Asier Garcia Uribarri
Mende laurden bete berri du Foresna-Zurgaia Nafarroako baso elkarteak. Herrialdeko baso-jabeak batzeko, eta beren interesak defendatzeko sortu zuten elkartea hainbat baso-jabek. "Nafarroa oso lotua dago nekazaritzarekin, eta badi...
Nafarroa
Zientziak euskaraz ere egiten baitu
Kattalin Barber
Euskal Herri osoko ikerlari gazteen bilgune izanen da Iruñea datorren astean. Udako Euskal Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikergazte: nazioarteko ikerketa euskaraz izenburuko bigarren kongresua eginen dute, hilaren 10ean, 11n eta 12an. Prest dute egitaraua, eta ikertzaileen arteko sareak ehundu nahi dituzte, euskaraz ikertzen duten gazteak harremanetan jarriz eta haien lanak plazaratzeko erakustokia izanez.
NUPeko Sario eraikinak hartuko du, hiru egunez, euskal komunitate zientifikoa. Egitarau akademikoari dagokionez, lau saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak eta tailerrak. "Ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotzea, haien arteko ezagutza sustatzea, eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea dira kongresuaren asmoak", azaldu du Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak.
Pixkanaka lekua egiten ari da euskara ikerketaren arloan, eta hori erakutsi nahi dute kongresuaren bidez. 140 ikerlan inguru jaso dituzte, eta, lan horiek aztertu eta gero, 125 aurkeztuko dira jendaurrean. "Pentsatzen genuen ikerlari gutxiago erakarriko genituela, baina aurreikusten genituen kopuru guztiak gainditu ditugu, eta horrek erakusten du ikertzaile gazte euskaldunak badaudela eta, gainera, euskaraz lan egin nahi dutela", esan du Kochek.
Balioa eman nahi diete euskaraz ikertzen ari direnei, eta asmoa da diziplina anitzetan —giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean— jarduten duen nazioarteko ikertzaileen komunitate euskalduna ikusgai izatea. "Normalean, euskaraz lanean diharduten ikerlariak sakabanatuta egoten dira, eta diziplina bakoitza bereari so egon ohi da. Hori saihestu eta zubiak eraiki nahi ditugu", esan du.
Kochek adierazi duenez, saio zientifikoetan jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izanen dira, bai ahoz aurkeztuta, bai poster formatuan ere.
Laurence Tresse astrofisikariak, Jose Ramon Etxebarria fisikariak, Arkaitz Carracedo biologia molekularreko ikertzaileak eta hizkuntza gutxituetako aditu Elin Haf Gruffydd Jonesek parte hartuko dute hitzaldi nagusietan. Horrez gain, kongresuan parte hartuko duten ikertzaileen arteko harremanak saretzeko mintegiak eta saio osagarriak izanen dira.
Kongresua hiru egunekoa izanen da, barnetegi moduan, "parte hartzaileen elkar ezagutza errazteko asmoz". Bertso afari ilustratua, Ezkabarako txangoa eta Iruñean zeharreko ibilaldia eginen dituzte gazteek, besteak beste.
Indar handia Nafarroan
Orain dela bi urte izan zen Durangon Ikergazteren lehen aldia, eta, izan zuen arrakasta ikusita, bi urtetik behin antolatzea erabaki zuten. "Aurtengo bigarren edizioa antolatzen hasi ginenean, argi genuen Nafarroan izan behar zuela, eta joan den urtean elkarlan hitzarmena sinatu genuen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin; aukera ezin hobea zen Iruñean antolatzeko", azaldu du Kochek. Indar handia jarri du UEUk azken bi urteotan Nafarroan, eta horren ondorio da Ikergazte Iruñean antolatzeko urratsa egitea.
Haritz Iribas ikertzaile gazteak bigarren aldiz parte hartuko du kongresuan. NUPen ari da doktoretza egiten, komunikazio optikoen inguruan. Gogora ekarri du Durangoko lehendabiziko kongresua, eta "esperientzia baikortzat" jo du. "Ikergaztek aukera eman zidan lehendabiziko aldiz egiten dudan lana euskaraz aurkeztu ahal izateko, eta nik hori asko estimatzen dut", esan du ikerlariak.
Egitasmoak ikertzaileentzat duen garrantzia azpimarratu du Iribasek, eta, aurten, batzorde dinamizatzailean aritzeaz gain, bere lana aurkeztuko du poster saioen bidez. "Aukera ona da beste jende batek egiten duen lanaz ikasteko, ideiak garatzeko, eta etorkizunean elkarrekin lan egiteko aukera ere ematen digu. Ez bakarrik ikerketa akademikoan; lan merkatuari dagokionez, ate asko irekitzeko aukera ematen du Ikergaztek ere, euskal ikerlarien sarea sortuz".
Azkenaldian, hain zuzen, ikerketa munduan euskarari gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaiola uste du Iribasek. "Erakusten ari da, bizitzako beste arlo guztietan bezala, euskarak baduela presentzia ikerketan ere". Horren lekuko izanen da Iruñea datorren astean, hiru egunez, euskara erdigunean jartzeko aukera baita Ikergazte kongresua. Euskaraz jarduteko, eta zubiak eraikitzeko urratsak egiteko ikertzen ari diren zientzialari gazteen artean.
Plaza bat, hiri erdian, tokiko ekoizleentzat
Kattalin Barber
Tokiko ekoizpenarentzat erreferentziazko plaza bat eskaintzea izan da hasieratik asmoa. Eta bide horretan ari da urratsak egiten Iruñeko Udala: Geltoki proiektuaren bidez, ekonomia sozialari bultzada eman nahi dio, bai eta kultur jarduerei ere. Asmo hori gauzatzeko, Iruñeko autobus geltoki zaharra bilakatu da herritarrentzako plaza, eta ekonomia sozialaren eta tokiko produktuen bilgune izanen da, aurrerantzean.
Egun, haurrentzako jolasgune bat du eraikin zaharrak, baina, horrekin batera, azokak, erakusketak, hitzaldiak eta kultur jarduerak izanen dira geltokian hilabete honetatik aurrera. "Nafarroako ekoizleen plaza izatea nahi dugu", nabarmendu du Patricia Perales Iruñeko Udaleko Tokiko Ekonomia Iraunkorreko zinegotziak.
Lehenengo ekitaldia hilaren 13an eta 14an izanen da, autobus geltoki zaharrean eginen baitute Ame & Art Market arte, diseinu eta sorkuntzaren VIII. azoka, hain zuzen ere. Kontsumitzaileen eta Nafarroako ekoizleen arteko zubia ere izanen da Geltoki proiektua, Peralesen arabera. Ekitatea, ingurumen iraunkortasuna, elkarlana, irabazi asmorik eza eta ingurunearekiko konpromisoa dira Geltokiren oinarri filosofikoak. "Horregatik, oinarri horiek betetzen dituen edozein elkartek erabili ahalko du autobus geltoki zaharra". Erreferentziazko ekonomia sozialeko eta kultur gune bat izan dadin lanean ari da udala.
Sei hilabetez egokitze lanak egin ostean, dagoeneko prest dago geltoki eraberritua. Erdiko espazioa, hamalau leihatila, bi denda, komunak, biltegiak, bulegoa eta kafetegia moldatu dituzte. "Beste eredu ekonomiko eta sozialak daudela erakutsi nahi dugu Geltoki proiektuaren bidez, hain zuzen ere. Ideiak eta proiektuak elkarrekin banatzeko, tokiko produktuak sustatzeko eta kultur jarduerak egiteko gunea izanen da, nafar guztien eskura egonen dena", baieztatu du.
Oliveto Kondearen etorbidean egonen da sarrera nagusia, lehen bezala, eta, horrez gain, Tutera kaletik sartzeko ate bat gehitu diote eraikinari. Kafetegia beheko solairuan egonen da, eta horren sarrera, Oliveto kondearen etorbidean. "Oraindik adjudikatuta ez badago ere, kafetegia egunero irekitzea da asmoa, eta tokiko produktuek eta produktu ekologikoek izanen dute lehentasuna".
Moldaketa lanak egin dituzten bitartean, haurren jolastokiak bere horretan jarraitu du, lanak antolatu baitira jarduera hori eten gabe egin behar zirela aintzat hartuta. Eremu horri eutsi eginen diote, baina Iruñeko Udalaren proiektuak bultzada eman nahi dio eraikin osoari. "Erabilerarik gabe egon da urte luzez, eta arduragabekeria iruditzen zitzaigun", azaldu du.
"Toki ezin hobean dago, eta herritarrei eskaintzea kultura eta ekonomia soziala sustatzeko erabilera egokiena da", erantsi du Patri Peralesek. Zinegotziak azaldu du proiektuak harrera "ona" izan duela, eta, gainera, dagoeneko eskaerak jaso dituztela azokak eta jarduerak antolatzeko. Ame & Art Market jaialdiaz gain, hilaren 19an, 20an eta 21ean eginen da bertan Nafarroako II Azoka Ekologikoa Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak antolaturik.
Lau gune
Zinegotziak azaldu duenez, leihatila gunearen eta tabernaren diseinuan hainbat eragilek aurkeztutako proposamena aintzat hartu dute, eta lau gune ezarriko dituzte: kultura eta gizarte gunea, alternatiba ekonomikoei buruzko foro eta kanpainekin; azoka sozialaren gunea, produktu eta zerbitzuen erakusketa eta salmenta postuekin; sukaldaritza gunea, tokiko elikadura eskola artisau eta ekologiko batekin eta bidezko merkataritzarekin; eta, azkena, jarduera eta azoka gunea, izaera soziala, ekonomikoa eta kulturala duten egitasmoekin. Kudeaketa lehiaketa publikoaren bidez adjudikatzea aurreikusi da. "Ekonomia soziala zein ekonomia solidarioa bultzatzea eta autosufizientzia ekonomikoa dira proiektuaren helburuak, produktuen salmentari esker kultur jarduerak finantzatu ahal izanen baitira, baita gizarte ehuna sustatuko duen egitasmo ireki eta plural bat eraikitzea ere", dio Peralesek.
Geltoki martxan jartzeko, joan den urtean hasi zuen udalak bidea Nafarroako hainbat eragilerekin. Parte hartu dute, besteak beste, REAS Nafarroa elkarteak, Arrea elkarteak, Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkarteak, Arte para Todos elkarteak, Artisten Auzoa elkarteak, Nafarroako Fiare elkarteak, Landarek, Slow Food elkarteak, NNPE-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak, Gaztelan fundazioak, Emausko Trapuketariek eta Napar Bideak kooperatibak.
Iritzia: Indar bat dabil hemen
Lur Albizu Etxetxipia
Ez dakit zehazki noiz hasi zen dena. Gogoan dut feminista izatea ez nuela zalantzan jartzen, baina aparteko garrantzirik ere ez niola ematen. Hala zen (nintzen?), eta kito. Baina uste dut Gasteizko ostegun batean hasi zela dena. O...
“Lana da bazter ez gelditzeko giltza; gure lana da emakumeei tresnak ematea”
E. Elizondo
Edurne Jauregi da Cocemfe elkarteko kudeatzaile, eta argi du beren lana zein den: ezintasunen bat duten emakumeak laguntzea; haiekin batera egitea urratsak ahalduntzeko bidean. Badaki zaila dela, baina ezinbertzekoa ere bai.Lanak ahalduntze...
Nor bere aldaketaren eragile
Edurne Elizondo
Ezintasuna duten pertsonak multzo bakar batean sartzea zaila dela nabarmendu du Nerea Perezek. "Ezintasun fisikoa, psikikoa eta sentsoriala bereizten ditugu, baina talde horietako bakoitzean ere, hamaika errealitate eta esperientzia badira; nork berea du". Elbarritasun fisikoa du Perezek, 14 urte zituenean diagnostikatu zioten eskoliosiak eraginda. Argi du nork bere egoera eta baldintzak bidelagun dituela, baina, berezitasunen gainetik, errealitateak ezintasuna duten emakumeak batzen dituela uste du: "Ezintasuna dugun emakumeok bazterketa bikoitza sufritzen dugulako, emakume eta elbarri izateagatik".
Bazterketa bikoitz horri egin nahi dio aurre Nafarroako Cocemfek, elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioak. Lana lortzeko ahalduntzea eta aktibazioa izenburuko programa jarri du martxan, ezintasunen bat duten emakumeak enplegua lortzeko bidean laguntzeko. Oraingoz, hamasei emakume ari dira parte hartzen Tuteran; Iruñean ere abian jarriko dute; izena ematera deitu ditu Cocemfek interesa duten andreak. Gero, Lizarrara eraman nahi dute programa, denera 75 emakumeri formakuntza eskaini ahal izateko. Caixaren babesa jaso du Cocemfek egitasmoa garatzeko.
Gisa horretako programa batean aritu zen Perez, iaz. On egin ziola nabarmendu du. "Berdinen arteko espazio bat osatu genuen, esperientziak partekatzeko", azaldu du. Ez ohi du bere elbarritasun fisikoaren berri ematen, baina ezkutatzeko ahaleginik ere ez du egiten. "Gauzak normal-normal hartzeko ordua da", nabarmendu du.
Bizkarreko gaitzak baldintzatu du Perezen egunerokoa nerabezarotik. 38 urte ditu orain. Ikasi du eskoliosiak eragiten dizkion mugekin eta min kronikoarekin bizitzen; familia eta lagunak hurbil sentitu ditu beti; baina bertzelakoa da, Perezen hitzetan, lan mundua: hor aurkitu du etsai giro handiena. Esparru horretan ere, bertze guztietan bezala, nor bere aldaketaren eragile izateko beharra nabarmendu du Perezek, halere, oztopo guztien gainetik.
Nafarroan, Cocemfek esku artean dituen datuen arabera, ezintasunen bat duten 25.000 emakume badira; hau da, ezintasuna duten pertsona guztien %58 dira andreak. "Langabezia tasa handia da ezintasuna dutenen artean, eta are handiagoa emakumeon artean", nabarmendu du Perezek. Ezintasunen bat dutenen langabezia tasa, hain zuzen ere, ezintasunik ez dutenena halako bi da.
Zailena, eustea
Lanak, baina, "dena markatzen du". Horixe nabarmendu du Perezek. Enpleguak ematen duela nork bere gaitasunak garatzeko aukera, autonomia lantzekoa, ahalduntzekoa. Lana lortzea baino zailagoa da enplegu horri eustea, Perezen hitzetan. "Auzitan jartzen zaituzte etengabe", salatu du.
"Ni beti saiatu naiz gauzak egiten; ikasi ahal izan dut, eta hamaika lan izan ditut". Gizarte laneko ikasketak egin zituen Perezek, eta esparru horretan egin nahiko luke lan, batez ere. Orain, halere, administrazioarentzat ari da. "Negozio bat ere jarri nuen martxan, bost urtez, baina utzi egin behar izan nuen; langile autonomoa izatea edozeinentzat da gogorra, baina, ezintasun bat baduzu, ia ezinezkoa da".
Lan fisikoak egiteko ditu mugak Perezek; ezin du zamarik hartu. "Egin izan dut, bai eta ondorioak sufritu ere". aitortu du. Gaixo agiria hartu behar izan du haurdunaldiak eragindakoez osatzeko. Hamasei hilabeteko alaba zaintzeko lana ere gogorra da Perezentzat. "Bularra eman diodanez, gainera, ezin izan ditut mina kentzeko botikak hartu".
Hainbat ebakuntza egin dizkiote Perezi, eskoliosia diagnostikatu ziotenetik. Kortseak jantzi behar izan zituen nerabezaroan, lehendabizi; bizkarrezurrean inplanteak jartzeko ebakuntzak egin zizkioten, gero. Denera, hiru. "Hasierako inplanteak hautsi egin zitzaizkidan, oraindik hazten ari nintzelako jarri zizkidatenean. Berriak jarri, eta infekzioa eragin zidaten".
Argi utzi du ezintasun bat dutenentzat ez dela erraza gaixo agiria eskatu behar izatea. "Izan ziur behar dugunean baino beranduago eskatzen dugula, eusten saiatzen garelako. Gehiago ezin dugunean hartzen dugu". Onartu du enpresentzat ez dela atsegina langileek gaixo agiria hartu behar izatea, baina gaixoaldia langileen eskubidea dela nabarmendu du. "Enpresentzat, gainera, badira ezintasuna dutenak kontratatzeko laguntzak", gogoratu du.
Anitzetan, nagusiek ez ezik lankideek ere ezintasuna dutenen hitza eta lana auzitan jartzen dituztela azaldu du Perezek. Ez hori bakarrik. "Kexatzeko arrazoirik ez dugula erran ohi digute, gu kontratatzeagatik diru laguntza horiek daudenez ustez gu hartzen gaituztelako lehendabizi enpresek. Finean, bertze norbaiti lana kentzen ari garela leporatu ohi digute; guk lan egiteko eskubiderik izanen ez bagenu bezala", salatu du Perezek. Gogoratu du administrazioko langileek sinadurak bildu zituztela ezintasuna dutenak kontratatzeko diskriminazio positiboaren aurka, eta parlamentura eraman zituztela. "Halakoekin gizarte osoak egiten du atzera".
Gisako egoerei aurre egitea ez da samurra. Perezek, halere, argi du ezinbertzekoa dela lan egitea. "Gustuko dugun lana aurkitzen ez badugu ere, uste dut garrantzitsua dela gauza bat edo bertze egitea; aritzea. Lanak autonomia ematen digu. Balio dugula erakusteko aukera ematen digu".
Horri buruz inolako zalantzarik ez du Perezek: ezintasuna izan edo ez, nork bere gaitasunak, nork bere ahuleziak eta indarguneak dituela. Eta azken horiei etekina ateratzea dela gakoa. Ezintasuna izan edo ez.
Lan mundura iritsi aurretik ere egin behar izan die aurre Perezek bertzeen aurreiritziei. "Diagnostikoa jaso aurretik ere, eskolan kirola egiten ez zuena nintzen ni. Nekatuta nengoela erraten nuenean, ezin nuela erraten nuenean, orduan ere auzitan jartzen zuten nire hitza". Kirolik ezin du egin Perezek orain, eta horren falta sumatzen du.
Bere esku diren tresnak eta esperientziak jarri ditu, halere, mahai gainean. Bidea hori dela uste du. Eta, batez ere, ezintasuna duten emakumeei dagokiela beren erabakien ardura hartzea. "Eragile aktibo bilakatu behar dugu". Auzitan jartzen dituztenen jarrera agerian utzi du; agerian, halaber, gehiegizko babesa behar dutela uste dutenena. Bazterketen aurka altxatzeko prest da.
Nafarroako idazleen loraldia
Kattalin Barber
Etenik gabeko emaria du Nafarroako literaturak gaur egun. Inoiz baino idazle eta lan gehiago daude herrialdean, eta horren adibide da sortu berri den Nafarroako Idazleen Elkartea. Aurkezpen gisara, eta Liburuaren Eguna ospatzeko, elkart...
Arriskuak ez baitu mugarik
Edurne Elizondo
Ebroko Ur Konfederazioak berak erran du: Zangoza aldean egin nahi duten Muga meategiak Esako urtegiaren segurtasunari eragiten ahal dio; modu nabarmen batean, gainera, erakunde horrek egindako txostenak jasotzen duenez: agiriak dio enpresak kontrol sistema zehatzak ezarri beharko lituzkeela, eta, behar izanez gero, "esplotazioa bertan behera utzi".
Geoalcali SL etxeak bultzatutako proiektua da Muga. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke proiektua. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea. Egitasmo horren aurkako plataformak 400 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkion proiektu horri, 2015eko udan, inguruan eragiten ahal zituen arriskuengatik. "Guk mahai gainean jarritako arrisku horiek berresten ari dira orain egindako txostenak", erran du plataformako kide Enrique Mirandak.
Ebroko Ur Konfederazioak egindakoa eskuratu ahal izan dute plataformako kideek, hain zuzen ere. Ez dira erakunde horrek egindako lanak bakarrik jasotzen txosten horretan. "Bertze hainbat elkartek egindakoak ere badira"; bertzeak bertze, Espainiako Geologia eta Meategi Institutuak eta Espainiako Geografia Institutu Nazionalak egindakoak. Denek bat egin dute kontu batean: Muga meategiak Esako urtegiari eragiten ahal dizkion arrisku egoerez ohartarazi dute.
Nafarroako aurreko gobernua hasi zen Muga meategia martxan jartzeko proiektua tramitatzen, 2015eko ekainean. Egin beharreko urratsetako bat da egitasmo horrek ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena osatzea. Hori betetzeko eskatu zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostena. Iazko ekainean aurkeztu zuen erakunde horrek, baina berriki jaso dute meategiaren aurkako plataformako kideek. "Alegazioak aurkeztu arren, ez genuen txostena zuzenean jasotzeko eskubiderik; azkenean, Nafarroako Parlamentuari egin genion eskaera, Nafarroako Gobernuari eska ziezaion, eta horrela eskuratu ahal izan dugu", azaldu du Mirandak.
Faila eta pitzadurak
"Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenak argi eta garbi erran du Geoalcalik egindako ikerketak ez direla inondik inora nahikoak", nabarmendu du Mirandak. Gogoratu du Muga meategia Esako urtegitik kilometro ingurura egonen litzatekeela, eta, bertzeak bertze, Xabier herri azpian eginen lituzketela zuloak. "Azpiegitura horrek sismikotasunean zer-nolako eragina izanen lukeen, adibidez, ez du aztertu enpresak", gaineratu du. Loitiko faila dago inguru horretan, hain zuzen ere. Enpresak dio meategia faila horretatik hegoaldera eginen luketela. "Txostenak agerian utzi du, ordea, faila horrek badituela pitzadura perpendikularrak, eta, hain zuzen ere, urtegitik meategiraino doazela".
Ebroko Ur Konfederazioak ohartarazi du meategiak sismikotasunari eragiten ahal diola, eta nabarmendu du urtegiko magalei ere kalte egiten ahal diela proiektuak. "Txostenak dio, gainera, garaian garaiko datuak jaso baino, denbora tarte batez gertatzen denaren berri jaso beharko lukeela enpresak", erantsi du plataformako kideak. Hau da, hainbat urtez jaso beharko lituzketela datuak, ondorioak zehaztu ahal izateko.
"Bitxitzat" jo du Mirandak Ebroko Ur Konfederazioak berak egiten ez duena eskatzea Muga proiektua bultzatzen dutenei, baina erakunde horrek egindako txostena "sendotzat" jo du meategiaren aurkako plataformak. "Urtegiko arduradunek argi eta garbi erran dute kezka handia badutela, eta meategiak hondamendia eragin lezakeela", azaldu du Mirandak.
Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenak mahai gainean jarri du, bertzeak bertze, meategiak urtegia husteko dagoen arriskua. "Gerta daiteke urtegiko ura sartzea meategian, eta horrek hondamendia ekar dezake". Mirandak adierazi du, bertzalde, konfederazioak erran duela jada Geoalcalik ezin izanen duela bete gatza toki batean pilatzeko duen asmoa. "Halako gatz multzoek ondoko ibaiei kalte egiten ahal diete; hori gertatu da hainbat tokitan".
Meategiak eragiten ahal dituen kalteak mahai gainean jarri ditu Ebroko Ur Konfederazioak, eta berretsi ditu, modu horretan, proiektu horren aurkako plataformakoek 2015ean errandakoak. Konfederazioak informazio gehiago eskatu dio enpresari, eta Mirandak argi du proiektua hutsetik hasi eta jendaurrean aurkeztu beharko luketela, berriz ere, aurrera eginez gero.
Zangozako herritarrak ere aspaldi hasi ziren Esako urtegia handitzeko lanak ekartzen dituzten arriskuez ohartarazten. Urtegiko bi magalak mugitzen direla ziurtatu dute adituek. Arrisku horiek gogoratu eta salatuko dituzte maiatzaren 27an, Iruñean: manifestaziora deitu du Esa + Ez Lanak Gelditu plataformak.
Harri zelatariak
Tania Arriaga Azkarate
Cibecue komunitateko apatxeek, duela 40 urte inguru, antzinako ohiturei eusten zieten. Besteak beste, Keith H. Basso antropologoak mendebaldeko apatxe herriaren toponimia eta hizkuntza aztertu eta bere idazkietan horrela jakinarazi zigun. Adibidez, herrixken inguruko bazterren izenek, hala nola mendi-tontorreko-harri-zuriek; baso-zabalaren-azken-haritzek; errekaren-bihurgune-itxi-ospelek; urrutiko-haitzulo-estu-isilek zein errekarri-zaratatsuek arbasoei eta arbasoen arbasoei gertatutako pasadizoak gordetzen zituzten. Bassok zioenaren arabera, apatxeek gizonen bati buruz intzestu jokaeraren susmoa zutenean "han-goian-multzoka-etzanda-dauden-haitz-latzetan-gertatutakoa" aipatzen zioten. Gisa berean, taldeko norbaitek gizarte ohiturak urratzen bazituen, "cottonwood-zuhaitz-handiek-hemendik-eta-handik-altxatzen-dira" kontakizuna erraten zioten. Lurrak, haizeak eta urak komunitatea kokatzen laguntzen zuten, eta tribuko zaharrek aipatutako kanala sarri erabiltzen zuten gazteak ongi bideratzeko. Istorio horiek entzulearengan zenbait ondorio izaten zituztela ziurtatu zigun antropologo estatubatuarrak. Zazpi efektu aipatu zituen, eta hiru ekarri ditut: "istorioak geziak bezala jaurtiak" zirela, "naturak herriari erakusten diola zuzen nola bizi" eta "istorioak jendea zauritzen eta haiengan lan egiten" zutela.
Iruñera nahi baino gutxiagotan etortzen naiz, baina iristen naizen bakoitzean karrikek, eraikinek, parkeek, erakusleihoek... istorioekin agurtzen naute. Herrimin, malenkonia eta emozioak jota ibiltzen naiz kalez kale; alabaina, Iruñean frankismoa erretinan kolatua dugu Victor Eusaren bistako adreilua dela medio. Begirada pixka bat altxatuz gero, nire adineko iruindar gehienok San Cristobal izenarekin ezagutu dugun Ezkaba mendia dago. Txikitako auzokideekin hainbatetan igo gara meriendatzera, haserrealdiak epeltzera edo bizikletaz ibiltzera. Gogoan dut, bidean gora, txirrion izeneko zabortegi ilegala zegoela. Han, koltxoi, obra-hondakin eta bainuontzi herdoilduak sakabanatuak zeuden. Bagenekien hura ezin zela ukitu, bidearen bukaeran zegoen gotorlekuari buruz galdera askorik ez genuela egin behar genekien bezala. Ezkabak, 80ko hamarkadan, gaztetxooi ez zigun solas egiten apatxeei haien inguruek egiten zieten moduan. Gotorlekua mutu zegoen; hori bai, mamuz beterik. Soilik arima gutxi batzuk ikus zitzaketen mamu deserriratuok; arima gaixoak, gaixoak mamuak. Martin arimak ikusteko ahalmena duen gutxi horietakoa da, eta sufrikario hori gainean eraman behar izan du, isilean.
Ostitzen, Burutainerako bide zaharra hartu eta eskuin aldera bidexka bat dago. Hortik 30 metrora, 1938ko maiatzaren 22an, gotorlekutik ihes egin zuten 795 presoetatik hamar edo hamabi lagun fusilatzen ikusi zuen Martinek; 7 urte zituen. Eskolatik haurrak atera, eta Arletako zubira eraman zituzten erailketak ikus zitzaten. 80 urtez, Martinek iheslarien istorioa "gezi bat bezala jaurtia" barreneraino sartua eraman du. Orain, hildakoei etxea eman die hobi komuneko harriak identifikatuz eta gertatutakoa kontatuz. Gibeletik gatozen belaunaldi berriok zin egiten dizugu ez dugula Arletako zubiko istorioa ahantziko. Gure apatxe miretsiek erranen luketen moduan, "istorioak jendea zauritzen eta haiengan lan egiten baitute". Milesker, Martin.
“Musikak berak nire jatorrira eta sustraietara eraman ninduen”
Kattalin Barber
Altsasu du bizitoki eta sorterri. Han jaio zen Enrike Zelaia, 1939. urtean, eta han mintzatu da musikaz, kulturaz eta identitateaz, besteak beste. Etxeko paretek gordetzen dituzte urte hauetan guztietan jasotako sari eta omenaldiak. Ez dira gutxi. Instrumentista, moldatzaile, konpositore, folklorista, ikerlari eta historialari gisa egin ditu lanak, Euskal Herriko kultura eta ohiturak sustatzen, sentsibilizatzen eta berreskuratzen. Erretiroa hartu bazuen ere, noizbehinka hartzen du akordeoia, eta ez du atsedenik hartzen bere herrian. Hitz errazekoa da Vianako Printzea sarirako hautagaia.
Herrian eman zenuen haurtzaroa, eta bertan hasi zinen musika ikasten. Zergatik aukeratu zenuen akordeoia?
Ez nuen nik erabaki, amak baizik. Haren aginduz, urte luzez egon nintzen musika ikasten. Klarinetea jotzen hasi nintzen, baina zaharra zen, eta, behin, aita eskusoinu batekin agertu zen. Hortaz, jotzen hasi nintzen, baina garai horretan niretzat akordeoia ez zen berezia. Egin behar nuelako egiten nuen.
Hala ere, gazte zinela nabarmendu zinen musikan. Zer-nolako oroitzapenak dituzu?
14 urterekin, jaietan, ezkontzetan eta jaunartzeetan ibiltzen nintzen akordeoia jotzen, hemendik hara. Behin, Urdiaingo kintoetara joan nintzen, eta gogoan dut oinez joan eta oinez itzuli behar izan nuela Altsasutik. Garai horretan akordeoia orkestra bat zen: ez zenuen instrumentu gehiagorik behar. Ongi jotzen nuela esaten zidaten, eta amak Zumarragara ikastera bidali ninduen. Han, Jesus Bastidarekin ikasi nuen, eta bete-betean aritu nintzen musikaren esparruan. Herri musika alde batera utzi, eta musika kultua hasi nintzen jotzen. Rossiniren L'italiana in Algeri izan zen ikasi nuen lehen pieza, eta horrekin joan nintzen lehiaketa askotara. Oroitzapen oso onak ditut. Ongi jotzen nuen, baina mekanikoki egiten nuen dena.
Garai horretan oraindik ez zenuen akordeoia propio sentitzen. Noiz gertatu zen aldaketa?
Hainbat lehiaketatara aurkeztu nintzen, eta lan ona egin nuen. 1958an, Espainiako akordeoi lehiaketa irabazi nuen, eta, hurrengo urtean, Paviako nazioarteko jaialdian bigarren saria eskuratu nuen. Ezaguna izaten hasi nintzen, eta horrek bultzatu ninduen. Energia handiz jotzen nuen, eta nik uste dut entzuleek hori nabaritzen zutela. Ni ere barneratzen hasi nintzen jotzen nuena.
Teknika menperatzeaz gain, zure lanek harago joateko gaitasuna dute. Nola lortu zenuen?
Izan ditudan irakasle guztiek erakutsi ez didaten gauza bat izan da. Akordeoiaren eragozpen bat hauspoa da. Jotzen hastean, ezin nituen notak nahi nituen bezala jo, haizea bukatzen zitzaidalako eta ezin nuelako jarraitu. Soinua mozten zen. Hortaz, konturatu nintzen hauspoa, soinua sortzeaz gain, badela tresna soinu hori nola adierazteko ere. Soinua ñabartzen du hauspoak. Orduan hasi nintzen eskusoinua menperatzen, eta modu desberdinetan adierazten, jotzen. Maitatzen hasi nintzen akordeoia. Egun batean, gainera, musikarekin inoiz izan dudan sentsaziorik bereziena sentitu nuen, plazer hutsa. Musikarekin flotatzen nuela konturatu nintzen. 18 urte izanen nituen, eta ez nekien zer zen sentsazio hura, baina zerbait oso berezia zen. Hortik aurrera dena aldatu zen.
Horrek zure ibilbidea zeharo markatu zuen?
Orduan ikasi nuen zer egin behar nuen mundu honetan nabarmentzeko. Soinuarekin fusionatu nintzen ni, eta ni nintzen instrumentua, objektu fisikoa desagertzen zen. Musikari gutxik lortzen dute hori, eta uste dut zaila dela akordeoiarekin bereziki lortzea. Akordeoiaren aztia deitzen ninduten. Kontzertuak ematen hasi nintzen; bereziki, Gipuzkoan. Arrakasta nuen, baina konturatu nintzen hemen ezin nintzela horretaz bizi, ezin nuen musika ogibide bihurtu. Nik musika kultua jo nahi nuen, eta Madrilera joatea erabaki nuen, abentura bila.
Jasotako sari guztiek ateak ireki zizkizuten Madrilen?
Hori esan zidaten, behintzat. Telebistan eta irratietan lan egin nuen, ikuskizunetan. Kontua da han eskaini zizkidaten aukera guztiak ahitu nituela, eta ezin nion jarraitutasunik eman nire musikari. Bartzelonara joan nintzen, baina gauza bera gertatu zitzaidan. Urte horietan, hain justu, zerbitzu militarra egin behar izan nuen, Afrikan. Bat-batean, musikan egindako lan guztia urtebete eta erdian alde batera utzi behar izan nuen. Frustratuta nengoen, noraezean.
Altsasura itzuli zinen gero, eta musika akademia bat ireki zenuen. Ez zenuen aukerarik ikusten kontzertuak emateko?
Bai, eta hori baino lehenago familiak zuen tabernan aritu nintzen urte luzez. Kontzertuak ematea ez zen bideragarria, eta etsita nengoen. Aldi berean, ez nuen pikutara bidali nahi nire esperientzia guztia, eta musika akademia bat sortu nuen. Baina arazo bat ekarri zuen horrek: ikasleak nabarmentzen hasiak ziren, eta etorkizunaz galdetzen zidaten. Ez nintzen zintzo ari, bai banekien etorkizuna latza zela.
Hala ere, oraindik onena gertatzear zegoen. Nola irauli zenuen egoera?
Garai horretan izan nituen diskoak grabatzeko lehenengo proposamenak. Lehena oharkabean igaro zen, baina bigarrenak, ez dakit zergatik, egundoko arrakasta izan zuen. Festival Vasco lanari buruz ari naiz. Oraindik ere entzuten eta saltzen da. Harrigarria izan zen, nik ez nuen horrelako arrakastarik espero, inolaz ere ez.
Zergatik uste duzu izan zuela hainbesteko arrakasta?
Hori ikertzen hasi nintzen. Oso ongi jotzen nuen, eta, horretaz gain, modu berri batean aritzen nintzen. Hori erakargarria zen oso. Lengoaia musikala eta espresio propio bat garatzen hasi nintzen, eta, horren bidez, entzuleen zuntz sentikorra ukitu nuen, muinean jo nuen. Haiek propio sentitzen zuten lengoaia erabiltzen nuen.
Horren ondotik, Euskal Herriko herrialdez herrialdeko folklorea zazpi diskotan bildu zenuen Zazpiak Bat izenburuko bilduman. Muinean jo, eta batasunaren mezua zabaldu zenuen.
Euskal musika kultua egin nahi nuen, baina herritarrek darabilten lengoaiarekin. Kontua da zaila izan zela, ez zegoelako inolako errepertoriorik. Mende erdian baino gehiagoan herri akordeoilaritzan aurrekaririk gabeko errepertorioa sortu behar izan nuen, sustatu eta zabaldu. 18 urte inguru ibili nintzen lanean, eta giltzarri izan zen: Nafarroan hasi, eta Euskal Herriko lurralde guztietako musika jaso nuen. Lekuan lekuko folklorearen arrastoetan arakatzea zen lehendabiziko lana, eta Resurreccion Maria Azkuek eta Aita Donostiak egindako ikerketa guztiak hartu nituen oinarri. Horiek izan nituen inspirazio iturri euskal musika sortzeko. Nafarroan, adibidez, 600 titulu lortu nituen, eta horietatik hamabi bakarrik aukeratu behar izan nituen diskorako. Musikalki bada ere, zazpi lurraldeak bateratzea lortu nuen, hori zen xedea. Herrialde bakoitzak ehunka urtean gorde dituen doinu esanguratsuenak aurki daitezke Zazpiak Bat bilduman.
Lan horrekin ere hasi zinen garatzen urte luzez garatu zenuen beste alderdi bat: identitatea. Musikak eraman zintuen horretara?
Bai, orduan ere konturatu nintzen ni euskalduna nintzela. Aldez aurretik ez nekien. Nik euskal musika jotzen nuen, baina ez nuen nirea sentitzen. Liburu klandestinoak irakurtzen hasi nintzen. Bitxia da, musikak nire jatorri eta sustraietara eraman ninduen, euskaldun izatera. Esan beharra dugu nondik gatozen, non gauden, nora goazen, bai eta zer nahi dugun ere. Horren isla da Zazpiak Bat bilduma. Eta hori transmititzea lortu nuen, barne-barnean joz.
Altsasun, zehazki, inauteriak, folklorea, herri kantagintza eta mitologia berreskuratu zenituen.
Azken finean, hori da herri baten identitatea osatzen duena. Hemen dantzatzen zen, baina ez genekien dantza horien jatorria. Nondik datoz? Hari horri tiraka egin ditut ikerketa guztiak. Kontua da hemen galtzen ari ziren tradizio guztiek identitate argi bat zeukatela. Nik jakin behar nuen zein zen gure jatorria. Ez ziren garai errazak, baina berreskuratu behar genituen tradizioak, eta zeudenei eutsi. Mundu erdia ezagutu dut akordeoiarekin, baina nire benetako etxea Altsasu izan da beti. 21 abesti eskaini dizkiot nire herriari. Gozamen hutsa izan da alderdi hori garatzea.
Urte hauetan guztietan, hamaika omenaldi izan dituzu, eta aurten Nafarroako Viana Printzearen sarirako hautagaia zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Nik baino gehiago, saria Altsasuko herriak merezi du. Lan handia egin dugu Altsasun, guztiok herria propio sentitzeko, hemengoekin eta baita kanpotik etorri direnekin ere. Hori garaipena da. Guztiok herrian parte hartzen dugu, sentsibilitate desberdinekoak izanik ere. Herriaren batasuna lortu dugu, eta guztiok maitatzen dugu Altsasu. Sariak hori indartzeko balioko luke.
Hilabete zailak izaten ari zarete Altsasun, baina herriaren batasuna agerian da.
Bolada zaila izaten ari da, oso latza; halakoetan ikusten da zehazki nolako herria den Altsasu. Bat egin dugu, eta herriko jendeak jaso du babes hori, elkar laguntzen dugu. Inoiz baino elkartuago egon behar dugu.
Euskal musikako akordeoilari mugimendu bat sortu nahi zenuen, baina ez zenuen denborarik izan. Horri ere segida emanen lioke sariak?
Bai. Nik ez nuen obra bukatu, eta dagoeneko ezin dut. 2004an hartu nuen erretiroa. Egindako lan guztiak argitaratuko nituzke, oraindik ere ez dagoelako ezer idatzita, eta gure ondarea da. Orain sare sozialetan murgilduta nago; egindako lanak sustatzen jarraitzen dut, baina akordeoiak etorkizuna du. Horren berri eman nahi dut; belaunaldi berriei esan identitate musikaletik gauza asko egin daitezkeela. Niri fruituak eman zizkidan, eta, norbaitek esentzia hori lantzen badu, muinean jotzen badu, arrakasta izanen du.