera izatea izugarria izan da guretzat". Gasteizko Txosnetan eta Donostiako Piraten oholtzan ere izan dira, bai eta Valentzian ere, bertzeak bertze, Euskal Herritik kanpo. Atarrabiako Totem aretoan egindako kontzertua ere nabarmendu dute Skabideaneko kideek. "Jendeak pentsatzen du talde txikiok ezin dugula gisa horretako espazio bat hartu, baina guk egin genuen, eta oso ongi atera zitzaigun", erran du Leonardok. "Oso polita izan zen, ezberdina. Gustura aritu ginen denok", erantsi du Claudia Rodriguezek.

Rodriguez da taldera batu diren hiru emakume abeslarietako bat, hain zuzen ere. Osatuta zegoen talde batekin egin dute bat, baina bertze hainbat taldetan egin duten bidea lagungarri izan dutela nabarmendu du Rodriguezek. "Harrera ona egin digute. Oso pozik gaude". Antonio Iriarte taldekideak gaineratu du denen arteko "elkarlana" izan dela, hasieratik, kideen arteko batasunaren giltzarri.

Lan berria prestatzeko prozesuak ere eman die harremana estutzeko aukera. Kaki Arkarazoren estudioan grabatu dituzte diskoa osatzen duten hamahiru kantak. "Hamar egunez egon ginen haren baserrian bizitzen. Oso aberasgarria izan zen denontzat. Presiorik gabe lan egiteko aukera izan genuen, eta gure arteko harremana sendotu genuen; hori izan da garrantzitsuena", kontatu du Leonardok.

Hasierako oinarri bera

Claudia Rodriguezek ere kideen arteko harremana sendotu izana nabarmendu du, eta argi du horrek baduela isla oholtza gainean. Hilaren 22an eginen dute disko berria aurkezteko kontzertua, eta entzuleek orduan izanen dute iritzia emateko aukera. "Urduri eta gogoz" dira taldekideak, eta eskertu egin dute iruindarren artean sortutako jakin-mina. Izan ere, hasieran erabaki baino sarrera gehiago jarri dituzte salgai azkenean, jendearen harrera ona ikusita.

Izaera Skabidean taldearen hirugarren diskoa da. Etapa berriko lehena izateak ez du hutsean uzten aurretik egindako lana. Zazpi urteko bidea du taldeak atzean, eta geroztik egindako urrats guztiek lagundu dute oraingo Skabidean osatzen.

Urteotako garapenaren ondorio da oraingo taldea, baina oinarriari eutsi diote kideek, zalantzarik gabe: reggae, ska eta rocksteady estiloak lantzen dituzte. Kide berrien sarrerak eta proiektua berritzeko urratsak izan du eraginik, halere, eta Atarrabian aurkeztuko duten diskoa "askotarikoa" dela erantsi du Leonardok.

Bertze edozer gauzaren gainetik, baina, musika egiten duen lagun talde bat da Skabidean, eta horrek estiloa bezainbertze definitzen du taldearen izaera. "Benetako lagun talde bat da hau", berretsi du Rodriguezek.

Iruñeko Iturrama institutuan bat egin zutenean bilakatu ziren lagun Skabidean taldeko kideak. Orduko garaiak gogoratu, eta herriz herri egindako kontzertuetako pasadizoak ekarri dituzte gogora Leonardok eta Iriartek. "Behin, 03:00etan ari ginen jotzen Oronozen; gurasoak han ziren, gu etxera eramateko zain". Taldeko kideen gurasoek ere sortu dute sare moduko bat. Haien babesa badute musikariek, eta pozik dira haiek ere lagun talde bat osatu dutelako. "Taldearen erdia dira".

Otsailaren 22ko kontzertua egin eta gero, hilaren 29an Madrilen aurkeztuko du taldeak disko berria; martxoaren 7an, Gasteizen; 14an, Donostian; eta 21ean, Bilbon. Bihar, gainera, hitzaldia antolatu dute Katakraken, 17:30ean, autogestioaz eta elkartasunaz.

Iritzia: Berrosatu, iraun, bizi

Iritzia: Berrosatu, iraun, bizi

Lur Albizu Etxetxipia

Duela pare bat aste ekarri zigun BERRIAk azalera, Ion Orzaizen erreportaje batean: "Azken ikerketek zurian beltz azaleratu dute arazoa: jendez husten ari dira Nafarroa ekialdeko Pirinioak". Argi bila omen dabiltza Pirinioak. Beste eskualde batzuk ere (ez neurri berean, baina) odoluste motel baina iraunkor horren parte dira. Herriak hustu, hiria bete; herriak aisialdirako espazio huts bilakatu, hiriak egunerokorako toki; herrietan ezin ikasi, ezin lan, ezin bizi; hirietan aukera gehiago (bizirauten jarraitzeko).

Nafarroa ez dago bakarrik Iruñerrira bideratua. Beste eskualdeak isolatzera bideratuta dago, ikusezin bilakatzera. Garraio publikoa duela hamarkada batzuetako berdina da; are gehiago, okertu egin da, eta, trenari dagokionez, etorkizun beltza daukagu, norabide honekin jarraitzen badute. Herriak tren-geltokiak galtzen. Ibilbideak husten. Ordutegi eskasak, txarrak, garestiak.

Ez da erraza herrietan bizitzea. Iruñearekiko dependentzia ere gero eta handiago bilakatzen ari da (edo dependentzia hori egonkorra den heinean, gero eta ondorio lazgarriagoak ditu). Lanerako, bizi ahal izateko, bizirauteko espazio. Ikasi ahal izateko toki. Herrira bizitzera joatea, batzuentzat, abentura bat da: egunerokoan malabareak egitearen artea, leku batean sustraiak izan eta beste batzuekin dantzan aritzea.

Herriak ez husteko, bizi-proiektuak bertan eraikitzeko aukerak ugaritu behar dira ezinbestean eta nahitaez. Ez dute partxeek balioko: norabidea behar da, estrategia behar da, apustu konkretuak behar dira eta planifikazioa behar da. Lekuan-lekuan badira proiektuak, bada anbizioa eta bada jendea buru-belarri lanean dabilena, etengabe. Baina baliabide gehiago behar dira; baliabide asko beharko dira, eta konpromiso konkretuak. Benetakoak. Neurriak, bizitzeko, proiektuak egiteko, etxe hutsak betetzeko, herriak bizigarri egiteko, bizi-ereduak garatzeko, ikasi ahal izateko.

Ikasi, bizi eta lan ez da lelo hutsa. Gure bizitzak zeharkatzen dituen zerbait da. Eta gure eskualdeetan eta herrietan bizi nahi dugu. Ditugun arazoak ez dira txikiak. Hiriak bai, baina herriak bereziki etxe hutsez beteta daude; inork ezertarako erabiltzen ez dituen etxez beteta, erortzen ari direnak. Garestiak, konpontzen garestiak, bizitzeko erronka direnak. Ez bazaio gai horri heltzen, herriak eroriko zaizkigu. Herriak-hiria-herriak konektatuko dituen garraio publiko eta duin bat behar dugu, oraingo erridikulua konpontzen hasiko dena. Herriak konektatuko dituen garraioa, ez bereiztera joko duena. Eskolak irekita behar ditugu, zabalik geratzen direnak, behintzat. Gazteei herrietan geratzeko arrazoiak, baldintzak eta bitartekoak mahai gainean jartzea.

Ez du kosmetikak konponduko, ez dute neurri sinbolikoek konponduko. Norabide argia eta bide luzea ditugu aurretik egiteko, guztiok. Baina helburuak egingarria behar du izan: Nafarroa bizia nahi dugu, ez hilzorian dagoen mamua, erdiguneak guztiz jana.

“Duintasuna” 0-3 zikloarentzat

“Duintasuna” 0-3 zikloarentzat

Edurne Elizondo

Osteguna. Herrialdeko hezitzaileek zita dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Protesta egin nahi dute protesta zaratatsua aspaldikoa duten arazo batentzako konponbidea eskatzeko, behingoz. Aldarrikapena ere ez dute oraingoa. Nafarroako 0-3 Plataforma 2001. urtean sortu zen, eta, hainbat urtez geldirik egon eta gero, indarrez biziberritu dute. Kideek "nahikoa" dutela erran dute, eta "duintasuna" eskatu dute 0-3 zikloarentzat.

Haur eskolen oinarrizko arazoa argi eta garbi azaldu dute plataformako hezitzaileek: 0-3koa hezkuntza zikloa izan arren, ez dagoela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barruan. Gobernuak laguntzen du, baina kudeaketa udalen esku dago. Horrek ondorio nagusi bat du: udalok kudeaketa eredu ezberdinak erabiltzen dituztela, eta, ondorioz, lan bera egiteagatik baldintza ezberdinak dituzte haur eskoletan ari diren profesionalek.

Plataformako kideek lan baldintza eta soldata kaskarrak salatu dituzte. Ez da hori, halere, aipatu duten arazo bakarra. Nagusietako bat da ratioena: gela bakoitzeko haur gehiegi dago, eta hezitzaileek, ondorioz, ezin dute "kalitatezko hezkuntza" bermatu. Plataformak bi auzi horiei eman die lehentasuna, haien inguruko adostasuna erabatekoa delako kideen artean: "Ratioak jaitsi behar dira, eta lan baldintzak hobetu".

Iaz hasi ziren Nafarroako 0-3 Plataformako kideak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzeak egiten; atzokoa izan zuten orain arteko azkena. Hezitzaileekin batera, gurasoek eta sindikatuek ere bat egin dute karrikan, haur eskoletan zer gertatzen den salatzeko. Bertze urrats bat egitea erabaki dute orain, hain zuzen, eta, hilaren 20tik aurrera, eskualdeka ere eginen dituzte mobilizazioak.

Aitortzarik eza

Aditu guztiak ados dira, eta hiru urtera arteko etapa "funtsezkotzat" jotzen dute haurren garapenerako. Hezkuntza Departamentuak ere bat egin du ideia horrekin, eta etapa horrek duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen 2007. urtean hartutako erabakiarekin: hezkuntza ziklotzat jo zuen 0-3koa urte hartan.

Aitortza, baina, erdizkakoa baino ez zen izan. Horixe uste dute haur eskoletan lanean ari diren hezitzaileek. "Hezkuntza ziklo bat gara, eta gobernuak dekretu bidez onartu du hori. Hezkuntza Departamentuak kudeatu beharko luke, gainerako zikloak bezala, baina ez dute hori egiten. Zerbitzu publiko bat pribatizatzen ari dira, merkeago ateratzen delako".

Arbizuko haur eskolako zuzendari Eider Garderenak dira hitzak. "Mingarritzat" jo du haur eskoletan gertatzen ari dena, eta salatu du ziklo horretako profesionalen lana "gutxiesten" ari direla: "Adin tarterik garrantzitsuena da, eta baliabide ekonomiko gutxien jasotzen duen zikloa, aldi berean. Hezitzaileok bokazioz ari gara lanean; sinisten dugu egiten dugun lanean, baina militantzia ez da nahikoa; babesa behar dugu".

Nafarroako 0-3 Plataforma sortu zenean, haur eskolek "izaera asistentziala" zutela gogoratu du Gardek; hain zuzen ere, Gizarte Ongizaterako Departamentuaren menpe ziren. Errealitate hori aldatzeko sortu zuten plataforma, 2001ean, eta 2007ko dekretuarekin lortu zuten. Aldaketa horrek, baina, ez zuen eman profesionalek eskatzen zuten aitortza osoa.

Arazo nagusietako bat izan da, hasieratik, Nafarroako Gobernuak udalen gain utzitako ardura. "Garai batean, Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen zuen eskolak eraikitzeko lanen finantzaketa, baina laguntza hori ere moztu zuen; kontua da eraikina egiten lagundu arren kudeaketa hasieratik utzi duela udalen esku, eta horrek ezberdintasunak sortu ditu profesionalen artean", azaldu du Gardek.

Izan ere, hiru kudeaketa modu erabiltzen dituzte herrialdeko udalek: zuzena, enpresa publiko baten bidezkoa edo enpresa pribatu baten bidezkoa. "Udalen %92k ez dute haur eskola zuzenean kudeatzen", erran du Steilas sindikatuko Diana Bruñok. Plataformako kide da sindikatu hori, eta, hezitzaileek bezala, "haserrea" adierazi du gobernuak ez duelako borondaterik auziari eusteko.

"Gobernuarentzat, ez da lehentasuna. Eztabaidatzen ari diren aurrekontuetan agerian gelditu da hori: hitzarmena duten eskoletarako 169 milioi euroren saila dago; 0-3 publikorako, berriz, hamar milioi eurorena", erran du Bruñok. Gobernuaren "utzikeriaren" adibide gisa, adierazi du herrialdeko zazpi haur eskola oraindik ere Gizarte Eskubideen Departamentuaren menpe direla.

Plataformako kideek hamaika bilera egin dute Nafarroako Gobernuko agintariekin urteotan guztietan. "Baina ez dugu deus lortu". Aurreko legegintzaldiko lauko gobernuarekin "esperantza" bazutela onartu du Bruñok, baina horrek ere ez zion arazoari heldu, Steilaseko eta plataformako kideak nabarmendu duenez. "Dirua aitzakia da. Hezkuntzak beti esan digu gauza bera, edozer erabaki hartu aurretik analisi ekonomikoa egin behar zela. Aurreko legegintzaldian ere partzuergo baten bidezko kudeaketa aztertzen aritu zirela esan ziguten, baina ez dituzte datuak argitara atera".

Eskolen egunerokoa

Nafarroako 0-3 Plataformako kideek ratioak eta lan baldintzak bilakatu dituzte beren aldarrikapen nagusi. Bada bertzerik, halere, eta herriz herriko egoerak ere berezi bilakatzen du haur eskola bakoitzeko egunerokoa. "Egoera jasangaitza da", erran du, tristuraz eta amorruz, Arbizuko eskolako zuzendari Eider Gardek. 63 haur dituzte, eta, jantokiko laguntzailea eta garbitzaileak kontuan hartuta, hamabi langileko taldea osatzen dute. "Gela guztietan gehienezko ratioak ditugu", azaldu du.

Gauza bera gertatzen da Baztango haur eskolan; Elizondon du egoitza. Zentroan zazpi langile daude, eta gela bakoitzeko gehienezko haur kopurua dute. Horrek erran nahi du Europako Batzordeak egokitzat jo dituen kopuruak bikoiztu dituztela. Europak 1-4 umeko ratioa zehazten du hezitzaile bakoitzeko 0-1 urteko gelan; 1-6koa, 1-2 urteko gelan; eta 1-8koa, azkenik, 2-3 urteko gelan. Errealitatea da 0-1 urteko zortzi haur artatu behar dituela hezitzaile bakar batek, 1-2 urteko hamabi, eta 2-3 urteko hamasei. "Politikariekin aspertu gara; solastatu eta solastatu, eta ez dute deus egiten. Behar duguna da, batez ere, haur gutiago gela bakoitzeko, kalitatezko hezkuntza bat bermatzeko", erran du Elizondoko eskolako hezitzaile Maider Bereauk.

Lan baldintzak ere jarri ditu mahai gainean. "Azken hamar urteotan ez digute soldata eguneratu, eta antzinatasuna ez dugu kobratzen. 1.200 euroko 11 sari ditugu", salatu du Bereauk. "Zauden eskolaren arabera, soldata bat edo beste jasotzen duzu", erantsi du Arbizuko Eider Gardek. Oinarria estatuko hitzarmenaren araberako 920 euroko saria dela erran du.

"Ratioa jaitsi, soldatak igo". Horrela laburbildu du plataformak bere eskaera nagusia. Baina bada gehiago: doakotasuna, aitortza, kalitatea. Duintasuna.

Euskararen aurkako azken-aurreko erasoa

Euskararen aurkako azken-aurreko erasoa

E. Elizondo

Iruñeko Udaletxe plaza bete zuten herritarrek larunbatean, Iruñeko Udalak euskararen aurka hartutako azken erabakia salatzeko: Navarra Sumak baieztatu egin du duela hainbat aste errandakoa, eta haur eskola euskaldunen eskaintza murriztuko du; ondorioz, 2022-2023 ikasturterako bakarra izanen da euskara hutsean. "Euskaldunen aurkako eraso larria da", salatu zuen euskalgintzak, karrikan.

Navarra Sumak maiatzeko hauteskundeak egin eta gero hartu zuen agintea Iruñeko Udalean, eta, geroztik, hainbat izan dira euskararen aurka hartu dituen neurriak: euskararen ordenantza aldatu, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia zentsuratu, eta euskarazko hedabideak publizitaterik gabe utzi, bertzeak bertze. Haur eskolen aurkakoa azken-aurreko erasoa izan ote den beldur dira euskalgintzako kideak.

Hain zuzen ere, haur eskola euskaldunen aldeko aldarria aspaldikoa da Iruñean. Eskariak aurreko legegintzaldian egin zuen gora, Joseba Asiron (EH Bildu) alkate zenean; bikoiztu egin zen, zehazki, euskarazko haur eskola kopurua hiriburuan: lehen bi ziren, eta lau jarri zituzten. Denera, halere, hamasei haur eskola daude Iruñean. Hamasei horietako 11 udalarenak dira, eta bertze bostak, berriz, Nafarroako Gobernuarenak.

Orain arte, beraz, Arrotxapeko eta Txantreako bi haur eskoletan, Donibanekoan eta Printzearen Harresiko zentroan izan da euskaraz ikasteko aukera. Azken bi horietan, baina, egoera "progresiboki" aldatuko dela erran du Enrique Maia Iruñeko alkateak: hiru urtez pasatuko dituzte Donibaneko eta Printzearen Harresia eskolak euskarazko eskaintzatik gaztelania hutsekora; ondorioz, 2022-2023 ikasturterako, ez litzateke euskarazko hezkuntzarik egonen hiriburuko bi haur eskola horietan.

Arrotxapeko Goiz Eder eta Txantreako Izartegi eskoletan baino ez da euskarazko eskaintzarik izanen. Udalak aurreko legegintzaldian egindako bidean atzera egin du Maiak, beraz; hagitz atzera, Izartegi izanen baita euskara hutseko eskola bakarra, Navarra Sumak egin nahi duen aldaketa gauzatzen denean. Goiz Eder eskolan, berriz, eskaintzaren erdia izanen da euskarazkoa, baina bertze erdia gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin.

Eskubidea

Euskalgintzak argi du eskaintza hori ez dela nahikoa, eta horregatik deitu zuen larunbateko elkarretaratzera. Haur eskoletako gurasoek eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek ere egin zuten bat deialdiarekin. Ehunka lagunek egin zuten protesta, euskaraz bizitzeko asmoa dutela aldarrikatzeko: "Gure eskubidea delako, bai, baina eleaniztasunera salto egiteko elebitasunak eskaintzen dituen abantailengatik ere bai. Euskaldunok Iruñean ikusezin, hutsaren hurrengo nahi gaitu UPNk".