Beste albiste batzuk

Espainiako bandera jartzeko agindua hura balkoian dutela jaso dute Beran

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Berako Udala udaletxeko balkoian Espainiako bandera jartzera behartu du. Hartara, uztailean Iruñeko Administrazioarekiko Auzitegiak Beran Espainiako bandera jartzeko egindako ebazpena berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Berako udalak abenduaren 17an jarri zuen bandera hori udaletxeko balkoian, auzibide gehiago ekidin nahian.

Laura Albak argi utzi zuen Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izendatu zutenean Ikurren Legedia betearaziko zuela. Jakina da Nafarroako herri askotan udaletxeetako balkoietan ez dutela orain arte Espainiako banderarik jarri, Beran esaterako. Hala, legea urratzea leporatut, salaketa jarri zuten Iruñeko Administrazioarekiko Auzitegian, besteak beste Berako udalaren aurka. Uztailean, arrazoi eman zion justiziak Espainiako Nafarroako Ordezkaritzari.

Berako Udalak ebazpen horrekin ados ez eta helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusian. Baina, beste behin justiziak ez ditu ontzat jo Berako Udalak balkoian Espainiako bandera ez jartzeko emandako argudioak. Epaia irmoa da eta ez dago helegiterik aurkezteko aukerarik.

36 eskaera

Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzak 36 udali eskatu die "legeak eskatzen duen eran" Espainiako bandera udaletxeetako balkoietan jartzea. Ordezkaritzak azaldu duenez, udal batzuk legedia betetzeko epe barruan daude oraindik. Egoera horretan daude esaterako, Oibar, Belaskoain, Bidaurreta, Oltza, Ziriza, Etxarri, Etxauri, Ituren, Lekunberri, Orkoien, Doneztebe, Villatuerta, Igantzi, Zabaltza eta Zubieta.

Bestalde, zazpi udalek legedia betetzea erabaki dute inolako eskaera judizialik gabe. Berriobeti, Berriozar, Garlar, Irurtzun, Obanos, Atarrabia eta Ziordia daude egoera horretan. Altsasu, Arbizu, Areso, Baztan, Etxarri-Aranatz , Goizueta, Uharte Arakil, Irañeta, Lakuntza, Leitza, Olatzagutia eta Oloritzen, berriz, ez dute gobernu ordezkaritzaren eskera bete eta helegitearen erantzunaren zain daude zer egin ebazteko.

Erronkari jatorri izena ez aldatzeko eskatu du oposizioak

Assaf ardien esnea Erronkariko gazta egiteko ez erabiltzea eskatu du Landa Garapeneko Batzordeak. Nafarroako Gobernuak Erronkari jatorri izenaren araudia aldatu nahi du, baina NaBaik, Bilduk, PSNk eta Ezkerrak atzera botatzeko ebazpena onartu berri dute, UPN eta PPNren aurkako botoekin. Oposizioak uste du Nafarroan atzerriko arrazak sartzeak "arazo handiak" ekarriko dituela, batez ere, esparru sozioekonomikoan.

PSNren ekimena izan da Nafarroako Gobernuaren araudi aldaketaren aurka agertzea, eta oposizioko talde guztien babesa jaso du. Nafarroako sozialisten ustez, "jatorriko izena babestu eta defendatu behar da, lehenengo sektoreari balio erantsia ematen diolako". Gauzak horrela, PSNk ez du uste gobernuak proposatzen duen lege aldaketa egokia denik, "kontraesanez beteta dagoelako eta ezagutza falta sumatzen delako". Erronkari jatorri izena "desagertzeko arriskuan" jartzen dutela ohartarazi dute, eta, era berean, "gainerako jatorri izenak ahultzen dituzte, arriskuan daudelako".

Assaf esne asko ekoizten duen ardi arraza da, ukuiluan bizi da —ez mendian, latxa ardia bezala— eta gobernatzeko errazagoa da. Horregatik, PSNk uste du assaf arrazak produkzio eremuak produktuarekin duen lotura "makaltzen" duela, abeltzaintza tradizioetatik kanpo dagoelako. "Ardi latxen ustiapenen itxiera ekarriko luke", diote. Era berean, gogorarazi dute atzerriko arrazak jatorrizko izenean sartu zituztenetik (2011-2012) ardi latxen 160.000 litro esne galdu direla eta, ondorioz, kasu anitzetan "errentagarria izateari utzi" diola. Horretaz gain, jakinarazi dute ardi latxek bazkatzen eta mendia garbitzen dutela eta assaf ardiek, berriz, pentsu kontzentratua jaten dutela .

"Arduragabekeriaz" jokatu

EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak eskertu egin du oposizioak erakutsi duen "kemena". "Gobernuaren mozioak ez du ez hankarik ez bururik", esan dute. Jakinarazi dute iragan maiatzean Erronkari jatorri izenaren batzorde arautzaileko bi kidek kontrako boza eman ziotela arraza intentsiboak sartzeko araudiaren aldaketari: "Bi artzain horiek Erronkari jatorri izenean dauden %90 artzainen hitza ordezkatzen dute". Horregatik, nekazarien elkarteak uste du "onena" Nafarroako Gobernuak Erronkari jatorri izenaren aldaketa bertan behera uztea dela, "eremu sozioekonomikoan kalte larriak sortuko dituelako". Halaber, salatu dute gaztak lurrarekin duen edozein lotura kentzea ez dela egokia.

Joan den maiatzean onartu zuten Erronkariko gazta lantzeko assaf ardien esnea erabiltzea. Erronkariko gaztaren jatorri izenaren batzorde arautzaileak baimendu zuen araudian aldaketa bat egitea horretarako. Bertan dioenez, onartu egiten du gazta egiteko esnearen %35 assaf ardiena izatea. Israelen du jatorria arraza honek. EHNE hasieratik aldaketaren aurka agertu da, eta "arduragabekeriaz" jokatzea leporatu die batzorde arautzailearen barruan aldaketa babestu duten hiru eragileei; hots, industriari, UAGN sindikatuari eta Nafarroako Gobernuari.

Erronkari jatorri izenarekin lan egiten duten hamar artzainetik bederatzi ordezkatzen ditu EHNEk. "Jatorri izenaren funtsa da lurrari lotutako artzaintza eredua guztiz babestea; eta, hain justu ere, araudi aldaketak kalte egin nahi dio eredu horri", dio EHNEk. Gazta ekoizle batzuk kanpoko arraza horren esnearen alde egiteko arrazoietako bat sektoreak beren iritziz pairatzen duen krisia izan da. Orain arte, Erronkariko gazta rasa eta latxa ardien esnearekin egiten zuten gazta, baina ardi arraza horiek ez omen dute nahiko esne ekoizten, eta, beraz, assaf ardiak sartzea horregatik defendatu dute.

NUPeko 22 ikasketetatik seitan bederatzi edo nota altuagoa behar da ikasteko

Ikasleen eskaerek eskaintza gainditu dute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Guztira, 22 karrera eskaintzen dira unibertsitatean, eta horietako seitan ikasi ahal izateko, bederatzi edo nota altuago bat eskatzen dute. Horrez gain, hamasei titulutan —22tik— bosteko nota gainditzea eskatzen dute. Erizaintza, Fisioterapia eta Ekonomia ikasketak izan dira 2012-2013ko ikasturtean "erakargarrienak". Izan ere, titulu horiek guztiek ikasten dituzten ikasleen notarik baxuenak 9,1 eta 10,7 tartean daude.

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketekin iristen dira unibertsitatera ikasle gehienak. Hala izan da ikasturte honetan ere. Lau ikasketatan soilik gelditu dira toki libreak — Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduan, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan, Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzan eta Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzan—.

Kontuan hartu behar da gaur egun selektibitateko nota altuena hamalau dela, eta ez hamar. Bederatziko nota gainditzen dute Erizaintzan (9,1), Fisioterapian (9,2), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitzean (10,7), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako gradu bikoitzaren Nazioarteko Programan (9,3) eta Ekonomia graduko Nazioarteko Programan (9,3).

Atzerrira joateko aukera

Urtero, dozenaka ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpo egiten dituzte ikasketak nazioarteko programei esker. Ikasturte honetan 450 toki eskaini dituzte kanpoko unibertsitateetan ikasteko. Ekonomiako karrerek dute aukera gehien, guztira 266 toki dituztelako. Horren ondoren, Irakasletzako graduak, Gizarte Laneko gradua eta Soziologia gradua daude. Asteleheneko bileraren ostean, gaur ere bilera informatiboak izanen dira ikasle interesatuentzat unibertsitatean. Eskaerak urtarrilaren 28tik otsailaren 1era bitarte egin beharko dituzte Internet bidez.

NUPek nazioarteko hitzarmenak ditu 35 unibertsitaterekin, gehienak Erasmus programakoak, baina badira beste programa batzuk ere. Virrey Palafox programarekin Latinoamerikara joateko aukera dute ikasleek. Horretaz gain, hitzarmenak dituzte AEBetara, Australiara eta Kanadara joateko. Martin de Rada programari esker, NUPeko ikasleek aukera dute Asiara joateko. 25 urte bete zituen iaz nazioarteko mugikortasun programak. 2012-2013ko ikasturteko Erasmus bekak bermatuta daude, baina arriskuan egon ziren. Hurrengo urteko laguntzekin datoz zalantzak.

“Egoera latzetan, hemengoen baikortasunak harritzen nau”

Behartsuenen alde lan egiteko grina izan du beti Fernando Aginagak (Etxarri Aranatz, 1954). Horregatik erabaki zuen Governador Valadaresera (Minas Gerais, Brasil) joatea, "txiroenekin, batez ere, umeekin lan egiteko". Dagoeneko 25 urte daramatza Brasilen, eta oraindik gehiago egiteko asmoa du.

Eskolapioen misio batean egin du mende laurdena. Brasilera iritsi zenean, portugesa ikasi zuen, "herritarrekin eta liburuak irakurriz". Pedagogia eta Teologia ikasketak egin ditu Aginagak, eta bere ezagutzak erakusten dizkie hiriko gazteei. Urte hauetan guztietan Brasilgo eta zehazki Governador Valadaresko egoera "zeharo" hobetu dela dio, "nahiz eta gogorra den oraindik". Iritsi zenean herrialdea diktaduratik atera berria zen, eta konstituzioa prestatzen ari ziren parlamentuan. "Alde batetik, miseria zorrotza zegoen, eta, bestetik, eliteak agintzen eta gehiengoa zapaltzen zuen". Bien bitartean, ordea, "izugarrizko mugimendu herrikoia" piztu zen, gizartean gutxinaka errotu zena. "Jendearen alaitasunak eta baikortasunak harritzen ninduen; niretzat hori ulertezina zen egoera horretan". Sindikatu eta herri mugimenduei esker egoerak hobera egin zuela gogorarazi du, baina oraindik sufrimendua edonon nabaritzen dela ziurtatu du.

Sufrimendua, hala ere, alaitasunarekin pasatzen dute. "Oso alaiak dira brasildarrak, elkarrekin biltzeko eta bizitzeko gogotsuak dira". Diru gutxi irabazi arren egunero aurrera ateratzen direla dio Aginagak. "Argia, beroa, koloreak, barre egitea eta umore ona gustatze zaie; musika beti entzuten dute, eta haien itxurarekin gora eta behera egoten dira maiz". Baina, era berean, erraz "lur jota" sentitzen direla konturatu da Aginaga. "Historian beti hain zapaldua egon den herri honek oso barneratua du gutxi balio duen sentimendua".

Orain dela hamar urte, gazteek ez zuten unibertsitatera joateko aukerarik; gaur egun, ordea, gobernuaren laguntzarekin posible da. "Aldaketak izan ditugu. Kanpotik, Euskal Herritik datorren batek oraindik alde nabarmena ikusiko du, baina hemen bizi garenok hobetu dela nabaritzen dugu". Urteetan aritu da gaixo eta umeen eskubideak sutsuki defendatzen. "Hasieran auzo apaletan lan egiten nuen, favela modukoetan; orain, horrez gain, heziketa eta gizarte lanetan aritzen naiz". Lan egiteko modua ere aldatu du. "Gosedunei eta gaixoei laguntzen genien, zuzenean. Herri kontzientzia landu eta herri mugimenduak bultzatu genituen. Orain, jada maila horiek neurri batean gainditu ditugula, beste maila batzuk jorratzen ditugu". Udaletxe kontseiluetan parte hartzeko prestatzen dituzte hiriko bizilagunak, "han erabakitzen baita auzoko etorkizuna".

Gaur egun, gainera, beste behar bat sortu dela uste du misiolariak. "Jendearekin hitz egitea, entzutea eta animatzea". Bai herriaren alde egiten duten agenteekin —politikako, sindikatuetako eta mugimenduetako jendearekin—, baita bizilagun heldu eta umeekin ere. "Emakumearen egoerari arreta berezia eskaini diogu; gaur egun, Brasilen, emakumea etorkizunaren giltza delako".

Ez da Nafarroako lagun bakarra misioan. Bost pertsona bizi dira etxean. Bi Nafarroakoak, eta gainerakoak Brasilgoak. "Gure arteko giroa oso ona da, paregabea", dio pozik. Nafarroako beste lagun bat bizi izan zen haiekin, baina joan den maiatzean zendu zen. "Tirapuko gizon oso fina eta langilea zen, beti jende behartsuenen alde lan egin zuen, eta oso ezaguna izan zen hirian". Gogoan du Eulalio Lafuente kidea. "Eulalio hona iritsi zenean, 1952. urtean, 20.000 biztanle zituen hiriak; gaur egun, 270.000 biztanle ditu". Auzo behartsuetan zazpi ikastetxe publiko eraikitzea lortu zuen.

Nafarroako 1.600 misiolari daude mundu osoan. Ez da kopuru apala. "Euskal Herria maite dugulako beste herriak eta kulturak maitatzen ere ikasi dugu. Frantzisko Xabierkoak eta Ignazio Loiolakoak hasi zuten bidea". Euskaldunak aurkitu ditu Aginagak bidean. "Herritik urrun dagoenarentzat oso pozgarria da herrikideak aurkitzea".

Momentu atsegina bizi izan zuen Aginagak orain dela bost urte. Euskarari buruzko hitzaldia eman zuen Governador Valadareseko unibertsitatean. "Une oso atsegina izan zen, ikasle eta irakasle asko bildu ziren, eta arreta handiz entzun zuten; Espainiako edozein hiritan horrelakorik lortzea oso zaila litzatekeela pentsatu nuen hitzaldia eman ondoren". Orain, beti galdetzen diote Euskal Herriak noiz lortuko duen independentzia. "Langile moduan ezagutzen gaituzte, eta miresten dute gure kulturaren eta historiaren alde egindako lana".

Lanez “gainezka” daudela salatu dute Larrialdietako Agentziako hainbat langilek

Urteko lehenengo hamar egunetan DYAk ez zuen anbulantzia zerbitzurik eskaini, Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jasoko zuten ala ez jakin zain zeudelako. Nafarroako Larrialdietako Agentziak baieztatu zuen gertaera horrek ez zuela inolako eraginik izanen, baina agentziako langileek kontrakoa erakutsi dute.

Nafarroako Larrialdietako Agentziako hainbat langilek salatu dutenez, DYAko zortzi anbulantziek —zazpi ohikoak eta bat medikuduna— lan egin ez zuten hamar egunetan, %60 lan gehiago hartu zuten beren gain. Suhiltzaileen, Gurutze Gorriaren eta Baztan-Bidasoa enpresa pribatuaren anbulantziak aritu dira lanean. Horrez gain, langileek salatu dute denbora tarte horretan eriek "inoiz baino denbora gehiago" itxaron behar izan zutela anbulantzia heltzeko. Kasu batzuetan, ordubete ere egon ziren anbulantziaren zain, "gainezka" ibili baitzen zerbitzua.

Ohiko egoera batean, anbulantzia arrunt batek hamahiru-hamalau lekualdatze egiten ditu egunero, baina 2013ko lehenengo hamar egun horietan, 20 eta 23 lekualdatze inguru egin behar izan zituen anbulantzia bakoitzak. Herrietara ere joan behar izan zuten anbulantziek. Gares eta Agoizko adibidea esanguratsua da. Bi herri horietan DYAk boluntarioen baseak dituen arren, horiek ez zuten lanik egin; hortaz, Iruñeko anbulantziek lekualdatzeak egin zituzten larrialdi egoeretan. "Ezin ginen arriskatu lan egitera diru laguntza jasoko dugun ala ez jakin gabe", azaldu dute DYAko langileek.

DYAren egoera ekonomikoa ez da batere ona, eta aurten oraindik zailagoa izanen da. Anbulantzia zerbitzua eskaini gabe egon den hamar egunetan DYAk ez du berri onik izan. Nafarroako Larrialdietako Zerbitzuak 200.000 milioi euro emanen dizkio, iaz baino %17 gutxiago. Azkeneko bi urteetan, DYAk %50 diru sarrera gutxiago izan ditu. Joan den ostiraletik berriro lanean ari dira DYAko anbulantziak, baina bakarrik sorosleak libre daudenean. Zortzitik zazpi anbulantzia erabiltzen ari dira. Anbulantzia medikudunak aparkaturik jarraitzen du. Normalean, anbulantzia horrek astelehenetik ostiralera goizeko bederatzietatik gaueko hamarretara lan egiten du, eta asteburuetan arratsaldez.

Gainera, Nafarroako Larrialdietako Agentziako hainbat langilek jakinarazi dutenez, "larri" ibili diren hamar egunetan, ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatea erabili behar izan dute ezbeharretan. Normalean kasu larrienetan bakarrik erabiltzen dute ZIU, baina anbulantzia faltak erabiltzera behartu zituzten.

Gaur egun, DYAn Nafarroako Gobernuak ordaintzen dituen bost gidari, hiru administrazio langile eta formakuntza koordinatzaile bat aritzen dira lanean. Horrez gain, ezintasun fisiko eta psikologikoa dutenentzat enplegu zentroa dute, eta bertan soldatapeko bat eta bost koordinatzaile daude. Iaz, denera, DYAko anbulantziek 6.428 lekualdatze egin zituzten Nafarroan. Iruñerrian 5.700, Agoitzen 151, Erriberrin 126, Altsasun 85, Los Arcosen 66, Garesen 207 eta Azkoienen 93. Guztira, 700 bazkide ditu lurraldean. Errepideko istripuetan artapen zerbitzua eskaintzen du DYAk.

Duela ia urtebete Nafarroako DYAko hiru kide auzipetu zituzten ustez fakturak faltsutzeagatik. 52.000 euroan erositako bi anbulantziaren fakturak faltsutzea egotzi zieten Nafarroako Gobernuak elkarteei eman ohi dien diru laguntza lortzeko asmoz, baina epaileak hiru kideak errugabetu zituen. Javier Cruz Nafarroako DYAko kudeatzailea, Alfredo Zelaia idazkaria eta Eneko Arteaga erakundeko presidentea izan ziren auzipetuak.

Gertaerak, hala ere, hautsak harrotu zituen DYAn, baita kanpoan ere. Javier Cruz kudeatzaileak Burlatako Udalean UPNko zinegotzi izateari utzi zion, eta Nafarroako DYAko hainbat kidek adierazpen bat kaleratu zuten, "izen ona" kolokan jarri zelako gertakarien harira. Gauzak horrela, Nafarroako DYA ez da oso egoera onean. Gainera, Nafarroako Gobernuak diru sailak gutxituz gero, "okerrera" egin dezake.

Landa eremuko larrialdiak

Nafarroako Osasun Departamentuak landa eremuko larrialdi zerbitzuak lehen mailako osasun arretaren larrialdi zerbitzu bilakatzeko proposamena egin du. Gaur egun, larrialdi zerbitzuetan medikua eta erizaina osasun etxean egoten dira, dei bat baldin badago pertsona hori berehala artatzeko. Gobernuak egin nahi dituen moldaketak abian jarriz gero, medikuek ez dute zertan osasun etxean egon, baina beti lokalizatuta egonen dira. Aldaketaren harira, lanorduak "izugarri haziko" direla salatu dute langileen ordezkariek. Herri txikietan eskaintzen den larrialdi zerbitzua etetea ekarriko du horrek, eta "onartezina" dela diote. Azaldu dutenez, 57 lanpostu gutxiago izanen dira.

Ehun BERRIAlagun baino gehiago direla ospatuko dute gaur Iruñean

Krisiak oro irensten duela dirudien garaiotan, badira albiste baikorrak, zailtasunei aurre egiteko bide berriak. Horretan ari da BERRIAlagunak egiten diharduen kanpaina; Zure ziztada behar dugu leloa ardatz hartuta, sare bat trinkotu nahi du euskarazko hedabideen inguruan, jendearen sostengurik falta ez dakien, eta, hartara, lanean jarrai dezaten. Iruñean, jada ehun lagunek bat egin dute deiarekin, eta Iruñerri osoan, 160 baino gehiago dira. Hori ospatze aldera, jai bat egingo da gaur ilunabarrean; bertso merendu bat egingo dute Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Errimak bi bertsolariren esku izango dira: Julen Zelaieta eta Aimar Karrika ariko dira bertsotan.

Elkarlanaren emaitza izango da gaurko merendua; jan-edanak Zaldiko Maldiko elkartearen ekarpena izango dira, eta bertsolariak musu truk ariko dira. Ekitaldiak topaketa gozo bat izan nahi du: BERRIAlagunak erakartzeko kanpainaren alde orain arte egindako lan guztia eskertu nahi du, eta egitasmoa ezagutzera ematen segitu.

Lehendik ere, kanpainaren aldeko hainbat ekitaldi egin dira Nafarroan; iazko urriaren 11n, esaterako, bertso merendu bat egin zen Lakuntzan, eta azaroaren 10ean kontzertu bat eman zuen Ruper Ordorikak, Altsasuko Iortia kultur etxean. Nafarroako euskarazko hedabideek lagundu dute horiek antolatzen. Izan ere, hedabide horietako asko arras ataka gaiztoan daude; orain arte, urriak ziren laguntza publikoak, eta gutxitu egin zaizkie azken urteotan; batere diru laguntza publikorik ez dute egun Nafarroako instituzioen partetik. Egoera horrek hedabide askotan eragin dituen arazo larriez ohartuta, BERRIAlagunen kanpainaren bidez eskuratzen den diruaren zati bat —eskualde bakoitzean lortzen denaren bostetik bat, hain zuzen ere— hedabide horietarako jartzea erabaki da. Eta ahalegin horren fruitua agerikoa da: dagoeneko egin dira lehendabiziko ordainketak zenbait hedabidetan.

10.urtemugaren inguruan

Herriz herri egin da orain arte BERRIAlagunak erakartzeko kanpainaren zati handi bat. Euskal Herri osoan ekintza ugari egin dira, eta 4.200 lagunek erabaki dute kanpainarekin bat egitea. Egitasmo iraunkor bat denez, aurten ere horren aldeko lanean jarraituko da. Ekainaren 21ean, hamar urte beteko ditu BERRIA egunkariak, eta urtemuga hori ospatzeko antolatuko diren ekitaldien jira-biran egin nahi dira kanpaina ezagutarazten jarraitzeko saio handienak datozen hilabeteetan. Apirilaren erdialdean hasi eta ekainaren amaiera bitartean egingo dira ospakizun ekitaldiak, eta horiek izango dira ziztaden aldeko etorkizuneko urratsak harilkatzeko gakoak. Bide batez, ahalegina egiten jarraitu nahi da jadanik kanpainari atxikimendua erakutsi diotenen aldeko urratsekin jarraitzeko; haien proiektuarekiko atxikimendua indartu nahi da, eta ateak zabaldu nahi zaizkie, parte hartze iraunkor bat izateko.

Maiak Iruñeko Udala kudeatzen “porrot” egin duela ohartarazi du Bilduk

Enrique Maia Iruñeko alkate izendatu zutenetik urte eta erdi igaro da jadanik. Peio Martinez de Eulate, Eva Aranguren eta Patricia Perales Bilduko zinegotziek salatu dute UPNk eta Maiak ez dutela Iruñea gobernatzeko "gaitasunik". Egoera horri aurre egiteko, aldaketa politiko eta sozialaren alde egin du alderdi abertzaleak. Hori gauzatzeko, lau puntu proposatu ditu: justizia soziala, parte hartzea, normalizazio politikoa eta indar metaketa.

Azken hemezortzi hilabeteetan Iruñeko arazoak "areagotu" egin direla irizten dio Martinez de Eulatek. "Iruñeko Udala Nafarroako Gobernuaren eta Madrilgo gobernuaren sukurtsal hutsa bihurtu da, eta hiritarren beharrei ez die erantzuten". Gainera, Iruñeak jasaten duen "krisi sistemikoa" UPNk bultzatutako eredu politiko eta ekonomikoaren ondorio dela azaldu du.

Lurraldeko administrazio publikoen jarrera "txarraren" kontrapuntua kalean dagoela jakinarazi du Martinez de Eulatek. "Hiritarrek UPNk baino heldutasun eta gaitasun handiagoa erakusten dute, eta etengabe bestelako hiri eredu bat eraikitzen saiatzen ari dira", ohartarazi du. Izan ere, azken hilabeteetan hamaika mugimendu indartu dira Iruñean, tartean Gora Iruñea, Arantzadiko baratzeak defendatzeko taldea, etxe kaleratzeen inguruko mugimendua...

Testuinguru horretan, aldaketa politiko eta sozialean Bilduk duen konpromisoa berretsi dute hiru zinegotziek. Aldaketa hori gauzatzeko, lau oinarri proposatu dituzte: justizia soziala eta ezkerreko aldaketa, parte hartzea, normalizazio politikoa eta indar metaketa. Oinarri horien bitartez aldaketa gauzatu daitekeela irizten diote.

Ezkerraren balorazioa

Edurne Egino Ezkerrako Iruñeko Udaleko zinegotziak krisitik irteteko konfiantza soziala eragingo duten hamahiru neurri proposatu ditu. Neurri horiek ikuspuntu soziala dutela ohartarazi du Eginok. "Proposamena hiriko aurrekontuetan inflexio puntua izatea nahi dugu, herritarrek sinets dezaten konfiantza eragingo duten politikak abian jar daitezkeela", jakinarazi du Ezkerrako zinegotziak.

Datozen asteetan Iruñeko Udaleko gainontzeko alderdiekin biltzekotan dira Ezkerrako ordezkariak, hamahiru puntuko neurrien berri emateko eta negoziatzeko. Inbertsioa 12 milioi eurokoa izango litzateke, eta ahalik eta azkarren aurrera ateratzea nahi dute Ezkerrakoek.

Beste behin, Eginok argi utzi du Maia buru duen udal gobernuak egungo egoerari "bizkar" emanda proposatu zituela aurrekontuak. Arrazoi horrengatik ez zirela aurrera atera ohartarazi du Eginok. Hala, esan du UPN ez den beste gobernu alternatibo bat era daitekeela Iruñean. Alde horretatik, salatu du PSNk ez duela horren aldeko inolako mugimendurik egin. Inbertsio sozialen alde egiteko eskatu dio PSNri.

“Anakaon lortu dut Europan galdu dugun askatasuna”

Bazen behin, Madagaskarko herri txiki batean bizi zen neska bat, bere herriko marinel batez zeharo maiteminduta zegoena. Egun batean, marinela munduan barrena bidaiatzera joan zen, abentura berrien bila, eta, bitartean, neska gaztea herrian gelditu zen, negar batean. Hilabeteak igarota, marinela herrira itzuli zen, neskarentzat eskuan opari bat zuela. Neskak oparia ireki, eta ispilu bat ikusi zuen, baina ez zekien zertarako erabiltzen zen. Bat-batean, bere burua islatuta ikusi zuen objektu berrian, eta negarrez hasi zen. Korrika amarengana joan zen oparia erakustera. "Begira, ama, bidaian ezagutu duen beste emakume baten erretratua oparitu dit", esan zion, negar zotinka. Amak, ispilua eskuetan hartu, eta barrezka hasi zen: "Baina, alabatxo, ez kezkatu; ez duzu ikusten erretratuan agertzen dena emakume zaharra, itsusia eta lodia dela?".

Erabat liluratuta gelditu zen Conchi Adrian (Montereau, Frantzia, 1961) lehen aldiz Madagaskarko ipuin zahar hori entzun zuenean. Anakaon (Madagaskar) bizi da. Kamory turismo enpresa —www.anakao-activites.org— sortu du senarrarekin, eta quad ibilaldiak, kite surf eskolak eta kayaken alokairua eskaintzen dituzte, besteak beste. "Turistek zerbait desberdina bilatzen dute Madagaskarren, kulturak eta naturak ez dutelako Europarekin zerikusirik. Asko surf eta kite surf egitera datoz". Frantziako turistak izaten dituzte gehien, baina baita Italiakoak, Suitzakoak, Belgikakoak eta Australiakoak ere. "Euskal Herriko eta inguruko jendea gutxika-gutxika gehiago etortzen da, baina ez da oso ohikoa".

Leku batetik bestera ibili da Adrian gaztetatik. Berez, Frantzian jaio zen, baina haren familia guztia Melidakoa (Nafarroa) da. "1950eko hamarkadan, nire gurasoak Frantziara joan ziren lan bila, baina, zazpi urterekin, Iruñera itzuli ginen bizitzera". Geroago, Salamancara joan zen, espainol filologia ikastera. Bertan ezagutu zuen senar ohia. "Puerto Ricokoa zen, eta lan kontuengatik hara joan ginen bizitzera". Hamalau urte igaro zituen Karibeko uhartean, hizkuntza eta literatura irakasten institutu batean. Handik, Maurizio uhartera joan zen. "Turistekin hasi nintzen lanean: bidaia antolatzaile bat jarri nuen martxan". Hiru urte igaro zituen han, ondoko uhartera joatea erabaki zuen arte: Madagaskarrera. Iaz izan zen hori. "Lagun batzuk ezagutzen genituen Madagaskarren, eta etortzera animatu gintuzten". Lehenagotik uhartean egonak ziren, eta turismo enpresa bat muntatzeko ideiarekin iritsi ziren Anakaora. Kasualitatea izan ala ez, hiru uhartetan bizi izan da Adrian. "Itsasoa betidanik gustatu zait, eta aurrez pentsatu gabe izan bada ere, beti aukeratu dut itsasotik gertu dagoen lekuren bat. Bizitzak leku horietara eraman nau, nik erabaki gabe".

Anakao herri arrantzalea da, txikia. 2.000 biztanle ditu, eta ez dago ez urik, ez elektrizitaterik. "Garbitzeko ura hogei kilometrora dagoen ibai batetik ekartzen dugu, eta janaria prestatzeko ura Tuleartik, 50 kilometrora dagoen hiritik". Ez da bizimodu erraza, baina moldatzen dela dio Adrianek. "Eguzki elektrizitatea dugu, eta, horri esker, argia dugu gauean. Ordenagailuak eta sakelakoak kargatzeko erabiltzen dugu". Adrian bizi den lekuan, vezo etnia dago. "Guztiak arrantzaleak dira, eta itsasoarekin harreman mistikoa dute". Leku sakratua da itsasoa haientzat, eta izenik gabeko jainko batek gobernatzen du, haien sinesmenen arabera.

Ez da oso ezaguna Madagaskar Europan, eta horretaz kexu da Adrian. Herrialde handia da; hogei milioi biztanle ditu. Hemezortzi talde etniko daude ofizialki onartuta, "baina azpitaldeak kontuan hartuta, gehiago daude". Hala ere, atzerritarrak ere bizi dira Madagaskarren. "Txinako, Frantziako, Indiako eta Pakistango biztanle komunitate garrantzitsuak daude". Malgaxea eta frantsesa dira hizkuntza ofizialak. "Horregatik, turista gehienak Frantziakoak dira". Askotarikoa da fauna Madagaskarren. "Kameleoiak, krokodiloak eta sugeak daude, baina ez dira arriskutsuak". Landaredia ere oso aberatsa da, eta ospea dute orkideek. "Nonahi aurkitu daitezke, eta mota askotakoak daude".

Uharteko biztanleak adeitsuak eta maitekorrak direla dio Adrianek, baina bada alde ilun bat ere: "Haientzat dirua gara". Atzerritarrak diren heinean, xantaien biktimak dira askotan. "Guretzat guztia garestiagoa da, vahzak —atzerritarrak— garelako". Hala ere, neurri batean, "normala" iruditzen zaio herritarren jokaera, "dituzten bizi-baldintzak kontuan hartuta". Pobrezia, ustelkeria eta sexu trafikoaren ondorioak egunero ikusten ditu Adrianek. "Herrialde guztietan dago pobrezia eta ustelkeria, baina gauza bat da jakitea, eta beste bat egunero horretaz jabetzea eta ikustea". Madagaskarko herritar gehienak eskolagabeak dira, eta gutxik kokatuko lukete Euskal Herria mapa batean. Bi hitzetan, madagaskartarrak mora, mora direla dio, hau da, lasai-lasaiak. Uharteko bizimoduari, hala ere, gauza onak ikusten dizkio. "Europan galdu dugun askatasuna dugu hemen".

PSNk eta Bilduk diote ez dutela nahi Barañainen eremu urdina jartzerik

Iruñeko Udalak autoak aparkatzeko eremu urdina —ordainpekoa— hedatuko du 2013an hiriko zenbait auzotara, tartean Donibane eta Etxabakoitzera. Egitasmo horrek Barañaingo aparkalekuetan eragina izango duelakoan, Barañaingo Udalak eremu urdina ezartzea erabaki du "muga efektua" saihesteko. Baina, PSN eta Bilduren arabera, "muga efektua aitzakia hutsa da; eremu urdina irabazi ekonomikoak lortzeko soilik ezarri nahi du alkateak".

Alberto Sancho PSNko zinegotziaren hitzetan, "herrian ordaindutako aparkalekuak jartzen badira, herritarren eta merkatarien egoera ekonomiko zaila gehiago zailduko du". Ildo beretik mintzatu dira Bilduko zinegotziak ere. Salatu dute neurri horren atzean Barañaingo Udalean azken urteetan izan den kudeaketa txarra tapatu nahi izana dagoela. Gainera, bestelako irtenbideak badaudela eta azterketa zorrotz bat egiteko beharra dagoela irizten diote.

Sanchok jakinarazi duenez, PSNk "laster" proposamen tekniko bat aurkeztuko du Barañaingo udalbatzan. Horren bitartez, Barañainen zirkulazio zerga ordaintzen duten guztiek autoa eremu urdinean aparkatu ahal izateko txartela eskuratzeko aukera jasotzen da. Modu horretan, Barañaingo herritarren karga ekonomikoa "arindu" egingo litzatekeela uste du.

%20. Kanpainatik Nafarroako hedabideentzat jartzen dena.

Eskualde bakoitzean Zure ziztada behar dugu kanpainaren bidez eskuratzen den diruaren %20 ematen zaie Nafarroako euskarazko hedabideei. Hainbat eskualdetako hedabideek eskuratuko dute dirua horri esker: Guaixe astekariak (Sakana), Ttipi-Ttapa aldizkariak eta telebistak, Xorroxin irratiak (Baztan-Bortziriak eta Malerreka) eta Euskalerria irratiak (Iruñerria), hain zuzen ere. Kanpaina sustatzeko saioak egin dituzte beren eskualdeetan, onura, oro har, euskal prentsa osoarentzat dela aintzat hartuta.