Iritzia: Eskubide osoz

Lur Albizu Etxetxipia

Hilabete askotako prestaketa izan da. Eragile, kolektibo eta espazio ugari zipriztindu ditu burujabetzaz, ekonomia alternatiboaz, herriz, euskaraz, auzoz, kolektibotasunez. Elkarlanean aritu dira hilabetez hilabete inurri asko, grisa berde bilakatzeko ahaleginetan. Heldu den astean iritsiko da eguna. Bizitza burujabeak eskubide osoz marraztuko ditugun eguna, hain zuzen ere.

Alternatiben Herria prest dago Iruñera etortzeko. Ongietorria emanen dio Iruñeak heldu den larunbatean. Aspaldi marraztu genuen gorriz egutegian ekainaren 2a. Hiria okupatuko dute alternatibek. Iruñea kolorez beteko dute, batez ere, ezinezkoak errealitate bihur daitezkeela erakutsiko duten hamarnaka ekimenek.

Ez da erraza sistemak eskaintzen digun panorama. Totalitarismoa, autoritarismoa eta zentralismoa. Austeritatea, murrizketak eta mugak. Erregimena, kapitalismoa. Hemen erabaki eta onartutako dozenaka lege atzera botatzea. Inposizioak eta erabakitzeko ahalmenik eza.

Baina guk argi dugu. Ehunka alternatiba ari dira eraikitzen Nafarroan eta Euskal Herri osoan hainbat eremutan. Eremu askotan ari dira horiek garatzen; hamarnaka ezagutu ahalko ditugu datorren larunbatean: telekomunikazio zerbitzuak, garraioa, energia horniketa, kooperatibismoa, ekonomia sozial eraldatzailea, hezkuntza alternatibak, elikadura burujabetza, saretzerako espazioak, gaztetxeak, etxebizitza komunitarioak, kontsumo-taldeak...

Burujabetzaz arituko gara. Geure buruaren jabe izateaz, erabakitzeko gaitasuna izateaz. Baina Nafarroak, Euskal Herriak ba al du bere buruaren jabe izateko ahalmena? Hitz eginen dugu botere(tze)az, demokraziaz, parte-hartzeaz. Hitz eginen dugu herri biziaz; hitz eginen dugu geure bizitza eta gorputzen gain erabakitzeko gai izateaz. Dagoeneko martxan dauden ahalduntze eta burujabetze prozesuez hitz eginen dugu. Dena aldatzeko, dena erabaki nahi dugulako.

Bizitzaren aldeko apustua delako Alternatiben Herria. Bizitza burujabearen aldeko apustua. Bizitza burujabeen aldekoa. Alor guztiak aintzat hartu eta beste zerbait posible dela erakusten diguna. Posible delako. Hemen bai, posible delako. Ezin dela, ezinen dugula diotenen aurrean, posible dela eta hemen posible izanen dela erakutsiko dugulako. Eta bizitza burujabe horiek eraikitzeko, ezinbestekoa izanen da kapitalismotik gorputz eta buruak deskonektatzea.

Izan dadila urteak iraungo duen eguna, aurrera jarraitzeko eta bideak marrazten segitzeko indarra emanen diguna. Landa daitezela uholde berri honen haziak.

Kolektibotik eta herrigintzatik herri hau eraikitzen jarraituko dugu; alternatiben herriak sortzen, bizitza burujabeak egunero birpentsatzen.

[Bitartean, Pamplonan euskararen aurkako martxa bat eginen dute iaz haien bandera ez-nazionalistak atera zituzten berberek. Alternatiben Herrian argi daukagu: txistorrak jateko dira!

Nafarroa berria eraikitzen jarraituko dugu].

“Ia hutsetik ari gara kultura eskubideen legea prestatzen”

“Ia hutsetik ari gara kultura eskubideen legea prestatzen”

Edurne Elizondo

Ongi ezagutzen du Kultura departamentua Dori Lopez Juriok (Iruñea, 1961). Kultur ekintzan aritu da, zuzendari nagusi izendatu duten arte. Kulturari buruzko ikuspegi "parte hartzailea" defendatu du.

Zer ekarri dizu ardura berri honek?

Lehenik eta behin, horixe bera, ardura handiagoa ekarri dit. Ez da gauza bera zerbitzu bateko buru izatea, bost pertsonak osatutako taldean, edo, orain bezala, pertsona horien guztien ardura zure gain hartzea. Baina poza ere ekarri dit. Lana gustukoa dut, eta ez zait ezezaguna. Beti aritu naiz Hezkuntzan eta Kulturan, eta legegintzaldi honetan, orain arte, Kultur ekintzen zerbitzuan aritu naiz. Proiektuak, beraz, ongi ezagutzen ditut, eta horrek lasaitasuna ematen dit.

Oraingo karguak gehiago lotzen zaituela uste duzu?

Ez dut uste. Lehen ere nabarmena zen genuen arduraren zama. Orain gertatzen dena da esparru zabalago bat jorratu behar dudala: liburutegiak, museoak, artxiboak... Esparru horiek ez ditut hain ezagunak, baina lantalde ona dugu, eta esperientzia handiko zerbitzu arduradunak. Kontseilariarekin ere ongi moldatzen naiz. Sintonia ona dugu. Finean, lantalde berean gara, eta hori funtsezkoa da proiektuak aurrera eramateko.

Talde lana egiten duzuen arren, zer ekarpen egin nahi diozu zuk karguari?

Urtebete falta da legegintzaldia amaitzeko. Nik nahiko nuke hasitako proiektuak burutzeko aukera izan. Hori lortu nahiko nuke.

Zer proiektu, adibidez?

Merkatua, adibidez. Bai eta Landarte ere. Proiektu berriak dira. Nafarroako Museoa moldatzen ari gara, gainera, arte garaikidearen esparrua nabarmentzeko eta erakusteko, eta arte eszenikoen eta musikaren artxiboa jarri dugu martxan.

Merkatua ekinaldiak arrakasta handia lortu du. 2017ko herrialdeko kultur ekinaldien artean erreferente nagusi bilakatu zen. Garatzen jarraitzeko asmoa duzue?

Bai. Iaz egin genuen lehendabiziko edizioa. Lan handia egin genuen, baina emaitza oso ona izan zen. Ondorioz, aurten ekinaldia luzatzea erabaki dugu, eta azaroaren 21etik 23ra eginen dugu, hiru egunez. Egia esan, Merkatuak eragin nabarmena izan du inguruko komunitateetan, bai EAEn, Errioxan, Aragoin eta Akitania Berrian ere. Komunitate horiekin harreman gehiago dugu, eta sumatuko da aurtengo Merkatuan.

Legegintzaldi hasieran zehaztutako lan ildo nagusiak nahi bezala ari zarete garatzen?

Lan ildo nagusiak jaso genituen Kulturaren Plan Estrategikoan, eta plan hori martxan jartzea lortu dugu. Plan horri lotuta sortu dugu, adibidez, Kulturaren Behatokia. Beste proiektu garrantzitsu bat ere badugu une honetan esku artean, kultura eskubideen legea egiteko proiektua, hain zuzen ere.

Kultura eskubideak bermatzeko?

Hori da asmoa. Proiektu berri bat da, ez baitago inolako gisako aurrekaririk estatuan, ezta Europan ere. Beraz, aitzindari izanen gara.

Nola zehaztu eta berma daitezke kultura eskubideak?

Esparrua oso zabala da, eta, erreferenterik ez dugunez, egia erran, ez da lan erraza lege bat ia hutsetik egitea. Guk nabarmendu nahi duguna da kultura herritarren esku jarri nahi dugula, legez jaso eskubide hori badutela. Lantaldea osatu dugu lege hori lantzeko, eta zirriborroa nahiko aurreratua dago jada.

Lotura badu kulturaren ikuspegi transbertsal batekin?

Izan dezake, bai. Argi dugu kulturak zeharkatzen dituela beste esparru asko, besteak beste hezkuntza. Hasi gara beste hainbat departamenturekin lanean, hain zuzen ere, auzi hori jorratzeko. Kulturaren izaera transbertsal hori gauzatu ahal izateko.

Noizko izanen da prest legea?

Zirriborroa amaitu eta gero, hurrengo urratsa izanen da jendaurrean erakustea, herritarrek beren ekarpenak egin ahal izateko. Gero eramanen genuke parlamentura, eta espero dugu aurrera egitea.

Legegintzaldia hasi zenean, departamentuak nabarmendu zuen kultura "duindu" nahi zuela. Zer egin duzue hori lortzeko?

Legegintzaldiaren hasieran ikusi genuen lan egiteko behar berezia bazela hainbat sektoretan, besteak beste antzerkigintzaren edo musikaren esparruan. Musikaren arloan, adibidez, egungo gobernua sartu arte, klasikoa saritzen eta bultzatzen zen, batez ere. Guk deialdi publikoetan aldaketak egin ditugu gobernuaren bultzada jaso dezaten orain arte kanpo gelditu diren beste sektoreek ere. Zabaldu nahi izan dugu jarduera. Ekinaldi berri guztiekin ere hori bilatu dugu. Kulturari buruzko ikuspuntu parte hartzaileago eta irekiago bat jorratu nahi izan dugu.

Museoen eguna eta dantza garaikideko jaialdia ospatu berri dituzue. Udan, Erriberrik hartuko du lekukoa.

Bai, hemen ez dugu hilabete lasairik. Hamaika ekinaldi ditugu, hamaika esparrutakoak. Udan Erriberriko antzerki jaialdia da izar nagusietako bat, baina Kultur programak ere eramaten ditu kultura jarduerak hamaika herritara.

Eta, bihar, Vianako Printzea saria emanen duzue. Dena prest?

Bai, dena prest dugu. Iruñeko Ganbera Abesbatzak jasoko du. Erriberrin eginen dugu ekitaldia. Lehen aldiz parte hartuko dut Kultura zuzendari gisa, baina ekinaldi ezaguna da niretzat, beti joaten bainaiz.

Gaitzak eta bazterketak jota

Gaitzak eta bazterketak jota

Edurne Elizondo

Ez digute jaramonik egiten. Gutxi gara, eta, gaixo eta emakume gisa, tratu txarra ematen digute. Genero kontua da! Ozen erran behar dugu, kexatu, eta ikusgarri bilakatu". Fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, sentsibilitate kimiko anizkoitza eta elektrohipersentsibilitatea dutenen nazioarteko eguna izan zen larunbata, eta, gaitz horien berri emateko, Unrest dokumentala bistaratu zuten Frida elkarteko kideek, larunbatean bertan, Iruñean. Ikusle batenak dira hasierako hitzak; neke kronikoaren sindromea duen emakume batenak. Gaitz hori du filma zuzendu duen Jennifer Break ere, eta ordu eta erdiko lanean jaso ditu hura sufritzen dutenen egunerokoan gaitzak dituen ondorioak; bai eta eritasunak, batez ere, emakumeak jotzeak duen eragina ere.

Fibromialgiak, neke kronikoaren sindromeak, sentsibilitate kimiko anizkoitzak eta elektrohipersentsibilitateak sentsibilizazio zentraleko sindromeen multzoa osatzen dute, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak 1992an aitortu zien gaixotasun izaera. Herritarren %4 ingururi eragiten diete, eta hamar gaixotik bederatzi emakumeak dira.

Frida elkarteko kideen artean gehienak dira emakumeak. Maider Agirre da presidentea, eta argi eta garbi erran du gaitzok, bereziki, emakumeak jotzeak ekarri duela "kasurik ez" egitea. "Arlo guztietan baztertzen gaituzte", salatu du. Bazterketa horrek dituen aurpegietako hainbat zehaztu ditu: "Gutxi ikertzen dira gaitzok; medikuarengana jotzen dugunean, emakumeok psikiatrarengana bidaltzen gaituzte, anitzetan; ez, ordea, gizonak. Diagnostikoa jaso eta gero ere, gizonentzat errazagoa da ezintasun absolutua jasotzea emakumeontzat baino".

Unrest dokumentalak neke kronikoaren sindrome larria dutenen kasuak azaltzen ditu, batez ere. Munduan, 15-30 milioi pertsonak badute gaitz hori. %75ek ezin dute lanik egin, eritasunaren ondorioz; %25ek, berriz, ohean gelditu behar izaten dute. Frida elkarteko Maider Agirre ez da gaitza duen bakarra; elkarte bereko Patricia Murciak eta Susana Arangurenek ere badute. Fibromialgia diagnostikatu diete hirurei, halaber. Arangurenek, gainera, sentsibilitate kimiko anizkoitza du.

Gorputz osoko mina, nekea eta indarberritzen ez duten loaldiak dira fibromialgiaren bereizgarri nagusiak; hala ere, beste hainbat sintoma ere lotzen zaizkio: heste minberaren sindromea eta zefa-leak, adibidez. Sintoma anitz partekatzen ditu fibromialgiak neke kronikoaren sindromearekin. "Gaitzok batera agertzen dira, kasu anitzetan". Arazo kognitiboak ere eragin ditzakete gaixotasunok. Beren egunerokoa erabat baldintzatzen dutela erran dute Fridako kideek. "Niretzat, nekea da okerrena; hori da gehien mugatzen nauena. Nekatuta altxatzen naiz, eta bazkaldu eta gero jada ezin dut deus egin. Energia kudeatu behar dut, arratsaldean zerbait egin ahal izateko", azaldu du Agirrek.

Unrest filmeko zuzendari eta protagonista Jennifer Break ia amaitzear dagoen bateriaren irudiarekin lotu du neke hori. Funtzionatzeko modu berezia izanen luke bateria horrek, gainera: betetzea kosta egiten zaio, batetik; eta, bertzetik, ahaleginik txikienak ere eragin dezake erabat hustea. "Metafora hori hagitz egokia da sentitzen duguna islatzeko", adierazi du Agirrek.

Onespenik eza

Onespenik ezari egin behar izaten diote aurre fibromialgia edo neke kronikoaren sindromea duten gaixo gehienek. "Niri 2008an erran zidaten neke kronikoaren sindromea nuela. Egun batetik bertzera, ohetik ezin altxatu gelditu nintzen, batere indarrik gabe. Diagnostikoa jaso eta gero, konturatu nintzen fibromialgia txikitatik izan dudala. Beti izan dut mina. Kontua da min horrekin bizitzen ikasi dudala", azaldu du Arangurenek.

Aurre egin behar izan die, batetik, bere gaitzak "psikologikoak" direla erraten dutenen hitzei; aurre egin behar izan die, bertzetik, bere buruan sortutako zalantzei: "Hasieran, zer duzun ez dakizunean, zalantzak dira nagusi. Neure buruari galdetzen nion: ez duzu nahi ezin duzulako, edo ezin duzu nahi ez duzulako?". Agirrek ongi ezagutzen du sentsazio hori: "Medikuen eta gizartearen onespenik ezak ekartzen du geure burua zalantzan jartzea".

"Eztabaida sortzen duten gaixotasunak dira", erran du Iñigo Murga medikuak. Neke kronikoaren sindromea du Murgak ere, eta Eman Eskua elkarteko kide da. EHUko hainbat ikertzailerekin batera, neke kronikoaren sindromeari buruzko ikerketa egiten ari da. Gaitz horren inguruko eztabaidari aurre egiteko "ezinbertzekotzat" jo du ikerketa bultzatzea, hain zuzen ere. "Ikerketak ekarriko du medikuen eta gizartearen onespena".

Murgak nabarmendu du 1956. urtetik baino ez dela hitz egiten neke kronikoaren sindromeaz; fibromialgiari buruz, 1976tik; eta sentsibilitate kimiko anizkoitzari buruz, berriz, 1988tik. Gaixotasun neurologikotzat jotzen da neke kronikoaren sindromea, egun, zalantzarik gabe. Fibromialgia ere gaitz neurologikotzat dute gero eta profesional gehiagok, baina Murgak zehaztu du, sailkapen ofizialetan, "eritasun erreumatologikotzat" dutela, oraindik ere. Inolako zalantzarik gabe baztertu du, halere, eritasun horiek buruko gaitzak izatea.

Halakotzat tratatu dituzte denbora luzez, ordea. Errealitate hori ederki islatzen du Unrest dokumentalak, eta Frida elkarteko kideek ere badute zer erran horri buruz. "Behin, medikuak etxera etorri behar izan zuen, ezin altxaturik nengoelako. Karrikara aterata sendatuko nintzela erran zidan, gaitza neure buruan baino ez zegoelako", kontatu du Arangurenek.

Unrest filmak errealitate are gordinago baten berri eman du, Danimarkan jazotako kasu baten bidez. Herri horretan, Poliziak etxetik atera zuen neke kronikoaren sindromea zuen Karina Hansen nerabea, psikiatra batek aginduta. 2013. urtean gertatu zen, eta hiru urtez egon zen emakumea zentro batean itxita. 2016an itzuli ahal izan zen etxera.

Unrest dokumentaleko zuzendari Jennifer Brea gaixotu zenean ere "konbertsio nahasmendua" zuela erran zioten medikuek, hasieran. "Hitz horiek erabiltzen dira orain lehen emakumeei egozten zitzaien histeriaz hitz egiteko", zehaztu du Murgak. Estigma horren eragina indarrean dela argi dute Frida elkarteko kideek. "Beti kexatzen ari garela erraten digute, gertatzen zaiguna handitzen dugula emakumeok; bertzela, depresioak jota gaudela", azaldu du Arangurenek.

Unrest dokumentalak Nancy Klimas immunologoaren hitzak jaso ditu, bertzeak bertze. Klimas da neke kronikoaren sindromearen esparruko aditu nagusienetako bat, Murgak nabarmendu duenez; eta Klimasek berak argi eta garbi erran du Brearen lanean "arazoa" dela gaitz horrek, batez ere, emakumeei eragitea. Ez delako aintzat hartzen, eta, ondorioz, ikerketarako behar diren baliabideak ez direlako bideratzen.

Frida elkartearen bidez, hain zuzen, egoera horri aurre egin nahi diote. 2006. urtean sortu zuten. Ordura arte, Afina elkarteak hartzen zituen Nafarroan fibromialgia, neke kronikoaren sindromea eta lotutako gainerako gaitzak zituzten gaixoak. Taldea bitan zatitu zen, eta Afina eta Frida ari dira lanean egun. Bi elkarteok gogoratu dute asteburuan gaitzon nazioarteko eguna. Ikerketa eskatu dute, batez ere.

Arangurenek eta Agirrek erantsi dute Fridan egiten duten lanak laguntzen diela aurrera egiten. "Elkartean bat egin dugun emakume gehienok hagitz bizitza aktiboa genuen gaitzak agertu baino lehen; zenbaitetan gogorra da elkarteak eragindako lanaren erritmoa, baina hemen elkar laguntzen dugu, elkarri babesa ematen diogu", nabarmendu dute.

"Zure egoera berean denak ulertzen zaitu hobekien", berretsi du Agirrek. "Zure egoera berean diren horiek ezagutzen dituzunean konturatzen zara zure kasua ez dela bakarra, eta horrek lasaitzen zaitu", erantsi du Arangurenek.

Unrest dokumentalak islatzen du Jennifer Break gaitz bera duten bertze milaka pertsonarekin mundu zabalean osatutako sarea. Interneten bidez osatutako sarea da hori. "Interneten konturatu nintzen bazirela nire gaitz bera zuten bertze pertsona anitz", kontatu du Break filmean. Testigantza gordin eta gogorra da Unrest lanean egiten duena. "Hilda nagoela sentitzen dut zenbaitetan, baina munduak aurrera nola egiten duen ikustera behartzen naute, aldi berean". Brearen hitzek eta ordu eta erdiz jositako irudiek eman diete zer pentsatu Fridako kideei. Barrua nahastu diotela onartu du Agirrek. "Gure etorkizuna hori izanen ote?", galdetu du. Ez du zain gelditu nahi, deus egin gabe. Ikerketa eskatu du. Ikerketa eta onespena. Aintzat har ditzatela.

Kontakizunak dituen hutsuneak betetzeko

Kontakizunak dituen hutsuneak betetzeko

Edurne Elizondo

Kanpo. Estatuaren indarkeriari buruzko kontakizunetik at gelditzen da migratzaileen kontrakoa. Horixe nabarmendu eta salatu du SOS Arrazakeriak, Iruñean egindako mahai inguru batean. Jeanne-Rolande Dacougna arrazakeriaren aurkako ekintzaile feministak, Oihana Barrios psikologoak eta Josu Chueca historialariak hartu dute hitza ekinaldian.

SOS Arrazakeriako kideek mahai gainean jarritako gogoeta izan dute hiru parte hartzaileek abiapuntu. Gogoeta hori laburbildu dute erakundeko ordezkari Ainara Santakiteriak eta Javier Indurainek: "Migratzaileek bidea hasten duten unetik sufritzen dute indarkeria; Europan, haien kontrako indarkeria egiturazkoa da, eta publikoa: kongresuan onartzen dituzte indarkeria horri bide ematen dioten legeak eta arauak. Indarkeria hori ikusten dugu, egunero, hedabideetan. Zergatik onartzen dugu ? Zergatik ez ditugu indarkeria horren biktimak aipatzen estatuaren indarkeriaren biktimei buruzko kontakizunean?".

SOS Arrazakeriako kideek egindako hausnarketak Europa osoko gizartea interpelatzen du. Baita Euskal Herrikoa ere. "Egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditugunean, migratzaileentzat ere galdegin behar ditugu", berretsi du Indurainek. Bat egin du Josu Chuecak, eta historiatik, memoria historikotik heldu dio erronka horri. 1936ko gerran sortutako kontzentrazio esparruak jorratu ditu Chuecak, bertzeak bertze, eta esparru horiekin lotu ditu, zuzenean, gaur egun migratzaileak ixteko erabiltzen diren CIE atzerritarrentzako zentro itxiak eta CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroak. "1936ko esparruetan txarrantxa erabiltzen zuten; egungo zentroetan eta mugetan, berriz, kontzertinak. Historiaren haria arantzaduna da", erran du Chuecak.

Historialariak argi eta garbi erran du Europakoa migrazio mugimendu handiekin lotutako historia dela. "Milioika europar mugitu dira toki batetik bertzera". Eragozpenik gabekoak izan ziren mugimendu horiek, urte luzez. "AEBetan, 1920ko hamarkadan hasi ziren migratzaileen sarrerari mugak jartzen". Europan "paradoxa" bat gertatu zela erantsi du Chuecak: "Berlingo harresia eta bloke komunista erori eta gero, egungo gotorleku bilakatu zen Europa".

Hainbat datu aipatu ditu historialariak errealitate horren adierazgarri: Europak 525 milioi biztanle ditu, eta haietako 3,6 milioi dira errefuxiatuak; Turkiak 79,5 milioi biztanle ditu, eta 3,1 milioi errefuxiatu. Libanok, berriz, sei milioi biztanle, eta milioi bat errefuxiatu. Europako Batasunak migrazioa kontrolatzeko ezartzen dituen politiketan Turkiak edo Marokok duten ardura nabarmendu eta salatu du Jeanne-Rolande Dacougnak, hain zuzen ere: "Europak kanpora eraman ditu bere mugak, eta kanpoko muga horiek zaintzen dituztenak migratzaileen aurkako indarkeriaren laguntzaile dira. Migratzaileentzat gero eta zailagoa da Europara ailegatzea".

Migratzaileek sufritzen dute indarkeria; bai eta haien senitartekoek ere. Tarajal auzia jarri du adibide Dacougnak. Nafarroako Parlamentuak gonbidatu arren, bisa ukatuta, ez diete etortzen utzi 2014ko otsailaren 6an Ceutako mugan (Espainia) hildako migratzaileen familiei. "Estatuaren biktima dira, eta beren senitartekoei haien gorputzak identifikatzeko eta lurperatzeko aukera ere ukatzen zaie. Familienganako krudelkeria muturrekoa da", erran du Dacougnak.

Emakumeen aurka

SOS Arrazakeriako kideen hitzak bere egin ditu ekintzaile feministak, eta nabarmendu du migratzaileen aurkako neurriak "legezko" izateak ez duela erran nahi bidezkoak direnik: "Legez onartutako neurriak direnez, ordea, haien bidez ezartzen den indarkeria normalizatu egiten dute, neurri batean".

Estatuaren indarkeriak hamaika aurpegi dituela erantsi du Dacougnak: "Atzerritarren Legea, CIE zentroak, polizien indarkeria...". Indarkeria hori salatzeko, migratzaileek dituzten mugak jarri ditu agerian ekintzaileak: "Salatzea zaila da haientzat, eta salatzen dutenean ere, justizia jasotzeko aukerak hagitz urriak dira. Horrek areagotzen du migratzaileon babesgabetasun sentsazioa. Sistemaren zigorgabetasuna nabarmena da".

Emakumeen aurkako indarkeria bereziki aipatu nahi izan du Dacougnak; batetik, egoera "are zaurgarriagoan" daudelako, eta, bertzetik, salatzen dutenean, sistemak ez duelako sinesten erraten dutena. "Egiturazko zaurgarritasuna ekartzen du horrek guztiak".

Gizarte mugimenduek duten ardura nabarmendu nahi izan du Dacougnak, bertzalde. "Migratzaileak, oraindik ere, ez dira hiritar. Are gutxiago beltzak badira. Beltza bazara, beti kanpotar gisa hartzen zaituzte. Gizarte mugimenduek ere badute zer hobetu horretan, diskurtso arrazistei mesede egiten dietelako batzuetan".

Oihana Barrios psikologoak ere gizarte mugimenduei egin die so, eta nabarmendu du migratzaileekin elkarlanean aritzeko espazioak falta direla, oraindik ere. "Gauzak egiten ditugu, baina haiek falta dira; ez ditugu behar diren loturak sortzen, ez ditugu espazioak eta eztabaidak partekatzen".

Migratzaileen aurkako indarkeria gertutik ezagutu du Barriosek, Torturaren Aurkako Koordinakundeko kide gisa hainbat pertsona artatu baititu. "Indarkeriak utzitako arrastoa sakona da. Hamaika traumak egiten dute bat". Barriosek argi du: "Denen artean egin behar dugu denen giza eskubideen alde".

Aldi baterako habiak

Aldi baterako habiak

Kattalin Barber
Guraso biologikoek haien kargu egiterik ez, eta 158 adingabe bizi dira Nafarroan harrera zentroetan, harrera familia baten premian. Oinarrizko behar guztiak beteak dituzten arren, etxe baten goxotasuna eta familia baten berotasuna falta...

Iritzia: Kuadrilla-eskolekin adi

Tania Arriaga Azkarate

Eguraldi oneko egun urri horietako larunbat arratsalde batean, menditik hirira jaitsi ginen kaña bat hartzera. Terraza eremu bat aukeratu genuen. Gunea oinezkoentzako prestatu berri dute, eta hiru eta zortzi urte bitarteko haur andana jolasean zebilen gustura asko: batzuk korrika, beste batzuk baloiarekin, besteak errekara ogitxoak botatzen eta gaztetxoenak hula hoop txiki eta distiratsua jiratzen eta biratzen. Arratsaldeko zortziak zirela, hor ondoan dagoen elkarte gastronomiko batetik haurren gurasoak, hau da, helduen kuadrilla (ongi edana) atera zen; eta nola ez, mozkorren zegoen gizona txikiekin jolasten hasi zela ikusi genuen. Lehendabizi, haurrekin korrika, bultzaka eta txantxetan zebilen, mutiko bati mina eman eta negarrez hasi zen arte. Ondoren, neskatiko gazteenari, hiru urte edo izanen zituenari, zirikatzen hasi zitzaion: besoetan hartu; itzulipurdiak airean eman; txikiak disimuluan bere amarengana ihes egin zuen arte.

Jolas horiek egiten zituen bitartean, mozkorrak gintonikari trago luzeak ematen segitu eta bere jarrera matxiruloa erakusten zigun guztioi, hirietako alde zaharretako jauntxoen performancea; manspreading autoktonoa; kaleak nireak dira, putoamoa eta jatorra' naizelako.

Tragoa, zigarroa eta lagunari lau hitz esan eta gero, mozkor astunak haurrengana jo zuen berriz. Oraingo honetan, baloia kendu zien jolasean ederki segitzen zuten kuadrillaren seme-alabei. Gaztetxoak behin eta berriz, baloia berreskuratzen saiatu baziren ere, gizonak haurrei burutik bultzatu eta urruntzen zituen, txiki ausart batek barrabiletan ostikada bat eman zion arte. Mozkorrak pilota eskuetan hartu, ostikada eman eta baloia errekara bota zuen. Neska-mutilek, "gure baloia, gure baloia" oihukatuz, amore eman gabe jarraitu zuten. Orduan, kuadrillakoek, bai emakumeak eta baita gizonak ere, haurrak lagundu ordez, mozkorra babestu zuten. Potroetako mina joaten ez zitzaionez, edo kuadrillak eskaini zion inpunitatearekin harrotua, gizontxoak hula hoopa hartu eta hori ere errekara bota zuen. Umeak haserre, frustratu, sumindu eta negarrez harengana joan ziren tropelean, baina kuadrillak, berriz, mozkorraren alde egin zuen. Are gehiago, neskatiko gazteena negarrez gogor ari zenez, amak besoetan hartu eta… mozkorrarengana eraman zuen, hari muxua emateko!

Mozkorra eta bere lagunak gu geunden tabernara etorri ziren gintonic bila. Gure ondotik pasatzerakoan, emakume bat aulkitik altxatu eta gizonari zera esan zion: "Nik zure diru-zorroa hartu eta errekara botako banu, ongi irudituko litzaizuke? Ba oraintxe oso gustura eginen nuke hori". Gizontxoari entzundakoa oso gaizki iruditu eta, "hija de puta" oihuka esan ondoren, emakumea jotzera bota zen. Kuadrillakoek, ahal izan zuten moduan heldu bazuten ere, emakumearen kontra ere gogor egin zuten: "Zu zertarako sartzen zara? Pozik egonen zara lortutakoarekin!".

Etxera gorputz txarrarekin abiatu ginen, ikusirik haurrek zer ikasi zuten: egiturak erasotzailea babesten duela, eta ahularen ahotsak ez duela baliorik.

“Komunitatea batzea da Sortzen jaiaren helburua”

“Komunitatea batzea da Sortzen jaiaren helburua”

Edurne Elizondo

"Ez da erraza", aitortu du Sortzen elkarteko arduradun Sergio Iribarrenek (Iruñea, 1978), Sortzen jaia prestatzeko lanari buruz. Halere, 22. aldiz ospatuko dute igandean, 10:00etan hasita, Iruñeko Antoniutti parkean. "Auzolan erraldoi bat da", erran du Iribarrenek. Bestaz eta esku artean dituzten erronkez mintzatu da. Kezka agertu du euskararen aurkako erasoengatik.

Zein da igandeko bestaren helburua?

Gure komunitatea batzea. Sortzen elkartean bat egiten dugu, batez ere, D ereduko guraso elkarteek, eta, hainbat herritan, eskola osoek. Gure helburua beti izan da hezkuntza komunitate osoa elkarlanean aritzea. Jaiaren 22. aldia ospatuko dugu aurten, eta elkartzeko beharrak sortu zuen, hain zuzen.

22 urteotan izan da aldaketarik?

Uharten eta Sarrigurenen jai oso handiak antolatu genituen, eta iaz oinarrietara itzultzeko beharra ikusi genuen. Jai handiak izan ziren bi horiek, baina pixka bat desitxuratu zirela ere uste dugu. Hasierakora itzuli nahi genuen; guk egindako jai bat izatea, eta guretzat. Ateak zabalik izanen dira, noski, baina koherente izan nahi dugu helburuekin eta gure filosofiarekin. Jai giro batean irudikatu nahi dugu amesten dugun eskola.

Lehen, urtero eskola batek antolatzen zuen besta; iaz eta aurten, denon artean ari zarete. Komunitatea batzeko?

Bai. Eta onartu behar dugu zaila dela. Iruñerriko eskolak ari gara, batez ere. Denen arteko gauza bat dela barneratzea zailagoa da, ahalegin bat eskatzen du. Baina erronka polita ere bada: egun osoko auzolan erraldoi bat da, finean.

EgunOn leloa hautatu duzue. Hezkuntzaz haragoko mezua zabaldu nahi duzue?

Bai. Mezu zabalago bat da. Eskolak auzoetan eta herrietan daude, eta tokian tokiko egoerak eragiten die. Kanpoan gertatzen denak badu eragina eskoletan. Ikasturte hasieratik argi genuen euskararen erabileraren alde egin nahi genuela. Gure eskoletan gero eta familia euskaldun gehiago dago, baina badira euskaldunak ez direnak ere. Egun on esatea, ordea, oso erraza da. Lehen hitza euskaraz esatea bultzatu nahi dugu. Hitz horiekin, gainera, gogoratu ahal izan dugu Martzillako alkate Mario Faboren jokabidea, ikasturte hasierako ekitaldian nahiago izan baitzuen ingelesez hitz egin, egun on esan baino.

Euskararen aurkako mezuak ohiko bilakatu dira oposizioko taldeen artean.

Ez da bakarrik Iruñean eginen duten manifestazioa. Hori anekdota hutsa izan daiteke. Baina gogoratu behar dugu Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren garaiak ere nolakoak izan ziren. Argi izaten genuen ikasturtea hasi bezain pronto D ereduaren aurkako kanpaina bat etorriko zela. Beti egon behar genuen erantzuteko prest. Orain, gobernuaren aldaketarekin, aldatu egin da hori. Erantzuten baino gehiago, eraikitzen ari gara. Halere, Euskararen Legearen aldaketaren ondorioz D eredua sare publikoan lortu duten herrietan bada kezka.

Euskaraz ikasteko aukera galtzeko kezka?

Bai. UPN itzultzen bada D eredua galduko ote duten beldur dira. Egunero ari dira UPNtik eta PSNtik esaten itzultzen badira euskararen alde hartzen ari diren neurri guztiak zaborrontzira botako dituztela. Hori da larriena. Ez dakit gorroto delitu deitzen ahal zaion, baina, azken hiru urteotan, euskararen aurkako mezu oso gogorrak zabaltzen aritu dira. Nafarroako jendarte osoaren aurka ari dira, eskubideez ari baikara. Familia guztiek dute eskubidea seme-alabak D ereduan matrikulatzeko. Zaborrontzira botako dute eskubide hori?

Gobernuak egin dituen urratsei buruz, motz gelditu dela uste duzu?

Ausardiarik eza aipatu dute hainbat eragilek; guk ere bai. Guk argi dugu Euskal Herriak elkarbizitzarako behar duela euskal ikasle eleaniztunak sortuko dituen hezkuntza eredu bat. Nafarroan, hizki zopa bat dugu. Gurasoek A, G eta D ereduen artean hautatu behar dute. D eredua elkarbizitzaren eredua da, euskara, gaztelania eta ingelesa ikasten dutelako haurrek, eta, ondorioz, badute aukera beste ereduetako ikasleekin komunikatzeko. A eta G eredukoek, ordea, ez. Horregatik egin dugu auzo bizi onaren eskolaren eta hezkuntza burujabetzaren alde.

Hori da amesten duzuen eskola?

Badakigu ez dugula orain behar dugun eskumena. Ez zaigu ahazten, halaber, 30 urteotan Euskararen Legeak izan duen eragina. Egoera soziolinguistikoa oso ezberdina da Elizondon, Iruñerrian eta Caparroson. D ereduak, akaso, tokian tokiko egoerara egokitu beharko luke. Egun ez dugu gaitasuna hori guztia egiteko, Hezkuntza Departamentuak esateko ikasleek zer-nolako hizkuntza gaitasunak izan behar dituzten eta horretarako eredua garatzeko. Badakigu hori ez dugula lortuko egun batetik bestera. Baina aurrera egin behar dugu. Helburua da eredu bakar bat, berdintasunean hezteko.

Eremu ez-euskaldunean gurasoak egiten ari diren lana funtsezkoa da bide horretan?

Lan handia egiten ari dira. Baina gutxiengoa dira herri askotan, eta kezka badute.

Zuek ere kezkatuta zaudete?

Bai, gu ere bai. Gobernua aldatu zenean, arnasa hartu ahal izan genuen, eta, erasoei aurre egin beharrean, gure lanetan murgildu ginen. Lehengo dinamiketara itzultzeko aukerak kezkatzen gaitu.

Egituran dagoen arazo baten sintoma

Egituran dagoen arazo baten sintoma

Edurne Elizondo

Beren funtzioa betetzen ari dira epaileak eta hedabideak: sistema patriarkalari eusten ari dira". Horixe erran zuen Montse Pinedak, iazko azaroan, Iruñean, 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko sexu erasoaren inguruko epaiketa hasi zenean. Creacion Positivako ekintzaile feminista da, eta indarkeria matxistetan aditua. Auzi horren inguruko epaia ezagutu eta gero, errandakoa berretsi du Pinedak: "Zoritxarrez, erran nuenari eutsi behar diot; sistema judizialak eta zigor kodeak gure gizartearen balioak azaltzen dizkigute, eta balio horiek patriarkalak dira".

Bost gizonen artean 18 urteko emakume bat inguratu, atari bateko gelan sartu, paretaren kontra inmobilizatu, sexu harremanak izatera behartu, bideoan grabatu, emakumea lurrean botata utzi eta haren sakelakoa ebatsi, laguntza eskatzerik izan ez zezan. Hori gertatu zen Iruñean, 2016ko uztailaren 7ko goizaldean. Nafarroako Lurralde Auzitegiak frogatutzat jo du sekuentzia osoa. Hala ere, epaileen arabera, eginikoa ez zen sexu erasoa izan.

"Abantailakeriazko sexu abusu jarraitua" egotzi, eta bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri diete bost akusatuei. Epaileek onartu dute sexu harremanak ez zirela "adostuak" izan, eta emakumea "behartu" egin zutela, euren "nagusitasun fisikoa" baliatuz. Hala ere, ez dute frogatutzat jo auzipetuek "indarkeria fisikoa, mehatxuak edota larderia" erabili zutenik. Magistratu batek boto partikularra eman du, gainera, eta absoluzioa eskatu bost gizonentzat.

"Sexu eraso batean beti bada indarkeria". Horixe erran du Clara Timonelek. Sexu osasunean eta giza eskubideetan aditua da. Onartu du "estutasun handia" eragin ziotela epaia ezagutu aurreko egunek. "Absolbituko zituztela uste nuen. Zigortu zituztela jakin nuenean, lasaitua hartu nuen, baina amorru bilakatu zen, berehala, gertatutakoa abusutzat jo zutela jakin nuenean".

"Genero indarkeriei buruz ari garenean, sistemak ziurtzat jo ohi du emakumeak gezurra erraten duela. Egoera hori bazter uzteko ordua dugu. Ez da erraza, ordea, inguru patriarkal eta misogino batean bizi baikara", nabarmendu du Timonelek.

Justiziaren arloa inguru patriarkal eta misogino horren barnean dagoela argi du Timonelek; June San Millan abokatu eta Salhaketako kideak ere ideia hori nabarmendu nahi izan du: "Sententziak agerian utzi du, batez ere, justiziaren esparruan inolako genero ikuspegirik ez dagoela, eta emakumeak erabat salduta daudela; justiziak ez ditu betaurreko moreak jantzi, oraindik ere", erran du, argi eta garbi. Arazoa da, haren ustez, jurisprudentziak bizkarra ematen diola genero ikuspegi horri. "Sententziak onartzen du emakumeak egia erran duela. Larderia ez du onartzen, ordea, jurisprudentzia halakoa delako, genero ikuspegirik gabea, alegia".

Zigor kodea aldatzeko aukeraz harago, "egiturazko aldaketa" behar dela nabarmendu du San Millanek. Izan ere, sanferminetako taldeko sexu erasoaren inguruko epaia ez da salbuespena. Azken egunotan, adibidez, Kantabriako (Espainia) epaile batek sexu abusutzat jo du gizon batek haur bati egindakoa, eta ez, ordea, erasotzat, umeak ez ziolako erasotzaileari "aurre egin". Haurrak 5 urte baino ez zituen lehen erasoa sufritu zuenean. "Gisa horretako epaiak eguneroko kontua dira", erran dute adituek.

"Arazoa ez da legea, epaileek egiten duten interpretazioa baizik. Horregatik, zigor kodea moldatzea ez da konponbidea; hamaika aldaketa egin dira, eta denek ekarri dute egoerak okerrera egitea. Kontua da giza eskubideen eta feminismoaren ikuspegia txertatzea", berretsi du San Millanek.

Botere abusua

"Sexu indarkeria terrorea eragiteko tresna bat da". Timonelenak dira hitzak. Gehiago erran du: "Abusua, berez, ez da sexu abusua, beti da botere abusu bat, edo konfiantza abusu bat. Sexualitateaz abusatu daitekeela errateak argi uzten du sexualitateaz, harremanak ezartzeko dinamikez eta indarkeriaz ditugun ikuskera eta definizioa erabat aldatu behar ditugula". Kantabriako sententziaren kasuaren gisakoetan, erasoa umeek sufritzen dutenean, Timonelek uste du sexu abusutzat jotzea "iraina" dela biktimentzat, "umeei ez duten dimentsio sexuala egozten dielako".

Timonelek aipatu duen indarkeriaz, sexualitateaz edo harremanak ezartzeko moduez gogoeta egiteko beharrarekin lotzen da, bertzeak bertze, Laura Casielles kazetariak egunotan idatzitakoa: "Gertatzen ari dena kontzeptuekin lotutako kontu bat da, inguratzen gaituen mundua ikusteko eta izendatzeko dugun moduarekin. Arazoa da dugun zigor kodeak ez duela indarkeria egungo edozein emakumek bezala ulertzen; ez du larderia ulertzen botereak eta pribilegioek gure harremanak gurutzatzen dituztela argi duen edozein pertsonak ulertzen duen moduan".

"Mingarritzat" jo du Casiellesek 2016ko Iruñeko taldeko sexu erasoaren inguruko sententziak jaso izana indarkeriarik ez zela izan. "Baimenik ez bada, indarkeria bada".

Baimenaren inguruan egiten dute lan, hain zuzen ere, La Pregunta 28 taldean. Talde horretako kide Stef Papinek, Cristina Gozalok eta Loreto Aresek idatzi dute Pikara Magazine hedabidean: "Baimena (txarra) eta desioa (ona) kontrajartzen dituen diskurtso bat zabaltzen ari da. Desioarena eremu labainkorra da, bizi dugun heteropatriarkatuan eraikuntza bat baita, gure subjektibotasunek eta esperientziek ukitua. Guk boteretzetik pentsatu nahi dugu: baimentzen dut nire gorputzaren gaineko boterea dudalako; onartzen dut nik hala erabakitzen dudalako; adosten dut hala egin nahi dudalako. Arazoa ez da desioa; arazoa da desioa identifikatzeko edo azaltzeko zer tresna dugun, kontuan hartuta bortxaketaren kulturak denok zeharkatzen gaituela".

Montse Pinedarentzat, baimenaren auzia "funtsezkoa" da. "Erabakiak nork eta nola hartzen dituen oinarrizko auzi bat da sistema patriarkalean, eta ez dugu ahaztu behar sexu indarkeriak direla gizarteak emakumeen bizitza kontrolatzeko erabiltzen duen tresna".

Pinedak uste du ezetza ezetz dela dioten leloak ez direla nahikoak, sexu indarkerien aurkako kanpainetan. Mezuak bertzelakoa izan behar duela. "Onespen positiboaren aldekoak gara gure elkartean. Bakarrik baietz erraten baduzu dela baietz; eta hala eta guztiz ere, baietz hori baldintzatuta egon daitekeela argi izan behar dugu".

Emakumeak subjektu politikotzat aldarrikatu ditu Pinedak, eta Iruñeko sententziak izaera hori ukatzen duela salatu du, hain zuzen ere. Ukatze horrek emakumeak "nazkatu" dituela uste du Pinedak, eta horregatik atera direla karrikara, azken egunotan, patriarkatuaren aurka. Clara Timonelek nabarmendu du "harro" dagoela karrikan epaiari eman zaion erantzunarekin. "Aurrera egin dugu, eta sumatzen dut mugimendu feministaren kritikak ari direla iritzi publikora ailegatzen". Bat egin du Pinedak: "Sententzia honek ekarri du, lehen aldiz, auzi horri buruz hitz egitea espazio guztietan".

Nazioartean ere izan dute oihartzuna mugimendu feministaren protestek, bai eta epaiak berak ere. Europako Batzordeak gogoratu du, adibidez, bortxaketa direla baimenik gabeko sexu harremanak, Istanbulgo akordioaren 36. artikuluaren arabera. Nazio Batuen Erakundeak ere nabarmendu du sententziak "bortxaketaren larritasuna gutxiesten" duela, eta kalte egiten diola, "argi eta garbi", emakumeen eskubideak errespetatzeko beharrari. Europako Batasuneko Justizia eta Genero Berdintasun komisario Vera Jourovak ere hartu du hitza, epaiari buruz: "Espero dut helegiteari erantzun azkar eta justu bat ematea".

Hainbat epaileren artean ere sortu du ezinegona sententziak. Dalila Dopazo (Lugo, Galizia), Nekane San Miguel (Bilbo) eta Angels Vivas (Bartzelona) magistratuek, adibidez, gutuna idatzi diote biktimari, eta argi erran diote epaiak bortxaketatzat hartu beharko zukeela haren kontrako delitua.

Epaileok nabarmendu dute, gainera, eraso baten aurrean "emakume bakoitzak ezberdin" erreakzionatzen duela. Bat egin du Clara Timonelek. "Pentsa dezakegu eraso baten aurrean modu batera edo bertzera jokatuko genukeela, baina ez dago jakiterik. Inoiz ez dakizu nola erreakzionatuko duzun". Timonelek erantsi du "sistemarentzat" ez dagoela "biktima on bat" izateko modurik. "Sistema bera tranpa bat delako. Ezin dugu joko horretan sartu". Sistemak biktima "epaitzen" duela erantsi du, eta errealitate horri "gogor" egin behar zaiola aurre.

Feminismoa eta kartzela

Nafarroako Lurralde Auzitegiak apirilaren 26an eman zuen 2016ko sanferminetako bortxaketari buruzko epaiaren berri. "Arratsalde osoa eman nuen sententzia irakurtzen". June San Millanek argi du larderia gertatu zela duela bi urteko taldekako erasoan, eta, argi du, halaber, genero ikuspegirik ezak ekarri duela epaileek eman duten sententzia. "Denen eskubideak bermatu behar direla zalantzarik ez dut; baina beldur naiz sistemak akusatuen eskubideak bermatzeko joera nabarmenagoa duela emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako kasuetan".

Feminismotik epaiari buruz zabaldu diren hainbat mezurekin ere kritiko agertu da San Millan; zehazki, espetxe zigorraren ingurukoekin. "Feminista batek ezin du espetxea defendatu", erran du. "Kartzela defendatzen duenak ez du ezagutzen. Gaztakak konpontzeko eta biktimari dagokion ordaina emateko bertze sistema bat behar dugu".

Salhaketako kide eta abokatuak onartu du oraingoaren gisako sententziek eta erasoek bereziki ukitzen dituztela herritarrak. "Auzi hagitz mediatikoa izan da, eta gertatu dena izugarria da". Amorrua normaltzat jo du. "Harago" jotzeko beharra berretsi du, halere: "Denen giza eskubideak bermatuko dituzten formulak bilatu behar ditugu; helburua da min gehiago eraginen ez duten bideak bilatzea, eta, batez ere, delitua prebenitzea. Ez dadila horrelakorik berriz gertatu. Justizia konpontzailea existitzen da; badira bertze bideak. Azter ditzagun, kasuz kasu erabiltzeko".

Formula berriak jorratzeko bide horrekin lotu du justiziaren esparruan giza eskubideen eta feminismoaren ikuspegia txertatzeko beharra. "Feminismo gehiago, eta espetxe gutxigo behar dugu", laburbildu du San Millanek. Feminismoa, bertzeak bertze, indarkeria sufritzen duten emakumeak babesteko.

Memoriarekin hegan egiteko

Memoriarekin hegan egiteko

Edurne Elizondo

Agapito Galindok hegan egiteko gai zela amets egin zuen, Ezkabako gotorlekuan preso izan zutenean. "Ametsen bidez, ihes egiten zuen, hegan, gotorlekuko harresien gainetik". Galindoren omenezko poema irakurri du Txinparta elkarteko Koldo Plak, Nafarroako Parlamentuan. Ezkabako gotorlekuari buruzko Lur azpitik, lur-azaleratuz izenburuko erakusketa inauguratu dute erakunde horretan. Txinpartak eta Aranzadik antolatu dute, elkarlanean, eta hilaren 31ra arte egonen da ikusgai.

Ez da bakarra. Nafarroako Gobernuak ere Ezkabako gotorlekuko memoria berreskuratu nahi izan du, egunotan, Ezkabako ihesaldiaren 80. urteurrena beteko denean. 1938. urteko maiatzaren 22an, 795 presok ihes egin zuten espetxe frankista bilakatutako gotorlekutik. Hiruzpalauk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea, ordea. 206 preso tiroz hil zituzten harrapatu zituzten toki berean. Bertze hamalau, berriz, 1938ko abuztuaren 8an fusilatu zituzten. Ezkaban egondako guztiak omendu nahi dituzte bi erakusketek. Eta ez ziren gutxi izan. "Denera, 7.000 inguru", erran du Plak.

1934. urtean ailegatu ziren lehendabiziko presoak Ezkabako gotorlekura. 1936ko otsailera arte, 800 hartu zituen espetxeak. Hilabete horretan, gotorlekuko bizi baldintza gogorrek eragindako eztabaidaren ondorioz, denak atera ziren, amnistia baten bidez. 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero, frankistek erabili zuten eraikina espetxe gisa.

Baldintzek ez zuten hobera egin. Ezkaban egondako presoek paretetan idatzitako mezuen bidez eman zuten beren aldarrien berri. "Hotza, gosea eta zikinkeria. Horiek ziren nagusi. Botikarik ez zen, gainera, eta preso anitz gaixotzen ziren", gogoratu du Plak.

Gotorlekuaren ondoko hilerrian lurperatu zituzten hildako preso anitz. Botilen hilerria erraten diote, presoen hilotzekin batera, hildakoen informazioa biltzen zuten botilak ere sartu zituztelako frankistek hobietan.

Ezkaba Proiektua

Botilak hartu ditu parlamentuan zabaldutako erakusketak Ezkabako memoriaren ikur; Nafarroako Gobernuak Iruñeko Planetarioan zabaldu duenak ere iragana, oraina eta etorkizuna lotzeko tresna bilakatu ditu ontziok. Gobernuak Ezkaba Proiektua izenburuko ekinaldiaren barruan antolatu du planetarioko erakusketa. Gazteenen artean eman nahi du Ezkaban gertatutakoaren berri, bereziki. Gobernuak, hain zuzen ere, Memoria duten eskolak ekinaldia jarri du abian, memoria ikastetxeetan lantzeko. Lan horren berri jaso du planetarioko erakusketak ere.

Protagonista nagusiak Ezkaban preso izan zituzten guztiak dira, halere, Iruñean gotorlekuari buruz egunotan bisitatzen ahal diren bi erakusketetan. Presoak, bai eta haien inguruan sortutako elkartasun sareetan aritu ziren guztiak ere. Sare horietan emakumeak izan ziren nagusi, hain zuzen ere. Espetxe barruko eta kanpoko errealitateen arteko zubi lana egin zuten emakumeok, eta haiek ere sufritu zuten, anitzetan, frankisten errepresioa.

Ezkaban preso egondakoen senideen esku dago orain gotorlekuan hildakoen memoria. Azken urteotan, Nafarroako Gobernuaren bultzadarekin, Ezkabatik ihes egindako hainbaten gorpuak atera dituzte lur azpitik. Bertze familia anitzek bila jarraitzen dute. Txinparta elkarteko buru Victor Orozek erakundeen eta memoriaren esparruan lanean ari diren elkarteen arteko elkarlana jo du jarraitu beharreko bide gisa. "Gu lanean jarraitzeko prest gara, baina gobernuari dagokio legez jasotakoa betearaztea".

Bat egin du Nafarroako Parlamentuko buru Ainhoa Aznarezek ere. Memoria lantzeko eta biktimen ondoan egoteko beharra nabarmendu du. Frankismoaren errepresioa zuzenean sufritu du Josefina Lambertok. Larragan hil zizkioten aita eta 14 urteko ahizpa. Parlamentuan egon nahi izan du, erakusketaren inaugurazioan. Memoria bizia da Lamberto. 89 urte ditu, eta Vicente Lamberto aitaren bila jarraitzen du.

Hilaren 22an, Ezkabako gotorlekuan du memoriak hurrengo ekitaldia. Urtero bezala, omenaldia eginen die Txinparta elkarteak han preso izan ziren guztiei, eta, bereziki, 1938ko maiatzaren 22an ihes egin zutenei. 12:00etan eginen dute, gotorlekuko atearen aurrean. Hilaren amaierara arte, parlamentuan jaso dezakete herritarrek han gertatu zenaren berri. Planetarioan, berriz, ekainaren 15era arte egonen da gobernuak antolatutako erakusketa. Memoria zabaltzen. Egiten.