“Belaguara joateari utzi nion aterpea itxi zutenean; tristea zen”

“Belaguara joateari utzi nion aterpea itxi zutenean; tristea zen”

Edurne Elizondo

Mendia izan da, eta bada, Paquita Bretosen bizitzako ardatz nagusietako bat (Pasaia, Gipuzkoa, 1927). Kontrabandoan aritu zenean zaletu zen. 1936ko gerrako eta ondorengo urteak latzak izan ziren Bretosentzat. Aita fusilatu zuten, eta ama, berriz, preso eraman. Mendiak eman dio haizea.

Kontent zaude Belaguako aterpea berritzeko lanekin?

Aterpea itxi zutenean, Belaguara joateari utzi nion, hagitz tristea zelako eraikina utzita ikustea. Beraz, orain hagitz kontent nago. Gauza handia izan da niretzat jakitea zabalik izanen dela, berriz ere. Nik jada ezin izanen dut anitzetan joan, baina goza dezatela bertze mendizaleek. Pozgarria da hori.

Zer da zuretzat aterpe hori?

Anitz. 1971. urtean inauguratu zuten. Egiten ari ziren bitartean, igandero joaten ginen senarra eta biok. Hasieran, asmoa zen bertze toki batean egitea, beheko aldean. Errepiderik ez zegoelako. Baina Izabatik Belaguara igotzeko errepidea eginen zutela jakin eta gero, bide bazterrean egitea erabaki zuten. 1993. urtean, moldatu eta gero, berriz ireki zuten, eta urte hartan, nire senarra zenaren izena jarri zioten aterpeari, Angel Oloron. Guretzat, beti izan da toki berezia.

Mendizale anitzentzat ere bai, ezta?

Nik uste dut baietz, baduela zerbait berezia mendizale guztientzat. Goitik ikusten baduzu, aterpeak kanpin denda baten itxura du. Europatik eman dute orain aterpea berritzeko dirua, eta jarri duten baldintza horixe izan da, eraikinak bere itxura horri eutsi behar diola. Itxura horrek bakar bilakatzen du Belaguako aterpea, eta ez dute galdu nahi.

Noizkoa duzu mendizaletasuna?

Kontrabandoan aritzen nintzen garaikoa. Amarekin hasi nintzen. Kintoan aritzen ginen. Galtzerdiak eta gisakoak pasatzen genituen. Iheslariak ere laguntzen genituen muga pasatzen, errepresioari ihes egin ahal izateko. Lehen aldiz aritu nintzenean tabakoa pasatu nuen. Gogoan ditut ordukoak!

Zer gertatu zen?

Tabakoa nire gorputzera lotu, eta beroki batekin tapatu nuen! Tabakoaren usaina ikaragarria zen!

1936ko gerrakoak eta ondorengoak urte latzak izanen ziren, ezta?

Hagitz latzak. Aita fusilatu egin zuten. Trujillon hil zuten. Ama hil eta gero, senarrarekin joan nintzen haren hilobia ikustera. Aranzadiko Paco Etxeberriarekin joan nintzen. Ama ere espetxean sartu zuten, 1936ko gerra piztu zenean. Ondarretan egon zen preso. Nire ama maistra zen. Baina Iruñean ez zuen inoiz lanik aurkitu, ez zelako karlista. Haren ama bazen, karlista amorratua. Ama, berriz, komunista. Ardanatzen izan zen nire ama maistra, 1919an.

Gero Pasaiara joan zen?

Aitak Luzuriagan egiten zuen lan, Pasaian. Ama Pasaiara joan zen bizitzera, ezkondu zenean. Maistra zenez, harengana joan ziren, hauteskundeetara aurkezteko, eta Fronte Popularreko zinegotzi hautatu zuten, 1936an.

Zenbat denbora izan zuten preso zure ama?

Ia bi urtez egon zen. Saiatu ziren ni umezurztegian sartzen. Espetxetik atera zenean, ez zuen bere amarengana joan nahi, karlista amorratua zelako. Ez zioten Pasaiara itzultzen utzi, eta horregatik etorri zen Iruñera. Aske zegoen, baina baldintzapean. Ni amonarekin egon nintzen ama kartzelan egon zen bitartean. Gorriak pasatu nituen. Nik bederatzi edo hamar urte baino ez nituen ama preso hartu zutenean. Senarrak erraten zidan, bizi izandako esperientzia gogorren ondorioz, inguratzen nauenari so egiteko gaitasun handia dudala. Lehen ez nuen anitz hitz egiten, ezin nuelako. Begiratu bertzerik ez nuen egiten.

Mendian hasi zinenean, emakume gutxi aritzen ziren?

Bai. Ni lau lagunekin ateratzen nintzen mendira, guztiak gizonak. Behin, zeharkaldi bat egin genuen, eta Lekunberrin amaitu genuen bidea. Han ezagutu nuen Angel, gero nire senar bilakatu zena. Emakumeok ezin ginen tabernetan sartu. Kanpoan gelditu behar nuen, eta lagunek atera behar zidaten edan nahi nuena. Angelek bete zidan kantinplora behin, eta horrela ezagutu genuen elkar. Orhi mendira joan ginen, utzi zigutenean.

Zergatik ezin zineten joan?

Mugan ziren mendietara ezin ginen joan, guardiek ez zuten uzten. 1947an-edo, lehendabizikoz izan nuen aukera joateko. Iruñean autobusa hartu genuen. Nire lagunek Angeli eskatu zioten ni autobus geltokira laguntzeko, goizean goiz atera behar genuelako, 06:00etan edo. 1953. urtean ezkondu ginen. Ez genuen bestarik egin. Goizean, 07:30ean ezkondu ginen! Mendiko lagunekin, amarekin eta nebarekin hamaiketakoa egin genuen gero, Baztan tabernan. Horixe izan zen gure ezkontza.

Mendiko giroa anitz aldatu da?

Aldatu da anitz, bai. Ni hasi nintzenean, gogoan dut galtza-gonarekin joaten nintzela mendira. Pentsa, orain inork ez luke horrelakorik eginen! Behin, galtza-gona eta galtzerdiak jantzi nituen, baina mendian elur anitz zegoen, eta gorriak pasatu nituen. Amak erran zidan hobe nuela galtzak jantzi mendira joateko, eta halaxe egin nuen, azkenean.

Pirinioa ederki ezagutu duzu.

Bai. Astero ibiltzen ginen. Angelekin ere, hamaika txango eginak ditut. Pirinio guztiak zapaldu ditut. Gero, 50 urterekin, Montblanc ere igo nuen. Ikurrina txiki bat eraman genuen gailurrean jartzeko. Eguraldi txarra izan genuen.

Asteburuan, mendia. Eta aste egunetan?

13 urte nituenean hasi nintzen lanean, ezkondu arte. Gortari etxean aritu nintzen, dendari. Galtzerdiei puntuak hartzen nizkien, gainera. Ezkondu ginenean, ama gurekin etorri zen bizitzera. Oraingo etxea erosteko, lanean hasi nintzen, berriz ere, Kcikers etxean. Horri esker badut egun dudan pentsioa. Kontua da Gortari etxean ez nintzela hasi kotizatzen lanean hasi eta berehala, baizik eta bikotea izan nuenean. Horren berri gero izan nuen!

Mendia ez duzu utzi. Gozatzen segitzen duzu?

Bai. Mendia maite dut, eta lagunekin jarraitzen dut joaten. Ez dut lehengo gaitasuna, baina oraindik banaiz mendian ibiltzeko gai. Eta maite dut. Oraindik ere gai gara ezagutzen ez genituen txokoak ezagutzeko. Toki zoragarri anitz ditugu inguruan. Urbasa eta Andia artean, adibidez, mila urteko harizti bat dago. Sei emakumeren artean ere ez gara gai zuhaitz horietako batzuen enborrak besarkatzeko. Toki zoragarria da. Hori da mendiak duen ederrena. Igandero ateratzen naiz. Zortzi edo hamar kilometro inguruko txangoak egiten ditugu.

Iritzia: “Egin nazazu indartsu”

Lohizune Amatria

Supermerkatuko ilaran ordaintzeko zain nengoela, gauza bitxi bat gertatu zitzaidan, aurrekoan. Denetarik duen denda horietako bat da; haurrentzako jolas parkea ere baduena. Eta bertatik iritsi zen atentzioa eman zidan oihua. Haur baten ahotsa zen: "Gora bizitza!".

Barregura eragin zidan aldarrikapen euforiko hark. Ironikoa izan zen, noski, nire barregura. Izan ere, nire erreakzioak gehiago izan zuen inbidiatik eta tristeziatik, poztasunetik baino. "Jakingo balu", pentsatu nuen.

Azken uda honetan, behin baino gehiagotan, haurrekin egotea egokitu zait. Gauza politak gertatu zaizkit beraiekin; baina bizi izandakoetatik bat geratu zait iltzatuta. Aurpegiak margotzeko margoekin jolasten ari ziren, bata besteari tatuajeak egiten. Horietako batek, bost urteko mutil batek, elastikoa erantzirik zuen, eta tripa eta bularra margotzen hasi zitzaion laguna. Gustatuko litzaidake generoa aipatu gabe kontatzea gaurko istorio hau; baina, tamalez, generoa garrantzitsua da kontakizun honetan.

"Egidazu indartsu", iradoki zion margotzen ari zenari. Rolak errepikatzen ari dira. Neskek pinpilinpauxak eta bihotzak eskatzen dituzte; mutilek spiderman edota marrazo tatuajeak. Mutilek urdina nahi dute; neskek, arrosa. Baina mutilak ez zuen amaitu. Arrazoi bat zuen: "Egin nazazu indartsu; horrela, neska guztiek maiteko naute".

Alarma guztiak piztu zitzaizkidan. Bost urteko ume batek esan du hori. Ikasi du hori. Halako batean, beste haur baten ahotsa entzun nuen: "Bada, ez, ez zaitugu maiteko!". Zer-nolako lasaitua. Esperantza badagoela pentsatu nuen; badira haurren artean androzentrikoa, heteronormatiboa eta matxista ez den bestelako hezkuntza jasotzen dutenak.

"Indartsu" margotzeaz amaitu zutenean, neska bati zuzendu zitzaion mutila: "Indartsu nago? Maiteko nauzu?". Neskak baiezkoa erantzun zion; eta gelaren erdian jarriz, bere gorputza erakutsi zigun guztiei mutilak. Bat-batean, oihuka hasi ziren neska guztiak (maiteko ez zuela esan zuen hura ere bai): "Guapo! Guapo! Guapo!". Desodorante marka baten iragarkia nuen begi aurrean; Malumaren azken bideoklipa.

Azkenaldian, gizartean aurrera pausoak eman direla entzun dut. Eta badakit ez dela guztiz gezurra; baina hura ikusita kosta egiten zait sinestea. Segur aski, txikia nintzenean, nik ere egin nituen horrelakoak. Beste askok bezala, orain ditudan jarrera, ohitura edo esaten ditudanak berriz aztertzen ari naiz eta.

Hezkuntza matxista jaso dugu, eta erabat barneratuta ditugu jokabide horiek guztiak, baita haur horiek ere. Beraz, kontzientzia handiagoa dutenean berdin egingo dute haiek ere. Lehenago edo beranduago, prozesu hori bizi izango dute haiek ere -badakit ez duela zertan, baina pentsatu nahi dut baietz, gertatuko dela-. Etxean, telebistan, eskolan, kalean… ikusi dutena berriz aztertu beharko dute. Eta orduan, agian, ez dute hain euforiko oihukatuko "Gora bizitza!".

Baina hori ez da nahikoa. Ez da ezer aldatuko, errotik ez bada. Ez litzateke zentzuzkoagoa izango betaurreko moredun hezkuntza bat eskaintzea?

Tras Los Muros ekintzailearen ‘Refugiados’ euskaraz eman nahi du Nor kolektiboak

Tras Los Muros ekintzailearen ‘Refugiados’ euskaraz eman nahi du Nor kolektiboak

Nor Euskal Herria Antiespezista kolektiboak euskaraz eman nahi du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistaren Refugiados liburua. Lana itzuli du, herritarren artean gizakiek bertze animaliekin duten harremanari buruz gogoeta bultzatzeko, euskaraz bultzatu ere. Liburuak Madrilgo Wings of Heart babeslekuko egunerokoa du hizpide; 300 animalia baino gehiago bizi dira han, guztiak haztegi edo hiltegietatik erreskatatutako norbanakoak. Aitor Garmendia-Tras Los Muros argazki kazetariak...

Iritzia: Eskerrik asko, Maravillas

Saioa Alkaiza

Euskal Jaik hamar urte iraun zuen, alternatibak josten, autogestioa eratuz Alde Zaharrean, bestelako mundu bat irudikatzen; Javier Chorrautek (CDN) ez zuen utzarazi, eta ez zuten hustu eta eraitsi harik eta Yolanda Barcina (UPN) herri mugimenduaren arnasgunea zena desegiten tematu zen arte. 2004ko uda zen.

Alde Zaharraren memoria gorpuztuan dago orduko hura. Subkontziente kolektibora joaz, errairen batean zizelkatua daukagu, minez. Kargak, atxilotuak, borrakadak, etxerainoko bidea hartu ezin zuten auzokideak... Auzo bat, Poliziarena. Nork esanen zuen antzeko irudi militarizatu bat biziko genuenik berriz Alde Zaharrean, noiz eta Aldaketaren Gobernuaren aroan gaudenean?

Bada, bai. Abuztuak 17 zituenean, 05:00etan, kaputxa jantzitako poliziek hartu zuten Nabarreria. Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak. Eta auzokideak leihoetara atera ziren. "Eutsi, peña", entzuten zen, dozena bat furgoitik gora zeudela Nabarrerian; "Maravillas aurrera", garabi batekin azken balkoitik zintzilik zeuden neskak ateratzen zituzten bitartean; "Un desalojo, otra okupación" adi zitekeen, lotsagabe Poliziak balkoietan geunden bizilagun eta kazetarioi argazkiak ateratzen zizkigunean.

Inork ez daki zein izan den kalkulua: Ahal Dugu-ren soka kritikokoek eta ofizialistek zer eginen duten hauteskundeetan eta horrek nola eragin dezakeen botoan; Geroa Bai PSNri begira ote dagoen, Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren babesarekin gobernua osatu nahian eta hor gaztetxea ere taktikoki garrantzitsua den EH Bildurentzat okerrenetarikoa litzatekeen aukeretako bat da balizko batuketa hori, aintzat hartuta agian zenbakien ondorioz bere beharra ere izatea gobernatzeko; Geroa Bai zentro-eskuinaren boto emaileen tarjeta ere bereganatu nahian ote dabilen eta jokaldi hau kartak erakusteko izan ote den; baliteke hasierako "huste ordenatuak" legalitate berniza ematea, baina zaurituek eta kargek pixka bat zikintzea ordena eta horregatik egin izana atzera; agian, sinpleagoa da dena eta kalkulurik ez egitea izan da kalkulu bakarra. Auskalo.

Bulegoak bulego eta lokatzak lokatz, argi dago zer gertatu den kalean: Maravillas okupatu dute berriz ere, eta, geroztik, askatutako beste espazio bat dauka Alde Zaharrak.

Eta kontua da, orain, Alde Zaharraren memoria kolektiboan ez dagoela bakarrik Euskal Jai, baizik eta Maravillasen erresistentzia eta herri mugimenduaren garaipena, eta auzokideek oroituko dituztela bizilagunak kolpez hartu zituzten kaputxadunak eta auzoari gune bat eskaini zioten gaztetxeko kideak. Are, oroituko dituztela brindis herrikoia, poz malkoak, besarkadak eta mundua ulertzeko beste modu bat sortu nahi duten horien ilusioa. Bigarren huste saiakera bat latzagoa litzateke, beraz.

"Hau ez da okupazio bat, ederra izanen den zerbaiten hasiera baizik, eta, egiatan nahi badugu, geldiezina", esan zuten Euskal Jai desalojatu zutenean.

Geldiezina izan zaitezen opa dizut, Maravillas. Zorionak zure urteurrenean, eta eskerrik asko auzoari emandakoarengatik.

“Taldearen aniztasunak irakatsi dit gauza gehien”

“Taldearen aniztasunak irakatsi dit gauza gehien”

Ane Eslava

Zazpi urte zituenetik aritu da txirrindularitzan Erkuden Almagro (Iruñea, 1976). Lehia uztea erabaki zuenetik, taldean ateratzen da bizikletan ibiltzera, baina, hasieran, talde horiek gizonek osatutakoak izan ohi ziren. Bere zaletasuna emakumeekin partekatzeko beharrak bultzatu zuen Bizikume taldea sortzera, eta, egun, 200 kidez osatutako kluba da. Uste du baliagarria izan dela emakumeen arteko sareak sortzeko eta elkarri indarra emateko.

Zein izan da zure ibilbidea bizikletarekin?

Beti ibili naiz bizikletan, oso txikitatik. Hamabi urterekin hasi nintzen lehian, eta gero hemengo nesken klubetan ibili nintzen; baina kanpora joan behar izan genuen laster, hemen ez genuelako aukerarik.

Egun, zer da zuretzat bizikleta?

Une bat heldu zen non emakume asko lehia uzten hasi ziren, ikusi zutelako inoiz ez zutela beren ametsa lortuko: profesional izatea, adibidez. Nik, ordea, jarraitu egin nuen, eta, beharrak bultzatuta, taldea sortu nuen. Orain, bizikleta nire bizimodua da.

Gizonekin bizikletan ibiltzeko ohitura zenuen. Zeren falta sumatzen zenuen haiekin joatean?

Emakume askok utzi zutenean, nik oraindik bizikletan ibiltzeko beharra sentitzen nuenez, taldetxoekin elkartzen nintzen. Baina gehienak gizonak ziren, eta askotan tokiz kanpo sentitzen nintzen. Erritmoak ez zitzaizkidan gustatzen, eta elkarrizketa asko tokiz kanpo zeudela iruditzen zitzaidan. Orduan, zerbait aldatu behar nuela ikusi nuen.

Nola animatu zinen taldea sortzeko pausoa ematera?

Justu orain dela lau urte izan zen. Ikusi nuen beste kiroletan emakumeen taldeak sortzen ari zirela, eta Mujeres en Bici taldea sortzera animatu nintzen. Beharrak eraman ninduen horretara.

Sare sozialak erabili zenituen taldea sortzeko. Nola izan zen?

Hasieran ez nekien oso ongi nola egin nezakeen, eta WhatsApp talde bat sortu nuen. Geroz eta neska gehiago elkartuz joan ginen, eta, azkenean gehiegi ginenez, mendikoak eta errepidekoak, banatu egin ginen. Klub bat sortu genuen, Bizikume, egiturak koordinatzeko erraztasunak ematen zizkigulako.

Hasieran, zuen helburua zen ibiltzera joateko elkartzea, ezta?

Bai, ibiltzera joateko elkartzen ginen batez ere. Baina, gainera, justu une horretan mugimendu aldarrikatzaile handia zegoen Iruñean, eta asko erabiltzen zuten bizikleta. Gu askotan joaten ginen bizikletarekin ekitaldietara, masa kritikoetara... Beti izan dugu aldarrikapen puntu hori. Bestalde, feminismoak ere toki handia du taldean, eta uste dugu gauza biak lotuak daudela.

Zenbat emakume eta zer adin tartekoak zarete?

Egun 200 inguru gara, eta 18 eta 70 urte bitartekoak. Esan beharra dago ez ditugula gizonak kanpoan uzten, irteera misto batzuk ere egiten baititugu, baina gure elkargune nagusia ez da mistoa. Eta bi modu daude gurekin bat egiteko. Batetik, Mujeres en Bici komunitatearen parte izatea: dohainik da, eta kideek irteeren berri izaten dute. Eta, bestetik, Biziklume klubean sartzea: urtean 20 euro balio du, eta abantaila batzuk ematen ditu.

Zergatik da positiboa emakumeak kirola egiteko elkartzea?

Guk beste erritmo batzuk ditugulako, beste elkarrizketa gai batzuk... Alegia, beste modu batera ibiltzen gara. Ez zaigu axola helmugara azkar iristea; disfrutatu egin nahi dugu.

Liburu bat ere idatzi duzu: Guía definitiva de la mujer ciclista. Hutsune bat zegoela ikusteak eraman al zintuen hori sortzera?

Bai, pausoa eman nuen ikusi nuelako informazio hutsune handia zegoela. Adibidez, behin emakume txirrindularien liburu bat erosi nuen, eta bizikleta politen eta neska ederren argazkiak baino ez zituen. Esan nuen: hau al da emakumeen txirrindularitza? Eta gida bat egitea erabaki nuen, emakumeei aukera emateko beren kabuz ibiltzen hasteko. Gerora idatzi izan didate esanez animatu direla; hori zen asmoa.

Eskola bat ere sortu zenuten.

Bai, halako zerbait. Klubaren egiturak aukera ematen digu eskolak eskaintzeko: hastapenei buruzko ikastaroa, mendian hastekoa, mugikortasun eskolak...

Positiboa da ikasteko orduan emakumeak eta gizonak banatzea?

Nik uste dut baietz. Izan ere, ikusten dut askotan, talde mistoetan, emakumeak pixka bat deseroso sentitzen direla, batik bat zalantzak galdetzeko orduan. Horregatik, soilik emakumeez osatutako taldean elkartzea ikasteko aukera bikaina izaten da haientzat.

Zuri zer eman dizu emakumeekin taldean joateak?

Gure taldearen aniztasunak irakatsi dit gauza gehien. Hemen mota guztietako pertsonak ezagutu ditut: LGTBI emakumeak, Opus Deikoak, medikuak, garbitzaileak... Geure elkargunea bizikleta da, eta gainontzeko guztia alde batera uzteko gai gara. Hori izugarria da. Ni kirol mundu maskulino batetik nator, eta sexu joera, herrialde edota erlijio askotako neskekin elkartzean esan dut: "Nor naiz ni bestea epaitzeko? Berak pedalei eragiten die nik bezala". Horrek pertsona hobea bihurtu nau.

Kirola, modu kolektiboan, ahalduntzeko tresna izan daiteke?

Bai, guztiz. Oso sare garrantzitsuak sortzen dira, eta elkarri laguntzen diogu. Adibide gisa, ikusten duzu emakume batek minbizia gainditu duela eta bizikletan dabilela; edo, gure taldearen kasuan, 70 urteko emakume bat dugu, eta aurten bere lehenbiziko triatloia egin du. Uste dut hori guztia ikusteak asko ahalduntzen gaituela.

Adina aipatu duzu. Halako taldeek balio dute emakume batzuek adinarengatik senti ditzaketen mugak apurtzeko?

Bai, nik oso argi daukat hori. Orain, emakumeek kirola egiten dute 80 urterekin ere; hemen ez dugu hori izan orain arte. Emakume askok seme-alaben zaintzaz arduratu behar izan dute, eta kirola eta halako gauza batzuk alde batera utzi dituzte. Hori aldatzen ari da. Gure taldean 50-60 urteko emakume asko daude: batzuek mugak jartzen zizkioten beren buruari; orain, taldeari esker, gainditu egin dituzte.

Beti ibili zara txirrindularitzan. Zein unetan sentitu duzu bereizkeria emakume izateagatik?

Beti. Orain hori aldatzen ari da, baina badira berdin jarraitzen duten gauzak; adibidez, sarien desberdintasuna. Hori ez da aldatu; horregatik, lasterketa batean sariak parekideak direla ikusten dugunean, parte hartzen dugu, antolakuntza saritzeko. Hala ere, orain aurrera egiten ari gara: emakumeak elkartu gara, eta gizartea mugitzen hasi da.

Emaitzarekin pozik zaude?

Bai. Hasieran ez nekien hau noraino helduko zen, eta ez nuen espero horrenbeste zabaltzea; baina proiektuak asko eman dit. Hala ere, ikusten dut hazten ari dela, eta espero dut inoiz ez bihurtzea enpresa bat; zerbait txikia izaten jarraitzea. Bestalde, beste herrialde batzuetako neskak hasi dira animatzen beren taldeak sortzera; horrek erakusten digu egiten dugunak zerbaitetarako balio duela.

Orduko usteaz eta indarraz

Orduko usteaz eta indarraz

Edurne Elizondo

Francisco Perez Lusarretak 96 urte bete zituen asteazkenean. "Erran iezadazu Paco, mesedez!", eskatu du, irribarre eginez. Atzo jaso zuen Berako Udalaren oparia: omenaldia egin zioten, Gernika batailoiko kide izan zela gogoratzeko. Nazien aurka borrokatu zen, II. Mundu Gerran. "Batailoiko azkena naiz, bizirik gelditzen den bakarra. Etxekoen artean ere, azkena". Duela sei hilabete hil zen Maria Luisa Agirre, Perez Lusarretaren emaztea, eta, geroztik, Berako zahar etxean bizi da gudari ohia. Jaurrietan jaio zen, 1922. urtean.

Jada ez du gazte garaiko gorputza, eta makilaren laguntza behar du mugitzeko; burua, ordea, beti bezain argia du, eta 1940ko hamarkadako usteaz eta indarraz mintzatzen da, oraindik ere. Errepublika maite zuen Manuela Lusarreta bere ama ekarri du gogora; gerra garaian lagun izandako Asta txakurra ere bai; anaiak eta arreba txikia; gerran galdutako lagunak. "Atzetik heldu zirenentzat ispilu izan nahi genuen orduan", nabarmendu du.

Ispilu horri egin nahi izan dio so Berako Udalak aurtengo besten hasieran, hain zuzen ere. Memoria historikoaren ispiluari, alegia. Perez Lusarreta omendu du horretarako, bai eta herrian 1936ko errepresioa sufritu zutenak eta haien ondorengoak ere. Altxamendu militarra gertatu eta gero, urte hartako uztailaren 21ean sartu ziren erreketeak Beran. Ordurako, jada, herritik at ziren frankistekin bat egin ez zuten hainbat herritar eta karabinero. Erreketeek ez zuten amore eman: 1936ko San Esteban egunean, gaurko egunez duela 82 urte, ihes egindako horien familiak eraman zituzten Udaletxeko plazara. "Gipuzkoara, Frantziara, edo fusilatzera", mehatxu egin zieten.

Ehun familia inguru bota zituzten herritik, eta gutxi batzuk baino ezin izan ziren itzuli. Ihes egiteko aukera izan ez zutenak fusilatu egin zituzten. Seiren gorpuak identifikatu zituzten; bertze lau desagertuta daude, oraindik ere.

Irundik Bartzelonara

Jaurrietan jaio, baina Irunera (Gipuzkoa) mugitu zen Perez Lusarreta familiarekin, haurtzaroan. Han harrapatu zituen 1936ko altxamenduak. "Gure familia errepublikazalea zen. Aita, karabineroa. Anaia zaharrarekin joan zen gerrara, frankisten aurka borrokatzera. Bertze bi anaiekin, arrebatxoarekin eta amarekin gelditu nintzen ni". Manuela Lusarretak Bartzelonara egin zuen ihes seme-alabekin, eta han gelditu ziren, gerra amaitu arte. "Gogorra izan zen. Irunera itzuli ginenean, dena kendu ziguten. Deus gabe utzi gintuzten. Frankistentzat, gu, errepublikazaleok, zaborra ginen, eta halaxe tratatu gintuzten".

Perez Lusarretaren aita Marcelino Perez preso hartu zuten. "Anaia zaharra ere bai. Aita Bilbon espetxeratu zuten; anaia, berriz, Santoñan". Ordukoak gogoratu dituenean, begirada ilundu zaio Perez Lusarretari. Amaren saminarekin oroitu denean, batez ere. "Nire ama emakume zoragarria zen, aparta benetan. Ama beti dut buruan; izugarri maite nuen". Harengandik jaso zituen bizitza osoan ardatz izan dituen balioak. Eta balio horiek eraman zuten Perez Lusarreta nazien aurka borrokatzera. "Ezin nuen deus egin gabe gelditu. Amak beti erran zuen borrokalari sutsua nintzela ni; mundua aldatzeko lanean ari nintzela. Harro zegoen, eta harro sentiarazi nahi nuen".

Soldaduska egiten ari zenean etxera itzultzeko eman zioten baimen bat baliatu zuen Perez Lusarretak muga zeharkatzeko eta Gernika batailoiarekin bat egiteko. Bidea ez zen erraza izan, halere. "Lehenik eta behin, Baionara joan nintzen. Atxilotu egin ninduten. Aske utzi ninduten kostaldeko bunkerrak eraikitzen laguntzera joan nintzela erran nuelako. Sinetsi egin zidaten".

Perez Lusarretak Paue izan zuen hurrengo helmuga, Okzitanian. "Han egin genuen bat 150 gudari inguruk; han mamitu zen Gernika batailoia". Bordele inguruan ikusi zituen lehendabiziko naziak. "Han egin nuen borroka lehen aldiz; eta han galdu nituen lehen lagunak".

Gerrari buruz, gizakien alderdirik ilunena agerian uzten duela erran du Perez Lusarretak. "Gerrara joaten zara, eta badakizu hil egin behar duzula, zu hil ez zaitzaten. Alemaniarrak gazteak ziren, gu bezala. Baina argi genuen nazismoaren kontra ari ginela borrokan". Tristuraz gogoratu ditu hainbat une: "Ez zen atsegina ikustea frantziarrek mendean hartutako etsaiak kolpatzen zituztela. Biziki krudelak iruditzen zitzaizkidan halako egoerak. Mendean hartutakoa ezin duzu kolpeka tratatu. Balio batzuen alde ari ginen borrokan, baina gerrak halakoak eragiten zituen".

Bordeletik Paris aldera eraman zuten Perez Lusarreta, batailoiko bertze hainbat kiderekin. "Paristik 50 kilometro ingurura zegoen jauregi batera eraman gintuzten; Rothschild familiarena zen. Han, mota guztietako armekin aritzen erakutsi ziguten. Magnum eta Colt etxeko errebolberrak eman zizkiguten. Sekulakoak ginela sentitzen genuen han!".

Armekin baino gehiago, halere, Gernika batailoiko kideekin eta orduan ezagutu zuen Asta txakurrarekin oroitzen da gudari ohia. "Batailoiko kideon artean, harremana ezin hobea zen. Talde bat osatzen genuen; justiziaren alde egiteko gogo berak batzen gintuen". Bereziki hunkitu da, halere, txakurrari buruz hitz egiten hasi denean. "Hain zen berezia! Laguna nuen, benetako laguna! Lubakian hotzak harrapatzen ninduenean, nire ondoan jartzen zen, berotzeko". Kumeak izan zituenean, lagun baten etxean uztea erabaki zuen. "Harekin hobeki ziren. Baina ez dut inoiz ahaztuko eman zidan guztia", erran du, begiak erdi bustita.

II. Mundu Gerra amaituta, Euskal Herrira itzuli zen Perez Lusarreta, Hendaiara. Irunen bizi zen, orduan, gudari ohiaren familia. "Aita, ama eta arreba ziren etxean. Anaia zaharra hilik zen ordurako. Bertze bi anaiak, berriz, hemendik kanpo: bat Afrikan, eta, bertzea, berriz, Frantziako kontzentrazio esparru batean". Familia laguntzea bilakatu zen Perez Lusarretaren helburu bakar eta nagusi. "Bazterrak ongi ezagutzen nituen, eta baliatzea erabaki nuen. Kontrabandista bilakatu ote nintzen? Bai, pixka bat", erantzun du, begiarekin kliska eginez.

Perez Lusarretak gogoratu du ehunak mugitzen zituztela, batez ere. Oroitu da Hernanitik Donibane Lohizunera eta, Bidasoko ibietan barrena, Endarlatsatik Plaiaundira egindako bidaiekin. "Frankismoak mehatxu egindako hainbat herritar ere lagundu nituen muga zeharkatzen", erantsi du. Ibardinen harrapatu zuten arte. "Egun hartan hiru ginen; ni nintzen lehena. Batek ihes egitea lortu zuen, eta bertze biok hartu gintuzten". Ibardindik Irungo polizia etxera eraman zuten, eta, han, Meliton Manzanas zuen zain. "Torturatzailea zen, gizon krudela. Zortzi edo hamar egunez izan nintzen han. Onik atera nintzen. Ondarretako espetxera eraman ninduten handik. Kartzelatik atera ninduten, azkenean, Euskal Herritik kanpora bidaltzeko". Sorterrian egoteko debekuak Bartzelonara bueltan eraman zuen Perez Lusarreta.

Bartzelonatik Irunera

Tailer batean hasi zen Bartzelonan lanean. "Mekanikari ona izan naiz beti. Haur bat bertzerik ez nintzenean ere, niri ez zitzaidan auto bat gidatzea interesatzen; autoa nola mugitzen zen jakin nahi nuen. Trebea nintzen". Osasun arazoen ondorioz utzi behar izan zuen lana. Ebakuntza egin, eta giltzurrun bat kendu behar izan zioten. Etxera itzultzea erabaki zuen Perez Lusarretak, orduan. "Kamioilari bati galdetu, eta, baietz, eramanen ninduela Donostiara. Horrelaxe joan nintzen etxera bueltan", gogoratu du.

Irunen, familiarekin egin zuen bat, berriz ere. "Auto zahar bat erosi, hura moldatu, eta garraiolari hasi nintzen lanean". Erretiroa hartu arte. Maria Luisa Agirre izan du bizikide, duela sei hilabete hil zen arte. Anai-arrebei ere agur erran behar izan die gudari ohiak. "Gogorra da. Baionan bizi zen anaietako bat. Minbiziak hartu zuen. Ebakuntza egin zioten, baina ez zuen sendabiderik. Hura ikustera joan nintzen azken aldian, argi eta garbi erran zidan hura izanen zela elkar ikusiko genuen azkena. Handik gutxira hil zen. Kolpe latza hartu nuen".

Eskuarekin egindako keinu baten bidez uxatu du tristura Perez Lusarretak. Irribarrea jantzi du, berriz ere. Badu damurik, halere: "Mundu hobe baten alde egin genuen borroka, baina ahaztu egin gaituzte; baztertu egin gaituzte". Ez du maite egungo gizartearen berekoikeria. "Non daude gure garaiko balioak? Mingarria da dena ahaztu izana. Bertzeentzat ispilu izan nahi genuen", berretsi du, orduko usteaz eta indarraz.