Joxe Lacalle Uharte: “Kalean egon nahi nuen, langileekin eta borroka egiten zutenekin”

Joxe Lacalle Uharte: “Kalean egon nahi nuen, langileekin eta borroka egiten zutenekin”

Edurne Elizondo

"Zenbat min, zenbat oinaze dago liburu honetan!". Horixe erran du emakume batek, Joxe Lacalle Uharte (Etxauri, 1951) argazkilariaren Memorias de Lacalle lanaren aurkezpenean (Txalaparta, 2017). Egin, Egunkaria eta bertze hainbat mediotan aritu zen urte luzez Lacalle. Karrikan. "Borroka egiten zutenen ondoan". Bada mina, baina bada lana, duintasuna eta besta ere. Garai baten memoria osatu du argazkilariak.

Urte luzez egindako lanaren emaitza jaso duzu liburu batean. Zer da argitalpen hori zuretzat?

Aspaldiko ametsa egia bilakatzeko aukera eman dit. Beti izan dut nire argazkiekin liburua osatzeko ilusioa, eta azkenean lortu dut. Lan horren bidez badakit nire argazkiak jende askoren gogoan geldituko direla betiko, eta horrek poz handia ematen dit. Erretiroa hartu nuenean, liburu hau osatzea zen nire helburua. Bizi izandakoa gogoratzea garrantzitsua da; karriketan bizi izandakoak gogoratu behar ditugu, eta gazteek ere jakin behar dute aurretik zer gertatu zen.

Herrialdean urte luzez gertatu denaren lekuko dira zure argazkiak. Garai baten memoria?

Bai. Esaten ohi den bezala, hobe irudi bat mila hitz baino. 400 argazki baino gehiagoren bidez istorio asko kontatu nahi ditut nire liburuan. Izan dut aukera gustura azaltzeko esateko nuena, irudi horien bitartez. Nik nahi izan ditudan argazkiak sartu ditut; nik aukeratu ditut gaiak, argazkilari gisa ezagututako errealitate horien berri emateko: emakumeen borroka, Bardeako tiro eremua, intsumisioa, Itoitz, manifestazioak... hamaika gai daude.

400 argazki baino gehiago jaso dituzu, milaka irudiren artean. Denak gordetzen dituzu?

Bai. Dena gordetzen dut. Negatibo guztiak ditut. Egin itxi zutenean, nire artxiboa Iruñeko delegazioaren egoitzan zegoen. Lortu nuen berreskuratzea, abokatuaren bidez, legez argazkilarionak direlako negatiboak. Epailearen baimenarekin atera ahal izan nituen guztiak. Hamaika kutxa atera nituen handik. Oroitzen naiz joan ziren guardia zibiletako batek esan zidala gustura ikusiko zituela nire argazkiak afari bat eginez. Ezetz erantzun nion, noski, ez zituela ikusiko, eta are gutxiago afari batean.

Negatibo horien artean denbora anitz eman duzu liburua osatzeko?

Bai. Garbitu behar izan ditut denak lehendabizi, gainera, digitalizatzeko. Xanpuarekin! Etxea hankaz gora jarri dut. Komunean zintzilikatzen nituen negatiboak lehortzeko!

Beti egin duzu lan negatiboekin?

Bai. Egunkaria-n, azken garaian, negatiboentzako eskanerra erabiltzen nuen. Baina argazki-filmekin aritzen nintzen beti. Kamera digitala erosi nuen gero, halere.

Izan zenuen lehendabizikoa gogoratzen duzu?

Bai, noski. 1970eko hamarkadan, Nicolas Ardanaz izeneko argazkilaria aritzen zen Iruñean. Nire aitaren laguna zen, eta haren bidez hasi nintzen, 1972an. Nire lehendabiziko kamera Zenit markako kamera errusiar bat izan zen. Kamera horrekin hasi nintzen Ardanazekin. Gehiago ikasi nahi nuen, eta hasi nintzen posta bidezko ikastaro bat egiten. Halere, argi nuen ikasteko modurik onena argazkiak egitea eta errebelatzea izanen zela, eta hori egin nuen. Etxean aritzen nintzen. Lehendabiziko argazkiak bota behar izan nituen, oso txarrak zirelako!

Argazkilari bilakatu aurretik, hala ere, ostalaritzan aritu zinen, ezta?

Bai. Gurasoek taberna zuten Jarauta kalean. Lacalle taberna. Haiek laguntzen aritzen nintzen, eta, gero, ezkondu nintzenean, nik hartu nuen negozioa, 1974an. Gure taberna izan zen legeztatu zutenean ikurrina jartzen lehendabizikoa.

Zure liburuak garai horretako memoriak ere ekarri nahi ditu gogora. Nolakoa izan zen garai hori zuretzat?

Hamaika istorio gertatu zitzaizkigun han. 1978an, adibidez, Kristo Erregeren Gerrilariak etorri ziren. Emaztea haurdun zegoen. Atea hautsi, eta tabernan sartu ziren, borrekin eta pistolekin. Telefonoz ere hamaika mehatxu jaso genituen. Ez nituen serio hartu, baina 1979. urtean bonba jarri ziguten tabernan. Gizon bat sartu zen, bi ardo eskatu, eta edan gabe komunera sartu zen. Hasieratik susmo txarra hartu nion, are gehiago ordaindu eta gero bederatzi pezeta han utzi zituenean. Komunera joan, eta poltsa bat ikusi nuen. Zabaldu, eta kableak ikusi nituen. Taberna hustu nuen, eta Poliziari eman nion abisua. Artezilari batek hartu zuen poltsa, eta lehertu egin zitzaion ateratzen ari zenean.

Nork jarri zuen?

Accion Nacional Española izeneko taldeak aldarrikatu zuen erasoa. Hori zen Batallon Vasco Español taldeko adar bat. Egun hartakoak fresko ditut gogoan, baina, batez ere, auzoko lagunen erantzuna dut gogoan.

Haien babesa jaso zenuen?

Bai. Sekulakoa izan zen. Auzolanean aritu ziren denak lehergailuak eragindako kalteak konpontzeko behar genuen dirua lortzeko. Auzo Elkartea, beste tabernatakoak, bizilagunak... mundu guztia zegoen laguntzeko prest. Bi hilabetez itxi behar izan genuen taberna, baina denen artean konpondu ahal izan genuen.

Taberna utzi zenuen azkenean, halere, argazkigintzaren aldeko apustua egiteko.

Bai. Lehendabizi denda zabaldu genuen. Bataioak, ezkontzak eta gisakoak egiten nituen. Baina ez zuen luze iraun. Eta hasi nintzen prentsan lanean. Egin egunkaritik deia jaso nuen. Eta baiezkoa eman nion. Haiekin hasi nintzen 1988. urtean. Denda baino gehiago gustatzen zitzaidan niri prentsaren mundua. Egin itxi zutenean, Egunkaria-n hasi nintzen. Argia aldizkariarentzat ere egiten nituen kolaborazioak, besteak beste.

Hedabide horien eskutik, kalean egon zinen zure kamerarekin. Zer oroitzapen duzu?

Garai bizia izan zen hura. Ez zen beti samurra. Polizia atzetik izaten nuen beti. Ezagutzen ninduten, eta markatuta nengoen. Aldi berean, kaleetan ez nintzen inoiz bakarrik sentitu. Beti izan dut kaleko jendearen babesa. Eta nik hor egon nahi nuen, kalean, langileekin, manifestazioak egiten zituztenekin, borroka egiten zutenekin.

Argazkiren bat ba al duzu, bereziki, gogoan?

Badut bat gogoan, oso gogorra izan zelako niretzat, oso tristea. 1995. urtean istripua izan zen Tebas-Muru Artederretako harrobian. Bi langile hil ziren. Goiz osoa eman genuen han, noiz aterako zituzten zain. Eta unea ailegatu zenean, gorpuak atera zituztenean, haien aurpegiak ikusi ahal izan nituen. Oso gogorra izan zen niretzat. Argazkia, egin, egin nuen, baina ez nuen argitaratu nahi izan.

Kalean izan zinen lanean, bai eta erakundeetako korridoreetan ere. Nolako harremana zenuen agintariekin?

Miguel Sanzekin, adibidez, oso harreman ona. Prentsaurrekoak hasi aurretik, gobernuaren egoitzako pasabideetan, zigarreta erretzera ateratzen zen, eta , askotan, ondora deitzen ninduen. Harekin egoten nintzen zigarreta erretzen eta hizketan. UPNko kideekin beti izan dut harreman ona. PSNkoek, ordea, ez zidaten hitzik ere esaten. Gutxirekin izan dut harremana. Yolanda Barcinarekin ere izan nuen harremana. Behin, sanferminetan, udaletxe barruan nengoen argazkiak egiten. Zapirik gabe nintzen, oraindik ere, eta bera etorri zitzaidan lepoan bat jartzera. Oraindik gordeta daukat.

Zailagoa izan da harremana kazetariekin?

Nik uste dut kazetariek gutxiesten dutela, neurri batean, argazkilarion lana. Bigarren mailako elementu bilakatzen dute argazkia, askotan. Beste modu batera egin daitekeela uste dut. Argazkia gehiago hartu behar dela kontuan. Noski, lan egiteko moduak asko aldatu dira. Ni Egin-en edo Egunkaria-n aritzen nintzenean, argazkiak errebelatu eta autobusez bidaltzen genituen, 17:00etako autobusean! Korrika ibiltzen ginen beti.

Hedabide ezberdinetako argazkilarien arteko giroa nolakoa izan da?

Oso ona beti. Ni jada ez naiz lanean ari, baina Nafarroako Argazki Kazetarien Elkarteko presidente naiz, oraindik ere. Beste argazkilariek ez dute nahi alde egitea. Eta ni kontent!

Gogorra izan zen zuretzat argazkilari lana uztea?

Bai. Ni gustura nengoen. Egunkaria-n egondako denboraz, adibidez, oso oroitzapen onak ditut. Argazkigintza izan da beti nire ofizioa, eta nire afizioa ere bai. Saiatu nintzen jarraitzen, baina Egin egunkarian aritu izanak ate asko itxi zizkidan. Inoiz ez dut ezkutatu ezker abertzalekoa naizela, eta horrek izan du eragina.

Ostalaritzan hartu duzu erretiroa, azkenean. Jarraitzen duzu argazkiak egiten?

Bai, noski. Kamera ez dut inoiz utziko. Kamera digitalarekin aritzen naiz, baina bai eta analogikoarekin ere. Orain, adibidez, paisaiak egitea asko maite dut. Urtero joaten naiz Iratira. Aurten huts egin dut! Paisaia lantzen hasi naiz, adibidez, tripodea erabiltzen. Arraroa da, kalean beti ibili bainaiz kamera eskuan helduta. Oraindik ere maite dut, adibidez, Maiatzaren Leheneko edo Martxoaren 8ko protestetako argazkiak egitea. Ez dut ohitura hori galdu.

Durangoko Azokan izanen zara?

Bai. Abenduaren 6an eta 7an. Han izanen naiz nire argazkien istorioak entzun nahi dituen edozeinentzat.

Arrosadia, kalez kale

Arrosadia, kalez kale

Kattalin Barber

Genero rolen arabera, pertsonek hiria eta ingurua modu desberdinetan baliatzen dituzte. Hiri batean askotariko beharrak daude, baina ez dira talde guztien beharrizanak kontuan hartzen herri eta hirien diseinua egitean. Errealitate horri aurre egin nahi dio Iruñeko Urbanas kolektiboak, eta genero ikuspegia hirigintzan txertatzea ezinbestekotzat jo du. Hori agerian uzteko, Jane's walk izeneko ibilaldiak antolatu dituzte Iruñeko Arrosadian, "auzoa beste modu batera begiratzeko".

Hirigintza genero ikuspegitik lantzen dute Urbanas kolektiboko kideek, 1999tik. Joan den larunbatean, Jane Jacobs arkitekto, pentsalari eta hirigile soziala inspirazio hartuta, bi ibilaldi egin zituzten; eta bihar beste bi eginen dituzte. Kalez kale ibiliko dira paseoan, Jacobsen esentziari jarraikiz: hiria guztientzat izan dadin hiriaren sorkuntzan guztiek parte hartu behar dutela dioen ideia. Jane's walk ibilbideak ez dira berriak. Urtero, maiatzaren 5ean, ekinaldiak eta ibilaldiak egiten dira mundu osoan haren omenez, kalea topagune eta elkarbizitzarako esparru gisa aldarrikatzeko. "Gure helburua da auzoa modu desberdin batean ikustea, elkarbizitza oztopatzen duten xehetasun txikiak zalantzan jarriz, eta herritarrak sentsibilizatuz", azaldu dute kolektiboko kideek.

Joan den larunbatean bi ibilaldi egin zituzten, eta bihar berriro eskainiko dituzte: 11:00etan eta 17:00etan, Arrosadiko Alfredo Floristan plazatik abiatuta. "Emakumeek eta gizonek egiten dituzten jardueren arabera erabiltzen ditugu gure auzoak. Egun, emakumeen %70ek egiten dituzte etxeko lanak eta zaintza lanak. Hortaz, beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea hirigintzan. Herritik eta herritarrentzat proposatzen ditugu auzoak. Garrantzitsua da herritarren arteko lotura eta harreman komunitarioak izatea auzoetan, eta kale eta plazen erabileren gainean pentsatzea. Hiri eta auzoen diseinua ez da neutroa".

Datuak eman ditu Urbanas kolektiboak: 15.221 pertsona bizi dira Arrosadian. Eraikinen %43k ez dute igogailurik, eta etxebizitzen %61 ez dira irisgarriak. Zaharrak dira, gainera, eraikin gehienak: 50 urte baino gehiago dituzte etxebizitzen %73k. "Aniztasun handia dago Arrosadian, eta, era berean, konplexua da auzoa. Espazio publikoak daude, baina ez dute elkarbizitza sustatzen. Gehien harritu gaituena irisgarritasunaren arazoa da", azaldu dute.

Hain zuzen ere, Arrosadia biziberritzeko oinarri izan nahi duen plana garatzen ari da orain Iruñeko Udala, eta hori baliatuz erabaki dute Jane's walk ekinaldiaren lehen ibilbidea han egitea. "Ekarpenak eta proposamenak udalaren planean islatzea da asmoa, aberasgarriagoa izan dadin".

Auzoko kideen babesa

Ibilaldia aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa egin zaie Arrosadian bertan bizi direnen ekarpenak jasotzea. "Iruñeko auzo dinamikoenetarikoa da. Aberasgarritasun kultural handia dago, eta auzoaren alde egiten duten elkarte eta kolektibo asko". Horien guztien laguntza jaso dute Urbanas kolektiboko kideek ibilaldia garatzeko. Gune inklusiboak, bidegurutzeak, plazak, espazio irisgarriak eta ez irisgarriak kontuan hartu dituzte, besteak beste. Denera, hamabi geldialdiko bi orduko ibilbidea antolatu dute. Helburua hausnartzea eta iraganaren inguruan eztabaidatzea da, eta, era berean, auzoaren oraina eta etorkizuna ezagutzea, eta baita bere biztanleen kezkak jasotzea ere. Hirigintza sozialagoa aldarrikatu nahi dute.

Adierazgarria da auzoan zenbat merkataritza lokal huts dauden: Urbanas kolektiboko kideek adierazi dutenez, erabili gabe daude erdiak baino gehiago. Etxabeak, aldiz, ugaritu dira azken urteotan. 2007. urtean bihurtu zuten auzoko Isaac Albeniz oinezkoentzako kale. Auzokideek Arrosadiko Karlos III. etorbidea deitzen diote karrika horri. Arrosadikoak, halere, merkataritza du faltan.

Gelbentzu zinema izan zenaren eraikinaren paretik igaro da ibilaldia. 1963an ireki zuten, eta 1981ean, berriz, itxi. 2000. urtean antzoki bat hartzeko eraberritu zuten, baina hiru urte baino ez zuen iraun. "Zergatik ez da kultur arteko azoka bat egiten hemen?", bota du paseatzaile batek. Proposamenak ez dira falta bizilagunen artean, eta pozik agertu dira Urbanas kolektiboko kideak: "Joan den larunbateko ibilaldiek harrera ezin hobea izan zuten. Adin desberdinetako 50 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Ekarpen ugari jaso genituen geldialdi bakoitzean, eta bihar ere hala izatea espero dugu", azaldu dute.

Argi dute Urbanas kolektiboko kideek hirigintza plangintzetan ez direla emakumeak kontuan hartzen. Hori dela eta, beharrezkoak ikusten dituzte hirigintza prozesu parte hartzaile lotesleak, eta, era berean, herritarren sentsibilizazioa, genero ikuspegia zabaltzeko. "Adibidez, Genero Eraginaren Txostena egin behar da Madrilgo plangintza guztietan, eta oso interesgarria da. Hirigintzako profesional gehienek ez dute ikuspegi hau ezagutzen".

Auzo bat bizigarria izan dadin biztanle guztientzat pentsatu behar dutela gogorarazi dute Urbanas kolektiboko kideek. Jane Jacobs urbanistaren ideia garrantzitsu bat dute oinarri: kalea berreskuratu behar da ez bakarrik ibiltzeko espazio gisa, baizik eta eguneroko mugikortasunerako ere bai, era guztietako erabilerak eta pertsonak jaso eta nahasi ahal izateko.

Bidaia delako inportanteena

Bidaia delako inportanteena

I. Tubia - E. Elizondo

Ulises ekarri du gogora Ramon Contrerasek. Eta, hark bezala, bidaiaren garrantzia nabarmendu du. Nonbaitera ailegatzea baino inportanteagoa dela helmugara iristeko bidea, alegia. Horregatik, jakin arren epaileek ez dutela onartu Iruñeko Udalak frankismoaren krimenen aurka aurkeztutako kereila, "gizartearen kontzientzia pizteko eta herritarrak mobilizatzeko" tresna baliagarria izan daitekeela nabarmendu du. Badaki zertaz ari den, memoria historikoaren esparruan lanean ari den Bideko Mitxingorria taldeko kidea baita. "Oinarri soziala lortu behar dugu memoria horren alde, eta inpunitatearen aurka", erran du elkarteak antolatutako mahai inguruan.

Iruñean egin dute ekinaldia, "Frankismoaren inpunitatea zulatzeko" asmoarekin aurkeztutako kereilen inguruan. Bihar, hain zuzen ere, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako hiriburuan, udalak aurkeztutakoa ez onartzeko erabakiaren aurka. 13:00etan eginen dute protesta, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean.

Iruñeko Udalak zehaztu du helegitea aurkeztuko duela epaileen ebazpenaren kontra. Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere "tamalgarritzat" du epaileek kereila onartu ez izana. Erabaki horrek "biktimek egia ezagutzeko" duten eskubidea bermatzeko bidea oztopatzen duela salatu du kontseilariak.

Iruñea izan zen frankismoaren krimenen aurkako kereila aurkeztu zuen lehendabiziko hiria. Ekinaldi horren oinarrian herri mugimenduen, erakundeen eta unibertsitatearen arteko elkarlana dagoela nabarmendu du Fernando Mendiola historialariak. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, bai eta Memoriaren Autobusa elkarteko kidea ere, bertzeak bertze. Udalak, hain zuzen ere, NUPeko adituengana jo zuen kereila aurkezteko ikerketa egiteko laguntza bila. Hiriko agintariek agerian utzi dute, hala ere, gizarte mugimenduetatik auziari eman zaion bultzada "funtsezkoa"izan dela haientzat. "Memoriaren esparruan ari diren taldeen eskutik jaso dugu bidean urratsak egiten jarraitzeko lekukoa", azaldu du Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko zinegotziak, Bideko Mitxingorriak antolatutako mahai inguruan.

Testigantzak

Herritarren, udalaren eta adituen arteko elkarlanaren bertze adibide bat da 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero izan zen errepresioari buruzko testigantzak jasotzeko bulegoa martxan jartzeko ekinaldia. Herritar anitzek egin dute bulego horretara joateko urratsa, beren senideek edo haiek sufritutakoaren berri ematera. "Iruñeko Udalak kereila aurkeztu zuenean, epaitegi batean onar zitezkeen ehun elkarrizketa baino gehiago bagenituen grabatuta", azaldu du Mendiolak. Zehaztu du 1970eko eta 1980ko hamarkadetan errepresioa jasan zuten hainbat pertsonak ere jo zutela udalaren bulegora. "Interesgarria izan da horren berri ere jasotzea", erantsi du.

Hitz egiteko urratsa egitea ez da erraza izan herritar anitzentzat. Izan ere, urte luzez isiltasuna izan da nagusi frankismoaren garaiko errepresioaren inguruan. Memoria lantzeko taldeek lan handia egin dute esparru horretan ere. "Kereila bat aurkezteko testigantzak jaso behar dira, agiriak erakutsi, lekukoak... Jendea konbentzitu behar dugu urratsa egin dezaten, eta prozesuan lagundu behar ditugu, une oro", azaldu du Contrerasek.

Eta prozesua ez da erraza; ez da atsegina. Izan ere, agerian gelditzen ari da justiziaren jarrera zein den. Horixe nabarmendu du Contrerasek: "Gertatu zena ukatzen ari dira". Horregatik, helburu nagusitzat jo du egun dagoen inpunitatearen aurka lan egitea. Udalek edo herritarrek aurkeztutako kereilek epaitegietan bide motza egiten badute ere, karrikan, eta herritarren artean, gertatu zenaren bozgorailu izan behar dutela argi du Bideko Mitxingorria elkarteko kideak.

Iruñeko Udalak ez du amore eman nahi, eta "ahalik eta urrutien" ailegatu nahi duela argi utzi du Joxe Abaurrea zinegotziak. "Aurrera egin nahi dugu bidean, eta Europara ailegatu, giza eskubideen epaitegira", nabarmendu du.

Iruñeko Udalak aurkeztutako kereilarekin bat egin zuten hainbat herritarrek, Abaurreak gogoratu duenez, eta haien bidez ere auziak urratsak egiten jarraitzeko aukera badela erantsi du zinegotziak. "Udala aldatuko balitz, eta prozesuarekin ez jarraitzea erabakiko balu ere, kereilak aurrera segitzeko aukera izanen luke", zehaztu du. Inpunitatearen harresia zulatzea da helburua.

Aurrera

Lur Albizu Etxetxipia
Txarrenari onena atera diozu. Zaurietan musu, ezerezean zu. Minari aurpegia, gezurrari egia. Aurrera Altsasu!".Ez gara ohitu zuek gabe bizitzera. Ez gara ohitu bata bestearen atzetik berri txarrak jasotzera (zenbat kolpe izan dira...

“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”

“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”

E. Elizondo

Euskalgintzak euskararen plan gidaria moldatzeko eskatu die Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta gobernuari. NUPek hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik (Arbizu, 1962).

Zaharrak berri NUPen?

Bai; zaharrak berri irakaskuntzan. Gure plataformak jorratu du haur eskolen gaia Iruñerrian, eta orain bat egin dugu, berriz ere, NUPen dagoen egoera salatzeko. Agerian gelditzen da zailtasunak badirela. Hamar urte joan dira azken plana egin zenetik, eta berriak zerbait ekarriko zuen esperantza bazen. Baina eskas gelditzen da.

Alfonso Karlosena errektorearen eskutik egoerak hobera eginen zuela espero zenuten?

Bai. Plana eginen zutela iragartzea egokitzat jo genuen. Gertatu dena da ezagutu eta gero konturatu garela gabeziak badituela. Larriena da ez duela gradu oso bat euskaraz eskaintzeko apusturik egiten. NUPek 30 urte bete ditu; bi gradu baino ez ditu eskaintzen euskaraz, baina horiek ez dira unibertsitate horrek sortutakoak, lehenagotik baitzeuden. Beraz, 30 urtean ez dute euskarazko graduen aldeko urratsik egin. Bagenuen esperantza orain, baina zapuztu egin da. Hori da gabezia nagusia.

Karlosenak erran du ez dutela gradurik euskaraz eskaintzeko asmorik, bideragarria ez delako. Zer deritzozu?

Bideragarria ez da izanen horren aldeko apustua egiten ez duten bitartean. Planaren sarreran aipatzen da unibertsitatea estrategikoa dela euskararentzat nahi dugun paradigma berriaren eraikuntzan. Baina helburu zehatzen arloan aipatzen du unibertsitateari ez dagokiola helburu estrategiko berriak zehaztea. 30 urtean jendartea aldatu da; duela hainbat urte, sei ikasletik bat bazen euskalduna; gaur egun, hirutik bat bada.

Bideragarritasuna aipatzen du Karlosenak. Eskubideen diskurtsorik ez da NUPen?

Eskubideak ez dira aipatzen. Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren arabera, ordea, Nafarroako Gobernuak ditu hezkuntzaren arloko eskumenak, eta hari dagokio, beraz, itun horretan jasotakoak betearaztea. Eta jasota dago hizkuntza unibertsitatean ezartzeko konpromisoa. Espainiako Gobernuak bat egin zuen eta berretsi zuen itun hori. Beraz, bete beharko luke eskumena duenak.

Gobernuak ere huts egin du NUPen?

Irakaskuntza publikoaz ari gara. Unibertsitatea aparteko erakunde bat dela badakit, baina gobernuak ezartzen eta arautzen ditu han eskaintzen diren zerbitzuak. Baliabide publikoak dira.

Salatu duzue planarekin ez dutela behar den diagnostikoa egin, helbururik ez dutela ezarri.

Hala da. Ez dago helbururik, ezta eperik ere. Plana irakurrita, ematen du euskararen tokia sinbolikoa dela NUPen. Bat-batekotasuna sumatzen da. Ematen du euskarazko eskaintza dela egun dauden baliabideen araberakoa. Harago joateko asmorik ez da.

Erizaintzako ikasketen adibidea nabarmendu duzue; ikasleen erdiak euskaldunak dira, baina ez dute euskaraz ikasteko aukera.

Hala da. Kontuan hartu behar dugu erizainak herritarrak artatzen ariko direla gero. Profesional euskaldunik ez dagoela esaten dugu. Sare publikoan bada profesional horiek prestatzeko aukera, baina ez dugu baliatzen.

Plana moldatzeko eskatu diozue NUPi. Bilerarik egin duzue?

Eskatu zen, plana osatzen ari zirenean. Ez zen egin. Plana abuztuan aurkeztu zuten. Abenduan aurkeztuko dugu NUPen euskara bultzatzeko dinamika. Lanean jarraitu behar dugu.

Hazten jarraitzeko arnasa

Hazten jarraitzeko arnasa

Kattalin Barber

Batzuek lantoki dute Jazar; beste batzuek, berriz, aisialdirako toki. Guztiak sortzaileak dira, eta guztiak proiektu kolektibo baten kide dira. Sorkuntza eta kultura zentro autogestionatua da Jazar, eta Iruñeko Etxabakoitz auzoan dago, garai batean Jaso ikastolak hartzen zuen eraikinean. Gaur, Jazarrek ateak zabalduko ditu, bazkide berriak erakartzeko, eta proiektua bizilagunen artean ezagutzera emateko.

Orain dela lau urte jarri zen martxan Jazar. Espazio horretan bat egin zuen sortzaile talde batek, eta han jarraitzen du, etxea alokatuta. Itxaso Iturrioz Jazar espazioko kidea da: "Gutxika-gutxika nabaritu dugu hasieratik egon garen bazkideon energiak behera egin duela, eta horrelako proiektu batek bizirik eusteko beharrezkoa du aire berria izatea, biziberritzea". Horregatik, bazkide berrien bila ari dira.

70 bazkide inguru daude egun Jazar zentro autogestionatuan, askotariko proiektuetan. Besteak beste, inprimatze eta brikolaje tailerra, argazkilaritza plato eta laborategia, informatika gela, arte eszenikoetarako espazioa eta ehungintzarako tailerra biltzen ditu eraikinak.

Lana eta aisialdia

Dozenaka sortzailek bat egiten dute han. Iturrioz, beste bi kiderekin batera, Orekari arkitektura estudioan aritzen da. Jazar da haien lantokia: "Gu egunero etortzen gara hona lanera, baina Jazar erabiltzeko hamaika modu daude". Iruñeko espazio autogestionatuak eman zien elkarrekin lan egiteko aukera Orekariko kideei. Beraiek bezala, hainbat informatikari, txalapartari eta diseinatzaile grafikok dute Jazar lantoki. Beste askok, ordea, aisialdirako eta zaletasunetarako erabiltzen dute Etxabakoizko sormen espazioa. "Sortzaileak gara hemen gaudenak, eta egiten duguna partekatzeko nahia dugu; proiektu kolektiboen zale sutsuak gara, gainera", esan du Iturriozek.

Finean, kulturarekin eta sormenarekin dute lotura han elkartu diren guztiek: margolariak, arkitektoak, musikariak, altzari zaharberritzaileak, zinemagintzan arituak, diseinatzaileak, dantzariak, antzerkilariak eta abar.

"Proiektua martxan jarri genuenetik aritu gara barrura begira, Jazar ongi kudeatzen ikasi behar izan dugulako, eta, nolabait, esan daiteke ez dugula gure jarduera garatu kanpora begira". Gogoan ditu Iturriozek sormen espazioaren lehendabiziko urteak. "Hasiberriak ginen, eta egin beharrekoaz gauza asko ez genekien, proiektu sozialetan eta kolektibotan esperientzia izan arren. Oso zaila izan da, eta, era berean, oso polita. Gauza askorekin egin ditugu saiakerak, eta funtzionatu ez duena aldatu dugu. Orain, jendeak gurekin bat egitea nahi dugu".

Ez da bide erraza izan, baina era autogestionatuan oinarritutako egitasmoek funtzionatzen dutela erakusten ari dira. "Izan ditugun arazo eta oztopo guztiekin, aurrera egin du Jazarrek; hemen gaude, eta ez da gutxi", nabarmendu du.

Hainbat jarduera egiten dituzte Jazarren. Astero, kontakt eskolak, zeramika tailer irekia, txalaparta ikastaroa eta aireko yoga eskaintzen dute zentroan. Joan den asteburuan, adibidez, Kokoro catering begano eta ekologikoak udazkeneko sukaldaritzari buruzko tailer bat egin zuen. Hitzaldiak, zine foroak, kontzertuak eta azokak ere antolatu izan dituzte.

Pumpk autoedizio topaketa, halaber, urteroko hitzordua da Jazar espazioko kideentzat: sortzaile eta editore txikien arteko topagunea. "Aipatu beharrekoa da gutxitan ikusten dugula Jazar bezalako erabateko proiektu autogestionatua. Normalean, erakundeen laguntzak izaten dituzte, baina ez da hori gure kasua". Erakundeen esku hartzerik gabe, autogestioa eta batzarrean hartutako erabakiak dituzte oinarri Jazar espazioan.

Kuotak eta lan taldeak

Urte hauetan guztietan Jazarrek bere txokoa egin du Iruñean, eta ezaguna da hainbat girotan. "Ezaguna da, baina ez dakit erabat ireki den. Ez dakit jendea libreki hona etortzen den edo badakiten bazkide egin daitezkeela eta haien proiektua hemen gara dezaketela", dio Iturriozek. Izan ere, edonori eta edozein proiekturi ongietorria eman nahi diote.

Bazkide guztiek erabili ahal dituzten espazio komunak daude egoitzan, baina badago, halaber, txoko propio bat alokatu eta proiektua han garatzeko aukera. Erabiltzaile bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilero, eta, horri lotuta, betebehar batzuk ditu. Lantalde batean parte hartu behar du, adibidez. Egun, komunikazio, administrazio, mantentze eta garbiketa lantaldeak daude. "Erabaki guztiak astero egiten dugun batzarrean hartzen ditugu, baina edozein proiektu jasotzeko prest gara. Proiektua aurrera eramateko Jazarrek ez du oztoporik jarriko, baina proposatzen duenak izan behar du bultzatzailea".

Sormena eta autogestioa dira Jazarreko kideen oinarria. Proiektuarekin bat egin nahi duten pertsona gehiagoren bila ari dira espazioko kideak. Indarberritu nahi dute, zabaldu, garatzen jarraitu ahal izateko. Bidean urratsak egiten segitu ahal izateko. Gaur izanen dute nahi dutenek Jazar barrutik eta gertutik ezagutzeko aukera.

Ordaintzen ez jarraitzeko

Ordaintzen ez jarraitzeko

Edurne Elizondo

Negozio biribila. Horixe dago Elizak egindako immatrikulazioen atzean, Ondarearen Defentsarako Plataformak salatu duenez. "Gobernuak ordaindu, eta Elizak jaso" egiten duelako. Iruñeko katedralaren adibidea jarri du elkarteak mahai gainean, eta, salatzeko, elkarretaratzea eginen du bihar, 12:00etan, eraikin horren aurrean.

Nafarroan, 1998tik 2007ra, ia 1.100 eraikin erregistratu ditu Elizak bere izenean. 2007. urteko urtarrilaren 23an immatrikulatu zuen Iruñeko katedrala. Iruñeko Artzapezpikutzak 25 euro ordaindu zituen eraikinaren truke, urte hartan. Azken urteotan, ordea, Nafarroako Gobernuak hartu du katedralean egin behar izan dituzten obren ardura, eta zazpi milioi euro ordaindu ditu, plataformak salatu duenez. Iaztik, adibidez, katedraleko klaustroa ari dira berritzen.

"Negozioak" badu bertze atalik, gainera, eraikin horretan sartzeko sarrera kobratzen baitu Elizak. "Ez genuke ordaindu behar, ordea, nahikoa pagatu dugulako jada: ez dugu ahaztu behar gobernuarena denon dirua dela", erran du plataformako presidente Carlos Armendarizek.

Plataformak gogoratu du, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuak ebazpena onartu zuela iaz, Elizak beretzat hartutako eraikinen inguruan. Onartutako testuak dio parlamentuak gobernuari eskatzen diola azter dezala Elizak immatrikulatutako ondarea zaintzeko eta kontserbatzeko bere politika; helburua da lanak ordaintzeko kontuan hartzea lanek eragindako herrien interesak eta ondarearen segurtasuna.

Sanzoilo, hondatuta

Tuterako katedralean ere "diru publiko anitz" gastatu dela azaldu du Armendarizek. Bitartean, ordea, Elizak bere esku hartu ez dituen bertze hamaika eraikin "galtzeko zorian" direla salatu du plataformako kideak. Casedako Sanzoilo baseliza jarri du adibide. "Eraikin ederra da, baina galtzeko arriskuan dago. Herriarena da eliza".

Uxueko baselizaren kasua bertzelakoa da. "Eraikina konpontzeko lanak gobernuak ordaindu ditu; giltza, ordea, Elizaren esku dago". Egoera hori salatu du Armendarizek: "Ezin dugu onartu lanak gobernuak ordaintzea, eta Elizak kudeatzea eraikin horiek nork eta nola bisitatzen dituen. Haiek dute giltza, eta, nahi ez badute, gu ezin gara han sartu", nabarmendu du Ondarearen Defentsarako Plataformako presidenteak.

Ezkertiarra eta puteroa

Tania Arriaga Azkarate

Etxera ailegatzeko parke berri batetik pasatzen gara, Bilbon. Txakurtxoak eta haien jabeak izaten dira goizetik eta gauera arte eta, haiei esker ere, inguru hori emakumeentzat segurua dela esan daiteke. Larunbatean, bazkarirako erosketak egin ondoren, parkeko plazaren banku batean 18 urte izanen ez zituen neska afrikarra negarrez ikusi genuen, bakarrik eta etsita. Ea lagun genezakeen galdetuta, entzungor egin zuenez, aurrera segitu genuen. Negarrak eta aieneak hogei metrora aditzen zirenez, buelta eman eta berriz berarengana hurbildu ginen. Gabriela, hori da bere izena, behin eta berriro, "qué vergüenza, qué vergüenza", "miedo, miedo" eta horrelakoak errepikatzen ari zen. Gizon ezagun bat ere inguratu zitzaigun, hamar minutu lehenago parkean neska gerritik gora biluzik ikusi zuela esanez.

Pixkatxo bat lasaitzean Nigeriatik bera bakarrik etorri, emakume batekin bizi eta orain jarraika zuen izpiritu gizon batek bera hilko zuela esan zigun. Egoerak ez zuen irtenbiderik haren ustez. Ertzaintzari deitzea onartu eta hogei minutura bi gizon euskaldun eta sentsible etorri ziren laguntzera. Anbulantziari hots egin zioten eta ordu erdira bi erizain emakumerekin ailegatu zen. Gabriela goxoki hartu eta anbulantziara sartu zutenean, etxera joan ginen. Parkeko lagun batek esan zigun neskatoak anbulantzian hamabost minutu besterik ez zituela eman eta, bere sandaliatxoekin, hoztuta, aldapan gora joaten ikusi zuela. Mundu erdia zeharkatu, gure auzora iritsi soilik mina topatzeko. Lotsa gurea.

Urtarrilean, Bilbora Nigeriako emakume gazteak ekartzen zituen prostituzio sarea desegin zuen poliziak; bederatzi pertsona atxilotuak izan ziren, gehienak nigeriarrak ere. Poliziaren iturrien arabera, atxilotuek budua erabiltzen zuten gazteak beldurtu eta xantaia egiteko. Ekainean, zortzi lagun harrapatu zituzten Iruñean. Antza, negozio ziurra eta errentagarria da nigeriar gazteak gurera ekarri, lotu eta prostituitzea. Emakume gazte hauek kapitalismo basatiaren eta patriarkatuaren preso politikoak dira. Kontua da haien espetxea gure eraikin berean egon daitekeela. Bahituak, erotu arte esplotatuak, estorsionatuak, gaizki tratatuak, bortxatuak, hormigoiaren beste aldean hamaika emakume gazte preso ditugu. Puteroak kartzelazain torturatzaileak dira, egitura ustelaz baliatzen dira botere grina asetzeko. Munstro zikinek urrutiko andre gazte langileak esklabo erabiltzen dituzte; ez da aitzakiarik.

Inolako kontzientzia sozialik ez duenak horrelakoak egitea ez nau harritzen. Gizon ezkertiarrak direla esan eta kartzelero matxistak izateko dirua ordaintzen duten horiek ezin ditut irentsi. Egoera honek baldintza politiko eta ekonomikoei erantzuten dienez, Gabriela laguntzeko eta mendekatu nahian, giza eskubideetan sinistu eta haien alde lan egiten duten Euskal Herriko erakunde ezkertiarrei dei egin nahi diet. Entzun: zuen kideen artean puteroak baldin badituzue, lehenbailehen kaleratzeko eskatu nahi dizuet. Gisa horretako inkoherentziak jasan ezina beharko luke izan gizarte justu baten alde lan egiten duen ororentzat.

“Goikoetxea ez zen gizon laua, eta islatzen da haren musikan”

“Goikoetxea ez zen gizon laua, eta islatzen da haren musikan”

Edurne Elizondo

Uztailean hil zen Jose Mari Goikoetxea, 1924. urtean Beran jaiotako musikagilea. Iruñeko Ganbera Abesbatzako zuzendari David Galvezek (Valentzia, 1974) osatu eta berregin du konpositoreak 1958an idatzitako meza. Goikoetxeak "lengoaia propioa" zuela nabarmendu du.

Nolako lana da Goikoetxearena?

Hagitz lan pertsonala egiten zuen. Berezko lengoaia zuen, berezko mundua. Sortzaile handia izan zen, eta nortasun musikal nabarmena zuen. Miresteko moduko pertsona iruditzen zait, argi baitzuen sortzaile eta musikagile izan nahi zuela, eta abangoardian egon nahi zuela, apaiza izan arren. Ordenak ez zizkion gauzak erraztu, baina ausart jokatu zuen Goikoetxeak, eta Darmstadt hirira joan zen, Alemaniara, hura baitzen Europan musikagile izan nahi zuten guztien helmuga. Argi zuen zer nahi zuen, eta buru-belarri saiatu zen. Musikan igartzen da jarrera hori; hagitz lan pertsonalak dira Goikoetxearenak.

Zailak abesteko?

Hagitz zailak. Finean, Goikoetxearen pentsamendua dago haren musikan. Ez zen batere gizon laua, eta hori egin zuen musikan islatzen da. Labirinto baten modukoa da, Goikoetxea bera halakoa zelako: kontraesanez betetako mundu batean bizi zen; Elizarekin lotutakoak zituen, batetik, eta musikaren abangoardiaren esparrua, bertzetik.

Jaso du merezi duen aitortza?

Uste dut anitzek ezagutzen dutela Goikoetxea, baina gutxik ezagutzen dutela ongi egin zuen lana. Batetik, musika zaila da Goikoetxearena. Bertzetik, egia da ez zituela bere lanen edizioak ongi zaintzen. Partitura anitz ditu bukatu gabe, edo oharrez beteta. Horrek guztiak zaildu egiten du lan horien zabaltzea. Beraz, uste dut ez duela erabateko aitortza jaso. Jendeak miresten du Goikoetxea, baina benetan ez dugu ongi ezagutzen haren musika. Argi dut ahalegina egin beharko genukeela Goikoetxearen lanetan sakontzeko eta ikertzeko. Sortzaile baten pentsamendua gordetzen dute Goikoetxearen obrek. Lan teknikoaz harago, sortzailearen pentsamendu estetikoa jorratzea hagitz interesgarria litzateke.

Zu aritu zara Goikoetxearen lanak jorratzen. Nolakoa izan da esperientzia?

Nekagarria, egia erran, hagitz musika zaila delako Goikoetxearena. Aldi berean, esperientzia zoragarria izan da, lan horietan murgiltzea Goikoetxearen burmuinean murgiltzea baita; burmuin konplexua da, zalantzarik gabe. Abentura bat da.

Goikoetxearen meza osatu eta berregin duzu, zehazki. Nolako lana da?

Bertze lanek baino lengoaia atseginagoa du. Goikoetxeak 1958an egin zuen lan hori, meza baterako; zehazki, anaia apaiz bilakatzeko elizkizunerako. Idatzita dago abesbatzak eta kongregazioak organoarekin abesteko. Entzuteko musika atsegina da, baina zaila abesteko. Lan hori Alemaniara joan aurretik egin zuen, abangoardiarekin bat egin aurretik, baina, hala eta guztiz ere, badu Goikoetxearen berezko kutsu hori. Obra ederra da, eta jendeari gustatu zaiola uste dut. Halere, partitura hartu nuenean lanean hasteko, desordena nagusi zela konturatu nintzen. Harilkatu gabeko lana aurkitu nuen; zenbait zati falta zituen lan bat. Ondorioz, ezin izan dut osorik berregin, materiala falta nuelako. Maiatzean, bertzalde, Goikoetxearen bertze bi lan estreinatuko ditugu.

Anitz zor dio Nafarroako musika koralak Goikoetxeri?

Ordaindu diona baino anitzez ere gehiago zor dio Nafarroak Goikoetxeari. Lan handia egin zuen, adibidez, haurren abesbatzak sortzeko. Guk gurean sortu dugu haurren talde bat; 70 haur ari dira lanean; haiek dira etorkizuna. Haiek dira abesbatzen etorkizuna, eta haiek dira, halaber, etorkizuneko publikoa. Goikoetxeak ezin ordain dezakegun lana egin zuen haurrengan zaletasuna bultzatzeko, baina, zoritxarrez, bide hori bertan behera gelditu zen. Apaiz lanak zaildu zion esparru horretan sakontzea. Gure abesbatzan, adibidez, izan ditugu Goikoetxearen ikasle izandako anitz: Raquel Andueza, Javier Ekai edo Carlos Gorritxo. Haur abeslariak izan dira horiek denak, eta haiei esker aurrera egin du abesbatzen tradizioak.

Ia bost urte egin dituzu hemen. Nola ikusten duzu musika koralaren oraina Nafarroan?

Batetik, hemen gauza hagitz on bat dago, nire ustez: tradizioa. Jendeak abestea maite du hemen. Anitz abesten du. Abesbatza onak badira. Bertzetik, iruditzen zait elkarlana falta dela egun martxan diren taldeen artean. Badira elkarrekin aritzeko ahaleginak, baina zaila da ahalegin horiek ekintza zehatzetan gauzatzea. Horrek ekartzen du abesbatzen esparrua nahi bezainbertze ezin garatzea. Nork bere lana egiten du pentsatuz berea dela onena. Nafarroa herrialde txikia da, eta elkarrekin aritzeak on eginen liguke denoi. Pena da batasun gehiago ez izatea. Aurrera egiteko beharrezkoa dela argi dut nik.

Kantatzeko ez ezik, musika entzuteko ohitura ere badela uste duzu, badela abesbatzek behar duten publikoa?

Bai. Abesbatzen lanak badu funtzio sozial bat, gainera. Jende anitz mugitzen da abesbatzen inguruan. Noski, nor bere esparruan ari da. Guk gure publikoa dugu, eta Leitzako abesbatzak, adibidez, berea.