Hamar metrora

Lohizune Amatria
Amorrua izan daiteke sentitzen dudana biribildu dezakeen hitza. Imajinatzen dut, gainera, ez dela soilik nire sentimendua izanen. Aurreko astean ezagutu nuen errealitate batek eragin du nire haserrea eta harridura. Nafarroako Gobernuko...

“Gogorra da aurrekoek borrokaz lortu zutena pikutara bidaltzea”

“Gogorra da aurrekoek borrokaz lortu zutena pikutara bidaltzea”

Joxerra Senar

"Barrutik hilda nago". Pedro Larrea (1968, Agoitz) LABeko ordezkariak 28 urte lan egin du TRWn, baina azken hilabeteetan bizi izandakoa ez du aurrez ezagutu. Otsailaren 24an, ZF-TRWko Iruñeko fabrikan 123 langile kaleratzeko proposamenari baiezkoa eman zioten batzarrean 327 langilek—223k, berriz, kontra—. Azken hilabetea nor kaleratuko zain egon dira langileak. Batzuek euren kontu korrontean jasotako kalte-ordainarekin jakin dute kaleratuak izan direla. Larreak enpresaren krudeltasuna salatu du.

ZF-TRWk Landabenen aldeko apusturik ez zuela egin salatu duzue. Zergatik?

Azken urteetan, TRWk ez du Landabenen etorkizunaren alde apustu egin. Lehenago, produktu berriak jaulkitzerakoan gu izaten ginen lehenak. Apustu teknologikoen lemaburu ginen, eta hori, jakina, inbertsio bati lotuta zegoen.

Noiz nabaritu zenuten?

Orain dela hiru urte, duela gutxi Iruñean izan ziren buruzagi berak heldu ziren, eta estrategia aldaketa sakon bat planteatu zuten. Irudi zuen ez zutela apustu errealik egin nahi hemen. Lana erosi zuten: lana ekartzen da hona, baina bihar hara eraman dezaket. Multinazionalak produkzioa bikoizten du. Lantoki bikiak ditu Europan, eta azkenean etengabeko xantaia bat da.

Lantoki bikien sistema hori berria da?

Bai, arduradun nagusi gisa Maciej Gwozdz jarri zutenetik dago. Gure lantoki bikia poloniarra da, bere herrialdekoa. Orain han egiten dute produkturik aurreratuena.

Multinazional baten indarrari aurre egiteko Europa mailako langileen batasuna behar da?

Europako enpresa batzorde bat dago, baina praktikoki fabrika bakoitza bere burua salbatzera mugatzen da. Adibidez, Livornoko fabrika (Italia) itxi aurreko greban, euren direkzioak egiten zituen lantoki eskirola gu ginen. Krudela eta dramatikoa da, eta pertsonalki kontraesan ugari eragiten dizkizu.

Paul Parnham 2014ko abenduan iritsi zen Iruñera Livornotik. Jabetzen zineten nor zen?

Ez zen kudeatzaile gisa etorri. Gu arazoak genituen Livornon greban zeudelako, eta ezkutuan euren direkzioak egiten ari ginen.

Bazenuten horren berririk?

Ezkutatzen ari zitzaizkigun, baina batzuk jabetzen ginen. Inoiz ez zen esan zer direkzio egiten genuen, eta Fiat Ducato hitza [Livornon egiten zuten direkzioa] ez zen aipatu. Direkzio berri batzuk egiteko makinak azkar batean egokitu behar izan ziren, eta sortutako arazo horiek konpontzera etorri zen. Ustekabea etorri zen ikusi genuenean nor zen. Gizon horrek bi fabrika itxi zituen eta beste bi moldatu. Aurretik gertatutakoek esaten ziguten jokaleku bat prestatzen ari zela.

Aurten, enpresa hurrengo fasera sartu da, eta kaleratzeak iragarri zituen urtarrilaren 12an.

Bitxia da.Abenduaren 31n 250 langile finkorekin eta ehundik gora behin-behineko langilerekin amaitu genuen. Urtarrilaren 12an, berriz, 250 finko eta behin-behinekoak sobera daude. Hori dena hamabi egunean. Ustez, bezeroek 350 langileren lana eskatzeari utzi diote. Azalpen horrek ez du bat egiten egoerarekin. Badakigu gatazka batera goazela eta stockarekin irabazten digutela. Gainprodukzio bat dago, eta hilda gaude. Horren aurka ez dago ezer egiterik.

Zenbat ekoitzi zen TRWrentzat?

Ez dugu zifra zehatzik, baina bi hilabeteko lana bazutela uste dugu. Gainera, Poloniako enpresa bikiaren bitartez, jende gehiago kontratatu zezaketen.

Nolakoa izan zen iragarpena? Lan hitzarmenaren negoziazioari buruzko lehen bileraren azken unean honako hau bota zigun: "A, eta bide batez esan behar dizuet erregulazio espediente bat aurkeztuko dugula". Ez zuen esan zenbat izango ziren; hurrengo asterako utzi zuen. Oso krudela da. Sadiko bat da.

Iruñean jarraitzen du Paul Parnhamek?

Bai, eta egunero agurtzen zaitu: "Egun on, Pedro". Aurreko bilera batean denetarik deitu nion. Irain egin diezaiokezu, denetarik esan diezaiokezu, baina bost axola zaio dena. Benetako profesional bat da. Soldatapekoa da, eta edozer jasaten du.

Esaten duena sinesten du?

Ez, esaten duenagatik ordaintzen diote. Gauza bat da sinestea eta bestea esaten denagatik ordaintzea.

Iruñeko goi kargudunek zer funtzio jokatu dute?

Aurreko kudeatzailea atzeko atetik atera zen. Ziurrenik ukatu egingo du, bere kontratuko etete klausulak isiltasuna gordetzea eskatuko diolako, baina ezagutzen genuenok bagenekien bere kabuz ez zela atera. Hala ere, bat-batean ez da ingeles bat iristen eta egin behar dena agintzen hasten. Ez, etxekoen laguntza behar du. Juan Carlos Manresa, giza baliabideetako arduraduna, itzalpeko buruzagia da. Fabrika ezagutzen du, eta funtsezko rola jokatu du.

Nolakoa izan zen gizartearen laguntza?

Eredugarria. Mundu guztia eskertu besterik ez dugu. Denak atera ziren kalera arrazoi ekonomikorik eta etikorik gabeko egoera bat salatzera.

Hala ere, presio horrek ez zuen balio izan.

Espedientearen kontsulta epea gainditzea lortu genuen, eta ondorioz, negoziaziorako leiho bat ireki zen. Oso hilabete zailak izan dira. Negoziaziorako aukera hori irekita, oso zaila zen esatea gizartearekin ez genuela greba etengo.

Eta greba eten zenuten, baina izan al zen negoziaziorik

Ez. Aurretik jakin bagenu, agian gauzak aldatuko ziratekeen, baina konpromiso hori hartu genuen. Europako bi arduradunak etorri zirenean uste genuen Paul Parnham baztertuko zutela. Baina lau eguneko elkarrizketetan ez zen negoziaziorik izan. Aurreko saioetan egindako azken proposamena aurkeztu ziguten: dagoena dago, eta irentsi behar duzue.

Otsailaren 24ko batzarra iritsi zen. Proposamena onartu edo ez erabaki behar zuten langileek. Nolakoa izan zen?

Oso gogorra izan zen. Ez zen interbentziorik izan. Sindikatu bakoitzeko ordezkariek bakarrik hitz egin genuen. LABekoek proposatu genuen grebara itzultzea, eta kaleratze traumatikorik ez izateko helburua berreskuratzea. Jakina, arrisku guztiak gure gain hartuta. Inork ezin dezake esan greba mugagabea irtenbide magikoa dela. Bere arriskua zuen, baina 123 familiarentzat arnasbide bakarra zen.

Gatazkak mugarria ezarriko du Iruñeko fabrikan?

Gauza ugaritan mugarri bat ezartzen du: arlo sindikalean, ez delako orain arte halako prozesurik izan; langileen artean, inoiz ez zaielako agur esan 123 langileri; enpresarekin lan harremanak ere aldatu egingo dira. Baina, gainera, etorkizunera begira mugarri bat da. Oso gogorra da 123 lankideri agur esatea eta aurreko belaunaldiek urtetan borrokaz lortutakoa pikutara bidaltzea, baina, gainera, honek guztiak ez dakar etorkizunik. Lau urte barru ez dago ezer bermatua.

Adabakiz jositako eraikin zaharra

Adabakiz jositako eraikin zaharra

Asier Garcia Uribarri

Hemen guztia MacGyverrek egindakoa dirudi", horrela azaldu du Pedro Lopez Lehendakaritza Departamentuko arkitektoak Nafarroako Jauregiaren egoera. Eraikina 1851. urteko abenduan inauguratu zuten, Foru Diputazioko egoitza izateko. Mende eta erdi luzean aldaketa ugari jasan ditu jauregiak, baina sakoneko azken erreforma 1951. urtekoa da. Eraikineko oin nagusia 1986an berritu zuten, eta presidentetza kabineteko bulegoak, 2008an. Gainerako espazioek bere horretan jarraitzen dute. Lopezek azaldu du azken urteetan adabakiak baino ez dituztela jarri. Hori zergatik gertatu den galdetuta, lanetarako dirurik ez zegoela azaldu du arkitektoak. "Jauregia Lehendakaritza Departamentuaren ardura da, eta sail horrek ez du inoiz dirurik izan".

Maria Jose Beaumont Lehendakaritza eta Funtzio Publikoko kontseilariak kargua hartu bezain laster salatu zuen jauregiaren egoera. "Ezin nuen sinetsi", izan ziren kontseilariaren hitzak. Horregatik agindu zuen eraikinaren azterketa oso bat egitea. Nafarroako Hitza-k Lopez eta Edurne Iriarte jauregiko lanak koordinatzen dituen arkitektoarekin bisitatu du eraikin historikoa.

Hala ere, Nafarroako Jauregiaren arazo bakarra ez da arkitektonikoa. Edurne Eginoa Presidentetza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiaren arabera, "egun jauregiak ez du jarduera sailkatuetarako lizentziarik, ezta irekitzekorik ere". Horregatik, hasi dituzte Iruñeko Udalarekin eraikina "legeztatzeko" pausoak. Horrek esan nahi du eraikinak ez dituela betetzen irekita egoteko legeak eskatzen dituen baldintzak: besteak beste sute, lan segurtasunekoak eta iristeko erraztasunekoak.

Behin jarduera sailkatuetarako lizentzia lortuta, beharrezkoak diren lanak egingo dituzte legea betetzeko. "Kasu batzuetan egokitzapen hutsak izango dira, baina beste batzuetan eraberritzeko lan sakonak egin beharko dira. Artxiboko eraikina, adibidez, goitik behera aldatu behar da".

Baina jo dezagun eraikinera. Kaletik begiratuta Nafarroako Jauregiak izan dezakeen gauzarik deigarrienetako bat San Ignazio kaletik ikusten den lorategia da. Gaur egun duen itxura 1953an Victor Eusa Foru Diputazioko arkitektoak diseinatutakoa da. Urrunetik ez da ezer arraro nabaritzen, baina lorategiko zorua hondoratua dago, bereziki isurbidearen inguruan eta artxiboko eskaileren ondoan. "Iturriak ur asko galtzen du, eta lurra eraman du. Gainera, lur azpitik sartu dute zuntz optikoa. Horrek guzti horrek eragin du zorua hondoratzea", azaldu du Lopezek. "Duela sei bat urte iturria iragazgaitz bihurtzeko xafla batzuk jarri ziren, ur asko galtzen zuelako. Garai hartan esan ziguten bost urte baino ez zuela iraungo. Baina dirurik ez zegoenez, hori egin genuen".

Iriartek lorategiari buruzko pasadizo berezi bat azaldu du: "XX. mende hasieran Gernikako Arbolaren muskil bat landatu zuten. Ez dakigu noiz kenduko zuten, baina akaso 1953an, orduan aldatu baitzuten". Era berean, lorategiak hasieran izan zuen iturri borobila Baionan erosi zutela zehaztu du. Iriarteren arabera, lorategiaren itxura soilduz joan da aldaketa bakoitzarekin. Hala ere, berak gaur egungo itxura mantenduko luke. "Erreforma batzuk egin behar dira, baina irudi hau gustatzen zait".

Artxibo ohia

Jauregiko artxiboko eskaileren aurreko zoruak maila bat egin du behera. Bertatik artxiboko zorroten zaharkituak ikusten dira, eta inguruan sortu dituzten hezetasunak. "Buxatuta daude. Duela urte batzuk zulotxo batzuk egin genizkien zorrotenei ura askatu zezaten. Une zehatz baterako irtenbide ona da. Baina horrek ez du konpondu benetako arazoa. Zorrotenak goitik behera aldatu behar dira. Gaur egun daudenak 1980ko hamarkadakoak izango dira".

Nafarroako Jauregiko eraikinetatik artxibo zenak du egoerarik okerrena. "Artxibo Nagusia eraikin berrira eraman zutenean, hau hutsik gelditu zen, eta biltoki gisa erabiltzen da", azaldu du Lopezek. Bertan aurkitu daitezke, besteak beste, jauregiko Olentzeroa eta Nafarroako armarri ereinozduna duten aulkiak.

Iriartek azaldu du artxiboko irakurketa gela zena museo gisa prestatu zutela. Hori da eraikin osoan txukun dagoen gela bakarra. Kanpotik ikusten diren hezetasunen eragina barruan ere ikusten da. Hala nola azken solairuko geletako baten sabaia duela hiru urte erori zen.

Lopezek dio artxiboko hormak eta teilatuak direla konpondu beharreko lehenengo gauzak. "Kanpotik barrurako lanak egin behar dira. Lehenengo urak sartzeari utzi behar dio, eta gero, barrukoa atonduko dugu". Jatorrizko teilatua zinkarekin egin zuten, baina 1970eko hamarkadan uralitagatik aldatu zuten. "Garai hartan, materialik onena zela pentsatuko zuten. Baina ez da egokia, ura sartzen baita. Berriro ere atzera egin eta zinka jarri beharko dugu", adierazi du Iriartek.

Lopezen aburuz eraikineko gauzarik baliotsuena Jainkozko amodioa XVII. mendeko tapiza da. Hori ere eraberritzeko dago. "Apurtuta dago, eta pipiak ditu. Hainbat aldiz eskatu dugu aurrekontua konpontzeko, baina inoiz ez da egin". Artxiboko eskaileretako jatorrizko hormak berreskuratzearen alde dago Lopez, gaur egungoaren azpian dagoena. "Eraikina berritzean, jatorrizko margoa berreskuratu beharko litzateke. Bertan Nafarroako hiribildu guztietako armarriak baitaude".

Oraindik eraikinaren azterketarekin badaude ere, aurrera begirako helburuetako bat artxibo zenaren oin nagusian aritzen diren hainbat langile lekuz mugitzea dela azaldu du Eginoak. Oin nagusian aritzen diren langileak pilatuta daudela salatu du Iriartek. Behin langileak mugituta, aztertuko dute jauregitik kanpo dauden zenbat langile sar daitezkeen jauregian. Horrez gain, ekitaldi areto bat egitea ere aztertzen ari dira. Jauregiak ez baitu horrelako gelarik. Era berean, osoko bilkuren areto berri bat egiteko asmoa ere badute. "Gaur egun gobernua biltzen den gela ez dago prestatua horretarako. Areto zahar bat da, eta ez ditu beharrezko baliabideak. Gainera, oso gela iluna da", adierazi du Eginoak.

Oin nagusia

Jauregiko bizia oin nagusian dago. Bertan 300 bat lagunek lan egiten dute, eta gune batzuetan pixka bat pilatuta, gainera. Goiko solairuan Nafarroako SOS deietako egoitza zegoen; 2006an lekuz aldatu bazituzten ere, tokiak berdin jarraitzen du. Hala nola orduko afixak mantentzen dira.

Hala ere, goiko solairuko punturik harrigarriena San Ignazio kalera jotzen duten eskaileretako sabai-leihoari eusten dion egitura da. Egun jatorrizko egurrezko egitura mantentzen da. Hori bai, altzairuzko habeekin lagundua. Pipiek egurra nahiko janda dutelako. "Garai batean altzairuzko habeak jartzeko beharra izan zuten, baina egun ez dago hondoratzeko arriskurik. Hala ere, beharrezkoa da egurra garbitzea", azaldu du Lopezek.

Oin nagusia nahiko ondo dago. Hala ere, bada zer hobetu. Kasu askotan dekorazioa 1970eko hamarkadakoa ematen baitu. Jauregiko jatorrizko gelak oso altuak dira, bereziki beheko solairuan. Espazioa aprobetxatzeko asmoz, solairuarteak eraiki zituzten. Horren emaitza, oso baxua den lehen solairu bat sortzea izan zen. Gainera, solairu horretako bulego batzuek ez dute kalera jotzen duen leihorik. Beste batzuetan badute, baina leiho handi baten goiko zatiak dira. Hau da, beheko solairuan pertsiana ixten badute, goikoari ere ixten diote. Solairu horietan aire girotua 2010. urtean jarri zuten, eta eraikinaren energia kalifikazioa E da.

Nafarroako Jauregiak 160 urte ditu. Azken mende erdian egindako lanak erabat partzialak izan dira. "Planteamendu orokorra behar du eraikin honek. Ikuspegi bateratua", uste du Lopezek.

Iragana begien bistan

Iragana begien bistan

Maialen Belarra
Sartagudako istorioak historiaren parte dira. 1936an gerra itxurako mamuak belztu zuen herria; sartagudarrak sartagudarren aurka. Batzuk hiltzaileak, besteak hildakoak; bizilagunak nahiz odol berekoak. Guztira 86 gizon fusilatu zituzten...

Rotaflexaren prozesioa

Rotaflexaren prozesioa

Edurne Elizondo

Aste Santua zen. 1996ko apirilaren 6a. 07:15 aldera. Desconstrucciones Itoiz enpresako zortzi langile eraikitzen ari ziren Itoizko urtegiko hormara hurbildu ziren. Lan jantzien azpian, Itoizko urtegiaren aurkako elastikoak zituzten. Helburu zehatzarekin joan ziren urtegira: porlana garraiatzeko sistemako kableak moztea. Horman, rotaflexak hartu zuen hitza, eta haren diskurtsoaren amaieran, helburua betetzea lortu zuten solidarioek: kableak moztu, eta sutan erori ziren. Urtegiko lanak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten.

Hogei urte beteko dira datorren astean, hilaren 6an, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek kableak moztu zituztela. Hura izan zen solidarioen ekintzarik ikusgarriena, bai eta eraginkorrena ere. Ez bakarrik lanak hainbat hilabetez gelditzea lortu zutelako; Itoizko auzia Euskal Herriko mugetatik kanpo eraman zutelako ere bai. Bederatzi hilabeteko etenaldiaren ondotik, hala ere, obrek aurrera jarraitu zuten. 2004. urteko urtarrilaren 19an, urtegia betetzen hasi zirela ospatu zuen Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Baluarten.

"Oso ekintza interesgarria izan zen, eta piztu zuen halako garra. Garai hartan, proiektua gelditzeko esperantza bazen. Izan zituen ondorio latzekin ere, ekintza positiboa izan zela uste dut. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude". Horixe nabarmendu zuen Itoitzekin Elkartasuna taldeko kide Julio Villanuevak, 2013an, urtegiaren azpian gelditu diren herriak bota zituztela hamar urte bete zirenean.

Villanueva izan zen kableen mozketagatik espetxean sartu zituzten hiru solidarioetako bat. Iñaki Garia Koch izan zen kartzelan sartzen lehena, 2001. urtean. Ia lau urte eman zituen barruan. 2004ko martxoan, Ibai Ederra espetxeratu zuten, eta bi urte eta erdi pasatxo egon zen kartzelan. Villanueva, berriz, 2007ko abuztuan sartu zuten espetxean, eta urte bereko abenduan atera zuten.

Itoizko urtegiko kableak moztu zituzten Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kideek lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. "Zorrotzak izan ginen, eta obretan inor ez zegoen momentuan joan ginen. Baina zinpekoa han zen, eta aitzakia hori baliatu zuten legez kanpoko atxiloketa egozteko", gogoratu zuen Villanuevak, 2013an egindako elkarrizketan.

Kazetariak lekuko

Solidarioekin batera, hainbat kazetari izan ziren 1996ko apirilaren 6ko ekintza haren lekuko. Tartean zen Egunkaria-ko Iruñeko delegazioko kide Ana Unanue. Kableen mozketaren hamargarren urteurrenean, goizalde hartakoak gogoratu zituen Unanuek BERRIA-n: "Eguna argitu aurretik lo kuluxka egiteko esan ziguten. Baina nik ezin nuen. Nerbioek jota nintzen, gaizki aterako zela pentsatuz. Baina oso azkar joan zen dena, eta garbi".

Zinpeko guarden haserrearen lekuko izan ziren kazetariak. Solidarioek lurrean botata jaso zuten jipoiarena ere bai. Ekintza amaituta, Guardia Zibilaren zain gelditu ziren Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak. Ez zuten ihes egiteko asmorik. Unanuek argi zuen ekintzaren irudiak suntsitu nahiko zituztela zinpekoek eta guardia zibilek. Ez zuten lortu, ordea. Argazkiak egin, eta berehala atera zituzten filmak handik taldeko hainbat kidek. Unanuek berak, bularretakoan bazituen bi film gordeta. Kableen mozketa gertatu eta gero, Egunkaria-ko Iruñeko egoitzako atea indarrez ireki, eta hankaz gora jarri zuten bulegoa. Ustez, argazki film haien bila. Ez ziren han gordeta, ordea.

Ekintza egin eta gero, kazetariek ordu eta erdi egin zuten Agoizko Guardia Zibilaren egoitzan. Anitzez ere denbora gehiago eman zuten han Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek. Nafarroako eta Espainiako gobernuak hasieratik saiatu ziren haien jarduera kriminalizatzen, solidarioek salatu zutenez. Langileen lanpostuen gaia baliatu zuten jendearen artean eztabaida pizteko.

Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek ere eztabaida piztea izan zuten helburu, eta Europan bira egin zuten, haien aurkako auziaren eta Itoizko urtegiaren berri zabaltzeko. Elkartasuna jaso zuten trukean, munduko hamaika txokotatik.

Ez zen nahikoa izan, ordea, proiektua behin betiko gelditzeko. Kableak moztu zituztenean, bazen urtegia legez kanpokoa zela erraten zuen sententzia. Betetzeko ezin ordain zitekeen bermea jarri zutela izan zen proiektua ez gelditzeko gakoa.

2003. urtean bota zituzten urtegiak egun azpian dituen herriak. Geroztik, zazpi herri pobreago da Nafarroa. Auzia, halere, ez da amaitu. Segurtasun arazoak ez dira desagertu. Galdutako herrien memoria ere ez.

Bizirik

Lur Albizu Etxetxipia

Zaila egiten zait egoera irudikatze hutsa. Zaila eta mingarria. Dagoeneko ia laurogei urte pasatu dira Artazutik eraman eta hil zituztela.

Lau anaia ziren: Jose, Felix, Ezekiel eta Florencio Bengoetxea Arellano. Antzeko zortea izan zuten denek: hiru Etxauriko hobi komunean daude, eta laugarren anaia, Erreniegan. Lanean zeudela harrapatu zituzten Jose, Felix eta Ezekiel, segan ari zirela, eta atxilo eraman. 1936ko abuztua zen. Handik, Ezkabako kartzelara bidali zituzten. Gerora, Iruñeko espetxera mugitu zituzten, eta handik atera zituzten Etxaurin erailtzeko. Florencio Garesen egon zen preso, Astraingo atakan hil zuten ondoren. Haien delitu bakarra sindikatu bateko kide izatea zen. Akusazioa: "Lurraren Langileen Elkartearen propagandista eta buruzagiak" izatea.

Garesti ordaindu zuten, garestien ordaindu zutenak izan ziren, baina ez bakarrak. Sortzez Artazukoa baina Garesko herritarra zen Clemente Reta Viguriari ere heriotza esleitu zioten, eta Etxauriko hobi komunean dago, lehen aipatu ditugun beste hiru anaiekin batera. Longidan bizi eta jaiotzez Artazukoa zen Zakarias Bengoetxea Ruiz ere hil zuten Elon.

Bengoetxea Arellano anaietatik bi gelditu ziren bizirik; Flaviano eta Timoteo, biak ala biak frontera bidaliak, haien anaiak hil zituztenen ondoan, derrigorturik. Azanza anaiak eta Doroteo Urra, Herriko Etxeko kideak denak, preso izan ziren Iruñean. Valeriano Ugarte eta Pedro eta Victor Bengoetxeak nahiago izan zuten ihes egin; Tomas Aldazek taberna itxi eta Frantziara egin zuen alde (han hil zen bere semeetako bat, nazien kontra borrokan). Severiano Bengoetxeak ere muga pasatu zuen, baina errepublikarrekin borrokara itzuli zen. Santoñako kartzelan egon zen. Ez zen hartaz besterik jakin, baina Errusian ikusi omen zuten azkenekoz, II Mundu Gerran.

Ez zen samurra gure herrian bizitzea. Tradizio karlista handiko herria zen Artazu; gutxi ziren (aurretik ere kasik nahitaezkoa zen) arautik ateratzen ziren herritarrak. Gutxi ziren, baina errepresioa zuzenean jasan zuten. Modesto Azkonak uko egin zion gerrara joateari eta, jazarpenak bultzatuta, Garesera joan zen bizitzera. Ondotik, sei hilabetez izan zen espetxean anaiarekin, Franco eta gerrari buruzko iruzkinak egitea egotzita. Artazuk ez zituen 400 biztanle ere, eta badaude kontatzekoak. Historiaren atzeko aldean egoten diren horiek guztiek ere, emakumeek, izanen zuten zer esana. Izanen zuten zer bizia eta zer sufritua. Gizonen historia kontatzen dugu, baina zer gertatu zitzaien emakumeei? Nolakoa izan zen haien aurkako errepresioa?

Irailean omenaldi txiki bat eginen zaie hildakoei eta Artazuko lurretan erail zituzten beste bi gizon ezezaguni. Isiltasunak hartu zituen gure herriak. Berandu da; senide gutxik ikusiko dute, baina ez gaitzala berriz ahanzturak harrapa. Bizirik jarraitzen dutelako gure memorian.

Elkartasunaren ordua

Elkartasunaren ordua

Edurne Elizondo

Lotsa-lotsa eginda nago". Irune Lekaroz iruindarrak erran ditu hitzok, baina sentimendu hori herritar anitzengan nagusitu da, ikusita Europa nola hartzen ari den Siriatik eta gerra pairatzen ari diren bertze hainbat herritatik ihes egindakoak. "Ailegatzen zaizkigun irudiek guztiz lotsatzen eta tristetzen naute". Lekaroz Nafarroako Gobernuak osatutako zerrendan diren boluntarioetako bat da. Hainbat hizkuntza badaki, eta gela bat hutsik du etxean. "Lagundu nahi dut".

Are gehiago, orain. Ostiralean, Europako atea ixtea erabaki zuen Bruselak; kolpe batez, gainera. Gerratik ihes egindakoei babesa emateko legezko betebeharra du, baina bizkarra eman dio. Bai betebehar horri, bai eta Europara babes horren bila etorri diren migratzaileei ere. Bruselak Turkiarekin tratua egin du, eta Europara sartu nahi dutenei atea blokeatu die. Astelehenean, gobernuz kanpoko erakundeak kanporatzen hasi ziren Lesbos irlatik (Grezia); Europako Batasuna hasi da iheslariak Turkiara itzultzen.

"Hau da Europaren benetako aurpegia; baina ez da oraingo kontua. Ceutan eta Melillan ere gertatu zen; handik sartu nahi zuten migratzaileak bota zituen Espainiak, eta mozal legea erabili zuen legez kanpokoa zena legezko bilakatzeko; gauza bera egiten ari dira orain". Horixe salatu du Javier Indurainek. SOS Arrazakeria taldeko kidea da, bai eta Iruñea Harrera Hiria plataformakoa ere. Hainbat aldiz atera da karrikara azken egunotan, ehunka herritarrekin batera, migratzaileei "benetako Europaren" mezua helaraztera: "Ongi etorri!".

Irune Lazkozek ere karrikan salatu du azken egunotan Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa. Etsipena eragin dio hitzarmen horrek. Lagundu nahi eta zer egin ez jakiteak ere amorratzen duela onartu du. Duela astebete Nafarroako Gobernuko eta Gurutze Gorriko kideekin bilera egin zuten iheslariak laguntzeko izena eman dutenek. Ehun herritar baino gehiagok egin zuten bat. Proposamenak eskatu zizkieten gobernuko ordezkariek boluntarioei, eta batek baino gehiagok eskatu zien agintariei hegazkin bat bidal dezatela, Nafarroak hartuko dituen iheslarien bila. "Badakigu ez dela posible, baina etsita gaude, suminduta, haserre. Ezin dugu gertatzen ari dena onartu".

Nafarroako Gobernua 300 iheslari hartzeko prest agertu zen, joan den irailean. Oraingoz, hamasei baino ez dira ailegatu herrialdera, Gurutze Gorria erakundearen bitartez. Siriarrak dira, baina Ceuta eta Melillatik ailegatu dira Nafarroara. Egunotan hogei pertsonako bertze talde bat ailegatzekoa da, bi hiri horietatik ere.

300eko kupotik, bat ere ez

"Nafarroak hartu nahi zituen 300 horietatik, beraz, bakar bat ere ez da ailegatu", nabarmendu du Indurainek. Egoera antzekoa da bertze hamaika tokitan. Izan ere, iheslarien krisia hasi zenean, 159.000 hartzeko prest agertu zen Europako Batasuna. Denera, 1.000 ere ez ditu hartu. Nafarroan, gobernuak argi utzi du "arrazoi humanitarioak lehenetsi" behar direla, bertzelako arrazoien gainetik, baina iheslariak laguntzeko eta hartzeko eskumena Espainiako Gobernuarena dela.

Eskumenen eta arduren banatze horren erdian daude zerbait egin nahi duten herritar anitz. "Lagundu nahi dugu, baina ez digute uzten; ez dakigu nola egin". Horixe nabarmendu du Irantzu Ansorenak. Irurtzungoa da, baina Zizurren ari da iheslarientzako haur-eramaileak jasotzen, iheslariei bidaltzeko. "Donostiako bi emakumek jarri zuten egitasmoa martxan, eta bat egitea erabaki nuen. Haur anitz ikusten ditugu hedabideen bidez ailegatzen zaizkigun irudietan; besoetan eraman behar dituzte haien gurasoek. Haur-eramaileak bidaltzea da ahal dugun neurrian laguntzeko modua, erosoago eta seguruago mugi daitezen".

Martxoarekin batera hasi zen Ansorena haurrak eramateko motxilak eta antzekoak biltzen; hilaren amaieran Madrilera bidaliko ditu, eta handik eramanen dizkiete iheslariei. "Denera 40 inguru izanen ditut bidaltzeko".

Ansorenak bezala, elkartasuna azaltzeko moduak bilatu dituzte bertze herritar anitzek ere. Iheslariei ongi etorriak direla erran diete sare sozialetan zintzilikatu dituzten kartelen bidez, adibidez. Erakundeek ere bilatu dituzte keinuak egiteko bideak. Eguesibarko eta Zizur Nagusiko udalek, adibidez, Europako bandera kendu dute udaletxetik, azken egunotan. Nafarroako Parlamentuak ere bai. Iruñeko Udalak, berriz, adierazpena onartu zuen joan den astean, Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa gaitzetsi eta Europako mugak irekitzeko eskatzeko. Joan den irailetik, harrera hirien sareko partaide da Nafarroako hiriburua.

"Elkartasuna ongi dago, eta behar da. Baina haratago jotzeko beharra ere bada. Gorago egin behar dugu so; agintariek ez badute deus egiten, elkartasunak bakarrik ezin izanen du arazoa konpondu". Horixe uste du Unai Beroiz fotokazetariak. Turkian eta Grezian izan zen iaz, Dani Burgi eta Luis Carmona lankideekin. Beroiz ere karrikara atera da Turkiaren eta Bruselaren arteko akordioa salatzera. Argi du hobe dela akordio horrek lotuta duen diru saila bertze modu batera gastatzea: "Erabil dezatela, adibidez, gerra gelditzeko". Badaki ez dutela eginen. Eta badaki, halaber, ateak itxi dituen Europa ere badela milaka eta milaka pertsona horiek iheslari bilakatu dituzten gerren erantzule.

Beroizek argi utzi du: "Fotokazetariak gara, eta gure lana egitea da laguntzeko dugun modurik onena, gertatzen ari dena zabalduz, hitzaldiak emanez eta abar". Onartu du, hala ere, Lesbosen gisako toki batean zuzenean esku hartu eta lagundu bertze erremediorik ez dela.

Bizi izandako hainbat pasadizok bereziki ukitu eta hunkitu zuten Beroiz, azaldu duenez. "Gogoan dut, adibidez, ordenagailu eramangarriari helduta ailegatu zen gizona. Txalupatik jaitsi, eta lehortzen hasi zen. Gailu horretan bere bizitza osoa zegoela erran zigun, eta, batez ere, bere curriculuma. Ingeniaria zen".

Lesbosera ailegatu zen familia bat ere gogoan du Beroizek, bereziki, kideen eskuzabaltasunagatik. "Ez zuten deus, eta zuten apur hori eman nahi zizuten, lagundu izana eskertzeko". Beroizen eta lankideen autoan sartu ziren familiako haurrak berotzeko, erabat bustita ailegatu baitziren. "Alaba txikiak bere panpina eman zigun eskertzeko".

Arrazakeriaren arriskua

Javier Indurainek "benetako Europa" hori aipatu du, berriz ere; Grezian iheslariak lagundu dituzten bertako herritarren adibidea. Bertze aldean kokatu du lagundu nahi izan duten herritar horiei isunak jarri dizkien Europa. Ez du erabaki horrek harritu SOS Arrazakeria taldeko kidea: "Europak bere egin ditu eskuin muturreko alderdien programak". Kezkagarritzat jo du egoera hori, arrazakeriak gora egiteko testuingurua eman dezakeelako.

Nafarroan ere bai. Izan ere, iheslarien aurkako mezuak agertu dira hainbat tokitan. 2013an, herrialdean gertatu ziren 20 gorroto delituetatik 14 izan ziren arrazakeriagatik; 2014an, berriz, 24tik 13. Horren aurka egin zuten larunbatean, Iruñean. Arrazakeriaren aurkako eta migratzaile guztien aldeko mezua zabaldu zuten, karrikan, SOS Arrazakeriak, Amnesty Internationalek eta Paperak Denontzat elkarteak. "Gerrak, pobreziak edo klimaren aldaketak martxan jarritako migratzaile guztiei: ongi etorri!".

“Une historikoa da hau; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela”

“Une historikoa da hau; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela”

E. Elizondo

Iruñea Harrera Hiria plataformako kide da Txantreako Auzo Elkartea. Haren eskutik, hitza hartu zuen Dani Burgi fotokazetari iruindarrak, joan den astean, auzo horretako liburutegian. Lepo bete zuten aretoa haren azalpenak entzutera joan zirenek. Jakin-minez ziren. Turkian eta Grezian izan zen Burgi 2015 urte bukaeran; Alemaniaraino egin zuen bidaia iheslariekin. Hamaika galdera egin zizkioten entzuleek. Burgik ez du zalantzarik: "Argi izan behar dugu une historikoa dela oraingoa; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela. Gizarte oso bat ari da mugitzen", azaldu zien.

Burgik Turkian ikusitakoa nabarmendu zuen bere hitzaldian; Lesbosera jendez beteta ailegatzen ziren ontziak ateratzen ziren tokian gertatzen zena, alegia. Batetik, Izmir hiriko errealitatea jarri zuen Burgik mahai gainean: "Etorbide handi bat zegoen, iheslariz beteta; han mafiak ez ziren ezkutatzen; eta dendetan ere agerikoa zen errefuxiatuen kontura egiten zuten negozioa; plastikozko txalekoak eta antzekoak saltzen zituzten nonahi".

Bertzetik, iheslari horiek ontziratzeko unekoak azaldu zituen fotokazetari nafarrak. Asos izeneko herrixka batean izan ziren Burgi eta haren bi lankideak. "Izmir hiriko etorbidean ikusitako jendetza ez zen inon ageri; egunean, ordea, 70 ontzi ari ziren Lesbosera gurutzatzen; non zegoen jendea?". Basoan aurkitu zuten erantzuna. Han ezkutatzen ziren iheslariak, txalupan sartzeko unea ailegatu arte.

Une horretan gertatzen zenaren lekuko izan zen Burgi. "Beldurgarria zen; pertsona horiek 1.500 edo 2.000 dolar ordaintzen zuten 10 kilometro eskaseko bidaia egiteko, eta inolako segurtasunik ez zuten". Giza eskubideak etengabe urratzen zirela azaldu zuen Burgik: "Mafietako kideek plastikozko hodiekin kolpatzen zituzten. Labanak eta pistolak ere bazituzten".

Emakumeak eta haurrak jartzen zituzten ontzien erdian. Haien inguruan, berriz, gizonezkoak. "Tokia ahalik eta ongien aprobetxatzeko, bizkar-zorroa bota behar izaten zuten anitzetan. Hondartza ihes egin nahi zuten pertsona horien oroitzapenez beteta gelditzen zen. Zuten apurra, bota egin behar zuten".

Milaka hildako

Urduritasun handiko momentuak zirela erantsi zuen Burgik. "Ontzi bakoitzaren ardura zuen pertsonak ez zuen bidaia iheslariekin egiten; ontzian zirenen artean bat izendatzen zuten arduradun, eta hark gidatu behar izaten zuen ontzia, deus jakin gabe ere". Txalupen egoera ere kaskarra izaten da. Elementu horiek guztiek egiten dute 10 kilometro eskaseko bidaia hain arriskutsu. "2016. urtea hasi zenetik hilaren 15a bitarte 456 pertsona hil dira, gutxienez, Mediterraneo itsasoan; 2015ean 3.695 hil ziren". Iaz, hain zuzen, milioi bat pertsona sartu ziren Europan. Iheslarien kopurua, munduan, 60 milioira ailegatu da jada.

Errealitate horren aurrean, herritar guztiek duten ardura nabarmendu zuen Burgik bere hitzaldian. "Gizarte gisa erantzun bat eman behar diogu gertatzen ari denari". Kazetariak kezka agertu zuen iheslarien aurkako jarrerengatik. "Gorrotoaren diskurtsoak gora egin du, eta herritarrok ezin dugu horrelakorik onartu. Ez dago gure esku Siriako gerra gelditzeko boterea, adibidez, baina gure ardura da gerra hori geldi dezatela eskatzea; nire auzoan mezu hori zabaltzeko egin behar dut lan, eta, batez ere, iheslari horien larruan jartzeko ahalegina egin behar dugu". Turkian eta Grezian ikusitakoak gogora ekarri zituen: jendearen beldurra, txalupatik jaisterakoan laguntzen zituzten ezezagunei ematen zizkieten besarkadak... eta, batez ere, aurrera egiteko duten gogoa.

Hamabost labankada, bi tiro

Hamabost labankada, bi tiro

E. Elizondo
Isiltasuna da nagusi aretoan, Alexandra Andinok (Tegucigalpa, Honduras, 1980) hitz egiten duen bitartean. Entzuleen emozioa baino ez da sumatzen. Eta nabarmena da. Naturaltasunez kontatu du Hondurasko ekintzaile transexualak bere istorioa. ...