Nafarroa

Bidea eman nahi diote ibaiari

Bidea eman nahi diote ibaiari

Edurne Elizondo

Arga ez dago kontent. Gutuna helarazi die ibaiak iruindarrei, Urbiziko kide Fito Jimenezen bitartez, eta, batetik, onartu du Santa Engraziako presa bere urek "nahita" bota zutela neguan, eta, bertzetik, Iruñeko Udalari eskatu dio ez dezala konpon. Arga ibaiaren aldarriak bere egin ditu Iruñean sortutako Arga Bizirik plataformak. Oztoporik gabeko ibaia nahi dute, hirian Argak bere tokia eta bidea har dezan.

"Europan ibaietako oztopoak kentzen ari dira, oztopo horiek gabe ibaiek aurretik zituzten dinamiketara itzultzeko aukera dutelako; espazio bizi bilakatzen direlako, berriz ere", azaldu du Arga Bizirik taldeko kide Daniel Garciak. Argak dituen oztopoetako bat, Santa Engraziako presa, alegia, ibaiak berak bota zuen behera, neurri batean, joan den neguan. Presaren erdian zulo bat eragin du uraren indarrak, eta, horren ondorioz, galdutako abiadura eta bizitasuna lortu ditu Argak, berriz ere. Arga Bizirik taldeko kideek argi dute presa dagoen bezala uztea dela ibaiak behar duena. Eta, esku hartuz gero, presa osorik botatzeko izan beharko lukeela.

Iruñeko Udalak, baina, bertzelako asmoak ditu. Iruñeko alkate Joseba Asironek erran du presa konponduko dutela, "behin-behinean". Asironek onartu du Argan egin beharrekoari buruz bi jarrera ezberdin eta argi daudela hirian: bat presa kentzearen aldekoa, oztopo artifiziala delako ibiarentzat, eta bertzea, berriz, presa behin betiko konpontzearen aldekoa, "hala behar delako hainbat jarduera egin ahal izateko". Alkateak erabaki du erdiko bidetik egitea aurrera: behin-behinean konponduko du, aurrerantzean auziari buruzko "eztabaida sakon bat" egin eta behin betiko erabakiak hartu ahal izateko.

Asironek aipatutako jardueren kontua da Santa Engraziako presaren inguruko auziko gakoetako bat, Arga Bizirik plataformako kideek nabarmendu nahi izan dutenez. Izan ere, presa konpondu behar dela defendatzen dutenen artean nagusi da Nafarroako Arraun Elkartearen ahotsa. Presarik gabe, taldea "desagertu" eginen dela erran du elkarteko buru Alberto Garaikoetxeak, arraunean aritzeko bertze tokirik ez luketelako. Presa konpontzeko eskatu diote taldeko arduradunek Iruñeko Udalari, eta 5.000 sinadura inguru aurkeztu dituzte, eskaera horren alde.

Arga Bizirik taldeko kideek "zilegizkotzat" jo dute arraun elkarteak bere jarduera garatzen jarraitu nahi izatea. Konponbidearekin, halere, ez dira ados. "Sektore zehatz baten interesak ezin ditugu ibaiak behar duenaren gainetik jarri", erran du Garciak.

Europak zehaztutako bidea

Arga Bizirik taldeak gogoratu ditu herrialdeko bertze hainbat presa kentzeko auzietan gertatutakoak. Beran, adibidez, San Martingo eta Endarlatsako presak kendu zituzten, 2016. urtean. Endarlatsakoaren kasuan, eztabaida piztu zuen proiektuak, arrantzaleek presari eutsi nahi ziotelako, izokinak harrapatzen jarraitu ahal izateko.

Europatik sustatutako Irekibai Life proiektuaren barruan kendu zituzten San Martingo eta Endarlatsako presak. Europan, hain zuzen ere, 2000. urtetik dago indarrean Uraren Zuzentaraua. Esparru horrek ekarri du herri anitzetan ibaiari ezarritako presak kentzea. Irekibai Life proiektuaren barruan aritu zen lanean Nafarroako Ingurumen Departamentuko Ur arloko teknikari Luis Sanz, eta Endarlatsakoa bota zutenean, argi eta garbi erran zuen oztopoak kentzeak "on" egiten ziola Bidasoa ibaiari.

Iritzi berekoak dira Arga Bizirik taldeko kideak, hain zuzen. Nabarmendu dute Nafarroako Gobernua Europako diru laguntzak jasotzen ari dela presak botatzeko, eta, ondorioz, Iruñeko Udalari eskatu diote gogoeta egin dezala Argakoa konpontzeko hartutako erabakiari buruz. Argi dute Argari "on" egin diola Santa Engraziako presan urak berak eragindako zuloak. Txostena osatu dute, hain zuzen ere, eta hainbat arlo jarri dituzte mahai gainean: paisaia, landaretza, fauna, zaborra eta uholdeak, bertzeak bertze.

Iruñeko Udaleko hainbat alderdirekin bilerak egin dituzte jada Arga Bizirik plataformako kideek, presa konpontzeko lanak geldiarazteko asmoz. Garciak gogoratu du, hain zuzen ere, Argan obrak egiteko Nafarroako Gobernuak txostena egin beharko lukeela, lehendabizi, eta Ebroko Ur Konfederazioak ere eman beharko lukeela baimena.

Joseba Asironek proposatutakoari buruz, Garciak erran du "logikoena" izanen litzatekeela Iruñeko alkateak bultzatu nahi duen eztabaida obrak hasi aurretik egitea. "Ez du zentzurik eztabaida egin aurretik diru publikoa gastatzeak", berretsi du plataformako kideak. Argaren gutuna kontuan hartzeko eskatu dio taldeak Asironi.

Gero eta atseginagoa

Gero eta atseginagoa

Edurne Elizondo

Helburuak betetzen ari gara". Horixe nabarmendu dute Iruñeko Udaleko arduradunek, hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planari buruz. Urtebete joan da plan hori martxan jarri zutenetik, eta hartutako neurrien emaitzekin "kontent" dira. Hedabideen aurrean agertu dira Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotzi Joxe Abaurrea eta Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako zinegotzi Itziar Gomez, Jesus Estanga udaltzainarekin batera. "Herritarrek izan behar dute protagonista", nabarmendu dute.

Abaurreak eta Gomezek hainbat datu jarri dute mahai gainean. Batetik, zirkulazioak behera egin duela. Zabalguneko karriketan, adibidez, %70-90 egin du behera autoen kopuruak, eta, Alde Zaharrean, berriz, %50. Aita Moret eta Jose Alonso karriketan hartutako neurriek izan dituzten ondorioak nabarmendu ditu udalak. Bi kale horietatik 10.000-14.000 auto pasatzen ziren, egunean, plana martxan jarri aurretik. Kopuruak %90 egin du behera Jose Alonso karrikan, eta %87, berriz, Aita Moret kalean.

Bertzalde, garraio publikoaren alde egin duten erabiltzaileen kopuruak gora egin duela azaldu du udalak. Batez beste, %4,5 egin du gora garraio publikoaren erabilerak, hain zuzen ere. Planaren bidez, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari eman diete lehentasuna hiriko erdigunean. Billabesen geltoki gehiago jarri dituzte hor, eta horrek ekarri du herritarrek zerbitzua gehiago erabiltzea. Igoera are nabarmenago izan da asteburuetan: %9,5ekoa larunbatetan, eta %7,3koa igandeetan, alegia. Hilabeteko bonuen kopuruak ere egin du gora: 7.500 ziren plana martxan jarri baino lehen, eta, orain, berriz, 10.000.

Herritar anitzek autoa utzi eta bertzelako garraioen alde egin dutela nabarmendu dute udaleko kideek, eta erdigunean hartutako neurriek ez dutela ekarri zirkulazioak gora egitea eta pilaketak sortzea hiriko bertze eremuetan. Horixe utzi du agerian Udaltzaingoak egindako txostenak, hain zuzen ere. Txosten horren arabera, aparkaleku publikoen erabilerak ere gora egin du, erdigunea atseginago bilakatzeko plana indarrean sartu zenetik: 2018ko maiatzaren 1a bitarte, 20.810 erabiltzaile izan zituzten aparkaleku publikoek; 2017 osoan 20.317 izan ziren.

Urrian, bigarren fasea

Iruñeko Udalak hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planarekin aurrera jarraituko du, datozen hilabeteotan. Asmoa da urrian plan horren bigarren fasea martxan jartzea, bertzeak bertze, Navas de Tolosa karrikan eta Taconeran. Bi espazio horietan eginen dituzte bigarren faseko lanen %85, hain zuzen ere. Obrek ukituko dituzte ere Basotxoa eta Aita Moret karrika. Basotxoan, zehazki, jada oinezkoentzat irabazitako espazioa atontzea da helburua, karrika hori "erakargarriagoa eta funtzionalagoa" izan dadin. Oro har, bigarren faseko lanen asmoa da oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioak hobetzea. Hasierako aurrekontua 1,2 milioi eurorena da.

Erdigunea atseginago bilakatzeko planeko bigarren faseko lanak ez dira martxan diren bakarrak, hiriburuan. Udan, Pio XII.a etorbideko obrak hasi ditu Iruñeko Udalak ere. Pio XII.a etorbideko proiektu horrek erdigunean egindako lanei eman nahi die segida, hain zuzen ere.

Etorbidea berrantolatzeko proiektua da jada martxan den hori. Asmoa da oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei ematea lehentasuna. Egun, autoak aparkatzeko bandaz gain, hiru bide ditu karrikak, norabide bakoitzeko. Xedea da aparkatzeko banda bizikletentzako bide bilakatzea; kanpoko bideak espazio malgu eta askotarikoak izanen lirateke, eta balioko lukete, adibidez, billabesen geltokiak eta edukiontziak jartzeko, bai eta zamalanetarako ere; gainerako bi bideak izanen dira zirkulaziorako bide, eta haietako batean garraio publikoak izanen du lehentasuna.

Gaur egun etorbidearen erdian dagoen espazio erdibitzaileari eutsi dio proiektuak. Bidegurutzeetan nola lan egin zehaztea izan da Mugikortasunerako Talde Teknikoko kideen kezketako bat. Asmoa da, batez ere, abiadura murriztea. Proiektuak biribilguneak baliatu nahi ditu, hain zuzen, zirkulazioa lasaitzeko. Zehazki, sei bidegurutzeri eraginen diete lanek. Oraingoak baino "trinkoagoak" izanen dira, eta oinezkoek eta txirrindulariek irabaziko dute espazioa, autoen aurrean. Txirrindularientzat "bide seguruak" eraiki nahi dituzte.

Etorbideko lanen berri eman zuenean, auzokideen kexa jaso zuen udalak. Plataforma ere osatu zuten, proiektuaren kontra. Bilerak eta informazio kanpainak eginen dituztela erran du udalak.

Iritzia: “Egin nazazu indartsu”

Lohizune Amatria

Supermerkatuko ilaran ordaintzeko zain nengoela, gauza bitxi bat gertatu zitzaidan, aurrekoan. Denetarik duen denda horietako bat da; haurrentzako jolas parkea ere baduena. Eta bertatik iritsi zen atentzioa eman zidan oihua. Haur baten ahotsa zen: "Gora bizitza!".

Barregura eragin zidan aldarrikapen euforiko hark. Ironikoa izan zen, noski, nire barregura. Izan ere, nire erreakzioak gehiago izan zuen inbidiatik eta tristeziatik, poztasunetik baino. "Jakingo balu", pentsatu nuen.

Azken uda honetan, behin baino gehiagotan, haurrekin egotea egokitu zait. Gauza politak gertatu zaizkit beraiekin; baina bizi izandakoetatik bat geratu zait iltzatuta. Aurpegiak margotzeko margoekin jolasten ari ziren, bata besteari tatuajeak egiten. Horietako batek, bost urteko mutil batek, elastikoa erantzirik zuen, eta tripa eta bularra margotzen hasi zitzaion laguna. Gustatuko litzaidake generoa aipatu gabe kontatzea gaurko istorio hau; baina, tamalez, generoa garrantzitsua da kontakizun honetan.

"Egidazu indartsu", iradoki zion margotzen ari zenari. Rolak errepikatzen ari dira. Neskek pinpilinpauxak eta bihotzak eskatzen dituzte; mutilek spiderman edota marrazo tatuajeak. Mutilek urdina nahi dute; neskek, arrosa. Baina mutilak ez zuen amaitu. Arrazoi bat zuen: "Egin nazazu indartsu; horrela, neska guztiek maiteko naute".

Alarma guztiak piztu zitzaizkidan. Bost urteko ume batek esan du hori. Ikasi du hori. Halako batean, beste haur baten ahotsa entzun nuen: "Bada, ez, ez zaitugu maiteko!". Zer-nolako lasaitua. Esperantza badagoela pentsatu nuen; badira haurren artean androzentrikoa, heteronormatiboa eta matxista ez den bestelako hezkuntza jasotzen dutenak.

"Indartsu" margotzeaz amaitu zutenean, neska bati zuzendu zitzaion mutila: "Indartsu nago? Maiteko nauzu?". Neskak baiezkoa erantzun zion; eta gelaren erdian jarriz, bere gorputza erakutsi zigun guztiei mutilak. Bat-batean, oihuka hasi ziren neska guztiak (maiteko ez zuela esan zuen hura ere bai): "Guapo! Guapo! Guapo!". Desodorante marka baten iragarkia nuen begi aurrean; Malumaren azken bideoklipa.

Azkenaldian, gizartean aurrera pausoak eman direla entzun dut. Eta badakit ez dela guztiz gezurra; baina hura ikusita kosta egiten zait sinestea. Segur aski, txikia nintzenean, nik ere egin nituen horrelakoak. Beste askok bezala, orain ditudan jarrera, ohitura edo esaten ditudanak berriz aztertzen ari naiz eta.

Hezkuntza matxista jaso dugu, eta erabat barneratuta ditugu jokabide horiek guztiak, baita haur horiek ere. Beraz, kontzientzia handiagoa dutenean berdin egingo dute haiek ere. Lehenago edo beranduago, prozesu hori bizi izango dute haiek ere -badakit ez duela zertan, baina pentsatu nahi dut baietz, gertatuko dela-. Etxean, telebistan, eskolan, kalean… ikusi dutena berriz aztertu beharko dute. Eta orduan, agian, ez dute hain euforiko oihukatuko "Gora bizitza!".

Baina hori ez da nahikoa. Ez da ezer aldatuko, errotik ez bada. Ez litzateke zentzuzkoagoa izango betaurreko moredun hezkuntza bat eskaintzea?

Iragana oroimenera ekartzeko

Iragana oroimenera ekartzeko

Uxue Rey Gorraiz
Gerrak aztarnak utzi zituen. Aztarnak askoren oroimen eta bihotzetan, eta baita lurretan ere. Gatazkek bereziki markatuta utzi dituzte Euskal Herriko txoko batzuk, eta xehetasun ugari argitara ateratzeke daude oraindik. Horietako hainb...

Zaindutako fruitua ardo bihurtzeko

Zaindutako fruitua ardo bihurtzeko

Edurne Elizondo
Prozesua burutzeko prest dira nekazari nafarrak: urte osoan zaindutako fruitua jaso eta ardo bilakatzeko prest, alegia. "Bidea ez da erraza izan", halere. Horixe nabarmendu zuen Erriberriko alkate Andoni Lakarrak igandean, herri horreta...

Iritzia: Eskerrik asko, Maravillas

Saioa Alkaiza

Euskal Jaik hamar urte iraun zuen, alternatibak josten, autogestioa eratuz Alde Zaharrean, bestelako mundu bat irudikatzen; Javier Chorrautek (CDN) ez zuen utzarazi, eta ez zuten hustu eta eraitsi harik eta Yolanda Barcina (UPN) herri mugimenduaren arnasgunea zena desegiten tematu zen arte. 2004ko uda zen.

Alde Zaharraren memoria gorpuztuan dago orduko hura. Subkontziente kolektibora joaz, errairen batean zizelkatua daukagu, minez. Kargak, atxilotuak, borrakadak, etxerainoko bidea hartu ezin zuten auzokideak... Auzo bat, Poliziarena. Nork esanen zuen antzeko irudi militarizatu bat biziko genuenik berriz Alde Zaharrean, noiz eta Aldaketaren Gobernuaren aroan gaudenean?

Bada, bai. Abuztuak 17 zituenean, 05:00etan, kaputxa jantzitako poliziek hartu zuten Nabarreria. Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak. Eta auzokideak leihoetara atera ziren. "Eutsi, peña", entzuten zen, dozena bat furgoitik gora zeudela Nabarrerian; "Maravillas aurrera", garabi batekin azken balkoitik zintzilik zeuden neskak ateratzen zituzten bitartean; "Un desalojo, otra okupación" adi zitekeen, lotsagabe Poliziak balkoietan geunden bizilagun eta kazetarioi argazkiak ateratzen zizkigunean.

Inork ez daki zein izan den kalkulua: Ahal Dugu-ren soka kritikokoek eta ofizialistek zer eginen duten hauteskundeetan eta horrek nola eragin dezakeen botoan; Geroa Bai PSNri begira ote dagoen, Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren babesarekin gobernua osatu nahian eta hor gaztetxea ere taktikoki garrantzitsua den EH Bildurentzat okerrenetarikoa litzatekeen aukeretako bat da balizko batuketa hori, aintzat hartuta agian zenbakien ondorioz bere beharra ere izatea gobernatzeko; Geroa Bai zentro-eskuinaren boto emaileen tarjeta ere bereganatu nahian ote dabilen eta jokaldi hau kartak erakusteko izan ote den; baliteke hasierako "huste ordenatuak" legalitate berniza ematea, baina zaurituek eta kargek pixka bat zikintzea ordena eta horregatik egin izana atzera; agian, sinpleagoa da dena eta kalkulurik ez egitea izan da kalkulu bakarra. Auskalo.

Bulegoak bulego eta lokatzak lokatz, argi dago zer gertatu den kalean: Maravillas okupatu dute berriz ere, eta, geroztik, askatutako beste espazio bat dauka Alde Zaharrak.

Eta kontua da, orain, Alde Zaharraren memoria kolektiboan ez dagoela bakarrik Euskal Jai, baizik eta Maravillasen erresistentzia eta herri mugimenduaren garaipena, eta auzokideek oroituko dituztela bizilagunak kolpez hartu zituzten kaputxadunak eta auzoari gune bat eskaini zioten gaztetxeko kideak. Are, oroituko dituztela brindis herrikoia, poz malkoak, besarkadak eta mundua ulertzeko beste modu bat sortu nahi duten horien ilusioa. Bigarren huste saiakera bat latzagoa litzateke, beraz.

"Hau ez da okupazio bat, ederra izanen den zerbaiten hasiera baizik, eta, egiatan nahi badugu, geldiezina", esan zuten Euskal Jai desalojatu zutenean.

Geldiezina izan zaitezen opa dizut, Maravillas. Zorionak zure urteurrenean, eta eskerrik asko auzoari emandakoarengatik.

Orduko usteaz eta indarraz

Orduko usteaz eta indarraz

Edurne Elizondo

Francisco Perez Lusarretak 96 urte bete zituen asteazkenean. "Erran iezadazu Paco, mesedez!", eskatu du, irribarre eginez. Atzo jaso zuen Berako Udalaren oparia: omenaldia egin zioten, Gernika batailoiko kide izan zela gogoratzeko. Nazien aurka borrokatu zen, II. Mundu Gerran. "Batailoiko azkena naiz, bizirik gelditzen den bakarra. Etxekoen artean ere, azkena". Duela sei hilabete hil zen Maria Luisa Agirre, Perez Lusarretaren emaztea, eta, geroztik, Berako zahar etxean bizi da gudari ohia. Jaurrietan jaio zen, 1922. urtean.

Jada ez du gazte garaiko gorputza, eta makilaren laguntza behar du mugitzeko; burua, ordea, beti bezain argia du, eta 1940ko hamarkadako usteaz eta indarraz mintzatzen da, oraindik ere. Errepublika maite zuen Manuela Lusarreta bere ama ekarri du gogora; gerra garaian lagun izandako Asta txakurra ere bai; anaiak eta arreba txikia; gerran galdutako lagunak. "Atzetik heldu zirenentzat ispilu izan nahi genuen orduan", nabarmendu du.

Ispilu horri egin nahi izan dio so Berako Udalak aurtengo besten hasieran, hain zuzen ere. Memoria historikoaren ispiluari, alegia. Perez Lusarreta omendu du horretarako, bai eta herrian 1936ko errepresioa sufritu zutenak eta haien ondorengoak ere. Altxamendu militarra gertatu eta gero, urte hartako uztailaren 21ean sartu ziren erreketeak Beran. Ordurako, jada, herritik at ziren frankistekin bat egin ez zuten hainbat herritar eta karabinero. Erreketeek ez zuten amore eman: 1936ko San Esteban egunean, gaurko egunez duela 82 urte, ihes egindako horien familiak eraman zituzten Udaletxeko plazara. "Gipuzkoara, Frantziara, edo fusilatzera", mehatxu egin zieten.

Ehun familia inguru bota zituzten herritik, eta gutxi batzuk baino ezin izan ziren itzuli. Ihes egiteko aukera izan ez zutenak fusilatu egin zituzten. Seiren gorpuak identifikatu zituzten; bertze lau desagertuta daude, oraindik ere.

Irundik Bartzelonara

Jaurrietan jaio, baina Irunera (Gipuzkoa) mugitu zen Perez Lusarreta familiarekin, haurtzaroan. Han harrapatu zituen 1936ko altxamenduak. "Gure familia errepublikazalea zen. Aita, karabineroa. Anaia zaharrarekin joan zen gerrara, frankisten aurka borrokatzera. Bertze bi anaiekin, arrebatxoarekin eta amarekin gelditu nintzen ni". Manuela Lusarretak Bartzelonara egin zuen ihes seme-alabekin, eta han gelditu ziren, gerra amaitu arte. "Gogorra izan zen. Irunera itzuli ginenean, dena kendu ziguten. Deus gabe utzi gintuzten. Frankistentzat, gu, errepublikazaleok, zaborra ginen, eta halaxe tratatu gintuzten".

Perez Lusarretaren aita Marcelino Perez preso hartu zuten. "Anaia zaharra ere bai. Aita Bilbon espetxeratu zuten; anaia, berriz, Santoñan". Ordukoak gogoratu dituenean, begirada ilundu zaio Perez Lusarretari. Amaren saminarekin oroitu denean, batez ere. "Nire ama emakume zoragarria zen, aparta benetan. Ama beti dut buruan; izugarri maite nuen". Harengandik jaso zituen bizitza osoan ardatz izan dituen balioak. Eta balio horiek eraman zuten Perez Lusarreta nazien aurka borrokatzera. "Ezin nuen deus egin gabe gelditu. Amak beti erran zuen borrokalari sutsua nintzela ni; mundua aldatzeko lanean ari nintzela. Harro zegoen, eta harro sentiarazi nahi nuen".

Soldaduska egiten ari zenean etxera itzultzeko eman zioten baimen bat baliatu zuen Perez Lusarretak muga zeharkatzeko eta Gernika batailoiarekin bat egiteko. Bidea ez zen erraza izan, halere. "Lehenik eta behin, Baionara joan nintzen. Atxilotu egin ninduten. Aske utzi ninduten kostaldeko bunkerrak eraikitzen laguntzera joan nintzela erran nuelako. Sinetsi egin zidaten".

Perez Lusarretak Paue izan zuen hurrengo helmuga, Okzitanian. "Han egin genuen bat 150 gudari inguruk; han mamitu zen Gernika batailoia". Bordele inguruan ikusi zituen lehendabiziko naziak. "Han egin nuen borroka lehen aldiz; eta han galdu nituen lehen lagunak".

Gerrari buruz, gizakien alderdirik ilunena agerian uzten duela erran du Perez Lusarretak. "Gerrara joaten zara, eta badakizu hil egin behar duzula, zu hil ez zaitzaten. Alemaniarrak gazteak ziren, gu bezala. Baina argi genuen nazismoaren kontra ari ginela borrokan". Tristuraz gogoratu ditu hainbat une: "Ez zen atsegina ikustea frantziarrek mendean hartutako etsaiak kolpatzen zituztela. Biziki krudelak iruditzen zitzaizkidan halako egoerak. Mendean hartutakoa ezin duzu kolpeka tratatu. Balio batzuen alde ari ginen borrokan, baina gerrak halakoak eragiten zituen".

Bordeletik Paris aldera eraman zuten Perez Lusarreta, batailoiko bertze hainbat kiderekin. "Paristik 50 kilometro ingurura zegoen jauregi batera eraman gintuzten; Rothschild familiarena zen. Han, mota guztietako armekin aritzen erakutsi ziguten. Magnum eta Colt etxeko errebolberrak eman zizkiguten. Sekulakoak ginela sentitzen genuen han!".

Armekin baino gehiago, halere, Gernika batailoiko kideekin eta orduan ezagutu zuen Asta txakurrarekin oroitzen da gudari ohia. "Batailoiko kideon artean, harremana ezin hobea zen. Talde bat osatzen genuen; justiziaren alde egiteko gogo berak batzen gintuen". Bereziki hunkitu da, halere, txakurrari buruz hitz egiten hasi denean. "Hain zen berezia! Laguna nuen, benetako laguna! Lubakian hotzak harrapatzen ninduenean, nire ondoan jartzen zen, berotzeko". Kumeak izan zituenean, lagun baten etxean uztea erabaki zuen. "Harekin hobeki ziren. Baina ez dut inoiz ahaztuko eman zidan guztia", erran du, begiak erdi bustita.

II. Mundu Gerra amaituta, Euskal Herrira itzuli zen Perez Lusarreta, Hendaiara. Irunen bizi zen, orduan, gudari ohiaren familia. "Aita, ama eta arreba ziren etxean. Anaia zaharra hilik zen ordurako. Bertze bi anaiak, berriz, hemendik kanpo: bat Afrikan, eta, bertzea, berriz, Frantziako kontzentrazio esparru batean". Familia laguntzea bilakatu zen Perez Lusarretaren helburu bakar eta nagusi. "Bazterrak ongi ezagutzen nituen, eta baliatzea erabaki nuen. Kontrabandista bilakatu ote nintzen? Bai, pixka bat", erantzun du, begiarekin kliska eginez.

Perez Lusarretak gogoratu du ehunak mugitzen zituztela, batez ere. Oroitu da Hernanitik Donibane Lohizunera eta, Bidasoko ibietan barrena, Endarlatsatik Plaiaundira egindako bidaiekin. "Frankismoak mehatxu egindako hainbat herritar ere lagundu nituen muga zeharkatzen", erantsi du. Ibardinen harrapatu zuten arte. "Egun hartan hiru ginen; ni nintzen lehena. Batek ihes egitea lortu zuen, eta bertze biok hartu gintuzten". Ibardindik Irungo polizia etxera eraman zuten, eta, han, Meliton Manzanas zuen zain. "Torturatzailea zen, gizon krudela. Zortzi edo hamar egunez izan nintzen han. Onik atera nintzen. Ondarretako espetxera eraman ninduten handik. Kartzelatik atera ninduten, azkenean, Euskal Herritik kanpora bidaltzeko". Sorterrian egoteko debekuak Bartzelonara bueltan eraman zuen Perez Lusarreta.

Bartzelonatik Irunera

Tailer batean hasi zen Bartzelonan lanean. "Mekanikari ona izan naiz beti. Haur bat bertzerik ez nintzenean ere, niri ez zitzaidan auto bat gidatzea interesatzen; autoa nola mugitzen zen jakin nahi nuen. Trebea nintzen". Osasun arazoen ondorioz utzi behar izan zuen lana. Ebakuntza egin, eta giltzurrun bat kendu behar izan zioten. Etxera itzultzea erabaki zuen Perez Lusarretak, orduan. "Kamioilari bati galdetu, eta, baietz, eramanen ninduela Donostiara. Horrelaxe joan nintzen etxera bueltan", gogoratu du.

Irunen, familiarekin egin zuen bat, berriz ere. "Auto zahar bat erosi, hura moldatu, eta garraiolari hasi nintzen lanean". Erretiroa hartu arte. Maria Luisa Agirre izan du bizikide, duela sei hilabete hil zen arte. Anai-arrebei ere agur erran behar izan die gudari ohiak. "Gogorra da. Baionan bizi zen anaietako bat. Minbiziak hartu zuen. Ebakuntza egin zioten, baina ez zuen sendabiderik. Hura ikustera joan nintzen azken aldian, argi eta garbi erran zidan hura izanen zela elkar ikusiko genuen azkena. Handik gutxira hil zen. Kolpe latza hartu nuen".

Eskuarekin egindako keinu baten bidez uxatu du tristura Perez Lusarretak. Irribarrea jantzi du, berriz ere. Badu damurik, halere: "Mundu hobe baten alde egin genuen borroka, baina ahaztu egin gaituzte; baztertu egin gaituzte". Ez du maite egungo gizartearen berekoikeria. "Non daude gure garaiko balioak? Mingarria da dena ahaztu izana. Bertzeentzat ispilu izan nahi genuen", berretsi du, orduko usteaz eta indarraz.

Kurriloek negua ekarri arte

Kurriloek negua ekarri arte

Edurne Elizondo

Miru beltzekin eta sorbeltzekin hasi, eta kurriloekin bukatu. Denborak txori izena du Aurizko Lindus tontorrean, ehunka mila baitira Pirinioak zeharkatzeko toki hori aukeratzen duten hegazti migratzaileak. Haiei so dira, uztailetik, Lindus 2 proiektuko kideak, egitasmo horren hirugarren sasoian.

LPO eta SEO Birdlife elkarteek, Aurizko Udalak eta Nafarroako Gobernuak egin dute bat Lindus 2 proiektuan. Gobernuaren izenean, Ornitolan etxeko kideak ari dira hegaztien bideari behatzen. Miru beltzei eta sorbeltzei egin zieten ongi etorria uztailaren erdialdean, eta kurriloek negua ekartzen dutenean itxiko dute aurtengo kanpaina, azaroaren erdialdean. Ordura arte, 80 espezie inguruko hegaztiak pasako dira Lindus tontor gainetik, hegoaldera bidean.

"Lindus 2 proiektuak hiru hanka ditu: zientzia, ekoturismoa eta formakuntza. Hiru arlo horiek jorratzen ahal ditugu hegazti migratzaileei so", erran du Ornitolan etxeko arduradun Gabi Berasategik.

"Lehenik, hegazti migratzaileei behatuz datuak lor daitezkeelako haien populazioei eta klimaren aldaketak haiengan duen eraginari buruz, bertzeak bertze; bigarrenik, gero eta gehiago direlako ornitologiak erakarritako bisitariak; hirugarrenik, hegaztiei toki ezin aproposagoan behatzeko eta ikasteko aukera eskaintzen duelako Lindusek", azaldu du.

Ornitolan etxea 2009. urtetik ari da Lindusen lanean. 2010ean, Lindus 1 proiektua sortu zuten, jasotako datuak Nafarroako Gobernuaren esku jartzeko. Bertze urrats bat egin zuten Lindus 2 proiektuarekin: kide gehiago hartu dituzte egitasmoan, eta hegaztiei so egiteaz gain, turismoa bultzatzeko ere bertze hainbat egitasmo jarri dituzte martxan. Zientziaren arloan, gainera, hegaztiei so egin ez ezik, saguzarrei behatzen ere hasi dira. Zehazki, Juan Tomas Alcalde aditua ari da Lindus 2 proiektuan. Egitasmo horren barruan lortutako hasierako datuek agerian utzi dute, adibidez, Baztango muinoak aukeratzen dituztela saguzar anitzek beren migrazioan. Europako ipar eta erdialdetik eremu epelagoen bila gurutzatzen dituzte Pirinioak animaliok.

650.000 hegazti 2017an

Hegaztiek ere giro epelagoak bilatzen dituzte hegoaldera bidean; bai eta zer jan ere. Iaz, 650.000 hegazti migratzaile zenbatu zituzten Pirinioetako tontorretan diren behatzaileek. Haietako ia 328.000 pasatu ziren Lindusko tontor gainetik. 2016. urtean, berriz, 83 espezietako 400.000 izan ziren.

Europako hegazti migratzaileen %90 pasatzen dira Lindus gainetik, hain zuzen ere. Horrek haiei so egiteko toki ezin hobe bilakatzen du Aurizko tontorra. Eguzkia atera bezain pronto hasten dira ornitologoak lanean, eta eguzkia sartu arte aritzen dira, eguraldiak zeruari so egiteko aukera ematen badie behintzat, zeren, lainoa sartzen denean, teleskopioek eta prismatikoek ez baitute deustarako balio.

Eguraldia lagun, ordea, Lindusko tontorraren orografiak mesede egiten dio zeruari so dagoen ornitologoari. "Teleskopioarekin, puntu bat direnetik buru gainean ditugun arte jarraitzen ahal diogu hegaztien bideari. Gertutik pasatzen dira, eta horrek aukera ematen digu datu anitz jasotzeko", azaldu du Berasategik. "Hasiberrientzat, ikasteko toki ezin aproposagoa da", gaineratu du Ornitolan etxeko arduradunak.

Miru beltzak, sorbeltzak, miru gorriak, zikoinak, zapelatz liztorjaleak, pagausoak... luzea da Lindusko tontorretik ikus daitezkeen espezien zerrenda. Iruñetik gertu dago, eta horrek erakargarri bilakatzen du hegaztiei so gozatu nahi duten guztientzat. Nafarroan gora egin du zaletasunak azken urteotan, hain zuzen ere. "Lindusko tontorrak ikuskizun ederra eskaintzen du", berretsi du Berasategik. Hainbat data buruan ditu: 2016ko urriaren 9an, adibidez, ia 500 miru gorri ikusi zituzten Lindusen; hilabete bereko 29an, berriz, 123.000 pagauso.

Aurtengo kanpainaren hasieran ere izan dute hegaztien migrazioaren ikuskizunarekin gozatzeko aukera Aurizko tontorrean: uztailaren 29an, adibidez, ia 1.000 miru beltz pasatu ziren Lindusko tontor gainetik.

Aurtengo kanpaina hasi bertzerik ez dute egin Lindusko tontorrean lanean ari diren ornitologoek. Hogei pertsona inguru dira, denera. Txandaka antolatzen dira, handik pasatzen diren hegazti guztiei so egin ahal izateko. Azaroaren 15era arte egonen dira Auritzen. Kurriloek negua ekartzen duten arte. Bitartean, prismatikoak eta teleskopioak zerura begira izanen dira Lindusen.