Nafarroa

Ertzik gabeko babeslekua

Lurzoruaren erliebe berezia sentitzen da oin azpietan Gure Sustraiak proiektuko aterpetxera sartutakoan. Izan ere, hainbat testuratako harlauzak jarri dituzte korridoreetan, itsuek jakin dezaten gela bakoitzera joateko zein korridoretatik joan. Komunera joateko, lurzoru mota bat; sukaldera joateko, beste bat... Korridoreetan baranda mordo bat dago, bi neurritan: umeek eta helduek eusteko. Ateak zabal-zabalak dira, gurpil aulkiak sar daitezen. Eta areto bakoitzera joateko argibideak hiru eratan adierazita: hitzen bidez, braillez eta piktogramekin. Denentzat egokitutako tokia da, finean, Gure Sustraiak proiektuko aterpetxea. Nafarroan behar bereziak dauzkaten pertsonentzat moldatua den bakarra. Orain dela hilabete eskas ireki zuten.

Lan eta lan ari dira Leire Rivas eta Gorka Cubelos Gure Sustraiak gizarte ekimeneko kooperatibako kideak. 2002an jarri zen martxan egitasmoa, baina orduan ez zuen behar bereziak dauzkaten pertsonen beharretan arretarik jarri. Azken urteetan, baina, ikuspegi "barneratzailearekin" hasi dira lanean. Horregatik, orain, aterpetxe bakarra ez, eta beste bat ireki dute, propio "edozein" joan ahal izateko. "Proiektua orain hamabi urte hasi zen, aterpe txiki batekin. 2006an behar berezien munduarekin egin genuen topo, kasualitatez. Iruñeko talde batek deitu zigun esanez ezin zela inora joan, eta ea posible zen aterpetxera etortzea. Orduan, bagenekien etxea ez zegoela mugitzeko arazoak eta adimen urritasuna daukatenentzat egokitua, baina, hala ere, etortzeko aukera eman genien, eta bertaratu ziren". Hala azaldu du Rivasek egitasmoaren hastapena. Geroztik, bederatzi urte pasatu dira, eta behar berezien turismoan espezializatu dira kooperatibako langileak. Azkenean, bereziki moldatutako zentroa lortu duten arte.

Ibarra biziberritu nahian

Olloko ibarrean dago Gure Sustraiak, Irurtzun herritik gertu dagoen Ollo herrian. 50 pertsona inguru bizi dira bertan, eta orain arte ez da ia lan egiteko aukerarik egon. Azken urteetan, baina, Gure Sustraiak kooperatibak bizia eman dio ibarrari. Aterpetxean bertan lan egiten dutenak ingurura joan dira bizitzera, eta urtero 3.500 bisitari izaten dituzte.

Askotariko lanak egiten ditu kooperatibak. Bi aterpetxe dauzkate eta baserri bat. Horiez gain, Gure Artean etxebizitza ere badute, behar bereziak dituzten pertsonentzat. Eraikin horien guztien bitartez, urritasunen bat daukatenekin egiten dute lan, euren gaitasun psikosozialak hobetzeko asmoz. Gainera, ingurumen hezkuntzan herritarrak heztea dute ardatz; hori dela-eta jasotzen dituzte eskoletako haurrak eta familiak.

Xede soziala dauka kooperatibak, Cubelosek dioenez: "Gizarteari erakutsi nahi diogu badagoela ekonomia egiteko beste modu bat, gizakian oinarrituta. Denok izan behar dugu aisialdia eta denbora librea garatzeko eskubidea, eta horregatik, hemen pertsona guztiei eskaintzen dizkiegu baliabideak".

Balioetan oinarritzen dira: lan duina, gardentasuna, garapen iraunkorra, kalitatea, bideragarritasuna, generoen arteko eskubide berdintasuna eta elkartasuna; horiek dira, besteak beste, euren aurkezpen orrian aipatutakoak. "Koherentziaz" jarduten dute.

Ideia horien defentsa egiteko, hain zuzen ere, aukeratu zuten Gure Sustraiak izena. Jatorriari egiten dio erreferentzia. Cubelosek azaldu du nola hautatu zuten: "Ingurunea gure bizi-iturria da. Sustraituta gaude ama lurrarekin. Ondorioz, Gure Sustraiak deitzen gara". Rivasek osatu du azalpena. Dioenez, lehengo garaiak gogorazi nahi dituzte. "Lehen, laguntasuna zegoen herrietan, komunitatean bizitzeko filosofia zuten, batak besteari laguntzeko ohitura, auzolana... hori berreskuratu nahi dugu".

Teorizatutakoa praktikara eramaten dute zuzenean naturarekin erlazionatutako egitasmoak prestatzen. Adibidez, baratzera joaten dira bisitan joaten zaizkien umeekin, edo behar bereziko pertsonekin; eta animaliekin ere aritzen dira. Programa berak dauzkate elbarritasunen bat duten eta ez duten pertsonekin egiteko. "Gauza bera egiten dugu denekin, baina ezberdin, egokituta", dio Rivasek.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Ollokoa. 1,5 milioi euro inbertitu dituzte aterpetxea egiteko, eta hamabi soldata lortzen dituzte hilero egindako lanari esker, baina horrez gain, inork ez du hileroko soldata baina gehiago irabazten. "Pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ezin ditugu irabaziak izan, eta gure poltsikoan gorde. Irabaziak banatu egin behar dira, beti", esan du irmo Rivasek. Ekonomiari dagokionez duten jarrera dela eta, urteetan irabazitako diru guztia bertan utzi dute proiektua hobetzeko, edo beste egitasmo sozial batzuei bideratzen diete.

Krisiaren eragina

Krisi garaian egitasmo bat martxan jartzea ez da erraza, eta aterpetxekoei ere eragin die. Batez ere lantzen dituzten esparruak direla medio, Rivasen irudiko: "Gure bezero garrantzitsuenak hezkuntzatik eta behar berezietatik datoz, eta hor egin dute murrizketa gehien". Ez da garai xamurra, beraz, baina "itxaropentsu" daude gune berriarekin, eta lehen deiak jasotzen hasi dira jada.

304

Nafarroan 2011. urtetik galdu diren I+G+B lanpostuak. Nafarroan, azken bi urteetan 304 lanpostu galdu dira I+G+B-n. Sektore horretako aurrekontuek %15 egin dute behera 2008tik.

Simon Santamariak zazpi deliturengatik deklaratu beharko du auzipetu gisa

Maria Paz Benito Nafarroako Probintzia Auzitegiko epaileak onartu ditu Simon Santamaria Iruñeko udaltzain buruaren eta haren inguruko beste lau udaltzainen aurkako bi salaketak. Guztira, Santamariak zazpi deliturengatik deklaratu beharko du, hala nola mehatxua, indarkeria, botere gehiegikeria, langileen eskubideen aurkako eta biltzeko eskubidearen aurkako delitua, lan diskriminazioa eta faltsukeria. Martxoaren 27an deklaratuko du, 09:00etan. Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuak jarri ditu salaketak.

Lehenengo salaketa sindikatuko kide batek jarri zuen. Udaltzainak salaketan bederatzi puntutan azaltzen du haren aurkako ustezko jazarpena. Beste salaketan udaltzainen sindikatuak azaltzen du hamabost udaltzainek zigorrak jaso dituztela eta txostenak ireki dizkietela, besteak beste, gaizki aparkatutako auto ofizial bat salatzeagatik. Auzitegian aurkeztutako salaketa gehienak lehenago Nafarroako administrazio auzitegian eta administrazioarekiko auzietako auzitegian epaitu dira. Hainbat alditan, epaileek salaketa jarri dutenen alde egin dute, eta, beste batzuetan, udaltzainen helegiteak aintzat hartu dituzte.

Talde politikoen salaketa

Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Yolanda Barcina Nafarroako presidente eta Iruñeko alkate ohiak babes osoa eman diote Santamariari. Iruñeko Udaleko hainbat talde politikok, ordea, alkatearen jarrera arbuiatu dute. NaBaik uste du Maiarena dela gertatutakoaren erantzukizuna. Aritz Romeo Aralarreko zinegotziaren aburuz, "Santamariak ezin du jarraitu udaltzain buru". Bestalde, Iruñea Askatasunez taldeak beste hiri eredu baten alde elkarretaratzera deitu du martxoaren 21erako, 12:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan.

EUSKAL LITERATURAREN ‘L’ HANDIAK

"Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea", zioen Xabier Letek. Haren aburuz, poetak ez dira politikariak, ez moralistak, ez historialariak, ez soziologoak, ezta filosofoak ere. Ez dira ezer, soilik denetarik apur bat. Baina Antton Valverderen eta Angel Lertxundiren ustez, omentzekoak dira. Horregatik, Hiru L: Lauaxeta, Lizardi eta Lete poema musikatu irakurtaldia egingo dute asteartean, 20:00etan, Iruñeko Planetarioan.

“Iruñeko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune”

Abokatua eta feminista da Begoña Zabala (Txileko Santiago, 1950). Urteak daramatza mugimendu feministako hainbat talde eta batzordetan, garaian garaiko gatazkei kalean erantzuten. Besteak beste, egun Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordean dago. Txoko Feministaren jaiotza ilusioz eta kontent hartzen du.

Zer emango dio Txoko Feministak Iruñerriko mugimendu feministari?

Iruñerriko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune Txoko Feminista. Espazio aldetik, oso baikorra da feminismoarekin lotutako lokal bat hiriko leku jakin batean kokatu ahal izatea.

Zergatik da beharrezkoa halako gune bat sortzea?

Iruñean herri mugimenduak espazioak behar ditu aurrera egiteko, eta lortzen ari da, irmo borrokatzen delako. Udaleko botereek ez dizkigute gauzak errazten, baina elkartzeko gure bilguneak sortzen ditugu, eta Emagune ere horren adibide da. Baina horrez gain, badira beste batzuk: hala nola Zabaldi, Auzoenea eta Kalekalde.

Eta Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordeari zer eskainiko dio?

Biltzeko, eztabaidatzeko eta gozatzeko lokal bat.

Egun puri-purian dago abortuaren gaia; zuek, baina, urteak daramatzazue lanean.

2005ean sortu genuen Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordea, 1985eko legearen 20. urteurrena zela eta. Orduko legea zigortzailea dela salatu, eta sexu eta ugalketa eskubideak errespetatuko zituen lege bat aldarrikatzen genuen.

Gallardonek aurkeztutako lege egitasmoarekin are gehiago zigortuko dute abortua. Batzordearen lan ildoa aldatu da?

Noski, ezinbestean. 1985eko legea txarra zela esaten ari ginen, baina orain aztertzen ari direna are okerragoa da.

Aurtengoa, beraz, borroka urtea izan da batzordearentzat.

Bai, hainbat dinamika egin ditugu jada: PPren egoitzaren aurrean elkarretaratze jendetsua egin genuen, esateko abortua ez dela delitua; eta Bideko Ama ospitalean itxialdi sinbolikoa antolatu genuen.

Prestatu duzuen hurrengo mobilizazioa flashmob ekintza bat da, ezta?

Bai, abortatzeko eskubidearen defentsan koplak idatzi ditu Onintza Enbeita bertsolariak, eta guk koreografia osatu dugu. Ostean tutoriala Interneten zintzilikatu, eta martxoaren 8an dantzatuko dugu.

Eta dantzatu ostean, Txoko Feministara joango zarete?

Bai, egun osoko egitaraua antolatu baitute gunea inauguratzeko.

1.400

Barañainen eskatu dituzten gidari egoiliarren txartelak. Igandean, 20:00etatik aurrera, martxan jarriko dute aparkatzea aldi baterako debekatutako eremua edo eremu berdea. Eremu horretan aparkatu ahal izateko, gidari egoiliarren 1.400 txartel kaleratu dituzte.

Angel Berrueta arrazoi politikoengatik hil zutela aitortzeko eskatu dute

"Angel Berruetaren hilketak arrazoi politikoak izan zituela aitortzea nahi dugu", adierazi du Edur Perezek, Angel Gogoan plataformako kideak. Heldu den martxoaren 13an, hamar urte beteko dira Valeriano Peña Espainiako poliziak eta haren semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko bizilaguna hil zutenetik. Donibaneko hainbat auzokidek Berruetaren oroimenari eutsi nahi diote. Horregatik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko, 2.136 sinadura bildu dituzte.

Berrueta hil zutenean, hainbat auzokide eta lagunek Angel Gogoan egitasmoa sortu zuten, haren oroimena bizirik mantentzeko. Geroztik, plataformak hainbat ekinbide eraman ditu aurrera, instituzioek, botere publikoek eta ordezkari politikoek urratsak egin ditzaten "egiaren, aitormenaren eta ordainaren alde".

Hilketaren hamargarren urteurrena dela eta, sinadurak bildu dituzte Donibanen bi helburu nagusirekin: alde batetik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko; beste alde batetik, auzokideek Berruetaren oroimena mantentzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Plataformako kideek esan dute auzoko hainbat talderen, dendaren, erakunderen eta elkarteren laguntza izan dutela. "Ildo anitzetako auzokideek bat egin dute ekinbide honekin, instituzioek Berruetak behar duen aitorpena eman dezaten", esan du Perezek.

Martxoaren 6an, Iruñeko udalbatzak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko mozioa eztabaidatu zuen. Plataformak mozioa aurkeztu zuen, udaleko hainbat talde politikorekin harreman bira egin ostean. Horrekin batera, martxoaren 13an, 19:00etan, Berruetari omenaldia egingo diote haren okindegia zenaren parean, Iruñeko Donibane auzoan.

22.363

Azken sei urteetan industrian galdu diren lanpostuak. Azken sei urteetan metal, eraikuntza eta beste azpisektore batzuetan 22.363 lanpostu galdu dira Nafarroan. Industriako langileen %34,6 geratu dira kalean.

@sarean

Iruñerriko mugimendu feministaren inguruko informazioa duten atariak.

www.txokofeminista.blogspot.com.es. Emagune Txoko Feministaren webgunea.

www.facebook.com/asambleaaborto.nafarroa. Abortatzeko Batzordearen Facebookeko orria.