Erakutsi, babestu ahal izateko

Erakutsi, babestu ahal izateko

Edurne Elizondo
Babestu nahi dutena erakutsi, ezagutarazi. Horixe egin nahi dute Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek Lekarozen prestatu eta markatu dituzten bi ibilbideekin. Palacio de Arozteguia SL enpresak hirigintza eta turismo proiektu bat ...

Antzerkiaren hiriburu

Antzerkiaren hiriburu

Edurne Elizondo

Iaz hasitako bidetik eginen du aurrera Erriberriko Antzerki Jaialdiak. Gaur hasiko da, eta, abuztuaren 4ra bitarte, herria kulturaren hiriburu bilakatuko du. Luis Jimenezek hartu zuen iaz jaialdiko zuzendaritza artistikoaren ardura, eta aurten ere haren esku egon da programa osatzeko lana. Jimenezek "zabaldu" egin nahi izan du eskaintza, hain zuzen ere, eta nazioarteko proposamenei egin die so. Antzerki klasikoaren oinarria galdu gabe, oholtza gaineko garai eta molde guztiak hartu nahi izan ditu kontuan, "nazioarteko erreferentziazko antzerki jaialdi" bilakatzeko.

"Izan dadila antzerkiaren besta handia", erran du Luis Jimenezek, gaur hasiko den Erriberriko Antzerki Jaialdiari buruz. Zehaztu du batez ere publikoa izan duela kontuan programazioa osatzerakoan. Abiapuntu horretatik, "gogoeta kritikoa" jo du helburu nagusitzat. Azken urteotan gora egin du Erriberrira jo duen ikusleen kopuruak. 2016an, 3.200 sarrera saldu zituzten; iaz, berriz, 4.500.

Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusi Dori Lopez Juriok, berriz, Erriberriko jaialdiak herrialdeko kulturaren sektorearentzat duen garrantzia nabarmendu du ekinaldia hasi aurretik. "Sektore horren alde egin du apustu gobernuak, argi eta garbi, jaialdi honen bidez", erran du.

Testu poetikoak izenburuko atalerako, hain zuzen ere, Nafarroako lau antzezlan hautatu dituzte, datozen egunotan Erriberrin aurkezteko: Como las cenizas por el fuego, Iralei Teatro konpainiarena; Polvo serán… mas polvo enamorado, La Nave taldearena; Tres tristes tigresas, Atikusena, eta, azkenik, Montse Zabalza eta Peio Otanoren La trovairitz Beatriz de día. Ziklotik at, bosgarren testu nafar bat aukeratu dute antolatzaileek, gainera: Bandada de amores en Rock y Versos, En Rumbo Teatro konpainiarena. Musika eta poesia uztartzen ditu lan horrek.

Kultura departamentuak nabarmendu du Erriberriko Antzerki Jaialdiaren bidez bertze "apustu" bat egin nahi izan duela: irisgarritasunarekin duen konpromisoaren aldekoa, alegia. Ondorioz, Cava espazioko funtzio guztietan lau toki gordeko dituzte mugitzeko gaitasuna mugatua duten pertsonentzat. Nafarroako Ezintasunen bat duten Pertsonen Ordezkarien Batzordearekin adostu dute, gainera, sarrerak merkeago eskuratu ahal izanen dituztela, taldean joanez gero. Entzumen arazoak dituztenentzat, berriz, bukle magnetikoa baliatuko dute soinua anplifikatzeko, uztailaren 29an Comedia Aquilana obra eskainiko dutenean, Cava espazioan bertan.

Zurro, aurtengo gonbidatua

Erriberriko Antzerki Jaialdiak gonbidatu berezi bat izanen du aurten: Sevillako (Espainia) Antzerki Eskolako Alfonso Zurro zuzendari artistikoa. Cava espazioan bi lan eskainiko ditu Zurrok: Luces de Bohemia eta Hamlet.

Jaialdiko egitarau nagusian, bertzeak bertze, Mexikoko Los Colochos konpainiak parte hartuko du, Mendoza izenburuko obrarekin. Argentinako Indigo Producciones taldeak, berriz, La Fiesta del Viejo eskainiko du jaialdian.

Thomas Jolly zuzendari frantziarra La Piccola Familia konpainiarekin ariko da Erriberrin. Arlequin poli par l'amour izeneko obra eskainiko du. Madrilgo Venezia Teatro konpainiak Moliereren Tartufo, el impostor aurkeztuko du. Nao d'Amores konpainiak, berriz, Espainiako Antzerki Klasikoko Konpainiarekin prestatutako Comedia Aquilana ekarriko du Erriberrira.

Laurentzi Producciones taldeak El hermano de Sancho eskainiko du, oholtza gainean, eta Jose Padilla zuzendariak, berriz, Gris/Mar aurkeztuko du. Egitarau nagusia ixteko, antolatzaileek dantza ikuskizun bat hautatu dute: Sara Caleroren Fandango Street, alegia.

Izanen da bertzerik, halere, Kultura departamentuak prestatutako jaialdian: karrikako antzerkia, dantza eta clown ikuskizun bat, bertzeak bertze. Erriberriko jaialdiak, gainera, Tafallan antolatutako ekinaldiak izanen ditu bere programaren osagarri, azken urteotan bezala.

Zehazki, hiru antzerki eskolak ikasketa amaierako lanak aurkeztuko dituzte herri horretako kulturgunean. Tartean izanen dira Nafarroako Antzerki Eskolako ikasleak. Angelica Lidellen Eché mi corazón a freír en la sartén lana aurkeztuko dute. Nafarrekin batera izanen dira Tafallan Sevillako (Espainia) eta Bordeleko (Okzitania) antzerki eskoletako kideak.

Ikusleek izanen dute zer aukeratu, beraz, egunotan, oholtza handi bilakatutako Erriberrin. Kulturak herri horrekin hitzordua du urtero; aurten, hemeretzigarrenez.

Iritzia: Plazagizonaren balio

Jon Barberena

Plazagizona jendearen aitzinean edo jendartean anitzetan aritzen den eta aise moldatzen den gizonezkoa da. Ez dut uste holako bertuteak dituen emakumea izendatzeko, pareko kontzepturik ote dagoen gure hiztegian. Gizarteak gizon eta emakumeen artean dauden desberdintasun anatomiko eta fisiologikoen arabera, funtzio, espazio eta erantzukizun banaketa konkretua egiten du. Banaketa natural (ejem…) honetan, gizona produkzioarekin eta espazio publikoarekin lotzen da. Emakumea, berriz, ugalketarekin eta etxeko espazio pribatuarekin.

Herriko plazak garrantzia hartzen du udako bestetan. Besta giroan beteko den plazak herriaren kohesioa idurikatzen du, baina Baztango herri anitzetan ez da elkartasunik sumatuko mutil-dantzak dantzatzeko tenorean. Zenbait gizon eta emakume dantzan ariko dira elkarrekin, baina bertze herritar batzuek bizkarra emanen diete berdintasunean oinarritutako erritu eder honi. Hau da, zenbait gizonek boikot eginen diote gizon eta emakumeek marraztutako plazako borobilari eta eremu pribatuan euren plaza alternatiboa sortuko dute. Plaza hauetan dantzatzeko ñabardura bakarra hartuko da kontuan; gizona izatea. XXI. mendean, oraindik ere sexu desberdintasunean oinarritutako funtzio, espazio eta erantzukizun banaketa egiten da Baztanen, eta batzuek argi dute herriko santuaren egunean, plazan egiten diren mutil-dantzetan gizonezkoek bakarrik dutela parte hartzeko eskubidea. Hau horrela izanik, herriko agintariek edo txistulariek babesten ez badituzte, plaza eta eremu baztertzaileak sortuko dituzte. Horra denek amesten dugun Baztan bukoliko, moderno eta aitzinatuaren iduri perfektua!

Plazen balio sinboliko bera izan dezakete zubiek. Aldenduak dauden bi puntu elkartzeko bide dira zubiak. Batasunerako bide. Baina zubipeak baztertuen gune ditugu. Gizarteak ekonomikoki edo sozialki zapaltzen dituztenen leku. Desberdinak dira zubiaren goitiko aldea eta beheitiko aldea. Horren adibide da Lesakako sanferminetan egiten den zubi gaineko dantza. Ingurukoen esku zartak eta laudorioak lagun, gizonezkoek egiten duten dantza da hau. Urteko egun garrantzitsuenetako batean, emakumearen protagonismoa zubipean gelditzen da. Hala ere, zenbait neska hasi omen dira entseguetan, eta segur naiz, laster, emakumeak esku zartak jotzetik jasotzera pasatuko direla. 2014ko abuztuan Beran suertatu bezala, aldaketa kalapita anitzik sortu gabe eta modu natural batean emanen dela iduritzen zait. San Esteban eguneko makil-dantza, borbon-dantza eta aurreskua emakume eta gizonek elkarrekin dantzatu dituzte azken lau urte hauetan, eta ordutik herriko plazak bertze kolore bat hartu du, bertze forma bat… Zorionak!

Euskara jalgi hadi plazara eskribitu zuen Bernart Etxeparek eta aldarri berdina egin nahi dut 473 urte pasa eta gero. Baina, euskara ez ezik, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako balioak eta emakumea ere plazaratu daitezela. Espazio publikoa denona izan dadila; inor baztertu gabe, inor gutietsi gabe.

Egutegian gorriz ageri ditunan egunetan ere, jalgi hadi plazara emakume! Jalgi hadi mundura!

“Helburua ez da kontsumoa, elkartasuna ez baita salgaia”

“Helburua ez da kontsumoa, elkartasuna ez baita salgaia”

Kattalin Barber

Javier Errok (Iruñea, 1957) 18 urte zituenetik du lotura garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin (GGKE). Ikertzailea da, eta NUPeko irakaslea. Bere tesian eredu berri bat proposatu du, egungo molde mediatiko eta merkantilistak bazter uzteko.

Tesian diozu gobernuz kanpoko erakundeek komunikazio arazoa dutela, eta, hori gainditzeko, eredu berri baten diseinua proposatu duzu. Zein da komunikazio arazo hori?

Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak sortu zirenean, eredu mediatikoa hartu zuten beren gain. Hau da, haien komunikazio ereduak, oinarri sozialarekin baino, iritzi publikoarekin du lotura handiagoa. Baliabide ekonomiko asko mobiliza dezakete, baina ezegonkortasuna da nagusi haien artean, eta oinarri soziala falta zaie. Eredu horretatik ateratzeko proposamena da nirea, komunikabideen logikatik at. Eredu hori komunikazioa eta garapenerako heziketa oinarritzat hartuta eraikiko da; gizarte erakundeak estrategikoki eta osoki diseinatuta egonen dira elkartasunean hezteko.

Adierazi duzu pertsuasioa ezin daitekeela izan baliabideak lortzeko bide bakarra. Zeintzuk dira beste bideak?

Kultura eraginkortasunaren kontzeptuari buruz hitz egiten dut. GGKE batek baliabideak eskatzeko mezu bat zabaltzen duenean, lehendabizi pentsatu behar du ea eskatzeko modu horrek elkartasunaren ideia zuzen bat zabaltzen duen. Kultura eraginkortasunaren ikusmoldetik, helburua da elkartasunaren kultura zuzen batean heztea, eta, aldi berean, beharrezko baliabideak lortzea. Helburua ez da elkartasunaren kontsumoa, elkartasuna ez delako salgai bat, batzuetan horrela saldu arren. GGKEen ikuspegi merkantilista bazter uztea da xedea. Askotan, erakunde horiek nahi dute dirua lortu, nola edo hala, eta hori ez da elkartasuna, hori beste gauza bat da. Gainera, argi ikusi behar dugu pobrezia desagerrarazteko ez direla aski lankidetza proiektuak, eta ezinbestekoa da arazo politiko baten aurrean gaudela erakustea, hots, pobrezia desagerrarazteko borondate politikoko arazo baten aurrean gaudela erakustea.

Zein da zure proposamena?

Komunikazioa eta elkartasunerako heziketa izan behar dituzte oinarri gobernuz kanpoko erakundeek. Horretarako, eredu merkantilista utzi behar dugu; hori lortzen dugunean, GGKEak lagungarriak izan daitezke elkartasunaren kontrakultura bat eraikitzeko, eta horren bidez aurre eginen genieke Espainiako agertokian nagusi diren eredu hegemonikoei; alegia, oinarrian hedabideak eta merkataritza dituzten elkartasuneko eta filantropiako eredu hegemonikoei. Erabaki behar dugu elkartasunaren balioak nolakoa izan behar duen: eraldaketa sozialaren ardatz, edo merkantzia huts.

Zer iritzi daukazu hirietako kaleetan egon ohi diren GGKEetako bazkideak lortzeko langileek erabiltzen dituzten komunikazio estrategien inguruan?

Errespetua diet langileei, baina uste dut lan egiteko modua ez dela egokiena. Intimitatearen inbasio bat izateaz gain, uste dut ez dela bazkideak lortzeko ekintza errentagarria. Alde batetik, jendea ez da kontzientziatzen, eta, bestetik, kalean egiten diren bazkideek denboraldi bat pasa ondoren dirua emateari utzi ohi diote. Iruzur modukoa da egiten dutena. Gainera, kide ereduaren inguruan arazoa dute GGKEek. Kideak ez dira kideak: kideek diru kopuru bat ematen dute, baina ez dute inolako erabakirik hartzen erakundean. Gehienez, diruarekin zer egiten duten azaltzen zaie. Minik gabeko elkartasuna lortzen da horrela. Erakunde bateko kide izan zaitezke, eta elkartasuna sustatu, baina, aldi berean, ez duzu inolako elkartasunik agertzen zure bikotekidearekin, lankidearekin edo auzokidearekin. Elkartasuna kontsumo gisa ulertzen delako.

Zein izan behar du komunikazioaren tokiak GGKEetan?

Komunikazioa izan behar da GGKEen ardatz estrategikoa; hori oso garrantzitsua da. Ulertu behar ditugu erakunde hauek harremanen eta elkartasun eta lankidetza moduen inguruko laborategi bat balira bezala. Krisi garaian, GGKE askok enplegua erregulatzeko espedienteak egin zituzten. Enpresa gisa jardun zuten jendea kaleratzen. Elkartasuna egin daiteke horrelako egitura merkantilistetan? Elkartasun kulturak sortu behar ditugu, eta horretarako bidea barnetik hasten da, bertatik hasita eraldatuz.

Aylan Kurdi haurraren gorpuaren argazkiak gizartea hunkitu zuen. Nola komunikatu behar da errefuxiatuen krisian?

Batzuetan, elkartasun konpultsiboa sustatzen ari gara. Hondamendi edo arazo larri bat dagoenean, horrelako mezuak eta irudiak zabaltzen dira. Errealitatearen irudi tragiko bat ematen da, eta gizartea hunkitzen da. Modu horretan, laguntzen duena umeen salbatzaile bihurtzen da, bai, garagardo batek eta pintxo batek balio dutenaren truke. Horrelako kasuetan, elkartasunak gutxi iraun ohi du, eta ez da sortzen elkartasun egiturarik. Aurrera egin nahi badugu, beste eredu bat hartu, eta eredu mediatikoa atzean utzi behar dugu. Beharrezkoa da hedabideekin harremana izatea, baina bestelakoa behar du izan.

Era berean, uste dut immigrazioaren arazoak asko aldatuko duela elkartasunaren mundua. Mugarri bat da, eta erronka handi bat, praktikaren eta teoriaren esparruetan, elkartasunaren alorra lantzeko.

Magia, egonaldia arintzeko

Magia, egonaldia arintzeko

Edurne Elizondo
Izan dadila espazio atsegin bat, tratamenduak eta gaixotasunak tarte batez ahazteko aukera emanen duena". Horixe hartu du helburu Nafarroako Ospitale Guneko Humanizazio Batzordeak, Bideko Ama Ospitaleko laugarren solairuan atondu duen g...

Buelta eman dute kamioiek

Buelta eman dute kamioiek

Edurne Elizondo
Helburua bete dute. Horixe uste du Nafarroako Gobernuak Belateko mendatean ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko hartutako neurriei buruz. Ekainaren 4an jarri zituzten indarrean. Egun hartan, Belateko eta Almandozko tunelak itxi zitu...

Iritzia: Kontraesanak

Lohizune Amatria

Bizitza kontraesanez beteta dago". Zenbatetan entzun ote dugu gisako baieztapenik? Geure burua zuritzeko erabiltzen dugu gehienetan esaldi hori; onartuta, gainera, hala izan behar duela. Oraingoan, halere, inguratzen gaituzten kontraesanak begiratu nahi ditut. Kontraesanez betea da mundua, kontraesanez beteta kontatzen ari zaizkigu historia.

Nafarroako kaleetan gero eta ikur frankista gutxiago daudela irakurri dugu berriki astekari honetan bertan. Memoria historikoan eragiteko asmoz pozez hartu den erabakia izan da. Hitz hauek idazten ari naizen bitartean, gainera, Ezkabako lau iheslariren gorpuzkiak aurkitu dituzte Larrasoañako hilerri kanpoaldeko hobi batean. 80 urte dira kartzela frankistatik 800 presok ihes egin zutela, eta horietatik asko daude desagerturik.

Larrasoañako Paula Lizoainen testigantzari esker aurkitu dituzte azkeneko laurak, eta frankismoak eragin duen isiltasunaz pentsatzea eragin dit albisteak. 89 urte ditu egun Lizoainek; haurra zenean ikusi zuen gertatutakoa. Gogorra izango zen, segur aski. Horregatik, agian, gaur arte ez du hura kontatzerik izan. Esteribarren beste gorpuzki batzuk atera zituztenean eman zuen pausoa, askok eskertuko dioten urratsa. Gizartearen beldurra agerian uzten du istorio txiki horrek. Memoria nahastearen beldur gara, eta ez luke hala izan behar. Tamalez, ez dira horiek gaiaren inguruan azken asteotan izan ditugun albiste bakarrak. Eta jarraian aipatutakoak erakusten du benetako kontraesana.

2016ko azaroan, Jose Sanjurjo militar kolpistaren gorpuzkiak Erorien Monumentutik atera zituen Iruñeko Udalak. Hori saihesten saiatu zen familia, baina, memoria historikoaren legeak argudiotzat hartuta, epaitegiek ez zuten eskaria onartu. Egoera irauli egin da, ordea; eta gorpuzkiak monumentuaren kriptara itzultzea aitortu dio familiari Iruñeko auzitegiak. Epaitegiak legean irakurri duenez, Sanjurjo ez da frankismoaren sinbolo. Aski ezagunak zaizkigun beste kasu batzuk gogoraraziz, berriz ere, herriaren norabidearen kontra ari dira Iruñeko epaileak.

Lau egun barru, 82 urte beteko dira Espainiako gerraren atariko izan zen estatu kolpea gertatu zenetik. Sanjurjo izan zen errepublikaren kontra altxatu zenetako bat. Estorilen (Portugal) bizi zen, eta handik hartu zuen parte konspirazioan. Adostu zuten organigraman, Sanjurjo ageri zen matxinadako buruzagi nagusi gisa. Ez da hori Sanjurjoren biografian frankismoarekin lotzen duen gauza bakarra. Primo de Riverak estatu kolpea jo zuenean, bat egin zuen harekin; baita Sevillan 1932an ere. Sanjurjada deitu zioten saiakera horri. Baina, antza, detaile horiek ez dira sinbolo adieraren pareko.

Frankismoko ikurrak kentzen, iheslariak eta fusilatuak aurkitzen eta memoria berreraikitzen ari garen bitartean, ohoreekin Sanjurjo Iruñeko monumentuan hobiratzea erabateko kontraesana da. Gaizki egiten dugunari garrantzia kentzeko esaten dugu —onartzen dugu— kontraesanez beteta dagoela bizitza. Herri gisa ezin dugu hori onartu. Memorian, egian, justizian, ez dago balio duen kontraesanik.

“Pertsonaia ezagutzen dugu, ez, ordea, Lucio Urtubia bera”

“Pertsonaia ezagutzen dugu, ez, ordea, Lucio Urtubia bera”

Kattalin Barber

Euskaraz, estreinakoz, Lucio Urtubia anarkistaren abenturen zerrenda amaigabea jaso du Gerezi garaia komiki liburuak (Txalaparta, 2018). Mikel Santos Belatz ilustratzaile eta komikigileak (Iruñea, 1974) egin du. Haren ustez, Lucioren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta aski ezaguna da pertsonaia gisa, ez hainbeste, ordea, pertsona gisa. Pertsona jarri du Santosek erdigunean. Euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz ere argitaratu dute eleberri grafikoa.

Nola sortu da eleberri grafikoa egiteko ideia?

Enkargua izan da, eta Luciok berak abiatu zuen ekimena. Haren bizitzaren inguruko hiru liburu publikatu ditu Txalaparta argitaletxearekin, eta, oraingoan, bere bizitza marrazkien bidez kontatzea nahi zuen. 'En dibujicos', esan zuen. Martintxo Alzuetari eskaini zioten lana, baina gainezka zebilen, eta nire izena eman zuen. Ez nuen batere pentsatu, eta baiezkoa eman nuen segituan.

Ezagutzen zenuen Urtubiaren bizitza?

Oinarrizkoa nekien, guztiok dakiguna. Cascanteko anarkista zela, First National City Bank bankuari egindako amarrua.... Baiezkoa eman nuenean hasi nintzen ekintzailearen bizitza jasotzen duten liburu, dokumental eta elkarrizketa guztiak irensten. Orduan hasi nintzen ni Lucio Urtubia bihurtzen, haren bizitzaren barne-barneraino sartzen.

Bi urtez aritu zarete. Parisen bizi da Urtubia, baina etengabeko harremana izan duzue. Nola antolatu zarete?

Parisen egon naiz hainbat alditan, baita Cascanten eta Iruñean ere. Hamaika bazkari eta afari egin ditugu, paseoak.... Urtebete eman dut dokumentatzen, eta beste urtebetean egin ditut marrazkiak. Lotura berezia izan dut Luciorekin. Zaila da oraindik bizirik dagoen norbaiten biografia idaztea, baina familiakoa banintz bezala sentiarazi naute berak eta haren ingurukoek. Galdera asko egin dizkiot, inoiz egin ez dizkioten galderak. Batik bat, eguneroko bizimoduari buruzkoak: zer gosaltzen zuen, pijamarik erabiltzen zuen edo ez, entzuten ote zuen irratia... Arraroa egiten zitzaion hasieran, baina nik hori beharrezkoa nuen margotzeko.

'Amaia' gaztearen bidez kontatzen duzu Urtubiaren bizitza.

Luciok Amaia-rekin Paristik Cascantera egiten duen bidaiak ahalbidetzen du iraultzaileak egindako bidea azaltzea. Fikziozko pertsonaia da Amaia, baina Cascanteko familia bat du oinarri. Egia esan, ni neu naiz Amaia, baina ez zitzaidan zilegi iruditzen neure burua marraztea. Amaia-k beti libreta darama, eta galderak egiten dizkio Luciori. Haren bidez jasotzen dugu Lucioren bizitzaren berri. Horrez gain, gaztea izatea nahi nuen, Luciok gazteen alde apustu egin duelako beti. Belaunaldiarteko harremanak biltzeko balio izan dit.

Erakutsi al diozu Urtubiari nobela grafikoa? Zer dio?

Parisen ordenagailuan erakutsi nion, eta orriz orri ikusi genuen. Lucio hunkituta gelditu zen, eta momentu berezia izan genuen. Horrek konfiantza eman zidan, beldurra bainuen. Niretzat, lehenengo irakurlea bera da, haren bizitza baita. Bizirik dagoen norbaiten bizitza kontatu dut, eta hori erronka handia izan da.

Haren ekintzak baino gehiago, haren bizitza eta barne gogoetak bildu nahi izan dituzu?

Bai, eta, bide horretan, eguneroko bizitzaren detaile txiki berri asko daude. Horrez gain, haurtzaroak eragin handia izan du Lucioren bizitzan, eta horrek testuinguruan kokatzen du haren ibilbidea. Ezagutzen genituen abenturak eta ezagutzen ez genituen beste hainbat pasadizo ere kontatu ditut marrazkien bidez.

Haren bizitzaren inguruan zerk harritu zaitu gehien?

Momentu asko bizi izan ditugu elkarrekin, baina esan behar dut pertsona ezagutzea izan dela gehien harritu nauena. Pertsonaia ezagutzen dugu, baina ez, ordea, pertsona, Lucio Urtubia bera. Ia dena dakigu Lucio pertsonaiari buruz, baina gutxi dakigu zer-nolako pertsona den. Bihotz handiko pertsona da, oso lagunkoia eta umila. Banku bat lapurtzen imajinatzen duzunean, ordea, pertsona gogorra etortzen zaizu burura.

Gaztelerazko izenburuan Urtubiaren altxorrari egiten zaio erreferentzia. Zein da altxor hori?

Bitxia izan daiteke, eta, hein batean, kontraesanezkoa, anarkista baten bizitzaren inguruko liburuan altxorra hitza izenburuan egotea. Frantziako Poliziak Lucioren etxean aurkitutako txeke zuri bati jarritako izena da. Poliziak zioen Luciok txekea gordetzen zuela noizbait zifra bat jartzeko eta ihes egiteko. Baina Luciok benetako altxorra bere legatua izan du, bere bizitza. Ezinezkoa bizi izan baitu. Euskaraz, aldiz, Lucioren altxorra haurrentzako izenburua iruditzen zitzaigun, eta horregatik hobetsi genuen Gerezi garaia izenburua jartzea, Urtubia berari omen egiteko. Abesti gustukoena du Le temps des cerises, Parisko Komunaren inguruan sortua.

Norentzat egin duzu eleberria?

Gazteentzat zein helduentzat izan daiteke eleberria. Finean, anarkismoaren eta, zehazki, lucismoaren inguruan jakin nahi dutenentzat. Iruñeko aurkezpenean Chula Potrak esan zuen gazteentzako gidaliburu libertarioa zela liburua. Uste dut pentsarazten duen liburua dela, eta Lucioren ideiak aldarrikatzen dituena. Hortaz, mundua aldatu nahi duenarentzat. Enkargua izan arren, oso nire sentitu dut liburua, eta oso berezia izan da. Nabaria da, gainera, Nafarroan jendeak ere Lucio asko maite duela.

Absentziak presentzia bilakatzeko omenaldia

Absentziak presentzia bilakatzeko omenaldia

Edurne Elizondo

Nagore Laffageren absentziak ekarri du Iruñeko Gazteluko plazan, asteon, Andreak eta Astelehen Lilek egin dioten omenaldia. Bi ordu eta erdiko ekinaldian, halere, Irungo 20 urteko erizainaren presentzia izan da nagusi. "Denak gara Nagore", errepikatu dute, behin eta berriz, parte hartzaileek; batez ere, Jose Diego Yllanesek hil zuenean Laffagek zuen adin bertsua duten emakume gazteek. Haren ama Asun Casasolari so erran dituzte hitz horiek. Eta amak besarkadaz bete ditu. "Urduri nago, beti jartzen naizelako urduri; baina omenaldiok, niretzat, terapia baten modukoak dira; izugarri eskertzen ditut, eskertzen dut jendearekin egotea", erran du Casasolak.

Hunkituta eman eta jaso ditu babesa agertu nahi izan diotenen besarkadak. "Hamar urtez etorri naiz omenaldira, eta inoiz ez naiz musu ematera ausartu. Gaur eman nahiko nizuke", erran dio gizon batek Casasolari; Laffageren amak eskertu du keinua, eta eman dizkio bi musu eta besarkada estua. Malkoak isuri ditu Casasolak, baina irribarreak ere hartu dio aurpegia, behin baino gehiagotan. Hitzak, musika eta dantza nahastuz, omenaldi hunkigarri bezain alaia egin baitiote Nagore Laffageri.

Hamar urte joan dira Jose Diego Yllanesek erizain gaztea hil zuenetik. 2008ko sanferminetan, Laffagek ezetz erran zion Opus Deiren Unibertsitate Klinikako psikiatrari, eta gizonak hil egin zuen. Hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, 2009. urtean. Baldintzapean aske da, halere, joan den martxotik. "Izugarria da", erran du Laffageren amak, tristuraz.

Emakume guztien omenez

Laffagek urtero jaso du iruindarren omenaldia, eta, hamargarren urteurrena gogoratzeko, ehunka herritarrek bat egin dute Gazteluko plazan. Laffage gogoratuz, indarkeria matxistak jotako emakume guztiak omendu nahi izan dituzte. Herritarrekin batera, ekinaldian izan dira Nafarroako Gobernuko, Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko eta Irungo udaletako ordezkariak.

Datu gordin eta latzak mahai gainean jarrita hasi dute Andrea eta Astelehen Lilak elkarteetako kideek omenaldia: "2018. urtea hasi zenetik, 45 feminizidio gertatu dira estatuan; 2017. urtean, 99 izan ziren. 16 urte edo gehiago dituzten emakumeen %12,5ek sufritu dute sexu indarkeria edo indarkeria fisikoa; sei orduan behin emakume bat bortxatzen dute, eta kontuan hartu behar dugu bortxaketen %80 ez direla salatzen". Errealitate hori iraultzeko grina utzi dute agerian antolatzaileek; omenaldi gehiago egin behar ez izateko gogo benetakoa.

Helburu horrekin bat egin du Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere, hitza hartu duenean. Hala aitortu du: "Ekinaldi polita, baina, aldi berean, gogorra eta zaila da gaurkoa [astelehenekoa]". Kontseilariak argi du Laffageren hilketa "mugarri" izan dela indarkeria matxistak herritarren aldetik jaso duen erantzunean. "Gizarteak eta erakundeok bat egin behar dugu, gure indarrak batu, indar horren bultzada areagotzeko".

Ollo ez da bakarra izan Casasolaren ondoan. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteetako kideekin batera izan da Helena Taberna zinemagile altsasuarra ere. Nagore izenburuko dokumentala egin zuen Laffageren hilketari buruz. Familiaren ondoan egon nahi izan du hamargarren urteurrenean. "Laffageren hilketak lehen lerroan jarri zuen, duela hamar urte, emakumeon aurkako indarkeriaren auzia. Garrantzitsua da hemen egotea eta gogoratzea. Ez gaude duela hamar urteko egoera berean; egin dugu aurrera, eta ospatu behar dugu. Herriak hartu du indarra erasoen aurka". Laffage omendu eta gogoratu behar dela berretsi du, eta bere filmaren bidez, hain zuzen, hori egin nahi izan duela nabarmendu du: "Memoria".

Tabernaren filma erakutsi du Asun Casasolak Nafarroako hamaika ikastetxetan, hain zuzen. "Ezin duzue imajinatu niretzat zeinen garrantzitsua den hori", erran du, plazan, zinemagilearen aurrean. Herritarren berotasuna beti sumatu duela nabarmendu eta eskertu du. "Hor ikusten dut zuen alkatea; hasieratik izan da nire ondoan", erran du Casasolak, Joseba Asironi so —jendearen artean dago—. "Ongi ospatu bestak; disfrutatu, errespetatuz. Ez dezatela bertze inor hil; ez dezatela emakume gehiago bortxa. Baina, zerbait gertatzen bada, sinetsi biktimari; atera karrikara; ondoan ez bazaituztegu hondoratzen baikara", bukatu du.

Hitzen tokia hartu du musikak; Etxaniz taldeak, Sabicas etxeko Jolis Muñozek, El Camarotek, Maite Menek eta Aurora Beltranek bete dute oholtza, bertzeak bertze. Aurreskua dantzatu dute Laffageren eta haren familiaren omenez; olerkiak irakurri dizkiote erizain gazteari, eta Towanda Rebels ekinaldiko kideek eta Cristina Fallaras kazetariak "nahikoa" dela erran dute, ozen. Indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten alde egin dute. Erasorik gabekoa. Feminismoaren alde. Nagore Laffageren absentziak ekarri ditu Iruñera; haren presentzia gogoratu dute.