Bidegurutzetik atera nahi dute

Bidegurutzetik atera nahi dute

Edurne Elizondo

Etsita. Halaxe sentitzen dira herrialdeko taxilariak. Etsipena nabarmendu du Nafarroako ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen AITAN elkarteko buru Imanol Velazek, eta etsipena nabarmendu du, halaber, Iruñeko ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek. Etsipen horrek eraman zituen lanuztea egitera, azaroaren 29an. Urteko laugarrena izan zen joan den astekoa.

Batetik, alokairuko auto gidaridunen mehatxuak eragin du taxilarien kezka; bertzetik, Nafarroako Gobernuak taxien legea aldatzeko egindako proposamenak. Administrazioak "bazter utzita" sentitzen direla erran dute taxilariek. Bidegurutzean dira, eta onik atera nahi dute handik. Errepidean jarraitu.

Taxilarien kezkak eta kexak ez dira oraingoak. "Azken urteotan, hamaika protesta egin dugu", erran du Velazek. 450 taxilari inguruk egiten dute bat AITAN elkartean. "Ia guztiak". Gehienak Iruñean aritzen dira lanean. Hiriburuan 313 dira denera, eta haietako 309 daude Teletaxi San Fermin elkartean. Sektorearen liberalizazioak ekartzen ahal duenaren beldur dira. "Multinazionalen kontra ezer gutxi egin dezakegu; David eta Goliaten arteko borroka da hau", erantsi du AITAN elkarteko buruak.

Velaz eta Asin Iruñean aritzen dira lanean. Duela 11 urte hasi zen Asin; Velaz, berriz, duela sei. 2013. urtetik dira Uber edo Cabifyren gisako enpresa handiek ekar dezaketenaren beldur. Urte hori giltzarritzat jo du Velazek. Izan ere, alokairuko auto gidaridunen inguruko legea aldatu zuten urte hartan. "Ordura arte, Espainiak zehaztu zuen alokairuko auto gidaridun bakarra egon zitekeela 30 taxiko. 2013an, ordea, aldaketa bat egin zuten, eta muga hori ezabatu zuten". 2015ean berriz ezarri zuten. Berandu, ordea. "Bi urteko denbora tarte horretan, alokairuko 10.000 auto gidaridun lanean jartzeko baimen eskaerak egin zituzten Espainia osoan", azaldu du Velazek.

Epaileen esku dago baimen eskaera horien inguruko auzia. Eta auzi hori da, hain zuzen ere, joan den asteko eta azken hilabeteotako lanuzteak eragin dituena. Nafarroan, egun, alokairuko 50 auto gidaridun inguru ari dira lanean. "Onartu behar dugu gidariok egiten digutena ez dela lehia desleiala", erran du Velazek. Baimen eskaera berrien bidez, bertze 200 has daitezke Nafarroan lanean, erantsi duenez. Hori gertatuz gero, gauzak anitz aldatuko liratekeela erran du. "Guk ezin izanen genuke aurrera egin; ezta egun daude 50 horiek ere".

Asinek bat egin du Velazen iritziarekin, eta nabarmendu du taxilarien eta alokairuko autoetako gidarien gaineko kontrola hagitz bertzelakoa dela. "Taxilariok anitzez ere kontrol zorrotzagoa jasan behar dugu". Velazek zehaztu du taxilariek "baimen bikoitza" behar dutela, nolabait erranda: udalaren lizentzia, batetik; eta erkidegoko gobernuaren baimena, bertzetik. "Alokairuko auto gidaridunek, berriz, ez dute udalaren lizentzia behar". Horrek ekartzen du, taxilarien hitzetan, malgutasun handiagoa izatea.

Eremu urbanizatu jarraitua

2005. urtekoa da Nafarroako taxien jarduera arautzen duen legea. Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek nabarmendu du "adostasunez" osatutako testua dela. Ez, ordea, orain egin nahi diren aldaketak. "Ez dakigu nori egiten dioten mesede; taxilarioi, behintzat, ez. Gainera, gure iritzia kontuan hartu gabe ari dira", salatu du.

Velazek eta Asinek kontu bat nabarmendu dute egin nahi duten aldaketaren inguruan: eremu urbanizatu jarraituaren auzia. Egun, legeak zehazten du bi herriguneren artean eremu urbanizatu jarraitua egon behar duela bi herrigune horiek beren taxi zerbitzuak mankomunitate beraren barruan kudeatu ahal izateko. "Iruñea eta Burlata artean, adibidez, bada; ez, ordea, Iruñea eta Etxauri artean", azaldu du Velazek.

Ez du kasualitatez hautatu herri hori. Izan ere, Etxauriko taxilariak urtebete egin zuen Iruñerriko Mankomunitateko gainerako taxilariekin batera lanean, herriko udalak eskatu eta gero. Teletaxi San Fermin elkarteko kideek, ordea, epaitegietara jo zuten erabaki horren kontra, eta epaileek haien alde egin zuten. "Argi utzi zuten eremu urbanizatu jarraiturik ez dagoela Iruñearen eta Etxauriren artean", erran du Asinek.

Orain, baldintza hori aldatu nahi dute. Ezabatu, alegia. "Iruñerriko Mankomunitatea iaz saiatu zen aldaketa hori egiten; parlamentura eraman zuten auzia, baina Ezkerrak, azkenean, ez zuen babestu. Berriz ari dira ahaleginean", azaldu du Asinek. Argi du, legea aldatuz gero, herrietako taxi zerbitzuan sumatuko luketela eragina, batez ere. "Tuteran, egun, bederatzi taxi ari dira lanean. Mankomunitatea osatzen badute inguruko herriekin, bertze 25 taxilarik izanen lukete Tuteran aritzeko aukera. Mankomunitatea osatuz gero, noski, herri txikikoa saiatuko da herri handiagora joaten, lana han dagoelako. Herriak, ondorioz, zerbitzurik gabe geldituko lirateke".

Lizarrako kasua aipatu du Luis Canok, herrietan gerta daitekeenaren adibide. 2001. urtean hasi zen Cano taxilari herri horretan. AITAN elkarteko kide da. "16 lizentzia zeuden urte hartan; haietako bost galdu egin dira, jada. 11 taxilari gelditzen gara, eta denentzako lanik ez dago". Izan ere, Nafarroako Gobernuak berak zehaztutako kopuruen arabera, batez bestekoaren gainetik da Lizarra: "14.000 biztanleko herria gara; zazpi taxi izatea dagokigu, eta 11 gara". Kopuruak gora eginen luke eremu urbanizatu jarraitua ezabatu eta mankomunitatea osatuz gero.

Etorkizunak kezkatzen duela argi utzi du Canok. Eta kezka bera dute Asinek eta Velazek ere. "Zerbitzu publikoa gara, baina ez dugu administrazioaren babesa sentitzen", nabarmendu du azken horrek. Iritzi horrekin ez du bat egiten, ordea, Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesak. "Taxiena gure zerbitzua dela zalantzarik ez dugu, eta zerbitzuari eusteko eta sustatzeko ari gara lan egiten", erran du.

Aiesa: "Urratsak egin dira"

Aiesak zilegitzat jo ditu taxilariek egin dituzten lanuzteak. "Eskatzea eta aldarrikatzea ere zilegi da", erantsi du. Ardurarik eza ukatu du, ordea. "Urratsak egin ditugu, adibidez, diru laguntzak jaso ditzaten". Eurotaxientzako laguntzak aipatu ditu Aiesak, bertzeak bertze. Eztabaida piztu da horien inguruan. 2017rako 40.000 euroko saila zehaztu zuen Iruñerriko Mankomunitateak auto horiek eskaintzen duten zerbitzua diruz laguntzeko. Gurpildun aulkientzako ibilgailuak dira eurotaxiak. "2017rako saila, azkenean, ez dugu jasoko; diru hori galdu eginen da", salatu du Velazek.

Aiesak onartu du aurten ez dutela diru laguntza hori banatuko. Diru saila ez dela galduko nabarmendu du, halere. "Gorde eginen dugu; kontua da egun ez dugula tresnarik eurotaxi bidezko zerbitzuen zerrenda osatzeko, eta diru laguntzak horietara bideratzeko. Hitzarmena lantzen ari gara tresna hori eduki ahal izateko. Abenduan itxi nahi dugu, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera diru laguntzak eman ahal izateko", erran du mankomunitateko presidenteak. Gaineratu du auto ekologiko edo hibridoak dituztenentzat ere zehaztu dituztela diru laguntzak, bai eta segurtasuna indartzeko neurriak hartu dituzten taxilarientzat ere.

Taxilariek salatu duten legea aldatzeko asmoari buruz, eskumena Nafarroako Parlamentuarena dela nabarmendu du Aritz Aiesak. Argi utzi du, halere, "normala" dela baietz erantzutea, herriren batek zerbitzuak mankomunitatearen barruan ematea eskatuz gero. Taxilariei gogoratu die mankomunitateko ateak "zabalik" direla. "Akordioak lortzeko aukerak badirela uste dut", zehaztu du.

Taxilariek, hain zuzen ere, badute negoziatzeko auzi bat mahai gainean: tarifen ingurukoa. "Bost urte egin ditugu jada tarifak berritu gabe", erran du Kiko Asinek. Iruñeko taxien prezioaz anitz hitz egiten dela badakite taxilariek. Izan ere, Facua kontsumitzaileen elkarteak urtero egiten duen txostenaren arabera, hiri garestienen artean egoten da Iruñea. "Azken urteotan hirugarren postuan izan gara; aurten, berriz, hiri garestienen artean laugarrenak gara. Txostena osatzeko moduak badu eragina", azaldu du AITAN elkarteko Imanol Velazek. Azaldu du Iruñea laugarren hiri garestiena dela lehendabiziko kilometroko prezioa kontuan hartuta. "Kontua da Iruñeko taxilariok 4,35 euroko gutxieneko kopurua dugula; 4,35 euro, 1,8 kilometroko bidaia egiteko, ordea. Bost kilometroko batez besteko bidaia kontuan hartzen badugu, zerrendan behera egiten dugu, hamabosgarren posturaino", erantsi du.

Taxilariek onartu dute zerbitzua hobetzeko ahalegina egin behar dutela. "Gure ardurari ez diogu uko egin nahi, eta guri dagokigu kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea", erran du Velazek. Horretarako prest dira. Ez, ordea, ahalegin hori egitera baldintza anitzez zurrun eta zorrotzagoak izanda. "Legeak arautzen du gure jarduera; legeak kontrolatzen du gure lana. Ez gaude kontra, baina arau dezala legeak modu berean alokairuko auto gidaridunen jarduera ere", erantsi du Velazek.

Taxilariek batzarra eginen dute urtea amaitu baino lehen, hemendik aurrerako mobilizazioak zehazteko. Oraingoz, greba egiteko aukera ez da mahai gainean. Lanuzteak egiten jarraitzekoa bai, ordea. Lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute taxilariek. Lehia desleialari aurre egitekoa ere bai. Bidegurutzean dira. Beltz ikusten dute etorkizuna. Baina ez dute amore eman nahi. Bidean jarraitu nahi dute. Etsi gabe.

“Non bizi gaitezke afrikarrok?”

“Non bizi gaitezke afrikarrok?”

Edurne Elizondo

Injustiziarik latzenak eragindako amorruarekin mintzatu da. Bere egin duelako Libian gertatzen ari dena. Bere egin du esklabo gisa salerosi dituzten afrikarren mina. Bere egin du bortxatu dituzten emakumeen sufrimendua. Bere egin ditu giza eskubideen urraketa guztiak. Denonak direla argi duelako. Arazoa denona dela zalantzarik ez duelako. "Mundu osoarena". Ozen erran du, tristuraz eta amorruz: "Aski da! Gure herrietan esplotatzen gaituzte; handik atera, eta esklabo bilakatzen gaituzte. Non bizi gaitezke afrikarrok bakean? Non?", galdetu du Afrikako Lorea elkarteko kide Fatima Djarrak.

Galdera hori idatzita zuen pankartaren atzean egin zuten bat dozenaka pertsonak, larunbatean, Iruñeko Udaletxeko plazan. Afrikako Lorea eta Africa United elkarteek antolatu zuten protesta, Libian gertatzen ari dena salatzeko. "Isilarazi dituzten horiei eman nahi diegu gure ahotsa, pairatzen ari direna agerian uzteko". Nazioarteko erakundeek, behingoz, urratsen bat egin dezaten eskatzeko.

AEBetako CNN telebista kateak migratzaileak kateatuta erakusten dituen bideo bat zabaldu zuen azaroaren amaieran. Enkantean saltzeko prest ziren migratzaileak, Libiako eremu identifikatu gabeko batean. Orain zabaldu diren irudiok "aspaldiko" errealitate bat islatzen dutela nabarmendu du Fatima Djarrak. "1990eko hamarkadatik gertatzen ari da orain ikusi duguna; orain, gainezka egin du egoerak, eta munduak jaso du esklabo bilakatzen dituzten migratzaileen egunerokoaren berri".

Migratzaile afrikarren egoerari buruzkoak iksugarri bilakatu izana baliatu nahi du Afrikako Lorea elkarteak, eta mundua Libiara begira jarri. Mundu osoak presioa egin dezan. "Gure ardura da; altxatu behar dugu zapaltzen ari diren afrikarren alde". Herritar guztiak lotu nahi dituzte helburu horretara. Horregatik antolatu zuten elkarretaratzea larunbatean. "Nafarroako gizarte osoaren babesa nahi eta behar dugu Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko gainerako erakundeek sendo erantzun dezaten", azaldu du Djarrak.

Europak duen ardura mahai gainean jarri du Afrikako Lorea elkarteko kideak. "Europak ordaintzen du Libian gertatzen ari dena", salatu du, gogor. SOS Arrazakeria erakundeko kide Beatriz Villahizanek bat egin du Djarraren salaketarekin. "Turkia eta Maroko bezala, Europak kanpora eramandako muga bat bertzerik ez da Libia; Europak badu ardura, eta handia da, gainera. Ez du pertsona guztiok nahi dugun tokira mugitzeko dugun eskubidea errespetatzen; ez ditu giza eskubideak errespetatzen. Ez die babesik ematen migratzaileei, eta biderik arriskutsuenetatik joatera behartzen ditu. Libian gertatzen dena da horren adibide".

SOS Arrazakeria taldeak bat egin zuen afrikarren elkarteek antolatutako larunbateko protestarekin; Udaletxeko plazan izan ziren, halaber, Paperak Denontzat eta Munduko Medikuak erakundeetako kideak.

Bazterketa bikoitza

Duela zazpi urte sortu zuten Afrikako Lorea elkartea, Nafarroan. Afrikako hamahiru herritako 60 emakumek osatzen dute. "Munduko Medikuak erakundearekin hasitako lanaren ondorio da elkartearen sorrera. Emakumeon genitalen mutilazioari aurrea hartzeko egiten genuen lan, eta beharrezkoa iruditu zitzaigun emakume afrikarron errealitatearen berri ematea".

Xede horrekin sortu zuten Afrikako Lorea. Emakume afrikarren bazterketa bikoitza salatu nahi dute kideek. "Emakume eta beltz izateagatik zapaltzen gaituzte", nabarmendu du Djarrak. Libian ere, emakume afrikar migratzaileek bazterketa bikoitza pairatzen dutela salatu du. "Ari gara jasotzen hango testigantzak; emakumeak bortxatzen ari dira; egoera izugarri latza ari dira pairatzen. Emakume afrikarrak gara gu, eta ezin dugu isilik gelditu".

Afrikako Batasuneko agintarien isiltasuna salatu du Djarrak, hain zuzen ere. "Ez dira deus egiten ari". Afrikako Batasuneko batzordeko buru Moussa Faki Mahamatek onartu du 400.000 eta 700.000 migratzail afrikar artean daudela Libian "egoera irregularrean". Onartu du, halaber, azkenean, auzian "esku hartzeko" beharra.

Horren zain dira Africa United eta Afrikako Lorea elkarteetako kideak. Ez dira isiltzeko prest, eta karrikara ateratzen jarraituko dutela argi utzi dute. Ez dute bakarrik egon nahi. Herritarren babesa eskatu dute; gobernuz kanpoko erakundeena, bai eta Nafarroako Gobernuarena ere. "Giza eskubideak daude jokoan, eta giza eskubideak denon arazoa dira", berretsi du Fatima Djarrak. "Non bizi gaitezke afrikarrok bakean? Non?", galdetu du, berriz ere.

“Herri mugimendua izan da beti gure helburu eta ardatz”

“Herri mugimendua izan da beti gure helburu eta ardatz”

Kattalin Barber

Iruñeko irrati libreak ederki ezagutzen ditu Jorge Riberak (Iruñea, 1971); Eguzki irratiko kide da 1990. urtetik. Herri mugimenduaren bozgorailu izatea, eta ahotsik ez dutenei ahotsa ematea izan da, eta bada, irratiaren helburu nagusia.

1982ko abenduaren 15ean egin zuten Eguzki irratiaren lehen saioa. Gogoan duzu?

Ni ez nengoen oraindik irratian. Irrati libreetan 1986. urtean hasi nintzen, eta Eguzkin, berriz, 1990ean. Jarautan zuen orduan egoitza irratiak, eta arratsaldeko zortzietan izan zen lehen emisioa.

Nola egin zenuen bat irratiarekin?

80ko hamarkadan irrati libre asko zegoen Iruñean. Eguzki irratia, Eate irratia Sanduzelain, Zarata Donibanen, Paraiso irratia.... Iruñeko irrati libreen koordinakundea osatu zen guztion artean koordinatzeko eta kontrainformazioa lantzeko. Errepresioa oso presente zegoen, eta hainbat irrati itxi zuten garai horretan ere. Iruñeko hiru irrati libreen artean albistegi bateratuak egiten ziren, eta proposamena zegoen hiru irratiek bat egiteko. Azkenean ez zen gauzatu iritzi ezberdinak zeudelako. Bakoitzak bere bidea egin zuen, eta ni Eguzki irratian hasi nintzen.

Bakarra da irratia egiteko bere moduan?

Gure ikuspuntutik, irrati libre eta komunitario bakarra da. Lizentziarik gabe badaude irrati gehiago, eta badaude haien burua komunitariotzat jotzen duten beste irratiak ere. Gure ustez, hala ere, ez dira. Eguzki irratia librea eta komunitarioa da edozein botere politiko, ekonomiko eta erlijiosotik independentea delako, eta helburua ez delako irabaziak lortzea. Gurean ez dugu publizitaterik. Ezaugarri horiek egiten gaituzte libre eta komunitario.

Esparru zehatz batetik sortu zen, ezta?

Iruñeko talde ekologista eta antinuklearrak sortu zuen. Eguzki izeneko aldizkari bat argitaratzen zuten, eta hortik hartu zuten izena. Euskal Herrian zeuden beste esperientzia batzuei jarraiki, irrati bat sortzea zuten helburu, hutsune bat zegoelako. Ahotsik ez zutenei ahotsa ematea beharrezkoa zen.

Lau aldiz itxi dute irratia. Maldan gora egin duzue bidea?

Bai. 1983an eta 1984an itxi zuten irratia, Hego Euskal Herriko beste irrati libre asko bezala. Existitzeagatik itxi zituzten. 1988an berriro isilarazi nahi izan gintuzten. Espainiako erregeak bisita egin zuen. Errepresio handia egon zen egun mugitu haietan, eta dozenaka pertsona atxilo hartu zituzten. Protesta egiteko bide bakarra irratia zen, eta gertatzen ari zenari buruzko programa bat egin zuen irratiak, Polizia egoitzara joan, irratia itxi eta esataria atxilotu zuen arte. 1992an, berriro itxi zuten. Irratia isilarazteko ahaleginak asko izan dira.

Herri mugimenduaren bozgorailua izatea da irratiaren xede nagusia?

Herri mugimendua izan da beti helburua eta proiektuaren ardatza. Urte hauetan guztietan aldatu dena forma da, hau da, nola eman ahotsa ahotsik ez dutenei eta herri mugimenduari. Aurrera egin dugu, garatu dugu proiektua; gurean beti izan dugu komunikazio ereduaren inguruko eztabaida. Krisiak krisi, hasieratik argi izan dugu ez genuela nahi entzuten ez den irrati bat, edo guretzat bakarrik den irratia. Hortaz, zerbaitek ez badu funtzionatzen, aldatzen dugu.

Zein da orain egoera?

Iruñeko herri mugimenduaren isla da irratia. Ez gaude 80etan, ezta 90etan ere. Krisia egon da militantzian eta herri mugimenduan, faktore askok eraginda. Egun ez da erraza norbaitek bere bizitzako tarte handi bat eskaintzea militantziari. Komunikazio moduak ere aldatu dira teknologia berriak direla eta. Hortaz, ez dago jende asko irratian, baina kalitatean eta seriotasunean irabazi dugu. Oso pozik gaude dozenaka lagun etortzen direlako irratira hitz egitera.

Heldu den ostiralean irrati-maratoia eginen duzue urteurrena ospatzeko eta bazkideak lortzeko.

2002. urtera arte, gure diru-sarrerak barraka politikoak ziren. Debekatu zituztenean, pentsatu genuen bazkideen bidez finantzatzea. Momentu horretan uste genuen 500 eguzkide behar genituela proiektuak behar bezala funtzionatzeko. Orain 430 bazkide ditugu; 70 faltan ditugu arazorik gabe eta lasaitasunez funtzionatzeko. Maratoiarekin, gure urteurrena ospatzeaz gain, bazkideak lortzea da helburua. Etenik gabeko 24 orduko maratoia izanen da, ostiralean hasita. Larunbatean afaria eginen dugu. Aurtengo leloa 35 urte independentziaz da. Urte hauetan guztietan, proiektu komunikatibo asko itxi eta desagertu dira. Gureak zutik jarraitzea garrantzitsua da.

Nafarroako Gobernuko irrati frekuentzien lehiaketara aurkeztu zineten. Zer fasetan dago prozesua?

Behin baino gehiagotan eskatu diogu gobernuari irrati komunitarioentzat lizentziak ematea. UPNrekin saiatu ginen, eta aldaketaren gobernuarekin ere bai. Uda honetan, gobernuak jakinarazi zuen aurreneko aldiz lizentzia bat gordeko zuela irabazi asmorik gabeko zerbitzu komunitarioa eskaintzen duten irratientzat, eta aurkeztea erabaki genuen. Eskerrak eman genizkion Nafarroako Gobernuari, urratsa egiteko ausardia izan duelako. Kontua da Eusko Mediak errekurtso bat jarri duela, eta lehiaketa bertan behera gelditu da. Ez dakigu gehiago, eta komunikazio ofizial bat izan arte, ez dugu baloraziorik eginen.

Birusak baino indar handiagoa

Birusak baino indar handiagoa

Edurne Elizondo

Kosta egin zitzaion onartzea. Behin baino gehiagotan egin zuen proba. Emaitza positiboa izan zen lehendabizikoan. Emaitza positiboa bigarrenean ere. "Hasieran, informaziorik ez nuen. Ez nekien zer eritasun nuen. Larria zela erran zidaten, baina ez nintzela hilko". Duela hamar urte jakin zuen Luisek GIB giza immunoeskasiaren birusa zuela. "Etxera joan, eta interneten bilatu nuen zer zen. Magic Johnson saskibaloi jokalariaren irudia agertu zitzaidan ordenagailuan".

Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur. Azken bost urteotan, 212 pertsonari diagnostikatu diete GIBa Nafarroan. %90 dira 15 eta 54 urte bitartekoak, eta %39k dituzte 35 urte baino gutxiago; azken horietako %44 emakumeak dira. Nafarroan, Sare eta Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordea ari dira eritasun horren eta GIBaren aurka lanean. Prebentzioa landu, eta birusak edo eritasunak jotako pertsonak eta haien ingurukoak artatzen dituzte, prozesuan lagunduz.

Zientziak tratamenduen esparruan egin dituen urratsak nabarmendu dituzte elkarteok, eta, haiei esker, gero eta albo ondorio gutxiago duen gaixotasun kroniko bilakatu dela GIBa. Bertzelakoa da, ordea, gizartearen erritmoa, salatu dutenez, eta GIBari lotutako estigmak eta bazterketak indarrean jarraitzen dutela agerian utzi dute. "Moralak zeharkatutako gaixotasuna da GIBarena, sexuarekin eta drogekin lotu baita, eta horrek tabuak eta estigma nabarmentzen ditu", azaldu du Sareko gizarte langile Leticia Remon Serratek.

Birusa baino indartsuagoak izan daitezke aurreiritziak, finean. Hori argi du Luisek, eta, ondorioz, nahiago du bere diagnostikoa isilpean gorde. Inori ez erran. Estigmaren beldur baita. "Birusarekin bizitzen ikasi dut; baina beldur handiagoa diot bazterketari".

Diagnostikoa jaso eta gero, emazteari haren berri ematea izan zen hurrengo urratsa. Hori egitea ere kosta egin zitzaiola aitortu du Luisek. Prozesuan Sare elkarteko kideak izan zituen lagun. Haien eskutik jaso zuen GIBari buruzko informazioa; haien eskutik jaso zuen, halaber, emaztearekin hitz egiteko behar zuen indarra. "Errudun sentitzen nintzen. Nire kezka nagusia zen hark ere GIBa izatea".

Informazioa, giltzarri

"Senarrarengandik urrun nintzen berria jaso nuenean. Ezer gutxi nekien GIBari buruz, baina nuen informazio apurra ez zen ona. Ni ere kutsatua izanen nintzela pentsatu nuen. Zalantzarik ez nuen hala izanen zela. Argi nuen hilko nintzela". Etorkizuna mila puskatan hautsi zitzaiola sentitu zuen Isabelek, duela hamar urte. Bertzelakoa da egun orainaz eta geroaz duen iritzia. Hagitz bertzelakoa. Senarra GIBduna zela jakin eta gero, proba egin zuen. Emaitza negatiboa izan zen. Negatiboa izan da errepikatu duen bakoitzean. Egun, hiru seme-alabaren ama da. GIBa ondoan duen zerbait da Isabelentzat, baina ikasi du birusak ez duela bere egunerokoa baldintzatzen. "Informazioak eman dit aurrera egiteko aukera".

Emaztearen babesa "funtsezkoa" izan dela erran du Luisek. Sareko kideez gain, Isabel da haren egoeraren berri dakien bakarra. Isabelek bat egin du diagnostikoa isilpean gordetzeko erabakiarekin. "Argi dut haren familiak ez lukeela ongi hartuko". Biek erabaki dute, handitzen direnean, seme-alabei emanen dizkietela aitaren diagnostikoari, GIBari eta hiesari buruzko xehetasunak.

Luisek, Isabelek bezala, argi du bere familiak ez lukeela ongi hartuko diagnostikoaren berri. Faltan sumatzen du, halere, zenbaitetan, hitz egin ahal izateko lagunen bat. "Gustatuko litzaidake egoera berean den norbait izatea ondoan, esperientziak partekatzeko, elkarri lagundu ahal izateko".

Egunean bi pilula hartzen ditu Luisek, egun. Gehiago ziren, ordea, hasieran. "Hozkailuan gorde behar nituen lehendabizikoak. Hasieran, gela bat nuen pisu batean alokatua. Pisuko kideek nire botikak ikusiko zituzten beldur nintzen. Ez zen samurra izan. Baina inoiz ez zidaten deus erran", gogoratu du Luisek. Botikei esker, hain zuzen ere, birusa ia detektagaitza da orain haren odolean. "Hagitz ongi nago".

"Gaur egun, GIBa diagnostikatu gabe daudenak dira birusa kutsatzen dutenak; GIBa dutela dakitenek, botikak hartuz gero, lor dezakete detektagaitz bilakatzea". Horixe azaldu du Hiesaren Aurkako Herritarren Batzordeko koordinatzaile Lucia Burgik. Babesik gabeko sexu harremanen bidez kutsatzen da GIBa, egun, nagusiki. "Jende gaztea ari da diagnostikoak jasotzen. Gizonen artean, bertze gizonekin sexu harremanak dituztenak dira nagusi; emakumeen soslaia bertzelakoa da, diagnostiko gehienak bikote egonkorra duten andre heterosexualenak baitira".

Burgi duela lau urte ailegatu zen Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordera. Elkartea, hala ere, lehenagokoa da. 1987. urtean sortu zen, Gizarte Lana ikasten ari zen emakume talde baten eskutik. 1980ko hamarkada latza izan zen. Babesik gabeko sexu harremanekin batera, drogen kontsumoa zen, hasiera hartan, GIBa kutsatzeko bide nagusia. "Birusaren diagnostikoak, orduan, berehala ekartzen zuen hiesa garatzea", gogoratu du Burgik. Hiesa, orduan, heriotza zigor baten modukoa zen, kasu gehienetan.

"Elefanteen hilerria"

Errealitate gogor horrek bultzatuta sortu zen Sare ere, 1992. urtean. "Aurretik, kafetegietan bat egiten zuten elkartea bultzatu zutenek. GIBak eta hiesak jotako pertsonak laguntzea zen helburu bakarra; elkarri babesa ematea", azaldu du Sareko Leticia Remon Serratek. "Sareri, hasiera hartan, elefanteen hilerria erraten zioten, jende anitz hiltzera joaten zelako elkartera".

Drogen kontsumoak eragindako diagnostikoek sarerik eta heldulekurik ez zuten pertsonak jotzen zituzten ia beti. "Drogen ondorioz familiarik eta lagunik gabe gelditzen ziren horiek erabateko bakardadea zuten lagun GIBaren eta hiesaren aurrean", gogoratu du Remon Serratek. Behar zuten babesa ematea izan zen, ondorioz, Sareko kideen helburu nagusia.

Xiringak banatzeko eta ez partekatzeko egindako kanpainek lortu dituzte espero zituzten emaitzak. Esparru horretan lan handia egin dute Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordeak eta Sarek. Azken elkarte horrek espetxean ere badu xiringak banatzeko programa, eta hari esker azken urteotan inor ez dela GIBarekin kutsatu nabarmendu du Sareko psikologo Yolanda Yanez Nascimientok.

Burgirekin bat egin du Yañez Nascimientok, eta arrisku nagusia babesik gabeko sexu harremanak direla berretsi du. Gizarteak GIBaren eta hiesaren berri izan zuenetik urte anitz joan badira ere, "informazio falta" jarri du Sareko psikologoak mahai gainean. Egoera hori bi konturekin lotu du, batez ere: "Sexu heziketan gabeziak badira, batetik; eta, bertzetik, erakundeek aspaldi ez dute sexu harreman seguruen aldeko kanpainarik egin. Telebistan aspaldi ez dugu horrelakorik ikusi", salatu du.

Kanpainak eta heziketa behar direla argi du Burgik ere. Sareko kideak bezala, Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordekoak ere aritu dira, martxan jarri zirenetik, ikastetxeetan lan egiten. Egoera aldatu da orain, Nafarroako Gobernuak sexu eta ugalketa osasunari buruzko foru dekretua onartu eta gero. Dekretu horrek jasotzen du sexu heziketa garatzeko beharra eta asmoa. "Erakunde publikoek eginen dute aurrerantzean lan hori", zehaztu du Yañez Nascimientok. Ontzat jo du administrazioak ardura hori bere gain hartu izana. Programak martxan jarri bitartean heziketa jaso gabe geldituko diren gazteen inguruko kezka agertu du, halere.

Beharra agerikoa dela uste du Burgik. "Oraindik ere, GIBa listuaren bidez kutsatzen dela uste duenik bada eskoletan. Halakoak aipatzen dizkigute, tarteka", azaldu du. Aldi berean, "funtsezkotzat" jo du prebentzioaren aldeko kanpainak egitea. "Iaz, 19 urteko gazte bati erran behar izan genion GIBa zuela. Hori hagitz gogorra da. Birusari aurrea hartzea erraza da. Indarra jarri behar dugu horretan; sexu harreman seguruak behar ditugu", nabarmendu du.

Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordeak 120 proba inguru egiten ditu, urtean. Saren ere egin daitezke. "160 baino gehiago egin ditugu jada aurten", azaldu du Yañez Nascimientok.

25 minutuan jasotzen ahal da probaren emaitza. 25 minutu, GIBduna zaren edo ez jakiteko. "Saiatzen gara etortzen direnak emaitza positibo bat jasotzeko prestatzen. Denei galdetzen diegu norekin hitz eginen duten, noren babesa bilatuko duten, eta gehienek erantzuten dute isilpean gordeko dutela diagnostikoa", erran du Sareko psikologoak, kezka agertuz.

Estigmaren eta bazterketaren indarraren adierazgarri da egoera hori, Sareko kideen hitzetan. Eta horren aurka egiteko beharra nabarmendu dute. Burgik bat egin du haiekin. "Ezin dugu ahaztu GIBa denon auzia dela; diagnostikoa izan edo ez, denoi eragiten digu, eta denon artean egin behar diogu aurre", erran du koordinatzaileak.

Gaur, Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunean, mezu hori zabaldu nahi dute Sarek eta Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordeak. Lanean jarraitzeko behar duten babesa eskatu diote, gainera, administrazioari, eta gogoratu dute osasuna denon eskubidea dela.

Luisek ere badu zer erran. Gogoratu du diagnostikoa jaso zueneko beldurra. Gogoratu du orduan sentitu zuela bidea han amaitzen zela. Baina egin du aurrera. Eta horixe nabarmendu nahi du: "Diagnostikoa ez da amaiera. Informazioa, botikak eta zaintza lagun, egin daiteke aurrera".

Emakumeak, maldan gora

Emakumeak, maldan gora

Kattalin Barber

Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun sozioekonomikoak egiturazkoak eta oso nabarmenak dira". Horixe da Iruñeko Udalak egindako Iruñeko emakume eta gizonen arteko desberdintasunak. 2007-2017ko analisi sozioekonomikoa izenburuko ikerketa lanaren ondorio nagusia. Ezberdintasunek, noski, emakumeei egiten diete kalte. Demografia, formakuntza, lan merkatua, zerbitzu sozialak, pobrezia eta bazterketa kontuan hartu dituzte txostenean, hirian emakumeen eta gizonen artean dauden desorekak ikertzeko asmoz. Paola Damonti ikertzaileak egin du lana; esku hartze sozialaren eta ongizate estatuaren alorreko doktore da, bai eta genero aditua ere.

Datu andana eman daiteke emakumeen eta gizonen diru sarreren arteko arrakala azaltzeko. 2016ko datuak kontuan hartuta, adibidez, emakumeen eta gizonen arteko aldea, soldatan, urtean 8.164 eurokoa da. Iruñeko emakumeen jarduera tasa %53,8 da; gizonezkoena, berriz, %63,8. Okupazio tasan alde nabarmena dago, halaber: emakumeena %46,1 da, eta gizonena, %56,5. Datuek ez dute batere harritu Damonti. "Pentsatzen duguna baieztatzen digute datuok". Izan ere, ez da berria emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala; eta ez da datu berria, halaber, emakume gutxi iristen direla ardura postuetara. "Eta emakumeentzat jo ohi diren lanpostuetan soldatak kaskarragoak dira", erantsi du ikertzaileak. Segregazio horizontal deritzo horri Damontik; segregazio bertikala, berriz, soldatarik handieneko lanpostuetan emakumeek duten parte hartze eskasa izanen litzateke, kristalezko sabaitzat jotzen den hori, alegia.

Pobrezia

Intersekzionalitatea aipatu du Damontik. Emakumeen okupazio motaren araberako desberdintasunak ere agerikoak baitira. "Kalte handiagoa izaten dute soldata apala duten emakumeek. Hortaz, gizartea sexista da, bai eta klasista ere, pobreei gertatzen zaienak interes txikiagoa baitu". Horiek horrela, etxegabeen egoera aztertu du, eta, jasotako datuen arabera, Iruñean bizi diren etxegabeen %11 emakumeak dira. "Gutxi dira, eta argi dago kalean bizitzea oso gogorra dela emakume edo gizona izanda. Emakumeek, baina, arazo gehiago dituzte: genero indarkeria, esaterako. Kutxa automatiko batean lo egitea ez da gauza bera gizona edo emakumea baldin bazara. Arrisku gehiago dituzte".

Azken hamar urteak ikertu ditu Damontik, eta hamarkada horretan krisiak gogor jo ditu emakume eta gizonen bizitzak. Langabeziari dagokionez, orain dela hamar urte desberdintasunak oso handiak ziren gizonen eta emakumeen artean Iruñean. Urtez urte gutxitu egin dira, eta egin diren ikerketa gehienek hala baieztatu dute. Analisiei genero ikuspegia falta izan zaiela dio Damontik, halere: "Krisiaren eragina emakume eta gizonengan aztertu denean, ardatza beti izan dira gizonezkoak. Hamar urtean, baina, gizonezkoen langabezia tasak inoiz ez du emakumeena gainditu, inoiz ez. Krisi garaietan eta krisi garaiak ez zirenetan, emakumeek beti izan dute gizonezkoek baino langabezia tasa altuagoa, eta inoiz ez da errealitatea modu horretan begiratu". Halaber, gizonen kasuan, langabeziari buruzkoak egoeraren araberakoak dira; emakumeen kasuan, berriz, desberdintasuna egiturazkoa da. "Krisiarekin eta gabe, emakumeak dira".

Langabezia saria jasotzen dute gizon gehiagok emakumeek baino. Baina urte hauetan guztietan emakume gehiago egon dira lan gabe. "Zergatik? Emakumeen ibilbidea lan merkatuan zatituagoa izan ohi da, eta askok ez dute langabezia saria jasotzeko eskubiderik. Bestalde, iraupen luzeko langabe gehienak emakumeak direnez, gehiago kostatzen zaie lan merkatuan berriro sartzea, eta laguntzak agortzen dituzte". Izan ere, egoera iraultzen da langabeziaren subsidioari erreparatuz gero. Emakumeen ehunekoa handiagoa da: "Horrek erakusten du haien egoera okerragoa dela, lan gabe daudelako eta denbora luzez".

Iruñeko Udalaren laguntzak jasotzen dituzten guraso bakarreko familietan %95 emakumeak dira. Pertsona bakarreko familietan, berriz, gizonak dira gehien jasotzen dituztenak. Horrez gain, zahar etxeak eta eguneko zentroak hizpide izan ditu Damontik. Erabiltzaileen %70 emakumeak dira. Arrazoi logikoa aurkitu du ikertzaileak, baina baita galdera bota ere: "Emakumeek bizi itxaropena handiago dute, eta datuak espero zirenak dira. Hala ere, aldatuko litzateke zahar etxeen esku hartzea gizonezkoak gehiengoa izanda?". Kasu horretan ere, genero ikuspegia txertatzea ezinbestekotzat jo du Damontik, adinean aurrera egin ahala emakumeek bestelako arazoak dituztelako.

Lana eta laguntzak ez ezik, hezkuntza ere ikertu du genero adituak. "Lanbide Heziketako 17 familia profesional daude Nafarroan, baina haietako lautan bakarrik dago orekatua gizonen eta emakumeen parte hartzea; hau da, emakume eta gizonen ikasle kopurua %40-%60 bitartekoa da". Feminizatutako eta maskulinizatutako ikasketak daudela erakusten du horrek, Damontiren aburuz.

Datuak faltan

Bada zerbait ikertzailearen arreta "bereziki" piztu duena. Ez du eskuratu denboraren erabilerari buruzko daturik, ez Iruñean ez eta Nafarroan ere. Eta uste du "ezinbestekoak" direla datu horiek, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen analisi sakona egin ahal izateko. "Zaintza lanak gehienbat emakumeei egokitzen zaizkie, eta, haurrak izanez gero, haien lan aukerak murriztu egiten dira. Emaitzak ondorioztatzen ahal ditugu, baina beharrezkoa dugu datu horiek biltzea, beti badagoelako norbait errealitate hori ezkutuan utzi nahian", adierazi du txostenaren egileak. Datuak biltzeko orduan genero ikuspegia txertatzea beharrezkoa dela berretsi du ikertzaileak. Ez du inolako zalantzarik emaitzak "argigarriak" izanen liratekeela.

Auzoan eta auzoarentzat

Auzoan eta auzoarentzat

Edurne Elizondo

Egun berezia izanen da bihar Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideentzat: ateak irekiko dituzte, Nabarreria karrikako Rozalejo jauregi barruan mamitzen ari diren proiektuen berri emateko. Joan den irailaren 3an okupatu zuten eraikina. Atontzen aritu dira geroztik. Hamaika kolektiboren etxe da jada. Gaztetxearen kudeaketarako batzordean, gainera, hogei pertsonak baino gehiagok egin dute bat. Asteartero egiten dute bilera, 17:00etan. Auzoan dira, auzoan lan egin nahi dutelako, eta auzoarentzat. "Auzo ereduan eragiteko; eraldatzeko", nabarmendu dute.

13:00etan irekiko ditu ateak gaztetxeak, bihar. Bisita eginen dute ordu horretan, han lanean ari diren kolektiboen berri jaso dezaten herritarrek. Ordubete inguruko ekinaldia izanen da, eta, amaieran, Alde Zaharreko gaztetxeak aurrerantzean izanen duen izena ezagutaraziko dute: "Pertsona baten izena hartuko du; pertsona horri omenaldia eginen diogu, hain zuzen ere", azaldu du gaztetxeko kide Izaskunek; bihar arte, ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan.

Gaur ere izanen da zer ikusi gaztetxean. Izan ere, Paradisu zinema aretoa inauguratuko du Nabarreriako eraikinak. Hamabost egunean behin, filmak bistaratuko dituzte gaztetxean, "auzo eta herri giro atseginean". Gaur, 18:00etakoa izanen da lehendabiziko emanaldia. Haurrei zuzendutako Kiriku eta sorgina ikusteko aukera izanen da; 20:30ean, berriz, aretoari izena eman dion filma: Paradisu zinema. Ostiralero bezala, gainera, afaria izanen da gaur ere, gaztetxean.

Bi urteko bidea

Alde Zaharreko gaztetxeak bide malkartsua egin behar izan du azken urteotan. 2015eko abenduan, Compañia karrikako eraikin bat okupatu zuten. Iruñeko Udalarekin negoziazio prozesua hasi zuten, eta, haren ondorioz, gaztetxea Caparrosoko txaletaren eraikinera aldatu zuten, 2016ko ekainean. Urrian inauguratu, baina berehala hustu behar izan zuten, "segurtasun arrazoiengatik". Udalak gaztetxean egindako obrak baliatu zituen gaztetxeko kideekin zuen kontratua bertan behera uzteko. Erakundeek dituzten "mugak" onartu dituzte gaztetxeko kideek. "Gizartea eraldatu nahi dugu guk", nabarmendu dute.

Irailetik da gaztetxea Nabarreriako jauregian. Duela hamar urte ere okupatu egin zuten eraikin hori. Bihar ateak irekiko ditu etxeak. Auzoan eta auzoarentzat.

“Familia eta lagunak indartzen nauten babesguneak dira”

“Familia eta lagunak indartzen nauten babesguneak dira”

Edurne Elizondo

Irribarrea berezkoa du Mikele Grandek (Uharte, 2000). Haur eta gazte transexualen errealitatea ikusgarri bilakatzeko egin duen lana aitortu dio Gazte sariak. Aniztasuna aldarrikatu du. "Ederra" baita. Etiketez harago, gizon edo emakume izateko hamaika gorputz badela nabarmendu du.

Zer da zuretzat sari hau?

Sekulako poza eman dit. Gainera, ezustean harrapatu nau, erabat. Etxera ailegatu, eta amak galdetu zidan ea norbaitek dei egin zidan. Baietz esan nion, baina institutuan nintzela, eta ezin izan nuela erantzun. Berriro deituko zutela esan zidan. Telefonoak jo zuenean, ama berehala etorri zen nire ondora. Deia hartu, eta sariaren berri eman zidaten. Sari hori existitzen zenik ere ez nekien! Nire izena proposatu izana sekulako oparia izan da. Ilusioz bete nau.

Azken bizpahiru urteotan hamaika hitzaldi egin duzu, eta hainbat hedabidetan agertu zara nor zaren azaltzen. Damutu zara, noizbait, jendaurrean agertzeko urratsa egin izanaz?

Ez naiz damutu. Egindako bidea biziki pozgarria izan da niretzat, eta gauza asko erakutsi dizkit. Ez, ez naiz damutzen. Egia da hasieran pentsatu nuela agian arriskutsua izaten ahal zela. Baina orain ziur naiz egin beharreko bidea egin izanaz. Argi dut oso ona dela jendearen aurrean hitz egitea eta besteen iritziak eta esperientziak jasotzea. Informazioa eta kezkak partekatzen ditugu.

Ekintzaile bilakatu zara?

Bai, neurri batean, bai.

Jendaurrean agertzeko eta hitz egiteko erabaki hori zein neurritan izan da kontzientea zuretzat?

Jendaurrean agertzeko ideia sortu zitzaidan dokumental bat ikusten ari nintzenean. Pentsatu nuen nik ere banuela zer esan, eta agertzen ahal nintzela besteen aurrera hitz egitera. Aitak esaten zidan txikiegia nintzela hori egiteko, baina dokumentalean agertzen zirenak ere umeak ziren! Orduan, Chrysallis elkarteak kanpaina egitea erabaki zuen, umeekin elkarrizketak egin nahi zituzten, eta nik 14 urte nituenez, baietz esan nuen. Horrela hasi nintzen, pentsatuz esateko dudana esan ahal izateko nituen aukerak aprobetxatu egin behar nituela.

Garrantzitsua da transexualitateaz zure esperientziatik abiatuta hitz egin ahal izatea?

Bai. Nik azaldu nahi nuen nik egindako bidea. Nik nire esperientzia azaltzen dut, eta nirea, egia esan, oso esperientzia normala izan da. Eta hori da nik zabaldu nahi dudan mezua, hain zuzen. Egia da askotan esperientzia txarrak eta gogorrak direla nagusi, baina nik erakutsi nahi dut badirela bestelako esperientziak, posible dela bizitza normala izatea. Uste dut poliki-poliki gauzak aldatzen ari direla.

Zuk familiaren, lagunen, eskolaren babesa izan duzu. Funtsezkoak izan dira?

Bai, oso garrantzitsuak. Niretzat, familia, lagunak eta gelako kideak babesguneak dira. Orain, adibidez, Barañaingo institutuan ari naiz, eszena arteetako batxilergoa ikasten. Zentrora ailegatu nintzenean, hainbatek esan zidaten ikusi zituztela nire elkarrizketak edo entzun zituztela nire hitzaldiak. Galderak egin zizkidaten, eta inolako arazorik ez nuen izan. Gustura egon naiz hasieratik. Uste dut horrela izan behar duela beti. Denok izan beharko genituzke halako babesguneak. Niri indarra eman didate beldurrik ez izateko.

Jende anitzek ezagutzen zaitu. Zer moduzkoa da esperientzia hori? Ez du alde txarrik?

Ez dut arazorik horrekin. Ez naiz hain ezaguna, gainera. Kalean jendeak zerbait galdetzen didanean, gustura hitz egiten dut haiekin. Gustuko dut hori, eta pozgarria iruditzen zait. Duela hainbat hilabete Madrilen izan nintzen Chrysallis elkartearen jardunaldi batean, eta han txikienak atzean nituen egun osoan. Oso polita izan zen niretzat.

Chrysallisen babesa ere inportantea izan da zuretzat?

Nik uste dut gisa horretako elkarteen lana oso garrantzitsua dela. Gero eta gehiago ari gara hitz egiten transexualitateari buruz, eta hori ona da. Ona da, batez ere, eskoletara joatea gaiaz hitz egitera, umeak hezteko, handitzen direnean inor bazter ez dezaten. Gure gizarteak, oraindik ere, transexualitatea arrarotzat hartzen du, eta ideia hori baztertu behar dugu, eskoletan lan eginez.

Zer iritzi duzu hedabideen lanaz? Mezu zuzena zabaltzen ari direla uste duzu?

Beti ez dute lan ona egiten, baina egia da, nire ustez, hedabideek zabaltzen duten mezua gero eta egokiagoa dela. Erreportaje onak ikusi ditut. Zenbaitetan, halere, gertatzen da jendeak hitz egiten duela jakin gabe. Gero eta gutxiago, zorionez.

Zure babesguneak aipatu dituzu. Inportantea da sare hori?

Bai. Lagunen rola nabarmendu nahiko nuke. Niri sekulako babesa ematen didate. Familia niretzat oso garrantzitsua da nire izaera definitzeko, baina eskolara joan behar nuenean, adibidez, han familia ez zegoen; arlo sozialean lagunak izan ditut ondoan. Urrea dira niretzat.

Ahalduntzea da kontua?

Bai. Halako babesa ez duen batek, adibidez, iraintzen badute, behera egin dezake, eta gaizki pasatu. Niri norbaitek zerbait esaten badit, argi dut tontolapiko bat besterik ez dela. Baina hori lortzen dut indarra ematen didatelako ondokoek. Berriz jaioko banintz, nik bide bera eginen nuke. Argi dut aniztasunak gizartea edertzen duela. Transexual hitzak errealitate bat ikusarazten du, baina egia da ez duela prozesua ongi adierazten. Ni neska bat naiz. Neska jaio nintzen, eta neska naiz.

“Sistemari eusten ari dira epaileak”

“Sistemari eusten ari dira epaileak”

Edurne Elizondo

Sexu indarkeriak jorratzeko jardunaldia hirugarrenez antolatu du Sarek, NUPen laguntzarekin. Iazko sanferminetako eraso matxistaren inguruko epaiketa aipatu dute hainbat parte hartzailek. Epaiketak "sistemak funtzionatzen" duela erakutsi duela uste du Montse Pineda Creacion Positiva taldeko kide eta indarkeria matxistan adituak (Bartzelona, 1970).

Sistema patriarkalari aurre egiteko moduez gogoeta egiteko beharra dago?

Uste dut badela ordua agerian uzteko asmo eraldatzailea ez dela oinarri talde feministetatik ere anitzetan zabaltzen diren diskurtsoetan. Oinarria edo ardatza izaten da egoera zehatzei erantzutea, edo horien aurrean nola jokatu erabakitzea. Alerta egoeran gaude gertatzen ari diren gauzak anitz eta larriak direlako, eta haiei erantzuten saiatzen ari gara. Baina bada ordua gogoeta egiteko, agerian uzteko eta jorratzeko zeintzuk diren landu behar ditugun ardatzak benetako aldaketa lortzeko. Atzean gelditzen ari garela uste dut. Ez dugu ahaztu behar politika patriarkalak duen eragina; argi izan behar dugu gurekin baduela horrek lotura, eta politika patriarkal horrek indarkeriak ulertzeko gure moduan ere baduela eragina.

Indarkeria horien naturalizazioaz ari zara?

Anitzetan aipatzen dugu naturalizazio hori tresna bat balitz bezala. Baina, berez, ideologia da. Izan ere, maskulinitate eta feminitate hegemonikoez ari garenean, horretaz ari gara, ari gara azaltzen naturaltzat jo eta onartu ditugula patriarkatuaren aginduak gizon edo emakumetzat hartzen ditugun horien eraikuntzan.

Hori da deseraiki behar ditugun kontuetako bat, hain zuzen. Ideologia patriarkal horren naturalizazio horrek erasoak ekartzen ditu, eta ekartzen du, halaber, ezerosotasuna. Finean, konturatzen gara gizon edo emakume izatea zer den finkatzen duen egitura horrek zer ikusteko gutxi duela gurekin. Kanpoko elementuekin du lotura. Hori agerian utzi behar dugu; gure autonomia mugatzen digutelako, eta gure autonomia gaitasuna mugatua delako, aldi berean, mundua ikusteko modu horren barruan dagoelako.

Ustez emakumeen eskubideak bermatu behar dituen sistema da patriarkatuari eusten diona. Nola egiten ahal zaio aurre egoera horri?

Legeek zigor kodeek diotena jasotzen dute, eta zigor kode horiek estatuen tresna bat dira ordena ezartzeko, azaltzeko zer dagoen ongi eta zer ez. Azaltzen dute, batez ere, gizarteak zer jasan dezakeen eta zer ez. Gizarte gisa jasan dezakeguna zehazten dute; ez, ordea, gizartean zer den onargarria benetan askatasuna eta autonomia garatzeko.

Nafarroako legeak izaera sexuala duen delitutzat jotzen du sexu indarkeria. Ez da hori bidea?

Erabat barneratua dugu hori, eta sexu indarkeriak ikuspuntu horretatik azaltzen ditugu. Ez gara gai dinamika hori hausteko, eta agerian uzteko autonomiarekin dutela lotura handia.

Uste dut botere egiturak jarri behar ditugula mahai gainean, batez ere. Hori da sistema patriarkalaren ardatza, boterea eta mendean hartzea.

Garrantzitsua da zapalkuntza ezberdinen arteko harremanak duen eraginari so egitea?

Bai. Eta ez hori bakarrik. Kontuan hartu behar dugu zer-nolako babesa dugun, zer-nolako baliabideak egoera zehatz bati aurre egiteko. Ez duzu bakarrik erasotzailea aurrean; aurrean duzu, halaber, babesten zaituela erran baina kontrakoa egiten duen sistema oso bat.

Sistemak bere horretan jarraitu nahi duelako?

Hori da. Indarkeriek oinarri dituzte naturalizazioa eta inpunitatea. Sexu indarkeriez hitz egiteak badu zentzua inpunitateaz hitz egiten ari garelako. Izan ere, gehienetan emakumeak babesteko eredu batez aritzen gara, ez, ordea, eraldaketarako eredu batez.

Iazko sanferminetako eraso matxistaren inguruko epaiketa da sistemaren funtzionatzeko moduaren adibide?

Epaileen eta hedabideen erantzuna behar zuena izaten ari da: sistema patriarkalari eusten ari dira. Beren funtzioa betetzen ari dira. Sistemak sekulako gaitasuna erakutsi du bere burua kontrolatzeko; aldi berean, hagitz garrantzitsua iruditzen zait mugimendu feministak eman duen erantzuna. Argi utzi du kontua ez dela bakarrik Iruñean egin duten epaiketa; auziak denoi eragiten digula erakutsi du. Egoera, nolabait, birpolitizatzen ari gara, eta hori positiboa da.

Ardura kazetariena ere bada, zure ustez?

Bai, neurri batean bai. Finean, kontua da zapalkuntzaren zein aldetan kokatu: zapaltzailearen edo zapalduaren alde.

GIBa duten emakumeekin ere egiten duzue lan. Nolako lana da?

Duela hamalau urte hasi ginen. Orduan, maitasun erromantikoa eta bortxa jotzen genituen indarkeria matxistaren oinarri. Elementu horiek dira indarkeria sufritzeko arriskua ekartzen digutenak, eta elementu horiek dira, halaber, GIBarekin kutsatzeko arriskua ekartzen digutenak.