Bardoak itzuli dira Nafarroara

Bardoak itzuli dira Nafarroara

Bardoen urtea da aurtengoa Nafarroan: Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak izenburuko taldekako txapelketa antolatu du, hirugarrenez. Gaur hasiko dira saioak, eta martxoaren 19an eginen dute finala. Denera, 16 taldetan banatutako 121 pertsona ariko dira, haietako 71 kantuan. Agertokira abestera igoko diren horietatik hogei, gainera, lehenengo aldiz ariko dira jendaurrean.

Datu horiekin hagitz kontent agertu da Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkari Lorea Arburua. Erakusten dutelako, haren ustez, txapelketa ari dela bere helburua betetzen: "Jendea bertsotan aritzera animatu nahi dugu".

Txapelketako lehen fasea gaur bertan hasiko da, eta, otsailaren 7ra arte, hamasei saio hartuko ditu. Gaur, Lizarran, Donamarian, Barañainen eta Beran ariko dira lehendabiziko taldeak kantuan.

Duela bi urte, 60 bertsolari aritu ziren txapelketan. Gora egin du kopuruak aurten, bertzeak bertze, bertso eskoletan egiten ari diren lanari esker. Helduentzako bertso eskolekin harreman estua du Bardoak egitasmoak, hain zuzen ere; eskola horien eta Nafarroako txapelketa nagusiaren arteko zubi lana egin nahi du: bertsolari berri eta gazteentzat esperientzia hartzeko tresna izan nahi du, txapelketa nagusira begira, trebatu ahal izateko.

Banakako txapelketak izan dezakeen kutsu ofizial edo zurrunagotik urrundu nahi du Bardoak egitasmoak, eta, gainera lagun arteko saioak egiteko aukera eskaini, bertsolaritzaren alderdi guztiak ezagutzeko. Izan ere, parte hartzen duten taldeetako kideak izaten dira bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile. "Elkarteak egiten du koordinazio lana, baina askatasuna dute taldeek; bakoitzak bere saioa bere erara antolatu ahal izaten du".

Lehendabiziko aldia 2012. urtean egin zuten. Urte hartan, bai eta 2014. urtekoan ere, umorea bilakatu zen saio gehienetako protagonista. Aurten ere hala izanen dela uste du Arburuak. Ohiko agertoki handietatik urrun, euskarri txikiko saioak izaten ohi dira Bardoak egitasmoak eskaintzen dituenak, eta horrek aukera ematen die antolatzaileei eta parte hartzaileei askatasun handiagoz jokatzeko. "Bertsolaritza antzerkiarekin nahasi izan da orain arte egindako hainbat saiotan", azaldu du, horren adibide, Arburuak.

Txapelketari arnasa

Urtero egiten zuten Nafarroako banakako txapelketa, 2012. urtera arte. Urte batzuk lehenago hasi zen bertsolarien eta bertsozaleen artean horri buruzko gogoeta, konturatu zirelako lehiaketa urtero antolatzea eta egitea lan handia zela, batetik, eta txapelketa eredu hori ez zela egokiena bertsotan hasi berri zirenentzat, bertzetik.

Gogoeta horren emaitza izan zen Bardoak izeneko egitasmoaren sorrera. "Arnasa eman nahi izan genion txapelketari, nolabait erranda", gogoratu du Arburuak.

Aldi berean, taldekako egitasmo horrek bertsozaletasuna zabaltzeko aukera ematen zuela ohartu ziren elkarteko kideak, hasieratik. Hamaika herri txikitara eramanen du aurtengo taldekako txapelketak bertsolaritza, adibidez; ohiko zirkuituetatik kanpo dauden plazetara, hain zuzen ere. Herri horietan bertsolaritzaren inguruan sor daitezkeen dinamikak hagitz interesgarriak izan daitezkeela uste dute elkarteko arduradunek.

Bardoak egitasmoak duen eragina harago doa, hala ere. Horixe nabarmendu du Lorea Arburuak, eta iazko banakako txapelketako datuak jarri ditu mahai gainean, eragin horren adierazgarri: "33 bertsolarik parte hartu zuten 2015eko txapelketan; inoizko parte hartzerik handiena izan zen iazkoa". Bertso eskolatik txapelketarako jauzia handiegia zen anitzentzat; Bardoak egitasmoak lagungarri zaien eskailera maila jarri die bertsolari horiei bidean, giro batetik bertzerako aldaketa hain gogorra izan ez dadin.

Taldekako txapelketak, gainera, balio du bertsolarien, antolatzaileen, gai-jartzaileen, epaileen eta ikus-entzuleen arteko harremana estutzeko, eta bertsolaritzari lotutako giro hori berotzeko. Saioen moldeak ematen dio horretarako aukera. "Elkarte girokoak dira: hurbilak, gozoak eta berritzaileak", erran du Arburuak.

Besta giroko saioak dira Bardoak egitasmokoak, baina bertsolarien arteko lehia bazter utzi gabe. Ez dago epaimahai finkorik banakako txapelketan bezala, baina, saioz saio, bertsolarien lana epaituko dute osatutako taldeetako kideek eta entzuleek. Saio bakoitzean, beraz, talde ezberdin bat ariko da epaile lanetan. Hiru puntu izanen dituzte banatzeko.

Bardoek Etxarri Aranatzen izanen dute helmuga aurten. Han eginen dute finala, datorren martxoaren 19an. Bigarren fasetik sailkatutako hiru taldeak ariko dira kantuan; guztira, bederatzi bertsolari.

"Taldeen arteko lehiaz harago, Etxarri Aranazko finala bertsolaritzaren besta handi bilakatzea nahi dugu, ohi bezala", nabarmendu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkari Lorea Arburuak. Antolatzaileak prest dira, eta bardoak ere bai. Saioak besta bihurtuko dituzten ikus-entzuleen zain baino ez dira. Gaur hasi, eta martxoaren 19ra arte. Giroa berotzen hasi nahi dute, datorren urtean eginen duten banakako txapelketarako ahotsak tonuan jartzeko.

Iritzia: (Emakume) itsusiak

Antonio Burgos deitzen omen da tipoa. Duela aste batzuk idatzi zuen artikuluak hautsak harrotu zituen sare sozialetan. CUPeko eta Bilduko emakumeak izan zituen mintzagai, baina edozein erasana sentitzeko modukoak izan ziren zutabegileak bota zituenak. Ni ere ez naiz atzean geldituko.

Askotan entzun izan dugun zerbait da, ezta? Bada denbora bat emakume euskaldunen estetikari buruz foroetan eta komunikabideetan hitz egiten zela, Nekane-ak gora eta behera, zutabean Burgosek berak aipatuak. Duela hilabete batzuk (edo gehiago, ez dut gogoan) La Semaine du Pays Basque astekariak euskaldunen itxurari buruzko erreportaje bat ere oparitu zigun, Le look abertzale deitua; gurean ez da gai berria, beraz.

Eta ez da berria emakumeei egiten zaizkien fisikoari lotutako kritikak edota iruzkinak anitz izatea. Ohikoa da esaten dutenari buruz baino gehiago haien janzkera edo itxurari buruzko epaiak botatzea —ikus Kataluniako presidentea hautatzeko saioan Ines Arrimadas eta Anna Gabrieli buruz eginiko iruzkin batzuk—.

Bai, itsusiak gara, eta harro gaude.

Itsusiak gara ezinegona sorrarazten dugulako. Itsusiak gara eremu publikoan gaudelako, gure izaera erakusten dugulako eta parte hartzen dugulako; gure eskubideak praktikan jartzen ditugulako, mintzatzen garelako, aldarrikatzen dugulako. Deserosoak gara. Eta, jakina, hori batzuei ez zaie atsegin egiten.

Ez dakit noiz ailegatuko den momentua, baina noizbait konturatu beharko dute iraindu nahi bagaituzte, emakume baten ibilbide politikoari eraso/gutxietsi/kritikatu nahi badute, beste metodo batzuk probatzen hasi beharko dutela. Oso kutrea da zirku hau guztia martxan jartzea, oso kutreak dira horrelako kazetaritza eta zutabeak.

Horrela bukatu zuen gure Antoniok haren zutabea: "Ez dute Espainiatik bereizi nahi: guk haiek botatzea nahi dute. Itsusi eta zatarrak direlako". Hasteko, ez gara orain Antonio Burgosen edertasunari buruz eztabaidatzen hasiko; luze joko liguke eta, gainera, ez zaigu inporta. Utz diezagutela erabakitzen argal, mehe, polit, itsusi izan nahi dugun, ilea zein kolorez tindatu nahi dugun edo zer-nolako zuzentasuna izan behar duen gure flekilloak; nolakoa den gure gorputza, eta nolakoa nahi dugun. Ez dugu onartuak izan nahi, guk geuk dakigulako zer garen eta zer nahi dugun. Esaldiaren hasieran utzi digu Burgosek gakoa: ea behingoz erabakitzen uzten diguten zer izan nahi dugun, norekin bizi nahi dugun (eta norekin ez), non, nola. Espainiatik botatzen bagaituzte, nik alai hartuko dut albistea. Nahi duzunean, Antonio Burgos. Itsusiok pozik egonen gara, zuri esker!

Burgosek eta bere lagunek ez dakitena da haien zutabe txundigarriei esker gero eta itsusi gehiago garela eta izanen garela.

“PSN aldaketaren berme izan da, da eta izango da Nafarroan”

“PSN aldaketaren berme izan da, da eta izango da Nafarroan”

"Aspalditik" du Ainhoa Unzuk (Iruñea, 1974) PSNrekin lotura. 2014ko abendutik da gobernuko kide, eta iazko maiatzetik parlamentari. Dioenez, "ilusio handiz" ekin dio legealdiari. Sei hilabete pasatu dira aldaketaren gobernuak agintzen duenetik, baina Unzuk ez du aldaketa handirik sumatzen.

Noiztik zara PSNko militante?

Aspalditik datorren kontua da, orain dela urte asko, nik beti izan baitut harremana PSNrekin, eta beti saiatu izan naiz batez ere enpleguan —nik lan egiten nuen arloan— nire ekarpena egiten, alderdiari ahalik eta gehien emateko. Gero hasi zen nire militantzia aktiboa, eta 2014ko abenduan gobernuan sartzeko gonbita egin zidan Maria Txibitek, ezohiko kongresua egin zenean. Berrikuntza eta ekintzailetza idazkaritza hartu nuen. Hil batzuetara bere zerrendan joateko eskatu zidan. Hortik aurrerakoa jakina da.

Zer aurkitu duzu parlamentuan?

PSN ilusio handiz sartu da parlamentuan, eta hobetu daitekeela uste dugun guztia hobetzen saiatzen ari gara: kalitatezko enplegua, garapen ekonomikoa, eskubide sozialen bermea... Ilusio eta gar handiz ari gara lanean. Lan handia egiten ari gara, elkarte askorekin hitz eginez, eta oso pozik gaude izaten ari garen bilakaera zein etorkizuneko asmoekin.

PSNk historian izan duen emaitza txarrenarekin batera sartu zinen zu parlamentuan. Nola bizi izan zenuen hori?

Emaitzak ez ziren desiratuenak izan, baina agertokiak ere ez zuen zerikusirik historikoki ezagutu dugunarekin. Orain, zazpi talde gara parlamentuan, eta ia sartzekotan egon zen zortzigarrena [Ciudadanos]. PSNk historiako emaitzarik txarrena izan zuen, baina ez zen izan inkestek aurreikusten zuten bezain txarra. Are gehiago, nahiko konforme gaude, komatxo artean.

PSNk bizitako sinesgarritasun faltak badu zerikusirik emaitza horrekin. Nola konpondu hori?

Lan handia eginez. Ez dut zalantzarik sinesgarritasuna berreskuratzen ari garela: parlamentua onartzen ari da guk egiten ditugun proposamen serioak, eta orain gobernuari dagokio horiek martxan jartzea.

Aldaketaren berme al da, oraindik orain, PSN?

Noski. PSN aldaketaren berme izan da, da eta izango da Nafarroan. Eta orain inoiz baino gehiago.

Egoera politiko berrian, zein da PSNri dagokion rola?

Gu oposizioan gaude, argi eta garbi, ez gaude gobernu akordioan. Baina hasieratik azaldu genion Uxue Barkosi gurea proposamenak egiteko jarrera izango zela. Eta hala ari gara erakusten, lanaren bitartez, elkarrizketa eta kontsentsurako jarrera erakutsiz, eta Nafarroarako onak diren neurriak babestuz. Horretan ari gara. Jarrera eraikitzailea da gurea.

Penatzen zaitu PSN aldaketaren gobernu baten parte ez izateak?

PSN, alderdi guztiak bezala, irabazi nahian aurkeztu zen hauteskundeetara, eta baita aldaketaren gobernuaren parte izateko gogoz ere. Baina, tira, Uxue Barkos presidenteak bidaia kideak hautatu zituen, eta ez ginen gu izan.

Ia sei hilabete joan dira aldaketaren gobernua martxan denetik. Zer eman du orain artekoak?

Nik neuk gehiago espero nuen. Uste dut denok espero genuela gehiago. Barkosen kontakizuna ez dator bat ekintzekin. Gauza bat esan eta beste bat egiten du. Gaur-gaurkoz, ez dugu aldaketarik ikusten. Ikusten dugun bakarra identitatearen arlokoa da, baina jendearentzat garrantzitsuak diren gaietan, lanean eta eskubide sozialetan, ez da aldaketarik izan.

Bost hilabete eta erdik, agian, ez du ematen askorik aldatzeko. Aurrerantzean hobetzeko esperantzarik ba al duzu?

Egia da bost hilabete ez direla aldaketarako nahikoa, aldaketarena prozesu bat baita, eta Nafarroako itsasontzi osoa mugitzea prozesu mantsoa da. Halere, jarreretan ikus daiteke aldaketarik dagoen ala ez. Adibidez, sakoneko legeak onartzerakoan kontsentsua bilatzea ere bada aldaketaren parte, eta halakorik ez da izan. Ez nabil politikaz, jarreraz baizik. Aldaketarik ez da izan. Ez du PSNk esaten, gizarte mugimenduek diote; aldaketa aldarrikatzen ari dira, ez baitute ikusten.

Zer iritzi duzu gobernuaren zerga erreformari dagokionez?

Ez zaigu gustatzen. Proposamen pila bat egin genuen erreforma horrek eragingo dituen kalteak arintzeko. PFEZari dagokionez, erreformak zuzenean kalte egingo die errenta ertain eta baxuei, alegia, populazioaren gehiengoari, eta egoera oso injustuak sortuko ditu ikuspegi sozialari dagokionez. Ez diot nik bakarrik, [Aranburu] kontseilariak berak esan izan du. Larria da, eta ezin gara konforme egon. Bestalde, garapen ekonomikoari dagokionez, ez du ezer onik ekartzen, gure inguruko lurraldeak gu baino askoz hobeto egongo baitira fiskalki. Ez dut esango honezkero hemen dauden enpresak joango direnik, baina arriskuan jarriko dira Nafarroara etorri nahiko luketen enpresen inbertsioak, inguruko erkidegoak baino egoera txarragoan egongo baikara. Eta egin behar dena enpresak erakartzea da, 40.000 pertsona dauzkagulako langabezian, eta lan egin behar dugu pertsona horiek enplegu bat izan dezaten, kalitatezkoa. Erreforma hau hortik urrun dago.

PSNk inoiz baino argiago defendatu du azkenaldian laugarren xedapen iragankorra ezabatzea. Zer dela-eta aldaketa hori?

Berez ez da aldaketarik egon, kontua da orain arte ez dela izan hori argi esateko markorik. Parlamentuak erabakitzeko eskubideari buruzko osoko bilkura monografikoa egin zuen, eta hori izan zen PSNk aurkeztutako proposamenetako bat.

Eta zergatik ezabatu?

Gai horri dagokionez, erabat nator bat Maria Txibitek esandakoarekin. Zer da erabakitzeko eskubidea? Eta zergatik bakarrik EAErekin? Zergatik EAEren menpe izateko erabakitzeko behar hori? Gu ez gaude ados Espainiatik bereizteko inongo eskubiderekin, eta, beraz, lerro horretan doa.

Zer egoeratan egon nahiko zenuke hemendik lau urtera?

Indartuta ikusi nahiko nuke PSN, hemendik lau urtera aldaketaren berme izan eta gobernuan egon dadin. Eta gustatuko litzaidake lau urte barru egindako ekarpenen bilduma egin, batez ere nire arloan, enpleguan, eta harro sentitzea. PSNk kalitatezko enplegua nahi du, eta eskubide sozialak eta aukera berdintasuna bermatzea. Horri ekarpena egitea lortuko bagenu, harro egongo nintzateke parlamentaria izan izanaz.

Lurrari hozka egiten diotenak

Lurrari hozka egiten diotenak

Leherketak, kamioien joan-etorri etengabea, hautsa, paisaiaren nahiz ondarearen suntsitzea, kalteak etxebizitzetan, faunaren desagertzea... Ustezko garapen ekonomikoaren izenean, anitz dira meategi eta harrobi handiek inguruko lurretan eragiten dituzten kalteak. Erdiz, Alkerdi eta Zilbetiko kasuak hedabideetako lerroburuetan agertu dira azken hilabeteetan, ustiatze proiektu horiek piztutako oposizio irmoari esker, batez ere. Baina ez dira bakarrak, inondik ere.

Minerala ustiatzeko proiektu handienei buruzko txostena argitaratu zuen iaz Sustrai Erakuntza fundazioak, 2014an eginiko topaketa batean oinarrituta. Iragan abenduan eguneratu zuten azkenekoz, Zangoza eta Urdazubiko kasuak ere aipatzeko. Honako hauek dira Nafarroako lurrak zuloz eta orbainez bete dituzten proiektu handienak edo polemika mikatzena eragin dutenak.

OSKIAKO HARROBIA

Arakil ibarrari eta Itza zendeari eragiten die Bizkaia mendian dagoen harrobi honek. 1987an hasi ziren Oskiatik kareharria ateratzen, eta harrobia, ofizialki, 2004an itxi zuten arren, "errestaurazio" plan bat aurkeztu zuen Canteras Oskia enpresak. Atondoko kontzejuak bertan behera utzi zuen egitasmoa, enpresak ez zuelako ingurumenaren gaineko eraginari buruzko planik aurkeztu. 2010ean, berriz, proiektu berria aurkeztu zuten. Hiru milioi metro koadro lur erauzteko asmoa aipatzen dute bertan, eta "itzalpeko ustiaketa plan bat" dela uste du Sustraik.

Proiektuaren kontra dauden erakundeek —Atondoko kontzejuak, Arakilgo Udalak eta Itza Zendeako Udalak— erabili dituzte jada bide judizial guztiak. Nafarroako Gobernuak, gainera, lur komunal guztiak desjabetu ditu. Beste aukerarik ezean, jarraipen batzorde bat osatu dute inplikatutako eragile guztiek, planaren garapenean irregulartasunik ez dagoela zaintzeko.

ALDAZKO HARROBIA

Aspaldi erabili gabeko marmol harrobi zahar bat da Aldazkoa. Horgobisa enpresak hamabost urterako kontratua sinatu zuen 2006an herriko kontzejuarekin, han gelditzen ziren hondakinak erretiratu eta erabiltzeko. Hondarrak, ordea, berehala bukatu ziren, eta ustiatzeko era berriak aztertu zituen Horgobisak.

Larraungo Kalaxka taldeak salatu zuenez, irregulartasun ugari gertatu dira prozesu osoan, eta Sustrai Erakuntza fundazioak ere "kontrolik eza" nabarmentzen du bere txostenean: "Ez zen neurririk hartu harrobitik ateratako material kopurua mugatzeko, ezta ingurumenaren egoera neurtzeko ere". Lehergailuak erabiltzen hasteko nahia agertu zuen enpresak, gainera, eta Larraungo Udalak baimentzen ez zuenez, araudia aldatzeko presioa egin zuen. Azkenean, azpilan horrek guztiak fruitua eman zuen, eta, iaz, udal plana moldatu zuten. Gaur egun, legezkoa da harrobian lehergailuak erabiltzea, eta, enpresak oraingoz urratsik egin ez duen arren, kezka agertu dute bizilagunen elkarteek eta talde ekologistek.

ALKERDIKO HARROBIA

Urdazubikoa da, seguruenik, Nafarroan kalapita handiena sortu duen ustiatze proiektua, harrobiko lanek ez baitiote paisaiari soilik eragin. Handik 500 metrora dauden Alkerdi, Zelaieta, Ikaburu eta Berroberriko haitzuloek gordetzen duten ondare historikoak pairatu ditu ustiatze lanek eragindako kalterik handienak.

2014ko uztailaren 15ean, Zelaieta III leizezuloko sabaia erori egin zen, Alkerdin baimenik gabe eginiko leherketa baten ondorioz. Leherketaren hedatze uhinak, gainera, kalteak eragin zituen inguruko baserrietan, auzoetan eta Ikaburuko haitzuloetan. SOS Alkerdi plataformak gertatutakoaren ardura egotzi zien Marmoles del Baztan enpresari eta Nafarroako Gobernuari. Izan ere, 2013an, harrobiaren ustiatze ituna luzatu zuen Yolanda Barcinaren gobernuak, eta urtean 24.000 kilo lehergailu erabiltzeko baimena eman zion enpresari —ordura arte 150 kilo erabiltzeko baimena zuen—.

Urdazubiko udal planak eta Kultura Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak, baina, espresuki debekatzen dute inguruan lehergailuak erabiltzea, balio kultural eta arkeologiko itzeleko leizea baita Alkerdikoa. Izan ere, hango paretetan daude Nafarroako irarlan paleolitiko bakarrak. Hortaz, harrobiko lanak geldirik daude oraingoz, baina enpresa Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari da, debekua ken dezan.

ZILBETIKO PROIEKTUA

Aldude mendia zaintza bereziko eremu izendatu zuen Nafarroako Gobernuak 2005ean, eta Natura 2000 sarean ere sartu zuten eskualde osoa. Handik bi urtera, baina, Magna Magnesitas de Navarra enpresak iragarri zuen harrobi bat irekitzeko asmoa zuela Zilbetin. Nafarroako Gobernuak, UPNren esku, ez zuen kontrako iritzirik eman, eta berehala onetsi zuen egitasmoa, Natura 2000 sarearen helburuekin bateraezina izan arren.

2011n, hitzetatik ekintzetara pasatu zen Magna: Eguberri garaian, oporrak profitatuta, Antzeriko hainbat pago botatzen hasi zen baimenik gabe. Alduide Mendia koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteak auzitara jo zuten, eta proiektua geldiaraztea lortu zuten. Iazko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien talde ekologistei, eta bertan behera utzi zuen egitasmoa.

ZANGOZAKO PROIEKTUA

Orain mahai gainean dagoen meatze proiektu handiena da Geoalcali enpresak Zangoza eta Zaragoza (Espainia) artean eraiki nahi duena. Talde ekologisten aburuz, gainera, kutsagarriena ere izanen da, inoiz gauzatzen bada: urtean 6.300 milioi tona potasa aterako lirateke, 512 kamioi ibiliko lirateke joan-etorri etengabean egunero, eta 800.000 metro koadro ur erabiliko lirateke urtean —17.000 biztanleko hiri batek kontsumitzen duen kopuru bertsua—. Handik metro gutxira, gainera, Esako urtegia dago, eta horrek arazo ugari eraginen dituela uste dute Zangozako oposizioko taldeek; besteak beste, sismikotasunaren handitzea edota uraren kutsatzea.

Zeruak kur-kur egiten du

Zeruak kur-kur egiten du

Ikusi baino lehen, entzun. Ez da hegaldi isila kurriloena. Kur-kur egiten du zeruak hegaztiok batetik bertzera mugitzen direnean. Kur-kur hori, gainera, gero eta ozenago aditzen ari da Nafarroan, gero eta gehiago direlako hegoalderako urteroko bidean ...

Iritzia: Gailurretik

Lortuko dugulakoan nago", erran nuen azaroan. "Lortu dugu", erraten ahal dut orain. Bertze behin, Iruñeko Alde Zaharreko Liburutegi Publikoaz ari naiz. Orain bai, publikoaz. 2016ak ekarri digun lehendabiziko berri ona hau izan baita: kudeaketa pribatua moztu, eta kudeaketa publikora pasatu da hiriaren erdiguneko liburutegia.

Bidea, baina, luzea izan da; 2011ra arte, Nafarroako Liburutegia Iruñeko San Frantzisko plazan egon zen, Nafarroako ondarearen bilketa eta zaintza egiteaz gain auzoari liburutegi publiko baten zerbitzuak emanez.

Egoitza txiki gelditu zen, eta UPNk kulturari zegokion lursaila Corte Ingles etxeari saldu eta gero, liburutegia hiriko bihotzetik atera eta Mendebaldea auzoan jartzea erabaki zuen.

Politika horrekin liburutegien arloko nazioarteko erakundeek gomendatzen dutenaren kontra egin zuen UPNk, baina horrekin nahikoa ez, eta gainera Alde Zaharra liburutegirik gabe uztea ere bidezkoa iduritu zitzaion.

Motxila horrekin hasi genuen bidea. Zaila. Baina gailurrean gara. Beheko kanpalekura auzoak liburutegi bat lortzearekin iritsi ginen. Hasierako esfortzua beti da gehien kostatzen dena, eta emaitzak, gainera, anitzetan ez dira pentsatutakoak: gobernuak ez zuen liburutegi publiko berria bere gain hartu nahi izan, eta pilota udalari pasatu zion. Horrek, auzokide eta liburuzainen presioaren ondorioz, zerbitzua bere gain hartu zuen, eta hilabete batzuz Kondestablearen Jauregian modu txarrean liburutegi bat-edo jarri zuen, San Frantziskoko egoitza zaharberritu bitartean.

2012ko azaroan, liburutegi berria egoitza moldatura mugitu zuten, baina kudeaketa pribatua eman zion Iruñeko Udalak. Liburutegi berria eri sortu zen. Gailurra egiteko oxigenorik gabe. Harekin batera, enpresa pribatua lan baldintza prekarioan zeuzkan langileak itoz joan zen, zerbitzua bera ere modu eskasean emanez eta Alde Zaharreko bizilagunei merezi ez zituzten kalteak eraginez.

Mendian gora segitzen genuen, baina 2015ean bai, aldaketa iritsi zen, lehendakari, alkate, zerbitzuburu eta bertze hainbertze langile berri ekarriz. Horiek denek urte hauetan guztietan kalitatezko liburutegi publiko baten alde borrokan genbiltzanen hotsak aditu zituzten, eta astelehen honetan, azkenean, gure mendira igo gaituzte, Mikel Urdangarinen kantak erraten duen bezala.

Baina Mikelen hitzak oroituz, zenbaitzuek, udalean eta gobernuan, jakin beharko lukete ez direla jainko lurtiarrak. Eskertuak gaudela egindako esfortzuarekin, baina espero dugula gailurraren lilurak itsutu ez ditzan.

Azken egunetan zenbait erabaki kaxkar hartu dira, tontorrera lehenbailehen ailegatzeko gogoz. Gailurra egin dugu, eta izandako gorabeheretan pentsatzeko aukera ematen digu. Har dezala nire animorik beroena liburutegia kudeatzen hasi den liburuzain berriak. Animo, eta eutsi!

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Konpromisoa eta kazetaritza uztartzeko tenorean, eskarmentu handia du Sergio Labaienek (Iruñea, 1975). Nabarreria, Ateak Ireki eta Ahotsa.info hedabideetan lan egin du, besteak beste.

Noiz jaso zenuten Espainiako Gobernuko ordezkariaren ohartarazpena?

Irailean izan zen. Carmen Albaren gutun bat zen, eta bertan, azaltzen zigun Espainiako Poliziak salaketa jarria zuela Ahotsa.info-ren kontra, sanferminetan argitaratutako albiste batean Mozal legea urratu genuelakoan.

Eta hala zen?

Legea, berez, oso zehazgabea da. Artikulu batean aipatzen denez, polizien irudiak baimenik gabe grabatzen badituzu, eta irudi horiek polizia edo haren familia arriskuan jartzen ahal badute, isun bat jasoko duzu. Baina Poliziak kalean egiten duena grabatzeak edo argazkiak ateratzeak arriskuan jar dezake polizien segurtasuna? Eta nork erabaki behar du hori? Kasu honetan, Carmen Alba bera izan da epailearen lana egin duena, berak ebatzi baitu legea urratzen ari ginela. Isunik ez jartzea erabaki zuen, baina mehatxu egin zigun, etorkizunean polizien irudiak argitaratuz gero, 30.000 euro arteko isuna jaso genezakeela ohartarazita.

Nolakoa da salaketaren oinarrian dagoen argazki hori?

Ez da aparteko ezer. Bi polizia ikus daitezke, kaskoa jantzita. Ez da deigarria, inondik inora, eta egunero ikus ditzakegu halakoak Espainiako telebista kate guztietan nahiz berripaperetan. Halakoak edo agerikoagoak!

Abisua jaso zenutenean, zein izan zen zuen lehen erreakzioa?

Logikoa den bezala, gure lehen erreakzioa kezkak eta beldurrak baldintzatuta egon zen. Elkartean eztabaida anitz izan genituen, argitaratu genezakeenari buruz, geure buruari ezarri beharreko mugei buruz. Proiektuaren iraupena bermatzea zen gure helburu nagusia, argi baitago 30.000 euroko isuna jasoko bagenu, Ahotsa.info pikutara joanen litzatekeela. Zenbait abokaturekin ere hitz egin genuen, aukera guztiak aztertzeko.

Eta zer esan zizueten?

Ikuspegi interesgarria eman ziguten. Argi utzi zuten ez direla onargarriak ez Poliziaren salaketa ezta Albaren mehatxuak ere, kolokan jartzen baitute informazioa emateko daukagun eskubidea. Eta horren guztiaren helburua ere jakina da: guk geure burua zentsuratzea. Horretara behartu nahi gaituzte.

Zergatik?

Bada, gure hedabideak askotan islatu dituelako Poliziaren gehiegikeriak. Guk grabatutako irudi batzuk auzitegietan erabili izan dituzte; besteak beste, Aingeru Zudaireren auzian. Eskuineko begiko ikusmena galdu zuen Zudairek pilotakada baten ondorioz, baina Espainiako Poliziak argudiatu zuen haiek ez zutela pilotarik jaurti. Kasu horretan, Ahotsa.info-ren irudiek balio izan zuten bertsio ofizial hori eraisteko eta Poliziaren erantzukizuna agerian uzteko. Eta ez da kasu bakarra. Oro har, irudi horiek deserosoak dira Carmen Albarentzat, eta argitara atera ez daitezen, Mozal legea era arbitrarioan erabili du gure kontra.

Zuek, baina, ez zarete isilik gelditu, eta Espainiako Gobernuaren kontrako salaketa aurkeztu duzue Estrasburgon...

Bai, geure burua zentsuratu beharrean, ofentsibara jotzea erabaki genuen. Gure zereginetako bat Poliziaren gehiegikeriak salatzea dela uste dugu. Poliziaren aurka gaudelako? Ez, jendearen alde gaudelako baizik. Poliziak bortizkeria erabili du behin baino gehiagotan, eta jokabide horrek zaurituak eragin ditu, baita hildakoak ere. Hortaz, uste dugu gizartearentzat onuragarria dela hedabideek funtzionario publikoen egitekoa zaintzea eta, lana gaizki egiten dutenean, salatzea. Ezin diogu funtzio horri uko egin. Horregatik uste dugu aurre egin behar diogula mehatxuari; oraingoan Ahotsa.info izan delako, aurretik Egunkaria, Egin edo Apurtu.org izan ziren bezala. Baina etorkizunean BERRIA ere izan liteke, edo Diagonal, edo beste hamaika hedabide deseroso.

Nolakoa izan zen prozesua?

Hainbat abokatu eta aditurekin hitz egin genuen salaketa aurkeztu aurretik, eta horren ostean, Defendatzen duena defendatu plataformako kideak gurekin harremanetan jarri ziren. Estatu osoko kazetariek eta juristek osatzen dute talde hori, eta aspaldidanik ari ziren Mozal legearen kontrako estrategia orokor bat koordinatzen. Poliziaren jazarpena pairatu zuten fotokazetari batzuekin harremanetan jarriak ziren ordurako, eta lehen urratsak emanak zituzten salaketa bat aurkezteko. Hori izan zen gure oinarria. Plataformako kideek esan ziguten aukera zegoela auzia Estrasburgora eramateko, eta hala egin genuen.

Zergatik Estrasburgora?

Espainiako justiziak ez duelako beste biderik uzten. Guk jasotako mehatxua, berez, abisu administratibo bat da. Eta horren aurka, ezin dugu helegiterik aurkeztu Espainiako inongo auzitegitan. Ez dugu heldulekurik. Beraz, bide bakarra Estrasburgora jotzea da.

Zenbait hedabidek auzia isildu izanak harritu zaitu?

Ez gehiegi, errepresioa oso barneratua dugulako. Zer gertatuko litzateke, adibidez, Nafarroako Gobernuak Diario de Navarra-ko bi kazetariri isuna jarri izan balie? Eta kazetari horiek Estrasburgora babes eske joan izan balira? Aurrekaririk gabeko eskandalua izanen litzateke hori Nafarroan. Baina biktima errepresioa pairatzera ohituta dagoen sektorekoa bada, normaltzat jotzen dugu. Behar duen garrantzia ez diogu ematen, eta hori erronka bat da: agenda propioa ezarri behar dugu, arerio politikoaren dialektikatik urrundu, eta askatasunari auziari konplexurik gabe heldu. Salbuespen egoera bizi dugu Nafarroan, eta hori aldaketaren agendan sartu beharra dago nola edo hala.