Herrian eragiteko tresna

Herrian eragiteko tresna

Edurne Elizondo

Pilota, sokatira, futbola, tenisa, patinajea, mendizaletasuna, gimnastika erritmikoa, arte martzialak, igeriketa; Sakanan dauden kirol taldeek jorratzen dituzten diziplinetako hainbat bertzerik ez dira horiek guztiak. Berrogeita hamar baino gehiago dira talde horiek, eskualde horretan kirol jarduerek duten arrakastaren adierazgarri. Arrakasta hori azaltzeko, hain zuzen, ezinbertzekoa da Sakanako Mankomunitatetik egindako lana eta ahalegina kontuan hartzea. Eskualdeko bertze hamaika erakunderekin eta eragilerekin batera elkarlanean aritzen direla nabarmendu du Amaia Gerrikagoitiak, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikariak. Kirolaz harago, erantsi du mankomunitateak helburu duela herrien eta herritarren arteko sarea osatzea, euskara bultzatzea, eta, batez ere, ongizatea sustatzea.

Finean, kirola tresna edo bide bilakatu dute Sakanan. Aitzakia, neurri handi batean: herritarren bizi kalitatean eragiteko, eta egungo gizarteak mahai gainean dituen hamaika auziri eusteko. Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuko kideak oraintxe jorratzen ari diren proiektua da horren adibide: "Haurrak bezala, helduak ere orain arte jorratu ez dituzten hainbat kiroletan has daitezen ikastaroak egin nahi ditugu", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Herritarrek egindako proposamena da hori, hain zuzen ere. Mankomunitateak argi du bere zereginetako bat dela garaian garaiko errealitatera eta beharretara egokitzea; behar horien arabera prestatzea bere kirol eskaintza, alegia. Populazioa zahartzen ari dela kontuan hartu du, ondorioz, eta hasi da adin bateko herritarrentzako jarduera bereziak antolatzen. "Bizi kalitateak hobera egitea da kontua". Osasun zerbitzuekin ere elkarlanean ari dira kirol esparruko arduradunak, asmo hori egia bihurtu ahal izateko: "Mugitzen ez diren zaharrak aktibatu nahi ditugu", erran du Gerrikagoitiak.

2001. urtetik da Amaia Gerrikagoitia Sakanako Mankomunitateko kirol teknikaria. Erakunde horrek antolatzen dituen jarduerek 3.000 erabiltzaile inguru dituzte. Eta 18.000 biztanle inguru dira Sakana osatzen duten Arakil, Burunda eta Ergoiena haranetan. "Kirol zaletasun handia bada", erran du teknikariak.

Mankomunitateak antolatutako ikastaro anitz orain hasiko dira, ikasturte berriarekin batera. Horietako bat da fibromialgia duten pertsonentzat prestatutakoa. Luisa Larrañaga Altsasun bizi da, eta 2009tik dago gaitz horrek jota. Mankomunitateak eskainitako ikastaroa aprobetxatu du azken urteotan, eta, urrian, berriz ere, ariko da. "Niri on egiten dit. Luzatze ariketak egiten ditugu, batez ere. Fibromialgia izan arren, saiatzen naiz nire egunerokoari eusten. Ez da beti erraza, baina ez dut maite etxean gelditzea. Kirolak aukera ematen dit ateratzeko, eta besteekin egoteko", azaldu du.

Ikerketek agerian utzi dutenez, fibromialgiak emakumeei eragiten die, batez ere. Mankomunitateak antolatutako ikastaroan ere, gehienak emakumeak izaten dira. Emakumeentzako kirolaren esparruan ere egin ditu urratsak erakunde horrek, hain zuzen ere. Ahalegin hori nabarmendu du Gerrikagoitiak. "Haurren eta helduen artean, bakarrik emakumeentzako diren jarduerak antolatzen ditugu, uste dugulako garrantzitsua dela emakumeok lasaitasunez eta eroso sentituz aritzea", aipatu du.

Generoa kontuan hartu

Emakumeentzat prestatutako jarduera horietako bat da Sakanako emakumeen atletismo eskola. "Generoa lantzen duten kirol profesionalak esaten ari dira hobe dela emakume taldeak osatzea; umeen artean, bai eta helduen artean ere. Helburua da indartzea eta ahalduntzea, kontuan hartuta egungoa desberdinkeriazko egoera bat dela", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Duela zazpi urte inguru jarri zuten martxan Sakanako emakumeentzako atletismo eskola, eta esperientziarekin hagitz kontent dira mankomunitateko kirol zerbitzuko arduradunak. "Egokitzen joan gara urteotan guztietan; hasieran, adibidez, talde bakarra zegoen, eta, orain, bi ditugu: bat hasten direnentzat, eta bestea hobetzeko asmoz ari direnentzat. Badira eskola martxan jarri genuenetik taldean diren hainbat emakume", azaldu du teknikariak.

Eskolatik kanpo ere, hasieratik ari diren emakume kirolari horien arteko harremana sendotuz joan da, eta ikastaroko ordutegitik at ere entrenatzen dira elkarrekin, edo joaten dira lasterketetan parte hartzera. "Sarea osatu dute, eta askok kirola baino gehiago estimatzen dute hori. Korrika egitea baino askoz ere gehiago da, beraz", gaineratu du Gerrikagoitiak.

Emakumeentzako atletismo eskola, beraz, pistatik kanpo ere sareak osatzeko bide bilakatu dute Sakanan. Bertze hainbat helburu ere bete ditu mankomunitateak bere kirol programaren bidez: adibidez, esparru horretatik at gelditzen ohi diren herritar anitz kirolera lotzea. Ezintasunen bat duten pertsonen kolektiboarekin lan berezia egin dute mankomunitateko kirol zerbitzutik, bertzeak bertze, igeriketa eta gimnastika egokitua egiteko ikastaroaren bidez.

Azken lau ikasturteotan Aitor Mozo lakuntzarra aritu da Arbizuko igerilekuan jarduera hori zuzentzen; 2015. urtetik, hain zuzen. Kirol Zientzietako gradua du, eta eskertu du mankomunitateko lanak emandako esperientzia.

"Mugiaraztea da gako nagusia. Ez dute kirola egiteko ohiturarik, eta egoera hori aldatzea da kontua". Ikastaroan Lakuntzan Tasubinsan ari diren hainbat langilek parte hartzen dute. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak hartzen dituzte lantegian. "Kirola egiteaz gain, aldageletan nola moldatu eta gisako jarduerak ere lantzen ditugu", azaldu du Mozok. Erantsi du ikastaroan ere elkarren arteko harremana "beste modu batera" garatzeko aukera dutela, lantegitik at.

Euskaraz

Kirol zerbitzuetako erabiltzaileen eta ikastaroetako irakasleen arteko harremanari ere so egin dio Sakanako Mankomunitateak, eta eskualdeko testuingurua hartu du kontuan. "Gure jarduera guztiak euskaraz dira; haurren artean, esan dezakegu ia %100 euskaldunak direla; helduen ikastaroetan, norbaitek azalpena behar badu ematen zaio, baina ikastaroak euskaraz egiten ditugu", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Kirola euskaraz izenburuko programa du martxan mankomunitateak, hain zuzen ere. Sakanatik kanpo ere, "erreferente" bilakatu dira Sakanako kirol zerbitzuko kideak, hain zuzen ere, hizkuntzaren alde egindako apustuagatik. Herri anitzetan, irakasle euskaldunak aurkitzea izaten da kirol jarduerak antolatzen dituztenen arazo nagusietako bat. "Formakuntzari garrantzia eman diogu arazo horri aurre egiteko, hain zuzen ere".

Eguneroko erronkei aurre egiteko, elkarri so egitea ere lagungarria dela argi du Gerrikagoitiak. Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuaren ardura kirol batzordearen esku dago; hor, eskualdeko udalerri bakoitzeko zinegotzi bat dago, eta, haiekin batera, Altsasuko, Etxarri Aranazko eta Arbizuko kirol teknikariak. Hiru herri horiek baino ez dute kirol teknikaria, hain zuzen. "Elkarlanean antolatzen ditugu mankomunitateko kirol jarduerak".

Eskolekin ere harreman estua du mankomunitateak, kirol jarduera horiek egiteko behar dituzten azpiegiturak haien bidez lortzen baitituzte, anitzetan. Finean, herritar guztiekin eta herritar guztientzat aritzen dira: kirola eta kirolari lotutako balioak sustatuz, jarduera horiek euskaraz eginez, eta, betiere, kirol arlotik kanpo ere eragina izateko asmoz.

Herriz herri, babes sare bat ehuntzeko

Herriz herri, babes sare bat ehuntzeko

Edurne Elizondo

Lan egiteko gogoz". Halaxe dira Ausartu Zaitez izenburuko proiektua martxan jarri duten profesionalak. LGTBI+ kolektiboko kideekin egin nahi dute lan hori, zehazki, sexu orientazio eta genero identitateen inguruko gogoeta pertsonala eta kolektiboa pizteko, eta babes sareen bidezko boteretzea sustatzeko. Lan hori, gainera, Iruñean eta hiriburutik kanpo ere egin nahi dute, herrialdeko bertze hiri eta herrietan kolektiboak aurrean dituen errealitateak eta testuinguruak ezagutzeko eta zabaltzeko asmoz. Tuteran eginen dute lehendabiziko urratsa, hain zuzen, hilaren 27an eta 28an emanen duten tailerraren bidez.

David Urra soziologoa eta Maria Zapata antropologoa dira Ausartu Zaitez proiektuaren bidez Tuteran eta bertze hainbat herritan eginen dituzten LGTBI+ tailerretako arduradun. Biak dira proiektuko bultzatzaile, Luis Azanzarekin eta Iratxe Arangurenekin batera. Bidean, bat egin nahi duen jendea hartzeko prest dira laurak; Equilatera elkarteko kide Luna Martinikorena, adibidez, kolaboratzaile izan dute jada.

Tailerrak izanen dira Ausartu Zaitez proiektuko bi lan ildoetako bat; bertzea, Azanzak eta Arangurenek landuko duten dokumentala izanen da. "Tailerrak baliatu nahi ditugu LGTBI+ kolektiboko jendea ezagutzeko, eta haien egunerokora hurbiltzeko. Herri txiki batean edo Iruñea ez den hiri batean eguneroko hori nolakoa den jakin nahi dugu, eta horren berri zabaldu, dokumental baten bidez", azaldu dute proiektuko arduradunek.

Azken urteotan erakundeen esparruan egin diren urratsak nabarmendu dituzte laurek, eta txalotu dituzte LGTBI+ kolektiboko kideen alde hartutako neurriak. Nafarroako Parlamentuak lege berria onartu du, adibidez, eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak martxan jarri dituzte kolektiboko kideak artatzeko zentroak. Kattalingune da gobernuarena; Harrotu, berriz, udalarena. "Egia da aurrera egin dugula, baina, oraindik ere, lan handia bada egiteko", azaldu dute. Gobernuan eta Iruñeko Udalean hauteskundeek ekarri dituzten aldaketek nola eraginen duten ikusteko dago, oraindik ere.

Bertzeak bertze, gisa horretako baliabide gehienak Iruñean daudela aipatu dute Ausartu Zaitez proiektuko bultzatzaileek. Ondorioz, Iruñetik kanpoko herritarrentzat zailagoa da baliatu ahal izatea. Beren proiektuaren bidez, hain zuzen, zerbitzu bat jarri nahi dute kolektiboko kideen esku, beren eskualdeetan. Tuteran eginen duten lehendabiziko tailerraren asmoa da Erriberako biztanleak hartzea; Estellerrian, Baztanen, Sakanan, Iruñean, Zangoza eta Tafalla aldean ere egin nahi dituzte, bertzeak bertze. Hasi dira jada eskualde horietako taldeekin eta kolektiboekin lanean. "Harrera hagitz ona izaten ari da; malgutasunez jokatu nahi dugu, eta deitzen gaituzten tokietara joaten saiatu".

Ausartu Zaitez proiektuko kideek argi dute tailerrek eta dokumentalak bidea emanen dutela Nafarroako LGTBI+ kolektiboaren berri zehatzagoa jasotzeko. "Lan horien bidez, neurri batean, gure errealitatearen irudi bat lortu ahal izanen dugu". Argitu dute, halere, asmoa ez dela diagnosi bat egitea: "Iruñetik kanpoko bertze hirietan eta landa eremuan dauden kideek egiten dituzten gogoetak ezagutu eta sustatu nahi ditugu". Tailerrak martxan jartzeko, bilerak egiten ari dira hamaika herritako talde eta kolektiboekin, eta aukera izan dute, jada, "harremanak sakontzeko eta elkarlana sustatzeko", nabarmendu dutenez.

Egiturazko zapalkuntza

Elkarlana, sarea, kolektiboa. Hitz eta ideia horiek nabarmendu dituzte Ausartu Zaitez proiektuko kideek, argi baitute auzia politikoa dela. "Garrantzitsua da argi izatea ez gaudela bakarrik. Ezin dugu ahaztu LGTBI+ kolektiboa zapaltzen duen egitura bat badela, zisheteropatriarkatua, hain zuzen ere. Gisa horretako hitzen berri ematea ere garrantzitsua dela uste dugu, kolektiboaren aurkako zapalkuntza nondik datorren ulertzeko, eta ulertzeko zergatik ez dugun bat egiten sistema nagusi horren arauarekin", azaldu dute. Horregatik nabarmendu dute, hain zuzen ere, auzia politikoa dela, eta egin beharreko gogoetak izaera politiko horri ere egin behar diola so.

Tuterako tailerra izanen da Ausartu Zaitez proiektuko kideek eginen dute lehena. Azarora bitarte ariko dira lan hori egiten, gutxi gorabehera, eta, tailerren bidez egindako saretze lana baliatuz, dokumentala grabatzeari ekinen diote gero. Eperik ez dute zehaztu, halere, dokumentala estreinatzeko. Argi utzi dute, halere, herritarrek izanen dutela parte hartzeko aukera, Interneten bidez. "LGTBI+ kolektiboko kideak euren egunerokoan erakutsi nahi dituen lanari buruzko erabakiak hartu ahal izanen dituzte, proiektu interaktiboa izanen baita".

Ausartu Zaitez, batez ere, proiektu irekia eta parte hartzailea izanen da. Hori erantsi dute bultzatzaileek. Herriz herri joan nahi dute, LGTBI+ kolektiboko kideen arteko sarea ehuntzeko. Proiektuarekin bat egin nahi duenak www.atrevete.lgbt helbidean du informazio osoa.

Zirkua dakar udazkenak

Zirkua dakar udazkenak

Edurne Elizondo
Zirkua ekarri du udazkenak Nafarroara: Gure Zirkua proiektuko artistek beren karpa zabalduko dute datozen asteotan, Elizondon eta Leitzan. Elizondon, zehazki, irailaren 27tik 29ra izanen da Gure Zirkua, eta baita urriaren 4an eta 5ean e...

“Mitoak dira modu bat errealitate konplexua sinplifikatzeko”

“Mitoak dira modu bat errealitate konplexua sinplifikatzeko”

Kattalin Barber

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle dira Lohitzune Zuloaga (Errenteria, Gipuzkoa, 1981) eta Paz Frances (Iruñea, 1983). Soziologian eta Zuzenbidean doktoreak, hurrenez hurren. Mitos sobre delincuentes y víctimas kaleratu berri dute, Gema Varona adituarekin batera. Zigor sistemaren inguruan sortzen diren mitoak mahai gainera ekarri nahi izan dituzte haien inguruko hausnarketa bultzatzeko

Nola sortu da liburu hau egiteko proiektua?

LOHITZUNE ZULOAGA: Gema Varonarekin kriminologiari buruz ari ginela, ikusi genuen beti zeudela errepikatzen ziren ideia batzuk alor horretan. Ideia batzuk behin eta berriz agertzen zirela mahai gainean. Lanaren helburua ez da mito edo ideia horiek hutsean uztea, baizik eta mito baten inguruan bereiztea zer den egia, zer ez, eta zer-nolako erabilera duten norbanakoak deshumanizatzeko edo giza eskubideak kontuan ez izateko.

PAZ FRANCES: Mitoak barneratuak dituzten pertsonentzat egin dugu liburua, baina, aldi berean, erreminta erabilgarria izan daiteke profesionalentzat ere, gure ustez, orain arte ez zelako existitzen gisa horretako lanik, hain zuzen ere.

33 mito ageri dira lanean. Horietako pare bat aukeratu, eta nola funtzionatzen duten azaldu ahal duzue?

L.Z.: Adibidez, etorkin adingabeen inguruan bi mito daude: gazteek delitu asko egiten dituztela eta etorkinak delitugileak direla. Horrez gain, uste da gazteek ez dituztela legeak errespetatzen eta haientzako zigorrak bigunak direla. Mitoaren egia zatia izan daiteke gaztaroan konfrontazio gehiago dagoela legearekin. Horri deitzen zaio kriminalitatearen kurba, baina ez da zehazki adin txikikoekin gertatzen. Hor dago okerra. Esaterako, 14 urte edo gutxiagoko nerabeek egiten dituzten delituak oso-oso gutxi dira. Auziaren egungo egoera aztertu dugu. Lapurreta txikiak izan ohi dira adingabeen delituak. Hori guztia esanda eta adingabeen legeari erreparatuz, ikus dezakegu zigorrak gero eta gehiago gogortu direla. Legeak erakusten du zigorrak ez direla bigunak haientzat, eta kasu batzuetan, hain zuzen, politika publikoak gogorragoak dira adingabeentzat helduentzat baino.

P.F.: Niri gustatzen zait mito hau: alderdi politikoek ezer egiten ez dutela azaltzen duena. Gainera, abiapuntua edo oinarria da beste hainbat mito ulertzeko. Herritarren segurtasunarekin edo delinkuentziarekin arazo bat baldin badago, esan ohi da hori gertatzen dela arduradun politikoek ez dutelako ezer egiten. Politika publikoak neurri eta estrategia multzoa dira gatazka egoera bat erregulatzen saiatzeko. Baina egiteak ez du esan nahi aldi oro legeak onartzea edota neurriak hartzea. Alderdi politikoek gauzak egiten dituzte. Arazoa da agian beti berdin egiten dutela, gure ikerketen arabera. Adibidez, delinkuentzia arazotzat jo denean, heltzeko modu bakarra zigor sistemaren bidez izan da, legeak gogortuz. Egiten dute, baina eraginkorra ez den bide batetik.

Gogoeta egin duzue liburuan zigorrak gogortzearen inguruan. Norantz goaz arlo horretan?

P.F.: Lohitzunek aipatutako mitoa oso garrantzitsua da, eta gure liburuaren abiapuntua indartzen du. Gaur egun, zigor zuzenbidea erabat zigortzailea da, eta, sistematikoki, irtenbidea beti izan da zigorra handitzea. Ondorio larri eta arriskutsua du horrek. Horregatik sortu dugu liburua; arazoa konplexua da, baina, behintzat, liburuak parada ematen du gizarteak kontzientzia hartzeko eta ikusteko badaudela beste irtenbide batzuk, edo, gutxienez, ondorioez jabetzeko.

Mitoak beti existitu dira, eta beti existituko dira?

P.F.: Mitoak beti existituko dira. Gizartearen espresioa direlako, hain zuzen. Batzuek, agian, garrantzia galduko dute, eta sortuko dira berriak, aldi berean. Guk jorratu dugu zer gertatzen den mitoak erabiltzen direnean helburu zehatz batekin.

L.Z.: Mitoek badute beren funtzio soziala. Errealitatea oso konplexua da, eta mitoa izan daiteke modu bat sinplifikatzeko edo ulertzeko. Genero indarkeriaren legeak ez duela ezertarako balio dioen mitoa dago. Egia da legea egin zenetik, estatistikoki, hil dituzten emakumeen kopurua ez dela murriztu. Baina azaldu nahi dugu ezin dela bakarrik horrela ebaluatu, lege batek badituela helburu asko, eta, ondorioz, ezin duela berehalako ondoriorik izan.

Hedabideek zer-nolako rola betetzen dute mitoak zabaltzeko orduan?

L.Z.: Ni, egia esan, kritikoa naiz hedabideak manipulatzaileak direla dioen ideiarekin. Egia da hedabideek lan egiten dutela berehalakotasunetik eta gertaera jakin batetik abiatuta, eta egia da fenomeno bat azaltzeko beharrezkoa dela ikuspuntu zabalagoa izatea. Baina ez dut uste egitura handi bat dagoenik atzean herritarrak manipulatzeko, baizik eta badirela bereganatu diren dinamika zehatz batzuk.

Biktimen inguruan ere mito asko daude, liburuan jaso duzuenez. Zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?

P.F.: Biktimen kapituluan jarri dugu Gemaren aipu esanguratsu bat: "Biktimek gidoia bazter uzteko eskubidea dugu". Inoiz kontuan hartzen ez diren elementuak aipatu ditugu hor. Biktima guztiak desberdinak dira, eta haien beharrak ez dira kontuan hartzen; sistemak ez ditu kontuan hartzen. Gainera, aurreiritzi asko ditugu biktimen inguruan, eta aurretik pentsatutako ideiak, haien jokabideari buruz: nola jokatu behar duten, zer erantzun behar duten... Delitugileentzat prozedura desberdinak daude delituaren arabera, baina biktimarentzat beti zigor prozedura bera dago.

L.Z.: Delitugileei buruz ez dago itxaropenik; biktimei buruz, ordea, bai; horrek egiten du egoera desberdin.

Askotan, onen eta gaiztoen arteko bereizketa egiten dugu, baina fenomenoak ertz asko ditu, ezta?

P.F.: Bai, biktima beti ona da; gaiztoa, berriz, delitugilea. Fenomeno hain konplexuak azaltzen ari garenez, logika binarioak ez du funtzionatzen, beste hamaika bide daudelako. Baina prozesu penalak behar du sinplifikatzea, gizarteak bezala.

L.Z.: Gainera, gerta daiteke pertsona bat delitugilea izatea, eta, aldi berean, biktima ere. Hori ere izan behar dugu kontuan.

Iritzia: Zer den naturala

Iritzia: Zer den naturala

Saioa Alkaiza

Euskara naturala egiten omen dute batzuek eta ez beste batzuek, zuzentasunaren eta herri hizkeraren hierarkian. Elkartze sexu-afektibo naturalak eta ez-naturalak omen daude, homofoboen eta transfoboen ustez, are naturaren kontrakoak omen diren elkartze batzuk ere bai.

Naturala izan daiteke norbait, normala denean, normala normaren gertutasun horretan. Normala omen da pisu zehatz bat, altuera bati atxikia, gorputz klase bati esleitua, logikoa eta nagusia omen den desira bati lotua, esentziazkoa omen den genero bati emana. Naturala omen da adin batetik aurrera lasaitzea, eta bestelako bizi klase bat bilatzea. Normala, hipoteka bat, seme-alabak, soldatapeko lana, sarerako konexioa smartphon-ean eta, agian, txakur bat, paseatzeko, hiriko berdegune batetik, natural-natural kasu eginez bizilagunei. Naturala da, diotenez, aldakaririk ez duen musika nota. Naturala omen, bertso etorriya, eta ez bestea, prestatutakoa deritzotena.

Tradizioa omen da tonu pastelez janztea, adin batetik aurrera, eta emakumezkoek ile luzea izatea gaztaroan eta ama izan arte, eta motza baina femeninoa gero; eta tradizioa, gizonen ile motz betierekoa. Genero rolak bezain naturala. Naturala omen da kapitala eta esku ikusezin batez bere burua kontrolatuko duen merkatua. Magia bezain naturala. Naturala, neoliberalismoaren arkitektura soziala. Tradiziozkoa. Normala, pobrezia eta jabetza pribatua. Erregeak, mugak, migranteak erreskatatu dituen barku bati sarrera ukatzea, gosea, klima aldaketa, langileriaren zapalkuntza, ezberdinkeria… Eta dena, naturala. Normala. Betikoa.

Zein naturala dena. "Edo, agian, antinaturalak izaten ari gara, gu unibertsoarekin ustez harmonia erabatekoan geunden gu hauek, gure autoetan sartuta, adreiluz eta zementuz egindako gure etxebizitzetan lotan, gure fabriketan lanean, gure auzokideak bonbardatuz", Brigitte Vasallok esaten duen moduan. Agian, naturaltasuna bera ez da existitzen.

Intsumisio ariketa bat da Vasalloren lana, baita eztabaidagaiak ipintzekoa ere: "Naturaltasunaren argudioa, ez baldin badoa esentzialismoaren erretorikatik harago, egitura sozialak inbisibilizatzeko termino bat baino ez da, eta orain dela milaka urtetako enigmatan harrapatuta uzteko forma, gizakia hau edo beste balitz bezala, horrek, besterik gabe, gauzak konponduko balitu bezala".

Naturaltasunaren tranpan katigatzen gaituzte, hegemonia irents dezagun. Eta, hala ere, aipatuko digute tradizioa eta aipatuko digute betikoa, eta horrela egin izan da herrian beti, eta zu ez zara herrikoa, eta ez duzu deus ulertzen....

"Gauzen naturaltasun hipotetikoaren eztabaida dator beti gauzen egoera indartzera: argudio hegemonikoa da eta mugitu ezinezkoa; […] Izan ere, non dago gauzen aurreko egoera hori, muga markatzen duen aurre-egoera hori?". Gakoa da, hain zuzen ere, ez dela existitzen.

Isun eta mehatxuen gainetik

Isun eta mehatxuen gainetik

Edurne Elizondo

Besta eta erresistentzia. Hiru urte bete ditu Iruñeko Arrotxapeko Gaztetxeak, eta ospatzeko aukera ez dute bazter utzi nahi izan auzoko kideek; urteurren jaia, halere, isunen eta husteko arriskuaren mehatxupean egin behar izan dute. Arrotxapeko gazteak hamaika aldiz saiatu dira, azken urteotan, beren gaztetxea martxan jartzen. 2016ko irailaren 3an hasi zen oraingo okupazioa, eta orain arteko luzeena izan da. Aurrera egiteko gogoa berretsi dute gaztetxeko kideek.

"Isunen eta mehatxuen gainetik, gure proiektuaren alde egiten jarraituko dugu, autogestioaren bidetik", nabarmendu dute. Bide horretan ez dira bakarrik, urteurrena ospatzeko hilaren lehendabiziko astean egindako ekinaldietan agerian gelditu denez. "Jende asko etorri da gurekin bat egitera". Besta nagusia joan den larunbatekoa izan zen: kalejira egin zuten gaztetxearen alde, eta, gero, bazkaria. 80 pertsona inguruk parte hartu zuten. Kontzertuak ere antolatu zituzten, baina egoitzatik kanpo.

Izan ere, Iruñeko Udaletik ekitaldi publikoak antolatzeko debekua jaso dute Arrotxapeko Gaztetxeko kideek. "6.000 eta 60.000 euro bitarteko isuna jaso dezakegu, eginez gero, eta espazioa ixten ahal dute". Urtarrilean, adibidez, Saioa Alkaizarekin eta Julio Sotorekin egin behar zuten bertso afaria bertan behera utzi behar izan zuten, Iruñeko udaltzainen deia jaso eta gero. Maravillas gaztetxeari elkartasuna agertzeko antolatu zuten urtarrilaren 18ko ekinaldi hori.

Zailtasunak zailtasun, urratsak egiten jarraitu du Arrotxapeko Gaztetxeak, 2016an ateak ireki zituenetik. Asmo nagusietako bat izan da, hasieratik, auzoko talde, elkarte eta eragileekin elkarlana sustatzea, eta emaitzarekin "kontent" direla nabarmendu dute. Larunbateko bestan Arrotxapeko Batean kolektiboko kideekin aritu ziren haurrentzako jokoak prestatzen; ikasturte berriarekin batera, berriz, Zaporeak kolektiboarekin lan egiteko asmoa dute gaztetxeko kideek.

Auzoko mugak gainditu ditu Arrotxapeko Gaztetxeak elkarlanerako erakutsi duen gogoak, eta hamaika izan dira Iruñerritik Artika karrikako gaztetxearen egoitzara beren hitzaldiak eta bestak egitera joan diren elkarteak eta kolektiboak.

Diagnostikoa

Herritar anitzen topagune bilakatu da Arrotxapeko Gaztetxea. 2016ko irailean okupatu zuten, baina lanean aurretik hasi ziren auzoko gazteak. Arrotxapeko gazteen beharren inguruko diagnostikoa egin zuten, bertzeak bertze, 300 pertsonak bete zuten galdetegiaren bitartez. "Ikerketa horrek agerian utzi zuen auzoko gazteok guk kudeatutako espazio bat behar eta nahi genuela", azaldu dute gaztetxeko kideek. 2015ean, gainera, gazteek eraikin bat okupatu zuten Iruñeko Alde Zaharreko Compañia karrikan. "Okupazio horrek, neurri handi batean, piztu egin zuen, berriz ere, Iruñerriko okupazio mugimendua". Eta azken bultzada eman zien Arrotxapeko gazteei Artikako eraikinera sartzeko.

2016tik, anitz izan dira Arrotxapeko Gaztetxean garatutako ekinaldiak. Hamaika taldek egin dituzte han beren hitzaldiak, tailerrak eta bertzelakoak; gaztetxeak berak, gainera, rokodromoa zabaldu du, serigrafia tailerrak egin ditu, eta okindegi komunala ere jarri du martxan.

Orain, hori guztia kolokan da, neurri handi batean, gaztetxean ekitaldi publikoak egiteko debekuarekin batera, husteko arriskuak ere baldintzatzen duelako auzoko gazteen jarduera. Duela hilabete bat agerraldia egin zuten gaztetxeko kideek arrisku horren berri emateko, eta, geroztik, "eusten" ari dira. Hau da, hogeita lau orduz bada norbait eraikinean, alarma pizteko asmoz.

Maiatzeko hauteskundeek ere izan dute eraginik gaztetxekoen egunerokoan. Navarra Sumak irabazi zituen Iruñeko Udalerako bozak, eta, ondorioz, alkatetza galdu zuen laukoaren babesa zuen Joseba Asironek (EH Bildu). "UPN hor egonda, argi dugu edonoiz etor daitezkeela gaztetxea hustera".

Aurreko udal gobernuarekin ere gauzak ez ziren nahi bezala atera Arrotxapeko Gaztetxeko kideentzat. Negoziazioak hasi zituzten, baina emaitzarik lortu gabe utzi zituzten bertan behera: "Helburuetan ez genuen bat egiten; argi genuen ez genuela deus lortuko", erran dute. Gaztetxeko kideen apustua autogestioaren aldekoa izan da, hasieratik, eta negoziazioek ez zuten bermatu beren espazioan beren erabakiak hartzeko aukera, azaldu dutenez.

Maravillas, hain zuzen, maiatzeko hauteskundeak egin aurretik hustu zuten. Alde Zaharreko gaztetxeko kideentzat nolabaiteko babesleku bilakatu da Arrotxapeko eraikina, geroztik. "Lehen ez genuen harreman handirik, baina lotura sendoa sortu da gure artean, elkarri laguntzeko eta elkar babesteko", nabarmendu dute Arrotxapeko gazteek.

Epaiketaren zain

2016tik, gora eta behera egin du Arrotxapeko Gaztetxearen bideak. Azken bi urteotan, adibidez, bi epaiketari egin behar izan diote aurre auzoko gazteek. "Ez ditugu irabazi, baina lortu dugu prozesuok geldiaraztea", azaldu dute gaztetxekoek. Epaiketa egiteko aukera, halere, ez da bazter gelditu, oraindik ere, eta arrisku hori mahai gainean dela ohartarazi dute Arrotxapeko kideek.

Beren aurkako debekuen, isunen eta salaketen aurrean, "auzo alternatibo" bat eraikitzen jarraitzeko asmoa eta gogoa berretsi dute Artika karrikako gaztetxeko partaideek. Kulturen arteko elkarrizketa aldarrikatu dute, auzoak espekulaziorako gune bilakatu nahi dituztenen interes ekonomikoen gainetik. Lanean jarraitzeko prest daude, auzoan eta auzokoentzat, besta eta erresistentzia uztartuz.

Elkartasun jaialdia, urrian

Elkartasun jaialdia, urrian

E. Elizondo

Ez Dago Hilda musika jaialdia eginen du izen bereko kolektiboak, urrian, Berriozarko Ilargi parkean. Bi eguneko ekinaldia izanen da, Iruñeko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeen alde: urriaren 25ean, 19:00etan hasita, Rude Pride, Streetwise, Hexen, Los Zopilotes Txirriaos eta Unidad Alavesa taldeek kontzertua eskainiko dute. Urriaren 26an, berriz, Txan Magoa eta Andreina Jolin ariko dira goizez, eta bazkaria egin eta gero, 19:00etan, kontzertua eskainiko dute Egurra Ta Kitto, Afu, Dinamita, Herdoil eta El Sonido de la Metralla taldeek.

Duela sei hilabete sortu zen EDH Ez Dago Hilda kolektiboa; musikaren arloko hamaika taldek eta eragilek osatzen dute, eta helburu dute Iruñerriko eszena antikomertziala sustatzea. Gaztetxeetan aurkitu izan dute nahi zuten oholtza talde horiek, eta, horregatik, Ez zaituztegu bakarrik utziko, euskal eszena gaztetxeen alde lelopean kanpaina jarri zuten abian, duela hainbat hilabete, errepresioak jotako gaztetxeetako kideak laguntzeko asmoz.

Zehazki, Iruñeko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeak laguntzeko izanen da urriko Berriozarko jaialdiaren bidez lortuko diren irabaziak. Kontzertuak egin ez ezik, kanpainak iraun bitartean EDH kolektiboko kideek lortu duten materiala zozketatuko dute ere. Nahi duenak badu aukera txartelak erosteko. Diskoak, elastikoak eta musikarekin eta musika taldeekin lotutako bertze hainbat objektuk osatzen dute zozketatuko duten sari nagusia.

Iruñeko gaztetxeen aurkako azken urratsek hainbat ondorio izan dituzte, eta zama ekonomiko handia ezarri diete, bertzeak bertze, bertako kideei. Iruñeko Maravillas iazko abuztuan hustu zuten lehendabiziko aldiz; gazteak berriz sartu ziren barrura, baina urtarrilean berriz kanporatu zituzten, indarrez.

Epaiketa, urriaren 17an

Prozesua oraindik ez da itxi. Maiatzean egitekoa zen Maravillas gaztetxeko hogeita bi kideren aurkako epaiketa, baina udazkenera atzeratu egin zuten. Urriaren 17an eginen dute, hain zuzen ere. Usurpazio delitu arina egotzi diete gaztetxeko kideei, eta isun ekonomikoa jaso dezakete. Gaztetxeko kideek ezagutarazi dutenez, 70.000 euro baino gehiagoko isuna eskatu du gobernuak akusatuentzat; 36.000 euro erantzukizun zibilari dagozkionak lirateke.

Gaztetxeen aurkako isunek ez dituzte bakarrik beren kideak ukitu, EDH kolektiboko arduradunek azaldu dutenez. Izan ere, gaztetxeetan isunak jasotzen hasi zirenean, egoitza horietan aritu izan diren musikariei eta soinu teknikariei ere, bertzeak bertze, ezarri dizkiete. "Errepresioaren gainetik", gaztetxeek Euskal Herriko musika talde eta musikari anitzentzat duten balioa nabarmendu nahi izan dute EDH kolektiboan bat egin duten eragileek, eta laguntza sarea antolatzeko urratsa egin dute.

Lan horren emaitza da azken hilabeteotako kanpaina. Ekitaldi nagusia eta ekinaldia amaituko duena izanen da Berriozarko urriaren 25eko eta 26ko jaialdia, hain zuzen ere. Azken eguneko kontzertuak amaitu eta gero, gauerdian, kanpainari amaiera ofiziala emateko ekitaldia eginen dute Ilargi parkean.

Elkartasunaren bidetik egin nahi diote aurre errepresioari, musikaren esparrutik. Isunen eta epaiketen gainetik, gaztetxeak ere musikarentzat espazio direla aldarrikatu nahi dute, gune autogestionatuen alde eginez, zirkuitu komertzialetatik urrun.

Betiko begirada bihurriarekin

Betiko begirada bihurriarekin

Edurne Elizondo

Makilak eta alabek lagunduta, baina betiko begirada bihurriarekin. Halaxe sartu da Patxi Buldain artista Uharteko Arte Garaikideko Zentroan. Lepo bete dute herritarrek egoitzako areto nagusia. Zentroak berak eta udalak omenaldia prestatu diote, eta inork ez du huts egin nahi izan. "Anitz zor" diotelako, batek baino gehiagok ekitaldian errepikatu duenez. Margolari eta eskultore handia ez ezik, eskualdeko artisten maisu ere izan da Buldain, urte luzez. Arteari astindua eman dio Uharteko bere txokotik.

Iruñean jaio zen Patxi Buldain, 1927. urtean. Hiriburuko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zuen bere bidea, baina Pirinioak zeharkatu zituen 20 urte zituenean, eta 1970. urtera arte ez zen Nafarroara itzuli. 1947an, soldaduz jantzita gurutzatu zuen Buldainek muga. "Soldaduska egiten ari nintzen. Makiak harrapatzera bidali ninduten, eta haiekin ihes egitea erabaki nuen".

Halaxe kontatu zuen Buldainek duela hamar urte, Parisera eraman zuen bidaiaren hasiera. Han, abangoardia ezagutu zuen, eta, batez ere, teknikak ikasi eta menperatu zituen. "Parisen, arte eskolan egon nintzen. Mundu horrekin harremana izatea sekulakoa izan zen niretzat".

1970. urtean itzuli zen Buldain. Uharte bilakatu zuen bizitoki, eta herrian bizi da oraindik ere. "Aspaldi ez dut margotzen, ezin dut jada". Ikusmena eta entzumena ez ditu fin Buldainek, baina umorerik ez du galdu. Oraindik ere barre egiten dute haren begiek eta ezpainek, hitz egiten duen bakoitzean.

"Gustuko dut kontent dagoen jendez inguratuta egotea", erran du Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egin dioten omenaldia amaitu bezain pronto. Txaloak, besarkadak eta uhartearren esker ona jaso ditu, erruz.

Esker on horri liburu forma eman dio Pili Rubio Carmonak. Buldaini egindako omenaldia baliatu du aurkezteko. Lienzos libertarios izenburupean, artistaren ibilbideari egin dio so Rubio Carmonak. Artistaren sortzaile izaera nabarmendu du, bereziki: arte eta artista sortzaile, gazteak zirikatu eta artera hurbildu baititu Buldainek, urte luzez, bere estudiotik.

Rubio Carmonak ere estudioan eta eskolak hartzen ezagutu zuen Buldain. "Baina ez nintzen trebea. Urtebete eta erdi egon nintzen Patxiren margo eta eskultura tailerrean, eta amore eman nuen azkenean". Idazleak nabarmendu du Buldain ez zela "ohiko" irakasle bat: "Ikasleon barruan bilatzen zuen bakoitzak artearen bidez emateko zuena".

"Errespetu handia" dio Rubio Carmonak Buldaini, eta, horregatik, gogoz murgildu zen artistaren biografia idazteko proiektuan. "Patxiri komentatu nion lehen aldian, erran zidan bere bizitza ez zela bertze inorena baino garrantzitsuagoa. Pertsonen pentsamoldea aldatu zuten esperientziak eta gertakariak bizi izan zituela gogoratu, eta horren berri emateak jende askori on egiten ahal ziola erantzun nion, eta lanean hasteko prest zela erran zidan", gogoratu du Rubio Carmonak.

Belaunaldien arteko zubi

Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arduradun Nerea de Diegok "biziki" eskertu du idazleak bere lana argitaratu izana. "Buldainen bideak merezi du halako liburu bat". Artistaren obra ez ezik, artearen esparruan sareak osatzeko erakutsi duen gaitasuna ere nabarmendu du De Diegok. "Artea zabaltzeko eta artisten lana bultzatzeko lan hagitz garrantzitsua egin du".

Belaunaldien arteko "zubi" izan dela erantsi du De Diegok, eta lan horrek ekarri duela artista anitzen arteko elkarlana herrian. 2005. urtetik 2012. urtera bitarte, hain zuzen ere, tresna berezia izan zuen Buldainek zubi lan hori garatzeko: haren izena hartu zuen fundazioa. Bere etxea bertze artistentzako erakusleiho bilakatu nahi izan zuen Buldainek, proiektu horren bidez. Baliabide nahikorik ez zutelako utzi behar izan zuen bertan behera.

Buldaini egindako omenaldia bilakatu da orain artisten arteko lanaren adierazgarri: Uharteko arte zentroak Cantamañanas kolektiboko kideen esku utzi du Buldainek bere ikasleekin herriko hormetako batean egindako irudia interpretatzeko ardura. 1980ko hamarkadakoa da Buldainek eta haren ikasleek San Juan plazan margotu zuten lana. Oraingo beren sortzeko moduen ukitua eman diote Cantamañanas kolektiboko kideek obra horri zentroan, lana jasotzeko propio prestatutako oihal handian. Eta lan hori guztia Buldainen begiradapean egin dute artista gazteek.

Gustukoa du margolariak giro hori. Berezkoa baitu. Artea izan du beti ongarri. Eta, artearen bidez, gizakia bera. "Arteak egiten du pertsona", erran izan du Patxi Buldainek. Eta gizakiari egin dio so artistak bere obren bidez. Gizakiari eta askatasunari. Gizakiak aske izateko duen beharrari eta eskubideari.

Baterien burrunba aterako dute plazara

Baterien burrunba aterako dute plazara

Kattalin Barber

Musikak hartuko du Iruñeko Gazteluko plaza, igandean, ezohiko kontzertu baten bidez: 35 bateria jotzaile ariko dira elkarrekin, Vesarte herri arte kolektiboak antolatuta. Hamabi pertsonak osatutako rock taldea arduratuko da emanaldiaz, eta haiekin egonen dira 35 bateriak, burrunba Iruñeko Alde Zahar osoan zabaltzeko asmoz.

Ez da kolektiboak antolatzen duen gisako lehen ekinaldia. Iaz, Vesartek kontzertu bat eskaini zuen hamargarren urteurrena ospatzeko, eta hainbat taldetako musikariak eta 20 bateria jotzaile elkartu zituzten plazan. "Egun izugarria izan zen; bertan elkartutakoek sentsazio biziki ona izan genuen, eta bukatu bezain laster pentsatu genuen aurten ere zerbait prestatu behar genuela", esan du Javier Orduña kideak. Horregatik, aurten errepikatuko dute, baina pauso bat harago joan nahi dute oraingoan. "Iruñean ez da horrelakorik inoiz egin, diru laguntza eta babeslerik gabe; herritarren parte hartzea da gure xedea".

Orduñak azaldu duenez, iazko bateria jotzaile gehienek parte hartuko dute aurten, berriz ere. Artista eta antolatzaileen artean 70 pertsona inguru dabiltza kontzertua prestatzeko lanetan. Urtarriletik ari dira. Kontzertu "ezohikoa eta berezia" izanen dela aurreratu du Vesarteko kideak, eta Gazteluko plazan egitea ez dela kasualitatea: "Iruñeko egongela da plaza hau, eta hor egon nahi dugu; gehienetan enpresa pribatuek erabiltzen duten espazioa da, eta herritarrena dela aldarrikatu nahi dugu". Inor hotz utziko ez duen kontzertua izanen dela esan du, "ongi pasatzeko eta aldarrikatzeko".

Lan handia egin dute, eta hilabeteak daramatzate prestatzen, ez baita erraza ia 50 musikariren kontzertua koordinatzea. Kolaboratzaile asko izan dituzte. Nafarroakoak ez ezik, Hego Euskal Herriko hainbat hiritako eta Madril eta Errioxako (Espainia) musikariek ere parte hartuko dute.

Arte alternatiba

Ohi duen moduan, Vesartek herritarren parte hartzea plazara eraman nahi du. Probokatzaileak izan nahi dute, eta "kontsumoaren gizarteari" alternatibak eskaini. Horregatik ez dute nahi administrazioaren diru laguntzarik, ez baitute inongo erakunderen menpe egon nahi: "Hamaika urte daramatzagu posible dela erakusten, eta horrela jarraituko dugu; musu truk egiteak ez du esan nahi ez duela kalitaterik".

Hamar pertsonak parte hartzen dute egunerokoan, baina ekitaldiz ekitaldi, jende gehiago batzen da. Kolektiboak sormen gune bat kudeatzen du Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta doako ikastaroak antolatzen dituzte. Heldu den astetik, besteak beste, argazkilaritza, margolaritza, eta serigrafia tailerrak eskainiko dituzte.

“Helmugan denak hunkituta ikusteak hunkitu ninduen ni”

“Helmugan denak hunkituta ikusteak hunkitu ninduen ni”

Edurne Elizondo

Bakarrik ailegatu zen Maialen Oñate (Iruñea, 1992) helmugara, urrezko domina eman zion Abiadura Patinajeko Europako Txapelketako maratoian. "Ezin sinetsi" zegoen. Patinen gainean zoriontsu da, baina, kirol emaitzen gainetik, lehian hasi zenetik lortutako lagunak jarri ditu.

Irabazi bezain pronto, ezin sinetsi zinela erran zenuen. Zergatik?

Aurreko eguna nahiko txarra izan zelako. Nekatuta nengoen, eta ezin nuen imajinatu ere egin hurrengo egunean irabaziko nuenik. Presiorik gabe atera nintzela uste dut, eta gauzak ongi atera zitzaizkidan.

Nolakoa izan zen lasterketa?

Italiarrak ziren aurkari nagusiak, argi eta garbi. Maratoia lasterketa luzea da, eta argi genuen erasoaldiak izanen zirela. Hala izan zen, baina lortu genuen ongi erantzutea. Bi buelta falta zirenean erabaki zen lasterketa. Konturatu nintzen bi patinatzaile frantziar mugitzen hasi zirela. Ongi ezagutzen ditut, eta ohartu nintzen poliki-poliki ari zirela aurrera egiten. Haien atzean jartzea erabaki nuen, eta, azkenean, erritmoa aldatu zutenean, haiekin joan nintzen.

Eta lehena ailegatu zinen helmugara; non, eta etxean. Berezia izan da garaipena?

Helmugara ailegatu, eta mundu guztia hunkituta zegoela ikusi nuen, eta horrek hunkitu ninduen ni. Sekulakoa izan zen. Azken lau kilometroak bakarrik egin nituen, eta gogorrak izan ziren, baina jendeak izugarrizko indarra eman zidan.

Protagonista izateko ohiturarik ez duzula ere erran zenuen. Patinatzailea edo emakume kirolaria zarelako?

Patinajea ez da futbolaren gisako kirol bat. Gutxi ezagutzen da, eta are gutxiago emakumezkoena. Erdigunean egoteko ohiturarik ez dugu, eta, horregatik, helmugara ailegatu nintzenean, hagitz txiki sentitu nintzen.

Ez da kirol hagitz ezaguna, oro har, baina Iruñean zaletasun handia dago, ordea.

Bai, Iruñean bada patinajearen inguruko kultura. Espainian bertze inon baino gehiago. Patinatzaile anitz daude. Baditugu estalitako hiru pista inguruan, eta erdigunean, gainera, hiri zirkuitu bat. Udaberrian hasten gara Antoniuttiko pista hori erabiltzen, eta jendeak patinatzen ikusten gaitu. Zaletasuna sortzen laguntzen du horrek. Europako txapelketa egin izanak ere eman dio bultzada gure kirolari.

Zu nola hasi zinen?

Bost urte nituenean hasi nintzen. Kirola beti maite izan dut. Donibaneko igerilekuan ikusi nuen ikastaroa egin behar zutela patinatzen ikasteko, eta nebak eta biok izena eman genuen. Nebak laster utzi zuen, baina nik ez. Gero eta gehiago murgilduz joan nintzen, eta hogei urte joan dira jada.

Zer eman dizu kirolak urteotan guztietan?

Niretzat hagitz kirol erakargarria da patinajea. Kirol bizia da, beroa, eta harrapatu egiten zaitu. Gainera, kirol arloaz harago, patinajeak aukera eman dit jende anitz ezagutzeko. Lagun hagitz onak lortu ditut, eta haiekin izan ditudan momentuak biziki estimatzen ditut. Erranen nuke lagunekin bizi izandako gauza horiek guztiak kirol emaitzen gainetik daudela niretzat. Elkar zaintzen dugu denok.

Maite Anzin patinatzailea ondoan izan duzu zure bidean, adibidez. Garrantzitsua da kirolaren esparruan gisa horretako harremanak garatu ahal izatea?

Hamalau urte nituenetik izan dut ondoan Maite. Gero kanpora joan zen ikastera, eta, denbora tarte batez, nork bere bidea egin zuen. Baina itzuli zen, eta azken urteotan egunero entrenatu gara elkarrekin. Gauza anitz partekatu dugu. Ongi ezagutzen dugu elkar, eta pistan elkarri laguntzen diogu. Pistatik kanpo ere, lagun handiak gara.

Zaila da kirolak eskatzen dizun erritmoari eustea?

Lan handia egin behar da. Hemezortzi urte bete nituenean, erabaki nuen lehiaketa bazter uztea. Patinatzen jarraitu nuen, baina ez nuen neure burua gehiegi estutu nahi. Itzultzea erabaki nuen, halere, kirol hau maite dudalako. Neure buruari gehiegi ez exijitzea erabaki nuen, eta gauzak ongi joan direla uste dut.

Zaletasuna handia da emakume gazteen artean, baina gutxiago dira lehian aritzen direnak. Zergatik?

Egia da. Kategoria apalenetan emakume gehiago daude, baina, adinean gora egiten dugun neurrian, joera alderantzizkoa da, gehiago dira mutilak. Gu desagertuz joaten gara: kirola uzten dugu, hamaika arrazoi direla medio. Finean, emakumeak ikusezinago gara kirolaren esparruan, eta horrek badu eragina. Hainbat herritan, oraindik ere, emakumeok sari txikiagoa jasotzen dugu.

Zu patinatzaile gazteak entrenatzen ari zara. Nolakoa da bertze arlo hori?

Hagitz kontent nago lan horrekin. Patinajea deskubritzen ari diren neskekin ari naiz, eta hagitz polita da hori.

Erreferente bilakatu zara haientzat. Garrantzitsua da hori?

Ez dakit erreferente bat ote naizen haientzat. Ni saiatzen naiz nire onena ematen, eta, lehiaketaren gainetik, garrantzitsuena egiten dutenarekin gozatzea dela irakasten. Ongi pasatzea irabaztea baino garrantzitsuagoa da.

Zer asmo duzu datozen hilabeteotarako?

Patinatzen ongi pasatzen jarraitu nahi dut, batez ere. Asteburuan Zubiri, Iruñea eta Gares arteko bi etapako maratoia dugu. Proba gogorra da, baina hagitz polita, eta maite dut.