Nafarroa

Zirkua denon ogiaz pagatzen

"Osasunak plan ekonomiko serio bat aurkeztu zigun, eta guk onartu egin genuen Parlamentuan, uste baitugu Osasunari laguntza eman behar zaiola. Finean, Osasuna benetan maite dugunak UPN, PSN eta PP garelako". Yolanda Barcina presidenteak iragan azaroan egin zituen adierazpen horiek Television Española kate publikoan, talde gorritxoa ekonomikoki erreskatatzeko legea onartu ostean. Esaldi horrekin, agerian gelditu zen, Barcinarentzat, alderdi politikoak bi multzotan sailkatuak daudela: alde batean leudeke Osasuna maite dutenak; bestean, maitasunik ez diotenak.

Maitasun hori, ordea, polemika mikatz baten erdigunean dago orain, Osasuna auziko inputatu batzuek adierazi baitute Nafarroako Ogasunak bazuela klubeko agintariek egindako negozio ilunen berri. Deklarazio horiek ekaitzaren begian jarri dituzte UPNren gobernuko zenbait kargudun. Izan ere, Osasunarena ez da futbol talde baten barruan gertatutako ustelkeria kasu hutsa. Erpin anitzeko eskandalua da, eta hainbat faktore nahasten dira bertan.

ZER DA 'OSASUNA AUZIA'?

Bi hari nagusik osatzen dute Osasunaren inguruan sortutako mataza iluna: batetik, Iruñeko 2. instrukzio epaitegian ikertzen ari diren ustelkeria kasua (horri deitzen zaio Osasuna auzia); eta bestetik, auzi ekonomikoa edo zorrari dagokiona.

Osasuna auziak klubaren egungo zuzendaritzak eginiko salaketa du abiapuntu. Horren arabera, 2,4 milioi euro atera ziren Osasunaren kontuetatik azken bi denboraldietan, eta ez dago horien arrastorik ez justifikaziorik. Fermin Otamendi epailearen ustez, berriz, falta den kopurua handiagoa da: 3,7 milioi euro.

Angel Bizkai 24 urtez Osasunaren kudeatzaile izandakoak LFP Espainiako Futbol Liga Profesionalari aitortu zion 1,6 milioi euro erabili zirela sei partidatako emaitzak "erosteko". Ordainketak, ustez, bi higiezin kudeatzaileri zein Portugalgo Madeira uharteko Flefield sozietateari egindako fakturen bidez ezkutatu ziren. Baina delitu hori konfirmatuko balitz ere, diru asko galdu da bidean. Zehazki, 800.000 eta 2,1 milioi euro artean. Dirutza hori noren poltsikoan dagoen ikertzen ari da epailea orain.

ERANTZULEAK

Otamendi epaileak Patxi Izkoren eta Miguel Artxankoren zuzendaritzetako kideak jo ditu Osasuna auzia-ren erantzule nagusitzat, eta dagoeneko 12 pertsona inputatu ditu. Behin-behineko espetxealdia ezarri zien Artxanko presidente ohiari eta Txuma Peralta kudeatzaile ohiari —iragan den asteartean atera zen Artxanko kartzelatik, 500.000 euroren bermea ordainduta—. Horiez gainera, Osasunako beste hainbat kargudun ohi inputatu ditu epaileak: Izko, Bizkai, Jose Manuel Purroy, Juan Pascual, Diego Makirriain...

Erantzukizun zuzenaz harago, prozesu judizial honek agerian utzi du zeharkako erantzukizuna ere izan zutela beste hainbat erakunde eta kargudun publikok. Hala, Izkok eta Bizkaik epailearen aurrean azaldu zutenez, Nafarroako Ogasunak bazuen jarduera irregular horien berri, eta "beste aldera begiratu zuten".

Zehazki, Izkok adierazi zuenez, Ogasunak ikuskapen akta bat hasi zuen, klubak 500 euroko billeteekin egindako 300.000 euroko diru mugimendu batengatik, baina "kontseilari batek" espedientea geldiaraztea lortu zuen. Aurretik, Bizkaik esan zuen "Ogasun Departamentuko zerga-ikuskatzaile bat" ere jakinaren gainean zegoela eta operazio ilunak justifikatzeko laguntza eman ziola.

Ustelkeriaren lohiarekin zikintzeko arriskua ikusita, Nafarroako Gobernuak nahiago izan du ezjakinarena egin: "Ez dut horren gaineko informaziorik" esan du Lurdes Goikoetxea Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, bere departamentuaren inplikazioaz galdetu diotenean. Yolanda Barcinak, berriz, erantzukizun oro saihestu du, pilota Miguel Sanzen teilatuan utzita: "Nik dakidana esan dezaket, eta gobernu honek egiten duenaren erantzule naiz bakarrik". Iragan astean, Patxi Izkok eta Miguel Sanzek elkarrekin bazkaldu zuten Iruñean, baina Sanzen esanetan, "kasualitate hutsa" izan zen.

ZORRAREN AUZIA

Zalaparta mediatiko txikiagoa sortu du Osasunaren zorrari lotutako polemikak, baina desagertutako diru kopuruari eta dimentsio politikoari erreparatuta, ustezko iruzurren auzia baino larriagoa izan daiteke.

Izan ere, 2002. urtean Patxi Izko Osasunako presidentetzara iritsi zenean, talde gorritxoaren zorra 19,88 milioi eurorena zen. Iaz, berriz, horren laukoitza: 80 milioitik gorakoa. Bitarte horretan, Osasunak bere historiako kirol emaitza onenak eta lorpen handienak erdietsi zituen.

INSTITUZIOEN ARDURA

Zorraren pilatze neurrigabea ezin uler daiteke, Nafarroako Gobernuaren, legebiltzarraren eta Nafarroako Kutxaren inplikazioa aintzat hartu gabe: CANek hipoteka mailegua eman zion Osasunari 2003an, zorra berriro finantzatzeko. Urte horretan, parlamentuak foru lege bat babestu zuen, klubak zorrari erantzuten ez bazion gobernuak zorraren bermea aurkez zezan. Lege hark Ekonomia Departamentuari baimena ematen zion Osasunaren finantza operazioak zorrotz ikuskatzeko, baina gobernuak ez du inoiz halakorik egin, zorra etengabe pilatu baita ordutik. Iazko udazkenean jakin zen klubaren zorra 80 milioi euro zela eta, horietatik, 53 milioi zor zizkiola Ogasunari.

Azaroaren 27an, erreskate legea onartu zuten UPNk, PSNk eta PPk parlamentuan, bideragarritasun plan bat edo kontuen ikuskatzea exijitu gabe. Ordaintzeko baldintzak leundu zizkioten Osasunari, eta zorraren zati handienaren ordainean zenbait instalazio ematea (Sadar eta Taxoare) adostu zuten.

“Komunitateak badu elkarren berri edukitzeko beharra “

Sarera eraman nahi du Euskalerria irratiak urteetan uhinetan landutako "topagunea". Horretarako, Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria (www.euskalerriairratia.eus ) jarri du gaur martxan. Juan Kruz Lakasta (Jaka, Espainia, 1970) esatariak hartu du, oraingoz, ardura nagusia.

Zer da Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria?

Euskalerria irratiak Tokikom-ekin (tokiko euskarazko hedabideen elkartea) elkarlanean garatu duen proiektua da. Informazio lokala jorratuko duen webgune bat izango da, independentea, irekia, parte hartzailea eta komunitateari protagonismo handia emango diona.

Zer beharretatik sortua da?

Tokikomek oso metafora polita erabiltzen du: agerkaria ez da izanen hedabidea, baizik eta komunikabidea. Zein da ezberdintasuna? Bada, hedabideak informazioa banatzen duela norabide bakarrean, eta aldiz komunikabidea hari bat dela, bi norabideetan funtzionatzen duena. Aspalditik genekusan beharra Iruñerrian halako bat sortzeko. Zergatik? Iruditzen zaigulako komunitateak geroz eta gehiago duela elkarren berri edukitzeko beharra. Eta Iruñerria bezalako leku batean, non euskaldunok oso sakabanaturik bizi garen fisikoki, halakoak oso garrantzitsuak dira. Urteetan Euskalerria irratiak bete izan du lan hori, topagunearena. Orain bistan da teknologia berriek biderkatzen dituztela aukerak, jendeak elkarren berri izan dezan eta komunikazioa bi norabideetan heda dadin. Iruditzen zitzaigun halako plaza bat irekitzea garrantzitsua zela, eta, gainera, horretarako masa kritikoa bazela. Bitarteko gutxirekin gauza handiak egin daitezke.

Zergatik hartu du Euskalerria irratiak egitasmo honen ardura?

Besteak beste, Iruñeko euskarazko komunikabide bakarra delako. Tokikom halakoak bultzatzen ari zen Euskal Herria osoan, eta bat zetorren guk identifikatzen genuen beharrarekin. Egitasmoa Iruñerrira egokitu beharra zegoen. Beraz, hona ekarri dugu, eta uste dut nahiko egitasmo interesgarria izanen dela.

Eta badu plaza izaera, jende ezberdina bertan topatu dadin.

Bai, noski. Euskalerria irratiak bere mugak ditu, eta argi dago oraingoz Internetik ez duela dirurik ematen. Orain arte irratia egiteko baliatu ditugun bitartekoekin ere egin beharko diogu aurre honi, eta ez da erraza izanen. Baina txunditurik gaude erantzunarekin, ikusi da beharra agerkari horretan komunitate gisa agertzeko. BERRIArekin eta Nafarroako Hitza-rekin hitz egin dugu eta akordioa lortu dugu Nafarroako edukiak ekartzeko; baita Argia-rekin ere. Xaloa telebistak ere ateak zabalik dauzka, aukera duenean sar dadin; baina bistan da orain proiektua abiarazten ari direla, eta ez dela haientzako erraza. Izan ere, Iruñerriko euskaldunok sakabanatuta gaude fisikoki, baina digitalki ere bai, eta badaude barreiatuta dauden gauza oso interesgarriak. Adibidez, Karrikirik agenda itzela du, eta Karrikaluzekoek badute 2.0 izeneko aldizkari zoragarria, baina paperean banatzen da haien eskualdean eta ez du oihartzunik Interneten. Iruñerriko euskara elkarteekin, eragile politikoekin, sindikalekin... jende askorekin hitz egin dugu, eta erantzun zoragarria izan dugu. Oso ongi dago hasi aurretik halako erantzuna izatea. Komunitatearen aldetik ekarpen majoa ia ziurtatua dago.

Komunitateaz galdetu nahi nizun, hain zuzen ere. Zer erantzun espero daiteke Iruñerriko euskaldunen komunitatetik?

Ikusteko dago. Erabiltzaileen aldetik bi baldintza behar dira profila zabaltzeko, euskaraz aritzea eta identifikatzea. Taldeen aldetik erantzuna oso ona izan da, eta batzuk jada martxan daude. Beste indargune bat da Euskalerria irratian iritziaren leihoa landu izan dugula iritzi-emaile talde zabala izateko, eta horiek ere haien profil pertsonalekin sartuko dira agerkarian. Beraz, ikusteko dago jendeak, pertsonalki, zer-nolako ekarpena eginen duen. Ez da erraza, guk uste dugu asko ematen ahal digula, baina ez da erraza. Eta badira ahalegin honetan porrot egin duten egitasmoak.

Hori guztia Interneten eginen duzue. Zertan datza sarearekiko apustua?

Internetek diru gutxi ematen du, baina zerbitzu handia ematen ahal diozu euskaldunon komunitateari. Ez bakarrik ikuspegi soziolinguistikotik, bazik eta komunikazioaren ikuspegitik ere; badu bere zentzua. Garai berezian bizi gara Nafarroan; berria ez dakigu sortuko den, baina argi dago erregimen zaharraren gainbeheraren aitzinean gaudela. Jendeak gauza asko esateko gogoa du, taldeka eta bakarka, eta aintzat hartuta Nafarroako panorama mediatikoa zein den, plus bat eskaintzen ahal diogu euskaldunei. Ez bakarrik euskaraz ariko garelako, baizik eta plaza bat izanen dugulako iritziak trukatzeko, erdaldunek akaso ez dutena.

Zer aurkituko du agerkarira sartzen denak?

Tokiko informazioa landuko dugu, baina ezin ahantz daiteke hiriburuan gaudela, eta, alde horretatik, Nafarroa osoari dagozkion gaiak ere landuko ditugu. Nafarroa ofizialaren berri emango dugu, baina Nafarroa errealaren berri ere bai. Eta tokikoagoa edo zerbitzuzkoa izan daitekeen informazioari ere lekua egin nahi diogu. Oso bateratzailea eta oso soziala izatea nahi dugu. Agendari ere garrantzi handia emango diogu. Eta umoreari ere tartea egin nahi diogu Nafarroa WOW (Nafarroa, the wonder of the world) izeneko atalarekin. Satira, umorea eta ironiaren bidez errealitatearekin lehian aritu nahi dugu. Nafarroan hori gaur egun ez da erraza, azkenaldian errealitateak fikzioa gainditzen duelako.

LOMCEzaleen pasio eskasia

Ez dakit jakinaren gainean egonen zareten —akaso zer edo zer entzun edo irakurriko zenuten—, baina gure ikastetxeen inguruetan LOMCE izeneko bele beltz bat dabil bueltaka, karranka egiten. Bele itsusi hori pausatua da dagoeneko Lehen Hezkuntzan, eta heldu den ikasturtean Bigarren Hezkuntzan ere gelditzeko asmoa du.

Aurreko astean, Nafarroako Gobernuak, David Herreros Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ahotik, institutuetako zuzendariei azaldu zien nola banatuko dituen bele horrek orduak Bigarren Hezkuntzako ikasgaien artean. Azalpenak eman aurretik, Herrerosek adierazi zuen saiatu direla, LOMCEk aukera ematen dien heinean, ikasgai zerrendak ahalik eta gutxien ukitzen.

Eta egia erran, lehen begiratuan bederen, ez dirudi gauzak gehiegi aldatu dituztenik. Konparazio batera, Plastika, Teknologia eta Musika irakasleak beldurraren beldurrez zeuden, ez ote ziren haien ikasgaiak desagertuko. Baina ez. Nafarroako Gobernuak egin nahi duen banaketaren arabera, ikasgai horiek ez dute karga lektiborik galduko. Hori hala da.

Klasista dela. Atzerakoia. Alderdikoia. Neoliberala. Sexista. Espainolista. Merkatu kapitalistaren aginduetara makurtua. Halakoak erraten ahal dira —eta erraten dira— LOMCEren inguruan. Baina ikasgai zerrendan ez dugu gauza handirik aurkituko adjektibo horien argudioak indartzeko —ez bada Erlijioaren aferan—. Areago joan behar dugu. Gehiago irakurri behar dugu legea, ez bakarrik azalean gelditu.

Irakaskuntzan egiten dut lan. Baina onartu behar dut, aita, bekatari izan naizela, eta ez dudala orain arte LOMCEren lege testurik irakurri. Bai, konfesatzen dut legearen aurkakoek idatzi dituztenak nahiko izan ditudala neu ere aurka egoteko. Eta ez dut lege testurik irakurri, sinetsita nagoelako LOMCEk ez duela sobera bide luzea izanen.

Ez naiz bakarra. Hemen kontatu izan dut irakaskuntzan lan egiten dugun asko San Antoniori kandelak jartzen ibiltzen garela. San Antoniori eta haren lagunei: PP, UPyD, UPN, Foro Asturias eta Ciudadanos ez bertze talde politiko guztiei. Erran nahi baita sinetsita gaudela urte bukaerako Espainiako hauteskundeetan LOMCEren aldekoek ez dutela gehiengoa lortuko, eta, beraz, lege berria bertan behera utziko dutela gobernua eskuratzen dutenek.

Eta ez gara bakarrak. Ikusi beharko zenukete zein gogo faltarekin eman zituen azalpenak Herrerosek aurreko astean. Egia da Herreros ez dela preseski bestako mutilik alaiena, baina Hezkuntza zuzendari batek berotasunez mintzatu beharko luke hezkuntza erreforma baten inguruan, batez ere erreforma egin dutenen soka ideologiko berekoa baldin bada.

Bada, ez. Berotasunik ez. Alaitasunik ez. Grinarik ez. Kontrakoa baizik. Ematen baitzuen gogogabeturik zegoela. Eta hitzez ez zuen erran, noski; baina, bere jarrerarekin, Herrerosek nola edo hala aditzera eman zuen benetakoa dela irakaskuntzan bolo-bolo dabilen zurrumurrua: Nafarroako Gobernuak ere susmatzen duela LOMCEk ez duela bizitza luzea izanen. Halabiz!

32.000.000

32.000.000

OSASUNAREN ZORRAREN HANDITZEA LAU HILABETEANArgitzen doaz, gutxika, Osasuna eta Nafarroako Kutxaren arteko harreman ekonomikoen gaineko xehetasunak. Taldeak 22,7 milioi euroko zorra zuen finantza erakundearekin 2009ko irailean, azken horrek emandako k...

“Kalteak zenbakaitzak dira”

Etsiturik so egiten dio Rufino Martinezek (Mendabia, 1968) lokatzak estalitako lursailari. Duela hilabete eskas, letxuga eta zerba kimuen itsaso batek berdez margotzen zituen soro amaigabe horiek. Orain, ale bakan batzuk antzeman daitezke, ur marroietatik burua ateratzen. "Kalteak zenbakaitzak dira. Uzta hau guztia galduta dago jada, baina baita hurrengoak ere, datozen hilabeteetan ezin izanen baitugu ezer landatu", dio. Martinezek ez du bere burua laboraritzat. Baina laboraria da. Kamioilari lanbidea utzita, bederatzi hilabete daramatza lurra lantzen. "Eta orain, hau".

Ez da kexu, hala ere. Soldatapeko behargina denez, ezbeharrak ez dio kalte ekonomiko zuzenik ekarri, beste nekazari askori ez bezala. "Badira ni baino okerrago dauden asko. Baratze edo lur sail propioak dituzten laborari askorentzat, galera izugarria izan da". Ez denentzat, ordea. Piperraren edota zainzuriaren sektorean lan egiten duten nekazari eta enpresa handiek gaitasuna dute ureztatze sistema modernoak ezartzeko eta, ondorioz, negutegiak nahiz baratzeak ibaiaren inguruetatik urruntzeko. "Nekazari txikiak izan dira gehien kaltetuak".

Eskuarekin agur egin dio lokaztutako eremua ikuskatzen ari den lagun bati. Jose Angel Sancho da (Iruñea, 1968). Sortzez iruindarra da, baina bizitza osoa darama Mendabian. Urte horien erdiak baino gehiago, laborantzari emanak. Ez du gogoratzen otsailaren 3ko uholdearen parekorik, baina onartu du horrelako fenomenoak gero eta ugariagoak direla. "Ebro ibaiaren arroa ez da behar bezala zaindu azken urteotan", azaldu du. "Garbiketa sakona behar da hemen. Eta eskerrak uholdeek ez gaituztela udaberrian harrapatu, uraren maila askoz azkarrago igotzen delako ibaiaren zolan eta inguruetan landaretza hostotsua baldin badago".

Ibaiaren hazkundeak ustekabean harrapatu zituen mendabiarrak. "Orain etengabe ari dira oharrak ematen eta alarmak pizten, baina otsailaren 3ko uholdearen aurretik inork ez zuen abisurik eman. Ohartarazpen bakarra ahoz aho heldu zitzaigun, ibaia gainezka egiten hasi zenean. Nekazari batzuek zakurrak eta zaldiak zituzten etxaldeetan, eta korrika etorri behar izan zuten, ito ez zitezen", gogoratu du Sanchok.

Babesak suntsituta

Hilabete hasierako nahiz atzoko uholdeetan, altuera eta indar handiarekin igaro zen Ebro ibaia Mendabiatik: 3,69 metroko altuera. 730 metro kubiko ur segundoko. Lur-jausi ugari eragin zituen horrek Logroñorako errepidearen inguruan. "Lurra jan egin zuen urak".

Horregatik, uraldiak eragindako kalterik larrienak azpiegituretan nabaritu zirela uste du Sanchok: "Otsailaren 3ko uholdeak suntsitu egin zituen ibaiaren ertzean eraikitako lubetak. Azpiegitura horiek eutsi egiten diote urari, herrietan edo soroetan sar ez dadin, baina, behera erori zirenez, babesgabe gaude erabat. Ibaiak gainezka egiten badu berriz, ura sukalderaino sartuko zaigu, ez baitu oztoporik aurkituko".

Mendabiarrek uste dute, gainera, lehenengo uholdetik atzo arte denbora nahikoa izan duela Ebroko Ur Konfederazioak, defentsarako azpiegitura horiek konpontzeko eta azken euri jasak eragindako kalteak arintzeko. "Gauzak ez dituzte behar bezala egin", dio Sanchok. "Konfederazioak argudiatu du ezinezkoa dela apurtutako azpiegitura guztiak bizpahiru astetan konpontzea, eta hori badakigu, baina lubetak berriz altxatu izan balituzte sikiera, behin-behineko babes sistema izanen genuke. Orain biluzik gaude".

Martinezek baiezko keinua egin du buruarekin, eta gaineratu: "Borondate kontua da. Finean, lau katu gara hemen, Nafarroako hegoaldean. Konfederazioari bost axola dio Mendabian, Castejonen edo Lodosan zer gertatzen den". Laborariaren irudiko, gainera, "ez beretzat eta ez besterentzat" ibili dira konfederazioko agintariak: "Ez dute ezertxo ere egin azpiegiturak konpontzeko, eta udalerriren bat saiatu denean bere kabuz lubeta konpontzen, salaketa jarri diote, konfederazioaren eskumenak inbaditzen dituelakoan".

Martinezen irudiko, arrazoi sinple bat dauka jarrera horrek: "Nafarroako erribera urez itotzen den bitartean, Ebroko Ur Konfederazioa lasai egonen da, uholde hori ez baita iritsiko Zaragozara [Espainia]. Hori da, benetan, izua eragiten diena: ibaiak gainezka egitea Zaragoza bezalako hiriburu handi batean. Mediatikoki, kolpe latza izanen litzateke haientzat. Baina gu? Albo-kalteak besterik ez gara".

Nafarroako Gobernuaren bitartekaritzaz ere deus gutxi espero dute mendabiarrek. "Hauteskundeen atarian egonda, promesa asko eginen dizkigu UPNk, baina, hortik harago, ez dut uste zezenari adarretatik helduko diotenik".

Eredua gara

Nafarroako Gobernuak bidali duen oharraren arabera, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarea "eredua da gainontzeko autonomia erkidegoentzat daukan eskaintza kopuru handiarengatik, barneratze mailarengatik eta teknologia berrietara ongi moldatzeagatik".

Azter dezagun, bada, sinetsarazi nahi diguten gezur hau: "eskaintza kopuru handia" diotenean, "Nafarroak 7.000 biztanle bakoitzeko liburutegi bat" daukala erraten dute, hau da, "Espainiarekin konparatuz bikoitza, hango batez bertzekoa 18.000 biztanlekoa baita". Hori, estatistikoki, egia izan daiteke —izanen da—, baina datu hori lortzeko liburutegia dagoen herriaren biztanleria bakarrik hartzen dute kontuan, zerbitzuak inguruko herri, auzo eta baserri guztietara hedatzen direlarik. Eta horrek gauzak zaildu bertzerik ez du egiten. Galde diezaiotela bertzenaz Aurizberriko liburuzainari, astean behin bere auto propioa hartu —liburuzainentzat ez dago "enpresa autorik"— eta Pirinioetan barrena joaten denean etxez etxeko banaketa egitera. Elurra dela medio. Edo galdetu edozein liburuzaini liburutegiko edozein berri zabaldu nahi duenean, ea nola moldatzen den informazio hori toki guztietara helarazteko. Errazagoa litzateke gure lana 18.000k barrideak balira eta kartelak auzotik bakarrik paratu behar bagenitu, eta ez inguruko herri guztietara nola iritsi pentsatu, eta kontaktuak egin behar izango bagenitu, haien laguntza behin eta berriz eskatuz eta eskertuz. —Oharra: Nafarroako Liburutegi Publiko gehienetan pertsona bakarra dago lanean; beraz, liburuzaina ezin da izan bere lana egitera liburutegitik ateratzen dena, "zerbitzuaren beharrek" liburutegian kieto egotera behartzen baitute—.

"Zerbitzuaren beharrak" zein diren aztertzeak ere eztabaida polita ekarriko luke, baina horretan gehiago luzatu gabe, goazen bigarren puntura: "Populazioaren %40 erabiltzailea da". Gezurra. Zuzenduko dut: populazioaren %40k erabiltzaile txartela dauka. Hori da egia. Liburuzainek behin baino gehiagotan eskatu dugun arren, liburutegiko txartelak ez du epe mugarik. Behin eginda, bizitza guztirako daukazu. Baita bizitza guztian liburutegia berriz zapaltzen ez baduzu ere. Horietatik aunitz daude, baina %40ren parte dira. Baita behin txartela egitera etorri zirenen bildu gabeko hamarnaka txartel, eta… hildakoak. Tarteka datu basean garbiketa bat egiten omen da, 120 urtetik gorakoak jada erabiltzaile ez direla ohartuta. Haienak bai, ezabatzen dira. Gainontzekoak, %40ren parte.

Eta hirugarren puntua: "Teknologia berrietara ongi moldatu izana". Ttak. Liburutegi aunitzetan pizten 10 minutu kostatzen zaien ordenagailuak daude, eta ez da hitz egiteko modu bat. Aunitzetan hiru ordenagailu daude gehienez —Iruñerrian gehiago, noski, herrietan beti dago ziber batera joateko aukera eta—. Askotan ez dago zure ordenagailu eramangarriarekin Internet erabiltzeko aukerarik edo liburutegiak ez daude prestatuta ordenagailua entxufatzeko. Baina liburutegiaren katalogoa sakelakoan erabiltzeko Espainiako aplikaziorik onena daukagu, eta ehunekoan inor gutxik erabiltzen duen liburu elektronikoen mailegurako plataforma martxan dago. Hiru pertsonak galdetu didate niri horri buruz azken bortz hilabeteetan. Aplikazioari buruz, inork ez.

Hau dena hiru puntu horiek bakarrik aztertzearren, liburutegi aunitzek ordezkapenik ezagatik hetsita pasatzen duten denbora aipatu gabe utzita, diru aurrekontuetan izandako %93ren murrizketak atera gabe, zerbitzuak duen berezko ordutegi eta langile kopuru murritza kontuan hartu gabe... Estatistikaren arabera, dena bikain. Errealitatea? Nori inporta zaio? Eredua gara eta!

Euskara, lan deialdietatik kanpo

Euskara, lan deialdietatik kanpo

Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak diren haur eskoletan lan egiteko, euskaraz jakitea ez da baldintzetako bat, eta ez du punturik ematen. Hori salatu dute Iruñeko Alde Zaharreko gurasoek. Haur eskoletarako lan eskaintza publikoaren ebazpena kaleratu berri du gobernuak, eta baldintzen artean ez da euskararen jakintza agertzen, “ez betebehar eta ezta meritu gisa ere”. Hori dela eta, euskarak...

Urdangarinen iragana, oraina eta geroa

Edukiera txikiko aretoak hautatu ditu Mikel Urdangarin musikari bizkaitarrak 2015. urterako. Getxon abiatu zuen bira, otsailaren 8an; eta igande honetan Irurtzunen emango du kontzertua. Kantu zaharrak abesteaz gainera, sortzen joan ahala abesti berria...

Unibertsitateko biztanle hegodunak

Mikak, txantxangorriak, txepetxak, lertxunak eta gerri-txori arruntak; buztanluzeak, amilotx urdinak, kaskabeltz handiak eta erregetxo bekainzuriak; mokolodiak, tarinak, urretxindorrak eta txinbo kaskabeltzak. Horiek ere badira NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñean duen campuseko biztanle. Ikasleen auzolagun hegodunak. Unibertsitatea etxe edo tartekako aterpe duten hegaztiak. Haietako zenbait, zerrenda zabalagoa baita. 58 espezie jaso ditu Gorosti Natur Zientzia Elkarteko kide Gonzalo Deanek, unibertsitateak berak argitaratu berri duen gidan.

Urrutitik ikusi, eta zalantzarik gabe erran du ornitologoak: "Gerri-txori arrunta dago enbor horretan". Biologia ikasi du Deanek. Ikasketen amaierako proiektua bukatzen ari da. Txikitatik datorkio naturarekiko zaletasuna, hala ere, Gorostiko kide eta ornitologo baita haren aita Juan Ignacio Dean ere.

Sadar errekak inguratzen du NUPeko Iruñeko campusaren zati handi bat, eta han ibiltzen dira espezie gehienak. Lepotik zintzilik dituen prismatikoen beharrik ez du izan Deanek, errekaren ondoko zuhaitzetako batean gora ari den txoria identifikatzeko. Ederki ezagutzen ditu campuseko bazterrak, bai eta hango zuhaitzetan bizi diren hegaztiak ere. Urtebez egon zen haiei so, 2012ko udazkenetik 2013ko udazkenera, gida osatzeko. "Hilabetean bitan etortzen nintzen, eta ordubetez campusa zeharkatzen nuen, ikusten eta entzuten nituen espezien berri jasotzeko".

Horrela osatu du 58 espezie dituen zerrenda. Gerri-txori arruntaren ondoan amilotx urdina agertu da, eta campuseko kafetegiaren ondoan zozo arruntak eta mikak ari dira lurrean, harat eta honat. Ikasleak haiengandik hurbil pasatzen dira, baina ez diete erreparatzen. Deanen helburuetako bat da, hain zuzen, zuhaitzetan bizi diren unibertsitateko bertze kide horien berri ematea. Ikasleen jakin-mina piztea, ondoan dituztenak ezagut ditzaten. "Ezagutu behar dugulako, zaindu ahal izateko".

Unibertsitateko zerua haien hegaldiak erakusteko aukeratzen duten hegaztiak ere zenbatu ditu Deanek, Sadar errekaren ondoan eta campuseko eraikinak inguratzen dituzten zelaietan bizi diren hegaztiekin batera. Miru gorrien edo bertzelako hegazti harraparien artean, antxeta mokogorriak ikusi ditu, adibidez, NUPeko gida osatu bitartean. "Harrigarria gerta daiteke antxeta mokogorriak ikustea Iruñeko campusean, baina kontuan izan behar dugu Zolinako urmaela hurbil dugula. Hegazti horiek erakusten digute, zer jan baldin badute, barnean bizitzera ere egokitzen ahal direla", erran du.

117 espezie Iruñean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko eraikinen artean bizi dira Iruñeko bertze hainbat parketan ere egon daitezkeen hegaztiak. "Daniel Garcia Minak ikerketa egin, eta 117 espezie zenbatu zituen Iruñean. Zuhaitz eta zelai anitz dago hirian, eta hegaztiek badute zer jan eta aterpea".

Zarata eta kutsadura hegaztien arerio izan daitezke, baina hiriak eskaintzen dituen abantailak baliatzen ere ikasi dute txoriek, Gonzalo Deanek nabarmendu duenez. NUPeko campusean bertan aurkitu du horren adibide bat, zuhaitzetako baten adarren artean mikak egiten ari diren habiei so: "Hirian tenperaturak gora egiten du, kutsaduraren eraginez, hain zuzen ere; horrek ekartzen du habia egiteko garaia aurreratzea". Campuseko mikek gainera, adarren artean jartzen dituzten makilatxoekin batera, ikasleek botatako patata zorroak eta botilen txapak ere erabiltzen dituzte. "Gure zaborra aprobetxatzen ikasi dute".

Mikekin alderatuta, txiki ageri da liburutegiaren atzeko aldeko zuhaixken artean zer jan bilatzen ari den txantxangorria. Deanen ohiko lagun bilakatu ziren gida osatzeko unibertsitatera egindako bisitetan. Txonta arruntak ere erraz ikus daitezke campuseko txokoetan. "Hegazti ugarienetakoa eta hobekien banatuta dagoena da, munduan". Gorostiko kidearentzat, hala ere, txori txikirik ez da, eta denei so ikas dezake ornitologo adituak edo hasi berriak anitz. "Bizi diren eremuaz informazio anitz ematen ahal digute, eta espazio horien ingurumen kalitatearen adierazle dira".

Negua hegaztientzat gizakiontzat baino gorriagoa izan daitekeela nabarmendu du Gonzalo Deanek. "Zer jan jartzen ahal diegu gure etxeko balkoietan". Hiriko zuhaitzak gazteak direla azaldu du Gorostiko kideak, bertzalde, eta, ondorioz, hegaztien lana errazteko, habiak egiteko kutxak jartzea ere ontzat jo du. Hiria gizakiona eta bertan bizi diren bertze animaliena ere badelako.