Nafarroa

“Ikusi nahi ez dugun hori erakusteko beharra daukagu”

“Ikusi nahi ez dugun hori erakusteko beharra daukagu”

Esperientzia pertsonal batetik abiatuta, sormenera eraman du Consuelo Otxoak (Lerin, 1957) heriotza batek sortutako mina. Prozesuan sortutako lanak erakusgai daude gaurtik Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. Abenduaren 13ra arte zabalik egonen da Duelo erakusketa, eta bisita gidatuak izanen dira igandeetan, musikaz eta antzerkiaz lagunduta, doluan aditua den baten parte hartzearekin.

Zein da egitasmoaren jatorria?

Izenburuak dioen bezala, minetik sortutako lana da hau. Orain dela hiru urte anaia hil zitzaidan, bat-batean. Espero gabeko heriotza izan zen, sekula pentsatu gabea. Hamar minutu lehenago hitz egin nuen berarekin, eta hamar minutu geroago hila zen, eta nik ez nekien. Inpotentzia egoera bat sortzen da halakoetan, amorrua, eta konturatzen gara ezinezkoa zaigula ustez kontrolatzen genuena kontrolatzea.

Eta sormenera bideratu zenituen orduko sentimenduak.

Bai, lan honekin hasi nintzen egun gutxitara. Ez neukan ezer planifikatua, baina barrukoa botatzeko beharra nuen, pintura bota. Euskarri lau batekin hasi nintzen lanean, margo akrilikoarekin, eta konturatzen hasi nintzen dentsitate ezberdinekin eta zuriarekin eta beltzarekin bakarrik jardun arren margoa deskonposatzen hasten zela, eta gauza asko gertatzen zirela. Orduan, prozesuari argazkiak ateratzen hasi nintzen nire iPhonearekin, eta hasi nintzen ikusten unibertso paraleloak sortzen zirela, eta gauza bitxiak gertatzen zirela, eta kolorea desegin eta arrosak, urdinak edo okreak agertzen zirela. Eta batik bat konturatu nintzen heriotzarekiko eta haren ondorioekiko neukan obsesioa hor zegoela. Amorru horretan bazegoen halako indar bat, nire obsesioak azaleratu zituena. Hau da, heriotzaren ondoren geratzen dena, memoria, hezurrak. Eta, bat-batean, hezurrak agertzen zaizkit leku guztietan. Beraz, bada lehen fase bat, min oso handiarena, baina, gero, bira egiten du, eta beste aukera batzuk zabaltzen dira. Mina, bat-batean, askoz atseginagoak diren irudietara pasatzen da.

Sorkuntzak, beraz, eboluzioa izan du aurrera egin ahala.

Bai, hori da, dolu prozesuarekin batera eboluzionatu du. Minaren fase hori gainditzen ikasi dut, baita jadanik ez dagoen pertsona hori prozesuan integratzen ere, beste perspektiba batean kokatzen. Batez ere, zauriak sendatzen lagundu dit honek. Prozesu gogorra izan da, malko askokoa, eta bakardade handikoa. Eta, hala ere, prozesu honen bitartez, neure burua askatzen ikasi dut.

Arteak, beraz, terapia modura funtziona dezake?

Bai, noski. Nik zorte handia dut baliabide hau izan dudalako. Bizitza bera izan da lan hau. Aurretik beste bat egin nuen, nire bizitzako betetasun garai batean. Ezinezkoa zait sortzea ez bada bihotzetik ateratzen; ez dut bitartekorik aurkitzen. Zerbait indartsu gertatzen ari denean aurkitzen ditut bitarteko horiek. Oraingoan, zortea izan dut, lan honetan badirelako aurrez espero ez nituen gauzak. Uste nuena baino askoz gehiago eman dit obra honek. Ez zegoen aurrez zehaztutako ezer, baina jardunak berak eraman nau aurrera, margoa botatze hutsak. Gero, 3.000 edo 4.000 argazki atera nituen, eta horietako asko txundigarriak dira.

Margolanei ateratako argazkiek osatzen dute, hain justu, zure erakusketa.

Bai. Tira, ekarri ditut akrilikoak ere, egiten dudanaren lagin gisara, baina azken emaitzan dut interes handiena. Lanean nagoelarik, margoketan murgiltzen naiz; bueltak ematen dizkiot nire obsesioari. Gero, argazkiak ateratzen ditut, eta eskala aldatzen diet, eta zetazko mihiseetan inprimatzen ditut. Beraz, berez gogorra den zerbait zeta bihurtzen da, eta zeta gauza atseginekin, goxoekin eta hurbilekoekin lotzen dugu.

Heriotzari buruz hausnartzeko balioko zizun prozesu honek, ezta?

Heriotza hain da gauza erreala! Denok pasatu beharra dugu hortik, nahitaez bete beharreko fasea da heriotzarena. Hausnarketa egin beharra dago heriotzaren eta bizitzaren inguruan, eta daukagunari balioa eman, ezinbestekoak ez diren gauzei horrenbesteko garrantzirik ez emateko.

Garrantzitsua da, beraz, heriotzarekin bizitzen ikastea?

Bai, nik uste dut beharrezkoa dela. Bizitzaren barruan dago heriotza, guk nahi eta nahi ez. Lan hau ilusioa da niretzat, ibiltzen jarraitu ahal izateko eta bizitzen jarraitu ahal izateko ilusioa. Nire anaiak hainbesteko antza zuen nirekin, hila ikusi nuenean nire heriotza ikusi bainuen. Hori bada barruan geratzen den zerbait.

Domu Santu egunaren testuinguruan zabaldu da erakusketa. Testuinguru egokiena da?

Erakusketa hau maiatzean zen aurkeztekoa. Ez naiz kristau praktikantea, baina esaten dut jainkoa agertu zaidala, erakusketa berez maiatzean zelako aurkeztekoa, eta orain egingo delako. Testuinguru perfektua da hau, bai datagatik, baina baita espazioagatik ere. Ziudadelako Bolborategi honek badu ermitatik zerbait, norbere barnera biltzetik zerbait.

Prozesu pertsonal baten emaitza da hau. Hortik harago, gizartean eragin nahiko zenuke, heriotza ulertzeko moduari dagokionez?

Ez naiz inor horretarako. Besterik gabe, gustatuko litzaidake nire esperientzia kontatu eta partekatzea. Mundu guztia pasatu da hemendik; norberak badu bere esperientzia eta min propioa. Ez diot inori leziorik eman nahi; ez nuke luxu hori hartuko, baina uste dut garrantzitsua dela partekatzea. Izan ere, ikusi nahi ez dugun hori erakusteko beharra daukagu, argia eta itxaropena dagoela erakusteko. Eta George Braquek dioen bezala, bi gauzak dira beharrezkoak, argia eta itzala, argirik gabe ez baitago itzalik.

Emakumeek ere badute zakila

Emakumeek ere badute zakila

Jone Grandek 9 urte ditu, eta esaldi bakar baten bidez azaldu du transexualitatea zer den: "Zakila duen ahizpa bat dut". Mikele Grande genital maskulinoekin jaio zen, duela hamabost urte. Zakila duen emakumea da, eta halaxe aldarrikatu du, haurra zenetik. Familiaren babesa jaso du; lagunena eta eskolako kideena ere bai. Zorionekotzat jo du bere burua, jakin badakielako adingabe transexual anitzen prozesua anitzez ere mingarriagoa dela; oraindik ere, bazterketari aurre egin behar diotela. Erakunde publikoak ere oztopo bilakatzen dira, transexualitatea patologia bilakatzen dutenean. Karrikara atera ziren iruindarrak, larunbatean, patologizazio horren aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzera.

Lugatibe Iruñeko Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak antolatu zuen larunbateko protesta. Jardunaldiak egin dituzte azken asteotan, gainera, transexualitateari buruz. Chrysallis adingabe transexualak dituzten familien elkarteko kideak aritu ziren, bertzeak bertze. Horko kide da Mikele Granderen familia. "Zoragarria izan da gure bide bera egin duten bertze hainbat pertsonarekin bat egitea", azaldu du Mikeleren aita Luis Grandek.

Bide horren azken urratsetan ezagutu zuten Luis Grandek eta Mikeleren ama Mertxe Olorizek elkartea. Alaba transexuala zutela konturatu zirenean "bakarrik" sentitu zirela nabarmendu dute. "Ez genekien zer egin, edo nora jo", gogoratu du aitak. Elkartean "lan ona" egin dutela baieztatu ahal izan dute, hala ere. Babesa eman diote alabari; eta lagundu egin dute emakume dela azaleratzeko egin dituen urrats guztietan.

Bide hori aspaldi hasi zuen 15 urteko gazteak, haren amak azaldu duenez: "Ustez neskenak diren jostailuak eskatzen zizkigun, haur bat bertzerik ez zenean; panpinekin aritzen zen, eta ileorde luzeak jartzen zituen; sekulako negarrak botatzen zituen ilea mozten genionean. 3-4 urterekin printzesen soinekoak janztea maite zuen". "Emakumeen inguruko estereotipo guztiak baliatzen zituen, nolabait, bera ere emakume dela erakusteko; bere burua aldarrikatzeko", erantsi du Mikele Granderen aitak.

Errege magoei eskatu zien soineko bat du buruan gazteak, zehazki; Uharteko erraldoien konpartsako erreginarena, alegia. Izeba batek egin zion, eta erabat txiki gelditu zitzaion arte jantzi zuen. "Dena esajeratzen nuen, nolabait erranda. Orain kontent nago; eta lasaiago". Kontent eta lasai dago aldarrikatzeko behar hori baretu egin zaiolako. Emakumea da, eta emakumetzat dute.

Etxean beti sentitu du bere sexu identitateaz hitz egiteko askatasuna. Konfiantza eman diote gurasoek. Horixe nabarmendu du. "10-11 urte bete zituen arte, homosexuala izanen zela pentsatzen genuen. Gure ezjakintasunarengatik. Ez baita gauza bera, inondik inora, sexu identitatea eta sexu joera", erran du amak.

Alabak 10 urte inguru zituenean argi ikusi zuten horixe, semetzat zutena alaba zela. "Argi utzi zigun kontua ez zela neska izan nahi zuela, neska bazela baizik", gogoratu du amak. "Nik lasaitua hartu nuen, orduan semetzat nuenari gertatzen zitzaionari izena jarri niolako, azkenean". Olorizek erran du aitarentzat zailagoa izan zela egoerari aurre egitea. Eta aitak aitortu du halaxe izan zela: "Transexualitatea gauza txarrekin lotzen nuen; orduan ez genuen elkartearen babesa. Pertsona transexualak baztertzen dituztela ikusten nuen, eta adingabeen kasuan egoera are okerragoa izanen zela pentsatzen nuen".

Alabak bezala, prozesu bat egin dute gurasoek ere, eta hasierako kezkei eta beldurrei buelta ematen asmatu du Luis Grandek. Alabaren askatasuna bertze edozer gauzaren gainetik defendatzen du. "Alaba zoriontsu izatea bertzerik ez dut nahi, edozein gurasok bezala", laburbildu du.

Eskolatik institutura

"Nik inoiz ez dut sentitu hitz egiteko beldurra; ez dut sentitu bakarrik nintzela, edo isildu beharra nuela". Familiaren babesa izan duela nabarmendu du Mikele Grandek. Gurasoena, bai eta gainerako senideena ere. Argi utzi du eskolan ere nor den azaltzeko askatasuna sentitu duela.

"Irakasleekin eta eskolako zuzendariarekin hitz egitera joan, eta jarrera ezin hobea erakutsi ziguten", azaldu dute Granderen gurasoek. Uharteko ikastetxean aritu zen Lehen Hezkuntza amaitu arte; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari da orain, Atarrabiako institutuan. "Ez dut inolako arazorik izan. Eskolakide berrien babesa ere jaso dut". Mikele Grandek gogoratu du institutuan hasi zenean inor sartu aurretik joaten zela nesken aldagelara. "Azkar aldatzen nuen arropa, ahalik eta azkarren ateratzeko; pentsatzen nuen bertze neskek ez zutela nahiko ni han egotea. Baina alderantziz gertatu zen. Han egon behar nuela erran zidaten".

Horixe berretsi du amak, lagunen babesa hagitz garrantzitsua izan dela. "Haurrak zirenetik ezagutzen dute elkar lagun taldean direnek, eta urrats guztiak batera egin dituzte. Naturaltasun osoz bizi izan dute prozesua".

Xehetasunek izan dezaketen garrantzia nabarmendu du amak. Eta bat egin du harekin alabak. "Osasun etxera joaten naizenean, adibidez, niretzat zoragarria da bozgorailuetatik deitzen nautenean Mikele erraten didatela entzutea".

Bere nortasun agirian izena aldatu zioten; sexua, ordea, ez. "18 urte izan arte ezin da aldaketa hori egin; sexua aldatzeko momentuan, gainera, gutxienez bi urtez tratamendua jaso duela erakutsi behar du aldaketa egin nahi duen pertsonak", azaldu du aitak. "Lehen, ebakuntza egin arte ez zuten sexua aldatzen nortasun agirian; aurrera egin dugu, baina ez da nahikoa", salatu du. Halako neurriek transexualitatearen patologizazioa nabarmentzen dutela argi utzi du Luis Grandek. Eta horren kontra lan egiteko beharra nabarmendu du.

Hori dela eta, ontzat jo du ildo horretan Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpena. Parlamentuak despatologizazioaren alde egin du, hain zuzen ere, eta konpromisoa hartu du beharrezko lege aldaketak egiteko, transexualitatearen despatologizazio hori egia bilakatzeko. Nafarroa transfobiarik gabeko herrialdetzat jo du parlamentuak, gainera. Adierazpen horren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak. UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin dira. "Alderdi batek zergatik ez du halako adierazpen baten alde egiten?", galdetu du Mikele Grandek.

Halako adierazpenek konpromisoak hartzera bultzatzen dituzte erakundeak, Luis Granderen hitzetan. "Eta konpromiso bat hartzen badute, bete dezatela exijitzen ahal diegu". Aitak onartu du Mikeleren kasuan pertsona anitzek eman diotela babesa gazteari, haien borondatez. "Hori ongi dago, eta eskertzen dugu, baina ez dugu ahaztu behar pertsona transexualek eskubideak badituztela, eta horiek bete egin behar dira. Izena aldatzeko aukera ezin da epaile baten borondatearen menpe egon, adibidez".

Hormonak

"Pentsatzen dut egunen batean genitalen ebakuntza eginen dudala. Baina oraingoz ez dut horrelakorik buruan. Hagitz ongi nago, eta kontent". Mikele Grandek argi du ez duela ebakuntzarik egin behar emakume izateko, baina ez du aukera hori baztertu. Ez da orain hartu beharreko erabakia, haren ustez. "Norberak hartu beharreko erabaki bat da", erantsi du haren aitak. "Ebakuntza egin edo ez, horrek ez du markatuko Mikele nor den. Zakila duten emakumeak badira, eta bulba duten gizonak ere bai".

Mikele Grandek hormona tratamendua hasi zuen duela bi urte. "Horretan ere zortea izan genuen, adingabe transexual guztiei ez baitiete onartzen", azaldu du haren aitak. Lehen etapan, blokeatzaileak hartu zituen. Horien helburua da garatu nahi ez diren ezaugarriak blokeatzea, hain zuzen ere. "Tratamendu hori nerabezaroaren hasieran hartzea garrantzitsua da", azaldu du aitak. "Bigarren etapan, hormona tratamendu gurutzatua egiten da, garatu nahi diren ezaugarriak bultzatzeko, hain zuzen ere".

Prozesu horretan aurrera jarraitzen du Mikele Grandek. Ez da bakarrik. Ikasi du, hala ere, bertze gazte transexual anitzek berak baino anitzez ere oztopo gehiago aurkitzen dutela bidean. Gurasoek ere argi dute hori. "Gurasoen babesa ere falta zaie adingabe anitzi; bere buruaz bertze egiten duenik ere bada. Hori hagitz gogorra da. Babesa eman behar diegu, eta lagundu", erran du Mertxe Olorizek.

Adingabeen transexualitatea "ikusezina" dela erantsi du Luis Grandek. Eta horri aurre egin behar zaiola. "Naturaltasunez onartu beharko genuke". Errealitatea aniztuna dela gaineratu du Olorizek, eta argi du aniztasun hori hagitz aberatsa dela. "Alaba transexuala izateak hobeak egin gaitu; aniztasuna onartzeko prestuago gara, esparru guztietan". Mikele Grandek ere argi du: "Harro nago neure buruaz".

Erika Salvatierra: “Argi izan behar dugu badirela emakume eta gizon izateko mila modu”

Biokimikako ikasketak egin eta gero hasi zuen Erika Salvatierrak sexologiako formakuntza (Iruñea, 1989). Burlatako Gaztelekuan aritzen da astelehenetan, aholku ematen, bai eta herri horretako Askatasuna institutuan ere. Lan egiten du, halaber, Chrysallis elkarteko familiekin. Mikele Granderenak egindako lan ona nabarmendu du. Hala ere, argi utzi du bertze gazte anitzen egunerokoa anitzez ere gogorragoa dela.

Oraindik ere adingabe transexualen errealitatea ikusezina da neurri handi batean, ezta?

Hala da. Nik beti esaten dut haurren transexualitatea beste adar bat dela gizakion sexu aniztasunaren barruan. Transexualitateak erakusten digu gure gizartean gero eta aniztasun handiagoa badela, eta hori ikusgai bilakatu behar dugu. Finean, badira neska zakildunak, bai eta mutil bulbadunak ere. Ikusgai bilakatu behar dugu errealitate hori. Familian haur transexual bat dagoenean onartzea garrantzitsuena da. Eta aurrera egitea. Haur horrek babesa behar du; inguruan oztopoak aurkitzen baditu, askoz ere zailagoa izanen da bere identitatea azaltzeko prozesua.

Eta nola hasten da prozesu hori?

Haurrak hitz egiten hasten direnean hasten dira barruan dutena azaleratzen. Nor diren azaltzen. Horregatik, oso garrantzitsua da une horretan haurrak ez zuzentzea.

Pertsona transexualen inguruan, okerreko gorputz batean jaio direla erran ohi da anitzetan. Zer iritzi duzu horri buruz?

Gainditu behar dugu esaldi hori, eta transexualitatea azaltzeko modu hori. Gorputzak ez dira akastunak; gure begiradak dira akastunak. Kontu kulturala da, finean; erakutsi digute zer den gizon eta zer emakume. Baina argi izan behar dugu badirela gizon eta emakume izateko mila modu, gorputz batean edo bestean.

Oraindik ere, identitatea genitalekin lotzen da, ordea. Transexualitatearen patologizazioa da horren ondorio?

Bai, oraindik ere patologizazioa da nagusi transexualitatearen auzian. Ikuspuntu hori gainditzeko garaia da. Identitatea 3 eta 5 urte bitartean finkatzen dugu gizakiok. Adin horrekin badakigu nor garen.

Ingurukoen oniritzia eta babesa izateak anitz errazten du prozesua?

Bai, oso garrantzitsua da. Familiak tresnak eman behar dizkio haur transexualari, aurrera egiten laguntzeko. Onartzea da egin beharreko urratsik funtsezkoena, familiaren babes horrek haur transexualari adierazten diolako nor den azaleratzeko bermea baduela.

Babesik ezak zer-nolako ondorioak izan ditzake?

Ondorio larriak. Zure identitatea argi duzunean, haren gainean eraikitzen duzu zure nortasun guztia. Baina norbaitek zure identitatea zalantzan jartzen badu, ukatzen badu zure identitatea, horrek oso egoera gogorrak sor ditzake. Pentsa norbaitek esaten dizula ezin zarela zaren bezalakoa izan, mediku batek esan duelako hori ezinezkoa dela. Halako egoerek ekartzen dituzte depresioak eta bestelako arazoak. Etxekoen babesa ez dagoenean, gainera, askoz ere zailago bilakatzen da kanpora begirako prozesua.

Heziketaren esparruan lan handia dago egiteko, oraindik ere?

Bai, eta oso garrantzitsua da gazteenekin egin beharreko lan hori, gainera. Aniztasuna aberastasuna dela ikasi behar dute haurrek. Naturaltasun osoz, gainera. Etxean landu behar dugu hori, eta eskolan ere bai. Eskoletan bada lan polita egiteko aukera, gainera. Denborak aurrera egin ahala gure gorputzak gero eta ikusezinago bilakatzen baititugu.

“Ezohikoa” ohiko eginez

“Ezohikoa” ohiko eginez

Hura hil eta hamahiru urtera, ez genuen inondik inora espero halakorik". Roldan Jimenoren hitzak dira, joan den astean BERRIAri esanak, Nafarroako Gobernuak aurtengo Urrezko Domina Jose Maria Jimeno Jurio aita zenari emango diola jakitean. Nafarroako historia, etnografia, hizkuntza eta memoria berreskuratzeko egindako lan eskerga aitortuko zaio, azkenean, Jimeno Juriori. Abenduaren 3an emango diote domina sendiari, Nafarroako Egunarekin batera.

1927an jaio zen Jimeno Jurio, Artaxoako familia karlista batean, Primo de Riveraren diktadurak "sentimendu katolikoa, familiaren morala eta administrazioaren zintzotasuna" bultzatzen zuen garaian, Roldan Jimeno semeak Manuel Lekuona sariaren bildumarako idatzi zuenez —1998an eman zioten saria aitari—. Tradizio horretatik edan zuen, non eta Artaxoako 40ak izenez ezagutu ziren erreketeen herrian, 1936ko kolpe faxistan Donostia hartu zuten horiek zoritxarrerako ospetsu egin zuten herrian. Maisu ikasketak egin zituen lehenbizi, eta apaizarenak gero. 1956an ordenatu zen. Eta bai irakasle eta bai apaiz modura ere, Nafarroako geografia alderik alde zeharkatu zuen. Handik hona egindako bidaietan gerturatu zen herritarrengana, testigantzak jasoz, eta interesa piztuz. Handik eratorriko zen, gerora, bere lan etnografiko aparta eta zabala.

Izan ere, ikerketari emana bizi izan zen; toponimia, historia, euskara, artea, etnografia... Pamiela argitaletxeak hartu du lan guztiak argitaratzeko erronka, Udalbide eta Euskara Kultur Elkargoarekin batera. Orotara, 62 liburutan argitaratuko dituzte testu eta ikerketak —gehienak kalean dira—. David Mariezkurrena etnografoa da bildumaren koordinatzailea. "Pozik" hartu du albistea, uste duelako merezi duela: "Nafarroan pertsona gutxik barnebiltzen dutelako hainbeste materia".

Jimeno Jurioren errekonozimenduak badu justiziatik ere asko. Hil zenean, hainbat kultur talde eta eragilek aurkeztu zuten hautagaitza, Vianako Printzea saria eman ziezaioten. Trikimailua erabili zuen orduan Nafarroako Gobernuak: saria jasotzeko baldintzak aldatu zituen; hila zegoen pertsona bati ematerik ez zegoela erantsi zuen. Horrek kanpo utzi zuen, zuzenean, Jimeno Jurio.

Harekiko jarrera, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak hamarkadetan euskara eta euskal kulturarekiko izandakoarenaren erakusgarri da. Horri aurre egin zion ikerlariak: erakundeek sistematikoki Nafarroako historia eta identitatea ezkutatzen zutela ikusi zuen, eta ikerketaz erantzun zion ukazioari.

Trantsizio pertsonala

Hain justu, trantsizio pertsonal eta politiko baten istorioa da Jimeno Juriorena. 1960ko hamarkadan hasi zen bere kontzientziazioa, bizi zen eferbeszentzia politiko eta soziala zela medio. Euskarara ere hurbildu zen, eta jaioterrian bertan aurkitu zituen lehen arrastoak, 1968an Artaxoako toponimiari buruzko lana argitaratu zuenean. 1970ean azkartu zuen bilakaera: apaizgoa utzi zuen, eta bi urtera ezkondu zen.

Jose Mari Esparza editoreak ongi gogoratzen du Jimeno Jurioren trantsizioa: "Nafarroako historiaren ikerketak aldatu zuen haren ideologia. Eskuindarra zen, apaiza, karlista...Nafarroako historia deskubritu zuen arte". Memoria historikoaren ikerketak lotu zituen, batik bat, Esparza eta Jimeno Jurioren bideak. Aitzindaria izan zen, "ausarta", Esparzarentzat, lehena izan baitzen Nafarroan 1936ko kolpe militarrak eragindako errepresioa ikertzen.

Orduan Mirentxu Purroyk zuzentzen zuen Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian argitaratu zituen ondorioetako asko, baita Errepublika garaiarekin eta euskal estatutuarekin lotutako ikerketak ere. Ausardiak, ordea, bazuen prezio bat: Triple A talde paramilitar faxistak aldizkariaren Iruñeko egoitza zartarazi zuen, eta gutun anonimo bat utzi zuten Jimeno Jurioren postontzian, ikerketak utzi ezean hilko zutela mehatxatuz. "Presio ikaragarri" horiek, Esparzak dioenez, gelditu egin zuten Jimeno Jurioren lana. Baina ordura arte egindakoak ekarpen handia egin zion gerora Nafarroan memoria historikoaren alorreko lan kolosalenetako bati. Jimeno Jurioren ikerketak abiapuntu izan ziren Navarra 1936, de la Esperanza al terror liburua osatzeko. Altafayllako kide gisa, Esparza izan zen lanaren bultzatzaileetako bat: "Oso kontent geratu zen, oso ongi bateratu genituelako bi lanak. Haren lanik gabe gu agian ez ginateke animatuko, baina Altafayllaren lanik gabe ez zen argitara aterako haren ikerketa". Hitz onak baino ez ditu Esparzak hura gogoan: "Ikaragarria zen, mundiala, Nafarroan egon den intelektualik handiena, eta oso umila lanean".

Euskararen historian, toponimian eta etnografian ere sakondu zuen. Azken horretan Joxemiel Barandiaranen eragin zuzena izan zuen. Eta alor horretan du, Mariezkurrenaren ustez, "aberastasun ikaragarriena". Argitaratu gabea da etnografian egindako lan gehiena, orain Pamielak jasoko duena. "1973ko elkarrizketak dira, gaur egun ehun urtetik gora izango lukeen jendearenak, haien herriko ospakizunak deskribatzen. Egun bildu ezingo genituzkeen testigantzak dira".

Nafarroako Gobernuaren dominak, ziur aski, mahai gainean jarriko du lan hori guztia. Sinatutako dekretuan, "intelektual errepikaezin eta ezohikoa" aipatu zuen. Eta bat dator Mariezkurrena "ezohikoa" izenondoarekin. "Gaur egun pertsonen superespezializaziora ohitu gara: 'Historialaria naiz, eta izugarri dakit 1936ko Nafarroaz, baina beste ezer ez'. Jimeno Juriok historiaurretik hasi eta gaur egungo historiarainoko jakintza barnebiltzen zuen. Eruditua zen, dena jakin nahi zuena".

Hortik, beraz, "ezohikoa". Eta ezohikoa izan zen haren praktika ere, ia beste inork egiten ez zuenean. Historia ofizialean lekurik ez zuten gertakari eta izenak berreskuratu zituen. Ohiko bihurtu nahi baitzuen, finean, ordura arte "ezohiko" izandakoa.

Enborra zutik, baina hozkekin

Enborra zutik, baina hozkekin

Udazkenak hartu du Zilbeti. Etxarro errekako ur gardena hostoz beteta heldu da herrira, menditik. Pagadian zuhaitzek atzean utzi dute jantzi berdea, eta kolore gorrixkek eta horixkek aldarrikatzen dute, orain, haien garaia. Eskinosoak oihu egin du zuh...

iritzia: Nire bizilaguna

Bost eguneko oporraldia izan zuen nire bizilagunak duela hamabi urte. Espainia hegoaldera joan zen, autobusez, eta primerako egunak igaro zituen senideen etxean. Geroztik, baina, ez du besterik izan. Seme-alabak haren lehengusuak ezagutzera eraman zit...

Norbera ez denean norbera

Norbera ez denean norbera

Mutiloako egoitzan geldirik egoteko denborarik ez da. 10:00etan hasten dira Adacen elkarteko erabiltzaileak eguneko zentrora sartzen. Berrogei dira; bertze seik egoitza bera dute etxe. Nafarroako Gobernuarekin itunduak ditu Adacenek zerbitzu horiek. Burmuinean kalte hartutakoak artatzen dituzte elkarte horretan. Nafarroan, 1.200 kasu berri daude urtean. Astelehena haien egoeraren berri emateko eguna da; herritarrei gogoratzekoa segundo batean haien bizitza erabat alda daitekeela.

1.200 pertsona horietako anitzek betiko egunerokora itzuli ahal izanen dute, erabat osatu eta gero; bertze anitzek, ordea, ez, burmuinean hartutako kaltearen ondorioak betirako jasan beharko baitituzte. Oro har, iktus baten edo auto istripu baten ondorioz hartutako kalteak izaten dira. Lehen unean, ospitalean artatzen dituzte gaixoak, haien egoera egonkortu arte. Hori egin eta gero, Ubarmin klinikan egiten dute errehabilitazioa. "Ubarminetik ailegatzen dira burmuinean kalte hartutakoak gure elkartera", azaldu du Andres Ilundainek, Adaceneko kudeatzailearen albokoak.

Elkartea duela 21 urte sortu zuten burmuinean kalte hartutako hainbat pertsonaren senideek. Konturatu ziren Ubarminetik atera eta gero haientzat inolako zerbitzurik ez zela. Eta haiek eskaintzea erabaki zuten. Orain, gobernuarekin itundutako zerbitzuetan hartzen dituzten pertsonekin batera, zentrora noizbehinka joaten diren bertze ehun artatzen dituzte. Gainera, zentro berri bat zabaldu dute Iruñean, Azpilagaña auzoan. "Iruñeko horretan errehabilitazioa egiten dugu, logopedia, fisioterapia eta neuropsikologia zerbitzuen bitartez".

Mutiloako eguneko zentroan hori guztia ere badute erabiltzaileek, 2003tik. Bai eta gehiago ere. "Bertzelako esparruak jorratzen ditugu hemen ere: sozializazioa lantzeko programa dugu, bai eta lantegi okupazionala ere. Familientzako programak ere baditugu".

Argi eta garbi erran du Ilundainek: "Burmuinean kalte hartzen duenak atzean uzten du ordura arteko bizitza; bertze pertsona bat bilakatzen da. Aurretik zituen lotura sozialak apurtu egiten dira, eta egoera berriari aurre egiten ikasi behar du; hark, eta haren senideek. Egoera berri horrek ondorio ekonomikoak ere baditu". Ez da erraza. Horixe nabarmendu du Adaceneko arduradunak. Helburua, hala ere, egoera berria ahalik eta azkarren "normalizatzea" dela erantsi du Usua Purroik, elkarteko gizarte langileak. "Gauzak aldatu direla onartu behar du familia osoak; eta hori egiteko laguntza eskaintzen dugu".

Mendekotasun legea

Adacen elkarteko egoitzan nonahi ikusten dira makuluak eta aulki gurpildunak. Korridoreetan uzten dituzte erabiltzaileek, fisioterapia ariketak egiten edo igerilekuan lanean ari diren bitartean. Denek ez dituzte behar, kalte hartutako burmuin zatiaren arabera ondorioak era batekoak edo bertzelakoak baitira. "Mugitzeko arazoak dituzte zenbaitek; arazo kognitiboak bertze anitzek; hitz egiteko zailtasunei aurre egin behar diete bertze hainbatek". Mendekotasun gradua ere, ondorioz, ezberdina da kasu batzuetan eta bertzeetan. Zentroan, betiere, helburua da erabiltzaileek dituzten gaitasunei eustea.

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek mendekotasunari buruzko foru legea egiteko asmoa jaso dute haien arteko akordio programatikoan. Asmo horiek zer eman dezaketen ez du argi Ilundainek: "Gu eszeptikoak gara; edonola ere, argi dugu mendekotasunari buruzko lege batek ezintasunen bat duten pertsonen eskubideak zaindu eta bete behar dituela".

Gaur egun ez da hori beti gertatzen. Espainiako Gobernuak 2007. urtean onartu zuen mendekotasunari buruzko legea, eta harekin batera, mendekotasunen bat dutenentzako hainbat zerbitzu bermatzeko zorroa. Azken urteotako krisiak baliabideak murriztu dituela nabarmendu du Ilundainek. Haiek itundutako zerbitzuetatik kanpoko programentzat jasotzen duten diru laguntzak, adibidez, %30-40 egin du behera. Ez da hori bakarrik. "Mendekotasun graduaren balorazioa ez da ongi egin; mendekotasun handia duten pertsona anitz, adibidez, ez dituzte halakotzat jo, eta administrazioak, ondorioz, dirua aurreztu du".

Tratamenduetan ere gertatu dira aldaketak. "Egia da osasun sistema publikoak burmuinean kalte hartutakoak artatzen jarraitzen duela, baina epeak murriztu dituzte; lehen, adibidez, gutxienez urtebete ematen zuten Ubarminen errehabilitazioa egiten; orain, sei hilabete eta urtebete bitarte". Burmuinean kalte hartutakoen kasuan, lehendabiziko bi urteak funtsezkoak dira. "Denbora horretan hobera egin ez duenak nekez eginen du gero", azaldu du Ilundainek.

Purroik burmuinean kalte hartutakoen beharren inguruko bertze kezka bat jarri du mahai gainean: "Mendekotasun gradua zehazteko egiten dituzten balorazioak azalean gelditzen dira; sakoneko bertze hainbat behar ez dituzte kontuan hartzen". Bertze modu batera azaldu du Purroik: "Ematen ahal diogu pertsona bati toki bat eguneko zentro batean, eta pentsa dezakegu haren beharrak ase ditugula. Neurri batean, bai. Baina nekez eginen diogu mesede aztertzen ez badugu zentro horretara ailegatzeko zer aukera dituen edo bere kabuz gosaltzeko eta janzteko gai ote den". Ez hori bakarrik. "Haien oinarrizko beharrak ase ditzakegu, baina hori ezin da izan eskaintzen diegun guztia. Kontua ez da oinarrizko beharrak asetzea, baizik eta pertsona orori ahalik eta bizitza aberatsena izateko aukera eskaintzea. Burmuinean kalte hartutakoek ere badute aisialdiaz gozatzeko eskubidea, adibidez".

Gizarteak baztertu egiten du burmuinean kalte hartu duena. Horixe utzi du agerian Purroik. "Haientzako ibilbideak sortzen ditugu, eta horietan uzten ditugu. Irlak sortzen ditugu, nolabait erranda. Artatzen ditugu, bai, baina haientzako zerbitzuetan edo haien etxeetan egotera bultzatzen ditugu". Lan anitz bada, oraindik ere, egiteko. Purroik argi erran du: "Ezin dugu ahaztu edozein egunetan gu izan gaitezkeela burmuinean kalte hartutakoak".

Mezu hori zabaltzeko, haien erabiltzaileen egoeraren berri emateko eta herritarrenganako zubiak eraikitzeko, hain zuzen ere, karrikara aterako dira, astelehenean, Adacen elkarteko kideak. Gizarteak denentzako tokia izan behar duela aldarrikatzera.

Espioi prismatikodunak

Espioi prismatikodunak

Epela da giroa, eta zerua garbi samar dago. Etienne Rogeau eta Robin Petit gora begira dira. Prismatikoak lagun, Lindus gainetik urtero hegoaldera bidean pasatzen diren hegazti errarien zain dira, Auritzen. Milaka pasatu dira jada migrazioa hasi zenetik. Uztailean hasten ohi dute bidea goiztiarrenek, eta azaroan, berriz, berantiarrenek. Zaleek eta adituek bat egiten dute, urtero, Lindus tontorrean, iparraldetik hegoaldera bidean hegaztiei so egin ahal izateko; migrazioaren ikuskizunarekin gozatzeko.

LPO Akitania elkartearentzat ari dira migrazioa jarraitzen Petit eta Rogeau; soldatapean ari da Petit; Rogeau, berriz, boluntario gisa, bigarrenez. "Iaz ere egon nintzen. Toki zoragarria da hau hegaztiei so egiteko. Espezie anitz ikus daitezke, eta hagitz gertu. Ederra da, adibidez, milaka miru gorri batera ikustea", azaldu du Rogeauk, prismatikoak utzi gabe. Goiz bakar batean, erraterako, 3.600 miru gorri pasatu ziren Lindus tontor gainetik, joan den astean.

Nafarroan, Ornitolan etxeko kideek dute Lindusen migrazioaren jarraipena egiteko ardura. Nafarroako Gobernuarentzat eta Aurizko Udalarentzat jasotzen dituzte datuak. Hamabi pertsonako lantaldea ari da zeregin horretan, txandaka. "Zer espezie pasatu diren, zenbat hegazti eta noiz, halako datuak jasotzen ditugu; bai eta hegaztiok pasatu direnean zer-nolako eguraldia genuen, haizerik edo hodeirik ote zegoen edo ez... halakoak ezagutzea garrantzitsua da migrazioa hobeki ulertzeko; jakiteko, adibidez, zergatik egun zehatz batean milaka eta milaka hegaztik bat egiten duten, elkarrekin toki beretik pasatzeko", azaldu du Ornitolan etxeko Gabi Berasategi biologoak.

Jatekoa bilatzeko beharra

Berasategik LPOko kideen teleskopioen ondoan jarri du berea, hegaztiak hobeki behatu ahal izateko. Orduak eman dituzte jada elkarrekin Lindusen. Lana ere elkarrekin egiten dute. "LPO, Nafarroako Gobernua eta Aurizko Udala batera ari dira; datuak partekatzen ditugu; benetako elkarlana da gure artekoa", nabarmendu du Berasategik.

Miru beltzak, amiamoko beltzak, kurriloak, arrano arrantzaleak, zapelatz liztorjaleak... hamaika espeziek egiten dute Lindusetik hegoalderako bidea, eta haiei so egoten dira ornitologoak; eguzkia ateratzen denetik ezkutatzen denera arte. Jatekoa bilatzeko beharrak mugitzen dituela nabarmendu du Berasategik. Europako iparraldetik Afrikara bidea egiten dute anitzek. Bertze zenbait Iberiar penintsulan gelditzen dira. Hegazti handi eta txiki, Pirinioetako Linduseko tontorra baliatzen dute anitzek milaka kilometrokoa izan daitekeen bidaia egiteko.

Usoek ere bai. Urriaren 1etik, hegaztiei so eginez gozatzen dutenekin batera, ehiztariak ere badituzte hegazti horiek zain. Rogeauk onartu du: "Ez da samurra gu gure prismatikoekin hegaztiei so garen bitartean ehiztarien tiroak entzutea".

Garai bateko liskarrak jada ez direla gertatzen azaldu du Berasategik. Lindusen ehiza egiteko ordaintzen zutenez, han egoteko eskubidea haiena zela aldarrikatzen zuten zenbait ehiztarik, eta saiatzen ziren naturzaleak handik botatzen, hori egiteko eskumenik eta euskarri legalik ez izan arren. "Elkar errespetatzen dugu orain", erran du Ornitolan etxeko kideak. Eskopeta gutxiago omen dago orain, gainera. "Ehiztarien kopuruak behera, eta prismatikoekin hurbiltzen direnenak gora egin du", azaldu du Berasategik.

Tiroen hotsa, hala ere, ez da isildu, oraindik. Ibañetatik Linduserako bidean Luzaideko eta Aurizko ehiztarien postuak ageri dira. Luzaidekoek saldu egiten dituzte postu horietako zenbait, eta Madrildik ere etortzen dira ehiztariak Nafarroara, usoei tiro egiteko. Autoak ezkutatzeko egindako hesi berdeen atzean badira hainbat. Postuetan dira ehiztariak. Pagauso bat pasatu da Lindusen diren ornitologoen gainetik, eta tiro hotsek bete dute mendi tontorreko isiltasuna, berehala. Ezin jakin hegazti bakartiaren bidaia Lindusen amaitu ote den.

Pagausoen eta bertzelako espezieren bidaiak gero eta jende gehiago erakartzen du. Eskopetarik gabeko jendea. Euskal Herriko eta hemendik kanpoko hamaika zalek eta adituk egiten dute bat, urtero, Lindusen. Aurizko Udala ere ohartu da horretaz, eta turismo ornitologikoaren alde egin duela nabarmendu du Berasategik. "Hegaztien migrazioa ikustera etortzen den jendeak inguruko herrietako ekonomiari egiten ahal dio mesede, argi eta garbi", erran du.

Eguzkia oraindik ez da sartu. Egun lasaia da Lindus gaineko zeruan, baina hari so jarraitzen dute Rogeauk, Petitek eta Berasategik. Espioi prismatikodunak dira, zelatan.

Herri oso bat zigortzeko

Herri oso bat zigortzeko

Nafarroan baino anitzez ere lehenago hasi ziren Aragoin (Espainia) Esako urtegia handitzeko proiektuaren aurka borrokan. Artieda herria izan da lan horren ikur. 1985etik aurre egin dio egitasmo horri. "Eta ordainarazi nahi digute orain; herri oso bat ...