Iritzia: Laguna, baina ez kuadrillakoa

Iritzia: Laguna, baina ez kuadrillakoa

Amets Aranguren Arrieta

Sant Pol de Mar-en izan naiz joan den astean, Juliaren etxean. Hara heldu eta bere lagun taldearekin elkartzean, pertsona berri bat ikusi eta galdetu diot Juliari: "Nor da hori?". "Adria da, gurekin elkartzen da orain", erantzun dit. Ez nuen ulertzen. "Zure betiko lagun taldean, zure kuadrillan berri bat dagoela? Baina nola? Eta zergatik? Nondik atera da? Ez du kuadrillarik?". Berak ez zituen nire galderak ulertzen. Normal. Lagun talde/ kuadrillaz hasi gara hizketan eta defendaezina defendatzen saiatu naiz (nahiko ridikulua, egia esan).

Gordinki esanda kuadrilla instituzio itxia da, idatzi gabeko lege eta arauak dituena. Hortik kanpo lagunak daude, baina beste maila bateko lagunak (gero ez da horrela). Tristea da oso, baina garrantzitsua da markatzea nor bai eta nor ez den kuadrillakoa.

Areta eta Ibairekin elkartu naiz eta gaia atera diet, ea nola bizi (izan) duten haiek kuadrillaren fenomenoa. Alde onekin hasi da Areta. "Zerbaiten parte izateak animoa igotzen dizu"... Baina "betiko lotzen zaitu", eta hori alde onetik baina txarretik ere ikus daiteke. Kuadrilla etiketa beraren kontra agertu da Areta, lagunen eta kuadrillaren arteko bereizketa behartu horren kontra. Gainera, "kuadrillatik ihes egitea zaila da oso, eta baita arraroa ere", gehitu du. Infidelitate kasuak gertatzen dira. Hala sentitzen dute askok. Pentsa zein den panorama. Ibai herriko kuadrillaz aritu da eta hirikoarekin egin du konparaketa. Bera adinekoekin elkartzen da herrian. Berdin da zeintzuk diren haien zaletasunak, interesak, pentsaera… Hori tokatu zaio eta punto. "Badu alde on bat: bestela ezagutuko ez zenukeen jendearekin tratatzen duzu", dio. Baina ez dira lagun hautatuak. "Zer esanen ligukete gu hiruroi musika talde bat sortu gabe hainbestetan elkartuko bagina? Arraroa litzateke…", bota du Aretak.

Kuadrillak babestu egiten zaitu. Baina zein puntutaraino da babesa eta ez muga? Lau urte pasa ditugu guk bereizirik, bakoitzak punta batean ikasi duelako. Lau urte izan ditugu libre. Asko egin dugu kuadrillarekin kontsultatu gabe. Orain bakoitzak badu beste mila mundu taldetik kanpo. Hor ikusten da lehenago zertan genuen babesa eta zertan muga. Sektarismoak ez du laguntzen.

Haizegoak antzeko zerbait kontatu dit; alde onak aipatu ditu gehienbat: lagun talde horrekin beste inorekin baino bizipen gehiago izatea eta elkarren arteko konplizitatea. Eta azpimarratu du "sekula" ez duzula izanen inorekin "kuadrillarekin duzun bezain harreman estua". Talde "itxi" batean egotearena ere sentitu du txarrera, baita taldearekiko dependentzia ere. Nahiak gehitu du kuadrilla batzuetan, partaide denak ez egotekotan, ez dela planik egiten, falta denarekiko "errespetuagatik" edo. Leku berri batera heldu eta lagunak egin nahi izatean ere sentitu du igual kuadrilla batean sartzen ari zela eta haiek ez zutela nahi.

Lagunok… Bada zer pentsatua. Kuadrillen abolizioarena ez da erronka makala. Portzierto, Haizegoa eta Nahia nire kuadrillakoak dira. Julia, Areta eta Ibai lagunak, baina ez kuadrillakoak.

Casals pentsatu, jo eta zabaldu

Casals pentsatu, jo eta zabaldu

Edurne Elizondo

Lehendabiziko lana da beretzat, eta sumatzen zaio esperientziak bete egin duela. Eman dizkion aukerekin, bai eta bidean aurkitutako zailtasunekin ere. "Oso bide aberasgarria izan da", kontatu du Eloy Orzaiz musikariak, Pau Casals: miralls- reflets aurkeztu berri duen diskoari buruz. Piano jotzailea da Orzaiz, eta Naaman Sluchin biolinistarekin batera grabatu du Casals biolontxelo jotzaile kataluniarra omendu nahi duen lana. Bien artean pentsatu eta prestatutako disko bat da, eta diru bilketa publiko bat egin eta gero gauzatu ahal izan dute.

Beren diskoa grabatzeko, 5.000 euroko diru bilketa publikoa jarri zuten martxan Orzaizek eta Sluchinek; jaso dute hurbilekoen laguntza, espero bezala, baina Orzaizek atseginez nabarmendu du Casalsen omenezko lanak piztu duela bertze jende anitzen interesa ere. Egileen interesaren lehen txinparta, berriz, Casalsen partitura jakin batek piztu zuen: musikariaren biolin eta piano sonatak. Lan horrek ekarri du disko batekin burutu den prozesua.

Iruindarra da Orzaiz, eta, Iruñean eta Donostiako Musikenen ikasketak egin eta gero, Herbehereetarako bidea hartu zuen lehendabizi, eta Suitzarakoa gero. Zortzi urte eman ditu nafarrak Basilea hirian, hain zuzen, eta handik Iruñera itzuli da orain, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko klabezin irakasle aritzera.

"Basilean ezagutu nuen Naaman [Sluchin]; hasieratik izan genuen harreman ona, baina gauza bat da lagunak izatea, eta beste bat elkarrekin jotzeko bat egitea eta gustura aritzea". Musikariek lortu dute, eta, horregatik, Orzaizek jakin zuenean Sluchinek Casalsen lan baten partitura bat bazuela, mamitzen hasi ziren lan horren inguruan disko bat egiteko proiektua. Sluchinek Pradako Pablo Casals jaialdian jaso zuen konpositorearen partitura. "Casalsen erbesteko sonata da", azaldu du Orzaizek.

Izan ere, Francoren diktadurari ihes egin, eta Roselloko Pradan (Herrialde Katalanak) bilatu behar izan zuen aterpe Casalsek. Frankismoaren aurka egin zuen beti, gogor. San Juanen (Puerto Rico) zendu zen, 1973. urtean. "30 urteko erbestean izan zuen pieza hori bidelagun. Apenas dagoen lan horren grabaziorik, eta musika klasikoaren munduan ia ezezaguna da", kontatu du piano jotzaileak.

Casals, Gaubert eta Manen

Casalsen sonatarekin batera, bertze bi pieza jaso dituzte Orzaizek eta Sluchinek aurkeztu berri duten diskoan: batetik, Philippe Gauberten biolin eta piano sonata; eta, bertzetik, Joan Manenen Kapritxo katalana. Bi musikariok lagun izan zituen Casalsek; Parisen ezagutu zuen Gaubert; hiri horretako Ecole Normaleko irakasle izan zen, kataluniarrarekin batera. Manen, berriz, herrikide izan zuen Casalsek, eta lagun minak izan ziren biak. Musikaren esparruan ere anitzetan aritu ziren elkarlanean.

Casals eta haren lana dagokien testuinguruan jarri nahi izan dituzte Orzaizek eta Sluchinek egin duten diskoaren bidez. Horregatik, hain zuzen ere, xehetasunak zaindu nahi izan dituzte, lanak bere zentzu osoa lor dezan. Horren adierazgarri da diskoa grabatzeko aukeratutako tokia: "Casalsen sorterrian grabatu genuen, El Vendrellen". Tarragonako herri horretan jaio zen Casals, 1876. urtean, eta haren izena duen auditoriuma aukeratu zuten Orzaizek eta Sluchinek diskoa prestatzeko.

La Ma de Guido etxearekin plazaratu dute diskoa musikariek. "Lau egunez aritu ginen grabatzen; hamar edo hamabi orduko saioak egiten genituen. Dena grabatzen zen, eta, une oro, hamaika mikrofonok inguratuta geunden. Ez zen lan erraza izan, baina esperientziak merezi izan zuen", gogoratu du Orzaizek.

Diru bilketan parte hartu zutenak hasiak dira Casalsen omenezko diskoak jasotzen. Lanaren berri emateko antolatutako kontzertuak, baina, bertan behera gelditu dira koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz. "Kataluniako hainbat auditoriumetan jo behar genuen, baina krisiak betean harrapatu gaitu. El Vendrellen egin behar genuen kontzertua hurrengo urtean eginen dugu; gainerakoak bertan behera gelditu dira", erran du Eloy Orzaizek, triste samar.

Izan ere, diskoaren eta musikarien helburu nagusia jotzea da, eta beren emanaldien bidez Casalsen eta gainerako musikarien lanak ezagutaraztea eta zabaltzea. Kontzertuak egiteko aukera berrien zain, diskoa dute Orzaizek eta Sluchinek hori egiteko. Kontent dira emaitzarekin, eta, batez ere, Casals omentzeko pentsatu, prestatu eta gauzatutako beren proiektua burutu ahal izan dutelako.

Zauri gehiago ez irekitzeko

Zauri gehiago ez irekitzeko

Uxue Rey Gorraiz
Bizirik diren emakumeen artean berrehun milioik baino gehiagok jasan dute ablazioa munduan, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera. Urteek aurrera egin ahala, indartzen ari da horren kontrako jarrera, baina, adituen esanetan, ez dago ...

“Nire lekuan naizela sentitzen dut, eta leku hori ikerketa da”

“Nire lekuan naizela sentitzen dut, eta leku hori ikerketa da”

Edurne Elizondo

"Arnasarekin ari naiz lan egiten orain": horixe azaldu dio Ghislaine Verano dantzariak (Iruñea, 1974) argazkilariari. Eta nola egiten duen ere erakutsi dio, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren kanpoko aldean. 3 urterekin, argi zuen jada gorputza bilakatu nahi zuela bere arterako tresna. Klasikoan trebatu eta gero, dantza garaikideak eta bat-batekotasunaren esparruak eman diote, batez ere, garatuz joateko aukera. Uztailaren 29an, Nafarroako Museoko zikloan ariko da.

Zer proposatuko duzu?

Nire lanak bat eginen du azken zazpi-zortzi urteotan jorratu ditudan auziekin: babesa, errespetua, ongizatea. Hori guztia nire lan artistikoaren esparrura eraman nahi izan dut, benetan horren beharra nuelako.

Nondik datorkizu behar hori?

Ez nengoen ados egiten ari nintzenarekin, eta sumatzen nuen banuela oinarrizko zerbait aldatzeko beharra. Eta hori gertatzen zitzaidan bai nire eguneroko bizimoduan, bai eta nire lan artistikoan ere. Ez nintzen eroso sentitzen, ez nentorren bat egiten ari nintzen lanarekin. Beti bada zer hobetu eta zer aldatu, baina, orain, nire lekuan naizela sentitzen dut.

Zein da leku hori?

Nire lekua ikerketa da. Eta errespetuz eta maitasunez bizitzea eta lan egitea.

Eta bada ikerketarako lekurik?

Zaila da guneak aurkitzea, egia esan. Artearen beste arlo askotan bezala dantzaren esparruan ere gertatzen da jendeak maite duela, baina zaila dela, aldi berean, garatzeko aukerak sortzea. Ikertzen dudana pieza bilakatzen dut nik ere, eta lan horiek saltzea ez da erraza izaten, askotan.

Uharteko Arte Garaikideko Zentroa ikerketarako gune bat izan da zuretzat?

Bai. Uharteko zentroan nire etxean nago. Babesa sentitzen dut. Toki bat eman didate, baina hori baino askoz gehiago ere bai: zentroko kideak lagun ditut bidean; nire lanaren aldeko jarrera dute.

Dantzaria izanda, zure gorputza da ikerketarako eta lanerako tresna.

Bai, baina nire gorputzak, nire buruak eta nire emozioek bat egiten dute. Ezin ditut bereizi. Adibidez, gertatu izan zait estudioan sartzea dantzatzeko, eta nire emozioek bat ez egitea aurretik zehaztua nuen lan fisikoarekin. Arazo bat da koreografia bat lantzea egoera horretan. Ikasi dut nire emozioak errespetatu behar ditudala, nire gorputzak lan egin dezan. Gorputzak lan egin dezan, trabatzen duten emozioak bazter uztea izaten ohi da bidea, baina nik nire emozioak errespetatzeko beharra nuen. Horrekin batera, noski, burua; ziklo bereko elementuak baitira gure pentsamenduak ere. Dena errespetatu behar nuela sentitzen nuen, eta hortik lan egin.

Gorputza esparru politiko bat da?

Inolako zalantzarik gabe; eta emozioak ere bai. Niretzat, gorputza tresna politiko bat da, borrokarako tresna bat, leuntasunetik abiatuta. Ematen du borrokarako moldeak beti manifestazioarena behar duela izan: talde handiena, edo oihu egitearena. Borroka molde hegemonikoak daude, baina horiek jende asko uzten dute kanpoan. Ni feminismoan eta okupazioaren mugimenduan militante izan naiz, eta betiko borroka moldeak erabili ditut. Baina, orain, argi dut nire modua bestelakoa dela. Esparru sakon eta sotiletara eraman dut borroka.

Kanpoko begiradak gorputzak eta emozioak epaitzen ditu. Bertzeen iritzi horrek zer toki du zure lan prozesuan?

Ikerketa egiten hasi nintzenean, konturatu nintzen kanpotik zetorren epai horrek are epai gogorrago bat eragin zuela nire baitan. Uste dut ezin dugula saihestu kanpoko begirada hori, eta ez du zertan txarra izan, baldin eta on egiten digunari bakarrik so egiten badiogu. Epai horri nola aurre egin jakitea izaten ohi da gakoa.

Baina kanpoko begirada horrek zehazten ohi du zer den ona eta zer den txarra, bere arauaren arabera. Nola egin ihes horri?

Argi dago gorputzaren esparruan ere badaudela gizarteak ontzat ematen dituen arau eta eredu jakin batzuk. Ez da erraza horri ihes egitea. Ni ahalegindu naiz egoerari buelta ematen. Izan ere, guk besteengandik espero duguna nagusitzen da askotan: hau da, besteek zer pentsatuko duten interpretatu, eta horren arabera jokatzen dugu. Hori bazter uzteko ariketa egin behar dugu.

Hori behar da lana zintzoa izan dadin?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Nik egin nahi dudanari ematen diot lehentasuna, baina batzuetan pentsatu izan dut nahi dudan hori egiten badut ikusleek akabatuko nautela!

Noiz gertatu zaizu hori, adibidez?

Hiru minutu eta erdiko pieza bat dut, adibidez. Sortu nuenean, pentsatu nuen: "Nora zoaz horrekin?" Kontua da nik argi nuela horrela izan behar zuela, ezin zuela gehiago edo gutxiago iraun, bestela pieza hondatuko nuelako. Horrela behar zuen, eta, egia esan, ongi funtzionatu zuen. Harrera ona izan zuen. Noski, denek ez zuten gustuko izanen, baina hala behar du izan.

Zein da zure helburua, ikusleei dagokienez?

Nik publikoak nire lanarekin disfrutatzea bilatzen dut. Hori da nire ardura. Nire asmoa zera da, niretzat eta besteentzat onak diren gauzak egitea. Publikoak nire lana ulertuko ez duen beldur izaten naiz batzutan, ardura bat dudalako haiekiko. Bestela, niretzat bakarrik eginen nituzke lanak.

Nahi duzuna egiteko, zenbateraino zara aske, eta zenbateraino kulturaren merkatuaren menpekoa?

Niretzat ez da erraza merkatu horretan mugitzea, ez baitut nire lanak saltzeko ardura duen inor; bakarrik aritzen naiz. Niretzat bidea beti jarduera izan da; ekinaldi edo gune jakinetarako lanak egitea. Artista naiz, eta egia da niretzat oso zaila izan dela beti nire piezak saltzeko lan hori egitea.

Bakarrik aritzea hautu bat da?

Bakarrik aritu naiz gehienetan, maite dudalako eta errazagoa delako. Baina ez beti: nire ahizpa Alejandraren laguntza izan dut askotan, adibidez, eta egin izan ditut piezak beste hainbat pertsonarekin ere. Azken lanean zazpi aritu ginen. Gainera, maite dut askotariko jendearekin aritzea: pentsiodunekin, artistekin, okina batekin, edo itsu batekin. Sentsibilitatetik egiten dut lan.

Museoko zure emanaldia gorrek eta itsuek ere jarraitzeko modukoa izanen da. Garrantzitsua da zuretzat?

Bai. Garrantzitsua da denek izatea nire piezekin disfrutatzeko aukera; nire lana jasotzeko, gorra edo itsua izatea ez da oztopo bat. Ez dut maite desgaitasunei buruz hitz egitea; denok ditugu, modu batera edo bestera; baina, batez ere, denok ditugu gaitasunak gauza bat edo bestea egiteko.

iritzia: Orhira tira

iritzia: Orhira tira

Lohizune Amatria
Goizeko seietan esnatu da gaur Aiur. Eguraldi ona iragarri dute eta larunbata da. Baldintzarik onenak eman zaizkio azken hilabeteetan hainbestetan desiratu duen ibilaldia egiteko. Bart prest utzi zuen dena: maskara, arropa, motxila, ur...

Mende laurden bat harritzen

Mende laurden bat harritzen

Edurne Elizondo

Herritarrak eta bisitariak harritzen; horretan ahalegindu da Nafarroako Gobernuaren Kultur programa, 1996. urtetik. 25 urteko bidea egin du, eta, harriz harri, pareta sendo bilakatu da kultura eta turismoa uztartzen dituen zikloa. Bihar hasi, eta irailaren 8an amaituko da.

Iaz, 13.100 ikus-entzule baino gehiago izan zituen Kultur zikloak; koronabirusak eragindako osasun krisiak baldintzatu du aurtengo aldia, baina antolatzaileek ez diete uko egin hasieratik izan dituzten helburuei: "Herrietako ondarea erakutsi, kalitatezko kultur jardueren bidez", azaldu du Roberto Rebolek, Kultura Departamentuko teknikari eta Kultur-eko arduradunak.

Rebole duela ia hogei urtetik ari da Kultur zikloko egitaraua prestatzen. "Garatzen joan da, noski, baina programak herri musika izan du beti ardatz; aurten ere bada, baina hasi gara bertze bide batzuk zabaltzen", erran du. Zehazki, musika klasikoari eman dio bidea aurtengo Kultur-ek, eta hori egiteko aukera pandemiak sortu du, hain zuzen ere: "Leireko monasterioan abestu behar zuen abesbatzak huts egin du; horrelako toki batera ezin dugu edozein jarduera eraman, eta musika klasikoaren aldeko apustua egitea erabaki dugu, datozen urteotan ere urratsak egiten segitzeko asmoz". Francesca Croccolino piano jotzaileak eta Alberto Itoiz Nicuesa flauta jotzaileak emanen dute aurtengo zikloko azken kontzertua, Leiren, irailaren 8an.

Ordurako, eta bihar hasita, bertze 35 herritan izanen da Kultur programa. Data egokitu behar izan dute Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko arduradunek, ekainean hastekoa baitzen zikloa, ohi bezala. "Alarma egoera ezarri zutenean, programa itxia genuen jada. Osasun krisiaren ondorioz, hasiera atzeratzea erabaki genuen. Hainbat taldek huts egin zuten, gainera, eta egitaraua egokitu behar izan dugu", kontatu du Roberto Rebolek.

250.000 euro

"Programa sendo bat lortu dugu; herritarrak eta udaletako agintariak kontent dira Kultur zikloarekin, eta bisitariak eta parte hartzen duten artistak ere bai", erran du Kultura Departamentuko teknikariak. Urtez urte egindako urratsak nabarmendu ditu, programa hartu duten herrien eta parte hartzaileen kopuruak gora egin baitu, Kultur martxan jarri zenetik.

Uztailean egin zuten lehendabiziko urteetan; uztailean eta abuztuan, gero. "Azken urteotan, berriz, ekainean hasi izan dugu zikloa, eta irailera arte iraun du", gogoratu du Rebolek. Aurtengo programak 250.000 euroren aurrekontua duela erantsi du, eta kopuru horren bueltan ibili izan direla azken urteotan. "2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz, aurrekontua murriztu zuten. Egoerara moldatu behar izan genuen".

Egoerara moldatu, hasierako asmoak bazter utzi gabe. Hori izan da Kultur zikloaren lelo nagusia, hasieratik: "Turismoa eta kultura uztartzea, herriek duten ondarea erakusteko eta sustatzeko". Horregatik, hain zuzen, harriak bilakatu ziren Klutur zikloaren lehendabiziko aldietako irudi eta ikur, eta horregatik harriak jarri nahi izan ditu Kultura Departamentuak 2020ko programarako egindako kartelean ere: "Gure programa herrietako ondarearekin eta naturarekin lotzeko".

Natura oholtza bilakatu du Kultur programak anitzetan, hain zuzen ere. Zailtasun teknikoen ondorioz, baina, aukera hori bazter utziz joan dira, eta, egun, Lizasoko Orgiko basoa da erabiltzen duten gisako toki bakarra. "Halere, lehentasuna dute beti espazio irekiek; Kultur programaren berezko tokia dira herrietako plazak", erran du Rebolek.

Herrialdeko taldeen lanak ere pisu nabarmena izaten du urte oro Kultur programaren egitarauan. Aurten asmo hori inoiz baino garrantzitsuago bilakatu dela azaldu du Rebolek, pandemiak eragindako osasun krisiak min handia egin diolako kulturaren esparruari. Orain, berriz ere, martxan da, baina aste luzez artisten agendak hutsik izan ziren. "Guk ere badugu ardura bat arlo hori bultzatzeko; sumatu dugu herrietako kultur arduradunak ere guri so izan direla, gure bidetik segitzeko", kontatu du kultura teknikariak.

Aurtengo zikloak, beraz, jende anitz izanen du so, egungo egoeraren adierazgarri. Hilaren 3an egindako aurkezpenean ere agerian gelditu zen berezia izanen dela Kultur-en 2020ko aldia: Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek parte hartu zuen, Kultura kontseilari Rebeca Esnaolarekin eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko buru Juan Carlos Castillorekin batera. Kultura sustatzeko beharrarekin bat egin du Indurainek, baina segurtasun neurriak ahaztu gabe: "Horregatik da garrantzitsua Kultur-en gisako ziklo bat, aukera ematen digulako zaintzeko formatua eta jende kopurua".

Pedro Salaberri margolariak ere hartu zuen parte Kultur aurkezteko ekinaldian, haren obren erakusketa antolatu baitu Nafarroako Gobernuak, Bertizko jaurerrian. Bihar zabalduko dute, eta abuztuaren 30era bitarte ikusi ahal izanen da. "Lehen, lau erakusketa antolatzen genituen, urte oro, Kultur zikloaren eskutik. Duela bi legegintzaldi, baina, jarduera hori hutsean utzi zuen orduko gobernuak, eta aurreko legegintzaldikoak, berriz, berreskuratu zuen. Azken urteotan, baina, erakusketa bakarra egin izan dugu", azaldu du Roberto Rebolek.

Salaberriren erakusketa

Pedro Salaberriren Caminos (Bideak) izenburuko erakusketa antolatu du aurtengo Kultur programak, zehazki. "Baztango eta inguruko paisaiak anitzetan margotu izan ditu Pedro Salaberrik, baina lehendabiziko aldiz eginen du erakusketa bat Bertizen. Hagitz kontent dago".

Salaberri kontent dago, eta Kultur-eko antolatzaileen helburua da programa hartzen duten herriak ere kontent izatea. Onartu du, halere, ezin dituztela eskaera guztiak kontuan hartu. "Gero eta gehiago dira parte hartu nahi duten herriak; mugatuta gaude, eta denei ezin diegu baietz erran". Roberto Rebolek nabarmendu du lehentasuntzat hartu dutela beti eskualde guztiak ordezkatzea; eta hori lortzeko, hain zuzen, azken urteotan zikloarekin bat egin duten herri anitz txandaka aritzen dira: "Leitzan egiten dugu urte batean, eta Lesakan hurrengoan". Etxarri Aranatz eta Olatzagutia; Arguedas eta Valtierra; eta Azagra eta San Adrian herrietan ere txandaka aritzen dira.

Herriz herri hartzen du Kultur programak bere zentzu osoa, hain zuzen ere. Horixe nabarmendu nahi izan du Roberto Rebole kultura teknikariak. "Iruñean pilatzen ohi dira kultur jarduera nagusiak, eta garrantzitsua da kultura hiriburutik kanpo ere zabaltzea". Kultura zabaltzea, eta herriz herriko espazioetara egokitzea. Pareta sendo bat osatzen duten harriak bezala.

KULTUR 2020

KULTUR 2020

Nafarroako 36 herritara iritsiko dira Kultur programaren emanaldiak, bihar hasi eta irailaren 8ra arte.

Uztaila

18. Tubala Uxoa abesbatza, Irantzuko monasterioan, 19:00etan.

23. Feten Feten, Donamarian, 21:00etan.

24. Lazy Daisy Band, Lodosan, 22:00etan.

25. Edith Piaf Trio, Martzillan, 21:00etan.

30. Brodas Bros Hipstory, Elizondon, 20:00etan.

31. Melenas, Artaxoan, 21:00etan.

Abuztua

1. Estitxu, Garraldan, 20:30ean.

6. Con X The Banjo, Lekunberrin, 20:00etan.

7. Suakai On The Rocks, Otsagabian, 22:00etan.

8. Udasoinu del Fauno, Leireko monasterioan, 19:45ean.

13. Joan Garriga i El Mariatxi Galactic taldea, Izaban, 20:30ean.

14. Javier Ruibal, Vianan, 20:30ean.

15. Trio Palatino, Lizason, 12:00etan.

20. Nuvolution, Corellan, 22:00etan.

21. Tahures Zurdos, Zangozan, 20:30ean.

22. Tipitako, Zugarramurdin, 18:00etan; eta Elkhos, Olivako monasterioan, 19:00etan.

27. Flor de Canela, Fiteron, 21:00etan; eta Miss Octubre, Lizarran, 21:00etan.

28. Todos Secretos, Altsasun, 22:00etan; eta Bruno, Lorena y amigos, Uxuen, 20:00etan.

29. In Tempore abesbatza, Orreagan, 20:00etan; eta Maruja Limon, Mendigorrian, 20:30ean.

30. Iparfolk, Los Arcosen, 21:00etan.

Iraila

3. Los Stompers eta Nuala Irish Dancers, Tuteran, 20:30ean.

4. Tenpora, Etxarri Aranatzen, 20:30ean; eta De 2 en Blues Band, Arguedasen, 21:00etan.

5. Eluntze Dantza Taldea, Agoitzen, 19:00etan; eta Jokb, Erronkarin, 20:00etan.

6. Jo and Swiss Knife, San Adrianen, 20:30ean.

11. Koers, Tafallan, 20:30ean; eta The Black List Soul Band, Ribaforadan, 22:00etan.

12. Roland & Loop, Leitzan, 20:00etan; eta Iruña Jazz Big Band Meets, Beran, 20:30ean.

13. Korrontzi, Garesen, 19:30ean.

Euskarak uda blaitu dezan

Euskarak uda blaitu dezan

Uxue Rey Gorraiz

Hala nahi duenak euskaraz egin dezan aisialdian ere. Hori dute xede era.eus plataformako kideek. Horretarako, udarako proposamen "berritzaile eta freskagarria" aurkeztu dute berriki: Jolasean Blai mahai joko digitala. Sarean eskuragarri dauden hainbat eskaintza kultural bildu dituzte sortzaileek egitasmo berrian, eta helburu nagusi bat erdietsi nahi dute, batik bat: eskolatik kanpo, eta Nafarroako edozein txokotan egonik ere, gomendioak eta baliabideak ematea haurrek euskaraz goza dezaten uda.

Hilabetetako prozesu baten ondotik ailegatu da Jolasean Blai. Izan ere, ez da bestela bezala sortu, konfinamenduan baitu jatorria ekimenak. Martxoaren 18tik maiatzaren 31ra bitartean, egunero, era.eus plataformak proposamen bana egin zien, bere webgunearen bidez, koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz etxean itxita egon behar zuten familiei. Askotarikoak proposatu zituzten, hala nola ipuinak, kantuak, ikus-entzunezkoak eta aplikazioak. Hain justu, bilketa oparo horretatik abiatuta egindako hautaketaren emaitza da mahai joko berria.

"Sekulako altxorrak aurkitu genituen, eta ez genuen aste horietan egindako lanaren emaitza kaxoi batean gorde nahi. Iruditu zitzaigun aukera oso polita izan zitekeela udako oporrei begira". Marta Chamorro Iruñeko euskara teknikari eta era.eus plataformako kidearenak dira hitzak. Jokoaren sorkuntza prozesuan parte hartu dutenetako bat da Chamorro, eta, orain, pozik ageri da emaitza familia askorentzat erabilgarri dagoela ikusirik. Zehazki, http://eranafarroa.eus/ webgunean dago jokoa eskuragarri.

Jolasean blaitzeko eta altxorraren uhartean murgiltzeko gonbidapena egiten du jokoak. Izan ere, sortzaileek azaldu dutenez, altxorrera iristea da jotzen duten erronka, baina bideaz gozatzea da inportanteena. Egunero, edo bi egunean behin, bakoitzak nahiago duen erritmoan, laukitxo bat egin behar da taulan aurrera, eta, lauki horietako bakoitzean klik eginez sorpresa ugarirekin eginen dute topo haur zein helduek.

Gainera, Chamorroren esanetan, taulan kokatutako hogeita hamaika laukitxoak betetzen dituzten proposamenak ez dira ausaz aukeratuak izan. Dioenez, "zorroztasun handiz" jardun dute azken emaitzan aurkeztu dituztenak hautatzeko. "Euskara onean erabiltzea ezinbestekoa da, eta baita, esaterako, genero ikuspegitik egokiak izatea ere". Finean, taulan bildutakoak kalitatezko proposamenak izan daitezen lehenetsi dute sortzaileek.

Bizialdi aski laburreko plataforma da oraindik ere era.eus, 2017ko azaroan sortua. Hala eta guztiz ere, emanak ditu bere lehenbiziko fruituak. Euskara zerbitzua duten Nafarroako toki entitateek sortu zuten, elkarlanean, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko. Izan ere, Chamorrok argitu du ez dela aski familiei gomendioak ematea, sinetsia dago azaldu egin behar zaiela "hori lortzeko tresnak eta materialak non aurkitu ditzaketen", eta hori "modu ordenatu batean" egin behar dela.

Chamorrok azaldu duenez, "esparru akademikotik harago joateko premiak" bultzatu zituen era.eus plataformako kideak halako ekimen bat sortzera: "Estrategia aldatu behar genuela ohartu ginen, gure helburua ez baita soilik haurrek euskaraz ikastea, baizik eta bizitzako arlo guztietan euskaraz egin ahal izatea, hala nahi badute".

Haurrek eskolaz kanpo euskaraz egin dezaten nahi dute jokoaren sortzaileek, haren ustez, gazteenen euskalduntzea ez baita soilik eskolan landu beharreko afera. "Askotan esan izan da eskolak ezin duela dena egin, ez duela lortzen, eta hala da, jakina, eskolari ez dagokiolako dena bere gain hartu beharra", argitu du Chamorrok.

Kalean, etxean, gurasoekin eta, oro har, eskolaz kanpoko aisialdian eragin beharra azpimarratu du euskara teknikariak, eta gaineratu du, euskarazko eskaintzari dagokionez Nafarroako toki batetik bestera alde handiak egon badauden arren, leku guztietara iritsi nahi dutela.

Gurasoen inplikazioa

"Ematen du premia euskaldun-dentsitate txikiko inguruetan dagoela bakarrik, baina guztietan behar dituzte horrelako proposamenak". Halere, nabarmendu du euskararen erabilera ahulagoa den inguruetan bereziki lagungarria izan daitekeela "hizkera informala lantzeko".

Bakarrik edo heldu batek lagunduta jostatu daitezke haurrak Jolasean Blai mahai-jokoarekin. Hala ere, Marta Chamorrok aitortu du ariketa "askoz erakargarriagoa" izan daitekeela gurasoekin arituta. "Gurasoen inplikazioa garrantzitsua da. Azken finean, gurasoak beren seme-alaben eredu dira askotan, eta hizkuntza ohituretan eragin handia du gurasoengan ikusten dutenak".

Euskaraz zein gaztelaniaz daude idatzirik jokoaren jarraibideak taula gainean, edonor josta dadin haurrekin. Izan ere, sortzaileen esanetan, "ezinbestekoa" da burutan edukitzea gurasoek euskaraz ez jakiteak ez duela zertan traba izan haurrekin aritzeko. "Gurasoek berek uste duten baino askoz gehiago egin dezakete, euskaraz jakin ala ez. Behintzat, egunean behin euskara etxean sartzeko balio dezake honek". Udako opor garaian bereziki, haurrak eskolara joaten ez direnean, hizkuntzarekin harremanetan segitzeko bidea izan nahi du jolasak. Itxialdian izan zen gisan.

Euskaraz blaitzeko, euskaraz zipriztintzeko eta euskaraz uda freskatzeko proposamen sorta oparoa aurki dezakete haurrek 31 laukiz osatutako taula digitalean. Ongi pasatzea helburua izanik, gutxi inporta du bidea egiteko bakoitzak zenbat denbora behar duen. "Haurrek disfrutatzea nahi dugu. Ongi pasatzeak asko laguntzen du atxikimenduan. Oharkabean gertatzen da, baina nabarmen pizten du gogoa euskaraz aritzeko".

Bizikletak, golf piloten kontra

Bizikletak, golf piloten kontra

Edurne Elizondo

Bertze urrats bat egin dute Palacio de Arozteguia SL enpresako arduradunek, Lekarozko izen bereko proiektua garatzeko bidean: bederatzi zuloko golf zelaia egiteko obra baimena jaso dute, ekainean, eta, ondorioz, makinak lanean hasten ahal dira nahi dutenean. Proiektuaren kontrako herritarrek ere segitzen dute beren bidean urratsak egiten, eta, bihar, Elizondon emanen dute hurrengo pausoa: bizikleta martxa eginen dute, Aroztegikoaren gisako egitasmoak baimentzen dituen sistema osoa salatzeko.

Izterpeko Matxinada izeneko kolektiboak antolatu du biharko protesta, eta Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek babestu dute. "Energia Ona izeneko batzorde bat sortu dute Baztanen, eta hilean behin egiten dituzte klima aldaketaren aurkako bizikleta martxak. Uztailekoa Aroztegiko proiektuaren aurka egitea proposatu ziguten, eta elkarlanean ari gara", azaldu du Aroztegia eta gero zer? plataformako kide Jon Elizetxek. Elizondoko plazan hasiko da biharko protesta, 12:00etan.

Elizetxek argi utzi nahi izan du Palacio de Arozteguia enpresak jasotako obra baimenak ez duela erran nahi proiektu horren aurka egiteko bidea amaitu denik. Izan ere, Baztango Udalak baimena eman bertze aukerarik ez zuen. "Proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa kudeatu dutenez, udalak ezin zuen ukatu", azaldu du Elizetxek.

EH Bilduren esku da Baztango alkatetza, eta koalizioak proiektuaren aurka egin du, hasieratik. Udalak golf zelaia egiteko obra baimena eman eta gero, ohar batean zehaztu du Baztango EH Bilduk lanak baimentzea "araututako ekintza administratibo bat" dela: "Proiektuak hirigintzako arauak betetzen baditu, obra baimena ezin zaio ukatu. Hori da oraingoan gertatu dena", azaldu du koalizioak.

Golf zelaia egiteko baimena eman izanak ez dio proiektu osoari eragiten. Elizetxek nabarmendu du, hain zuzen ere, Aroztegiko egitasmoarekin lotutako hainbat auzi epaileen esku direla, oraindik ere. "Aroztegiko baselizaren jabetza da argitzeko dauden aferetako bat", erran du plataformako kideak. Enpresak proiektuaren barruan sartu zuen baseliza, baina Baztango Udalak helegitea aurkeztu zuen horren aurka, Lekarozko herritarren izenean. Lehen sententzia batean, epaileek erran dute ez dagoela argi baseliza norena den.

Bada gehiago: urbanizazio plana auzitan jarri du LAB sindikatuak, kontratuen legea betetzen ez duelakoan. Vianako Printzea erakundeak, berriz, proiektuko hotelaren aurkako txostena egin du. "Hori guztia ezin dugu ahaztu; proiektuaren aurka lanean jarraitu behar dugu", nabarmendu du Jon Elizetxek.

Golf zelaia egiteko lanak "berehala" hasten ahal dituztela argi du, dena den, eta horrek kezkatzen duela erran du: "Ekintza burutuen politika baliatuko ote duten beldur gara". Aroztegiko proiektuan 228 etxebizitza, spa bainuetxe bat eta luxuzko jatetxe bat egiteko asmo ere bada, hotelaz eta golf zelaiaz gain.

Elizegiren epaiketa

Lekarozko Aroztegiko proiektuaren inguruan piztu da bertze polemikarik, egunotan. Izan ere, Baztango Geroa Baik salatu du udalak ordaindu izana Garbiñe Elizegi alkate ohiaren aurkako epaiketako gastuak.

Enpresak bere proiektua aurkeztu eta gero, "kolpez aberasteko egitasmotzat" jo zuen orduko alkate Garbiñe Elizegik. Palacio de Arozteguia SL enpresak, ondorioz, salatu egin zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak Elizegiren alde egin du —Nafarroako Auzitegiaren ebazpena berretsiz—, eta ekainaren 25eko osoko bilkuran, prozesuak eragindako gastuak ordaintzea onartu zuen Baztango Udalak. Geroa Baiko kideen ustez, baina, adierazpen horiek herritar gisa egin zituen Elizaldek, eta ez alkate gisa.

Baztango EH Bilduk berretsi egin du, berriki, Aroztegikoa "enpresa kolpez aberasteko" proiektu bat dela, eta salatu du udalez gaindiko eragina duen plan gisa kudeatu izana, horrek aukera eman duelako "Baztango Udalaren eskumenen gainetik" aritzeko. Bihar, herritarrek eginen dute protesta.