Komunismoaren eta hezkuntzaren bidetik

Komunismoaren eta hezkuntzaren bidetik

Edurne Elizondo

Ekintzaile politikoa izan zelako. Gorzako eskolan egiten zuen lanaren bidez etorkizun hobe baten aldeko arma bilakatu nahi izan zuelako hezkuntza. Konpromisoa hartu, eta jendaurrean defendatu zuelako; sutsuki, gainera. Horregatik atxilotu zuten Camino Oskotz, 1936ko uztailaren 31n; horregatik bortxatu zuten; eta horregatik hil zuten, urte bereko abuztuaren 10ean. Espetxetik atera, eta Urbasako Pilatoren Balkoira eraman zuten; handik behera bota omen zuten maistraren gorpua. 26 urte zituen; Alderdi Komunistakoa zen; UGT sindikatuko Hezkuntza Federazioko eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kide; maistra errepublikazalea.

Camino Oskotzi buruzko memoria liburu batean jaso berri du Joseba Ezeolazak (Iruñea, 1979). Duela hamabost urte hasi zen Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartean lanean, eta denbora horretako gogoetak jaso ditu, maistrari buruzko zertzeladekin batera, Camino Oscoz y otras historias del 36 izenburuko lanean (Cenlit, 2017). Liburuaren bidez, "memoria historikoak emakumeekin duen zorra" kitatu nahi izan du Ezeolazak, batez ere. 1936. urte hartan, 47 hil zituzten Nafarroan. "Alargun, alaba, ama edo lagun gisa aurkeztu ohi ditugu emakumeok, baina orduko giro errepublikazalean protagonista eta ekintzaile ere izan ziren; gidari eta buruzagi", nabarmendu du egileak.

Camino Oskotz aukeratu du Ezeolazak emakume ekintzaile eta gidari horien guztien ordezkari; emakume gaztea zelako, alde batetik; eta maistra lanetan ari zelako, bertzetik. Iruñean jaio zen Oskotz, 1910. urteko apirilaren 11n —12a agertzen da hainbat agiritan—. Hiriburuko Santo Domingo aldapako 29. zenbakian sortu zen, eta lau anai-arrebaren artean gazteena izan zen: Josefina eta Maria Pilar izan zituen ahizpa; eta Juan Antonio neba. Maisu izan zen azken hori, arreba bezala. 1936ko gerrak Iruñetik kanpo eraman zuen; Baigorrira, lehendabizi, eta, gero, Marseillara (Frantzia). Han zendu zen.

Iruñeko Kale Nagusiko teresarren ikastetxean aritu zen Camino Oskotz, eta, maistra bilakatu zenean, Gorzako eskola izan zuen lantoki, Zaraitzuko ibarrean. 1930. urtean, 280 biztanle zituen. "Pedagogia modernoaren aldeko jarrera agertu zuen Oskotzek", azaldu du Ezeolazak. Egileak erantsi du Nafarroan egin zituztela ahaleginak, hezkuntzaren bidetik, "gizartean errepublikaren kultura zabaltzeko", eta testuinguru horretan kokatu du, hain zuzen ere, 1932ko irailean egin zuten Aste Pedagogikoa. 750 maisu eta maistrak parte hartu zuten. "Maistrek, batez ere, rol oso garrantzitsua bete zuten, eskolaren esparruan berdintasunaren balioa ikusgarri bilakatu zutelako", erran du liburuaren egileak.

Camino Oskotz izan zen maistra horietako bat. Izan ziren bertze anitz ere. Maria Dominguez aipatu du Ezeolazak, adibidez; hainbat hilabetez aritu zen Almandozko eskolan, eta, gero, 1933. urtean, Gallurko (Zaragoza, Espainia) alkate izendatu zuten. Julia Alvarez Resano nafarra nabarmendu nahi izan du Ezeolazak, halaber, gobernadore zibila izan zelako; bai eta Julia Alvarez ere, maistra, Oskotz bezala, eta UGT sindikatuko Nafarroako Hezkuntza Federazioko idazkari, 1932. urtean.

"Orotariko laidoak"

Maistra, Alderdi Komunistakoa eta Nazioarteko Laguntza Gorriko kide; grina berak jositako hiru borroka esparru, Ezeolazak nabarmendu duenez. Garesti ordaindu zuen egindako bidea, ordea. "Erregimenarentzat arriskutsua zelako hil zuten Camino Oskotz; hirian barrena atxiloturik eraman zuten, pasieran, sufriarazteko, sari baten gisa, jendearen eskarmenturako".

Atxilotu zutenean, preso hartutako Galo Viergek Camino Oskotzekin egoteko aukera izan zuen, komisarioaren gelan zain zirenean, eta Los culpables izeneko bere liburuan jaso zituen ordukoak: "Gaztearekin hitz egiten hasi nintzen, ahapeka, eta nola atxilotu zuten azaldu zidan; hainbat falangistak hartu zutela erran zidan, eta beren egoitza nagusira eraman zutela, Nabarreria karrikan; han, orotariko laidoak pairarazi zizkioten. Malkoei eusten saiatu zen, eta negarrak etendako hitzen bidez kontatu zidan gero Ezker Errepublikanoaren egoitzara eraman zutela, Gazteluko plazan, falangistek bere egin baitzuten eraikina, altxamenduaren lehendabiziko egunetan. Han, falangistek inguratuta, Alderdi Komunistako kide izateagatik orotariko umiliazioak sufritu zituen, berriz ere; barre eta iseka artean, baso bat errizino olio edanarazi zioten; polizia etxean utzi zuten atxilotuta".

Pio Baroja idazleak ere jaso zuen Camino Oskotzen berri, La guerra civil en la frontera liburuan, Ezeolazak azaldu duenez. "Barojak berak aipatzen du Oskotzek hainbat gutun idatzi ziola; pena da testu horiek gorde ez izana". Barojaren testuak ondokoa dio: "1936ko hasieran gutunak idazten hasi zitzaidan; gutun horietan apaizen aurka agertzen zen, eta komunismoaren alde, sutsuki. Nire liburuak irakurtzen zituen neska gaixo horrek, eta uste zuen ni oker nintzela gogo komunistarekin bat ez egiteagatik. Maistra adoretsua eta ausarta zen".

Barojak bere testuan jaso zuen, gainera, Victoriano Juaristi medikua saiatu zela Oskotz askatzeko bitartekari lana egiten: "Erran omen zion harro ez agertzeko, erran zezala damu zela, ager zedila atsegin, eta konfesioa har zezala, salbatzeko; neskak gomendio horiei ezetz erran zien, mespretxuz".

Oskotzek 11 egun egin zituen kartzelan. Abuztuaren 10ean askatu zuten arte. Halaxe agertzen da espetxeko bere txostenean. Urbasako Pilatoren Balkoitik bota omen zuten maistraren gorpua. "Hori uste dugu, eta, Jimeno Juriok jasotako informazioa kontuan hartuta, hala izan omen zen; Bakedanon lurperatuko zuten, segur aski. Baina ez dakigu non zehazki", azaldu du Ezeolazak.

1936ko irailaren 29an, Abc egunkariko orrietan ageri da Oskotzen heriotzaren berri: "Anitz dira Iruñean hildako pertsonak, tartean Osakar eta Dorronsoro buruzagi sozialistak; Cayuela, zinegotzi errepublikazale ohia; Astiz, Nazioarteko Laguntza Gorriko abokatua; Bengarai, Ezker Errepublikanoko tokiko burua; Sampredo eta Oskotz maistra".

Izenaren atzeko izana mahai gainean jarri du Ezeolazak, Gorzako maistrari buruzko liburuaren bidez. 1936ko gerran hil zituzten guztien memoria nabarmendu nahi izan du. Eta, guztien artean, emakume ekintzaileena.

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Edurne Elizondo

Ez du zentzurik; Leitza 17 kilometrora dugu, eta Iruñea, berriz, 35era". Horixe nabarmendu du Lekunberriko Ibarberri ikastetxeko guraso elkarteko presidente ohi Arkaitz Goikoetxeak. Leitza hurbilago duten arren, DBHko hirugarren eta laugarren mailak ikasteko erreferentziazko institutu Iruñeko Biurdana dute Ibarberriko eskolako ikasleek. Egoera hori aldatu nahi dute orain gurasoek, eta Leitzako Amazabal institutua bilakatu beren erreferentziazko zentro.

Legea alde dutela azaldu du Goikoetxeak. Izan ere, ikastetxeak eta eskola barrutiak antolatzeko foru dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak 1995. urtean, eta, agiri horren arabera, Leitzako institutua zen Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko egoitza. Bertzeak bertze, ikasleak inguru hurbilenean eskolatzearen alde egiten zuen dekretuak. Kontua da, Hezkuntza Departamentuko irizpideak aldatu gabe, 1996an erabaki hori bertan beherea utzi, eta Iruñeko Biurdana jarri zuela gobernuak Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko institutu gisa.

"Ez du inolako zentzurik", berretsi du Goikoetxeak. Datuek ederki islatzen dute Lekunberriko gurasoen borondatea zein den, haren ustez. Azken lau urteotako matrikulazioei so eginez gero, hautua Leitzaren aldekoa dela argi gelditzen da: Iruñeko Biurdanara bost ikasle joan dira, eta Amazabalera, berriz, 73. "Gaur-gaurkoz, gure ibarreko bi ikasle daude Biurdanan, eta Leitzan, berriz, 40 inguru. Sare publikoaren aldeko familien %95ek Leitzara bidaltzen dituzte seme-alabak", azaldu du Goikoetxeak.

Ikasleak Lekunberritik Iruñera edo Leitzara mugitzeko garraioaren auziari buruz ere bada zer erran, Goikoetxeak nabarmendu duenez. Lekunberri eta Larraungo ikasleek, Irurtzungo Udalak eta Nafarroako Gobernuak aspalditik zuten hitzarmena baliatu izan dute Iruñera joateko. Urte luzez, gobernuak hartu du bere gain zerbitzu horren defizita. Kontua da hitzarmenak berak 12.000 euroko muga zehazten zuela gobernuak ordaindu beharreko defizitarentzat. Ondorioz, azken urteotan, udalek gehiago pagatu behar izan dute, batez ere Irurtzungoak. "Egoera horrek ekarri du Irurtzungo Udalak hitzarmena bertan behera uztea", azaldu du Goikoetxeak.

Bertze hitzarmenak

Horrek ez du erran nahi, hala ere, ikasleak garraiorik gabe gelditu direnik. Lekunberriko eta Larraungo udalek bertze hitzarmen bat egin dute. Nafarroako Gobernuak ordaintzen du derrigorrezko hezkuntzan ari direnen garraioa, eta bertzeek, berriz, udalen arteko akordioa baliatzen dute. Leitzara joateko ere hitzarmena badute Lekunberriko eta Larraungo udalek. Auzi hori garrantzitsua dela uste du Goikoetxeak, Lekunberriko Udalak behin baino gehiagotan erran izan duelako erreferentziazko zentroa aldatuz gero, garraiorik gabe geldituko zirela.

"Hori ez da egia, eta agerian gelditu da. Esaten zuten erreferentzia zentroa aldatuta, Irurtzunek eta Nafarroako Gobernuak zuten hitzarmenetik kanpo geldituko ginela eta, ondorioz, Iruñerako garraiorik gabe. Orain, hitzarmena desegin egin da, baina bi udalek beste hitzarmen bat egin dute elkarren artean ikasleak garraiatzeko. Argudio hori erabili izan dute familiak beldurtzeko, baina egoerak erakutsi du gezurretan ari zirela", azaldu du.

Garraioa bermatzeko zerbitzuek duten kostua kontuan hartzekoa dela argi du Goikoetxeak, hala ere. Orain, hain zuzen ere, Larraungo eta Leitzako udalek 46.000 euro ordaintzen dute ikasleak Leitzara eramateko; bertze 35.000, berriz, Iruñera joateko. "Erreferentziazko zentroa aldatuko balute, Leitzara joateko garraioaren ardura Nafarroako Gobernuaren esku egonen litzateke; 46.000 euroren gastua desagertuko litzateke; Iruñekoari eusteko borondatea badute udalek". Institutu batean eta bertzean izena ematen duten ikasleen kopuruak aldaketa behar dela agerian uzten duela argi du Goikoetxeak.

Aldaketa horren alde egin du Larraungo udalak ere; ez, ordea, Lekunberrikoak. Galdeketa bat antolatu zuten Lekunberrin 2014an. "Udalak manipulatu egin zuen galdeketa, eta errolda ere bai. Harrigarriena da herritarren %60k baino gehiagok Iruñearen alde egin izana erreferentzia zentro gisa, eta urte horretan inork ez matrikulatzea seme-alabak Biurdanan!".

Auziak ibarreko mugak zeharkatu ditu azken urteotan, eta Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak eta Arartekoak bat egin dute Lekunberriko gurasoek egindako eskaerarekin. Parlamentuan 2014an izan ziren. Gaur egungo gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin ere egin dute bilera. "Egoera hau konpontzeko ordua da", berretsi du Goikoetxeak. "Hezkuntza Departamentuaren jokabidea ez da bidezkoa izan orain arte, eta espero dugu oraingo gobernuak beste jokabide bat erakutsiko duela". Errealitatean gertatzen dena onartzea nahi dute.

Hautsak harrotu dira

Hautsak harrotu dira

Kattalin Barber
Lizarraldeko herri txiki bat da Azketa. Ondoan ditu Iguzkitza, Labeaga eta Urbiola. Iguzkitzaibarko herriak dira laurak, eta laurak batu dira Aridos Reciclados de Navarra Arena enpresak eskualdean egin nahi duen lohien tratamendurako pl...

“Bikaintasuna lortzea da zailena mendiko argazkigintzan”

“Bikaintasuna lortzea da zailena mendiko argazkigintzan”

Kattalin Barber

Ia-ia aldi berean sortu zitzaion mendiarekiko eta argazkilaritzarekiko zaletasuna Iñaki Larreari (Iruñea, 1982). Nafarroako nahiz atzerriko mendi eta paisaiak kameraren bidez betikotzen aritzen da. Pasio du jarduera hori.

Noiz piztu zitzaizun argazkilaritzarako zaletasuna?

Txikitan, guztioi sortzen zaigu noiz edo noiz jakin-min hori. Oraindik gordetzen ditut garai hartako mendi liburuak. Ez da bakarrik mendia, naturak bere horretan erakartzen nau. Horregatik hasi nintzen kamerarekin atzera eta aurrera ibiltzen, jakin-min horrek bultzatuta. Gero eta gehiago gustatzen zitzaidan argazkiak ateratzea eta kamerarekin ibiltzea, baina ez nuen denborarik. Langabezian geratu nintzen gero, eta hori baliatu izan nuen sakontzeko. Argazkilari onen argazki onen bidez ikasiz joan naiz.

Mendizaletasunak eraman zintuen argazkiak ateratzera edo alderantziz?

Ia-ia aldi berean sortu zitzaidan mendiarekiko eta argazkilaritzarekiko zaletasuna. Agertoki horien aurrean zaudenean une hori harrapatzeko beharra duzu. Argia, kolorea, momentua... Mendia bikaintasun hori da, eta, hor zaudenean, bikaintasun hori erretratatu nahi duzu. Egun, argazkiek gailurrek baino gehiago liluratzen naute. Lehen, mendira joaten nintzen, eta argazkiak ateratzen nituen. Orain, argazkiak bilatzen ditut, eta argazkiak ateratzera joaten naiz mendira. Bakarrik joaten naizenean lortzen ditut argazki onenak, benetakoak. Sakontzeko aukera duzu orduan, imajinatu eta deskubritzeko.

Zure argazkiak ateratzeko modua da hori?

Bai, eta ez bakarrik nirea, baizik eta argazkilari gehienena. Bakarrik zaudenean eta bakarrik horretan ari zarenean, ingurua arretaz aztertzen duzunean eta hamaika aldiz huts egiten duzunean, orduan sortzen da argazki onena. Hori da gailentzen dena, eta ez besteentzat, baizik eta norberarentzat. Buruan gordeta gelditzen zaizkizun argazki horiek dira berezienak.

Zein berezitasun ditu mendi argazkilaritzak?

Oraindik mendi argazkilaritzan sakontzeko aukera handiak daude, baina egia da asko egina dagoela. Nolabait, urratsak eta konposizio erreferentziak finkatuta daude. Guztiak joaten gara mendi perfektuaren bila eta idealizatzen dugu, esaterako, Matterhorn mendia edota Himalaiako bailarak. Horiek bakarrik ikusita betetzen zaituzte. Baina hortik kanpo uste dut asko dagoela egiteko. Argi eta hodeien dantzak ikaragarriak dira mendian, horien bila noa ni.

Nafarroa nola ikusten duzu argazkiak egiteko?

Dugun lurraldea oso pribilegiatua da, baina bere mugak ditu. Aniztasun handiko lurra da Nafarroa, eta paisaiak oso erakargarriak dira. Beharbada, alpetar izaera falta zaio. Nafarroako basoak gustatzen zaizkit gehien. Neguan, pagadiak erretratatu ditut, eta materiala dut zerbait egiteko. Faunari buruzko argazki batzuk ateratzea besterik ez zait falta bilduma osatzeko.

Pentsatu ohi da argazkilaritza berehalako zerbait dela, baina lan handia dago atzean; mendi argazkilaritzan are gehiago?

Bi berezitasun ditu mendi argazkilaritzak. Mendi argazki polit bat egitea oso erraza da, baina mendi argazki bikain bat egitea zailena da. Bi aukera horiek eskaintzen ditu mendi argazkilaritzak, kontrapuntu bat, ia-ia. Hasiera batean badirudi erraza dela, paisaiak asko egiten duelako, baina argazki horren bikaintasuna lortzea da zailena. Sakontzen duzunean horretaz konturatzen zara.

Zer-nolako zailtasunekin topo egin duzu zuk?

Nahi duzun argi, kolore eta konposizioa lortzea, esaterako, ez dago zure esku, baizik eta ingurunearen esku. Ez da beti gertatzen, lekuan bertan egon behar duzu, eta esentzia hori atzeman. Argazki batek distira duenean, faktore horiek guztiek bat egin dutelako izaten da. Ezohiko momentuak izaten ohi dira momentu bereziak, azken finean.

Dena prest duzu une hori harrapatzeko baina askotan ez da iristen, ez delako izaten horretarako baldintzarik.

Bai, landu ditudan eta atera ez diren argazki asko ditut. Aldi berean, bidean sortzen dira pentsatuta ez zenituen beste argazki batzuk. Horiek ere maila handia dute. Ez dituzu espero eta iristen dira, zurekin egiten dute topo. Gakoa, azkenean, lekuan bertan egotea da. Lan eta konpromiso handia exijitzen du mendi argazkilaritzak.

Argazki eta irudien etengabeko bonbardaketa dugu gaur egun, dena da bisuala. Nola eragiten dio horrek argazkilaritzari?

Egun, dokumentu grafiko asko daude, baina argazki gutxi. Desberdindu behar dugu irizpide batzuekin egindako argazkia, oinarri bat duena eta atzean lan bat duena. Gustatu nahi duten argazki asko daude. Baina niri politena iruditzen zait ideiak saritzen direnean, lan bat dagoenean argazkien atzean. Ideia bat lantzea eta irudikatzea, hori da interesgarriena.

El humano en la montaña izenburuko liburua argitaratuko duzu apirilean. Zer hartu duzu oinarri proiektu hori osatzeko?

Aspaldi lantzen ari naizen gaia da mendiari eta gizakiari buruzko hori; niri gustatzen zait pertsonak ateratzen diren natura argazkiak egitea. Modu horretan, mendiaren aurpegi atseginago bat erakutsi nahi izaten dut. Ez dute mendiaren ohiko gogortasun hori islatzen. Egia da ez dudala ezer berririk deskubritu lan horien bidez, baina argazki atseginak dira. Nik mendian bizi ditudan momentu horiek transmititu nahi ditut, finean. 22 argazki bildu ditut, denera. Apiriletik aurrera, gainera, Frantziako Pirinioetako parke nazionaleko etxeetan paratuko ditut. Erakusketa ibiltaria izanen da. Aurrerago, lan horiek honat ekartzeko asmoa dut.

Iritzia: Urrats uste baino handiagoa

Iritzia: Urrats uste baino handiagoa

Lohizune Amatria
Zenbat kale kantoi, pankarta, afixa, komuneko ate eta muraletan irakurri ote dugu ez dugula atzenduko. Ez zaizkigula ahaztuko sistema kapitalista zapaltzaile heteropatriarkalaren ondorioz hildako, jipoitutako eta erasotako emakumeak; g...

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Edurne Elizondo

Antonio Aragon izan zen, Nafarroako presidente ohi Gabriel Urralbururekin batera, Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egiteko proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat. 1991ko irailean, Ebroko Ur Konfederazioko presidente izendatu zuten Nafarroako Gobernuko Herrilan kontseilari izan zena. Kargu berritik, ubidearen bigarren fasea "neurrigabea" zela aitortu zuen Aragonek; "neurriz kanpoko" inbertsioak eskatzen zituela. "Nafarroako gobernuek, bideragarria ez dela jakin arren, bigarren fase horren erabilera demagogikoa egin dute 1991tik; okerrena da, ubidearen aitzakiarekin, 30 urte daramatela Erriberan uraren arazoa konpontzeko zain".

Urbizi Uraren Kultura Berria fundazioko kide Fito Jimenezenak dira hitzak eta salaketa. Erakunde horrek txosten bat egin du ubidearen bigarren fasea bazter uzteko alternatibak aztertzeko; lehen fasea egina dago, eta lehen fase hori zabaltzeko lanak ere amaitutzat jo dituzte jada; horko lurrek ubideko ura har dezaten prestatzeko obrak amaitzea falta da. Bigarrena egiteko beharrik ez dagoela uste dute Urbiziko kideek, ordea, eta aitzinera ihes egiteko arriskuaz ohartarazi dute. Izan ere, krisi ekonomikoak baztertu egin du, azken urteotan, bigarren fase hori, baina mahai gainean jarri du berriz Uxue Barkos buru duen egungo gobernuak. Bazter utzi du aire zabaleko ubide bat sustatzeko aukera, eta lurpeko hoditeria baten bidez egitekoa hobetsi du; baina proiektua mapan jarri du, berriz ere.

Fito Jimenezek Charo Brinquis Urbiziko kide eta aditua izan du lagun bigarren fasea bazter uzteko alternatibei buruzko txostena osatzeko prozesuan; Brinquisek Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren errentagarritasunik eza utzi zuen agerian, jada, 2012an egindako lanean. Asteon, Jimenezek eta Brinquisek prestatutako agiria defendatu du jendaurrean erakunde bereko teknikari Julen Mendigurenek. Attac elkarteak Nafarroako ubideari buruz antolatutako mahai inguruan parte hartu du, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberorekin, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecarekin eta Intia (Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak) enpresa publikoko teknikari Idoia Ederrarekin batera. Nork bere ikuspuntutik heldu dio ubidearen auziari.

Intiaren txostena

Bigarren faseari buruzko eztabaida mahai gainean jarri zuen gobernuak 2015eko abenduan. Prozesu bat iragarri zuen orduan, parte hartzea sustatzeko, eta alternatibak lantzeko. Prozesu horren barruan, hain zuzen ere, txosten bat egin du Intiak. Erriberako nekazarien artean inkesta egin dute enpresako kideek, Ederrak azaldu duenez. Bigarren faseko hasierako proiektuak hartuko lukeen eremuaz harago jo dute, eta, denera, ureztatzaileen 53 komunitatetako kideekin egon dira. Intiako kideen helburua da lurrak ureztatzeko dagoen beharra identifikatzea, behar horri erantzun ahal izateko. "Dauden proposamen guztiak aurkeztu nahi dizkiegu, haiek erabaki dezaten", erran du Intiako teknikariak.

Txosten horretan, lau proposamen jaso ditu Intiak. Lehena litzateke egungo egoerari eustea. Bigarrenak 15.000 hektarea ureztatu ahal izateko aukera jartzen du mahai gainean, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du ubidearen bigarren fasea. Hirugarren proposamenak Val urtegiko ura baliatzea aipatzen du, haren bidez 5.000 hektarea ureztatzeko. Hektarea kopuru bera ukituko luke azken proposamenak: Lodosako ubidea baliatuko luke, eta ureztatze sistemak hobetzeko beharra jartzen du mahai gainean, gainera. Datozen hilabeteotan, proposamen horiek guztiak aurkeztuko dizkiete Intiako kideek nekazariei, eta ureztatzaileen komunitateetan bozketak egin beharko dituzte, bat edo bertze aukeratzeko.

Urbizik ontzat jo du Intiak egindako lana, eta, batez ere, nekazariei parte hartzeko aukera eman izana. Mendiguren kritiko agertu da, ordea, Nafarroako Gobernuarekin. Izan ere, 2015ean iragarritako eztabaida prozesua amaitu baino lehen egin du administrazioak bigarren fasearen alde. "Hainbat proposamen aurkeztu, baina bat hobetsi du jada: ubidea Pitillastik Ablitasera eramateko asmoari eutsi dio gobernuak". Bigarren fasearen aldeko apustuak "Canasaren tunelean aurrera egitea" ekartzen duela salatu du.

Canasa Espainiako eta Nafarroako gobernuek osatutako enpresa publikoa da; haren ardura da ubidea egitea. Urbiziko kideen hitzetan, enpresa horren "finantza krisia" estaltzea da, neurri handi batean, bigarren fasearen helburua. "2014. urtean, 8,6 milioi euroren galerak izan zituen, eta 10,5 milioi eurorenak, berriz, 2015. urtean", aipatu izan du Charo Brinquisek. Haren hitzetan, galera horien atzean dago uste baino diru gutxiago jaso duela ekoizpen hidroelektrikoagatik, uraren kontsumoa ere uste baino txikiagoa izan dela, eta proiektuaren plangintza ekonomikoa, gainera, ez dutela ongi egin. "4-5 milioi euroren gastuak ditu Canasak urtean, mantentze eta ustiatze lanengatik, baina hori ez da inongo paperetan ageri", erantsi du Brinquisek.

Intiak egindako txostena ontzat jo du Mendigurenek, baina ez, ordea, Nilsa enpresa publikoak osatutakoa. Intiak ureztatzeko beharrak aztertu ditu; Nilsak, berriz, hornidurarakoak. Etxeetara, zerbitzuetara eta industrietara ailegatzen den urari buruzkoak dira Nilsaren ardurak, hain zuzen ere. Mendigurenek salatu du Nilsak bigarren fasearen alde egin duela bere txostenean, eta zalantzan jarri ditu lan horretan jasotako ur beharrak.

Iruñerriko Mankomunitatearekin alderatu ditu Mendigurenek datu horiek. "2015ean, etxeetan, zerbitzuetan eta industrian 30 hektometro kubo kontsumitu ziren Iruñerrian; 360.000 biztanle ditu. Erriberan 90.000 dira, eta 18,5 hektometro kuboko beharrak jarri ditu Nilsak mahai gainean". Fito Jimenezek ere zalantzan jarri ditu kopuru horiek, eta uste du ez dutela justifikaziorik. "Iruñerriko kontsumoa halako bi dute Erriberan; kontrolatu gabeko uraren kopurua ere izugarri handia da; urak ihes egiten duela erran nahi du horrek, bertzeak bertze. Beti gertatu da datuak puztu direla ubidea justifikatzeko", erantsi du Urbiziko kideak.

Garai batean, adibidez, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen Itoizko urtegia eta ubidea egin behar zirela Iruñerriak txorrotako ura behar zuelako. Errealitatea da Iruñerriak gutxitan kontsumitu duela Itoizko ura. "1,1 milioi euro ordaintzen ditu Iruñerriko Mankomunitateak, urtean, erabiltzen ez duen uragatik", salatu du Mendigurenek. Hau da, kopuru finkoa da hori, ura kontsumitu edo ez ordaindu behar dena. Egoera hori aldatu nahi du mankomunitateak berak, eta, antza, aurten kopuru horren erdia ordaintzeko akordioa egin du.

Datuen inguruko kezkak agerian utzi ditu Urbizik, baina ez du ukatu Erriberan arazo bat dagoela uraren kalitatearekin, eta konpondu beharra dagoela aitortu du. Zalantzan jarri du, ordea, bigarren fasea gauzatzea aukerarik onena ote den hori egiteko, eta alternatiba gisa aipatu ditu El Ferial urtegia eta Queilesko iturriak.

Nekazaritza eredua

Gobernuak, oraingoz, ubidearen bigarren fasearen alde egin du horniduraren esparruan dauden arazoak konpontzeko eta lurrak ureztatzeko sistema gisa. Aurreko gobernuek mahai gainean jarritako datuak ez lirateke beteko, hala ere. Bigarren faseak 21.500 hektarea ingururi eraginen ziela erran izan da urte luzez; oraingo gobernuak uste du 15.000 hektarea inguru ureztatzeko gaitasuna duela ubideak, eta, kopuru horretatik abiatuta, 9.000-10.000 hektarea inguruko azalera proposatu du. Lur azpitik obra %40 merkeago izanen litzatekeela erantsi du.

Datuez eta kopuruez harago, nekazaritzari buruzko ikuspuntu zabalago bati eusteko beharra nabarmendu du, hala ere, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberok. Urtegiaren eta ubidearen aurka agertu da sindikatu hori hasieratik, eta halako azpiegiturek ekartzen dituzten kalteak berretsi ditu Iberok, berriz ere. Batetik, salatu du ubideari lotutako ereduak bazter uzten dituela nekazari txikiak, eta monolaborantzako lurrak hedatzen dituela. Ubidea nekazarientzat uste zuten baino garestiagoa dela ere salatu du, eta gobernuak proiektua "saldu" egin duela, "zentzuzko plangintza" egin gabe.

Bertzetik, Iberok agerian utzi du ubideak erabat baldintzatzen duela Ingurumeneko, Landa Garapeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurrekontua. "Bertzelako laguntzetarako dirurik ez da; aurrekontua 76,7 milioi da, eta 21 zuzenean doaz ubidearentzat".

Kexa horrekin bat egin du Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecak; bertze hainbat departamentuk ere gastuaren zati bat hartu beharko luketela uste du; Canasak ureztatzaileei kobratzen dienarekin ere baditu desadostasunak. "Argi dut erabiltzaileok ordaindu behar dugula azpiegituraren zati bat; baina obra guztia egin gabe, orain lanean ari garenok ari gara azpiegitura osoa ordaintzen". Eta ez du bidezkotzat jo. Ubidearen alde egin du, hala ere, argi eta garbi. Eta nekazari gehienen artean ere jarrera azpiegitura horren aldekoa dela uste du. "Lehen fasean, lurren %12 baino ez dira gelditu proiektutik at".

Bertze datu bat, Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak eragindako guztien artean. Azpiegitura horien benetako dimentsioari neurria hartzea, hala ere, ez da erraza. Lehen fasea egina da. Bigarrena, oraingoz, mahai gainean. Harekin batera, batzuen kezkak, eta bertzeen itxaropenak. Behar ote den da gakoa.

Ogirik nahi ez duenari, taloa

Ogirik nahi ez duenari, taloa

Edurne Elizondo

Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozeramaile Alberto Friasek ez du ezkutatu gertatu denak "harritu" egin duela. "Harritu, bai eta haserretu ere", argi utzi duenez. "Inoizko jokalekurik okerrena dugu aurrez aurre", nabarmendu du Friasek. Azken asteotan hainbat udaletan jasotako mezuak eragin du egoera hori: Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak ezagutarazi die martxan jarri duela Ezkio-Itsaso eta Orkoien arteko 220 kilowatteko linea berrindartzeko proiektua. Ingurumenean izanen lukeen eragina aztertzeko prozesua abiarazi du jada. Proiektu horrek, hala ere, ez du ekarri aurretik mahai gainean zegoena bazter uztea. "Indarrean jarraitzen du Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artean 400 kilowatteko linea egiteko asmoak", salatu du Friasek. Ogirik nahi ez duenari, beraz, taloa eman nahi dio Espainiako Sare Elektrikoak.

Hemeretzi herritan jaso dute Espainiako Ingurumen Ministerioaren gutuna; haietako hamahiru dira Nafarroakoak. Orkoiengo azpiestazioak bi linea ditu: Altsasu-Orkoien 1 da lehena, eta Altsasu-Orkoien 2, bigarrena. Azken horrek Sakanako herriak zeharkatzen ditu, eta Etzegaratetik ailegatzen da Ezkio-Itsasora. "Hori da berrindartu nahi dutena", azaldu du Friasek. Hori egiteko, zazpi kilometroko azaleran dauden zuhaitzak moztu nahi dituzte, bertzeak bertze. "Haritzak eta pagoak dira hor dauden gehienak", zehaztu du Friasek.

Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak erantsi du linea berrindartzeko erabilitako argudioek agerian uzten dutela Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko 400 kilowatteko linea berria ez dela beharrezkoa. "Egungo linea berrindartzeko asmoa saltzeko, aipatu dute hori egiteak ekartzen ahal duela bertze linea berririk ez egitea; onartzen ari dira linea berririk ez dela behar", azaldu du Friasek.

Espainiako Sare Elektrikoak, ordea, ez du bertze linea hori egiteko proiektua bazter utzi. Inondik inora. "Aurrera jarraitzen dute", salatu du Friasek. "Argi dago ingurumenean kalte gutxiago eraginen lukeela jada eginda dagoen linea bat berrindartzeak, bertze berri bat egiteak baino; baina hemen biak egin nahi dituzte, eta hori ezin dugu inolaz ere onartu", berretsi du proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Espainiako Gobernuak 2011. urtean jarri zuen martxan 400 kilowatteko linea berri hori egiteko proiektuak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko azterketa egiteko prozesua. Behin betiko bidea erabaki eta gero, 2013. urteko udan alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Espainiako Gobernuak; Nafarroatik eta Gipuzkoatik, hain zuzen ere, 13.000 baino gehiago aurkeztu zituzten. Alegazio horiek ez dute erantzunik jaso, oraindik ere. "Proiektua geldirik dago, baina ez dute bertan behera utzi", ohartarazi dute plataformako kideek. Ingurumenean eta herritarren osasunean eraginen lituzkeen kalteak nabarmendu ditu Friasek.

Bozeramaileak berretsi du goi tentsioko linea berri horren helburua ere ez dela bertako herriak hornitzea. "Azpiestaziorik ez dute eginen; helburua da argindarra Frantziara eramatea", azaldu du. Hori bera salatu dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, behin baino gehiagotan. "Kontsumitzen dugunaren bikoitza ekoizteko gai gara; gisa horretako proiektuen atzean negozioa baino ez dago", erran du fundazioko kide Martin Zelaiak. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artekoa, gainera, ez da proiektu bakarra. Sustrai Erakuntzak mahai gainean jarri du, azken hilabeteotan, Europak bertze linea bat bultzatu nahi duela Iruñerritik Landetara, Pirinioak zeharkatuz.

Gobernua, isilik

Espainiako Ingurumen Ministeriotik jasotako mezuari erantzuten hasi dira udalak. "Alegazioak aurkeztuko ditugu". Alberto Friasek onartu du, hala ere, proiektu berriak "ezustean" harrapatu dituela herri anitz, eta zenbaitetan, segur aski, erantzuteko epez kanpo izanen direla. Amore emateko asmorik ez dute, hala ere.

Plataformak, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak duen ardura jarri du mahai gainean. Bozeramaileak erran du jakin badakitela Espainiako Sare Elektrikoko arduradunek bilerak egin dituztela Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin. "Ez dute hitzik ere erran, ordea", salatu du Friasek.

Gogoratu du, gainera, plataformak iazko maiatzean eskatu ziola bilera Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdiri. "Ez dio erantzunik eman gure eskaerari". Ondorioz, Nafarroako presidente Uxue Barkosi zuzendu diote, orain, bilera egiteko eskaera. Gobernuko arduradunen "isiltasuna" ez du batere ontzat jo Friasek, eta gogoratu du egungo gobernua babesten duten taldeen arteko akordio programatikoan jaso zela goi tentsioko linearen auzia.

Akordio horretan aipatu zuten, hain zuzen ere, azterketa bat eginen zutela goi tentsioko beste linea bat beharrezkoa ote zen edo ez zehaztu ahal izateko. Proiektuak kalte egindako herrietako biztanleen iritzia kontuan izanen zutela jaso zuen agiriak, gainera. "Baina ez dute gurekin hitz egin nahi", salatu du Friasek. Eta kezkagarritzat jo du egungo egoera. Plataforman ez daude prest ogia eta taloa jasotzeko.

Hegan egin nahi du

Hegan egin nahi du

Kattalin Barber

Gaur egun Arrosadia dena garai batean Mochuelo auzoa izan zen. Gutxi idatzi da Mochuelori buruz, baina, diotenez, bizilagunek ez zuten gustuko auzoaren izen hori, eta Iruñeko Udalari aldatzeko eskatu zioten, 1937. urtean. Orain, Arrosadia Bizirik batzarrak auzoaren izen zaharra zena eta, aldi berean, auzoko ikurra dena omendu nahi izan du, eta La Motxuela aldizkaria kaleratu berri du. Auzoko lehen aldizkaria da, auzoak egina auzoko kideentzat. Mozoloak hegan egin nahi du, eta hasi da hegalak astintzen.

"Auzoko ahots guztiak bildu nahi ditugu", esan dute Oihana Loreak, Alberto Uriartek eta Xabier Sardak. Hirurak dira Arrosadia Bizirik batzarreko kideak, eta auzo bizi baten alde ari dira orain dela hiru urtetik hona. Auzoan jazotakoa "ikuspegi positibo" batean ikusarazi nahi dute, eta horren ariketa praktikoa da La Motxuela.

Aniztasun handiko auzoa da Arrosadia, baina urteetan "baztertuta eta utzita" dagoen sentsazioa izan dute auzokide askok. "Batzarra sortzera bultzatu gintuen helburu berari eusten diogu oraindik: auzoa piztu, eraldatu eta koloreztatu nahi dugu, hemengo bizilagunok hobeki bizi gaitezen", azaldu du Sardak. Auzoko hainbat kolektibo eta bizilagunek osatzen dute Arrosadia Bizirik. Besteak beste, Arrosadiko Eguna antolatzen du urtero batzarrak.

Orain dela urte batzuk hainbat komunikabidek auzoari buruz argitaratu zituzten "albiste negatiboei" eta horiek izan zuten eraginari aurre egin nahi zioten batzarraren bidez. "Drogak, etxabeak... Bazirudien dena txarra zela Arrosadian. Horri buelta eman nahi izan genion batzarra sortuta", bat egin dute hirurek. Ekin eta lortu. Egun, auzoaren irudia bestelakoa dela argi dute auzokideek.

"Orain badago saltsa", adierazi du Loreak, eta hainbat adibide jarri ditu mahai gainean: joan den urteko maiatzean ospatu zen auzoan Arrosadia nola? izenburuko jaialdia, adibidez, eta, ekainean, berriz, Artisten Auzoak hartu zituen Arrosadiko kaleak, lau egunez. Ekinaldi horiekin guztiekin auzoa indartzen ari dela uste dute.

Ildo beretik mintzatu da Uriarte. Aspalditik zuten aldizkaria sortzeko ideia, baina unerik egokiena orain izan dela uste du: "Arrosadiko eta Santa Maria La Realeko auzokideei beren nahiak eta kezkak askatasunez adierazteko aukera eman nahi dien hedabide bat da gurea". Interesa duen edonork aukera du La Motxuelan idazteko.

Mila aleko argitaraldia izan du, eta Arrosadia Bizirik elkartearen asmoa da urtean lau aldizkari egitea. Auzoko liburutegian, osasun etxean eta hainbat saltoki eta tabernatan eskuragai dago jaio berri den aldizkaria. Auzokideen erantzuna ona izaten ari dela diote hirurek, eta interesa agertu dutela: "Ikusmina sortu du".

Gainera, hainbatek adierazi dute bertan parte hartzeko nahia, eta dagoeneko lanean ari dira bigarren zenbakia argitaratzeko: "Malguak gara, eta aldizkaria moldatuko da edukira, ez alderantziz", azaldu du Loreak. Besteak beste, bigarren eskuko arropari buruzko erreportaje bat, auzoan sortu berri den denbora bankuaren egitasmoaren inguruko informazioa eta Arrosadian tailerra duten bi artistari eginiko elkarrizketa jasotzen ditu aldizkariak lehendabiziko zenbakian.

Lehen zenbakiko artikulu gehienak gazteleraz diren arren, euskara beti presente egonen dela adierazi dute sustatzaileek. "Editoriala ele bitan da, eta asmoa da bakoitzak bere hizkuntzan idaztea. Adibidez, Errumaniako norbaitek errumanieraz idatz dezake. Aniztasuna da gure arma", nabarmendu du Loreak. Aldarrikatu egin nahi dute auzoko aberastasun kulturala, argi baitute hori dela auzolagunak batzeko bidea.

Arrosadiko bilgune

Printzearen Harresi haur eskola zaharra da egun auzoko bilgune. Han egiten dute bat Arrosadia Bizirik batzarrak, Yoar elkarteak, jai batzordeak, Munduko Medikuek, Madre Coraje elkarteak eta erraldoien konpartsak, esaterako. "Yoar gazte elkartearen urteetako eskakizuna izan da, eta orain dela hiru bat urte utzi zigun udalak", azaldu du Sardak.

Oraindik bukatuta ez dauden arren, udalak obrak egin ditu, eta egoitza beharretara egokitzen ari da, auzoko talde guztiek beren jardueretako lekua izan dezaten, hain zuzen ere.

Bizi-bizirik dago Arrosadia, eta La Motxuela aldizkariak auzokide guztiekin hegan egin nahi du, guztiak "ongi etorriak" direlako. "Gure jarduna ezagutarazi nahi dugu, eta, aldi berean, elkarlanean auzoa eraiki", berretsi du Uriartek. Horretarako, aldizkaria jarri dute bitartekari lana egiteko tresna gisa, eta bidean jende gehiago batzea da asmoa. Izan ere, aniztasuna da auzoaren sor-marka, eta, mozoloa, berriz, ikurra.

Aingeru bat dator parlamentura

Saioa Alkaiza

Aingerua dator —goiaingerua, hobeki esanda, klaseak eta hierarkiak baitaude, baita aingeruen artean ere—. Done Mikel Aralarkoa sartuko da beste urte batez Nafarroako Parlamentura. Liturgiaren unea da. Protokolo zorrotz bati jarraikiz, legebiltzarrera etorriko dira eliza katolikoko hainbat ordezkari, aingerua esku artean, eta politikariek, banan-banan, muxu emanen diote figuratxoari. Kantatu ere kantatuko diote. Irudiak ikustea besterik ez dago eliza barnean gerta daitekeen ohiko ekitaldi erlijioso bat dela antzemateko: sotana festa parlamentuan. Jaunartze traza ere badu, politikari guztiak ilaran pa emateko zain, burua makurtuz, debozioz.

Badaezpada ere: oroitarazi dezagun 2017an gaudela, instituzio publiko bati buruz solasean, ustez akonfesionala den estatu batean. Are zehatzago, aldaketaren indarrek gobernatutako lurraldean, eta, hala ere, aingeru bat sartuko da parlamentuan. Egia ez balitz, surrealista lirudiguke egoera. Aldaketaren aroa izateko ekitaldiak berdintsu segitu du. Izan ere, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k irudiari gorazarre ez egiteko eskaera aurkeztu dute, eta, EH Bilduk eta PSNk babesa azaldu dioten arren, botoak batu dituzte UPNk, PPk eta Geroa Baik. Horra jokaldia. Emaitza, gehiengoa; ondorioa, berriz izanen dugula misoginia eta bazterketa muin-muinean dituen instituzio dogmatikoa ustez denona behar lukeen ordezkaritzan. Ongi etorri LGTIB fobikoa zaren hori, ongi etorri genero bereizketa ardatz duzuna, ongi etorri pederastia ezkutatu duen instituzioa, ongi etorri dogmaren dogmaz hiltzaile deitzen diena abortatzeko hautua egiten duten emakumeei, ongi etorri bazterkeriari.

Dena dela, "aniztasunari ateak ireki" behar zaizkiolako joanen da Done Mikel parlamentura, Geroa Baiko Koldo Martinezen hitzetan, "Nafarroako aberastasunaren parte" ere badelako ekitaldia. Horrek ez du esan nahi "nahastuak" direnik erlijioa eta botere publikoak, Martinezen aburuz. Inondik inora. UPNko Carlos Adanerorentzat ere "jarraitu beharreko tradizioa" da, "inori kalte" egiten ez diona.

Horrenbeste gauza dira tradizio: herri batzuetan joaldunak bakarrik gizonezkoak izatea eta alardea pasatzerakoan batzuek plastiko beltzen atzean aurpegia estaltzea, esaterako; edo, garai batean, tradizioa zen lapurtzen zuten horiek sutan erretzea eta, egun, indarkeria matxista tradizio soziopolitikoaren parte ere bada. Aingerua joatea eta kontrako iritziak egotea ere tradizio da.

Beste behin erabaki dute eta eginen dute meza gisako omenaldi-ekitaldi-denadelako hori. Ea hurrengoan. Zain egonen gara, parlamentuak XXI. mendera bueltatu nahi duen unerako. Eskerrak kexaz gaindi une hunkigarri baterako aukera ematen digula Done Mikelek, nafar eskuina Mikel gurea gorde, gorde, gorde Euskal Herria kantatzen entzuteak baduela morboa.