Kutsatzen duten tiroak

Kutsatzen duten tiroak

Edurne Elizondo
Aiegiko Tiro Eremurik Ez plataformako kideek ez dute amore eman nahi, eta Ebroko Ur Konfederazioaren aurrean salatu dute herriko azpiegitura hori. Sustrai Erakuntza eta Uraren Kultura Berria fundazioek babesa eman diote plataformari, et...

Iritzia: Odol usaina, berri kiratsa

Saioa Alkaiza

Aurrekari penalik gabeko beste bikote heterosexual bat baino ez zen. Jende normala. Orain bat hilda dago, asfixiatuta hil baitzuen besteak, gero, besotan hartu eta ibaira botatzeko, manta batean bilduta. Beste emakume bat, gizon batek eraila. Beste bat, emakumezko preso baten bikotekideak bien haurra labankadaz larri zauritu duela jakin ostean; beste bat, haren alaba bortxatu eta haurdun utzi duen kasuaren aste berean; beste bat, kontaketa ofizialetan sartu ezin diren ezkutuko biolentzia horien guztien artean; beste bat, salaketarik jarri ezin duen migratzailearen kasua ahantzita; beste bat, heteropatriarkatuaren justizia sistemak errugabetzat hartu dituenen testuinguruan; beste bat. Oso normala, dena.

Eta egunkariek ohiko normaltasunez titulatu dute notizia, bien argazki eta guzti: selfie bat, irribarretsu gainera. Bien bikote argazki eta guzti. Gutxi balitz, ingurukoekin hitz egin dute, "gertukoak eta lagunak" deitu diete, eta gustatuko litzaidake jakitea iturri ezin fidagarriago hori nortzuk diren; izan ere, ongi baitakigu denok 4. solairuko bizilaguna aditua dela indarkeria matxistaren trataeran eta etxepeko okina engaiatu dela borroka feministarekin. Zalantzarik ez da iturri hoberik ez zela.

Zeren eta, zergatik ez jorratu berri bat horrela? Akaso, hildakoa errespetuz eta indarkeria matxistaren inguruko berriak ganoraz lantzea da bisita kopurua baino garrantzitsuagoa? Egia batek ez diezazula lerroburu on bat izorra, eta sentsazionalismo merkeak ez diezazkizula klik batzuk galaraz.

Jakin ditut jakin nahi ez nituen gauza gehiegi: badakit turismoa gustatzen zitzaiela eta "normaltasunez eta zuzentasunez" bizi zirela, auskalozeinen iritziz. Interesatzen ez bazait ere, enteratu naiz nongoa den bakoitzaren familia —horrek zerbait aldatuko balu bezala—, eta badakit baten senide batek non egiten duen lan, baita gurasoak zertan aritzen diren ere. Ez hori bakarrik: bitako bakoitzak zein ofizio zuen behin baino gehiagotan irakurri dut.

"Gertuko pertsonak" dira artikuluetako baten mami emaileak, eta "alaia, bidaiaria eta independentea" zela diote, horrek dena aldatzen duelako, bai noski, heteropatriarkatuaren egiturak desegin egiten direlako alaia izanda. Indarkeria sexistaren kontrako perspektiba garatzeko ezin beharrezkoagoa baita bidaiari zela jakitea. Ez dakit nola ez garen konturatu orain arte.

"Ongi ikusten genituen", esan du erudituren batek, artikuluan. "Ostegunean ikusi nituen azkenik, pintxo bat jaten. Pozik zeuden, bikote zuzena ziren, normala", adierazi du genero ikuspegi zorrotzez beste batek. Eta gustatuko litzaidake ordenagailu aurrean eseri den pertsona horrekin parez pare egotea eta galdetzea ea zer sentitzen den, ea zer barrundatzen den odol usainaren atzean grabagailua eskuetan joaterakoan, zein morbo klasek zeharkatzen dizkizun zainak eraildako emakume baten portal paretik pasa eta inguruko tabernan barran dauden txikiteroei "nolakoa zen?" galdetzerakoan. Batez ere, jakin nahi nuke lo lasai egin daitekeen zauria gatzez ongarrituta.

Ospitaletik kanpo, babesgabe

Ospitaletik kanpo, babesgabe

Edurne Elizondo

Haientzat ez dago deus". Horixe nabarmendu du Hiru Hamabi elkarteko presidente Yolanda Fonsecak burmuinean kalte hartutako haurrei buruz. Ospitaletik ateratzen direnean babesgabetasuna baino ez dutela zain; sistemak huts egiten diela. Izan ere, haientzat unitate berezirik ez dago Osasunbidean, eta Ubarmin ospitalean 16 urte baino gehiagokoak bertzerik ez dituzte artatzen. "Haurrak kanpo gelditzen dira". Baliabiderik gabe.

Errealitate hori aldatzeko, Hiru Hamabi elkartea osatu dute burmuinean kalte hartutako haurrak dituzten zenbait gurasok. Izen hori jarri diote abenduaren 3koa delako ezintasunen bat dutenen nazioarteko eguna. Duela hiru urte hasi zuten elkarteko kideek beren bidea. Hemeretzi familiak osatzen dute taldea egun, eta egin dituzte, martxan jarri zirenetik, hainbat urrats: Nafarroako Parlamentuan izan ziren joan den astean, adibidez, gobernuak prestatutako protokoloari buruz mintzatzen. Elkarteko kideek parte hartu dute agiri hori osatzeko prozesuan. Ontzat jo dute, eta bete dezatela eskatu dute, orain, parlamentuko taldeen aurrean. Hitzak ez dituzte nahikotzat jo, eta neurriak eskatu dituzte, behingoz, beren seme-alabentzat eta egoera berean egon daitezkeen gainerakoentzat: haur batek burmuinean kalte hartzen duenean, behar bezala arta dezatela nahi dute; ospitalean, bai eta handik ateratzen denean ere.

Istripu baten edo eroriko baten ondorioz buruan hartutako kolpeek eragiten dituzte burmuineko kalteak, batez ere, haurren artean; iktusek, tumoreek, anoxiak edo meningitisaren eta enzefalitisaren gisako eritasunek ere bai. "Egun batetik bertzera, haurra ospitalean duzu, eta ez dakizu aurrera eginen duen edo ez". Enzefalitisak eragindako kalteak ditu burmuinean Fonsecaren semeak. Ainara Gonzalezenak, berriz, iktus bat izan zuen, lau hilabete eta erdi baino ez zituenean. Gaitz horren ondorioz, ikusmen arazoak ditu, bertzeak bertze. "Gure semea itsutzat jotzen zuten, baina ez da. Burmuinean du interpretazio bisualerako arazoa, eta lantzen ari gara".

Burmuinean hartutako kalteek, hitz gutxitan erranda, haurren garapenari eragiten diote. Helduen kasuarekin ezberdintasun nagusi bat dute: haurren burmuina, oraindik ere, ikasten ari dela, garatzen. Horrek alde on bat du, gaitasun handiagoa duelako osatzeko eta egokitzeko; alde txarra da, haurren burmuinak gauza berriak ikasi behar dituenez, prozesu horri eragiten diola kalteak. Eragin hori hainbat modutakoa izan daiteke: paralisia ekar dezake, hitz egiteko edo komunikatzeko zailtasunak, irensteko zailtasunak, eta abar.

Gaixotasunak eragindako krisi larria ospitalean gainditu zuten Fonsecaren eta Gonzalezen familiek, baina handik atera eta gero, nora jo edo zer egin ez zekiten. "Haurrentzat ez dagoelako deus", berretsi du elkarteko buruak. Iktusak edo enzefalitisak jotako haur gehiago hiltzen zen lehen, zainketa intentsiboetako unitate pediatrikorik ez zegoenean. "Unitate horiek medikuntzaren arrakasta islatzen dute; handik ateratzen direnerako tratamendurik ez jasotzea, berriz, porrot nabarmen bat da".

Gonzalezek berehala bat egin zuen Hiru Hamabi elkartearekin, martxan jarri zenean. Egungo egoerak eragiten dion haserrea ez du ezkutatu nahi izan. Ezin du ulertu egungo osasun zerbitzuak duen hutsune nabarmena. "Nire semeak 16 urte bete arte egon behar dut zain, espezialistek arta dezaten?", galdetu du. Fonsecak gogoratu du Ubarmingo neuro-errehabilitaziorako unitatea martxan jartzeko onartutako foru aginduak ez zuela inolako adin tarterik zehaztu. Ospitalean, ordea, 16 urte baino gutxiago duten haur eta nerabeak ez dituzte hartzen. "Horrek ez du zentzurik, eta ez da bidezkoa", salatu du Gonzalezek.

Hiru Hamabi elkarteko kideen helburu nagusia da, hain zuzen ere, burmuinean kalte hartu duten haurrek behar duten tratamendua jasotzea, sare publikoan. "Diziplina anitzeko ikuspuntu batetik; eta haurrek behar duten jarraipena emanez". Izan ere, haurrena hazten ari den burmuina denez, kalteen inguruko balorazioa urtetik urtera berritu beharra dago, unean uneko tratamendurik egokiena eskaini ahal izateko.

Arlo pribatura

Haur batek duen kalteari buruzko informazioa jasotzea da balorazio horien xedea, haur horrek behar duen arreta jaso dezan, hain zuzen ere. Bere semearen adibidea aipatu du Fonsecak. "Ezkerreko aldean hemiparesia du; bere joera izanen da ezkerreko eskua ez erabiltzea, adibidez. Ondorioz, bi eskuak erabil ditzan lan egin behar dugu". Zailtasunak izan arren, ezkerreko alde hori erabiltzen laguntzea litzateke gakoa, burmuinean dauden kalte horiei aurre egiteko.

Fonsecak eta Gonzalezek, burmuinean kalte hartu duten haur gehienen gurasoen gisan, arlo pribatura jo behar izan dute beren semeentzako laguntza bila. Administrazioak arreta goiztiarrerako zentroa badu, 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat. Hor artatu zuten, adibidez, orain bost urte dituen Guzman Santaferen alaba. "Ez da nahikoa, baina bada zerbait. Kontua da hor eskaintzen dituzten zerbitzuak ez direla zehazki burmuinean hartutako kaltea dutenentzat; jasotzen dugun apur hori, gainera, haurrak 3 urte betetzen dituenean desagertu egiten da".

Kaltea hor dago, ordea. Eta haurrek arreta behar dute. Eta osasun sistema publikoak ez die eskaintzen. Gurasoek ordaindu behar izaten dute. "Lehendabiziko hiru urteetan, mila euro inguru hilean", azaldu du Gonzalezek. Guraso guztiek ezin dietela egoerak eragiten dituen gastu guztiei aurre egin nabarmendu du. "Gurasoentzat hagitz gogorra da hori". Horregatik eskatu dio gobernuari lehenbailehen jar dadila martxan. "Gure baliabideek muga badute. Argi dugu ezin izanen ditugula beti egun ditugun baliabideak ordaindu. Utzi beharko ditugula. Hori egitea, baina, gure semeari jatekoa kentzearen gisakoa da; etorkizuna kentzearen gisakoa. Hori hagitz gogorra da guretzat", erran du Gonzalezek.

Are gogorragoa, Ubarmingo ospitalean burmuinean kalte hartutako haurrak artatzeko baliabideak eskura ikusten dituztenean. "Egokitu dezatela umeak hartzeko; zabaldu dezatela egun itxia duten aretoren bat; gure haurrek neuropsikologoak behar dituzte. Nafarroan badaude, eta gehiago behar badituzte, treba ditzatela", eskatu du Gonzalezek, haserreak hartuta.

Hiru Hamabi elkarteko kideek jaso dute babesa egin duten bidean, eta Nafarroan dauden profesionalek ere bat egin dute haien eskaerekin. Haietako bat da Javier Tirapu neuropsikologoa. Estoy aquí, ¿me ves? (Hemen nago, ikusten nauzu?) izeneko dokumentala egin dute Hiru Hamabi elkarteko kideek, eta lan horretan argi eta garbi mintzatu da Tirapu: "Ez du inolako logikarik 4 eta 16 urte bitarteko haurrentzat unitaterik ez izateak. Adin horretan osatzeko eta hobera egiteko anitzez ere aukera gehiago dute, baina inor ez da haietaz kezkatu; inork ez du arazoa ikusi; gurasoek bakarrik. Egoerak ez du inolako azalpen logikorik", salatu du.

Sistemaren hutsa izan da, neuropsikologoaren ustez, pentsatzea 4 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeak eskolan daudela eta eskolan estimulatzen dutela beren burmuina. "Akats nabarmena da hori", berretsi du. Nafarroako ikastetxeetan, egun, burmuinean kalte hartutako 30 haur daude. "Urtean, hiruzpalau kasu berri daude herrialdean", aipatu du Fonsecak. Hego Euskal Herrian, 150-200 haur dira burmuinean kalte hartutakoak. Herrialde horietako guztietako familiak hartu ditu Hiru Hamabi elkarteak barnean; hemendik kanpoko bertze anitz ere bai. "Gisako elkarte bakarra gara estatuan", erran du Fonsecak.

Eskolan

Gurasoek argi dute eskolak ez duela ematen burmuinean kalte hartu duten haurrek behar duten errehabilitazioa. "Ikastetxean ez daude gure haurrek behar dituzten baliabideak", erran du Gonzalezek. Ekimena, gainera, gurasoen esku egoten da. "Gurasook egin behar dugu, azkenean, gure seme-alabek behar duten koordinazio lana; guk ibili behar dugu informazioa alde batetik bertzera eramaten, txostenak eskatzen... laguntza guk jaso beharrean, guk ibili behar dugu bertzeen urratsak gidatzen. Eskolako kideen borondatearen menpe gaude, anitzetan", erantsi du Santafek.

Ez da hori arazo bakarra. Izan ere, Gonzalezen eta Fonsecaren semeek D ereduan ikasten dute; Sarrigurenen Gonzalezenak, eta Iruñeko Mendillorrin, berriz, Fonsecarenak. "Euskaldunak gara, baina gure haurra eskolara eramateko orduan, semeak burmuinean kaltea duenez, erran ziguten hobe zela euskarazko eredura ez eramatea. Heziketa bereziko zentro batera bideratu nahi gintuzten", azaldu du Gonzalezek.

Hartutako erabakiari eutsi zion, eta kontent da haurrak eskolan egindako bidearekin. Onartu du, halere, zaila izan zela hasieratik zuten asmoari eustea. "D eredura eramatea suizidioa zela erraten zidaten! Horrelakoak entzun eta gero, zaila da aurrera egitea. Baina argi dut ongi egin genuela. Alemanian egindako ikerketek, adibidez, erakutsi dute hizkuntzak lagungarri direla gure haurren egoera berean diren umeentzat".

Maldan gora egin behar duten sentsazioa dute gurasoek, anitzetan; batere laguntzarik ez dutela gaitz batek egun batetik bertzera ekarritako egoera berrira egokitzeko eta egoera horrek sortutako arazoei aurre egiteko. Bakarrik direla. Eta alderantzizkoa eskatu dute Hiru Hamabi elkarteko kideek. Babesa eta laguntza nahi dute. Informazioa beren eskura jarriko duen profesional bat nahi dute ondoan, lehen unetik. "Erantzunak nahi ditugu, ez galdera gehiago". Hemen daude, eta ikus ditzatela nahi dute. Behar duten arreta jaso nahi dute.

Gehiago hartzeko prest

Gehiago hartzeko prest

Kattalin Barber

Errefuxiatu gehiago hartzeko prest dago Nafarroa. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak egoitza zabaldu berri du Nafarroan, eta lan egiteko prest da. Hemendik gutxira, hain zuzen ere, 50 errefuxiaturi etxebizitzak eskaini ahal izanen dizkiete. Joan den astean iritsi ziren lehendabizikoak: Eritreako bost emakume eta bi adingabe daude gurean jada. Bederatzi etxebizitza atondu dituzte, eta 50 lagunentzako tokia izanen da horietan. "Dagoeneko prest ditugu, eta otsailaren erdialderako guztiak etortzea espero dugu", adierazi du Idoia Onekak, Nafarroako CEAReko koordinatzaileak.

CEAR Nafarroan sortu arte, Gurutze Gorriak bakarrik zuen errefuxiatuak hartzeko eskumena. Orain arte, 106 lagun hartu ditu Nafarroak. Siria, Ukraina, Venezuela, Irak eta Palestinatik etorritako herritarrak dira gehienak. Hemendik aurrera, eta ikusirik oraindik ere ezinbestekoa dela laguntza ematea, gehiago etorriko dira. Joan den urteko azaroan sinatu zuen Nafarroako Gobernuak kolaborazio hitzarmena CEAR erakundearekin, datozen hiru urteotarako. "Espainia oso errefuxiatu gutxi ari da hartzen, eta Nafarroak badu horretarako borondatea".

Etortzen ari diren pertsonak CEAR elkarteko hamaika profesionalen babesa dute une oro, integrazioa errazteko asmoz. "Erakundeen eta herritarren babesarekin eginen dugu lan. Gerratik eta jazarpenetik ihesean ari direnei bizitza duin bat izatea eskaini nahi diegu. Gure betebeharra da", aitortu du Onekak. Nafarroak errefuxiatuenganako elkartasuna beti erakutsi duela esan du koordinatzaileak, eta oraingoan ere hala izanen dela uste du.

18 eta 24 hilabete artean irauten du CEARek errefuxiatuentzat eskaintzen duen programak. Hurrenez hurren, harrera, integrazioa eta autonomia bilatzen dira prozesuaren bidez. "Azken helburua autonomia lortzea eta erabakiak beren kabuz hartzea da. Horretarako, poliki-poliki laguntzen diegu egunerokoan". Eritreatik etorritako taldeko kideekin, adibidez, erroldatzen lagunduko diete, bai eta osasun txartela eskatzen ere. Lehendabiziko urratsak dira horiek, eta helburua da "lasai egotea eta atsedena hartzea". "Iritsi berriak dira, eta oraindik egokitu behar dute; zama handia dute bizkarrean", azaldu du Onekak.

Gizarteratzen laguntzeko hizkuntza funtsezkoa dela argi du koordinatzaileak. Horregatik, iritsi bezain pronto, gaztelaniazko eskolak hartzen dituzte iheslariek, eta adingabeak, berriz, eskolatu egiten dituzte.

Hilabete hauetan guztietan laguntza ekonomikoa jasotzen dute errefuxiatuek. Lehenengo sei hilabeteak pasatu eta gero, hala ere, CEARen etxea utzi, eta beste bat alokatu behar dute haiek. Onekaren ustez, arazoak ekarriko ditu horrek. Izan ere, higiezinen agentziek, askotan, ez diete errefuxiatuei etxebizitzarik alokatu nahi, alokairua ordainduko ez duten beldur omen direlako. "Errefuxiatuentzat babesa lortu ahal izatea geroz eta zailagoa da".

24 hilabete pasatu eta gero, laguntza amaitzen da. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuarekin, plataformekin eta hainbat udalekin arazo horri irtenbidea emateko bilerak egiten hasiko dira. Hilabete horietan iheslariek autonomia lortzen duten galdetuta, "zaila eta bakoitzaren kasuaren arabera" izaten dela aitortu du Onekak. "Ahultasun mailaren arabera, eta hizkuntzaren arabera, askotan, hilabete hauek eskas gelditzen dira", aitortu du.

Horrez gain, garrantzitsua da batzordearentzat errefuxiatuek poliki-poliki komunitatea sortzea Nafarroan, eta, horretarako, hainbat kolektibo eta elkarterekin harremanetan jarriko dira.

Asilo eskaera egin berri du Eritreako taldeak, baina onartzeko zailtasun ugari daude. Orain dela urte batzuk asilo eskaeren %3 bakarrik onartzen zituen Espainiak; Siriako gerra dela eta, 2015ean eskatzaileen %30ek lortu zuten asilo eskubidea. "Dena den, kopuruak oso baxuak dira oraindik. Eskatzen dutenek jazarpena sufritzen dutela frogatu behar dute, eta hori ez da batere erraza, kasu askotan". CEARek asilo-eskaera prozesuaren legezkotasuna bermatu ahal izateko lan egiten du. Onekaren esanetan, asilo legea orain dela zazpi urtetik "berrikusten" ari dira. "Aldaketak behar ditu", nabarmendu du.

Prozesua, "oso mantso"

Errefuxiatuak hartzeko prozesua "oso mantso" doa, eta, horrela jarraitzen badu, Onekak uste du ez dela posible izanen garaiz betetzea Europako Batzordeak ezarritako kokapen kuotak. "Egungo erritmoan, Europako Batasunak 43 urte beharko ditu errefuxiatu guztiak kokatzeko, hain zuzen. Borondate politiko falta handia dago". Horrez gain, Turkiak eta Europak sinatutako akordioa bertan behera uztea eskatu du iheslariak laguntzeko batzordeak, "Turkia ez baita inolaz ere herrialde segurua".

Errefuxiatuen krisien aurrean, oraindik "erantzun irmoak" emateko beharraz ohartarazi du Idoia Onekak. "Elkartasuna erakusteaz harago, gure betebeharra da pertsona horiek babestea, eta asilo eskubidea funtsezko giza eskubidea da. Baina Europaren jokabideak ez du batere laguntzen, eta herrialde bakoitzak nahi duena egiten du. Balioen krisia da aurrean duguna, eta luzera joko du".

Joan den urtean, 5.000 iheslari hil ziren Mediterraneoan: "Erakundeek jarritako zailtasunen ondorio zuzena da".

Abenduaren amaiaren Grezian Begoña Huarte nafarrak eta Mikel Zuloaga bizkaitarrak egindako desobedientzia zibila baloratu du Onekak, baina ez dator bat bi aktibistek ekintza aurrera eramateko erabilitako "moldeekin": "Ekintza horren bidez ikusi dugu zein den arazoaren larritasuna. Egia da horrelakoak egiten ez badira badirudiela ez dela ezer egiten, baina bidea ez da egokiena, nire ustez".

Iritzia: Egun bakarrean

Lur Albizu Etxetxipia

Joan den astean, egun bakarrean, Euskal Herrian bortxazko bi hildako gehiago genituela jakin genuen: prekaritatearen 2017ko bigarren biktima zen bata, janari azkarreko enpresa bateko langile gaztea. Semeak hildako emakumea bestea. Egun bakarrean. Gorlizen eta Portugaleten. Euskal Herrian, 2017an. Bi hildako.

Iritzi-artikuluak han-hemen —nik ere ezin izan diot tentaldiari eutsi—, mota guztietako eragileen adierazpenak. Protokoloak martxan, mobilizazioak abian, protestak. Sumindura eta samina. Sareak sutan.

Askotan, beldurtu egiten nau horrelakoak gertatzen direnean —gertatzen esan dut, kasualitatea balira bezala, erantzulerik ez balego bezala— dugun jokatzeko moduak. Sumindura, tristezia, amorrua... egun bateko kontuak izaten direla iruditzen zait, Twitterreko eguneko trending topic-ak. Biharamunean, ezer gutxi. Batzuetan, ezer ez. Eta aurrera jarraituko dugu —eta jarraitzen dugu— bizitzarekin. Ezer gertatu ez balitz bezala.

Baina gertatzen da. Askotan gertatzen da, gehiegitan. Ahaztu egiten zaigu eguneroko kontua dela hau; testu hau idatzi eta publikatzeko tartean agian beste langile (gazte)ren bat, beharbada beste emakume bat gehiago faltako direla gure artean. Ahaztu egiten zaigu hau idazten ari naizen bitartean hemendik ez hain urrun itotzen ari direla beste batzuk itsasoan, beste batzuk hotzak akabatuko dituela eta etxetik gertu, agian, imajinatzen ez dugun arren, bizilagunen bat berogailua piztu ezinik ibiliko dela.

Eta ez ditu hotzak hiltzen. Ez ditu ez hotzak, ez laneko motorrak, ez labanak hiltzen. Ezta itsasoak ere. Osotasunean ulertu beharko genituzke heriotza hauek, heriotza hitza erabiltzeari utzi eta hilketez hitz egiten hasteko. Beharbada ez da egun bakarreko amorrua, tristezia eta haserrea izanen, hilketez mintzatzen hasten garenean. Agian ulertuko dugu sistema oso baten, sistema oso batzuen ondorio direla hilketa hauek.

Prekaritateak, presak, lan baldintza kaskarrek hil dutela gazte langilea; janari azkarreko enpresa azkar eta prekarioak. Emakume izateagatik hil dutela emakumea; horregatik bakarrik. Itsasoan ez direla ito: ihes egin behar izateak, mugen ixteak, gobernuen konplizitateak eta politika oso batek hiltzen dituela; milaka direla eta ez dela kasualitatea egunero gertatzen ari dena.

Agian planteatu beharko genuke zein den honen guztiaren norabidea eta zeintzuk diren kausak eta ondorioak. Planteatu beharko genuke zer egin sistema kapitalista honek hiltzen gaituelako, patriarkatuak hiltzen gaituelako. Heriotza-hilketa asko, gehiegi eragiten dituztelako. Planteatu beharko genuke, beharbada beste zerbait nahi dugulako. Agian imajinatzen dugun jendartea beste bat delako. Eta horren alde lan egiteko prest daudenak, gaudenok, agian uste dugun baino gehiago garelako. Agian ezin dugulako gehiago itxaron —zeren zain gaude?—. Ez genukeelako itxaron behar. Egun bateko haserrea eguneroko lana bilakatuko bagenu, gauza txiki eta handi asko aldatuko liratekeelako. Beharbada.

Menditik mendira

Menditik mendira

Edurne Elizondo

Doluak hartu zituen Bortziriak 2007ko hasieran. Urte hartako urtarrilaren 6an, Unai Etxepare 29 urteko mendizale lesakarra hil zen Anayet mendian (Huesca, Espainia), erorita. Handik astebetera, Etxeparek lagun zituen bertze hiru mendizale eraman zituen mendiak: Xabier Zubieta eta Luis Mari Pikabea Loro, 33 urteko lehengusu beratarrak, eta Xabier Saralegi, 32 urteko lesakarra. Zubieta, Pikabea eta Saralegi Etxepareren erreskate lanetan aritu ziren; zazpi egun geroago, gaur hamar urte, haien gorpuen bila abiatu behar izan zuten Jendarmeriako larrialdietarako taldeek: 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten mendizaleek istripua, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), iparraldeko horma eskalatzen ari zirenean. Mendia biziki maite zuten, eta mendian gogoratuko dituzte, asteburuan, haiek maite zituztenek: X. Mendi Eguna ospatuko dute, Beran.

Mendiak eman, eta hartu ere egiten du. "Baina hori maite zuten, mendian ibiltzea", nabarmendu du Luis Mari Pikabearen anaietako batek, Iñaki Pikabeak. Horregatik, hain zuzen, mendiari ez diote bizkarra eman nahi izan. Alderantziz. Anaia hil zen tokira hainbat aldiz itzuli da Pikabea, familiako bertze hainbat kide eta lagunekin batera. "Asmoa badut, noizbait, ipar pareta hori igotzeko ere. Ez dakit nola erran, baina denborak, azkenean, ekartzen du dolua bertze modu batera bizitzea. Eta haiek hori maite zuten, mendian ibiltzea, gailurretara igotzea, eskalatzea. Istripuak, finean, nonahi gerta daitezke".

Manttale mendi lasterketa taldeko kide da Iñaki Pikabea. Agerra mendi taldearen barnean sortutako proiektua da, baina bide propioa egin du. Berako mendi lasterketa eta Berako bestetako gaueko krosa antolatzen ditu, bertzeak bertze. Saralegi, Zubieta eta Pikabea ere taldeko kide ziren. Berako mendi lasterketaren hirugarren edizioa prestatzen ari ziren heriotzak mendian harrapatu zituenean. Sona handiko talde bilakatu da Berakoa mendi lasterketen esparruan. Emakume talde bat ere badu, eta, harrobia lantzeko, haurrena ere bai. "Afizio handia bada; bertzela harremanik izanen ez zuen jendeak bat egin du, gainera, eta hori hagitz polita da".

Aurtengo Mendi Egunaren bidez, halere, duela hamar urte hildako mendizaleen hasierako urratsak gogoratu nahi ditu Manttalek, batez ere; hasierako txangoak eta mendi irteerak. "Hasierako giro hori berreskuratu nahi izan dugu; mendia, lehen bizi genuen bezala", erran du Pikabeak.

Asteburuan, hain zuzen, Berako bazterrak ezagutzeko aukera izanen dute parte hartzaileek, eta Mendi Egunerako prestatutako egitarautik kanpo ere, inguruko mendietan gozatzeko txangoak antolatzen hasi dira Manttalekoak, berriz ere. Lasterketek, erlojupeko igoerek eta eskaladak ere, halere, izanen dute tokia biharko eta etziko prestatutako ekitaldien artean. Denek parte hartzeko aukera izatea helburutzat hartu dute Manttaleko kideek, gainera, eta, iaz bezala, aurten ere, dibertsitate funtzionala duten haurrek izanen dute eskalada ikastaroan aritzeko aukera. "Iaz, 6-8 ume aritu ziren, eta hagitz gustura".

Edurne Pasabanekin

Eskarmentu handiko mendizaleak ziren Zubieta, Pikabea eta Saralegi; mendizale zailduak alpinismoan, eskaladan, bai eta mendiko eskian ere. Pirinioetan eta Alpeetan trebatu ziren. Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Andeetako mendiak ere ezagunak zituen. 1997. urtean, Peruko Mendikate Zurian izan zen, Zubieta lehengusuarekin batera. "Ni ere hasi naiz eskalatzen, eta maiatzean izan nintzen Perun, haiek ezagutu zuten Mendikate Zurian", azaldu du Iñaki Pikabeak.

Himalaiarako jauzia izan zuten hurrengo urratsa, eta, 1999an, Gasherbrum II-a (8.035 metro) igo zuten bi lehengusuek. Sisha Pangma igotzen saiatu zen Pikabea, 2006an. Edurne Pasaban mendizalearekin aritu zen urte hartan. Bortzirietako hiru gazteak zendu zirenean ere, haiekin zen tolosarra. Pasabanek Asier Izagirre izan zuen soka lagun egun hartan. "Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat aukeratu beharko banu, horixe izango zen. Himalaian hainbeste ibili, eta etxe ondoan gertatu zait istripurik larriena, Pirinioetan", nabarmendu du mendizaleak.

Aitortu du halako istripuak gertatzen direnean "gauza asko" pasatzen direla burutik. "Baina aurrera egin behar da. Jendeak, askotan, ez du ulertzen nola garen gai mendira itzultzeko. Baina hau da gure bizitza; hau da gure pasioa. Aurrera egiteko behar duzun indarra, finean, joan direnek ematen dizute. Ziur naiz Xabik, Lorok eta Zubik ere gauza bera egin izango zutela".

Bortzirietako mendizaleak hil zirenean, hamalau 8.000koak amaitzeko proiektua hasten ari zen Edurne Pasaban. "Nire taldean ziren; istripua gertatu izan ez balitz, nirekin izango ziren. Proiektu horretan, momentu txarrenetan, haiek izan ditut gogoan beti; haiei eskatu diet laguntza. Nire egunerokoan oso presente ditut hirurak", erran du, emozioz.

Mendia gozatzeko egunak izanen dira hurrengoak Beran, baina baita Taillonen hildako mendizaleak gogoratzekoak ere. Bortzirietako mendiak izan ziren Zubietak, Pikabeak eta Saralegik zapaldutako lehendabizikoak, eta haien hasierako urratsak omenduko dituzte lagun eta senideek. Mendian. Mendiaz gozatuz.

Kartak ahanzturaren kontra

Kartak ahanzturaren kontra

Kattalin Barber

Adinean aurrera joanda ohikoa da memoria galtzea; gaixotasun neurodegeneratiboak maiz agertzen dira 65 urte baino gehiagoko pertsonen artean. Ezagunena alzheimerra den arren, beste hainbat daude, dementzia baskularra kasurako. NavarraBiomed ikerketa zentroko neurologoa da Javier Sanchez, eta behar bati erantzunez sortu du, Laura Moreno neuropsikologoarekin batera, Encartados proiektua.

Karta jokoen bidez, narriadura kognitiboari aurre egin nahi diote: "Kontsultan askotan galdetzen digute etxean zer egiten ahal duten gaixoak laguntzeko, eta nik beti gomendatzen diet kartetara jokatzea", azaldu du Javier Sanchezek.

Altsasuko Josefina Arregi klinikan elkar ezagutu zuten bi ekintzaile horiek, eta urteetan Sanchezek buruan zuen ideiari forma eman diote, azkenean. Proiektuaren muina gida da, eta bertan azaltzen dira urratsez urrats prestatu dituzten hogei karta jokoak. Gehienak joko ezagunak dira: Eskoba, Xurrupatu bi edota Astoa. Dena den, jokoak "sinplifikatu" eta "beharretara egokitu" dituzte dementzia arina zein larria dutenek jokatu ahal izateko. Joko beraren maila desberdinak bildu dituzte liburuan. "Errezeta liburu bat bezalakoa da; pausoz pauso azaltzen dugu guztia", adierazi du Sanchezek.

Gaixoa jokoan okertzen bada ez zuzentzearen alde egin du Morenok. "Ezin dugu behin eta berriro zuzendu edo behartu; ongi pasatzeko materiala izatea nahi dugu". Izan ere, funtzio kognitiboak estimulatzeaz gain, asmo nagusia gaixo eta zaintzailearen arteko harremana estutzea da. Ez dira karta joko soilak, harago doaz. Memoria, hizkuntza, atentzioa, kontzentrazioa, arrazoibidea, abstrakzioa, aritmetika eta praxia eragiketak landu daitezke horien bidez modu "jostagarri" batean.

Sanchezek izan zuen ideia, orain dela urte batzuk. Gertu izan ditu beti kartak, eta amonarekin aritzen zen. Gaixotu zen amona, eta alzheimerra diagnostikatu zioten. "Baina kartekin jokatzen jarraitzen genuen. Gida bat egitea nuen buruan, eta hau izan da emaitza", azaldu du Sanchezek. Sanchezek eta Morenok badakite haien proiektua ez dela berria. Estimulazio programetan aspaldidanik erabiltzen dituzte kartak. "Edonork ditu etxean kartak, edo erraz eskura ditzake. Zerbait tradizionala eta etxe guztietan dagoena behar honetara egokitu dugu", argitu du Morenok. Kartekin batera, hamaika jarduera egin daitezke etxean narriadura kognitiboa duten pertsonekin: aldizkaria edo egunkaria irakurri, argazkiak berrikusi, landareak zaindu... Garrantzitsuena, haien ustez, tarte atsegin bat pasatzea da. Sanchezen irudiko, gaixoen senitartekoek edo zaintzaileek askotan ez dakite nola bete denbora eriekin. "Ohikoa da hori gertatzea, ordu asko baitira". Besteak beste, kartek hutsune hori bete nahi dute. "Guretzat garrantzitsuena adinduekin denbora pasatzea da, eta orduak modu baliagarri batean aprobetxatzea".

Zaintzaileetan arreta jarri nahi izan du Sanchezek. Izan ere, askotan "ahazten" den taldea dela dio, eta haientzat oso baliagarria izan daiteke Encartados gida. "Gero eta material gehiago badute gaixoekin aritzeko, hobe", esan du neurologoak.

Pozik agertu dira Moreno eta Sanchez gidak orain arte erabili dutenen artean izan duen harrerarekin. Azaroan aurkeztu ostean, hainbat zahar etxe eta egoitzatan egon dira azken hilabeteotan. Iruñeko Misericordia etxean, adibidez, aurkeztua dute gida, eta hango hainbat boluntariok interesa agertu dute. "Zaintzaileak eta senideak dira gure jomuga, baina profesionalentzako eskura izan dezaketen baliabide bat izatea ere nahi dugu".

Alzheimerra duten Nafarroako pertsonen senideen elkartearen eta NavarraBiomed ikerketa zentroaren laguntza izan dute proiektua zabaltzeko. "Seguruenik egoitza askotan kartetara jokatuko dute, baina beste batzuentzat erabilgarria eginen zaie", azaldu du Sanchezek.

Gero eta aukera gehiago

Altsasuko Josefina Arregi klinikan lan egiten du Laura Moreno neuropsikologoak. Estimulazio kognitiboko taldea gidatzen du bertan, eta Encartados gidako jokoak sortu heinean erabiltzaileekin probatzen zituen. "Horrela ikusten genuen zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez; jokoen zailtasun maila eta nola egokitu haien beharretara", adierazi du Morenok.

Karta jokoez gain, beste hainbat material erabiltzen ditu klinikan eriekin, baloiak eta margoak, esaterako, eta ariketak eta paseoak ere egiten dituzte. "Gero eta aukera gehiago ditugu haiekin erabiltzeko, eta hori oso positiboa da; materiala aldatzea ona da".

Proiektuaren ardatza gida da, baina, horrez gain, jokoen bideoak eta inkesta bat jarri dituzte www.encartados.com webgunean. Erabileraren feedbacka jakin nahi dute galdetegiarekin: "Oso baliagarria izanen da guretzat nola erabili den jakitea, egokia iruditu zaien ala ez, eta horrekin guztiarekin txosten bat argitaratzea gustatuko litzaiguke aurrerantzean". Lehendabiziko inkesten erantzunak dagoeneko jaso dituzte proiektuaren bultzatzaileek.

Nahiz eta dementzia sendabiderik ez duen gaixotasun progresiboa izan, urrats asko egin dira gainbehera kognitiboa arintzeko edo moteltzeko. Funtzio kognitiboak entrenatu nahi ditu Encartados gidak, kartak zenbatzen, ordenatzen, nahasten... "Zailtasun mailak pertsona bakoitzari egokitua egon behar du; horrela, erabiltzailearentzat erronka txiki bat izanen da".

Horrelako tresnak balio handikoak izan daitezke dementziaren bat duten pertsona nagusien arretaren esparruan. Laguntzea da Sanchezen eta Morenoren asmoa; urratsak egitea gaixotasuna dutenen eta haien senitartekoen alde.