Batzen segitzeko ilusioz

Batzen segitzeko ilusioz

Uxue Rey Gorraiz

Urte borobila dugu aurrean. Alfredo aspaldi hasi zitzaigun hori gogorarazten, ez da hala?", dio irribarretsu Maider Betelu Sakanako Guaixe aldizkariko kazetariak. Alfredo Alvarori berari egin dio galdera, erredakzioburuari, eta baietz esan du horrek, buruarekin keinu eginez. Aldizkariak 25 urte beteko ditu aurtengo abenduan, eta, urte hasieratik, gerora etorriko diren ospakizunak prestatzen ari da bederatzi kideko lantaldea erredakzioan. Biek hunkituta begiratzen dute atzera, orain arte egindako bideaz harro, eta aurrera jarraitzeko betiko ilusioaz.

1994tik hilabetero hasieran eta astero ondoren, sakandarren etxeetara ailegatzen da aldizkaria, euskarazko tokiko informazioa emateko. Mende laurdena eginen du Guaixek, Sakanatik eta Sakanarentzat.

Eskualde horretako euskaltzaleen artean piztutako ilusioak abiarazi zuen Guaixe, orain dela 25 urte. Ibarrean gertatzen denaren berri euskaraz emateko premia ikusita jarri zuten martxan proiektua hiru emakumek: Amaia Amilibiak, Olatz Irizarrek eta Aitziber Etxaizek. Kazetaritzako ikasleak ziren hirurak garai hartan, eta Urdiainen hasi ziren, hango udalak utzitako lokal batean.

Egitasmoaren inguruan babes taldea eratu zen, Bierrik elkartea bultzatzaile, eta abenduan argitaratu zuten lehenbiziko zenbakia. Aldizkarian, Sakanako herrietako kronikak irakur zitezkeen, bakoitzean zeuden berriemaileek idatziak. Maider Beteluk egiten zuen Lakuntzakoa, adibidez. "Hasiera gogorra izan zen, baina oso polita", dio hunkiturik, hastapenak gogora ekarrita.

Kutxa mordoa dute erredakzioan pilaturik asteotan —orain erredakzioa Altsasun dago—, bata bestearen gainean. "Guaixe-ak eta Oixe-ak daude barrenean", argitu du Beteluk. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun Guaixe astekariak hainbat aldaketa izan ditu urte hauetan, gaur egungo itxura eta formatua hartu arte. "Hilabetekaria ginen hasieran, baina ohartu ginen zaharkituta gelditzen ginela. Albisteak berandu iristen ziren." Arazo horri aurre egin nahian sortu zuten Oixe, hilabetekariaz gain astero argitaratu zena. 2001etik 2003ra, bi aldizkariak aldi berean argitaratu eta gero, Guaixe astekariaren aldeko apustua egin zuten. Baita bete-betean asmatu ere, urteek erakutsi dutenez. Erabakia "ausarta" izan zen, Alfredo Alvaroren ustez: "Astekari bihurtzeko pausoa eman genuenean, jende asko beldur zen orrialdeak betetzeko adina material izango ote genuen". Ordutik, ostiralero 24 orrialdeko aldizkaria ateratzeko gai direla ikusi dute, batzuetan baita gehiagokoa ere. "Informazio olatuak gainditu egiten gaitu beti", erantsi du erredakzioburuak.

Letra eta irudiak aski ez, eta irratien uhinetara egin zuen salto Guaixe-k, 1999ko udaberrian. Orduantxe hasi zen Alfredo Alvaroren ibilbidea ere, Beleixe irratiaren sorrerarekin. "Irratiarekin informazio asko igortzea lortu genuen, eta askoz presenteago geunden egunerokoan", azaldu du Beteluk. Gaur egun, astelehenetik ostiralera, egunero egiten dute zuzeneko emisioa Egun On Sakana saioarekin, 10:00etatik 12:00etara. Irratiarekin batera, sareak ere erraztu egin du berehalakotasunez jarduteko bidea, nahiz eta oraindik ere astekari fisikoa den beren produktu kuttuna. "Ohiturak beste batzuk izan arren, batzuek oraindik papera maite dugu", dio umoretsu Alvarok, aleetako bat eskuetan.

Bat-bateko informazioa eta berehalako erantzunak ematea egin du posible guaixe.eus-ek. "Pil-pilean dauden gai batzuen inguruan beharrezkoa dugu hori, erreferenteak gara eta". Bereziki Altsasuko auziaz ari da Maider Betelu.

Bi kazetariak sinetsita daude ibarraz kanpotik ere begiratzen dietela, baina harro azaltzen dute zilborra Sakanan duten komunikabidea direla. Argi dute hori. Gustura jartzen dute fokua beste hedabideek paratuko ez luketen gertaera txikiago horietan. "Guretzat ez dira txikikeriak, eta jendeak horien inguruko informazioa behar du", nabarmendu du Alvarok.

Garai latzetan, babes

Gertukoa eta gertutik; horrela egiten dute lan egunero. "Gaia edozein dela ere, tokiko ikuspegitik lantzen saiatzen gara, gurera ekarrita. Gripe epidemiaz ari bagara, esan dezagun zer eragin izan duen gure herrietan". Alfredo Alvarok argi du tokiko hedabideak bigarren edo hirugarren mailakoak direla askorentzat. "Madrildik begiratuta? Guztien azpian gaude!". Ez Sakanan, ordea.

2012 inguruan, krisi ekonomikoak gogor astindu zuen Sakana, eta, era berean, baita hedabidea bera ere. Guaixe-k eta Beleixek kolpe latza jaso zuten urte horretan, eta kinka larrian egon ziren biak. 2011ko Guaixe-ren azken zenbakia berezia izan zen horregatik: argazkien ordez, zuriuneak ikusten ziren astekarian. Protesta keinu bat izan zen, hedabideek jasaten zuten egoera kezkagarriaren erakusle. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erretiratu zituen, eta Eusko Jaurlaritzak ematen zituenak ere murriztu egin ziren urte berean. Hala ekarri dute gogora Maider Beteluk eta Alfredo Alvarok, ahotsa apalduta. Bien begietan mina nabaritu daiteke oraindik hain garai gogorrak oroitzean.

"Gurea bezalako komunikabide bat beti dago nolabaiteko krisian, baina egon zitezkeen baldintzarik okerrenek bat egin zuten orduan", azaldu du Beteluk. Astekariak ohi baino orrialde gutxiagoko aleak argitaratu zituen denbora batez, eta zuzeneko emisio orduak gutxitu egin ziren irratian.

Okerrena, ordea, lantaldearen murriztea izan zen. Horrela diote Beteluk eta Alvarok aho batez, zalantzarik egin gabe. Bi izan zirela adierazi du erredakzioburuak hatz keinu batekin: bi langilek galdu zuten beren Guaixe-ko lanpostua. "Oso traumatikoa izan zen. Bai joan zirenendako, bai gelditu ginenendako".

Egoera lazgarri horretatik ateratzea lortu zuten, ordea. "Bazkideei esker izan zen gehienbat", dio Alvarok, eta aurpegiera aldatu zaie biei berehala. Oroitzapen goxoa da hori. Herritarrengandik jaso zuten administrazioak ematen ez zien babesa. 2.000 esker izeneko kanpaina abiarazi zuten bazkidetza sustatzeko eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, eta jendeak erantzuten jakin zuen. Galerak izan bazituzten ere, lortu zuten bidean aurrera egitea. "Herritarrak izan ziren gure sostengu nagusia, eta horrela da oraindik. Gurekin jarraitzen dute", dio irribarrez Beteluk.

Mankomunitateak eta atzean dauden udalek emandako laguntza ere ez du ahaztu nahi izan, ordea. Sakandarren babesa ezinbestekoa izan da beti, erredakzioburuaren hitzetan: "Eskerrak eman besterik ezin dugu egin".

Sakana, euskara, 'Guaixe'

Erredakzioko kartoizko kutxetan bilduak dituzten ale horien antzekoak urte hasieratik ari dira Sakanan barna, batetik bestera, herriak bisitatzen. Erakusketa ibiltaria antolatu du Guaixe-k mende laurdena ospatzeko. Hilabetekariaren eta astekariaren ale zaharrak ikusgai dira bertan. Urdiainen hasi zuten bidea, otsailean, Guaixe-ren jaioterrian, alegia. Ondoren, Ziordira, Altsasura eta Arbizura ere joan da erakusketa, eta herri gehiago ere izanen ditu helmuga.

Sakanako ibarrak berezko duen konplexutasuna nabarmendu dute Beteluk eta Alvarok. Txikitasunetik lan egiten dutela diote behin eta berriz; txikiak direla, baina oso ibar dinamikoa, kulturalki aberatsa, eta bizia. Hogei mila biztanle inguru dira, 28 herritan banatuak. "Batzen gaituen hori zer den? Sakanak guztiok batzen gaituen bezala, euskarak batzen gaitu, eta Guaixe-k ere bai", azaldu du Beteluk. Horregatik dute aukeratua lelo hori: Batzen gaituena.

Guaixe-koek egunero sentitzen dute sakandarrek dieten estimua. Kazetaritza hurbiletik landuta, hurbil nabaritzen dituzte irakurleak. "Faltan sumatzen gaituztela esaten digute oporretan egon eta astekaririk argitaratzen ez denean. Seinale ona, ezta?", dio pozik Maider Beteluk. Beren babesa eta epeltasuna sentitu dezakete, eskaera edo galdera izan, edo kritika edo keinu. Euskal hiztunenak zein erdaldunenak, gainera. "Euskaraz ez dakitenek ere estimu handitan gaituzte: la Guaixe kontzeptua hedatua dago oso", dio Beteluk irriz.

Urteurren berezi bat ospatzea beti da aitzakia ona atzera begiratu, hausnartu eta hurrengo pausoak zein izan daitezkeen hobeki ikusteko. Guaixe-k batu egiten du Sakana, eta asmo horrekin jarraitzeko grina dute oraindik. "Batzen segi dezagun".

Planetaren aldeko loreak

Planetaren aldeko loreak

Edurne Elizondo

Ziudadelako lurrean sortu da klima aldaketaren aurka borrokatzera deitu duen azken oihua: Naturart ekinaldiaren barruan, diseinatutako lorategiak errealitate bilakatu dituzte proiektuan parte hartu duten Iruñerriko ikastetxeetako kideek. Denera, hamar sailkatu dira azken fase horretarako. Haien lana ikusteko aukera izanen da, maiatzaren 12ra bitartean.

Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Emausko Trapuketariek bultzatuta egin dute Naturart, bigarrenez. Ingurumenari so egiteko ekinaldia da, eta Iruñerriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak batu ditu planetaren aldeko borrokara. Plastikoek eragindako kutsadura, tenperaturaren igotzea eta gisako auziak jarri nahi izan dituzte mahai gainean, hitz egiteaz gain ekitea "premiazkoa" dela nabarmentzeko asmoz.

Hori egiteko, ikasleek landareak izan dituzte tresna nagusi. Denera, hamalau ikastetxek hartu dute parte egitasmoan. Ikasturtearekin batera hasi ziren beren ideiak lantzen eta garatzen, Ziudadelak orain hartu dituen behin-behineko lorategiak diseinatu ahal izateko. Asmoa zen, iaz egindako Naturart ekinaldian bezala, lorategi horien bidez laburbiltzea ingurumenaren alde zabaldu nahi duten mezua.

Ehunka ikasle lanean

Hamalau ikastetxe horietan, 12 eta 18 urte bitarteko 624 ikasle aritu dira lanean, irakasleen laguntzarekin. Horretarako, gela barruko saioak aprobetxatu dituzte, eta sarean ere egin dituzte urratsak beren diseinuak osatzeko. Sustatzaileek haietako hamar aukeratu dituzte, azkenean, Ziudadelan lorategiak egiteko. Ikasleek beren herrietako udaletako lorezaintza zerbitzuen laguntza izan dute beren diseinuak gauzatzeko.

Lorategiak ikasleen diseinuaren arabera gauzatu eta gero, hain zuzen ere, Ziudadelan hartu duten eremua herritarrentzat zabaldu du Iruñeko Udalak, lanak ikusi ahal izateko. Maiatzaren 12ra bitarte egonen da espazio hori zabalik. Gainera, azken fase horretarako sailkatu ez diren ikastetxeek egindako lana ezagutzeko aukera ere izanen dute iruindarrek, haien lorategien maketekin osatu baitute Ziudadelako erakusketa berezia.

Hamar lorategiak egiteko, 1.500 metro koadroko eremua erabili dute. Bakoitzaren ondoan, ikasleen lana azaltzen duen kartela jarri dute. Iruñeko Udaleko eta Iruñerriko Mankomunitateko arduradunek bisitatu dute erakusketa jada. Nekazaritza eta Basogintza Institutuko, Cuatrovientos zentroko, Ochoa de Olza ikastetxeko, Jaso ikastolako, Mendillorriko institutuko, Nuestra Señora del Huerto ikastetxeko, Sagrado Corazon eskolako, San Cernin zentroko, Iturrama institutuko eta La Compasion ikastetxeko ikasleek diseinatutakoak dira ikus daitezkeen lorategiak. Maketek, berriz, Sierra de Leire, Vedruna, Luis Amigo eta Isterria ikastetxeetako kideek egindako diseinuak islatzen dituzte.

Naturart ekinaldiaren bidez, ingurumenaren aldeko borroka eta artea uztartu nahi izan dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko premia da lorategien bidez ikasle gehienek zabaldu nahi izan duten mezu nagusia. Eta loreekin idatzi dute, lurrean.

Herri kirolak herriarentzat

Herri kirolak herriarentzat

Ainhoa Larretxea Agirre
Isiltasunaren gainetik aizkora hotsa gailentzen da Oronozen (Baztan, Nafarroa) iluntzetan. Aizkorak egurra moztean egiten duen hots berezia. Hantxe dago Gure Kirolen Kluba herri kirolen eskola, eta hangoxea da aizkora hotsa. Pat...

“Burua, begia, eskua eta bihotza lotzea da garrantzitsuena”

“Burua, begia, eskua eta bihotza lotzea da garrantzitsuena”

Edurne Elizondo

Kameraren aurrean, Oier Fuentesekin, bai eta oholtza gainean ere, Harritik hazia eta Bizimiñak obretan. Pinturaren mundutik ailegatu da Maddi Irazoki antzerkigintzara (Bera, 1977). Uztartu eta nahastu egin ditu biak.

Aktore lanetan jarraitzeko gogoz?

Bai. Irrien Lagunak da nire azken abentura. Antzerkiaren arloan zenbat eta gehiago sartu, orduan eta gusturago sentitzen naiz.

Harritik hazia antzezlanean parte hartu eta gero piztu zaizu gogo hori?

Bai. Herrian prestatu genuen obra horrekin hasi zen dena. Beti izan dut jakin-mina, baina ez nuen denborarik, edo beti bazen bertze zerbait egiteko.

Obra horretan margolari gisa ere aritu zinen.

Margoa eta antzerkia uztartu nituen Harritik hazia lanean. Itzel konpainiarekin ere, bi esparru horiek jorratzen ditut: pintatu eta antzeztu egiten dut, oholtzan.

Artistaren estudioak eta oholtzak badute zer ikustekorik?

Nik bakarrik lan egiten nuen nire gelan, nire saltsan, eta, egia erran, uste nuen ez nintzela gai taldean aritzeko. Baina antzerkiak gauza asko ematen dit; ematen dit presentzia, ematen dit oraina, eta ematen dit adi egon beharra. Hori deskubritzea polita izan da.

Itzel konpainiarekin Bizimiñak ikuskizunean aritzen zara aktore eta margolari lanetan. Nola sortu da proiektu hori?

Hagitz polita da. Itziar Eliasek Dani Irazoki nire anaia ezagutu zuen. Ideia zuen minaren inguruan zerbait lantzeko. Nire margolanak ikusi zituen, eta proposatu zidan zerbait egitea, obrarako diseinuren bat egiteko. Gero, nire bideo batzuk ikusi zituen, ni margotzen. Elkar ezagutu, eta hori bera oholtza gainean egiteko proposatu zidan. Eta baietz erran nuen, noski! Hirurok aritzen gara oholtzan, eta musika, antzerkia eta margoa nahasten ditugu.

Nola ailegatu zinen artearen eta margoaren mundura?

Beti maite izan dut. Beti egoten nintzen marrazten. Etxean, eskolan... liburuak eta aurkitzen nuen edozer paper betetzen nituen nire marrazkiekin. Arte Ederrak ikasi nituen. Bilbon hasi, eta Bartzelonan amaitu nituen ikasketak.

Beran egiten duzu lan. Herri txiki bat ere bada sortzeko espazio aproposa?

Nik herrian bizi txiki bat dut, baina oso polita. Irakaskuntzan aritu nintzen, Seaskan, zortzi edo bederatzi urtez, arte eskolak ematen. Hasieran gauzak aldatzeko indar handia nuen, baina konturatu nintzen esparru horretan zaila zela. Indarra galduz joan nintzen. Ikasleei erraten nien espazio propio bat osatu behar zutela. Asko ikasi nuen, ez nuke aldatuko, baina ez zen nire esparrua. Nik behar nuen denbora, hurbiltasuna, lasaitasunez lan egin ahal izatea.

Sortzen tailerra jarri zenuen martxan hori lortzeko?

Hori da. Tailerrean, prozesuak du garrrantzia. Horregatik izena du Sortzen. Bost pertsona hartzen ditut gehienez batera. Materialak ematen dizkiet, eta jokoen bidez ikasten ditugu teknikak. Ez diet esaten zer egin behar duten. Kontua da nork bere bidea egitea, horrek uzten dizulako aztarna bat. Hori da politena. Burua, begia, eskua eta bihotza lotzea da garrantzitsuena. Emaitza ez da inportanteena.

Zer aztarna utzi dizu pinturak?

Sortzeko modua aldatu zaidala konturatu naiz. Lehen, ideia bat izaten nuen buruan, eta lantzen nuen, zer forma eman erabaki arte. Orduan hasten nintzen lanean. Orain, senez egiten dut lan, batez ere. Askotan, materialekin lanean hasten naiz, deus pentsatu gabe, baina bukaeran beti gelditzen dira agerian harremanak eta loturak. Dena dago hor, dantzan.

Antzerkiak eragin dizu aldaketa hori?

Baietz uste dut. Momentuaz gozatzen ikasteko aukera eman didalako. Lehen, margotzen nuen nire burutik kanpora joateko; orain, pintatzen dudanean, hemen eta orain dira gakoa. Eta hori da oholtza, hain zuzen. Hemen eta orain. Alaba jaiotzeak ere eragin zidan.

Nola?

Uste nuen beldur gehiago izanen nuela, segurtasunik eza sentituko nuela. Baina alderantzizkoa gertatu zait. Eskolako lana utzi nuen, eta nire tailerrean hasi, argi ikusi nuelako emakume aske bat hazteko eta beharko zituen tresnak emateko nik ere bide hori egin behar nuela. Nire maistra izan da. Itzel konpainiarekin ere ikasi dut entzutea oso garrantzitsua dela.

Zer eman dizu proiektu horrek?

Emanaldi bakoitza ezberdina da, bat-batean sortzen ditudalako oholtza gainean egiten ditudan margolanak. Obra bera da, baina hitzek sentsazio ezberdinak eragiten dituzte. Hemen eta orain, horiek dira gakoak, berriz ere.

Amorru kolektiboaren indarra

Amorru kolektiboaren indarra

Edurne Elizondo

Amorrua, antolatuz gero, aldaketak eragiteko tresna boteretsu bilaka daiteke. Lelo hori bere egin du Iruñeko Farrukas talde feministak. Indarkeria matxistak eragindako amorruak ekarri zuen kolektiboaren sorrera, duela bost urte, eta amorru horrek eraman ditu bere kideak autodefentsa feministaren aldeko aldarria egitera.

Ozen, gainera. "Amorru kolektiboaren indarra" baliatu nahi dute, patriarkatuaren aurka borroka egiteko. "Erasotzen gaituztenean, geure burua defendatzeko zilegitasun osoa daukagu", erran dute, argi eta garbi,"eta hori sinetsi behar dugu; bada garaia".

Iruñeko Txantrea auzoko bestetan txosnetan gertatuko eraso matxista batek piztu zuen feministen amorruaren kandelaren mukia. Borroka moldeak aldatzeko beharra sentitu zuten Iruñeko hainbat feministak, amorru horri bidea emateko. Karrika, gaua eta besta espazioak gozatzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuten, "askatasunean eta berdintasunean".

Gogo horrek ekarri zuen 2014ko sanferminen aurreko manifestazioa: gauez egin zuten protesta emakumeek, beltzez jantzita, aurpegia estalita, eta zuziak eskuetan. "Lau izanen ote ginen beldur ginen; mila inguruk egin zuten bat", gogoratu dute Farrukas taldeko kideek, hunkituta.

2014. urtekoa izan zen lehendabizikoa, eta haren ondotik sortu zuten kolektiboa, berez. Geroztik, urtero egin dute sanferminen aurreko gaueko protesta, eta Euskal Herriko bertze hainbat herritan eta hiritan ere hasi dira gisa bereko manifestazioak egiten. "Bazen gure barruko amorru hori erantzun bilakatzeko beharra", azaldu dute kolektiboko kideek.

Erasoei erantzuteko zilegitasuna jarri dute mahai gainean Farrukas taldeko kideek, hasieratik. Asmo horrekin bat egiten du kolektiboak lelotzat hartutako esaldiak: Beldurra aldez aldatuko da. "Gure aurkako eraso gero eta bortitzagoen aurrean, modu gero eta bortitzagoan erantzuteko eskubidea aitortu diogu, azkenean, geure buruari", berretsi dute kolektibo feministako kideek.

Urrats hori egin izanak eragin zituen kritikak, hasieran. "Beldurra aldez aldatuko zela erratea gehiegizkoa iruditu zitzaien anitzi; ez zuten ulertu. Egoera aldatuz joan da, halere, eta gure mezua onartzen hasi da gizartea".

Emakumeek beren burua defendatzeko eskubidea dutela; hori da Farrukas taldeko kideen mezua. Oinarrizkoa eta argia, baina, hala eta guztiz ere, barneratzeko zaila, bai eta emakume anitzentzat ere: "Emakume batek jasandako erasoari erantzuten dioenean, kanpotik zalantzan jartzen da jokabide hori; eta barrutik ere, emakumeak joera du pentsatzeko agian ez zela hainbertzerako, erantzuna gehiegizkoa izan dela... Geure burua epaitzen dugu, barruraino sartu zaigun patriarkatuak hartzen duelako hitza". Patriarkatuaren ahotsa isilarazi nahi dute Farrukas taldeko kideek, hain zuzen ere, eta, ematen duen erantzuna edozein dela, babesa agertu egungo sistema matxistak zapaldutako emakume orori. "Bortizkeria jasaten dugunean, erantzun bortitza emateko eskubidea dugu", berretsi dute.

Ahizpatasuna

Munduan egoteko modu bat da autodefentsa feminista. Jarrera bat. Ibiltzeko eta esertzeko modu bat. Eta lotuta ekartzen du herritar gisa emakumeek dituzten eskubideen defentsa. Ahalduntzea da, eta ahizpatasuna bultzatzea. Horri buruz anitz dakite Farrukas taldeko kideek, sororitatea baitute kolektiboaren oinarri nagusi. "Indar asko ematen diogu elkarri".

Emakumeen arteko sareen garrantzia agerian gelditu zen aurreko astean, Farrukas kolektiboak maiatzaren 11n eginen duen besta iragartzeko antolatutako ekinaldian. Zabaldin egin zuten bat taldeko kideek eta haien lagunek, besta giroan. Erakusketa bat jarri dute han, kolektiboak egindako bost urteko bideari buruz. Egindako urratsen lekuko diren kartelak eta argazkiak zintzilikatu dituzte Zabaldiko paretetan.

Haietako bat da 2016ko sanferminetako txupinazoarena. Egun hartan, Farrukas kolektiboak koordinatuta, Euskal Herri osoko 70 emakume sartu ziren Iruñeko Udaletxe plazara, eta Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen pankarta handi bat zabaldu zuten.

Egun horretakoak emozioz gogoratu dituzte Farrukas taldeko kideek. "Sekulakoa izan zen; plaza, txupinazoaren egunean, gizonezkoen espazio bat da, eta emakumeen aurkako bortizkeria handikoa, gainera", salatu dute. Horregatik, argi dute "gauza handia" izan zela han sartzea, pankarta zabaltzea eta beren espazioa defendatzea. "Kolpeak eta irainak jaso genituen", azaldu dute. Baina merezi izan zuela argi dute: bestaren erdigunean jarri zuten autodefentsa feministaren aldeko aldarria.

Borrokan jarraitzeko gogoz dira Farrukas taldeko kideak; amorrua borrokarako tresna bilakatuz, eta sistemak zapaldutakoen arteko sareak osatuz, amorru hori antolatzeko eta bideratzeko. Atzera ere begiratu nahi izan dute kolektiboko feministek, aurrekoek egindako urratsak aldarrikatzeko, eta feminismoaren memoria egiteko. "Hori ere beharrezkoa da". Memoriak eta orainak bat eginen dute maiatzaren 11n, Iruñeko Jazar espazioan. Egun osoz ospatuko dute feministek farrukak direla.

Arteak argituta

Arteak argituta

Edurne Elizondo

Gorputza, emozioak, eremu soziala, burua eta identitatea. Bost ardatz horiek hartu ditu oinarri aurtengo Artea Oinez erakusketak. Iruñeko Kondestablearen jauregiko lehendabiziko solairuan dago jada ikusgai, maiatzaren 12ra bitarte. Hego Euskal Herriko hirurogeita hamar artistak parte hartu dute, nork bere proposamen, teknika eta mezuarekin, denen artean gorputzari, buruari, emozioei, identitateari eta gizarteari buruzko gogoeta saioa osatuz.

"Kontent" da Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz erakusketarekin. Komisario lanak egin ditu, eta argi du bildutako lanak egungo Euskal Herriko artearen lagin interesgarria direla.

Iruñean erakutsi eta gero, bertze hilabete batez ikusi ahal izanen dira obra horiek Tuterako Almirantearen Etxean. Harago joan nahi izan du ikastolen elkarteak aurtengo bere erakusketarekin, gainera, eta ikasgeletan jorratzeko proposamen didaktikoa ere prestatzen ari da, erakusketak berak dituen bost ardatzak oinarri hartuta.

Altsasuko ikastolako kideen eskutik jaso zuten Tuterako Argiakoek aurtengo Nafarroa Oinez besta antolatzeko arduraren lekukoa. Lanean ari dira jada, jo eta ke, Izan argi! lelopean antolatzen ari diren besta prestatzeko. Arteak toki nabarmena izan du, azken urteotan, Nafarroako ikastolek Oinez-aren giroa berotzeko antolatutako programetan, eta Tuterak ez du arlo horretan hutsik egin nahi izan. "Argia ikastola eta bere komunitatea bezain bizia da", erran du Argiako presidente Maru Erizek, erakusketari buruz.

Artea Oinez erakusketan parte hartzen duten artisten artean, batek toki berezia du: Tuterako Javier Sueskunek, alegia. Bere obra bat jaso ez ezik, artista bera omentzeko ekinaldi gisa ere antolatu du Argia ikastolak erakusketa osoa, hain justu. "Sueskunen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dugu, eta, aldi berean, artearen arloan egin duen ekarpen zabala txalotu", nabarmendu dute ikastolako kideek.

Askotariko euskarriak

Eskultura, pintura, argazkigintza, teknika mistoak, bideoak... Askotarikoak dira Kondestablearen jauregian bat egin duten lanak egiteko erabilitako teknikak eta moduak. Artelan horietako hainbat, gainera, propio Artea Oinez erakusketan parte hartzeko osatu dituzte artistek. Halakoak dira, adibidez, Naroa Lizarrenak. Plastikozko gailu elektriko bilakatu ditu kaikuak. Argia ikastolakoentzat propio egin du bere obra Ibon Aranberrik ere: Li-lu-ra-rik-ez izenburuko argazkia, alegia.

Dora Salazar, Mari Jose Rekalde, Lorea Alfaro, Xabier Morras, June Crespo, Miren Doiz, Fernando Pagola eta Txuspo Poyo dira erakusketan parte hartu duten artistetako zenbait. Clemente Bernaden argazki bat ere zintzilikatu dute Kondestablearen jauregian. Artista horrek urtebeteko kartzela zigorra eta 3.000 euroko isuna jaso berri du, hain zuzen ere, Iruñean meza frankistak antolatzen dituen anaidiaren "intimitatea urratzea" egotzita. 2016. urtean, Erorien Monumentuko irudiak grabatu zituzten Bernadek eta Carolina Martinezek, A sus muertos (Beren hildakoei) dokumentala prestatzen ari zirela. Monumentuko azpiko kriptan ere jaso zituzten zenbait irudi. Ondorioz, hango meza frankistak antolatzen dituen Gurutzearen Zaldun Boluntarioen anaidiko kide batek salaketa jarri zuen haien kontra.

Epaiak Martinez absolbitu eta Bernad zigortu du. Horri buruz, halere, erakusketako komisario eta ikastolen elkarteko kide Josu Reparazek ez du hitz egin nahi izan, lanak aurkezteko egindako agerraldian. "Ez da halakoak baloratzeko unea". Eskertu du, halere, Bernaden parte hartzea. Artea Oinez erakusketan da haren lana, bertze obrekin batera.

Bertze sententzia bat zentralaren kontra

Bertze sententzia bat zentralaren kontra

Edurne Elizondo

Bertze bat. Hamaikagarren sententzia Castejongo zentral termikoen aurka. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Elerebro enpresaren azpiegituraren baimenak ez duela betetzen ingurumen araudia, eta, ondorioz, ixteko agindu dezala eskatu dio Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako Gobernuari.

Castejongo zentral termikoak 2002. urtean egin zuen bat argindarraren sarearekin. Orduan, Castejon I izena zuen zentralak osatzen zuen azpiegitura. Handik gutxira, 2005. urtean, handitzeko baimena eman zuen administrazioak, eta horrela jarri zuten martxan Castejon II proiektua. Orduan hasi zuen zentral termikoen aurkako oposizioak bere ibilbidea epaitegiz epaitegi.

Bide horrek emaitzak eman ditu, Espainiako Auzitegi Gorenak berriki plazaratutako zentralen aurkako sententzia ez baita bakarra izan. 2008. urtean, jada, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen zentralaren inguruko udalerriz gaindiko eragina duen plana. 2011. urtean, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen auziari buruzko bere iritzia, eta bere ebazpenaren bidez argi utzi zuen Castejon II zentrala legez kanpokoa zela; bertan behera utzi zuen Espainiako Industria Ministerioak azpiegitura hori eraikitzeko emandako baimena.

Sententziak mahai gainean egon arren, ebazpen horiek ez dute ondoriorik izan zentralen egoeran, orain arte. Hau da, urratsik ez da egin Castejon II proiektuaren baimena hutsean uzteko eta, ondorioz, sententzia betetzeko. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak berak, 2013. urtean, erran zuen bere sententziak ez zuela enpresa urratsik egitera behartzen, "adierazpen hutsa" zelako. Kontua da epaileek sententzia betearazi baino lehen Espainiako Energia Ministerioak baliozkotu egin zuela zentralaren baimena, 2012an.

Auzi jakin hori da oraingo sententziaren gako nagusia, hain zuzen ere, Sustrai Erakuntza fundazioak nabarmendu duenez. "Gorenak argi utzi du gobernuak baimena baliozkotzeko egindako urratsak lotura zuzena duela Madrilgo epaileen kontrako sententziarekin. Epaiak berretsi du zentralak jasotako baimena ez dela legezkoa", nabarmendu du talde ekologistak.

Frantziara eramateko

"Herritarrek hamalau urte egin dituzte jada zentralen aurka borrokan; epaileek ontzat eman dituzte haien eskaerak, eta, hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak ez du deus egin", gaineratu du Sustrai Erakuntza fundazioak. "Espainiako Auzitegi Gorenak bitan egin du bat Sustrai Erakuntzaren argudioekin, zentralen auzian; zer gehiago behar du gobernuak zentralaren jarduera bertan behera uzteko agindu dezan?", galdetu dute taldeko kideek.

Sustrai Erakuntza fundazioak bertze auzi batekin lotu du Castejongo zentral termikoena: Castejon eta Muru Artederreta arteko linea elektrikoarekin, alegia. "Une honetan, bada proiektu bat linea hori Ezkio-Itsasoraino (Gipuzkoa) eramateko. Linea horren helburua izanen da Castejongo eta bertze hainbat herritako zentraletan sortutako energia Frantziara garraiatzea", salatu dute Sustrai Erakuntzako arduradunek.

Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformak, hain zuzen ere, jendaurrean salatu ditu berriki asmo horiek. Proiektuak 49 herri ukituko lituzke; herri horietako udalek jasoa dute proposamena, aztertzeko. "Ehunka hautetsi lanean ari dira jada proiektuaren aurkako adierazpena onartzeko", azaldu du plataformako bozeramaile Alberto Friasek, Iruñean egindako agerraldian.

Adierazpen hori jendaurrean aurkezteko, hain zuzen ere, batzar batera deitu ditu plataformak hautetsi horiek. Hilaren 27an eginen dute, Nafarroako hiriburuan.

Plataformako kideek berretsi dute ez dagoela beharrik goi tentsioko linea egiteko, eta bat egin dute Sustrai Erakuntza fundazioak errandakoarekin: proiektua argindarra kanpora eramateko asmoekin lotu dute, alegia.

Friasek salatu du goi tentsioko lineak kaltea eraginen lukeela ingurumenean, eta kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen arloan ere izanen lituzkeela ondorioak. "Hori guztia ezkutatzen saiatzen dira bultzatzaileak, ordea", erran du.

Plataformak ontzat jo du hasierako proiektuan aldaketak egin izana. Hasierako asmoa zen, hain zuzen, Deikaztelun azpiestazio bat egitea, eta halakorik ez du jasotzen proiektu berriak. Plataformakoen lanak eragin du, neurri batean, erabaki hori, Friasen hitzetan. Halere, argi utzi du proiektuak ez duela "zentzurik". Hau da, azpiestazioa egiten ez badute ere, goi tentsioko linea berririk ez dela behar nabarmendu du plataformako bozeramaileak. "Lanean jarraituko dugu".

Iritzia: UPNk ere ‘klika’

Jon Barberena Ibarra

Amets Arzallusek argi adierazi zuen: "Mundu guztia dago euskararen alde. Baita euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak eta haien oinordekoak ere. Euskara onartzen dute, baina bere eremu ttipian eta ahal dela, ez dezala trabarik egin. Hortik atera eta erdigunean paratzen denean arazoak sortzen dira".

Korrika dela medio, euskara bere xokotik atera eta protagonismoa hartu duelarik, UPNk bere klika partikularra egin dio. hamar egunez, harrigarria bada ere, mudu oso bat lasterka ibili da Euskal Herri osoa zeharkatzen. Tarteka, Luzaideko bolantak, Ibañetako elurra, bertsoak eta irrintziak bidaide izan dituzte korrikalari nekaezinek. Era horretan, jende uholde batek AEKri behar-beharrezkoa duen bultzada ekonomikoa eskaini dio besta giroan. Baina UPNkoak arranguratu dira. Euskara ez dute aipatu eta epaitu. Ez modu zuzen-zuzenean behinik behin. Halere, euskarak erdigunea hartu duelarik, deseroso sentitu dira eta ikurrina hartu dute aitzakiatako. Alberto Catalanek, UPNko bozeramaileak, Nafarroa Garaiko eskola eta ikastetxeetan ikurrina goraipatzen duten Korrikako ekintzak onartzea kritikatu du. Ikurrina agertzen den kartel dibulgatzaileak Nafarroako Gobernuaren logoarekin babestuta egotea "justifikaezina" dela adierazi, eta Hezkuntza departamentuaren "utzikeria" kritikatu du.

Catalanendako, "horrelako portaerak Nafarroako ikur propioen iraina dira". To! Oraindik oroitzen naiz 2001-2002 ikasturtean Cortesen irakasle aritu nintzeneko sasoia. Zuri-beltzezko lau fotokopia eta imajinazio handia tartekatuz, eginahalak egiten nituen hango umeei euskara erakusteko. Geletako batean orduko Espainiako errege-erreginen irudia zintzilikatua egoten zen. Jakizu deseroso sentitzen nintzela Sofiaren eta Juan Carlosen begiradapean aditz taulak erakusten.

Horrekin nahikoa ez, eta Catalanendako, "horrelako jokamoldearekin", lauko gobernuak agerian utzi omen du gure lurraldeko ikur propioekiko "mespretxua eta hezkuntza sistemaren errealitatearekiko errespetu falta". Bere ustez, hezkuntzaren gainetik helburu politikoak lehenesten omen ditu Nafarroa Garaiko gobernuak. Baina zeintzuk dira Nafarroa Garaiko ikur propioak? Noiz onartuko duzue lurralde honetako aniztasuna? Noiz ohartuko zarete zuen sinboloek ez dutela Nafarroa Garaia bere osotasunean ordezkatzen? Gazteleraren eta zuen ikurren hegemoniak espazio pixka bat galtzeko arriskua nabaritu, eta jotzen duzue euskaldunon kontra eta, doike, euskararen kontra.

Galderekin hasi naizenez, zein da Nafarroa Garaiko hezkuntza sistemaren errealitatea? Zure alderdikideen begiek ikusi nahi dutena bakar-bakarrik? XVII. mendean ez, baina 2013. urtean, Jose Iribas Hezkuntza kontseilari ohiak zehaztu zuen zein liburu erabili behar genuen D ereduko eskoletan. Euskal Herriko mapa bat agertzea nahikoa zen liburu horren erabilera galarazteko. Debekuak eta trabak.

Dena den, gorroto duzuena maita dezakezue? Nik uste dut ezetz! Korrika bezalako ekintza baten arrakasta eta herri mailako antolamendua goraipatu beharrean, beti zabiltzate mami gutiko aitzakien bila. Aurten, euskararen herria irudikatzen duen ikurrinari suertatu zaio, baina horren gibelean dagoena argi dago: euskararekiko gorrotoa. Foruak saltzear zaudeten zuen lurraldeko hizkuntza ere badenarekiko ikusiezina eta gorrotoa. Horra zuen klika partikularra.

“Espetxea abolitzea premiazkoa da gizarte berri bat sortzeko”

“Espetxea abolitzea premiazkoa da gizarte berri bat sortzeko”

Ane Eslava

Gero eta ugariagoak dira espetxe zigorrean oinarritutako justizia sistemaren aurrean bide berriak proposatzen dituzten ahotsak. Horietako bat da Paz Frances legelari, NUPeko irakasle eta Salhaketako kidea (Iruñea, 1983). "Zigorraren kulturak" egungo gizartean duen pisua aztertu du Diana Restreporekin batera, ¿Se puede terminar con la prisión? Críticas y alternativas al sistema de justicia español liburuan. Egungo justizia sistema eraldatzeko bideak proposatu dituzte.

Zaila dirudien arren, kartzelarik gabeko mundu bat sortzen hasteko gakoak eman dituzue.

Bai, hori da. Gaur egun, oso urriak dira espetxerik gabeko kulturak; soilik Latinoamerikako herri txikiren bat geratzen da. Gaur egun, ezinezkoa iruditzen zaigu espetxerik gabeko mundu bat imajinatzea. Horregatik, gu liburuan saiatu gara gizartearen iruditerian txertatuta dagoen premisa horretatik ateratzen.

Zergatik uste duzu beharrezkoa dela espetxea deuseztatzea?

Espetxea abolitzea premiazkoa da bizi baldintza hobeagoak izango dituen gizarte berri bat sortzeko. Ez dugu itxaron behar gizarte perfektu bat izan arte espetxea deuseztatzeko. Izan ere, espetxeak ez ditu betetzen hura legitimatzeko funtzioak, eta sistematikoki urratzen ditu giza eskubideak. Gainera, ez da dirurik inbertitzen delituak saihesteko politika publikoak egiteko, biktimak artatzeko neurriak ezartzeko eta herritarrok gure gatazkak konpontzeko bideak bilatzeko.

Espetxea zigorrean oinarritutako sistema oso baten zati bat dela esan duzue liburuan.

Erdigunean jarri nahi izan dugu kartzela eta zigor zuzenbidea direla zigorrera etengabe jotzen duen kultura zibilizatzaile baten zati bat. Espetxea da kultura horren adierazpen instituzional nagusia, baina, gure ustez, ez da nahikoa zigorraren manifestazio bakar baten aurka lan egitea. Espetxea zerbait isolatu gisa ikusi beharrean, kultura horren oinarriak aztertu behar ditugu. Horretarako, lotu egin ditugu hainbat zapalkuntza sistemaren aurkako borrokak, sistema horien guztien oinarrian baitago zigorra.

Adibidez?

Aztertu dugu ea zer lotura duen espetxearen kontrako borrokak esklabotzaren aurkako borrokarekin, edo eskolan zigorretik urrundu nahi diren proiektuekin, edo buruko osasuneko arazoak dituzten pertsonak giltzaperatzeko espazioak abolitzeko mugimenduekin. Sistema horien sorrera aztertzen badugu, elementu komun bat ikusten dugu guztien artean: patriarkatuaren eta kapitalismoaren sendotzea. Izan ere, menderatzea dago patriarkatuaren oinarrian, eta sistema horrek, kapitalismoaren barruan, espetxea eta bestelako instituzio horien sorrera bultzatu du.

Bestalde, gaur egun jasota dauden delituen eduki politikoaz ere mintzatu zarete.

Bai. Aztertu dugu zergatik sistema patriarkal kapitalista batean lesio larriko delituek bezain zigor gogorrak dituzten lapurretek, edo zergatik lepo zuriko delituak deitutakoek zigor leunagoak dituzten. Erakutsi nahi dugu zer kolektiboren gainean dagoen zigorraren kontrola. Izan ere, zigorra erabiltzen da herritar guztiak menperatzeko, baina baita talde arrazializatuak, pobreak eta zaurgarriak kontrolpean izateko ere. Zigorra boterearen erabilera bat ere bai baita. Interes batzuk beste batzuen gainetik babesten dituen sistema batean gaude, argi eta garbi. Elementu horiek guztiak erakutsi nahi ditugu, eredu berri bat pentsatu behar dugula sinesten hasteko.

Zehazki, zuek zer proposamen egin dituzue liburuan?

Ez dugu gidalibururik, eta badakigu transformazio prozesua motela izango dela, baina aldaketa batzuk proposatu ditugu. Pertsonen benetako beharrizanetan oinarritutako komunaren politikak pentsatzen hastea proposatu dugu, gatazkak modu komunitarioan konpontzeko ereduak sortzeko, behetik abiatuta.

Halako esperientziarik ezagutzen duzue?

Bai, guk AEBetan eta Alemanian gauzatzen ari diren esperientzia batzuk kontatu ditugu. Ereduak Transformative justice du izena, eta AEBetako auzo batzuetan sortu zen, zeinetan arrazializatutako biztanleriaren gaineko zigor bidezko kontrola izugarria baita. Han, konturatu ziren gatazka baten aurrean botere publikoetara jotzen zutenean indarkeria espiral handiak sortzen zirela. Horri aurre egiteko, esku hartze komunitarioko eredu bat sortu zuten, oso esanguratsua.

Zertan datza eredu hori?

Hiru premisatan oinarrituta dago: lehenik, garrantzi berbera ematen diote gizabanakoaren justiziari eta askapen kolektiboari; bigarrenik, auzoetatik eta espazio komunitarioetatik lan egiten dute indarkeria desagerrarazteko; eta, azkenik, indarkeria pairatu duen pertsona babesteko estrategiak sortzen dituzte, bai eta indarkeria gauzatu duen pertsonarentzako programa emantzipatzaileak ere, bere portaera aldatzeko aukera izan dezan.

Proposamen abolizionistek utopikoak irudi dezakete; halako ereduekin erakutsi nahi duzue posible dela espetxearen alternatibak sortzea?

Bai. Liburuan proposamen hau sartu dugu itxaropena zabaltzeko, erakusteko halako ereduak gauzatzen ari direla jada; gainera, zigor bidezko kontrola hobekien ezagutzen duten komunitateetan.

Hala ere, ez duzue proposamen bakarra egin, ezta?

Hori da. Liburua edonork irakurri ahal izatea nahi dugu; badakigu ez dela oso gai ezaguna, eta ez dugu sektarioak izan nahi; ez dugu eredu bakar bat proposatu nahi. Modu progresiboan idatzi dugu: lehenik, kartzelaren abolizioa proposatu dugu; ondoren, kartzelaren eta justizia sistemaren abolizioa, eta, azkenik, zigorraren kultura osoaren abolizioa. Baina irakurlea nahi duen tokian gelditu daiteke. Ez dugu inor ikaratu nahi, ezta hau guztia zerbait oso utopiko gisa ikus dezaten ere. Horregatik, atal bat erantsi dugu, esateko: guk espetxea deuseztatu daitekeela uste dugu, baina oraingoz ez bagara horretarako gai, zer aldatu behar dugu nahitaez, giza eskubideak sistematikoki urratzeari uzteko?

Nola ikusten duzu gizartea gai honen aurrean? Izan ere, azkenaldian zigorrak gogortzearen aldeko adierazpenak egon dira.

Hemen uste faltsu batzuk zabalduta daude. Komunikabideek eta batez ere alderdi politikoek modu arduragabean erabiltzen dituzte biktimak eta zigor zuzenbidea, egoera konplexuen aurrean gizarteari baliabideak emateko, modu sinplista batean. Eta gizartearen zati bat horren mende erortzen da. Beldurraren kultura batean, beldurraren aurrean erantzuna da: "Jende hori giltzapetu dezatela". Hortaz, gizarteak zigorraren aldeko joera duela pentsa dezakegu. Baina gaiaren inguruan egin diren ikerketak ez datoz bat uste horrekin. Beste bide batzuk daudenean, jendeak horiek nahiago ditu kartzela zigor luzeak baino. Uste dut hobekuntza bat ongi hartuko lukeela gizarteak. Are gehiago hemen, kontrol penalaren eta estatuaren indarkeriaren esperientzia ugari egon diren toki batean.