Liburuek isildutakoak

Liburuek isildutakoak

Kattalin Barber

Ez da lan erraza izan emakumeak historia artxiboetan aurkitzea, eta hari askotatik tira egin behar izan du Amaia Kowaschek Ezkabako kartzelako presoei lagundu zieten andreak topatzeko. 1934. eta 1945. urteen artean Ezkaban sortutako emakume taldeen mugimenduen lekukotasunak bildu ditu Nafarroako Gobernuak argitaratutako Sareak ehotzen liburuan. Gaur aurkeztuko du Nafarroako Museoan, 18:30ean.

Gizarte langilea da Kowasch ofizioz; azken urteetan, Ezkabako gotorlekuan aritu da ikerketa lanean, eta etengabe ahalegindu da emakumeen ekarpena biltzen. Ezkabako emakumeen sarea ez da arrotza harentzat. Ezkabako presondegiaren inguruan hainbat lan argitaratu ditu; bere amonak, gainera, emakumeen sareotan parte hartu zuen. Gotorlekura joan ohi zen presoak laguntzera. Unibertsitateko genero titulu baterako lana izan behar zuena 350 orriko liburu bilakatu du. "Mamia zegoela konturatu nintzen, eta ikertzen jarraitu nuen. Sei urteko lana izan da", azaldu du Kowaschek.

1934. eta 1945. urteen artean, ehunka abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikazale kartzelatu zituzten Ezkabako gotorlekuan. "Aldi horretan, presoei laguntzeko joan ziren hainbat emakume presondegira, askotan aurretik ezagutu gabe ere". Bi aldi desberdindu ditu Kowaschek liburuan. Bata, 1934tik 1936ra, eta bestea, gerra hasi zenetik 1945. urtera arte.

"1934. urtean, Iruñeko emakumeak eta senideak igotzen ziren Ezkabara, eta horien artean gehienak emakume sozialistak, komunistak eta anarkistak ziren". Gerra hasi zenean, ordea, emakume horien egoera asko aldatu zen, eta asko atxilotu zituzten. Epe horretan, Emakume Abertzale Batzak protagonismo handia hartu zuen, eta hori izan da Kowaschen informazio iturri nagusia. Gudariei ez ezik presoei ere laguntzera joaten ziren emakume militanteak ziren. "Bisitak egiten zizkieten, arropa garbitu, janaria eraman, botikak ezkutuan eraman...". Presoen senideekin zuten harremana ere garrantzizkotzat jo du ikerlariak. Eskutitzak bidaltzen laguntzen zieten, eta senideei harrera ematen zieten Iruñean; hainbatetan, haien etxean geratzen ziren.

Zaila izan du dokumentazioa biltzea, emakume sare horien historia ez delako liburuetan jaso. Ezaguna da Ezkabako presondegiaren historia, eta baita presoak ere. Ez hainbeste preso horiei laguntzera joandako dozenaka emakumeon historia. Hutsune hori betetzera dator Sareak ehotzen liburua. "Garrantzitsua iruditzen zait emakume horiei izen eta abizenak jartzea, urte luzez haien historia ezkutatuta egon delako".

Denera, 70 emakumeren testigantzak bildu ditu. Liburuan, 55 jasota daude. Argi du Kowaschek denborarekin gehiago agertuko direla: "Kasu batzuk bildu ditut; ez dira guztiak. Ikerketa publikoa egitearekin batera gehiago agertuko direla uste dut". Ezkabako gotorlekua ikertu du Kowaschek, baina argi utzi du kartzela guztietan —Iruñekoan, kasurako— emakumeen sareak zeudela presoei laguntzeko. "Beti isildutako sareak izan dira". Hainbat emakumek oraindik beldurra dutela esan du ikerlariak. "Asko sufritu zuten, eta jasandakoa presente dute. Emakumeek presoei buruz hitz egin dute, baina inoiz ez dute beren historia kontatu: inork ez die galdetu. Guztia kontatu arte, ez dira konturatzen beren lanaren garrantziaz eta balioaz".

Omenaldi berezia

Testigantza guztiak oso bereziak direla dio Kowaschek. "Errepresioa jasan zuten, atxilotu egin zituzten, senideak hil zizkieten, hainbat emakume presoekin ezkondu ziren... Denetarik dago haien istorioetan". 1936tik aurrera, ordea, zailagoa izan zen emakume horien lana, errepresioa dela eta: 1934an arazorik gabe igotzen ziren emakume gehienak bi urte geroago atxilo hartu zituzten.

"Garai latzak izan arren, emakumeen sareak laguntza eskaintzen jarraitu zuen". Haien historia, ordea, isilpean geratu da, eta haien memoria berreskuratzeko ikerketa da Kowaschena. Memoriari eutsi behar zaiola uste du ikerlariak: "Ikerketa androzentrikoek historiaren erdia bakarrik kontatzen dute; horregatik, beharrezkoa da emakumeek egindako lanari ere lekua egitea, ezin baita bakarrik gizonen kontakizuna kontatu". Emakumeoi eskaini die liburua: "Haien testigantza jaso, eta haien oroitzapenei izenak jarri nahi izan dizkiet; omenaldi bat egin". Antolatu eta elkartasun sareak sortu zituztelako, kartzelak argitzeko.

Ez baitzaizkie pilak amaitu

Ez baitzaizkie pilak amaitu

Edurne Elizondo

E z dute hutsik egin. Emausko Trapuketariek Eguberrietako azoka berezia antolatu dute, bosgarrenez, Iruñeko Arga karrikan duten Triki Traku dendan. Gaur irekiko dituzte ateak, datorren urtarrilaren 5era bitarte. Urte osoan jaso eta biziberritutako jostailuekin osatu dute azoka, helburu bikoitzarekin: batetik, jostailu horiek merke salduta, umerik ez gelditzea oparirik gabe; eta, bertzetik, kontsumoaren inguruko gogoeta piztea gurasoen artean.

Izan ere, Emausko Trapuketarien egoitzara urte osoan ailegatzen dira jostailuak. Egoera onean dira haietako anitz, "armairuak hustu egiten dituztelako etxe anitzetan, jostailu berrientzako toki bila". Horixe azaldu dute Emausko Trapuketariek. Eta, horregatik hain zuzen ere, beharrezkotzat jo dute kontsumo ereduari buruzko gogoeta.

Emausko Trapuketariek "milaka kilo jostailu" jasotzen dute urtean. Jostailu horien %75 garai honetan erosten dira. "Hau da, preziorik garestiena dutenean". Egoera horri buelta eman nahi diote Emausko Trapuketariek, bigarren eskuko jostailuen aldeko apustua eginez.

Eguberrietako azokarako jasotzen dituzten jostailuen artean "onenak eta deigarrienak" aukeratzen dituzte trapuketariek. Sailkatu, garbitu, eta, beharrezkoa bada, konpondu egiten dituzte, Triki Traku dendako apalategietan salgai jarri ahal izateko. "Jabeek jostailuok botatzeak ez du erran nahi ez dutela balio", nabarmendu dute azokako arduradunek.

Jostailuak eta ingurumena

Panpinak, puzzleak, ibilgailuak, peluxeak, haurrentzako liburuak, mozorroak, Lego-ak eta abar; askotarikoak dira trapuketarien eskuetara urte osoan ailegatzen diren jostailuak. Askotarikoak dira, halaber, jostailuok ingurumenean eragin ditzaketen ondorioak. Izan ere, jostailuak egiteko baliabide natural anitz behar da, tartean metala, ura, zura eta petrolioa. Jostailu horiek zabortegira botatzen edo erretzen badira, kalteak eragin ditzakete: kadmioa, merkurioa edota beruna duten jostailuek, adibidez, lurra eta ura kutsatzen ahal dituzte.

Gisa horretako auzien inguruko gogoeta piztu nahi du gaur zabalduko duten azokak. Emausko Trapuketariak elkarteko Amaia Olaberrik parte hartzera deitu ditu herritarrak. "Giro berezia sortzen da beti lehen egunean". Berriz erabiliko dituzten umeen zain dira jostailuak.

Iritzia: Ohikora ezin ohituz

Jon Barberena

Aspaldi honetan astoen bizkarrek guti sufrituko zuten zama garraiatuz. Astoa ez da garraiobide. Hala ere, hauek lotzeko erabiltzen zen burdinazko zintzilikari borobila, oraindik ere, zenbait ostatutako kanpoko paretan iltzatua ageri da. Lehen, astoa kanpoan gelditzen zen zintzilikarioan lotua eta nagusiak ostaturako bidea hartzen zuen. Baina egun, autoan datozen astoak ostatu zulorat sartu ohi dira eta alimaleko astakeriak botatzen dituzte. Ahoa zabaldu ahala, ingurukoak aho zabalik utziz.

Gizatasun gutiko gizonkeriak, harrotasunik sortzen ez duten harrokeriak eta edukirik gabeko solasak areagotzen dira ardo onduz odola nahasi ahala. Astoak oilartu ezin daitezkeen arren, bularraldea hauspotu eta solasaldia funtsik gabeko kalapita bihur dezakete. Halere, trago arteko astakeriek baino gehiago, zenbait politikariren kaikukeriek mindu izan naute ni.

"Nafarroako iparraldekoak ohituak daude egunero kilometro andana egin eta Iruñerat etortzen", bota zuen haietako batek lotsagorritu gabe, Nafarroako iparraldeko zerbitzu gabeziaz galdeturik. Doike! Ohituak gaude gure eguneroko beharrak asetzeko autoari hain garestia den urre beltza ematen. Ohituak gaude bide bazterrak istripuan hildako gure senideen omenez paratutako lore sortekin edertzen. Ohituak burokraziaren izenean edozein paper ziztrin betetzeko Iruñerat joan eta gure lanean bakazio eguna hartzen. Ohituak pediatrarik gabe gure umeak artatzen. Ohituak eta ahituak!

Ohikora ohitu ez izan arren, ohitura bihurtu zaigu Iruñerat joatea. Baina kasu eman! Ohitua eta ohikoa ez dira gauza bera. Galde iezaiozue Zisjordaniako biztanleei Israelgo Gobernuak Zisjordania inguratuz egin duen harresiaren ondorioak sufritzen ohituak dauden, ohiko traba bihurtu zaien arren. Edo mendebaldeko sahararrari ohitua ote dagoen ohikoa duen zapalkuntza sufritzen? Ohikoa eta ohitura bihurtu zaigu baztandarroi, malerrekarrei, bortziritarrei edo goizuetarrei zerbitzu gutirekin bizitzea eta autoaren menpe bizitzea, baina horrek ez du erran nahi ohituak gaudenik eta gozagarri dugunik. Zokoratuak izan gara, baina eskubideak ditugu Lizarraldean, Tafalla inguruan eta batik bat Iruñean dauden zenbait zerbitzuz gozatzeko eta hurbilean eskuragarri izateko.

Aditzerat eman da Donezteben osasun etxe berria eta ogasun bulegoa irekiko dituztela eta Oronozen lanbide eskola berria. Berri pozgarriak zinez! Ospitalerat joan gabe, hurbilean, x izpiak izateko aukera izanen dugu. Nerabeek hurbil ikasteko aukera izanen dute; helduok edozein paper burokratiko egiteko aukera izanen dugu, Iturramara joan, ota ordaindu, eta goiza galdu gabe.

Ez atzendu Nafarroako iparraldean bizi garen anitzek ohikoa eta ohitura dugula euskaraz solastatzea, nahiz eta administrazio publikoan zoritxarrez euskara erabiltzera ohituak ez egon. Zerbitzuek arnas berria ekarriko lukete ingurura, baina euskararen arnasgunea dugun eremuari ez arnasbiderik trabatu, faborez. Astakeria litzateke! Badaezpada, burdinazko zintzilikarioak ez ditugu paretetatik kenduko.

“Ezin dugu ahaztu eskubideez ari garela, justiziaz eta orekaz”

“Ezin dugu ahaztu eskubideez ari garela, justiziaz eta orekaz”

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako zerrenda bakarraren alde egin duen apustuak hautsak harrotu ditu laukoan. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak (Getxo, Bizkaia, 1971) txalotu egin du erabakia.

Zergatik erabaki duzue karrikara ateratzea?

Iaz ekainean manifestazioa egin genuen Iruñean, eta argi utzi genuen ez zela inoren kontrako protesta. Gobernuari esan nahi izan genion hizkuntza eskubideak bermatzeko urrats eragingarriak eginez gero gu hor egongo ginela babesten. Zerrenda bakarraren aferarekin hori gertatu da. Egia da Jose Luis Mendoza aurreko kontseilariak erdiko bidea hartu zuela, eta guretzat ez zela egokia, elebiduna zigortzen jarraitzen zuelako. Baina orain, azkenean, justizia egin da. Txalotu dugu oraingo kontseilariaren erabakia, eta, ikusi genuenean hainbat sektorek ez zutela horren alde egingo, egokitzat jo genuen gure babesa agertzeko manifestaziora deitzea. Kalea da-eta babesa adierazteko tokirik egokiena.

Harritu zaitu Ezkerrak zerrenda bakarraren aurka agertu duen jarrerak?

Ez genuen zalantzarik UPNk, PSNk eta PPNk kontra eginen zutela. PSNren kasua bitxia da. Mendozak bi azterketa egitea proposatu zuenean, bi egunetan, sozialistek leporatu zioten "ezkutuko zerrenda bakarra" prestatzea. Eta, orain, hori proposatzen duen legea nahi du PSNk. Ezkerrari buruz, esan behar dugu harritu gaituela haren jarrerak, baina neurri batean bakarrik. Euskararen gaiarekin ez dute jarrera ona izan legegintzaldi osoan. Azken egunotan sare sozialetan zabaldu dituzten argudioek, halere, kezka eragin digute.

Zein da zuen kezka?

Bi azterketa egiteak eta bi programazio prestatu behar izateak hautagai elebidunari aukera gehiago ematen dizkiola esan dute, adibidez. Nork bere iritzia izan dezake, baina halakoak ezin dira esan. Ez dezagun ahaztu bi zerrendena UPNk euskaldunak zigortzeko abian jarritako sistema dela. Bi urte eta erdi pasatuta, gobernuak, behingoz, amaiera eman nahi izan dio bidegabekeria horri.

Zerrenda bakarrak euskaldunei mesede egiten diela zabaldu nahi dutela uste duzu?

Ideia hori saldu nahi dute. Auzitan jartzen dituzte oinarrizko gauzak. Are gehiago, PSNko hainbat kidek iradoki izan dute euskarazko azterketetan nota onak oparitzen dituztela. Eta hori amorragarria da. Zuk justifikatu beharko duzu zergatik hartzen dituzun hartzen dituzun erabakiak, baina errealitatea ahaztu gabe. Esan nahi dute euskaldunek iruzur egiten dutela? Azterketetako emaitzak oparitzen dizkietela? Hau estrategia bat dela administrazioa euskaldunez betetzeko? Halako argudioekin hasten direnean... gaizki. Oraindik ez dut entzun zerrenda bikoitzak herritar guztien eskubideak bermatzen dituela justifikatzen duen argudiorik. Ez baitago.

Gehiengo sindikalak ere bat egin du gobernuaren erabakiarekin. Zer deritzozu?

Zerrenda bakarrarekin amaiera eman zaio UPNk euskaldunak zigortzeko ezarritako sistemari. Hori da kontua. Eta gehiengo sindikalak esan du hau dela bidea orain arteko bidegabekeria bertan behera uzteko. Nik uste dut kontra direnek entzun egin beharko luketela gizartea esaten ari dena. Hau da modu bat urte luzez izandako bidegabekeria behingoz bazter uzteko.

Nola azaltzen duzu Ezkerra euskararen inguruko gaietan erakusten ari den jarrera?

Gobernua babesten duten taldeen artean, noski, bakoitzak bere interesei egiten die so. Beren arteko negoziazioetan ere nork bere ideologiari eutsiko dio. Euskararen gaiarekin harritu nau Ezkerraren jarrerak. Ikusi dugu euskararen legearekin zer gertatu zen. Duela gutxi, UPNko Iñaki Iriartek huts egin zuen parlamentuko saioan, eta, horri esker, aurrera egin du zonifikazioaren gaia jorratzeko batzordea osatzeko proposamenak. Ezkerrak ez zuen alde egin. Nork bere parrokia du, eta nork bere parrokiari begiratzen dio. Euskararen gaiarekin erakutsi nahi dute, nire ustez, diferente jokatu nahi dutela. Ez dakit zer beldur duten. Lau talde daude gobernua babesten, eta nork bere ezaugarriak erakutsi behar ditu. Nire irudipena da hizkuntzaren gaiarekin Ezkerrak une oro erakutsi nahi izan duela diferente pentsatzen dutela. Pena da euskararen gaia hartu izana horretarako. Ez baita ezberdintasun bakarra hizkuntzarena. Ezin dugu ahaztu hizkuntzaz ari garenean eskubideez ari garela: justiziaz eta orekaz ari gara. Euskara politika da, eskubideak daudelako jokoan; eta gobernuari dagokiolako elkarren arteko berdintasuna bermatzea eta oreka sozialari begirako politikak martxan jartzea; hizkuntzaren gaian ere bai.

Onartu behar da politika horiek eraginak izanen dituztela?

Argi eta garbi. Hizkuntza eskubideak bermatzeko politiketan ezin dira erabakiak hartu modu neutro batean. Esan nahi dudana da beti izanen dutela eragina politika horiek hegemonian edo hizkuntza hegemoniko horretan.

Oinarrian dagoen auzia, finean, ofizialtasunarena da?

Bai. Argi esan behar dugu Damoklesen ezpata dugula gainean. Legeak irakurketa positiboagoak izan ditzake? Bai. Baina negatiboagoak ere bai. UPNren gobernuak 2003tik aurrera martxan jarri zuen politika glotofobo hura euskararen legearen babespean egin zen. Lege horrek ahalbidetu zuen 2003ko dekretua martxan jartzea, eta ahalbidetu zuen zerrenda bikoitza martxan jartzea. Gogoratu behar dugu hizkuntza eskubideekin gertatzen dela lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela.

Zonifikazioaren inguruko batzordeak zerbait emanen duela uste duzu?

Ikusi beharko dugu. Ea zer lor daitekeen. Nik uste dut garaia dela bidegabekeria hori bazter uzteko. Gero ikusiko dugu plangintza baten bidez nola ezarriko ditugun epeak. Bihar erabakiko balitz euskara Nafarroa osoan ofizial izatea, horrek ez luke ekarriko egun batetik bestera administrazioak zerbitzu guztiak euskaraz ematea. Hizkuntza politika planifikatu bat egin beharko da. Baina, oraingoz, onartu diren planetan eta dekretuetan, euskararen legearen itzala agertzen da une oro.

Berandu dator batzordea?

Uste dut baietz. Laster, alderdiak hauteskundeen dinamikan sartuko dira. Gobernuarekin egindako lehen bileran esan genuen erabakirik ausartenak hasieran hartu behar direla. Ez dute hala egin. Zerrenda bakarraren gaia oso logikoa da, eta sortu den kalapita sortu izanak kezkatu egiten gaitu. Ikusiko dugu.

Bidegurutzetik atera nahi dute

Bidegurutzetik atera nahi dute

Edurne Elizondo

Etsita. Halaxe sentitzen dira herrialdeko taxilariak. Etsipena nabarmendu du Nafarroako ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen AITAN elkarteko buru Imanol Velazek, eta etsipena nabarmendu du, halaber, Iruñeko ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek. Etsipen horrek eraman zituen lanuztea egitera, azaroaren 29an. Urteko laugarrena izan zen joan den astekoa.

Batetik, alokairuko auto gidaridunen mehatxuak eragin du taxilarien kezka; bertzetik, Nafarroako Gobernuak taxien legea aldatzeko egindako proposamenak. Administrazioak "bazter utzita" sentitzen direla erran dute taxilariek. Bidegurutzean dira, eta onik atera nahi dute handik. Errepidean jarraitu.

Taxilarien kezkak eta kexak ez dira oraingoak. "Azken urteotan, hamaika protesta egin dugu", erran du Velazek. 450 taxilari inguruk egiten dute bat AITAN elkartean. "Ia guztiak". Gehienak Iruñean aritzen dira lanean. Hiriburuan 313 dira denera, eta haietako 309 daude Teletaxi San Fermin elkartean. Sektorearen liberalizazioak ekartzen ahal duenaren beldur dira. "Multinazionalen kontra ezer gutxi egin dezakegu; David eta Goliaten arteko borroka da hau", erantsi du AITAN elkarteko buruak.

Velaz eta Asin Iruñean aritzen dira lanean. Duela 11 urte hasi zen Asin; Velaz, berriz, duela sei. 2013. urtetik dira Uber edo Cabifyren gisako enpresa handiek ekar dezaketenaren beldur. Urte hori giltzarritzat jo du Velazek. Izan ere, alokairuko auto gidaridunen inguruko legea aldatu zuten urte hartan. "Ordura arte, Espainiak zehaztu zuen alokairuko auto gidaridun bakarra egon zitekeela 30 taxiko. 2013an, ordea, aldaketa bat egin zuten, eta muga hori ezabatu zuten". 2015ean berriz ezarri zuten. Berandu, ordea. "Bi urteko denbora tarte horretan, alokairuko 10.000 auto gidaridun lanean jartzeko baimen eskaerak egin zituzten Espainia osoan", azaldu du Velazek.

Epaileen esku dago baimen eskaera horien inguruko auzia. Eta auzi hori da, hain zuzen ere, joan den asteko eta azken hilabeteotako lanuzteak eragin dituena. Nafarroan, egun, alokairuko 50 auto gidaridun inguru ari dira lanean. "Onartu behar dugu gidariok egiten digutena ez dela lehia desleiala", erran du Velazek. Baimen eskaera berrien bidez, bertze 200 has daitezke Nafarroan lanean, erantsi duenez. Hori gertatuz gero, gauzak anitz aldatuko liratekeela erran du. "Guk ezin izanen genuke aurrera egin; ezta egun daude 50 horiek ere".

Asinek bat egin du Velazen iritziarekin, eta nabarmendu du taxilarien eta alokairuko autoetako gidarien gaineko kontrola hagitz bertzelakoa dela. "Taxilariok anitzez ere kontrol zorrotzagoa jasan behar dugu". Velazek zehaztu du taxilariek "baimen bikoitza" behar dutela, nolabait erranda: udalaren lizentzia, batetik; eta erkidegoko gobernuaren baimena, bertzetik. "Alokairuko auto gidaridunek, berriz, ez dute udalaren lizentzia behar". Horrek ekartzen du, taxilarien hitzetan, malgutasun handiagoa izatea.

Eremu urbanizatu jarraitua

2005. urtekoa da Nafarroako taxien jarduera arautzen duen legea. Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek nabarmendu du "adostasunez" osatutako testua dela. Ez, ordea, orain egin nahi diren aldaketak. "Ez dakigu nori egiten dioten mesede; taxilarioi, behintzat, ez. Gainera, gure iritzia kontuan hartu gabe ari dira", salatu du.

Velazek eta Asinek kontu bat nabarmendu dute egin nahi duten aldaketaren inguruan: eremu urbanizatu jarraituaren auzia. Egun, legeak zehazten du bi herriguneren artean eremu urbanizatu jarraitua egon behar duela bi herrigune horiek beren taxi zerbitzuak mankomunitate beraren barruan kudeatu ahal izateko. "Iruñea eta Burlata artean, adibidez, bada; ez, ordea, Iruñea eta Etxauri artean", azaldu du Velazek.

Ez du kasualitatez hautatu herri hori. Izan ere, Etxauriko taxilariak urtebete egin zuen Iruñerriko Mankomunitateko gainerako taxilariekin batera lanean, herriko udalak eskatu eta gero. Teletaxi San Fermin elkarteko kideek, ordea, epaitegietara jo zuten erabaki horren kontra, eta epaileek haien alde egin zuten. "Argi utzi zuten eremu urbanizatu jarraiturik ez dagoela Iruñearen eta Etxauriren artean", erran du Asinek.

Orain, baldintza hori aldatu nahi dute. Ezabatu, alegia. "Iruñerriko Mankomunitatea iaz saiatu zen aldaketa hori egiten; parlamentura eraman zuten auzia, baina Ezkerrak, azkenean, ez zuen babestu. Berriz ari dira ahaleginean", azaldu du Asinek. Argi du, legea aldatuz gero, herrietako taxi zerbitzuan sumatuko luketela eragina, batez ere. "Tuteran, egun, bederatzi taxi ari dira lanean. Mankomunitatea osatzen badute inguruko herriekin, bertze 25 taxilarik izanen lukete Tuteran aritzeko aukera. Mankomunitatea osatuz gero, noski, herri txikikoa saiatuko da herri handiagora joaten, lana han dagoelako. Herriak, ondorioz, zerbitzurik gabe geldituko lirateke".

Lizarrako kasua aipatu du Luis Canok, herrietan gerta daitekeenaren adibide. 2001. urtean hasi zen Cano taxilari herri horretan. AITAN elkarteko kide da. "16 lizentzia zeuden urte hartan; haietako bost galdu egin dira, jada. 11 taxilari gelditzen gara, eta denentzako lanik ez dago". Izan ere, Nafarroako Gobernuak berak zehaztutako kopuruen arabera, batez bestekoaren gainetik da Lizarra: "14.000 biztanleko herria gara; zazpi taxi izatea dagokigu, eta 11 gara". Kopuruak gora eginen luke eremu urbanizatu jarraitua ezabatu eta mankomunitatea osatuz gero.

Etorkizunak kezkatzen duela argi utzi du Canok. Eta kezka bera dute Asinek eta Velazek ere. "Zerbitzu publikoa gara, baina ez dugu administrazioaren babesa sentitzen", nabarmendu du azken horrek. Iritzi horrekin ez du bat egiten, ordea, Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesak. "Taxiena gure zerbitzua dela zalantzarik ez dugu, eta zerbitzuari eusteko eta sustatzeko ari gara lan egiten", erran du.

Aiesa: "Urratsak egin dira"

Aiesak zilegitzat jo ditu taxilariek egin dituzten lanuzteak. "Eskatzea eta aldarrikatzea ere zilegi da", erantsi du. Ardurarik eza ukatu du, ordea. "Urratsak egin ditugu, adibidez, diru laguntzak jaso ditzaten". Eurotaxientzako laguntzak aipatu ditu Aiesak, bertzeak bertze. Eztabaida piztu da horien inguruan. 2017rako 40.000 euroko saila zehaztu zuen Iruñerriko Mankomunitateak auto horiek eskaintzen duten zerbitzua diruz laguntzeko. Gurpildun aulkientzako ibilgailuak dira eurotaxiak. "2017rako saila, azkenean, ez dugu jasoko; diru hori galdu eginen da", salatu du Velazek.

Aiesak onartu du aurten ez dutela diru laguntza hori banatuko. Diru saila ez dela galduko nabarmendu du, halere. "Gorde eginen dugu; kontua da egun ez dugula tresnarik eurotaxi bidezko zerbitzuen zerrenda osatzeko, eta diru laguntzak horietara bideratzeko. Hitzarmena lantzen ari gara tresna hori eduki ahal izateko. Abenduan itxi nahi dugu, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera diru laguntzak eman ahal izateko", erran du mankomunitateko presidenteak. Gaineratu du auto ekologiko edo hibridoak dituztenentzat ere zehaztu dituztela diru laguntzak, bai eta segurtasuna indartzeko neurriak hartu dituzten taxilarientzat ere.

Taxilariek salatu duten legea aldatzeko asmoari buruz, eskumena Nafarroako Parlamentuarena dela nabarmendu du Aritz Aiesak. Argi utzi du, halere, "normala" dela baietz erantzutea, herriren batek zerbitzuak mankomunitatearen barruan ematea eskatuz gero. Taxilariei gogoratu die mankomunitateko ateak "zabalik" direla. "Akordioak lortzeko aukerak badirela uste dut", zehaztu du.

Taxilariek, hain zuzen ere, badute negoziatzeko auzi bat mahai gainean: tarifen ingurukoa. "Bost urte egin ditugu jada tarifak berritu gabe", erran du Kiko Asinek. Iruñeko taxien prezioaz anitz hitz egiten dela badakite taxilariek. Izan ere, Facua kontsumitzaileen elkarteak urtero egiten duen txostenaren arabera, hiri garestienen artean egoten da Iruñea. "Azken urteotan hirugarren postuan izan gara; aurten, berriz, hiri garestienen artean laugarrenak gara. Txostena osatzeko moduak badu eragina", azaldu du AITAN elkarteko Imanol Velazek. Azaldu du Iruñea laugarren hiri garestiena dela lehendabiziko kilometroko prezioa kontuan hartuta. "Kontua da Iruñeko taxilariok 4,35 euroko gutxieneko kopurua dugula; 4,35 euro, 1,8 kilometroko bidaia egiteko, ordea. Bost kilometroko batez besteko bidaia kontuan hartzen badugu, zerrendan behera egiten dugu, hamabosgarren posturaino", erantsi du.

Taxilariek onartu dute zerbitzua hobetzeko ahalegina egin behar dutela. "Gure ardurari ez diogu uko egin nahi, eta guri dagokigu kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea", erran du Velazek. Horretarako prest dira. Ez, ordea, ahalegin hori egitera baldintza anitzez zurrun eta zorrotzagoak izanda. "Legeak arautzen du gure jarduera; legeak kontrolatzen du gure lana. Ez gaude kontra, baina arau dezala legeak modu berean alokairuko auto gidaridunen jarduera ere", erantsi du Velazek.

Taxilariek batzarra eginen dute urtea amaitu baino lehen, hemendik aurrerako mobilizazioak zehazteko. Oraingoz, greba egiteko aukera ez da mahai gainean. Lanuzteak egiten jarraitzekoa bai, ordea. Lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute taxilariek. Lehia desleialari aurre egitekoa ere bai. Bidegurutzean dira. Beltz ikusten dute etorkizuna. Baina ez dute amore eman nahi. Bidean jarraitu nahi dute. Etsi gabe.

“Non bizi gaitezke afrikarrok?”

“Non bizi gaitezke afrikarrok?”

Edurne Elizondo

Injustiziarik latzenak eragindako amorruarekin mintzatu da. Bere egin duelako Libian gertatzen ari dena. Bere egin du esklabo gisa salerosi dituzten afrikarren mina. Bere egin du bortxatu dituzten emakumeen sufrimendua. Bere egin ditu giza eskubideen urraketa guztiak. Denonak direla argi duelako. Arazoa denona dela zalantzarik ez duelako. "Mundu osoarena". Ozen erran du, tristuraz eta amorruz: "Aski da! Gure herrietan esplotatzen gaituzte; handik atera, eta esklabo bilakatzen gaituzte. Non bizi gaitezke afrikarrok bakean? Non?", galdetu du Afrikako Lorea elkarteko kide Fatima Djarrak.

Galdera hori idatzita zuen pankartaren atzean egin zuten bat dozenaka pertsonak, larunbatean, Iruñeko Udaletxeko plazan. Afrikako Lorea eta Africa United elkarteek antolatu zuten protesta, Libian gertatzen ari dena salatzeko. "Isilarazi dituzten horiei eman nahi diegu gure ahotsa, pairatzen ari direna agerian uzteko". Nazioarteko erakundeek, behingoz, urratsen bat egin dezaten eskatzeko.

AEBetako CNN telebista kateak migratzaileak kateatuta erakusten dituen bideo bat zabaldu zuen azaroaren amaieran. Enkantean saltzeko prest ziren migratzaileak, Libiako eremu identifikatu gabeko batean. Orain zabaldu diren irudiok "aspaldiko" errealitate bat islatzen dutela nabarmendu du Fatima Djarrak. "1990eko hamarkadatik gertatzen ari da orain ikusi duguna; orain, gainezka egin du egoerak, eta munduak jaso du esklabo bilakatzen dituzten migratzaileen egunerokoaren berri".

Migratzaile afrikarren egoerari buruzkoak iksugarri bilakatu izana baliatu nahi du Afrikako Lorea elkarteak, eta mundua Libiara begira jarri. Mundu osoak presioa egin dezan. "Gure ardura da; altxatu behar dugu zapaltzen ari diren afrikarren alde". Herritar guztiak lotu nahi dituzte helburu horretara. Horregatik antolatu zuten elkarretaratzea larunbatean. "Nafarroako gizarte osoaren babesa nahi eta behar dugu Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko gainerako erakundeek sendo erantzun dezaten", azaldu du Djarrak.

Europak duen ardura mahai gainean jarri du Afrikako Lorea elkarteko kideak. "Europak ordaintzen du Libian gertatzen ari dena", salatu du, gogor. SOS Arrazakeria erakundeko kide Beatriz Villahizanek bat egin du Djarraren salaketarekin. "Turkia eta Maroko bezala, Europak kanpora eramandako muga bat bertzerik ez da Libia; Europak badu ardura, eta handia da, gainera. Ez du pertsona guztiok nahi dugun tokira mugitzeko dugun eskubidea errespetatzen; ez ditu giza eskubideak errespetatzen. Ez die babesik ematen migratzaileei, eta biderik arriskutsuenetatik joatera behartzen ditu. Libian gertatzen dena da horren adibide".

SOS Arrazakeria taldeak bat egin zuen afrikarren elkarteek antolatutako larunbateko protestarekin; Udaletxeko plazan izan ziren, halaber, Paperak Denontzat eta Munduko Medikuak erakundeetako kideak.

Bazterketa bikoitza

Duela zazpi urte sortu zuten Afrikako Lorea elkartea, Nafarroan. Afrikako hamahiru herritako 60 emakumek osatzen dute. "Munduko Medikuak erakundearekin hasitako lanaren ondorio da elkartearen sorrera. Emakumeon genitalen mutilazioari aurrea hartzeko egiten genuen lan, eta beharrezkoa iruditu zitzaigun emakume afrikarron errealitatearen berri ematea".

Xede horrekin sortu zuten Afrikako Lorea. Emakume afrikarren bazterketa bikoitza salatu nahi dute kideek. "Emakume eta beltz izateagatik zapaltzen gaituzte", nabarmendu du Djarrak. Libian ere, emakume afrikar migratzaileek bazterketa bikoitza pairatzen dutela salatu du. "Ari gara jasotzen hango testigantzak; emakumeak bortxatzen ari dira; egoera izugarri latza ari dira pairatzen. Emakume afrikarrak gara gu, eta ezin dugu isilik gelditu".

Afrikako Batasuneko agintarien isiltasuna salatu du Djarrak, hain zuzen ere. "Ez dira deus egiten ari". Afrikako Batasuneko batzordeko buru Moussa Faki Mahamatek onartu du 400.000 eta 700.000 migratzail afrikar artean daudela Libian "egoera irregularrean". Onartu du, halaber, azkenean, auzian "esku hartzeko" beharra.

Horren zain dira Africa United eta Afrikako Lorea elkarteetako kideak. Ez dira isiltzeko prest, eta karrikara ateratzen jarraituko dutela argi utzi dute. Ez dute bakarrik egon nahi. Herritarren babesa eskatu dute; gobernuz kanpoko erakundeena, bai eta Nafarroako Gobernuarena ere. "Giza eskubideak daude jokoan, eta giza eskubideak denon arazoa dira", berretsi du Fatima Djarrak. "Non bizi gaitezke afrikarrok bakean? Non?", galdetu du, berriz ere.

“Herri mugimendua izan da beti gure helburu eta ardatz”

“Herri mugimendua izan da beti gure helburu eta ardatz”

Kattalin Barber

Iruñeko irrati libreak ederki ezagutzen ditu Jorge Riberak (Iruñea, 1971); Eguzki irratiko kide da 1990. urtetik. Herri mugimenduaren bozgorailu izatea, eta ahotsik ez dutenei ahotsa ematea izan da, eta bada, irratiaren helburu nagusia.

1982ko abenduaren 15ean egin zuten Eguzki irratiaren lehen saioa. Gogoan duzu?

Ni ez nengoen oraindik irratian. Irrati libreetan 1986. urtean hasi nintzen, eta Eguzkin, berriz, 1990ean. Jarautan zuen orduan egoitza irratiak, eta arratsaldeko zortzietan izan zen lehen emisioa.

Nola egin zenuen bat irratiarekin?

80ko hamarkadan irrati libre asko zegoen Iruñean. Eguzki irratia, Eate irratia Sanduzelain, Zarata Donibanen, Paraiso irratia.... Iruñeko irrati libreen koordinakundea osatu zen guztion artean koordinatzeko eta kontrainformazioa lantzeko. Errepresioa oso presente zegoen, eta hainbat irrati itxi zuten garai horretan ere. Iruñeko hiru irrati libreen artean albistegi bateratuak egiten ziren, eta proposamena zegoen hiru irratiek bat egiteko. Azkenean ez zen gauzatu iritzi ezberdinak zeudelako. Bakoitzak bere bidea egin zuen, eta ni Eguzki irratian hasi nintzen.

Bakarra da irratia egiteko bere moduan?

Gure ikuspuntutik, irrati libre eta komunitario bakarra da. Lizentziarik gabe badaude irrati gehiago, eta badaude haien burua komunitariotzat jotzen duten beste irratiak ere. Gure ustez, hala ere, ez dira. Eguzki irratia librea eta komunitarioa da edozein botere politiko, ekonomiko eta erlijiosotik independentea delako, eta helburua ez delako irabaziak lortzea. Gurean ez dugu publizitaterik. Ezaugarri horiek egiten gaituzte libre eta komunitario.

Esparru zehatz batetik sortu zen, ezta?

Iruñeko talde ekologista eta antinuklearrak sortu zuen. Eguzki izeneko aldizkari bat argitaratzen zuten, eta hortik hartu zuten izena. Euskal Herrian zeuden beste esperientzia batzuei jarraiki, irrati bat sortzea zuten helburu, hutsune bat zegoelako. Ahotsik ez zutenei ahotsa ematea beharrezkoa zen.

Lau aldiz itxi dute irratia. Maldan gora egin duzue bidea?

Bai. 1983an eta 1984an itxi zuten irratia, Hego Euskal Herriko beste irrati libre asko bezala. Existitzeagatik itxi zituzten. 1988an berriro isilarazi nahi izan gintuzten. Espainiako erregeak bisita egin zuen. Errepresio handia egon zen egun mugitu haietan, eta dozenaka pertsona atxilo hartu zituzten. Protesta egiteko bide bakarra irratia zen, eta gertatzen ari zenari buruzko programa bat egin zuen irratiak, Polizia egoitzara joan, irratia itxi eta esataria atxilotu zuen arte. 1992an, berriro itxi zuten. Irratia isilarazteko ahaleginak asko izan dira.

Herri mugimenduaren bozgorailua izatea da irratiaren xede nagusia?

Herri mugimendua izan da beti helburua eta proiektuaren ardatza. Urte hauetan guztietan aldatu dena forma da, hau da, nola eman ahotsa ahotsik ez dutenei eta herri mugimenduari. Aurrera egin dugu, garatu dugu proiektua; gurean beti izan dugu komunikazio ereduaren inguruko eztabaida. Krisiak krisi, hasieratik argi izan dugu ez genuela nahi entzuten ez den irrati bat, edo guretzat bakarrik den irratia. Hortaz, zerbaitek ez badu funtzionatzen, aldatzen dugu.

Zein da orain egoera?

Iruñeko herri mugimenduaren isla da irratia. Ez gaude 80etan, ezta 90etan ere. Krisia egon da militantzian eta herri mugimenduan, faktore askok eraginda. Egun ez da erraza norbaitek bere bizitzako tarte handi bat eskaintzea militantziari. Komunikazio moduak ere aldatu dira teknologia berriak direla eta. Hortaz, ez dago jende asko irratian, baina kalitatean eta seriotasunean irabazi dugu. Oso pozik gaude dozenaka lagun etortzen direlako irratira hitz egitera.

Heldu den ostiralean irrati-maratoia eginen duzue urteurrena ospatzeko eta bazkideak lortzeko.

2002. urtera arte, gure diru-sarrerak barraka politikoak ziren. Debekatu zituztenean, pentsatu genuen bazkideen bidez finantzatzea. Momentu horretan uste genuen 500 eguzkide behar genituela proiektuak behar bezala funtzionatzeko. Orain 430 bazkide ditugu; 70 faltan ditugu arazorik gabe eta lasaitasunez funtzionatzeko. Maratoiarekin, gure urteurrena ospatzeaz gain, bazkideak lortzea da helburua. Etenik gabeko 24 orduko maratoia izanen da, ostiralean hasita. Larunbatean afaria eginen dugu. Aurtengo leloa 35 urte independentziaz da. Urte hauetan guztietan, proiektu komunikatibo asko itxi eta desagertu dira. Gureak zutik jarraitzea garrantzitsua da.

Nafarroako Gobernuko irrati frekuentzien lehiaketara aurkeztu zineten. Zer fasetan dago prozesua?

Behin baino gehiagotan eskatu diogu gobernuari irrati komunitarioentzat lizentziak ematea. UPNrekin saiatu ginen, eta aldaketaren gobernuarekin ere bai. Uda honetan, gobernuak jakinarazi zuen aurreneko aldiz lizentzia bat gordeko zuela irabazi asmorik gabeko zerbitzu komunitarioa eskaintzen duten irratientzat, eta aurkeztea erabaki genuen. Eskerrak eman genizkion Nafarroako Gobernuari, urratsa egiteko ausardia izan duelako. Kontua da Eusko Mediak errekurtso bat jarri duela, eta lehiaketa bertan behera gelditu da. Ez dakigu gehiago, eta komunikazio ofizial bat izan arte, ez dugu baloraziorik eginen.

Birusak baino indar handiagoa

Birusak baino indar handiagoa

Edurne Elizondo

Kosta egin zitzaion onartzea. Behin baino gehiagotan egin zuen proba. Emaitza positiboa izan zen lehendabizikoan. Emaitza positiboa bigarrenean ere. "Hasieran, informaziorik ez nuen. Ez nekien zer eritasun nuen. Larria zela erran zidaten, baina ez nintzela hilko". Duela hamar urte jakin zuen Luisek GIB giza immunoeskasiaren birusa zuela. "Etxera joan, eta interneten bilatu nuen zer zen. Magic Johnson saskibaloi jokalariaren irudia agertu zitzaidan ordenagailuan".

Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur. Azken bost urteotan, 212 pertsonari diagnostikatu diete GIBa Nafarroan. %90 dira 15 eta 54 urte bitartekoak, eta %39k dituzte 35 urte baino gutxiago; azken horietako %44 emakumeak dira. Nafarroan, Sare eta Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordea ari dira eritasun horren eta GIBaren aurka lanean. Prebentzioa landu, eta birusak edo eritasunak jotako pertsonak eta haien ingurukoak artatzen dituzte, prozesuan lagunduz.

Zientziak tratamenduen esparruan egin dituen urratsak nabarmendu dituzte elkarteok, eta, haiei esker, gero eta albo ondorio gutxiago duen gaixotasun kroniko bilakatu dela GIBa. Bertzelakoa da, ordea, gizartearen erritmoa, salatu dutenez, eta GIBari lotutako estigmak eta bazterketak indarrean jarraitzen dutela agerian utzi dute. "Moralak zeharkatutako gaixotasuna da GIBarena, sexuarekin eta drogekin lotu baita, eta horrek tabuak eta estigma nabarmentzen ditu", azaldu du Sareko gizarte langile Leticia Remon Serratek.

Birusa baino indartsuagoak izan daitezke aurreiritziak, finean. Hori argi du Luisek, eta, ondorioz, nahiago du bere diagnostikoa isilpean gorde. Inori ez erran. Estigmaren beldur baita. "Birusarekin bizitzen ikasi dut; baina beldur handiagoa diot bazterketari".

Diagnostikoa jaso eta gero, emazteari haren berri ematea izan zen hurrengo urratsa. Hori egitea ere kosta egin zitzaiola aitortu du Luisek. Prozesuan Sare elkarteko kideak izan zituen lagun. Haien eskutik jaso zuen GIBari buruzko informazioa; haien eskutik jaso zuen, halaber, emaztearekin hitz egiteko behar zuen indarra. "Errudun sentitzen nintzen. Nire kezka nagusia zen hark ere GIBa izatea".

Informazioa, giltzarri

"Senarrarengandik urrun nintzen berria jaso nuenean. Ezer gutxi nekien GIBari buruz, baina nuen informazio apurra ez zen ona. Ni ere kutsatua izanen nintzela pentsatu nuen. Zalantzarik ez nuen hala izanen zela. Argi nuen hilko nintzela". Etorkizuna mila puskatan hautsi zitzaiola sentitu zuen Isabelek, duela hamar urte. Bertzelakoa da egun orainaz eta geroaz duen iritzia. Hagitz bertzelakoa. Senarra GIBduna zela jakin eta gero, proba egin zuen. Emaitza negatiboa izan zen. Negatiboa izan da errepikatu duen bakoitzean. Egun, hiru seme-alabaren ama da. GIBa ondoan duen zerbait da Isabelentzat, baina ikasi du birusak ez duela bere egunerokoa baldintzatzen. "Informazioak eman dit aurrera egiteko aukera".

Emaztearen babesa "funtsezkoa" izan dela erran du Luisek. Sareko kideez gain, Isabel da haren egoeraren berri dakien bakarra. Isabelek bat egin du diagnostikoa isilpean gordetzeko erabakiarekin. "Argi dut haren familiak ez lukeela ongi hartuko". Biek erabaki dute, handitzen direnean, seme-alabei emanen dizkietela aitaren diagnostikoari, GIBari eta hiesari buruzko xehetasunak.

Luisek, Isabelek bezala, argi du bere familiak ez lukeela ongi hartuko diagnostikoaren berri. Faltan sumatzen du, halere, zenbaitetan, hitz egin ahal izateko lagunen bat. "Gustatuko litzaidake egoera berean den norbait izatea ondoan, esperientziak partekatzeko, elkarri lagundu ahal izateko".

Egunean bi pilula hartzen ditu Luisek, egun. Gehiago ziren, ordea, hasieran. "Hozkailuan gorde behar nituen lehendabizikoak. Hasieran, gela bat nuen pisu batean alokatua. Pisuko kideek nire botikak ikusiko zituzten beldur nintzen. Ez zen samurra izan. Baina inoiz ez zidaten deus erran", gogoratu du Luisek. Botikei esker, hain zuzen ere, birusa ia detektagaitza da orain haren odolean. "Hagitz ongi nago".

"Gaur egun, GIBa diagnostikatu gabe daudenak dira birusa kutsatzen dutenak; GIBa dutela dakitenek, botikak hartuz gero, lor dezakete detektagaitz bilakatzea". Horixe azaldu du Hiesaren Aurkako Herritarren Batzordeko koordinatzaile Lucia Burgik. Babesik gabeko sexu harremanen bidez kutsatzen da GIBa, egun, nagusiki. "Jende gaztea ari da diagnostikoak jasotzen. Gizonen artean, bertze gizonekin sexu harremanak dituztenak dira nagusi; emakumeen soslaia bertzelakoa da, diagnostiko gehienak bikote egonkorra duten andre heterosexualenak baitira".

Burgi duela lau urte ailegatu zen Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordera. Elkartea, hala ere, lehenagokoa da. 1987. urtean sortu zen, Gizarte Lana ikasten ari zen emakume talde baten eskutik. 1980ko hamarkada latza izan zen. Babesik gabeko sexu harremanekin batera, drogen kontsumoa zen, hasiera hartan, GIBa kutsatzeko bide nagusia. "Birusaren diagnostikoak, orduan, berehala ekartzen zuen hiesa garatzea", gogoratu du Burgik. Hiesa, orduan, heriotza zigor baten modukoa zen, kasu gehienetan.

"Elefanteen hilerria"

Errealitate gogor horrek bultzatuta sortu zen Sare ere, 1992. urtean. "Aurretik, kafetegietan bat egiten zuten elkartea bultzatu zutenek. GIBak eta hiesak jotako pertsonak laguntzea zen helburu bakarra; elkarri babesa ematea", azaldu du Sareko Leticia Remon Serratek. "Sareri, hasiera hartan, elefanteen hilerria erraten zioten, jende anitz hiltzera joaten zelako elkartera".

Drogen kontsumoak eragindako diagnostikoek sarerik eta heldulekurik ez zuten pertsonak jotzen zituzten ia beti. "Drogen ondorioz familiarik eta lagunik gabe gelditzen ziren horiek erabateko bakardadea zuten lagun GIBaren eta hiesaren aurrean", gogoratu du Remon Serratek. Behar zuten babesa ematea izan zen, ondorioz, Sareko kideen helburu nagusia.

Xiringak banatzeko eta ez partekatzeko egindako kanpainek lortu dituzte espero zituzten emaitzak. Esparru horretan lan handia egin dute Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordeak eta Sarek. Azken elkarte horrek espetxean ere badu xiringak banatzeko programa, eta hari esker azken urteotan inor ez dela GIBarekin kutsatu nabarmendu du Sareko psikologo Yolanda Yanez Nascimientok.

Burgirekin bat egin du Yañez Nascimientok, eta arrisku nagusia babesik gabeko sexu harremanak direla berretsi du. Gizarteak GIBaren eta hiesaren berri izan zuenetik urte anitz joan badira ere, "informazio falta" jarri du Sareko psikologoak mahai gainean. Egoera hori bi konturekin lotu du, batez ere: "Sexu heziketan gabeziak badira, batetik; eta, bertzetik, erakundeek aspaldi ez dute sexu harreman seguruen aldeko kanpainarik egin. Telebistan aspaldi ez dugu horrelakorik ikusi", salatu du.

Kanpainak eta heziketa behar direla argi du Burgik ere. Sareko kideak bezala, Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordekoak ere aritu dira, martxan jarri zirenetik, ikastetxeetan lan egiten. Egoera aldatu da orain, Nafarroako Gobernuak sexu eta ugalketa osasunari buruzko foru dekretua onartu eta gero. Dekretu horrek jasotzen du sexu heziketa garatzeko beharra eta asmoa. "Erakunde publikoek eginen dute aurrerantzean lan hori", zehaztu du Yañez Nascimientok. Ontzat jo du administrazioak ardura hori bere gain hartu izana. Programak martxan jarri bitartean heziketa jaso gabe geldituko diren gazteen inguruko kezka agertu du, halere.

Beharra agerikoa dela uste du Burgik. "Oraindik ere, GIBa listuaren bidez kutsatzen dela uste duenik bada eskoletan. Halakoak aipatzen dizkigute, tarteka", azaldu du. Aldi berean, "funtsezkotzat" jo du prebentzioaren aldeko kanpainak egitea. "Iaz, 19 urteko gazte bati erran behar izan genion GIBa zuela. Hori hagitz gogorra da. Birusari aurrea hartzea erraza da. Indarra jarri behar dugu horretan; sexu harreman seguruak behar ditugu", nabarmendu du.

Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordeak 120 proba inguru egiten ditu, urtean. Saren ere egin daitezke. "160 baino gehiago egin ditugu jada aurten", azaldu du Yañez Nascimientok.

25 minutuan jasotzen ahal da probaren emaitza. 25 minutu, GIBduna zaren edo ez jakiteko. "Saiatzen gara etortzen direnak emaitza positibo bat jasotzeko prestatzen. Denei galdetzen diegu norekin hitz eginen duten, noren babesa bilatuko duten, eta gehienek erantzuten dute isilpean gordeko dutela diagnostikoa", erran du Sareko psikologoak, kezka agertuz.

Estigmaren eta bazterketaren indarraren adierazgarri da egoera hori, Sareko kideen hitzetan. Eta horren aurka egiteko beharra nabarmendu dute. Burgik bat egin du haiekin. "Ezin dugu ahaztu GIBa denon auzia dela; diagnostikoa izan edo ez, denoi eragiten digu, eta denon artean egin behar diogu aurre", erran du koordinatzaileak.

Gaur, Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunean, mezu hori zabaldu nahi dute Sarek eta Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordeak. Lanean jarraitzeko behar duten babesa eskatu diote, gainera, administrazioari, eta gogoratu dute osasuna denon eskubidea dela.

Luisek ere badu zer erran. Gogoratu du diagnostikoa jaso zueneko beldurra. Gogoratu du orduan sentitu zuela bidea han amaitzen zela. Baina egin du aurrera. Eta horixe nabarmendu nahi du: "Diagnostikoa ez da amaiera. Informazioa, botikak eta zaintza lagun, egin daiteke aurrera".

Emakumeak, maldan gora

Emakumeak, maldan gora

Kattalin Barber

Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun sozioekonomikoak egiturazkoak eta oso nabarmenak dira". Horixe da Iruñeko Udalak egindako Iruñeko emakume eta gizonen arteko desberdintasunak. 2007-2017ko analisi sozioekonomikoa izenburuko ikerketa lanaren ondorio nagusia. Ezberdintasunek, noski, emakumeei egiten diete kalte. Demografia, formakuntza, lan merkatua, zerbitzu sozialak, pobrezia eta bazterketa kontuan hartu dituzte txostenean, hirian emakumeen eta gizonen artean dauden desorekak ikertzeko asmoz. Paola Damonti ikertzaileak egin du lana; esku hartze sozialaren eta ongizate estatuaren alorreko doktore da, bai eta genero aditua ere.

Datu andana eman daiteke emakumeen eta gizonen diru sarreren arteko arrakala azaltzeko. 2016ko datuak kontuan hartuta, adibidez, emakumeen eta gizonen arteko aldea, soldatan, urtean 8.164 eurokoa da. Iruñeko emakumeen jarduera tasa %53,8 da; gizonezkoena, berriz, %63,8. Okupazio tasan alde nabarmena dago, halaber: emakumeena %46,1 da, eta gizonena, %56,5. Datuek ez dute batere harritu Damonti. "Pentsatzen duguna baieztatzen digute datuok". Izan ere, ez da berria emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala; eta ez da datu berria, halaber, emakume gutxi iristen direla ardura postuetara. "Eta emakumeentzat jo ohi diren lanpostuetan soldatak kaskarragoak dira", erantsi du ikertzaileak. Segregazio horizontal deritzo horri Damontik; segregazio bertikala, berriz, soldatarik handieneko lanpostuetan emakumeek duten parte hartze eskasa izanen litzateke, kristalezko sabaitzat jotzen den hori, alegia.

Pobrezia

Intersekzionalitatea aipatu du Damontik. Emakumeen okupazio motaren araberako desberdintasunak ere agerikoak baitira. "Kalte handiagoa izaten dute soldata apala duten emakumeek. Hortaz, gizartea sexista da, bai eta klasista ere, pobreei gertatzen zaienak interes txikiagoa baitu". Horiek horrela, etxegabeen egoera aztertu du, eta, jasotako datuen arabera, Iruñean bizi diren etxegabeen %11 emakumeak dira. "Gutxi dira, eta argi dago kalean bizitzea oso gogorra dela emakume edo gizona izanda. Emakumeek, baina, arazo gehiago dituzte: genero indarkeria, esaterako. Kutxa automatiko batean lo egitea ez da gauza bera gizona edo emakumea baldin bazara. Arrisku gehiago dituzte".

Azken hamar urteak ikertu ditu Damontik, eta hamarkada horretan krisiak gogor jo ditu emakume eta gizonen bizitzak. Langabeziari dagokionez, orain dela hamar urte desberdintasunak oso handiak ziren gizonen eta emakumeen artean Iruñean. Urtez urte gutxitu egin dira, eta egin diren ikerketa gehienek hala baieztatu dute. Analisiei genero ikuspegia falta izan zaiela dio Damontik, halere: "Krisiaren eragina emakume eta gizonengan aztertu denean, ardatza beti izan dira gizonezkoak. Hamar urtean, baina, gizonezkoen langabezia tasak inoiz ez du emakumeena gainditu, inoiz ez. Krisi garaietan eta krisi garaiak ez zirenetan, emakumeek beti izan dute gizonezkoek baino langabezia tasa altuagoa, eta inoiz ez da errealitatea modu horretan begiratu". Halaber, gizonen kasuan, langabeziari buruzkoak egoeraren araberakoak dira; emakumeen kasuan, berriz, desberdintasuna egiturazkoa da. "Krisiarekin eta gabe, emakumeak dira".

Langabezia saria jasotzen dute gizon gehiagok emakumeek baino. Baina urte hauetan guztietan emakume gehiago egon dira lan gabe. "Zergatik? Emakumeen ibilbidea lan merkatuan zatituagoa izan ohi da, eta askok ez dute langabezia saria jasotzeko eskubiderik. Bestalde, iraupen luzeko langabe gehienak emakumeak direnez, gehiago kostatzen zaie lan merkatuan berriro sartzea, eta laguntzak agortzen dituzte". Izan ere, egoera iraultzen da langabeziaren subsidioari erreparatuz gero. Emakumeen ehunekoa handiagoa da: "Horrek erakusten du haien egoera okerragoa dela, lan gabe daudelako eta denbora luzez".

Iruñeko Udalaren laguntzak jasotzen dituzten guraso bakarreko familietan %95 emakumeak dira. Pertsona bakarreko familietan, berriz, gizonak dira gehien jasotzen dituztenak. Horrez gain, zahar etxeak eta eguneko zentroak hizpide izan ditu Damontik. Erabiltzaileen %70 emakumeak dira. Arrazoi logikoa aurkitu du ikertzaileak, baina baita galdera bota ere: "Emakumeek bizi itxaropena handiago dute, eta datuak espero zirenak dira. Hala ere, aldatuko litzateke zahar etxeen esku hartzea gizonezkoak gehiengoa izanda?". Kasu horretan ere, genero ikuspegia txertatzea ezinbestekotzat jo du Damontik, adinean aurrera egin ahala emakumeek bestelako arazoak dituztelako.

Lana eta laguntzak ez ezik, hezkuntza ere ikertu du genero adituak. "Lanbide Heziketako 17 familia profesional daude Nafarroan, baina haietako lautan bakarrik dago orekatua gizonen eta emakumeen parte hartzea; hau da, emakume eta gizonen ikasle kopurua %40-%60 bitartekoa da". Feminizatutako eta maskulinizatutako ikasketak daudela erakusten du horrek, Damontiren aburuz.

Datuak faltan

Bada zerbait ikertzailearen arreta "bereziki" piztu duena. Ez du eskuratu denboraren erabilerari buruzko daturik, ez Iruñean ez eta Nafarroan ere. Eta uste du "ezinbestekoak" direla datu horiek, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen analisi sakona egin ahal izateko. "Zaintza lanak gehienbat emakumeei egokitzen zaizkie, eta, haurrak izanez gero, haien lan aukerak murriztu egiten dira. Emaitzak ondorioztatzen ahal ditugu, baina beharrezkoa dugu datu horiek biltzea, beti badagoelako norbait errealitate hori ezkutuan utzi nahian", adierazi du txostenaren egileak. Datuak biltzeko orduan genero ikuspegia txertatzea beharrezkoa dela berretsi du ikertzaileak. Ez du inolako zalantzarik emaitzak "argigarriak" izanen liratekeela.