Nafarroa

“Guk ez ditugu masak bildu nahi, guk ondo pasatu nahi dugu”

"Euskaldunak hiritik bizikletan ibiltzen gara, eta erdaldunak, autoz. Auto tartean ibiltzea oso deserosoa da bizikletentzat. Horregatik behar ditugu bidegorriak. Karrikirik bidegorri hori izan nahi du", horrela azaldu du Karrikiriren filosofia Silbia Alonsok (Iruñea, 1953). Orain hamahiru urte jarri zuten martxan elkartea. Lana egiten dute, baina umorea ez dute sekula galtzen. "Guk ez ditugu masak bildu nahi, guk ondo pasatu nahi dugu".

Alonsok ia hasieratik parte hartu du Karrikirin. "Elkartea martxan jarri baino lehen, lantalde bat ibili zen hausnarketa egiten. Bi urtez iraun zuen. Nik ez nuen bertan parte hartu, ondoren hasi nintzen". Gogoeta horien ondorioz sortu zen proiektuaren helburua: euskaldunen arteko hartu-emanak garatzeko guneak sortzea. "Euskararen munduan hainbat arlo daude, eta horietan guztietan taldeak eta pertsonak ari dira lanean. Baina guk hutsune bat ikusten genuen. Ez zegoen euskararen erabilera eta euskaldunen hartu-emanak lantzeko gunerik". Horregatik, euren kabuz, baita beste elkarte batzuen laguntzarekin ere hainbat ekinbide jarri dituzte abian.

Euskaldunak harremanetan jartzeko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte Karrikirin. Lan poltsa da horietako bat. "Lan bila dabilen jendea dator, alde batetik, eta lana eskaintzen duena, bestetik. Euskaldunak izan behar dute. Guk harremanetan jartzen ditugu, ezer kobratu gabe", esan du Alonsok. Antzeko sistema du Pisukide deituriko zerbitzuak. Alokatzeko gelak dituztenak etxe bila dabiltzanekin harremanetan jartzen dituzte. "Oso ondo funtzionatzen du zerbitzu horrek. Horrela, pixkanaka-pixkanaka gero eta etxe euskaldun gehiago daude Iruñean", dio Alonsok. Horretaz gain, informazio zerbitzua ere badute. "Euskararen inguruan eta euskal gaiei buruz baten batek zalantzarik badu, hona etor daiteke galdetzera. Adibidez, Bertsolari Txapelketa Nagusia zela eta, asko galdezka etorri ziren ea sarrerak bazeuden edo autobusak izango ziren", azaldu du Alonsok.

Zerbitzu teknikoez gain, hainbat elkarterekin batera lan egin dute. Topaguneko kide dira, eta Mintzakide programan parte hartzen dute. Zaldiko Maldiko elkartearekin eta Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera, Karrikadantza antolatzen dute hileko hirugarren larunbatean. Horrez gain, Iruñea Kantuz ekinbidean ere parte hartzen dute. "Beti sortzen dugu gune bat euskaldunen artean ezagutzeko; hori da gure helburua".

Ekintza horietan guztietan parte hartzeak izena eman dio Karrikiri elkarteari. Baina erreferentziazko puntu nagusia Xabierko aldapan duten denda da. Bertan dute bulegoa, baina hamahiru urte hauetan hainbatetan aldatu dute tokiz. "Hasieran, Xabier aldapan genuen lokal txiki bat, ondoko portalean. Baina txikia zen, eta 2002. urtean denda ireki genuen Donibane auzoan. Oso garrantzitsua ikusten dugu gure finantzaketa propioa izatea. Hori da dendaren zentzuetako bat", dio Alonsok. Donibanen hiru urte eman ostean, 2008an Xabierko aldapara itzuli ziren, gaur egun duten lokalera. Baina hori ez da Karrikirikoek duten denda bakarra; "denda ibiltaria" ere badute. "Hasieratik dugu denda ibiltaria, finantzaketa propioa izateko. Sortzen Ikasbatuaz-en jaietara, Nafarroa Oinez-era, Nafarroaren Egunera eta gisa horretako jaietara joaten gara gure materiala saltzera".

Karrikiriko dendari dagokionez, hiru ataletan banatzen dituzte euren produktuak. Alde batetik, kaleko arropa saltzen dute. "Euskal Herriko markak saltzen ditugu. Salbuespen batekin, Kataluniako La Ciutat Invisible-ko produktuak ere saltzen baititugu. Horrez gain, euskararen aldeko talderen batek kamisetak edo produktuak ateratzen dituenean, horiek ere saltzen ditugu". Beste alde batetik, aisialdia euskaraz gozatzeko produktuak saltzen dituzte, hala nola diskoak, liburuak, aldizkariak, jokoak eta filmak. Beste sail bat euskal jantzi tradizionalena da. "Nik esango nuke Iruñean aitzindari izan ginela euskal jantzi tradizionalen moda salgai jartzen. Lehen, denok joaten ginen betiko arropa ilun eta tristeekin. Baina euskal jantzietan badago mundu oparo, zabal eta polit bat".

Iribas, Wert eta beste

Wert legearekin hasi eta bukatu da 2013. urtea. Baina hamabi hilabeteetan hamaika istilu jasan ditu Nafarroako hezkuntza komunitateak. Nafarroako Gobernuaren murrizketek hezkuntza publikoaren egoera larritu dute. Azken bi urteetan, 700 irakasle gutxia...

2011+2

Iaz, oraingo sasoi bertsuan, askok sinestu (nahi izan) genuen Barcinak nekez amaituko zuela hasitako legealdia. Ez zen kiniela inozoa. Aginte makila hartu eta urtebetera, arazoak pilatzen hasiak zitzaizkion presidenteari. Gobernuan auto-bakartuta, parlamentuko bakartzeari, alderdi barruko banaketari eta kaleko haserreari aurre egin behar zion. Horrezkero, CAN auzia ezin zitekeen ezkutatu, besteak beste, UPNko buruetako bat izandako Santiago Cervera diruz betetako gutun-azalak jasotzen zebilelako Iruñeko harresietako zirrikituetan. Baldintzek, ezin ukatu, bide ematen zioten gisa horretako pronostikoari. Nonbait ahaztu genuen Barcinaren burugogortasuna, ohore ezin lohitua.

Denborarekin ikusi eta ikasi dugu, "orain arte ezagututako guztiaren hondamendia eta amaiera" bizi dugun honetan, momentuz, ezer ez dela hondatu, eta ezer amaitu. Eta erdi etsipenez erdi axolagabetasunez irentsi dugu UPNk ez duela utziko legealdirik eteten. Barcinaren aroko hirugarren urtea badoa. 2011+2 urtea badoa, baina Barcinak hemen segitzen du.

Denbora honetan, zirku tankera hartu du gure lurraldeak. Ohiko bilakatu zaigu beste edonon txiste hutsa litzatekeena, edo sinestezina. Galdetu kanpoan, atzerriko lagunei, ea benetan sinesten duten milioiak eta milioiak xahutzea 70 kilometroko AHT bide bakartua eraikitzeko. Esaiezue ospitaleetako jatorduetan kaka eta metal zatiak aurkitu dituztela gaixoek. Konta iezaiezue guardia zibila mendira bidalia izan dela antenak ixtera, nafarrok ia penintsula osoko edozein telebista kate ikus ahal izan dezagun, gertukoena salbu. Jakinarazi gurean politikariek ahoa itxita ere milaka euro kobratzen dituztela gerora desagerraraziko dituzten aurrezki kutxen bileretan parte hartzeagatik. Azaldu poliziak hamarnaka agente mobilizatu dituela, DNA frogak aztertu, telefono deiak arakatu eta kreditu txartelekin egindako erosketak argitzeko, hiriburuko bestetan kanaberaz bandera handi bat zabaldu zuten pertsonak aurkitzeko. Esaiezue komunikabideak itxi direla eta estatuko polizia militarizatuak banan-banan ikertu dituela euskaraz irakasten duten ehunka irakasle. Solaskidearen erreakziorako bi aukera baino ez daude: A, ez sinestearen aurpegia jarri, edo B, eskutik hartu eta zuetaz errukitu.

Tira, horretan behintzat ez dugu guk errurik. UPNri dagokio inguruko gertakari orori txiste kategoria eman izanaren erantzukizuna. Izan ere, beste edonon bromatan baino ezin liteke esan bati aurpegia merengez bete dionak urteetako kartzela zigorra merezi duenik, adibidez. Iritzi publikoa inoiz baino axolagabetasun handiagoz dago politikari begira, ezin serio hartuz. Eta, dirudienez, hainbat agintari seguruago sentitzen dira hala, eureganako arreta galtzen badugu ezkutukeriak errazago eginen dituztelakoan, nonbait. Ezin ulertu bestela hainbeste komeria eta astakeria. Ezin ulertu, bestela, hezur eta haragizko politikaria Twitterreko bere fake-etatik bereiztea hain zail suertatzea hainbestetan.

Dena dela, umorea ez da sekula genero erraza izan. Graziaren eta erridikuluaren arteko marra oso da mehea, eta gaizki egindako txisteak erraz ekar dezake neurrigabeko arbuioa. Nafarroan, zorionez, geroz eta gutxiagok egiten diete barre Barcina eta enparauen burutazioei. Beste era batera esanda, honezkero grazia minimorik ere ez dute. Eta, hala, agurtzear gauden urte honek protestaz bete dizkigu kaleak, manifestazio eta grebaz, oihuz eta aldarriz. UPNk, kalean etsai beldurgarria ikusiz, besterik egiten ez dakien zirkuko pailazoak bezala erantzun du: astakeriak eta astakeriak.

Halaxe joanen zaigu 2013 hau, txiste txar eta erantzun jendetsuen artean. Eta, hala ere, zer da, bada, urte bat historiaren handitasunean? Ezer gutxi. Historiak aroak gordetzen ditu berarentzat, zikloak. Eta, hala, inor gutxik gogoratuko du 2013a. Ez bada, urte bat baino, aro berri bati hasiera eman zion urtea. 2011+ dena delakoak ahaztu, eta urteak zenbaki hutsez izendatzen hasi ginen aroa.

Tokiko administrazioa, arriskuan

Tokiko adminitrazioaren lege berriaren onartzea ia-ia oharkabean gertatu dela ematen du. Eztabaida izan zen Kongresuan, hainbat komunikabidetan ere agertu da, baina gure karriketan deus guti sumatu dugu horri buruz.

PPren asmoa aitzinera atera zen, Euskal Herriko bi alderdiren babesarekin: UPN eta EAJ. Bi alderdi horiek PPrekin adostasuna lortu zuten, euren hitzetan, euskal erakundeen berezitasunak aintzat hartzea lortu omen zutelako. Erakunde horiek Iruñeko gobernua eta Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako aldundiak dira. Aldiz, tokiko erakundeak, udalak eta kontzejuak, galbidean edo murrizteko arriskuan jartzen ditu Hego Euskal Herriko eremu osoan, Estatuaren peko lurralde guzian bezala. Iruñeko eta Gasteizko gobernuek ziurtatzen dute euskal erakundeen berezitasunak babestea lortu dutela eta, beraz, Madrilgo legearen eragina mugatua dagoela. Baina bertze arlo batzuetan gertatzen ari dena ikusirik, zalantzan jartzekoa da ziurtapen hori.

Mintzo den horrek ez daki behar adina lege berri hontaz eta izan ditzakeen ondorioez, herritar gehienon moduan, pentsatzen dut. Baina datu batzuk adituta, tokiko erakundeen aurka izutzeko moduko eraldaketa izanen dela jakiteko adina badugu. 5.000 biztanletik beheitiko udalerrietan, ordezkaritza-sistema erabat alda daiteke, alkate eta zinegotzien kopuruak nabarmen gutituz, edo erakunde horiek desagerraraziz, adibidez, kontzejuak Araban eta Nafarroan. 20.000 biztanletik beheitiko eremuetan, oinarrizko zerbitzu publikoak bateratu (zentralizatu) eginen lirateke, mankomunitateetan, horiek zuzenean aldundien edo gobernu autonomikoaren esku geldi daitezkeelarik, eta, noski, pribatizatzeko arriskuan.

Ordezkaritza sistemari eta zerbitzuen kudeaketari buruz dakiguna hori da; aldiz, ez dakigu sistema aldatze horretan non geldituko diren herriek dituzten ondasunak, bereziki, lur komunalak.

Madriletik, aspaldi ohi duten moduan, gure herriak eta eskualdeak zuzenago kontrolatzeko asmoa darabilte, azken finean, herritarrengandik hurbilen diren erakundeen eskumenak murriztuz, botere osoa Estatuak zuzenean edo estatutik hurbilen diren erakundeetan zentralizatuz, horien esku metatuz.

Kanpotik eta, gehienetan, zuzenean Madriletik datorren eraso berri hau herritarrontzat aukera izan daitekeela ulertzen dut; aukera, bai, gure herrien antolakuntza aztertu, herritarrok behar eta nahi duguna hausnartu, eta hori lortzeko moduak asmatzeko aukera ezin hobea. Madriletik datozen astinduek iratzarrarazi ohi gaituzte, mugiarazten, eta, beraz, eraso berri bakoitza aukera da erabateko aldaketak mahai gainean jartzeko. Erronka hori hartuko al dugu?

“Irati irratia bezalako hedabideak behar dira”

Azken hilabeteetan buru-belarri aritu da Xabier Errea (Aurizberri, 1957) Irati irratiaren alde. Pozik dago hedabidea apurka egonkortzen ari delako, nahiz eta zailtasunak oraindik askotarikoak diren. Bihar, Garraldako jaia profitatu nahi du irratiko ba...

Zentsura politikoa

Piruxak Nafarroan: zentsurari buruzko ikerketa 1979-2009 ikerlan unibertsitarioa egin nuen Asmoz Fundazioaren bitartez. Erregimen frankistaren ondorengo zentsuraren fenomenoa aztertu nuen, Nafarroari lotutako kasuak bilduz. Hona hemen haren ondorio batzuk:

Nire ikuspuntutik, zentsura debekuaren formetan eratzen da gaur egungo lege eta ekinbide judizialen bidez. Euskal gatazkan, hirugarren mundurako planteamenduaz eginiko ZEN plan haren kontzeptuekin janzten da zentsura. Zona Especial Norte planak, oraindik ere indarrean. [...]

Kasuen artean, batzuk zakarrak eta gardenak dira, frankismoan gertatzen ziren bezalakoak [...]. Alfredo Jaime alkatearen garaiko kasuak, Maribel Beriain zinegotziarenak batera, UPNkoak biak, "heretikoen mailua" berau: VI. Euskaraz Komikiaren Lehiaketaren komiki zentsuratuak "eduki biolento, biluzgorri eta mezu sasi-politikoengatik", edota Mikel Urmenetaren artelana Autorretrete, besteak beste. Zentsura giroa zen hura, iritzi publikoa hartua zuela eta bere hartan segitzen zuela, laino sarriaz, lehen bezalatsu. Ez dugu ahaztu behar, adibidez, Rodolfo Martin Villa, Sindicato Vertical taldeari lotua, 1976tik 1979ra arte Gobernazioaren kartera izan zuena (UCD); frankismoaren dokumentazioa erretzeko agindua eman zuela leporatua izan dela zenbait alditan. [...]

Beste kasu batzuek era sofistikatuagoa dute: adibide gisa, Simonidesen Jamon de Gorrión komikia, Liburu bat egiten-Cómo se hace un libro erakusketa Ziudadelatik kendu zutenekoa, Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarra agertzen zelako, edo Altaffaylla Fundazioaren Navarra 1936: de la esperanza al terror liburuarekin izandako arazoak eta abar.

Badira kasu dexente Nafarroan "errepresura kulturalari" loturikoak (J. A. de Blas argitaltzaileak sorturiko terminoa), eta dexentek badute lotura ez bakarrik kultura, politika edo erlijioarekin; sexualitate, abortu eta gisa horretako kontuekin ere badira.

Gai honen inguruan aditu handienetako bat denak, J. M. Torrealdaik, zentsura garaikidearen kasu nabarmenetako baten biktima berau, Egunkaria itxi baino lehen ziurtatzen zuen: "Hala ere, oso ezberdina da orain egon daitekeena, eta hemendik aurrera egongo dena, frankismoaren zentsurarekin. Orduan, aparatu bat zegoen, pentsamendua bideratzeko zuzenki destinatutako aparatu administratiboa. Egun, ez da horrelakorik". [...]

Hain zuzen ere, lehen bazegoen aparatu espezializatu bat (aunitzetan apez bat ere bat); eta egun, betearazpen-akzio bat elkarbanatua da aparatu polizial edo militar eta judizialaren artean, batzuetan, aparatu politikoak bultzatua. Egunkaria-ren kasua. Gizon grisaren txostena kapitain baten ofizio-agiriak ordezkatua, instrukzioko epaile bati zuzendua, nork "dena da ETA" aski ezagututako diskurtsoaren izenean egunkaria ixten duen.

Zentsura, Francoren garaian, politikoa ere bada. Bizitzaren eremu guztia hartzen duen heinean, ohiko ekinbide bat. Normalizatua bai herrian bai erregimenaren kontrako intelektualen artean; zeren beraien baitan pairatu zuten autozentsura delako hura, nahiz eta borrokalari zintzoak. Aginte zentsuratzaileak markatzen du politika arloan debekaturik zer dagoen: erregimenaren aurka mugitzen den guztia. Horrek guztiak alderaketa egitera eramaten du: alde batetik, ze erraz ixten dituzten komunikabideak 1979tik aitzina, eta, bestetik, statu quo-aren akolitoen konplatzentzia. [...]

Nik uste dut ez dakigula elkarri hitz egiten, ez ziguten irakatsi, eta ikasi duguna justu kontrakoa da. Katalan izaeratik gutxi dugu, bai bikingoena. Eta espainarrak ere bai. Zeren, autokritikaz eta desikasteko xedeaz ari garela, ulertu behar da, izan ere, zentsura botere instituzionalizatuetatik datorren ekinbide penagarria dela, baina ez da soilik haien esklusitibitatearena, kontraboterea egin duena hark eramana edo tentatua noizbait izan da. Zentsurak paranoia kutsakorra badakar.[...]

Boterearen ekinbide ez-etikoak informazioaren kontrolean du oinarri. Horregatik, Gara eta BERRIA egunkariak ez daude Nafarroako liburutegietan; Iruñeko alkateak ez ditu gogoko CANi buruzko dokumentalak, eta Ateak Ireki itxi dute betiko diskurtso bereziaren bidez. Beharbada, Nafarroan Ateak Ireki izan liteke UPNk duen informazioa kontrolatzeko sistema bere lekutik kanpo utz dezaketen hedabide horietako bat.

Iritzi askatasuna denon eskura izan beharko lukeen eskubidea da, eta erabatekoa izan beharko luke muga inposatutakoen gainetik. Inor ez da horren ordezkoa eta jabe ofiziala, bestearen izenean inork ez baitu norbanakoaren askatasuna ordezkatu behar, eta, aldi berean, denon erantzukizuna da bestearen askatasuna defenditzea. Hitz egin dezagun inor baztertu gabe, hitza isilarazi gabe. Botereen banaketa benetan existitzen bada, bada garaia militarrak politikariari ez agintzeko. Bada gatazkaren amaieraren garaia. Zentsura gehiagorik ez.

Net 21-ek beste irrati bati alokatu dio bere lizentzia

1998 eta 2006an egindako irrati lizentzien lehiaketen ostean erdietsi zuen Net 21 kateak Nafarroan emititzeko lizentzia, nahiz eta auzitegiek bi lehiaketa horiek bitan utzi dituzten balio gabe. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek jakinarazi duenez, Medios de Comunicacion 21 eta Livertad Digital SA enpresen errenta akordioak "legea betetzen" du. Orain errentan eman duten irrati lizentziaren lehiaketaren aurka helegitea aurkeztu zuen Euskalerria irratiak, lege urraketak izan zirelakoan, eta justiziak arrazoi eman dio. Hala ere, UPNren gobernuak helegitea aurkeztu zuen Gorenean, eta orain, ebazpen horren zain dago Iruñerriko euskarazko irrati bakarra.

Irati irratiaren bazkide kopurua.

Azken zenbaketen arabera, egun Irati irratiak 176 bazkide ditu. Hala ere, aurten ahalegin berezia egin dute bazkide berriak egiteko. Izan ere, aurten, 68 bazkide berri erdietsi dituzte. Horiei esker, aurrera jarraitzen du Irati irratiak.

789

Nafarroako familien Gabonetako batez besteko gastua. Iratxe kontsumitzaileen elkarteak esan du Nafarroako familiek batez beste 789 euro gastatuko dituztela Gabonetako erosketetan. Elkartearen arabera, 789 euro horietatik 202 jakietan gastatuko dituzte.

%34,8

Nafarroan egiten diren epaiketen artean, azkarrak izan direnen ehunekoa. Nafarroan urtarriletik irailera 4.334 administrazio eta zigor epaiketa egin dira. Horietatik 1.512 epaiketa azkarrak, epaiketa guztien %34,8. Orain 10 urte legeztatu zituzten epaiketa azkarrak.