Tutera Veronica Gormendio Tuterako PPNko zinegotziak dimisioa eman du, alkohol proba batean positibo eman eta gero. Hezkuntza, Gazteria eta Gizarte Etxeetako ziengotzia da, eta ohar baten bidez "barkamena" eskatu die herritarrei, "arduragabe" jokatu i...
Beste albiste batzuk
“Uste dut Bertso Egunean jende gutxi gelditu zela hotzepel”
Bertsotan gizon zein emakumeen arteko parekidetasuna erdiesteko asko falta dela uste du Nerea Elustondo bertsolariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1981). Hala ere, ohartarazi du azken urteetan aurrerapausoak eman direla. Bertsotan ere egungo gizartean dagoen egoera islatzen dela irizten dio.
Bertsolaritza eta parekidetasunaz mintzatu zinen atzo Barañainen. Nolakoa da egungo egoera?
Bertsolaritza azkenean jendarte honetako zati da. Beraz, horren araberakoa da bertsolaritza ere. Hala ere, ikusten dugu gero eta jende gehiago kezkatuta dagoela gai honekin. Jakin badakigu lan asko dagoela oraindik egiteko, baina itxaropentsu gaude.
Duela zenbait hilabete egin zen Donostiako Bertso Egunean, generoa izan zen gai nagusia.
Hala da. Iaz, hamar urte eta gero, emakume bertsolarien topaketa bat egin genuen, eta haren harira egin zen Bertso Eguneko saioa. Bertsozale Elkarteak berak proposatu zigun generoa izatea saioaren funtsa. Badago kezka orokortu bat; ziurrenik batzuk kezkatuago daude beste batzuk baino. Baina duela urte batzuk baino kontzientzia handiagoa dago egun. Bertso Egunak lagundu zuen barruan gauza batzuk mugitzen; hotzepel jende gutxi gelditu zela uste dut.
Bertsolaritzan, berdintasunari dagokionez, non antzematen dituzu hutsunerik nabarmenenak?
Kopuruetan, esaterako, parekidetasuna oraindik urrun dago, bai bertsolarien artean, bai gai-jartzaile eta epaileen artean ere. Hutsuneak denean daudela esan daiteke. Hala ere, sentsibilitatea lehen baino handiagoa da. Guk sinetsi nahi dugu hemendik urte gutxira hutsune horiek txikiagoak izango direla. Berdintasuna baino gehiago, parekidetasuna lortu nahi dugu. Erakutsi nahi dugu garatu dugun bertsolaritza eredua ez dela neutroa. Guk jaso dugun bertsolaritza eredua gizonek garatutakoa da, eta hor sartu gara gu. Gure bidearen bila gabiltza, gizonekin batera oholtza gainean, bertsotan egin nahi dugun bidearen bila.
Bertso eskoletan dauden ikasle asko neskak dira, baina, adin batetik aurrera, utzi egiten diote bertsotan egiteari. Zergatik?
Heziketatik hasita, ezberdin hezten gara, baita jendaurrerako ere. Bertsolaritza, azken finean, plazaratzea da, jende aurrean hitza hartzea, alegia. Horrek norberak konfiantza handia izatea eskatzen du. Beharbada, duela ez hainbeste arte, nesken konfiantza hori ez da askorik landu. Mutilek askatasun handiagoa sentitu izan dute, bai plazara ateratzeko, bai bertso eskolan bertan kantatzeko ere. Jolastokiko sindromearekin gertatzen dena pasatzen da bertsotan ere: mutilek dena okupatzen dute, eta neskak ertz batean egoten gara.
Bertso Egunean, emakumeen sexuaz egin zenuten bertsotan. Nola sentitu zinen?
Askoz ohikoagoa da gizonek sexuaz hitz egitea emakumeek hitz egitea baino, nahiz eta salbuespenak beti dauden. Gizonen masturbazioa beti onartzen da, baina ematen du emakumerik ez dela masturbatzen. Orduan, horrek bertsotan ere badu isla. Ohituago gaude zakilari buruzko txisteak entzuten. Aluarenak entzuten ez gaudenez horren ohituta, beharbada oharkabean harrapatzen gaitu.
Hala ere, aurrerapausoak izan direla diozu.
Egun batetik bestera ez da dena aldatuko, baina pausoak eman behar dira. Emakume bat oholtza gainean bertsotan ikustean, askok pentsatzen dute ez dagoela hor generoen arteko inolako ezberdintasunik, eszena neutro baten modura ikusten delako. Baina ezinbestekoa da ohartzea hor badaudela ezberdintasun batzuk. Bakoitzak bere bidea egin behar du. Ohartu behar dugu normaltzat jotzen den hori ez dela horren neutroa.
Zenbait eremutan, parekidetasunaren izenean kuotak ezarri dira. Zein da zure iritzia horren inguruan?
Ez dakit kuotak ezartzea ote den bidea, baina garrantzitsua iruditzen zait emakumeak ikusaraztea. Bertso Egunean bertan, jende asko harritu zen, egun osoan parte hartu zuen emakume kopurua ikusita. Publiko zabalak uste du garenak baino askoz gutxiago garela. Plazetan gabiltzan emakumeok %20 gara, baina azken Txapelketa Nagusian, eta hor txartela irabazi egin behar da, %30 ginen. Beraz, maila ere ez da aitzakia. Sustatu beharrekoa iruditzen zait emakume bertsolarien presentzia areagotzea.
Iruñean artatu dituzten etxegabeen %83k buruko gaitzen bat dute
"Soilik alda daiteke ezagutzen dena". Hitz horiekin azaldu du Idoia Urzainki Xilema fundazioko kideak etxegabeei buruz ikerketa egiteko arrazoia. Bajo un cielo abierto (Zeru zabalaren azpian) txostena egin du Xilema fundazioak, Iruñeko Udalaren laguntzarekin. Bertan, 2012an etxerik gabekoen arretarako udal zerbitzuak artatutako pertsonen ikerketa egin dute. Iruñeko datuak nazioarteko beste errealitate batzuekin alderatu dituzte, besteak beste, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Espainia, Portugal, Italia, Suedia eta Polonia. Ana Lezkano Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak nabarmendu du Iruñean artatutako etxegabeen %83k buruko gaitzen bat dutela.
"Etxegabearen arazoa ez da bakarrik etxerik gabe geratzea", adierazi du Javier Gil Xilema fundazioko kideak. Ikerketan gizarte bazterketa bortitza pairatzen duten pertsonen egoera aztertu dute. Hiru arlo jo dituzte oinarrizkotzat pertsona baten gizarteratzean: pertsonala, komunitatearena eta ekonomikoa. "Gizarte bazterketa ez da egun batetik bestera gertatzen, hiru urte baino gehiagoko prozesu konplexua da", esan du Gilek. Era berean, fundazioko kideek aitortu dute zaila dela etxegabeak sailkatzea, oso profil hetereogeneoak baitituzte.
Hala ere, badaude ezaugarri orokor batzuk. Xilema elkartearen arabera, Iruñeko etxegabearen profila hau da: "42 urteko gizona, muturreko alkohol kontsumitzailea eta buruko gaitzen bat du diagnostikatua". Iruñeko Etxegabeen zerbitzuetan artatu dituztenen %89 gizonak dira, baina 2011ko datuekin alderatuta emakume kopurua %3 hazi da. Era berean, gora egin du etxerik gabe dauden gazte eta familien kopuruak.
Profil orokorrarekin jarraituz, artatutako pertsonen %48k muturreko alkohol kontsumoa dute, hau da, eguneroko intoxikazio etilikoak eta diagnostikatutako alkoholismo arazoak dituzte. Beste drogen kontsumoa alkoholarena baino askoz apalagoa da: ikertutakoen artean %47k ez dute alkohola ez den beste drogarik hartzen. Adinari dagokionez, etxegabe gehienek 30 eta 65 urte artean dituzte, eta batez beste emakumeak gizonak baino gazteagoak dira.
Ikerketa borobiltzeko, beste herrialde batzuetako egoera aztertu dute. Lau taldetan banatu dituzte herrialdeok: potentzia ekonomikoak, Europa iparraldeko herrialdeak, Europa hegoaldekoak eta Europa ekialdekoak. Iruñeko egoera Europa hegoaldeko herriek dutenarekin aldera daiteke.
"Lan honekin lehen urratsa egin nahi dugu", dio Lezkanok. Ikerketak agerian utzi duen beste datuetako bat da etxegabe gehienak ibiltariak direla, hau da, Iruñean egun batzuk baino ez dituztela ematen. "Eurekin lan sakona egitea galarazten digu horrek; egun batzuetan elikatzeko eta garbitzeko aukera baino ezin diegu eskaini", azaldu du Gilek. Horregatik erabaki dute arreta gehiago jartzea Iruñean erroldatutakoekin. "Errealitate konplexu horri aurre egiteko, udalak pertsona horiek laguntzeko prozesu oso bat abiatu nahi du", adierazi du Lezkanok. Kontuan izan behar da Iruñean dauden etxegabeen artean %2,8 daudela erroldatuak.
Oinez Gailurra ekinbidea abian jarri dute, euskara eta mendizaletasuna uztartzeko
Zangoza Nafarroa Oinez dela eta, hainbat ekinbide martxan jarri ditu Zangozako ikastolak. Asteartean, Oinez Gailurra egitasmoa aurkeztu zuten, euskara eta mendizaletasuna uztartzeko. Parte hartzaileek Euskal Herriko zein munduko mendi gailur bat erosi...
Gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko eskatu dute
Iruñea "Lotsagarria da salatu ditugun gizarte dramak existitzea Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren artean, 200 etxebizitza hutsik dituztelarik", salatu du Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kideek. Horrela, gogoratu dute gobernuak konpromisoa hartu zuela gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko. Mozioak bidali dituzte parlamentura eta hainbat udaletara.
Iribasek ez du argitu haur eskoletako diru laguntza osoa emango duen
Iruñea Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak agindu du gobernuak berrikusiko duela haur eskolak arautzen dituen dekretu forala. Asteazkenean bildu ziren Iribas eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, eta kontseilariak ez zuen argitu haur eskoletako diru laguntza osoa emango duten aurten. Hezkuntza Departamentuak agindutako diru laguntzaren %70 baino ez die eman haur eskolei oraingoz.
“Keinu hizkuntza komunikazio zubi bat da haurtxoentzat”
Umeen eta gurasoen arteko komunikazioa erraztea. Hori da Mentxu Isturizen helburua (Iruñea, 1980). "Momentu batetik aurrera umeak badaki zer nahi duen; hark aukeratu nahi du, eta ez dauka modurik zer nahi duen azaltzeko". Irratiaren bidez, Isturizek haurren keinu hizkuntzaren berri izan zuen, eta ikastea erabaki zuen. Ikasi, eta semearekin praktikatzen hasi zen. "Ikusi nuenean Oierrek keinuak egiten zituela, neure buruari esan nion: 'Hau mundu guztiarekin partekatu behar dut'". Beraz, haurren keinu hizkuntzan prestakuntza jaso, eta ikastaroak ematen hasi zen. "Blog bat ireki nuen Interneten, eta kalean kartelak jarri nituen. Poliki-poliki hasi naiz, eta, bi urteren ostean, nabaritu dut ahoz ahokoaren bidez asko zabaltzen ari dela". Hala ere, keinu hizkuntza irakatsiz bakarrik ez du bizimodua aurrera ateratzen. Horregatik sortu du Xamurki. Han, keinu hizkuntzaz gain, umeei masajeak nola eman eta haur-eramaileak nola erabili irakasten du.
"Keinu hizkuntza komunikazio zubi bat da haurtxoentzat". Isturizek uste du horrek frustrazio eta momentu txar ugari ekidin ditzakeela. "Haur batek, zer nahi duen azaltzeko gai ez denean, bere baliabideak erabiltzen ditu. Hau da, soinuak egiten hasten da, gero oihuka, eta, azkenean, kasketa galanta sor daiteke". Haurren keinu hizkuntza gorren keinu hizkuntzan oinarritua dago, baina ez da gauza bera. "120 keinu irakasten ditut, eta oso errazak dira ikasteko. Keinuak ikonikoak dira, eta batzuk betidanik egin ditugu etxean. Jateko, eskuak ahora eramaten dituzte, eta, lo egiteko, eskuak aurpegiaren alde batean jartzen dituzte".
Haurrak jaiotzen direnetik keinuekin komunikatzen hastea gomendatzen du Isturizek. "Hasieratik hitz egiten diegu, eta ez gaituzte ulertzen. Keinu hizkuntza errazagoa da, hitzak abstraktuak direlako eta keinuak ikonikoak; hau da, ekintzen antzekoak dira". Haurrak erraz jabetzen dira keinuez, eta sei eta zortzi hilabete bitartean dituztenean, eskuak garatu dituztenean, keinuak errepikatzen hasten dira. Era berean, keinuak hitzekin laguntzeko gomendioa egiten du Isturizek, komunikazioa garatzeko. Haurrek, hitz egiteko gaitasuna garatzen duten heinean, keinuak galduko dituzte. Isturizek dio bi gauza baino ez direla behar haurrei keinu hizkuntza irakasteko: "pazientzia eta pertseberantzia".
Zabaltzen ari den ezagutza
Haurren keinu hizkuntza AEBetan hasi zen, 1960ko hamarkadan. Urte batzuk geroago, 1980ko hamarkadan, Joseph Garciak egin zituen lehen ikerketak. Unibertsitateko ikaslea zen, eta gorren keinu hizkuntza ikasi zuen. Orduan, lagun gorrak ikusten zituen seme-alabekin komunikatzen, haurrek bederatzi hilabete baino ez zituztela. Garciak, ordea, arazo handiak zituen hainbatetan bere seme-alabekin komunikatzeko. Horregatik erabaki zuen keinu hizkuntza ikertzea. Garai berean, Linda Acredolok eta Susan Gotwinek ikerketa sakonak egin zituzten gai horren inguruan. Haurren keinu hizkuntza oso zabaldua dago, besteak beste, AEBetan, Ingalaterran eta Alemanian. Baina Euskal Herrian ez da oso ezaguna. Gipuzkoan ikasi zuen Isturizek, han irakasten zuen pertsona bat zegoelako.
Isturiz da Nafarroan haurren keinu hizkuntzako irakasle bakarra. Horretarako, Cincodeditos elkartearen ikastaroa egin zuen. Claudia Carterrek sortu zuen elkartea; Ingalaterrakoa da Carter, eta Madrilera joan zen bizitzera. Konturatu zen Espainian ez zutela ezagutzen haurren keinu hizkuntza. Hori dela-eta sortu zuen elkartea. Geroztik, gurasoei keinu hizkuntza irakatsi die, eta irakasleak trebatu ditu.
Bi urte daramatza Isturizek haurren keinu hizkuntzako ikastaroak ematen. Ehun familia ingururekin lan egin du, eta pixkanaka-pixkanaka ezagun egiten ari dela uste du. Ikastaroak ematen ditu deitzen dioten tokian, normalean larunbat goizean. Bi ordu eta erdiko ikastaroak ematen ditu, eta saioan ikasitakoaz gain laguntzeko hainbat material ematen ditu.
Baina, keinu hizkuntza ikastaroez gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu. Horretarako sortu du Xamurki. Han, haurtxoentzako masajeak nola eman eta haur-eramaileak nola erabili irakasten du. Bi gauza horiek berebiziko garrantzia dute gurasoen eta haurren arteko erlazioan. "Haurtxoak oso sentiberak dira lehen sei hilabeteetan, eta azalaren bitartez hamaika sentipen transmiti daitezke; lotura ixten da". Isturizek dio haur-eramaileek ere haurren eta gurasoen arteko harremanean laguntzen dutela. "Umeak gurasoen kontaktua sentitu behar du, seguru dagoela jakiteko".
Amatasunak bizimodua aldatu zion Isturizi. Seme-alabekin komunikatzeko beharrak beste mundu bat ireki zion. Geroztik, haurtxoekin erlazionatzeko beste bide batzuk bilatu ditu, komunikazioa hitzak baino askoz gehiago dela frogatzeko.
Esako urtegia bigarren arrisku mailara igotzeko eskatu du Esa + Ez taldeak
"Orain urtebete, 4.000 pertsona bildu ginen Zangozan Esako urtegia husteko, baina ez da ezer aldatu", salatu du Iker Aramendia Esa+Ez taldeko kideak. Esako Larrialdietarako Plana martxan jarri zutenetik hamazazpi hilabete daramatzate urtegi inguruko biztanleek lehenengo arrisku mailan. Egoera horrek behin-behinekoa izan beharko luke, arrisku maila horretako arazoak neurri zehatzekin konpon baitaitezke. Aramendiaren arabera, hamazazpi hilabete lanean daramatzate urtegiko arazoak konpontzeko asmoarekin, eta ez dute lortu. Horregatik eskatu dute arrisku maila igotzeko. "Arazoa zein den jakiteko, urtegia hustu egin behar da. Baina hori ez dute egingo".
Hustearen aldeko manifestaziora deitu dute biharko, Iruñean, Esa + Ez, Rio Aragon eta Ura taldeek. "Egoera oso larria da; Lasaitasuna urbanizazioa icebergaren erpina baino ez da. Urtegitik behera bizi garenok berdin jarraitzen dugu. Gorago bizi direnak ez daude askoz hobe. Urtegia handitzen bada, 500 bizilagunek etxea utzi beharko dute", esan du Aramendiak. Orain arte, 25 milioi euro gastatu dituzte urtegia konpontzeko. Gainera, azken datuen arabera, urtegiko maldaren mugimendua norabidez aldatu da. "Orain iparraldera mugitzen hasi da. Teknikariek esan dute hori oso arraroa dela", esan du Aramendiak.
Horrekin batera, bada Aramendiaren ustez gutxi aipatzen den gai bat: uraren pribatizazioa. "Esa Ebroko ur aldatzearen oinarria da. Egun Esan dagoen ura ezin da nahi duten moduan atera. Bardeako ubidea txikiegia da. Hori dela-eta nahiz eta urtegia handitu, ubideak berdin jarraitzen badu, ur hori ezingo da ureztatzeko erabili".
Arazoak arazo, lanek aurrera jarraitzen dute. Aramendiak dio urtegia handitzeko aurrekontua dagoeneko gastatu dutela, baina lanen %20 baino ez daudela eginda. Lanekin aurrera jarraitzeko erabakiaren atzean bi arrazoi ikusten ditu Aramendiak. Alde batetik, hainbat enpresaren interesak, eta, beste alde batetik, agintari politikoen "harrokeria".
“Tiro eremua gudetan egingo dena probatzeko gunea da”
Duela lau urte sortu zen Bardenas Ya batzarra. Espainiako Defentsa Ministerioak Bardeako tiro eremua bertan behera uztea du helburu. Batzarreko kidea da Noemi Solanas (Zaragoza, Espainia, 1977). Bardeako gune babestuan Espainiako armadak tiro eremua i...
Bertsolaritza programa babestu du parlamentuak
Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu dio Bertsolaritza irakaskuntzan programa babes dezala. Hogei urte daramatza Nafarroako Bertsozale Elkarteak programa hori eskaintzen. Azken urteetan diru laguntzak nabarmen jaitsi ditu gobernuak, baina ikastur...