Iritzia: Marrazki bizidunak eta euskara

Jon Barberena

Alimaleko garrantzia izan zuten Nafarroa Garaian 2015eko maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek. Nafarroako Parlamentuan, EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-ren hautetsien batuketak UPN foru gobernutik kanpo uztea ekarri zuen eta urteetan hauen aliatuak izan ziren eta diren PSN eta PP bigarren maila batean utzi zituen. Ospatu genuen eta ospatzen dihardugu. Gero eta hurbilago ditugun hauteskudeen ondotik ere, UPN agintetik kanpo egotea nahiko nuke eta bere bi aliatu fidelek indarra galtzea.

Beraz, zorionekoak gu, erregionalisten gainbehera eta haien doktrinen apokalipsia bizi izan genuenok! Bai, hala da… Zorionekoak gara, berrogi urtez UPNk eraikitako basamortua ortozik zeharkatu eta gero, bidean amesten genuen oasi berdea aurkitu dugulakoz. Oasia aurkitu dugu, baina erabateko udaberria oraindik ez. Aitortu beharra dugu zenbait aldaketa ez direla uste bezain agudo etorri gurera. Uste nuen ETB3ko afera fite konponduko zutela egungo agintariek, baina ez da hola izan. Zorionez, Iruñerriko haurrek ETB3ko marrazki bizidunak telebistan ikusteko aukera dute pasa den hilabetetik. Lizarran, Tafallan, Tuteran eta Zangozan ere, ETB3 2016tik ikusteko aukera dute, baina Baztanen, egun, ez dugu modurik marrazki bizidunek hornitzen duten euskarazko katea ikusteko.

Haur ttipiak ditugun guraso euskaldun anitzek Landetarat egiten dugu erromesaldia eguzkia kukuka hasten den sasoian. Ohatzerat sartzeko errituaren lehendabiziko pausoa izanik, bungalow-eko telebista piztu eta to! ETB3 ikusteko aukera izan genuen Léon-en.

Landetan bai, baina Erratzun, erraterako, ez. Erratzuko haurren egunerokoa euskaraz ematen da batik bat. Euren egunerokoan euskara erabiltzen dute, baina mundu sinbolikoan murgiltzen direlarik, gazteleraz solastatzen dira. Irudimenaren zurrunbiloan guztiz sarturik daudelarik; Leidy Bag, Spider-Man edo Bob Esponja izan daitezke. Irudimenez gorpuzten dituzte fikziozko pertsonaia hauek, baina gazteleraz aritzen dira. Euskarazko ereduak falta dituzte euren irudimena asetzeko. Norbaitek pentsatuko du haur euskaldunek ere gaztelera jakin beharra dutela, eta onuragarria dela hauendako telebista Cervantesen hizkuntzan ikustea. Trankil, ez dute aparteko esfortzurik egin beharko gaztelera ikasteko. Nik ere Euskal Herriko haurrek Euskal Herrian solastatzen diren hiru hizkuntzak jakin beharko lituzketela pentsatzen dut. Baina haiendako gozagarri diren marrazki bizidunak euskaraz nahi ditut. Ez naiz kalitateari buruz mintzatuko, bai baitakit Doraemon katu kosmikoak ia programazio osoa hartzen duela, baina 3txulo eta 3zpa4 ere Doraemonekin batera Baztango telebistetan sar daitezela eskatzen dut!

18. Korrikan, Amets Arzallusek aipatu zuen ama hizkuntza ez dela lehenbizikoa ikasten dena, ez eta amaren altzotik hartzen duguna. Ama hizkuntza pentsamendua sortzen duen hizkuntza dela aldarrikatu zuen eta akaberako mezua argia izan zen: "Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez da izanen". Iruditzen zait irudimenak baduela pentsamendutik eta pentsamenduak baduela irudimenetik. Haurren altxor handienetakoa imajinazioa da; beraz, plazer iturri duten mundu sinbolikoan eman diezaiegun euskaraz aritzeko aukera. Pentsamenduak badu irudimenetik eta, hortaz, nik %100ean euskaraz aritzeko modua duen Nafarroa Garaia irudikatu eta amestu nahi dut.

Ezagutu, ulertu eta laguntzeko zertzeladak

Ezagutu, ulertu eta laguntzeko zertzeladak

Edurne Elizondo

Tailerrean bezala, hamaika sentimenduk egin dute bat erakusketaren inaugurazioan ere. Ez dira agertu parte hartu duten emakume guztiak, eta ekitaldira joan direnetako zenbaitek nahiago izan dute jendaurrean ez hitz egin; beren izena ez eman. Prozesu guztiak ez direlako amaitu; zauri guztiak ez direlako itxi, oraindik ere. Denak daude hasi zirenean baino aurrerago bidean, halere. Eta hori da kontua, nabarmendu nahi izan dutenez. Indarkeria matxista sufritu dute, baina lortu dute aurrera egitea. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek antolatutako pintura tailerrean aritu dira, Lola Rodriguez psikologo eta arte terapeutarekin. Egindako lanekin erakusketa osatu berri dute, Iruñeko Plazara aretoan.

Irriek eta malkoek egin dute bat paretetan zintzilikatutako lanei so. Beren koadroak erakutsi dituztenetako bat da Sandra Iraizoz. 2015ean, En un segundo tu vida cambia izenburuko liburua idatzi zuen Iraizozek, senar ohiak sufriarazi zizkion tratu txar psikologikoen inguruan. "Tailerrean konturatu naiz banuela zer sendatu, oraindik ere", onartu du. Mihiseak eman dio zauria garbitzeko eta erabat ixteko aukera, erantsi duenez. "Uste dut, orain bai, burutu dudala nire prozesua", erran du.

Gako nagusia esperientziak partekatzea izan dela argi du Iraizozek. "Liburua idatzi eta gero, ibili naiz hamaika tokitan hitzaldiak ematen. Nonbaitera joan, eta nire istorioa kontatzen nuen. Tailerrean, ordea, baten eta bertzeen istorioak nahastu egin dira; negar eta irri egin dugu elkarrekin. Elkar ulertu eta babestu dugu, bertzearen istorioetan gurea ezagutu dugulako. Zu egon zaren toki berean egon den bertze batek baino ezin du ulertu barruan gertatzen zaizuna".

Ongi daki A.B.S.-k Iraizoz zertaz ari den. Elkar ulertzeko eta babesteko sentsazio hori ezaguna du berak ere. Ezaguna, Rodriguezekin egindako tailerrean ezagutu duelako. Parte hartzaile gehienek bezala, margotzen ez zekiela erantzun zion A.B.S.-k psikologoari pintura tailerrean parte hartzeko aukera lehenengoz aipatu zioenean. Baina azkenean izena ematea erabaki zuen, eta ez da damutu. Alderantziz. Etxean margotzeko gela bat atondu du. "Antsietateak edo beldurrak hartzen nautenean, pintzelari eutsi, eta margotzen hasten naiz. Horrek lasaitzen nau".

Hamar urtez egon zen ezkonduta, eta bereizteko prozesu "gogor" baten ondoren, depresioak hartu zuen A.B.S. "Urte eta erdi egin dut etxean sartuta. Ateratzeko indarrik gabe". Tailerra karrikara ateratzeko giltza izan da A.B.S.-rentzat. "Gauza handia da bakarrik ez nagoela jakitea; nik behar dut bultzatuko nauen norbait. Tailerreko taldeak eman dit behar dudan babes hori", nabarmendu du.

Argi du tailerra hasi zutenean baino indartsuago dagoela orain. Baina oraindik badu lana egiteko. "Oraindik ez naiz gai neure buruari duen balioa emateko; kosta egiten zait. Taldearen babesa behar dut, oraindik ere", onartu du.

"Talde batu eta sendoa"

Tailerrean zortzi emakume aritu dira. "Indarkeria matxista atzean uztea lortu dute denek; hortik aurrera, nork bere prozesuak egin ditu, eta nork bere esperientziak izan ditu. Halere, lortu dute talde batu eta sendoa osatzea". Horixe nabarmendu du Lola Rodriguez arduradunak.

Prozesu guztiak burutu ez direlako, hain zuzen ere, segida izanen du pintura tailerrak. Osatutako taldeak elkarrekin jarraituko du lanean. Gainera, talde berriak osatuko dituzte. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteek Nafarroako Berdintasunaren Institutuaren laguntza jaso dute tailerrak egin ahal izateko.

A.B.S.-rekin eta Iraizozekin batera aritu da N.M. Rodriguezen tailerrean ere. Kontent da orain arteko lanak izanen duelako segida. Eskulanak taldera ailegatu baino lehen deskubritu zituen berak, halere, terapia gisa. "Terapia hoberik ez da. Orain, pintura deskubritu dut, eta gustura ari naiz". Margotzeak ekarri dion lasaitasuna nabarmendu du, baina, batez ere, taldekideekin dagoenean sentitzen duen babesa eta enpatia. "Elkarri laguntzen diogu, eta hori zoragarria da".

Rodriguezek argi du elkarri emandako babes hori "funtsezkoa" izan dela pinturaren bidez egin dituzten prozesuetan. "Pintura, finean, tresna bat izan da nork bere mina ezagutzeko, azaleratzeko", azaldu du psikologoak. Iraizozek onartu du aurretik pertsona gutxiren aurrean errandakoa adierazteko gai izan dela tailerrean, eta, hori eginez lortu duela egoera zehatz horrek eragiten zion minari aurre egitea. "Egoerak normalizatzeko gai izan naiz".

Pinturaren bidez, eta, batez ere, talde lanaren bidez, emakumeak ahalduntzea izan da tailerraren helburua, eta Lola Rodriguezek uste du bete egin dutela, neurri handi batean.

Ados daude Iraizoz eta parte hartu duten gainerako emakumeak ere. "Emakume borrokalariak gara, eta girorik ilunenean ere, gai izan gara bizitzak eskaintzen dizkigun koloreak ikusteko", erran du A.B. S.-k.

Egun grisak edo beltzak ez dira erabat desagertu. Horixe onartu dute emakumeek. "Inguratzen gaituen gizartea arrotza da oraindik ere; emakumeon aurkako indarkeria esparru guztietan gertatzen da", erran du Sandra Iraizozek. Eta aipatu du indarkeria matxista sufritu duen emakume baten auziko epaile madrildar batek erran eta hedabidetan zabaldutakoa: "Sugegorritzat" eta "putakumetzat" jo du epaileak andre hori, bertze hainbat kiderekin auzitegian zegoenean, hain zuzen ere. "Epaile horren hitzak entzun nituenean, senar ohiarengandik bereizteko nire epaiketa etorri zitzaidan burura; gogoratu nuen nik orduan sentitzen nuen beldurra; gai nintzen sufritzen ari nintzena zalantzan jartzeko ere. Epaile horrek min handia egin die indarkeria sufritu duten emakumeei, eta bere auziko erasotzailearen jarrera indartu du, gainera. Beldurgarria da".

Zaila da beldurrak erabat uxatzea. Onartu du hori Iraizozek. Baina bertze emakumeen babesarekin, errazagoa zaio beldur horiei aurre egiteko lana. Elkarri heldu diote tailerrean, eta elkarri heldu diote erakusketaren egunean ere. Pinturak eta pintzelak gertu ez dituztenean ere, elkarri heltzen eta eusten jarraitzen dute. Pintzelik gabe ere, elkar ezagutzeko, ulertzeko eta laguntzeko zertzeladak ematen dituzte.

Mendia ez baita merkantzia

Mendia ez baita merkantzia

Ane Eslava

Larhun mendi bat da, ez produktu bat". Hori aldarrikatzeko Aman Komunak sareak eta beste hainbat eragilek kanpaldi bat antolatu dute Larhungo tontorrean. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak turismogune bat eraiki nahi du han, eta herritarrak aurka agertu dira: dagoeneko bisitari gehiegi hartzen duen toki bat are gehiago masifikatuko duela salatu dute. Bihar eta etzi egingo dute kanpaldia, uda hasieran abiatutako mobilizazio uholdea burutzeko.

Larhun Nafarroa eta Lapurdi artean dagoen mendi bat da, eta haren historia kontrabandoarekin hertsiki lotuta dago. Azken urteetan, ospe handia hartu du, eta, urtero, 350.000 bisitari inguru jasotzen ditu. Horiek Saratik (Lapurdi) abiatzen den kremailerako tren batekin igotzen dira mendiaren gailurreraino. Orain, beste hainbat azpiegitura eraiki nahi dituzte han, Larhun 2020 izeneko proiektuaren bitartez.

Hasteko, aparkalekua handitzea aurreikusten dute, bai eta oinezkoentzako sarbidea hobetzea ere. Bestalde, bi tren hibrido jartzeko asmoa dute, egungoa elektrikoa delako eta zaharkiturik dagoelako. Mendi gailurrean bertan, berriz, hotel moduan funtzionatuko duten bi bagoi jarri nahi dituzte, eta, horiekin batera, txirrista bat eta rokodromo bat. Azkenik, mendia inguratuko duen pasarela bat eraiki nahi dute, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen sarbidea errazteko helburuz. Hori da eztabaida handiena eragin duen instalazioa, tontorraren itxura aldatuko duelako.

Orotara, 36 milioi euroko aurrekontua aurreikusten dute eraikuntza lanetarako, eta EPSA enpresa publikoa arduratuko da horietaz. Obrak amaitzeko epea 2020. urtean ezarri zuten, baina egunak atzeratuz joan dira.

2017ko ekainean aurkeztu zuten proiektua. Larhunen inguruko herrietako udalek, ordea, ez zuten informaziorik jaso, eta prentsaren bitartez izan zuten egitasmoaren berri. Bera (Nafarroa) eta Azkaine, Urruña eta Sara (Lapurdi) dira herri horiek. Handik gutxira, batzar batera deitu zituzten, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentearekin eta Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariarekin, eta proiektuaren ezaugarriak azaldu zizkieten. Ordutik, ez dute informazio gehiagorik jaso, baina datorren astean beste bilkura batera deituak daude, Baionan. Egitasmoaren aurkako taldeek salatu dute prozesuan ez dela egon inolako gardentasunik.

Etekina ateratzea helburu

Pirinio Atlantikoetako Departamenduak dioenez, azpiegitura horiek eraikitzeko helburua da segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Izan ere, Larhungo instalazioak zaharkiturik daude, eta premiazkoa da horiek egokitzea: adibidez, trena 1924an eraiki zuten. Larrun Ez Hunki proiektuaren aurkako kolektiboak, ordea, beste asmo batzuk ikusten ditu atzean, Asier Calderon taldekideak adierazi duenez: "Helburua da Larhun mendia ahalik eta gehiena esplotatzea; merkantzia gisa erabiltzea". Haren ustez, proiektuak turismo masiboa bultzatuko du, eta horrek kalte handia eragin diezaioke Larhun mendiari. "Kaskoan horrenbeste jende ibiltzeak eta horiek sortuko duten zaborrak ez diote onik egingo lurrazalari".

Larrun Ez Hunki-ko kideek hasieratik salatu dute mendian jada eraikita dagoena gehiegizkoa iruditzen zaiela —gailurrean bi benta eta antena bat daude—. Hori dela eta, azpiegitura gehiago eraikitzea "jasanezina" dela salatu dute. "Ez gaude benten kontra, eta jendea etortzen dela onartzen dugu; ezin dugu hori aldatu. Baina mendian dagoena gehiegizkoa bada, hortik kanpo ez da edozer egiten ahal", adierazi du Calderonek. Haren ustez, argudio nagusia segurtasuna bada, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte. "Onartezintzat" jo du, ordea, argudio hori erabiltzea turismoa areagotuko duten neurriak hartzeko.

Inguruko herrietako udalen artean Berakoa baino ez da agertu proiektuaren aurka. Larrun Ez Hunki taldeak mozio bat aurkeztu zuen lau herrietako udaletan, eta Berakoak bat egin zuen horretan planteatu zituzten puntuekin; gainontzekoek, berriz, ez. "Onartzen dugu nahi eta nahi ezko moldaketak egitea, baina hortik goiti, ahal den gutxienak eta kalte gehiago eragin gabe", adierazi du Josu Iratzoki Berako alkateak.

Herri horietako biztanleen artean, berriz, haserrea orokorra da, Calderonen iritziz. "Larhun hagitz erreferentziazko tokia da haientzat: oso barrenean sentitzen dute, historia handia duelako".

Proiektuari ezetz esateko eta auziari oihartzuna emateko kanpaldia egingo dute bihar eta etzi Larhungo tontorrean, Larrun gure altxorra da lelopean. Aman Komunak sareak antolatu du, baina herritar orok parte hartzen ahal du. Bihar eguerdiko ordu bietan emango diote hasiera kanpaldiari. Hitzaldiak eta kultur jarduerak egingo dituzte, eta Larrun Ez Hunki taldeak tartea izango du bere jarrera azaltzeko eta auziaren inguruko eztabaida bultzatzeko.

Kanpaldia mobilizazio olatu baten ondorio da. Uda hasieratik hainbat protesta egin dituzte: kasurako, ekainean mendira igotzen den trena gelditu zuten, eta gertatzen ari denaren inguruko informazioa eman zieten bidaiariei. Mobilizazio horiek eragin handia izan zuten: proiektua kudeatzen duten instituzioek negoziazio esparru bat sortzea proposatu zieten hainbat eragileri. Horietako bat da Larrun Ez Hunki. "Parte hartzea onartu genuen, baina argi utzi genuen zein den gure posizioa: proiektu hori ez dela egiten ahal", zehaztu du Calderonek. Bilera horietan jakinarazi zieten proiektuaren zenbait atal atzera botatzea erabaki dutela.

Larrun Ez Hunki-ko kideak azpimarratu du protestak "ezinbestekoak" izan direla prozesua mantsotzeko, eta ziurtatu du aurrerantzean bide beretik jarraituko dutela. "Mobilizazioek balio dute; hagitz garbi geratu da".

Andreen ezagutza

Andreen ezagutza

Edurne Elizondo

Adituek argi dute klima aldaketak modu ezberdin batean eragiten diela gizonei eta emakumeei. Hori kontuan hartuta, Nafarroan iaz sortutako klima aldaketaren aurkako emakumeen sareak aldarrikatu du andreen ezagutzak duen garrantzia. Nafarroako Gobernuak ere urrats hori egin nahi izan du, ezagutza horren garrantzia aitortu, eta bi eguneko topaketa antolatu du, emakumeak klima aldaketaren esparruan egiten ari diren lana ikusgarri bilakatzeko eta lan horri balioa emateko. Astelehen eta asteartean eginen dute, Nafarroako Parlamentuan eta Baluarte auditoriumean.

"Klima aldaketak agerian uzten du ezin dugula aurrera jarraitu orain arteko bizitzeko moduarekin; ezin diogu eutsi ez arlo ekonomikoan, ez arlo sozialean, ezta ingurumenaren arloan ere", erran du Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek, topaketaren aurkezpenean. Garapen sozioekonomikorako eredua "aldatu" behar dela erantsi du, eta esparru horretan "funtsezkoa" dela emakumeek egin dezaketen lana.

Aipatzekoa da hainbat talde ekologistak horixe bera eskatu diotela gobernuari, garapen sozioekonomikorako eredua alda dezala, alegia, eta bazter utz ditzala, ondorioz, AHTaren aldeko apustuaren gisakoak. Iazko ekainean, 2011n egindako Nafarroa bizirik nahi dugu manifestuari segida eman zion Sustrai Erakuntza fundazioak, eta harekin bat egin zuten hogei elkarte ekologista eta sindikatuk baino gehiagok.

Nafarroako Gobernuak bi zatitan antolatu du astelehen eta asteartean eginen duen topaketa. Batetik, asteleheneko saioak izaera instituzionala izanen du. Nafarroako Parlamentuan eginen dute, eta lan batzorde gisa egituratuko dute. 18:00etan hasiko da saioa, parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezen hitzaldiarekin. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioko ordezkari batek ere parte hartuko du.

Lehen saio hori antolatu dute erakunde publikoetan ari diren emakumeentzat. "Asmoa da erkidegoetako parlamentari, kontseilari, alkate, zinegotzi, senatari eta abarren artean adierazpen bat osatzea Emakumeak Klimaren Alde Aktibaturik. Nafarroa 2018 izenburupean".

Asteartean, Baluarten

Astearteko saioa Baluarte auditoriumean eginen dute, eta Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek zabalduko du topaketa. Astearteko saioan parte hartuko duten emakume adituek klima aldaketarekin lotutako hamaika esparru jorratuko dituzte.

Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publiko eta Ingurumen zuzendari Maria Neirak, adibidez, airearen kalitatea jorratuko du; haren ondotik, Cristina Gallachek hartuko du hitza. Nazio Batuen Erakundean eta Europako Batasuneko Kontseiluan aritu da, bertzeak bertze.

Eguneko lehen lan saioan gizarte mugimenduen eta ezagutzaren inguruan ariko dira parte hartuko duten hizlariak: Uxua Lopez, Cristina Monge eta Asun Ruiz. Lopez Telekomunikazio ingeniaria da, eta aditua energia berriztagarrien esparruan. Monge soziologia irakaslea da Zaragozako Unibertsitatean, eta Ekologia eta Garapena fundazioko kide. Ruiz, berriz, SEO BirdLife elkarteko burua da.

Eguerdiko bigarren lan saioan, politikaren ikuspuntutik ariko dira parte hartzaileak: Elena Cebrian (Valentziako Generalitatea), Isabel Elizalde (Nafarroako Gobernua), Miren Larrion (Gasteizko Udala), Elena Lete (Bergarako Udala), Patricia Perales (Iruñeko Udala) eta Olga Risueño (Tuterako Udala).

Elizalde kontseilariak eginen du topaketa amaitzeko hitzaldia. Baluarteko saioak amaitu eta gero, halere, azken ekinaldi bat izanen dute parte hartzaileek agendan: Emausko Trapuketarien lana ezagutu ahal izanen dute; zehazki, Hemen Konpon izeneko tailerrera eginen dute bisita, Berriozarren. Bizikletak eta bertzelakoak konpontzeko tailerra da; berrerabiltzea eta birziklatzea da asmo nagusia.

Nafarroako Gobernuak argi utzi du topaketa zabalik dagoela interesa duen pertsona ororentzat, baina argi utzi du bereziki interesgarria izan daitekeela politikaren eta gizarte mugimenduen arloetan ari diren emakumeentzat. Kontua da emakumeak klima aldaketaren arloan egiten ari diren lana ezagutzea, eta eztabaida eta gogoeta bultzatzea, emakumeen ezagutza mahai gainean jartzeko.

Iritzia: Non zaude?

Lohizune Amatria

Aurkikuntza. Baikortasun eta esperantzaz beteriko hitza dugu aurkikuntza, ezagutzen ez dena kausitzea; aurkitzea. Gaurko datak, ordea, onetik duen guztia kendu dio terminoari. Orri honen goiburuan dioenez, gaur, urriak 12 egun ditu. Egun seinalatua gure agendetan, gorriz agertzen diren horietakoa; ilusioz, iristeko zain egoten garen horietakoa. Edo ez.

Gaurko egunez, 1492. urtean aurkitu omen zuen Kristobal Kolonek Amerika. (Aurretik galduta egon zen kontinentea, nonbait). Espainiako Errege-erregina Katolikoen mundua konkistatzeko grinak eraman zuen Kolon Guanahani uharteraino (Bahamak) —ondoren San Salvador deitu zuten uhartea—. Ez zebilen, baina, kontinente horren bila. Indiako bidean aurkitu zuen Amerika. Aurkitu daiteke bilatzen ez den zerbait? Antza, bai.

Aurkikuntza hura ospatzen da gaur, eta horregatik da jai eguna gaurkoa. 1492. urteko egun hura, baina, sarraski baten hasiera baino ez zen izan. Milioika herritar hil eta herri indigenak suntsitu zituzten uhartea zapaldu ondoren, herrialde horiekiko zor kultural eta historikoa sortuz.

Aitzakia aurkikuntza izanda, beraz, batek pentsa lezake Amerikako herritarrekin dugun harremana ospatu beharko litzatekeela gaurko egunez. Zentzu horretan, baina, gizarteak ospatzeko baino ikasteko asko du oraindik. Nahiz eta, Amerikako herritarren kontrako sarraskia gogora ekarriz, Nafarroako Parlamentuak, iaz, gaurkoa Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunaren Eguna izatea erabaki zuen, Amerikako beste herrialde askoren antzera.

Baina, zergatik dugu gorriz markatuta urriaren 12a? Gaurkoa, noski, ez da betidanik jai eguna izan. 1918. urtean sortu zuten jai eguna, Espainiar arrazaren eguna izenarekin. Hispanitatearen egunez ezagutzen dugu gehienek. Izendapen hori 1958. urtean hartu zuen, Francisco Franco Espainiako diktadoreak legez hala araututa. Aitzakia, Kolonen ekintza heroikoa.

Baina, zer da benetan gaurko egunez ospatzen dena? Ez baita aurkikuntza ospatzen bakarrik. Pilareko Ama Birjinaren eguna ere bada gaurkoa, eta Pilareko Ama Birjina Guardia Zibilaren eta hispanitatearen zaindaria da. Eta, noski, espainiar abertzaletasunaren eta nazionalismoaren aldarria egiteko ere erabiltzen dute eguna. Baita gurean ere. Urtero bezala, gaur, elizkizuna eginen da San Nikolas parrokian, eta abertzaletasun konstituzionalaren babesean desfilean aterako dira guardia zibilak, Galizia etorbidetik. Eta izango da, segur aski, zigorgabetasunaren babesean debekaturik dagoen ikurren bat aireratuko duenik ere. Demokraziaren izenean.

Faxismoaren gorazarrearen eguna da. Gaur ahaztu egiten zaigu milaka eta milaka gorpu non dauden ere ez dakigula, milaka tortura kasu argitu gabe daudela. Finean, estatua buru duen espainiar abertzaletasunarekin bat egiten ez duen ororen kontrako sistema errepresibo oso bat dagoela dominen azpian.

Gaurkoa jai egun arrotza dela esateko arrazoiak, beraz, sobera ditugu. Baina, iritsi da eguna. Non nago ni? Eta non zaude zu? Lanean?

“Nekatuta sentitu naiz, baina ez egoerak gainezka eginda”

“Nekatuta sentitu naiz, baina ez egoerak gainezka eginda”

Edurne Elizondo

Pamplonesarekin abestu zuen Amaia Romerok (Iruñea, 1999), duela bi urte, Gaiarren. Joan den astean itzuli zen bere "etxetzat" duen oholtzara: bi kontzertu eman zituen, The Free Fall Band taldearekin batera. Iaz Espainiako Telebistako Operación Triunfo irabazi zuen, eta, egun batetik bertzera, ezagun bilakatu zen. Orain "lasai" dagoela erran du, egin nahi duen bidea zehazten.

Etxera itzuli zara. Kontent?

Bai. Niretzat, Gaiarre antzokian aritzea hagitz berezia da, ongi ezagutzen dudan toki bat delako. Duela bi urte, Gaiarren aritu nintzen, Pamplonesarekin. Txikitan anitz etortzen nintzen, operak eta antzezlanak ikustera, nire izebarekin. Maite dut antzoki hau. Etxean naiz Gaiarren, familia giroa dut hemen.

Diskoa prestatzen ari zara. Nolakoa izaten ari da prozesua?

Hagitz lan pertsonala izanen da. Ni gustura ari naiz, prozesuaz gozatzen. Ni ari naiz abestiak idazten. Pixka bat kostatzen ari zait, aurretik inoiz ez naizelako horrelakoetan serio aritu. Kanta bat idaztea edo disko bat osatzea ez dira gauza bera. Baina argi nuen dena nirea izatea nahi nuela. Kontent nago. Badakit jendeak itxaropen handia duela, baina ezin mundu guztiaren gustukoa izan. Badakit, halere, nik gustukoa izanen dudala, eta hori da garrantzitsuena.

Nahi duzuna egiten ari zara?

Bai. Askatasun handia eman didate, eta hagitz kontent nago. Oro har, Universal konpainiako kideek, Raul Refree produktoreak eta nik bat egiten dugu iritzietan eta gustuko ditugun edo ez ditugun gauzetan.

Noizko izanen duzu prest?

Oraindik ez dugu egunik. Ongi ari gara lanean, baina oraindik ezin dut egunik erran.

Jendeak anitz espero duela diozu. Egun batetik bertzera ezagun bilakatu zara. Egoerak gainezka egin dizula sentitu duzu?

Egia da garai batean toki batetik bertzera ibili nintzela, gelditu gabe. Erritmoa beldurgarria zen, eta nekatuta nengoen. Nire diskoa landu nahi nuen, baina ezin nuen. Batez ere, Eurovision jaialdiaren ingurukoengatik. Eromena izan zen. Nekatuta sentitu naiz, baina ez dut sentitu, halere, egoerak gainezka egin didanik. Pixka bat beldurtu nintzen, pentsatuz beti erritmo horretan ariko ginela. Ez genuen gelditzeko momentu bat ere, eta gehiegizkoa izan zen. Nekatuta nengoen. Baina ez nintzen, halere, gaizki sentitu. Orain lasaiago nago, eta nahi dudana egiteko denbora badut.

Saioan zinenean, feminismoaz eta bertzez aritu zineten; uste duzu artista batek izan behar duela konpromisoa gizarte gaiekin?

Bai, uste dut baietz. Halere, onartu behar dut zenbait gairi buruz hitz egiteak beldur pixka bat ematen didala, ez dudala uste behar bezalako formakuntza dudanik, oraindik ere. Feminismoari buruz, adibidez, ni feminista naiz, baina feminismoaz hitz egitean, argi dut oraindik ere informazio anitz jaso behar dudala, formakuntza behar dudala. Ez dut uste modu arin batean hitz egin behar dugunik gai horri buruz. Ni telebista saioan nintzenean, finean, lagun artean nintzen, eta lagun artean hitz egiten nuen. Ez nintzen konturatzen erraten nuenak izan zezakeen eraginaz. Errandakoez oroitzen naizenean, argi dut hanka sartu nuela behin baino gehiagotan. Orain, badakit jende askok entzuten duela nik erraten dudana, eta nire hitzek izan ditzaketen ondorioez beldur naiz. Argi izan nahi dut erraten dudana ongi errana dagoela, ez dudala huts egiten.

Telebista saioan hasi zinenetik, hedabideen arreta erakarri duzu; anitzetan, zure lanarekin zer ikustekorik ez duten gauzei buruz aritzen dira. Zaila da halako egoerak kudeatzea?

Telebista saio horretan 24 orduz egon gara kameren aurrean. Atera ginenean, neurri batean, normala iruditu zitzaidan hedabideen arreta erakartzea. Uste nuen, halere, egoera hori berehala normalizatu eginen zela; uste nuen hedabideen presioa arinduko zela, 24 orduz kameren aurrean egoteari uzten genioenean. Egia da hedabideen arretak ez duela behera egin, baina ez nau gehiegi arduratzen ere. Ez dut deus ezkutatzeko, bertze edozein pertsonaren gisakoa naiz. Kritikak jaso ditut, bai eta babesa ere. Beraz, ez dut arazo handirik izan.

24 orduz kameren aurrean egoteko urrats hori egin izanaz ez zara damutu, beraz?

Ez naiz damutzen, ez. Esperientzia bat izan da niretzat. Orain lasaiago nago, noski. Diskoa egiteko nire lana da orain nire lehentasuna. Baina zurrunbilorik handienaren garaian ere ez naiz inoiz gaizki sentitu. Orain Bartzelonan nago, eta pentsatzeko eta lan egiteko denbora gehiago dut, eta eskertzen dut.

Gauza anitz gertatu zaizu urte batean.

Azken urtean pentsatu, eta bost urte pasatu direla iruditzen zait! Gauza anitz izan dira, eta iruditzen zait oraindik ez dudala dena asimilatu, erabat. Nik, halere, abestu nahi nuen. Eta hori egiten ari naiz. Inoiz ez nuen pentsatu inguruan dauden gauzei buruz. Hasieran, hitz egitea ere kostatzen zitzaidan. Orain elkarrizketetan hobeki ari naizela uste dut. Jendea, gainera, hagitz atsegina da nirekin.

Herritarrek egindako zientzia

Herritarrek egindako zientzia

E. Elizondo

Mende laurdena bete zuenean egin zuen Gorosti zientzia elkarteak bere lehendabiziko ornitologia kongresua, Iruñean. Hamar urte joan dira geroztik, eta bigarrena antolatzea erabaki du taldeak. "Orain egin behar genuen, edo inoiz ez!", erran du Gorostiko ornitologia saileko arduradun Juan Ignacio Deanek. Hilaren 19tik 21era eginen dute, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñeko Mendillorri auzoan duen ur biltegian. Herritarrek egindako zientziaz ariko dira, bertzeak bertze.

Gai horrek ederki islatzen du Gorostik azken hamarkadan egindako bidea, helburu hartu baitu, hegaztien inguruko informazioa jasotzeaz gain, informazio hori zabaltzea, partekatzea, eta erabilgarri bilakatzea ere. Zeregin horretan ezinbertzeko tresna bat izan dute lagun Gorostiko kideek azken urteotan: eBird plataforma. Haren bidez, hegaztiei behatzen dien herritar orok badu aukera jasotako datuak plataformako erabiltzaile guztiekin partekatzeko. "Informazio horren bidez, ezagutza dugu gure esku; garai ezberdinetako datuak alderatzeko aukera dugu, bai eta populazioen joera ezagutzekoa ere. Gisa horretako informazioa funtsezkoa da hegaztiak ezagutzeko eta zaindu ahal izateko erabakiak hartzeko".

Deanek gogoratu du Gorosti zientzia elkarteko kideek, hasieran, paperean argitaratzen zutela ornitologia urtekari bat. "Hamar urtez, ikusitako hegaztien inguruko 20.000 ohar jaso genituen argitalpen horietan; eBird plataformaren bidez, berriz, azken bi urte eta erdian 200.000 jaso ditugu; aldea nabarmena da", erran du Gorostiko kideak.

Argitu du paperean jasotako datu horiek guztiak plataforma digitalean daudela orain, denen eskura. "Gure datuekin eta gurekin bat egin duten ornitologoek jasotakoekin batera, ari gara plataforma hornitzen; ahalegin handirik egin gabe, aukera dugu informazio hagitz baliagarria jasotzeko", berretsi du Deanek. Jose Ardaiz biologoa ariko da kongresuan, zehazki, eBird plataformaren erabilerari buruz eta euskarri horren bidez lortutako informazioari buruz.

Zaletasunak, gora

Juan Ignacio Deanek argi du ornitologiarako zaletasunak gora egin duela Nafarroan azken urteotan. Gorostik egindako lanak ere badu errealitate horrekin zer ikustekorik, hamabost urtez egin baitu elkarteak ornitologia ikastaroa, zaletasun hori sustatzeko. "Talde txikiak osatzen dira, baina, pixkanaka-pixkanaka, urrats sendoak egiten ari gara".

Hegaztiei behatzeaz gain, ornitologia beren zaletasun bilakatu duten anitzek argazkigintzarekin uztartzen dute jarduera hori. "Ornitologiarekin lotutako argazkigintzak gora egin du, nabarmen", berretsi du Deanek. Nafarroan hegaztiei so egiteko eta argazkiak egiteko "hamaika toki aparta" badirela erantsi du. "Autokritika egin behar dugu, ez baitugu joerarik gurean dugunari duen balioa emateko. Nafarroan paisaia ezberdinak ditugu: kostaldetik gertuko eskualdeetan itsas hegaztiak sartzen dira; Pirinioak ditugu, haitzez eta arroilez betetako inguruak; hegoaldean, berriz, Bardea, han bizi diren estepako hegaztiekin. Paisaia horietan guztietan bizi diren hegazti guztiak bilakatu nahi ditugu protagonista, bai urriak direnak, bai eta erraz ikus ditzakegunak ere". Kongresuari buruzko informazioa Gorostiren webgunean dago, gorosti.org helbidean.

Memoria, paperean

Memoria, paperean

Edurne Elizondo

Iaz baino ezagunagoa da orain herrian Isidoro Fagoaga". Berako Udaleko zinegotzi Aitor Elexpuruk erran ditu hitzok, German Ereñak idatzitako tenor beratarrari buruzko biografiaren aurkezpenean. Isidoro Fagoaga, el tenor olvidado (Isidoro Fagoaga, tenor ahaztua) izena du lanak, eta Berako Udalak eta Nafarroako Gobernuak plazaratu dute. Liburuak iaz hasitako ekinaldi ziklo bat ixten du, nolabait. Fagoagaren obrak eta tenorrak egindako bidea ezagutarazi nahi izan dituzte ekinaldi horiek, herritar talde batek bultzatuta. Isidoro Fagoaga izena du Berako musika eskolak, baina izen horren atzean dagoen izana ezezaguna zen, orain arte, tenor eta idazle izandako gizon horren herrikide anitzentzat. Egoera hori aldatu nahi izan du beratar talde batek, Fagoagaren omenez egindakoekin.

Elexpuruk uste du helburua bete dutela, eta tenorrari buruzko erakusketa, hitzaldi zikloa eta omenaldia egin eta gero hurbilagokoa dutela beratarrek Fagoaga. Goi mailako abeslaria izan zen, Wagnerren operak kantatzen onenetakoa. Konpromiso sendokoa, gainera. Italian jo zuen goia tenor gisa, baina herri hori eta kantua utzi zituen Gernika bonbardatu zutela jakin eta gero. Erabat hunkitu zuen 1937ko apirilaren 26an gertatutakoak.

Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusi Dori Lopez Juriok bat egin du Berako zinegotziarekin, eta argi du Ereñaren lanak tenorraren ibilbidean sakontzeko aukera emanen diela irakurleei, gainera. Musika utzi eta gero Fagoagak bere lehen zaletasunari heldu ziola nabarmendu du Lopez Juriok: idazteari, alegia.

Ereñak ere paperean jaso du Fagoagaren memoria. Richard Wagnerren operen zale amorratua da Ereña, eta zaletasun horrek eraman zuen, 2000. urtean, Berara. Eibarkoa da Ereña, herri horretako txistu bandako kide. Ez da ikerlari profesionala, baina jakin-minak eraman du Fagoagaren arrastoaren bila, Eibartik Berara, eta Beratik Iruritara. "Fagoagak Wagnerren operak abesten zituen; goi mailako tenor dramatikoa izan zen; Italiako nagusia izan zen, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan".

Fagoaga beratarra zela bazekien Ereñak, baina deus gutxi gehiago. 2004. urtean, tenorraren hainbat senide aurkitu zituen Iruritan, eta haiengana jo zuen. Abeslariak utzitako hainbat kutxa aurkitu zituen han, eta, kutxa horien barruan, berriz, benetako altxor bat: gutunak, oholtza gainean erabilitako jantziak, argazkiak eta tenorraren bertze hamaika gauza.

Arrakasta eta mina

Materiala jasotzen hasi ahala, Fagoagaren biografia idazteko proiektua ere mamitzen hasi zen Ereñaren baitan. Duela bi urte, Beran sortutako Isidoro Fagoagaren Lagunak taldeko kideekin jarri zen harremanetan, eta haien arteko sinergien ondorio izan zen iaz Berako kultur etxean tenorrari eta haren garaiari buruz egindako erakusketa. Fagoagaren arrakasta islatu zuen erakusketa horrek, bai eta abeslari eta idazle beratarraren mina ere. Izan ere, Italia utzi eta gero, Donibane Lohizunen hartu zuen aterpe. Atxilo hartu, eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Hilabete bat egin zuen han, 1940. urtean.

Fagoagaren biografia osatu du Ereñak bere liburuan, eta oholtza gainera igo zen aldi guztiak zehaztu ditu, haien inguruko kritikekin batera; gainera, beratarrak idatzitako lanen zerrenda eman du Ereñak, bai eta tenor eta idazleari buruz idatzitakoena ere. Eibarko ikerlariak nabarmendu du gobernuak hartu duela Fagoagaren ondarearen gaineko ardura, eta pozgarritzat jo du hori. Azaldu du liburua osatzen hasi zenean garai hartako gobernuko eta Berako Udaleko arduradunek ez zutela interes handirik erakutsi Fagoagari behar bezalako aitortza egiteko. Orain, ordea, behar zuen babesa aurkitu du Ereñak administrazioan, eta ontzat jo du. "Adituen esku egon behar du". Ohartarazi du, halere, Fagoagaren inguruko ondareak "bizia" behar duela; ez dela nahikoa museo batean sartzea, alegia. Irakasteko eta ikasteko baliatu behar dela.

Gaur, Nafarroako Artxibo Nagusian izanen da German Ereña, 19:00etan, liburua aurkezten. "Han izanen dira Fagoagaren jantziak. Balio dezatela abeslariak utzitako gauzek haren inguruan sakontzen jarraitzeko", erran du egileak.

Hamaika hari jasota osatu du Ereñak Isidoro Fagoagaren mataza. Oraindik ere zer egin badela argi du idazleak, halere. Ideia bat jarri du mahai gainean: tenor beratarrari buruzko film bat osatzea. El tenor olvidado liburuan jaso ditu Ereñak Fagoagari buruz kontatu beharrekoak. Oraingoz, paperean gordeta dago tenorraren memoria.

Elkarlanari esker ari da sendotzen

Elkarlanari esker ari da sendotzen

Ane Eslava

Larunbatean, hainbat adituk Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharra eztabaidagai izan zuten Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean ikastaroan. Udako Euskal Unibertsitateak udazkenerako antolatutako lehenbiziko jarduera izan zen, eta ehun lagun inguru bildu zituen Iruñeko Kondestablearen jauregian. Hasteko, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esan zuen Kontseiluak bide bakarra ikusten duela herritarren hizkuntza eskubideak aitortuak izan daitezen: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea. Horretarako, beharrezkotzat jo zuen euskararen lege "integral" bat ezartzea.

Kontseiluak ez ezik, beste hainbat adituk ere parte hartu zuten. Roldan Jimeno NUPeko Zuzenbidearen Historia irakasleak indarrean dagoen legearen iraganaz hitz egin zuen; Iñigo Urrutia Zuzenbide doktore eta EHUko irakasleak, berriz, euskararentzako esparru juridiko berri baten beharra izan zuen hizpide. Bestalde, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak Nafarroako zonifikazioari buruz hitz egin zuen. Azkenik, Koldo Colomo euskara teknikaria, Iulen Urbiola Baztango udal idazkaria, Ivan Gimenez kazetaria eta Iñigo Orella nekazari ingeniaria egungo legediaren gabeziaz mintzatu ziren. Horrez gainera, Alfons Estevek, Valentziako Unibertsitateko hizkuntza politikako zerbitzuburuak, valentzieraren legearen nondik norakoak azaldu zituen.

Jardunaldiaren balorazio "oso positiboa" egin dute UEUko kideek, Edurne Koch Nafarroako arduradunak adierazi duenez. "Ez genuen uste erantzuna hainbestekoa izango zenik". Adituen maila azpimarratu du: "Kopuruak garrantzia badu ere, adituen kalitateari eta aniztasunari erreparatu nahi diet". Hizlariez gain, uste du publikoan ere euskararen lege berri bat bultzatzeko "garrantzitsuak" izan daitezkeen pertsonak izan zirela: besteak beste, parlamentariak, toki erakundeetako euskara zerbitzuetako teknikariak, AEK-ko eta IKAko ordezkariak eta herri mugimenduko kideak. "Gure helburuak bete ziren, guztiz".

Jardunaldi horrekin estreinatu du UEUk ikasturtea. Aurten, programa oparoa eskainiko dute Iruñean: hamar ikastaro egingo dituzte. Horietako batzuk UEUk berak sortutakoak dira, edonori zuzendutako gai zabalak eskaintzen dituztenak. Horien artean daude Hizkera argia administrazio elektronikoaren garaian eta Emozioen kudeaketa eta manipulazioa. Beste batzuk, ordea, espezifikoagoak dira, hezkuntzarekin lotutakoak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departa- mentuarekin elkarlanean antolatzen baitituzte. Zortzi dira: Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak; Adimen Anizkunen teoria: begirada aldaketa; Psikomotrizitatea, mugimendu eta jolas librea; Itzulpengintzaren hasi-masiak irakasleentzat: hainbat baliabide eta gako; Bileren dinamizaziorako teknikak; Gradu bukaerako lana eta lan akademikoetan trebatzen; Aniztasuna landuz, LGTBIfobia gainditu eta Proiektu bidezko metodologiak. Azkena Internet bidez egingo dute; gainontzekoak, berriz, Iruñeko hainbat egoitzatan.

Ikastaroek oso harrera ona izan dutela adierazi du Kochek: "Espero genuena gainditu dute". Esan duenez, pedagogia berritzaileak lantzen dituztenek izan ohi dute eskaririk handiena. Aurten, kasurako, Proiektu bidezko metodologiak ikastaroan 180 lagunek eman dute izena, eta psikomotrizitateari lotutako ikastaroak ere "oso harrera ona" izan du. Bestalde, Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak izenekoak ere izen emate ugari izan ditu. "Argi dago beharra dagoela hori aztertzeko eta ulertzeko", Kochen hitzetan.

"Pozik gaude, gure helburua betetzen ari delako", adierazi du. UEUk Nafarroan duen helburua da euskarazko etengabeko prestakuntzan erreferente izatea. Izan ere, krisialdi garaian, Iruñeko egoitza itxita egon zen hainbat urtez. 2015ean, ordea, berriro irekitzea erabaki zuten, eta elkarlanaren aldeko apustua egin zuten. Hitzarmen "garrantzitsuak" lortu zituzten: NUPekin eta Hezkuntza arloko Unibertsitate atalarekin. "Horiekin lortu genuen jende askorengana hurbiltzea". Gainera, ikastaroak homologatu zituzten, eta, horri esker, ikasleek kredituak eta parte-hartze ziurtagiria eskuratu ditzakete.

Elkarlanaz gain, beste faktore batzuk lagungarriak izan dira UEUrentzat. Batetik, Nafarroako Gobernu aldaketa aipatu du Kochek: "Ateak ireki zizkiguten hasieratik, eta babes horrek bermea ematen digu gauzak ondo egiteko". Bestetik, euskaraz ikasi duen belaunaldia helduagoa izatea ere lagungarria izan da.

Lortu dute, beraz, UEU Iruñean sendotzea. Arduraduna pozik dago egindako ibilbidearekin: "Joan gara pixkanaka pausoak ematen, eta hazkundea izugarria izan da". Eskariak gora egiten jarraitzen duen bitartean eskaintza handitzen jarraituko dutela ziurtatu du. Aurrera begira, erreferente izaten jarraitzea da UEUren erronka nagusia.