Kurriloek negua ekarri arte

Kurriloek negua ekarri arte

Edurne Elizondo

Miru beltzekin eta sorbeltzekin hasi, eta kurriloekin bukatu. Denborak txori izena du Aurizko Lindus tontorrean, ehunka mila baitira Pirinioak zeharkatzeko toki hori aukeratzen duten hegazti migratzaileak. Haiei so dira, uztailetik, Lindus 2 proiektuko kideak, egitasmo horren hirugarren sasoian.

LPO eta SEO Birdlife elkarteek, Aurizko Udalak eta Nafarroako Gobernuak egin dute bat Lindus 2 proiektuan. Gobernuaren izenean, Ornitolan etxeko kideak ari dira hegaztien bideari behatzen. Miru beltzei eta sorbeltzei egin zieten ongi etorria uztailaren erdialdean, eta kurriloek negua ekartzen dutenean itxiko dute aurtengo kanpaina, azaroaren erdialdean. Ordura arte, 80 espezie inguruko hegaztiak pasako dira Lindus tontor gainetik, hegoaldera bidean.

"Lindus 2 proiektuak hiru hanka ditu: zientzia, ekoturismoa eta formakuntza. Hiru arlo horiek jorratzen ahal ditugu hegazti migratzaileei so", erran du Ornitolan etxeko arduradun Gabi Berasategik.

"Lehenik, hegazti migratzaileei behatuz datuak lor daitezkeelako haien populazioei eta klimaren aldaketak haiengan duen eraginari buruz, bertzeak bertze; bigarrenik, gero eta gehiago direlako ornitologiak erakarritako bisitariak; hirugarrenik, hegaztiei toki ezin aproposagoan behatzeko eta ikasteko aukera eskaintzen duelako Lindusek", azaldu du.

Ornitolan etxea 2009. urtetik ari da Lindusen lanean. 2010ean, Lindus 1 proiektua sortu zuten, jasotako datuak Nafarroako Gobernuaren esku jartzeko. Bertze urrats bat egin zuten Lindus 2 proiektuarekin: kide gehiago hartu dituzte egitasmoan, eta hegaztiei so egiteaz gain, turismoa bultzatzeko ere bertze hainbat egitasmo jarri dituzte martxan. Zientziaren arloan, gainera, hegaztiei so egin ez ezik, saguzarrei behatzen ere hasi dira. Zehazki, Juan Tomas Alcalde aditua ari da Lindus 2 proiektuan. Egitasmo horren barruan lortutako hasierako datuek agerian utzi dute, adibidez, Baztango muinoak aukeratzen dituztela saguzar anitzek beren migrazioan. Europako ipar eta erdialdetik eremu epelagoen bila gurutzatzen dituzte Pirinioak animaliok.

650.000 hegazti 2017an

Hegaztiek ere giro epelagoak bilatzen dituzte hegoaldera bidean; bai eta zer jan ere. Iaz, 650.000 hegazti migratzaile zenbatu zituzten Pirinioetako tontorretan diren behatzaileek. Haietako ia 328.000 pasatu ziren Lindusko tontor gainetik. 2016. urtean, berriz, 83 espezietako 400.000 izan ziren.

Europako hegazti migratzaileen %90 pasatzen dira Lindus gainetik, hain zuzen ere. Horrek haiei so egiteko toki ezin hobe bilakatzen du Aurizko tontorra. Eguzkia atera bezain pronto hasten dira ornitologoak lanean, eta eguzkia sartu arte aritzen dira, eguraldiak zeruari so egiteko aukera ematen badie behintzat, zeren, lainoa sartzen denean, teleskopioek eta prismatikoek ez baitute deustarako balio.

Eguraldia lagun, ordea, Lindusko tontorraren orografiak mesede egiten dio zeruari so dagoen ornitologoari. "Teleskopioarekin, puntu bat direnetik buru gainean ditugun arte jarraitzen ahal diogu hegaztien bideari. Gertutik pasatzen dira, eta horrek aukera ematen digu datu anitz jasotzeko", azaldu du Berasategik. "Hasiberrientzat, ikasteko toki ezin aproposagoa da", gaineratu du Ornitolan etxeko arduradunak.

Miru beltzak, sorbeltzak, miru gorriak, zikoinak, zapelatz liztorjaleak, pagausoak... luzea da Lindusko tontorretik ikus daitezkeen espezien zerrenda. Iruñetik gertu dago, eta horrek erakargarri bilakatzen du hegaztiei so gozatu nahi duten guztientzat. Nafarroan gora egin du zaletasunak azken urteotan, hain zuzen ere. "Lindusko tontorrak ikuskizun ederra eskaintzen du", berretsi du Berasategik. Hainbat data buruan ditu: 2016ko urriaren 9an, adibidez, ia 500 miru gorri ikusi zituzten Lindusen; hilabete bereko 29an, berriz, 123.000 pagauso.

Aurtengo kanpainaren hasieran ere izan dute hegaztien migrazioaren ikuskizunarekin gozatzeko aukera Aurizko tontorrean: uztailaren 29an, adibidez, ia 1.000 miru beltz pasatu ziren Lindusko tontor gainetik.

Aurtengo kanpaina hasi bertzerik ez dute egin Lindusko tontorrean lanean ari diren ornitologoek. Hogei pertsona inguru dira, denera. Txandaka antolatzen dira, handik pasatzen diren hegazti guztiei so egin ahal izateko. Azaroaren 15era arte egonen dira Auritzen. Kurriloek negua ekartzen duten arte. Bitartean, prismatikoak eta teleskopioak zerura begira izanen dira Lindusen.

Harri arteko gau eta ikuskizunak

Harri arteko gau eta ikuskizunak

Edurne Elizondo

Ezohiko gauak ekarriko ditu Iruñeko abuztuak: harri artekoak izanen dira, Harresietako Jaialdiari esker. Iruñeko Udalak antolatu du zikloa, hirugarrenez, Creacity proiektuaren barruan. Iruñeko, Baionako eta Hondarribiko gotorlekuei balio kulturala eta turistikoa emateko helburua duen egitasmoa da Creacity. Ziudadela izanen du agertoki nagusi, baina jaialdiak Iruñeko bertze hainbat auzotara ere eramanen ditu musika, dantza eta antzerkia, atzo hasi eta hilaren 22ra bitarte. 164.000 euroko aurrekontua du aurtengo programak. http://www.pamplonaescultura.es/eu/events/festival-de-las-murallas-2018/ helbidean dago jasota.

"Jaialdi askotariko bat prestatu nahi izan dugu, mota guztietako publikoek izan dezaten aukera gustuko zerbait aurkitzeko", nabarmendu du Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Belokik. Sail bereko zuzendari Maitena Muruzabalek erantsi du Udalak helburu hartu duela "artea karrikara eta pertsonengana hurbiltzea". Jaialdiak, zehazki, Ziudadela, Guadalupeko gotorlekua, hiriko harresiak eta O plaza bilakatuko ditu bere agertoki. Ikuskizun guztiak doan izanen dira. "Bereziak izanen dira abuztuko ilunabar eta gauak", berretsi dute udaleko arduradunek. Ezohiko gauak Iruñeko abuztuan.

Diziplina anitz

Ziudadelan, hainbat diziplina uztartuko dituzten ikuskizunak izanen dira nagusi. Musikak, dantzak, kale antzerkiak eta zirkuak eginen dute bat. Gisa horretako proposamena aurkeztuko du, adibidez, Shakti Olaizolak: Baldin Bada izenburuko lana eskainiko du asteartean. Egun berean, Enkore musika taldea ariko da espazio horretan. Asteazkenean, berriz, Christophe Pavia artista eta Melanie Spettel dantzaria ariko dira, elkarrekin, Mysterieuses coiffures izenburuko performancean. Amer y Africa taldeak Enva eskainiko du, eta, Lazy Daisy Band taldeak, berriz, kontzertua.

Ostegunean, Dj Momek hartuko du agertokia, eta Nueveuno taldeak, berriz, zirkua eta dantza uztartuko ditu Sinergia 3.0 izenburuko lanean. Hilaren 14an, Traspediante konpainia ariko da Ziudadelan, batetik; bertzetik, Anne Etxegoien musikariak emanaldia eskainiko du. Akrobaziak egiten duten trebezia erakutsiko dute The Black Blues Brothers taldeko kideek, hilaren 15ean; biharamunean, Up Arte taldekoak izanen dira agertokian. Musika, berriz, Zenet taldeak eskainiko du.

Hilaren 18koa zonbien gaua izanen da. Hamabi eta hamazazpi urte bitarteko gazteentzat scape room berezia antolatu du udalak, zonbiak protagonista bilakatuta. Dantza bilakatuko du protagonista Maduixak, hilaren 21ean, eta, 22an, azkenik, Cirque Rouages konpainiaren ikuskizunak itxiko du jaialdia, Ziudadelan.

Guadalupeko harresian dantza bertikala izanen da protagonista, La Glo Zirko eta La Banda konpainien eskutik. Gaur ariko dira, 21:00etatik aurrera. Hilaren 10ean, La Bandak errepikatuko du, eta Compagnia dei Folli ere ariko da. Hilaren 17an, berriz, Linea d'Aria, eta La Banda, hirugarrenez. Zaldi Zurian ere dantzak hartuko ditu txokoak, Carmen Larrazen zuzendaritzapean. O plazan, berriz, kale antzerkiaz, dantzaz eta musikaz gozatzeko aukera izanen da, bertzeak bertze, Arantxa Villanuevaren konpainiaren eta Lindy Hop taldearen eskutik.

Flamenko jaialdia

Harri arteko ikuskizunak ez dira Iruñeko abuztua berezi bilakatuko duten bakarrak: hilaren 21etik 26ra, Flamenco on Fire jaialdia eginen dute, bosgarrenez, izen bereko fundazioak antolatuta, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin, bertzeak bertze. Kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta bertze izanen ditu Iruñeko flamenko jaialdiak. Aurten, emakumeak omendu nahi ditu. Programa www.flamencoonfire.org helbidean dago.

Baluarteko oholtzan izanen dira, bertzeak bertze, Mayte Martin, Belen Maya eta Estrella Morente; Martin eta Maya hilaren 21ean izanen dira Iruñean; Morente, berriz, 22an. 24an, kontzertu berezi bat hartuko du agertoki horrek: Tomatito gitarra jotzaileak eskainiko du, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera.

Iritzia: Gora!

Lur Albizu Etxetxipia

Festen hasierak beti izaten dira zirrara, nerbioak eta bizipoza. Baina batzuei kostatzen zaie aldaketa batzuk bizi behar izatea. Kostatu baino gehiago, amorratuta daude eremu guztietako jauntxoak ez direla konturatzen ari direlako. Eta zarata egiteko aitzakiak behar dituzte, udan ere polemikaren bat egon dadin. Adibidez: euskara. Adibidez: festen "politizazioa".

"Gora Tutera!" oihukatu zuen jendez lepo betetako plazan. Eta, egia esan, bi gaiak lotzeko aukera paregabea iruditu zitzaien jauntxoei. Euskaraz zehazki bi hitz (Gora Tutera, Gora Santa Ana) oihukatu zituen. Nahiago dut ez errepikatu esan izan zirenak. Hain dira handiak euskarak dituen oztopoak, ezen "Gora!" horiek txistuak jaso zituzten plazan zegoen jendearengandik. Ez dezagun ahaztu non gauden eta guretzat sinbolikoa besterik ez dena (eta askorentzat ez nahikoa, eta ez laikoa, eta ez…) guztiz apurtzailea dela beste batzuentzat, eta ukatu eta errefusatu ere egiten dela.

Aldaketaz ari garela, gu ere askotan ez garela ohartzen ematen du, baina sinbolo txikiek zer-nolako garrantzia duten gogoratu beharko genuke. Tuteran uztailaren 24an, urteko egunik garrantzitsuenetakoan, emakume gazte eta euskaldun batek txupinazoa botatzea eta euskaraz ere (lehenbiziko aldiz) egitea handia da. Handia da, euskarak muga sinboliko bezain garrantzitsu bat apurtu duelako. Aurrekaria badago, ezinen da esan inoiz ez dela egin.

Harroak dira, eta Tuteran ere euskara entzun delako amorratuta daudelako. Haientzat ere muga sinboliko bat apurtu egin delako. Eta ezin dute aguantatu. Ezin dute aguantatu gaztelaniaren ondoan euskara ikustea, prestigioa duen momentu batean. Benetan navarrrrrrrísimo-a dena espainola delako, ez besterik. Erdara, "politizatu" gabeko festetan. Haiek ez dutelako festarik politizatzen, eta txistu egin zutenek ez dutelako Espainiako banderarik eramaten plazara. Hori ez da politizatzea, hori besterik gabe normala da. Haien norma jarraitzen duena.

Muga bat gainditu da; baina konturatzen ari gara zein bide dugun aurretik? Hartuko diogu tamaina erronka izugarri honi? Euskarak bultzada izugarria beharko du aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Eta hori eremu guztietan egitea komeni da: kalean, instituzioetan, tabernetan, ikastoletan, eskoletan, euskaltegietan, txupinazoetan, eremu sinbolikoan. Bide horretan, behingoz eta behin betiko euskarak behar duen babesa ofizialtasunaren bidez baino ezinen du egin esparru batzuetan. Baita txistuen gainetik ere.

Euskara herrigintza delako, eraikuntza eta transgresioa. Euskara aldaketa da. Eraldaketa, mundua ikusteko beste modu bat (munduko beste hizkuntza guztiak bezala; ez gehiago, baina ezta gutxiago ere). Euskara transgresioa ere bada. Eta herria eraikitzea, egunez egun eta pausoz pauso. Batzuetan ahazten bazaigu ere. Eta ni… ni uztailaren 24an pozez zoratzen nengoen. Mila esker, Edurne!

"Hizkuntza inportantea baita batez ere esateko zerbait dagoenean. Elebakar harro, gu baino gehiago dura lex, dura lex, dura lex… sed lex".

“Toki ezin hobea da Erronkari Pertseidak ikusteko”

“Toki ezin hobea da Erronkari Pertseidak ikusteko”

Edurne Elizondo

Astronavarra Sareak 180 bazkide inguru ditu. Haietako bat da Javier Prat (Tutera, 1959). Aspaldi hasi zen zeruari behatzen. Hainbat elkartetako kide izan da, eta Astronavarra Sareko presidente da orain.

Noiz eta nola jarri zenuten martxan sarea?

Elkartean bat egin dugu beti astronomiaren esparruan aritu garen jende askok. Izan gara bertze hainbat elkartetako kide, baina, azken urteotan, nahiago izan dugu gure kabuz aritu. Ez genuen gure gain hartu nahi elkarte bateko kide izateak ekartzen dituen lanen ardura, eta denbora aprobetxatu nahi genuen maite dugun hori egiteko, zeruari behatzeko, alegia. Kontua da duela lau urte aukera sortu zela Espainiako Astronomia Kongresua hartzeko, eta, hori egin ahal izateko, elkartea sortzeko urratsa egin behar genuen.

Kongresua hartu zenuten, azkenean, duela bi urte.

Bai. Kongresu hori astronomo amateurrena da, baina profesionalek ere parte hartzen dute, gure esparruan amateurren eta profesionalen arteko marra ez baita zurruna. Astronomo amateur batek profesionalentzat baliagarria den lana egin dezake bere teleskopioarekin. Elkarlana bada.

Iruñeko planetarioarekin ere aritzen zarete elkarlanean?

Bai. Aretoren bat behar dugunean, badugu lehentasuna; aldi berean, planetarioak zeruari so egiteko ekitaldiak antolatzen dituenean, gure laguntza izaten dute. Planetarioan ezin da zerua zuzenean begiratu; guk gure baliabideak jartzen ditugu haien esku, zeruari behatzeko ekintzak prestatzen dituztenean. Girgillaoko behatokiarekin ere aritzen gara elkarlanean.

Zaletasun handia dago?

Bai, bada. Iruñean pare bat elkarte gara. Gureak 180 bazkide inguru ditu. Nik uste dut jakin-mina badugula gizakiok. Gainera, eklipse baten gisako fenomenoak gertatzen direnean, jakin-min horrek gora egiten du. Jendea kezkatzen hasten da inguratzen duen horrekin. Guk antolatzen ditugun ekinaldietara jende anitz etortzen da.

Abuztuan Pertseidak ikus daitezke; hilabete ona da zeruari so egiteko?

Abuztuan gertatzen dena da jendea oporretan dagoela, eta eguraldiak ere laguntzen duela. Horrek ekartzen du jendea errazago ateratzea etxetik zeruari so egiteko. Baina neguan, adibidez, lehenago iluntzen du, eta, aukera dago, beraz, lehenago hasteko zeruari behatzen.

Pertseiden fenomenoa da gehien ezagutzen ditugunetako bat?

Bai, zalantzarik gabe. Kontua da Lurrak, bere orbitan, gasez eta hautsez betetako eremu bat zeharkatzen duela, eta partikula horien arrastoak dira izar iheskor gisa ikusten ditugunak. Berez, ez dira ikusgarrienak. Abenduan ditugu Geminidak, eta zoragarriak dira. Atmosfera, gainera, egonkorragoa da abenduan, eta hobeki ikus daitezke. Kontua da negua dela. Abuztuan errazagoa da ateratzea. Hilabete honetan, gainera, bada bertzerik ikusteko.

Zer gehiago dago ikusteko?

Planetak mugituz doaz. Izarrak ez. Ondorioz, abuztuan, Venus ikus dezakegu ilunabarrean; Jupiter ere bai, bai eta haren sateliteak ere. Laster Marte eta Saturno ere ikusiko ditugu. Planetak eskura izanen ditugu hilabete honetan.

Zeruari so egiteko, bada bereziki egokia den tokirik Nafarroan?

Pertseidak ikusteko, adibidez, kontua da ilun dagoen toki batera joatea. Erronkari, adibidez, toki ezin hobea da Pertseidak ikusteko. Iruñean, noski, zailagoa da ikustea, hiriko argien ondorioz. Horregatik erraten dugu beti hiritik kanpora joan behar dugula izarrei so egiteko, argiek eta eraikinek traba ez egiteko.

Zein da egunik onena Pertseidak ikusteko?

Uztailaren bukaeratik jada ikus daitezke, abuztu bukaerara arte. Lurra material gehien dagoen tokitik igarotzen denean errazagoa izanen da ikustea; hau da, abuztuaren 12tik 13ra. Guk 11n antolatuko dugu irteera bat zeruari so egiteko. Oraindik ez dakigu zehazki non eginen dugun. Arbaiunen egin izan dugu, baina jende anitz etortzen da, eta, ondorioz, ez da tokirik egokiena.

Teleskopioa beharrezkoa da?

Pertseidak ikusteko, ez. Guk erabiltzen ditugu, aprobetxatzen dugulako aukera zeruari so egiteko.

Zer behar da urratsak egiten hasteko ?

Gure aholkua beti da hasieran prismatikoak baliatzea, gehienez ere. Batzuek sekulako teleskopioak erosten dituzte, hasi bezain pronto, eta, azkenean, armairu batean gordeta uzten dituzte. Ez da horrelakorik behar. Hasteko, aproposena da egun eskura ditugun sakelako telefonoko aplikazioak erabiltzea, zerua ezagutzen hasteko. Eskuratzen ahal dugu zeruaren mapa bat, konstelazioak ezagutzeko. Prismatikoekin has gaitezke ilargiari behatzen. Eta gurearen gisako elkarte batekin bat eginez gero, noski, gure baliabideak baliatzen ahal dituzte. Zaletasuna galtzen ez badute, teleskopioa eros dezatela.

Nafarroan, hainbat udal ere ari dira urratsak egiten astroturismoa bultzatzeko. Bide bat zabaltzen ari dira?

Bai. Iaz Lerinen egin zituzten jardunaldiak. Guk parte hartu genuen, eta jende anitzek egin zuen bat. Argi kutsaduraren aurkako urratsak egiten ari dira Lerinen eta bertze hainbat herritan. Kontua ez da kale argiak kentzea, adibidez, baizik eta kale argi eraginkorrak erabiltzea. Anitzek gora zabaltzen dute argia, eta horrek sortzen du kutsadura, eta gauez ikusi nahi duenari ez dio laguntzen. Bide interesgarri bat ari dira zabaltzen Lerinen eta Erronkarin, bertzeak bertze.

Hemendik at, Martetik etorri diren azken berriek diote ur likidoa aurkitu dutela. Halako berriek laguntzen dute zaletasuna zabaltzen?

Bai, zalantzarik gabe. Jakin-mina dugu, eta horregatik saiatzen gara Marteri buruz gehiago jakiten. Halere, hagitz zaila izanen da izaki adimendunak aurkitzea; distantzia da arazoetako bat, eta, bertzea, zalantzarik gabe, komunikatzeko zailtasuna.

Zeruari so egiten dionean, halere, izaki adimendunen arrastoak aurkitzeko aukera du gizakiak buruan?

Ideia hori hor dago, jakin-mina badugulako. Baina hain da zaila... Distantziak hain dira handiak... Gure galaxian, bakarrik, 200.000 milio izar dago. Neurriak sekulakoak dira. Nik uste dut bertze izaki batzuk egon badaudela, baina komunikatu ahal izatea hagitz zaila izanen da.

Abuztua zeruari so emanen duzue zuek. Non izanen zarete, zehazki?

Hilaren 9an eta 10ean, adibidez, Uxuen izanen gara. Hitzaldia eskaini eta izarrei behatuko diegu. Hilaren 17an, berriz, Irunberrin izanen gara. Interesa duenak www.astronavarra.org helbidean aurkituko du gure jarduerei buruzko informazioa.

Geltoki bat elkartasunarentzat

Geltoki bat elkartasunarentzat

Edurne Elizondo

Iruindarrek 2007. urteko azaroan inauguratu zuten hiriko egungo autobus geltokia. Egun berean, Oliveto kondearen etorbideko eraikinak ateak itxi zituen. 1934. urtekoa da geltoki zaharra, baina espazio berri eta bizi bilakatu da, berriz ere, hamar urte luze joan eta gero, Geltoki Iruña elkartearen eskutik: garai bateko enpresen leihatilak zeuden eremuetan, eta bidaiariek autobusen zain egoteko baliatzen zituzten espazioetan, Geltoki izeneko proiektua jarri dute martxan, ekonomia solidarioa, kultura alternatiboak eta elikadura subiranotasuna sustatzeko asmoz.

"Mundu kapitalista batean sartuta gaude, hala da, baina herritarrei erakutsi nahi diegu badaudela beste bide eta modu batzuk", nabarmendu du Geltokiko koordinatzaile eta programazio arduradun Katrin Ginea Mundiñanok. Horixe da Geltokiren helburua: kontsumitzaileak alternatiben bidetik gidatzea, alegia.

Ezohiko proposamena da Geltokik Iruñean egin duena; bai, behintzat, hiriburuan dauden merkataritza guneen moldeak kontuan hartuta. Nafarroako Gobernuak ontzat eman berri du, hain zuzen ere, Iruñeko Iturrama auzoan egin nahi duten azkena: 4.641 metro koadroko azpiegitura izanen da. Merkataritza gune bat, bulegoentzako eraikin bat eta hotela izanen ditu. Abenduan hastekoak dira lanak, gobernuaren oniritzia aldizkari ofizialean argitaratu eta gero.

Ez da hori Geltokik bultzatu nahi duen kontsumo eredua. "Bertakoa, sasoikoa, ekologikoa eta bidezko merkataritzakoa". Horiek dira Geltokik nabarmendu nahi dituen ezaugarriak. Ekainaren 9an inauguratu zuten Iruñeko espazio berria. "Hiru aste baino ez genituen izan sanferminen aurretik", azaldu du koordinatzaileak. Iruñeko besten zurrunbilotik atera eta gero, hain zuzen, proiektuaren ardatzak zehazteko unea dute oraingoa Geltokiko kideek, Ginea Mundiñanok nabarmendu duenez, eta "prest eta gogoz" direla erantsi du.

Ginea Mundiñano azarotik ari da Geltoki proiektuan lanean. Egitasmoa anitzez ere lehenago jarri zen martxan, halere. "Duela zazpi urte, Nafarroako REAS elkarteak proposatu zuen geltoki zaharreko espazioa ekonomia solidarioa bultzatzeko erabiltzea", gogoratu du koordinatzaileak. PSNk aurkeztutako mozio baten bidez, proposamen hori Iruñeko Udalera ailegatu zen. Aurrera egin zuen, gainera, baina, onartu eta gero, tiradera batean gelditu zen. Orain arte. "Oraingo udalak agintea hartu zuenean, proiektua berriz ere mahai gainean jartzeko baliatu zuen aukera REAS elkarteak". Eta bigarren honetan, bai, proiektua errealitate bilakatu dute.

900 metro koadro

Egungo Iruñeko Udalak 2016. urteko martxoan jaso zuen Geltoki proiektua garatzeko proposamena. Udalak espazioa atondu du, otsailetik maiatzera bitartean egindako obren bidez, eta ia 684.000 euroren inbertsioa eginda. Ekainaren 9ko inaugurazioan, hain zuzen, Geltoki hiriarentzat "espazio enblematikoa" dela erran zuen Patri Perales zinegotziak, eta herritar guztiak deitu zituen gune berria ezagutzera, "denen artean dinamika ezberdinak sortzeko". Geltoki Iruña elkarteko buru Carlos Reyk, berriz, ekitaldi berean nabarmendu zuen "bat egiteko eta elkarlanean aritzeko espazio bat" izanen dela Geltoki.

Denera, 900 metro koadroko eremua hartu du. Geltoki Iruña elkartea da kudeaketaren arduraduna; erakunde hori izan da udalak antolatutako lehiaketara aurkeztutako bakarra. Zazpi urterako jaso du elkarteak udalaren kontzesioa. Honako hauek osatzen dute Geltoki Iruña: REAS elkarteak, Emausko Trapuketariek, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak, EHNE sindikatuak eta Eskuz Landutako Jangaien Ekoizleen Elkarteak.

Geltokiko espazioan 11 langile ari dira lanean, lanaldi osoz, eta hamabigarrena, berriz, lanaldi erdiz. "Kooperatiba osatu dugu langileok", azaldu du Ginea Mundiñanok. Tabernan, dendetan, komunikazio eta administrazio lanetan aritzen dira langileok, hain zuzen.

"Tabernan eta dendetan gure filosofiarekin bat egiten du gure jarduerak, eta bertako eta sasoiko produktu ekologikoen alde egiten dugu apustu, bai eta bidezko merkataritzakoen alde ere. Gure produktuek izen-abizenak dituzte", azaldu du Ginea Mundiñanok. Elikadura denda da bat, eta bertzea, berriz, bigarren eskuko produktuena. "Dendek eta tabernak eusten diote proiektuari. Jarduera horiekin ordaintzen ditugu gure soldatak; denak dira berdinak, eta irabazi guztiak Geltoki proiektuko ardatzen aldeko lanera bideratzen dira", erantsi du.

Ardatza, hain zuzen ere, kultura jarduerak dira. Eta haien helburua da Geltokik oinarri hartu duen ekonomia solidarioa bultzatzea, elikadura subiranotasunean urratsak egitea, eta kulturaren arloko alternatibak garatzea. Hori lortzeko, Geltoki Iruña elkarteko bazkideekin batera, bertze hamaika elkarteren eta eragileren parte hartzea sustatu nahi dute hiriburuko espazio berriko arduradunek.

"Kontzientzia sortzea da xedea, finean", erran du Ginea Mundiñanok. Kontzientzia, batez ere, kontsumitzaile gisa herritarrek duten ardurari buruz. "Gakoa hori da, kontsumoa", berretsi du Geltokiko koordinatzaileak. Kontsumoak arlo guztiak ukitzen dituela erantsi du, gainera: "Ez gara ari bakarrik egiten ditugun erosketez; ari gara telebistan ikusten dugunaz, erabiltzen dugun bankuaz edo gastatzen dugun energiaz", zehaztu du. "Pertsonak jarri behar ditugu erdigunean", gaineratu du.

Geltokik kapitalismoari ihes egiteko eta kontsumo modu etikoak bultzatzeko dauden aukerak jarri nahi ditu mahai gainean, arlo horietan guztietan. "Irailetik aurrera, gure ateak zabalik izanen dira parte hartu nahi duten elkarte eta eragileentzat; Fiare banku etikoko kideak, adibidez, asteartero etorriko dira, 17:00etatik 19:00etara. Eskaintza finko bat osatu nahi dugu, herritarrek nora jo jakin dezaten".

Kontzientzia pizteko lan horretan haurrak protagonista izanen direla argi utzi du Geltokiko koordinatzaileak. "Guretzat haurrak oso inportanteak dira". Geltokin haientzako liburutegia jarri dute, bai eta haiek erabiltzeko txokoa ere. Espazio horietan haurrentzako ekinaldi bereziak ere eginen dituzte. Haurrentzako liburutegiaz gain, helduentzako bertze bat ere bada Geltokin; biak Iruñeko Udalaren eskutik jarri dituzte martxan, Ginea Mundiñanok zehaztu nahi izan duenez.

Erreferentzia

"Erreferentzia izan nahi dugu; informazioa jasotzeko toki bat". Horixe berretsi du Geltokiko koordinatzaileak. Oraingoz izan duten harrerarekin "oso kontent" dago. Tabernaren bidez, herritar anitzek ezagutu dute Geltoki jada, eta helburua hori da. "Jendea erakartzea, gure eskaintza ezagutzeko". Hitzaldiak, musika emanaldiak, erakusketak, tailerrak eta bertze antolatu nahi dituzte, jardueron bidez kapitalismoari bizkarra eman nahi dioten alternatiben bidetik aurrera egiteko.

Ekainean, Alternatiben Herria egin zuten Iruñeko karriketan, eta Ginea Mundiñanok gogoratu du egun horretan argi gelditu zela alternatiba horiek "errealitate bat" direla: "Nafarroan bada jende anitz lanean". Argitu nahi izan du Geltokik ez duela inor ordezkatu nahi. "Tokirik ez dutenei espazio bat eskaini nahi diegu, eta toki bat dutenei, berriz, beren lana gurean erakusteko aukera. Baina ez dugu inoren tokia bete nahi", zehaztu du.

Iruñeko autobus geltoki zaharrak 2007. urtean itxi zituen ateak; orain, hamar urte luze joan eta gero, Geltokik ireki ditu bereak. Herritarrentzat zabalik dituela nabarmendu du Katrin Ginea Mundiñanok. Zain dira.

Ezagutu, sortu eta partekatu

Ezagutu, sortu eta partekatu

Edurne Elizondo

Zorioneko obrak!". Lizarrako Gustavo Maeztu museoko kide Natalia Genticok erran ditu hitzok; museoan igogailua jartzeko lanak egiten ari dira, eta, ondorioz, itxi egin dute. Erakundeak ez ditu udako tailerrak bazter utzi nahi izan, halere, eta herriko San Domingo zahar etxean bilatu eta aurkitu du aterpe. Astebetez, belaunaldi ezberdinetako hogei pertsona aritu dira, zahar etxeko klaustroan, museoak antolatutako arte tailerrean. Toki horretako giro lasaiak hartu ditu sortzaileak, eta 8 eta 85 urte bitarteko egileak erabat murgildu dira sortzeko prozesuan. "Zorioneko obrak!", berretsi du Genticok, klaustroko giro bereziak harrapatuta.

Genticorekin batera, Fermin Alvira artista aritu da tailerreko arduradun. "Bagenuen esperientzia haurrekin, bai eta zaharrekin ere; baina, oraingoan, belaunaldi ezberdinetako pertsonak elkartu ditugu toki berean, elkarrekin lan egin dezaten, eta emaitza zoragarria izan da", nabarmendu du.

Zahar etxeko hamar kidek osatu dute taldea, batetik; bertzetik, bost adingabek; eta hirugarrenik, berriz, Gizakia Helburu fundazioko bertze bost kidek. Astebetez bat egin dute, egunean ordu eta erdi luzez. Denbora tarte horretan, hutsean gelditu da adin muga; elkarrekin ikasi eta elkarri irakatsi diote.

"Hagitz polita da!", erran diote taldeko neska gazteenek Julia Lizariri, andreak egindako erretratuari so. Irribarre zabalak hartu dio aurpegia. Zahar etxea du bizitoki. Tailerra egoitzan egin izana eskertu du, eta, batez ere, kanpotik ailegatu diren parte hartzaileen bisita. "Ederki pasatzen dugu".

Martin da zahar etxetik kanpoko bisitari horietako bat. Gizakia Helburu fundazioaren eskutik bat egin du Gustavo Maeztu museoaren ekinaldiarekin. "Esperientzia polita da; lasai egoteko aukera ematen digu, eta ikastekoa ere bai. Haurrekin, gainera, barre anitz egiten dugu", azaldu du.

Irakasleak, "pozik"

"Eskertzen dutela sumatzen da, eta hagitz lan interesgarriak egin dituzte. Artearen bidez anitz kontatzen dute", erran du Alvirak, Gizakia Helburu fundaziotik iritsi diren parte hartzaileei buruz. Droga mendekotasuna duten pertsonak artatzen ditu erakunde horrek.

Tailerrak irakasleei ere eman die "anitz", Genticok eta Alvirak aitortu dutenez. "Hagitz polita da esperientzia; taldeak hasieratik bat egin du, eta hagitz ongi moldatzen dira denak. Harreman bizia eta aberasgarria sortu da denen artean, eta horrek gu ere pozten gaitu", azaldu du Alvirak.

Ipuinetako pertsonaiekin, collagearen teknikarekin eta erretratuarekin lan egin dute tailerreko parte hartzaileek beren lanak osatzeko. Erretratuak egiteko, aurrean dutenari so egin diote, eta ia denek erran dute gauza bera, lanean hasi bezain pronto: "Hagitz zaila da!". Ez dute etsi, halere. Nork bere burua margotu behar izan du, halaber. Genticoren eta Alviraren laguntzarekin, betiere.

Gizakia Helburu fundazioan boluntario ari den Camila Rizzo ere erabat murgildu da tailerreko prozesu sortzailean, eta zalantzarik gabe hartu ditu eskuan arkatza eta margoak. Italiatik etorri da Nafarroara, gizarte langile gisa trebatzen jarraitzeko. Argi du tailerrak on egin diela fundaziotik parte hartu duten kideei.

Abuztuan izanen dute bertze hainbatek parte hartzeko aukera, tailerra berriz eginen baitute Gustavo Maeztu museoko kideek. "Lehendabiziko hau izugarri ongi atera da, eta errepikatu nahi dugu, argi eta garbi", nabarmendu du Genticok.

San Domingo zahar etxeko klaustroa erakusketa toki ere bilakatu da, tailerrak iraun bitartean, lanak amaituta denak batera erakutsi baitituzte, artistek hamaiketakoa hartu bitartean. Zahar etxeko zuzendari Maite Eskostegi Goñik ere baliatu du aukera lanei so egiteko. "Kontent" da tailerra egiteko izan duten aukerarekin. "Talde zoragarria sortu da; bat egin dute lehen unetik, eta hori zoragarria da. Guk ez dugu gizartetik at gelditu nahi. Bertze herritarrekin bat egin nahi dugu".

Zahar etxeko kideek atzean dituzten esperientziak, bizipenak eta ezagutzak nabarmendu ditu Eskostegi Goñik, eta horiek guztiak tailerreko bertze parte hartzaileekin partekatzeko aukera izatea eskertu du. "Gustavo Maeztu museoarekin harreman estua dugu, sintonia handia, eta elkarlan hori hagitz aberasgarria da", erran du zuzendariak. Margo, paper, arkatz eta pintura artean eman dituzte hainbat egun zahar etxean, eta abuztuko tailerra hasteko zain dira jada.

Trenbidera atera ez dadin

Trenbidera atera ez dadin

Edurne Elizondo

Ez dadila atera; geltokian gera dadila abiadura handiko trena. Horixe dute helburu AHT Gelditu taldeko kideek, eta, hori lortzeko, proiektu horren aurka egiteko, Martzilla eta Altsasu arteko bizikleta martxa bat jarri dute abian. Atzo hasi, eta igandean amaituko da.

AHTaren inguruko egungo egoeraren ondorioz hartu dute azpiegitura horren aurka direnek protesta egiteko erabakia. "Garai garrantzitsua da oraingoa; duela hiru urtera arte, proiektua geldirik egon da; orain, berriz, lanak berehala hasteko mehatxua dugu aurrean", azaldu dute Nafarroako AHT Gelditu taldeko kideek.

Ezagutarazi dutenez, azken aldian bi desjabetze prozesu jarri dituzte martxan: bat, Tafallan eta Erriberrin; bertzeak, berriz, Erriberriko lurrez gain, Alesbes, Azkoien, Faltzes eta Martzilla herrietakoak ere ukituko ditu. Bizikleta martxak, hain zuzen, herriok izanen ditu protagonista, gertatzen ari diren desjabetzeak salatzeko, bertzeak bertze.

Bizikleta martxak Sustrai Erakuntza fundazioaren babesa jaso du. Hain zuzen ere, talde horretako kide Pablo Lorentek nabarmendu eta salatu du egungo Nafarroako Gobernuak AHTari bultzada eman diola: "Azken hiru urteotan, UPNk zortzi urtean egin zuena baino anitzez ere gehiago egin du EAJk AHTaren alde". Batetik, Geroa Baik AHTaren aldeko apustua egin izana jarri du Lorentek mahai gainean; bertzetik, berriz, gobernua babesten duten gainerako hiru taldeek "deus" egin ez izana, Geroa Baik AHTari emandako bultzada hori hutsean uzteko.

Hitzaldi bat eskainiz eginen du bat Sustrai Erakuntzak egunotan egiten ari diren bizikleta martxarekin. Gaur izanen da, 15:00etan, Biurrunen, herriko elkartean. Fundazioko Xabier Zubialdek hartuko du hitza Prestazio handiko trena eta energia izenburuko saioan.

Gaur, Tafallatik Iruñera

Atzoko lehen etapan, AHTaren aurkako bizikleta martxak Martzilla eta Tafalla arteko bidea egin zuen. Gaur, Tafalla eta Iruñe artekoa eginen du. Gaurko ibilbidea 46 kilometrokoa da, eta hiriburuko Maravillas gaztetxea izanen du helmuga.

Bihar, parte hartzaileak Iruñetik Irurtzunera joanen dira, 43 kilometroko bidean. Igandeko etapak, azkenak, kilometro kopuru bera izanen du: txirrindulariek Irurtzun eta Altsasu arteko bidea eginen dute. 09:30ean hasiko da igandeko etapa, eta 18:00etan eginen dute protesta bukatzeko ekinaldia, Altsasun.

"Herritarrei esan nahi diegu karrikara atera behar dugula AHTaren aurka protesta egiteko; orain, inoiz baino gehiago", berretsi dute AHT Gelditu taldeko kideek. Batetik, agerian utzi dute lanak hasteko arriskua, baina, bertzetik, nabarmendu dute egun "inoiz baino zilegitasun gutxiago" duela abiadura handiko trenaren proiektuak.

Izan ere, Europako kontu auzitegiak berriki erran du, txosten baten bidez, Europako AHT lineak ez direla "eraginkorrak", eta "kostuei eta onurei buruzko azterketarik gabe" egiten dituztela. Lorentek ere nabarmendu du zer errealitate uzten duen txosten horrek mahai gainean: "AHTarekin aurrera jarraitzeko inolako argudiorik ez dute", erran du.

AHT Gelditu taldeko kideek ere argi dute kontu auzitegiak agerian utzi dituen datuak aintzat hartzekoak direla. Gainera, AHTaren inguruko "ustelkeria" salatu dute. "Barcenasen paperetan ageri diren hainbat enpresari esleitu dizkiete Nafarroako lanak", azaldu dute.

Bizikleta martxaren antolatzaileek uste dute AHTaren proiektuak gero eta babes txikiagoa duela gizartean ere. Nabarmendu dute azken urteotan hainbat talde sortu direla Nafarroan bertze tren eredu baten alde, bertzeak bertze Tafallan eta inguruko herrietan, bai eta Sakanan ere. AHT Gelditu plataformako kideek "sarea" osatzen jarraitu nahi dute taldeokin, eta horretarako ere baliatu nahi dute bizikleta martxa.

Sustrai Erakuntza fundaziotik ere tren publiko eta sozialaren alde egin dute lan azken urtean. Lorentek apustu hori berretsi du, eta Nafarroako Gobernuko kideak bat egitera deitu ditu. Bizikleta martxaren helburua ere hori da, AHTa baztertzeko eta bertzelako tren eredu bat bultzatzeko lan egitea. Atzotik, bidean dira bizikletak; igandean iritsiko dira Altsasura. Han eskatuko dute AHTa ez dadila geltokitik atera.

Iritzia: ‘Mamma mia’

Tania Arriaga Azkarate
Baketsuak eta eguzkitsuak izaten dira uztaileko egunak; gauak, sutsuak eta biziak. Ikasturtean gertatukoari egunez berrikusketa egiten diogun moduan, gauez azken hilabeteotan jasandakoa gure sistematik ateratzeko aprobetxatzen du...

Errotu da emakumeen memoria

Errotu da emakumeen memoria

Edurne Elizondo

Harritik sortu zen hazia; hazitik lorea; eta lore horiekin, orain, baratzea osatu dute: emakumeen memoriaren baratzea. Haziak, baratzea eta memoria uztartu dituen proiektuak Arantzan hartu du lurra. Igandean inauguratu zuten, Bortzirietako dozenaka herritarren babesarekin. Harritik hazia antzezlana du abiapuntu, halere, duela urtebete Beran estreinatu zutena. Berako Euskara Batzordeak bultzatuta, herriko eta inguruko bertze hainbat herritarrek obra bat prestatu zuten, euskaraz, memoria historikoa lantzeko. Zehazki, historiak isilarazitako emakumeei eman nahi izan zieten hitza eta oholtza. Antzezlanaren bost emanaldi egin eta gero, segida eman nahi izan diote proiektuari, eta egileek, emakumeen memoria lantzen jarraitzeko, baratzea sortu dute, Arantzan.

Baratze fisiko eta birtuala da. Jaione Andonegik egin du fisikoaren diseinua, Arantzako Udalak utzitako lur sail batean. Sortzen ari den iratzearen formari egin dio so, eta kiribila osatu du lurrean. Baratzearen erdian iturria jarri du, emakumeen ahotsaren ikur. Maddi Irazoki artistak egina da, berriz, baratzearen ondoko paretan ageri den irudia, lorez, haziz eta adarrez osatutako murala.

Baratzea sortzeko ideia Esther Carrizorena izan da. Ramon Albisturrekin batera zuzendu zuen Carrizok Harritik hazia. Obra prestatzeko prozesuan jada konturatu zen istorioa ezin zela oholtza gaineko emanaldiekin amaitu. "Emanaldiak bukatutakoan, haziak banatu genizkien ikusleei; orduan ez genuen hagitz argi hazi haiekin zer eginen genuen, baina bagenekien zerbait eginen genuela. Bizia eman nahi izan diogu proiektuari, eta horrela sortu da baratzea egiteko asmoa", azaldu du, baratzea jendaurrean aurkeztu eta gero.

Igandeko inaugurazioan "hunkitu" egin zela aitortu du Carrizok. "Antzezlanean aritu ginen guztiok ukitu egin gaitu egindako lanak; zerbait eragin digu, eta horren ondorio da memoria lantzen jarraitzeko dugun gogoa". Baratzea sortu eta gero, proiektuak eginen dituen hurrengo urratsak pentsatzen hasi da jada. "Ikasleekin landu nahiko nuke gaia; bai eta zaharrekin ere, bertzeak bertze", erran du antzerkigileak.

Besta giroan egin zuten igandeko inaugurazioa; musika eta dantza artean landatu zituzten herritarrek eramandako lore eta landareak. Ekitaldia, halere, Arantzako plazan hasi zen, Ekhiñe Zapiain Arlegik bota zituen bertsoekin: "Antzerkiana pasa ta gero / ez itzaltzeko argia / zelai eder bat eginen dugu / loratu dadin egia / hazietatik behingoz sortzeko / gurea den historia".

Kalejiran baratzera

Bertsoek baratzera ailegatzeko kalejirari eman zioten hasiera. Parte hartzaileen artean zen Mikel Taberna idazlea; harena da Harritik hazia obrako testua. "Baratzearen proiektua zoragarria da, helburu baitu emakumeen historia biltzea; gizonen historiaren berri badugu, baina emakumeena ez da aipatu izan. Antzezlana egitea eta erakustea zoragarria izan zen, eta orain badu segida, emakumeen lanari esker".

Herriko karriketan barrena, kantuan eta dantzan egin zuten aurrera baratzearen sortzaileek. Atondutako lur sailean, elementuak bilakatu ziren protagonista, ura, haizea, lurra eta sua irudikatzen zituzten emakumeen antzezpenarekin. Arantzako alkate Mentxu Peñak hartu zuen hitza, eta elkarlanean aritzera deitu zituen Bortzirietako udalak eta herritarrak, "baratzeko lurrak emankor bilakatzeko".

Arantzako Udalak utzi du baratzea egiteko saila, baina Bortzirietako udal guztiek lagundu dute proiektua. Aurrerantzean, Arantzako udal langileek izanen dute zaintzeko ardura, baina lan horretan ere inguruko herriak ondoan izan nahi ditu Peñak. "Kontent" zegoen igandean, baratzearen ideia "ederra" iruditu zaiolako. "Auzolanean egin dugu; eguraldiak ez du lagundu, eta hamabost egun eskasean egin dugu; bultzatzaileek argi zuten zer egin nahi zuten, eta lortu dute".

Arantzan bat egin zuten emakumeetako anitz landarea eskuetan ailegatu ziren herrira; eta landarearekin batera eraman zuten baratzeko iturriaren ondoan prestatutako zuloz betetako enbor puska batean gordeta utzi zuten paper puska. Emakumeen historia eta emakumeen ahotsa jaso zuten paper puska horiek. Koro Irazokik bi utzi zituen Arantzan. Zugarramurdikoa da, baina Bera du bizitoki. Paper pusketetako batean, XVII. mendeko sorgin ehizaren ondorioz Bortzirietan hildako emakumeen zerrenda jaso zuen; hamabost inguru ziren. Bertzean, berriz, amatxiri eta haren belaunaldiko emakumeei egin nahi izan zien omenaldia: "Nire amatxi ama gabe gelditu zen 7 urte zituenean; ezkondu zen 21 urterekin, eta Zugarramurdiko baserri batera joan zen. Hamazazpi haurdunaldi izan zituen, eta hemezortzi haur. Lau umetan hil zitzaizkion, eta bertze bat Ameriketan. Zahartzaroan, lasai bizi behar zuenean, bere seme gazteena preso hartu zuten, eta hamaika bidaia egin behar izan zituen hari bisita egiteko. 90 urterekin hil zen, jendaurrean kexa bat edo malko bat agertu gabe".

Irazoki "hunkituta" zegoen, igandean, baratzean. "Ekinaldi eder eta eredugarria iruditzen zait; historikoa. Orain, zaintzea da kontua". Zaintzea, espazio bizia izan dadin. Horixe da asmoa, Maddi Irazokik nabarmendu duenez. Harritik hazia antzezlanean aritu zirenetako bat da, eta erabat murgildu da baratzea sortzeko proiektuan ere. Obra prestatzeko prozesuan parte hartzaileek "elkar elikatu" zutela erran zuen artistak, eta baratzea martxan jartzeko bidean ere elkarri emandakoa nabarmendu du. Elkarri, bai eta, baratzearen bidez, eskualdeko emakumeen memoriari eman nahi diotena ere.

Memoria birtuala

Espazio fisikoaz harago, mundu birtualean ere izanen du presentzia Bortzirietako emakumeen memoriaren baratzeak: batetik, http://oroimena.bera.eus/emakumearen-oroimen-baratzea/ helbidean, eta, bertzetik, Emakumearen oroimen baratzea izenarekin zabaldu duten Facebook orrian.

Igandean jasotako testigantzak eta istorioak digitalizatuko dituzte, eta gehiago jasotzen segitu nahi dute. "Emakumeen memoria osatu nahi dugu, denon artean; emakumeen istorioak ezagutu nahi ditugu, eta betiko gorde", erran du Irazokik. Orain arte ezkutuan egon diren hitzak dantzan jarri nahi dituzte Bortzirietako oraingo emakumeek.

Irazoki "harrituta" dago iaz oholtza gainean erakutsi zuten antzezlanarekin hasitako proiektuak egin duen bidearekin. "Bertze dimentsio bat hartu du proiektuak, orain, baratzearekin". Baratzea zaintzeko beharra berretsi, eta emakumeen historian eta istorioetan zaintzak duen tokia nabarmendu nahi izan du artistak.

Dantzan egin zuen Irazokik igandeko kalejira. Irribarreak hartu zion aurpegia, baratzea jendez beteta ikusi zuenean. Herritarren harrera eskertu du, eta erantsi du espero duela Bortzirietako biztanleek proiektuarekin bat egiten jarraitzea. Anitzek beren landareak utzi dituzte Arantzako baratzean; beren inguruko emakumeen berri jasotzen duten paper puskak ere bai. Badute zer zaindu, eta badute zerekin elikatu. "Horrela borobiltzen da dena; baratzea zaintzen dugu, elika gaitzan", erran du Irazokik.

Arantzako pilotalekuaren ondoan dago emakumeen memoriaren erdigune izan nahi duen baratzea. Iturriko uraren hotsa da isiltzen ez den bakarra. Haren bidez, Bortzirietako emakumeen memoriak hartu du hitza, erroak egin eta gero.