Denak zaku berean

Denak zaku berean

Naiara Elola

Igandean hilabete beteko da inoiz ezagutu den ikasturterik laburrena amaitu zela. Bat-batean eta modu inprobisatuan egin behar izan zitzaion aurre birus malapartatu batek eragindako anabasari. Ahal zen moduan, eskola komunitate osoaren borondate onari esker, ikasturtea amaitu ahal izan da. Baina irailean zer? Nolakoa izango da haurren eskoletarako itzulera? Ia ziur naiz ez dela inondik inora beraiek espero bezalakoa izango.

Denbora luzea eman dute osasun agintariek irailean hasiko den ikasturtean COVID-19 birusarekin ez kutsatzeko neurriak diseinatzen. Izan ere, hor dago mehatxua, ez da desagertu. Hasierako zirriborroari aldaketa batzuk egin ondotik, goitik behera zehaztu dituzte bete beharreko jarraibideak.

Planaren helburu nagusiak "haurren eskolatzea bermatzea, eta familia kontziliazioa eta ekonomia sustatzea" direla diote hura idatzi dutenek. Birusak eskolan izan ditzakeen kutsatzeen arabera, lau agertoki zehazten dira, eta horietako bakarrak soilik ahalbidetzen du kontziliazioa. Lehenengo agertoki deiturikoan, normaltasun berrian kokatzen dute eskola agertoki horretan. Segurtasun neurriak hartuta, haurrek sasi-normaltasun batean ikasi ahal izango dute eskolan.

25 ikasle arteko sektoreak eratu daitezke. Horrek esan nahi du Iruñean ohiko diren eskola handietan haurrek ia ez dutela izango harremanik beste geletako ikasleekin. Gizakia animalia soziala da, eta jolastokian, maiz, ikasgelakoak ez diren ikasleekin jolasten dira haurrak. Irailetik aurrera ezinezkoa izango da, eskoletan ikasleen kutsatzea eragotzi nahi baita.

Kontingentzia planak jolastea deitzen diona, dena den, ez da txikiek orain arte eskolan egin dutena. Izan ere, ahalegin fisikoa eskatzen duten kirolak debekatuta egongo dira; futbola edo saskibaloia, kasurako. Jostailurik ere ez da izango. Izan ere, beldur dira jostailuen bitartez kutsatuko ote diren. Beraz, orain arte ezagutu duten eskolaren antz handirik ez du datorren ikasturteak.

Kontziliazioaren afera birusak zaildu du lehenago ere, baina aurrerantzean ez da errazagoa izango, lehenengo egoeran soilik eskainiko baita jangela zerbitzua. Hortaz, egoera apur bat zailduz gero, gurasook bi aukera izango ditugu: lana utzi gure haurrei jaten emateko edota aitatxi-amatxiei laguntza eskatu, horien bizitza arriskuan jarriz.

Planak zaku berean sartzen ditu Nafarroan dauden eskola guztiak. Hau da, trataera bera dute mila ikasle dituen Iruñeko eskola itunpekoak, edota 70 ikasle dituen Baztango herri bateko eskola txikiak. Jakina da, kasu horretan behintzat, abantailaren bat eduki behar zuela eskola txikia izateak. Batez ere, ikasle kopurua apala denez, aukerak badirelako bestelako kontingentzia plan bat ezartzeko. Baina denak zaku berean sartu dituzte, ahula zena ahulago bilakatuz.

Hala ere, ez dezagun esperantza gal: iraila bitarte, haur eta nerabeen salbazio bide modura aurkeztu den plan zoragarriak tokian tokiko errealitatea aintzat hartzeko aldaketak izan ditzake. Bitartean, uda ona pasa denek!

Babes sare propioa osa dezaten

Babes sare propioa osa dezaten

Edurne Elizondo

Gogorrena? Familia atzean uztea; hamasei urtez zurekin egon diren senideengandik urrundu eta bakarrik bizi behar izatea, zurea ez den bertze herri batean". Rida Ait Bouzid gaztearenak dira hitzak. 19 urte ditu orain, eta Sei Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa elkartean ari da lanean. Marokon jaioa da, eta handik bakarrik etorri zen Nafarroara, familiarentzat etorkizun hobe baten bila. Egun, bakarrik diren 254 migratzaile adingabeko dira Nafarroako Gobernuaren babespean. Osasun krisiak eragin dio adin txikiko horiek artatzeko programari, eta Eskubide Sozialen Departamentuak itxi egin du, ondorioz, iaz Iturmendin zabaldutako harrera zentroa.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Francesek azaldu nahi izan ditu erabaki horren atzekoak, argitzeko testuinguru zehatz batean hartu dutela: "Zentroa ixteak ez du ekarri gazteok babesgabe uztea, eta aukera eman digu behar ziren bertze baliabide batzuk garatzeko".

Aukera hori sortu da, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz migratzaile adingabeen etorrera eten egin delako. "Ondorioz, lehen uneko arreta bermatu eta gero, gazteen autonomia sustatzeko bertzelako neurriak bultzatu ahal izan ditugu", azaldu du Francesek.

Nafarroako Gobernuak lau faseko programa bat onartu zuen iazko ekainean bakarrik ziren migratzaile adingabeak artatzeko. 2019 hasieran, hain zuzen ere, nabarmen egin zuen gora herrialdera ailegatu ziren adingabeen kopuruak, eta egoera horretara moldatu behar izan zuten Eskubide Sozialen Departamentuko arduradunek. "50 gazte genituen lehen, eta 2019ko apirilean, ia hirurehun", gogoratu du Francesek.

Adingabeak hartzen dituen lehen zentroa Iruñean dago; hor egiten dute gazteon egoerari buruzko aurreneko balorazioa, eta, hortik, Martzillara edo Iturmendira joan izan dira, programaren bigarren fasean. Bi zentro horiek iazko ekainean zabaldu zituen Nafarroako Gobernuak: 25 pertsonarentzako tokia zuen Iturmendikoak, orain itxi dutenak; Martzillan, berriz, 40 gazterentzako tokia bada, eta beteta dago egun.

Iturmendiko egoitza itxi eta gero, hirugarren eta laugarren faseak sustatzeko ahalegina egin du Eskubide Sozialen Departamentuak, Francesek nabarmendu duenez. "Hirugarren fasean, gobernuaren babespeko etxebizitzatan bizi dira gazteak; laugarrenari, berriz, autonomiarako fasea erraten diogu, eta helburua da gazteok laguntzea, beren kabuz etxebizitzaren arloko beharrei aurre egin diezaieten".

Programa ez da berez migratzaileek 18 urte betetzen dituztenean bukatzen. "Adin nagusiko bilakatu arren, babesa ematea da gure helburua, beharra badute", erran du Ines Francesek. Programako laugarren fasean, hain zuzen, 21 urte bete arte laguntzen dituzte gazteak.

Egokitzeko malgutasuna

Beharretara egokitzea da gako nagusietako bat, Ines Francesen hitzetan. Horretarako, sistemak behar adinako malgutasuna izan behar du, baina hori ez da beti gertatzen. Sei elkarteko koordinatzaile Maite Zigandak 16 urte baino gehiagoko adingabeen egoera jarri du adibide. "Oraingo programarekin, gobernuak berak onartu du sistemak ezin duela bakarrik utzi 17 urte eta erdirekin ailegatzen den gazte migratzaile bat, 18 betetzen dituenean. 16 edo 17 urteko gazteentzat, baina, zaila izaten da hezkuntzaren edo formakuntzaren arloko baliabideak erabiltzeko aukera izatea, eta horrek zaildu egiten du lan merkatura sartzeko prozesua".

Sei elkartearen helburu nagusia da migratzaileak beren dolu prozesuan laguntzea. "Sorterritik alde egiteak beti eragiten du dolu prozesu bat", nabarmendu du Zigandak. Nerabe eta gazteekin egiten dute lan: bakarrik etorri direnak, familiaren babesa dutenak eta hemen jaio direnak elkartzen dituzte, elkarri lagun diezaioten, eta babes sare propioak sor ditzaten. Asmo horrek ekarri du elkarteko kideen laguntza jaso duten gazteok beren talde propioa sortu izana, erakundearen barruan, egoera berean direnak laguntzeko asmoz.

"Zure toki berean egon denak ulertzen du bertze inork baino hobeki zer sentitzen duzun", erran du Rida Ait Bouzidek. Abuztuan hiru urte beteko ditu Nafarroan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak burutu eta gero, elektromekanikakoak hasi zituen. Orain, Sei elkartean ari da lanean, baina lan egiteko baimena ez du jaso oraindik ere. "Hagitz zaila da baimena lortzea; gazteok lan egiteko irrikan dira, baina oztopoak baino ez dituzte aurkitzen", salatu du Zigandak. Ait Bouziden kasuan, Sei erakundeak urtebeterako lanaldi osoko kontratua egin behar izan dio; bertzela, ezin zuten kontratatu. "Etorri zenetik hiru urte pasatu direnez, bide horretatik saiatuko gara paperak lortzen".

Ines Francesek ere onartu du gazte migratzaileek "sistemaren paretaren kontra" jotzen dutela lanean hasi nahi dutenean. "Beharrezkoa da gazteon egoera erregulatzeko prozesuak arintzea", erran du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak.

Nabarmendu du, halaber, gazte bakoitzak egindako bidea eta atzean utzitako egoera ezagutzea "funtsezkoa" dela. "Gazte anitz etortzen dira, familia laguntzeko modu bakarra delako. Familia osoaren proiektua da kideetako bat migratzaile bilakatzea gainerakoak laguntzeko. Bertze kasu anitzetan, baina, sorterritik alde egiteko arrazoia harago doa, eta gazte horiek migrazio prozesuak eragindakoa baino anitzez ere zama handiagoa dute gainean; hori jakin behar dugu, gazteok behar bezala artatzeko", erran du Francesek. Behar den arreta hori ematea da migratzaileak hartzen dituen gizartearen betebeharra, Eskubide Sozialen Departamentuko arduradunaren hitzetan.

Gazteak arduradun

Sei elkarteko gazte taldea asteon jarri da martxan. Rida Ait Bouziden lanetako bat da talde horretako kideak laguntzea, hain zuzen ere. "Bitartekari lana egiten dut, finean". Gazte taldeko arduradunek hainbat atal sortu dituzte, gazteek beren interesen araberako jarduerak egin ditzaten. "Kirol talde bat dago, jarduera artistikoak garatzeko bertze bat, mendi talde bat ere badugu, bai eta bizikletak konpontzeko tailer bat ere", azaldu du Maite Zigandak.

Sei elkarteko koordinatzaileak nabarmendu nahi izan du, halere, gazte taldean haiek direla beren jardueren arduradun. "Gazteak dira egin nahi duten bidea markatzen ari direnak".

Gazte taldeko begirale eta arduradunetako bat da Abdeslam Sadiki. 17 urte ditu, eta 2018an ailegatu zen Nafarroara. 15 urte bertzerik ez zituen Maroko eta familia atzean utzi eta Iruñera ekarri duen bidea hasi zuenean. "Andaluziara [Espainia] ailegatu nintzenean, lasaitua hartu nuen, bidaia, behintzat, ongi amaitu zelako; beldur nintzen", gogoratu du. Bilbora eraman zuten lehendabizi, baina hango zentroan tokirik ez zegoenez, Iruñera ekarri zuten. "Zentro batera eraman ninduten, hasieran, eta, gero, Txantreako etxebizitza batera, bertze gazte batzuekin. Han jarraitzen dut". Uharten, Lanbide Heziketan ari da, mekanikako ikasketak egiten.

"Nik lan egin nahi dut; ikasi, lan egin ahal izateko. Marokon dut familia, eta haiek laguntzeko nago ni hemen", erran du Sadikik. Gazte adingabe bat da oraindik ere, baina hagitz argi du zer egin nahi duen.

Sei elkarteko taldean bertze gazte anitzekin egoteko aukera du. Eta, batez ere, bertze gazte anitz laguntzekoa. "Bertzeen babesa jaso nuen nik; bertzeak laguntzeko moduan nago orain, eta egin nahi dut".

Ait Bouzid eta Sadiki bezala, Marokotik ailegatu dira Iruñera azken urtean bakarrik etorri diren migratzaile adingabeko gehienak. "Guztien artean bi emakume baino ez ditugu izan", azaldu du Ines Francesek.

Soka moztu gabe

"Kulturen eta ohituren arteko talka, zenbaitetan, handia izaten da. Arlo hori ere landu beharra dugu", azaldu du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako buruak. Lan horrek aldebikoa izan behar duela erantsi du: "Gazteon errealitatea ulertzeko gaitasuna izan behar dugu guk, eta, haiek, hemen aurkitzen duten errealitatera egokitzekoa".

Gazteok sorterrira lotzen dituen sokari eusteko beharra nabarmendu du Sei elkarteko Maite Zigandak, hain zuzen ere. "Funtsezkoa da hemen ongi egoteko baliabideak ematea, eta egokitzen laguntzea; baina atzean utzi dutena ahaztu gabe, atzean utzi duten hori izaten delako mugitzeko arrazoi nagusia".

Nafarroako Gobernuak iazko ekainean onartutako plana ontzat eman du Sei elkarteko koordinatzaileak. "Gobernuz kanpoko hainbat erakundek ere ontzat jo dute, eta hori nabarmentzekoa da. Beti bada zer hobetu, baina oinarri sendo bat da", azaldu du Zigandak.

Onartu du, dena den, egungo osasun krisiaren jokalekuan, etor daitekeenarekin kezkatuta dagoela. "Planak ongi funtzionatzeko baliabideak behar ditu, eta ez dakigu oraingo krisiak murrizketak ekarriko ote dituen edo ez", erran du Maite Zigandak.

Sei elkarteko kideen egoitzan ohikoa da gazteen joan-etorria. Are gehiago orain, gazte taldea martxan dela. Ilusioz ekin diote Sadikik eta Ait Bouzidek oraingo etapari, eta beharra dutenak laguntzeko irrikan dira. "Garrantzitsua da gazteon inguruan babes sareak osatzea", berretsi du Zigandak.

Ines Francesek bat egin du, eta gazteok prozesu ororen erdigunean kokatzeko beharra nabarmendu du. Horretarako, hasteko, funtsezkotzat jo du bakarrik diren adingabeko migratzaileok norbanako gisa hartzea. Adin txikikoen egoera erregularizatzeko urratsak erraztea ere ezinbertzekotzat jo du. "Sorterritik paperak ekartzen ez badituzte, edo adin nagusikoak izanda adingabeak direla erraten badute, prozesu guztia mantsotzen da". Azkar edo mantso, prozesu horretan gazteak bakarrik ez uztea da gako nagusia.

Ezkabako iheslari bat identifikatu dute

Ezkabako iheslari bat identifikatu dute

Edurne Elizondo

Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkia identifikatu du, DNA probak baliatuz. 2018an, Larrasoañako hilerriko hilobi batean aurkitu zuten gorpua, eta izenik gabe egon da, orain arte. Toki berean bertze hiru fusilaturen aztarnak aurkitu zituzten Aranzadiko kideek. Laurak ziren Ezkabako gotorlekuko espetxeko iheslariak.

Teilagina zen De la Fuente Ramos, Valladolideko Fresno el Viejo herrikoa (Espainia). 1937. urteko abuztuaren 22an itxi zuten Ezkabako gotorlekuko kartzelan. 36 urte zituen, eta sei seme-alaba; bederatzi hilabete eman zituen Ezkabako espetxean: 1938ko maiatzaren 22an, bertze 794 presorekin batera, ihes egitea lortu zuen. Ihesaldiak, baina, ez zuen hagitz urrun eraman: Larrasoañan harrapatu eta fusilatu zuten, eta hango hilerrian lurperatu, bertze hiru kiderekin batera.

DNA bankua, 2016tik

Nafarroako Gobernuak 2016. urtean sortu zuen bere DNA bankua. Geroztik, 1936ko gerran fusilatutakoen 230 senidek baino gehiagok utzi dituzte beren laginak banku horretan, desagertutako beren senitartekoen gorpuzkiak bilatzeko eta aurkitzeko asmoz. Tartean dira De la Fuente Ramosen familiako kideek utzitakoak, eta haiei esker lortu dute orain iheslariaren gorpua identifikatzea.

2018an atera zuten gorpua Larrasoañako hilerriko hobi batetik. Herriko Paulina Lizoainen lekukotza baliatu zuten Aranzadiko kideek hobi hori aurkitzeko, orain 89 urte dituen emakume horrek ikusi baitzuen iheslariak nola fusilatzen zituzten.

Larrasoañan aurkitutako gorpuak norenak ziren ez zekiten Aranzadiko kideek. Inolako susmorik ez zuten, gainera. Nafarroako Memoriaren Institutuko kideek DNA bankura jo dute, ondorioz, eta hobitik ateratako aztarnek Leoncio de la Fuente Ramosen alaba batek utzitako laginarekin egin dute bat. Familiak, azkenean, senide desagertua aurkitu du.

“Oholtzara bakarrik igo arren, taldearen babesa sentitzen dut”

“Oholtzara bakarrik igo arren, taldearen babesa sentitzen dut”

Edurne Elizondo

Gizarte langilea da Estefania de Paz Asin (Iruñea, 1981), baina aktore lanetan aritu da azken hogei urteotan. Eskolan deskubritu zuen antzerkia, eta, hamaika diziplinatan trebatu eta gero, oholtza du orain berezko bizitoki. Itxialdiak etxetik urrun harrapatu zuen. Azken hilabeteotako gogoetak eta esperientziak abiapuntu hartuta, tailerra eginen du hilaren 16an, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan.

Itxialdiaren ondorioz sortu da tailerra egiteko asmoa?

Bai. Uharteko Arte Garaikideko Zentroko Elisak [Arteta] deitu zidan, tailerra antolatzeko ideia proposatzeko. Nire alaitasuna nahi zuten konfinamenduko tristurari aurre egiteko. Eta baietz erantzun nien, noski. Gorputzaren inguruko laborategia eginen dugu, hiru ordukoa; haur, gazte, heldu eta zaharrak batera aritzea nahi dut. Ez dut gehiegi erran nahi mamiari buruz, baina argi utzi nahi dut jarduera ludikoa izanen dela, eta asmoa izanen dela itxialdiak utzi dizkigun hutsuneak betetzea, nolabait.

Nolakoa izan da itxialdia zuretzat?

Kontua da 2020ko otsailaren 20an 20:02an nire azken lana estreinatu nuela Iruñeko Gaiarre antzokian. Eo! izena du, eta obra horretan Olivia izeneko astronautaren rola betetzen dut. Ni naiz laneko zuzendaria eta ekoizlea ere. Erronka handia izan da niretzat antzezlan hori prestatzea: urrats txiki bat gizateriarentzat, baina hagitz handia niretzat! Estreinatu eta gero, atseden hartzeko beharra nuen, eta Tenerifera joan nintzen. Itxialdiak han harrapatu ninduen.

Beldur zinen?

Bai. Batez ere, ziurgabetasunak eragiten zidan kezka eta beldurra. Zorionez, ez nintzen han bakarrik, eta etxea genuen eraikinean, gainera, bertze artista anitz zeuden. Zoragarria izan zen hori: konfinamendua, nolabait, egonaldi artistiko bilakatu zen. Arazoak gero etorri ziren, itzuli nahi izan nuenean. Kostatu zitzaidan. Apirilaren 5ean itzuli nintzen, azkenean.

Osasun krisiak eragin al dio zure lanari?

Bai, noski. Tenerifetik ateratzeko presa handirik ez nuen agenda, bat-batean, hutsik gelditu zelako.

Gogorra izan da lan berria estreinatu bezain pronto hori gertatzea?

Egia erran, eskertu dut etenaldia, lana prestatzeko prozesu osoak estres handia eragin didalako. Eta banuen beharra gelditzeko. Ekoizpen handia da, eta anitz lotu nau. Gauza bitxiak ere gertatu zaizkit! Pentsa, 2019ko otsailean, jada, Gaiarreko kideei erran nien nahi nuela ikusleek maskara janztea estreinaldian. Espaziora doan astronauta bat naiz Eo! obran, eta ez nuen gure planetatik deus eraman nahi! Gogoratzen dudanean, hotzikara sentitzen dut. Orain denok eraman behar dugu maskara!

Hasi zara mugimendua sumatzen kulturaren sektorean?

Ematen du zerbait mugitzen hasi dela. Konpainia batzuk hasi dira emanaldiak lotzen, berriz ere. Baina agerraldi bat gertatuz gero, berriz ere egon gaitezke duela hiru hilabeteko egoera berean. Ziurgabetasun handia dago. Zuhur jokatu behar dugu, baina erabaki batzuk ez ditut ulertzen.

Zer-nolako erabakiak?

Bitxia iruditzen zait kulturarekin lotutako espazio anitz itxita egotea, edo segurtasun neurri zorrotzekin zabaltzea, eta, aldi berean, hegazkinez bidaiatzeko edo mezara joateko arazorik ez izatea.

Kultura izan da galtzaile krisian?

Kulturaren helburua da herritarrei pentsaraztea; pentsamendu kritikoa dugu, eta, ondorioz, anitzetan agintariei ez zaie interesatzen gure arloa sustatzea.

Kulturaren arloko langileok bat egin duzue, hain zuzen, erakundeen babesa eskatzeko.

Artelekutik heldu zitzaigun deialdia, eta bat egin nahi izan genuen. Bat egiteko eta indartzeko saio bat egin dugu, egoerari elkarrekin aurre egiteko.

Oholtzan bakarrik egoten ohi zara.

Nire azken obran, adibidez, bakarrik nago oholtzan, baina, aldi berean, jende hagitz ona dut inguruan. Hamalau pertsonak osatutako lantalde bat ari da lanean ikuskizun horretan. Horregatik, oholtzara bakarrik igo arren, taldearen babesa sentitzen dut.

Bide luzea egin duzu jada; zure hautua izan da bakarrik aritzea?

Duela hogei urte hasi nintzen lanean, eta denetarik egin dut. Ez naiz beti bakarrik aritu. Hautu horren alde egin dut, neurri handi batean, errazagoa delako lan egitea; hau da, errazagoa delako gisa horretako ikuskizun bat saltzea, edo toki batetik bertzera mugitzea. Nire garapenaren ondorio ere badela uste dut; eskarmentua dut, eta neure burua gai ikusten dut ordubete oholtzan bakarrik egoteko.

Eta orain, zer asmo?

Derrigorrezko etenaldiak aukera eman dit nire azken obrari buruzko lan ikusezin anitz egiteko: txostena osatzen ari naiz, estreinaldiko bideoa prestatzen, kultur etxeetara informazioa bidaltzen... Lan eta lan ari naiz orain ere. Eta aukera baliatu nahi dut, gainera, obra, nolabait, egungo egoerara moldatzen saiatzeko.

Lurrari espaziotik egiten dio so zure pertsonaiak Eo! obran. Gogoeta egiteko beharra du?

Bai. Finean, antzerkigintza arte hagitz bizia da, eta nahiko nuke hilabeteotan gertatu denari buruzko gogoeta egin, obran barneratu ahal izateko. Mundu osoan gertatu da osasun krisia, eta horri buruz aritu nahiko nuke oholtza gainean. Hasieratik, gainera, nire asmoa izan da obra honekin Nafarroako mugak gainditzea, eta hemengo artea urrun eramatea.

Hogei urteko bidea. Nola gogoratzen duzu hasiera?

Institutuan anitz animatu ninduen literatura irakasle bat izan nuen. Haren eskutik hasi nintzen gelan aktore lanetan. Eta horrek emozioz betetako mundu bat ireki zidan. Argi izan nuen hori zela egin nahi nuena. Eta lortu dut. Egin eta egin, hori izan da nire eskolarik onena.

Iritzia: Hemen dira

Iritzia: Hemen dira

Lur Albizu Etxetxipia

Etorkizunean, 2020. urteaz hitz egiten dugunean, ez dut uste askok gogoratuko ez dutenik hemen izan zela aste luzetako konfinamendua, hilabete luzetako noraeza, ez dakit noiz arte iraunen duen ziurgabetasun egoera, krisiak, festarik gabeko uda, ohiturak galtzera behartzen gaituzten arauak eta harremanak hozten dituen distantzia madarikatu hori.

Ez dugu gogoratuko, beharbada, gaur gogoratzen ez dugun bezala, zenbat lan egin dugun 2019. urtean ere, zein ikasturte labur eta eternala izan den eta zenbat gertakari izan ditugun. Urteak pasatu direla ematen du, baina prozesu katalanaren aurkako epaia urrian egin zen publiko. Udazken beroa, Mugimendu Feministaren Euskal Herriko Jardunaldiak Durangon, hauteskundeak, gogoratzen ez ditudan beste hamaika gauza… Greba orokor bat ere egin genuen, joan den urtarrilaren 30ean!

Eta ezagutzen genuen mundua hankaz gora jarri zitzaigun.

Atera gara balkoietara, egin dugu oihu, negar, irribarre… Beldur pila bat pasa dugu, ezezagunak zaizkigunei ikara diegunean bezala, honek ere buelta eman dielako gure begiradei ere. Dagoeneko ezer ez da berdin (memoriak huts egiten ez digun bitartean); eta ez dut uste epe laburrean behintzat inon baino alaiagoa izanen denik.

Filosofatzen eta etorkizuna asmatzen saiatzen ari garen bitartean, dena dela, guk ezagutu ez (edo jakin ez) baina gosea pasatzen ari den edo pasatuko duen gero eta jende gehiago dago. Langabezia datuen igoera ikaragarria izaten ari da, eta ez dakigu zenbat etxegabetze egonen diren.

2008. urteko krisia eta eztandak ezagutu genituen, baina ez dakigu nolakoa izanen den honako hau. Noiz eroriko zaigu gainera murrizketen mamua? Zer gertatuko da gurekin? Zer gertatuko da ezagutzen ez ditugun horiekin guztiekin? Zer gertatzen da ondoan nahiko genituzkeenekin? Zer pasatuko zaigu guztioi, gutako bakoitzari?

Baina kolpeak etortzen ari direla segurua da. Eta bat-batean, errealitatea dugula ate joka (maskararekin bada ere): gaur hau, bihar bestea. Duela apenas egun batzuk albisteak jo gintuen, bete-betean. Hasi da itxieren eta kaleratzeen zerrenda amaigabeko lehenengo seinale handia: Siemens-Gamesa, Agoitz. 250 bat langile kalera, fabrika itxi. Eta horrek berarekin dakarren ondorio zakua: bestelako industriak, herrietan izanen duen eragina, langabezia, deslokalizazioa (beste bat)…

Gogora dezagun non dagoen Agoitz eta Pirinio aurreko eskualde horrek azken hamarkadatan zer bizi behar izan duen: Itoizko urtegiaren eraikuntza eta bere ondorio guztiak (porlanezko eskualdea, herrien eraisketa, urtegia garapen ekonomikotzat hartzea…), horrek ekarriko zuen aberastasunaren iruzurra, Agoitz eta inguruko herri eta eskualdeek bizi duten hustea… Deslokalizazio berri bat, herrietan bizitzeko zailtasun handiagoak, eskualdeek bizi duten arriskua. Biharko manifestaziora deitu dute langileek.

Denbora kontua da. Ez diezaiegun utz. Jokoan ez daude lanpostu batzuk bakarrik.

Espazio komun bat solastatzeko

Espazio komun bat solastatzeko

Edurne Elizondo

Pedagogia beharko dela erran du hizlariak, saioaren bukaeran; eta pedagogia egiteko pazientzia jada agortu egin zaiola erantzun dio entzuleetako batek. Transa da, eta nekatuta dago: nekatuta, eskuin muturrekoek transen aurka egin erasoekin, bai eta mugimendu feministaren arlo batetik egiten dizkietenekin ere. "Gure egunerokoa ez da erraza, eta sareetan, bertzeak bertze, transen aurkako hagitz diskurtso bortitzak garatzen ari dira; jende gaztea da hori egiten ari dena".

Arretaz jaso ditu Alicia Pano Rodriguez hizlariak entzulearen gogoetak. Ekintzaile transfeminista da, Zikutak eta Bullerak taldeko kide, bertzeak bertze; genero berdintasunean aditua ere bada, eta indarkeria matxistaren prebentzioaren arloan egiten du lan, Equilatera elkartearekin. Ulertzen ditu entzulearen nekea eta pazientziarik eza; eta ezaguna du aipatu duen transen aurkako giro bortitza. Izan ere, egoera horri aurre egiteko beharrak eragin du E28 plataformak Pano Rodriguezen hitzaldia antolatu izana. "Handia da topaguneak aurkitzeko beharra egungo jokalekuan; hagitz handia", erran du Equilaterako kideak.

Topagune hori zein den argi du ekintzaileak: transfeminismoa. Eta horren alde egin du, "egungo giro gatazkatsuari" aurre egiteko. LGTBI kolektiboaren barruan, trans pertsonak bazterraren bazterrean utzi izan ditu sistemak, eta egoerak okerrera egin du, azken boladan; transen aurkako diskurtsoak ez dira bakarrik eskuin muturretik edo sektorerik kontserbadoreenetatik zabaldu; mugimendu feministaren zati batek ere egin du transen eskubideen aurka, eta diskurtso instituzionalagoetan ere sartu da transfobiaren hazia.

Pano Rodriguezek PSOEk idatzitako barne agiria aipatu du horren adibide. "Argumentario contra las teorías que niegan la realidad de las mujeres izenburuko dokumentua egin dute, eta piztutako gatazka handitu eta zabaldu da sare sozialen bidez". Agiri horren arabera, transak "mehatxu bat" dira feminismoarentzat, queer teoriak emakumea subjektu politiko gisa "desitxuratzen" duela argudiatuz. Agiriak, ondorioz, ez ditu emakume transak feminismoaren subjektutzat onartzen.

Hori guztia kontuan hartuta, berretsi egin du Pano Rodriguezek: "Transfeminismoa da bat egiteko espazioa: transfeminismoan gurutzatzen dira feminismoak, LGTBI borrokak eta queer teoriak". Mugimenduok, gainera, ez dira iragazgaitzak, eta jaso dute bertze hainbat iturritako ura. "Iragazkortasun horrek eragin du mugimenduen eta borroken arteko elkarrizketak garatzea, eta elkar elikatzea".

Sortutako elkarrizketen adibide, patriarkatu hitzak izandako garapena aipatu du ekintzaileak: "Heteropatriarkatu bilakatu zen, lesbianek beren gaineko zapalkuntza bikoitza zela erran zutenean: emakume izateagatik eta lesbiana izateagatik, hain zuzen". Baina bada gehiago: emakume transak zapaltzen dituzte ez direlako identifikatzen jaio zirenean egokitu zieten generoarekin, eta errealitate horrek ekarri du zisheteropatriarkatu hitza. Ez da azken pausoa, ordea. Emakume arrazializatuen aurkako zapalkuntzak eta zapalkuntza horren kontrako erantzunak ere eragin diete hitzari eta borrokari, eta sistema zapaltzailea arrazisheteropatriarkatu hitzarekin izendatu dute.

Teoria kritikoak

Feminismoak, LGTBI borrokak eta queer teoriak gurutzatzen dira transfeminismoan, baina espazio komun horrek baditu bertzelako osagaiak ere, bertzelako eraginak, Pano Rodriguezek erantsi duenez: "Ekologismoarena, antiespezismoarena, kapazitismoaren aurkako mugimenduarena, lodifobiaren kontrakoarena...".

Borroken arteko harreman horrek ekarri du gizaki jakin batzuk zapaltzen dituen sistema gero eta hobeki zehaztu ahal izatea, eta, horrekin batera, sistema zapaltzaileari eusten dion binarismoari aurre egitea. "Feminismoak, finean, sistemaren aurkako lubakian diren pertsona guztien teoria kritikoak jaso ditu", nabarmendu du Alicia Pano Rodriguez adituak.

Feminismoaren bertze ekarpen nagusi bat jarri nahi izan du ekintzaileak erdigunean: intersekzionalitatearena, alegia. Gizabanakoak bere kategoria sozialen arabera dituen zapalkuntza eta pribilegio egoeren fenomenoa azaltzen du hitz horrek. Sortu zenetik, halere, garatuz joan da.

Kontzeptua, berez, testuinguru zehatz batean jaio zen: Kimberle Crenshaw abokatu afro-amerikarrak sortu zuen, 1989. urtean, General Motors enpresako emakume beltzen aurkako bazterketa izendatzeko. Hitzaren esanahaiak geroztik egindako bidean Patricia Hill Collinsen urratsak aipatu ditu Pano Rodriguezek, bereziki. "Zapalkuntzen matrize moduko bat egin zuen, linealtasunetik eta binarismotik urrunduz; finean, zapalkuntza beti da dimentsio anitzekoa". Ondorioz, gakoa litzateke dimentsio ororen aurkako borrokek gainerakoen aldarrikapenak ere bere egitea.

Elkarren berri izatea, elkar ulertzea eta elkarri eragitea ezinbertzekoa da zapalkuntza sistemari bere osotasunean aurre egiteko. Borroken eta mugimenduen arteko elkarrizketa horietan ere sortu dira gatazkak, eta horiek erakutsitako lezioak oroitzeko beharra nabarmendu du Pano Rodriguezek, hain zuzen ere. Patriarkatua heteropatriarkatu bilakatzeko prozesuan ez direlako gutxi izan sortutako tirabirak, adibidez. "Eta ez ditugu ezkutatu behar". Gatazken bidez ere egin dutelako aurrera transfeminismoan gurutzatzen diren mugimenduek.

1970eko hamarkadako Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, lesbianen diskurtsoaren inguruan sortu ziren desadostasunak. "Antolatzen hasi zirenez, gatazka piztu zen mugimendu feministaren barruan. Lesbianen aldarrikapenak zamatzat hartu zituzten anitzek; are gehiago, kaltegarritzat mugimenduarentzat. Lavender menace gisa izendatu zituzten". Mehatxu bioletak, baina, lortu zuen bere kontrako olatua baretzea: izen bereko taldea sortu zuten, beren aldarrikapenen zilegitasuna defendatzeko. Irain gisa sortutako izena bere egin zuten lesbianek, eta, egun, "aspaldiko gatazka guztiek arrastoak utzi dituztela ahaztu gabe", inork ez du irudikatzen haiek subjektutzat ez dituen mugimendu feministarik.

Plazera eta arriskua

AEBetan sortutako bertzelako gatazkak ere oroitu ditu Alicia Pano Rodriguezek hitzaldian: "Antipornoen eta prosexen artekoak, adibidez. Hainbat ekintzailek defendatu zuten sexualitatea badela, aldi berean, arrisku, murrizketa eta errepresio eremu bat, bai eta plazer, miatze eta ekintzarako eremu bat ere", azaldu du.

Carole S. Vance izan da horietako bat, eta haren hitzak gogoratu ditu Pano Rodriguezek. Antropologo horrek testu bilduma bat argitaratu zuen Pleasure and Danger: Exploring Female Sexuality (plazera eta arriskua: emakumeen sexualitatea miatzen) izenburupean, eta hor jaso zuen ondokoa: "Plazera eta arriskua biltzen dituen dimentsio bikoitz hori kontuan hartzea garrantzitsua da; bertzela, plazeraz bakarrik hitz egiteak eramaten gaitu bazter uztera emakumeen gaineko egitura patriarkala; era berean, bakarrik errepresioaz eta indarkeriaz ari bagara, bazter uzten ditugu emakumeen sexualitatearen inguruko hautuak eta esperientziak, eta sexuaren inguruko beldurrek gora egitea lortzen dugu".

Pano Rodriguezek azaldutako "sexuaren gerrek" queer teoriei eragin zieten. Adituak erdigunean jarri nahi izan ditu LGTBI kolektiboko pertsonen eskubideen aldeko borrokaren bidean egindako hainbat urrats.

Batetik, 1969ko Stonewall Inn tabernan gertatutako istiluak aipatu ditu. Poliziak ekainaren 28an egindako sarekadak eragin zituen urte hartako gatazkak. "Errepresio eta jazarpen giro batean bizi ziren LGTBI kolektiboko kideak, eta, sarekada hori gertatu eta gero, justizia eskatzeko borroka karrikara eraman zuten", gogoratu du Pano Rodriguezek. "Lehen lerroan, emakume transak, prostitutak eta arrazializatuak jarri ziren, haiek zirelako galtzeko gutxien zutenak", erantsi du ekintzaileak. Galtzeko ez zuten deus, pobrezia gorria zutelako bizileku. "Beren gorputzak jarri zituzten polizien eta kolektiboko gainerako kideen artean".

Bertzetik, LGTBI kolektiboak Bartzelonan 1977an eta Madrilen 1978an lehendabizikoz egindako manifestazioak oroitu ditu Pano Rodriguezek. "Bartzelonan Polizia oldartu zitzaien manifestariei; Bartzelonan, berriz, borrak eta pistolak zituen talde batek egin zien aurre ekintzaileei".

Hizlariak nabarmendu nahi izan du queer teorien aurretik garatu izan direla beti queer borrokak. Queer teorien oinarrizko testutzat hartzen da Juditk Butlerren Genero nahasmendua. "Lan horretan nabarmendu zuen sistema patriarkalak gizarte eredu binarioa sortu duela: gizonak eta emakumeak daude, eta batek bertzea baztertzen du; gizona zara, edo emakume". Queer teoriek bertzelako bide bat egin dute, sexua ere kategoria politikotzat jotzen dutelako, eta oinarri hartzen dutelako pertsona baten identitatea ez dela finkoa, Pano Rodriguezek erantsi duenez. Bat egiteko espazioen beharra berretsi du solasaldiaren amaieran, eta biribil irudikatu ditu espazio horiek, binarismoaren bi muturrak lotzen dituen lerro zuzenetik urrun.

Mahai baten bueltan eseri arte

Mahai baten bueltan eseri arte

Edurne Elizondo

Grebari eutsi diote. Sephora enpresako Nafarroako langileek ez dute amore eman, eta joan den otsailean hasitako protestarekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien lan hitzarmena exijitu nahi dute egiten ari diren greba mugagabearen bidez, baina enpresak, oraindik ere, ez du urratsik egin haiekin hitz egiteko. Alderantziz: "Isildu nahi dituzten ahotsak gara", salatu du Ainhoa Urkiak, ELA sindikatuko zerbitzuen arloko arduradunak. Sephorako langileen aholkulari lanetan ari da greba hasi zenetik, eta enpresak erakutsi duen "jarrera harroa" kritikatu du.

Sare sozialen bidez zabaldu dute Sephorako langileek beren borrokaren berri, eta hori egiteagatik, hain zuzen ere, enpresak idatzi bat igorri dio ordezkarietako bati, konpainia ez kritikatzeko ohartarazteko: "Langileen lan baldintza txarrek ez dituzte kezkatzen Sephorako arduradunak, baina min egiten die herritarrek egoeraren berri jakiteak", nabarmendu dute ELAko kideek. Sindikatu hori da enpresan ordezkaritza duen bakarra. Multinazionalak salatu egin ditu, eta kalte- ordaina eskatu, enpresarien ustez greba legez kanpokoa delako. Hilaren 17an dute epaiketa.

Prekaritateak jota

"Egoerak izen propioa du: prekaritatea". Hori da auziaren gakoa, Ainhoa Urkiaren hitzetan. Emakumeak dira Sephorako langile guztiak, eta horrek badu ikustekorik gertatzen denarekin: "Feminizatutako sektore bat da gurea, eta gisako bertze hainbat arlotan gertatzen den bezala, gu ere zapaltzen gaituzte".

Sephora multinazional bat da, eta bi denda ditu Iruñean; denera, hamalau langile ari dira bi zentro horietan. "Karlos III.a etorbideko langile guztiek egin dute bat grebarekin; Moreako zentroan, berriz, erdiek baino gehiagok", azaldu du Urkiak. Ostegun, ostiral eta larunbat oro egiten dute greba, zehazki, eta protestari eusteko asmoz dira. "Egoera gogorra da, baina langileak indartsu daude, eta dagokiena jasotzeko borrokatzeko prest".

Erdigunean jarri dituzte euren aldarrikapen nagusiak: soldatak hobetzea, eta behin-behinekotasuna eta ordutegien malgutasuna murriztea. "Astean sei egunez irekitzen dituzte dendak, eta atsedenerako aukerak gero eta urriagoak dira, jaiegun askotan ere lan egin behar dutela kontuan hartuta", erantsi du ELAko kideak, eta gutxienez egun eta erdiko atsedenaldia eskatu du Sephorako langileentzat.

Soldataren auzia azaltzeko, adibide argi bat aipatu du Urkiak: "Dendan badira mila euro balio duten kremak; enpresan lanaldi osoz ari diren langileak gutxi dira, eta horiek ere 900 euro eskaseko soldata jasotzen dute; hau da, krema batek balio duena baino gutxiago", salatu du.

Egungo prekaritateari aurre egiteko, lan hitzarmen propioa lortu nahi dute Sephorako langileek. Egun, Espainiako Estatuan drogerien esparruan indarrean dena ezartzen diete Nafarroako langileei. UGT eta CCOO sindikatuek sinatu zuten hitzarmen hori. "Enpresa hitzarmen bat lortzea dugu helburu, hemengo testuingurua eta egoera kontuan hartzeko".

Sephora konpainia, baina, oraingoz ez da negoziatzen hasteko prest. "Beharrik ez dutela esaten dute enpresako arduradunek". Ainhoa Urkiak argi du multinazionala dela egungo egoeraren erantzule, biktimaren rola bete arren. Izan ere, langileen greba legez kanpokotzat jo, eta, auzitara jo eta gero, Sephorak 8.000 euroren kalte-ordaina eskatu dizkie ELAri eta sindikatuko enpresako ordezkariei, greba egun bakoitzeko.

Hilaren 17ko epaiketa 09:30ean hasiko da, eta ELAk elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, ordu erdi lehenago: 09:00etan, Nafarroako Justizia Auzitegiaren egoitzaren aurrean. Protesta horren bidez, langileen alde egin nahi du sindikatuak, eta Sephoran eta bertze zentro anitzetan pairatzen duten prekaritatearen aurka.

Etxeko hamar talde igoko dira oholtzara

Etxeko hamar talde igoko dira oholtzara

Edurne Elizondo

Erriberrik ez du hutsik eginen: hogeita batgarren aldiz, kulturaren ekinaldi klasiko bilakatu den antzerki jaialdia eginen dute herri horretan, hilaren 17tik abuztuaren 2ra bitarte. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko arduradunek prestatutako programa aurkeztu berri dute, eta herritarrak deitu dituzte jada salgai diren sarrerak erostera. Osasun krisiak eragindako egoerara egokitzeko egindako ahalegina nabarmendu dute, batetik, eta "behar diren segurtasun neurriak" martxan jarriko dituzte, ondorioz; eta, bertzetik, etxeko konpainiak jarri nahi izan dituzte erdigunean, herrialdeko kultura sustatzeko asmoz: Nafarroako hamar talde igoko dira oholtza gainera.

Diziplina anitzeko jaialdia izanen da aurtengoa: antzerki lanekin batera, musika, dantza eta zirku ikuskizunak ere emanen dituzte. Denera, hogeita bost emanaldi izanen dira, hiru tokitan: Erriberriko jauregiko La Cavan, herriko kultur etxean, eta Tafallako kulturgunean. Erriberriko jauregian eginen dituzte jaialdiko antzezpen nagusiak, eta herriko kultur etxean eta Tafallan, berriz, antzerki poetikari buruzko ziklokoak.

"Gure betebeharra da jaialdi hau antolatzea, kultura zaintzeko, eta, aldi berean, kulturaren arloko profesionalak zaintzeko eta babesteko": horixe nabarmendu du Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistiko Luis F. Jimenezek. Argi utzi nahi izan du, gainera, kultura zerbitzu "publiko eta beharrezko bat" dela, "orain inoiz baino gehiago".

Mezu berari heldu dio Nafarroako Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak ere, eta jaialdian parte hartzen duten konpainien ahalegina eskertu du; bereziki, egungo egoerara moldatzeko egindako ahaleginagatik. "Itxialdian funtsezko ondare bat izan da kultura, eta, orain, gertutik gozatzeko aukera izanen dugu Erriberrin".

Mielotxin, Lauarin, Hutsun

Espainiako poesiatik Europako antzerki garaikidera lelopean eginen dute Erriberriko jaialdia aurten; Lope de Vega, Becquer, Manrique, Lorca eta Cervantes egileen testu klasikoak jorratuko dituzte, bertzeak bertze, baina programak jaso ditu, gainera, Samuel Beckett, Bertolt Brecht eta Franz Kafka egile europar garaikideen lanak ere.

Hilaren 17an, Iñigo Agerrik zuzendutako ikuskizunak inauguratuko du jaialdia: Mielotxin musika taldeko kideak, Lauarin Dantzariak eta Hutsun taldeko txalapartariak ariko dira elkarrekin oholtza gainean, Erriberriko jauregian. Toki berean aurkeztuko dute Adriana Bilbaoren eta Beñat Axiariren Hierro/Burdina lana, abuztuaren 1ean. Euskal doinuak eta flamenkoa batzen ditu obra horrek, migrazioaren auziari heltzeko.

Aurtengo jaialdia osatzen duten emanaldietako bi bertzerik ez dira estreinaldikoa eta Bilbao eta Axiarirena. Programa osoa http: //www.oliteteatrofestival.com/ helbidean ikus daiteke. Oholtza gaineko egunean eguneko emanaldiez gain, Yarleku konpainiaren lanak ere izanen du toki berezi bat aurtengo jaialdian, antzerki talde horri egokitu zaiolako ikerketa laborategi bat egitea, Erriberrin. Retales izenburuko obra du oinarri laborategi horrek. Jaialdiak iraun bitartean, obra hori lantzeko eta garatzeko aukera izanen dute taldeko kideek, udalak utzitako gune batean.

Maskarak eta toki hutsak izanen dira aurtengo jaialdian, segurtasun neurriek behartuta. Erriberriren antzerkirako grina, halere, ohiko bera da.